Euskal Herriko itsas espazioko historia/Euskal Herriko baleontzien epopeia Ternuan: testuingurua
Egilea: Iñaki Zumalde
Sarrera
[aldatu]Marinel-herri bat
[aldatu]Euskal Herriko marinelen balentriak ezer gutxi dira kolonizazio eta nabigazio unibertsalen historian. Bi erresumen arteko herri txiki bat ginen, iragan mendeetan Mendebaldeko hitzarmenean eragin handia izan zuen herri txiki bat alegia. Historiak kontatzen dituen ekintza gogoangarri haietako batean, euskal herritar batek parte hatzen bazuen, parte-hartzailea ez zen espainol edo frantses bat baizik. Zenbait alditan, baldin ohiko kronikaria zehatza edo arduratsua bazen, azpimarratuko zuen euskal herritarra zela, baina garrantzi handirik eman gabe.
Besteak beste, marinelak eta ondo merezitako sona irabazia zuten ontzigileak izan ziren euskal herritarrak. Aipagarriak dira XVI. mendean zehar gure herritik igaro ziren bidaiari gehienek nolako goraipamenak egiten zituzten gure ontzioletan eraikitzen ziren ontziez, idatzizko oharrik uzten bazuten. Hispaniako errege-erreginek nahiz frantsesek izugarri estimatzen zituzten itsasontzi tantai haiek eta, gerra-gatazkaren bat zenean, haien bila jotzen zuten armadan hartan parte hartzeko.
Balearen harrapaketara
[aldatu]Ontzigile bikainen ontziekin, marinel iaio eta ausartek tripulatzen zituztenekin, oso modu berezian gailendu ziren gure arbasoak, dudarik gabeko maisutasuna agertu zuten zeregin batean: balearen ehizan edo harrapaketan.
Itsasoko gaiak aztertzeari emanak diren historialari jakitunen topikoa da espezialitate horretan euskal herritarrak aitzindari izan zirela esatea. Hala ere, zenbait historialari frantsesen ustez, normandiarrak izan ziren langintza horretan ibili ziren lehenak, nahiz eta aitortzen duten euskal herritarrak berehala egin zirela aparteko maisu haien ikasle.
Honaino iritsita, ezingo dugu orrialde hauetara ekarri gabe utzi Jules Michelet historialari erromantikoaren testu bat, gainezka darion lirikotasun eder eta zehatzean Euskal Herriko arrantzalearen argazkia ezkutatzen duen testua. 1861n argitaratutako La Mer izeneko obran agertzen da:
XVI. mendearen hasiera arte, Kantauri itsasoko kostaldea zetazeo-aldra batek bisitatzen zuen aldian behin. Bi isurialdetako euskal herritarrez gain kantabriarrak, asturiarrak eta galiziarrek jarduten zuten haien harrapaketan. Ongi merezitako arrantzale tradizioa zuten herri horiek ez dirudi balearen ehizari halako garrantzia ematen ziotenik. Hala, XV. mendearen erdialdera gure kostaldean baleak urritzen hasi zirenean asturiarrek eta galiziarrek alokatu zizkioten euskal herritarrei hainbat portu harrapaketekin jarrai zezaten.
Kostalde horietara ere baleak gutxiago hurbiltzen hasi zirenean, Euskal Herriko itsasontziak iparraldera igo ziren eta geroago Kanadako Ternura.
Euskal herritarrak iritsi al ziren lehenengo? Bada horri buruzko elezahar bat, gaur egun oraindik, zenbait sasijakintsuk etengabe errepikatzen duen elezaharra. Nola hasiko gara oraindik euskal herritarrek XIV. mendean baleak harrapatzen zituztela defendatzen? Zertara joango ziren paraje haietara baleak ehizatzera kostan bertan beren txalupen eskumenean bazituzten?
Ipar-mendebaldeko igarobidea bilatzera irten eta bakailaoa aurkitu
[aldatu]Geldi gaitezen eta eman ditzagun orain zertzelada batzuk Amerikako kontinente horretan gertatu zenaz.
Kristobal Kolonek 1492an aurkitu zuen Mundu Berria. Eta Indietatik ekarri zuten pagotxa Gaztela eta Portugalen artean banatu zuten, Tordesillasko Itunari esker eta aita santuaren bedeinkapena eskuratuta. Atlantikoko kostaldeetako beste erresuma batzuk, Ingalaterra eta Frantzia bereziki, atzemandako altxorretik baztertuta gelditu zirenek partaide izatea gutiziatu zuten. XVI. mendearen bigarren hamarrekora arte, gaztelarrak ez zuten erabaki kontinente berriko ipar hemisferioko lurraldea arakatzera joatearik. Ingelesak izan ziren saiatze horretan lehenak.
Ingelesak: Cabot
[aldatu]Veneziako nazionalitatea zuen italiar bat, Ingalaterrako Koroaren zerbitzura ziharduen Juan Cabot irten zen Bristoletik iparreko itsasoan zehar ibilbide baten bila Catay (Txina) alderantz eta espezien herrialderantz 1497an. Hiru hilabete geroago itzuli zen lurralde bat, gaur egungo Labrador izan zitekeena, aurkitu zuela esanez. Koroa gustura gelditu zen, antza denez, arrasto zehaztugabe horiekin eta hurrengo urtean sei ontziko espedizio bat antolatu zuen, baina itsasoak irentsita desagertu egin zen, ontzi bat izan ezik, Cabot-en seme batek gidatzen zuen ontzia alegia.
Asko eztabaidatu izan da Caboten aurkikuntzari buruz, baina gaur egun kritikarik estuenak egiatzat onartzen du, nahiz eta bere semeak istorioak asmatu zituela jakin. Hala ere, bitxia da Juan de la Cosa kartografoak 1500ean mapamundia marraztean, Ternuko parean (lur irmo gisa azaltzen da, ez uharte gisa) honako hau idatzi izana: «ingelesek aurkitutako itsasoa».
Portugaldarrak: Joao Fernández
[aldatu]Portugaldarrak ere ez ziren oso akort Tordesillasko Itunean adostutako banaketarekin. Horren ondorioz, 1500ean ipar hemisferioa aztertzeko erabakia hartu zuten. Joáo Fernández, Azore uharteetako «nekazari» bat, merkatari batekin elkartu zen eta, espedizio bat egiteko erregeren baimena lortuta, lurralde bat aurkitu zuen eta «terra del lavrador» izena jarri zion.
Espediziotik itzulita, Portugalgo erregeak leku berera beste espedizio baterako baimena Gaspar de Corterreal-i eman ziolako mindurik, Ingalaterrara joan zen eta Bristoleko merkatari batzuekin elkartu zen. Horiek Frenándezek esandakoarekin adoreturik ontzidi bat prestatu zuten eta hark aurkitutako lurralderantz itsasoratu zen. Baina, ontzidia ez zen inoiz itzuli.
Corterrealdarrak
[aldatu]Zuhaitzez estalitako «terra verde» bat, Ternua izan zitekeena, aurkitu zuela esanez itzuli zen bere espediziotik Gaspar de Corterreal. Handik urtebetera, 1501ean berriro itzuli zen hiru ontzi hartuta. Gasparrek gidatzen zuen ontzi-kapitaina hondoratu egin zen, baina besteak itzuli egin ziren, esanaz, iparrerantz nabigatu zutela, norabidez aldarazi zien itsaso jeladun batekin topo eginda, ibai handiak zituen indioen lurraldean lehorreratu zirela, eta informazio horren lekuko gisa haietako batzuk elkarri zituzten.
Halako emaitzak ikusita, erregeak beste espedizio baterako baimena eman zion Gasparren anaia Miguel de Corterreali; tragikoki bukatuko zuen, ez baitzen hartaz gehiago ezer jakin.
«Pescaría de bacallaos»besterik ez
[aldatu]Errege-erreginak etsiarazteko moduko emaitza eskasak emango zituzten ahalegin horiek denek, eta urte batzuk igaro behar izan zuten beste miaketa-espedizioak finantzatzeko. Aurreko batek ere ez zuen berehalako probetxu nabarmenik ekarri: ez zuten espezieen lurralderako igarobiderik aurkitu (garai hartan espezieak produktu estimatu eta garestienetako bat ziren), ezta urre edo harri bitxirik ekarri ere.
Baina, bai aurkitu zuten behar bezala estimatzen jakin ez zuten zerbait. Diego de Rivera Sevillako Kontratazio Etxeko kartografoak bere mapamundi sonatua 1529an marraztu zuenean, «tierra del labrador» puntuaren gainean, testu argigarri hau idatzi zuen:
Gure ustez esan beharrekoa da garai hartan nabigatzaileek ematen zituzten oharrak oso zirela zehaztugabeak. Guztiz ezezaguna zen alderdi haren eraketa geografikoa eta gaur erabiltzen ditugun izenak ez dira zehatz-mehatz aurkitzaileek erabiltzen zituztenak. Labrador, Ternua eta Groenlandia nahasi egiten ziren eta, deiturari dagokionez, zenbait urte-sasoitan han bertan nagusi den laino itxi batean bezala biltzen ziren. Ternua, esaterako, urte batzuk geroago Cartierrek inguratzea lortu zuen arte, ez zen jakin uharte bat zenik.
Ingelesak
[aldatu]Urte horietan Europa hazkunde demografiko handi batean sarturik zegoen eta gero eta elikagai gehiago behar zen gosea asetzeko. Merkatariek eta arrantzaleek ipar Atlantikoa zeharkatu erabaki zuten, eta «lurralde berrietako» «bakailao» banku oparoetara iristea. Eta Bristolgo ingelesak 1502rako hasiak ziren arrantza-toki horretan arrantzan. Baina oraindik ezagutzen ez diren kausak medio, 1505erako geldiarazi egin ziren.
Frantsesak. Normandiarrak eta bretoiak
[aldatu]Frantziako errege-erreginek hasiera batean Iparreko itsasoetatik Asiarantz ibilbide bat aurkitzeko interes bat adierazi zuten arren, eta Mundu Berrian ondasun askoren jabe egin arren, gurari haiek ez zituzten praktikan jarri ahal izan, funts handiagoko eta behin betiko interesez arduraturik zeudelako: Milan eta Napoliko erresumak berentzat hartzea.
Baina, arrantzale eta merkatari bretoiak eta normandiarrak beste iritzi batekoak ziren. Orduko aipamenen arabera, 1504rako bakailao-bankuetan arrantzan aritzen ziren. Arrantza horiek Bonavista Badia eta Belle Isle artean egin zituzten (Ternuaren iparraldea Labradorrekin bereizten zuen lekuan, gerora baleazale euskal herritarrek jardun zuten lekuan).
Garaitsu horretan bertan hasi ziren portugaldarrak ere Ternua iparraldean bakailaoa harrapatzen. Baina, laster utzi zituzten portugaldarrek Ternua hegoko arrantza-tokiak eta frantsesak izan ziren ia-ia sistematikoki ustiatu zituzten bakarrak. Nabarmena da 1520rako frantsesek bakailao-arrantzan zuten nagusitasuna. Eta haien artetik, bretoiak ziren gehien erabili zituztenak, gaur arte gorde diren bretoi-kutsuko toponimo ugarietatik antzeman daitekeen bezala.
Euskal herritarrak
[aldatu]Eta euskal herritarrak? Orain arteko aipamenik fidagarriena 1517koa da: Donibane Lohitzuneko arrantzale batek «lurralde berritik» ekarritako bakailao berdea saltzen zuen Bordelen. Bidasoaren alda banatako arrantzaleen harremanak bakealdian (nahiz liskarraldi betean zeudela, batzuetan) lankidetzan eta laguntzan oinarriturikoak izanik, pentsatzekoa da Donibane Lohitzuneko marinelak Ternuan arrantzan ibiltzen baziren ez zirela oso urrun ibiliko Hondarribia, Pasaia, Donostia eta beste zenbait.
Espainolak
[aldatu]Azaldu ditugun miaketa- eta arrantza-bidaiak eta labur jardun nahirik esan gabe utzi ditugun beste batzuen aipamenak, laster iritsi ziren Gaztelako errege-erreginen belarrietara. Kezkagarriak izango ziren berri horiek. Horixe ondorioztatzen da Fernández Navarretek 1829an argitaratu eta Simancaseko Artxiboan aurkitutako dokumentuetatik. Horien arabera, Juan Agramonte lleidarraren eskariz, Juana erreginak agindu zuen 1511ko urria aldera, egin ziezaiela bi itsasontziren kontratu bat «lurralde berriaren sekretua zein zen jakitera joateko» baimena emanaz, eta haren klausulen artean badago bat, ontziko tripulazioari buruzkoa, non «erresuma horietan jaioak izan behar zuten marinelek; eramango zituzten bi pilotuak, berriz, bretoiak». Nolabait ere, xehetasun horrek berretsi egiten du lehen bretoiek lurralde horietarako bidaietan izan zuten garrantzia aipatzean esan duguna.
Aipatzen ari garen kontratutik ondorioztatzen da nolako konkista eta kolonizatze-nahiak bultzatzen zituen Gaztelako errege-erreginak. Baimena ematen zaio Agramonteri «herria egiteko», kontratazio-etxe bat fundatzeko eta, horrez gain, administratuko zuen pertsona ere izendatzen zen jada. Ez dago bidaia horren inolako emaitzen aipamenik. Bidaia egin zenik ere ez da ezagutzen. Kontua da errege-erregina gaztelauak ez zirela arduratu urte dezentetan lurralde berri misteriotsu hartaz.
Dena den, ipar hemisferioko lurralde hartaz zuten interesari heldu zioten, izan ere, gerora La Españolatik abiatuta, zenbait espedizio sartu ziren gaur egun EEBBetako lurraldeak diren haietara: Vázques de Ayllón, Ponde de León, Narváez, etab.
Eta Esteban Gomes Coruñatik abiatu zen 1525ean, bereziki Bizkaian eraikitako galeoi batean Ekialdera irteera bat bilatu zezan, izan ere, Florida eta Bacalaosen artean igarobide bat bazeneko susmoa zutelako. Eskozia Berriraino iritsi zen, eta iparralde misteriotsu eta arriskutsuan sartu ordez, norabide aldaketa egin, eta gaur egungo Maine, Massachusetts, Conecticut, eta beste estatuetako kostaldeetan zehar ibili zen.
Frantsesak. Verrazanoren bidaiak
[aldatu]Frantsesek lau itsasontziz osatutako espedizio bat bidali zuten apur bat geroago leku berera, Giovanni Verrazano florentziarra buru zuela, bankari eta merkatari elkarte batek finantzaturik eta erregearen onespenarekin. Dieppetik 1523an abiatu zen Catay alderantz, beste ibilbide bat aurkitzeko asmoz. Baina, inolako emaitzarik gabe itzuli zen bi ontzi galdu ondoren.
Hurrengo urtean, misio berean abiatu zen itsasontzi bakar batez. Bidaia gorabeheratsu baten ostean, gaur egungo Ipar Carolinan lehorreratu zen, handik aldi batera Esteban Gomezekin bisitatu zuen, Fer Lurmuturra begiztatu ondoren. Ekialderanzko irtenbide baten bila alferrik jardunda, Hudson (gaur egungo New York) ibaiaren bokalera iritsi zen. Indigenekin harremanetan jarri, kontinentea esploratu eta, batere emaitzarik gabe, Cap-Breton Uhartera «aurretik bretoiek aurkitu zuten lurralde horretara» jarraitu zuen. Handik Frantziara itzuli zen, bakailao-arrantzaleen ibilbideari jarraituz. Miaketaren sustatzaileei aurkeztu zien emaitzen zerrenda luzean, bi uste sendo azaltzen dizkie: Mundu Berria kontinente bat da eta ez dago Asiara iristeko pasabiderik.
Beste bi alditan itzuli zen Verrazano eta azken bidaian (1528) bizia kendu zioten indigenek.
Portugaldarrak. Joóe Álvarez Fagundesen bidaiak
[aldatu]Baina, horiek baino lehen portugaldarrek Joóe Álvarez Fagundes bidalia zuten paraje haietara eta itzuleran ekarria zuen albistearen arabera, Corterrealek aurkitutakoen ondoan beste lurralde bat aurkitu zuen, eta Erregeari han kolonia bat sortzeko proposamena egin zion. Bi itsasontziko espedizio bat iritsi zen gaur egungo Ternuaren hegoaldera, baina berehala bertan behera utzi zuten, hura alderdi hotzegia zela-eta. Cap-Breton Uhartean finkatu eta harremanetan hasi ziren indigenekin. Ezagutzen ez ditugun kausak medio, bi ontziak galdu zituzten eta han arrantzuan zebiltzan euskalerritar arrantzale batzuen bitartez jakinarazi zuten nolako egoera larriaren zeuden. Gure susmoen arabera, ipar euskalerritarrak ziren.
Kolonia hasberri hura desagertu egin zen, baina Fagundes-en esplorazioei esker, kartografo portugaldarrek halako errealismo batez Zeelanda Berriko itsasertzak marraztu ez ezik, idatzi ere egin zuten eskualde hartan bizi zen tribu indigena baten izena: Micmac-ak
Frantsesak. Jacques Cartierren bidaiak
[aldatu]Batzuk deskribatu ditugu eta beste batzuk adierazi gabe utzi, baina «lurralde berri» lainotsuek bazuten jada sendotasuna eta funtsa kartografoek marraztu zituzten mapa ugaritan, hain zuzen ere, baliabide zirenak Jacques Cartierrentzat, ondorengo urteetan Ipar Amerikari buruz artean ezezagunak ziren puntuak argitzeko.
Saint Maloko nabigatzaile zaildua, 43 urterako Brasilera eta Ternuko arrantza-tokira bere aberkide bretoiekin batera bidaiak egin zituen Cartier hautatu zuen Frantzisko I.a erregeak bere espedizioa aurrera eramateko; izan ere, gaztelauek eta portugaldarrek Mundu Berritik ateratzen zituzten altxor ederrez baliatzerik izan ez zuelako sartua zuen arantza ateratzen saiatu nahi zuen hark. Halaxe ondorioztatzen da Cartierrek emandako aginduetatik «urrea eta beste gauza bitxi asko dagoela dioten irla eta lurralde berriak aurkitzea». Beste helburu bat ere bazuten, Catay alderanzko ibilbide hain desiratu hura bilatzea, alegia.
Hiru bidaia egin zituen Cartierrek, 1234an, 1535ean eta 1541ean. San Lorenzoko golkoa eta estuario osoa arakatu zuen eta gaur egungo Montrealeraino ere iritsi zen eta hango lurraldearen jabe egin, Frantziako erresumaren izenean, eta gotorleku bat eraiki zuen. Horrez gain, beste aurkikuntza bat ere egin zuen, ikuspegi geografikotik garrantzizkoena: Ternuaren uhartea zela frogatu zuen.
Garai horretarako urte asko ziren bakailao-arrantzale isil eta praktikoak paraje haietan, edo gehienetan bederen, arrantzan zihardutela. Cartirrek erregeari eman zizkion hiru txostenetan nazionalitate desberdinetako arrantzaleak topatu izana azaltzen da. Besteak beste, bertan bakailao-arrantzan ziharduten gure arrantzaleak.
Euskal herritarrak
[aldatu]Eta, noiz hasi ziren euskal herritarrak balearen ehizan?
Egundokoa da Indietako kroniketako aberastasuna. Kronika horietan xehe-xehe azaltzen dira «egun» bakoitzeko gorabeherak, datu-iturri etnografiko bikainak haietako batzuk. Gauza bera esan dezakegu portugaldarren, ingelesen eta frantsesen kronikei buruz ere, baina ez ziren hainbestera iristen. Normalean errege-erreginek lagundutako enpresak izan ohi ziren hein handi batean, eta horiek amaitzean diruaren erabilera justifikatu eta gastuen arrazoi zentzuduna eman behar izaten zuten.
Halako aipamen-oparotasun horren aurrean, gabeziarik gorrienarekin aurkitzen gara orain artean «Euskal Herriko baleontzien epopeia Ternuan» deitu diogun horri buruzkoan. Oroimenak huts egiten ez badigu, testu bakar bat dugu, benetan ezohikoa: «Les vovages Avantureux du capitaine Martin de Hovarsabal, habitant de Çubiburu», 1579an argitaratua, eta mende bat geroago Pierres Etxeberri Dorrek lapurterara itzulia. Baditu eransgarri interesgarriak, beharbada berak San Lorenzo Golkoan berak izandako esperientzien emaitzak. Baina, routier bat (portulano moduko bat) da: Euskal Herriko marinelak lehorreratzen ziren portuen deskribapen lehor eta astuna, mareen taulak eta beste dituena. Gaur egun marinelek bakarrik erabiltzeko argibide teknikoak dituen eskuliburu gisa defini dezakeguna.
Halako kontakizun-gabezia horren aurrean euskaldun agrafoaren topikoa atera dezakegu, baina gure ustez, arrazoi nagusia da –ohiko «hitz gutxiko» izatea guztiz ukatu gabe– Kanadako balea-abentura guztia merkataritza-enpresa bat eta enpresa partikular bat izan zela, alegia, erakunde edo pertsona ofizialekin zerikusirik ez zuena. Gure arbasoak ez ziren joan hara, lurrak konkistatzera eta kolonizatzera, baizik eta lanera, balearen arrantza-tokiari gehieneko probetxua ateratzera, horretan jada maisu itzelak baitziren. Milaka kilometrotara joan ziren eguneroko jardueran aritzera.
Aipagarria da, ez historian ez elezaharretan ez dago ildo honetan aipatu litekeen inolako irudirik, nolabait ere trinkoturik balentria horrek berekin dituen balioak bibliografia gisa jaso zituenik, arketipo modura eskaintzeko. Norbaitek argudia dezake hor dagoela Etxaide. Zehaztugabeko pertsonaia horri buruz, jakin daitekeen bakarra da Ternuko portu bati izena jarri ziola, eta oso beranduan jarri ere. Izena zabaldu zuten historialariek ez zuten jakin erabilitako iturriak interpretatzen, zeren eta, kritika historiko on bat eginez, iturri haietatik atera daitekeen bakarra gorago aipaturikoa da.
Xumeki esateko, baleazaleen kontua marinel anonimoen epopeia bat, epopeia komunitario bat izan zen.
Euskal herritarren balearen ehizari buruzko historiografia «klasikoa»
[aldatu]Nahikoa idatzi izan da Euskal Herriko baleazaleei buruz. Garibaitik hasi eta Zirikiain Gaiztarrora bitartean, beste hauetatik igaroz: Lope de Isasti, Etienne Cleirac, Fernández de Navarrete, Fernández Duro, Francisque-Michel, Nikolas Soraluze, Guiard eta abar luze bat. Bibliografia oso luzea da, batez ere, aldizkari espezializatu bitxi samarrena. Ternuko merkatari-enpresa handiari buruz ematen ziren aipamenak sakabanatuak, nahasiak eta baita kontraesankorrak ere baziren, eta zer esanik ez baleazaleen jarduera-lekuari buruzkoan. Ternua, izena bera, sobera generikoa da. Historialariek ez zekiten zehatz-mehatz han gertatua.
Vargas Ponce eta beste ikerlari batzuk XIX. mendearen hasieran Euskal Herriko kostaldeko herrietan lan egin zuten, udal-artxiboetan (haietako batzuk gaur egun desagertuak daude) kofradietako eta kontsuletxeko artxiboetan eta Simancas eta Probintzialetako artxibo ofizialetan. Hauek jasotako dokumentazioa da gaia aztertu zutenek funtsean erabili zutena, Bidasoaren alderdi honi dagokiona bederen.
Selma Huxleyren ekarpena
[aldatu]Dena den, inori ez zitzaion bururatu Protokoloen artxiboak aztertzea, ezta Herri-barrutikoetan eta Valladolideko Errege Kantzelaritzan begiratzea ere, eta are gutxiago Burgoseko Kontsulatuarenean. Eta, hantxe, hain zuzen, zetzan lotan eta ahazturik gure baleazaleen historiaren zati handi bat. Historia, egungo ikuspegitik begiratuta eta eskuartean dugun gaiaren harira, honela laburbil daiteke: nora joaten ziren, zenbat ziren, zein, eta zer baldintzetan joaten ziren; zenbat kostatzen ziren bidaiak eta zer mozkin ateratzen zioten: nola banatzen ziren eta zeinen artean; nolakoak ziren erabiltzen zituzten baleontziak, eta non eta nola eraikitzen ziren; zer bizimodu zuten ontzian, zeharbide luzeetan barrena, baleak harrapatzen eta zezin preziatua ateratzeko urtze-lanak egiten zituzten paraje babesgabe haietan: zenbaitetan istripuz gertatzen ziren tragediak, edo ustekabeko negualdiak zirela... Laburbilduz: enpresa erraldoi horren eguneroko bizitzako xehetasun piloa, zein baldintzetan burutzen ziren ikusita, benetako abentura bilakatzen zena.
Duela 40 bat urte gure herrira emakume ikertzaile kanadar –Ingalaterran jaioa zen– bat etorri, eta gure artxibo horietan miaketak egiteko izan zuen intuizioari esker, gure iraganaren alor bat aurkitu zuen, urruneko paraje haietan ohikoa den laino trinko hark baino trinkoago estaltzen zuen alorra.
Selma Huxley-k urte hauetan egin duen azterketa nekaezinean, Europako liburutegi garrantzizkoenez gain, berroigeta hamar artxibo baino gehiagotan, eta bereziki antzinako kartografien sailean, bildu duen dokumentazioak halako ezaguera eman dio gai honi buruz, non ez dugun batere puzten goitik behera aldatu duela esaten badugu. Aurrerantzean, Euskal Herriko baleazaleek Kanadan egin zuten historiari buruz aritzeko, beharrezkoa izango da esatea: Selma Huxley-ren ekarpena baino lehen eta ondoren. Berari esker, abentura lauso eta hutsal gisa ezagutzen genuena, historia eta elezaharrak nahasten zireneko historia hura, benetako epopeia bat bihurtzen da, non ez dugun sumatu ere egiten nolako garrantzia eta munta izan zuen XVI. mendeko gure arbasoentzat
Hiru ohar egingo ditugu hitzaurre eta sarrera honekin bukatu baino lehen:
- Selma Huxley-ren testua, liburu honetan irakurriko duzuna, aurrerakin bat, hasikin bat da; ez da gaiari buruzko behin betiko obra, egunen batean, berandu gabe, eskaini ahal izango digula espero duguna. Alabaina, hain da obra baliosoa, ez berritasunagatik bakarrik, baita ematen dituen datu interesgarri eta garrantzizkoengatik ere, eta ziur gaude aldaraziko dietela gure XVI. mendean adituak diren gaur egungo historialari guztiek onartua duten ideia bat baino gehiago.
- Hemen xeheki esan beharrik ez dagoen arrazoiak direla-eta, azterketaren zatirik handiena baleazale gipuzkoarrei buruzkoa da. Irakurtzean atera daitekeen inpresioa da bizkaitarrek ez zutela zerikusirik izan enpresa horretan. Baina, kontua da ontzi-ustiatzaile bizkaitarrek karga handia izan zutela berorren finantzaketan, eta Bizkaiko kostaldeko arrantzaleek ere parte hartu zutela, baina gutxiago. Hauxe da egunen batean idatziko den historia.