Euskal antzerti eta zinea/Jaialdiak eta lehiaketak

Wikibookstik
Jump to navigation Jump to search

ZINEMA ERAKUSTALDIEK helburu bikoitza dute: batetik, filmen hedapen komertziala eta sektorearen eraberritzea ahalbidetzen dute; bestetik, ikusleak sentsibilizatzeko eta, zenbaitetan, gizarte balioak (izadia, tolerantzia, euskara, arte gaztea, eta abar) sustatzeko kultur plataformak dira. Euskal Herrian, eskaintza hain handia denez jaialdi, aste eta lehiaketen artetik hautaketan bat egin beharrean izan gara.

Zinebi, Bilboko zinema dokumentalaren eta film laburren nazioarteko jaialdia[aldatu]

Aspaldi martxan jarri zelako, gertakari berdingabea delako eta, agian, baita duen aurrekontuagatik ere, Bilboko Zinema Dokumentalaren eta Film laburren Nazioarteko Jaialdiak Euskal Herriko bigarren garrantzitsuena izan beharko luke, Donostiako Zinemaldiaren atzetik. Zinebi, ordea, gorabehera eta zehaztugabekerien artean itzaliz doa, krisialdi-egoera kronikoan, jaialdiari kanpora begira erakargarria suertatuko den nortasun eta bultzada bat emateko zuzendarien ezintasunagatik.

Donostiako Zinemaldiaren hastapen eta bermatze azkarrari begira inbidiak jota, 1959an Bilboko handiki multzo batek, Pedro Ybarrak, Instituto Vascongado de Cultura Hispánicaren presidentea buru zuela, Zinema Dokumental Iberoamerikar, Lusitaniar eta Filipinarraren Nazioarteko Lehiaketa bat sustatu zuen, helburutzat harturik: “zinema dokumentalaren indar adierazkorraz herri iberoamerikarren artean maitasuna, begikotasuna eta elkar ulertzea sendotzea, eta herri horien usadioak, artea, musika, folklorea, paisaiak, eta abar ezagutaraztea”.

Zinema Dokumentalaren Nazioarteko Lehiaketa izena hartu zuen 1967an, beranduago izenari metraje laburreko filma erantsiko zitzaiolarik. Hastapenetan, Jaialdiaren parafernalia Donostiako kidearen kopia hutsa zen, baina kaskarragoa, zeren eta Luciano Rincón gogoratuak zioen bezala, hasierako lehiaketa “askotariko jarduerei buruzko agerraldi arrunta” besterik ez baitzen. Alabaina, hirurogeiko hamarkadaren amaieran tarteka lan esperimentalak, munduko zuzengabekeriak salatzen zituzten dokumentalak eta estatuaren egoerari buruzko metafora garratzak agertu ziren, Jaialdia askoz interesgarriagoa eta sortzaile berrientzat ezinbesteko topaleku bihurtuz. Garai hartan paradoxa ugari gertatu zen, hala nola 1968an Ama Lur, euskal etnia goresten zuen lanak, balio hispanikoak islatzeagatik “Conde de Foxá” Saria jasotzea.

Bilbon orduan zinemagile hasiberri ezagunak saritu ziren, José Luis Garci (1975), Jaime Chávarri (1971), Imanol Uribe (1977), Alfonso Ungría (1969), Montxo Armendariz (1979), Julio Medem (1985) eta Juanma Bajo Ulloa (1988 eta 1989) kasu.

Bere bizialdi luzean gorabehera eta egoitza ugari izan ostean, badirudi azkenaldian (2002ko urtea) Bilboko Zinema Dokumentalaren eta Film laburren Nazioarteko Jaialdia beste beheraldi bat pairatzen ari dela. Ennio Morriconeren presentzia izartsuak edo bere ikonografiaren erotismo kistchak nahasketa areagotu diote gero eta lausoago agertzen den gertakari honi.

Donostiako urpeko ziklo nazioartekoa[aldatu]

Donostiako Real Sociedad Futbol taldearen urpeko jardueren ataleko zenbait bazkidek 1975ean hasiera eman zioten nazioarteko ziklo bati, mundu mailako gertakari bihurtu denari. Aurkeztutako film guztiek –zinemako formatuan eta, azkenaldian, baita bideoan ere– dute zerikusia urpeko bizitzarekin, mundu gorde eta ezezaguna, eszenatoki liluragarriez eta izaki zoragarriez populatuarekin. Jardunaldietara mundu osoko adituak eta pertsona famatuak biltzen dira, eta urpeko munduari lotutako jarduera ezberdinak programatzen.

Biarritzeko nazioarteko jaialdia, topalekua[aldatu]

Biarritz jaialdi tradizioa duen hiria da. Zinema Madarikatuaren Jaialdi bat egin zen 1949an jada, eta handik gutxira, 1957an, industria eta enpresako zinema hedatzeko beste jaialdi bat sortu zen. Esperientzia haiek ez zuten errorik bota, bai ordea Jaialdi Iberoamerikarrak. Lehiaketa izaerakoa, 1979az geroztik espainieraz eta portugesez egindako zinemen plataforma gisa jokatzen du, Biarritz baitute Europako merkatuan sartzeko atea.

Cinéma et cultures de l’Amerique Latine izenaz, Jaialdiak berrogeita hamar film inguru programatzen ditu, eta film luze eta film labur onenei, antzezle onenei eta dokumental onenari Soleil d’Or sariak eskaintzen diete, ikusleek, aldiz, Sud Ouest Saria ematen dute. Urtero Latinoamerikako herrialde jakin baten kultura eta tradizioak aurkezten dira.

Lekeitioko Euskal Zinema eta Bideo Bilera (EZBB)[aldatu]

Lekeitioko jaialdiaren ardatza euskarazko zinema da 1978az geroztik, Euskal Herriko jaialdietan kasu berdingabea. Baina interes mugatua luke, bere nortasunaren ezaugarri bakarra hizkuntza balitz. Lekeitioko Euskal Zinema eta Bideo Bileraren erakargarritasun nagusietako bat balio berrien, animazioaren eta munduko zinema ezberdinetako gutxiengo batentzako lanen sustapena da.

Super 8 tradizionala ahaztu gabe, 1986an EZBBak bideoari ateak zabaldu zizkion, etorkizunean zinemagile berrien formatua hori izango zela sinetsita. Bideo dokumentalei, sorkuntzakoei eta argumentuzkoei sariak ematen zaizkie, aldaera profesionalean nahiz amateurrean.

Gasteizko Euskal Zinemaren Astea[aldatu]

Hau asmo handirik gabe jaio eta, zuzendaritza-taldearen lan aproposaz eta erakundeen laguntzaz –kasu honetan Vital Kutxa Fundazioa–, maila eta partaidetza handiak lortu dituenaren adibide egokia da.

Euskal zinemaren egoera gainbegiratzeko asmo xumeaz 1985ean Zinemako Gela Irekiko kideek, Euskal Filmotekarekin lankidetzan, aste bat programatu zuten bertako sormen lan zahar –El mayorazgo de Basterretxe– eta berriena –Akelarre, Toque de queda. Arrakastaren ondorioz, hurrengo urtean esperientzia errepikatu egin zen, eta horrela jaialdia sendotu egin zen, otsailaren azken astean. Denbora joan ahala, sortzaile bati monografikoki eskainitako sail paralelo bat erantsi zaio, eta 1997az geroztik sariak ematen dira.

Gasteizko Ikus Entzunezko eta Bideoen Jaialdia[aldatu]

Estatuko bideo jaialdirik zaharrena, eta musikaren sorkuntzan espezializatutako bakarra, 1985ean jaio zen, Bideo/Musika Erakustaldia izenarekin (euskal rockaren susperraldi handiaren garaia zen), eta hurrengo urtean Bideo Musikalaren Jaialdia moduan bermatu zen. Bideoklipak eskaintze hutsaz haratago, Gasteizko Jaialdiaren oinarrian bideo musikalarekiko interesa dago, soinu eta irudiaren arteko harremanetan sakontzen duen testuinguru orokorrago baten baitan.

Artelanaren kontzeptua eraldatzen ari den eta artisten adierazpide berriez hornitzen ari den iraultza teknologikoaren aldi batean, Jaialdiak bere esparrua zabaltzen asmatu du, eta arte elektronikoei nahiz ikus entzunezko tresna berrien sorkuntza mailako ahalbideei buruzko topaleku eta hausnarketarako gune bilakatu da, sortzaile berrien sustapena eta ahalik eta ikusle gehienen partaidetza ahaztu gabe.

Tuterako Zinema Espainiarraren Erakustaldia eta Opera Prima Jaialdia[aldatu]

Berrogeita hamarreko hamarkadaz geroztik, Tuterak zinemazale multzo eraginkor bat du, Muskaria Zineklubaren inguruan biltzen dena. Multzo hori izan zen laurogeiko hamarkadaren erdialdean Zinema Espainiarraren Erakustaldia martxan jarri zuena, kalitatezko film bitxiak eskaintzeko asmoarekin. Laurogeita hamarreko hamarkada hasieran, Erakustaldiak eten bat izan zuen, 1994an udalak berori berpiztea erabaki zuen arte.

Udaberriko hiru astetan zehar (martxoaren eta apirilaren artean) zinema espainiar berrienaren bilduma bat programatzen da, antzezle eta zuzendariak erakarriz; hemen izanak dira, besteak beste, Eduardo Noriega, Antonio Resines, Alex de la Iglesia eta Santiago Segura. Lau film aurrez estreinatu ziren, 2001ean Tuterako ikusle jakitunen artean egin zen galdeketa moduan.

Tuterak, bestalde, zinema erakustaldi are mamitsuago bat du: Opera Prima Jaialdia, hau ere Tuterako jendeak sortua, 2000ko urrian. Honen asmoa zen zuzendari, antzezle eta gidoilarien lehen lanak berreskuratu edo eskaintzea. Fernando Trueba –Tuterara Opera Prima lanarekin etorria– eta eskarmentu handiko zuzendariak, eta talentu berriak, hala nola Luis Marías zuzendari bilbotarra –X filmaren egilea– Tuterako jaialdira etorri dira, ikuslego ugari eta gogotsu baten iritziak alderatzera. 2001eko ekitaldian 4.000 ikusle baino gehiago izan ziren. Jaialdiaren programa hamabi bat filmek osatzen dute, 90.000 euro inguruko aurrekontuaz, horri atzera begirako atala eta film laburren emankizuna gaineratzen zaizkiolarik.

Le Festival International de Programmes Audiovisuels (FIPA)[aldatu]

Telebista berezko hizkuntza duen eta modalitate oro (fikzioa, dokumentala, esperimentazioa) barne har dezakeen adierazpidetzat onartua izan zedila: hori izan zen 1987an Festival International de Programmes Audiovisuels sortu zutenen xedea, 1996az geroztik egoitza Miarritzen duenarena.

Urtearen hasieran, FIPAk ikus entzunezko sorkuntzan diren joera berrienak ikuskatzen ditu, lehiaketako sei atalen bidez: Fikzioa, Serieak eta Telenobelak, Sorkuntzako dokumentalak eta saioak, Erreportaje handiak, Musika eta zuzeneko ikuskizunak, Programa laburrak. Ikus entzunezkoaren memoria sail paraleloak telebista arte bihurtu duten maisuak omentzen ditu; hemen izan dira, besteak beste, Robert Altman, Stephen Frears edo Paco Rabal.

Donostiako Fantasia eta Beldurrezko Zinemaren Astea[aldatu]

Sarrerak eskuratzeko ilara luzeak; ikusle parte hartzaile eta apur bat trauskilak; kalitatezko fanzineak eta liburukote potoloak; erakusketak, antzerkia, festak... Fantasia eta Beldurrezko Zinemaren Asteak Jaialdi on baten osagai guztiak ditu, arrakasta handiegiz hiltzea eragozteko horrelako izendapen bati ihes egiten dion arren.

Hastapenak apalak eta mugatuak izan ziren 1989an, baina ikusleen erantzunak Aste hau Santu Guztien eta Defuntu Leialen egunak barne hartzen dituena –betiere, Valladolideko Jaialdia egun horietan burutzen ez bada– urte gutxitan zinema genero horretako joeren agertoki bikain moduan nabarmentzea ekarri du.

Egoitza Alde Zaharreko Principal Antzokian du, eta lehiaketako filmak, luzeak nahiz laburrak, eta ziklo monografiko bat eskaintzen ditu, Príncipe aretoetan atzera begirakoak ematen direlarik. Asteak, adibidez, zinema japoniarra, Universal estudioaren beldurrezko klasikoak eta goi-zinemaren aitzindariak helarazi dizkigu.

Gasteizko Fantasiazko Zinemaren Astea[aldatu]

Gasteizko Orhum zineklub unibertsitarioa zuzentzen duen koadrila kementsuari zor diogu 1991an jaiotako Fantasiazko Zinemaren Astearen antolamendua. Donostiako kidea baino askoz apalagoa izanagatik, ikusleek antzeko zaletasuna agertzen dute, urtero, Gabonak heltzear direla, Gasteizko kanpusean lekututako Injinerutza Tekniko Industrialaren Eskolako aretoa betetzen dutelarik, programa osatzen duten bospasei emankizunak ikusteko.

Nafarroako Ikus-entzunezkoen Sorkuntza Jaialdia[aldatu]

Muestra de Vídeo izenaz sortu zen 1992an, Nafarroako Jaialdien barruan. Hurrengo urtean bereizi eta bere kasa kokatu zen, bideo-lehiaketa, erakusketak eta hitzaldiak antolatzen ditu eta nola edo hala bideo sorkuntzaren alorrean sartutako pertsonen topaleku bilakatuko da. Multimediako arte-lehiaketa sail bat programatzen du, 1997az geroztik, cd rom eta Internet medio sortutako lanak aurkeztuz. Hala, Jaialdiak sorkuntzara aplikatutako teknologia berriei ateak zabaldu dizkie.

"Gaztebideo" Gazteen Bideo Jaialdia[aldatu]

Gasteizko Gaztebideo 1993an sortu zen, Indar Gazte Elkartearen ekimenez, zinema ikasketak sustatu, elkarte, ikastetxe eta partikularrek egindako lanak hedatu eta belaunaldi berrietan zinemarako zaletasuna bultzatzea helburu harturik. Antolatzaileek aitortzen dutenez, “Gaztebideoren arrakasta bere izaera berezi eta espezializatuari zor zaio; izan ere, berariaz antzezle gazteekin eta zuzendari amateurrek egindako lanak saritzen dituen beste lehiaketarik ez dago”. Erakustaldia Vital Kutxaren Kultur Aretoan egiten da, eta epaimahaia euskal zinemako profesional itzaltsuek osatzen dute.

Irungo Zinema eta Bideo Gaztearen Lehiaketa[aldatu]

Irudiko eta soinuko ikasle talde baten eta ikus entzunezko sorkuntzan interesa duten pertsonen ekimenez, 1993an zuzendari gazteek egindako bideoen erakustaldi bat eta profesionalen eta hasiberrien arteko harremanak bultzatzeko mahai inguruak programatu ziren Irunen. Emaitza positiboa izan zen, eta hiru ekitaldiren ostean Lehiaketa bihurtu zen.

Urtearen amaiera aldera eta hiru edo lau egunez, lepo betetako Amaia Kultur Zentroan jaialdi ezberdinetan nabarmendu diren bideo eta metraje laburreko filmak eskaintzen dira, lehiaketako 35 mm eta bideo lanez gain. Kategoria bakoitzean, profesionalek osatutako epaimahai batek lan onenak hautatzen ditu, eta ikusleek ere sariak ematen dituzte.

Bidasoako Herrialdeko Film Laburren Nazioarteko Lehiaketa[aldatu]

Bertizko Partzuergoak, 1999az geroztik, Bidasoa ibaiaren bi aldeetako herriak biltzen dituen Film Laburren Lehiaketa hau antolatzen du. Lehiaketa sailean, Urrezko, Zilarrezko eta Brontzezko Iratzeak banatzen dira, honako kategoria hauetan: film onena, antzezle onena, balio ekologikoko obra, balio bakezale eta humanistak defendatzen dituen metraje laburreko filma, eta Euskal Herriko zinemagile baten sorkuntza-lan onena. Egileak Bertizko eskualdean film labur bat filmatzeko konpromisoa hartzen badu Lehen Sariaren diru kopurua bikoiztea ideia bikaina izan da. Modu horretara, urte batzuetan film fondo bat lortu ahal izango da, eremu horren ikus entzunezko ondare gisa.

Nazioarteko Zinema Jaialdia. Zuzendari berriak. Gasteiz[aldatu]

“Zinemazale batzuk elkartzen dira. Beste jaialdi batzuetan egon ostean, eta hango giroarekin liluratuta, beraien hiriak antzeko zerbait merezi duela deliberatzen dute. Asmo burugaberik gabe, Jaialdi berri baten jaiotza bultzatzea erabakitzen dute”. Modu atsegin horretan deskribatzen du Joseba Fiestras kazetariak Gasteizko Nazioarteko Zinema Jaialdiaren sorrera, lehen ekitaldia 1999an ospatu zuenarena. Norabide zehatzago baten bila, eta jaialdi ezberdinen artean beraien eskaintza berezitzeko, antolatzaileek estreinatzeko gertu egon arren beren alde egingo duen banatzailerik aurkitzen ez duten film luzeak hautatu dituzte. Hala, “Zuzendari Berriak” azpititulu iradokitzailea hartu zuen Gasteizko Nazioarteko Zinema Jaialdiak.

Guridi aretotik Florida antzokira aldatu zuen 2001ean, jaialdiak egoitza. Alabaina, Jaialdiak jaio zenetik segurtasun ekonomikoa falta izan du, eta arazo hori konpondu ezean sustatzaileak baliabide apurrekin egiten ari diren lan bikaina zaputz daiteke.