Edukira joan

Euskal antzerti eta zinea/Amalur

Wikibookstik

Euskal kulturan, AMA LUR izan zen ikusmenezko hizkuntza propio eta bereizgarri bat sortzeko lehen saialdia. Hiru hamarkada igaro direlarik, Ama Lur-en funtsezko ekarpena arbasoen mundua geureganatzeko, historia mitoaren janzkiez biltzeko duen aparteko gaitasuna da, zinemaren hizkuntzak berezko dituen osagaiak baliatuz: muntaketa, argazkia eta soinua.

Kultur garrantzia

[aldatu]

“Pelotariren filmaketan Euskal Herriko bazter batetik bestera ibili behar izan genuen, pilota-partidak filmatzeko. Egun batean, Markinarako bidean, Renault 4L batean, Fernandori esan nion, Elgoibarko mendien paisaia bikaina begiesten nuen bitartean: “Zein herri ederra daukagun! Omenaldi bat merezi du! Fernandok arrazoi nuela esan zidan. Une horrexetan jaio zen Ama Lur”.

Modu axolagabe eta pasadizo tankerako horretan azaltzen du Nestor Basterretxeak euskal zinemako obra nagusiaren sorrera, Ama Lur mitikoarena, 1968ko Donostiako Zinemaldian estreinatu zenarena. Nagusia idazten dugu beste zenbaitek fetix objektu, film-faro (Santos Zunzunegi) dioenean, “euskal zinemaren abiapuntua” bere buruari horrela irizten dion heinean (José Mª Unsain), edo “etengabe begiratu beharreko ardatza, Euskadiko zinemaren historia modernoari zentzuzko jatorri bat eman nahi bazaio” (Carlos Roldán).

Berau nolanahi definitzen delarik ere, ukaezina da Ama Lur euskal kulturan ikusmenezko hizkuntza propio eta bereizgarri bat sortzeko lehen saialdia izan zela. Ahalegin horretan, dokumentalak laster eredu bihurtu ziren baina lastertasun bertsuz ahitu ziren zenbait ikur sortu zituen. Hauxe da Montxo Armendariz zinegileak emaniko azalpena: “Ama Lur, eta beste zenbait film, ikur bihurtu dira zinema arloan, hizkuntza, kultura zinemako hizkuntza ezberdin batez islatzeko berezko eta bertako modu bat moldatzen ahalegindu ziren neurrian. Ene ustez Ama Lur filmean proposatzen zen hori, geroago beste zenbait filmetan garatu zena, ia gutako inork ez du egin. Izan ere, zinema konbentzionalago bat egiteko joera gailendu da…”.

Ama Lur bere garaiko fruitua da. Onenerako nahiz txarrenerako. Garai hura, hirurogeiko hamarkada, euskal kulturaren Resorgimentoak markatu zuen: euskarazko literatura, Aresti kontzientzien akuilu bihurtuta; abangoardiako artea, Arantzazuko talde berdingabeaz eta Gaur, Emen, Orain eta Danok taldeek osatutako kultur frontearen borroka suharrarekin goia jo zuena; musika, Ez dok amairu taldearekin, euskal kanta modernoaren jatorri izango zena.

Ekoizpena eta zentsura

[aldatu]

Erauntsi horrek eramanda eta kultur manipulazioari aurre egin behar zitzaiola sinetsita, 1963an Fernando Larruquert eta Nestor Basterretxea metraje laburreko film esperimentalak egiten hasi ziren: Operación H, Pelotari, Alquézar.

Ama Lur egiteari ekin zion, 1966an. Filma herri-harpidetzaz finantzatu zen, errotuluak adierazten zuen moduan: “Herriaren filma, herriak egina” (“Una película del pueblo, hecha por el pueblo”).

Arazo ekonomikoei, jakina, zentsurarenak gaineratu zitzaizkien, azken horiek nola hala saihestea lortu zen arren, Jose Mª de Areilzaren bitartekotza medio eta zenbait pasarte kendu zirelako.

Egiturazko osagaiak

[aldatu]

Hiru hamarkada igaro direlarik, Ama Lur-en funtsezko ekarpena da arbasoen mundua geureganatzeko eta historia mitoaren janzkiez biltzeko duen aparteko gaitasuna, zinemaren hizkerak berezko dituen osagaiak baliatuz: muntaketa, fotografia eta soinua.

Ama Lur gidoirik gabeko filma da, muntaketa-aretoan eraikia. Egitura kopla zaharren, euskal poesia herrikoiaren ereduari jarraitzen zaio: orokorretik zehatzera, handitik txikira doazen loturak, erlazioaren eta aurkaritzaren metafora dinamikoen moldean. Soinu-banda fotogramen lagungarri hutsa baino gehiago da, pisu berezia ematen dion berezko egituraketa agertzen du.

Edukia

[aldatu]

Osagai horiekin, filmak euskal herriari buruzko ikerketa etnologiko bat eskaintzen du. Ikuspegia idilikoa da, bere baitan bihozbera, zehaztasun kritikorik gabea, Bilboko Burtsaren pasarte ospetsua, garai hartan euskal burgesiaren aurkako salaketa moduan hartu zena, salbuesten badugu. Basterretxeak ikuspegi hori justifikatzen du, era honetan argudiatzen du: “aldi hartan gure bizitza modu triunfalista horretan baino ez zitekeen konta. Puztu beharra zegoen. Ama Lur kantu sakratu moduko bat da. Horregatik gailentzen dira tonu handiesle eta irmoak”. Fernando Larruquertek, ordea, deitoratzen du filmak ikusleari harako “Zein handiak garen!” hura helarazi izana, eta ez “Nolakoak izan beharko genuke?”.

Mezu kulturala eta sentikorra

[aldatu]

Nolanahi ere, Ama Lur filmari buruzko hainbat ikerketa teoriko eta ideologiko zorrotzek ahaztu egin dute mezuak emozioa duela xede, sakontasun intelektuala baino gehiago. Artean estreinatzeke zegoela, filmean diru gehien jarritako Jose Luis Etxegaraik espresuki adierazi zuen:

Ama Lur-ek euskaldunari mezu kultural eta sentikor bat igortzen dio, eta euskaldun ez denari gure herria ezagutzeko ikuspegi berriak eskaintzen. Euskaldunari igorritako mezu kultural eta sentikor hori da, hain zuzen, Ama Lur euskal filma bilakatzen duen ezaugarririk behinena”.

Herrian gertatzen ari zena zuzenean jorratzen zuen kontakizunik ia ez zegoenez, lehen aldiz eman zenetik, Ama Lur euskal zinemaren izaki sortzaile eta derrigorrezko erreferente bihurtu zen. Alderdi positiboena, bestalde, hauxe izan zen Basterretxeak eta Larruquertek Euskal Herrian ere gizarte eta kultur errealitateari heltzen zioten kalitatezko filmak egin zitezkeela erakustea. Hitz batez, Ama Lur-ekin euskaldunen belaunaldi oso batek bere hezibide sentimentala bizitu zuen.