Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Urkulu, Beherobitik
Urkulu, Beherobitik | |
---|---|
Herrialdea | Nafarroa Beherea |
Zailtasuna | Erdikoa |
Lekuak | Behereobia, Iropile, Leize handia, Urkulu |
Distantzia | 14,5 km. 4 ordu et 15 mn. |
Ingurunea | Urkulurako igoera gorabeheratsua, Errobi ibaiaren iturburuko ingurumaritik. Ikuspegi ezinago ederra agertuko zaigu gailurraren pean, erromatarren garaiaren erakusgarri. |
Abiapuntua | Beherobi (Esterenzubi) |
Informazioaren iturria | Lehenengo informazio iturria |
Urkulurako igoera gorabeheratsua, Errobi ibaiaren iturburuko ingurumaritik. Ikuspegi ezinago ederra agertuko zaigu gailurraren pean, erromatarren garaiaren erakusgarri. [1]
Ibilbidea
[aldatu]Beherobiko aparkalekutik abiatuko gara, Errobiren iturburuari dagokion lerrotik; baserri baterantz doan zubi batera iritsiko gara, eta hura gurutzatuko dugu, eta bidexka batetik joko, bazkalekuetatik barrena. Larre hori hesitzen duen itxituran bada igarobide bat, eta hura ireki eta maldan gora segituko dugu. Goraxeago, bide zidor bihurtuko da ibilbidea, eta hobetuz joango da, beste bide zabal harritsu batekin bat egin arte; handik joko dugu, gorantz betiere. Beste malda bat ere igoko dugu, eta Beherobiko amildegiaren gainera iritsiko gara; haren bestaldeko muturrean agertuko zaigu, zut-zut, Errozateko mendi tontorra. Handik, berriz, errepide batera irtengo gara, Beherobiren eta Organbide mendi lepoaren artekora.
Are gorago oraindik
[aldatu]Errepidearen ezkerreko aldetik mendi bide edo pista bat doa, eta, hortik joz, Oriongo basoetan barneratuko gara, eta pagadi artean ibiliko. Pixkanaka-pixkanaka, aurrera egingo dugu, asko igo gabe, eta borda baten aurrez aurre iritsi arte; hantxe amaitzen da pista, eta beste bidexka batetik joko dugu, larre hesitu batzuk alde batera utzita.
Itxituren artetik, berriz, beste bidexka bat doa, eta garo sail batera eramango gaitu; haien gainetik ageriko zaizkigu. Garo artean, ezkerrera egingo dugu, bide zidor batetik; landarediak itxia du haren lehen zatia. Eragozpen hori gainditutakoan, bide zidorraren goialdeko bihurguneetara igaroko gara, zeinak askoz ere toki zabalago eta ibiltzeko modukoago batean baitaude. Mazela piko batera iritsitakoan, errepidera irtengo gara berriro, eta haren ezkerreko aldetik ibiliko gara hogei bat metroan; hurrengo, zelai bat aurkituko dugu ezkerretara, eta hura alderik alde zeharkatuko dugu; azkenik, errepidera itzuliko gara berriro, Iropileko bidegurutzearen aurrez aurre.
Borda eta harkaizti artean
[aldatu]Bidegurutzea zeharkatu, eta Iropileko zelaian ibiliko gara, eskuin aldetik, errepidearen azpitik eta Minasaro bordetarantz joango bagina bezala. Natural-natural, hirurehun bat metroan ibili eta gero, eskuinaldeko mazelatik igoko gara, eta Paoberri bordarantz doan pistarekin topo egingo dugu. Bordaren atzean, horma harkaiztsu bat aurkituko dugu; paretak badu pasabide bat zabalik, eta hura gurutzatu eta zelaian aurrera egingo dugu, mazela harkaiztsuak inguratuz, eta mendi lepo batera iritsiko gara. Han, ezkerretik joko dugu, eta zelai batean gora egin, Leize handia etxolaren ingurumariraino iritsi arte; belardian ibiliko gara, harri artean sigi-saga, eta pagadi batera iritsiko; bide zidor batek zeharkatzen du hura batetik bestera.
Hainbat mugarrik zedarritzen dute bide zidorra, eta horiei segituko diegu pagadiaren zati batean, eta eskuinaldeko zelai batetik igoko gara; hortik, ezkerreko aldeko behe ibarraren erpin harkaiztsua inguratuko dugu, ur depositu baten aurrez aurre iritsi arte, zeinaren atzealdean mendi bizkar handi bat baitago. Haren ezkerreko hegaletik ekingo diogu, eta muino bateraino iritsiko gara; hantxe dago mugaldeko 206 mugarria. Handik ehun bat metrora, erromatarren dorre baten hondakinak aurkituko ditugu, Urkulu mendi tontorraren gain-gainean.