Edukira joan

Euskal antzerti eta zinea/Laburmetraia

Wikibookstik

ZINEA METRAJE LABURREKO FILMAREKIN HASTEN DA. Bi adieratan, gainera: baieztapen historiko gisa –hastapenetan film guztiak laburrak ziren– eta egiaztapen biografiko gisa –formatu laburra zinemagile hasiberri ororen eskola da. Euskal Herrian, bestalde, baieztapen hori bermatzen duen hirugarren arrazoi bat dago: laurogeiko hamarkada bitartean hemen egindako zinema gehiena metraje laburrekoa izan da, lan garesti eta luzeagoak egiteko produkzioan eta banaketan azpiegiturarik ez duen herri batean logikoa denez.

Euskal metraje laburreko filmak Estatukoaren ibilbide bera jarraitu du: hasieran hainbat alor jorratu ostean, hala nola dokumentalak, publizitatea eta fikzioa, Errepublikaren eta Gerra Zibilaren garaian propaganda politikoa zerbitzatu zuen; berrogei eta berrogeita hamarreko hamarkadan gorespen nazional geografikoaren dokumentala da nagusi, hirurogeiko hamarkadaz geroztik film laburren egileen labealdi berri batek, aldi berean apurka fikzioa berpiztu zuenak, genero hori birmoldatu zuen; hirurogei eta hirurogeita hamarreko hamarkadan metraje laburreko filmak boom handia izan zuen, esperimentazio-formalerako eta egoera soziopolitiko nahigabetsu bat salatzeko tresna gisa.

Laurogeiko hamarkadan erakunde Autonomikoak sortu ziren, eta hasiera batean horrek film laburren kopuruan eraginik izan ez bazuen ere, kalitatean eta edukietan aldaketak nabarmenak zituen.

Azkenik, laurogeita hamarreko hamarkadan metraje laburreko filmak, Euskal Herrian egindako zinemaren izen berriak hezi, topatu eta hedatzeko euskarri moduan, zegokion lekua hartu zuen.

Dokumental laburra

[aldatu]

Gerra Zibila amaituta, film laburretan garaileen ideologia hedatzeko dokumentala ezarri zen genero bakar moduan. Gerraostean, Luis Torreblanca gasteiztarra film laburreko dokumentalen zuzendari oparoenetako gisa nabarmendu zen, laurehun lan baino gehiagorekin, horietako asko sarituak.

Berrogeita hamarreko hamarkada hasieratik, NO-DO delakoa (Noticiarios y Documentales Cinematográficos izenburuaren apokopea, programatutako filma baino lehenago Espainiako zinema guztietan derrigorrez eman beharreko albistegia) zinemagile gazteen haztegi bilakatu zen. Zinemagile “hasiberrientzako eskola” horietan aritutako euskal zinemagileen artean Jabier Agirre, Alfonso Ungría edo Antonio Mertzero aipa daitezke, eta horietan kirats nazional sindikalista ezaguna zerien albistegi laburrak eta turismo-erreportajeak egin ohi ziren.

Zinema ofizialaren topikoei kontrajarriz, berrogeita hamarreko hamarkada amaieraz geroztik zenbait gaztek, ohiko genero deskribatzaile geografikoaren barruan, berorren berriztatze kritiko bat egin nahi izan zuten. Mugimendu horren sorrerako manifestua Carlos Saurak zuzenduriko Cuencari buruzko film labur goraipatua da, eta mugimendu horretan sartzen dira, halaber, euskal arrantzaleei buruzko lan bat –Carlos de los Llanos eta Antonio Alvarezen Gente de mar– eta Antxon Ezeiza eta Elias Kerexetaren lehenengo obra: A través de San Sebastián (1960).

Beraz, ernatuz doan Espainiako Zinema Berria NO DOaren postal astunen ordeko gisa eginiko Espainiako geografia eta usadioak mintzagai zituzten film laburreko saldo batekin agertu da.

Ikasleak eta esperimentalak

[aldatu]

“Talde donostiarra” zeritzanaren Zinematografia Eskola Ofizialeko ikasleak (Santiago San Miguel, Jose Luis Egea eta Víctor Erice) korronte horretatik kanpo daude, eta beren ikasle-praktiketako film laburrek –Víctor Ericeren Los días perdidos kasu– Nouvelle Vague mugimenduaren eragin handia erakitsi zuen.

Aurrekoak bezala, gipuzkoarra eta Zinematografia Eskola Ofizialean diplomatua da Antonio Mertzero, ikasturte amaierako bere Trotín Troteras lanarekin Parisko Bienalaren irabazlea eta Lección de arte filmarekin 1962ko Donostiako Nazioarteko Zinemaldian film laburren Urrezko Maskorra jaso zuena.

Jabier Agirre urte haietako abangoardiako zinema espainiarrean pertsonaia garrantzitsu samarra izan zen. Zazpigarren artearen egiazko frankotiratzailea, donostiarrak Zinematografia Eskola Ofiziala utzi eta enkarguzko lanak egiteari ekin zion, modu horretara pertzepzio zinematografikoaren mekanismoaren inguruan obra esperimental zabala, film laburreko sorta oparo batean jasoa, finantzatuz.

Haren herrikide Ivan Zulueta ildo berari lotuko zitzaion, ikus entzunezko hizkeraren edukiak aztertuz bideokliparen eta bideo-artearen aitzindaritzat har daitezkeen metraje laburreko filmak burutu zituelarik.

Periferiako sortzaileak

[aldatu]

Bilbon, Estatuko lehenengo Film laburren Jaialdiaren egoitza, hirurogeita hamarreko hamarkadaren hasieran osatu zen metraje laburreko filmen egileen mugimendu interesgarri bat, Jose Julian Bakedano, Anton Merikaetxebarria, Juan Ortuoste, Xabier Rebollo eta Jose Angel Rebolledoren lehen lanak eman zituena.

Ia aldi berean, Iruñean Iñigo Silvak Emergencia P.C. sortuko du, aipatu hamarkadan zehar film laburren katalogo garrantzitsu bat bilduko duen ekoizpen etxea.

Eta Iñaki Nuñezek beste hainbeste egin zuen Gasteizen, Araba Films gidatu, eta euskal zinemako film labur polemikoena aurkeztu baitzuen: Estado de excepción (1977).

Gainbegiratu labur honetan Frantzisko Bernabé eta Rafael Treku aipatu beharrekoak dira, Ornis Films ekoizpen etxearen arduradunak eta izaera ekologista eta zientifikoko hogei bat film laburren egileak diren aldetik.

Ikuska sailak leku berezia izan zuen, 1979 eta 1984 bitartean, metraje laburreko filmaren alorrean. Bertan Filmeak ekoizpen etxearen saila euskal kultur eta gizarte egoerari buruzko hogei dokumentalez osaturik dago.

Espero zitekeenaz bestela, erakundetze autonomikoaren eragina ez zen berehalakoan igarri. Lehen fruituak Nafarroan umotu ziren, Jose Maria Lara metraje laburreko filmak egiten hasteaz bat, eta EAEan animazioko lehenengo ekoizpen etxea –genero berria, baina luze gabe zeresan handia izango duena–, Juanba Berasategiren Jaizkibel, sortzean.

Juanma Bajo Ulloa gazteak ekoizpen etxe bat, Gasteizko Zinema, sortu zuen 1985eko urte berean, eta lau urte geroago film labur onenaren Goya saria irabazita, lehenengo euskalduna izan zen, El reino de Víctor lanarekin.

Kimuak

[aldatu]

2000an, Eusko Jaurlaritzak EAEaren esparruan ekoitzitako metraje laburreko filmak sustatzeko plan bat jarri zuen martxan. “Kimuak” izenaz, programaren helburua Euskal Herrian egindako film labur guztiak –16 mm nahiz 35 mm tan, baina 30 minutu baino iraupen gutxiagokoak– bilduko zituen katalogo bat egitea zen, horiek Euskadiko ikus entzunezko jardueran sartutako sektore eta erakunde ororen artean hedatzeko eta horietako batzuk nazio eta nazioarteko mailako jaialdi eta foroetan aurkeztuak izan daitezen hautatzeko.

Kimuak arrakastaz estreinatu zen, lehengo ekitaldian hautatutako film labur batek, Pablo Maloren Jardines deshabitados, saritan multzoa bildu baitzuen zenbait jaialditan.

Komeni litzateke Kimuak planak gure zuzendari gazteen lanak behar bezala banatzen laguntzea, eta baita Euskal Telebista proiektuan sartzea ere, antena eskubideak erosiz eta bere bi kateetako programazioan metraje laburreko filmak sartuz.

Izan ere, Juan Miguel Gutiérrez espezialistak dioen moduan, “euskal zinema suspertzeko itxaropena hemen indar geldiezinez eta kalitate izugarriaz sortzen ari den film laburren mugimenduan datza, Madrilen lanean ari diren zinegileak hona itzultzean baino gehiago”.