Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Tren txikiaren laratzean
Tren txikiaren laratzean | |
---|---|
Herrialdea | ArabaNafarroa Garaia |
Zailtasuna | Erraza |
Lekuak | Gasteiz, Gereñu mendatea, Kanpezu, Acedo |
Distantzia | 53,5 km. 3 ordu eta 45 mn. |
Ingurunea | 50 urte joan dira jada euskal trenak azken bidaia egin zuenetik. Amalia eta Josu azken bidaiariek ez dute ahaztu. |
Abiapuntua | Gasteiz |
Informazioaren iturria | Lehenengo informazio iturria |
50 urte joan dira jada euskal trenak azken bidaia egin zuenetik. Amalia eta Josu azken bidaiariek ez dute ahaztu. [1]
Ibilbidea
[aldatu]Euskal trenak, Vasco-Navarro izenekoak, 1967ko abenduaren 31n eman zuen azken hatsa. Desagertu aurretik, ordea, azken lana eder-eder bete zuen: arratsalde sonatu hartan, Amalia eta Josu Mendialdeko eskualdeko biztanleak eztiki eta samurki kulunkatu zituen bere burdinazko magalean. Gasteiztik Maezturainoko tartea astiro-astiro egin zuen tren geldoak, eta bi lagun horien bizipena hagitz bitxia da. Izan ere, XIX. mendearen bukaeran abian jarritako proiektu industrialaren amaiera ikusi zuen bikote horrek.
Negu gorriko arratsalde iluna zen, eta, iragarrita zegoen legez, trenak agur esan zuen betiko, hainbat hamarkadaz bizilagun askoren bizimodua baldintzatu ondoren. Halaxe gogoratu du, bederen, Amalia Otxoa Saenzek, bera izan baitzen azken bidaiaz gozatu zuenetako bat. Amaliak 93 urte ditu egun, eta memoria onekoa da. Trenaren bizipen gazi-gozoak berba egiteko gogoa ez omen dio kendu: «Nik euskal trena jaiotzen ikusi nuen, baita hiltzen ere».
Zalantzarik ez da euskal trenak nolabaiteko modernitatea ekarri ziela Gipuzkoako eta Arabako eskualdeei. Landan egiten zen lan handia orduan, eta trena ezinbesteko garraioa izaten zen bidaiariak toki batetik bestera eramateko. Baita animaliak ere. Arabako mendialdeko eskualdeko bizilagunak Gasteiz aldera mugitzen ziren batik bat, Amaliak gogoan duenez: «Gasteizera hurbiltzeko joera izaten genuen, esaterako, Santiago azokaren egunean. Bidaiariok egurrezko xaflez osatutako bankuetan eserita joaten ginen, eta ez zen batere erosoa».
Otxoa de Saenzek Gasteizko Arana klinikara joan behar izan zuen 1967ko negu hartan, haurdun baitzegoen. Haurra izateko zorian, autoz abiatu zen ospitalera. Bere seme Josu Maestre abenduaren hondarrean jaio zen. Amaliak senda-agiria jaso bezain laster, semea besotan hartu eta herrira itzuli nahi izan zuen. Negu latza zelarik, ordea, elur maluta biziek bazter guztiak zuritzen zituzten, mara-mara. Ordu gutxiren buruan, beraz, elurrak Gasteizko kaleak estali zituen. Taxiak, geldirik. Amaliak, goiari eutsita, jaioberria berokian goxo-goxo bildu, kalera irten, eta tren geltokirantz abiatu zen. Tren zaharraren azken bisitariak izan ziren Amalia eta Josu, XIX. mende bukaeran hasitako modernitatea arratsalde hartako bidaiarekin amaitu zen.
Trenbidea lagun
[aldatu]Gasteizen hasita, Mendialdeko eskualdera iristea erraza da Herran anaiek XIX. mende bukaeran bultzatutako euskal trenaren bidetik. Diputazioaren ekinbidez, gainera, Gipuzkoa, Araba eta Nafarroa lotzen zituen trenaren bidea egokitzeko lanak abiatu ziren, eta, ibilbide berdea egokitu dutenez geroztik, ibiltariak eta txirrindulariak zoli dabiltza bidetik barrena. Anglo Vasco-Navarro tren sonatuak euskal orografian arrasto handia utzi zuen. Ederki egokitu zuten trenbide zaharra Gipuzkoako ibar sakon eta Arabako goi ordokiko ibarretara.
Proposatutako ibilbideak Gasteizen (Araba) du abiapuntua. Olarizu muinoaren oinaldean hasiko gara, hiriren hegoaldean, oinez edo bizikletaz. Nork bere hautua egin dezala. Ekialderantz bideratuko gaitu trenbideak, ibiltzen hastearekin batera. Otazuko geltoki txikia atzean utzita, Andolluko bidegurutzera iritsiko gara. Estibalizko santutegira doan adarra alde batera lagata, Trokoniz eta Erentxun herrien ondotik igaro, eta Laminoriako tunel entzutetsura iritsiko gara. Tamalez, tunela ezingo dugu zeharkatu. Hori dela eta, 2.195 metro luze den igarobide iluna saihestera behartuak gara.
Gereñu mendatea igoko dugu aldapa pikoari aurre eginez. Behin gainaldean, Zekuiano herriraino lagunduko digu bide egokituak. Gero, paisaia lauan barrena jarraituko dugu, harik eta Kanpezura iritsi arte. Trenbideak aurrera segituko du han, eta, Arkijasko zubia eta tunela zeharkatuta, Acedora iritsiko gara.