Edukira joan

Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Untzuetako gaztelua

Wikibookstik
Untzuetako gaztelua
Ibilbide honen argazkiak igo
Herrialdea Bizkaia
Zailtasuna Erraza
Lekuak Untzueta, Kurtzegana, Solakurtze, Arakaldo
Distantzia 9,5 km. 2 ordu eta 35 mn.
Ingurunea Gaztelu bat izan zen Untzueta mendiaren gainaldea, jentil indartsuen bizilekua omen zena. Arakaldotik abiatuko gara, ibilbidea egin eta sekretua argitzeko.
Abiapuntua Arakaldo
Informazioaren iturria Lehenengo informazio iturria

Gaztelu bat izan zen Untzueta mendiaren gainaldean, jentil indartsuen bizilekua omen zena. Arakaldotik abiatuko gara, ibilbidea egin eta sekretua argitzeko. [1]

Ibilbidea

[aldatu]

Herri kondairek esan ohi dutena bazter utzi gabe, gaur egun badakigu Erdi Aroan gaztelu bat izan zela Untzuetako muinoan. Hala ondorioztatu da, bederen, tontorrean egindako indusketa arkeologikoek emandakoak arakatu ostean. Gaztelua oso gutiziatua izan zen: hainbat eraso jasan zituen Gaztelako errege nagusien aginduz. Azkenean, erabat birrindua izan zen, XIV. mendean. Dena dela, tontorra bisitaldirako prestatuta dago gaur egun, baita bazterroz gozatzeko egoki babestuta ere. Gaztelu suntsituaren arrastoak ikusiko ditugu han goian, erpin geodesikoa eta postontziak metatzen diren zoko-mokoan.

Untzuetako gaztelu zaharreraino eramango gaituen bidea Arakaldo herrian (Bizkaia) hasiko dugu. Udaletxea eta pilotalekua dauden plazatxoan hasiko gara; izan ere, Arakaldo ezagutarazteko hainbat ibilbide eta ohar ematen dituen informazio taula bat dago bertan, mapa toponimikoa eta guzti. Ibilian hasi aurretik, bazterrotako historiari buruzko datu interesgarriez jabetzeko parada izango dugu. Pilotalekuan eskuinera eginda, beraz, aldatsean gora hasiko gara, plazari bizkarra emanez. Ibilian hasi eta berehala, Madariaga auzoa albora laga, zuzen egin, eta Iturriaga auzora helduko gara. Bide nagusiak ezkerraldera joko duen arren, zuzen-zuzen ekingo dugu guk, noranzkoa aldatu gabe. Koniferoez ez ezik, Ameriketako haritzez (Quercus rubra) jantzita ikusiko ditugu bazterrok, eta udazkenetan estanpa koloretsuak utziko dituzte landare horiek.

Kukutzako gotorlekua

[aldatu]

Anuntzibaira doan zidorra bertan utzirik, Kukutza eta Untzueta tontorrak xede dituen basabidean gora egingo dugu. Hari elektrikoaren habe bat ikusiko dugu ondoko lepoan. Bidean aurrera egin ordez, eskuinera hartuko dugu bide sardan, eta Kukutzako tontorrera iritsiko gara. Gaztelu baten hondakinak ikusiko ditugu goialdean. Talaia horretan, armada karlistak gotorleku bat izan zuen, Felix Mugurutza ikertzaileak bertan altxaturiko informazio taula batean azaltzen duenez. Leku estrategikoa da, tontor horretatik ikuspegi zabalak irekitzen baitira Areta eta Laudio aldera.

Kukutzatik hari elektrikora itzuli, eta lerroan gora doan basabide aldapatsua aukeratuko dugu. Horiek horrela, goratasuna hartuko dugu berehala, pinudi okrearen babesean. Ibilbide laburreko arrasto xumeak ikusiko ditugu enborretan. Kurtzegana tontorra inguratu, eta, segituan, bidebanatze batera helduko gara. Urgoiti ur jauzira eta Arakaldora itzulera proposatzen duen basabidetik irtengo gara —horra iritsiko gara Untzuetako gaina zapaldutakoan—, eskuinetik eta gora jarraitzen duen bidexkari jarraituko diogu. Alanbre baten ondoan jarriko gaitu bideak, behin aldatsa amaituta. Alanbrea gurutzatu gabe, ordea, eskuinera egin, eta zehar-zehar jarraituko dugu basabide nabarmen batera irten arte. Orduan, ezkerretik gogotsu jarraitu, eta Sollakurtzeko puntara helduko gara. Untzuetako gaina gertu izan arren, eskuinaldean goiturik ikusiko dugu, eder-eder.

Untzuetako lepoan, zuzen joko dugu antenetarantz. Gailurrera doan zerbitzurako basabidearekin bat egingo dugu aldapa erdia hartua dugula. Belardian gora nahiz pistak lagunduta, tontorrera iritsiko gara. Ikuspegi zabala eskaintzen duen tontor bat da: Gorbeia, Anboto, Ganekogorta, Goikogana, Elorritxugane, Santa Marina, Gorobel mendilerroa...

Arakaldora joateko, Urgoiti ur jauzirako eta Arrankudiagarako bidea adierazten duen bide seinalera itzuliko gara. Han, eskuinera egin, eta lehen bidebanatzean ezkerretik jarraituko dugu, goratasuna galduz. Basabidea lerroari atxikita joango denez, alde bietan dauden ibarrak eta aldats gogorrak saihestuko ditugu. Trazadura oneko basabidea da, eta ez dugu arazorik izango Zileku ibaiak zizelkaturiko paisaian barrena segitzeko. Une batez, bideak ezkerra egingo du, eta meatze baten ondotik igaroko da. Gero, Zileku ibaia gurutzatuta, Goikiri auzotik Arakaldora iritsiko gara.

Erreferentziak

[aldatu]
  1. Berriatik hartua