Edukira joan

Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Txibiarte, Lezamarako bidean

Wikibookstik
Txibiarte, Lezamarako bidean
Ibilbide honen argazkiak igo
Herrialdea Araba
Zailtasuna Erdikoa
Lekuak Lezama, Bideko auzoa, Gurbizta auzoa, Txibiarte, Uzkiano, Beratza, Olamendi auzoa
Distantzia 9,3 km. 3 ordu eta 15 mn.
Ingurunea Urkabustaiztik Lezamara jaisteko bi aukera zeuden garai batean: Lardozako mendatea eta Beratzakoa. Mandabideen arrasto bila ibiliko gara mendate horietan barrena.
Abiapuntua Bideko auzoa (Lezama)
Informazioaren iturria Lehenengo informazio iturria

Urkabustaiztik Lezamara jaisteko bi aukera zeuden garai batean: Lardozako mendatea eta Beratzakoa. Itzuli polita osatzeaz gainera, mandabideen arrasto bila ibiliko gara mendate horietan barrena. [1]

Ibilbidea

[aldatu]

Txibiarteko tontorreraino lagunduko digun basabideak Bideko auzoko baserrian du abiapuntua. Arkitektura ederreko eraikin sendoa da hura, baita ospe oneko jatetxe aparta ere. Jakina, pausatzeko eta indarberritzeko leku estrategikoa izan zen aitzinean, gurdiak batera eta bestera ibiltzen ziren garaian. Bideko auzoan hasiko gara ibili-ibilian, bizkar zorroa soinari ongi oratuta.

Bideko baserriaren eskuinaldetik doan asfaltoari segika hasiko gara, hegoalderantz. Errepidetxoak eskuinera okertzen duenean, zuzen-zuzen hartuko dugu guk, eta, noranzkoa aldatu gabe, gorantz egingo ditugu urratsak. Hala gauzak, Gurbiztako auzora iritsiko gara berehala. Goratasuna hartzeari eutsita, gure soa Txibiarte eta San Pedroko mendilerroek irudikatzen duten zirku ederrean barrena luzatuko dugu.

XIX. mende amaieran tren zirkulazioari bide eman zion burdinbide bitxitik hurbil gaudela, bidebanatze bat ikusiko dugu. Hartxintxarrezko bideak ezkerraldera joko du, eta, burdinbidearen paraleloan segituz, gure ibilbidetik aldendu egingo da. Txibiartera edota Lardozako mendateraino igotzen dena, haatik, zuzen jarraitzen du, eta laster batean trenbide gainetik igaroaraziko gaitu. Lardoza mendatera iritsi aurretik, pagadian barrena sartu-irten polita egingo dugu. Urkabustaizko bazterretara igotzeko behiala erabilitako bidexkaren arrastoak ikusiko ditugu bide ondoan, orbel ohantze leunak estalia. Jakina, Urkabustaizko eta Aiara eskualdeko bazterrak lotzen zituen galtzada hura ikusteak poz handia sorrarazten du.

Txibiartetik Beratzara

[aldatu]

Txibiarteko lepoan ezkerrera egingo dugu, eta tontorrera igoko gara. Gorbeialdera eta Aiarako mendietara begira dagoen balkoi ederra da Txibiarte, nahiz eta gailurreko antenak paisaia desitxuratzen duen. Merezitako deskantsua hartu ondoren, ordea, lepora jaitsi eta lerroz lerro segituko dugu Gurbitzagoitiko tontor umila zapaltzeko xedez. Lardozako mendatera bueltatuko gara segidan, eta, lepoan eskuinera eginda (ezkerraldera Txibiartetik etorriz gero), jaitsiera xumea egiten hasiko gara. Basabidetik irten gabe, Uzkianoko herrixkari dagozkion baserri batzuetara iritsiko gara. Pneumatiko baten tamainak eta kokapenak atentzioa emango digute bidegurutzean. Eskuinera hartuko dugu han, eta, bigarren baserrira iristean zuzen hartuta, mendebaldera egingo dugu. Baserritik metro gutxira, ordea, eskuinera egingo dugu. Paseo goxoa eginez, Bigandiko ur-putzura iritsiko gara. Urduñako, Amurrioko eta Urkabustaizko udalbarrutiek bat egiten dute bertan. Ur-putzuaren ezkerraldetik doan pistari segituko diogu, ipar-mendebalderantz. Pinudiaren paraleloan, Beratzako mendatera iritsiko gara. San Pedro edo Beratzako tontorreko gurutzea ezkerraldean ikusiko dugu, bere ondora igo gaitezen keinuka ariko balitzaigu bezala.

Historia handiko bidea

[aldatu]

Bide garrantzitsua izan zen San Pedro mendatekoa. Micaela Portilla historialariak dioenez, XVIII. mendera arte erabilia izan zen, Errioxako Bide sonatua bertatik igarotzen zelako. Aiarako ibarrera jaisteko ezinbesteko igarobidea izan zen aspaldi. Nonbait, Urduñako hiriarekin istilu gunea ere. Izan ere, Arabako Lardoza eta Beratzako mendateak estimu handikoak ziren ibiltarien eta mandazainen artean. Alde batetik, Kantauriko portuetara abiatzeko bide seguruak (Beratza inguruan San Pedro baseliza zegoen) eta erosoak zirelako; bestetik, Urduñako (Bizkaia) zergei muzin egiteko aitzakia paregabea zelako. Mendateok korritzeko motibo ugari, beraz, ibilaldiak erritmo pausatuan egiten ziren garai batean.

San Pedroko lepoko langa metalikoa gurutzatu ondoren, Arrastaria ibarrerako bideari men egingo diogu. Zeharka-meharka, goratasuna galtzen hasiko gara. Laster batean erkameztian izango gara, eta, han, bidebanatze bat ikusiko dugu. Urduñako ibarrera jaitsiera dotorea egingo genuke bidegurutze horretan ezkerrera eginez gero. Lezama herria lerroaz bestaldean dagoenez, eskuinera hartuko dugu bidebanatzean eta, pagadi xumea inguratuta, Bilbo-Tutera trenbide gaineko zubiraino jaitsiko gara. Hartxintxarrezko bidetik segituko dugu segidan, eta, Olamendi eta Basabe auzoetan aurrera egin ostean, Lezamara helduko gara. San Martin eliza aurrean, arte dotore bat ikusiko dugu. Eskuinera egin eta Santa Maria baselizaren kokapena gogora ekartzen duen harrizko gurutzea atzean utzita, eskuinetik irteten den bideari ekingo diogu. Errepide nagusian laster batean izango gara. Errepidean eskuinera egin eta Bideko auzoan amaituko dugu ibilbidea.

Erreferentziak

[aldatu]
  1. Berriatik hartua