Euskal antzerti eta zinea/Euskaldunen zinema, zinemako euskaldunak

Wikibookstik
Jump to navigation Jump to search

EUSKALDUNEN ZINEMA, ZINEMAKO EUSKALDUNAK EUSKAL ZINEMARIK BA OTE DAGOENARI BURUZKO EZTABAIDA, eta, ondorioz, filmak euskalduntzat hartzeko zein baldintza bete behar dituzten, ia berrogei urtez luzatu den auzia da.

Oinarrian, ordea, gertakari garbi bat dago: euskal zinema ez da existitzen. Ez kontzeptualki ez materialki.Izan ere, gure herrian sortzaileen lanak bermatuko dituen industria-sektore sendo eta lehiakorrik ez baitago, eta, ondorioz, sortzaile horiek beste norabait joan behar izaten duten beren ekoizpenekin.

Euskal zinema?[aldatu]

Euskal zinemarik ba ote dagoenari buruzko eztabaida, eta, ondorio gisa, filmak euskalduntzat hartzeko zein baldintza bete behar dituzten, ia berrogei urtez luzatu den auzia da. Salbuespenak salbuespen, herri honetan ez dago eztabaida korapilatsu hori saihestea lortu duen zinemagile, ekoizle, kritikari edo aditurik, euskal zinema deritzonaren esentzia eta existentziari buruzko dibagazioek zenbaitetan sorkuntza lana bera eragotzi dutelarik.

Auzi honi buruzko eztabaidak hirurogeiko hamarkadan hasi ziren, zehazki Ama Lur estreinatu zenean (1968), Jorge Oteizaren teoria antropologiko estetikoek akuilatuta (Quousque tandem!, 1963).

Eskema teoriko baten euskarri gisa jokatuko zukeen film mordo bat sortu aurretik, etorkizun zegoen zinemari buruz definizio eztabaidaezinak egin ziren, eta eginkizun zorrotzak ezarri zitzaizkion.

Hasiera batean adierazi zen euskal filmek, euskaldun izan nahi bazuten, euskaraz eta musika nahiz kultur estilo propioak baliatuz egin behar zirela, herriarekin zuzenean lotutako edukiak jorratuz.

Geroago, hirurogeita hamarreko hamarkadan, “Made in Euskadi” labela lortzeko aurrekoei izaera politikoa erantsi zitzaien ezinbesteko baldintza moduan: filmaren mezuak herri zanpatuaren askapena bultzatu behar zuen.

Autonomia Erkidegoko zinema, inoiz erneko ez zen euskal industri baten hazi itxaropentsua, martxan jarri zenean, jarrerak baretu egin ziren, eta obraren nazionalitatea ekoizpenak xedatzen duela onartzen hasi zen, eta, beraz, Euskal Herrian ekoitziriko film oro bertakotzat eta, hortaz, euskalduntzat, jo behar zen.

Hautabide horietatik bat bera ere ez zen gailendu; horrek ez luke garrantzirik, sikiera akuilu artistiko gisa edo Euskal Zinemaren Labela sustatzeko euskarri gisa balio izan balu. Horrelakorik ez zen gertatu ordea. Beraz, eztabaida apurka iraungiz joan da, bere antzuan.

Ia berrogei urte igaro dira eta, orduan bezala, oinarrian gertakari garbi bat dago: euskal zinema ez da existitzen, ez kontzeptualki ez materialki. Zeren eta gure herrian sortzaileen lanak bermatuko dituen industria-sektore sendo eta lehiakorrik ez baitago, eta, ondorioz, sortzaile horiek beste norabait joan behar izaten dute beren ekoizpenekin.

Eta, aurrekoa kontuan izanik, pentsaezina dirudi eta akaso desiragarria ere ez da gurean eredu berezi bat umotzerik: hizkuntzan eta hizkeran, estiloan eta gaietan, adierazpide propioak dituen kultura islatuko lukeena.

Euskaldunen zinema[aldatu]

Alabaina, egiaz euskal zinema badenik ezin esan badezakegu ere, oparoa da zinemarako euskal ekarpena, pertsona kopuruari eta kalitateari begira, hirurogei eta hirurogeita hamarreko hamarkadetan ez bezala. Ekoizleak, zuzendariak, antzezleak, gidoigileak, musikariak, argazki-zuzendariak, zuzendari artistikoak... Frantzia eta Espainiako industrietan nahiz, kasuren batean, Europa edo Ipar Amerikakoetan ospe handia duten profesional ugari.

Euskal zinemarik ez da existitzen, baina orduan, zinemako euskaldunak ditugu. Hori egiaztatzeko, irakurleak nahikoa izango du segidan doazen orrialdeei begiratu bat ematea.

Hobe litzatekeela hemen, etxean, isurtzea hainbeste eta hain onak diren sortzaile horien talentua? Jakina. Baina hori nekez gertatuko da, baldin eta lehenik sektore pribatua eta publikoa bilduko dituen industria-azpiegitura bat sortzen ez bada. Eta horrek, azken bi hamarkadetako esperientziari begira, lantegi zaila dirudi.

Nolanahi ere, euskal zinemagile berriek beste inon egindako produktuen aldean nortasun bereizgarririk ez dutela agertzen? Horri buruz sakon eztabaidatu beharko litzateke –baterako esparru bat osatzen duten gai batzuk, korronte obsesiboak akaso, suma daitezke. Dena den, ez da gutxietsi behar, euskal zinemaren faktore komun gisa, honek agertzen duen gizabanako anitzen kopuru handia. Alex de la Iglesiaren hitzetan “Garrantzitsua da euskal zuzendari guztiok desberdinak garela, eta sortzen diren filmek ez dutela bata bestearekin inolako zerikusirik”.

Finean, funtsezkoena da euskal sortzaileek egin egiten dituztela filmak, eta horietako asko direla ikusle ugari erakartzeko adinako kalitatedunak. Beraz, euskaldunen zinema denok ezagutu eta hedatu beharko genukeen kultur ondarea da. Hain zuzen ere, xede horrekin prestatu dugu liburuki hau.