Euskal antzerti eta zinea/Antzezleak
Euskal Herriko zinemak akademikoki prestatzeko eskola arautuen gabeziaren aurrean ofizioa eszenatokietan, telebistako platoetan eta «casting» proben azterketa gogorrean eguneroko borrokan zaildu diren ANTZEZLEAK ditu oinarrian. Teknika baino areago sena baliatzen dutenak, burutsuak baino areago somatikoak, euskal antzezleek, funtsa bilatzeko prozesua medio, pertsonaiak zorroztasun psikologikoz eta begiradan egia agertzen dutela moldatzen dituzte.
Juan de Landa (Mutriku, 1894-1968)
[aldatu]Hego Amerikara arrakasta bila joan eta bere xedea lortu gabe, baina arte munduan zerbait garrantzitsua egitera deitua zegoela sinetsita, Juan de Landa Italiara abiatu zen, operako kantari-ofizioari ekiteko. Zinearen zentrora, Hollywoodera, joan zen 1929an eta gaztelaniaz filmatutako pelikuletan figurante lanak egiten jardun zuen. El presidio filmarekin ospe handia lortu zuen, 1930ean. Espainian ezin konta ahala lan filmatu zituen 1932 eta 1939 bitartean eta gerraostean Italiara abiatu zen, eta han, batik bat abenturazko filmetan parte hartu zuen. Garai hartakoa da bere ibilbideko lanik garrantzitsuena: Ossesione (1942), Luchino Viscontik zineman egindako lehen filma. John Hustonen La burla del diablo filman ere agertu zen, eta Ladislao Vajda eta Ignacio F. Iquinoren hainbat lanetan.
Conchita Montenegro (Donostia, 1912 - Madril, 2007)
[aldatu]Concepción Andrés Donostia bere jaioterrian bizi izan zen 10 urte zituela gurasoak Madril aldean kokatu ziren arte. Parisen dantza ikasketak egin zituen, eta dantzari profesional bihurtuta, lehen emanaldia Bartzelonan eskaini zuen, Dresma de Montenegro izen artistikoaz.
Madrilen zenbait film mutu egin zituen, eta zinema soinuduna hasi zenean Parisa itzuli zen espainierazko bertsioak filmatzera. Han arrakasta handia lortu zuen La mujer y el pelele lanarekin –Pierre Louysen nobela ospetsuaren lehen bertsioa–; Luis Buñuelek ere pantailara eraman zuen Ese oscuro objeto de deseo izenburuarekin.
Hollywooden arrakasta lortzeko asmoz Atlantikoa zeharkatu zuen. Buster Keatonekin lan egin zuen, eta 1930 eta 1934 bitartean Metro eta Fox etxeetarako hainbat filmetan parte hartu zuen. Conchita Montenegrok Frantzia, Italia eta, azkenik, Espainian aritu zen, harik eta 1944an erretiratu zen arte.
Pierre Richard (Baiona, 1896 - Paris, 1983)
[aldatu]Frantziako zinemaren galaia, Pierre Richard Willm baionarrak 40 filmetan parte hartu zuen 1931 eta 1946 bitartean. Hasieran, artean estreinatu berriak ziren Robert Siodmakekin, Autour d’une enquete lanean, eta Jacques Tourner ekin, Cocktail de besos izenekoan, lan egin zuen. Bere filmografian agertzen dira Max Ophülsen bi film, Yoshiwara eta Le roman de Werther, eta Jean Duvivier en Carnet de Baile gogoangarriak.
Martine Carlo (Biarritz, 1922 - Montecarlo, 1967)
[aldatu]Miarritzeko parrokiako pontean Maryse Mourer izena jarri zioten, baina hogei urterekin Martine Carol izena hartu zuen, eta izen horrekin Frantziako zinemaren egiazko mito bilakatuko zen. Antzezle malgu, dotore eta sentsuala, berrogeita hamarreko hamarkadan Martine Carol emakume liluragarriaren roletan nabarmendu zen, eta Caroline chérie (1951) egin zuenetik sex symbol erabatekoa bihurtu zen.
Gaur egungo ikuspegiaz, bere agerpenek xaloegiak eman lezakete –déshabilléaz edo apar-burbuilen artean–, baina bere garaian gizonezkoen artean, eta baita emakumezkoen artean ere, grina gartsuak piztu zituen.
Bere bizitzako rola Max Ophülsek eskaini zion Lola Montes filmean, ahanztura triste batek irentsi zuen arte gizonak zoratu zituen emakume baten biografia, antzezlearen beraren bizitzaren isla.
Alfedro Landa (Iruñea, 1933 - Madril, 2013)
[aldatu]Lehen urratsak Donostian unibertsitatean zegoela eman ondoren, Madrilera joan eta bikoizketa lanean profesional bihurtu zen froga bat gainditu ondoren; proban Richard Widmark-ena egin behar izan zuen, Alfredo Landak gaur egun ere hitzez hitz gogoratzen duen elkarrizketa batean: “Escucha: Conocí a una mujer en este bar hace seis meses, y un día. Yo le rogué que cantara, lo hizo y su canción me enterneció”.
Zineman José Mª Forquéren Atraco a las tres gogoangarrian hasi zen, eta gero Berlangaren El verdugo eta M. Summersen La niña de luto etorri ziren, jada bere dohain dramatikoak agerian zituelarik.
Hirurogei eta hirurogeita hamarreko hamarkadan hainbat filmetan antzeztu zuen, sexualki erreprimitu eta sozialki zapuzturiko espainiar tipikoarena eginez; Landak zinema genero oso bat sortu zuen, “landismo” izenekoa.
Laurogeiko hamarkadaz geroztik genero dramatikorako jauzia egin zuen, eta jendearen miresmena irabazi, antzezpen bikainak eskainiz: Germán Areta polizia El cracken, motorista El puenten, Paco el Bajo laboraria Los santos inocentesen, lan honekin Cannesko Jaialdian Antzezle Onenaren Palma irabazi zuen, Bandera Negrako krisian dagoen marinela, La Marranako pikaroa edo telebistarako filmatutako Don Quijoteko Sancho Panza.
Tomás Blanco (Bilbo, 1910 - 1990)
[aldatu]Tomas Blanco bilbotarra Espainiako zinemak berrogei eta laurogeiko hamarkada bitartean agertu zen antzezle bigarren mailako sendoenetako bat izan zen. Hiru urtez Legioan egon ondoren, eszenatokietara aldatu zen eta 1933tik aurrera zenbait komedia-konpainiekin birak ematen hasi zen. Gerra garaian Hego Amerikan egon zen, Espainiako antzerki-errepertorioa irakasten, eta itzuleran zinemaren munduan sarturik, bere lehen arrakasta etorri zen: Mariona Rebull (1947).
Ehunka film egina da, gehienak bigarren mailako antzezle gisa, noizean behin protagonista lanik eskaini zioten arren. Almeriako westernen eta spaghetti westernaren garaian, Tomas Blancok Texasko kapela sarritan jantzi zuen, esaterako, La muerte tenía un precio-n, El hombre que mató a Billy el niño-n.
Azken agerraldi garrantzitsuak Jaime Caminoren Dragon Rapid eta Mario Camusen La colmena filmetan egin zituen. Hogeita hamar urtez, Tomas Blanco Espainiako Telebistako Telenovelas eta Estudio 1 programetan ohiko pertsonaia izan zen.
Imanol Arias (Riaño, 1956)
[aldatu]Mutiko bat dela bere familia Ermuan kokatu zen, eta lehen ikasketak han egin ondoren Eibarko Lanbide Unibertsitatean matrikulatu zen. Baina antzerkiaren pozoiaz kutsatzen hasita eta arrakasta bila Madrilera joan zen.
Imanol Ariasek protagonista moduan egindako lehen filma Humberto Solásen Cecilia izan zen. Behin betiko bultzada, ordea, Manuel Gutiérrez Aragónen Demonios en el jardín filmak emango zion, 1982an. Geroztik kasik ez dio filmak egiteari utzi. Euskal zinemak, hastapenetan, Imanol Ariasen antzezpen sendoei onura atera zien, besteak beste, Mikelen heriotza –horrexek bihurtu zuen ezagun–, Fuego eterno edo Bandera negra lanetan. Alabaina, ikusleek gehien gogoratzen dituzten rolak film hauetakoak bide dira: Vicente Arandaren El Lute, Pedro Almodóvar en La flor de mi secreto edo M. Gómez Pereiraren Todos los hombres sois iguales –erregistro komiko barregarri samar batean.
Zenbait telesailetan ere protagonista izan zen, hala nola, Anillos de oro, Brigada central, Cuéntame.
Luis Mariano (Irun, 1914 - Paris, 1970)
[aldatu]“Operetaren Printzea”, Parisko eszenatokietan bere une gorenetan amultsuki esaten zitzaionez, 1937an hasi zen zinea egiten, artean Mariano Eusebio González García izeneko erbesteratu gazte bat zela, R. Barberisen Ramuntchorekin.
Protagonista izan zen 21 filmetan, batik bat berrogeita hamarreko hamarkadan, horietako asko Donibane Lohitzuneko Francis López konpositoreak sortuak, tandem moduko bat osatuz.
Bigarren mailako antzezle hainbat pelikuletan parte hartu zuen. Bere ospea iraungi zenean, Bourvilekin kalitate eskaseko film komertzialak egin zituen bikote moduan. Akaso Luis Mariano sekula ez zen antzezle handi bat izan, baina bere ahots eta sinpatiarekin garai oso bat markatu zuen.
Xabier Elorriaga (Maracaibo, 1944)
[aldatu]Venezuelan babestutako euskal erbesteratuen semea, Xabier Elorriaga Txilen bizi zen, 1964an Bilbon kokatu zen arte, Zuzendaritzako ikasketak egiteko. Geroago kazetaritza munduan sartu zen, nazioarteko gaien analista, eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan irakasle moduan aritu zen.
Azken hiri horretan egin zuen bere lehen antzezle-lana, La ciutat crema filmean. Euskal zinemak 1978an Iñaki Nuñezen Toque de queda egitera erakarri zuen, eta geroago Segoviako ihesa, Albaniako konkista, Felicidades Tovarich… egin zituen.
Elorriagak 25 film baino gehiago egin ditu, horietako asko zuzendari itzaltsuekin: Jaime Chávarri, Carlos Saura, Bigas Luna, José Luis Cuerda, José Luis Borau edo Alejandro Amenabar.
Ikuska 4 metraje laburreko filma eta Zergatik Panpox? metraje ertaineko filmak idatzi eta zuzendu zituen, hurrenez hurren.
Maribí Bilbao (Bilbo, 1930 - 2013)
[aldatu]Euskal zineman eskarmentu handieneko emakumezko antzezlea, nortasun handikoa eta pertsonaiak –ia beti ertz askoko emakume hauskorrak– garatzerakoan ausarta, Maribi Bilbao hirurogeiko hamarkadako hamarkadaren hasieran hasi zen eta gaur egun, hirurogeita hamar urte jardunean pasa dituelarik, indar beteko bere ibilbide luzea koroatu duten hainbat sari jaso ditu.
Gure begi-ninietan gordeak ditugu euskal antzezle zaharraren irudia Siete calles-en, mirabe otzanarena A ciegas-en, mojarena Pecata Minuta-n eta desloratu gabeko atsoarena berriki estreinatutako La primera vez metraje laburreko filman.
El Mundo saria jaso zuen 2002an, emakumezko antzezle onenaren saria, Marujas asesinas filmagatik.
Paco Sagarzazu (Donostia, 1940)
[aldatu]Paco Sagarzazu antzezle bikaina da, baina bere lanbideak, irratiko esataria izanik, bere dohainen neurriko ibilbidea garatzea eragotzi dio. Hala ere, film askotan ikusi dugu, pertsonaia sinesgarri eta mamitsuak moldatuz: Crónica de la Guerra Carlistako kazetari liberala, Tasioko basozaina…
Zuzendari ugarirentzat lan egin du, hala nola Xabier Agirre, Eloy de la Iglesia, Ana Díez, Gracia Kerexeta, Antonio Mertzero, Ramon Barea eta Daniel Kalparsoro.
Patxi Bisquert (Zizurkil, 1952)
[aldatu]Imanol Uribek Segoviako ihesa egin zezan deitu zionetik Patxi Bisquert euskal zinema berriko filmetan ohiko presentzia izan zen: Akelarre, Albaniako konkista, Golfo de Vizcaya, Ehun metro, eta batez ere Montxo Armendarizen Tasion, bere antzezpenik gogoangarriena. Bestalde, Pedro Olea, Francesc Bellmunt edo Carlos Sauraren zuzendaritzapean ere lan egina da.
Klara Badiola (Donostia, 1954)
[aldatu]Klara Badiolaren aurpegia azken bi hamarkadetako euskal zineman ezagunenetako bat da. Telebistan eta antzerkian lan egin ohi duen eskarmentu handiko antzezle hau Imanol Uribe, José Angel Rebolledo, Ernesto del Río, Juanma Ortuoste, Enrique Urbizu, Julio Medem edo Ana Díezen pelikuletan agertu izan da.
Ramón Barea (Bilbo, 1949)
[aldatu]Antzerki mundutik heldua, 1969tik Cómicos de la Legua, Karraka, Geroa, Bederen Bat edo Txalo bezalako taldeentzat ikuskizunak zuzendu jardunadakoa, zineman Imanol Uriberen eskutik hasi zen. Segoviako ihesa filmean, ibilbide luze samar baten abiapuntu izan zen, batik bat bigarren mailako antzezle izanez, baina baita protagonista moduan ere, besteak beste, Santa Cruz, el cura guerrillero eta Entre todas las mujeres-en.
Euskal zinemak eskaini zion plataforma profitatuz, Ramon Bareak estatu mailako produkzioan sartzea lortu zuen, eskaintzen dizkioten rolak eraginkortasunez eta zenbaitetan bikain egiten dituen “ohiko izen” bat bezala.
Horrez gain, bi film labur idatzi eta zuzendu ditu, Adios, Tobby, adiós eta Muerto de amor, eta film luze bat, Pecata minuta, azken hori bere antzerki testu baten moldaketa.
Xabier Gurrutxaga (Donostia, 1958)
[aldatu]Orquesta Mondragon musika taldeko buruaren antzezle-lana ez da guratsua edo noizbehinkakoa izan, baizik eta donostiar honek hirurogeita hamarreko hamarkadaren hasieratik eszenatokietan erakutsitako talentuaren halabeharreko ondorioa.
Neurri berean musikari, showman eta antzezle, zineman bere burua antzeztuz hasi zen, Bésame tonta filmean, 1982an estreinatu eta balioa galdu zuen zentzugabekeria bat.
Pedro Almodóvar ek Qué he hecho yo para merecer esto filman rol txiki bat eman zion, eta 1988az geroztik genero eta izaera oroko filmetan agertu izan da. El rey pasmadon Conde Duque de Olivares pertsonaiarena egiteagatik bereziki goretsi eta saritua izan zen. Geroago lan egin zuen, besteak beste, José Luis García Sánchezen (Tirano Banderas, Siempre hay un camino a la derecha), edo Luis García Berlangaren (París Tumbuctú) zuzendaritzapea.
Karra Elejalde (Leintz-Gatzaga, 1960)
[aldatu]Euskal zuzendarien azken belaunaldiaren antzezle begikoenetako bat Karra Elejalde da. Horregatik bere izena Julio Medem, Juanma Bajo Ulloa eta Alex de la Iglesiarenekin loturik dago, zeren eta, pelikulei talentua, irudimena eta konplizitate artistikoa ekartzen baitie. Izan ere, gipuzkoar honi kreatibitatea dario: telebista, irratia, antzerkia, zinema, idazketa... Alor horiek guztiak irizpide pertsonalaz, adimenaz eta zolitasunez jorratzen ditu.
Antzezlea da, baina baita gidoilari eta zuzendaria ere. Euskal Orson Welles moduko bat... baino umore handikoa.
Saturnino García (Bariones de la Vega, 1935)
[aldatu]Bizkaira emigratu zuen 1952an, bere familiarekin, Leonen falta zen lanaren bila, eta instalazio metalurgiko batean langile sartu zen. Bere sentikortasunari jarraiki, kultura eta farandula giroan barneratu zen, eta 1956an lan jantzia kendu eta antzerkia bizibide bihurtzea erabaki zuen. Beti birak eginez, antzezpenak emanez –bere bululu maiteak–, ehunka obra antzeztu zituen, horietako batzuk gogoangarriak, David Mameten Una vida en el teatroko antzezle zaharrarena kasu, eta zineman zenbait rol ere burutu ditu, hala nola, Viaje a ninguna parte, Todo por la pasta, Acción Mutante eta Amantes. Bere ibilbidea errotik aldatu zuen filma filmatu zuen 1994an: La Cuadrillaren Justino, un asesino de la tercera edad. Geroztik, Saturnino pantaila handietan eszenatokietan baino sarriago agertu da, bere burua oroz gain “antzerkiko antzezle zahar” hartzen duen arren.
Mikel Garmendia (Ordizia, 1945)
[aldatu]Herri mailan Goenkale telesailean parte hartzeagatik sobera ezaguna, Mikel Garmendiak bere dohainak zeluloidean ere erakutsi zituen, pertsonaia jatorrak, Kaleretikeko Malantxas gogoangarria kasu –1987an Cartagenako Itsas Zinemaren Nazioarteko Jaialdian Antzezle Onenaren Saria–, Hamaseigarrenean aidanezko Cornelio zinikoa edo Maitéko angulero maitagarria antzeztuz. Garmendia euskal zinemaren bigarren mailako antzezle eraginkorrenetakoa izanez nabarmendu da.
Alex Angulo (Erandio, 1953 - Fuenmayor, 2014)
[aldatu]Angulo ikusle gehienek telebistari esker ezagutzen duten beste antzezle bat da, Segoviako ihesa filmean lehenengoz eta oso laburki agertu zenetik, ia 40 filmatan parte hartu duen arren. Dohain ugariren jabe, Alex Angulo zinema berrienaren euskarri sendoa da, eta gaur egungo zuzendari nagusien eskaintzak jaso ditu.
Najwa Nimri (Iruñea, 1972)
[aldatu]Najwa Nimriren presentzia misteriotsuan, Daniel Kalparsorok bere istorio ilun eta bortitzetarako protagonista eder bat aurkitu zuen. Hala ere, Alejandro Amenabarrekin eta, batez ere, Julio Medemekin pertsonaia konplexuagoak moldatzeko baliabideak erakutsi ditu. Goya sarietarako aukeratua izan zen 1998an, eta 2002an ostera finalean zen, Lucía y el sexo filmarengatik antzezle sekundario onenaren sarirako lehiatuz. Antzezle izateaz gain, Najwa soul eta jazz kantaria ere bada.
Ramon Agirre (Donostia, 1954)
[aldatu]Ramon Agirre antzerkian eta telebistan aritu izan da nagusiki, baina antzezpenerako bere dohaina euskal zineman ere agertu du: Santa Cruz, el cura guerrillero, Ander eta Yul, El día de la bestia, La hora de los valientes… Lauaxetan Eusko Gobernuko lehendakari izandako Jose Antonio Agirre bere osaba aitonarena egin zuen.