Euskal Kostaldeko Gida/Lapurdi
Lapurdiko kostaldeko gidaliburua
Baiona
[aldatu]Lapurdik, Iparraldeko lurralderik sartaldekoenak, 857 km2 ditu eta Baiona du hiriburu. Hiri gutxik dute hain izaera nabarmena eta bitxia. Walter Benjaminek esan ohi zuen bezala, Baionak bisitariak harrituta uzten ditu, hiria bera ez da harritzen ordea.
Gertakizun historikoak
[aldatu]Baionari buruzko aipamen antzinakoenak erromatarren garaikoak dira, IV. mendekoak hain zuzen. Novempopulaniako tribunoaren egoitza zen, akitaniar eta baskoi ase gabekoen aurrean beti erne.
Mendeetan aurrera eginda, bisigodoen, bikingoen eta normandiarren erasoen eskarmentua izan ostean, hiri bezala antolatzen da Baiona. 1193an, ordea, Lapurdiko bizkondeek —jauntxoek— eskubideei uko egin eta Ingalaterrako errege‑erreginen eskuetan jarri zuten hiria. Risco historiagileak adierazitakoaren arabera, ingelesek Lapurdi hartu aurretik Nafarroako errege‑erreginen lurraldea zen. Dena dela, hiriaren garai bikainena Ingalaterrako errege‑erreginen eskuetan egondako hiru mendeak dira (XII. mendearen erdialdetik XIV. mendearen erdialdera arte). Garai hartan Ingalaterrako errege‑erreginak Akitaniako dukeak ziren. Ibai‑portua sustatu zuten, merkatari eta salerosleei bidesariak kobratzeko eskubidea eman zieten baionarrei, eta Baionako txanponak egin zituzten gaztelu zaharrean. Horrenbestez, Baiona izan zen Ingalaterrako errege‑erreginen baluarte nagusia Gaskoniako golkoan.
1451n, Baiona eta haren eskualdea Frantziako errege‑erreginen eskuetan geratu zenean, udal‑eskubideak galdu eta txirotu egin ziren. Betidanik, Gaztelako eta Frantziako errege‑erreginek Baiona hartu nahi izan zuten; horregatik, gotorleku itxura eman zioten, mugako hiri baten itxura. Hain zuzen ere, Victor Hugok Baionara egindako bigarren bisitan, gotorleku‑itxura hura ez zitzaion batere atsegina iruditu. Instalazio militarrak jartzeko, Baionako auzo batzuk suntsitu zituzten 1523an. Vauban jenio militarrak zitadela eraiki zuen, eta gotorlekuen sukarrak XIX. mendearen erdira arte iraun zuen. Labirinto haiei esker, Wellington jeneralaren blokeoari aurre egin zion Baionak.
Ibaien artean bi Baiona
[aldatu]Defentsa‑premiak hirigintza baldintzatzen bazuen ere, Erdi Aroan hiria Errobi eta Adur ibaiek jarritako muga naturalen artean hedatu zen. Erromatarrak gaur egungo katedrala dagoen muinoaren gainean jarri ziren, eta enklabeari Lapurdum esaten zioten.
Adur ibaiaren inguruan daude XVII eta XVIII. mendeetan eraikitako kale garrantzitsuenak: Boufflers eta Paulmy hiribideak, rue Thiers eta Port Neuf. Hiri‑antolaketa horretan eragina du Errobi eta Adur ibaien elkarguneak (le Reduit), udal‑jauregitik ikusten denak.
Adur patxadatsua, azken 30 km‑tan, Euskal Herriaren ipar‑muga da. Izan ere, Saint Esprit zubi ederra zapaldu orduko Gaskonian gaude.
XIX. mendaren erdialdean, Sant Esprit auzo gaskoia Baionari anexionatu zitzaion. 1602an Espainiatik bidalitako hainbat judu auzo horretan bizitzen jarri ziren. Horrenbestez, Baiona gaskoia eta Baiona euskalduna bereizi daitezke.
Portua
[aldatu]Azken 7 km zabaletan, Baionako ibai‑portua da Adur. Hala da behintzat 1528z geroztik. Dena dela, gaur egungo Boucau ez da itsasorako bide bakarra izan; beste irteera batzuk ere erabiltzen zituzten —esate baterako, Capbreton— baina ekaitzen ondorioz itxita geratu ziren. Auskalo zenbat ardo, olio, gari eta artile ontziratu zuten Baionako portuan, Nafarroatik ekarrita.
Ibaiaren bi ertzetan hedatu dira industria‑gunea eta moilak. Haietan ontziratu dute Lacq eskualdetik ekarritako sufrea, petrolio findua, zementua, Landetako egurra, eta eskualdeko arto‑uzta oparoak.
Mugimendu hori guztia Baionako merkataritza‑ eta nabigazio‑ganberak antolatu du. Erakundea 1726an sortu zen, eta mende erdi bat geroago Baiona portu aske izatea lortu zuten.
Ibaiaren ezkerraldean, Blanc Pignon bizitegi‑auzoaren parean (XVI. mendeko mediku ospetsu baten izena jarri zioten auzoari) Klub Nautikoa aurkituko dugu, Angeluko udal‑barrutian. Txalupa motordunak, yate txikiak, bailandrak eta gainerako laketontziak atrakatzeko instalazio ezin hobeak ditu.
Hiria
[aldatu]Baionako kaleetan ibiltzea atsegina da; izan ere, hiriaren ikur ofiziala —Numquam polluta— ondo irabazia du Baionak. Lubakiz eta baluartez jositako inguru harresituaren zakartasuna ere arintzen dute baionarrek hainbeste berdegune jarrita.
Baiona handian ibiliko gara eta udaletxea (la Mairie), ibaiaren meandro handian ainguratutako udal‑jauregi dotorea, izango da gure abiapuntua.
Udaletxearen atzealdean dago De Gaulle generalaren plaza xehea, musika‑kiosko eta guzti. Haren ondoan daude Leon Bonnat lorategiak, margolariaren busto bat gailentzen delarik. Lorategi horietatik jo dezakegu merkataritza‑kale jendetsuetara: Thiers, Victor Hugo, Port Neuf... eta arkupe alaiak ikusiko ditugu.
Muinorako bidea hartuko dugu eta Château Vieux edo gaztelu zaharraren harresien ondoan ibiliko gara, udal‑artxibo eta ‑liburutegi ospetsuak ere ikusiko ditugu, gotzaindegia, Pasteur plaza eta hango magnoliak...
Katedrala
[aldatu]Katedrala bisitatzea izan daiteke gure ibilalditxoaren helburu. Erromatarrek leku horretan bertan jarri omen zuten Junori eskainitako tenplua. Dena dela, Ama Birjinari eskainitako katedrala da (Notre Dame), Frantziako gehientsuenak bezala. XIII. mendearen erdialdean egindako eraikin gotikoa da, Frantziako Champagne eskualdean eraikitakoen antzekoa, baina txikiagoa.
Erdiko nabeak triforioa du eta alboetako bi nabeak baxuagoak dira. Absideko habeartea du, hartara errazagoa da abside‑kaperetara sartzea. Aldare nagusia Carrarako marmolez egina dago, zilarrezko xafla bozelduak txertatuta. Gangako giltzarri batzuetan lehoinabarrak ageri dira, Ingalaterrako erregeen sinbolo. Beirate batzuk XV. mendekoak dira.
1641ean sute batek kalte handiak eragin zizkion eraikinari. Kanpandorreetako orratzak orain dela mende bat berritu zituzten. Klaustroa bilera publikoak, prozesioak eta liturgia‑ekitaldiak egiteko erabiltzen zuten, eta hilerri bezala ere bai. Besteak beste, han dago Leopoldine de Lorraine printzesaren hilobia. Klaustroko arkupea handia eta ederra da. Berritze‑lan batzuen ondoren, portada sakristiaren barruan geratu zen; haren arkibolta bat aingeru musikariez apainduta dago, eta haietako batek txistua eta danbolina jotzen ari da.
Paseoan aurrera
[aldatu]Lachepailleten pasatuko gara antzinako Boucherie dorrearen parean. N‑10 zeharkatuko dugu eta egoera onean duden harresiak eta lubakiak ikusiko ditugu, baita Espainiako Atea, eta XVII. mendearen erdialdeko iturria eta ermita, San Leonen martirioaren oroitzapenetan. Hiriaren zaindaria da San Leon, eta IX. mendean Baionako elizbarrutiaren gotzaina izan zen. Barruti horretan daude udal‑kiroldegiak eta Club Aviron Bayonnais elkartearenak.
Gotorlekuak utzi eta Paulmy zumardira aterako gara: euskal estiloko bizitza bakarreko etxe tipikoen ilara, lorategiak, parkeak, eta, atzean, harresia, eta Lehen Mundu Gerran hildakoen omenez egindako monumentua, Brasseurek diseinatua. Gertu dago Arenas zezen‑plaza. Esaten dute 1701ean Filipe V.ak bisita egin zuenean korrida bat antolatu zutela, Espainiakoen antzera. Harrezkero, kaleko entzierroen ordez korridak jartzen hasi omen ziren, pixkanaka.
Baiona Txikia
[aldatu]Mayou zubitik Baiona Txikira pasatuko gara (la Petit Bayonne). Aurrean dugu le Reduit, bi ibaietako urak ebakitzen dituen branka baten antzera. Baionarrek brontzezko monumentua egin zioten Lavigerie kardinal baionarrari, Afrikako apostoluari.
Kale tipiko bat hartuko dugu, rue Bourgneuf, Erdi Aroko Baiona Txikian sartzeko. Auzoak Lizeo Tekniko ederra du. San Andres eliza neogotikoa da, eta bi dorre zapal ditu, Parisko Notre Dame gogorarazten dutenak; barrualdean Ama Birjina ederra aurkituko dugu, Bonnatek egina.
Alboko plazan lineako autobusak egoten dira, barrualdeko herrietatik etorritakoak, horregatik inguru horretan euskara gehiago entzuten da. Aurrean dago Château Neuf edo gaztelu berria, XVII. mendekoa.
Bonnat museoa eta Euskal museoa
[aldatu]Federico Bastiat politiko gailenaren izena daraman kalean garrantzi handiko museoa dago: Bonnat museoa, instalazio modernoez hornitua. León Bonnat (1833‑1922) margolari baionar kementsuaren 142 artelan daude ikusgai. Artista bizirik zegoela sorterriari egindako dohaintza da: esmalteak, tapizak, marfilak eta artelan‑bilduma oso bat, haiekin museo bat sortzeko. Museoan ikus ditzakegu Egiptoko objektu etnografikoak, Rodinen eskulturak, Rembrandten eta Dureroren irarlanak, XIV. mendeko pintura erlijiosoak eta Flandesko, Alemaniako, Italiako, Espainiako eta Frantziako maisuen olioak.
Oso gertu, Errobi ibaian islaturik, Dagourette etxea ikusiko dugu, Errenazimentuko aurrealdea duena. Han dago Musée Basque kuttuna. Jasotako dohaintzei esker, 1934an inauguratu zuten, C.W. Boissel zuzendari zela. Arkeologiari eta etnografiari eskainitako atal oparoa du eta Baionako tradizioen artxibo bikaina.
Saint Esprit auzoa
[aldatu]Adur gaineko Saint Esprit zubi liraina, Baiona gaskoia eta Baiona euskalduna batzen dituena, zeharkatuko dugu. Zubiari izena eman dion auzoan trenbide‑geltoki ederra dago. Haren ondoan Espiritu Santuaren eliza txikia ikusiko dugu, gotiko berankorra. Egurrean zizelkatutako artelan ederra dago han, XV. mendekoa; Egiptoko ihesa irudikatzen du eta Bidaiarien Ama Birjina esaten diote. Auzoko Maubec kalean, berriz, sinagoga eta israeldarren hilerria daude.
Muino batean, Lesseps moilen parean, antzinako gotorlekua edo zitadela dago, XVII. mendekoa, Vauban nekaezinak egina.
Hiriaren inguruan paseo eta paisaia bitxiak daude, haietako batzuk Baiona, Angelu eta Biarritz (BAB) batzen dituzte. Zaila da hiru udalerrien mugak zehaztea, 100.000 biztanle eta 64 km2 dituen hirigune bakarra osatzen baitute.
Administrazioa
[aldatu]Politikaren eta administrazioaren esparruan, Pirinio Atlantikoen Prefekturaren mendean dago Iparraldea. Haren egoitza Pauen dago, eta Baionan suprefetura dago, nahiz eta azken ehun urteotan Baionako euskal prefektura sortzeko hainbat herri‑eskaera egin. Dena dela, Iparraldearen ardatz ekonomiko eta kulturala da Baiona.
Mugerrera, Bellocera eta Bastidara txangoa
[aldatu]Irten gaitezen hiritik, Adur edo Ibai onaren ezkerraldeko ertzetik (Hiriaren izena ere ez ote da Ibaiona?). Oraindik ere ikus daiteke zirga‑bidea (chemin de halage). Han zaldiek atoian eramaten zituzten gabarrak, ibaian gora igotzeko.
8 km‑ra Mugerre dago, muino batean. San Joan Bataiatzailearen elizak bi galeria ditu, trauskil landuak; olio interesgarriak ditu, pasarte historikoetan oinarrituak, eta disko‑formako estelak. Plazan daude Mahatcheverria eta Mikoltegi etxeak, euskal arkitektura bitxia dutenak; eta aldirietan, berriz, Agerria jauregia, fatxadaren alboetan bi dorre dituena. Toki gailenean monolito bat dago, kanoi txikiez inguratua, 1813‑1814an aberriaren alde hil zirenen omenez. Sekulako bistak.
Lehuntzeraino jarraituko dugu, han premostratenseek abade‑etxe bat egin zuten XII. mendean, Gers bizkondeak emandako lursailean. Abadiak 43 hektareako uhartea zuen, Adur ibaiaren erdian. Haien eliza erromanikoa ikus dezakegu, abside ederra duena. Bitxia da kanpai‑horma hirukoitza, Zuberoako elizek izan ohi dutenaren antzekoa.
Hurrengo udalerria Urketa da (Urcuit da izen ofiziala), bizileku xarmanta. Eliza txiki bat du; portada gotikoa da eta trauskil landutako frisoa du. Erdiko erretaula txikian San Esteban dago, hari eskainitako eliza baita. Hilarrien ilara ederra. Apartexeago, gaztelu bat dago: château de Souhy; eta, errepidearen ondoan Eyheraxarria errota eta zubia.
Ahurtira hurbiltzen garenean Adur ibaiaren handitasunaz ohartzeko aukera izango dugu, han goitik begiratuta. Ahurtik ere ibai‑portua izan zuen garai batean, eta, agian itsasminak eraginda, itsasontzi baten maketa jarri dute herritarrek eliza barruan.
Kilometro gutxi batzuk egin, eta Belloceko beneditarren abadiara iritsiko gara, euskal liturgiaren arragoa eta gregoriar kantuaren gotorleku. Komunitateak haztegi pilotua du ardi latxen esnearekin gazta egiteko. Inguruko ganaduzaleekin eta baserritarrekin batera, nekazaritza‑kooperatiba batean parte hartzen du. Segura kardinala Espainiatik kanpora bidali zutenean, Errepublika garaian, abadia horretan aurkitu zuen babesa. Eraikina modernoa da, antzinako estelak dituen hilerria ez bezalakoa. Frantziako agintariek 1903an dekretuz agindu zutenean beneditarren kanporatzea, Belloceko fraide batzuk Gipuzkoako Goierrira joan ziren eta Lazkaoko beneditarren komunitatea sortu zuten.
3 km soilik eginda, Bastida aurkituko dugu: plaza polita, etxe aterpedunak, eta Ama Birjinari eskainitako eliza, portada gotikoa eta alboko elizpe rustikoa duena. Kapelagile ospetsuen herri horretan, Gaztelatik eta Nafarroatik bidalitako hainbat judu sefardi jarri ziren bizitzen. Orain ere ikus daiteke hebrear hilerria, eta hilobietan izen hauek ageri dira: Isabel Gómes, Gaspar Lópes, Abraham Pas, Imaz abizena zuen andre bat, eta beste andre bat, haiek erabiltzen zuten egutegiaren araberako heriotza‑data idatzita (gure egutegian jarrita: 1785eko uztailaren 31).
Donibane Garazira txangoa
[aldatu]Barnealdeko errepidea hartuta, 56 km dira. N‑132 hartu behar da Larresororaino, eta handik aurrera N‑618.
Uztaritze
[aldatu]Uztaritze bisitatuko dugu. Errobi ibaiaren ibar emankorrean dagoen udalerria da, garai batean ibai‑portua zuena. Eskualdeko buru da gaur egun, eta Lapurdiko hiriburu izan zen sei mendez. Gaztelu zaharraren (gaur egun udaletxea) ondoko plazak gogora ekartzen ditu lapurtarrek Uztaritzen egin ohi zituzten biltzarrak. Aipatzekoa da metro batzuk harantzago dagoen etxea: Sekastenia, Lapurdiko etxe tipikoa, 1570ean eraikia.
Muino baten gainean elizbarrutiko seminarioa dago, eta San Frantzisko Xabierri monumentua, F. Bibersteinek egina. Jauregia ere ikus dezakegu, Garat anaien jaiotetxea. Domingo Garat (1749‑1833) “biltzarraren defendatzailea” historia‑liburuetan gehiago agertu ohi da; irakasle, enbaxadore, idazle eta legelari bezala gailendu zen, eta ministro izatera ere iritsi zen. Beste anai bati —Pedrori, hain zuzen— Frantziako Orfeoa esaten zioten, ahots aparta baitzuen.
Indianoek Ameriketatik itzuli ostean egindako etxe dotoreak eta jauregitxoak ageri dira. Adierazgarriena Lauta jauregitxoa izango da, 1876an Lautatik (Txile) itzulitako emigratzaile batek eraikia.
Oso gertu, goian eta ibilbidearen eskuinaldean Larresoro dago, entzutetsua makilak egiten dituztelako eta hango elizan Pietate hunkigarria dutelako.
Kanbo
[aldatu]Baina jarrai dezagun Kanbora. Etorbide zabalak ditu, eta lorategi ugari. Arretaz begiratzen duen bidaiariak galde dezake: hainbeste lorategi eta berdegune artean... non dago, ordea, herria?
Arnaga Museoa
[aldatu]Hiri‑bazterrean, erromantikoek hitzordua dute Arnaga etxe dotorean eta inguruko lorategietan. XX. mendearen hasieran eginarazi zituen frantziar antzerkigile eta akademiko Edmond Rostandek, Cyrano de Bergerac nobelaren egileak.
Arnaga etxea euskal arkitekturaren emaitza bikainenetako bat da, eta hango lorategiek, zuhaixkek, iturriek, urmaelek, pergolek eta glorietek Versaillesko kutsua dute. Leku baketsu horretan idatzi zuen Rostandek Chantecler, eta Arnaga izan zuen bizileku kuttun haren bizitza gaixoberaren azken hamabi urteetan, 1918an hil arte.
Gaur egun, lursail‑museoa Kanboko Udalarena da, eta jendea sar daiteke bisita egitera. Hau da idazlearen ongietorria, marmolean zizelatua: Gure urrezko argia partekatzera eta zeruertz aldakorren jaialdian parte hartzera zatozen hori, sar zaitez zure bihotzarekin soilik. Ez ezer ekarri mundutik, eta ez eman jendearen berriketen berri.
Kanboko San Laurendi elizaren inguruetan ibiliko gara. Lorategian hilarri bilduma jarri zuten. Bistak oso erakargarriak dira, Errobi ibaiaren sakonunea ikusten baita. Elizaren barruan San Leon irudikatzen duen estatua dago, Anne de Neubourg erreginaren oparia. Makabro samarra da, egia esan: lepoa moztuta ageri da San Leon, burua eskuetan duela. Edmond Rostanden oroitzapenetan monumentu bat jarrita dago Kanbon, eta idazlearen izena jarri zioten etorbide bati.
Itsasu
[aldatu]4 km soilik egin behar dira Itsasura joateko. Lapurdiko mugan dago, Artzamendi telekomunikazio‑gunearen ondoan. Itsasu polit horretan hazitako gereziak entzutetsuak dira Frantzian. Mila biztanle inguruko herri baketsua izan arren, badute kirol‑abiaziorako eta aeromodelismorako zelaia. Haren ondoan dago Haroztegiko Gurutzea.
Euskal Herriko udalerri gehienetan bezala, eliza gailentzen da: San Fruktuoso eliza handia da, eta dorrean orratza du. Hiru solairuko galeria zoragarria da, rustikoa eta zizelkatua. Karelean, alkatea esertzen den lekuan, hauxe jartzen du: Iaun Auzapeza. San Fruktuosoren tailu herrikoia korupean dago (Murtuts esaten diote). Albo batean tamaina handiko olio bat dago, eta uste da Murillok margotu zuela. Kanpoan, parterre baten gainean, Iparraldearen konpromiso politikoa adierazten duen harri zizelkatua: Itsasuko Ageria 1963. Oso gertu, Errobi ibaiaren ertzean, oso zulo bitxia duen harkaitza dago, ojiba‑itxurako atea dirudi eta Atekagaitz edo Pas de Roland esaten diote.
Bidean ikusiko dugu ibai garbi horretan arrain ugari dagoela; arrain‑haztegiak ere badituzte eta amuarrain irisatuak hazten dituzte.
Bidarrai
[aldatu]Nafarroa Beherean bisitatuko dugun lehen herria Bidarrai izango da. Zubi gotiko liraina du: Infernuko zubia edo pont d’Enfer. Iparla mendiaren laugune batean dago baserri‑gunea: enparantza, etxe batzuk, hilerria (eta hilarrien bilduma interesgarria) eta eliza erromanikoa. Bidarrai pozez zoratzen da Corpus zortziurrenaren jaia ospatzen dutenean.
Arrosa inguruko lurralde horietan mahastiak ageri dira. Orreagako fraideek ekarri zituzten lehen landareak eta gero hedatu dira. Ibaian sarritan ikusiko ditugu piraguistak, afizioa oso hedatua baitago inguru horietan.
Donibane Garazi
[aldatu]20 km inguru egin eta Donibane Garazira iritsiko gara, Nafarroa Behereko hiriburura. Lurraldeak 1.336 km2 ditu eta biztanle‑dentsitate txikia. 1530 arte Nafarroako Erresumako seigarren merindadekoa zen (bortuez bestaldeko merindadekoa) baina, erregearen erabakiz, Frantziaren eskuetan geratu zen.
Neurri handi batean, Donibane Garaziko hirigunea eratu zen Done Jakue bideko erromesei esker. Garaziko ibar alai horretan adorea hartzen zuten (eta makilak ere bai!) gero Orreaga beldurgarria zeharkatzeko.
Donibane Garazi oso gustura dago harresien artean. VIII. mendean bazituen harresiak, baina gaur egungoak, jakina, modernoagoak dira. Harresiak triasikoko harri gorriz eginak daude, eta barrualdean Jaso oinetxea dago (San Frantzisko Xabierren aitaren abizena). Parrokia‑elizan ojiba‑estiloaren arrastoak nabari dira, eta zitadelako kale pikoa oso txukun eta dotore galtzadatua dago. Alboetako etxeen ateburuetan idazkun interesgarriak ageri dira eta antzinakoena 1510ekoa da. Eraikin horietako bati Apezpikuaren kartzela esaten diote, Mendebaldeko zisman Avignongo aita santuen alde agertu zen apezpikua gogoan harturik. Harresiaren goialdeko ateak Done Jakue bidearen kalera ematen du, erromesen joan‑etorria aintzat hartuta.
Muinoaren gailurrean zitadela altxatzen da, haren diseinatzaile Vaubanen dotoretasun‑markarekin. 1936ko Gerra Zibileko exodoan Euskal Herriko ehunka haurrei ostatu eman zieten Donibane Garaziko zitadelan.
Errobi gaineko zubia, elizaren ondoan, Espainiako kalearekin lotuta dago. Hemen, Artizarra gozogintza‑lantegian gateau basque zoragarria egiten dute, ahoa ur egiteko modukoa... Ibaian gora zertxobait eginda, zubi erromatar eder bat aurkituko dugu, mendeetan iraun duena. Edozein zubitik ikusten dira amuarrain jolasti gainelikatuak, herritarrek eta bisitariek emandako jatenari esker.
Donibane Garazi Juan Huarteren sorterria da. Filosofo, mediku eta psikotekniaren aitzindari hori herrikidetzat hartzen dute Nafarroa Garaiko biztanleek; izan ere, Huarte jaio zen unean, Donibane Garazi Nafarroa Garaikoa zen. Huartek idatzitako Examen de Ingenios para las Ciencias liburua espezialitate horretako erreferentziazkoa da oraindik ere.
Halaber, Donibane Garazikoa da Naparroa Zaharraren Adiskideak kultura‑elkartea. Uda‑garaian, gainera, euskal pilotaren museoa bisitatu daiteke. Astelehenero azoka egiten dute, eta eskualde guztiko jendea biltzen da.
8 km eginez gero, Arnegiko mugara iritsiko gara, eta gero Luzaide, Ibañetako gaina, Orreaga... Arnegin Karlos VII.ak itzuliko zela agindu zien jarraitzaileei (¡Volveré!) baina ez zen inoiz itzuli. Denbora izanez gero, txangoa luzatu daiteke: Auritz, Aiz, Iruña...
Aisia eta festak
[aldatu]Uda‑garaian, ibilaldi turistikoa egiten duten itsasontziak (“bateau mouche”) ateratzen dira Baionako portutik (Quai Mousserolles) eta Adur ibai emaritsuan gora 30 km egiten dituzte Peyrehoraderaino iristeko. Adur ibaia Pirinio Garaietan sortzen da, Tournieten, eta 338 km egin ondoren iristen da Baionako bokalera.
Abuztuaren lehen astean festa‑giroa nagusi da hirian: fanfareak, zezenak, kermezak, su artifizialak.
Uda‑garaiko ostegun iluntzetan De Gaulle plazako kioskoan Harmonie Bayonaise musika‑bandak doako kontzertua ematen du.
Uztailaren erdialderako nazioarteko folklore‑jaialdia antolatu ohi dute.
Angelu
[aldatu]Baiona eta Biarritz ezagunen artean ezkutuan gera daiteke Angelu. Bi udalerri horiek alboan dituela, zaila da mugak zehaztea. Izan ere, BAB hirigune sendoa da, eta Lapurdiko biztanleen erdia baino gehiago hortxe bizi da.
Baina Angeluk 26,5 km2 ditu; hortaz, zabalagoa da Baiona baino, eta Biarritzen azaleraren bikoitza du. Gainera, Angeluren itsasertza luzeagoa da haiena baino: Adur ibaiaren bokalean hasten da Angeluko hondartza eta San Martin lurmuturreraino iristen da, Biarrizko itsasargia dagoen lekuraino, hain zuzen.
Angeluko geografia askotarikoa da: iparraldeko itsasaldetik hasi eta nekazaritzan eta abeltzaintzan oinarritutako barrualdeko lurraldeetaraino, Arrangoitze eta Basusarri udalerrien mugan.
Angelu, garai batean, baso hostotsua izan zen; gero, pixkanaka, baso hura desagertu da, zuhaizti batzuk irauten badute ere. Ontzioletara eramandako egurrak eragin handia izan du pobretze‑prozesu horretan.
Angeluko ia itsasertz guztia hondartza da, zertxobait hautsia, itsaso zabaleko olatuen erasoa pairatzen duena. Atzealdean, berriz, dunak dauzka. 7 km‑ko hondartza hori kai‑mutur artifizial batzuen bidez banatuta dago. Hondartza‑zati bakoitzak izena, sarbidea (dunen artean), aparkalekua, eta bainu‑zerbitzuak ditu. Hondartzen izenak hauek dira: Cavaliers, Chiberta, L’Océan, Sables‑D’Or, Madrague, Marinela, Kortsarioak, Petit Chambre d’Amour eta Chambre d’Amour.
Azken hondartza horrek San Martin lurmuturrarekin bat egiten du, bihurgune bat eratuz. Angeluren mendebaldeko muturrean geratzen da, eta, ziur asko, bitxiena da. Chambre d’Amour esaten diote, behin batean ezusteko itsas kolpe batek bikote maitemindu bat eraman baitzuen, hondartzan besarkaturik zeudela, itsasoari begira.
Pierre de Lancrek, Inkisizioko epaile ankerrak, eskuetako hatzak ere sorgin bihurtzen zitzaizkionak, 1609an ez zituen begi onez ikusten hondartza horretara joaten ziren bainu‑hartzaileak... Gaur egun, familientzako oporretarako gunea da, maien arkitektura inspirazio‑iturri duena, eta estatuaren eskuetan dago.
Angeluko hondartzarik ezagunena Chiberta da, dunetan eraikitako turismo‑gunea, itsasertzetik ehun bat metrora. Hotel erosoak eskaintzen ditu, eta igerilekuak, tenis, 18 zuloko golf‑zelaia, patinatzeko pista, eta Chibertako aintzira lasaitzailea, ur gazia duena, guzti‑guztia pinuz inguratua.
Errepidearen, hondartzaren eta Adur ibaiaren bokalearen artean daude hipodromoa, uso‑tiroa eta Bocau aintzira txikia.
Pinu asko harean erroturik, bizitza bakarreko etxe xumeek, etxe dotoreek, eta paseatzeko leku zoragarriek osatzen dute Chiberta eta Chambre d’Amour, biak ere moda‑modakoak, XIX. mende ludikoan jet society eta abar etortzen hasi zirenetik.
Bost bideen elkargunetik (horregatik esaten diote Cinq Cantons) hirigunera sartuko gara eta San Leon eliza aurkituko dugu, XVI. mendekoa; haren ondoan hilerri zaindua, eta udaletxe modernoa, Andaluziako estiloko patioa duena, eta parke publiko bikaina, eskultura batzuekin apaindua.
N‑10 zeharkatzea nahikoa da Parmako aireportura iristeko, eta haren zati handi bat Angeluko lurretan dago.
Kilometro bat egin aurretik Brindos aintzira aurkituko dugu, eta haren uretan islaturik Brindos gaztelua. Ingurua ederra da eta gazteluko gela atseginak jatetxe ospetsu bihurtu dira.
Baiona‑Angelu‑Biarritz elkarlotuta daude BAB bulebarraren bidez. Sarbide azkarra eta oso erabilia da hainbat lekutara iristeko: auzo jendetsuetara, hipermerkatuetara eta Adur ibaian dagoen portura (Baionari dagokion atalean deskribatu dugu portua).
Festak
[aldatu]Herriko festak martxoaren lehenengo igandean egin ohi dira. Abuztuaren bigarren astean Euskal kirolen astea izaten da. Uda‑garaian txirrindulari‑lasterketak, xistera‑partidak Trinitatean, nazioarteko petanka‑lehiaketak, Neptunoren festa Chambre d’Amour hondartzan, kermezak, musika‑jaialdiak...
Getaria eta Bidart
[aldatu]N‑10 errepide berean, Donibane Lohitzune eta Biarritz artean Lapurdiko bi herri eder ikusiko ditugu, Donibane Lohitzuneren kantoikoak: Getaria eta Bidart.
Getaria
[aldatu]Etimologo batzuen aburuz, Getaria toponimoa gaskoitik hartutako guaita hitzetik dator eta zelatari esan nahi du. Atlantikoko arrantzaleek eskuarki erabiltzen dute hitza da. Geta-herria (forma laburutua: Getaria) herri zelataria izan zitekeen. Orain dela urte batzuk itsaslabarraren gainean erraz ezagutzen ziren baleak zelatatzeko erabilitako dorre edo talaiaren aztarnak. Udal‑zigiluan ere balea ageri da.
Gaur egun, Getaria garbi horrek eta bertako hondartza erauntsiek milaka kanpotar eta turista erakartzen ditu, uda‑garaian behintzat. Surfa eta urpeko arrantza atsegin dutenentzat oso egokia.
XII. mendeko agirietan agertzen da lehen aldiz Getaria, nekazarien herria eta balea‑harrapatzaileen talaia. Geroago, arrantza konbentzionalean aritu ziren; portu txiki‑txiki bat erabiltzen zuten, eta haren hondoan area zegoen. Gaur egun laketontziek soilik erabiltzen dute, eta ontzientzako arrapala ere badute.
Badirudi mundu honetako eta besteko botereek udalerriaren 11 km2 banatu dituztela: udaletxea geratu da bainu‑hartzaileen, trenbidearen eta hondartzetarako bidearen inguruan. Aitzitik, San Nikolas eliza garai bateko herrigunearen muino gainean geratu da, inguruan hotelak eta bizitza bakarreko etxe xarmantak dituela. Elizak harrizko kanpai‑horma du, eta barruan pietate bat, oso trauskil landua. Albo batean busto bat dago: Mugaburu monsinorea (1850‑1910), Getariako semea eta Tokioko artzapezpikua.
Txoko lasai honek, Pirinio aurreko berde gozoan ageri diren etxe zuriekin, bisitarientzako hotelak ditu, haietako batzuk lorategi eta guzti, esate baterako Pereria, lorategi ederra duena.
Bidart
[aldatu]Gaur egun Bidarteko jarduera nagusia turismoa da, eta garai bateko alpargatagile trebeak ere oroitzapenen kutxan gordeta daude. Bidartek hainbat hotel ditu, kanpinak ere bai, eta bainuetxe bat, ur sendagarriak dituena.
Ozeanoa eskuzabala izan zen Bidartekin, hondartza zabal‑zabalak eman zizkion, eta itsasertz harroa, arimaren begientzako ikuskizun aldakorra.
Itsasoa ikusten gozatzeko, iradokitzen dugu paseo bat egitea Santa Magdalena ermita xumeraino. 1820an zaharberritu zuten. Begiratoki aparta du itsaslabarra eta landazabala ikusteko, urrutian Matxitxako eta Pirinioak ere ikusten dira.
Herrigunea oso tipikoa da: enparantza, pilotalekua, eliza eta haren inguruko hilerria eta 1937an eraikitako udaletxea (Herriko Etchea), euskal arkitekturaren arabera egina. Udal‑armarriak adierazten du bidea hautatzean izan behar dugun irizpidea:
Santiago apostoluaren elizan egurrezko tailua gurtzen dute, Compostelara begira Bidart zeharkatzen zuen erromes‑andanaren oroitzapenetan. Elizan jende gehiago sar daiteke lapurtarren asmakizun bati esker: elkarren gaineko galeriak gizonentzako. Egurrez estalitako gangatik zintzilik dago korbeta baten erreprodukzioa, bela zuriak eliztarren kantuekin puztuta.
Oso orijinala da serbiar estiloko bataiontzia, Serbiako Natalia erreginaren oparia; izan ere, XX. mendearen hasieran Sachino jauregian bizitu zen erregina.
Hilarri artistiko batean hauxe jartzen du:
Eusko Jaurlaritzak Espes baroiaren jauregia alokatu zuen 1938an, ospitale eta gerrako elbarrien errehabilitazio‑zentro izan zedin. Agian horregatik daude gudari askoren hilobiak Bidarteko hilerrian.
Herriko plazan, pilotalekuaz gain, minigolfa ere badago. Ilbarritz auzoan, berriz, zaldi‑eskola dute, eta zaldiak alokatzen dituzte inguru erakargarri horietan ibiltzeko.
Arbonara eta Ahetzera paseoa
[aldatu]Landazabal alaira joko dugu, Arbona bisitatzera. Mila biztanle pasatxo ditu, eta haietatik asko beste leku batzuetara joaten dira lanera. Orocenne moda‑sortzailearen Plan Cousutex jauregian eta haren lursail zabaletan gutxiagotuentzako zentro bat jarri dute. Beste jauregi batzuk ere ikustekoak dira, esate baterako Pouy, eta Argizagita, hotel bihurtua. Istrikanea etxeak (1751) ateburu landu bitxia dauka.
Eliza eta haren kanpai‑horma handia gailentzen dira herrigunean. Ederki egindako pietatea ikus dezakegu, XVI. mendekoa, eta bataiontzi erromantikoa.
Hurrena bisitatuko dugun herria Ahetze da. Bista bikainak ditu, eta artasoroak, eta belardiak... eta bake handia. Hilerrian Mattin Treku bertsolari zorrotza, bigarren karlistadan Gipuzkoatik etorritako errefuxiatuen ondorengoa. San Martin elizak, karez erabat zurituak, margolan‑erretaula barrokoa dauka. Prozesio‑gurutzea oso baliotsua da, metal bitxiez egina, eta apaiz‑etxean jasotzen dute, jakina.
Festak
[aldatu]Getariako festak abenduaren 6an dira, San Nikolas egunean, baina hurrengo igandean ospatzen dituzte. Bidarteko jaiak abuztuaren 15, 16 eta 17an ospatzen dituzte: arrantza‑lehiaketak, atxiki handia, musika‑kontzertuak, dantzak, suzko zezena.
Biarritz
[aldatu]Erdi Paleolitoko harriak aurkitu eta aztertu dituzte, eta badakigu historiaurrean jada jendea bizi zela Biarritzen.
Aipamen zaharrenetakoa kartularioan ageri da (Baionako Urrezko liburua, 1186koa). Bearids idazten dute, eta urte batzuk beranduago Beiarrids.
Hasierako hirigunea hegoaldean zegoen, goialdean eta barrualdera, San Martin eliza dagoen tokian, hura da, izan ere, zaharrena.
Biarritz udalerri independentea da; 1784 arte elizgizon batek, lau zinpekok eta hamabi diputatuk gobernatzen zuten hiria. Diputatuak demokratikoki hautatzen zituzten: lau auzo zeuden (Portua, Bustingorri, Hurlaga eta Alto) eta haietako bakoitzean hiru diputatu hautatu behar zituzten. Diputatuek, berriz, abadea eta zinpekoak hautatzen zituzten. Udaletxerik ez zutenez, elizaren ondoko areto batean biltzen ziren. Bertaratuak sartzeko adina lekurik ez zegoenean, hilerrian egiten zuten bilera. Garai hartan 1.700 biztanle inguru zituen Biarritzek.
Balea‑harrapatzaileak
[aldatu]Biarritz kosmopolita eta dotorea balea‑harrapatzaile ausarten eta nekazari etsien herrixka izan zen, bai horixe!
Balearen harrapaketari buruzko aipamenek betetzen dituzte Biarrizko artxiboetan jasotako dokumentu, akta, eta protokolo gehientsuenak; izan ere, bertakoen jarduera nagusia zen. Horrenbestez, udalaren armarrian balea ageri da, eta bost marinelek osatutako ontzi bat, guztiak ere txapela buruan dutela, arpoia botatzeko prest. Idazkun hau jartzen du:
Aura, sidus, mare, adjuvant me. (Aireak, izarrek eta itsasoak laguntzen dvidate.)
XII. mendeaz geroztik, liskar ugari izan dituzte baionarrekin, Ingalaterrako erregearekin —Lapurdi haren eskuetan egon zen— eta Baionako apezpikuarekin. Ia auzi guztiek baleen harrapaketarekin zerikusia zuten. 1284an Lapurdiko agintari eta Akitaniako dukeak aitortu zion Biarritzi baleak harrapatzeko eskubidea, balea bakoitzeko 10 libra ordainduz gero, katedralari eman beharreko hamarrenez gain.
Erdi Aroan, eta Aro Modernoaren hastapenetan ere bai, talaiariak Biarrizko portuko La Humade dorretik begiztatzen zuten itsasoa, balea noiz ikusiko. Ikustea lortuz gero, herrikideei albiste ona jakinarazteko, lasto bustia erretzen zuten, kea nabarmena izan zedin. Dorre hura bota zuten, ordea. Balea‑harrapaketaren eszena horiek errealismo handiz kontatu zituen Andrea Navagerok, Biarritzen 1528an egon zen bidaiari eta idazleak.
XVI. mendean, baleak inguru hauetan pairatzen zituzten erasoengatik‑edo beste leku batzuetara alde egin zutenean, Lapurdiko balea‑harrapatzaileek Atlantikoa zeharkatu zuten haien atzetik, eta Labrador penintsulan eta Ternuan egiten zituzten denboraldi batzuk. Gero, Ternuan bakailaoa harrapatzen hasi ziren, baleen ordez. Mende bat geroago, Amerikako kostaldean arrantzatzeko debekuagatik, eta ingelesen eta holandarren konpetentzia gogorraren ondorioz, Biarrizko arrantza‑ontziak urritzen hasi ziren eta gaur egun ia ez dago arrantza‑jarduerarik.
Bainu‑hiria
[aldatu]XVIII. mendearen erdialdean hiriak aldaketa funtsezkoa eta atzerakorik ez duena hasi zuen, eta urrats haien emaitza da gaur egungo errealitatea: mundu osoan ospe handia duen bainu‑hiria.
Frantses iraultzaren ostean, itsasoan bainatzea ez da jada erotuta dauden pertsona bakar batzuen joera, eta Napoleon Bonaparte berak aurreiritziak apurtu zituen eta Euskal Herriko itsasertzeko uretan sartu zen. 1840an Biarrizko udala turismoa sustatzen, erakartzen eta antolatzen hasi zen, itsasoa maite dutenek hain gogoko duten leku horretan.
Victor Hugoren idazluma erromantikoak “Alpeak eta Pirinioak” liburuan konplimendu hauek esaten dizkio Biarritzi:
(Munduan ez dut ezagutzen lekurik, Biarritz baino atseginagoa eta bikainagoa denik. Neptuno zaharra inon ez dut ikusi Zibele zaharra hainbesteko indarrez, pozez eta handitasunez botatzen. Kostalde hau guztia marmarraz beteta dago. Gaskoniako itsasoak karraskatzen du, urratzen du, eta uharrietan luzatzen du haren xuxurla mugagabea. Biztanle atseginak eta etxe zuri alaiak, duna zabalak, harea fina, haitzulo galantak eta itsaso harroa, Biarritz leku zoragarria da. Nire beldur bakarra da modan jartzea. Hala gertatuz gero, Biarritz, herri basati, landatar eta oraindik ere zintzo hau diru‑gose izango da. Biarritzek makalak jarriko ditu muinoetan, barandak dunetan, eskailerak amildegietan, kioskoak harkaitzetan, eserlekuak haitzuloetan, prakak turisten soinean).
Onerako edo txarrerako, Victor Hugoren profezia bete zen. Biarritzek makalak, tamarindoak, hortentsiak, arrosondoak eta pitosforoak landatu zituen ezponda eta muinoetan; barandak jarri zituen dunetan; lubakiak estali zituen eskailera dotoreekin... eta lurraren espekulazioarekin eta diru‑gosearekin kutsatu zen.
Horretan lagundu zuen 1838an estreinakoz etorri zen ilehori distiratsu batek. Azabatxe‑koloreko begi zoragarriak zituen eta erregina planta: Eugenia de Montijo, espainiar emakume ederra. Urte batzuk geroago Frantziako koroa jantzi zuen, Napoleon III.arekin ezkondu baitzen. Bikote inperialak 1855etik 1868ra bitarteko udak Villa Eugenia luxuzko etxe zoragarrian pasa zituen.
Errepublikako agintarien presentziak eta Paris‑Hendaia trenbidea martxan jartzeak eragin zuen Biarritz izatea Europa guztiko turismo‑gunerik gailenena. Hondartzen erregina erregeen hondartza bihurtu zen: Suediako Oskar II.a; Belgikako Leopoldo, ibiltari nekaezina; Errusiako enperatriza, Nikolas II.aren ama; Austriako Elisabeth, patu tragikoa izan zuena; Serbiako Natalia, eta haren seme gaixo Alejandro; Ingalaterrako Jorge V.a; Eduardo VII.a eta Ingalaterrako Viktoria erregina; Espainiako Alfontso XIII.a. Aristokratak, Europako eta Hego Amerikako aberatsak, aktoreak... goi‑mailakoak Biarritzen elkartzen ziren uda‑garaian, eta biztanleen kopuruak nabarmen gora egin zuen: 5.500 biztanle izatetik 18.000 izatera. XIX. mendearen amaieran 50.000 udatiar biltzen ziren Biarritzen.
Turista apal eta harroek Biarrizko itsasaldea laudatzen dute: Bidarteko mugan dagoen hondartzatik (Plage des Basques) San Martin lurmuturreraino. Han 44 m altuko itsasargi zuria dago, 1834ean eraikia Luis XIV.ak eginarazi zuenaren ordez.
Hainbat hotel egin zituzten, udal‑kasinoa ere bai, Bellevue kluba eta kasinoa 1857an ireki zituzten, talasoterapia‑etxea, eta luxuzko etxe zoragarriak. Paris eta Londoneko luxu handiko dendek saltokiak jarri zituzten Biarritzen ere, eta hirian 36 egunkari txiki argitaratzen zituzten.
Itsasertzean paseoa
[aldatu]Biarritzko momumenturik aipagarriena natura bera da. Horrenbestez, iradokitzen dugu Belgikako Leopoldoren antzera etengabe ibiltzea, eta Santa Eugenia plazatik eta haren inguruetatik ikusten dugunarekin harritzea eta gozatzea. Izen bera duen tenplua neogotikoa da, eta Eugenia de Montijoren desioa izan zen hura eraikitzea. Elizaren barruan gailentzen da la femme á la fleur estatua, Real del Sartek egina. Harkaitz ikusgarrien uharria saihestuz uzkurtzen da kirol‑ eta turismo‑portu txikia. Ez da garai bateko portua, berria baizik. Lehengo portua hemiziklo itxurako senaia txiki bat da orain; hirian sartuta dago eta bainu‑hartzaileek eguzkia hartzen dute han, ipar‑mendebaldetik babestuta.
Arreta berezia merezi du Rocher de la Vierge harkaitzera egin beharreko bisitak. Uharri ausarta da, itsasoan sartzen dena. Pasagune metaliko batetik irits gaitezke haraino. Harkaitzaren gainean Ama Birjina dago, eta gurutze bat ere bai, La Surprise ontzia XIX. mendearen amaieran hondoratu zenean desagertu ziren guztien oroitzapenetan.
Begiratoki bitxi horretatik ikusten da Iparraldeko kostaldea, Aiako Harriaren hiruhortza, Larrungo euskal akropolia, Jaizkibel soildua, eta Gipuzkoako hainbat mendi, argi more misteriotsu batez inguratuta.
Ama Birjinaren harkaitza utzi, eta, haren parean, Itsasoko Museoa ikusiko dugu, 1933an ireki zutena. Ikerketa hidrobiologikoen zentro garrantzitsua da eta aquariuma ere badu.
Bellevue kasinotik aurrera, mendebaldetik ekialdera, Hondartza Handia dago. Hótel du Palais parean Miramar hondartzarekin elkartzen da, eta hura San Martin lurmuturreraino iristen da. Hondartza ospetsuaren alboetan harkaitz handiak daude. Gainera, oinezkoentzako pasealeku zabala dago, udal‑kasinoaren arkupeak oso atseginak dira eta Enperatrizaren lorategiak ikusgarriak.
Hondartzaren lehen lerroan ageri da Hótel du Palais bikaina, inguruan lorategiak ditu eta burdina‑hesi artistikoa. Viktoriar garaiko beste eraikinek bezala, hotelak izen ona ematen dio Biarritzi.
Ingalaterrako Viktoria erregina betikotu zuen Real de Sartek monumentu batean. Errusiarrek badute tenplu ortodoxoa, juduek sinagoga, eta turistek ehun bat hotel, ostatu, dantzaleku eta kafetegi jendetsu.
Itsasertzeko kaleek eta denda tentagarriez betetako bulebar ederrek ere nagitasunera gonbidatzen gaituzte, dolce far niente... Biarritzek (alemanek okupatua) aliatuen abiazioaren 1944ko martxoaren 27ko bonbardaketaren ondorioak pairatu zituen eta 150 zibil hil ziren.
Arrangoitzera txangoa
[aldatu]Frantsesek Arcangues esaten diote Arrangoitzeri. Hara joateko la Négresse auzorako bidea hartuko dugu. Han dago tren‑geltokia, baita Mouriscot aintzira ere. Hala deitzen diote 1611n Espainiatik bidalitako 40.000 moriskoetatik ehunka batzuk aintziraren ertzean babestu zirelako. Bihotzeko aldizkariek diote Alfonso XIII.ak aintzira horren ertzean ezagutu zuela gero haren emazte ospetsua izango zena: Viktoria Eugenia Battenberg.
4 km‑ra dago Arrangoitzeko herrigunea, nekazaritza‑girokoa herri txikia eta bizileku atsegina. Lapurdiko barrualdean dago. Luis Mariano abeslari irundarrak Arrangoitzen zeukan txaletean pasatzen zituen oporrak, eta bertako hilerrian lurpera zezatela eskatu zuen. Haren hilobiak beti izaten ditu lore jarri berriak. Edertasuna hainbeste laudatu zuen abeslaria gogoan dute jarraitzaileek...
Hilerria benetako lorategia da, zenbait terrazatan antolatua dago, leku maldatsuan baitago. Bistak apartak dira. Hilerri‑lorategi horretan ikus daiteke Lapurdiko disko‑formako hilarrien bildumarik ederrena.
Alboko elizak bi galeria edo tribuna ditu, presbiterioraino iristen direnak, oso landuak. Aipatzekoak dira aldarearen alboetako bi aingeruak, egurrez ederki eginak, eta brontzezkoa dirudien argi‑armiarma. Halaber, terrakota esmaltatuzko via crucis original bat ere ikus dezakegu.
Eliza, pilotalekua, ziklope tankerako harrizko bi mahaiak, Herriko Etxea, eta eskolak. Multzo polita osatzen dute benetan.
Arrangoitzeko markesen jauregian jarri zuen behin‑behineko kuartel Wellington jeneralak.
Festak
[aldatu]Biarrizko festa nagusiak azaroan 11n ospatzen dituzte, San Martinen omenez.
Egun horretan Confrérie de l’Operne de Biarritz erakundeko zaldun berriak izendatzen dituzte. Lanperna da haien logotipoa eta itsasoko ekologiaren alde lan egin duten pertsonak hautatzen dituzte.
Turismoan oinarritutako hiria izanik, uda guztian ekitaldi ugari izaten dira, bata bestearen atzetik: pilota‑jaialdiak, hipika‑lehiaketak, errezitaldiak eta kontzertuak, folklore‑jaialdiak, uretako eski akrobatikoa, itsas bidaiak, ikuskizunak, errugby‑txapelketak, zezenketak eta gau‑festak.
Donibane Lohizune
[aldatu]Zalantzarik gabe, Lapurdiko kostaldean identitate euskalduna hobekien gorde duen herria da.
Donibane Lohizune XII. mendearen hasierako dokumentuetan agertzen da. Herrigunearen hastapenak arrantzari lotuak izan zirela uste dute askok, baina garai haietan nekazaritza zuten jarduera nagusi.
Nafarroako erregearen tropek Donibaneko parrokia‑eliza hartu zutenean, 1245ean, nekazaritza soilik aipatu zuten. Etxe dotoreak eta nekazaritza‑etxeak barrualdeko auzoetan zeuden: Akotz, Jalday, Fagonda, Urthaburu, Fagozu. Horrenbestez, itsasoari lotutako jardueren berririk ez dugu.
Itsasoari eta arrantzari lotutako tradizioa
[aldatu]Iparraldeko artxiboetan beti ere zokomiran, Goyenetchek aurkitutako itsasgizon donibandar antzinakoenak 1545ekoak dira: Martin de Barreyne (Saintserro baleontziaren armadorea); Johannicot Etchauesten (Saint Joan de Bus baleontziaren patroia; eta Pellento de Reparatse, aurrekoen kidea.
Euskal itsasgizonak Mundu Berriaren itsasertzera lehenago iritsi al ziren Kristobal Kolon bera baino?
Frogagiririk ez dugu oraingoz, baina ez da harritzekoa baleak harrapatzetik soilik bizi ziren itsasgizon trebe haiek, balea harrapatzearekin itsututa, Atlantikoaren beste ertzeraino iristea, aurkitzaile ofizialari aurrea hartuta.
Ternuako hegoaldeko Saint‑Pierre eta Mikeluneko biztanleak Donibane Lohizune inguruko arrantzaleen ondorengoak dira. Garai hartako arrantzaleak baleen bila joan ziren, eta baleak desagertzen ziren heinean, bakailaoak harrapatzeari ekin zioten. Bakailaoa aurkitzean ur handitako arrantza garatu zuten, eta hari eskerrak suteak eta bestelako zoritxarrak gainditu zituen Donibane Lohizunek.
1558an gertatutako lazeriaren ondoren (Ezkerrenea etxea soilik salbatu zen), eraikitzeari ekin zioten: parrokia‑eliza, udaletxea, langile eta marinelen etxe xumeak, eta armadoreen eta kortsarioen etxe dotoreak eraiki zituzten, denetarik baitzegoen hirian.
Horrenbestez, sorginen harrapaketa gainditu ostean, XVII. mendea urrezko mendea izan sen Donibane Lohizunerentzat. Aitzitik, XVIII. mendea aurkakoa izan zen, batez ere itsasgizonentzat. Izan ere, 1708an berebiziko ekaitza pairatu zuten, kronika batzuetan itsasikaratzat jo zutena. Ekaitzak euste‑hormak apurtu zituen, etxeak eraitsi zituen, eta herria urpean gelditu zen.
Bost urte geroago, Utrechko Itunaren ondorioz, Frantziak Kanada eta Ternua galdu zituen. Holandarrek eta ingelesek indar handia hartu zuten itsasoan; eta, gainera, iraultza hasi zen, eta portua geldirik geratu zen. Sardinaren arrantza eta haren kontserbagintza izan ziren salbuespen bakarrak, itsasertzean bertan harrapatzen zituztelako. Hainbeste zoritxarrekin atsekabeturik, familia askok erabaki zuten beste udalerri batera joatea. Hortaz, XVIII. mendean, Donibane Lohizuneko biztanleen kopurua ia erdira jaitsi zen: 4.000 biztanle izatetik 2.440 izatera.
Gaur egun, hiritarren kopuru handi bat bizkaitarren eta gipuzkoarren ondorengo dira. Haietako batzuk karlistadetan hemen babesa aurkitu zuten, eta beste batzuk arrantzale profesionalak ziren.
Arrantza oso errotuta dago Donibane Lohizunen, eta artisau‑arrantzaren alorrean Iparraldeko portu nagusia da. Ontzi batzuk Irlandako uretan ahalegintzen dira behin eta berriz denboraldi bakoitzean. Ontziak margotzeko kolorerik kuttunena urdina dute, antza.
Hirigunea
[aldatu]Ugarana (La Nivelle) ibaiaren bokaletik gertu uzten dituzte kirolerako eta aisialdirako txalupa motordunak, kanoak eta bailandrak. Halaber, portu horretatik itsasoratzen dira udako itsas bidaiak egiten dituzten ontzi txikiak.
Zeruertzean Larrun mendiak babesa ematen diola, herri tipiko hori abaroan dago ozeanoaren ertzean. Nortasun handiko kaleak ditu: Gambetta, Mazarino, Thiers, Sopite, Balearena, Luis XIV.aren plaza, eta arrantza‑portua ere bai.
Egurrezko habe eta panelak dituzten etxe garbi eta behin eta berriz margotuen ilaran azpimarratzekoa da Lohobiague jauregia, fatxadaren alboetan bi dorre dituena. Luis XIV.aren jauregia ere esaten diote, etxe horretan ostatu eman baitzioten. Gaur egun museoa da. Haren ondoan udaletxe polita, 1635ean eraikia, kanpai‑hormarekin, ordara jotzeko. Kapitulu‑gelan Errenazimentuko Santiago erromesaren irudi baliotsu bat dago, eta Ramiro Arrue margolari bizkaitarraren hiru olio. Sarrerako mailadian, brontzezko Luis XIV.ak zaldi gainean gogora ekartzen digu hemen ezkondu zirela zibilez Errege Eguzkia eta Espainiako Maria Teresa printzesa.
Portuko uren gainean Haraneder jauregitxo bikaina, edo Juanoenia, Infantearen etxea izenez ezagunagoa, fatxada harlanduz egina, harri zuriak eta gorriak nahastuta. Metro gutxitara, Mazarino kaleko 2. zenbakian Granga Baila etxe ederra dago;Wellingtonek etxe horretan jarri zuen kuartel nagusia 1813an. Hurrengo kalea bitxia da, plaza eta hondartza elkartzen ditu eta Errepublikaren kalea izena du; kale horretan dago lehen aipatu dugun Ezkerrenea etxea, hiriko zaharrena.
Gambetta kalearen 18. zenbakian, elizaren aurrean, Labrouche etxea dago, Josep Labrouche kortsarioarena, Donibane Lohizuneko alkatea 1808tik 1853ra.
San Joan Bataiatzailearen eliza
[aldatu]Oinezkoentzako Gambetta kale tentagarriaren erdialdean dago San Joan Bataiatzailearen eliza. Antzinako eliza gotikoa zegoen tokian eraiki zuten. 1660ko ekainaren 9an, Luis XIV. eta Maria Teresaren arteko ezkontza kanoniko arranditsua ospatu zutenean eliza bukatu gabe zegoen. Esate baterako, errege‑gorteak erabili zuen atea hormatua dago eta gaur egungoa, gotikoa inspirazio‑iturri duena, askoz ere beranduago egin zuten.
Barrualdea Lapurdiko elizen prototipoa da. Hiru galeria bikain ditu, absiderantz; karelak eta balaustreak egur landuaz eta torneatuaz eginak. Hiru solairuko koru aparta berriz eraiki zuten 1856an, Napoleon III.aren aginduz.
Jasotako presbiterioan dago Lapurdi guztiko erretaularik bikainena. Martin de Bidacheren artelana da, edota, zehatzago esateko, haren tailerrean egindakoa. Horma‑hutsarteetan irudi hunkigarriak daude, gubia desberdinez eginak. San Leon, elizbarrutiaren zaindaria, eta San Roke, erromesen babeslea, betikotuta daude. Presbiterioaren azpian sakristia dago, errege‑opari baliotsuen gordeleku.
Alboko erretaula batean ikustekoa da Errege magoen adorazioa, Restou margolariaren artelana, 1727an egina. Jaiokundea ere olioz ederki egindako lana da, eta egurrezko argi‑armiarma urreztatuak, brontzezkoen itxurakoak. Halaber, ederki zizelkatua dago munstroek eutsitako pulpitua.
Nabe zabal bakarrean ofrenda bat zintzilik dago eta El Águila itsasontzi inperialari dagokio. Eugenia de Montijo ontzi horretan ibiltzen zen eta galerna batean ia‑ia bizia galdu zuen. Organoa, Gérard de Rodezek egina, errege‑ezteietako berbera da. Korura sartzeko kanpoko harrizko eskailera erabil daiteke; burdinazko karel artistikoa du, Pierre Etcheverryk forjatua, Akotzeko errementariak. Oktogono‑formako kanpandorrearen oinarria atari modukoa da, eta bi kaletara ematen du. Elizako liturgiaren zati handi bat euskaraz egiten dute.
Paseoan
[aldatu]Gainerako kaleak baino altuago propio egindako hiribide batek apaintzen du Donibaneko hondartza. Ozeanoak errespetatu du, gizakien irmotasunari esker, erasoak menderatzeko teknikak lagun. Ibaia bideratu zuten, eta Sokoa, Artha eta Santa Barbara dikeek baretu zuten itsasoaren oldarra; hartara, gaur egungo bainu‑hiria eraiki ahal izan zuten.
Ducotenia museoa ez da jada existitzen. Hiria bera, ordea, benetako museo bizia da, tradizioaren eta berrikuntza kirrinkarien nahasketa bitxia. Done Jakue bideko erromesek ospitalea zuten Donibanen, eta ibiltari modernoek dozenaka hotel, jatetxe eta kanpin. Azkainera, Sarara, Zugarramurdira eta Baztanera txangoa
Donibane Lohizunetik irtetean, itsasadarraren eskuinaldean Urdazuri bizitegi‑auzoa dago. Zertxobait aurrerago Chantako turismo‑gunea. Chantakoko golfa entzutetsua da, Chanban Delmas politikari frantsesa ere ohiko bisitaria dute uda‑garaian.
Azkaine
[aldatu]Ezkerraldean, kilometro batera, Serres babesleku karlista utzi eta berehala aurkituko dugu Azkaine. Herri horretan Pierre Loti ongi jabetu zen giro herrikoiaz, Ramuntcho nobelaren goiargi literarioa edertzeko. Otharre hotelean zirriborratu zuen, hain zuzen.
Herrigunea xarmagarria da: Jasokunde eliza, Herriko Etxea, pilotalekua, Larrungo ur freskoa jariatzen duen iturria, hotel batzuk eta etxetxoak.
Elizaren alboko fatxadan cagot edo agoteentzako bereizkeriazko atea ikusten da oraindik ere. Barnealdean hiru galeria ditu elkarren gainean, San Mateoren irudi baliotsu bat ere bai, eta belaontzi bat, eliztarren baten ofrenda. Alboko hilerrian disko‑formako eta bestelako hilarriak daude. Haietako bat indiano batena, indiano izateaz loriatzen zena:
Hau da thomba Miguel D’Arraiaga Azcaingo Indiano Jaunarena. Hilla Octobre 22‑1651.
Bi mila biztanle goiti‑beheiti dituen udalerri batek hainbat hotel eta zenbait kanpin izateak ondo asko adierazten du Azkaineko giroaren eta paisaiaren bikaintasuna.
Larrun
[aldatu]Sarara joateko bidea hartuko dugu, eta San Ignazio mendatean gora igoko gara. Kremailera burdinbidean doan trenaren geltokira iritsiko gara. Tren hori Larrun mendiaren gailurreraino igotzen da; 900 m pasatxo ditu Larrunek, eta bista bikainak ikusteko aukera emango digu. Trena 1923an inauguratu zuten eta 720 m‑ko gorabehera gainditzen du ordu erdi bateko igoeran (udaberrian eta udan soilik ibiltzen da).
Sara
[aldatu]Portuaren bestaldean lozorroan dago Sara amets gozoetan. Herri polit horren Eyalar errebalean Santa Katalina ermita aurkituko dugu; herriko lehen tenplu horren inguruan daude herriko etxerik zaharrenak.
Saran nora ezean ibiltzea gozamena da: etxe dotoreen fatxadetako anagrama eta idazkunei erreparatzea, eta xistera‑partida bat ikustea pilotaleku luze‑luzean. 1867ko plaka batean herriak eskertzen die Michel Miricuari eta Parisko bi andreei —ur hunen ekartzaileak— ur edangarria herrira ekartzea ordaindu izana.
Elizak dorre trinkoa du, eta, erlojuaren ondoan, Urruñako hausnarketaren antzekoa:
Hilerritik sartuko gara nabe bakarreko eliza handira. Koru hirukoitza du oholtzan. Hobi‑lauzazko zorupean ehortzi zuten 1644an Pedro Axular erretorea, euskal literaturako prosalari hoberentzat jotzen dutena eta Gero idatzi zuena. Presbiterioaren oinetan seroren hilobia dago, epitafio honekin:
Elizan zerbitzu osagarriak emateko langile edo laguntzailetzat hartu ohi diren serora horiek (horixe da, hain zuzen, atzerakoien planteamendua) goren mailan jarri dituzte Saran, lehentasunezko hilobia eman baitiete.
Alboko horman gurtzen duten Kristoa, berriz, karlistadetan errefuxiatutako nafarrek 1836an zizelkatua eta oparitua da. Sara ahazten ez duen beste errefuxiatua Joxe Migel Barandiaran da; herriak ere omenaldia egin zion 1983an, eta plaka batean jasota geratu da.
Ainhoa
[aldatu]6 km kilometro aurrera egin eta oasi bare bat bisitatuko dugu: Ainhoa.
Pilotalekua eta hilerria —bizitza eta heriotza— herrigunearen erdi‑erdian daude. Eliza eraikin handia da; haren kanpandorrearen oinarria karratua da, gorago oktogono‑forma du, eta goi‑goian orratza dauka. Galeria landuak ditu, bertako ohituraren arabera, eta Errenazimentuko erretaula eta absidea zirrimargotuta daude (intentzioa ona izango zen baina ez zuten asmatu).
Hilerrian taula‑formako hilarri interesgarriak aurkituko ditugu. Haietako bat 1685ekoa da eta hauxe jartzen du:
Aldapa piko samarra badu ere, Atsulai mendian, Ainhoa inguruko ibarra mendean hartuta, Arantzazuko Ama Birjinaren ermita dago, Gipuzkoako zaindariaren erreplika. Hari ere esaten diote Ainhoako Ama Birjina. Ermitatik gertu trikuharri bat dago. Bistak zoragarriak dira. Ainhoako baserri‑gunean XVII. mendeko etxeak ikusiko ditugu; fatxada aurreratuak eta habe horizontal zizelkatuak dituzte. Esate baterako, Ithurria etxea 1636koa da. Koloreei erreparatuta, rouge basque gailentzen da: gorri motela, diskretua, dotorea...
Zugarramurdi
[aldatu]3 km aurrerago Dantxarineako muga dago; hala ere, ibilgailu gutxi ibiltzen dira inguru horietan. Muga zeharkatu ostean, ezkerrera hartuko dugu, Nafarroa Garaiko Zugarramurdira joateko. Herriak XVI. eta XVII. mendeko sorgin‑kontuei loturiko historia izan du.
Akelarrean (akerraren larrean) eta Zugarramurdiko haitzuloetan sorginak eta laguntzaileak ezkutuan biltzen ziren. Logroñoko Inkisizioak 1609an salaketa jaso zuen, bilera horien berri ematen zuena. Urtebete beranduago, parte‑hartzaileetatik sei erre zituzten. (Haitzulo horretan egin ohi den zikiro‑jatea oso tipikoa da.)
Herri txiki horretan Butari jauregia, kaparetasun‑armarriak dituzten etxe batzuk —haietako batek Gipuzkoako eta Baztango armarriak batuta— eta atari hedatsuak. Pilotalekuaren eraikuntza‑lanak indiano batek ordaindu zituen.
Urdazubi
[aldatu]N‑121 errepideari jarriki, Urdazubi da hurrengo herria. Urdazubiko San Salvador monasterio premostratenseak eragin handia izan zuen Baztan aldean. Santxo Mitarrak sortu zuen 874an, eta mila urte geroago karlisten ejertzitoak kartutxo‑fabrika jartzeko erabili zuen eraikina. Urdazubi, Axularren sorterria, mendi‑gailurrez inguratuta dago, sakonune batean gordeta, erlikia baten antzera.
Baztan
[aldatu]Aurrera egiteko adorea izanez gero, Otsondoko mendatea gainditu eta Baztan bailaran murgildukoa gara. Nafarroako udalerri zabalena da, 347 km2 baititu. Lurralde horretan paisaia zoragarriak, zeru garbiak, argitasun berezia, eta etxe bikainak —aleroiak eta balkoi luzeak dituztenak— aurkituko ditugu.
Bailara osatzen duten hamalau kontzejuek Elizondo hiriburu izatea erabaki zuten. Elizondoko anfiteatro naturala eremu irekiena da, Bidasoa ibaiaren ertzean (bertakoek, ordea, Baztan ibaia esaten diote). Elizondoko eraikin gailenetan frantsesen eragina nabari da, baina udaletxe arkupeduna, triasikoko harri gorriz eraikia, zorioneko baztandar eraikina da. Etxe gehientsuenen fatxadan ageri da Baztango armarria, eraikina balioesten duena: xake‑taula, lauki zuri eta beltzekin. Nafarroako errege Santxo Gartzia IV.ak emandako saria da, baztandarrek laguntza eman ziotelako frantsesen aurkako batailan, haien bizitzak arriskuan (taulan) jarrita. Armarriak baztandar guztien ondaretzat hartzen dira, guztiak baitira kapare etorkikoak.
Baztanek garrantzi handiko monumentuak ditu kontzejuetan:
- Arizkun. Komentu barrokoa dauka, Iturralde ministroak sortua.
- Bozate. Agoteen auzoa da, jatorri iluneko gutxiengoa. Hereje arrianoen ondorengoak omen ziren edo gurutzadetatik etorritako soldadu legenardunen ondorengoak.
- Azpilkueta. Nafarroako santu handi Frantzisko Xabierren ama —Maria Azpilkueta Aznar— Azpilkuetan jaio zen.
- Amaiur. Herrira sartzeko harrizko arkua du.
- Irurita. Elizaldetarren sorterria (gero Filipinetako magnate izan ziren). Dolagay jauregia ikustekoa da eta haren jabea alkate bikaina izan zen.
- Almandoz. Galzada jauregia, Etxeberria brigada‑jeneralaren sortetxea. Oieregiko Erdi Aroko dorreak. Eta Baztango begiratokia Zigan. Ezustekoak nonhai!
5 km gehiago eginez gero, Mugaireko bidegurutzean dago Bertizko Jaurerriaren sarrera. Nafarroako Foru Aldundiarena da eta bisita daiteke. Paradisua da, jauregi eta guzti, eta Nafarroako natura‑parke garrantzitsuena. 20 km2 ditu: lorategi botanikoa, eta floraren eta faunaren erreserba handia. Pedro Ziga baztandarrak erosi eta sustatu zuen, 1899tik aurrera.
Senperera, Zudairera eta Ezpeletara txangoa
[aldatu]Bide zaharretik, Donibane Lohizunetik aurrera 13 km egin ostean, Senperera iritsiko gara (frantsesez Saint Pee sur Nivelle). Udalerria oso zabala da, Baiona halako hiru.
Hirigunetik aparte, zelai baten erdian, huntzak hartzen ditu Senpere leinuko gazteluaren harresiak, erdi erorita daudenak. XI. mendeko dokumentuetan ageri dira Senpertarrak, eta Gipuzkoako Lazkao etxekoekin ahaidetu ziren. Senpertarren goiburua hau zen: Bortitz eta on. Gazteluko seme bat Ingalaterrako erregearen alabarekin ezkondu zen, Lapurdi ingelesen mendean egon zen garaietan. Gazteluan denboraldi batez bizitu zen Pierre de Lancre inkisidore ankerra. Horregatik esaten diote sorginen gaztelua.
Senpere
[aldatu]Regoyosen pintzela merezi du Senpereko erdiko kaleak eta kale hori osatzen duten etxeek. Ateburu batzuetan erlijio‑aipamenak edo eraikitze‑data eta jabearen izena, sarritan burgesak eta merkatariak.
Parrokia‑eliza San Pedrori eskaini zioten, eta haren izena hartu du hiriak. Dorre sendoaren azpian eliz ataria dago. Barnealdean, gizonak tribunetan jartzen dira: hiru ilara daude jabaloi eta habeetan oinarriturik. Hilobi‑harriak ere badaude, eta erlikia‑ontzi barroko bitxiak.
Herritik irtetean, ezkerraldean, laku artifiziala dago, eta ontzi txikiak eta pottokak alokatzeko aukera. Leku lasaia da, badaude tabernak eta haritz sendoen hostoen artean haizea dabil.
Zuraide
[aldatu]9 km egin behar ditugu Zuraidera iristeko (Souraide). Udalerri txikia da, 1947 arte ez zuen Herriko Etxerik, eta edilak San Bizente elizaren arkupetan biltzen ziren. Aktak artxibatzeko horma‑hutsarte bat zuten.
Zuraideko hilerrian hilarri‑bilduma ederra ikus daiteke.
Ezpeleta
[aldatu]Ezpeleta iritsi behar dugu; oso gertu dago. Frantsesek Espelette esaten diote herriari. Oso atsegina da, eta hemengo piperren bidez bizitasuna eramaten dute Frantzia “gozoko” hainbat ahotara.
Hiriak bi auzo ditu, eta Kanbora doan errepideak banatzen ditu bi auzo horiek. Goialdean udaletxea dago, Errenazimentu‑garaiko Jauregia gazteluan, hain zuzen.
Bailaratxoaren atzealdean, San Esteban eliza sendoa. Lapurdiko dorre klasikoa du eta XVII. mendearen hasieran eraiki zuten, baita erretaula nagusia ere. Alboetan, berriz, alde batean eseritako Ama Birjina dago, Migel Angelen estilokoa, eta beste aldean Kristo bikain bat. Riberaren olio bat dago, Ezpeletako baroiaren emaria. Halaber, Errenazimentuko ur bedeinkatu ontzi bitxi bat eta kantore barrokoa. Hilarrien bilduma oso interesgarria da, eta lau esbastika dituen hilobi‑harria ere bai. Hilerri horretan bertan, absidearen ondoan, Agnes Soureten hilobia dago, historiako lehenengo Miss World. Ezpeletan jaio zen 1902an eta 26 urtezituela hil zen.
Festak
[aldatu]Uda‑garaian Donibaneko ekimen‑sindikatuak jaialdiak eta ikuskizunak antolatzen ditu.
Herriko festak hotsandiz ospatzen dituzte ekainaren 24an, San Joan Bataiatzailearen egunean. Bezperako sua izan ohi da festen hasiera.
Ziburu eta Sokoa
[aldatu]Ziburu eta Sokoa elkarri begira daude Donibane Lohizuneko badian, haren ezkerraldean paisaia gizatiarragoa eraginez. Administrazioari erreparatuta, biak dira Hendaiako kantoikoak.
Ziburu
[aldatu]Frantziako jakobinoek, euskarazko toponimoak itxuraldatzeko joera nabarmena dutenek, Ciboure erabiltzen dute lehen herriguneari deitzeko. Hartara, etimologia garbia iluntzen dute, Zubi buru baita herri‑izen horren esanahia.
Izan ere, Ugarana (jakobinoentzat la Nivelle) ibaiaren ezkerraldetik Bordagain muinoraino hedatzen da Ziburu. Hortaz, Zubiburun dago Donibane Lohizunera pasatzeko estriboa edo zubiaren burua.
Benetako gozamena iruditzen zaigu Ziburuko kaleetan ibiltzea: Agorreta, Pocalette, Iturritza, Ravel... alboetan euskal arkitekturako ohiko etxeak, habeak bistan, fatxadak zertxobait aurreratuak (solairu bakoitzak 20 cm gehiago ditu, eta aleroi bikaina, erauntsien erasoari aurre egiteko. Zigarroa etxea adibidetzat har dezakegu. Etxe batzuek etxe‑egutera handia dute.
San Bizente eliza XVI. mendearen erdialdean eraiki zuten, Ziburu Urruñatik banandu zenean. Geroago egin zuten oktogono‑formako kanpandorrea, gainean orratza, arbelezko estalkia, absidea eta bi kapera. XVII. mendeko bost erretaula bikain ditu eta egurrezko hiru galeria, elkarlotuta. Elizaren atzealdean garai batean kaskarotentzako atea eta lekua. Izan ere, nomaden babesleku izan zen Ziburu, mespretxatutako jendea iritsi zen, ezaugarri fisiko desberdinak zituztenak, Baztango agoteen antzekoak, eta, Lapurdiko legeek agintzen zuten bananduta egon behar zutela gizarte‑ekitaldietan.
XIX. mendean gizartea aldatzen hasi zen, emakume kaskarotak ezagunak egin ziren, senarrek arrantzatutako arrain freskoa saltzen zuten; oinez edo zaldi gainean joaten ziren Baionara, lau miliako ibilbidea eginda.
Historialari zorrotzek (esate baterako Eugenio Goyenetchek) pentsatzen dute Ziburuko lehenengo eliza Bordagain muinoan egin zutela, eta han dagoen dorrea, hain zuzen, eliza haren kanpandorre izan zela. Gainera, talaiariek ere erabiltzen zuten, baleak ikusteko. Espainiarrek auzo hura erre zuten 1686an, eta Soult mariskalak basoko zuhaitzak errotik mozteko agindua eman zuen 1813an, Sokoa harresitzeko.
Gaur egun, dorrearen ondoan harrizko gurutzadura zaharra eta Bordagaingo Ama Birjinaren kapera daude. Bordagaindik ikusten diren bistek merezi dute haraino igotzea. Horretarako, iturriaren ondoko eskailerak igo, Gurutze Gorriaren aurretik pasa, eta Mapau kalean gora igo behar dugu.
Ugaranaren bokalean eratzen den lurmutur batean errekoletoen komentua sortu zuten 1613an, sorginei aurre egiteko eta Donibane eta Zibururen arteko liskarrak baretzeko. Mende erdi bat lehenago, ziburutarrek auzi larria izan zuten donibandarrekin, atzerriko ontzien trafikoari buruz. Izan ere, herri bakoitzak aldarrikatzen zuen Ugarana itsasadarraren jabe zela.
Errekoletoen zenobioak klaustro interesgarria du, eta iturri bat, Mazarinoren emaria —politikari trebea, kardenala eta diplomatikoa, Luis XIV.aren eskuineko eskua—. Agorreta kalean erromesentzako ospitalea zegoen, errekoletoen komunitatearen ardurapean. Arrantza eta haren ondorioz sortutako beste jarduerak izan dira Ziburuko ekonomiaren ardatza. Turismoa eta ostalaritza baztertu gabe, gaur egun ere arrantza dute oinarri.
Jatetxeak, hotelak eta kanpinak daude. Klub nautikoa badago eta golf‑zelaia ere bai.
Maurice Ravelen sorterri izateaz harro dago Ziburu (eta arrazoi du). Konpositore modernista 1875eko martxoaren 7an jaio zen, Ravelen izen handia daraman kaleko 12. zenbakian. Erraz ezagutzen da etxea, itxura nordikoa duen bakarra baita. Harlanduzko fatxada, gargolak eta elementu hibridoak ditu, eta kalearen lerroarekin bat egiten du. Ravelek sortutako musikaren zati bat Ziburun egina da; esate baterako Hirukotea, 1914an ondua.
Ez dugu ahaztu behar herriko idazle eta elizgizonak: Argaingarats, D’Aranbillague, Gazteluzar eta Joannes de Etcheberry. Etcheberryk idatzi zituen Baleazaleen otoitza, Arpoiz jotako balearen otoitza, eta Esker ematea balea harrapatu izanagatik. Horrenbestez, jarduera horrek Lapurdin zuen garrantzia begi bistan dago.
Eta, elizgizonez ari garenez, Bordeleko Pierre de Lancre epaile ankerrak inkisizioaren suan erre zituen Ziburuko bi apaiz: Miguelena eta Bocale, deabru‑hitzarmenak eta meza beltzak egitea leporatuta. Auzitegi santuak Ziburuko herri txikian bostehun bat pertsonari jarri zien heriotz‑zigorra, sorginkeria edo ezkutuko praktikak egotzita.
Maurice Ravel moilatik Donibane Lohizuneko portuaren eta hiriaren bista ederra dugu begien aurrean. Jarrai diezaiogun ertzari, eta berehala iritsiko gara hilerrira. Haren ondoan dago Pierre Benoit (1885‑1962) idazlearen omenez jarritako monumentua. Euskal Herriko eguneroko bizitza inspirazio‑iturri izanik, hainbat liburu idatzi zituen: Atno, Le Pays Basque, Le Casino de Barbazan, Pour Don Carlos nobela historikoa, eta, batez ere, Les amours mortes, maisuki azaldu baitzuen Lapurdiko txoko horretako xehetasunak. Ziburun atseden hartu ohi zuen, Bordagaingo Alegria etxean hil zen, eta Ziburuko hilerri zurian ehortzi zuten.
Sokoa
[aldatu]Gelbarren erreka pasatuko dugu, eta Sokoako marinel‑auzoan sartuko gara. Etimologiari erreparatuz, txokoa esan nahi du. Badiako txokoa, zelatari izukaitz batek zaindua: Sokoako gotorlekua, XVII. mendearen erdialdean eraikia, Enrique IV.aren aginduz (Borbondarren dinastiako lehen erregea), Vaubanek egindako proiektuaren arabera.
Napoleon III.ak ere ekarpen positiboa egin zuen kai‑muturrak jarri baitzituen Donibane Lohizuneko badia babeseko. 420 m luzeko dikea Sokoatik abiatzen da; erdikoa (Artha) 250 m‑koa da; eta hirugarrena iparraldera, Santa Barbaratik abiatuta, 180 m‑koa.
Gotorlekuaren oinetan bi senaia txiki, hondar finekoak, eta portua, kirola egiteko eta aisialdirako erabilia. Bigarren Mundu Gerran alemanek itsaspekoen base bat jarri zuten portu horretan,
Gotorlekuak kapera zuen, aipatutako errekoletoek zaindua. Gaur egun, gurtza katolikoa parrokia‑elizan egiten da. Eraikin modernoa da, eta txalupa bat du aldaretzat. San Joseren eta San Frantzisko Xabierren irudiak Forestie eskulturagileak eginak dira 1959an.
Sokoa, portu txikia, dikea, dorre almenaduna, jatetxeetako terrazak, itsasargiaren keinu jolastiak, eta lasaitasuna... amodio‑istorio bat bizitzeko txoko egokia.
Zibururen eta Sokoaren iragana ikertzen dutenei itsasoari estu‑estu lotutako historia azaltzen die. Arbasoak balea‑harrapatzaileak eta kortsarioak izan ziren. Larretchek, Sokoako salbamendu‑ontziko patroiak, bizia arriskuan jarri eta Eugenia de Montijo enperatriza eta inperioko printzea salbatu zituen Donibaneko sarreran, ekaitzak ustekabean harrapatu baitzuen haien El Águila ontzia.
Festak
[aldatu]Ziburuk uda‑garaian kontzertuak eta jaialdiak antolatzen ditu egitarau zabal batean (Musique á la Côte Basque), baita kulturaren, kirolaren eta festen alorreko hainbat ekitaldi ere.
Herriko festak urtarrilaren 22an dira, bitxintxo herrikoiak.
Hendaia
[aldatu]Historia‑oharrak
[aldatu]Udal‑armarriko uhandreak adierazten digu oso aspaldikoa dela Hendaiaren itsasoarekiko lotura.
XIV. mendearen hasierako dokumentuetan ageri da; erromesen ospitalea aipatzen dute, hotsandiko izenarekin: Santiagoren ezpata gorriaren ospitalea.
Erromesen ibilaldia Txingudi inguruan arriskutsua zen, eta askok atsedena eta indarra hartzen zuten Goi Erdi Aroan sortutako karitate‑ospitale horretan. Faisaien uhartea ere ospitalearen jabegoa zen.
Zubernoako otoiztegia oso antzinakoa zen, Lapurdiko zaharrenetakoa kristautasunean. Hendaia hiri bezala hazten hasi zenean, bertako biztanleek gurtzarako kapera bat egiteko baimena eskatu zuten, Urruñaraino ez joateko. Eliza txikiaren ateburuan Nafarroako eta Frantziako erregeen armarriak ageri ziren. Berehala eman zioten parrokia‑maila, San Bizenteri eskainia. Hala ere, Urruñako Urtubia gazteluko jaunari zegokion parrokoa izendatzea.
1654an hendaiarrek lortu zuten Austriako Ana erregina erregeordeak udal‑mailako independentzia ematea, Urruñaren mendean egon gabe. Halaber, udal‑korporazioa hautatzeko eskubidea zuten. Emantzipazioaz gain, Parisko gobernuak udalerriari “oparitu” zizkion Bidasoaren erdian zeuden jalkin‑lurrak, gaur egungo Behobia eta Santiago zubien artean zeudenak, orain Irungo udalerrikoak direnak. Hamalau urte beranduago, Luis XIV.ak Hendaiari eman zion Bidasoaren eskuinaldean nabigatzeko eta arrantzan aritzeko eskubidea, ibaiaren erdiko irudizko lerrotik hasita.
Hiriaren kokapen estrategikoari erreparatuz, ez da harritzekoa gotorlekuak izatea. Haietako bat Beltzenia muinoan zegoen, Hondarribian, orain hildakoen omenezko monumentua dagoen lekuan, Karlos V.aren gazteluaren aurrean; Gazteluzar deitzen zioten. Beste gotorleku bat Munjinito zen; haren aztarnak Txingudin daude, eta barnealdeko badiaren ertzean ikus daitezke.
Mugan egoteak arazo larriak ekarri zizkion Hendaiari: suteak, erasoak, tiroketak, eta atsekabea. Aitzitik, XVIII. mendearen hasieran, 1.300 biztanlerekin, etengabeko gorakada demografikoa hasi zen Hendaian.
Gainera, mugan egoteak aurreko mendetan arazoak ekarri zizkion bezala, aurrerantzean mesede egingo dio eta aberastasun‑eragile izango da; batez ere 1864tik aurrera, trenbideak lotu baitzituzten (Madril‑Irun‑Paris).
Lokomotoren kearekin batera, turismoaren hastapenak dira, bainu‑hartzaileak eta udatiarrak iristen dira, bai Hendaiara bai Lapurdi guztira. Harrezkero, hiribilduak aurrera egiten du, ederrago eta zabalago bihurtzen da. Antzinako herrigunetik Ondarraitz hondartzarako bidexka errepide eder bihurtzen da eta bi herriguneak lotzen ditu.
1877an Ondarraitz hondartza zoragarriak bazuen bainu‑etxola (30 kabina) eta kafetegi‑jatetxea. Martinetek, Hendaiarekin maitemindurik, uste zuen turismoa diru‑iturri izan zitekeela hiribilduan. Denborak arrazoia eman dio: hainbat hotel, jatetxe, oporraldietako kolonia eta kanpin daude gaur egun Hendaian.
XX.mendearen hasieran, hainbat eraikin eta instalazio egin zituzten Hendaian: kasinoa —estilo mudejar hibridoa—, malekoia eta hondartzako paseoa, erlaitzeko errepidea Zibururaino, Haizabia hotela, golfa, eta Bidasoaren ertzean betelana (arrantza‑portutik Ondarraitz hondartzako iparraldeko lurmuturreraino).
Bide batez esan dezagun 1609an azti eta sorginen biltzarra egin zutela Hendaian eta 10.000 partaidetik gora bildu zirela. Aktibitate handiko garaia izan zen. Hendaia itsasgizonen, arrantzaleen, kortsarioen eta kontrabandisten herria izan da. Esteban Pellot, Hendaian jaioa 1765ean, pertsona entzutetsu, ausart eta errespetagarri bezala hartzen dute. Haren curriculumean ageri dira: Santiago de Chile espainiar galeoia —urrea garraiatzen zuena— abordatzea, ontzi kopuru handia atzitzea, eta kartzelatik hainbat aldiz ihes egitea. Hala ere ez zuen inolako arazorik izan bizitzako azken urteetan Hendaiako alkate izateko.
Bidasoak oso gertutik sentitu zuen alemanen presentzia Bigarren Mundu Gerran; izan ere, Leku Eder etxean jarri zuten nazien komandantzia, eta ibaian ontziralekua. Bokalean bertan alemanen bunker bat agertzen da, pixkanaka ibai‑uberkan hondoratzen dena. Kirol‑portua
Hendaiako kirol‑ eta arrantza‑portuak Txingudiko badiaren bihurgune eguzkitsu batean daude. Bidasoaren bokalean, eskuinaldeko ertzean, kai‑muturra eraiki zuten, Ramon Iribarrena ingeniari irundar entzutetsuaren proposamena onetsita. Ondorioa da hondartzaren iparraldeko muturrean harea egonkorragoa dela eta nabigazioa ere seguruagoa dela.
Itsas kirol zaletasunak gero eta ugariagoak direnez, gune horretan dago Club Náutico de Hendaye, ontzi motordunak eta belaontziak alokatzeko aukera ematen duena.
Izokinen arrantza, Bidasoan oso antzinakoa dena, gainbeheran dago ibaiaren kutsadura dela‑eta. Angulekin beste hainbeste gertatzen da. Bidasoako Izokinaren Kofradiak, Irunen egoitza duenak izokinak goraipatzen ditu, eta Hendaiako Angularen Kofradia angulen aldekoa da. XX. mendearen hasieran bazegon Bidasoako izokinaren esportazioan jarduten zuen enpresa bat.
Pierre Loti
[aldatu]Ur hauekin lotura estua zuen Pierre Lotik, Frantziako Le Javelot kostazainaren komandantea izan baitzen. Higer badiako zilarrezko olatuek eta Lapurdiko zelai berde belusatuek sorgindu zuten Pierre Loti idazlea. Nobela zoragarri bat idatzi zuen Euskal Herriko bizimoduaz: Ramuntcho. Erretiroa hartu zuenean Bakar Etxean jarri zen bizitzen, Txingudiko badiaren Hendaiako partean, eta han hil zen 1923an.
Herrigunea
[aldatu]Hendaiako udalerriak dituen 8 km2 auzo askotan banatuta daude, handienak dira Hendaye Gare, Hendaye Ville eta Hendaye Plage. Antzinako herrigunea parrokia‑elizaren inguruan dago. Kanoiek behin baino gehiagotan eraso diote Hendaiako elizari eta 1920an zaharberritu zuten. Oinezkoari bide ematen dio elizak, dorre zuriaren azpian. Elizaren inguruan harrizko gurutzadura bat dago; haren oinarri bitxian eguzkia eta lau izar ageri dira.
Barrualdeak ezustean harrapatzen gaitu, eta ederki egindako irudiak erakusten dizkigu. Haietako batzuk Gipuzkoako elizetatik ekarriak dira. Tailuak eta olioak ere ikusiko ditugu, XVI. eta XVII. mendekoak. Alboko aldare batean kristo bikain bat gurtzen dute, erromaniko berantiarra. Halaber, Erdi Aroko bataiontzia eta lauburua duen hilobi‑harria ikus ditzakegu.
Brontzezko eskultura‑multzoa aurkituko dugu: Gerra Handian hildakoei monumentua. Ducuing da egilea, eta adierazpen aberkoi horien kaskarkeriatik aldentzen da. Eskultura‑multzoak ondo zaindutako lorategia du inguruan, eta bistak egundokoak dira.
Aragorri gaztelua
[aldatu]Hondartzako pasealeku ederrean ibiliko gara eta Aragorriko muinora igoko gara eta izen berdineko gaztelua ikusiko dugu. Antoine d’Abbadiek eraiki zuen XIX. mendearen erdialdean. Viollet‑le‑Duc egin zuen diseinua, estilo neogotikoaren eta ekialdeko estiloaren nahasketa. Frantziako zientzien akademiako presidentea izan D’Abbadie; halaber, elkarte geografikoaren presidente eta Hendaiako alkate. Euskaltzale gailena zen; euskara sustatzeko dirua jarri zuen Antoine d’Abbadiek bere poltsikotik, eta euskarazko poesia‑lehiaketak antolatu zituen. 1897an hil zen hendaiar jakituna, eta Frantziako institutuaren eskuetan jarri zuen gaztelua.
Handik metro batzuetara, Haizabian hain zuzen, Bordaberri etxea eta lursailak daude. Bordaberrin bizitu zen Churchill, politikari gogoangarria. Biriketako gaitza sendatzera etorri zen, penizilina lagun, ordurako aurkitua baitzuten jada.
Halaber, Hendaian erbesteratuta egon zen Miguel de Unamuno pentsalaria eta filosofo unibertsala.
Urruñara eta Berara joan‑etorri
[aldatu]N‑10 aukeratuko dugu Hendaiako kantoiko herri batera joateko, Urruñara hain zuzen. Beldur pixka bat eragiten du Jansenioren jarraitzaileren batek elizako erlojuaren azpian zizelkatutako idazkunak:
Vulnerant omnes. Ultima necat (Guztiek zauritzen dute, azkenekoak hiltzen du).
Eliza XVI. mendekoa da, Errenazimentuko portada interesgarria dauka: Adan eta Evaren irudi xaloa da, sagarrari heldu ostean lotsakor ageri dira, eta eskuaz ezkutatzen dute gorputza. Deigarria da azken berrehun urteetan pulpituari bizkar gainean eutsi dion atlantea. Alboko plazak etxe politak ditu, euskal estilokoak, gailentzen da Bortuste Baita eta udaletxe arkupeduna. Eskuinera hartuko dugu Ama Sokorrokoa ermitara joateko. Ojiba‑formako portada du eta inguruan disko‑formako hilarriak... Eta amaitzen ez diren bistak.
Donibane Lohizunerako bidea hartu eta kilometro batera lozorroan dago, handiguraz, Urtubia gaztelua. 1149an jada eraikia zegoen, baina Errenazimentuko estiloa gailentzen da, XVI. mendekoa. Gazteluan erregeen une gogoangarriak gordeta daude. Maria Urtubia, leinu horretako alaba, Pio Barojaren inspirazio‑iturri izan zen eta La dama de Urtubia nobela idatzi zuen.
Festak
[aldatu]Hendaiako herriko festak urtarrilaren 22an ospatzen dituzte, San Bizente egunean. Bitxintxo festak hain zuzen. Uda‑garaian euskal folkloreko ikuskizunak antolatzen dituzte. Irailaren hirugarren igandea izan ohi da egitarauaren azken eguna eta jaialdi handi bat prestatzen dute denboraldiari agur esateko.