Edukira joan

Euskal antzerti eta zinea/Euskadiko Filmategia

Wikibookstik

ZINEMATEKA. Euskadiko Zinemateka Estatuko zaharrena baldin bada –1953an sortutako Espainiako Filmotekaren ondoren, jakina–, ez da izango euskal zinemaren ondarea kantitatez edo kalitatez bereziki oparoa delako. Erakundeen sentsibilitateak ere ez du horretan zerikusirik. Ez. Euskadiko Zinemateka arriskuan zegoen ondare horren garrantziaz jabetutako pertsona-multzo baten emaitza izan zen. Aipatu pertsonak, 1977an, Euskal Herrian zeuden zinema fondoak gorde eta zentralizatuko zituen erakunde bat sortzeko lanean hasi ziren.

Ofizialki 1978ko maiatzaren 1ean eratu zen, Donostian, lehendakari Peio Aldazabal zuela, lehendakariorde Nestor Basterretxea artista, diruzain Juanjo Almuedo eta idazkariorde Euskal Zinemagileen Elkarteko Jose Manuel Gorospe. Estatutuak Jose Luis Basoko Zuzendaritza batzordeko idazkariak idatzi zituen, eta horietan erakundearen xedea adierazten du:

“gure zuzendarien zinema eta bideo-lanak nahiz Euskadi mintzagai duen material historiko dokumentala eta, oro har, zinema ikertu, berreskuratu, artxibatu eta mantentzea”.

Hasieran artxiboak filmazio zaharreko 600 metro zituen. Film horietako batzuk oso bitxiak dira, 1928an Tolosako zezen-plazan jokatutako aizkolarien desafioa kasu, non Txikito Aiakoa ospetsua agertzen baita. Fondo apalak, baliabide halaber apalentzat: Filmotekaren aurreneko egoitza Peio Aldazabalen etxea izan zen, eta egin ahal izan ziren zaharberritze-lan apurrak Filmoteka Nazionalaren borondate onari esker burutu ziren.

Geroago, SADE Donostiako ikuskizunen elkarteak Astoria Antzokiko kamerino bat utzi zien, eta materialak han pilatu zituzten, Eusko Jaurlaritzak Donostiako Informazio eta Turismoko Ministerioaren delegazio zaharrean lehen egoitza paratu zuen arte.

Babes gabezia

[aldatu]

Zinemaren ondarea mantentzeaz arduratzen delarik berorren xedeak erabilgarritasun publikokoak eta guztion probetxurako diren arren, Euskadiko Zinematekak babesgabetasun penagarria pairatu du, instituzio publikoa ez izateagatik.

Izan ere, gure Filmoteka zuzenean administrazio publiko baten mende ez dagoen estatuko bakarra eta akaso munduko bakarrenetakoa da. Horregatik, baliabide eskasia harrigarria da. Peio Aldazabalek irregulartasun hori askotan salatu du:

“Gorabehera politikoen eta gure agintarien kultur sentsibilitatearen mende gaude... Zenbaitek Euskal Filmotekak bere burua finantzatu beharko lukeela ere esan du. Bere burua finantzatzen duen liburutegirik ezagutzen al duzu? Nik ez, eta, ezta filmotekarik, pinakotekarik... ere”.

Donostiako Udala da Euskadiko Zinematekaren bermatzailea 1989az geroztik, eta hasteko Victoria Eugenia Antzokiaren eraikinean zenbait lokal eskaini zizkion. Horiek eskas samarrak zirela iritzita, 1993an Antso Jakituna Etorbideko 17aren atzealdera aldatu zen, bideoteka, liburutegia, ikuskatze aretoa eta emanaldi aretoa dituen 340 metro karratuko lokal batera. Luze gabe, Udalak Filmotekari Gas Fabrika zaharrean behin betiko ostatu eman dio.

10 milioi metro

[aldatu]

Zinema ondarea gordetzeko sentsibilitatea nahikoa berria da. Zinema soinudunaren hastapenetan, 1929an, film mutuen milioika metro suntsitu ziren, inolako baliorik ez zutelakoan. Eta berrogeita hamarreko hamarkadan jada, birziklatzeko sukar erasoaldi batean, zinta kopuru itzelak urtu ziren, horietatik zilar gatzak erauzteko eta zeluloide produktuak egiteko.

Egoera horretan, gure zinema-ondareko pieza bitxiak berreskuratu eta gordetzeko Euskal Filmotekaren ahaleginak izan duen eta oraindik ere duen garrantzia ezin estimatuzkoa da.

Gaur egun, duela bi hamarkada eta erdi 600 metro film zuen instituzioak bere artxiboetan gordetzen ditu 3.000.000 metro film, 7.000.000 metro bideo euskarrian, 19.000 aldizkari espezializatu (1912 2002), 4.500 aleko liburutegi bat, informazio osagarriko hainbat material, press book, argazki eta, guztira, 300.000 dokumentu inguru.

Horrez gain, euskal zinemaren eta bertako pertsonaiei buruzko argitalpen propioen fondo interesgarri bat du. Euskadiko Zinematekari buruzko informazio gehiago nahi duen pertsona oro honako web orri honetara sar daiteke:

http://www.paisvasco.com/filmoteca/