Edukira joan

Euskal antzerti eta zinea/Bideo sorkuntza

Wikibookstik

BIDEOA ETA IKUS-ENTZUNEZKO SORKUNTZA. Zeluloideko zine esperimentalaren eta laurogeita hamarreko hamarkadan agertutako teknologia berriei (infografia irudiak, espazio birtualak edo errepresentazio interaktiboak) lotutako adierazpide berrien tartean, bideoak ikus-entzunezko sorkuntzaren garapeneko bi aldiren arteko trantsizio-lana egin du.

“Zine esperimentalaren eta bideoaren artean urrats bat dago, iraungipen bat balitz bezala; ez egileetan ordea, baizik eta ezaugarrietan, egiteko moduetan, kontzeptuetan. Euskadin, bideoaren teknologia apurka sartu izanak ahalbidetu zuen euskarri baten egiteko moduetatik bestearen moduetara aldatzea”.

Josu Rekalde irakasle eta sortzailearen adierazpen horrek zinema esperimentaletik bideo sorkuntzarako aldaketa, gurean laurogeiko hamarkadan eman zena, azaltzen du Ander González Antonak, EHUk argitaratu eta kapitulu honetan gida dugun doktoretza tesian gai hori sakon eta zorrotz aztertu zuenak.

Aurreko kapituluan ikusi dugunez, hirurogeiko hamarkadaz geroztik sortu ziren Euskal Herrian filmetara esperimentalismoa eraman zuten zenbait egile, eta horien lanak Estatuan egindako abangoardiako zinemaren ekarpen baliotsuenetakotzat hartuak dira.

Telebistaren garapenetik heldutako teknologia elektroniko berria agertzean, zinemagile horietako batzuk, Ivan Zulueta edo Jose Maria Zabala kasu, tresna askoz malgu eta merkeago horretaz baliatu ziren. Baina, Rekaldek dioen moduan, zinema esperimentaletik bideorako aldaketa ez da hainbeste pertsonen kontua, sorkuntzako egiturena baino, horrekin elikatzen baitira zinemaren hizkuntza konbentzioek gogobetetzen ez dituzten gazteak eta ohiko teknika plastikoek bazter utzita adierazpide berrien bila dabiltzan artistak.

Narrazioaz haraindiko sentipenak eta sentimenduak kanporatzea xede duen arte esperimentalista horri fabore egiteaz gain, bideoa ikasle gazte askok zinema edo telebistako errealizazioa egiten hasterakoan baliatuko duten euskarria izango da, eta gizarte komunikazioaren alorrean tresna erabilgarria.

Bideoa Euskal Herrian: lehen hartualdia

[aldatu]

Euskal bideoa, ahalbide artistikoekiko teknologia gisa, 1979an jaio zen, Bideoari buruzko Informazioren I. Astea burutzean, Bilboko Udal Aurrezki Kutxak babestua. Hurrengo urtean, Iruñeak –jada bideoaren inguruko agerkari baten egoitza izana, 1972ko udarako Arte Topaketak hartu zituelarik, horiek oso oihartzun apala eduki bazuten ere– antolatu zuen berariaz bideoari buruzkoa izango zen lehenengo agerkaria, 1981ean bideo-artea ardatz zuen bigarren ekitaldi bat, eta azkena, biziko zuena.

Urte horietan ikus entzunezko euskal industria hezurmamitzen hasi zen –erakunde Autonomikoen babesean zinema egiteari ekin zitzaion–, eta ETB telebista publikoa jaio zelarik, behar bezala trebatutako profesionalen premia sortu zen. Une hartan (1982-1983 ikasturtea) Erandio eta Gasteizko Institutu Politeknikoek Irudia eta Soinua eskainiko dute ikasgai moduan.

Urte horretan bertan lizentziatu zen Arte Ederretako Fakultatearen Ikus entzunezko lehenengo promozioa, Euskal Herriko Unibertsitatean.

Geroago, 1987an, sortu zen Arteleku, Gipuzkoako Aldundiaren zentroa, bideo-artearen irakaspen eta hedapenean ereduzko lantegia egitea xede zuena.

Hiru jaialdiak

[aldatu]

Euskarri magnetikoa bihurtu zen Donostiako Bideo Jaialdian, 1982 eta 1984 bitartean, diziplina tradizionalekin berdin zitekeen hizkuntza artistiko bat, Euskal Herrian ez ezik Espainia osoan.

Jaialdi horri esker, komunikabideak behar bezalako arreta jartzen hasi ziren, bideo sortzaileen eta adituen belaunaldi oso baten agerpena bultzatu zen eta nazioarteko lehenengo topaketak eman ziren. Hasiera batean diziplinarteko izaera erabatekoa bazuen ere –etxeko bideoa, didaktikoa, musikala, terapeutikoa, eta abar–, bigarren ekitaldirako jada alderdi artistikoan oinarritu zen eta egile berriak sustatzeari ekin zion, euskal bideoaren lehiaketa bat antolatuz. Hirugarren jaialdiak telebista izan zuen mintzagai nagusi, eta zine zein bideo egileen arteko eztabaidak eratu zituen.

Donostiako Jaialdia desagertu zenean, haren sustatzaile Guadalupe Etxebarria Gasteiz aldera deitu zuten, zeren eta Iñigo Silvak eta honen Araba Sauditako lagunek udala ondare hura profitatzeko premiaz konbentzitu baitzuten. Horrela jaio zen, 1985ean, Gasteizko Bideo/Musika (1) Jaialdia, oraindik bizirik dirauena, estatu mailako jaialdi zaharrena.

Jaialdiaren gidaritza Manuel Palaciok hartu zuen, 1988an, eta honek lehiaketa hiru ardatzen inguruan antolatu zuen: bideo-sorkuntza, telebista eta musika.

Tolosako Bideoaldia da hirugarren agerkari garrantzitsua, 1986 eta 1990 bitartean euskal bideoaren alde apustu egin eta asmatu egin baitzuen. Izugarri ugaldu ziren 1985 eta 1990 bitartean, Donostia, Gasteiz eta Tolosakoaren antzeko bideoaren inguruko agerraldiak, urte bakar batean hamaika antolatzeraino.