Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Urdaburu, Aitzbitarteko haitzuloetatik
Urdaburu, Aitzbitarteko haitzuloetatik | |
---|---|
Herrialdea | Gipuzkoa |
Zailtasuna | Erraza |
Lekuak | Listorreta-Barrengoloia, Aizpitarte haitzuloak, Malmazarko lepoa, Pagosarde, Urdaburu, Idoia, Pagopurraketa |
Distantzia | 10 km. 2 ordu eta 45 mn. |
Ingurunea | Historiaurreko aztarnategi garrantzitsuak izan ziren Aitzbitarteko haitzuloak. Horien erraietatik Urdaburuko gailurrera egingo dugun ibilaldian kontraste handiak topatuko ditugu. |
Abiapuntua | Listorreta-Barrengoloia atsedengunea (Errenteria) |
Informazioaren iturria | Lehenengo informazio iturria |
Historiaurreko aztarnategi garrantzitsuak izan ziren Aitzbitarteko haitzuloak. Horien erraietatik Urdaburuko gailurrera egingo dugun ibilaldi honetan, kontraste handiak topatuko ditugu. [1]
Ibilbidea
[aldatu]Astigarragatik Oiartzunera (Gipuzkoa) doan errepidean barna, Bentak edo Perurena baserrira iristean, Landarbaso inguruetaraino doan asfaltaturiko bidea hartuko dugu. Listorretako atsedengunea igaro eta Barregoloiako atsedengunera iristean, hango aparkalekuan utziko dugu ibilgailua.
Aitzbitarteko haitzuloak
[aldatu]Atzean utzi ditugu Listorreta eta Barregoloiako atsedenguneak, eta, beherantz, Landarbaso erreka alderantz doan porlanezko pista hartu dugu. Berehala heldu gara haitzuloetara eramango gaituen bide ondora, eta, hortxe, utzi egin dugu pista zabala. SL-Gi 1003 ibilbideari dagozkion bide seinale zuri eta berdeak lagun izango ditugu lehen zati honetan, eta ederki erakutsiko digute jarraitu beharreko bidea. Errekaren paraleloan metro batzuk egin, eta Aitzbitarte mendiaren magalean dauden bost haitzuloetatik lehenak ikusi ditugu. Egurrezko zubi handi batek errekaren beste aldean utzi gaitu, eta, aldapa txiki bat igo ostean, kobazulo nagusiaren sarrerara heldu gara.
Goi Paleolito garaiko garrantzi handiko aztarnategia dugu. Gainera, hori izan zen Euskal Herrian lehendabizi aurkitutako lehen gizakien aztarnategia. Landarbaso errekatik hasi, eta laugarrena da, erreka zulotik hogei bat metrora. Hango okupazioa orain dela 23.000 urte hasi zen, eta boladaka beste 3.000 urte luzatu. Erabilpen garairik bortitzena 13.500 eta 10.000 urteen bitartean izan zen. Topatutako aztarnak suharriz eta hezurrez landutako lanabesak dira, baita ehiza eta arrantzarako tresnak ere, ehizatzen zituzten animalien hondakinekin batera: bisonteak, elur oreinak eta abar. Lehen lanak 1892an hasi ziren, eta M. del Valle Lersundiko kondeak egin zituen. XX. mendearen hasieran ere, beste lan batzuk egin ziren. Azkenik, Aranzadi Zientzia Elkarteak eratu eta ordaindu zuen beste ikerketa sakon bat, 1960tik 1964raino iraun zuena. Linternak edota frontalak erabiliz, barrura sartu eta haitzuloaren zati handi bat bisita daiteke, betiere kontu handiz, leku batzuetan zuloak baitaude. Hala ere, komeni da ingurua ezagutzen duen norbaiten laguntza izatea.
Urdaburu
[aldatu]Bidera itzuli, eta xendan barrena aurrera egin dugu, errekaren paraleloan. Pinudian zehar, pixkanaka goraka hasi eta, sigi-saga baten ondoren, bidegurutze batera iritsi gara, Pagopurraketara hain zuzen ere. Hor, SLa utzi, eta erabaki dugu PR-Gi 1003 eta 1004 ibilbideekin lotura egitea. Ezkerretik apenas kilometro erdia bete, eta Idoiatik datorren pista zabalera atera gara. Inguru horretan jende gehiago dabil; mendizaleez gain, txirrindulari ugari. Seinale zuri, hori eta gorriek erakusten diguten bidean, erraz egin dugu aurrera. Berriro bidegurutze batera heltzean, Untzegiko edo Lizarregiko lepoetara doazenen artean bat aukeratu behar izan dugu. Eskuin aldetik ateratzen den bide zabala hartu dugu, bestea itzulerarako utzita. Eukalipto landaketa berrien artean, Pagosardeko atsedenlekura iritsi gara.
Bide seinaleei kasurik egin gabe, Urdaburu Txiki aldera igotzen hasi gara, egurrezko hesola batean ikusi dugun Urdaburura igotzeko xendatik. Aldapa geroz eta pikoagoa da. Lehen haitzak inguratu, eta pagadian sartu gara. Lepoan, atseden txiki bat hartu dugu arnasa berritzeko, eta, tontorrera heldu aurretik, azken malda gogorrari ekin diogu, haitz artean, tentu handiz. Gutunontzi bat, erpin geodesiko bat, gurutze bat eta amnistiaren aldeko ikur handi bat. Hamaiketakoa egiten dugun bitartean, gailurretik dagoen ikuspegi bikainaz gozatu dugu: Añarbeko urtegia, Adarra, Jaizkibel, Aiako Harria...
Etorri garen bidetik, Pagosardera jaitsi gara, baina, oraingoan, eskuinetik sartu gara pagadian, seinale zuri eta horiei segituz. Alanbrezko hesiaren paraleloan eta mugarriak lagun, Malmazarreko gainera itzuli gara. Gorantz doan jende andana artean, pistatik behera azkar egin dugu; metalezko langa gainditu, eta Idoia jatetxerantz abiatu gara. Salda bero bat hartzeko tentazioari ezin eutsi, eta erabaki dugu atseden txiki bat hartzea. Abiapuntura heldu aurretik, errepidean barna abiatu gara, eta tarteka hori utzi eta xenda zaharrari jarraituz, erraz jaitsi gara aparkalekura. Gertu dugu Listorretako atsedengunea, eta han ere makina bat jende dago, egun pasa. Egun eder baten ostean, gu etxera itzuli gara.