Edukira joan

Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Transhumantziaren bideak

Wikibookstik
Transhumantziaren bideak
Ibilbide honen argazkiak igo
Herrialdea Gipuzkoa
Zailtasuna Erraza
Lekuak Mandubia, Kizkitza, Atxurtzaga, Santa Marina, Ezkio, Santa Lutzia-Anduaga, San Lorentzo, Itsaso
Distantzia 13,2 km. 4 ordu.
Ingurunea Itsasotik urruti egon arren, marinelek debozio handia zioten Kizkitzako Ama Birjinari. Baso arteko ibilbide honetan, haren omenezko ermita eta baseliza pare bat ikusteko aukera dago.
Abiapuntua Mandubia (Itsaso)
Informazioaren iturria Lehenengo informazio iturria

Itsasotik urruti egon arren, marinelek debozio handia zioten Kizkitzako Ama Birjinari. Baso arteko ibilbide honetan, haren omenezko ermita eta baseliza pare bat ikusteko aukera dago. [1]

Ibilbidea

[aldatu]

Mandubiko benta (Ezkio-Itsaso, Gipuzkoa) eskuinean utziz, ezkerrerantz doan porlanezko pistaren hasieran, PR GI-163 eta GR-34ari dagozkien bide seinale zuri, hori eta gorriak ikusiko ditugu. Berehala, Mandubi Zahar baserriaren ondotik pasatuko gara, eta, lurrezko pista zabalari jarraituz, transhumantzia bidea banatzen den bidegurutzera helduko gara. Eskuinekoa aukeratu eta berehala, Elorriko aterpearen ondoan izango gara. Maldan gora bidea estutuz doa, eta, gaina irabaztean, norabide desberdinak erakusten dituen seinalearekin egingo dugu topo. Ezkerrekoa aukeratu, eta, aldapan gora, Kizkitzako ermitara igoko gara.

Goierrin ospe handikoa da Kizkitzako Ama Birjinaren ermita, eta paretetan zenbait irudi egon dira. Esan behar da gaur egun han dagoen irudia ez dela jatorrizkoa: ustez erromanikoa zena bigarren karlistadan desagertu zela uste da, baina tesi hori oraindik frogatzeke dago. Haren ordez, beste irudi bat jarri zuten, baina, konpontzera eraman, eta hura ere galdu egin omen zen. Egurrezko egitura baten gainean burua eta eskuak soilik zituen beste irudi bat jarri, eta hura ere berehala kendu zuten, eta gaur egun dagoen XVII. mendeko Arrosarioko Ama Birjinaren irudiarekin ordezkatu. Orain urte batzuk, landareen gorrinaren aurka, mezak eskaintzen ziren ermitan, baita oilandak ere. Erromeria bezperan, gauez, itsasotik ikus daitekeen farol handi bat pizten dute. Itsasotik urruti egon arren, marinelek debozio handia zioten Kizkitzako Ama Birjinari. Harridura handia sortzen du horrek, baita interpretazio desberdinak ere. Ikerlari batzuek diote hango pagadietako egurra itsasontziak eta arraunak egiteko erabili ohi zutela.

Ermita eta haren inguruak ezagutu ondoren, etorritako bidetik berriro bidegurutzera jaitsiko gara. Atxurtzagarantz adierazten duen norabidean, Beotegi mendirantz jarraituko dugu, SL-Gi 31 bidea zeharkatu ostean. Segidan, beherantz jo, eta berehala izango gara Atxurtzagako atsedenlekuan. Atseden txiki bat hartzeko leku egoki horretan, mahai batzuk eta eztarria freskatzeko iturria aurkituko ditugu. GR eta PRren markak banatu egiten dira han: zuri-gorriei (GR 34.1) jarraituz gero, Zumarragako Antiguara iritsiko ginateke, Arantzazuraino jarraitzeko. Beraz, bide hori utzi, eta ezkerrera joko dugu maldan beherantz egiten duen pistan barrena Santa Marina baselizaraino, eta minutu gutxian Ezkiora jaitsiko gara, SL-Gi 32 bidetik.

Beherantz jarraituko dugu herriaren hegoaldean hasten den bidetik, eta pinudi artean Ama Birjinaren lekua izeneko aldarera iritsiko gara. Ezkerrean hasten den bidezidorrari jarraitzen badiogu, baserri batera eramango gaituen bidearekin egingo dugu topo, eta, handik metro gutxira, AHTaren obretara joateko pistarekin ere bai. Asfaltozko bidetik, Zabalegi erreka gurutzatu ondoren, Orue, Goena eta Kamiño baserrien aldamenetik igaroko gara. Ibilbideak iparralderantz egiten du, eta handik San Lorentzo baselizaren ondora igoko gara pinudi arteko pista batetik. Gertu, Kizkitzara doan bidea utzi, eta Itsasora doana hartuko dugu bide seinaleek erakutsiko diguten norabidean.

Iturriaren ondotik, ateratzen den porlanezko pistatik kanposantu ondora igoko gara, eta Kizkitza jartzen duten kartelek erakutsiko digute zein bideri jarraitu. Xenda altuera irabaziz doa pista batekin topo egin arte. Berriro, transhumantziaren seinale zuri-gorriak ikusiko ditugu (GR 34). Kizkitzara igotzen den bidea gure ezkerrera utziz, pistak beherantz egiten du, eta, bidegurutzera iristean, aurrera jarraituko dugu Mandubiraino.

Erreferentziak

[aldatu]
  1. Berriatik hartua