Edukira joan

Euskal antzerti eta zinea/XX. mendea

Wikibookstik

Zuberoako antzerki herrikoia. Toribio Alzaga eta Euskal Iztundea (1915-1936). Euskal antzerkiaren eguna (1934-1936). Gerra Zibilean eta Frankismo garaian. Euskal Iztundearen bigarren aldia (1953-1981). Pierre Lartzabal eta Antonio Labaien. Gabriel Aresti eta Bernardo Atxaga. Antzerkigintza 90eko hamarkadan.

Zuberoako antzerki herrikoia

[aldatu]
Maskarada. Urdiñarbe, 1919

Antzerkiaren historia aztertzerakoan ezarritako eskemari jarraiki, Zuberoako fartsak eta pastoralak hizpide ditugula ekingo diogu atal honi. Fartsei dagokienez, atzerakada betean daudela nabarmendu behar da, nahiz eta Hérellek dioen 1900 eta 1938 bitartean urtean bi tobera egiten zirela. Guk Recueil des farces... delakoan lau testu baino ez ditugu aurkitu.

Lehenengoa, egile ezezaguna duena, prosan idatzitako Tzintzarrots da. Eskualdun ona (1907) astekarian argitaratua, komikotasun eta konplizitate nahikoa erakargarriak agertzen zaizkio.

Bigarrena Manex Etxamendi[1] (1873-1960) Nafarroa Behereko poeta, bertsolari eta alkatearena da, eta lan horretan egileak gazteei ikuskizun mota hori antolatzeko eskubidea ukatzen die.

Hirugarren testuaren egilea Leopoldo Irigarai da itzultzailea eta Hérellen laguna, honek Zuberoan antzerki herrikoiaren gainean egindako landako azterketetan. Testua 1918an aurkitu zen, eta Peyrot eta Peyrotina izenburua du.[2] Lauko txikian idatzitako hamaika neurtitz dira, eta egiturari begira genero txikiaren tankera handiagoa du, fartsena baino. Azkenik, 16 zortzikoz osaturiko laugarren testuaren izenburua Azken karrozako bertsuak da, Satrustegik Luzaideko kantuetan jasoak.[3]

Pastoralei dagokienez, aurreko mendeetan antzeztu gabeko izenburuen zerrenda baino ez dugu ekarriko hona. Esana dugu XX. mendeko pastoralen antzezpenetan jorratutako gaiari begira bi aldi nahikoa ezberdin nabari daitezkeela.

Lehen aldiak mendearen lehen erdialdea hartzen du, 1936 eta 1951 bitartean hutsune handi bat badago ere, azken urte horren ondotik susperraldia etorri zelarik, Pierre Salaber eta honen Roberto Deabrua antzezlan tradizionalaz. Bigarren aldia berrogeita hamarreko hamarkadatik hona hedatzen da, eta urte horietan pastoralak bilakaera garbi eta esanguratsua bizitu zuen. Erlijiozko gaiak eta Frantziaren historiari buruzkoak ia osotara desagertu ziren, eta kasik Euskal Herriaren historiari buruzko gaiak baino ez ziren landu, segidan eskainiko dugun zerrendan ikus daitekeen bezala.

Mendearen lehen erdialdeko bi pastoral baizik ez ditugu argitaratuak, bata Clement d´Andurainena[4], 1906ko Errolan eta euskaldunei buruzkoa, eta bestea Ithurryrena[5], Napoleon Bonaparteri buruzkoa (4. taula).

Azken hamar urteotako egileak ditugu: Casenave, Davant, Idiart, Berzaitz, Agergarai eta Queheille. Sei pastoral-egile, horietatik lehenak frantsesez ere idatzi zuen pastoral bat, auzoko bearnotarrek antzeztu zutena.

Antzerki mota horretan, Hélène Etxekoparrek[6] adierazi bezala, euskaldunek pairatutako zapalkuntzen adibide ugari dago (gerra, erbesteratzea, hizkuntz plangintza, alienazio ekonomikoa, akulturazioa eta abar). Egungo pastoral-egileek euskaldunen iragana ezagutu edo idatzi nahi dute berriro, euskaldunak ia sistematikoki kristauen lekuan jarriz, besteak, kanpokoak, turkoen aldean daudelarik. Eta horrek emaitza ezin hobea ematen du: Etsaia, gehienetan Espainiarrak eta Frantziarrak, zeren eta horiek lagun gisa aurkitzea askoz bitxiagoa baita, agerian utzi nahi denean. Eta egia da pastoralaren egitura manikeoak, bi alorren, Ongiaren eta Gaizkiaren, bereizketa horrek, agerikoa denez, ez diela ez ñabarduran ez abilezian inolako mesederik egiten, eta ezta konplexutasun psikologikoa eta zolitasuna, zalantza, kontraesana eta autokritika ere, mundu euskaldunaren eta ez-euskaldunaren arteko harremanak hain konplexuak izaki.

Junes Casenave Harigile (Santa Grazi, 1924) poeta, narratzaile eta pastoralgileak adierazten zuen, Argia astekarian egindako elkarrizketa batean,[7] Euskal Herriaren Historia ez dela behar bezala ezagutzen, eta pixkanaka herri osoak, ez intelektualek soilik, historia hori ezagutu egin behar duela, eta ez arrotzek agertutako moduan.

Euskal Herriko data eta gertakari historikoak oraintsu arte ahaztuta egon dira, ez hainbeste, Perez Stansfieldek[8] Espainiako antzerkiaz ari dela adierazten duen bezala, frankismoaren bertsio ofizialak mozorrotu dituelako, askoz lehenagotik ere kontuan eta aintzat hartu gabe egon baitira, etxeko nahiz kanpoko idazle gehienek gertakari horiek islatzeko interes eskasa agertu dutelako. Ez da harritzekoa, bada, berriki zendutako anarkista batek, Marc Legasse,[9] umore handiz Pasacalles por un País que ni existe hura idatzi izana.

Zenbait pastoraletan, nazionalismoaren aldarrikapenak antzinako baserritar mundu baten, loriatutako iragan baten eta behialako euskaldunen batasunaren apologia du bereizgarri nagusi. Beste zenbait antzezlanetan nazionalismo hori bestela, aldarrikapen kutsu are handiagoz, agertzen da, batik bat mezua laburbildu ohi duten epilogoetan. Batasuna, bakea, euskaldunen aberri baten eraikuntza, «Zazpiak Bat» erdiestea ohiko mezuak dira. Pastoralak, euskal gaietan oinarrituta, hartzaileen eremua zabaltzea lortzen du, hau da, denbora luzez isolaturik egon den Zuberoa Euskal Herriaren testuinguruan txertatzen du, eta, era berean, Bidasoaren alde honetako turistak antzezpenera joaten dira, obra antzezten den herrixkan euren euroak utziz.

Antzerki mota honen ikuslegoa dezente areagotzen da testua frantsesez, gaztelaniaz eta zenbaitetan baita euskara batuaz ere argitaratzen delako. Egia da, halaber, bertsoen leloak hain luze eta astunak izaki – azkenaldian horrexegatik ikuskizunaren baitan dantzak eta koruak ugaritu egin dira–, eta udan pastoralak aire zabalean antzezten direlarik, antzezpenak aukera ematen du ikusleek familiakoen eta elkarren adiskideen bizitzari buruz galdetzeko.

Pastorala, esan dugun moduan, euskal ondare –ez zuberotarra soilik– izatera heldu da, eta nortasun sentimendu bat eraikitzen laguntzen du. Testuek, euskaltasunaren inguruko adostasun inplizitu batean oinarrituta, antzezle nahiz ikusleen artean jarrera eta iritzi ezberdinak uztartzeari laguntzen diote. Itxurazko euskal batasun bat gordetzea ahalbidetzen dute, eta horrela euskal klase sozialen interes ezberdin eta zenbaitetan kontrajarriak ez dira aztertzen.

Gai historikoak baliatuz, saihets dezake eta gaur egungo errealitatetik urrun, batzuetan modu arrunt behartuan aurkeztutako paralelismoak agertu arren, euskal komunitatearen egungo haustura eta mugimendu nazionalistaren zatiketak. Heroiak, antzerki mota honen ezaugarriak medio, trinkoak dira, anbiguotasunik ez da inon agertzen, ezta konplexutasun psikologikorik ere, eta behialako aristokrazia gerlari eta kristau-ezaugarri nolabait mitologikoetan oinarritzen dira: sufritzeko ahalmena, erronkei aurre egitekoa, sentimenduen zintzotasuna, heroismoa, eskuzabaltasuna, ausardia, emankortasuna eta abar.

Eta Jean Haritschelharrek[10] azpimarratzen duen bezala, antzerki herrikoi hau –bi adieretan herrikoi, herriak antzezten duelako eta herriarentzat antzezten delako–, antzerki nazional bihurtzen ari da, iragan historiko edo legendazkoa oroitzen duelako. Lehenago erlijio-ikuspegitik bazen herriaren eskola; orain herriak Herriaren eskola bihurtu du, honen pertsonaien historia ikasten dueneko eskola, antzinatik modu berdingabean mantendu eta gorde duen hizkuntza eta literatura maitatzen ikasteko.

Jean Louis Davant (Ürrüstoi Larrabile, 1935)[11] 1975az geroztik Euskaltzaindiko kide, Embata eta EHASen sortzaileetako bat, irakasle eta zenbait historia- eta poesia-libururen egileak honako pastoral hauek argitaratu ditu: Abadia Urrustoi (1986), 1851an Lore Jokoak sortu zituen Antoine Abbadie mezenasaren bizitzari buruzkoa, 1990ean Zuberoako ikastolen ordezkari izan zena; Eüskaldünak Iraultzan (1993), Euskaldunen eta Frantziako Iraultzari buruzkoa, Agirre presidenta (1995) José Antonio Agirreren bizitzari eta Espainiako gerra zibilari buruzkoa, Xiberoko Makia (2001), bigarren mundu gerrako Frantziako erresistentziari buruzkoa (euskal atala).

Roger Idiart,[12] Etxahunekin batera, honen pastoral askotan eta bigarren mundu gerraren osteko pastoralaren susperraldian parte hartu zuena, itzultzailea eta kanta-egilea da, eta baita Xalbador (1991) pastoralarena ere. Fernando Aireren (Urepele, Nafarroa Beherea, 1920-1976) ezizena zen “Xalbador”, Iparraldeko bertsolari finenetako bat, Mattinekin batera generoak mugaren bi aldeetan izan zuen susperraldian zeresan handia izan zuena.

Pier Paul Berzaitz (Muskildi)[13] pastoral-antzezle eta -egile da, antzezpen askotan aktore nagusi gisa ere esku hartu duelarik. Bere antzezlanen artean Harispe Mariskala (Muskildi, 1991) eta Atharratze jauregian (Atharratze, 1992) nabarmen daitezke. Egile honek pastoralaren estetika tradizionalean aldaketa handiak sartu ditu, dantza eta kantuaren mesedegarri. Azken lanak, Elkanoren semeak (1998) eta Euskaldunen Izpiritua (1999), komedia musikaletik hurbilago daude, pastoraletik baino.

Arnaud Aguergaray “Bordaxar”[14] Allande Oihenart (Muskildi, 1985) eta Sabino Arana Goiri (Garindaine, 1996) pastoralen egilea da. Azken antzezpen hori, uztailaren 21ean taularatua, tragikoa gertatu zen; izan ere, Pierre Paul “Pipo” Etxebarne eszenatokian hil baitzen, zorigaiztoak zorigaizto, obra amaitu arte antzeztu zelarik. Etxebarne eskola zaharreko aktorea zen, 18 urterekin 1976ko Robert le Diableren antzezpenean esku hartua baitzen. Lanak nazionalismoaren apologia huts bihurtzeko arriskua zuen, baina Arana unibertsal baten irudia eskaini zuen eta ez abarkaduna, egitura klasiko, trinko eta neurritsu baten baitan.[15]

Patrick Queheille (Barkoxe) egileak,[16] Herriko semeak (1998) antzezlanaz, bere jaioterriko hiru pertsonaia omendu nahi izan zituen. Beñat Mardo, Chahoren hitzetan bere garaiko bertsolaririk onenetako bat izan zena, “vingt volumes ne contiendraient pas ses oeuvres, s´il avait eu un sténographe avec lui dans les séances poétiques qu´il donnait en toute occasion”. Pierre Topet Etxahun, hau ere Barkoxen jaioa, Haritschelharren aburuz euskal Verlaine izandakoa, poeta erromantiko nagusietako bat. Eta Leon Uthurburu, aurrekoak bezala XIX. mendeko gizona, Ameriketara joan eta jaioterrira itzuli ondoren, bere ondasun guztiak Barkoxeko pobre eta behartsuei eman zizkien gizona.

Toribio Alzaga eta Euskal Iztundea (1915-1936)

[aldatu]
"Loreti" antzezlaneko eszenak

Antzerki emanaldiak Donostiatik Gipuzkoa osoan barrena hedatu ziren, hain bizkor ezen Gregorio Mujika Euskalerriaren alde (1911-1931) aldizkariaren zuzendariak, 1912an herrialdean antzeztutako euskarazko lanen zerrenda egitean, eta hainbat herriren berri izan gabe ere, honako kopuru hau eskaintzen baitu: 72 antzezlan ezberdin, 19 bakarrizketa, ekitaldi bakarreko 40 lan eta hiru ekitaldiko 13 obra, egilerik maiteenak Martzelino Soroa eta Avelino Barriola zirelarik.

Aipatu Euskalerriaren Alde aldizkariak, halaber, 1912an antzezlan txikien berariazko bilduma bat sortu zuen, Izarra izenekoa, 1912 eta 1931 bitartean hogeita sei lantxo argitaratu zituena; gehienak komikoak ziren, Toribio Alzaga izan zelarik egilerik argitaratuena, sei lanekin.

Toribio Altzaga eta bere taldea

Toribio Alzaga (Donostia, 1861 1941) hamahiru urteko haur bat zela Iriyarena lanaren antzezpenean parte hartu zen jada, Soroaren aginduetara, eta horrek bere bizitzaren norabidea baldintzatu zuen. Aterako gera lanarengatik 1888an bere lehenengo saria eman ziotenetik, ez zion antzezlanak idatzi eta moldatzeari utzi –guztira, hogei baino gehiago. Labaienen[17] hitzetan, berau izan zen Tepsis euskal gurdia martxan jarri zuena, gurdi akaso bitxi eta landugabea, baina bultzada handia eman zionez, euskarazko antzerkiaren garapen eta hobekuntzari bide segurua zabaldu zion. Sentiberatasun handiko gizona, egilez gain kritikari izan zen, euskarazko antzezpenei buruz idatzitako hitz hauek adierazten dutenez:

“...bada garaia euskal lanen arrakasta ikuslegoaren abertzaletasunaren mende egon ez dadin, eta arrakasta hori arteak antzezpenei distira emateko eskaintzen dituen baliabideak erabiliz lor dadin”.[18]

Kezka horiek zirela eta, Donostiako udalak Antzerkiaren Batzorde Laguntzaile bat sortu zuen, eta batzorde horrek, era berean, Avelino Barriola antzerkigile eta Sustapen Batzordeko kide eta zinegotziak aurkeztutako txosten baten ondoren, Euskarazko Deklamazioko Udal Katedra baterako deialdia onartu zuen, zeinaren oinarriek eta arautegiak, Euskal Erria aldizkariak jasoak, hauxe adierazten baitzuten:

Irakasleak ikasleei, oro har, Antzerkiari dagozkion ezagutzak irakastea izango du xede eta, aldi berean, eskola horren izaera bereziari dagozkion moldaketak egingo ditu; euskaraz ahalik eta hobekien irakurtzen eta deklamatzen irakatsiko du, aldi berean ikasleak mimikan eta eszenako mugimenduan, eta antzezpenaren alderdi ezberdinetan, heziko dituelarik, irakaspenak oinarrizkoak eta batik bat praktikoak izan daitezen ahaleginduz”.[19]

Lehiaketaren epaia aho batez Alzagaren aldekoa izan zen, eta honek bere katedra Musikako Udal Akademian ezarri zuen. Langile nekaezina, urtebetean jada honako antzezpen hauek zituen errepertorioan: Barriolaren Lagun txar bat eta Gai dagoenaren indarra, Elizondoren Dollorra eta Atzertokiya, Soroaren Barrenen arra, Ganboaren Mikelatxo, eta bere Bernaiñoren Larriyak eta Axentxi ta Kontxesi.

Euskal Fedea[20] antzerki-taldeak 1915era arte arrakasta ugari erdietsi zuelarik, harrezkero Euskal Iztundea bide berberari lotuko zitzaion, eta ez Donostian soilik (59 antzezpen), baita Gipuzkoa osoan (109), Bizkaian (3) eta Lapurdin ere (1). Hogeita bi urtetan 51 antzezlan ezberdin jokatu zituzten, besteak beste, antzezpen kopuruari begira, Ramuntxo (18), Garbiñe (13) eta Ezer ez ta festa (11) nabarmentzen direlarik, hau da, bi drama eta komedia bat, errepertorioa gehienbat komediek osatu arren.

Antzeztutako egileak asko dira: Alzaga hogeita hiru antzezlanekin, Barriola bostekin, Garitaonaindia hirurekin, Elizondo, Eleizegi, Olaizola, Soroa, Iraola, Telleria birekin, eta abar.[21]

Ramuntxo antzezlana, Pierre Lotiren nobelan oinarritua, Gabriel Piernéren musikaz antzeztu zen, opera moduan, Parisko Odeon antzokian, Cádiz eta Madrilen, baina leku horietan porrot egin ondoren, Alzagaren itzulpenak eta moldaketek “beharrezkoa zen elkarrizketari bizitasun handiagoa eta obrari sakontasun handiagoa ematea” fruitu eman zuten eta arrakasta handia lortu zen, gerra aurretik ez ezik, baita frankismo garaian ere.

Kritikari zenbaitek gehientsuen goretsitako beste lan bat Macbeth izan zen, hau ere Alzagak itzulia, zeinari Irritza izenburua jarri baitzion, bost ekitaldiak hirura eta aitzinsolas batera murriztuz. Estreinaldia 1925ean izan zen. Kritikari batzuek, ordea, ikuslegoari begira eta jatorrizko lanen gabezia agerikoa zen arren, esperimentu alferrikako eta goiztiarra zela iritzi zioten.

Antzezlan dezente goretsitako bat Katalina Eleizegiren Garbiñe izan zen. Hiru ekitaldiko drama historikoa da, XIII. mendean gertatzen den ekintza, eta Galdósen Marianela lanarekin badu antzekotasunik. Garaiko kronikari atsegin baten arabera[22], lan horrek ez “dirudi egile batena, hasiberri batena baizik”.

Xabier Mendigurenek, Alzagaren lan batzuen argitalpenaren aitzinsolas batean –«Toribio Alzaga edo euskal teatro burgesaren nahi eta ezinak»–, Barriola eta Alzaga alderatzen ditu, zori ezberdinez ikuslegoaren maila jasotzen eta kostunbrismo herrikoitik antzerki burges nazional batera igarotzen ahalegindu ziren bi adiskide. Bere iritziz, Alzagak, jostailu komikoetan eta elkarrizketa zirtatsuetan, porrot egin zuen ideologia nazionalista behar bezala bereganatu ez zuelako.[23]

Barriolak, aitzitik, arrakasta handiagoa izan zuen, bere drametan euskal burgesia nazionalista islatzean, non emakumeak rol nagusia baitu eta hizkuntza duin egingo baita, «baserri usainetik» ihesi, eta hala, antzerkiari norabide berriak ireki zizkion, hura lehendik erdietsi gabeko kalitate mailara igoaz.[24]

Donostian eta probintzian jarduera hori garatzen ari zen bitartean, Iparraldean, noizbehinkako antzezpenez gain, «Patronage» antzerki bat sortu zen, hau da, batik bat Eliza Katolikoak babestutako antzerkia, Mirande jaunaren eskutik 1921ean hasi zena. Segidan «komediak» egin ziren batez ere, funtsean antzerki komiko bat, arina, ikuslego baserritarraren eta antzezleen arteko sinbiosi berdingabea sortzen zuena, gaiak sorgin, deabru, merkatu, ezkontza, emaztegabe, senargabe, eta abarren ingurukoak zirelarik.

Egileak Jean Barbier,[25] Leon Leon,[26] Pierre Lafitte[27]... dira. Ia obra guztiak Gure Herria aldizkarian argitaratu ziren. Aipatu aldizkaria 1921ean sortu zen, Baionan, eta bere lehenengo aldian bigarren mundu gerraren hasiera arte, 1939ra arte, argitaratu zen.

Euskal antzerkiaren eguna (1934-1936)

[aldatu]
Leitzako "Emakume Abertzale Batza" taldeko aktoreak Garitaonaindiaren "Itziartxo" antzezten.

Euskal Antzerki Berriaren hirugarren aldia. Errepublikaren garaian garatu zen, eta, 1876an hasitako aldi bati, ikusleen artean harrera beroena izan zuenari amaiera eman zion.

Iñaki Barriolak[28] adierazten duen bezala, 1928an jaiotako Euskaltzalea Elkarteak izeneko taldea Olerki Eguna antolatzen hasi zen, eta, arrakasta handia lortzen zuelarik, ideia bera antzerkiaren alorrera aldatuz zuen, 1934tik 1936rako hirurtekoan Eusko Antzerti Eguna eratuz. Horretarako, eta 1932an Antonio Labaienen zuzendaritzapean sortutako Antzerti aldizkaria medio, antzezlan lehiaketa bat antolatu zen, lehenengo urteko sarituak hauek izan zirelarik:


1) J. Karraskedo, Etxe aldaketa dramarekin;

2) A. Amonarriz, Iturrian komediarekin; eta

3) A. Arozena, Urteurrena bakarrizketarekin.

Otsail, martxo eta apirilean, halaber, antzerki-taldeen lehiaketa burutu zen Donostian. Hamahiru taldek parte hartu zuten: Gipuzkoako hamabik eta Bizkaiko batek, gehienak batzokietan sortuak: Pasai San Pedro, Urnieta, Donostia, Ondarroa, Bergara, Errenteria, Soraluze, Tolosa, Deba, Alegia eta Zumaia. Irabazlea Alzagak zuzendutako eskarmentu handiko taldea suertatu zen, Ramuntxo antzezlanarekin.

Maiatzaren 6an, Donostiako San Telmo Museoan Euskal Antzerkiaren Lehenengo Eguna ospatu zen arrandia handiz. Garaiko gizon handiak hara bildu ziren, eta bertan Euskaltzalea elkartearen batzorde berria hautatu zen, aho batez; hauek izan ziren kideak: Presidentea, Monzon; Idazkaria, Ariztimuño «Aitzol»; eta Antzerki ataleko batzordekideak, Labaien eta Karraskedo.

Hamaika lan aurkeztu ziren 1935ean, sariak Tene Muxikaren Gabon eta A. Arozenaren Balujan lanei eman zitzaizkielarik. Ordukoan hamaika talde aurkeztu ziren, horiek ere batzoki eta Euzko Etxeetan eratuak: Itsasondo, Alegia, Lezo, Zarautz, Legorreta, Oiartzun, Legazpi, Hernani, Azkoitia eta Irun. Talde irabazlea Oiartzungo Mendiburu gertatu zen, Lekuona anaien Eun dukat lanarekin eta harrera paregabea izan zuen obrak, Gipuzkoan ez ezik mugaz haraindiko Lapurdin ere.

Azkenik, 1936an hasiera aldean, lehen hiruhilekoan, Euskal Antzerkiaren Hirugarren Lehiaketa egin zen; ordukoan bederatzi taldek parte hartu zuten: Alegia, Ondarroa, Irura, Tolosa, Oiartzun, Andoain, Donostia, Zumaia eta Hernani. Literatur lehiaketaren irabazlea Karraskedoren Garoa usaia izan zen, Txomin Agirreren Garoa eleberrian oinarritua, eta egileak saritzat 250 pezeta jaso zituen. Antzezlana maiatzaren 18an jokatu zen, Euskal Antzerkiaren III. Egunean, Victoria Eugenia Antzokian, Donostiako Euzko Etxea taldearen eskutik.

Magdalena Jauregiberri (1884-1997)

Antzerkigintza ez zegoen, ordea, Gipuzkoako hiriburura mugaturik, eta Bizkaian, Manu Sotaren mezenasgoarekin, Labaienek, Antzerti aldizkarian, Cocteau euskalduna izenekoak eta Esteban Urkiaga «Lauaxeta» idazlearen laguntza baliotsuaz, mugimendu bat sortu zen, herrialde horretako ia herri guztietan barrena hedatu zena. Durango, Bermeo, Lekeitio, Iurre, Lezama, Mungia, Bedia, Zamudio, Gernika, Mundaka, Galdakao, Abadiño, Gatika, Forua, Larrabetzu, Getxo eta Sopuertan, besteak beste, ez bakarrizketa eta komedia kostunbristak, ez antzerkia ikusteko ohitura handirik ez zuen ikuslegoari aurkeztu zitzaizkion euskal modu eta hizkuntzari egokituriko lanak: Yeats, Maeterlinck eta Pearce n, eta harrera ezin hobea jaso zuten.

Errepublika garaiko euskal antzerkiaren urrezko aro hori Antzerti aldizkarian aurki daiteke, bost urte baino gutxiagotan berrogeita hamar antzezlan baino gehiago argitaratu baitzituen.

Mugimendu euskaltzale eta nazionalistarekin loturik dago 1876tik 1936rako antzerkia. Hirugarren karlistadaren ondoren, euskal kultura eta antzerkiarena ia ezerezetik ernatu ziren, eta gorengo unea hogeita hamarreko hamarkadan iritsi zuten. Alabaina, estatuko antzeko beste hainbat kultur eta herri-mugimenduk bezala, altxamendu frankistarekin kolpe itzela jasan zuten.

Gerra Zibilean eta frankismo garaian

[aldatu]

Gerra zibila eta ondorengo gerraostea kolpe latza izan ziren suspertzen hasi berria zen euskal kultura eta antzerkiarentzat. «Aitzol» eta «Lauaxeta» mugimendu euskaltzalearen bi pertsonaia funtsezko eta gailenen fusilamendua eta nazionalista gehienen erbesteratze eta kartzelaratzea, euskara erabiltzeko debekua, horrek guztiak haustura larria ekarri zuen.

Alabaina, 1937an jaio eta urte berean, Bilbo erortzearekin bat, itzali zen Eguna lehenengo euskal egunkariaren gerra kronikak jarraituz gero, okupatu gabeko eremuan hainbat antzezpenen berri topa dezakegu, hala nola Bilbon, otsailaren 11an, Bilboko Euzko Gastedija taldeak eskaini zuena. Emanaldi horretan jokatu ziren Pearce n Iru Gudari, gaztelaniaz, eta Soroaren Ezer ez ta festa, euskaraz.

Zaletasun hori ez zen gerra edo kartzela bezain egoera larrietan iraungi. Izan ere, Estanislao Urruzola «Uxola»k[29] adierazten duen moduan, antzerkia eta aldizkaritxo klandestino bat ziren batasun eta erresistentziarako baliabide ia bakarrak. Hala ere, ez ziren olgetarako garai aproposak, eta antzerkiaren zuzia Jokin Zaitegik hartu zuen Mexikoko erbestean, Prometeo berri baten antzera, 1946an Sofoklesen antzezlanen itzulpena argitaratuz. Halaber, Guatemalan euskal kulturaren historiak eman duen aldizkaririk interesgarrienetako bat sortu zuen, Euzko Gogoa (1951 59), eta hantxe argitaratu zituzten beren itzulpen eta antzezlanak, besteak beste Larrakoetxea, Amezaga, Ibiñagabeitia, Labaien, Monzon eta Zaitegik.

Euskal Herrian –Iparraldea albo batera utzita, bigarren mundu gerraren ostean bere bide propioari lotu baitzitzaion, Pierre Laffiteren zuzendaritzapean eta Herria astekariaren sorrerarekin– Pirinioen hegoaldean tesi posibilisten aldekoak, kartzela eta erbeste aldi luze baten ondoren, apurka baina antolatzen hasi ziren.

Horrela, Debako Alostorrea taldeak antzeztu zuen, Nemesio Etxanizen gidaritzapean, 1947an Manu Ziarsorok “Abeletxek” (1902 1987) egin zuen Barrutiaren Gabonetako Ikuskizuna obraren moldaketa, Gabon Gabonetan izenekoa. 1949an, Eusko Ikaskuntzak antolatutako Lore Jokoetan saritu egile eta antzezlanak hauek izan ziren: Pierre Lartzabal Urchilotar horiek; Jean Lousteauren Amaren heriotzea; Jon Etxaideren Amaiur; Augustin Zubikarairen Itxasora; Jeanne Minaberri eta A. Charritonen Izariko zapeta; eta Mayi Elissagarayren Maitetchoren ezkontza.

Urte berean, 1949an alegia, Nekazari Alkartasunak Azpeitian bakarrizketen lehenengo lehiaketa antolatu zuen, eta irabazle Maria Dolores Agirre idazle eta gerra aurreko antzezlea suertatu zen, Aukeraren maukera, azkenean okerra[30] lantxoaz.

Euskal Iztundearen bigarren aldia (1953-1981)

[aldatu]
Telesforo Monzonen "Menditarrak" antzezlenko eszena. Jarrai taldea, 1962.

Maria Dolores Agirre, laurogeita hamar urte baino gehiagorekin euskarazko eskola ematen jarraitzen zuen eta Alzagaren talde berria antolatu zuen emakumea, nekaezina izan zen. Talde hori, Agirre antzezle nagusia zelarik, euskal antzerkiaren historian gehien iraun zuen taldea izan zen. Bigarren aldi horretan, Ramuntxo obrarekin hasita, 1953ko abenduaren 21ean Donostiako Kursaal zaharrean, Euskal Iztundeak antzerki ugari egin zuen, batik bat 50 eta 60ko hamarkadetan, 92 emankizunetan 33 antzezlan ezberdin jokatzera helduz.

Antzezpenak ez ziren Donostian soilik eman, Bergara, Zarautz, Tolosa, Bilbo, Azpeitia, Irun, Elizondo, Andoain eta Hernanira ere iritsi ziren. José Monleónen[31] hitzak baliatuz, Eskuinaren Antzerkia ote zen pentsa dezakegu, Alejandro Casonaren moldaketak ez ziren falta eta, Txalupak jaberik ez kasu. Bestelako moldaketarik ere bazen ordea, adibidez Molière, Gheon, Loti, Tagore, García Lorca, Lozano, Buero Vallejo, Pío Baroja eta Campionenak; eta egile tradizionalen lanak, besteak beste, Soroa, Alzaga eta Barriola, edo Lartzabal eta Monzon berrienak. Hortaz, eta egoerari begira, Erresistentziaren Antzerkia zela esan daiteke, eta egoera gaitz hartan biziraute hutsa arrakasta handia izan zen. Gainera, euskarari eusteko lantegian ekarpen nahikoa positiboa egin zuen.

Euskal Herri osoan barrena talde berriak sortuz joan ziren 60ko hamarkadan, eta une horretan beste talde donostiar bat nabarmendu zen. Jarrai (1960-65) izeneko taldea, eta joera nazionalista zaharrekin hautsi zuen, zeren eta Muñoz Seca antzezteaz gain, Tennesee Williams, Priestley, O’Neill, lbsen eta Camus taularatu baitzituzten, antzerki-belaunaldi eta proposamenen arteko gatazka eraginez.[32]

Pierres Lartzabal eta Antonio Labaien

[aldatu]
Pierres Larzabal

Esan liteke Antonio Labaien eta Pierre Lartzabal euskal antzerkiaren oinarrizko bi zutabeak direla, lehena Hegoaldekoa eta bigarrena Iparraldekoa, eta, beren lanen katalogoari begira egiaztatu daitekeenez, biak ala biak egile emankorrenak ziren. Gerra aurrean hasi ziren argitaratzen. Labaien (1898-1994)[33] tolosarra, belaunaldi berriekiko oso kritiko agertu arren, XX. mendeko abangoardiako hainbat egileren itzultzaile izan zen, hala nola Castelao, Dürrenmatt, Ionesco, Frisch eta Brechtena, eta bere jarrera eklektikotzat har daiteke. Batetik, eszenatokira egile europar edo amerikarrak ekartzera ausartzen diren talde gazteak kritikatzen zituen, eta, bestetik, euskal mundura antzerki sinbolistaren, absurduaren antzerkiaren edo antzerki epikoaren egile esanguratsuak ekartzen.

Lartzabalen jarrera, Matalas antzezlana ikur duena, argiagoa da. Aipatu lanak, Antzezkilarien Biltzarra taldeak 1968an, Baionan, antzeztua, aldi berri bati hasiera eman zion. Aldi horrek, garaiotan egile gaztea zen Daniel Landarten gidaritzapean, fruitu goraipagarriak eman zituen, engagé tankerako antzerki moldean, Euskal Herriko hizkuntza eta historiarekin engaiatua. Antzezlanetan historia horretako funtsezko pertsonaiak aurkezten dira eta, aldi berean, oinarrizko aldarrikapen, historia ofizialak berariaz baztertu eta antzerkiak gogorarazitako historia baten ikasbide eta berreskurapen gisa ere jokatzen du. Antzerki mota horrek drama historikoan inspirazio-iturri kasik agortezin bat aurkitu du.

Landartek[34] adierazten duenez, antzezlan horietan islatzen eta birsortzen dira, irudimenaren eta anakronismo poetikoaren bidez eta funtzio didaktiko garbiz, beste pertsonaia ospetsu askoren artean, pastoral modernoetan: Etxahun, Bordaxuri, Matalas.... Ez da hori, ordea, Lartzabalek nahiz bere jarraitzaile Landartek jorratuko duten genero bakarra, egile horien lanetan ugari baitira ohiturazko lan komikoak eta kritika politiko eta sozialaren lan garaikideak, eta ez dira falta joera sinbolista duten lanak.

Gerraosteko antzerkian hiru belaunaldi bereiz zitezkeela uste zen 1975 inguruan. Nire iritziz, une jakin batean hiruak batera eman ziren arren, gaur egun irudi nahikoa eklektikoa eskainiz, agerikoa da belaunaldi horiek hiru une politiko eta kultural zehatzi dagozkiela.

Lehenengo belaunaldia osatzen dute, Nemesio Etxaniz eta Agustin Zubikarai sarturik, geroago Txuma Lasagabasterrek[35] Lartzabal eta Begiristain erantsi zituelarik, beren lantegia gerra aurretik hasi eta gerraostean nekaezin jarraitu zuten egileek. Talde horretan sar daitezke, halaber, antzerkigintza nahikoa heterogeneoa agertzen duten Maria Dolores Agirre eta Antonio Labaien.

Bigarren belaunaldia 60ko hamarkadan sortu zen, eta haren ordezkari nagusiak Gabriel Aresti eta Salvador Garmendia izan ziren. Baina, azken honen Historia Triste bat lanak garai hartan eragin handia izan zuen arren, obra isolatua zen, nahiz eta Jarrai taldeak ere haustura eta antzerki existentzialistaren aldi hura aldarrika dezakeen, bere ibilbide luzearen barruan.

Azkenik, hirugarren belaunaldia 70eko hamarkadan osatu zen, Atxaga, Haranburu, Lete, Arozena, Landart eta abarrekin. Belaunaldi horri beste bat gainera diezaiokegu, frankismoaren azken urteetan baino frankismo oste betean sortutako egile eta taldeek osatua, hala nola Koldo Amestoy, Eneko Olasagasti, Xabier Mendiguren, Yolanda Arrieta...

Gabriel Aresti eta Bernardo Atxaga

[aldatu]

Gabriel Aresti (Bilbo, 1933-1975) azken antzerkigilea da, Eneko Olasagasti[36] kritikari gazte, antzerkigile arrakastatsu eta zine zuzendariaren hitzetan. Antzerkigilearena bide da, ordea, poeta bilbotarraren alderdirik ezezagunena. Aresti mundu mailako antzerkigileak, Ugo Betti edo Ramón de Valle Inclán kasu, euskarara ekartzen ahalegindu zen, egile horien obra bana Delito all’isola delle capre eta Divinas palabras hurrenez hurren, itzuliz; Arestik argitaratu zuen XVIII. mendeko euskal antzerkia, Barrutiaren balioa aldarrikatuz, eta XIX. mendeko Jakes Oihenarte egilearen Kaniko eta Beltxitina xaribari fartsa, halaber; eta antzezlan originalak sortu zituen, betiere antzerki-talde gazteei loturik eta antzezleekin harreman zuzenean. Horientzat idatzi zituen Mugaldeko herrian eginiko Tobera, 1961eko Toribio Alzaga saria irabazi zuena, Eta gure heriotzeko orduan, Justizia txistulari eta beste zenbait.

Bere irudi kritiko eta tremendista, otso bakartiaren tankerakoa, antzezlanetan boterearen arbitrariotasunaren eta euskal moral tradizionalaren aurkako jarreran islatu zen. Arestik tradizio eta abangoardiaren arteko sintesi bat sortu zuen, etiketa ororen balio erlatiboa aitorturik herri antzerki iraultzailetzat kalifika daitekeena. Aresti izan zen, zalantzarik gabe, 60ko hamarkadako euskal kulturaren munduan eragile nagusia.

Arestik sustatutako idazleetako bat, gerora, antzerkigintzagatik baino gehiago narratibagatik nabarmendu eta nazioarteko ospea lortu zuena, Bernardo Atxaga da.

Euskal letren munduan 1972an agertu zen, obra arras sinbolista batez, Borobila eta puntua izenekoaz, non osagai herrikoiak eta abangoardistak nahasten baititu. Bi osagai horiek aldarrikatu zituen, hain zuzen, Anaitasuna aldizkarian argitaratzen duen «Euskal Theatro Berria(ren bila)» manifestuan.[37]

NHI antzerkia zeritzon horren oinarrizko hiru osagaiak inizial horiek gordetzen dituzten izenak dira zehazki. N = Nazionala, H = Herritarra eta I = Iraultzailea. Testuan zehar, Atxagak batetik antzerki aurreko eta antzerkiko molde tradizionalak aipatzen ditu, bertsolaritza, pastoralak eta jolasak kasu, eta, bestetik, XX. mendeko egile, teorialari eta taldeen izenak, hala nola Stanislawsky, Brecht, Roy Hart, Grotowsky, Artaud, Peter Brook, Sastre eta abar. Gainera, garai hartako esperientzia zinez abangoardistak aipatu zituen Intxixu eta Cómicos de la Legua antzerki-taldeak.

Antzerkigintza 90ko hamarkadan

[aldatu]
"Supertot" antzezlana, Gazteiz

Atxagak duela hogeita bost urte, zehazki, manifestu hori argitaratu zuenetik, Euskadin antzerkiaren teoria eta praktika anitza izan da, eta askotariko emaitzak eman ditu.

Antzerki jarduerak, gorabeherak medio, bizirik dirau eskolan, kalean eta Erakundeen babespean, udal, herrialde edo komunitate mailan sortuz joan diren antzerki tailer ezberdinetan. Antzerki-jaialdi eta taldeak, horietako zenbait bizialdi nahikoa laburrekoak, izugarri ugaldu dira, baina jaialdi horietako askotan euskarazko taldeen presentzia sinbolikoa da. Mundu mailako klasikoak moldatzerakoan lan bikainak egin dira, Strindberg edo Darío Forekin adibidez; baina beste batzuetan milioi askoko muntaketetan egindako hutsegiteen kariaz, Pipin antzezlanarekin kasu, egunkariek hasieratik EAJko politikarien eskuetan egon den Eusko Jaurlaritzaren antzerki eta are kultur politika okerra kritikatu zuten.

Antzerti Zerbitzua, berarekin inoiz lan egin dugularik, ez da modu oso egokian eraman, eta horrek euskal antzerki munduaren kexu ugari eragin du; politika horren ondorioz, adibidez, nazio mailako aldizkari bakarra Antzerti Berezia nahiz bere antzezlanen bildumak bizialdi laburra izan dute, eta herri askotan oraindik antzezleku egokirik ez dutenez, antzezpenak maiz frontoi eta polikiroldegietan egin behar izaten dira. Alabaina, Kultura Sailburu Joseba Arregik[38] euskal antzerkiaren egungo egoerari buruzko ikerlan bat aurkezterakoan egindako adierazpenak nahikoa zuzenak izan ziren, eta hau zioen: “antzerkia ,oro har, erakundeek emandako diru-laguntzen mende zegoela, ahaztu gabe antzerkiaren profesional asko bizirauteko zinea, telebista eta bikoizketa bezalako alorretan lan egitera behartuta zeudela”.

Ikerlan horretan jasotzen da, halaber, garai hartan 29 euskal konpainia zeudela, horietatik 30ek bere burua profesionaltzat zutelarik, nahiz eta, oro har, konpainia horien egoera oso kezkagarria izan. Literatura dramatikoari dagokionez, egoera taldeena bezain larria zen, larriagoa ez bazen, lur jota eta desagertzeko zorian baitzegoen, mendearen lehen herenean literatur generorik ugariena zenean.

5. taulan erakunde ezberdinek antolatutako lehiaketa nagusiak –Euskaltzaindiaren Toribio Alzaga edo GKren Donostia Hiria Saria– irabazi dituzten antzerkigile gazteak bildu ditugu.

Segidan egun generorik baztertuena den literatura dramatikoan saritutako egileen aurkezpen bibliografiko labur bat egingo dugu.

Xabier Mendiguren (Beasain, 1964)[39] antzerkigile sarituena da, baina, Egunkarian (1999-VII-10) arestian egindako adierazpen batzuetan dio “antzerkigintza ia bazter utzita duela, antzezlanak argitaratzea nahikoa etsigarria baita, antzerki liburuak irakurlerik ez duelako”. Gaztea den arren, literatura asko idatzia da, eta bere antzerkigintza lan hauek osatzen dute: Kanpotarrak maisu eta Kultur ministrariak ez digu errukirik, biak ala biak 1986an idatziak, «Telesforo Monzon» Antzerki Saria irabaziak eta 1987an batera argitaratuak. Komedia satirikoak dira bi lanok. Publikoari gorroto antzezlana, hau ere 1986koa, Euskaltzaindiak sustatutako «Toribio Alzaga» Saria irabazi zuen, eta 1987an argitaratu zen. Antzezle batek taula gainean ikusleak ordezkatzen dituzten bere bi lagunekin egindako «happening» moduko esperimentu formala da. Sari bera eskuratu zuen (1988) Pernando, bizirik hago oraindio lanak, 1986an idatzitakoak, eta 1989an argitaratu zen. Zabortegia, Hiru jolas gaizto eta Horren maite zaitut obrak 1987an idatzi zituen, eta 1993an liburuki bakar batean argitaratu ziren. Garai(a) da Euskadi 1990ean idatzia da, eta planteamendu politiko nabaria du. Eta horien jarraian 1994an Hilerri itxia idatzi zuen eta Primer Acto-n argitaratu zuen (1997). Mendiguren Beasain bere jaioterrian hilerri baten ondoan bizi izan zen, eta urteen joanarekin hilerria itxi egin zuten, zaharkituta zegoelako, eta beste nonbait lekututako handiagoa zen beste batez ordezkatu. Bere balkoitik, aukera izan zuen udaleko langile batzuek leku zaharra nola husten zuten ikusteko, hango gorpuzkiak atereaz, esparruari beste erabilera bat eman behar baitzitzaion. Irudi hori betiko gogoan geratu zitzaion eta, denborarekin, antzezlan bat sortzeko gaia eskaini zion. Lan horretan, hilerria garbitzeko lantegian ari direla bi pertsonek beren afanak, sentimenduak eta zalantzak adierazten dituzte.

Luis Haranburu, (Alegia, 1947)[40] obra historiko ugariren egile da: Gernika (1977), Lancre, Loiola, Sabino, Zumalakarregi (1986), St. Cyran (1992)... Pertsonaiak, beti pertsonaia historikoak direnak, zehatzen islatzen ahalegintzen den egilea bide da, haiek araztu, sinplifikatu eta giza ezaugarriez hornitzen saiatzen delarik, baina, oro har, ez du bere xedea lortzen, pertsonaiak eskema ideologiko soil baino ez baitira.

Koldo Daniel Izpizua (Zumaia)[41], El País egunkariko ohiko zutabegilea, Lore zimelduen sua izeneko antzezlan baten egilea ere badenak idazle sinbolisten eta Arrabalen eragina ezaguna du, Automobilen hilerria obraren tankerako mundu bat aurkezten duelarik. Ramon Agirre (Donostia)[42], azken hamabost urteotako antzezle-lanak egin du ezagunagoa –zenbait filmetan parte hartu du, eta, besteak beste, Barrenkale izeneko telesailetan–; Errenta izeneko lantxo baten egilea da, non, komedia moduan, pisu baten bila dabiltzan gazte batzuen arteko harremanak eta arazoak agertzen ditu.

Aitzpea Goenaga (Donostia, 1959)[43] ere antzezlea da batik bat. Ikasketak Antzertin, Madrilen eta New Yorken egin ondoren, Euskal Herrira itzuli zen eta bertan lan ugari egin ditu.

Murtziako Paco Rabal zinemaldian, 1992an, emakumezko pertsonaiaren saria irabazi zuen, Santa Kruz apaiza filmagatik, Zu(t)gabe izeneko bere antzezlanean Antton senarra galdu berria duen Isabelen bizitza kontatzen du, atzera begirako planteamendu batez eta, bakarrizketa moduko batean, bi pertsonaien arteko elkarrizketa bihurtuz.

Juanjo Olasagarre (Arbizu)[44], Audenen itzultzaile eta poesia zein bidaia-lanen egile, Hegazti errariak (1996) antzezlanaren sortzailea da, lan bizi eta freskoa, non pertsonaiak etengabe eta ero moduan beren burutik ihesi dabiltzan.

Martin Irigoien (Garazi)[45] Pirinioez bestaldeko egile hau Hiruak bat taldeko antzezlea da. Egile honen Amikuzeko toberak (1991), gaur egungo kritika soziala egiten duen fartsa, eta Hautsi da Kristala, XVI. mendean girotutako baina joera sinbolista agertzen duen antzezlana, azken urteotan idatzitako obra bikainenen arteko ditugu.

Karlos Linazasoro (Tolosa, 1962)[46]. Burdindenda. Tragikomedia sasi-eruditoa ekitaldi bakarrean (1998) antzezlanaren egilea da. Lan horretan, bi pertsonaien bidez soilik, Saltzailea eta Gaztea, gizakien arteko komunikazioaren edo, hobeto esana, inkomunikazioaren gaia jorratzen du. Giro itxi eta obsesibo, itogarri batean, ironia eta umore beltza nahasten dira, atzean etengabe suizidioaren gaia duten elkarrizketa labur eta zirtatsuetan. Azkenean, itxaropenari bide ematen zaio, eta Edertasuna eta Utopia xede duten itaunez koroatutako happy end batean.

Antton Luku (San Francisco, 1959)[47] Nafarroa Behereko Ezterenzubin bizi da eta maisua da; antzezlea izan da, toberen emanaldietan parte hartuz, eta antzerkigilea da. Idazle honek ere historia gaitzat erabiltzen du, baina ikuspegi sinbolista batetik. Besteak beste antzezlan hauek nabarmenduko ditugu: Ezkonduko ditugu (1995), Tu quoque fili (1996), non Baionako familia burges baten kritika garratza egiten baitu, Antso Azkarra edo Miramamolinen Esmeralda (1997), eta, bere ikasleentzat berariaz idatziak, Manuela eta Gerezitzea.

Pantxo Irigarai (Baigorri, 1957)[48] Adour Irratiko kazetaria , Euskadi Irratiko eta, 1984az geroztik, Irulegi Irratiko berriemailea eta Xirrixti Mirrixti taldeko antzezle da, eta aipatu taldearekin Daniel Landarten[49] zenbait antzezlan jokatu ditu: (1984, Nola jin ala joan; 1986, Gazteluko mutxurdinak; 1991, Gezur mezur, eta 1995, India Beltzak). Antzerkigile ere bada, besteak beste honako obrak idatzi dituelarik: Antton eta Maria (irratirako antzerkia), Otsoa eta bildotsa alegia –Kakotx antzerki-taldearentzat idatzia–, eta toberak Pontzio Gauxori (Baigorri, 1992), Otto Kristobal (Baigorri, 1997), Lamindegiko lamiak (2000) eta Garatenea (2002). Hirigarai, bada, Nafarroa Behereko antzerki munduko eragile nagusietakoa da.

Juan Karlos Del Olmo (Barakaldo, 1958)[50] Barakaldoko Antzerki tailerraren Zentro Iraunkorreko irakasle eta zuzendaria, 1993az geroztik Donostiako udalean itzultzaile gisa dihardu. Ipuin liburu bat argitaratu zuen 1995ean, Innis Fodhla, amonaren ipuin irlandarrak izenburuarekin. Jon gurea, Parisen hatzana (1998) antzezlanaren egile da, eta nik neuk nolabait esku hartu dudalarik, Jon Mirande poeta eta nobelista euskaldun paristarraren bizitza ehuntzeko darabiltzan testuak jasotzen dira azken egile horretaz argitaratu ditudan lau obra ezberdinetan, batik bat.[51] Bestalde, Alzaga saria irabazi zuen Aldi joana, Joana obrarekin.

Frantzisko Xabier Zillero (Bilbo, 1961)[52] narratzailea eta itzultzailea, esaterako, Hemingway, Fitzgerald, Bloch, Chandler, Twain, Dickens, eta abarrena. Donostia Hiria saria irabazia da 1999an, Uztailaren laua, Renon obrarekin. Estatu Batuetan girotutako lan horretan emigrazioaren eta belaunaldien arteko harremanen gaia jorratzen du, eta, euskaldunei buruz ari bada ere, baliatutako ikuspegia unibertsala da.

Enkarni Genua (Donostia, 1942). Manolo Gomez senarrarekin Txontxongillo Taldea sortu zuen 1971an, eta Euskal Herriko azken lamia Erreka Marirekin Euskal Herri osoa korritu. Hala, 21 disko argitaratu ditu, eta Ostiralero Afaria[53] antzezlanaz bere jaioterriko Donostia Hiria saria irabazi zuen. Lan horretan euskaldunen artean hitz egiteko premia planteatzen du, egungo egoera tragikoa gainditu ahal izateko.


Frankismo ondorengo euskal literatura dramatikoa laburbiltze aldera, hainbat joera eta korronte (errealismoa, kostunbrismoa, sinbolismoa, antzerki komikoa, antzerki tragikoa, antzerki historikoa, absurduaren antzerkia...) dagoela nabarmendu beharko litzateke, eta oro har egileak nahikoa gazteak direla. Antzerki historikoan datua eta zehaztasuna ez dira garrantzitsuak, gaur egungo egoera politikoa salatzeko edo, pastoralean bezala, kanta eta dantza bezalako osagai poetikoak sartzeko aitzakia hutsa baino ez direlarik.

Ez da harritzekoa, beraz, historiaren eta indarkeriaren eguneroko izuaren –azkenaldian baretuz doala dirudien arren– ikuspegi objektiboki eta zinez negatibo baten aurrean, ugaltzen ari dena antzerki komikoa izatea, Labaienek proposatutako antzerki poetikaren ikurritzaren ildotik, negarra labur irria luze, Rabelaisek zioen bezala, hobe baita barreei buruz idaztea, negarrei buruz baino, barre egitea izaki gizakiak berezkoa duena.

Erreferentziak

[aldatu]
  1. Piarres Lafitte (argt.): Manex Etchamendy bertsularia (1873-1960). Auspoa 109-110. (Donostia, 1972) 104 106. or.
  2. Patri Urkizu (argt.): Zuberoako..., op. cit., 395. or.
  3. José Mª Satrustegi (argt.): Luzaideko kantiak. Auspoa 65 (Donostia, 1967) 92-99. or.
  4. Clement d´Andurain de Maitie: Uskaldunak Ibañetan. Trajeria hirur phartetan. Eskualdun ona (Baiona, 1906).
  5. Jean Ithurry: Napoleon-Bonaparten pastorala. Foltzer (Baiona, 1920).
  6. Hélène Etxekopar: Contribution à l´histoire du théâtre basque contemporain en Iparralde. (1996) Argitaragabea.
  7. Herri osoak parte hartu du, Ritxi Lizartzaren elkarrizketa Junes Casenave Harigilerekin, Argia, 397. znb. (1992-VII-26).
  8. M. P. Perez Stansfield: Direcciones del teatro Español de posguerra. Ruptura con el Teatro burgués y radicalismo Contestatario. José Porrua Argt. (Madril, 1983) 165. or.
  9. Marc Legasse: Pasacalles por un País que ni existe. Txertoa (Donostia, 1982).
  10. Jean Haritschelhar: La pastorale, Théâtre populaire basque en Soule. Lauburu (Baiona, 1987) 1 53. or.
  11. Jean Louis Davant: Abadia Urrustoi. Durangoko udala (1993), Eüskaldunak Iraultzan. Gotaine Irabarne. Tinkatu (Gotaine, 1986).
  12. Roger Idiart: Xalbador (Larraine, 1992). Etxahun Iruri, Iruriko Jaun kuntia pastorala lanaren itzulpena (Gaves Denguin, 1991).
  13. Pier Paul Berzaitze: Harispe mariskala (1991), Atharratze jauregian (1992), Elkanoren semeak (1995).
  14. . Arnaud Aguergaray Bordaxar: A. d´Oihenart. Gaves-Denguin (1985), Sabino Arana Goiri. Garindien (1996).
  15. Lucien Etxezaharreta: Sabino Arana Goiri Garindainen. “Doluz jantzitako pastorala. Pipo Etxebarne aktorearen bat bateko heriotzak dimentsio tragikoa eman zion ekitaldiari”, Egunkaria, 1996-VII-23, 4. or.
  16. Patrick Queheille: Herriko semeak pastorala Etxahun elkartea (Barkoxe, 1998).
  17. Antonio M. Labaien: Teatro éuskaro, op. cit, I. 51. or.
  18. Toribio Alzaga: Representaciones euskéricas, Euskal Erria, LXV lib., (1912) 387. or.
  19. Euskal Erria, 1914, 508. or.
  20. Talde hori honako antzezle hauek osatzen zuten: Andonegi, Rosario Artola, Pepe Artola, Arrieta, Maria Casal, Felipe Casal, Pablo Casal, Etxebeste, Gamboa, Gelbenzu, Larman eta Uranga.
  21. . Ikus antzeztutako lanak eta egileak. P. Urkizu: Euskal antzertia. Antzerti (Donostia, 1984), 109-112. or.
  22. . El Liberal Guipuzcoano (24-XII-1917).
  23. Toribio Alzaga: Jostirudiak-Irritza. Klasikoak 30. Argt. Xabier Mendiguren. Labayru (Bilbo, 1990) 13. or.
  24. . Iñaki Barriola, Dramak. Klasikoak 12. Argt. Xabier Mendiguren. Ibaizabal (Bilbo, 1987) 24. or.
  25. Jean Barbier: Gauden euskaldun, Gure Herria (1921), Sorginak. Gure Herria (1922); Zubietako deabrua, Gure Herria (1922); Ezkila xarmatua, Gure Herria (1923); Kauserak eta kruchpetak, Gure Herria (1924); Chilintcha sorgina, Gure Herria.
  26. Leon Leon: 1926, Gure chokoan, Gure Herria; ... Daniel Landarten berrargitalpena, (1992), Bortz komedia eta lau alegia. Azpeitiko udala eta Hazparneko udala.
  27. Pierre «Iturralde»: Egiazko argia, Gure Herria (1927); Antzerti, 14-15 (Tolosa, 1933).
  28. Iñaki Barriola: Gerraurreko antzerkigintza, Jakin, 37, 31-43. or.
  29. Estanislao Urruzola «Uxola»: Askatasun garratza (Libertada amarga). Antzerti 56, (Donostia, 1983).
  30. Maria Dolores Agirre: Aukeraren maukera, azkenean okerra, Egan 2,(1950) 27 31. or.
  31. José Monleón: Treinta años de teatro de la derecha. Tusquets Argit. (Bartzelona, 1971).
  32. Antonio M. Labaien: Teatrogintza eta yakintza. Itxaropena (Zarautz, 1973).
  33. Antonio M. Labaien: Teatroa gurean. Teatrogintza eta yakintza. Itxaropena (Zarautz, 1973) 117-144. or.
  34. Daniel Landart: Iparraldeko teatro giroaz, Jakin 37, (1985) 89-94. or.
  35. Txuma Lasagabaster: Gaurko euskal teatroaren gorabeherak, Jakin 37, (1985) 45 60. or.
  36. Eneko Olasagasti: Gabriel Aresti: teatrogile. Erreibindikapen literarioak eta bat (Susa, 1984) 12. or.
  37. . Bernardo Atxaga: Euskal Theatro Berria(ren bila). Anaitasuna, (1974 I 31), II 15. or.
  38. El Mundo (del País Vasco), 23-XII-1994.
  39. Xabier Mendiguren: Publikoari gorroto. Euskaltzaindia. BBK (1987);Kanpotarrak maisu. Kultur ministrariak ez digu errukirik. Susa (Donostia1987); Hilerri itxia. Cementerio cerrado. Primer Acto, 268 (1997) 71-126. or.
  40. Luis Haranburu: Gernika. Kriselu (Donostia, 1977); Loiola, Sabino, Zumalakarregi. Kriselu (Donostia 1986); St Cyran, jainkoa gorderik. BBK. Euskaltzaindia (1992).
  41. Koldo Daniel Izpizua: Lore zimelduen sua, Hegats 6, Euskal Idazleen Elkartea, (Donostia, 1992) 15 47. or.
  42. Ramon Agirre: Errenta. GK. (Donostia, 1994).
  43. Aitzpea Goenaga: Zu(t)gabe. GK (Donostia, 1995).
  44. Juanjo Olasagarre: Egazti errariak. BBK. Euskaltzaindia (1996).
  45. Martin Irigoien: Amikuzeko toberak. Maiatz (Baiona, 1991); Hautsi da kristala. BBK. Euskaltzaindia (1997).
  46. Karlos Linazasoro: Burdin denda. Tragikomedia sasieruditoa ekitaldi bakarrean. BBK. Euskaltzaindia (1998).
  47. Antton Luku: Ezkonduko ditugu. Maiatz (Baiona, 1995); Tu quoque fili. GK (Donostia, 1996); Antso azkarra edo Miramamolinen Esmeralda. GK (Donostia, 1997).
  48. Pantxo Hirigarai: Beherearta. GK (Donostia, 1998).
  49. Daniel Landart: Noiz (Baiona, 1970); Hil biziak (Baiona, 1973); Erranak erran. (Elkar,1981); Xuri gorriak eta... Egan (Donostia 1982); Bai ala ez. Egan (Donostia,1983); Nola jin hala joan. Antzerti (Donostia,1985).
  50. Juan Karlos del Olmo: Jon Gurea, Parisen hatzana. BBK. Euskaltzaindia (1999); Aldi joana joana. BBK. Euskaltzaindia (2001).
  51. Patri Urkizu (argt.): Jon Chahoren memorioizunak. Elkar (Donostia, 1984); Gauaz parke batean. Ipuin izugarriak. Elkar (Donostia, 1984); Jon Miranderen gutunak (1948-1972), Susa (Iruñea1995); Jon Mirande orhoituz (1925-1972). Koldo Mitxelena (Donostia,1987).
  52. Frantzisko Xabier Zillero: Uztaillaren laua Renon. GK (Donostia, 1999).
  53. Enkarni Genua: Ostiralero afaria. GK (Donostia, 2001).