Edukira joan

Euskal antzerti eta zinea/Taldeak eta konpainiak

Wikibookstik

Kapitulu honetan azken hogeita hamar urteetako euskal antzerkiaren historia aztertu nahi izan dugu, hasi sorkuntzan egitura profesionalak moldatzeko lehen ahaleginetatik eta gaurdaino. Antzerki munduko talde aktiboenen “biografia” txikiak egitea deliberatu dugu: antzerki independenteko kolektibo historikoak, oraindik indarrean dauden konpainiak eta berriki sortutakoak. Akaso orrialde hauetan agertzea merezi zuen talderik geratu da ahazturik, baina hautespen bat egin beharra zegoen.

Gipuzkoa

[aldatu]

Orain

[aldatu]

Antzerki Independentearen lehen labealdiak izen bat du Gipuzkoan: Orain. Taldea amaieraraino gidatu zuten, besteak beste, Juan Mari Segues, Jokin Cueto eta Maribel Belastegik eta antzerki zale mordo batek. Atotxa futbol zelaiaren ondoan zuen egoitza, 1968an sortutako talde honek.

Antzerki herrikoia, bere garaian errotua, egiteko gogoa duena, eta antzezleak ezinbestean teknikoki prestatu egin behar duelako ustea dira Orain taldearen ideien oinarrizko bi ardatzak. Konpainiaren merituen artean dago, halaber, euskara bere errepertorioan goiz sartu izana, aurrena haurrentzako muntaketetan eta geroago ikusle helduentzako antzezlanetan.

Orain taldearen historia ikuskizunen ekoizpen etxe gisa Büchneren Leonce y Lena xoragarriaren muntaketaz hasi zen, eta 27 urte geroago amaitu, Labicheren ¡Abracémonos, Folleville! izeneko vaudevilleaz.

Alfa eta omega bitartean, Orainek bizialdi mugitua izan zuen, eta bere ibilbidean polemikak ez ziren falta izan (adibidez, Donostiako Festival Cerotik baztertuak izatea). Horren ondorioz, molde probokatzailean irten zirelarik kalera, José Ruibaren El rabo antzezlanarekin. Testuen hautaketa zolirik ez zuen izan (terrorismoari buruzko hausnarketa eskaintzen zuen Los justos antzezlana kasu, 1983ko urte bortitzean), eta porrotik ere ezagutu zuen. Hala, arrakasta handi bat estatura hedatu zen 1987an, Valle Inclánen Divinas Palabras antzezlanarekin, José Carlos Plaza zuzendari zela.

Taldearen errepertorioan haurrentzako lanak, kale ikuskizunak eta testuekiko obrak nahasten dira. Hasierako urteetan egilerik begikoenak Jorge Díaz, Martínez Ballesteros eta José Ruibal izan zituzten, eta aldi hartan sorkuntza kolektiboari ere ekin zioten, garai hartan modan baitzegoen. Laurogeiko hamarkadaren hasieran kide berriak heldu ziren taldera, besteak beste, Kike Díaz de Rada, Joseba Apaolaza, Eloi Beato, Jose A. de Miguel eta, profesionaltasuna xede, kabareta egiteari heldu zioten, Karraka taldearen antzera: Kab, kab, kaenindios kabaret eta Kontaktos kabaret. Ghelderode-ren Escorial, eta Divinas Palabras antzezlanen ondoren, Orain taldean kalitatezko antzerki-testuen eszenaratzeak nagusitu ziren: Strindberg-en La señorita Julia, Dennis McIntyre-en Modigliani, edo Jerôme Savary-ren Los tres mosqueteros.

Gaur egungo ikuspegitik, zinez gogoangarria da muntaketa berri bakoitzarekin Orainek, Donostiako antzokietako plateaz gain, euskal herriko beste hainbat lekutakoak ere bete egiten zituela, Maribel eta bere taldeak edozein ikuskizun prestutasunez lantzen zuela bazekien ikuslegoarekin. Izan ere, Orainek, garairik larrienetan ere, arretaz egindako lan zintzoaren bermea eskaintzen zuen.

Ur Teatroa

[aldatu]

Ur Teatroa Espainiako antzerki-konpainia entzutetsuenetako bat bihurtu zen, eta euskal talderik ezagunena nazioartekoan. Inor gutxik pentsa zezakeen Errenteriako bigarren hezkuntzako institutu batetik geroago euskal antzerkiaren puntako talde bat sortuko zenik.

Ur Teatroa 1988an jaio zen, baina lehenago, 1979an, Helena Pimenta taldeko zuzendariak, zenbait antzezlek eta talde teknikoak Atelier konpainia eratu zuten. Konpainia horrekin prestatu zituzten, besteak beste, Cándido (1983), Dantería (1984), Procesados (1986) eta Xespir (1987).

Rémora estreinatuko zuten 1988an, Ur Teatroa izenarekin muntatutako lehena, eta horri Antihéroes (1990) obra jarraitu zitzaion. Bi urte geroago aurrerapauso handia eman zuten, Sueño de una noche de verano lanarekin, William Shakespeareren testuen trilogia bateko aurrenekoa. Funtzio horrekin Espainiako antzerkiaren errebelazio bihurtu ziren, eta sari ugari jaso zuten, besteak beste, Antzerkiaren Sari Nazionala, Kairoko Nazioarteko Antzerki Jaialdian Epaimahaiaren eta Kritikaren sariak, Bilboko Ercilla Saria, Valentziako Kritikarien elkartearena eta Habanako Arteen jaialdikoa. Ur Teatroa Espainian nahiz atzerrian bira luzeak egiten hasi zen. Hamaika herrialdeetan, hirurogeita bost jaialdi eta ehun hiri baino gehiagotan, 365 funtzio eskaini zituzten.

Aldi berean, Ur taldeak Errenterian antzerki eskola bat zuzendu zuen, eta antzerki garaikideko hainbat ikuskizunetan programazio egonkor eta espezializatu baten arduraduna zen. Hainbeste lantegiren artean, 1995ean Romeo y Julieta eta 1998an Trabajos de amor perdidos antzezlanak heldu ziren, horrela Shakespeareren trilogia osatuz. Lan horiek kritikaren laudorio ugari erakarri zuten, eta Ur Teatroa Espainiako antzerkiaren lehen mailako konpainia bilakatu zen. Horren adierazgarri, Helena Pimenta zuzendariak hainbat antzerki erakunderen aldetik jasotako eskaintzak ziren. Horren emaitza izan ziren: Galiziako Zentro Dramatikorako moldatutako Valle Inclánen La cabeza del Bautista (1998), Andaluziako Antzerki Zentrorako Martín Recuerdaren La llanura (1999) edo Kataluniako Antzerki Nazionalerako Shakespeareren La comedia de los errores antzezlanen muntaketak.

Konpainia aldi batez isilik eta barne antolaketa berriko zereginetan murgilduta egon ostean, 2001ean, egoitza Errenteriatik Donostiara aldatu zuen, Ur eszenatokietara igo zen berriro, Enzo Corman egile garaikide frantziarraren Sigue la tormenta antzezlanarekin, Pimenta zuzendari eta Walter Widarte eta José Tomé antzezle zirela.

Azken lana Helena Pimenta eta Ur Teatroak Salamanca Capital Cultural 2002 elkartearen enkarguz egindako Luces de Bohemia lanaren bertsioa izan zen.

Tanttaka Teatroa

[aldatu]
Ttanttaka antzerki taldea, 1984

Euskal antzerkiaren historiako arrakasta komertzial handiena Tanttaka Teatroak lortu zuen, El florido pensil antzezlanarekin. Ikuskizuna 1996an estreinatu zen, eta 2002ra arte 1.500 antzezpen-saio inguru eman zituen, Espainia osoko hiri, herri eta auzoetan, eta baita Argentinan ere.

Alabaina, entzute hori lortu zuenerako, sari andana eskuratua zuen: Antzerki Moldaketa Hoberenaren Max Saria, 1999an; Viva el Espectáculo Saria, Madrilgo ikusleek denboraldiko funtziorik hoberenari emana, 1998an; Denboraldiko Ikuskizun Hoberenaren Saria, Valentziako Komunitatean, 1998an; Ercilla Saria 1996an, eta abar luzea. Tanttakak 13 urteko esperientzia zuen, ia beste hainbeste ikuskizun egina zen, eta lan pedagogiko handia, Hernaniko Viteri Aretoko lehenengo egoitzan.

Ondoloin egin zuteneko urtetik, 1987tik, ekoizteko modua nabarmen aldatu zuten, eta horrek Donostiako Topo taldearekin batera Brian Frielen Agur, Eire, agur eszenaratzea ahalbidetu zien, Pere Planellaren zuzendaritzapean. Urte haietako euskal antzezpenik bikainenetako bat da lan horretan hemeretzigarren mendeko Irlandan bizi zen hizkuntz gatazka jaso zuena, euskal egoerari buruz hausnarketa interesgarria eskainiz. Ordutik, Tanttakak ekoizpen handiak egin ditu gehienbat, eskaintza anitz eta zabal baten baitan.

Tanttaka taldearen lanak nolabaiteko zehaztugabetasuna du agerian: opera bufotik (Flaminio) fartsara (Adagio violentíssimo) aldatu zen, koreografiaren lurraldean sartuz (Zilbor Hestea), edo musikal garaikidean (Peligro te quiero); antzezlan dokumentu bat (Nacidos culpables) eszenaratu zuen eta, ia berehala, Foren fartsa bat (Muerte accidental de un anarquista); bakarrizketa dramatikoari (Chiquilladas, El pianista del océano) ekin zion, kafe antzerki tankerako antzezlan handiak (Todas culpables) eszenaratzen dituen grina berberaz.

Tanttakaren azken lanek badute ezaugarri komun bat, ordea, antzerki testu zorrotzak edo literatur oinarri sendoko antzezlanak direla. Horrez gain, taldearen produkzio-bideak kalitatean datzan koherentzia du, kalitate hori bermatzeko ikuskizun bakoitzaren premiei egokitutako talde artistikoak sortzen direlarik.

Tanttakaren troika Fernando Bernuések, aktore lanetan Bekereke taldean hasi zenak, Mireia Gabilondo bergararrak eta Orain taldean aritutako eskarmentu handiko Kike Díaz de Radak osatzen dute, euskal antzerkian den talderik sendoena moldatuz, eta zalantzarik gabe Espainiako merkatuan ohikoenetako bat.

Bederen 1

[aldatu]

Bizialdi aski laburreko antzerki eskola ofizialaren aurreneko diplomadunek Bederen 1 sortu zuten 1984an. Taldeak bere ibilbideari Thorton Wilder-en bi ikuskizunekin ekin zion, Juan Pastor zuzendari zela: La casamentera eta Gure herria/Nuestro pueblo.

Bederen 1 taldearen lehen une garrantzitsua azken antzezlan horrekin, euskal antzerki tradizionalaren berrikuspen eta gaurkotze moduko bat etorri zen. Emankizun hartan geroago euskal antzerkian zeresan handia izango zuten hainbat antzezle ikusi genuen: Jose Ramon Soroiz, Ramon Agirre, Eneko Olasagasti, Olatz Beobide

Bederenen ibilbidean bigarren mugarria 1987an jazo zen, taldeak profesionaltasunerako jauzia eman zuenean. Urte horretan Alfonso Vallejoren Eclipse antzezlana eskaini zuten, berriro ere Juan Pastor zuzendari zela. Muntaketa horrek eztabaida ugari eragin zuen, baina hurrengoak Bederen nazio mailan kokatu zuen: Gabriel Celayaren El relevo lana, Antonio Malondak 1989an eszenaratu zuena, taldearen une gorenetakoa da.

Laurogeita hamarreko hamarkadan Bederen 1 ek egile itzaltsuak eszenaratu zituen (Alfonso Sastre, Michael Ende, Milan Kundera), eta ondoren bertako egileen alde egin zuen, ildo horretatik Ramon Agirreren Errenta lanarekin arrakasta handia lortuz, geroago errepikatu ez dutena.

Trapu Zaharra

[aldatu]

Trapu Zaharra konpainia gipuzkoarra euskal antzerkian eskarmentu handikoen artean dago, hogei urte baino gehiagoko ibilbidean, kale antzerkia eta aretokoa tartekatu duelarik. Bitarte horretan hamasei ikuskizun estreinatu ditu, erdiak aire zabalerakoak. Izan ere, azken molde horretan lortu du sonarik handiena, Trapu Zaharra izena kale-antzerkiaren erreferentzia nagusi bihurtzeraino, Euskadin zein Espainian zehar.

Kaleko hainbat ikuskizun egin dituzte, hauek besteak beste, La calle o la vida (1984), Los hermanos Telefrunken (1987), El vengador enmascarado (1988), Visto y no visto (1993), La avería (1997), Paquetito (1999) eta El cuarto tenor (2001).

Taldearen aretoko antzezlan nagusiak hauek dira: Trapu Kursaal Show (1986), Oído cocina (1992), Ercilla Sariaren irabazle, Gato encerrado (1995) eta Pan con pan (2001), errebelazio lanaren Max 2002 Saria lortu zuena.

Santi Ugalde eta Txema Ocio Bekerekeko taldekide ohiek 1982an sortua, lehenik aipatuak gidatu zuen konpainiaren ibilbidea. Hasiera-hasieratik, antzezlanen ardatza umorea izan zen, ahaztu gabe, beraiek dioten bezala, “etxe barruko bizitza eta antiheroiarenganako begikotasuna, hark egin baikaitu gure istorioen protagonista”.

Agerre Teatroa

[aldatu]

Maite Agirre 1984an etxera itzuli zen, Bartzelonan Dagoll Dagom taldearekin, eta Europa osoan barrena Domus de Janas italiar konpainiarekin –Grotowskiren espresionismo pobrearen eta Odin Teatreten laborategiko jardueren oinordeko– ibilita eskuratutako jakinduriaz.

Hemen Barbaren training delakoan –trebakuntza moduan itzulia– trebatutako antzezle gimnasten eskola bat sortu zuen, eta haiekin egitura eszeniko bortitz eta sentikorrak moldatzeari ekin zion, betiere antzerki materialen hautaketa zolietan oinarrituta: Marat Sade, K, La balada de Woyzeck, Beckett, Pelotari, Pantzart…

Maite Agirreren abangoardismoak Jorge Oteiza, Vicente Ameztoy, Koldobika Jauregi eta beste hainbat artista liluratu ditu, zarauztar honek bere sorkuntza-lan oldarkorretara erakarriz, lan horietan beti bere nortasun indartsua islatzen bada ere.

James Joyceren Ulises laneko azken bakarrizketa ospetsuarekin –Molly Bloom–, Maite Agirrek hainbat urtez gure herriko areto txikiak korritu zituen.

Agerre Teatroaren diskurtso ausart eta konformagaitzaren erakusgai dira, besteak beste, Arantxa Urretabizkaiaren Zergatik panpox?/¿Por qué panpox? eta, azkenaldian, Marranadas, Iparraldeko idazle Marie Darrieussecq-en izenburu bereko nobelaren moldaketa.

Legaleon y Teatro

[aldatu]

Legaleón Teatro konpainiak bere hastapenetik, 1986 inguruan, esperimentatzeko eta gauza ezberdinak egiteko gogoa izan du bereizgarri nagusi. Gaur egun bizirik dirau jarrera horrek, taldeak berak mugimendu, keinu eta hitzaren batasuntzat definitzen duenak, oinarrizko kontzeptua antzerkian testuak dena ezin adieraz dezakeela baita.

Taldearen muntaketek ikuslego txiki baina leial baten miresmena dute. Edozein zirkuitu komertzialetik urrun, Legaleóngo kideak banaturik bizi dira Irun eta Genevan, han egin baitzituzten konpainiako kideek antzerki ikasketak.

Taldearen inspirazio iturriak anitzak dira. Batzuetan taldekideek beraiek idatzi eta zuzentzen dute, eta beste batzuetan kanpoko sortzaileak baliatzen dituzte. Tamalez, Legaleónek Edurne Rodríguezen heriotza goiztiarra pairatu zuen. Taldeko antzezle eta konpainiak estreinatutako zenbait lanen egile, hala nola Merilú, la historia de una muñeca hinchable (1995) eta Mujeres al rojo vivo (1995). Legaleón Teatrok akuilu pertsonal eta artistiko garrantzitsu bat galdu zuen.

Talde honek beste hainbat obra muntatu du, esaterako La esclusa (1991), Canción desde Isla mariana (1993), Ubú (1996) eta Bancarrota (2001). Gainera, Euskadin Rodrigo García abangoardiaren muturrean dagoen egilea ezagutzera eman zuten, haren bi testu, Carnicero español (1997) eta Tómbola Lear (1998), eszenaratu zituztelarik. Kafe antzerkia ere egin dute, Cómeme el punto lanaz.

Muntaketa asko Euskal Herrian ez ezik Suitzan ere estreinatu dituzte, frantsesez. Herrialde hartan, hain zuzen, Zuricheko Jaialdian Encouragement saria jaso zuten, taldearen ibilbideari emana. Espainian ere saririk jaso zuten, hala nola Txema Zubia (1997), Arcipreste de Hita (1998) eta Arriola Teatro (1999) izenekoak.

Txao

[aldatu]

Txalo laurogeita hamarreko hamarkadan jaio zen, Bederen 1 taldean zatiketa gertatzearen ondorioz, eta luze gabe bere idei propioak zituen ekoizpen-etxe gisa agertu zen, alderdi tekniko eta artistikoan emaitza bikainen bermea emanaz.

Taldeak beti izan du Ramon Barearen adimen zolia zuzendaritzan nahiz testuen moldaketan. Karrakaren kide ohiari zor zaio, beste inori baino are gehiago, Agatha Christieren La ratonera antzezlanarekin lortutako arrakasta. Txalok mekanismo zaharkitu bati txinpartak atera zizkion eta berori arrakasta komertzial itzela bihurtu zuen; Madrilen berriro estreinatu zen, hiriburuko antzezleekin, eta estatu osoan barrena jokatu, emaitza paregabeekin.

Erregistro nahikoa ezberdin batean, Jacques Rampal frantziarraren La dama y el cardenal lanak Kandido Uranga eta Ane Gabarain aurrez aurre jarri zituen eszenatokian, behialako giro batean. Bestalde, Txalok bi aktore atzerritarrekin, Mulie Jarju afrikarrarekin eta Román Luknár eslovakiarrarekin, S. Mrozeck en Los emigrados lanaren irakurketa berri bat egin zuen.

Hurrengo lana konplexuagoa izan zen. El hombre que confundió a su mujer con un sombrero antzezlanean, Oliver Sachs psikiataren testuei Peter Brookek buruz egindako muntaketan, euskal antzerki-munduko antzezle gazte eta eskarmentudunen multzo interesgarri bat bildu zen.

Oraintsuago, Ramon Bareak Sobre los perjuicios del tabaco lanarekin liluratu gintuen, Anton Chejoven bakarrizketaren bertsio itxura batean argitaragabearekin.

Bernardo Atxagari Bambulo izeneko txakurraren istorio ospetsuak eszenaratzen dituen antzezlanarengatik emandako euskarazko egilerik onenaren Max 2002 Saria Txaloren lanaren aitorpen gisa ere hartu behar da.

Tau-Taun

[aldatu]

Entzuleria helduari zuzendutako txotxongilo konpainiak ez dira ohikoak. Taun-Taun talde bergararra lantegi horretan ari da 1987az geroztik, eta estreinatu dituen zortzi ikuskizunekin genero horretan sendo bermatu da. Horren frogagarri, txotxongilo jaialdi nagusietan maiz egotea da, hala Estatuan nola atzerrian. Frantzia, Alemania, Holanda, Italia eta, batez ere, Hego Amerikan zehar ibili dira, azken lurralde horretan Brasilen bi bira eta Venezuelan beste bat burutu dituztelarik.

Taldearen ikuskizunaren abiapuntu batzuk kabareta, Ubú Rey obraren bertsio bat edo Bernardo Atxagaren ipuin bat izan dira. Azkenekoa, gaur-gaurkoz, Kont Arte da, Joan Brossa egile kataluniarraren lanean oinarriturikoa.

Konpainia honen beste jarduera bat bi urtean behin Bergarako Helduentzako Txotxongilo Jaialdia antolatzea da; 2002koa izan da seigarrena.

Ados Teatroa

[aldatu]

Ados Teatro donostiar konpainiaren antzerkiak ikusle gazteengana heltzeko erraztasuna du bereizgarri nagusia. Taldea 1995an osatu zen, lehen Tanttakako kideak izandako antzezle gehienekin. Kideen artean gailena Garbiñe Losada da, testu gehienen egilea eta ia muntaketa guztien zuzendaria. Orain arte sei ikuskizun estreinatu dituzte: Robinson Crusoe (1995), Lamiak (1996), Desperrados (1998), Manolito Gafotas (1999), Gus y Gas (2000) eta El amigo de John Wayne (2002).

Taldeak jasotako sarien artean aipagarrienak dira, akaso, Gus y Gas lanarengatik lortutako euskarazko testurik onenaren 2001eko Max Saria edo antzerki lanik onenaren 2001eko Zubia Saria. Ados Teatroren ikuskizunik jendetsuena gertatu da Elvira Lindok sortutako Manolito Gafotas pertsonaiaren abentura ezagunen moldaketa, taldeak Espainiako hiriburu nagusietan barrena bira luze bat eginez eskainitakoa.

Vaivén Teatroa

[aldatu]

Ados baino bi urte aurrerago, 1997an Donostian jaio zen Vaivén Teatro, Ana Pimenta antzezleak eta Iñaki Salvador musikariak zuzendurik. Geroztik lau muntaketa eszenaratu dituzte: La Coraje (1988), Crímenes del corazón (1999), Sin vergüenzas (2000). Aipatu azkena, gazte jendeari zuzenduriko izan da arrakastatsuena, urtebete eta gehixeago pasata 45.000 ikusle bildu baitzituen.

Azken funtzioak –A cuestas con Murphy (2002) izenekoa– Murphyren lege ezagun eta ezkorrekin istorio entretenigarri samarra bat molda daitekeela frogatzen du.

Arteszena

[aldatu]

Euskal administrazioek Euskadiko Zentro Dramatiko edo Antzerki Nazional bat ernetzeko egindako saialdiek antzerki-esperientzien oroitzapen nahikoa ezberdinak utzi dituzte.

II. Nazioarteko Euskal Biltzarra zela eta Pipin izeneko komedia musikal amerikar bat eratu zen, horretarako dirutza itzela erabiliz, eta emaitza lotsagarria izan zen (1987ko 37 milioi pezeta).

Beste saialdi askoz interesgarriago bat izan zen Arteszena, laurogeita hamarreko hamarkadaren erdialdean Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako Antzerki Publikoaren iturri.

Ideia nagusia zen Orain eta Tanttaka taldeen inguruan konpainia publiko bat egitea, zuzendari itzaltsuen gidaritzapean mundu mailako egile ospetsuen obretan oinarritutako ikuskizun handiak eszenaratuko zituena.

Bi urte eskasetan (1993-1995), Arteszenak ezin ukatuzko kalitatea zuten hiru ikuskizun eskaini zituen: Arthur Schnitzler en La cacatúa verde, Mario Gasek zuzendurikoa, Ariadne Mnouchkineren Mephisto, Pere Planellak eszenaraturikoa, eta dantza garaikideko Amets beroak produkzioa.

Arteszenak utzitako irakaspen garrantzitsuenarekin frogatu zen Gipuzkoako antzezleak prestaturik daudela inguru hauetan ohikoak diren lanak baino handizaleagoei heltzeko. Lastima hain gutxi iraun izana.

Teatro Estudio

[aldatu]

Antzerki munduan, talde ez profesionalen jarduera oparoa izan du Donostiak betidaniko bereizgarria. Hiri horretan talde amateur ugari izan da, bai euskaraz bai gaztelaniaz. Teatro Estudio de San Sebastián izenekoa talde historikoa izan zen. Manolo Gómez zuzendari zutela, Donostiako antzerki munduan nahikoa ezagunak diren pertsonaiek osatu zuten, hala nola Esther Remiro, Teresa Pro, Paco Sagarzazu, Romualdo Salcedo, eta abarrek.

Bizkaia

[aldatu]

Karraka

[aldatu]

Karraka Kolektiboa, Euskadiko Antzerki Ibiltaria erditze bikoitz batean munduratu zen, bere biki Maskaradarekin batera, eta ama, Cómicos de la Legua legendarioa, porru eginda utzi zuen, minez.

Ramon Barearen gidaritzapean, karrakariak hamabost urtez euskal antzerkiaren nonahiko ordezkari izan ziren, ezin konta ahala antzerki-jaialdi, -aste edo -erakustalditan. Hiru alor jorratzen zituzten, denetan trebetasun bera agertuz: joskera egoki eta antolaketa zainduko antzerkia; nahaste borraste musikal herrikoia, eta haur- eta kale-antzerkia.

Lehen multzoan sar daitezke, adibidez, Pasen sin llamar, Ubu emperatriz, Hoy, última función, edo Pecata Minuta bezalako ikuskizunak.

Karrakaren antzerki herrikoia Manolita Chen antzerkiaren eta Bartzelonako Molino antzokiaren usteko umea da. Artifizialki dekadenteak eta faltsuki groteskoak dira gogoangarriak, besteak beste, Bilbao-Bilbao, La palanca gran cabaret edo Euskadi-Euskadi ikuskizunak, gauetik goizera tradizio bat asmatzearen balentriagatik: euskal lumpenaren antzerkia, laster puntua egitea bezain zaharra eta kalimotxoa bezain “gurea” zirudiena.

Bilboko Aste Nagusian, karrakariak Madril aldeko konpainia handiekin lehiatu ziren, eta ikusleen adostasun osoaz Ercilla sariak bata bestearen atzetik pilatu zituzten. El caserío “zarzuela instituzionala” eta euskal etxekoandreen omenaldia bitarte, La Otxoak entzuleen oinarri antropologikoak inarrosi zituen, tankera honetako kantekin:

“Ay qué rico el complejo de Edipo. / Sólo quiero un hijo soltero, / y una nuera sólo cuando me muera… / Este es el ritmo del Euskadi matriarcal”.

Asmakari haren atzean nahikoa ideia anitzekiko jendea zegoen: Juan Carlos Egillor, Jon Juaristi, Antxon Urrosolo, Fran Lasuen, Jose Ibarrola; antzezleen artean, berriz, Alex Angulo, César Saratxu, Ramon Ibarra, Itziar Lazkano, Maribi Bilbao karrakari paregabeak eta beste hainbat, eta haiei buruz antzezle-multzo bat zela esatea ez da nahikoa. Nolanahi ere, denbora joan ahala hiritar askoren oroimenean antzerki une gozoak gordetzen dira, karrakarien zorakeria trufari haiei esker.

Karrakaren esperientzia abangoardistenak ere ezin dira ahaztu, haien bidez taldea hizkera berrien esplorazioan murgildu zelarik. Oficio de Tinieblas, Camilo José Celaren testu sailkaezin batean oinarriturikoa, bereziki gogoangarria da. Kukubiltxo, Cobaya, Orain eta Teatro Estudio taldeekin batera, 1984an ekoitzia, eta Ramon Barearen zuzendaritzapean, antzerki-talde ezberdinak batzeko abiapuntu izan zitekeen, baldin eta erakunde mailan inolako interesik agertu izan balitz. Agian proposamena hain ausarta izateak ikaratu zituen administrazioetako arduradunak. Ildo beretik, 1988an Karrakak Okupado lan postmoderno eta ironikoa utzi zigun.

Geroa

[aldatu]

Uztaldi paregabea izan zen 1968koa, oin argien distirak argitaratu baitzituen Orain Donostian, La Farándula Gasteizen eta Geroa Durangon.

Azken talde hori Gerediaga Kultur Elkartearen baitan sortu zen, eta hasiera zezel baten ondotik, hirurogeita hamarreko hamarkadan taldea finkatu egin zen, ezinbestean Geroari lotuko zaizkion pertsonekin: Paco Obregón eta Antonio Malonda (Julio Perugorria ahaztu gabe). Hain zuzen ere, horiei zor zaie Bizkaiko lehen antzerki eskolaren sorrera; batetik, aktoreen harrobi izan zena eta, bestetik, Geroaren profesionaltasuna ahalbidetu zuena. Taldeak 1978an profesionaltasunerako behin betiko jauzia eman zuen.

Geroa taldearen bertuterik onena honetan datza, hau da, bere antzerki jarduera ideia nahikoa zehatzetan oinarriturik egotean. Horrek Euskal Herriko kultur eta gizarte errealitateari lotutako materialen hautaketa zekarren eta, antzezpenei zegokienez, gero eta exijentzia-maila handiagoa. Hala lortu zuen taldeak berezko profil estetikoa, nortasunez erabat euskalduna, bere lanek penintsularen barruan nahiz kanpoan hedapen handia izan zezaten lortuz, beste edozein euskal taldek baino handiagoa, hainbestekoa, non etengabe hara eta hona zebiltzan hiru talde ibiltari eta hogei profesional baino gehiago izatera heldu ziren.

Harrera oneko lehen lanen ondoren (Kaixo Agirre, La mandrágora, Abraham y Samuel), Geroaren lehen arrakasta etorri zen, euskal antzerkien artean gaztetxoarena ere izan zen Muerte accidental de un anarquista antzezlanarekin, eta Espainia osoan barrena obraren ehunka emankizun eskaini zituen.

Laurogeiko hamarkadan, Geroa zalantzarik gabe euskal antzerkiaren talderik behinena da, eta bi antzezlan historiko ekoitzi ditu, Ignacio Amestoy bilbotarraren gidoiez: Doña Elvira, imagínate Euskadi, eta Durango, un sueño, 1439.

Lope Agirreri buruzko antzezlanak, munduan zehar hara eta hona jokatu eta New Yorken saritua izan zenak, polemikak eragin zituen, antzoki, frontoi, kale eta kiroldegietan jokatuz. Doña Elvira… gaur egungo euskal dramaren alegoria bikain bezain agerikoa zen, eta fanatismoaren kritika zorrotza jaso zuen, eta horren ondorioz kritikari buruberoren batek ekoizleak poliziarekin hitzartuta egoteaz salatu zituen, iskanbila itzela eraginez.

Mario Onaindiaren nobelan oinarritutako Gran Place obran ere zuzenean heldu zioten “gatazkari”, eta Ertzaintza al pil pil antzezlanean tonu lotsagabez estreinako omenaldia egin zioten Ertzaintzari.

Laurogeiko hamarkadan, Geroa proiektua akidura zantzuak agertzen hasi zen, Ernesto Caballeroren Rezagados antzezlanaren komedia txirrindulariaren arrakasta erabatekoak egoera nolabait estali zuen arren. Geroak oraindik beste zenbait antzezlan eszenaratu zituen, esaterako, Por mis muertos –koprodukzio moldean–, behin betiko desagertu aitzin.

Maskarada

[aldatu]

Cómicos de la Legua Kilikilariak taldea zatitzean, zenbait kidek Maskarada sortu zuten, euskarazko antzerkia soilik egiteko asmoz. Beraien helburua bertako hizkuntzan egindako antzerkia duindu eta normaltzea zen: kale-antzerkia, haurrentzakoa, egile itzaltsuen lanak, dokumentu-antzerkia, literatur testuen moldaketak, sorkuntza-lan kolektiboak, kale antzerkia, musikalak... antzeztuz. Maskaradak bere lan fina kasik genero orotan agertu du.

Taldearen ibilbidea 1980an hasi zen, Bernardo Atxagak idatzitako haurrentzako lan batekin. Segidan kale-antzerkia egin zuten, hala nola Inauteri tradizionalean oinarritutako Pantzart eta Tira Jira Bira Kalejira.

Foren antzezlan bikain bat moldatu zuten, 1984an, Tenía una pistola con los ojos blancos y negros eta Conoce Bizkaia musikala eszenaratu. Azken lan horrekin lortu zuten euskarazko antzerkira ohi baino ikusle gehiago erakartzea. Arrakastarik handiena, ordea, segidako urtean heldu zitzaien, Gastibeltza Karabinak antzezlanaz, Marc Legasseren obra abiapuntu duen Oskorriren kantez hornitutako opereta heterodoxoa. “Panfleto libertario aski ederra”, Alfonso Sastreren hitzetan, keinu folkloriko eta politikoez josia, maisutasunez islatutako sakristiako bekatu eta konspirazio-giro barojar batean. Taldearen lanik konplexuena ez ezik, biribilena ere bada.

Geroztik, Karlos Paneraren taldea bestelako bide bati lotu zitzaion. Natxo de Felipe gidari zutela, Gabriel Arestiren lilurapean erori, eta emaitza Harrizko Aresti hau izan zen. Atzera Oskorrirekin elkartu ziren 1996an, Landalan lanean, eta 2000n berriro Arestiren iturri poetikoetatik edan zuten, Kaio luma zikina eszenaratzeko.

Patrick Süskind suitzarraren Kontrabajua bakarrizketarekin 1989an arrakasta lortu zuten arren, eta Marxkarada eta Monstruo Sakratuak lanez absurduaren umorean barrena goi-mailako ikuskizunak eskaini bazituzten ere, Maskaradaren lan finak ez zuen merezitako fruiturik eman, harik eta bertsio bikoitzekin, euskaraz eta gaztelaniaz, lanean hasi eta, ondorioz, beste merkatuetarako ateak zabaldu zitzaizkien arte. Jarduera berri horri Oscar Wilderen La importancia de llamarse Ernesto lanaren moldaketa pertsonal batekin ekin zioten, eta Antonio Skármetaren El cartero de Neruda obrarekin txalo zaparrada itzelak jaso zituzten.

Geroztik, Maskarada sorkuntza esparru beti interesgarrietan dabil: Stanilaw Lemen Bitácora de las estrellas, Ikaro, Itoiz taldeko kide ohia zen Juan Carlos Pérezekin lankidetzan, eta Historias de un contenedor, Patxo Telleriaren komedia zoro eta bihozbera.

Akelarre

[aldatu]

Luis Iturrik zuzendutako taldeak bere hamar urteko bizialdian kalitatezko muntaketa bat baino gehiago egin zuen arren, Irrintzi lanaren oroitzapena geratu da historian. “Euskal herriaren erritual” hau, Iturriren asmamenaren fruitu eta Gabriel Celaya, Blas de Otero eta Gabriel Arestiren testuetan oinarriturikoa, 1977an Bilboko Ayala Antzokian estreinatu zen, eta 1980ra arte jarraitu zuten obra antzezten.

Antropologia politiko baten bila, eta euskal folklorearen osagaiak erabiliz, Irrintzi dantzari, bertsolari, poeta eta txalapartariek emandako arrazaren zeremonia modura aurkezten zen. Antzezlanaren sona areagotuz, zentsoreak testua goitik behera sakailatu zuen, eta Gabriel Arestiren ahotik ateratako esaldi “subertsiboak” ezabatu zituen: “baina gerra baino hobea da bakea”.

Akelarrek Irrintzi aurreko aldi bat bai, baina gerorik apenas izan zuen. Lehenago, hirurogeita hamarreko hamarkadaren hasieran, proiektu politiko samarrez, taldeak bere garaiarekin engaiatua egotearen ospea lortu zuen: Brendan Behanen El rehén, edo Martínez Medieroren El último gallinero lanekin eta kalitatezko antzerkia eskaintzeko gai izatearena. Oinarri horiekin, antzerki independenteko lehen euskal talde profesionalizatua zen izan Akelarre. Taldea funtsean kide fundatzaileek osatzen zuten, zenbait antzezle kataluniarrekin aberastua.

Irrintziren ondoren, Akelarrek ezin izan zion arrakastari etekinik atera, edo ez zuen nahi izan. Taldeak Gerra ez, Unamunoren Fedra eta Hator antzeztu zituen, Luis Iturri zuzendaritza lanetan aritzera, Madril aldera joan eta konpainia umezurtz utzi aurretik.

Eolo

[aldatu]

Eoloren agerpenak ikusmin handia sortu zuen Euskal Herriko antzerki munduan, eta ez da harritzekoa, taldekide hauekin: Paco Obregón, Geroako kide historikoa; Xabi Puerta, ibilbide luzeko egilea, ekoizle-lanetan, eta Zutoia Alarcia, antzezle ezaguna.

Eolo sortu aurretik, taldeak bere burua Raymond Cousseren Estrategia para dos jamones urde bakarrizketarekin aurkeztu zuen eta, hurrengo urtean, 1994an, Joan Casasek idatzi eta Rafael Duránek zuzenduriko Desnudos lan ikusgarriarekin liluratu zituen ikusleak.

Eolok Ercilla Sari bi irabazi zituen, bere hasiera distiratsuaren adierazgarri.

Obregónek moldatutako ¡Flash Bang! Raymond Chandler en tankera bertsuko komedia beltzaren labainkada arinak taldearen muntaketa gogoangarrienari bidea egin zion: ¿Dónde estás, Ulalume, dónde estás?, Alfonso Sastrek Edgar Allan Poeri egindako omenaldia, Konrad Zschiedrich poloniarrarena zuzendurik.

Baqué Durango Sariarekin konpromisoa hartua zuelarik, 1996an aurreko urteko testu saritua, Rafael González Gonsálbezen El culo de la luna eszenaratu zuen.

Egile euskaldun baten eta pisu dramatiko nahiz interes politiko handiko testu baten aldeko apustuak –Literaturako Euskadi Saria irabazitako Roberto Herreroren Los abrazos perdidos, Euskal Herriko indarkeria gordintasun osoz mintzagai hartu duen lehenengoa eta akaso bakarra– ez zuen eragotzi 1997an Eoloren desegitea.

Eskarmentu handiko beste talde batzuk

[aldatu]

Cómicos de la legua Kilikilariak

[aldatu]

Boluetan 1969an ikusleen elkarte gisa jaio zenetik 1980an desegin zen arte, Cómicos de la Legua Kilikilariak taldeak hamabost ikuskizun eman zituen Euskadiko kale, auzo eta bazter guztietan barrena.

Antzerki herrikoia egiten zuen, baina inola ere ez errazkeriara emana: Miguel Hernández, Nicolás Guillén eta León Feliperen poemak errezitatzen zituzten, eta Lauro Olmo nahiz Emilio Carballidoren lanak antzezten.

Crónicas del Doctor Zeta antzezlanarekin Jerôme Savaryren Magic Circus aren estetikara hurbildu ziren, eta lan horri beste hainbat sorkuntza kolektibo jarraitu zitzaion, hala nola Vivir en Bilbao, Prakaman, El jardín de la oca eta Navarra 1500.

Cobaya

[aldatu]

Bilboko Injineru Eskolan sortu zen, 1970ean, antzerkia ikusle berriei hurbiltzeko saialdi moduan.

Cobayak bere ibilbideari Brechten La excepción y la regla obrarekin ekin zion, eta estilo jakin baten bila lehenik Martínez Ballesteros, antzerki independentearen egile maitea, baliatu zuten, eta gero Jarry; honen Ubu rey, orduan modan zegoen Grotowskiren ildoari hertsiki lotua, urte pare batez erruz antzeztu zuen, Cobaya puntako taldeen arteko bilakatuz.

Jose Miguel Elviraren Pastel de fresa opera rockarekin “erritu grotesko erraietatik jaioarekin” esperimentatu zuen,1976an. Txotxongiloekin lanean espezializatu ziren, 1984az geroztik.

Cobayak, halaber, Bilboko Antzerki Independentearen Asteak antolatu zituen hirurogeita hamarreko hamarkadan; denera bi izan ziren.

Tarima

[aldatu]

Talde hau Basauriko Antzerki Eskolatik atera zen, 1978an, lehen promozioko ikasleekin, eta lau urte geroago profesional bihurtu zen. Sorkuntza mailan bi aita izan zituen: Miguel Garrido, 1982an Payasos de circo haren antzezlanarekin lehenengo arrakasta lortu baitzuen, eta, hurrengo urtean, Anton Chejoven El pabellón nº 6 gogoangarria zuzendu zuen Luis Olmos.

Tarimak denetarik egiten zuen: literatur testu sendoak, artearen komedia, clown edo kabareta, betiere zuzendari gaituak baliatuz. Europa korritu zuen 1985ean, El mundo de los hermanos Valentin obrarekin, taldearen une gorena ekarri zuen ikuskizunarekin.

Taldeak beste zenbait lan garrantzitsu eskaini zuen, hala nola Federico García Lorcaren La zapatera prodigiosa eta Ramon Bareak 1997an zuzendutako Malvaloca musikala zen azken lana.

Markeliñe

[aldatu]

Amorebietako taldeak 1984az geroztik egiazko generoa den pantomima landu du.

Kale antzerkia egin dute: Armagedón, Kubierno eta, batik bat, Aló, Europa?, Frantzia, Belgika eta Holandan.

Antzokian jokatzeko ikuskizunak antolatu dituzte, besteak beste, Un mundo fantástico, In extremis, Plumas celestiales, Entretejas, La Garbo, S.A. eta Underground...

Baina taldea haurrentzako antzezpenekin nabarmendu da gehien: La vuelta al mundo en 80 cajas, Max Saria irabazi zuen generoan, eta Mambrú.

Antzerkiaren harrobia

[aldatu]

Laurogeita hamarreko hamarkadan Bizkaian konpainia profesional ugari desagertu zen, Geroa, Karraka edo Eolo kasu, baina galera hori nolabait leundu egin du indar beteko antzerkia egiteko gogotsu agertzen den hainbat pertsona oso gazteren jarduerak, belaunaldi berri bat jaiotzen den orotan gertatu ohi denez.

LA FÁBRICA DE TEATRO IMAGINARIO (FTI) da talde horien guztien artean gehien nabarmendurikoa. Mina Espazioren baitan sortu zen, 1998an. Taldearen erreferentzia nagusiak mundu-mailako egile handiak dira, adibidez Grotowski, Artaud, Meyerhold edo Tadeusz Kantor. Taldearen pentsamoldea horrela laburbiltzen dute: “artelana jazarri, formula finkoetatik ihes egin, obra originalak sortu, garena adierazi eta antzerkia gertakari bilakatu”.

Ander Lipusek zuzenduriko 8 olivettis poéticos antzezlanarekin profesionalen aitorpena lortu zuten.

Taldeak beste hainbat lan egin ditu, Anderground, La niña que sueña Lunas también se mea en la cama eta Mundopolski, extragedia o rebelión trilogia kasu.

CHUSMA. Antzerkia eta zinema uztartzen dira 1998an sortutako talde honetan. Antzokian jokatzeko antzezlanekin batera, hala nola Shakespeareren sonetoetan oinarritutako L.O.V.E edo Kafkaren El castillo, taldeak eskaini ditu, besteak beste, kale ikuskizunak Vöjnirek Familixe eta Nostalgia film laburra ere.

CLARO DE LUNA taldeak ere, 2000n jaio zenetik, antzerki eta zinemaren munduan dihardu. Orain arte aurkeztu duen ikuskizun garrantzitsuena Mañana de Luna da. Lan horretan antzerkia, literatura, datza eta bideoa nahasten dira.

GAITZERDI taldeak hamarkada bat darama lanean, batik bat kale antzerkia eginez, eszenaratze plastiko, ikusgarri eta soinu-kalitate handiko Girobira edo Bakun ikuskizunekin.

TXAMUSKINA. Talde hau denbora laburrean entzute handia lortzen ari da antzerki munduan.

Basauriko Antzerki Eskolako bi ikaslek 1997an sortua, haurrentzako antzerkia egiten du, berezitasun batekin: antzezlan guztiek euskara, gaztelania eta ingelesezko bertsioak dituzte, taldea “kalitatezko izateaz gain, funtzio pedagogikoaz arduratzen da”, antzerki-mota jakin baten aldeko apustua eginik.

LA FUNDICIÓN. Antzerki gazte eta ausartenaren gorakada horretan funtsezkoa da lan-mota horiek erakusteko zentro bat egotea. La Fundición 1998an ireki zen Deustun, 90 eserleku ditu, eta Areto Alternatiboen Koordinazioarena da, programaketa, trebakuntza eta aholkularitza alorretan jarduera bizian murgiltzen delarik. Ikusle gazte eta jakin min handikoa du jomuga, eta talde alternatiboenentzat erreferentzia izatea xede. Lokalek 31 konpainia hartu zituzten, 2001ean, programazioaren 79 egunetan. Finantzaketa mistoko ekimen pribatu bat da.

Araba

[aldatu]

Denok Kooperatiba

[aldatu]

Denok izan zen Euskal Herrian antzerki hutseko lehenengo ekoizpen-zentro iraunkorra, eta, horregatik, antzerki profesionalaren munduan esperientzia berri bat.

Kooperatiba hori 1976an sortu zen, esperientzia eta trebakuntza handiko aktore euskaldun eta kanpotarren eskutik eta Arabako Aldundiaren babes ekonomikoaz. Antzerki iraunkor honen jarduera-eremua zabala zen oso, eta ia antzerkiaren alderdi oro hartzen zuen.

Denok Antzerki Ekoizpeneko Kooperatibak antzezle-gaiei zuzendutako trebakuntza ikastaro ugari eman zuen bere zazpi urteko bizialdian, eta eskola umeen antzerki pedagogiaz arduratu zen. Informazio-bulego bat sortu zuen, eta ikerketa nahiz kontsultarako liburutegi on bat eratu.

Denok kooperatibak Gasteizko Nazioarteko Antzerki Jaialdiaren jaiotza sustatu zuen, eta 1981a bitartean haren antolaketaz arduratu, geroztik idazkaritza teknikoari heldu ziolarik. Kooperatiba, halaber, jada desagertua den Florida antzokiaren programazioa beregain hartu zuen.

Eta, jakina, ikuskizunak eman zituen. Ibilbide balantzatsu samarra jarraitu zuen arren, antzerki une bikainak ere eskaini zituen. Adibidez, 1979an Cervantesen entremesen eszenaratze bikaina, Cipión y Berganza, irudimen harrigarrikoa eta kanon akademikoez bestelakoa, umore fina eta malenkonia leun eta gozo bat agertzen zituena (Félix Petitek lan ahaztezina egin zuen El viejo celoso obran). Eta, segidan, Rodríguez Rubí XIX. mendeko egile ahaztuaren El gran filón antzezlana, burgesia espainiarraren interpretazio aski originala, esperpento moduan paratua.

Dozena-erdi ikuskizun eman ondoren, 1981ean Denok taldeak Francisco Nievaren El rayo colgado (auto de fe imperdonable) estreinatu zuen, Juanjo Grandaren zuzendaritzapean. Espainia osoan, Portugal eta Polonian barrena ibili ziren, hainbat jaialditan arrakasta itzela lortuz, eta antzezlana Televisión Españolarako grabatzera heldu dira (murrizketekin). Nievak ia hogeita hamar urte lehenago idatzitako zeremonia ilun hori ikuskizun argitsu eta bikain bihurtu zuen Denokek, eta horrek soilik egindako ahalegin oro eta gastatutako diru guztiak zurituko lituzke. Alabaina, une goren hori Denoken gainbeheraren hastapena zen.

Kooperatiba erakundeen enkarguak egitera engaiatu zen, eta horiek ezer gutxi ekarri zioten, Patxi Larrainzar antzerkigile zuten arren. Lehenik Rafa Martínek zuzendutako Iparragirre viaje a la libertad eskaini zuten, bardo zaharraren mendeurrenean, eta segidan Carlos Gilek zuzendutako La Llanada solitaria, Gasteiz hiriaren fundazioaren zortzigarren mendeurrena ospatzeko.

Denok Antzerki Ekoizpeneko Kooperatiba ofizialki desegin zen, 1893ko abenduaren 31an. Gabon zahar triste hartan euskal antzerkiaren historiako pasarte bikainenetako bat itxi zen.

Bekereke

[aldatu]

Izen eufonikoarekin kontrastean, beraren etimologia eta esanahia egundo argitua izan ez denarekin, Bekereke baterako antzerki-lanaren oinarrian zeuden ideia artistikoak bistakoak zituen: Eugenio Barbaren metodoaren espresionismo fisikoa definitzen zuen “hirugarren bidea” deritzonari lotuak, batik bat kale-ekintza burutzen zuten, ikuskizun bortitz eta leuntasunik gabeetan, antzezle komunitate horrek 1981etik Vírgala herri txikian zeramaten bizimoduari eta antzerkiari buruzko norabide bakarreko pentsaera islatuz.

Bekerekeren muina Bilboko Irakasle Eskolan sortu zen, Santi Ugalde, Txema Ocio eta Elena Armengodekin. Taldearen lehenengo lanak izan ziren Ganorabako eta Lorratzean, 1980 eta 1981koak.

Sute batek taldeak zuen apurra erraustu zuen, eta ezerezetik hasi behar horretan Elena eta Manuel Tebar bakarrik geratu ziren. Lorratzean berreskuratu eta izen berria jarri zioten, El coleccionista de monstruos, eta proposamen berriak aurkeztu zituzten: La boda, Zarataka, Fábula de la sirena y los borrachos, baterako bereizgarri batekin: kale antzerkia egitea, dramaturgiaren aldetik interesgarria, herrikoia baina ez trauskila, jai-girokoa baina abangoardista.

Miguelón Olmeda, Annarrita Fiaschetti eta Miguel Muñoz komunan 1983an sartu ziren. Talde horrekin estreinatu zen 1984an Al fondo a la derecha. Lan kolektiboa, ikusleekin harreman zuzen eta berehalakoa ezartzen zuen, ekintza koordinatu, soinu eta erritmoen gainean egoki egituratutako irudietatik abiatuta.

Esparru espezializatuetan Bekereke izena ahotik ahora zerabilten, eta areagoa Eco ondoren, taldearen ibilbideko arrakastarik biribilena, Britainia Handiko talde profesional baten lankidetzaz lorturikoa.

Antzezlan horretan antzerkia eta dantza lotu ziren, adierazpen-indar handiko sintaxi batean, elkarrekin ezin hobeto uztartzen zirelarik soinua, argia, kolorea eta antzezpena. Iritzi berekoak ziren Bekerekek bi urte luzez korritutako Holanda, Alemania, Eskandinavia eta beste hainbat lekutako ikusleak.

Taldeaz gehiegi espero zen Sentido único estreinatu zenean. Kaleko beste mota bateko ikuskizuna zen, ikusmena akuilatzen zuen eta alderdi kontzeptualera lerratzen, betiere, antzerki oro hartzaile bat helburu.

Taldea desegin egin zen 1989an, Se prohíbe eskaini ondoren. Antzezlan trinko, gordina, probokatzailea zen, botereak urbanita gajoarengan egiten duen irentzeari buruzkoa.

Bekerekek oraindik kaleko ikuskizun pare bat eskaini zuen, eta antzokirako lan bikain bat, Cuando el hielo arde, baina azken urteetan alderdi pedagogikoari emanagoak zeuden. Elena Armengoden heriotzak, 2000ean, amaiera tragikoa eman zien Bekerekeren hogei urteei, bizialdi oso bati.

Pikor

[aldatu]

Bekerekeko bi kide historikok, Miguelón Olmeda eta Annarita Fiaschettik, Pikor taldearen abenturari hasiera eman zioten, 1989an. Ikuskizunen ekoizle-lanetan Pikor umore handiko kale-antzezlanetan espezializatu zen eta, neurri txikiagoan bada ere, halaber, aretokoetan. Kale ekintzan eta lan fisikoan nahiz keinuen baliabideetan maisu, Pikor taldeak Espainia osoan zehar lan pedagogiko handia egin zuen, profesional nahiz ikasleei zuzendutako mintegi eta ikastaroen bidez, eta, ekintza zuzeneko tailerrak medio, gizarte salaketako kolektiboentzat.

Ekoizpen lanei dagokienez, 1990ean Naftalina obrarekin debuta egin zuenetik, Pikorrek hamabost bat lan eszenaratu ditu, gehienak kalekoak eta gizarte-gaiekikoak: ihesa, intolerantzia, marjinazioa... ikuslearen geldotasuna inarrosi nahi duten lanak. Antzezlan horiekin Maeztun kokatutako taldea Espainia, Italia, Holanda, Alemania eta Hego Amerikan zehar ibilia da.

Pikorrek sarritan beste talde batzuen ikuskizunetan parte hartu izan du, halaber: Tarima (Bizkaia), Zanguango (Salamanca), Producciones Quiquilimón (Asturias), Legaleón (Irun), Lavi e bel (Granada), eta abar.

Frankensteinen mitoaren bertsio bitxi bat, Miguel Garridok zuzendutako Franki Stein, eta boxeoari buruzko K.O. izeneko kale-ikuskizun bat dira Pikorrek oraindik orain egindako bi lan izendunak.

Teatro Gasteiz

[aldatu]

Teatro Gasteiz taldeak hirurogeita hamarreko hamarkadaren erdialdetik kalitatezko testuekin, klasiko zein garaikideekin –Molière eta Alfonso Sastre– lanean ari bazen ere, 1982an Denok kooperatibako zenbait kide lotu zitzaizkienera arte ez zuten entzute handiegirik izan. Ziklo berri horretan, Gasteiz taldeak lan entretenigarri eta aldi berean egoera politikoarekin engaiatuak egiteko konpromisoa hartu zuen.

Carlos Gilek eta gainerakoek Dario Forengan iturri oparoa aurkitu zuten. Geroago ostera Nobel saria izango zen egilearengana itzuli ziren, Pareja abierta eta Bakartasunean, Todas tenemos la misma historia lanekin. Kale antzerkia ere egin zuten, eta haurrentzakoa (Supertot) nahiz klasikoren bat (Von Kleisten El cántaro roto), orduko egileen testuez gain, Luis Matilla edo Ignacio Amestoy, azken horrekin Teatro Gasteizek lankidetza emankorra garatu zuelarik, besteak beste, Betizu, toro rojo, Gernika, un grito, La zorra ilustrada.

Goren unea 1993an heldu zitzaien, Salvador Távora La Cuadra de Sevillako zuzendaria Pasionaria, ¡no pasarán! eszenaratzeaz arduratu zenean. Aurrez aipatu egile bilbotar beraren testuaz, antzezlana akaso konpainia gasteiztarrak egindako biribilena da.

Teatro Paraíso

[aldatu]

Gasteizko Abetxuko auzoan antzerki tailer batean ziharduen taldea eratu zen, 1976an, Eterno Paraíso izenaz. 1983an Miguel Garridorekin elkartu ziren, eta urte horretan bertan José Luis Alonso de Santosen La leyenda del dragón payaso antzeztu zuten. Une hartan Teatro Paraísok profesionalerako jauzia eman zuen, eta Euskal Herriko haurrentzako antzerki-enpresa saiatu eta langileena eratu zen. Ikusle helduentzako lanak ere egin zituzten arren, emaitzarik onenak haurrentzako generoan eta ikasleentzako antzerki-pedagogian lortu dituzte.

Porpol

[aldatu]

Denok taldearen desagerpenaren errautsetatik Porpol jaio zen Gasteizen, 1984an, kideen lan-kooperatiba moduan. Xabier Alkorta eta beste kideak Arabako Foru Aldundiaren Arte Eszenikoen Tailerraren kudeatzaileak dira, eta, horrez gain, Araiako Umorezko Antzerki Jaialdia eta Arabako Kale Antzerkiaren Jaialdia zuzentzen dituzte eta Aguraingo Harresi Aretoa programatzen dute.

La Pared izeneko lehen ikuskizunetik El debut de Leire izeneko azkenera bitartean, Porpolek hamabi funtzio egin ditu jada, hainbat genero jorratuz: haurrentzako antzerkia, kale-desfileak, lan txikiak eta testu zailekiko obrak, Samuel Becketten Esperando a Godot edo Rebeca Pasaggen Hoy Medea kasu.

Traspasos

[aldatu]

Traspasos taldearen ibilbide artistikoa ezohikoa da gurean. Dantza-konpainia gisa hasi zen, eta jaialdi, erakustaldi, zeremonia, telebista-programa eta abarrekin eskaintza ugari egin zuen, baina zazpigarren ikuskizuna burutu ostean antzerkira aldatu zen, urte luzez egindako koreografia lanean metatutako ezaupideak profitatuz.

Traspasosen sustatzaile nagusiak Mikel Gómez de Segura eta Charo Fernández Insausti dira. 1989an hasi ziren, Iendo ikuskizunarekin, eta hari Caballos al viento, Siellas, Sísifo eta Aparecidas jarraitu zitzaizkien. Bien bitartean, Donostiako Nazioarteko Zinemaldirako eta ETBko Goraintzi programarako zenbait koreografia sortu zituzten.

Aurretik aipatu dugun taldearen antzerkirako urratsa 1996an eman zen, Pasarela lanaz, modaren munduari buruzko Mikel Gómez de Segura eta Felipe Lozaren testu batean oinarriturik.

Mikel beraren ideia bikain batetik abiatuta, Ernesto Caballerori Pepe El Romano (La sombra blanca de Bernarda Alba) eskatu zioten, 2000n estreinatu zena, eta hurrengo urtean El uno y el otro eszenaratu zituzten. Ongia eta gaizkia, nia eta hura, gizabanakoaren bereizte etengabea aztertzen duen alegia moral bat da, Jaime Romok idatzia eta Adolfo Fernández eta Rafael Martínek aurrez aurre jokatua.

Gaur egun, Traspasosek gehienbat bizirik dauden egileen lanak eszenaratzen ditu, eta antzezle-lana du oinarri nagusia.

Nafarroa

[aldatu]

El Lebrel Blanco

[aldatu]

El Lebrel Blanco 1971aren amaieran jaio zen, hirurogeiko hamarkadan Iruñeko antzerki mundua suspertu zuten Amadís eta Valle Inclán taldeetan trebatutako aktoreekin. Sorreratik bi dohain garrantzitsu zituen: aktore multzo handi eta anitz bat, adin eta izaera anitzeko berrogeita hamar antzezle inguru, eta ideiak oso garbi zituen zuzendaria, Valentín Redín.

Hastapenetan El Lebrel taldeak haurrentzako antzerkia baino ez zuen egin, Iruñeko Udal Aurrezki Kutxaren babesaz igande goizetan Gayarre antzokian eman ziren hainbat obra eszenaratuz. Baina, 1973an, helduentzako antzerkiari ekitea deliberatu zuten, Valle Inclánen Yerma lanaz, eta emaitzak tamaina handiko ikuskizunen ildoari jarraitzeko bihotz eman zien. Hurrengo urteetan eskaini zituzten, besteak beste, Jordi Teixidorren El retablo del flautista, Jaime Salomen Nueve brindis por un Rey edo Carlo Goldoniren La posadera; 1789 arrakasta heldu zitzaien arte, la ciudad revolucionaria es de este mundo antzezlanarekin. Emankizunak, berealdiko fresko historikoa, El Lebrel Espainia mailan antzerki independenteko talde gailenen arteko gisa bermatu zuen eta El País egunkariak, bere jaiotza urtean, denboraldiko muntaketa onenaren saria eman zion 1976an.

Sekula profesional bilakatu ez bazen ere, Valentín Redínen taldeak lan-eskema profesional batez jardun zuen. Iruñean 300 eserleku zituen El Pequeño Teatro areto bat izatera iritsi zen –aurrekaririk gabeko gertakaria–, programazio zaindu bat eskaintzen zuelarik.

Bonba batek Amaia kaleko lokala suntsitu zuen 1978an, baina ezin izan zion eragotzi jomuga, Nafarroako antzerkiaren historian Navarra, sola o con leche antzezlana gehien jokatutakoa izatea.

El Lebrelek, 1978ko antzezpenaz geroztik, eduki sozialeko eta interes orokorreko antzerkia egin zuen, antzerki ausart, entretenigarri eta gogoetatsua, Trantsizioko gizarte nafarra zornatzen zuen zauri oro agertu zuena: eskuin legitimistaren irakurketa kritiko bat, Carlismo y musica celestial lanean; erresuma zaharraren historiaren gainbegiratu bat, Utrimque roditur lanean, eta Nafarroa eta honen ahizpa Euskadiren arteko harremanak aipatu Navarra, sola o con leche lanean. Hiru obra horiek Patxi Larrainzar egilearen talentuaren emaitza ziren, Pampilona circus bezala.

El Lebrel Blanco taldeak berrogei ikuskizun inguru egin eta sona handiko sari ugari pilatu zituen, eskola bat sustatu zuen eta literatur sari bat sortu, eta, finean, Valentín Redín eta honen antzezle-zerrendaren lantegi bikainaren oihartzun modura Nafarroa osoan barrena sortutako antzerki-esperientzia askoren inspirazio-iturri izan zen.

Teatro Estable de Navarra

[aldatu]

El Lebrel Blanco taldeak, 1979an, Nafarroako aurreneko antzerki eskola sortu zuen, eta handik gutxira eskolaren babesean T.E.N. jaio zen. Eskolan irakasle aritu ziren, besteak beste, Carlos Creus, Paca Ojea eta Juan Pastor T.E.I.ren kide ohi eta William Layton eta Dominique de Facioren jarraitzaileak, eta baita Francisco Nieva, Miguel Narros eta José Carlos Plaza ere.

Hasierako T.E.N. haren eszenaratzeek joera esperimentala zuten, eta Stanislawski metodoan hezitako aktoreen antzezpen mailagatik nabarmentzen ziren. Eszenatokietan estreinakoz agertzeko, 30eko hamarkadan Ipar Amerikako antzerki sozialaren obra adierazgarri bat hautatu zuten, Clifford Odetsen Esperando al zurdo, Creusen zuzendaritzapean. Estreinaldiaren ondoren, Primer Acto aldizkariko kritikariak honakoa idatzi zuen: “Ez dago oso garbi obraren egitura eta beharrizanak proposatzen zitzaigun emankizun motari egokitzen zitzaizkion. Baina, eszena bikainak ikusi ziren eta, jarduera artistiko ororen berezko zuzenketak eginez gero, denbora ez dela alferrik galtzen egiaztatu zen. Garrantzitsuena, finean, ondoren gertatuko dena da”.

Ondoren gertatua da T.E.N. Espainiako antzerki munduan finkatu egin zela, kalitate eta arrisku handiko lanekin, ezaugarri horiek izan direlarik drama garaikidearen testu handiak eta sorkuntza lan esperimentalak tartekatzen dituen ibilbidearen bideratzailek.

Psikologiaren mundua miatzen duten zenbait antzezlan eskaini dituzte, hala nola Brechten La boda de los pequeños burgueses, Williamsen El zoo de cristal, Paca Ojea antzezle nagusi eta zuzendari zuela; Mastrosimoneren En el quinto cielo, José Pedro Carriónen zuzendaritzapean; Albeeren Historia del zoo, Pamela Gemsen Cuatro mujeres, eta Kafka edo Chejov.

Lehenago, Nafarroako sorginei buruzko antzezlan batekin harritu gintuzten: Marijuana, Angel Sagües hasierako egile eta zuzendari zuelarik.

Anexa eta Yauzkari dantza garaikideko taldeen sortzaile Jose Lainezekin lankidetzan sortu zen antzezlearen heriotzari buruzko collage hiperfisikoa, Ameli-Catalina, eta Jean Geneten Severa vigilancia obraren moldaketa libre zirraragarria, Abismo izenburuarekin 1985eko Sitgesko Jaialdian arrakasta handia lortu zuena.

Zuzendari bikainak izan ohi dituen taldeak, laurogeiko hamarkadaren amaieran, Grotowskiren obran espezializatutako Jaroslaw Bielski erakarri zuen, S.I. Witkiewicz eta Tadeusz Rózewicz egile abangoardista poloniarrak ezagutarazi zizkiguten hiru muntaketa egiteko.

Pinpilinpausa

[aldatu]

T.E.N. eta Pinpilinpausa elkartu egin ziren, 1989an. Azken talde hori 1982an jaio zen, eta haurrentzako zuzeneko kale-antzerkian espezializatu zen.

Asun Abad eta Angel Sagüések gidatutako taldeak 22 ikuskizun egin du jada, eta horietan gizarteko egoerekiko sentiberatasuna handia agertu du.

Iparralde

[aldatu]

Antzerkia da kultur gertakaririk bizi eta interesgarriena XXI. mendeko Iparraldean. Lau talde-profesional zeuden 300.000 biztanle baino gutxiagoko eskualdean, eta askoz talde amateur gehiago, antzezpenak ia denboraldi osoan zehar programatzen dira, jaialdiak antolatzen dira eta ikasgeletan antzerki-eskolak ematen dira. Gainera, antzerkigile gazteak sortzen ari dira berezko ideiak dituzten gazteekin, lanak eszenaratzen dizkieten konpainien babesean.

Les Chiméres

[aldatu]

Gainbegiratu labur hau eskarmentu handieneko taldearekin hasiko dugu: Théâtre des Chiméres; Jean Marie Broucaretek 1979an Baionan sortua da, duela zenbait urtetik hona erroak Miarritzen eman dituen arren. Antzerki gune integral bat da, eta bera arduratzen da eskualdeko lycéetan tailerrak bideratzeaz, ikastaro eta mintegiak emateaz nahiz ikuskizunak programatzeaz. Azken alor horretan, jarduerarik garrantzitsuena urtero 1981ean taldearen ekimenez sortutako Baionako Antzerki Jaialdia –orain franko iberiar eta latinoamerikarra deritzon– antolatzea da.

Le fil magique sorkuntza lan kolektiboarekin, 1980an hasi zirenetik, Les Chiméresek hogeita hamar ikuskizun inguru eszenaratu zituen. Antzerki garaikideko egileak baliatu zituen: Sartre, Pinter, Ionesco, Cocteau... eta baita geroagoko beste zenbait antzerkigileren proposamenak ere: Claude Confortès, Marc Pheline, Odile Clair eta abarrenak.

Denboraldi batez idazle espainiarrekin espezializatu ziren: Valle Inclán eta Lorca idazleekin nagusiki. Taldearen La casa de Bernarda Alba sorkuntzazko aurkikunde bat izan zen lehenengoz eman zenean, 1984an.

Taldeak 1998an euskaraz egindako lehen funtzioa estreinatu zuen. Bi urte lehenago frantsesez jokatu zen Andrée Chediden L’enfant debut antzezlanaren itzulpen bat zen.

Lézards Qui Bougent

[aldatu]

Lézards qui bougent konpainia Frantzia osoan onetsia da Bernard Marie Koltès Europako antzerki moderno klasikoaren testuen eszenaratzeengatik eta lantegi horretan agertzen duen kalitateagatik. Izan ere, Baionako muskerren zuzendaria, Kristian Frédric, Koltèsen estreinaldi nagusien arduradun Patrice Chereauren aldamenean trebatu zen.

Besteak beste, Dans la solitude des champs de coton, À la recherche d’un ange au milieu de ce bordel eta, batez ere, Koltèsen La nuit juste avant les forêts testu goiztiarrak bihurtu dute konpainia hau Frantziako antzerki-talde nagusietakoa.

Lézards qui bougent lan egina da, besteak beste, Dorothée Letessier eta Emmanuel Bove egile garaikideekin ere. Orobat, helduentzako antzerki ikastaroak eta testu modernoen irakurketa publikoak antolatzen dituzte.

Théâtre de Versant eta Scaramuccia

[aldatu]

Iparraldeko beste bi antzerki enpresa dira Gaël Rabas buru duen Miarritzeko Théâtre du Versant eta Jean Marc Totok zuzentzen duen Donibane Lohitzuneko Scaramuccia, antzerki-eskola izateaz gain, komedia klasikoak eszenaratzen dituena, berriki Medecin Volant estreinatu zuten, Molièreren zirriborro bat abiapuntu harturik.