Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Urkabetik Beloagako gaztelura

Wikibookstik
Jump to navigation Jump to search
Urkabetik Beloagako gaztelura
Ibilbide honen argazkiak igo
Beloagako gaztelua 31.jpg
1066-Gipuzkoako ibilbidea Oiartzun.svg
Herrialdea Gipuzkoa
Zailtasuna Star icon containing star icon.svgStar icon containing star icon.svg Erraza
Lekuak Beloaga, Miakazarra, Urkabe, Oiartzun, Arkale
Distantzia 8,1 km. 2 ordu eta 50 mn.
Ingurunea Esan izan dute Arkaleko harkaitzetan zegoen gaztelua Txingudi badia zelatatzeko talaia bat zela. Ederrak dira bertatik ikus daitezkeen bistak.
Abiapuntua Oiartzun (Elizalde)
Informazioaren iturria Lehenengo informazio iturria

Esan izan dute Arkaleko harkaitzetan zegoen gaztelua Txingudi badia zelatatzeko talaia bat zela. Ederrak dira bertatik ikus daitezkeen bistak. [1]

Ibilbidea[aldatu]

Beloagako gaztelua ezagutzeko aukera eskaintzen duen ibilbide zirkular honetan, Erdi Aroko pasarte historiko garrantzitsu batzuk ez ezik, Oiartzungo Urkabe eta Arkale mendi xumeen magaletan barreiatzen diren soro eta baserriek osatzen duten ingurune ezkutu eta ederra ere ezagutzeko parada izango dugu. Aiako Harriaren silueta da gure begien ninietan txertatzen den argazki ezagunena, baina badira haran erakargarri honetan beste bazter polit eta erakargarri batzuk. Horietako bat da hauxe: Arkaleko gaina eta Beloagako gaztelua lotzen dituena, hain zuzen ere.

Oiartzungo San Esteban plazan emango diogu hasiera txangoari. Izen bereko eliza eta San Juan kapera gure ezkerrera utzita, errepidea gurutzatu, eta Legarrea kaletik gorantz joko dugu aldapa pikoari ekinez. Kalbarioaren hasieran lehen gurutzea ikusi, eta horien ondotik Urkabe tontorreraino igoko gara. Lehenik, komentua izandako Legarren baserriaren ondotik igaroko gara, eta horren azpiko aldean Lourdesko Ama Birjinari dedikatutako leize txiki bat. VII. Gurutzera heltzean, ezkerrera jiratu eta maldan gora segituko dugu gaztainondo baso eder batean murgilduz. Berehala iritsiko gara gainera, eta bertan, gurutze handi bat aldare baten gainean. Ipar-mendebalderantz jo, eta aurrez ikusiko ditugun hiru bideen artean, erdikoa aukeratu eta beherantz jarraituko dugu. Hurrengo bidegurutzean, harrizko pista utzi, eta eskuinetik ateratzen den lurrezkoa aukeratuko dugu. Bide eroso horrek Pellibar baserrira eramango gaitu aurrez aurre ikusiko dugun Arkaleko gandor xumeari begira. Pellibar baserria eskuinean utzi eta behera egingo dugu.

Porlanezko bidetik, erreka gainditu eta errepidearen bazterrean dagoen Miakazarra baserriaren ondora igoko gara. Leku horretan, errepidearen beste aldetik ateratzen den pista zabala hartu eta zuzen-zuzenean Arkaizlepora ailegatuko gara. Mendiaren gandorretik jarrai daiteke, baina normalean bidea nahiko zikina egon ohi denez, gertu dagoen errepidera jaitsi gara. Laurehun bat metro bertatik bete ostean, hura utzi, eta ezker aldetik marrazten den xenda hartuko dugu. Berehala, Gurutze auzotik datorren xendarekin bat egingo dugu, eta, hura segituz, erraz iritsiko gara Beloagako gaztelura. Esan izan dute Arkaleko harkaitzetan zegoen gaztelu hau Txingudi badia zelatatzeko talaia bat zela. Beste batzuek erromatarren garaian Arditurri meategien eta Oiassoko kaien arteko bidea zaintzeko zerbait gotortua eraiki zutela ikusi nahi izan dute, iritzia garai hartako aztarnek sustatuta, Andrearriagako hilarria eta Beloaga toponimoa barne. Erdi Aroan, Nafarroako erregeek zeukaten Beloaga gaztelua Gaztelako Alfontso VIII.ak 1200ean eskuratu zuen arte, Ximenez de Radak idatzitako kronikan jasota.

Etorritako bidetik atzera egin, eta Gurutze auzora jaitsiko gara. Bidean, San Telmo museoan originala gordeta dagoen Andrearriagako hilarriaren erreplika ikusiko dugu. Auzoan, PR-Gi 1011 bide balizatuaren seinale zuri eta horiak eta Done Jakue bidearen egurrezko zutoinak segituko ditugu VII. gurutzearekin bat egin arte. Hortik abiapuntura igotzeko erabili dugun bidetik beteko dugu San Esteban plazaraino jaitsi arte.

Erreferentziak[aldatu]

  1. Berriatik hartua