Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Zierbenako lurmutur luzea
Zierbenako lurmutur luzea | |
---|---|
Herrialdea | Bizkaia |
Zailtasuna | Oso erraza |
Lekuak | Lucero, El Pico, Quemada, Oceja |
Distantzia | 9,2 kilometro |
Ingurunea | Punta Luceroko lurmuturra Abrako badiaren eta Ibaizabal ibaiko bokalaren gainean goititzen da. |
Abiapuntua | Zierbena |
Informazioaren iturria | Lehenengo informazio iturria |
Punta Luceroko lurmuturra Abrako badiaren eta Ibaizabal ibaiko bokalaren gainean goititzen da, itsasargi baten eran. Gainaldean, ordea, ez dugu itsasontziei laguntzeko elementu adierazgarririk ikusiko. Izan ere, Zierbenako (Bizkaia) punta sonatu horrek argi-ilunak izan ditu historian barrena. Horretaz jabetzeko tontorrera igo besterik ez da egin behar.[1]
Ibilbidea
[aldatu]Mendeetan zehar gune estrategikoa izan da Punta Lucerokoa. Eremu preziatua eta gutiziatua askorentzat. Jakina, ipar-mendebaldeko ekaitzen babesean egoteak nolabaiteko lasaitua ematen zien Abrako badiatik sartzen ziren merkataritza ontziei. Jakin, bazekiten Zierbenako traineruak tximista bezain azkar itsasoratuko zirela laguntza ematera. Bilboko porturako bidea hareatsua eta hagitz arriskutsua zen garai horretan. Hori zela eta, bogalarion esperientzia ezinbestekoa zuten.
Eremu gutiziatua kostaldeko defentsari dagokionez ere. Aspaldikoak omen dira bizkarrean dauden hondakinik zaharrenak. XIX. mende bukaeratik XX. mende erdialdera bitartekoak gehienak. Karlistaldiaren garaian, Punta Luceroko gainazala urratu eta lubaki sigi-sagatsuak eraiki zituzten eremu horretan. Horietako asko 1936ko gerran berrerabiliak izan ziren, batez ere Burdin Hesia osatzeko. Geroztikoak dira tontorraren azpiko kuartel handia, igarobideak, bateriak eta metrailadore guneak. Beldurraren eraginez eta balizko erasoei aurre egitearen karietara, Francoren gobernuak defentsak egokitu eta prestatzeko agindua eman zuen.
Gaur egun, zorionez, ondare militarrak ez du berezko funtziorik betetzen. Mendizaleak ohiko bisitariak izaten dira mendigunean. Batzuk lur azpiko igarobide sekretuak aurkitzera abiatzen dira. Bizipen interesgarrien bila, akaso. Beste batzuk natura oparoaz gozatzeko helburuarekin bertaratzen dira Zierbenako portuan hasita. Izan ere, bertako klimatologiak eraginda, landaretza berezia hazten da Punta Luceroko hegaletan, Mediterraneo aldekoa nahiz Atlantiko aldekoa.
-
Arena Luzuerotik
-
Luzueroko bunkerrak
-
Serantes Luzuerotik
Zierbenako kaia
[aldatu]Zierbenako portuan emango diogu hasiera ibilbideari. Itsasgizon eta emakumeen aldeko monumentuaren ondoan. Biribilgunean Aldapa auzorako bidea hartuko dugu. Gora doan errepidea bazter eginda, Arrondo jatetxearen atzetik doan kalean gora egingo dugu, ibilbide laburreko zidorrak agindu bezala. Frontoiaren ondoan, bidexkatik zuzen jarraitu eta porlanezko bideari lotu ondoren, ezkerrera egingo dugu. Magala astiro-astiro urratzen hasita, Zierbenako portuaren gaineko ikuspegiez gozatzeko aukera aprobetxatuko dugu.
Berehala Villa Puri etxearen ondotik igarotzeko gonbita egingo digu bideak. Hari segika, errepideraino jarraituko dugu. Asfaltoa zapaldu gabe, eskuinetik abiarazten den porlan bideari men egingo diogu. Pikondoak, arteak, haltzak, lizarrak, hurritzak eta intxaurrondoak gogaide, Lourdes Etxaniz parkera iritsiko gara. Parkea inguratuta, pistarik behinenari jaramon egin eta Aldapa auzora igoko gara. Gizarte etxea aurrez aurre, eskuinetik jarraitu eta bidebanatzean eskuineko kalea hartuta, Calleja auzorako bideari ekingo diogu. Jolas parkean, ezkerreko kaletik segitu eta, porlan bideari begia kendu gabe, Punta Luceroko hegalerantz bideratuko ditugu gure pausoak. Gero, landaretzak hertsiki babestutako bidexkari oratuta, mendi-bizkarrera igoko gara. Garita edo etxola bat dago lepoan. Jaitsieran erabiliko dugun bide zabala lotuko zaigu han. Hegoaldeko hegala zeharkatzen duen pista leuna alde batera utzita (kuartelera doa eta), aldatsari aurre egin eta hegiz hegi jarraituko dugu. Metrailadore gune batera iritsiko gara ziztu bizian. Gandorrari lotuta, Punta Luceroko tontorra adierazten duen erpin geodesikora. Area hondartza, Muskizko hezeguneak eta Pobeñako labarrak mendebaldean ikusiko ditugu. Montaño muino iluna aurrez aurre altxaturik ikusiko dugu eta, atzerago, Grumeran mendi luzea. Ganekogorta, Gallarraga eta Gorbeia ezagunak, ordea, Argalario mendiaren atzetik agertuko dira. Laburbilduz, opari umila begientzat!
Galerian gaindi
[aldatu]Itsaso aldera, iparrera metro batzuk eginda, kanoi bat ikusiko dugu. Eta bere ondoan, lurmuturrak gordetzen duen altxorra: porlanez egindako galeria estu bat. Tentu handiz barnera gintezke, ahantzi gabe aspaldiko zulaketa dela eta haren artetik paseatzeak arriskua dakarrela. Esplorazio txangoa amaituta, hegoaldeko magalera igaroko gara. Kuartela dagoen tokira, hain zuzen. Ekialdera eginez, garitan izango gara berriz ere. Igoeran hartutako bidexkari muzin eginda, pista zabala hautatuko dugu Aldapa auzora jaisteko. Gizarte etxean, behera jarraitu eta Lourdes Etxaniz parkera iristean, errepidera irten eta portura iritsiko gara.