Edukira joan

Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Urrialdo, basiliskoaren bizileku

Wikibookstik
Urrialdo, basiliskoaren bizileku
Ibilbide honen argazkiak igo
Herrialdea Araba
Zailtasuna Erraza
Lekuak Mendoza, Martioda, Urrialdo, Otogoien, Larrinzar
Distantzia 13,5 km. 3 ordu
Ingurunea Urrialdoko basiliskoaren begiradapean itzuli ederra burutuko dugu Badaia eta Arrato mendiguneetatik.
Abiapuntua Mendoza
Informazioaren iturria Lehenengo informazio iturria

Urrialdoko basiliskoaren begiradapean itzuli ederra burutuko dugu Badaia eta Arrato mendiguneetatik. [1]

Ibilbidea

[aldatu]

Domaikiako piztiak sona handia hartu zuen Zuiako eskualdean, eta haren gaiztakeriak ezagunak egin ziren leku askotan. Akaso oihartzun txikiagoa hartu zuten Lupierroko bentaren inguruan (Iruña Oka) bizi izan zen basilisko baten pasarteek. XVIII. mendeko bidaiariek ostatua eta zerbitzua goraipatu bazituzten ere, basiliskoaren agerpenak hondamendia ekarri zion paraje horri, XX. mendea hastearekin batera. Horiek horrela, Simon Argote bentako azken nagusiak ondasun guztiak abandonatu zituen sugarrek den-dena kiskaltzean.

Antzeko zerbait kontatu ohi da Mendozatik hurbil dagoen Urrialdo izeneko parajearen inguruan. Urrialdoko eraikinek galsoroek inguratuak dira gaur egun, baina, aspaldi, Lautadako eskualdean existitu zen herrixka ezagun batenak izan ziren. Bere ingurura erromes ugari bildu ohi ziren, Gerardo Lopez de Guereñu ikerlariak bere idazkietan aipatzen duenez. Nonbait, iraila izaten zen Urrialdoko tenplu erromanikoaren horma dekoratuek babesten zuten santua gurtzeko garaia.

Poztasunak, ordea, gutxi iraun zuen. Betiere elezaharren arabera, baselizaren atzeko iturburuan piztia bat bizi zen, akaso erretiroan bizitzera kondenatua izandako sorgin baten bengantzak sorrarazia. Dena dela, herritarrek sekulako errespetua zioten Urrialdokoari. Hori dela eta, basilisko bat irudikatu zuen imajinazioak, gupidagabeko eta gorrotozko begirada zuen animalia beldurgarria. Begirada hutsez etsaiak akabatzeko ahalmena zuen, gainera. Tamalez, tenpluak eta ondoko etxeak su hartu zuten XX. mendeko hirugarren hamarkadan. Herria betiko desagertu arren, elizaren arku erromanikoak zutik dirau, eder-eder, bisitarako aitzakia ederra izaten dena.

Mendozatik Otogoienera

[aldatu]

Mendoza herrian hasiko gara ibilian. Gazteluaren atzeko aparkalekuan utziko dugu autoa, eta eliza altxatzen den muinora joko dugu. Autobus geltokian eskuineko bidea hartu, eta tenplu aurreko talaian izango gara berehala. Gero, herria inguratzen jarraitu, eta mendebalderanzko urratsak egiteari ekingo diogu, Badaia mendigunea aurrez aurre dugun artean. Hari elektrikoaren azpitik igaroko gara laster. Bideak eskuinera egingo du Garrasta inguruan, eta GR 25 zidorrarekin bat egiten lagunduko digu. Adi ibiliko gara bertan, jarraitu beharreko bideak iparraldera ?eskuinera? egingo du eta. Marka zuri-gorriek lagunduta, ezkerreko bidea hartu, eta, kareharriz osaturiko xendari men eginez, Larrinzar muinora igoko gara.

Bidexkari oratuta, bat egingo dugu pista zabal batekin. Orduan, Otogoien aldera egiteko unea baita, mendi bizkarretik aldendu eta beherantz abiatuko gara. Ubarriaran baselizara iristear gaudela, ezkerrera egin eta ehunka metro gora egingo ditugu. Zelaitxo batera iristean, gora egiteari utzi, eta Otobarrenera doan bideari helduko gatzaizkio. Herriko barrera ikustean, ezkerretik abiatzen den xendrari jarraituko diogu. Hala, artadi trinkoak osaturiko galeriatik irtendakoan, Loiateko putzura eta Santa Marinara doan basabidea zeharkatu, eta Goro errekara iritsiko gara. Eskuinetik segituta, Otogoienen atseden hartuko dugu.

Piztiaren bizilekua

[aldatu]

Elizaren atzealdetik jarraituko dugu gero. Asfaltoak nekazari bide bati emango dio bidea laster eta, partzelariak ezkerrera jotzean, zuzen-zuzen doan xendari jarraituko diogu, Oka sakaneko errekastoarekin bat egin arte. Orduan, eskuinera egin eta bertoko barrera gurutzatuta, Martioda herri alderantz abiatuko gara. Artadia atzean utzita, ezkerrean basabide bat utzi eta lau bideko elkargune batera helduko gara. Ezkerraldean Urrialdoko eliza ikusiko dugu ederki altxatuta, baina galsoroek erabat inguratua. Joan-etorria egiteko proposamena dakargu orain, paseo lasaia emango baitugu magiaz beteriko bazter horretaraino. Bide nagusira berriz irtenda, bide nagusiari ekin eta Martiodako muinora igoko gara. Dorretxea eskuinaldean utzita, ezkerraldetik jaitsiko gara txalet batzuen ondotik. Mendozaraino lagunduko digun bide zabalarekin asmatzen erraz egingo zaigu.

Erreferentziak

[aldatu]
  1. Berriatik hartua