Euskal Kostaldeko Gida/Bizkaia
Bizkaiko kostaldeko Gidaliburua
Ondarroa
[aldatu]Historia
[aldatu]Maria Diaz Harokoa Bizkaiko andreak, Ona esaten ziotenak, Ondarroa hiribildu izendatu zuen 1327an.
Zortzi urte beranduago, Bizkaiko jaun‑andreek erregalia hori berretsi eta hobetu zuten, probestu‑ eskubidea eman baitzioten hiribilduari, ondarrutarrak segurtasun handiagoz bizi zitezen, udalerria harresiz inguratuta.
XV. mendean zehar, bandoen arteko borroka odoltsuek Ondarroa elkortu zuten. Horretaz guztiaz izango lukete zer esanik etxe boteretsuetako jauntxoek (Arantzibia, Yarza, Ganboa); eta, agian, 1462an hiribildua kiskali zuen suteaz ere bai. Mende batzuk geroago, 1794an, Frantziako ejertzitoak bigarren aldiz erre eta arpilatu zuen Ondarroa.
Harrigarria bada ere, Berriatuko elizateko lur‑eremuan sortu zen Ondarroa, baina, urteak joanda, hazi egin zen (13.000 biztanle) eta 1974an Berriatua beretu zuen. Hala ere, 1983ko azaroaren 25ean, Berriatuko bi mila herritarrek lortu zuten haien herria Ondarroatik desanexionatzea.
Marinelen bizimodua ez da inoiz erraza izan. Hiribildu bihurtu eta urte batzuk geroago, Ondarroak bat egin zuen Bizkaiko beste portu batzuekin, ingelesei aurre egiteko; izan ere, Biarritz eta Baiona hartuak zituzten jada ingelesek.
Henao historiagileak Averiguaciones de las antigüedades de Cantabria liburuan dio Felipe II.aren garaian Ondarroan bazirela hirurogei itsasontzi handi, Frantziako, Portugaleko eta Andaluziako portu urrunetara joaten zirenak.
Antzina‑antzinatik mugimendu handia eta marinel adoretsuak izan ditu Ondarroako portuak. Marinel horiek oso gertutik ezagutu dute Kantauri itsasoaren zangartasuna: 1878ko martxoaren 20ko egun beltzean itsasoak eramandako hirurehun arrantzale haien artean hainbat ondarrutar galdu ziren.
Portua eta arrantza
[aldatu]Bizkaiko itsasertzaren 80 kilometroei begiratuta, Ondarroako portua maparen ekialdeko muturrean ageri zaigu; ontzidi handiena duen portua da eta arrantza bikainenak lortzen dituzte.
Horrenbestez, esan beharrik ez dago arrantza dela Ondarroako giroaren eta gizartearen ardatza. Jarduera horren eguneroko protagonistak marinelak dira, baina beste ehunka pertsonak jarduten dute arrantzarekin zerikusia duten lanbideetan.
Ondarroako arraste‑flotaren zati handi bat kala berrien bila joan zen urrutiko itsasoetara, eta arraste‑ontzi asko tretzaontzi bihurtu dira.
Gainera, hainbat txalupa motordun daude —jubilatutako profesionalenak edota afizionatuenak— txipiroietara, krabarroketara edo harrapatzen dutenera joateko.
Ondarroako portuaren isatsa Artibai ibaiaren bokalea da. Itsasgoren eta itsasbeheren eragina ibaian nabari da, hiru kilometro ibaian gora ere; horrenbestez, txalupek ibaian gora egin dezakete Zubizarra eta Errenteria auzoa igaro eta Berriatuko Arantzibia dorretxea ikusteraino.
Ondarroako kaian ainguratutako txalupa batean, Jose Mari Iparragirrek, Euskal Foruen defendatzaile eta koblakari ospetsuak, estreinakoz abestu omen zuen publiko sutsu baten aurrean Boga, boga mariñela, gero hain ezaguna egin zena. Musika‑kritikariek uste dute abesti hunkigarri hori Iparragirre berak egina dela. Urte batzuen buruan, berriz ere arrantzaleekiko maitasuna adierazi zuen Iparragirrek, eskuzabaltasunez parte hartu baitzuen 1878an itsasoan galdutako marinelen familien alde egindako ongintzazko emanaldian. Madrilgo Teatro Real antzokian egin zuten gau‑ekitaldia, Alfonso XII.aren aurrean.
Biztanleak
[aldatu]Ondarroako Alde Zaharrak lau kale estu ditu, mendi‑mazelan gora egiten dutenak. Marinel‑etxeek multzo koloretsua osatzen dute; egurrezko balkoiak eta mentsula zabalak dituzte, hainbat kolorez margotuak, biztanle bakoitzaren gustuaren arabera.
Antiguako Andra Mari ermitak, hiribilduaren zaindari eskainiak, hiriguneko etxeak mendean hartzen ditu. Andra Mariaren irudia XII. mendeko ikono erromanikoa da, baina elizatxoaren eraikinean ez da ageri arkitektura‑estilo horren aztarnarik, 1750ean berreraiki baitzuten.
Parrokia izan zen 1462 arte, egungo Andra Mari eliza Artibai itsasadarraren ezkerraldeko badian egin zuten arte, hain zuzen. Eliza egiteko, harrizko basamentu itzela eraiki behar izan zuten, inguruan dauden bost pisuko etxeen alturakoa. Plataformaren gainean eraiki zuten eliza, hasieran estilo gotikoa zuena: leihateek eta karelek trazeria flamigeroa dute, eta badira gargolak, kapitelak eta eskulturak horma‑bularretan.
Elizaren inguruan balkoi korritu bat egin zuten, eta eraikina kanpandorrerik gabe geratu zen, haren lekuan udaletxea egin baitzuten XIX. mendearen amaieran, toskanar estiloko portada dotore eta guzti. Gutxitan aurkituko ditugu botere espirituala eta mundutarra hain estu uztartuta!
Elizaren barrualdean egin zuten zoritxarrezko berritze baten ondorioz, harrizko erretaula gotiko bat ezkutatuta geratu zen. Kale Handi izeneko bide nagusian Likona dorretxea gailentzen da, Ahaide Nagusiena. Han jaio zen Marina Likonakoa, San Inazio Loiolakoaren ama.
Zubizarra arkitektura‑multzo interesgarria da: Erdi Aroko zubia, bao ausartak dituena. 1953ko uholdeak suntsitu zuen Zubizarra, baina berreraiki zuten. Haren zubi‑branka batek arrantzale‑kofradiarekin bat egiten du. Kofradia hori ere berezia da, harrizkoa, 1920an eraikia, Pedro Guimonek egindako planoen arabera.
Artibai ibaiaren eskuinaldean bazegoen ontziola bat, egurrezko ontzi lirainak uretaratu zituena.
Beti alai ageri den Zumardian, Itsasaurre zubia hartuko dugu, Santiago Calatrabak egina. Txakur txiki, berriz, Artibai gaineko metalezko zubi birakaria da, izen hori eman zioten zenbait hamarkadatan zentimo batzuk ordaindu behar zirelako zubia zeharkatzeko; gaur egun, kultura‑ondare izendatuta dago. Zubi hori Arrigorri hondartza ezkutura joateko bide zuzen eta erosoena da (bide batez aipatuko dugu Berriatuko udal‑barrutian dagoela Arrigorri) eta Saturraranera eta Mutrikura oinez joateko lasterbidea ere hortik abiatzen da.
Ondarroa portu bizia da, oso dinamikoa… Portuan ibiltzea, eta kai‑muturretik edo moiletatik begiratzea, besterik gabe, ikuskizun atsegina da.
Ibilaldiak eta txangoak
[aldatu]Markinara eta Bolibarrera txangoa
[aldatu]Markinarako bidean, 3 km inguru eginda, Artibaiko meandro baten ondoan dagoen muino baten gainean ikusiko dugu Arantzibia dorretxea, Ahaide Nagusiena. 1443an Martin Ganboakoak, ganboatarren bandokoak, Pedro Arantzibiakoa hil zuen (dorretxeko nagusia, alegia) eta harekin batera hogeita hamar basailu ere hil zituen.
Berriatua
[aldatu]Beste kilometro gutxi batzuk egin eta Berriatura iritsiko gara, Ondarroatik desanexionatu eta udal propioa eratu duen herrira, alegia. Ibarrean etxe ederrak daude, gaur egun itxuraldatuak gustu kaskarreko zaharberritzeen ondorioz.
Parrokia‑eliza handia da, XVI. mendean eraikia eta San Pedro apostoluari eskainia. Ikustekoa da Etxe Pintto: freskoz apaindutako aurrealdea dauka, ezpataz egindako duelu bati dagozkion hainbat eszena irudikatuta.
Bidean aurrera egin eta 3 km inguru ibili ostean Urberuaga bainuetxetik pasako gara. Ur termal horiek herri‑onurakoak direla onartu zuten orain dela mende bat baino gehiago. Oso gertu, errepidearen ondoan, Ubilla oinetxea dago (XV. mendekoa), garai bateko distira adierazten duena. Dobela ikusgarriak ditu eta leihate gotiko geminatuak.
Markina
[aldatu]Markinara iristen ari garela, ezkerrera hartuko dugu, Arretxinagako San Migel eliza ikusteko. Haren barruan hiru harkaitz handi daude, eta, harkaitz horiek nola uztartuta dauden ikusita, monumentu megalitiko bat gogorarazten dute. Arkanjeluaren irudi ederra, ezpata eskuan duela.
Markinan gaude jada, zesta‑puntaren unibertsitatean. Eskualdeko hiriburua dugu, bistakoa da. 1787an iturri ikusgarria egin zuten Karmengo Plazan; iturriak lau hodi bikain ditu, eta haien gainean bertso batzuk idatzita daude, markinarren euskara goxo horretan. Oso gertu, Karmeldar Oinutsen komentua, ohiko karmeldar aurrealdea duena, eta Mugartegi jauregi barrokoa, aurrealdea harlanduzkoa duena.
Hirigune txikian ibiliz gero, ikusteko hainbat etxe daude (Andonaegi, Antxia, Ansotegi berri) eta Gaitan Barroeta jauregia ere aurkituko dugu. Elizarako bidean, lorategi artean, Patrokua jauregia dago. Xemeingo Santa Maria Eliza bisitatu behar da derrigorrez; gotiko‑garaian hasi ziren egiten, baina XVI. mendera arte ez zuten amaitu. Oso handia da, zutabe ugari ditu eta hiru nabe. Gainera, ondare baliotsua du Santa Maria elizak: irudiak, zilarrezko eta urrezko ontziak, eta apaingarriak.
Markina‑Etxeberria
[aldatu]Etxeberria aldera abiatuta, Bidarte dorretxearen fatxada margotua ikusten da, nahiz eta hondatu samarra egon. Etxeberriako San Andres auzoa elizaren begiradapean ageri da, ibar eguzkitsu batean, eta han daude Ansotegi eta Munibe oinetxeak. Gipuzkoa aldera begiratuz gero, argazki‑kamerarekin harrapa daiteke Ibarguen baserriko garai ospetsua.
Kokote batzuk erosiko ditugu, Markinako oroigarri.
Bolibar
[aldatu]Iruzubietarako bidea hartu eta 5 km aurrera eginez gero Bolibarrera iritsiko gara. Bolibar harro dago Hego Amerikako historiako pertsonai ospetsu baten arbasoen sorterria izateaz; izan ere, Simon Bolibar jenerala, Askatzailea, Bolibarko familia baten semea zen. Plaza Nagusian dago Bolibarri egindako monumentua, eta handik metro batzuetara Bolibartarren Jauregia, 1542an eraikia; han bizitu ziren Askatzailearen arbasoak. Sute baten ondorioz erre bazen ere, jatorrizko eraikuntzako bi leihate errenazentista ditu jauregiak. Bolibarren Museoa ere bisitatzekoa da. Errementarikua baserrian jarri zuten museoa, Sociedad Bolivariana elkarteko lehendakariorde Frantzisko Abrisketak bultzatuta. Bolibarko eskola, berriz, Venezuelaren oparia da, eta hango zaindariak —Coromotoko Andra Mariak— kapera dauka Bolibarko Santo Tomas parrokiako eliz atarian.
Frantzisko Antxia jeneralak ere (Longa jenerala izenez ezagunagoa, Longa baserrian jaio baitzen) bustoa dauka Bolibarko plazan.
Ziortza
[aldatu]Hemendik, Ziortzako kolegio‑elizara igoko gara (2 km). Arkitektura‑multzo ederra da: eliza, abade‑etxea eta klaustroa, Done Jakue bidean Bizkaitik barrena doazen erromesen geraleku eta aterpe. Aipatzekoak dira portada, klaustro platereskoa, Irusta abadearen hilobia —Guiot de Beaugrant eskultoreak egina— eta erretaulak (erretaula nagusia eta Pietatea). Gaur egungo erromes motorizatuontzat ere erakargarriak dira Ziortza eta haren inguruak, Oiz mendiaren ondoan. Monje batek du bere gain gune espiritual bitxi horren ardura.
Goimendira ibilaldia
[aldatu]Lekeitiora zeharka‑meharka doan bidean, itsasertzak harkaitzezko senaia bitxiak eratzen ditu, kanabera‑arrantzaleen eta txangozaleen bilgune, eguraldia lagun.
Artako begiratokia, itsasoaren panoramika ikusgarriak dituena, helmugatzat har dezakegu...
Edo, bestela, Ondarroatik 2 km‑ra mendi‑bidea hartu ezkerretara eta Goimendiko zelaietara iritsiko gara, hango bista ederrez gozatzeko. Itzultzeko zirkuitu bat egin daiteke, Antiguako Andra Mari ermitaraino doan bidetik, herriaren goialderaino baikaramatza bide horrek. Asterrika auzotik ikusten diren bistak ere oso zabalak dira. Hara iristeko, Lekeitiorako bidea hartu behar da, eta, kilometro batzuk egin ostean, mendi‑bide asfaltatu bat hasten dela ikusiko dugu. Bide hori hartu eta 2 km egindakoan Berriatuko baserri‑auzo horretara iritsiko gara.
Asterrika kostaldeko lurretan errotuta dago: dozena erdi bat baserri, eliza txiki bat —alboko eliz ataria eta kanpai‑horma dituena— eta plaza txiki bat, erromeriak egiteko. Baserrien inguruan zuhaitz eder ugari daude: arteak dira, batez ere. Etxeei erreparatuta, aipatzekoa da Aldeko baserria, Nikolas Arratek eta Maria Lakak 1818an eraikia.
Gorozikara ibilaldia
[aldatu]Ondarroatik irten eta Markinarako bidea hartu behar dugu. Arantzibia dorretxean asfalto‑bide bat aurkitzen dugu; insignis pinuen artean 2 km egin ostean, Gorozika baserri‑auzora iritsiko gara eta bista bikainak ikusi ahali zango ditugu. Ordu erdi ibili eta gero Santikurutz gailurrera iritsiko gara.
Festak
[aldatu]Herriko festak (andramariak, Amabirjinaren Jasokundea ospatzeko) abuztuaren 14tik 18ra bitartean izan ohi dira.
Abuztuaren 17a arrantzaleen eguna da; egun horretan guzti‑guztiek —bertakoek nahiz kanpokoek— mahoizko praka urdinak eta alkandora jantzi behar dituzte. Ohiko saliña‑saliña dantzatu eta gero marmitakoa dastatzen dute, eguna borobiltzeko.
Lekeitio
[aldatu]Historia
[aldatu]Bizkaiko jaun‑andreek uda Lekeition pasatzeko ohituraren aitzindari izan ziren. Ozeanoaren txoko eder horretako klima gozoa aintzat hartuta, 1325ean jauregia zuten elizaren ondoan. Mende erdi bat geroago, On Tello kondeak domingotar mojei eman zien etxea. Garai hartan, Maria Diaz Harokoa Bizkaiko andreak Lekeitioko hiribildua sortu zuen, eta handik pixka batera Gaztelako Alfonso XI.ak lekeitiarrei eman zizkien bermeotarren foru eta erregali berdin‑berdinak.
Erdi Aroan, bertako Yarza eta Likona familien arteko bando‑borrokaren ondorio zuzenak pairatu zituen Lekeitiok.
1381ean agintariek debekatu zuten udalerrian armak ekoiztea, tropei ostatu ematea eta etxe gotorrak eraikitzea; baina, hala ere, bandoen arteko borrokak ohikoak ziren.
Lekeitioko hirurehun etxe erre ziren 1442ko sutean. Haren ondorioak arintzeko, Juan II.a erregeak 120.000 marabediko zorra barkatu zion hiribilduari, zergei zegokiona. Gainera, sute gehiago ez izateko, suhesi bat eraiki zuten eta hiribildua bi zatitan banatuta geratu zen. Lekeitioko armarrian itsasontzi bat ikusten da, zenbait arraunlari dituena; eta itsasoan balea ageri da, haren balekumearekin. Ontzian arpoilari bat ere badago, baleari eraso egiten. Goialdean gaztelua dauka, eta gaztelu horren almenan bi mairuen buruak ikusten dira.
Armarriko hitzek harrotasuna adierazten dute erregeak garaitzea eta lurra nahiz itsasoa mendean hartzea lortu duen herri ohoragarria goraipa bedi.
Zalantzarik egon ez dadin, esaldia karaktere ederretan zizelkatuta ageri da udaletxearen fatxada nagusian.
Itsasoari loturiko historia
[aldatu]Plaza Nagusian itsasontziak amarratzen dituen herriak itsasoari guztiz lotutako historia izan behar du.
1381etik hasita, Lekeitioko marinel ausartek haien lanbide‑interesen alde egiten dute San Pedro Arrantzale Kofradian elkarturik. Mendeetan zehar, orain dela gutxi arte, kofradiako etxezainak egunero idazten zuen zenbat arrain ekarri zuen ontzi bakoitzak iluntzeko enkante publikoan saltzeko. Saldutako partida guztien prezioak aintzat hartu, eta, ateratzen zen batez bestekoaren arabera ordaintzen zien patroiei biharamunean.
Baleak harrapatzeari dagokionez, Lekeition aurkitutako dokumentu zaharrenak XIV. mendearen amaierakoak dira. Garai hartan balearen mingaina saltzean ateratako etekinaren bi heren moilak zaharberritzeko erabiltzen ziren, eta hirugarren herena, berriz, parrokia‑elizaren mantentze‑lanetarako. 1468an jada Lekeitioko portuak ondo tresnatutako moilak zituen. Urte hartako aktetan jasota dago balea handi bat harrapatu zutela San Nikolas uhartearen inguruetan.
1450ean, 200 tonako bi ontzi tresnatu zituzten Lekeitioko ontzioletan, Frantziaren eta Portugalen aurkako gerretara bidaltzeko. Lekeitioko ontziek Hondarribiko eta Donostiako biztanleei lagundu zieten, frantsesek setiatu baitzituzten bi hiri horiek. Antzinako dokumentuek adierazten dute Lekeitioko ontzi eta marinel batzuk Armada Garaiezinean sartu zirela, eta Trafalgarko eta Otrantoko batailetan parte hartu zutela, Otomandar Inperioaren ontzidia suntsitzen laguntzeko.
Geografía General del País Vasco‑Navarro liburuan, Carmelo Echegarayk gogora ekartzen digu 1550ean Lekeitiok 53 itsasontzi zituela, eta ontzi bakoitzean dozena erdi marinel; urte gutxi batzuk geroago, ontziek tona‑kopuru handiagoa zuten eta tripulazioak bikoiztu egin ziren. Lekeition badago atun‑arrantzaren kluba, udaro zaletuentzako txapelketak antolatzen dituena. Zaletu horiek eta herriko arrantzaleek irizten diote Sagustan badia (Lekeitio eta Ondarroa artean) oso egokia dela bisiguaren eta beste espezi batzuen artisau‑arrantzarako. Eguraldiaren iragarpenik ia ez zegoenean, herriko arrantzaleek bazuten talaiaria, talaian eseri eta zeruertza begiztatzeaz eta itsasoaren egoera aztertzeaz arduratzen zena.
Itsasoratu baino lehen, eguraldiari buruz eztabaidan jarduten zuten, eta haien iritziak bat ez bazetozen, atabaka erabiltzen zuten. Kaxa txiki bat zen, bi atal zituena, eta tapak ere bi zulo zituen, batean itsasontzi bat margotuta, bestean etxe bat. Isilpeko bozketan talaiariak eta patroiek bolatxo bana sartzen zuten zuloetako batean, eta gero kontaketa egiten zuten. Harritzekoa bada ere, etxea margotuta zuen atalean bolatxo gehiago agertuz gero, ontziak itsasora joaten ziren.
Zerua garbi eta itsasoa bare egonez gero, ez zuten eztabaidarik egiten, goizean goiz‑goiz talaiariak abisua ematen zien dei egitekoei. Dei egiteko ardura zuten emakumeek atalondotik hots egiten zieten patroiei eta marinelei, banan‑banan, haiek izenak esanez.
Herria
[aldatu]Lekeitio dotorea da, atsegina, eta oso ondo ematen du argazkietan. Portu seguruaren aurrean dagoen badiara ibai txiki bat iristen da: Lea ibaia, hareatza bitan banatzen duena. Herrikoen hondartza Isuntza da, Uribarrengo lorategien eta elizaren parean dagoena. Learen eskuinaldeko hondartza Karraspio da, kosmopolitagoa, eta bainatzeko gomendagarriagoa. Hara iristeko, Ondarroarako bidetik joan daitezke ibilgailuak, eta, itsasbeheran, Isuntzako hondartzatik barrena ere joan gaitezke oinez.
Itsasoaren erasoari aurre egiten dion bastioi naturala Garraitz edo San Nikolas uhartea da. Han ez da inor bizi; harritsua da, eta alde batean pinuz estalia. Garai batean, eritasun kutsagarriak zituzten gaixoentzako ospitalea zegoen han, eta frantziskotarren monasterioa ere bai; gaur egun, haren zimenduak ikusten dira.
Herriko historiak kontatzen digu 1578ko epidemia gastrikoa desagerrarazteko bederatzi hilabete behar izan zituztela. Gaixoak San Nikolas uhartera eramaten zituzten, eta Udalak Domingo Likona txistularia bidaltzen zuen hara, animoari goian eusteko. Lan hori egitegatik kobrezko 8 erreal eman zizkioten.
Gaur Lekeitiori osasuna dario. Bi alderdi dituen udalerria da: neguan barnerakoia da, bertako eta antzinako estiloa du; uda iristen denean, ordea, herri ireki eta parrandazale bihurtzen da, haren 7.000 biztanleak bikoiztu egiten dira, udatiarrak eta turistak iristen baitira, Isabel II.aren eta Zita enperatrizaren antzera. Zitak, Austriako Karlosen alargunak, tronua galdu zuen Lehenengo Mundu Gerran, eta Lekeition harrera beroa egin zioten.
Antzinako Lekeitiori dagokion hirigunea txikia denez, ibilbidea oinez egiteko modukoa da. Gogoko izango dituzu, batez ere:
- Eraikin batzuen itxura: Etxezabal etxea; Uriarte, Abaroa eta Uribarren jauregiak; eta Urkizako Erdi Aroko dorretxea.
- On Telloren etxea eta haren armarri zoragarria ez ahaztu.
- Zaldundegi.
- Santo Domingo komentua (hango mojek San Pedroren belarrak ematen zizkieten arrantzaleei, sorginak uxatzeko).
- Arranegiko iturria.
- San Joan Teleko ermita.
- Jesuiten eskola ohia.
Arranegi kalean, Atxabal kalearen kantoian, eraikin eder bat dago; izkinako armarria du, eta idazkun bat, harrotasunez hau dioena: Estas casas son para capellanes de Oxinaga (etxe hauek Oxinagako kapilauentzat dira).
Plaza Nagusian harlanduz egindako Udaletxea dago, XVIII. mendearen erdialdean eraikia. Jakin badakigu kontzeju itxiak egiten hasi aurretik edilak eta herriko indar biziak biltzen zirela elizaren ondoko hilerrian zegoen adaburu handiko hagin baten gerizpean.
Santa Maria Basilika
[aldatu]Santa Maria Basilikak aparteko atala merezi du. XV. mendean egindako basilikako eraikuntza‑lanetan tradizio gotikoa ageri da, baina haren aurretik eraikin erromaniko bat zegoen.
Delmas, Lecanda eta Echegaray bat datoz Santa Maria Basilikari buruzko iritzietan: Jaurerriko eraikin gotiko perfektuena da. Hiru nabe ditu eta erdikoa altuagoa da; kanpotik arbotanteak, gargolak eta pinakuluak ditu apaingarri, eta barrutik triforio bat, karel zulodunak dituena.
Portada zorrotz txaranbeldua du, tinpano angrelatua, eta mainel bat, Ama Birjinaren estatuarekin. Hareharrizko portadaren inguruan ageri dira aingeru musikarien irudi txikiekin apaindutako arraba landua eta goialdeko friso horizontala, kalbarioa eta hamabi apostoluen irudiak dituena. Dorre barrokoa, aitzitik, kareharri grisez eraiki zuten 1737an.
Erretaula nagusiak egundoko balioa du. 1508ko filigrana gotikoa da eta haren konposizioa eta polikromia oso landuak daude. Taula bakoitzak Mariaren edo Kristoren bizitzaren eszena bat adierazten du, hori guztia errezel fin urreztatu baten azpian muntatuta. Patriarken eta dohatsuen hainbat irudik osatzen dute bitxi paregabe hori.
Antiguako Andra Maria —estilo erromanikoko ikonoa— alboko aldare batean dago, elizaren girolan. Loreak ez zaizkio inoiz falta, Lekeitioko zaindaria baita.
Gotiko flamigeroko beste erretaula eta irudi batzuk ere badaude, baita hilobi‑laudak, kantu‑liburuak eta beste arte‑objektuak ere, alboko kaperan ikusgai.
Kanpandorrearen oinarrian badago eskultura abangoardista bat, Resurreccion Maria Azkueri eskainia. Izan ere, Lekeitiar ospetsu hura lexikografoa, folklorista, gramatikaria eta euskal kulturaren patriarketako bat izan zen.
Paseoak
[aldatu]Lekeition egingo dugun paseoan, etxeetako begiratokien multzo armoniatsu eta koloretsuak ikusiko ditugu, eguzkiak berotuta, portuko uretan islaturik... gero olatu‑horma, eta itsaslabarretan barrena joango gara Santa Katalina itsasargiraino.
Beste ibilbide bat izan daiteke Uribarrengo lorategietan paseoa egitea. Garai batean Zita enperatrizaren jauregiko sailak ziren; gaur egun, berriz, errepidearen eta hondartzaren arteko lorez betetako tartea. Handik ikus dezakegu Isuntzako hondartzako harkaitz antropomorfikoa: aittitta makurra da; hura ezagutzen duena lekeitiartzat hartzeko modukoa da.
Isuntzako zubi begibakarretik aurrera joan gaitezke Karraspio hondartzaraino. Hantxe hasten da Euskal Herriko eukalipto‑sailik handiena, eta datu horrek Bizkaiko ekialdeko itsasaldearen klima gozoaren berri ematen digu.
Argazkilaritza maite dutenei aholku bat emango diegu: Atea portalera hurbildu (harresiak izan zituen zazpi ateetako bat) eta, kalbarioko gurutzeak erreferentziatzat hartuta, Lumentza mendira igo, hiribilduaren bista paregabeez gozatzeko. Mendi horren bihotzean Madeleine aldiko aztarnategiak aurkitu zituzten.
Hirigunean, baina Ispaster udalerrian, Zubieta jauregia dago, XVIII. mendean eraikia estilo barroko churriguereskoan. Adan de Yarza familia ospetsuaren etxea eta lurrak.
Lur haietan badira laborantzak, Versaillesko gustuaren araberako lorategiak eta ontziraleku partikularra Leako itsasadarrean. Gainera, Zubietako sailetan dago duela mende bat baino gehiago Mario Adan de Yarza politikoak Monterreytik ekarritako lehendabiziko insignis pinua (pinus radiata).
Ibilaldiak eta txangoak
[aldatu]Ispasterrera txangoa
[aldatu]Gernikarako bidea hartu eta 4 km egin ostean Ispasterrera iritsiko gara (itsas bazter toponimoaren deformazioa)
Ispasterreko baserriak sakabanatuta daude. Herrigunean eliza, udaletxea eta etxe batzuk soilik daude; haien erdian, berriz, plaza, iturri publikoa eta ehun urtetik gorako haritza. Haritz horren perimetroan harrizko eserlekua dago, hogeita hamar pertsona inguru esertzeko modukoa.
San Miguel parrokia‑elizak elizpe rustikoa du inguruan; erretaula nagusia barrokoa da eta Andra Mariaren irudia, berriz, gotikoa. Udaletxeak harri‑hormak ditu, eskantzuak eta bao inguruak harlanduz eginak. Fatxadako idazkunean hau jartzen du:
(Ispasterko udaletxea, 1813an Bizkaiko boluntarioentzako ospitale militar bezala erabilia. Horregatik erre zuten frantsesek, eta 1817an berreraiki zen.)
Plazatik ikusten da Arana jauregia; ezkaratz handi eta irekia du, karpanel‑arkukoa, eta alboetan bi dorre.
Pinuen eta eukaliptoen artean aurrera egiten duen mendi‑bide eskas samar batean 3 km egin eta hondartza basati batera iritsiko gara: Ogella hondartzara, hain zuzen. Harkaitz gehiago du harea baino, eta itsaspeko arrantzarako oso egokia da.
Gernika aldera kilometro pare bat eginda, San Martinera iritsiko gara. Baserri‑giroko ingurua, ermita eta zelaia aurkituko ditugu, eta haize‑errota ere badago.
Leagira eta Mendexara ibilaldia
[aldatu]Lekeitiotik oso gertu Leagi auzoa dago. Auzo hori lehen aipatutako izurritearen ondorioz sortu zen, lekeitiar batzuk hara joan baitziren bizitzera. Auzo txikia bada ere, aipatzekoa da Leagi dorretxea; fatxadako armarriak haren garrantzia adierazten du.
Jarrai diezaiogun bideari Mendexa baserri‑auzoa bisitatzeko. Garai batean, Mendexa leinua zen inguru horren jabe.
San Pedro eliza XVI. mendekoa da, eta haren inguruan daude auzoko baserriak. Zelaian harrizko gurutzadura dago, udalerrien arteko mugetan jartzen ziren haietakoa. Bai bista ederrak!
Festak
[aldatu]Ekainak 29. San Pedro apostoluaren eguna. Arrantzaleen egun handia. 10:30etako Meza Nagusia amaitzean kilinkala hasten da. Kilinkariek San Pedroren irudia prozesioan eramaten dute, eta, kaiaren ertzean, santua zakarki makurtzen dute behin eta berriz. Mugimendu horiei kilinkak esaten diete, eta arrantzale‑kofradiaren patroiak itsasoko urari emandako bedeinkapentzat hartzen dituzte.
1947an kilinkariak baldar samar ibili ziren eta San Pedro uretara erori zen. Urte hartan hegaluzearen arrantza‑aldia bikaina izan zen, eta oparotasun hura santuaren urperatzeari egotzi zioten.
Tradizioari eutsiz, kaxarranka dantzatzen dute. Oso antzinako gremio‑dantza da: 8 arrantzalek daramaten kutxa baten gainean dantza egiten du dantzari batek.
Irailaren 2tik 8ra ospatzen dira San Antolinen eta Antiguako Ama Birjinaren omenezko jai nagusiak, eta udalerria zarataz betetzen da. Antzaren festa polemikoa ere egun horietan egiten dute.
Festa‑egun horietan itsasontziak portuan egoten dira, distiratsu eta dotore.
Ea
[aldatu]Ibarrangelu eta Ispaster artean ezkutaturik dago Ea.
Ohar historikoak
[aldatu]Eako udalerriak mende baten antzinatasuna baino zertxobait gehiago du. Hainbat elizate bata bestearen segidan elkartzearen ondorioz sortu zen; horrenbestez, arrantzale‑gune txiki‑txiki bat zena udalerriaren hirigune bihurtu zen, eta 1884an erabaki zuten Ea izen ofiziala hartzea (etimologoen iritziz, «ihitoki» esan nahi du. 1492ko dokumentu batean jada Heam izena ageri da.
Halaber, jakin badakigu atunaren, legatzaren, sardinaren eta bisiguaren arrantzan aritzen zirela earrak.
1637an, Frantziako armadaren erasoen beldur, Bizkaiko Jaurerriak lurraldeko portuak zaintzeari ekin zion. Ean zortzi zaintzaile jarri zituzten, eta egunean kobrezko bi erreal ordaintzen zizkieten. Urte pare bat geroago, zaintzaile‑taldeak handiagotu zituzten, eta barrualdeko foru‑miliziak kostako leku jakinetara joan behar zutela erabaki zuten. Banaketa hori aintzat hartuta, Bedaronan, Kortezubin, Ereñon, eta Natxituan errekrutatuak Eara bidali zituzten.
Portua eta ibaia
[aldatu]Eako portu lasaia Argin ibaiaren bokalearen eskuinaldean ahokatuta dago. Dena dela, ibai txiki horri Ea esaten dio jendeak. Metro batzuk aurrerago ibaiak itsasoarekin bat egiten du itsaslabarraren aho batean.
Portuak oso sakonera txikia du; horrenbestez, han ertzeratu ohi diren dozena erdi txalupa motordunak itsasgoran soilik sar edo atera daitezke. Itsasbeheran, hondartza txiki bat geratzen da; han jolasten dira haurrak, haien amak eguzkia hartzen duten bitartean, kaia solarium bihurturik. Hortaz, Ean ez dago arrantza‑flotarik aspaldiko urteetan.
Itsasadarraren ondoko zulo batean hezur fosilak aurkitu zituzten duela mende erdi bat. Paleontologoek katalogatutakoaren arabera, equus cabalus fossilis dira, pleistozeno garaikoak edo kuaternariokoak.
Biztanleak
[aldatu]Ur‑xirripa estu‑estuari itsasadarra esaten diote hanpaduraz eta herrigunearen ardatz dute. Harriz egindako karpanel‑arkuko bi zubi lirainek batzen dituzte bi ibaiertzak, eta modernoago batzuk ere badaude.
Ibaiaren ibilguarekin paraleloan daude Eako bi kale garrantzitsuenak: ezkerraldean Aritza Kalea eta eskuinaldean Kale Barria. Biak estuak dira, eta hondartzara garamatzate, hura ikusteko irrikaz.
Eako kaleetan ibiliz, hango etxeetako ateburuan zizelkatutako edo pintatutako izenak hartu ditugu: Artabilla, Urtubia (1774) Bidegane, Abaitua, Zabala (1867) Etxe aundi, Mostonekua, Sagarbarri, Ezkerrenekoa, Arritzola...
San Joan Bataiatzailea parrokia‑elizak dorre karratua du eta 1550ean eraiki zuten. San Joanen irudi interesgarriak ditu, betiko arkumetxoa lagun, eta Ama Birjina Sortzez Garbiarenak ere bai. Erretaula esku trebeek egina da. Udaletxea (Herriko Etxea) itxura oneko eraikin neoklasikoa da. Bien artean pasatzen da Gernikarako bidea. Zubiaren ondoan beste eliza bat dago, Jesusena esaten diotena; elizpe rustikoa du inguruan, eta goian kanpai‑horma barrokoa.
Herrigunea ibar estuan harrapatuta dago, eta sorpresa atseginak ditu bisitarientzat: atzean hondartza txiki‑txiki bat, familiarra; dama‑joko taula bizia, arrapala leunean; haren atzealdean pilotalekua eta eskuinaldean polikiroldegi berri eta dotorea; itsasadarraren bokalea; lehen deskribatutako portu txikia; eta etxe berezi bat —Beletxe— arrantza‑ontzien belak jasotzeko erabiltzen zutena, toponimia‑izenak adierazi bezala. Gustu ona izan dute zaharberritze‑lanak egiteko.
Ibilaldia Talako Ama ermitaraino egitea gomendatzen dugu (Sortzez Garbiaren ermita ere esaten diote) eta Eako talaiara igotzea; handik begiratzea atsegina izango da.
Ibilaldiak eta txangoak
[aldatu]Bedaronara eta Eako muturrera txangoa
[aldatu]Bedarona auzo bitxia da, hara iristeko 3 km‑ko bidea dago, Eako herrigunetik hasi eta etengabe gora egiten duena, San Pedro eliza —garai bateko eremitorioa— dagoen lekuraino iritsi arte. Inguruan dira pilotan jokatzeko lekua, plaza txiki bat, merenderoa, baserriak, eta txalet garbi eta zainduak. Hori guztia Kantauri itsasora begira dagoen muino baten gainean, insignis pinuek osatutako errezel klasikoa tartean dela.
Antonio Adan de Yarza, familia ospetsuko kidea, toki horretako ugazaba izan zen.
Beste pixka bat ibiltzeak merezi du; hartara, Eako muturrera iritsi eta itsasaldeko zeruertzei begira liluraturik geratuko gara. Itzultzeko, Ispasterretik kilometro gutxitara eskualde‑errepidearekin bat egiten duen bidea har dezakegu.
Natxituara ibilaldia
[aldatu]Natxitua baserri‑auzoa 4 km‑tara dago, Andra Mariaren Jaiotzari eskainitako elizaren inguruan. Elizak arkupe bikaina dauka; eraikina XV. mendean egin zuten, Natxitua udalerria zenean eta Ea auzo. Lekuaren izena “Natividad” hitzaren deformazio da, euskararen kutsua duena. Gastronomoen iritziz (izan ere, gure Euskal Herrian gastronomo ugari ditugu) Natxituako babarrun gorriak Bizkaiko gozoenak omen dira. Ibilaldia itsaslabarreraino jarraitzeko gomendioa ematen dugu, handik egundoko bistak ikus baitaitezke.
Festak
[aldatu]- Eako festak San Joan Bataiatzailearen omenez ospatzen dira.
- Gainera, udatiarren festa ospatzen dute abuztuaren azken asteburuan, eta sokamuturra da ikuskizun apartena.
Elantxobe
[aldatu]Berri historikoak
[aldatu]Udalerri bezala egindako ibilbideari erreparatuta, Elantxoberen historia laburra da, 1854 arte Ibarrangeluko auzo izan baitzen. Elantxobe toponimoa El Ancho hitzetatik dator. Izan ere, izen hori eman zioten baserri‑multzo txiki bati, eta hango biztanleak arrantzara jaisten ziren orain portua dagoen lekura. Horrenbestez, etimologikoki, El‑antxo‑be hitzak esan nahi du «El Ancho azpiko auzoa».
Herri xarmagarri honen lehen biztanleak Ibarrangeluko marinel eta arrantzaleak ziren, Ogoño lurmuturrean ainguratuta zituzten itsasontziengandik gertuago bizi nahi zutenak.
Elantxobe pixkanaka hazi egin zen, eta XVIII. mendearen erdialdean hiribilduen itxura zuen. Hala ere, 1854 arte ez zen udalerri bihurtu, eta ordu arte ez zuen izan Gernikako Batzar Nagusietan hitz egiteko ezta botorik emateko eskubiderik.
Ogoño lurmuturraren eta Lekeitioko Santa Katalinaren artean itsasertzak atzera egiten duenez, zingo handiko itsasontziak ainguratzeko toki segurua da.
Bertakoek portua nahi zuten eta 1783an ekin zioten eraikuntza‑lanei, 33.000 dukateko aurrekontuarekin, Bilboko moja kontzepzionistek emandako maileguari esker.
Ogoño lurmuturraren kareharrizko oinarrian —alegia, ia zuzen‑zuzen itsasoan sartzen den oinarri horretan— hasten dira moilak. Portu harrigarria da, ipar‑mendebaldeko haizeak jotzen duenean babesean geratzen dena.
1547an elantxobetarren arbasoek bi balea harrapatu zituzten, bermeotarrek legez kontra kendu zizkietenak, eta oso auzi luzea izan zuten. Antzina‑antzinatik iritzi diote Elantxobeko itsasertzeko Sosotxu, Santa Mero eta Sakristana Banku senaiak oso egokiak direla arraiak harrapatzeko; Bara eta Kala Faltso gadidoak harrapatzeko (besteak beste legatza, estimazio handia duena); eta Kala Burgos, berriz, pertzideoak harrapatzeko (haien artean ezagunena meroa da).
1770ean Elantxobek zazpi kabotaje‑ontzi txiki zituen, haietatik sei Ibarrangeluko armadoreenak.
Bizkaiko Jaurerriko agintarien erabakiz, 1703an bi talaia jarri zituzten Ogoñon. Urte batzuk lehenago, Ingalaterrako Cronwellen armadaren erasoa aurreikusita, defentsa sendotu zuten 25 fusil eta bolbora lehorrez betetako barril batekin. Haietaz eta lehendik zeukaten 9 librako kanoiaz baliatuta suntsitu zituzten britaniarrak, baita Ogoñoko itsaslabarreko haitzuloetan bizi ziren sorginak ere, eta haiei buruz hitz egin ohi da gaur egun ere.
Biztanleak
[aldatu]Elantxobeko herrigune koloretsua oso tipikoa da. Portua eraiki zuten unetik gaurko itxura hartu zuen herriak.
Hirigintzari erreparatuta, Euskal Herriko kostaldeko herri bitxiena eta ausartena da. Moiletan bertan hasten da herria. Arrantzaleen etxebizitza xumeak dira, bi isurialdeko teilatuak dituztenak, eta ahal bezala heltzen diote mendialdeko pareta pikoari. Bata bestearen atzetik, gora eta gora egiten dute, irudi liluragarria osatuz. Mailen arteko desberdintasuna hain handia denez, kale txiki horietako batzuk eskailerak dituzte biztanleak ibiltzeko.
Goialdean, zorioneko plataforma batean, San Nikolas parrokia‑eliza dago, 1803an egina eta Elantxobeko arrantzale‑kofradiak ordaindua. Elizan erretaula barroko bat daukate, Gipuzkoako Arantzazuko santutegian egon zena 1834ko sutearen aurretik.
Francisco de Arechavalak Elantxobeko etxeen deskribapen hau egin zuen Aires del Norte liburuan:
(Lehenengoaren teilatua amaitzen den lekuan, bigarrena ausartu da, altxa ditu zimenduak. Eta nonahi eta nolanahi nahaspilatuta, artaldea dirudite gailurrerako bidea hartuta.)
Herriaren panoramika ezezagunena da itsasotik begiratzean ikusten dena. Baina, gutxienez, goitik begiratuta ikusteko gomendioa egiten dugu; esate baterako, aparkalekuaren ingurutik. Ondoren, portura oinez jaitsi gaitezke, edota, nahi izanez gero, kotxeentzako bidea ere badago.
Ibilaldiak eta txangoak
[aldatu]Ibarrangelura eta Lagara txangoa
[aldatu]Gernikarako bidea hartuta, laster iritsiko gara Ibarrangelura. Bostehun bat biztanleko herria da, haietatik asko marinelak, etxezainak edo pilotuak dira, edo izan ziren, eta Bizkaiko kostaldeko bazter zoragarri hori aukeratu dute bizitzeko. Bide batez aipatu arrantza‑sareak egiteko lantegi garrantzitsu bat zegoela Ibarrangelun.
San Andres parrokia‑eliza XVI. mende emankorrean egindako eraikina da. Erretaula churrigueresko urreztatua du, eta Mateo Inurria eskultorearen Mater Dolorosa. Gainera, oso eliz atari bitxia du.
Bertakoen gomendioa da Akordara bisita egitea, 3 km‑ko asfalto‑bidean gora joanda. Baserri‑auzoa da; Santa Engrazia eliza ere han dago, eta haren barnean Santa Urtsularen irudia, antzinako itxura duena. Atseden hartzeko eta paisaiaz gozatzeko leku aproposa da, eta ezkerreko bidea hartu eta San Pedro Atxerre ermitara (alegia, Atxerre mendiaren gailurrean dagoen ermitara) joatea ere lasaigarria eta atsegingarria da.
Laga hondartza ederrean sartu‑irten osasungarri bat egitea ere gure esku daukagu. Ibarrangeluko udalerrian dago, Ogoño lurmuturraren ondo‑ondoan; harkaitzak eta pinuak ditu alderdi batean, baita iturriak, jatetxea, taberna, eta parking handi bat ere. Zerua garbi badago, itsas zabalean Bermeoko La Gaviota gas natural plataforma ikus daiteke.
Ibarrangeluko beste hondartza Laida da, Mundaka itsasadarraren eskuinaldean dagoena. Egundoko bistak ditu: padurak, Mundaka (itsasadarraren bestaldean) eta Izaro uhartea. Kanturi itsasertz guztian, itsaslasterren eraginez, ibai‑ahoen ekialdean sortutako hondartzak zabalagoak dira. Halaxe gertatzen da Laidan.
Festak
[aldatu]Elantxobeko jai nagusiak ekainaren 29an —San Pedro egunean— ospatzen dituzte.
Ibarrangelukoak, berriz, Corpus Christi egunean izan ohi dira.
San Joan bezperan su handi bat egiten dute Laga hondartzan.
Uztailaren 22an —Maria Magdalena egunean— Elantxobek bozkario handiz hartzen du Bermeoko itsasontzien segizioa. Bermeotarrak, Izaro uhartea haiena dela handikiro aldarrikatu ostean, portu horretan lehorreratzen dira, bertakoekin zenbait ordu eta hainbat zurrutada egiteko. Elantxoben kanpotar gehien izaten den eguna da, hain zuzen ere.
Mundaka
[aldatu]Historia‑oharrak
[aldatu]Bizkaiko elizate zaharrena da Mundaka, horregatik zuen lehenengo botoa eta lehengo jarlekua Jaurerriko Batzar Nagusietan. Mundakaren izenari buruzko hipotesiei erreparatuz, autore batzuk irizten diote latineko Munda Aqua (ur garbia) duela iturburu. Inperioko erromatarrak, itsasgizon adituak, itsasadarrean gora egitea eta gaur egun Mundaka den lekua aurkitzea eta okupatzea ez da oso harritzekoa.
Aspaldi‑aspaldiko erregistroetan Munaka izena ageri da; hain zuzen ere, 1051n, Iñigo Lopez Ezkerrak, Bizkaiko lehen jaunak, San Millan de la Cogolla monasterioari Santa Maria eliza eman zionean, Munaka aipatu zuten agiri haietan.
Halaber, Mundakako dorretxetik erreskatatutako agiri baliotsuetan Munaka esaten zioten herriari. Dorretxe hura Butron Jaunak suntsitu zuen 1446an, bandoen arteko borrokan dorretxearen jabearekin (Rui Sancho de Munakarekin, alegia) izandako gorabeheren ondorioz.
Itsasadarra
[aldatu]Matxitxako lurmuturretik atzera egiten du itsasertzak eta Kantauri itsasoan golko bat eratzen da. Golko horretan dago Mundaka eta han itsasoratzen da bokalea. Gernikako itsasadarra ere esaten diote; izan ere, euskal herritarren zuhaitz ospetsuaren hiriraino iristen zen garai batean mareen eragina. 16 km ditu ibai‑bokaleak; zeharka‑meharka egiten duen ibilbidea askoz ere luzeagoa da lur‑eremua baino, bihurgune ederrak baititu: Forua, Kortezubi, Arteaga, Murueta eta Kanala.
Padura zabalak daude Mundakako itsasadarrean, flora eta fauna aberats eta askotarikoaren gordeleku. Migrazio‑hegaztiek padura horietan babesleku bikaina dute, eta haien hegaldi harrigarriak urtez urte errepikatzen dira.
Kokalekua, klima, biotopo bereizgarriak eta habitataren berezko aberastasunak direla‑eta, gure lurralde kaltetu honetako paradisu bakan horietako bat dugu Mundakako ibai‑bokalea. Paradisu hori andeatu ez denez, gero eta handiagoa da eta haren forma etengabe aldatzen da, alubioien eta itsasoko harearen metaketaren eraginez. Bestalde, jalkitze horien ondorioz, nabigazioa gero eta zailagoa da ibai‑bokalean.
Portua
[aldatu]Mundakako portuak turismo‑gidaliburu batean irudiak jartzearren muntatutako maketa baten antza du. Moiletan itsasontzi bakar batzuk daude, artisau‑arrantzan ofizialki aritzen direnak, Gainera, arrantzale erretiratuen txalupa motordunak ere badaude. Datuak alderatzeko, aipatuko dugu duela mende bat Mundakako 90 arrantzale itsasoratzen zirela 5 arrantza‑ontzitan, beste 32 biztanle aritzen zirela amuak egiten, beste 5 saskigileak zirela, eta dozena erdi bat saregile ere bazeudela.
1790ean berriz, Bilboko kontsulatuak emandako datuen arabera, bazeuden 50 tonako 59 itsasontzi; hondo laua zuten, gilarik ez, popa borobila eta bular garbia, bi masta zituzten eta belak. Merkataritza zuten bizibide; hau da, kabotajean aritzen ziren Iberiar penintsulan eta Frantzian, eta Mantxako kanala zeharkatzera ere ausartu ziren Ingalaterrak guda galdu zuenean.
Itsasontzi haien ezaugarriak zirela eta, larri ibiltzen ziren itsasoan; horregatik, negu guztia Arketas senai naturalean —Laida hondartzaren ondoan— ainguratuta egoten ziren.
Mundakara sartzeko kanala oztopo handia izan da beti, eta gaur egun ere hala da. Metatutako hareak sarbidea eragozten du, eta uraren sakonera gero eta eskasagoa da.
Garai batean, barra hori irekita bazegon (alegia, zeharkatzeko moduan bazegon) talaiariak bi su pizten zituen Betrokolo gainean; aitzitik, zailtasuna edo arriskua ikusiz gero, su bakarra pizten zuen, eta txalupak Bermeora edo Elantxobera joan behar izaten zuten.
Marinel tradizioa
[aldatu]Itsasgizonen bitartez, Mundakak harremanak izan zituen Ekialde Urrunarekin, Mexikorekin eta Britainia Handiarekin. Beste herrialde batzuetan jaiotako ezkontide eta/edo seme‑alabak dituzte marinel batzuek, eta haiek ere Mundakan bizi dira. Esate baterako, bitxia da Elvira Arizpe andrearen kasua: Liverpoolen jaio zen, orain dela ehun urte eta gehiago; haren aita josten aritzen zen Getarian, eta Ingalaterrara alde egin zuen, upel batean ezkutaturik, ideologia liberala aldarrikatzeagatik agintari karlistek jarritako izuna (12 alpargata pare) ez ordaintzeko. Liverpool portu‑hirian jarri zuen jostundegia, eta hara joaten ziren euskal itsasgizonak, galoiez eta metal‑hariz jositako uniforme dotoreak enkargatzera. Kapitan haietako bat, Teodoro Cirarda mundakarra, artisauaren alaba ederrarekin ezkondu zen, eta Mundakara etorri ziren. Mundakarrek Grany esaten diote, “amona” adierazteko ingelesezko txikigarria.
Petrolio‑ontziak, transatlantikoak, merkantzia‑ontzi handiak… altzairuzko erraldoiek itsasoa zeharkatzen dute, Mundakako itsasgizon ospetsuek gobernatuta, eta samintasunez oroitzen duten herri kutunaren parean doazela, sirena‑hotsak bidaltzen dituzte maitearentzat, etxekoentzat...
Florentino Larrinaga itsasgizon ekintzailea eta saiatua izan zen. Haren izena jarri diote Mundakako kale bati, XIX. mendearen azken herenean ospe handiko ontzi‑enpresa sortu eta zuzendu baitzuen, Larrinaga ontzi‑enpresa alegia.
Jose Manuel Etxeita, Larrinagaren ontzietako baten kapitaina eta haren herrikidea, gure aintzatespena merezi duen gizona da. Haren lanaren balioagatik, ontzi‑enpresa horretako ikuskari, Compañia de Tabacos de Filipinas enpresaren zuzendari eta Manilako alkate izan zen. Poeta erromantikoa izan zen; eta, hain urrun egonda ere, hiru liburu idatzi zituen euskaraz Filipinetan.
Surfa
[aldatu]Mundaka eta Mundakako itsasadarra Europan argitaratutako turismo‑liburuxken lehenengo orrialdeetan ageri dira, kirol berri samar baten eraginez: surfaz ari gara. Mundakaren orografiagatik, haizeagatik, eta olatu zehatz eta iraunkorrengatik, munduko lekurik onenetako bat da surfa egiteko. Atzerriko surflariak etorri ohi dira, eta haietako batzuk bizpahiru hilabete egiten dituzte bertako kanpinean.
Mundakako uretan nazioarteko surf lehiaketak egiten dira. Halaber, beste ur‑kirol batzuk ere gora egin dute (windsurfak, bela tradizionalak eta abarrek), haien kalitateari eta kantitateari erreparatuta; eta kolorearen eta gaztetasunaren kontrapuntua jartzen diote itsasgizon zaharrak paseoan ibiltzen diren txoko horri.
Mundakak nortasun euskaldun nabarmena badu ere, ezaugarri kosmopolitak eta harrera ona egiteko gaitasuna erraz nabari dira kale eta kalezulo estu eta irregularretan, terrazetan, pasealekuetan, eta gizarte‑bizitza handiko guneetan; batez ere asteburutan eta udan, bertako mila eta bostehun biztanleak elkarren kontra estutzen direnean, beste zortzi mila lilura daitezen, hainbesteko edertasuna ikusita.
Kale nagusi tipikoetan ez bezala, zeruertza garbi ikusten da Txorrokopuntan, portuan, eta Talaia parkean (elizaren eta haren albo‑paretan frontisa duen pilotalekuaren ondoan dagoen parkean, alegia).
Itsaslabarraren ertzean Santa Maria eliza dago, XVI. mendekoa. Garai hartako ganga nerbiodunak ditu; aitzitik, aldareak modernoak dira, baita 1896an eraikitako dorre neogotiko zorrotza ere.
Talaia parke zainduaren izkina bat, izenak adierazi bezala, itsasoari eta portu zaharrari begira dago. Bihotzeko portu zaharra, igerileku irekia eta doakoa ur garbietan pulunpatzea gustuko dutenentzat. Mundakako Arraun Elkarteak hortxe dauka egoitza soziala, baita Sociedad Fraternidad Mundaquesa elkarteak ere. Herriko itsas merkatariek sortu zuten elkarte hori 1856an, eguneroko aisialdiaz elkarrekin gozatzeko, eta bertakoek kasinoa esaten diote. Kasinoaren eraikinak harmailadi bikoitza du kanpoaldean, eta egurrezko begiratoki irtena, zuriz margotua, erregimentu bat ezpian hartzeko moduko hegal ausarta duena. Begiratoki horretatik ikusten zituzten agintariek eta elkartekideek sanpedrotako lau nobilladak, garai batean hain ospetsuak zirenak.
Udaletxea XIX. mendeko eraikin handi bat da. Arkupeak ditu, karel zulodunez egindako balkoi bitxien azpian, eta erlojua eta kariloia erdiko dorretxoan. Kapitulu‑gela ederra da; beheko sua eta guzti, Carrarako marmolaz egina. Juan Bautista Longaren eta Florentino Larrinagaren bustoak daude gelaren aurrealdean; izan ere, Mundakako gizon ospetsu horiek ordaindu zuten herriak hain premiazkoa zuen udaletxea, 1812an ingelesen Surbillant fragataren kanoikadek suntsitu baitzuen lehengo eraikina.
Kaleetan ibiliko gara, hirigunea osatzen duten arkitektura‑estiloen nahasketa ikusteko. Dozena erdi bat etxek armarria dute; eta, armarrietan, hainbat hitz: Gametxo, Zubia, Uriarte, Baquera, Simitur. Azken etxe hori euskal barroko neurritsuari dagokio, eta haren aurrean amaiera‑gurutzea edo kontzepzio‑gurutzadura dago.
Ibilaldiak eta txangoak
[aldatu]Mundakako panoramikak guztiz zirraragarriak dira, zalantzarik gabe. Txundituta geratu nahi dutenei, honako iradokizun hauek egingo dizkiegu:
Santa Katalinara ibilaldia
[aldatu]Itsaslabarraren irtengunean dagoen belardia da Santa Katalina, eta ermitak ere izen berdina du. Eraikina zenbait aldiz berritu badute ere, hasierako estilo gotikoaren ezaugarriak antzematen zaizkio. Haren barruan ofrenda bat ikusten da: bela‑ontzi bat, eskala txikian xarmanki muntatua, eta bi maskor erraldoi, kapitain batek Filipinetatik ekarriak, ur bedeinkatuarentzako ontzi bezala erabiltzen dituztenak.
Mendeetan, herriko marinelak ermitan biltzen ziren urtero, azaroaren 25ean, Santa Katalina egunean hain zuzen ere, etxezaina, kontularia, epaileak, ultramanak eta talaiariak aukeratzeko.
Paraje horri begira esan dezakegu Jainko sortzaileak pintzelkada bikainak eman zituela Euskal Herrian.
Portuondoko begiratokira ibilaldia
[aldatu]Hirigunetik kilometro batera dago, Gernikarako bidea hartuta. Gure aurrean padurak, senaiak, ubidea, Laida hondartza, eta itsasadarra, itsasoan isil‑misilka hondoratzen dena. Sorollaren pintzela merezi duen paisaia!
Itsasadarreko zirkuitua
[aldatu]Sukarrieta
[aldatu]Gernikarako N‑6315 errepidea hartu eta 3 km‑ra dago Sukarrieta. Antzinako San Andres eliza harkaitzezko uhartetxo baten gainean eraiki zutenez, Sukarrieta toponimoa erabili zuten 300 biztanleko herri horri izena emateko.
Gaur egungo parrokia‑eliza 1787an eraiki zuten. Xumea da eta nabe bakarra du. Erretaula nagusiaren teilatupean Kalbario txiki eta baliotsu bat dauka, oso antzinako itxura duena.
San Antonio Paduakoa, saindu ezkontzagin gailenena, Sukarrietako parrokiako eliztarra izan zen, amaldeko amonaren etxean bizi izan baitzen bolada batean.
Sukarrieta bizitegi‑gune lasaia da, txaletek eta etxe dotoreek osatua. Sukarrietako hondartza bakartia eta Txatxarramendi uhartea, ereinotzez estalia (txapeldun preziatu oro bezala), herriaren etorkizun turistikoaren leit motiv dira. Txatxarramendi uhartea lehorrari lotuta dago zubi bati esker. Uharte txiki horretan Arrantzaren Zientzia eta Teknologia Institutua inauguratu zuten ofizialki 1987an; arrantza‑sektoreko ikerkuntza eta garapen teknologikoa dira erakundearen helburu.
Eraikin horren alboan, ontziraleku bitxi bat dago; eta, udara partean, gabarrak handik abiatzen dira Laida hondartzara.
Busturia
[aldatu]Ibaian gora, hurrengo udalerria Busturia da, Sollube mendiaren oinean. Busturiako Santa Maria eliza 1051ko pergamino‑paper horixketan aipatu zuten, Bizkaiko jaunak —Busturian bizi zenak— Arabako apezpikuari egindako dohaintzan. Halaber, Barcellos kondeak aipatzen du Erdi Aroko kondairetan.
Aipatzekoak dira parrokia‑elizako portada gotikoa eta udaletxearen izkina‑armarria. Errepidetik bertatik ikusten da Madariaga dorretxea, harlanduz egina. Amunategi familiak ordaindu zituen eraikuntza‑lanak.
Gernika
[aldatu]Inguratu asmo dugun itsasadarraren barnealdean, bisita dezagun omenaldi adeitsuan Gernika, martiritzat jotzen dena, 1937ko apirilaren 26an Alemaniako hegazkinek —Francoren aliatuek— bonbardatua.
Batzar Etxean euskaldunok ohoratzen dugu Gernikako haritza, gure askatasunen ikurra. Haren gerizpean biltzen ziren Bizkaiko hainbat merindade eta elizatetako ordezkariak. Hantxe, Lege Zaharrak ontzat hartuko zituztela zin egiten zuten, eta Gaztelako erregeek ere hala egin zuten.
Eraikinak estilo neoklasikoa du; Antonio Etxebarriak diseinatu zuen 1826an. Bi zutabe handiek eutsitako karrerapeak zuinkatzen du anfiteatroa, Bizkaiko Jaurerriko ordezkarien batzarlekua, gaur egun Batzar Nagusien bilgunea dena. Hantxe zegoen, garai batean, Antiguako Santa Maria zin‑eliza. Aretoaren gaineko beirate alegorikoa bikaina da.
Biltzar‑barrutitik metro gutxira, espaloi berean, Alegria Jauregia dago. Euskal barrokoko eraikina da, etxe‑egutera eta armarri bikaina dituena; Allende Salazar familiako ikertzaile, itsasgizon eta politikarien sortetxea.
Oso gertu dago Santa Maria eliza. Hiru mende iraun zuen haren eraikuntzak, eta lehen urteetako arrasto gotikoak antzematen zaizkio. Ogiba‑arkuko portada Lekeitiokoaren antzekoa da. Ikustekoa da Albiz leinuaren hilobia.
Gernikako ibarreko etxe gehientsuenak eraikuntza berriak dira, hogeita hamazazpiko hondamenaren ondorengoak.
Santimamiñe
[aldatu]Gernika bisitatu ostean, itsasadarraren eskuinaldean kokatu eta Lekeitiorako bidea hartuko dugu. Laugarren kilometroan, gutxi gora behera, kilometro pare bat desbideratu eta Santimamiñeko haitzuloekin liluratuta geratuko gara. Madeleine aldikoak dira eta labar‑pintura baliotsuak dituzte.
Hobiaren sarbidea Ereñozarre mendiaren behealdeko herenean dago. Hara joateko, Santimamiñe ermitaren ondotik pasako gara.
Santimamiñeren ezkerretara dagoen ibartxo lasaiak Oma izena du, eta benetan atsegina da han ibiltzea.
Kortezubi
[aldatu]Eskualde‑errepidera itzuli eta kostalderako norabidea hartuz gero Kortazubi elizatetik pasatuko gara; eta, horren ostean, tankera dotoreko beste herri batetik: Gautegiz‑Arteagatik, hain zuzen.
Santa Maria elizak barrualde gotikoari eutsi dio, kanpoaldea neoklasikoa izan arren. Ezkerraldean Arteaga gaztelua dago, inguruko zuhaiztiak ematen dion freskotasunean. Estilo neogotiko transpiriniarra du: Frantziako inperioko Couvrechet arkitektoak diseinatu zuen 1857an. Urtebete lehenago, diputazioak Frantziako inperioko Eugenio Luis printzea (Napoleon III.aren eta Eugenia de Montijoren semea) «jatorriz bizkaitar» izendatu zuen, enperatriza Arteagatarren ondorengo zelako. Frantziako lehen andreak, detaileagatik hunkituta, arbasoen Erdi Aroko dorretxea berritzea erabaki zuen; baina, eraikina hondatuta zegoenez, haren bi kubo soilik errespetatu zituzten, eta, zimenduen gainean gaur egungo château hori eraiki zuten. Arteagatarren armarria hesian eta gazteluaren dorrean jarrita dago. Poliki‑poliki, panoramikez gozatuz, ibaian behera egingo dugu, Kanala auzoaren barrena, baserrien lekuan udako etxean agertzen hasi direla ikusiz. Parrokia‑eliza ere ikusiko dugu, Legendikako Andra Mariari eskainia. Haren eliz ataria rustikoa da.
Itsaso zabalerantz 3 km egin ostean Laida hondartzara iritsiko gara, eta haren ondoan betiko zaindari beldurgabea: Izaro uhartea.
Festak
[aldatu]- Inauteriak. Uda parte guztian jai‑giroa badago ere, mundakarrak aratusteak edo inauteriak ospatzen dituzte.
Asko eta asko dira kirruz mozorrotu eta Gondra eta Egileor herrikideek konposatutako doinuak jotzen dituztenak.
- Ekainak 23 eta 24. San Joan jaiak. Suak nonahi.
- Ekainak 29. San Pedro arrantzalea gogoan, hainbat eta hainbat portutan bezala.
- Uztailak 22. Santa Maria Magdalena. Gazteek txangoa egiten dute Izaro uhartera; arratsalde erdian herritarrek, aspaldiko tirabirak ahaztuta, alai hartzen dute Bermeoko itsasontzien segizioa, agintariak buruan direla.
- Abuztuak 15. Andra Mari eguna, parrokiako jai nagusia. Festa‑eguna, udatiarren partaidetza aktiboa.
- Azaroak 25. Santa Katalina. Ermitan meza. Arrantzaleak ez dira itsasora joaten. Garai bateko tradizioa zen bisigua jatea, arrantzaleek oparitua. Azkenaldian, ordea, arrantza‑eskasia dela‑eta, profesionalek ere erosi egin behar, bisigua jango badute.
Bermeo
[aldatu]Historia‑oharrak
[aldatu]Bermeori buruzko lehen memoriak XI. mendekoak dira. San Juan de la Peña eta San Millan de la Cogolla monasterioei emandako dohaintza‑agiri banatan jasota daude.
Itsasoko giroan murgildutako udalerria dugu eta historiaz gainezka ageri zaigu. Lope Diaz Harokoak, Bizkaiko seigarren jaunak, hiribildu titulua eman zion Bermeori 1214an. Horrenbestez, Bizkaiko lehen hiribildua izan zen, eta Gernikako Batzar Nagusietan —14 km‑ra dagoen udalerri horretako Batzar Nagusietan— lehenengo jarlekua hartu zuen.
Bermeori emandako frankiziak berretsi zituzten ondorengo Bizkaiko jaunek 1282an, 1307an eta 1367an. Esteban Garibai historiagileak adierazi zuen Bermeoren aginpidea nabarmena zela eta Bermeoko ordezkaria Batzar Nagusietan sartzen zenean hango guztiak txapela kentzen zutela, adeitasuna adierazteko.
Antzinako dokumentuek Bizkaiko hiriburu bezala azaltzen dute Bermeo, eta han zegoen Jaurerriko epaile nagusiaren auzitegiaren egoitza. Bermeoren gainbehera eta Bilboren gorakada batera gertatu ziren. Sute izugarriek eta bandoen arteko erasoaldi kezkagarriek ere zerikusia izan zuten.
1476ko uztailaren 31n Fernando Katolikoak herriko Santa Eufemia zin‑elizan zin egin zuen Bermeoko erregaliei eutsiko ziela.
Arrantza‑tradizioa
[aldatu]Bermeoko armarriak balea harrapatzeko unea adierazten du: sei marinelek eragindako ontzi batetik botatzen diote arpoia. Rondeletek dioenez, Bermeoko etxe asko balea‑hezurren gainean zimendatuta daude.
Herriko arrantza‑tradizioa argi eta garbi ageri da Juan Ruizek —Hitako artzapezak— Erdi Aroan idatzitako Libro del Buen Amor liburuan (1343). Izan ere, otoruntza baten berri ematean, egileak hala dio: arenques et besugos vinieron de Bermeo (sardinzarrak eta bisiguak, Bermeotik ekarriak).
Antzinako garai haietan arrantzaleen, sardina‑saltzaileen eta errekardarien San Pedro Kofradia sortu zuten. Kofradia horrek eragin handia izan zuen Bermeoko gizartean, eta herrian bazuten denetik: botikaria, kanpai‑jotzailea, zirujaua, talaiaria, portuko garbitzaileak eta zaintzaileak, eguraldia adierazten zutenak, laino itsutan itsasertza adierazten zutenak, saltzaileak, idazkaria, kontulariak eta kontu‑salataria.
Urtero, San Martin egunean, azaroaren 10ean, batzar irekia egiten zuten Santa Marina ermitan, kofradiako kideei emaitza ekonomikoak jakinarazteko. Halaber, araudi berriak onesten zituzten, egoki irudituz gero. Batzuetan araudi horiek oso zorrotzak ziren: que ningún cofrade ni vecino de Bermeo ni de los que de fuera llegasen a pescar, saliesen a la pesca y sardineo en las fiestas é días santos bajo la pena de 200 maravedís y pérdida de lo pescado (kofradiako kiderik, bermeotarrik, eta kanpotik arrantzara etorritakorik ez dadila arrantzara edo arrainak saltzera irten jaiegunetan eta egun santuetan, 200 marabediko zigorra eta harrapatutakoa galtzea ezarriko baitzaio).
Karguak urtebeterako hautatzen zituzten, honelako irizpideak oinarri hartuta: se eligiesen personas mareantes experimentadas e sabidas en el arte de navegar y pescar que por ellos sean avisados de los semblantes e tiempo e de los peligros y tempestades e fuera de mar para que les fagan saber e avisar (itsasoan nabigatzen eta arrantzan eskarmentua duten pertsonak hautatzea, itsasoko eguraldiaren, arriskuen eta ekaitzen berri emateko). Irizpide horiek aintzat hartzen zituzten talaiariak izendatzeko.
Errege Katolikoen garaian, Bermeoko portua Bizkaiko itsasertzeko ahaltsuena zela jotzen zuten, eta garai hartakoak dira lehenengo moilak. Herriko ontzioletan uretaratutako ontziek portua dragatu behar zuten: sei batel harea atera behar zuten, hain zuzen. 1864an Bermeoko ontzidiak 56 txalupa handi, 39 txalupa txiki, 16 batel handi eta 10 batel txiki zituen.
Legatza eta bisigua arrantzatzeko inguruko kala hauetara joan ohi ziren: Kalaberri (Izaroko paraleloan), Rekodo eta Santa Kruz (portutik 9 miliatara) eta Kupide Banku (Matxitxako paraleloan).
Bermeok ez du erraz ahaztuko 1878ko galerna, Kantauri itsasoko 300 arrantzaleren bizia eten zuena. Ezbehar berriak saihesteko, marinelen kofradiaren estatutuetan agindu zuten neguan itsas zabaleko arrantzan arituko ziren ontziak 42 oin luze eta 8,5 oin zabal izan behar zutela gutxienez, eta ontzi txikiagoak ezin zirela Matxitxako lurmuturretik harantzago joan (alegia, Bizkaiko mapan Iparraldeko muturrean agertzen den puntu horretatik aurrera ezin zutela egin).
Gutxik obeditu zituzten ordenantzak, antza, aurrerapen teknikoek segurtasun handia ematen zutelakoan. 1912ko abuztuaren 13an, ordea, Bermeoko 200 arrantzale eraman zituen itsasoak.
1902an Bermeoko ontzidiak lehen lurrun‑itsasontzia eskuratu zuen. Donostian erosi zuten ontzia eta Lenbizikoa jarri zioten izena. Gaur egun, ia desagertu da Bermeoko gailentasun hura, XVI. mendean Pedro Texeirak Biscaya liburuan honela azaltzen zuena:
(Bizkaiko Jaurerri honen kostalde guztian ez dago lekurik, Bermeok adinako handitasuna eta agintea adierazten duenik, eta inguruan duen hesia oso antzinakoa da. Harresia du buelta guztian: orma garai eta sendoak, dorreez eta almenez hornituak.)
Baina XIV. mendean eraikitako babes‑harresi sendo guzti haietatik bakarrak iraun du: San Joan arkuak, Bermeoko ate bizi‑biziak, beti bizirik!
Jaurerriaren historian gehien aipatutako elizetako bat Santa Eufemia zin‑eliza da. Enrique III.ak eta Fernando V.ak ere hantxe egin zuten Bizkaiko Foruen zina. Elizak estilo gotikoa du, nabe bakarra eta ganga nerbiodunak ditu; absidea aipatzekoa da, baita Arteaga apezpikuaren hilobia ere.
Santa Maria eliza plaza nagusiaren albo batean dago. Neoklasikoaren erakuskari ederra da, 1821ean Silvestre Perezek diseinatua. Arkitekto argi eta ospetsu horrek Mutrikun eta Donostian ere jardun zuen.
San Frantzisko eliza 1357an eraiki zuten, eta frantziskotarren ordenak Bizkaian egin zuen lehen monasterioa izan zen. Haren ogiba‑formako klaustroa ikustekoa da.
Ertzilla dorretxea, kanpoederra, portu zaharreko uretan islaturik ageri da. Han jaio zen Alonso de Ercilla poeta, eta La Araucana poema epikoan goraipatu zuen jaiotetxea, hiribildua sortu aurretik eraikia (antes fundado que la Villa...). Saieterak, garita handiak eta ogiba‑formako leihoak ditu. Ertzilla dorretxearen barnean Arrantzaleen Museoa eta Kultura Etxea daude.
Bermeok denda bikainak ditu, eta portu biziaren ondoan parke edo pasealeku aparta (parke eta pasealeku da aldi berean). Haren mutur batean Kasinoa dago.
Kaleetan barrena ibiliz gero (kalian gora, kalian bera, abestiak dioen bezala) fatxadan armarria duten etxe batzuk ikusiko ditugu, eta herri ireki eta zalapartatsuaren giro herrikoiaz ohartuko gara. Bermeotarrek badituzte guztira 2.000 ezizen inguru —familiakoak, ofizialak eta antzinakoak—; sarritan noblezia‑tituluen antzekoak dira, eta ez dute zergarik eragiten.
Izaro uhartea
[aldatu]Bermeoko arradaren kutuna, fetixa, perla eta sinboloa da Izaro uhartea, zalantzarik gabe. Izaro toponimoa erabili da haurtxo ederrei, itsasontziei, dendei, kultura‑ eta industria‑jarduerei izena jartzeko. Horrenbestez, bistakoa da izen goxoko uharte horren ospea. Antzinako garaietan monasterio bat zegoen Izaron, eta San Antonio Paduakoak egun batzuk egin zituen han, hainbat gaixo eta elbarritu sendatzen.
1422an, Martin de Arteaga frantziskotarrak, lekuko apezpikuaren onespenarekin (alegia, Kalagorriko gotzainaren oniritziarekin) Izaroko komentua eta hari erantsitako eliza —Izaroko Andra Mariari eskainia— eraiki zituen. Hamar frantziskotar fraidek osatu zuten komunitatea, guztiak ere euskaldunak, antza, haien abizenak ikusita. Haitz‑leku babesgabean bizirik irautea zaila zen; Kantauri itsasoak etengabe eraunsten zuen uhartea, batez ere Artxikote aldea, iparraldetik. Euri‑ura edaten zuten, bi urasketan bildua; eta neguan bakarturik egin ohi zituzten bolada luzeak.
1457ko udaberri egun batean Enrique IV.ak bisita egin zien; urte gutxi batzuk geroago Fernando Katolikoak, eta 1483an haren emazteak, Isabel erreginak. Hark agindu zuen harrizko mailadia egitea, ontziraleku bezala erabiltzen zuten senaia txikitik hasi eta uhartearen goialderaino. Halaber, beste errege‑mesede bat jaso zuten fraideek: 36 anega gari urtean.
1596an, La Rochelleko pirata batzuk indarrez sartu ziren Izaron, komentua arpilatu zuten eta tratu txarra eman zieten fraideei. Fraide‑komunitateak kostaldeko jendearen laguntza izan zuen.
Frantziskotarrak uharte txiki horretan bizitu ziren 1719 arte, eta urte horretan Forura joan ziren. Gaur egun, Izaron, harmailen eta monasterioaren aztarnak soilik daude.
Geologoek adierazi dute haitz hori —ekialdetik mendebaldera luzatzen dena, arrain buruhandi baten antzera— lehorrari lotuta egon zela, uharriaren bidez; eta, itsasbeherak oso nabarmenak direnean, uharriaren bizkarra ikusten da.
Izaro baino urrunago, itsas zabalean, La Gaviota plataforma ikusten da egun garbietan, 42 m sakon ainguratua.
Ibilaldiak eta txangoak
[aldatu]Sollubera ibilaldia
[aldatu]6313 errepidea hartu, Sollube mendatea gainditu, eta 5 km aurrera egin ostean, asfalto‑bide bat hartuko dugu, eta ahalmen handiko telebista‑antenaraino joango gara, itsasaldeko eta barrualdeko panoramika zoragarriez gozatzeko.
Talaiara igotzen direnek ere beste hainbeste izango dute, Matxitxako lurmuturraren inguruko paisaia bikaina baita. Tala edo talaia horretan parke publikoa dago: barbakoak, mahaiak, bankuak, zuhaiztiak...
Demikura ibilaldia
[aldatu]Baserri‑auzo txiki horretara joateko eskualde‑errepidetik ateratzen den bide bat hartu behar da gasolindegiaren inguruan. Elizako kontuetarako Mundakakoa da, eta mundu honetako gauzetarako Bermeokoa. Ermita oso xumea du, Demikuko Ama Birjinari eskainia (Afrikako Birjinen artean katalogatua).
Bermeoko eta portuko bista ezin hobeak daude Demikutik. Garai batean mahasti‑lekua zen, eta mahats harekin txakolina egiten zuten.
Almikara ibilaldia
[aldatu]Ertzilla parketik abiatu eta kilometro pare bat gora eginda Almika auzoa dago. Lau baserrik eta ermita batek osatzen dute auzoa, 700 urtetik gora dituena.
Izaro uhartera itsas ibilaldia
[aldatu]Eguraldi ona izanez gero, edozein egunetan atsegina da Izaro bisitatzea, baina egunik hoberena uztailaren 22a da; azaldu dezagun zergatik.
Ibarrangelu, Elantxobe, Mundaka eta Bermeo liskarrean ibiltzen ziren Izaroren jabetzagatik, eta Bizkaiko jaunak erabaki zuen auzia garbitzea uhartera estropada bat eginez. Mundakak eta Bermeok soilik onetsi zuten proposamena, eta 1719ko uztailaren 22an —Maria Magdalena egunean— egin zuten estropada.
Bi traineruek (hamabina arraunlari eta patroi bana) bidea egin zuten, herrikideen oihu gorgarriek bihotz ematen zietela. Bermeotarrak lehenbizi iritsi ziren, eta bandera gorri bat goititu zuten uhartearen gailurrean. Harrezkero, Izaro uhartea Bermeorena da.
Magdalena egunean urtero egiten den carrus navalis bikainak 1719ko estropada erabakigarri hura gogora ekartzen du, eta ospakizunean parte hartzen duten txangozaleen kopurua gero eta handiagoa da. Egitaraua hau izan ohi da:
Goizeko 10:30etan, Bermeoko udal‑agintariak, txistulariak aurretik dituztela, Santa Eufemia zin‑elizara joaten dira mezara. Horren ondoren, moilara joan eta itsasbazterreko ontzi apaindu batean itsasoratzen dira. Aingurak altxatzeko unean, portuan ainguratutako itsasontziek haien sirenak jotzen dituzte. Izarorako bidean, txalupa motordunak eta lurrun‑itsasontzi txikiak bandera‑ontziaren inguruan biraka ibiltzen dira. Arraun‑ eta bela‑ontzien garaiko ohitura zen bira bakoitzeko pitxer bat ardo ematea.
Ontziak uhartera iristen dira; zinegotzi batzuk lehorrera jauzi egin eta ikurrina jartzen dute gailurrean. Horren ondoren, alkateak teila makur bat botatzen du itsasora, tradiziozko hitzak esanez: Bermeoko itxogiñak onarte eltzen dira. Esapide horrek adierazten du Bermeok uhartearen gaineko subiranotasuna duela.
Egundoko zalapartaren artean, ontziak Elantxobera joaten dira. Portuko eskaileratan, herri‑agintariek Bermeoko ordezkariei harrera egiten dieta eta elkarrekin bazkaltzen dute. Arratsaldeko bostetan, itsasontziak Mundakarako bidea hartzen dute, eta hango portu txikian harrera‑zeremonia berbera egiten diete Bermeotarrei. Segizioa udaletxera joaten da, eta hango balkoietatik aurreskua ikusten dute. Arratsaldeko zazpiak aldean, berrogeita hamar bat ontzik aingurak jasotzen dituzte Bermeora joateko. Hango herritarrek bozkarioz beterik hartzen dituzte, suziri, sirena eta kanpai‑hotsen artean. Segizioa, jendetzaz inguraturik, udaletxera joaten da.
Bidean, musika‑bandak Magdalenari ereserkia eta malenkoniaz beteriko zortzikoa jotzen ditu. Egitarau ofizialtzat har daiteken hau plaza nagusian dantzatutako aurresku batekin amaitzen da, baina kaleetako jardun zalapartatsuak goizaldera arte.
Itsas ibilaldian parte hartzen duten milaka pertsona —gehientsuenak gazteak— mahoizko arropa urdinak jantzita ibiltzen dira, arrantzaleen moduan.
Festak
[aldatu]- Ekainak 23 eta 24: Joan Bataiatzailearen goratzarrean.
- Uztailak 22: Izaroko festa.
- Abuztuak 16: San Roke, promesa betetzeko.
- Irailaren 8tik 16ra: Santa Eufemia. Herriko jaiak: estropadak, bigantxak, gau‑festa...
Bakio
[aldatu]Bakio —Uribeko merindadeko elizatea— udalerri da 1734z geroztik, urte hartan bereizi baitzen Bermeotik.
Urteak dira Bakiok ez duela arrantza‑ontzirik, baina kilometro bat luzeko hondartza du, erupzio‑harrien artean, ohiko haizeen babesean. Hondartza horrek kanpotar ugari erakartzen du, asteburuak eta oporrak Bakioko bigarren etxebizitzan gozatzera.
XIX. mendeak ondo aurrera egin arte, Bakioko portu txikia defendatzeko sei kanoiz osatutako bateria zuten, Birkilanda esaten ziotena. Baina, beste garai batzuk ziren... Orain, hondartza ederra itzalpean uzten duen eraikin‑ilara nahasia ageri da. Nortasunik gabeko eraikinak dira, bolumen handiegia dutenak, lurraren espekulazioaren aurretik egindako etxe txikiak ez bezalakoak.
Santa Maria parrokia‑eliza malkarrean egina dago, eta elizpe korritua du inguruan. Hondartzako turismo‑gunetik urrun samar dagoenez, 50eko hamarkadan kapera‑eliza bat eraiki zuten hondartza aldean, udatiarren ekimenez (gehientsuenak bilbotarrak).
Ez da hainbeste denbora Bakiok bilera gastronomiko nagusietara zainzuriak, lanpernak, Txillbankun harrapatutako bisiguak eta Bakioko txakolina ospetsua esportatzen zituela. Orain ere egiten dute txakolina, gizakien pozgarri, Pio Barojak hala iritzi ez arren. Izan ere, Euskal Herriko gauza tristeen trilogian (Las cosas tristes de Euskalerria) txakolina sartzen du Pio Barojak, txistuarekin eta bainuetxeekin batera.
Ibilaldiak eta txangoak
[aldatu]Gaztelugatxera txangoa
[aldatu]Bermeorako errepidea hartu eta 4 km eginda, itsaslabarrean bi uharte txiki ageri dira: Gaztelugatxe eta Aketxe edo Aketze, bietara esaten baitiote.
Lehena lehorrarekin elkartuta dago gizakien jardunagatik; izan ere, zubia egin zuten. Zubi hori arkuen gainean dago, eta harresiak eta eskailerak ere baditu. Uharte txikiaren gailurrean dago San Joan Gaztelugatxe ermita. Hari buruzko elezahar ugari dago, eta historia aberatsa du; izan ere, istmo ausart horretan egindako zenobioa aipatzen da Huescako San Juan de la Peña monasterioari egindako dohaintza‑agirian, 1053an alajaina!
Mende bat geroago, Gaztelugatxeko zenobio hura agustindar fraideen abade‑etxe bihurtu nahi izan zuten. 1782an ingelesak itsasalde horretan lur hartu eta hango elizatxoa, bi apaizek zaindua, arpilatu zuten.
Metro gutxi batzuetara, labar bat bezain ausart ageri da Aketxe uhartetxoa, kaioen mendeko lurralde, lanpernen biltegi. Bi uharte horiek ikus daitezke ibilbideko begiratokitik, baina Gaztelugatxera sartzeko zubiraino daraman asfaltato‑bidea hartzea gomendatzen dugu.
Matxitxako lurmuturrak eta haren itsasargi indartsuak jakinarazten dute Bilboko portua gertu dagoela. Ekialdetik ixten du Bizkaiko bazter estasiagarri hau, gure kostaldeko balio geografikoetako bat.
Artea maite dutenentzat, beste altxor bat aipatuko dugu: San Pelaio ermita, erromanikoko eraikin ederra, nabe bakarra eta abside laukizuzena dituena. Jaurerrian irauten duten elizei erreparatuta, estilo horretako elizarik garrantzitsuenetako bat da. San Pelaiotik ikusten diren bistak ezin hobeak dira. Ermita Bermeorako bidean bertan dago, Bakiotik bi kilometrotara, eta seinaleak jarrita daude.
Festak
[aldatu]Bakioko festen atala honela laburbildu dezakegu:
- Martxoak 19: San Jose.
- Ekainak 24: San Joan Gaztelugatxen erromeria.
- Abuztuak: Andra Mari eguna, jai nagusia.
- Abuztuak 28tik 31ra: San Jolasako jaiak, animatuenak eta jendetsuenak ziur asko.
Armintza
[aldatu]Tradizioari erreparatuta, gune hori arrantzatik bizitu da. Urizarretik 3 km‑tara dago, eta, administrazioari dagokionez, Lemoizi dagokio. Bizkaiko jaunak Plentziari emandako hiri‑gutunean aipatzen da Armintzako arrantzaleak baleak harrapatzen aritzen direla. XIII. mendeko aipuei buruz ari gara. Halaber, oso antzinakoa da Lemoizko udal‑zigilua, arraun tinkoak dituena, arraunlaririk gabe ordea, agian galernak eramanak. Izan ere, garai hartakoa da gaztelaniazko esakunea:
(Gainalderik gabeko itsasontzia, hilobi irekia.)
Planeta urdina gure kutsadura setatiekin txirotu aurretik, Armintzako otarrainek egundoko ospea izan zuten, baita bisiguek ere. Armintzarrek Santa Katalina egunetik aurrera (hau da, azaroaren 25etik aurrera) harrapatu ohi zituzten bisiguak.
Gaur egun, arrantzarako zaletasuna duten zenbait herritarren txalupa motordun gutxi batzuk soilik daude. Egunero harrapatutakoa herriko jatetxeetara iristen da: itsas aingirak, legatzak, lotxak, bisiguak, perlitak eta Kantauri itsasoko beste hainbat arrain fresko‑fresko eskaintzeko.
Armintzako itsasarteak, Jata mendiaren malda latz eta pikoez inguraturik, xarma handia du. Portua txikia da, eta tonbolo batek ederki banatzen ditu moilak alde batetik eta turisten bainurako senaia bestetik. Alde batean lana eta bestean aisia. Garai batean, bi kanoi txikiez osatutako bateriak babesten zuen portua.
Auzo‑gunea —marinel eliz modernoarekin, kanpai‑horma eta guzti— oso malenkoniatsua da, batez ere arrantzaleen antzinako auzoa. Bakiorako errepide berria hartuz gero, 10 km egingo ditugu itsasoa eta mendia begien aurrean ditugula, eta bista ederrekin gozatzeko aukera izango dugu.
Bide hori hautatu ordez N‑6320 hartzen badugu (Mungiarako norabidea) Urizarrera iritsiko gara, Lemoizko gune nagusira alegia. Urizarko Santa Maria eliza Bizkaiko Jaurerriko nekazari zerga‑ordaintzaileek eraiki zuten. Hasierako arkitektura erromanikoaren aztarnaren bat ageri da egungo eraikinean.
Ibilaldiak eta txangoak
[aldatu]Mungiara ibilaldia
[aldatu]Andraka baserri‑auzotik barrena (kilometro pare bat eginda) jarraituz gero, auzo bitxi horretatik Plentziako abaniko‑itxurako parajea ikusiko dugu; hau da, Butroi ibaiak itsasadar bihurtzean osatzen duen meandro handia.
8 km‑ko ibilbidea egin eta Mungiara iritsiko gara. Sei mende hauetan, Mungia hiribildu independentea izan da, Bizkaiko leinu ospetsuen sorleku, herritartuen eta handizuren bando‑arteko borroka odoltsuen iturburu.
Udaletxe ederra du, arku‑ilara baten gainean. Billelatarren dorretxeak eta San Pedro elizak osatutako monumentu‑multzoan paseoa egitea iradokitzen dugu. Billelatarren dorretxea bikaina da, almenak eta ogiba‑formako hutsarteak ditu; X. mendean eraiki zuten, Billela leinukoen lurretan.
San Pedro parrokia‑elizaren portada bikainak estilo gotiko isabeldarra du; hango irudiak, berriz, indarrez ebatsi zituzten. Beko kalen Elkartasunaren iturria dago, antzinako monumentua, hiribilduaren eta elizatearen arteko batasunaren sinboloa.
Festak
[aldatu]Armintzako festarik alaienak uztailaren 16an ospatzen dira, marinelen Ama Birjinaren omenez, Karmengo Ama Birjinaren omenez alegia.
Sopela, Barrika, Plentzia, Gorliz
[aldatu]Kostaldeko lau udalerri eta hainbat hondartza!
- Azkorri hondartza
- Arrietara hondartza
- Larrabasterra hondartza
- Atxabiribil hondartza
- Meñakoz hondartza
- Muriola hondartza
- Plentziako hondartza
- Gorlizko hondartza
Hondartza basatiak, babestuak, itsas zabalera ematen dutenak, nudistak, zabalak, lasaiak... Aukeran daude!
Bizkaiko ipar‑mendebaldeko eremu horrek, garai batean arrantzale izanak, hauspo ematen dio Bizkaiko hiriburuari, hondartza leunei esker. Historiari erreparatuz, eskualdearen aipamen antzinakoena 1052ko dokumentu batean ageri da. Dokumentu horrek Nafarroako Gartzia erregearen erabakia adierazten du: Real Monasterio de Najera izango zela Barrikako Santa Maria elizako hamarrenen hartzailea.
Plentzia
[aldatu]Plentzia 1264an sortu zuen Lopez Harokoa familiako kideren batek (izan ere, ezin konta ahalako kideak izan zituen familia horrek).
Erregalien artean, honako hau bitxia da:
Juan I.ak emandako prebendak zirela‑eta, 1388an Mungiako Billelako jauntxoa gaur egungo Barrikako ondare gehientsuenen jabe egin zen. 1436ko azaroaren 30ean sute izugarri batek kiskali zuen Plentzia, artean ere harresiz inguratua.
Itsas tradizio handiko herriak izanik, Plentziako, Gorlizko, Barrikako eta Armintzako marinelek kofradia sortu zuten, haien interesak defendatzeko, eta 1524an onetsi zituzten ordenantzak. Halaber, ospe handia izan zuten Plentziako ontziolek.
Meñakoz senaian eta Gorlizko hondartzan, kostaldeko gainerako portuetan bezala, kanoi‑bateriak jarri behar izan zituzten, itsaslapurreta gero eta handiagoari aurre egiteko.
Mende pare batean, plentziarren diru‑iturri nagusienetako bat zen baleen gantza potetan sartu eta saltzea.
1750an Plentzian bazeuden 150 patatxe, itsaso guztietan barrena ibiltzen zirenak; eta, garai hartan, Gorlizen bazeuden 15 itsasontzi handi, 264 tonakoak. Gaur egun, berriz, Plentziako portuan (edo, zehatzago esanda, ibai‑bokalean) soilik ainguratzen dituzte kirol‑ontzi txikiak eta artisau‑arrantzan aritzen diren profesionalen itsasontziak. Halaber, Gorlizko eta Plentziako udal‑armarrietan bi marinel‑ontzi ageri dira.
Billao lurmuturraren hegoaldeko senaian —puntu‑erdiko arkua, urrez eta urdinez apaindua— itsasoratzen da Butroi ibaia (edo Plentziako itsasadarra). Ibai‑ahoak Barrika —ezkerraldean— eta Plentzia —eskuinaldean— bereizten ditu. Ekialderago Gorliz dago: bai herria, bai hondartza.
Badia Andra Mari ermitatik begiratzea iradokitzen dizugu, bai Gaztelutik bai Astondoko bazterretik (Itsas Erietxetik aurrera joanda). Hirigune zaharrean gordeta dago hiribilduaren iragan harresitua. Kale estuetan gora egiten badugu, itxura zorrotzeko elizaraino iritsiko gara.
Plentziako itsasadarrak meandro bitxiak ditu, eta itsasontzi ugari dago han ainguratuta: txalupak, karelez kanpokoak eta laketontziak. Merezi du ibaian gora egiteak Butroiko gaztelu erromantikora iristeko. XIX. mendeko eraikin barroko fantasiatsua da, Butroitarren Erdi Aroko dorretxearen aztarnen gainean eraikia. Itsasadarrean kanabera‑arrantzale egonarritsuak ikusiko ditugu.
Hondartza garbi eta zainduez gain, udalerri horiek badituzte oinezkoentzako ibilbide zoragarriak, parkeak eta aisialdirako guneak. Horrenbestez, jendez gainezka dauden hirigunetatik gero eta bisitari gehiago etortzen dira. Hori guztia dela‑eta, denda eta zerbitzuen sektoreak indar handia du herri horietan.
Festak
[aldatu]- Sopela: ekainak 29, San Pedro (herriko jaiak); uztailak 14 (nekazaritza‑azoka, erakusketa); uztailak 16, Karmengo Ama Birjina.
- Barrika: otsailak 2, San Blas; ekainak 24: San Joan Bataiatzailea.
- Plentzia: uztailak 16, Karmengo Ama Birjina (arrantzale‑jaia); uztailak 21‑22, Magdalena jaiak; irailak 2, San Antolin.
- Gorliz: uztailaren 24tik 28ra, Santioak; abuztuak 4‑5, Agirreko Andra Maria.
Getxo
[aldatu]Euskal Herriko udalerri atipiko eta jendetsuenetako bat da.
Garai batean bizitegi‑gune izandako udalerriak bost hirigune ditu: Areeta, Neguri, Algorta, Getxoko Santa Maria eta Romo. Oso auzo desberdinak dira, batzuetan aurkariak ere bai.
Getxoko Santa Maria monasterio erromaniko zaharra 1789an berritu zuten, eta haren inguruan nekazariak eta marinelak bildu ziren hasieran. XIX. mendearen amaieran 3.000 biztanle soilik zituen.
Garai hartan, ordea, Nerbioi inguruko industria‑garapen itzela gertatu zen, eta Getxoko biztanleen kopuruak nabarmen gora egin zuen. Antzinako Lamiako hondartzan eta Gobelako lur zingiratsuetan Areeta auzoa sortu zuten berebiziko abiadan. Maximo Agirre eta Jose Ignacio Amann medikua izan ziren auzoaren sustatzaile nagusiak.
1903. urtean eraikuntza‑enpresa batek lur‑eremu zabal‑zabala erosi eta auzo dotore eta aristokratikoa eraiki zuen: Neguri.
Algorta
[aldatu]Algortako gune nagusia behealdean sortu zen, itsasadarraren hasieran.
Portuari dagokionez, Getxok 1627an ekin zion Algortako moiletako bat eraikitzeari, ontzien eta arrantzaleen babesleku izan zedin. XVII. eta XVIII. mendeetan, hiru gaztelu eraiki zituzten Getxoko udalerrian, diputazioak eta Bilboko kontsulatu eta kontratazio‑etxeak ordainduta. Haien helburua zen Ingalaterrako kortsarioak arrastoan sartuta edukitzea, eta horregatik, hain zuzen, itsasoari begira daude. Algortako portuaren gainean egin zutenari Printzearen gaztelua esaten zioten. Beste gotorlekua Galea lurmuturrean jarri zuten, itsaslabarraren gainean; eta hirugarrena itsasadarraren hasieran.
Galea lurmuturrean egon zen, halaber, baleen presentzia hautemateko erabiltzen zuten talaia, orain itsasargia dagoen lekuan, hain zuzen. Handik gertu, Abraren haizebean, Aixerrota dago.
Haren oinetan dago hondartza txiki bat: Arrigunaga, Galeako haitz karedun eta silizedunen azalgabetzetik sortutako kuartzo‑hondarrez osatua.
Getxoko udalerri guztia paseo lasaiak egiteko gonbitea da. Neguriren hiri‑diseinua eredugarria da, hainbat txalet eta jauregien arkitektura ikusgarriarekin harrituta geratuko gara:
Arriluze, Barbier, Olaso, Txabarri, Lezama‑Legizamon... gizarte burgesaren eskaria, gure ingurukoa ez bezalakoa.
Areeta
[aldatu]Areetako barrutian Santa Ana ermita eta Herkulesen garaipena adierazten duen eskultura‑multzoa: Lurrak Neptuno (itsasoa) garaitu du. Bizkaiak Evaristo Txurrukari eskainitako omenaldi sinboliko eta artistikoa da. Txurruka ingeniari bikaina zen, Bilboko Portuko obren zuzendaria XIX. mendearen azken laurden erabakigarrian.
Bizkaia zubi esekitik abiatu eta Abraren eskuinaldean eta Ereaga hondartzan ibiltzea derrigorrezko paseoa da, Dario de Regoyosek margotua eta Gustavo Adolfo Bequerrek laudatua.
Aipatzekoa da Algortako arrantza‑portu bitxia, superportuaren barnean estutua.
Portu txikitik abiatu eta mailadi bat igoz gero arrantzaleen antzinako auzo‑gunera iritsiko zara. Oraindik ere hortxe dago, miraria dirudi.
Usategi parkeko begiratokitik superportuaren bista zabal‑zabalaz gozatzeko aukera dugu. Auzo horretan bertan daude udaletxea —eraikin ederra, kanpotik mailadia duena—, hiru eliza (San Nicolas, San Ignazio eta Trinitarioen eliza), eta Molina eta Sangroniz jauregiak. Getxoko antzinako hirigunean bakarturik geratzen da Andra Mari parrokia‑eliza, barroko estilokoa eta elizpe atsegina duena.
Biztanleen kopuruari erreparatuta, Bizkaiko hirugarren udalerria da, eta 1931n Jose Antonio Agirre Lekube izan zuen alkate.
Abrako Itsas Kluba 1898an sortu zen; bela‑nabigazioaren sustatzaile aparta izan da, eta nazioarteko yate‑estropada ugari antolatu ditu. Jolaseta Kluba ere ospe handiko elkartea da. Gainera, Fadurako Udal Kiroldegiaz ere harro daude getxotarrak.
Ibilaldiak eta txangoak
[aldatu]Ibilaldia Txorierrin
[aldatu]Kilometro gutxi batzuk egin eta Asuako haranaren zeruertz zabaletara iritsiko gara (Txorierrira, algia). Garai batean leku lasaia zen, nekazaritza‑gunea.
Gaur egun, berriz, industria‑pabiloiez josita dago, eta hantxe dago Loiuko aireportua ere, Londonetik ordubetera.
Hegazkinen zarata alde batean, eta Derioko hilerriko isiltasuna bestean. Bilbotarren azken bizilekua Enrique Epalza arkitekto bizkaitarrak proiektatu zuen 1901ean.
Bizkaiko Foru Aldundiak haztegi pilotua dauka Derion, landare ozeanikoen laborantza sustatzeko.
Bizkaiko elizbarrutia 1950ean sortu zen, Gasteizko elizbarrutitik bananduta. Derion dauka edo izan zuen seminarioa, eraikin handi‑handia, bazter guztietatik ikusten dena. Gaur egun hainbat jardueretako erabiltzen dute, baita hotel bezala ere.
Ibilbidean aurrera egin eta ezkerraldean Cadalso etxea ikusiko dugu, harrigarria, aurrealdean armarria eta plaka zizelkatua dituena. Oso gertu, Txorierriren erdigune geografikoan, Malpika babes‑dorrea dago; jendeak Zamudioko dorrea esaten dio, elizate horretan baitago. Eraikin ederra da, antzinagoko dorre baten lekuan egina, baina eraikin zahar haren garita handiak eta saieterak iraun dute. Handik gertu dago Zamudioko San Martin eliza, bi portada gotiko dituena.
Beste 3 km gehiago eta Lezamatik pasatuko gara, hango gotor‑etxeak ikusteko: Lezama, Basabil eta Oxangoiti.
Larrabetzu
[aldatu]Bizpahiru kilometro egin eta Larrabetzura iritsiko gara, zin‑ibilbidean. Herritarrek ez dute ahaztu Aretxabalaganako zin‑haritza ezta San Zeledon eta San Emeterio martirien zin‑eliza. Plaza nagusian Ikaza jauregia gailentzen da, XV. mendekoa, aurrealdean ehiza‑eszenak eta armarria margotuta.
Festak
[aldatu]Uztailak 25, Done Jakue apostolua; uztailak 31, San Ignazio Loiolakoa (Algortan); abuztuak 15, Andra Mari (Getxon); irailak 24, Eskarneko Ama Birjina (Areetan).
Abanto Zierbena
[aldatu]Zierbena ote da erromatarren garaiko Vesperies?
Zierbenak Abantorekin bat egin zuen XX. mendearen hasieran, eta harrezkero udalerri bakar bat osatzen dute: Abanto Zierbena. Dena dela, udalerriko auzo nagusia Gallarta da.
Abanto, Triano eta Gallarta meatze‑gune aberatsak izan ziren, eta ustiategien haginkadak sendatu zaizkie jada.
Zierbena, berriz, oso bestelakoa da. N‑634tik 7 km‑tara dago, eta hango biztanleek arrantza izan dute ogibide.
Bigarren Karlistadan, 1874ko neguan karlistek Bilbo setiatu zutenean, egoera latza bizi izan zuten eskualdean.
Arrain handiak txikia jan ohi duen bezala, Bilboko portu handiak ahoan hartu du Zierbenako portu txikia.
Zierbenak hartzen ditu lurraren arrakala baten bi alboak; arrakala hori, ordea, ez da ikusten bertara iritsi arte.
Zierbenatik alde egiteko garaian, La Arena‑Pobeñako hondartzara doan errepide eder bat har dezakegu.
Trianora igotzea
[aldatu]bertakoak sarritan igo ohi dira Triano mendira. Garai batean, Europa guztiko burdina‑meatze aberatsena zela jotzen zuten. Muino pikoa da, zuhaitzik gabea, antzinako garaietan meatzaritzak zuen indarra adierazten duena. Hara joateko bide bat badago, Gallartatik abiatzen dena. Zierbenako jaiak abuztuaren 15ean dira, Andra Mari egunean.
Santurtzi
[aldatu]Santurtziko lehen biztanleen kronologia egiteak baditu arriskuak. Dena dela, 1075eko dokumentuetan aipatzen da herrigune bat, Done Jakue bideko antzinako monasterio baten inguruan sortua. Hango biztanleek arrantza eta nekazaritza omen zuten bizibide.
Monasterioa San Jurgiri eskainia zen, eta handik sortu zen herriaren izena: Sant Yurdi, eta gaur egungo Santurtzi.
Bizkaiko jaun‑andreek gaztelu jauregia zuten Santurtzin, eta bolada luzeak egiten zituzten han. Hain zuzen ere, hantxe sinatu zituen Maria Diaz Harokoak 1318an Bermeori emandako erregaliak.
Bidaiari eta idazleek egindako deskribapenei esker (gogora ekarri Guillermo Bowles eta abar) badakigu garai batean laranjondoak eta limoiondoak itsasertzeko hondartzetaraino iristen zirela.
Herri gehienetan gertatzen den bezala, Santurtzi ere aldatu zen, hain zuzen ere, txikiagotu egin zen. Izan ere, 1901ean bereizi zen meatze‑gunea, herriaren zati handi bat hartzen zuena, udalerri independentea osatzeko: Ortuella.
XIX. mendearen azken laurdenetik aurrera, industria metalurgiko eta siderometalurgikoaren garapenak eta meatzaritzaren nahiz ontzigintzaren indarraldiak eragin zituzten Nerbioi itsasadarreko obra ikusgarriak. Ibaia bideratzea, dragatzea, Santurtziko uhin‑hauslea, Algortako kontrakaia, transatlantikoentzako kanpo‑portua Santurtzin eraikitzea... aldaketa horiek guztiak santurtziarren ikuspegi etxezuloak apurtu zituen eta industria‑jarduera kartsuari ekin zioten.
Aspaldiko aforismoa da hau: para ser buen marino ha de ser vizcaíno (itsasgizon onak bizkaitarra izan behar du), eta esakune horrek indar handiagoa hartu zuen Abrako portuaren eraginaren ondorioz. Batez ere, ezkerraldeak hobera egin zuen, sakonera egokiak eta komunikabide modernoak lortu baitzituen.
Santurtzik superportua du, eta haren kontrapuntua ere bai: arrantzale‑kaia, kai‑muturreko idulki ederraren gainean Karmengo Ama Birjinaren irudia duena.
Azoka hirigunean dago, Santurtzi‑Bilbo trenbidearen geltokitik gertu. Agian gertutasun horregatik arrain‑enkantea ikusnahi ugari biltzen dituen ikuskizun bihurtu da.
Udaletxeak estilo neoklasiko dotorea du eta hiri‑garapenaren garaian eraiki zuten, XX. mendearen hasieran alegia.
Haren oinetan parkea dago, santurtziarrek oso maite duten txokoa, eta udalak ederki zaintzen duena. Parke horretan dago Cristobal Murrieta ongile santurtziarraren omenez egindako monumentu ederra, 1923an jarria.
Halaber, lorategi‑gune horretan ikus daiteke Dorretxe jauregia, akabera oneko euskal barrokoaren eraikina, belbederez eta izkinako armarriaz hornitua. Gaur egun ikastetxea da.
Udalerriaren goialdea balkoi natural ederra da, portuari begira. Hantxe dago sardina‑saltzaileei eskainitako monumentua Joaquin Lucarinik egina. Rosario Santin Rodriguezek, Santurtziko sardina‑saltzaile ederrak (la Bella Charo), modelo‑lanak egin zituen, eta herritarren artean ordaindu zuten monumentua.
Inguru hori jatetxez josita dago, eta arrain errearen usainak jateko gogoa pizten du.
Ibilaldiak eta txangoak
[aldatu]Portugaletera ibilaldia
[aldatu]Itsasadarraren ertzeko paseoa eginez gero Nautika Eskolarekin topo egingo dugu. Aurrerago, Canilla parkea dago, Txurruka kaiarekin elkartzen dena. Oso leku alaia da, Portugaleteko biztanleentzako aisia‑gunea. Eraikin ederrak daude, material bikainez eginak.
Portugaletek badu ikustekorik:
- Bizkaiko zubia. Zubi eseki ezaguna, Alberto Palacio bilbotar ingeniariak proiektatua eta 1893an inauguratuta. Metalez egina dago eta 63 m altu da. Itsasadarraren bi ertzak lotzen ditu, transbordadore eseki baten bidez, pertsonak eta ibilgailuak alde batetik bestera pasatzeko. Gerra Zibilaren garaian kalte larriak eragin zizkioten, eta 1941ean zaharberritu zuten. Zubi esekia Abraren sinboloa da.
- Antzinako herrigunean Santa Maria parrokia‑eliza dago, XVI. mendean berreraikia. Hango organoa entzutea opari ederra da gure belarrientzat; izan ere, Euskal Herriko hoberenetakoa da.
- Handik gertu dago Salazar dorretxea, zaharberritua, itxura itzela eta proportzio zainduak dituena.
Porto Calete (oso antzinako izena) non amaitzen den konturatu gabe, industriaz jositako Sestaon sartuko gara. Markonzaga parkea da
Sestaoko zabalgune berria
[aldatu]Eta Sestaoren ondotik Barakaldo, burdinolen eta labe garaien udalerri jendetsua, populazio‑dentsitate kezkagarria izatera iritsi dena.
Trapagara ibilaldia
[aldatu]Alboko Trapaga Aran bisitatzeko aukeraren berri emango dugu.
Enkarterrietako inguruan dorretxe eta etxe dotore ugari egin zituzten, baina oso gutxik iraun dute.
Muskizen aipatzekoa da monumentu‑multzo hau: Muñatones jauregia, gaztelua, eta San Martin de Muñatones ermita, XIII. mendekoa. Muzkiz itsasoan sartzen da Pobeña auzoan —La Arena hondartzan— Petronor petrokimika‑gunearen ondoko errepidean aurrera egin ostean. Hango etxeek jakinarazten dute Pobeñak iragan bikaina izan zuela. Garai bateko distiraren adierazle dira eraikin batzuk, esate baterako Sota eta Villa. Aurrealdean armarri bana dute, eta armarri bakoitzean idazkunak ageri dira.
Etnografoek ederki ezagutzen dute El Pobal burdinola; izan ere, oso antzinako burdinola da, haize‑errota hidrauliko txiki baten instalazio guztia osorik duena.
Orreagako guduan euskaldunek erabili zituzten lantzak El Pobaleko burdinola horretan egin omen zituzten.
Hainbat urtetan La Arena hondartza Enkarterrietako biztanleen aisia‑gune izan da. Haren mendebaldean Barbadun ibaia itsasoratzen da. Ibai horri Somorrostro ere esaten diote; izan ere, itsasaldien eragina Muskizko San Joan auzoraino iristen da (alegia, ibaian gora 4 km‑ra dagoen auzoraino) eta auzo horri Somorrostroko San Joan ere esaten diote.
Hondartza zabala eta harrigarria da; mendebaldeko alboan uharte txiki eta hostotsua du, eta haren gailurrean Sokorroko Ama Birjinaren ermita.
Enkarterrietan barrena jarraitu eta Sopuertara iritsiko gara. Abellaneda auzoan Urrutia dorretxea aurkituko dugu, Bizkaiko Enkarterrietako agintaritzaren egoitza izan zena.
Enkarterrietako batzar‑etxea, korregidorearen etxea eta batzarkideentzako ostatua oso egoera onean daude.
Enkarterrien mapan aurki ditzakegu Ahaide Nagusien hamar bat dorretxe, eskualdearen historia iskanbilatsuaren orrialdeetan aipatuak. Enkarterrietara kanpoko bisitari gutxi iristen da, eta euskal herritarrek ere gutxitan bisitatzen dute eskualdea.
Serantesera ibilaldia
[aldatu]Serantes mendiak kono‑itxura du eta 446 m altu da. Santurtziko edozein lekutatik ikus daiteke. Kotxez igotzeko bidea badago, baina ibilbidetik ikusten diren bista zabalei erreparatuz gero, oinez igotzeak merezi du. Gailurrean gaztelu txiki baten aztarnak aurkituko ditugu.
Festak
[aldatu]Santurtziko festen atalean aipatzekoak dira:
- Apirilak 23: San Jurgi, erlijio‑ekitaldiak batez ere.
- Uztailak 10: Sardina‑eguna.
- Uztailak 16: Karmengo Ama Birjina. Itsas prozesioa, folklore‑ekitaldiak, gau‑festak, kontzertuak, gastronomia‑lehiaketak...
- Abuztuak 16: San Roke festa alai‑alaia Portugaleten, jaitsiera oso koloretsua izan ohi da.