Edukira joan

Euskal antzerti eta zinea/Animazioa

Wikibookstik

HAMABOST URTE SOILETAN, euskal animazio-zinema ia ezerezetik Estatuan eta Estatutik kanpo hainbat sari irabaztera heldu da. Tamainaz txikia izanik ere, euskal animazioaren alorra iparramerikar edo asiarren pareko sorkuntza eta kalitate teknologikoaren maila lortzen ari da. Gure zinemaren belaunaldi gazteak etorkizun oparoa iragartzen digu.

Genero lehiakorra

[aldatu]

Bada genero bat, euskal zinema nazio mailan puntakoa eta nazioartekoan lehiakorra gertatzen dena: animazioa. Hamabost urte soiletan, euskal animazio-zinema ia ezerezetik Estatuan eta Estatutik kanpo hainbat sari irabaztera heldu da. Gailurra 2000ko Goya sarietan iritsi zuen, espezialitate horretako lau finalisten arteko hiru Euskal Herriko enpresen edo teknikarien sorkuntza-lanak zirelarik; horien artean izan zen garaile José Angel Muñoz eta Txabi Basterretxearen Karramarro Uhartea / La Isla del Cangrejo.

Tamainaz txikia izanik ere –hamar bat ekoizpen etxe eta 300 profesional inguru lanean–, euskal animazioaren alorra iparramerikar edo asiarren pareko sorkuntza eta kalitate teknologiko maila lortzen ari da. Alabaina, aipatu beste bi zinema horietan ez bezala, gure ekoizpenek, mundu osoko pantailetan erakutsiak izateko, ez dute enpresa banatzaile indartsuen babesik, ezta behar adinako laguntzarik ere administrazioen aldetik. Horri dagokionez, lehia ez da orekatua, David eta Goliaten arteko borroka baizik. Nolanahi ere, gure zinemaren belaunaldi gazteak etorkizun oparoa iragartzen digu.

Juanba eta beste

[aldatu]

Espainian egindako aurreneko film soinudunak La novia de Juan Simón du izenburua, eta 1933an egin zen. Alberto López Etxebarrieta zinemako historialariak egilea Mauro Azkona zelakoan dago –El mayorazgo de Basterretxe filmaren egile, “Barakaldoko Griffith” bezala ezaguna–, litekeena den arren honek ezizena erabili izana.

Zalantzazko aurrekari hori –nolanahi ere Madrilen ekoitzia– kenduta, euskal animazioaren lehenengo film luzearen estreinaldia ikusteko beranduko 1985era arte itxaron behar izan zen, urte horretan eman baitzen Kalabaza tripontzia / La calabaza mágica lehen aldiz.

Esan beharra dago, hala ere, esperientzia hura ez zela ezerezetik sortu, Jaizkibel ekoizpen etxea eta marrazki bizidun xarmant horren arduradunak hiru film labur eginak baitziren (Ekialdeko izarra, 1977, Fernando Amezketarra, 1981, eta Kukubiltxo, 1983): taldea Koldo Izagirre gidoilariak, Luis Goya ekoizpen-buruak eta, gidari nagusi moduan, Euskal Herrian generoaren ernaldian berebiziko eragina izan zuen Juan Bautista Berasategik osatzen zuten.

Animazio japoniar erabat teknologiko eta oldarkorraren gorakada beteko garaian, Juanba Berasategik Disneyren eredu klasikora itzultzeko ausardia izan zuen, estilistikoki eklektikoa eta grafikoki aberatsa zen film luze bat burutzeko, euskal tradizio herrikoietan oinarritutako gidoi bat garatuz, zeinetan ez baitira falta gizarte mailako salaketa, estetika bihurria eta ikuslego heldu bati zuzendutako umorezko keinuak.

Filmak Donostiako XXXIII. Zinemaldian Ohorezko Aipamena lortu zuen, eta kritika nahiz ikusleen aldetik harrera ona izan zuen. Kalabaza tripontziarekin euskal animazio zinema indarrez eta distiraz oldarka jaio zen.

Berasategi eta kideen bigarren esperientzia Astakiloen abenturak eta kalenturak / Aventuras y desventuras (1987) izan zen. Tamalez, Europako rock talde onena osatzen zuten lau astakiloen istorioa, Bernardo Atxagaren gidoi batetik jaioa, banaketan zapuztu zen, eta areto komertzialetara ez zen heldu. Atzerapauso horrek ez zuen eragotzi Jaizkibel ekoizpen etxeak ereindako hazia hurrengo hamarkadan fruitu ematen hasterik.

Hamarkada animatua

[aldatu]

Laurogeita hamarreko hamarkadak egiaztatu zuen euskal animazioa ez zela gertakari iragankor soil bat edo profesional gutxi batzuen fruitu galkorra, baizik eta, gure herria sortzaile bikainen haztegi.

Hamarkada horretan, Berasategik ETBrako Fernando Amezketarra eta Lazkao Txiki serieak ekoitzi zituen, 1991an Balearenak / Balleneros estreinatu zuen eta 1997an, berriz, Ahmed, Alhambrako printzea, oraindik bidean duen bigarren zati batekin.

Bestalde, Berasategik, Ipar haizearen erronka / La leyenda del Viento del Norte Episa ekoizpen etxearen animazio ederrean eginikoarekin, 1993ko Houstongo Jaialdian parte hartzea lorturik, Urrezko Domina irabazi zuen; hain zuzen ere, 1992an auzi horren kariaz eztabaida garratza piztu zen.

Sari-zerrenda are oparoagoa izan zuen horren segidako filmak, Iñigo Silvak ekoitzi eta Maite Ruiz de Austrik zuzendutako Ipar haizearen itzulera / El regreso del viento del Norte lanak, 1994ko Animazioko Film Onenaren Goya Saria irabazi zuelarik. Ekoizpen arrakastatsu honen formulak ekologia eta abentura ugari barne hartzen zituen, kalitate handiko eskema grafiko batean, marrazki amerikarraren arau klasikoen barruan. Extremaduran kokatuak, Ruiz de Austri eta Silvak 1997an Qué vecinos tan animales lanarekin bigarren Goya bat jaso zuten, eta 2002an hautagaien zerrendan ziren atzera, La leyenda del unicornio filmaz.

“Megasónics”, 3D formatuan

[aldatu]

Filmaren kalitateaz haratago, Durangoko Baleuko ekoizpen etxeko Megasónicos (1997) film luzearen izaera berritzailea azpimarratu beharra dago, ordenagailuz hiru dimentsiotako animazio marrazkiez Europan eginiko lehenengo filma baita. Teknologia digitalean, softwarea arkatzaren ordezkoa da, eta pantaila paperarena, animazioaren estetikara nahiz hiru dimentsiotan paratutako zinema-ekoizpenera iraultza ekarriz.

Xabier González de la Fuente eta Pepón Martínez Monteroren zuzendaritzapean, filmak ustekabean ilargi misteriotsu batera jausten diren espazioko garraiolari-aldra baten pasadizoak kontatzen ditu. Telesail baterako lan pilotu bezala egin zen, baina film luze moduan amaitu zuen, Los Angeles eta Hego Carolinako jaialdietan saritua gainera, 1998an Animazioko Film Onenaren Goya saria ere eskuratu zuelarik.

Teknika mistoak

[aldatu]

Azken hamabost urteotan animazioaren alorrean egindako ia lan arrakastatsu guztien arduraduna, Carlos Varela arabarra, 1999an hasi zen zuzendaritza-lanetan, Goomer-ekin, eta hurrengo urtean Marco Antonio filmarekin. Rescate en Hong Kong kaleratu zuen: lehena Juan Luis Feitorekin eta bigarrena Manuel J. Garcíarekin batera zuzenduak.

Azkenean, 2000an lortu zuen euskal animazioak zinema-aretoetan arrakasta izatea, Zinematografiako Arteen Akademiako sari gehienak irabaziteaz gainera, aurretik adierazi den moduan.

Lerro hauek idazteko unean El rey de la granja filmaren estreinaldia iragarri dago, antzezleekin eginiko egiazko filmazioa, 3D eta 2D teknikak konbinatzen dituen lehenengo film europarra. Ekoizlea Bainet da, eta sektorean eskarmentu handia duen beste pertsona batek, Gregorio Muro gidoilariak, zuzentzen du, Karlos Zabala lagun duela.

Balantzea eta etorkizuna

[aldatu]

Zalantzarik gabe, euskal animazio-zinemak edo euskaldunek egindakoak oso urte gutxitan aurrerakada ikusgarria bizi izan du, eta arrakasta ugari eskuratu ditu. Horrekin konformatu gabe, gure profesionalek xede berriak ezarri dituzte, eta fikzio animatuen sorkuntzaren abangoardiara heltzea dute helburu.

Hori aitortuta ere, onartu behar da, halaber, sektoreak atomizatze handiegia agertzen duela, eta ia berezkoa duen ahulezia ekonomikoa. Juanba Berasategik argi eta garbi adierazi zuen: “Euskal Herrian animazio-zinema, zerbitzu gisa planteatzen ez den bitartean, ez da errentagarria izango. Diru-laguntzarik gabe ez dago animazioko film bat egiterik, kultur fenomenotzat hartzen baita, eta ez industrialtzat. Administrazioak beste urrats bat eman beharko luke. Kontua ez da diru-laguntzak ematea. Industria bat eratzeko behar dugu laguntza, ez filmak egiteko”.

Espero dezagun gure lanak jasotzen ari diren emaitza ikusgarriek erakundeen esku hartze handiagoa eragin dezatela. Horri dagokionez, itxaropen-arrastoak begiztatzen hasiak gara.