Edukira joan

Euskal antzerti eta zinea/Erakundeak eta zinema

Wikibookstik

ZINEMA KULTUR ONDASUN BAT DA eta bizirauteko erakundeen babesa behar du. Are gehiago irudiaren industria sendorik ez duen gurea bezalako herri txiki batean, berebiziko garrantzia du ikusleek Ipar Amerika, Europa eta Espainiako filmen inbasioari aurre egingo dioten bertako kalitatezko produktuak eskuratzeko. Filosofia horrekin, Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako erakundeak filmen sorkuntza –gidoilariei bekak eta laguntzak eskainiz– eta ekoizpena bultzatzeko planak garatzen ari dira.

Diru-laguntzen politika, Euskal Autonomia Erkidegoan 1981ean eta Nafarroan 1986an martxan jarri zena, xede hauekin jaio zen: gure herriaren kultur errealitatea ezagutarazteko, zinema-industria baten garapenerako oinarriak ezartzeko eta teknikari eta antzezleei lana emateko.

Lege izaerarik ez duen arautegi horri esker finantzatutako lehen filma izan zen Segoviako Ihesa, “Estatutua estreinatuko duen filma”, Angel Amigo ekoizleak adierazi zuen moduan. Filmak 10 milioi pezeta jaso zituen martxan jarri berria zen Eusko Jaurlaritzatik, eta halako bi Gobernu zentraletik. Imanol Uriberen filmak lortutako arrakastak –60 milioiko aurrekontua zuelarik, ia bi halako bildu zuen– baikortasuna ekarri zuen, eta erakundeei euskal zinema gaztea bultzatzeko erabakian eragin zien. Horretarako antolatu zuen laguntza-sistema bat, filmen kostu osoaren %25a eskaintzen zuena, dirua aurrez ordainduta eta kostua berreskuratzeko bermerik gabe. Albaniako konkista, Akelarre, Erreporteroak eta Mikelen heriotza filmen ekoizleek berme eskuzabal hori izan zuten. Aipatu lehen filmak erabateko porrota izan zuen –31 milioi pezeta baino ez zuen bildu–, eta Mikelen heriotza, berriz, laurogeiko hamarkadako euskal zineman diru gehien bildutako filma izan zen. izan ere, 283 milioi pezeta bildu ziren.

Itxaropenetik porrotera

[aldatu]

Pilar Miró zinemagilea Zuzendaritza nagusira heldu izanak itxaropen handia piztu zuen sektorean. Haren 1984ko Legea aurrerapauso itzela izan zen kalitatezko zinema babestu eta garatzeko eta zuzendari berriak eta haurrentzako zinema zein zinema esperimentala sustatzeko. Muturrera eramanda, Miró Legeak aurrekontuan jarritako kostuaren %50a agintzen zituen diru-laguntzaz.

Handik gutxira, Euskal Telebistak euskal zinemaren eragile aktibo bihurtzeko interesa agertu zuen, eta ekoizleekin antena eta emate eskubideak eskuratzeko politikaren oinarriak ezartzeko hitzarmena sinatu zuen. Hitzarmen horrek, ordea, hutsaren hurrengo balioa zuen, zeren eta ETBk zinemari edozein laguntza ukatu baitzion, gehienez noizean behin emate eskubide jakin batzuk erostera mugatuz.

Desadostasun larrienak Eusko Jaurlaritzak filmak zuzenean ekoiztea erabakitzen duenean etorri ziren. Politika interbentzionista horrek Kultura Saila eta Euskal Ekoizleen Elkarte Independentea aurrez aurre ipini zituen. Elkartearen lehendakari Angel Amigok dimisioa aurkeztu beharrean gertatu zen, baina Teknikarien Elkartearen babesa jaso zuen. Aurrerantzean, Jaurlaritzaren ekoizpen etxe jakin batzuk laguntzeko joerak euskal ikus entzunezko sektorean haustura sakona ekarriko du. Estatuan ere gauza bera gertatuko da.

Euskal mediaren hamarkada

[aldatu]

Euskal Media sozietate publikoa 1990eko udan jaio zen. Hortik aurrera, diru publikoa erakundeen kontrolpeko produktu komertzialek jaso zuten. Bozeramaile baten hitzetan, Euskal Mediarekin “laguntzaren kontzeptua inbertsioaren kontzeptuak ordezkatuko du”, diru-laguntzak erabat desagertuko ez badira ere.

Hamarkada horretan, Eusko Jaurlaritzak, Euskal Media bitarteko eta funtsean ekoizpen-etxe gutxi batzuetan oinarrituta, nolabaiteko errentagarritasuneko proiektuak bultzatu zituen. Euskal zinemarentzat erabakigarria zen garai batean talentudunak eta diru eragileak agertzen ari zirenean, besteak beste, Julio Medem, Bajo Ulloa, Alex de la Iglesia edo Enrique Urbizu, Euskal Mediak interes gutxiko filmak sustatu zituen, emaitza ekonomiko oso txarrak lortuz. Hala, oroz gain pragmatikoa omen zen politikak, xede nagusia inbertsioak txartelen leihatilan berreskuratzea baitzen, galera izugarriak izan zituen, eta aldi berean Madril aldera abiatu ziren euskal zinemako etorkizun oparoko zinemagileak, harrera hobe baten bila.

Euskal Media desagertzeak erakunde Autonomiakoetan hausnarketa eta autokritika eragin zituen. Hala ere, bada berriz ere datu itxaropentsurik, hala nola ETBrekin hitzarmen berri bat sinatu izana, etxe honek ikus entzunezkoen sektorean izan zuen esku-hartzea arautzea helburu zuena.

Dena den, garrantzitsuena da zinemaren mundua mugitzen ari dela, eta erakundeak laguntzeko prest agertzen direla. Euskal Herriko egoera aztertu duen Carlos Roldán historialari nafar adituak dioen bezala: “Eusko Jaurlaritza zerbait egiten duelako, esku hartzen duelako eta erabakiak hartzen dituelako kritikatu izan dugu. Hori garrantzitsua da. Andaluzia edo Kataluniako Gobernuak ezin kritika daitezke, ez baitute ezer egiten. Baina, Euskadin baldin zinema egongo bada, funtsezkoa da Euskal Gobernua engaiatzea”.