Euskal antzerti eta zinea/XVIII. mendea
FARTSAK. PASTORALAK. PEDRO IGNAZIO BARRUTIAREN GABONETAKO IKUSKIZUNA. PEÑAFLORIDAKO KONTEAREN ANTZERKI-LANAK
Zenbaitetan aipatu izan dugu euskal antzerkiari buruzko ikerlana alderdi askotan lugorria dela, ikerketa zehatz ugariren eta aukerako ahaleginen premian dagoena. Espero dezagun etorkizunean ustekabeak ekar ditzaten ikerlan horiek. Bien bitartean, kontinente aldeko euskarazko antzerkia fartsa eta pastoraletara mugaturik dago, eta XVIII. mendean penintsula aldeko antzerkia, berriz, bi egilerengana, Pedro Ignazio Barrutia eta Frantzisko Xabier Maria Munibe, Peñafloridako kondea, mende horretako Tradizioaren eta Ilustrazioaren ordezkari, hurrenez hurren.
Fartsak
[aldatu]Ezagutzen dugun lehenengoetako fartsagile bat Arrosako Oxamendi da, karroza batean parte hartu baitzuen. Ikuskizun hori Orzaizeko herrian eman zen, 1776an, eta antzezpen horretatik kanta bat heldu zaigu, zazpina lerroko hamaika ahapaldikoa. Nafarroa Behereko lan horrek, ordea, ez du heldu zaizkigun XVIII. mendeko Zuberoako fartsen edo fartsa hasikinen antzik. Garai hartatik gorde diren fartsak hauek dira:
1. Agardentegilea eta bere emaztea. Campan Latsague bildumaren eskuizkribua, Baionako Euskal Museoaren Bibliotekako 9. zenbakia. Zortzi silabako launa lerroko hamaika ahapaldi, tabernarien aurka Bartcen izeneko batek idatziak.
2. Ardeatina eta Ludobina. Itxura batean Alexandre pastoralarekin batera antzeztua. Baionako Euskal Museoaren Bibliotekako 46. eskuizkribuak 62 ahapaldi ditu. Bi adiskideren istorioa kontatzen du, Ardeatina eta Ludobina. Azken hori, Rubiq printzearekin oheratu ondoren, abortatu beharrean izango da.
3. Bala eta Bilota. Juanik Hobe eta Arlaita izenburuko eskuizkribuan txertatua, fartsa hori 1788ko abuztuaren 28an antzeztu zen. Baditu 57 ahapaldi, eta Bala eta Bilota tabernarien bizitza kontatzen du. Tabernariok beren ardoa bedeinkatzen dute eta alaba Hariaren heziketaz eztabaidatzen, bearnes eta zubereraz esandako elkarrizketa irainez beterikoetan.
4. Bubane eta Xiloberde. Campan Latsague bildumako 10. eskuizkribua. XVIII. mendearen amaiera, 165 ahapaldi. Bubane kexu da bere emazte Xiloberdek, berari adarrak ipini ez ezik, bere ondasunak maitaleekin xahutzen dituelako. Bubane hiltzean, Xiloberdek hamar hilabetez itxaron beharko du Kopetekin ezkontzeko, eta, gainera, ezkontzako opariak udalaren esku utzi beharko ditu.
5. Juanik Hobe eta Arlaita. Bordeleko Udal Liburutegiko 1695 13. eskuizkribua. Olhaibin antzeztua, 1788ko urriaren 27an, eta geroago ere bai, zenbait moldaketaz, 1791an antolatu zen Guardia Nazionala aipatzen baita. Azpititulu bat du 148 ahapaldiko lan honek, fartsa askotan agertzen denez: L´Homme battu par sa femme “Andreak gaizki tratatutako gizona”. Justiziak Arlaita Marchapipira zigortuko du. Esapide horrek «pikotara joatea» esan nahi du, baina jatorrian Prévosten Manon Lescaut (1731) nobelan agertzen den esaera baten –«aller à Mississípi»– desitxuratze herrikoia da.
6. Kabalzar eta bere familia. Campan Latsague bildumako 24. eskuizkribua. XVIII. mendearen amaierakoak, 77 ahapaldi. Osoki gorde ez den fartsa honetan, Kabalzar baserritar alfer eta mozkorrak emazteari gomendatzen dio seme alaben aurrean eredugarria izan dadin, eta seme alabei, berriz, langileak eta zuhurrak izan daitezen. Alabaina, badirudi aholkuek ez dutela fruiturik ematen.
7. Petit Jean eta Sebadina. Normandiako Rikardo pastoralean txertaturik dago, eta Zalgizen antzeztu zen, 1769ko abuztuaren 4an. Ez litzateke harritzekoa errejenta edo pastoralaren zuzendaria, Larché izenekoa, launa lerroko 112 ahapaldiko lan honen egilea ere izatea. Sebadina (zuberotarra) eta Petit Jeanen (bearnotarra) arteko eskandaluzko harremana kontatzen du, eta azken horren hizkuntzan esandako esaldirik ez da falta. Fartsaren amaieran, bearnotarrak Sebadina Ingalaterrako erregerekin joan izana deitoratzen du.
8. Rekokilart eta Arieder. Parisko Liburutegi Nazionalaren Fondo Zelta eta Euskalduneko 138. eskuizkribua. Hau 1788ko abuztuaren 8an antzeztu zen, Olhaibin, itxura batean Clovis eta Saint Jacques pastoralekin batera. Laurogeitaka urteko Rekokilarten eta hura gau eta egun zerbitzatzen duen Arieder neskamearen arteko harremana kontatzen du. Esposatzen ahalegintzen direnean, ezkontza hain da eskandalagarria ezen bi herritik egotziak izango baitira, eta beren arrastoak lastoz erreak, zeremonia arazgarri batean.
9. Saturno eta Benus. Judith eta Holopherne pastoralean txertatutako testua, Bordeleko Udal Liburutegiko 1695 19. eskuizkribua. Honek 340 ahapaldi ditu, eta Pagolan antzeztu zela badakigu, baina ez data. Saturno alargun zahar lohiaren zalantzak kontatzen ditu, Ganeton lasakaren eta Trinkilinen alaba Benusen, aitak alargunarekin ezkondu nahi duena, artean. Gazteen trufak saihestearren, Saturnok eta Benusek gauez ezkontzea deliberatuko dute, baina amarrua gaizki irtengo zaie, gazteek elizaraino lagunduko baitituzte, non Belot apaiza zain daukaten, ezkontza bedeinkazioa emateko.
10. Xiberua eta Marzeline. Parisko Liburutegi Nazionalaren Fondo Zelta eta Euskalduneko 136. eskuizkribua. Hau 436 ahapaldiz osatua da. Marzelineren abenturak kontatzen dira, hainbat maitale dituen emakume kaskarina, azkenean Xiberua erresumako adardun nagusi gisa koroatua izango delarik.
Lan horiek guztiak Zuberoako Irri teatroa. Recueil des farces charivariques basques[1] izeneko lanean jasota daude, jatorrizko eskuizkribuen arabera editatu eta ikertuak.
Gorde diren Zuberoako hamazazpi antzezlanez gain, beste zenbait lanen berri ere bada, hala nola Pierre Topet Etxahunek (1766-1862) gaztetan egindako hiru kantak: Eihartxe eta Miñau, Maria Solt eta Kastero, eta Ahargo eta Kanbilu, fartsen hasierak baino ez direnak. Horrenbestez, fartsa horietako sarreren melodia nahiz lan horietako gaien lehen lerroak jakin eta ezagutzen ditugu.
Pastoralak
[aldatu]Itxura denez, eta George Lacombe kritikariaren arabera, Baionako Euskal Museoko eskuizkribu bat, Juana de Arco izenburua daramana, 1712koa da, baina pastoralen antzezpenen data zehatzak, kopistak eta zuzendariak zein eskuizkribuak non jasota dauden, 1. taulan agertzen dugun moduan, XVIII. mendearen erdialdetik aurrera baino ez ditugu ezagutzen.
Hamahiru antzezlan horietatik bakarra argitaratu da, Gidor Bilbaoren[2] eskutik. Hala ere, bi tesi egin dira, bata Albert Léon[3] ikerlariak Santa Elena edo Hélène de Constantinopleri buruzkoa, Parisen 1909an argitaratua, eta bestea Jean Pariskoari buruzkoa, Iñaki Mozosek[4] egina eta oraindik argitaratu gabea, horrek erakusten duelarik, herri literatura konparatuaren ikuspegitik, hain garrantzitsua den gai baten inguruan euskal literaturaren adituek duten interes eskasa.
Iraultza-urteetan zehar, ikus daitekeenez, pastorala antzezteari ez zitzaion utzi, garaiko egoerara egokitu zelarik, aldaketa txikiak eginez, batez ere azken lerroetan, 1770 eta 1796ko Seme iriolea alderatzean agertzen den bezala. Ahapaldi batean, Azken pheredikiak hau dio:
1770. Beude diskus horik
Jaunak, gitin liberti,
Dugun Te Deon kanta
Orok algarreki.
1790. Beude diskus horik,
Jaunak, gitin liberti
Dugun Kaminola kanta
orok elgarreki.[5]
Aldaketa txikia da, mila ahapalditik gorako lan batean. Bitxikeria gisa, 1799an Clovis pastorala antzeztu zenean, Etxekoin eta Etxeberri emakumeek parte hartu zuten, eta hori guztiz ezohikoa zen, ezen XX. mendean barrena ere emakumezko rolak antzezten zituzten aktoreak gizonezkoak izan ohi baitziren.
Pedro Ignacio Barrutiaren Gabonetako ikuskizuna
[aldatu]Pedro Ignacio Barrutia Basagoitia (Aramaio, 1682 - Arrasate, 1759) herriko idazkaria Gabonetako Ikuskizuna lanaren egilea da, aurkakorik frogatu ezean, eskuizkribuan agertzen den izen bakarra izaki. Juan Carlos Guerra historialariak XIX. mendean Migel Viguriren liburutegian aurkitua, lehenengoz Resurreción Maria Azkuek argitaratu zuen, bere Euskelzale aldizkarian, Gabon Gaberako Ikuzkizun izenburuaz.[6]
Kritikari batzuek antzezlana iraultzailetzat jo duten arren, pertsonaia errealak (garaiko Arrasatekoak) eta tradiziokoak (Belen) nahasten eta bi espazio ezberdin uztartzen zituelako, gure iritziz gabon zikloaren erlijiozko tradizio erromanikoan osotara txertaturik dago, Lakarra eta Kortazarrek[7] garbi adierazten dutenez.
Eredu gisa, Euskal Herrian egindako genero berbereko beste lan batzuk izan bide zituen, Gomez Manrique, Gil Vicente ... eta abarren ereduei jarraiki; izan ere, Gabonetako autoa ikuskizun errituala da, antzerkia baino areago, eta sakoneko argumentua beti berbera; hala ere, poetak edo antzerkigileak San Jose eta Ama Birjinaren ostatuari, artzainen gurtzari eta abarri buruzko xehetasunak asmatzeko askatasun osoa du.
Peñafloridako Kondearen antzerki lana
[aldatu]Frantzisko Xabier Maria Munibe ldiakez Peñafloridako Kondea XVIII. mendeko euskal ilustraturik handienetako bat da (Azkoitia, 1729 1785). Loiolako jesulagunetan ikasi ondoren, txosten baten arabera «ez oso saiatua eta oraindik makala», hamalau urterekin Toulouseko Nobleen Seminariora joan zen, eta han ernatu zioten jakin min intelektual eta zientifikoa, hainbat irakasleren eskutik,besteak beste, Flouret, Charron eta Tavernier. Horiek, biolina ikasten laguntzeaz gain, Zientzia Fisikoen, Arte Ederren eta beste Arte batzuen munduan sartu zuten. Aita hil ondoren, jaioterrira itzuli zen, eta hogei urterekin bertako alkate egin, eta geroago, 50, 54, 58 eta 61 urteetan Gipuzkoako Diputatu Nagusia izatera iritsi zen, eta 1758an Gorteetako Diputatu.
Narrosko markes Joakin Maria Eguia Agirrek, 1785eko ohar nekrologikoan, hala deskribatu zuen:
“...gure Kondeak funtzio guztiak aurkezten eta zuzentzen ditu, hala elizan nola plazan. Elizan faszistolaren aurrean agertzen da, kapitulu osoa inguruan duela, konpasa eramaten eta berak konposatutako mezak eta arieteak abesten. Plazan danbolindariari argibideak ematen eta berak konposatutako zortzikoak eta kontrapasak joarazten.”[8]
Adibidez, Joseph Plaren Stabat Mater Dolorosaren partiturak ohar hau du eranskin: «1756an Peñafloridako Konde jaunak kantatu zuen Arantzazuko Ama Birjinaren eliza honetan, Herri osoak plazer handiz entzun ziolarik».
Tertulia zale handia, hainbat noblerekin biltzen zen, hala nola Manuel Ignazio Altuna Portu jaunarekin, Rousseauk bere Aitorpenak lanean Altuna bertutetsutzat gogora ekartzen zuenarekin, eta Joakin Egia Agirre jaunarekin. Noble horiekin asteko zenbait egunetan elkartzen zen, aurrez ezarritako programa batekin, non barne hartzen baitziren historia eta zientziei buruzko irakurketak, praktikak eta esperimentuak fisikako kabinete batean, eta kontzertuak. Tertulia horien fruitu dira Isla jesulagunaren Historia del famoso predicador Fray Gerundio de Campazas, alias Zotes izenburuko lanari emandako erantzuna, Cartas Chríticas... moduko batzuekin, 1758.an ezizenez argitaratuak. Erdi trufaz erdi serio, fisika berria arbuiatzen duten, eta Aristoteles eta Platon dogmatikoki hartzen dituztenak kritikatzen.
Era berean, haien iritziak antzerkira hedatu ziren. Zehazki, Molièrren L’Ecole des femmes laudatzen zuten, baina Tartuffe gaitzesten, hizkera eta jarduera lizunengatik. Peñaflorida beraren gutunen artean taldearen antzerki lanei buruzko oharrak aurkitu ditugu, Luis Maria Aretak jasotako hau kasu:
“Bergaran eman nahi dugun lanetako bat (El Criado de dos amos izenekoa) duela bi negu antzeztu genuen hemen, eta inork ez zuen gaitzetsi, herritar orok eta baita Eskolako Aitek ere ikusi zuten arren. Aita Crocek, berorrek ondo ezagutzen duena, eta zalantzarik gabe Eskola horretako ezein aitak bezain irizpen sendoa eman dezakeena, bere aitortzaile eta nire lehengusu Mª Xabierari antzezlanaren rol nagusietako bat egitea baimendu zion.”[9]
Beraz, Goldoniren lan hori arrakasta handiz antzeztu zen Azkoitian, 1762-63ko neguan, eta agerikoa da Peñafloridako kondea zela antzezpen horien arima, Emilio Palaciosek azkoitiarraren literatur jarduera aurkeztean adierazten duen bezala, Vicente María Santibañezen hitzetan:
“Gure Kondeak, egile komiko, eta konpositore, bihurturik, aktore berriak trebatzeko hartzen zituen neke eta afanak ezin neurtuzkoak dira. Horiek Gipuzkoako eta Bizkaiko herri ezberdinetan bizi zirelarik, ia ezinezkoa zen guztiak leku batean biltzea; beraz, gure Kondea toki guztietara joan beharrean izaten zen. Une batean Markinan zegoen, eta hurrengoan Bergaran, edo Azkoitian, probetan, eta bere opera berriaren saioetan, eta konpainia berria osatu eta doitzen buru eta bihotz lanpeturik; baina ahaleginak fruitua eman zuen. 1764ko irailaren 11n, bi operok Bergarako Udaletxean antzeztu ziren: hango txaloak...!”[10]
El Marischal en su fragua eta El Borracho Burlado ziren bi opera horiek, aurrez uztailean antzeztu zirenak, Azkoitian, Batzar Nagusien bilera egun batean, besteak beste, aktore hauekin: Peñafloridako Kondea, Joakin Maria Egia, Felix Maria Samaniego, Pedro Balentin Mugartegi, Maria Josefa Munibe, Marcos Rekalde, Jabier Etxebarria eta Marianita Balzola.
El Marischal en su fragua opera komiko bat da. Libretoa Quetant frantsesarena da, eta musika Philidor ena, eta lehenengo aldiz 1761eko abuztuaren 22an antzeztu zen, Parisko «Théâtre de la Foire St. Laurent» antzokian (egun, Gare de L´Est). Contaut d’Orville[11] kritikariaren iritziz, arteak gidatutako lana zen, «décence» delakoaz idatzia, baina izandako arrakasta osoa batik bat Philidor en musika harmoniatsuari zor zion.
Irakur dezagun Kondeak 1764ko itzulpen eta edizioan idatzi zuena:
ITZULTZAILEAREN OHARRA
Ez da gauza bera Antzezlan bat jokatzen ikustea edo berori irakurtzea. Lehenengo kasuan, ikuslea, antzokiaren dekorazioarekin, Aktoreekin, gertakarien korapiloarekin eta abar entreteniturik dagoela, ez da lanaren akatsak aztertzen hasiko, eta ez da haietaz ohartuko, non eta begien bistakoak ez diren. Bigarren kasuan, berriz, Irakurleak, adia galtzeko ezer gabe, arreta osoa lanaren irakurketan jartzen du, eta, Zentsore zurrun bihurtuta, akatsak topatzen ditu, askotan ez dauden lekuetan, eta beste batzuetan, urteetako emanaldien ostean, Kritikari zorrotzenak ere ikusiko ez lituzkeen lekuetan.
Hausnarketa honek, eta nire itzultzeko talentuarekiko mesfidantzak, egiaz Marechal Ferrant en itzulpen hau argitaratzeaz uzkur ninduketen, horretan pentsatu izan banu ere; baina kexu naiz trantze horretan jartzea ere ez zitzaidala eskaini.
Lana Andereño batzuen aurrean antzeztua izateko baino ez nuen egin, eta nire adiskide Musikazale batzuek Azkoitian herrialde honetako Batzar Nagusietan Bildutako Jaunei ikuskizun bat, herri honetan berria, emanez jostatu nahi izan zutelako: eta geroago Bergarako jaietan berriro antzeztea deliberatu bazen, Azkoitian lanaren arrakastari mesede gehientsuen egin zion Herri horretako Jaun batek horrela eskatu duelako izan da, eskubidez eskatu ere; eta bi Herri auzo horien artean dagoen lotura eta bietako bizilagunen arteko adiskidetasun eta ahaidetasunezko harremanak direla-eta, nahitaezkoa delako jarduera horretan elkarri lagun diezaioten.
Funtzio eder horien bezperan gauden honetan, Bergarako Jaunak lana argitaratzera tematu dira, antzezlana ikustera joaten direnek aurrean ale bat izan dezaten,, kantatzen den oro garbi ez entzuteagatik haria gal dadin: eta nik argudiatu diedan oro, hala nola Jendaurrean jarri aurretik antzezlanean egin beharreko zuzenketa ugariak eta amodio propioari dagozkion erreparo bakar batzuk, haiei asmoa kentzeko nahikoa izan ez delarik, ahalegin bat egin behar izan da, jabetzen naizelarik, nire gogoa Espainiako antzerkiaren historian nire izena jartzea ez denez, hobe dela adiskideei atsegin ematea jakintsu irudia izateari uzteko errezeloaz jokatzea baino. Nolanahi ere, hau guztia jakinarazi nahi dut, eta aurrez barkamena eskatzen dut, Kritikari Jaunek gupidaz har nazaten.
Jakinarazi behar dut, halaber, itzulpen hau jatorrizko bertsiotik gehiegi aldendu ez den arren, aldaketarik egin zaiola, premiazko iritzi izan denean zenbait gauza kenduz eta beste zenbait erantsiz. Musikari dagokionez batik bat, itzulpenari gutxiago jarraitu zaio, metroa Poesia Frantseserako moldatutako Musika bati egokitzeak dituen zailtasun handiak direla eta”.
Egia bada ere Peñafloridak ez zuela garaiko Espainiako opera antzerkian lekurik nahi, Bergarako udal-ordezkariek, Pedro Askagorta idazkaria medio, beste aitzinsolas batean, kasu honetan El Borracho Burlado opera komikorako egindakoan, egilea laudatzen dute, hitz hauekin:
“Berorri ezer ez zaio ezezagun, nagitasuna ez bada: Aberriaren udal-legeak, fisika, matematika, geografia, humanitateak, poesia [...]. Herri osoak berorrengan onar dezala, bada, jauna, Euskal Antzerkiaren iturburu eta perfekzioa, bere kulturaren zabaltzailea, bere zorionaren eragilea...”
Laudorio horien arabera, ez dirudi euskal antzerkia sobera hedatua edo ezaguna zenik, antzerki horren «iturburu» gisa hartzen dutelarik. «Jaun gipuzkoar batek idatzi eta musikatu eta gaztelaniaz eta euskaraz jarritako opera komiko» honen gaia Sancho Panzaren Barataria Irlako pasartearen bertsio bat da. Pasarte hori A.H. Poinsinet libretistak eta Philidor musikariak 1762an antzeztutako Sancho Panza dans son îsle beren operarako moldatu zuten. Peñafloridak, ordea, bere testuaren originaltasuna defendatzen du, irakurleari honakoa gaztigatzen baitio:
“Ondotxo dakit badela frantsesez komedia bat, edo ez dakit opera komikoa den, honako honen antzeko ideia bat duena, baina adierazten dut ez dudala hura ez ikusi, ezta irakurri ere; areago, haren izenburua ez dut zehazki ezagutzen, eta gutxiago egilea”.
Aurrerago, kondeak azaltzen du ohizko dramaturgiari lotuz hiru unitateen legeari atxiki zaiola: denbora, ekintza eta espazioa. Eta nola “... egia bada ere zenbait ekintza batzen direla, nagusia Chanton Garrote zapuztea da, hari jaun handi bilakatu dela sinestarazita”. Egilearen ardura bakarra ez da, ordea, arau neoklasikoari jarraitzea. Horrez gain, lan elebidun bat sortzean bi hizkuntzen arteko oreka mantentzen eta elkarri egokitzen ahaleginduko da, arazo hori modu honetara azaldu eta ebatziko duelarik:
“Nik diot, bada, nire hasierako pentsamendua zela opera hau euskaraz izan zedin, baina gero baliatu beharreko euskalkia hautatzea zaila egin zitzaidan. Azkoitikoa erabiliz gero, Herri osoari, Frantziako mugaraino, ezatsegina gertatuko zitzaion, Goierriko euskara edo euskalkiaren aurka agertzen direlako, eta Tolosa, Hernani, Donostia eta inguruetako euskalkia erabiliz gero, antzezleak barregarri geratzeko arriskuan jartzen nituen, zaila gertatuko bailitzateke guztiek euskalki hori behar bezala baliatzea. Horregatik, bada, euskara zati kantatuetan erabiltzera etsi behar izan nuen, eta antzeztutako oro gaztelaniaz jarri nuen”.
Irtenbide hori, hain zuzen ere, Barrutia idazkariak hautatutakoaren aurkakoa izan zen. Kondeak tertuliei eta Gipuzkoako batzar nagusiei eman zien giro horrek 1765ean fruitu eman zuen, Euskalerriaren Adiskideen Elkartea sortu zenean. Peñafloridak berak idatzitako elkartearen estatutuek hau diote:
“Zientziak, letra eta arte ederrak dira Elkartearen xede, eta horiek arrakastaz sustatzeko urteko biltzarrak burutuko dira, zeintzuetarako honako oinarri hauek onartu baitziren:
1) Hainbat jaun leku batean biltzeko garaian beharrezkoa zela dibertimendu zintzo bat,
2) Antzerkia baino dibertimendu entretenigarriagorik, edo erabilgarriagorik, ezin hauta zitekeela,
3) Atsegina lortzeko inoiz ez zela erakoa ez zen lanik aurkeztuko, gaiaren funtsari nahiz lana antzezteko moduari dagokienez,
4) Hortaz, Elkartearen xedeetako batek behar zuela antzerkia arteztea, bertutearen eskola izan zedin, eta ez grina gaiztoena,
5) Dibertimendu horiek gauez burutuko zirelarik, egunak zientziak, letra ederrak eta Arteak lantzera emango zirela.”[12]
Egiak, tertuliakide eta adiskide zuenak, 1765eko urte berean, Inaugurazio Bilerarako «Antzerkiaren aldeko diskurtsoa» idatzi zuen. Diskurtso horretan antzerkiaren aurkako joera kezkatiak, antzerkiak, egoki burutuz gero, ekar zitzakeen onurak kontuan hartzen ez zituztenak, uxa zitezen proposatzen zuen, eta, Lope de Vega, Corneille, Racine eta Molière bezalako egileen eskutik, antzerkiak grina gaiztoak gaitzetsi eta bertutea goratu baitzituen.
Peñafloridak, Historia de la Sociedad Bascongada lanean, otsailaren 7ko gauean Moyuarren Jauregian gertatua kontatzen digu: “Lehenengo eskailburuan bi morroi zeuden, eta haiek elkartearen gonbidapen txartela erakusten zutenei baino ez zieten eskaileran gora egiten uzten. Gelaurrean hartzen zituzten gonbidatuak, Otazu edo Olaso Zumalabe Adiskideak, eta geroago, Antzezpenean, zegokien lekua ematen zien, arauzko tarteaz.
Orkestran edo antzezlanean lanpeturik ez zeuden adiskideek Elkartearen eserleku berezi eta pribatua zuten Orkestraren segidako bankuan, eta antzezpenean parte hartu behar zuten Andereak eta Jaunak beren jantziak soinean zituztela zeuden, funtziorako gertatuz.
Ordena eder horretan antolaturik, orkestra osatzen zuten instrumentuez obertura dotore bat jo zen, ikusleak atseginez liluratu zituena. Pieza hori amaiturik, La Clemencia de Tito tragedia antzeztu zen, Metastasio abadeak idatzitako jatorrizko italiarretik Egia Adiskideak itzulia. Aurreneko atsedenaldian Vella Sinphonia bat jo zen, eta, amaiera gisa, La serba Patrona operaren zati bat.”[13]
Egun berean, gauez, La Tertulia Peñafloridaren jatorrizko komedia antzeztu zen. Biharamunean Corneilleren Horace irakurri zen, Juan Mata de Linaresek zortziko nagusian itzulia. Otsailaren hamaikan Molièren Tartuffe eman zen, izenburu berri batekin, Casilda, Agirrek jarritakoa. Hamabian Peñafloridaren beste itzulpen bat irakurri zen, Pathelin, abokatu iruzurtiari buruzko Erdi Aroko fartsa ezaguna.
Peñaflorida bizi izan zen bitartean, Elkartearen antzerki jarduera etengabe garatu zen, eta, hori dela-eta, biltzarren Laburpenetan ikus dezakegu 1772an antzezlan hauek eman zirela: Peñafloridaren El Borracho Burlado; Manuel de Gamarraren El Médico avariento; Confortoren Il heroe chinese; Pergolesiren La serva Padrona; Pergolesiren Il tracolo; Livieta e poy Fracoso; Anfronio & Donsilla, Lucille; Le deserteur; Rose & Colas; Ninette à la Cour; Le maître en droit, Le Roy & le fermier; eta Annette & Lubin. Zerrenda horretatik ondoriozta daitekeenez, gehienbat Frantziako errepertorioa erabiltzen zen.
Lan horietatik badakigu kondeak itzuli zuela Le deserteur, eta lan hori bera zela Carlos Vallésen konpainiak Iruñean 1768an antzeztutakoa. Kondeak beste hainbat antzezlan egin zituen: El amor querido, opera; Anita, komedia, El Carnaval, komedia; El Patelin, itzulitako komedia; Los Pedantes, bi ekitaldiko komedia... ia denak galduak dira.
Jon Baguések gai honen gainean moldatutako lana begira daiteke eta aztertu behar da XVIII. mendeko antzerki musika, eta zehazki Azkoitiko jauntxoena, xehetasun handiagoz ezagutzeko.[14]
Alzibarren[15] ikerlan bati esker dakigu, halaber, 1783ko abenduaren 5ean, antzerki emankizun batean, Diálogo bascongado antzeztu zela, baina, tamalez, ez dugu lan hori aurkitzerik izan.
Aurrez esan bezala, Egia bere adiskideak Hileta Gorazarrea irakurri zuen, eta han Peñaflorida Kondea nola hil zen kontatzen du, La Paz izenburuko opera komiko bat, eta 1775ean sortu zuen Bergarako Errege Seminarioko ikasleentzat beste entretenimendu lan xalo batzuk idazten ari zela. Hil eta hainbat urte geroago ere haren haziak bizirik zirauen, Seminarioaren antzerki jarduera jasotzen duen akta honetan adierazten den moduan:
“1793ko urriaren 17a. Gipuzkoako Euskal Herriko Adiskideen Batzar Pribatua Bergaran.
Gogora ekarriz batzar honek Arabako Adiskideei agindu ziela Seminarioaren Antzerkian haiek nabaritutako zenbait xehetasunen berri ematea, adiskide horiek moldatu beharreko arautegiaren eraketarako, hauxe adierazten da.
1. Nabaritu izan da entretenimendu horietarako Probek ikasleek Ikasketetan arreta galtzea eragin dutela. Holakorik ez gertatzeko,
Inauterietan edo Gabonetan antzeztu beharreko antzezlanak Oporraldietan hautatu eta entsea daitezke, modu horretara, gainera,
oporraldiei entretenimendu berri bat erantsiz.
2. Zenbaitetan antzeztu izan dira gustu txarreko lanak, eta, inoiz, hasierako Zientziako irakasle bat barregarri uzten zuten Entremesak.
3. Ez dirudi egokia akademikoak balkoian egotea, eta orkestraren segidako bankuan jar daitezke, ikuskariarekin batera.
4. Egokiera horietan, Balkoian nabaritzen den Anabasa ez dela onartu behar, horretarako arau finkoak xedatuz, hala bertan izango diren pertsonen ordenari dagokionez (ezen balkoia edukiera txikikoa baita) nola soinean eraman beharko duten janzki formalari dagokionez... Horrenbestez batzarra amaitutzat jo zen.[16]
Atal hau amaitu eta laburbilduz, Frantzisko Xabier Maria Munibe Idiakez Peñafloridako Kondea bere garaiko ohiko ilustratua izan zela esan daiteke, Arte Ederren zalea eta horien sustatzaile handia Euskal Herrian, eta ez masoi heterodoxo bat, Marcelino Menéndez Pelayok hasiera batean uste zuen modukoa, nahiz eta, azken honek, Urkixok Azkoitiko Jauntxoei buruz egindako obraren ostean, bere errakuntza onartu zuen.[17]
Euskalerriaren Adiskideen fundatzaile izan zen, XVIII. mendean zehar Espainia osoan barrena sortuko zirenen eredu, eta Bergarako Errege Seminarioaren sortzaile zuzendari, aurreneko eskola laikoa izan baitzen, bertan Elhuyar anaiek wolframioa aurkitu zutelarik. Egile honen obra osoa, antzerki lanak nahiz bestelakoak hartuz, egiteke eta aurkitzeke dago oraindik, zenbait ikerlariren ahaleginak ahalegin, besteak beste, Areta, Palacios, Bagüés eta Altzibarrenak.
Erreferentziak
[aldatu]- ↑ Patri Urkizu (argt.): Zuberoako Irri Teatroa. Recueil des farces charivariques basques. Préface de Jean Baptiste Orpustan. Éditions Izpegi (Baigorri, 1998).
- ↑ Gidor Bilbao (argt.): 1996, Jean Mecol Garindañekoaren Edipa pastorala (1793), ASJU, XXX 1, 239 333. or.
- ↑ Albert Léon: Une pastorale basque. Hélène de Constantinople. Étude historique et critique d´après des documents inédits, avec textes et traduction. Honoré Champion (Paris, 1909).
- ↑ Iñaki Mozos: Jean de Paris pastorala: eskuizkribuen azterketa eta iturriaren moldamoduak (1995).
- ↑ Julien Vinson: Le Folklore du Pays Basque. Maisonneuve & Lavisse (Paris, 1883).
- ↑ Euskelzale (Bilbo, 1897) 402 5, 412 5
- ↑ Joseba Lakarra et al.: Pedro I. Barrutia, Aramaio 1682 - Arrasate 1759. Gabonetako Ikuskizuna (Acto para la noche Buena), Arabako Foru Aldundia (Gasteiz, 1983),13-75, 167-207. or.
- ↑ Ignacio Zumalde: El conde de Peñaflorida como músico, Euskor (1985) 10, 53.
- ↑ . Luis Mª Areta: Obra literaria de la real Sociedad Vascongada de Los Amigos del País (Gasteiz, 1976) 410. or.
- ↑ Emilio Palacios: Actividad literaria del Conde de Peñaflorida. El Carnaval, Boletín de la Institución Sancho el Sabio (Gasteiz, 1974) XVIII libk., 525. or.
- ↑ Contaut d´Orville: Histoire de L´Opéra Bouffon contenant les jugements de toutes les pièces qui ont paru depuis sa naissance jusqu´à ce jour pour servir à L´Histoire des Théâtres de Paris (Paris, 1768) 182 183. or.
- ↑ . Xabier Maria Munibe: Historia de la Real Sociedad Bascongada de los Amigos del País, RIEV, XXI lib., 322 323. or.
- ↑ Idem: RIEV, XXII, 454-455. or.
- ↑ Jon Bagüés: La música en la Real Sociedad Bascongada de los Amigos del País. Eusko Jaurlaritza (Donostia, 1990).
- ↑ Xabier Altzibar: Euskara Adiskideen Batzarrean, Simbolae L. Mitxelena oblatae. (Gasteiz, 1985) 1119-1137. or.
- ↑ Prestamero Fondoa (Gasteiz, 1793ko Akten laburpena).
- ↑ Julio Urkixo: Menéndez Pelayo y los Caballeritos de Azcoitia, RIEV, XXVII lib., 308. or. eta hur.