Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Untzilla, Portillaren hastapena
Untzilla, Portillaren hastapena | |
---|---|
Herrialdea | Araba |
Zailtasuna | Erraza |
Lekuak | Aramaio, Kurtzeta mendatea, San Adrian baseliza, Untzilla, Azkoaga, Durako gain |
Distantzia | 11,5 km. 3 ord. |
Ingurunea | Micaela Portilla historialariak goresten zituen Aramaioko bazterrak. Zer dela eta? Untzilla auzora hurbilduko gara misterioa argitzeko. |
Abiapuntua | Kurtzeta mendatea (Aramaio) |
Informazioaren iturria | Lehenengo informazio iturria |
Micaela Portilla historialariak goresten zituen Aramaioko bazterrak. Zer dela eta? Untzilla auzora hurbilduko gara misterioa argitzeko. [1]
Ibilbidea
[aldatu]Micaela Portilla ikerlaria Gasteizen jaio zen, 1922an. Irakasletza ikasketak amaitu berritan, Untzillako auzoa (Aramaio) egokitu zitzaion lehen eskolak emateko. Hastapenak errazak ez direlarik ere, nolabaiteko harreman sentimentala bereganatu zuen Aramaioko ibarrarekin. Eta hala izan zen azken hatsa eman zuen arte. Portillak egindako lan eskerga gogora ekartze aldera, bihotz-bihotzetiko ospakizuna eskaini zioten Untzillako bizilagunek 2006ko udazkenean, zendu eta urtebetera. Plaka bat desestali zuten elizako atarian, ibilbide honetan ikusiko duguna berbera.
Ibilbide luzea bezain emankorra garatu zuen Portillak. Izan ere, Filosofia, Geografia eta Historia ikasketak burutu ondoren, gogotsu ekin zion lanari. Artea eta historia diziplinak maisukiro jorratu zituen, eta ikerlanik mardulenak Arabako dorretxeei, Done Jakue bideari eta herrialdeko elizbarrutiaren ondareari buruzkoak izan zituen. Hurrengo ibilbidea historialari bi alderdi uztartzeko baliatu nahi dugu. Batetik, Donejakue bidearen aldaera bat ezagutzeko, Kurtzeta eta Untzilla lotzen dituen aldaera; bestetik, Aramaioko ondare aberatsa bisitatzeko, Untzilla eta Azkoagako bazterrak, besteak beste.
Aramaioko ibarra eta Legutioko ordokia lotzen dituen Kurtzetako mendatea (Araba) abiapuntutzat hartuko dugu. Oriol aldera begira dauden zidorrei bizkar emango diegu mendatean, eta tipi-tapa egingo dugu hegoaldera, pinudiaren babesean. Durako gaina gidari izango dugu hasieran. Tontorrerainoko bidea tentagarria izanagatik ere, haren kaskora igoko gara, behin Untzilla eta Azkoaga bisitatu ostean.
Desnibela galdu gabe, basabideari ongi oratuta segituko dugu. San Adrian baseliza begien aurrean izango dugu Durako magalak inguratzen amaitu bezain laster. Aramaioarren artean debozio handia izan ohi duen tenplu ttipira heldu gabe, ordea, pista nagusiari men egingo diogu. Eskuin-ezker egin gabe, beraz, Asketako lepora iritsiko gara. Hartxintxarrezko bideari jarraituko diogu, eta ekialderantz bideratuko ditugu gure pausoak. Danborralde tontorra inguratzen hasiko gara. Goratasuna galtzeko unean, ur biltegi txiki batekin egingo dugu topo. GR zidorreko arrastoei begia kendu gabe, ekialdetik Aramaioko ibarra ixten duen Murugain mendira begira jarriko gara. Asentsiomendiko magalak erabat inguratuta, Ajostako txabolaren parean izango gara. Eskoriatza-Untzilla zidorrak eta Gipuzkoako Birari dagokion GR bideak bat egingo dute etxolaren inguruan. Bidean aurrera eginda, Untzilla auzora iritsiko gara. Uxarte nekazaritza turismorako etxea adierazten duen seinalea ikusiko dugu auzora heldu baino lehen. Errepideen bide banatzean eskuinera jo eta Untzillako elizaren aurreko parkera hurbilduko gara.
Talaia ederrean goititzen da Untzilla auzoa, Murugain mendi apartaren altzoan. Ikuspegiei dagokienez, Aloña eta Aizkorri ederki harrapatuko ditugu balkoi naturaletik, baita Zaraia, Urkilla eta Elgea mendiguneetako bazter gorabeheratsuak ere.
Durako gain aparta
[aldatu]Itzulera egiten hasiko gara Untzillako elizatik. Horretarako, nekazaritza turismoko seinaleraino itzulita, haren eskuinaldetik abiatzen den errepide estuari jarraituko diogu. Nahiz eta zirkulazio txikiko errepidea izaten den, arretaz ibiliko gara. Zabola auzoko sagardotegiaren parera heltzean, egarria asetzeko aukera izango dugu. Hala, bapo indarberrituta, errepide gainetik jarraituko dugu Azkoaga auzoraino. Dukiena jatetxearen parean, errepidea utzi, eta ezkerraldera joko dugu. Maldan gora, beraz, Zabaldua baserria ikusiko dugu pinudiaren atarian. Pinudian sartuko gara, eta, noranzkoa aldatu gabe, San Adrian baseliza altxatzen den parajerako bideari ekingo diogu. Aldatsa amaiturik, Asketako Lauan izango gara berriz. Han goian hartxintxarrezko bidetik segitu ordez, basabide nagusiaren eskuinetik ateratzen den bide zabala hautatuko dugu. San Adriango aterpetxearen ondotik igaroko gara laster. Belardia alderik alde zeharkatuta, San Adrian bista aurrean izango dugu.
Bide zabala lagatzeko unea iritsita, Durako gainera igotzeko ahalegina egingo dugu. Horretarako, baselizaren ondoko iturrian gora egingo dugu, eta, alanbretik aldendu gabe, Sanandresen txabolara helduko gara. Etxolatik gertu, eskuinera egingo dugu bidebanatzean eta, sigi-sagaka, Durako tontorrera igoko gara.
Aparteko ikuspegiaz gozatzeko parada ederra eskainiko digu tontorrak. Kurtzetara jaisteko, erpin geodesikotik mendebalderantz bideratuko gaituen bidexkari men egingo diogu. Hesia gurutzatuta, magalean behera egingo dugu. Pagoek okupaturiko eremua amaituta, hesia berriz gurutzatu, eskuinera jo eta aparkalekura iritsiko gara.