Edukira joan

Euskal antzerti eta zinea/Antzerki agenda

Wikibookstik

EUSKAL HERRIAN URTE OSOAN ZEHAR burutzen diren Jaialdien zerrenda luzeak ematen du antzerkiak erakartzen duen zaletasunaren berri. Jaialdi gehienak udalek babesten dituzte, gutxi batzuk izan ezik, antzerki-taldeek antolatzen dituztenak baitira.

Mozorro eguna Tolosan

Askotariko jaialdiak

[aldatu]

Antzerkia

[aldatu]

Zalantzarik gabe, 1975az geroztik Gasteizen egiten den jaialdia da garrantzitsuena. Jaialdi horri esker, estatuko eta nazioarteko konpainiak ikusi izan ziren, bestela gure eszenatokietara nekez iritsiko ziren konpainiak. Arabako antzerki-eskaintzan garrantzi itzela du, eta bera da urteko programazioaren gertakari nagusia. Euskal Herrian egiten diren jaialdien artean, Gasteizko Antzerki Jaialdiak eskuratzen du babes ekonomiko handiena.

Eibarko Antzerki Jaialdia ere denbora luzez izan genuen gurean. Hala, 2002an ospatu zuen 25. urteurrena, eta tarte horretan erreferentzia bihurtu zen, bere programazio anitza, ikusleen erantzun paregabea eta Euskal Herriko nahiz Espainiako antzerkigintzan lortu duen errespetua medio.

Eskarmentu handikoak dira, halaber, baina ez horregatik zaharrak, 19 urte bete dituzten Getxoko Antzerki Jardunaldiak edo dagoeneko 22 ekitaldi izan dituen Santurtziko Nazioarteko Jaialdia.

Txotxongiloak

[aldatu]

Txotxongiloen alorrean, bi jaialdi nabarmentzen dira: Bilboko Txotxongilo Jaialdia, hogei urte baino gehiagoko ibilbidearekin, eta haurrei zuzenduriko Tolosako Nazioarteko Jaialdia, 1983tik mundu osoko konpainiak biltzen eta ikuskizunak Gipuzkoako gune ugaritan eskaintzen dituena.

Bergarako herrian, aldiz, Taun Taun konpainiak antolatzen duen Txotxongiloen Nazioarteko Jaialdia, helduei zuzendurikoa, bi urtean behin egiten da.

Kale eta eskola antzerkia

[aldatu]

Kale-antzerkiaren esparruan aipagarriak dira Barakaldoko Jaialdia, hirugarren ekitaldira heldu dena, eta adin bereko Leioako Jaialdia, umorezko lanei eskainirikoa.

Gazteenek egindako antzerkiari dagokionez, urtean hiru ekitaldi nagusi burutzen dira, partaidetza handiarekin. Bere baitan biltzen ditu, besteak beste, Deba Behereko Eskola Antzerkiaren Erakustaldia, Elgoibar, Ermua, Mallabia eta Mutrikuko herriak; eta Donostian eta Irunen, urtean zehar sasoi ezberdinetan, egiten dira gazte-antzerkiaren jardunaldiak.

Azoka bat

[aldatu]

Azkenik, zaletuei nahiz profesionalei zuzenduriko Donostiako Antzerki Azoka hartzen ari den indarra nabarmendu behar da. Zortzigarren ekitaldia zelarik 2002koa –ez ordea sortu zeneko zortzigarren urtea, tartean eten bat egon baitzen–, erakustaldi horretan euskal antzerki-lan gehienak jasotzen dira, eta estatuko antzerkia hautatzeak eskaintza aberasten du.

Iparralde

[aldatu]

Iparraldean bi jaialdi nagusi burutzen dira. Garrantzitsuena Baionako Antzerki Jaialdi Franko Iberiar eta Latinamerikarra da, eta Hego Amerikako lanak ikusteko parada eskaintzen du. Horrekin batera aipa dezagun Le Mai de Théâtre, duela 18 urtetik honatz mugaldeko Hendaia herrian ospatzen dena.

Euskal antzerkia, kopuruetan

[aldatu]

Euskal Autonomia Erkidegoan nahiz Iparralde eta Nafarroan, antzerki-sorkuntza erakunde publikoen mende dago. Eta hau nekez saihets daitekeen egiaztapena da, zeren eta Euskal Herrian antzerki-munduko profesionalen modua baldintzatzen baitu, sorkuntzan, ekoizpenetan eta antzezpenetan.

Gure probintzietan kultur eskumenak dituzten erakunde guztiek, hasi Espainiako Gobernu eta frantses Gobernutik eta udaletara bitartean –Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Foru Gobernua nahiz EAEko hiru Aldundiak–, urtero diru-laguntzak ematen dituzte antzerkigintza, ekoizpen edo ikuskizunetarako, profesional berriak prestatzeko bekez gain. Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza eta Kultura Sailak Foru Erkidegoko antzerkigintza sustatu eta talde zein konpainiak bultzatzeko 12.500 euroko lau diru-laguntza eskaintzen du, ikuskizun berriak eszenaratzea xede harturik. Bestalde, Eusko Jaurlaritzak 420.700 euro ematen ditu konpainia profesionalen artean banatzeko –zenbateko ezberdinez, zenbait baremoren arabera.., eta 36.000 euro antzezle gazteen ikuskizunak sustatzeko. Halaber, urtero antzerki testuen sorkuntzarako lau diru-laguntza, 12.000 eurokoa bakoitza, ematen ditu: bi euskarazkoentzat eta beste bi gaztelaniazkoentzat.

Eusko Jaurlaritzaren azken inkesten arabera (2001), Erkidegoan eszenatoki gaineko emankizunen (antzerkia, dantza, lirika eta musikalak) eskaintza pribatua %13a baino ez zen izan, aldiz, gainerako %87a publikoa izan zen. Hori dela eta, Julio Perugorria banatzaileak hauxe adierazi du: “ekoizpen asko dago merkatu bakar baten jomuga duena: erakundeena”.

Beraz, sektoreak kasik erabat altxor publikoari esker bizirauten duela esan daiteke. Egiaztapen kezkagarria da hori, baina badirudi alorrean lanean diharduten gehienak egoerara ohitu egin direla edo etsi dutela.

Euskadi antzoki sarea

[aldatu]

Sarea izeneko euskal antzokien sarea sortu zen 1993an, xedetzat harturik “oinarri arrazionaletan funtsa duen kalitatezko programazio egonkor bat sustatzea, eskura dauden giza baliabideei zein ekonomikoei ahalik eta etekin handiena ateratzeko eta arte eszenikoen alorrean ikuslegoa sortu eta hezteko”. Erakunde arteko koordinaketa hori Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak, Foru Aldundietako kideek eta azpiegitura egokia izaki borondatea agertzen duten Udalek osaturik dago.

Euskal Autonomia Erkidegoan 1.882 funtzio programatu ziren, 2001ean, eta horietako 1.096 Sarean sartutako Bizkaia eta Gipuzkoako 36 antzokietan, Arabak ez zuen artean antzokirik sarean. Antzerkia hiru hiriren inguruan, hurrenez hurren, Donostia, Barakaldo eta Bilbon gehiegi biltzen ote zen hauteman zen, zeren eta aipatu hiru guneetan Sareak emandako antzezpenen %41 jokatu baitzen.

Kopuruei begira, Sarearen aurrerapena garrantzitsua izan zen, 1997rako 655 emanaldi sustatu baitzituen, lau urtetan emanaldien %60a gehiago. Zehazki, 2001ean 914 antzezpen eman ziren, guztira 243.902 ikusle erakarri zituelarik; beste modu batera esanda, funtzio bakoitzeko batez beste 267 eserleku bete ziren.

Euskadiko konpainiek eskainirikoak izan ziren 2001eko antzezpenen ia erdiak, %7a atzerrikoek eta gainerakoak espainiarrek –gehienak Madrildarrak. Alabaina, arrakasta handieneko ikuskizunak dira Euskal Autonomia Erkidegokoak ez diren antzezlan komertzialak: batik bat antzezle itzaltsu edo telebistan ospetsu egindakoek antzezturiko muntaketa handiak. Zerrendan euskal konpainia bat topatzekotan, zazpigarren postura jaitsi beharra dago.

Sarean sarturiko lan-zerrendaren artetik laurdena haurrei zuzendurikoa da, batez ere euskaraz. Oro har, Euskal Herriko antzezpenen %29a baliatzen da euskaraz, ikusleen %24a erakarriz. Ikuskizunen %61a, berriz, gaztelaniari eskainia zen, urte osoko ikuslegoaren %67a erakarriz.

Antzerki ikasketak

[aldatu]

Antzerkia irakaskuntza arautu gisa eskaintzeko gai goriari dagokionez, erantzukizuna batak besteari egotzi eta ezer gutxi egin ohi da. Bata eta bestea, hurrenez hurren, Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hezkuntza Sailak dira. Lehenengoak pilota bigarrenari botatzen dio, eta honek ezikusiarena egiten du. Emaitzetan, ez dago arte eszenikoen lizentziarik, ez Euskal Autonomia Erkidegoan, ezta Nafarroan ere. Lizentziari gehien hurbildu zitzaion esperientzia izan zen Antzerti izeneko Eusko Jaurlaritzaren Antzerki Zerbitzua; 1982an jarri zen martxan, lau urteko ikasketa-plan batekin. Hasierako bi urteetan ikastaroak Bilbo eta Gasteizen eman ziren, hango tailerrak profitatuz, eta hurrengo bietan, berriz, Donostiako egoitza nagusian.

Titulua eskuratzeko, ikasleek beharrezkoa zuten euskararen eta euskal kulturaren ezagutza erakustea, eta, horren ondorioz, ustezko ikasle asko geratu zen bestela ere antzerkigileengandik kritika ugari jaso zuen eskolatik kanpo.

Tailerrak desagertu egin ziren 1985ean, eta dena zentralizatu zen Donostian; 1989an ikastaroak ostera hainbat lekuetara sakabanatuko ziren, eta horrek finean Antzerti Hezkuntza desagerrarazi zuen.

Getxo, Basauri, Gasteiz eta Errenterian antzerki-taldeek eta udalek zuzendutako eskolak sortu ziren. Alabaina, eskola horiek finantzatzeko modua Administrazioaren eta profesionalen arteko gatazka-iturri etengabea izan zen.

Bestalde, Unibertsitate publikoak graduondoko ikastaroak antolaturik, hutsunea nolabait bete nahi izan zuen, baina zinez ez da egundo antzerki-irakaskuntza arauturik egon hezkuntza estatutuen barruan eta titulu ofizialarekin.

Dagoeneko, udal eskola horietako batzuk desagertu egin dira, Eusko Autonomia Erkidegoan gero eta premiazkoagoa delarik, bai arte eszenikoen irakaskuntzak arautegi ofizial bat, bai unibertsitateko lizentzia, Madril, Katalunia edo Andaluzian bezala.

Nafarroako Antzerki Eskolarena kasu berezia da, seguruenik irakaskuntza-zentro ofizial bati gehien hurbiltzen zaiona. Profesionalen eta Nafarroako Gobernuko Kultura Zuzendaritzaren ekimenez sortu zen, 1985 86 ikasturtean.

Antzerki-ikasketak espezialitate bakar batean eskaintzen dira: antzerki-testuaren interpretazioa. Ikasketa horiek LOGSEren Antzerki Ikasketetarako arautegiari jarraiki antolatuak daude, honako hauei dagokienez: sarrerako azterketei, ikasketa-planei, ezagutza-eremuei, eskola-orduei eta kreditu-unitateei, eta departamentuen antolamenduari eta arautegi akademikoari. Nolanahi ere, Nafarroako Antzerki Eskolak ezin du oraindik titulu ofizialik eman.

Sariak eta lehiaketak

[aldatu]

ERCILLA SARIAK

[aldatu]

Ercilla Sariak, izen bereko hotelak urtero Bilboko antzerki denboraldiko muntaketa eta antzezle gailenei ematen dizkiena, 1984an sortu ziren, lehenago Radio Bilbaok eman ohi zituenei segida emanez. Salbuespenak salbuespen, sarien ia hogei ekitaldietako irabazleen zerrendan espainiar eta euskal antzerkiaren izen handi guztiak agertzen dira.

Hasiera batean, Ercilla sariek sei kategoria saritzen zituen: emakumezko antzezlerik onena, gizonezko antzezlerik onena, antzezlanik onena, euskal antzerki-talderik onena, antzerki lanik onena eta aipamen berezia.

Segidako urtean ikuskizun onenaren saria gehitu zen, eta 1986an Antzezlan Errebelazioaren Sariak, ernetzen ari ziren belaunaldien lana balioesteko. Ibilbide profesional onenaren Ercilla Saria eratu zen 1994an, eta rol txikiagoko antzezle onenarena 1998an. Urteak joan ahala, Ercilla sariek Espainiako antzerki-munduko profesionalen artean ospe handia lortu du.

ARTE ESZENIKOEN MAX SARIAK

[aldatu]

Hau da partikularki nahiz taldean Max Saria eskuratu duten euskaldunen zerrenda:

  • 1998: Jon Berrondo, Eszenografo Onena, Sweenwy Todd antzezlanagatik.
  • 2000: Markeliñe, S.C.L., Haur Antzerkiko Ikuskizun Onena La vuelta al mundo en 80 cajas antzezlanagatik. Tantakka Teatroa, Antzezlan baten Itzulpen edo Moldaketa Onena El florido pensil lanagatik. Jon Berrondo, Eszenografo Onena La Reina de belleza de Leenane antzezlanagatik.
  • 2001: Garbiñe Losada eta Bego Losada, Euskarazko Antzerkigile Onenak Gus eta Gas antzezlanagatik. Jon Berrondo, Eszenografo Onena Top Dogs antzezlanagatik.
  • 2002: Bernardo Atxaga, Euskarazko Antzerkigile Onena Bambulo antzezlanagatik. Trapu Zaharra & Zanguango, Ikuskizun Errebelazioaren Saria Pan con pan antzezlanagatik.
E.A.B. antzerki sariak
[aldatu]

Euskal Aktoreen Batasuna Euskal Herriko antzerki-profesionalak biltzen dituen elkartea da. 1991az geroztik urtean behin ekitaldi bat egiten duten arren, 1995era arte ez zioten beren kideen iritziz antzerki, zine eta telebistan gehien nabarmendutako aktoreak saritzeari ekin. Ibilbide bitxienen Besarkada Saria ere sortu zen, eta geroago Errebelazio Saria ematen hasi ziren.

  • 1995: Aitor Mazo
  • 1996: Paco Sagarzazu
  • 1998: Paco Sagarzazu
  • 1999: Koldo Losada
  • 2000: Ane Gabarain eta Kandido Uranga
  • 2001: Paco Sagarzazu eta Itziar Lazkano
  • 2000ko Errebelazio Saria: Ander Lipus
  • 2001eko Besarkada Saria: La Fundizión
Txema Zubia Saria
[aldatu]

Urtero, Munduko Antzerki Egunarekin batean, Txema Zubia Elkarteak antzerkiaren munduan gailendu den pertsona, talde edo izateak saritzen du. Txema Zubia Saria Rikardo Ugarteren eskultura bat ematea izaten da.

  • 1990: Enrique Díaz de Rada, antzezlea
  • 1991: Errenteriako Niessen Aretoa eta Ur Taldea
  • 1992: Maribel Belastegi, Orain taldearen zuzendaria
  • 1993: Alfonso Sastre, antzerkigilea
  • 1994: Txema Cornago eta Juan Ortega, Eibarko Antzerki Jardunaldien eta Deba Behereko eskola mailako antzerki mugimenduaren sustatzaileak
  • 1995: Paco Sagarzazu, antzezlea
  • 1996: Maria Jesus Valdés, antzezlea
  • 1997: Legaleón T Teatroa
  • 1998: Eduardo Yáñez, kazetaria
  • 1999: Aitor Mazo, antzezlea
  • 2000: Garbiñe Losada, antzerkigile eta zuzendaria
  • 2001: Artez aldizkaria
  • 2002: Ramon Barea, zuzendari eta antzezlea.

Literatur sariak

[aldatu]

Eusko Jaurlaritzak lan argitaragabeentzat antolatutako literatur lehiaketa bertan behera utzi zenetik, antzerkiaren munduan Euskadin bi sari garrantzitsu geratzen dira, euskaraz nahiz gaztelaniaz: Donostia Hiria Saria eta Santurtziko Serantes Saria.

DONOSTIA HIRIA SARIA

[aldatu]

Gaztelaniaz eta euskaraz idatzitako antzezlanei zuzendutako deialdia erantsi zitzaion, 1990ean Ipuinen sariketa urtetsuari, Espainia eta Amerika osotik heldutako ehun testu inguru erakartzen baitu. Sariaren titulartasuna Gipuzkoako Kutxarena da, eta berori irabazteak testua argitaratzea dakar. Hasierako ekitaldietan lanaren antzezpena sustatu nahi izan zen, baina zailtasunen aurrean klausula hori ezabatzea erabaki zen. Aszesia ere kendu egin zen eta, horregatik, 1995az geroztik gaztelaniazko eta euskarazko lanik onenaren sari bakar bana baino ez da ematen.

SERANTES SARIA

[aldatu]

Santurtziko Serantes Kultur Aretoak ematen duen Serantes Sariak hirugarren ekitaldia zuen 2002an. Laurogeiko eta laurogeita hamarreko hamarkadaren lehen urteetako antzerki laburraren lehiaketaren oinordekoak, gaur egun iraupen luzeko antzezlanak ditu jomuga, eta sariaren diru kopurua apala da: 2.100 euro. Alabaina, egileentzat pizgarri garrantzitsua da antolakuntzak antzezlanaren estreinaldia koproduzitzen duela, 30.000 euro inguru emanez. Sariketa bakoitzean 40 bat testu jasotzen dira, batzuetan egile ospetsuenak. Testu-irabazlea salgarria ez den argitalpen txiki batean editatzen da.

Ikusleen elkarteak

[aldatu]

TXEMA ZUBIA ELKARTEA (DONOSTIA)

[aldatu]

Euskal Autonomia Erkidegoan martxan dagoen Ikusleen Elkarte bakarra da 1989an sorturiko Donostiako “Txema Zubia”. Gipuzkoan antzerkia suspertzeko urte luzez lanean aritu zen antzerkizale bizkor eta gogotsu baten izena du. Bozeramaleak Jaime Zurbano eta Mikel Azpiazu dira, eta beren jardueren artean nabarmentzen dira: aurreko atalean aipatu saria ematea, Donostia Hiria Sarietan antolaketa eta lehen aukeraketa egitea edota antzezlan argitaragabe edo gutxi hedatuen fondo bat sortzea, antzerki-taldeek zein zaletuek begiratu ahal ditzaten.

AMIS DU THÉÂTRE DE LA CÔTE BASQUE (BIARRITZ)

[aldatu]

Urteetan aurrena doa 1966an jaio zen euskal kostaldeko antzerkiaren adiskideen elkartea. Egoitza ofiziala Miarritzen duen arren, bere eragina antzerkirako zaletasuna dagoen bazter orotara hedatzen da, eta batik bat Baiona, Angelu eta Donibane Lohitzunera.

Elkarte bizkor eta jendetsu hau antzerkiaren maitale orori zabalik dago, bederatzi euroko urteko kuota apal bat ordaintzea beste mugaketarik gabe. Elkarteak 600 kide inguru ditu. Bileretan, Biarritzeko antzerki programazioaren diseinua ebazten da, bai Gare de Midi bai Le Colisée antzokietakoa. Muntaketa tradizionalagoak begiko dituztenez, ez da harritzekoa Biarritzeko ikuskizun sailean ohiko izatea besteak beste, Goldoni, Molière, Racine eta Victor Hugo antzerkigileen izenak.