Edukira joan

Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Urritzate inguratuz

Wikibookstik
Urritzate inguratuz
Ibilbide honen argazkiak igo
Herrialdea Nafarroa Garaia
Zailtasuna Zaila
Lekuak Aizpitza gaina, Antseta, Arreta lepoa, Iparla, Sumusako benta, Alkaxuri, Gorramakil, Urritzate
Distantzia 24,5 km. 7 ordu eta 30 mn.
Ingurunea Urritzateko haran ezkutua gordetzen duten mendietan, Euskal Herrian egin daitekeen ibilaldirik ederrenetakoa egiteko aukera paregabea du mendizaleak.
Abiapuntua Aizpitza gaina (Baztan)
Informazioaren iturria Lehenengo informazio iturria

Urritzateko haran ezkutua gordetzen duten mendietan, Euskal Herrian egin daitekeen ibilaldirik ederrenetakoa egiteko aukera paregabea du mendizaleak. [1]

Ibilbidea

[aldatu]

Iparla, Alkaxuri eta Gorramendiko mendiek gordetzen duten Urritzateko haran ezkutua ohiko mendi ibilbideetatik at egon da urteetan. Egun, bertaraino autoz gerturatu daiteke, eta ondoan dagoen Aritzakun haranarekin batera, bisitari asko jasotzen dituzte. Ordura arte zuten xarma galdu dutela esan daiteke, baina zorionez ez dute galdu betidanik erakutsi duen edertasun basatia.

Mendizale gehienek Sumusako Bentako ingurua aukeratzen dute mendietara igo edota itzuli osoa egiteko. Guk, aldiz, Gorramendi eta Iparlako mendilerroak lotzen dituen mendikate apalago bat aukeratu dugu.

Elizondotik (Nafarroa) Otsondoko mendatera igo (N 121B), eta eskuinetik, Gorramendi aldera ateratzen den errepide asfaltatutik, Aizpitza antenaren azpira helduko gara. Errepidearen bazterrean autoa utzi eta berehala, eskuinetik Iparla aldera ateratzen den bide zabala hartu dugu. Mendi muinoen magaletan zehar erraz egin dugu aurrera. Inzpideko eta Meaka lepoak pasatu, eta Lizarlepora iritsi gara. Inguru bakarti honetan dauden pagadiak eta zelai zabalak tartekatuz, Astate mendiaren magaletara gerturatu gara. Abiatu garenetik eta kasik ibilbide osoan zehar, lurrean eta zuhaitzen enborretan margotutako borobil arrosa txiki batzuek asko lagundu digute bide zuzena aukeratzen.

Xenda on batek basoan murgildu, eta lepora heldu aurretik, Arrietako surtsa izena duen iturrian zintzurra freskatu eta kantinplorak betetzeko aukera izan dugu. Arrietako lepotik gertu, Izpegitik datorren bidearekin bat egin dugu, eta aurrez aipatutako bide seinaleekin batera, GR 10ari dagozkion marka zuri-gorriak izan ditugu lagun. Aurrez aurre dugun malda pikoari heldu, eta xenda estu batetik, harri eta garo artean Tutuliaren tontorra ezker aldetik inguratu, eta Gapelu lepora jaitsi gara, Iparlako tontorrera igotzeko azken aldapari ekinez. Erpin geodesikoa eta buzoi zaharra. Iparralderantz, lainoak dena estaltzen du, eta ezin izan dugu itsaso zuriaren mendean dagoen ikuspegiaz gozatu. Hegoalderantz, berriz, Alkaxuriko piramide zorrotza, Urritzate eta Aritzakungo haranak. Gertu, Itsusiko haitzak eta Lapurdiko mendirik garaiena ikusiko dugu: Artzamendi.

Alkaxuri

[aldatu]

Alkaxurira igotzeko abiapuntua den Sumusako benta aldera jaisteko, GR 10ak gailurreriaren paraleloan doan bidea erakutsi digu. Azkar jaitsi gara Iparlako lepora, eta metro batzuk aurrerago, markak utzi eta ipar-mendebalderantz jo dugu, belardian marrazten den xenda batetik. Horrela, Latxoko lepora heltzean, bidea zabaldu egin da eta malda bizian azkar galdu dugu altuera. Behean ikusi dugu Sumusako benta, eta hara iristeko, hasieran deseroso samarra den pista zabal batetik errepidera jaitsi gara. Luzea eta nekagarria gertatu zaigun jaitsieratik errekuperatzeko eta gure gainean dugun Alkaxuriko piramidearen tontorrera igotzeko, erreka bazterrean eseri eta hamaiketakoa egitea erabaki dugu.

Zubia igaro eta bide asfaltatuan metro batzuk bete eta gero, ezker aldetik ateratzen den pista hartu, berehala utzi, eta ezkerretik gorantz egin dugu. Atsedenik apenas duen igoera oso gogorra da, eta malda biziak gainditzeak ahalegin handia eskatzen du. Igoera ia osorik ipar aldeko ertzetik egiten da, eta Ezkietako harkaitzen azpiko aldean dagoen lepora iristean, azken atsedena hartu dugu. Bidezidorra basoan barneratu, eta, sigi-saga, gorantz jo dugu. Aldapa gero eta pikoagoa da, eta kostata bada ere, tontorrera igotzeko azken ertz luzearen hasierara iritsi gara. Leku honetatik gailurrera doan bide hautsiari aurre egin, eta azken metroak bete ditugu Alkaxuriko tontorra zapaltzeko. Ikuspegi paregabea: Iparlako harresia, Gorramakil eta Gorramendi mendi multzoa, Itsusiko haitzak, Iguzkimendi eta Artzamendi… eta horien mendean, Urritzate eta Alkaxuriko haran ezkutuak.

Abiapuntura heltzeko tenorean, gandor zirraragarrian zehar, kontu handiz jaitsi gara Gorostiko lepora. Aurrean dugun Bardako kaskoa ezkerretik saihestu dugu, eta xenda nabarmenari segituz gorantz jo dugu gandor belartsuan zehar, Gorramakil tontor aldera. Hona iristean, erabat aldatu da ikuspegia, perspektiba berri batekin egin dugu topo. Gorramakil, Otanarte eta Gorramendi tontorren gailurretan era guztietako arrastoak ikusi ditugu, antena erraldoiak, amerikarren base militarra izandako eraikuntzen hondakinak, asfaltatutako errepidea… inguru ederra ezabatu duten gizakiaren opariak. Eremu atsekabegarri honetatik Aizpitza antenaren ondoraino jaitsi gara, pista eta belazeak tartekatuz. Ezker aldetik saihestu, eta berehala heldu gara abiapuntura.

Erreferentziak

[aldatu]
  1. Berriatik hartua