Edukira joan

Euskal antzerti eta zinea/Zinema aretoak

Wikibookstik

ZINEMAK. Besaulki bigunetan patxadan eserita, begien aurrean pantaila zuri bat dagoela. Argiak itzali eta bobina biraka hasten da. Lehen irudiekin, irudimena kulunkan jarri eta egunerokotasunetik haratago garamatzan bidaia bati ekiten diogu. Zinemak fikzioaren tenpluak dira, han bizitzak beste itxura bat hartzen du. Zinemen historia hasieran ferianteen kontua izan zen eta egun multinazional handien eskuetan dagoen ikuskizun baten historia ere bada.

Baiona eta Miarritzeko zinemak

[aldatu]

Euskal Herri osoko lehenengo zinema emanaldia 1896ko abuztuaren 1ean gertatu zen, Miarritzen. Lumière etxeak Côte Basque aldean udaldia igarotzera etorritako jende mondaine hura bilduta egotea profitatu zuen zazpi hilabete baino ez zituen bere asmakari harrigarria aurkezteko. Geroago, zinematografoa aux foires aldeko langileen artean hedatu zen, udaberriko ferien bidez, mende hasieratik “Paris Electric Modern” edo “Perfect Cinéma” moduko areto ibiltariak ezarri baitziren.

Baiona

[aldatu]

Mugitzen ziren irudiekin gozatzeko egarri ziren ikusleen eskaria hazten ari zelarik, 1914an Baionan lehenengo areto iraunkorra zabaldu zen, baina lehen “zinema antzokiak” ez ziren Gerra Handia amaitu arte altxa: Majestic eta batez ere Feria izenekoak, biak Baionan. Azken hori, Michel Cenoz ardo eta likoreen merkatariak sustatua –jeneroa aretoaren sarreran gordetzen zuen eta, hala, emanaldiak ardo eta ron lurrinez gozatuta eskaintzen ziren–, hainbat belaunaldiren bizitzan cinoche historikoa izan zen. Baina, 1977ko azaroko gau batean, suak Feria hartu zuen, eta hau betirako desagertu, Baionako zinema bizitzaren 55 urteko oroitzapenak berarekin eramanez.

Haren ordez, gaur egun Cinéma CGR Vauban (Paulmy kaleko 1ean) dago, sei aretorekin eskualdeko zinemarik handiena. Baionan, Vaubanen osagarri Cinéma de l’Atalante ere bada, Saint Espriteko kultur erakargunea, Utopia arte eta saioetarako aretoaren eta haren aurretiko Vox izenekoaren oinordekoa.

Bidean Baionako zinema ospetsu ugari geratu da:: Cinema Palace, Royal, Saint Esprit, La Courtine, Colisée, Jeanne d’Arc, Le Vigilant edo Marine.

Miarritze

[aldatu]

Miarritzeko zinemek ez dute zorte hobeagoa izan. Kostaldeko hiriaren ikuskizunen sailean Royal zinemako –berrogeiko hamarkadan sortu eta 2001ean bikain eraberritua– bi areto baino ez dira agertzen. Izan ere, besteak beste, El Castillo (Lutetia, Ciné Mondain), Paris, Colisée edo Pax lokal apartak desagertuz joan dira.

Aurreko lerroetan aipatu izenek irakurle ez hain gazteek hirurogeita hamarreko hamarkadan mugaren alde honetan debekatuta zeuden filmak ikustera egindako txango ospetsuak ekarri dituzte oroimenera ziur asko, hala nola, Emmanuelle, Azken tangoa Parisen, Exortzista, Viridiana, Sacco & Vanzetti... Izan ere, diktadura garaian Iparraldeko zinemak eta liburu-dendak, jaialdiak eta ospakizunak aldian aldian askatasun egarria asetzera joandako milaka euskaldunen egiazko oasiak ziren.

Bilboko zinemak

[aldatu]

Bilbo oso hiri filmazalea izan da, txera eta begirunez esanda. Filmazalea bere geografia eta hirigintza fikziorako aproposak direlako. Filmazalea zinemagile, antzezle eta zinemako bestelako profesional bikainen harrobia izan delako eta delako. Eta, azkenik, filmazalea bertakoek beti maite izan dutelako besaulki batean eserita begiekin, irudimenarekin eta espirituarekin irudiak irenstea.

Segidan gonbite hori luzatzen duten lokal nagusiei gainbegiratu bat emango diegu.

Arriaga Antzokia (1890)

[aldatu]

Arriaga Bilboko lehen zinema izan zen. Joaquín Rucoba arkitektoak eraiki zuen, 1890ean, garaiko joera neobarrokoiei lotuz, baina 1914an suak erraustu egin zuen, fatxadak baino ez ziren libratu.

Arriaga eraberriturik 1927az geroztik hasi zen “zinema fina” iraunkorki eskaintzen, eta 1934an soinu-sistema jarri zitzaion. Zinema Dokumentalaren eta Film laburren Jaialdiko filmak bakarrik ematen dira 1978tik.

Olimpia (1906-1947; 1963-1985) eta Gran Vía (1951-1996) zinemak

[aldatu]

Alberto López Etxebarrieta adituaren esanetan, Olimpia “Espainian zinema izateko eraikitako lehen areto egonkor, finko, adreilu eta zimenduez egindakoa” izan zen. 1906an jaso zen.

Langileen artean azalpen-emaile, arintasun eta mintzatzeko erraztasun handiz irudiak azaltzen zituen pertsonaia nahikoa ospetsu bat zegoen, Eduardo Pérez, zeinak Espainiako Herrizaingo Ministerioko ministro batengan arrasto sakona utzi baitzuen; honek, Bilbo uztean, hiria greba gogor batean murgilduta zegoen garai batean, ez baitzuen asmatu hauxe esatea besterik: “Azalpen emaile ederra duzue zuek hemen!”.

zinema zaharkituta zegoen 1947rako, eta Truebak, Olimpiak eman oinarri sendoaren gainean jasotako Bilboko enpresa handia, orubea Bizkaiko Aurrezki Kutxari saldu zion.

Erakin berriaren barruko patioan Gran Vía Zinema ezarri zen, 45 urtez bankuarena izan zen arre, Truebak kudeatu zuena. Zinema tradizionala zen, ikuskizun-sailean begiratu beharrik gabe jendea erakartzen zuen horietakoa, emankizunak bi orduko arreta mereziko zuela sinetsita. Bilboko Zinema Jaialdiaren lehen hogei ekitaldiak hartu zituen. Hala ere,1996an itxi zen.

Olimpia, 1947an eraitsia, lau urte geroago piztu egin zen, Iparragirre eta Egaña kaleetako izkinan. Publizitatearen arabera, “zinema ospetsuena!” omen zenak lanegunetan jadanik emandako filmak jartzen zituen programa bikoitzetan, eta erakargarritasunik zuten filmak asteburuetarako gordetzen, haurrentzako matiné merkeagoak ere eskaintzen zituelarik. Sute batek 1962ko udaran zinema suntsitu zuen.

Berehala berreraiketa-lanei ekin zitzaien, eta zinema baliabide tekniko punta puntakoaz hornitu zen: Todd Ao 70 mm-ko soinu-sistema eta pantaila erraldoia.

Geroztik zinemaren lan bikain guztiak Olimpia berritik pasa ziren, estreinaldi moduan: lehenengoa, West Side Story, 1963ko abuztuan; My Fair Lady, Cleopatra, Erromatar inperioaren erorialdia, Lawrence Arabiakoa, Irribarreak eta malkoak… Baina maila horri ezin izan zion eutsi, eta hirurogeita hamarreko hamarkadan gainbehera betean abiatu zen.

Vizcaya Aretoa (1910-1981)

[aldatu]

San Frantzisko kaleko zinemaren forma arkitektoniko interesgarriari fatxadan ferra arku hirukoitza nabarmentzen zaio. Ez zen filmen programetan españoladarik eta bestelako zarpailkeriarik islatu, eta are gutxiago ikusleetan –bizimodu gaiztoko jendea, zerikusi txikia zuten arrazoiengatik, zinemara oihal zurian (ustez) agertzen zenarekin hurbiltzen zena.

Alabaina, ez dezagun ahaztu Vizcaya Aretoak garai on eta zoriontsuak bizi izan zituela: barietateen antzoki txikia izan zenean ez ezik, Emilia Bracamontek arrakasta handia izan baitzuen, neska-mutikoak indiarrak, cowboyak, sheriffak eta zalduneriaren zazpigarrena biltzen zituen igandeko emanaldi bikoitzean pilatzen zirenean.

Trueba Antzokia (1913-1986)

[aldatu]

Trueba zinema atsegina zen oroz gain: pantailan, beti film atsegin eta egokiak; besaulki patioan, ohiko ikusleen agur atseginak; eta makina gelan, Juan Alvarez atsegin eta nekaezina, Trueba S.A. Euskadiko ikuskizunen enpresa handienaren gerentea, film batek xarma zuen ala ez zuen antzemateko berezko sena zuen gizona. “Bilboko zinemako Broadway en”, Colón de Larreategui kalean kokatua, ScopE aren eta Hispano ScopE aren erregea zen, eta harro esan ohi zuen “Truebako estreinaldi bat estreinaldi handia da”, urte askotan ia beti egia izan baitzen.

Mende baten ia hiru laurdenez martxan egon ondoren, 1986an Trueba itxi egin zen. Juan Alvarezek sortutako enpresak behin betiko porrot egin zuen.

Campos Eliseos Antzokia (1915)

[aldatu]

“Campos”. Gehienbat antzezpenak, kontzertuak eta errezitaldiak eskaintzen zituen. Baina proiektagailua ere martxan jartzen zuen, zehazki 3.000 metro film egunean. Izan ere, 1916ko urte hartan programazioak metroka saltzen ziren, oihalak bezala.

Berrogeita hamarreko hamarkadan, ikuskizunen arteko hutsunea berrizko estreinaldi edo estreinaldi eskasek bete ohi zuten. Arrakasta sonatua lortu zuen 1957an, Joselitoren El pequeño ruiseñor filmarekin. Heriotza-bidean, 1977an eraikina monumentu historiko artistiko izendatu zuten, eta horrek eragotzi zuen eraitsia izatea.

Gayarre Aretoa (1916-1989)

[aldatu]

Gayarre Aretoak gaurdaino iraun ez badu Bilboko ondarearen arduradunen axolagabekeriagatik baino ez da izan. Arkitektura aldetik bikaina izan gabe eta apaingarri arrandiatsurik agertu barik hiri oso baten bizitza laburbiltzen duten erakin horietako bat zen. Eraikina salbatzeko ahaleginak egin ziren, alferrik ordea, eta azken zortzi urteetan emanaldiak eskaintzeari utzita zegoen Gayarre Areto ahaztezina 1997an hondeagailuek hauts bihurtu zuten. Aretoak 81 urte zituen. Goian bego.

Coliseo Albia (1920)

[aldatu]

Coliseo Albia “ikuskizun handiak, Opera, Antzerkia, aukerako Zirkua eta Zinematografoa” eskaintzeko sortu zen 1916an, Espainiako eta, jakina, Bilboko areto handiena omen zen.

“Coli” zeritzanak 1999ra arte ABAOaren denboraldi bikainak hartu zituen, eta honek antzokia utzi eta Euskalduna Jauregi dotorera aldatu zenean, hiltzear zegoela zirudien. Zinemari dagokionez, garai onenak berrogeita hamar eta hirurogeiko hamarkadetan bizitu zituen. Aldi hura, gainera, edukiera handiko aretoentzat aproposak ziren film handien garaia zen: Hamar Aginduak, Gerra eta Bakea, Río Bravo

Buenos Aires Antzokia (1925-1989)

[aldatu]

Buenos Aires antzoki bat izan zen batez ere, musikalen eta komedien antzoki eder bat. Har zitzakeen balizko bi mila buruen gainetik zeluloiderik pasa zen ordea, eta galanki gainera.

Historiaren gurariagatik, Buenos Aires antzokia gertakari erabakigarri baten lekukoa izan zen barrutik: zinema soinudunaren lehen emanaldia, Bilbokoa ez ezik Euskal Herri osokoa. Gertakaria 1929ko azaroaren 17an izan zen, Michael Curtizen Noeren Arka filma eman zelarik. Ikusleak nahiko hotz agertu ziren, zapuztuta ez esateagatik, elkarrizketak ingelesez ziren eta. Bikoizketa asmatu zain itxaron behar!

Ideal Cinema (1926) eta Ideales (1983)

[aldatu]

Hiriko zinemarik zaharrenetakoak egunero filmak emanez jarraitzen du, 1982az geroztik Multicines Ideales izena harturik. Zortzi areto ditu, eta kanpotik fatxada modernista ederra mantentzen du, Kontxa Jeneralaren kalea eta Egaña kaleen elkargunean.

Actualidades (1935-1976)

[aldatu]

II. Errepublikan hots eta arrandia handiz sortutako Buenos Aires kaleko hau Bilboko zinema ospetsuenetako bat da. Dokumentalak eta metraje laburreko filmak ematen hasi zen, gero berrizko estreinaldiekin haurrentzako zinema merkera pasa zen, “4retatik 10etarako emanaldi jarraian”, eta hirurogeita hamarreko hamarkadan iritsi zitzaion erretiroa, azpitituluekiko jatorrizko bertsioen areto espezializatu moduan.

Izaro (1943) eta Mikeldi (1990) Zinemak

[aldatu]

Urkixo Zumarkaleko zinema, Trueba enpresa itzelaren zati, bere bizialdi osoan elikatu zen kate horretako beste areto batzuetatik egotzitako filmez. Luxurik ere bizi izan zuen ordea, hala nola 1967an Doctor Zhivago-ren estreinatzea, Todd Ao soinu-sistema berriaz gainera, edo Hamabi urkamendian.

Enpresaz aldatu zen 1990ean, Oreina, S.M. Gasteizko Mikeldi Multiplex Zinemen jabearen esku geratuz. Hasiera batean hiru areto zituzten, baina 1996an horietako bat zatitu eta laugarren areto bat egin zuten. Handienak 620 eserleku ditu. Denek ere THX soinu-sistema dute.

Consulado (1950-1999)

[aldatu]

Consulado dotoreak Carlton, Canciller eta Colón aretoen jabe den enpresari izena ematen dio. Ia mende erdiko bizialdian, izen hori kalitatezko zinemari, ikuskizunari loturik joan da, bi solairuetan banatutako 1.200 eserleku baino gehiagorekin egoki zerbitzatua.

Une gorena zabaldu eta gutxira bizi izan zuen, 1951ko martxoan hain justu, Lo que el viento se llevó mitikoa Bilbon aurkeztean. Ordu arte moralaren zaindari saiatuek debekatua egon zen, eta, orduan ere, 3 R kalifikazioaz –helduentzat eta lotsaz– estreinatu zen.

Consulado zinematik pasa ziren, halaber, Cantando bajo la lluvia, Un americano en París eta zinemaren urrezko urteetako beste hainbat film arrakastatsu. Aldi batez Bilboko Zinema Dokumentalaren eta Film laburren Jaialdia hartu zuen.

Capitol (1958) y Cines Capitol (1992)

[aldatu]

Bilboko zinemetan adituak diotenez, Capitol zinema filmen hautaketa arretatsuagatik nabarmendu zen beti, hasierako emanalditik hasita: 1958ko Pazko Igandez estreinatutako Joseph Mankiewiczen Ellos y ellas musikala.

Azken eraberritze handia 1992an egin zen, eta Cines Capitol da emaitza, lau areto eroso eta ikusmen-kalitate bikainekoak; bere askotariko programazioetan ikuslego leiala erakarri izan du.

Carlton (1953-1985)

[aldatu]

Poza Lizentziatua kaleko zinema berrizko estreinaldietan edo kate berean zegoen Consulado zineman emateko kalitate eskasegia zuten filmen estreinaldian espezializatu zen.

Garai onenak berrogeita hamarreko hamarkadan bizi bide zituen, orduan formatu handiko ikuskizunak eskaintzen zituelarik, eta hiru dimentsioko filmen alde egitea erabaki zuenean.

Astoria kateak 1978an lokala erosi eta bi aretotan zatitu zuen. Carlton 1 eta 2 martxan egon ziren 1985era arte.

Canciller (1963) eta Avenida Zinemak (1978)

[aldatu]

Hastapenetan, Canciller Consulado enpresaren bigarren mailako zinema izan zen, eta Deustuko aretoan Consulado edo Carlton zinemetan jada aurkeztutako filmak programatzen zituen. Astoria kateak 1978an erosi zuenean, berori berritu eta sei aretotan zatitu zuen, gaur egun ere martxa berean jarraitzen dutelarik.

Urrutia (1964-1990)

[aldatu]

Diez Calixto kaleko Urrutia zinemak haurtzaro zoriontsua izan zuen, eta berrizko estreinaldiak eskaintzen zituen zinema dotore moduan, besteak beste, Duelo al sol, Duelo de titanes, La taberna del irlandés eta El apartamento. Geroago krisian murgildu eta jabez aldatu zen, Julián Vinuesaren enpresan sartuz.

Bilboko zinema-enpresari nekaezin honek hordago latza bota zuen Urrutian 4 kalifikazioko film guztiak emanez, eta gainerako enpresariek izurriari bezala ihes egiten zieten; izan ere, film horiek ez ziren prentsan iragartzen. Publizitate handirik ez zuen behar ordea, zeren eta, Julianek zioenez, propaganda onena Karmengo elizako parrokoak egiten baitzuen, bere sermoietan Urrutia “infernuaren gelaurrea” definitzen zuenean.

Arte eta Saioaren moda heldu zen 1968an, Vinuesak oportunismo handiz bere egingo duen moda. Aste gutxiren buruan, Loseyren El sirviente filmarekin izugarrizko arrakasta lortu zuen, baina sute ikaragarri batek zinema errauts bihurtu zuen, langile bat ere bertan hilez.

Urrutia zinemak 1977an jaio ziren. Bi areto txiki ziren, baina 1980ko eraberritzearekin hiru bihurtu ziren. Bost urte geroago Julián Vinuesa Oiz mendiko ezbeharrean hil zen, Urrutia umezurtz utziz. Zinema 1990ean desagertu zen.

Astoria (1969-1999)

[aldatu]

Astoria zen Julián Vinuesaren harribitxia, Urrutia zinema haren heriotza goiztiarra gainditu ez zuen itzal handiko zine ederra izan arren.

Han estreinaldi ahaztezinak ikusi genituen, hala nola Tiburón, Apocalypse Now, Los santos inocentes, Mikelen heriotza, Cabaret, Superman… Urte askoz hiriburuko modako zinema –haurtzaindegia eta guzti, gurasoek emanaldiez kezka izpirik gabe goza zezaten.

Eranskin moduan, 1976an Astoria 2 eta 3 sortu ziren, Urkixo Zumarkalea, 78an. Vinuesa zinemak La naranja mecánica filmarekin zabaltzeko erabaki zolia –hainbaten arteko beste bat–- hartu zuen; izan ere, filma urte-erdiz egon zen, eta berotasuna epeldu zenean El último tango en París lanarekin ostera berotu zituen.

Vinuesaren oinordekoen arteko desadostasunek zinemaren desagerpena ekarri zuten, 1990ean.

Multicines (1977)

[aldatu]

Jose Maria Escunza kaleko areto askotako zinemen atzean, beste behin ere, Julián Vinuesa Conal dago. Zinema anitzeko kontzeptu hori ia inork ezagutzen ez zuenean sortu ziren. Ezin hobeto diseinatuak eta ia genero eta aldaera oro eskaintzeko hornituriko zortzi areto dira.

Donostiako zinemak

[aldatu]

Estatistikek diote, eta urtero berresten dute, Donostia dela Estatuko hiri zinemazaleena. Horregatik soilik, merezi du donostiarrek belaunaldiz belaunaldi zeluloide gainean kontatutako istorioekin gozatzen duten edo gozatu duteneko gune nagusiak nolabaiteko xehetasunez behatzea.

Principal Antzokia (1850)

[aldatu]

Donostiako Alde Zaharrean kokaturik dago Principal Antzokia eta Donostiako eszenatoki zaharrena da. Gune begikoena izan da 1850etik entretenimendu herrikoirako: zarzuelak, komediak eta kontzertuak, mozorro dantzak, bertsolariak eta ongintzako ekitaldiak, hala nola, Mari, arrantzale ausartaren alargun eta umezurtzen baten aldeko edo Iparragirre zahar baten aldeko funtzioa.

Baina Principal zaharreko iluntasun epelak zinema emanaldiak ere hartzen ditu. Zinemaskopea aurkeztu zien 1955an ikusle gipuzkoarrei, “mendeko ikuskizun gehien itxarondakoa eta harrigarriena”, berrikuntzarekin batera eskainitako La Túnica Sagrada filmaren publizitateak zioenez.

Hirurogeita hamarreko hamarkadaren amaieran, Principal antzokia biluztearen zinema bilakatu zen, Pequeño Casino auzoarekin batera: azken honek eskandaluzko film jasoenak programatzen zituen Pasolini, Visconti edo Kubrick; Principalak, aldiz, bere tradizio herrikoiari atxikiz, ikusleei Cantudo, Bárbara Rey, Agatha Lys eta enparauen xarmak agintzen zizkien. Horiek ilarak astebururo!

Geroago laurogeiko hamarkadan hain indartsu heldu zen beldurrezko zinemaren modari lotu zitzaion, eta modu horretara 1990ean hasitako Fantasia eta Beldurrezko Zinema Jaialdiaren egoitza bilakatu zen. Jaialdian zehar, antzokiaren fatxada iratxo, basapiztia edo mamuez mozorrotzen da.

Azkenik, Principala asteazkenero interes handiko filmak programatzen dituen Nosferatu udal zineklubaren egoitza da.

Victoria Eugenia Antzokia (1912)

[aldatu]

Kursaal berria zabaldu arte, 2001az geroztik, “Donostiako Zinemaldiaren Jauregia” izan zena 1912an sortu zenetik egin izan zaion zaharberritze-lanik handienean murgilduta dago. Lanak amaitzen direnean, Victoria Eugenia Antzokiak bere ia mende bateko bizitzan aldi berri bati ekingo dio, eta espero dezagun garai berriotan zinemak berebiziko garrantzia izaten jarraituko duela.

Izan ere, Victoria Eugenia, antzoki fin eta arranditsuaz gain, zieko martxoan eskaini zen Lehenengoz soinu emanaldi bat Donostian... ikusleek egundoko zaputzaldia hartu zuten arren, entzun, soinu bandaren orkestra baino ez baitzuten egin, filma bera, Rapsodia húngara, mutua zelako.

Antzokiaren ospea bermatuz, 1953an Nazioarteko Zinemaldia sortu zenetik, zazpigarren arteko izar handienak tapiz gorriminez hornitutako zurezko besaulkietan eroso esertzen ahalegindu dira –lortzea beste kontu bat da.

Novedades Aretoa (1912-1979)

[aldatu]

Zinemaren asmakeria berriak zekarren moral eta usadioen lasaikeriari aurre egiteko, hamarreko hamarkadaren hasieran estatu osoan zehar begirunezko zinemak, “garbitasun espiritual zorrotzena” gordetzen zutenak, zabaltzen hasi ziren. Horietako bat Novedades izan zen, El Pueblo Vasco egunkariak 1912an eraikia. Galeria zaharra 1943an eraitsi eta oinplano berrian berreraiki zen, 1979ko urtarrilaren 31an itxi zen arte familientzako zinema eskaintzen jarraitu zuelarik.

Miramar Aretoa (1913-1987)

[aldatu]

Aurrerapen tekniko handiak agertzen zituelako “ereduzko zinema” gisa iragarritakoa Kantauri itsaso zakarra Donostiako Pasealeku Berriarekin egunero borrokatzen zen elkargunean kokaturik zegoen.

Betidanik, Miramar zinema berrizalea izan zen. Erliebearen lehen esperientzia 1953an hartu zuen, horretarako bezeroen artean propio egindako betaurrekoak banatuz, eta hurrengo urtean pantaila panoramikoak areago zabaldu zen, Quo Vadis filmeko tertzio erromatarrak bertatik desfilatu ahal izan zitezen.

Hirurogeita hamarreko hamarkadan zinemako zurezko besaulkiak dardarka jarri ziren, Terremoto filmak sensurround soinua baliatu zuenean. Miramar Aretoak irekitasuna ere agertu zuen, hilabetez baino gehiagoz zinema mukuru bete zuen Jesucristo Superstar polemikoa emateko prest agertu zenean.

Dexter Gordonen saxoak, 1987an, Round Midnight filmean, agur esan zion Aldamar kaleko zinemari.

Bellas Artes Antzokia (1914-1982)

[aldatu]

“Te dotore eta high life giroan ordubete mundukoi eta chic sentituz igaro nahi dugunean, Miramarrera joaten gara. Familia giro apalean ordubete etxeko epela sentituz igaro nahi dugunean, Bellas Artesera joaten gara (...). Miramarren sartzean gorbataren korapiloa estutzeko eta ilea lisatzeko premia sentitzen dugu, eta Bellas Artesen tenueaz arduratu gabe sartu eta irteten gara”.

Donostiako 1921eko bi modako zinemei buruzko iruzkin xelebre honek, garaiko kazetari batek idatzia, Bellas Artes zinema batik bat herrikoi gisa agertzen du, kasik halabeharrez, garai hartako Donostian langile gehien Amaran bizi baitzen. Aldi hartan hiriko edukiera handiena zuen, 1.426 toki izan zitzakeelarik, atikoan Orfeoi Donostiarraren egoitza zegoelarik.

Azkenaldian, “Bellas” zinemak, Arte eta Saioko Areto bihurturik, maisulan ugari ezagutzeko parada eskaini zigun.

Príncipe (1922)

[aldatu]

Gaur egun sei areto ditu, baina duela urte gutxi arte zinema bakar handi eta udako denboraldi bikainetarako eszenikoki egoki hornitu bat zen. Aurretik, fatxada eta sarrera Aldamar kalean zeuden, Miramar Aretoaren aurrean, bere egungo aurrealdeak Zuloaga plaza handira ematen duelarik, komedia eta tragediaren mozorroak hutsari keinuak eginez utzirik.

Zinema bezala, Príncipek soinu estereofonikoa ekarri zuen Donostiara –1955 urtea zen–, eta geroago, La vuelta al mundo en 80 dias filmarekin, zinema pantaila erraldoian ikusteko modu berria aurkeztu zuen.

Kursaal (1922-1972. 1999)

[aldatu]

Desagertutako Kursaal Jauregia lehen munduko gerraosteko Donostiako oparotasunaren sinboloa izan zen.

Kursaal Kasinoan film-emanaldiak eskaintzen ziren 1925etik, eta 1969an, bere barruko areto batean, Sala de Arte y Ensayo, Inesa de Gaxen izenekoa zabaldu zuen, hau da, Donostian egiazko zinema eskola bihurtu zena. Film berarekin ireki eta itxi zen: Hiroshima mon amour.

Kursaaleko dorreak 1972an eraitsi ziren, segidan Batzargune berri bat eraikiko zenaren agindupean. Makinek zabaldutako zauria hogeita bost urtez egon zen itxi gabe.

Azkenean, 1999ko udan, Rafael Moneo arkitekto nafarrak diseinatutako Kursaal berria hezurmamitu zen. Donostiako Zinemaldiak bere jauregia han kokatu du, glamour mundua Urumeako zubia pinpirinduta eta takoi garaiez zeharkatzera behartuz. Sinestezina!

Trueba (1923)

[aldatu]

Donostiako zinemak Vicente Mendizabali zor dio Miramar Aretoa, Bellas Artes eta Trueba sortu izana. Azken hori Gros Auzoko azken zinema da, egun filmak jatorrizko bertsioan eta beste delicatessen batzuk eskaintzen dituen bi areto txikik osatua. Iragan loriatsua du, orotariko ekitaldiak hartu zituelarik, hala nola kirol ekitaldiak –boxeoko borrokaldiak kasu–, ezin konta ahala antzezpen –hortik pasa dira, besteak beste, Osinaga, Pepe Rubio, Garisa edo Rafaela Aparicio–, mitinak eta abar.

Pequeño Casino (1925-1994)

[aldatu]

Hau ere Vicente Mendizabalen kumea, jatorrian Petit Casino zuen izena –hiriko Kasino Handitik hurbil zegoelako–, baina “hizkuntza garbitzeko” erauntsi betean, 1940an Pequeño Casino izena jarri zitzaion. Leku ezin hobean kokaturik zegoen, Kale Nagusiaren hasieran eta ia Bulebarrarekin izkina eginez, eta goiko solairuan eta anfiteatroan banatutako aretoa kalitatezko film intimistak ikusteko bereziki atsegina zen. Jada esan dugun bezala, Arte eta Saioko Aretoa izan zen, eta bertan hirurogeita hamarreko hamarkadako maisuen lanak programatu ziren: Visconti, Pasolini, Kurosawa, Romher, Polanski…

Zinema anitzeko bihurtzean, 1984an, hasierako izena, Petit Casino, berreskuratu zuen. Hiru aretoek ez zituzten erroak bota, eta Kale Nagusiko lokalak bere izenari jarraitu zitzaion: gaur egun Donostiako kasinoaren egoitza da. Rien ne va plus!

Astoria (1961)

[aldatu]

Berrogeita hamarreko hamarkadaz geroztik gailendu zen zinema ikusgarriak teknikoki egoki prestatutako lokal berriak izatera: zinemaskopean egindako produkzio handietarako pantailekin, koloretakoak eta soinu-sistema estereofonikoez.

Astoria, Amara auzoko koliseo handia, 1.500 eserleku baino gehiagoko edukieraz, hutsune hori betetzera heldu zen. Astoria 1988 arte asteburuetako film handien zinema izan zen: Ben Hur, El exorcista, Tora, Tora, Tora, Tiburón, El coloso en llamas, Indiana Jones… Ikusle guztientzako ikuskizuna ziurtaturik zegoen, edo gutxienez 13 urtetik gorakoentzat eta heldu batekin joandako adin txikikoentzat.

Laurogeiko hamarkadatik aurrera ametsen industriak hartu zuen norabideak zinema handiak berritu eta zatitzera behartu zituen. Astoriak birmoldaketa hori 1989an egin zuen: geroztik zazpi areto ditu, guztira 1.929 eserleku eskainiz.

Ahaztuak

[aldatu]

Gaur egun Arrasate kaleko lokala, Kutxaren Kultura Aretoa, Kresala zineklubaren astelehenetako saioen egoitza emanaldi zientifiko eta irakaskuntzakoetan espezializatutako zinema moduan hasi zen, 1951an. Aretoak bazituen 261 eserleku. Cine Actualidades zuen izena, eta 1968an itxi zen.

Garai bertsukoa eta kale berean kokatua, enpresa berak, Cinematográfica Donostiarra zeritzanak kudeatutako Novelty zinemak bizialdi laburra izan zuen: 1959 eta 1976 bitartean egon zen martxan, eta geroztik Orfeoi Donostiarraren egoitza bilakatu zen.

Rex Avenida Amarako lehenengo zinema izan zen, Antso Jakituna kalean kokaturik, (1957). Azken urteetan jada emandako filmen emanaldietan eta berrizko estreinaldietan espezializatu zen. Hau 1991an hil zen.

Langileek eta jende apalek populatutako Egia auzoak, 1967 eta 1977 bitartean, egoki hornitutako zinema handi bat hartu zuen: Dunixi. Ekimenak hasieratik arazoak izan zituen, eta norabidea aldatzeko ahaleginek galera gehiago ekarri zuten.

Kalearen pareko solairu bakarra, 500 eserleku, kaoba hormetan eta marmola zoruan, eta, horrez gain, proiekzio baliabide aurreratuak: hirurogeiko hamarkadaren hasieran, Gros auzoko Savoy zinema modernoaren eredu bikaina zen. Hogeita hamar urtez baino gehiagoz egunero hiru saio eman zituen. Hirurogeita hamarreko hamarkadan programazio ausarta jartzeagatik nabarmendu zen.

Amaya Areto xarmangarriak etxean bezala sentiarazten gintuen. Izan ere, 250 eserlekuko emanaldi-areto txiki bat zen, eta bertara familia osoa joaten ginen, guztiek ikusteko moduko filmekin gozatzera. Gainera, asteburuko matiné saioak mantendu zituen azken zinema izan zen.

“Munduko zinemarik handiena”

[aldatu]

Horrela definitu zuten Anoetako Belodromoa, Donostiako Zinemaldiaren barruan bertan eskaini ziren emanaldiak zirela-eta. Espazioa, benetan, bikaina da: pantaila itzela, soinu ia beti fina, harmaila beteak, mundu osoko artista, zuzendari eta kazetarien presentzia... Hala eta guztiz ere, definizioa gehiegizkoa da: hiriburu askotan aurki daitezke tamaina bertsuko aretoak, edo handiagoak, kalitate mailan ere hobeak. Kontuak kontu, Belodromoak bakarrik ekartzen digu zinema horrelako kiroltasunaz

Kontzeptu berri bat

[aldatu]

Urteak joan ahala, gure urte gazteak gozatu zituzten zinema zahar eta nostalgiko haiek desagertzen edo eraldatzen zihoazen heinean, kontsumo zentroetan zinema anitzeko gune berriak sortuz joan dira, hiriaren erdiko Oscar La Bretxa kasu.

Aisialdiaren eta zinemaren gozamenaren kontzeptu berri bat nagusitzen ari zaigu. Erakargarritasun horrekin, gaur ez zaigu axola hirigunetik urrun dagoen merkataritza gune batean, Garberan adibidez, film bat ikusteko autoa hartzea. Edo gure denbora librea aisialdi eremu handi bat den Warner Lusomundon ematea erabakitzen dugu, ikuslearen gozamenerako bikain hornitutako zinema anitzeko baten inguruan. Izan ere, garaiak aldatzen ari dira eta izugarri.

Iruñeko zinemak

[aldatu]

Matías Belloch izeneko Valentziako merkatari zoli batek 1912an Iruñeko lehen zinema egonkorra sortzeko ideia ederra izan zuen. Bizialdi labur baina bizkorreko Cinematógrafo Belloch izenekoak batik bat Parisko Pathé etxe ospetsuak banatutako filmak ematen zituen. Bitxikeria gisa, proiekzioa atzekoz aurrera egiten zen, makina pantailaren atzean egonik besaulki-patioan zeuden ikusleek irudiak alderantziz ikusten baitzituzten; hala ere, arazoaz ez zen inor ohartzen, baldin eta letrak aldrebes agertzen zituen errotulurik agertzen bazen. Cinematógrafo Belloch ospetsua sute batek suntsitu zuen 1915ean, eta jabeak alde egin behar izan zuen.

Belloch zinemaz hitz egiten hasi gara, baina akaso Teatro Gayarre zaharrarekin ekin behar geniokeen, Iruñeko lehen emanaldia han eskaini baitzen, 1896ko urrian, Alberto Cañada Zarranzek bere Llegada e implantación del cinematógrafo en Navarra (1896-1930) ikerlan bikainean agertzen duenez. Gainera, Gayarre Antzokiak –kokagune zaharrean eta 1932tik egungo Karlos III. kalekoan– bere programazioan zine-emanaldiak beti mantendu izan ditu, orotariko beste hainbat ikuskizunekin tartekaturik.

Aretotik Frontoira

[aldatu]

Belloch zinemaren garaikide izan ziren, halaber, Iruñean hauek: Actualidades Zinema eta Novedades Aretoa.

Biak 1912an jaioak, sortu eta hilabete gutxiren buruan bertako gaietan espezializatutako Actualidades –telebista sortu aurretik izugarrizko ikusmina pizten zuena– Novedades aretoak bereganatu zuen.

Iruñea zaharreko argazki bildumek Salón Novedades zaharraren irudi nostalgikoak agertzen dituzte, lokal txiki eta apal samar bat lekuz aldatu ostean, zezen plazaren itzalean. Itxura eskas samarra zuen arren, Zabalguneko zinema begirunez hartu behar da, bere garaian hiri osoko emanaldien areto serio, iraunkor eta profesionalena izan baitzen. Adibidez, iruindarrek zinema hartan sentitu zuten aro mutuko Enrico Guazzoniren Quo Vadis? peplumak eragindako emozioaren indarra (antzinate klasikoan giroturiko filma).

Hirigintza-premiek 1921ean zinemaren desagertzea ekarri zutenean, Novedades, hisi krisi batek jota bezala, desarmatu egin zen eta Tuterara joan zen bizitzera, non zahartzaro lasai eta ohoretsuaz gozatu baitzuen.

Bere izenaren ospea 1934an San Agustin kalean zabaldutako Novedades Zinemak bereganatu zuen, 1967ra arte zinema egonkor moduan martxan egon zenak, alegia.

Jarduera nagusia pilota lehiaketak baziren ere –bistakoa bestalde, frontoi bat zen-eta–, San Agustin kaleko Euskal-Jai izenekoak barruan hartu zituen 18 urtez ikusle herrikoi eta sarritan iskanbilatsu samarrak, pilotariak Falta eta Pasa artean baino izarrak zeluloidean korrika ikustea nahiago zutenak.

Nahiz eta 1909an zabaldua izan, bost urte geroago horma gaineko emanaldiak eskaintzen hasi zen, eta 1930eko martxoan Iruñeko zinema soinudunaren lehenengo sistema ezarri zen bertan. Alabaina, bitxia bada ere, zinema soinuduna izan zen, baldintza akustiko penagarriekin, 1932an frontoi-zinema honen behin betiko porrota eraginez.

Zinema erregezalea

[aldatu]

Iruñean, izen bati loturik egon da zinema ikuskizun handia: Coliseo Olimpia. Izan ere, berariaz ikuskizun lokal bezala diseinatu eta eraikitako aurreneko eraikina izan zen, baina bazuen eragozpen bat, “hiriaren kanpoaldean” kokaturik egotea.

Jendeari, ordea, ez zitzaion axola izan, eta lehen egunetik Olimpiak ikusle zintzoak izan zituen.

Koliseoa modako lokala eta jende dotorearen topalekua zen, enpresak asmo elitistarik inoiz izan ez zuen arren; izan ere, 1.402 eserleku bete behar zituzten.

Olimpiako lehen emanaldia 1923ko abuztuaren 5ean izan zen. Gertakari handia izan zen Ben Hur filmaren estreinaldia 1929an, eta zinema soinudunak harrera paregabea izan zuen, 1931eko San Fermin bezperan Galas de la Paramount eskaini zenean.

Saide' enpresa sortu zen 1942an eta honek, Coliseo Olimpia erosita, enpresaren ikur nagusia izango zen egoitza nagusia ere eraikin horretan bertan ezarri zuen. Berrikuntza sakon baten ostean, 1964an berriro zabaldu zen, Carlos III, el Noble izenaz. Gertakari garrantzitsu horretarako film nahikoa erakargarri bat hautatu zen: La conquista del Oeste.

Edonon areto handien kaltetan, zinema anitzak ezartzen ari ziren heinean, Nafarroako Gorteen eta San Inazio etorbidearen bilgunekoa mantendu egin zen, penintsula iparraldeko edukiera eta pantaila handiko azken zinema gisa. Horrek aparteko gune horretan beren filmak jarri nahi zituzten enpresa banatzaileen gutizia piztu zuen, Saideri buruhauste handiak eraginez.

John Cameronen Titanic superprodukzioarekin, Carlos III-k amaiera gozo eta akuatikoa izan zuen: bildutako dirutzak ez zuen zinema anitzetarako birmoldaketa eragotzi.

“Nafarroako erregea, Saide Carlos III zinemen inaugurazioan”: eslogan gatzdun horrekin ostera zabaldu zen 2000n, Nafarroako erregeren gortean girotutako film bat programatuz: Kenneth Branaghen Trabajos de amor perdido, Shakespeare en obra batetik moldatua. Carlos III zinema berriek bost areto dituzte, guztira 1.080 eserleku eskainiz; horietan handiena 400 besaulki dituena da.

Príncipe eta Olite

[aldatu]

Carlos III zinemetatik berrogeita hamar metrora Saide Príncipe zinemak daude.

Bi solairu eta 800 eserlekuko edukierarekin 1940an eraikitako Príncipe de Viana zaharraren gainean, 1980an lehen birmoldaketari ekin zion, berori hiru zinema anitzeko aretotan banatuz. Hogei urte geroago, bigarren eraldaketa batek berriturik utzi zuen, eta zinema baldintza egokiagoetan emateko moduan. Guztira 680 eserleku ditu, eta Iruñeko aretorik handiena, 425 besaulkiduna.

Kate honen hirugarren zinema 1961ean jaio zen Saide Olite da. Viaje al fondo del mar filmarekin estreinatu zen. Hala, 940 eserleku zituela, ordurako mehatxu larria bihurtzen hasia zen telebistarekin lehiatzeko beste zinema itzel bat zen, ikuskizun handiak eskaini ahal izateko prestatua.

Hirurogeita hamarreko hamarkadako krisialdiak Olite, beste hainbat zinema bezala, eskaintza mota aldatzera behartu zuen. Diseinu berri batekin, 200 ikusleko lau areto hartuz, 1980tik aurrera zinema suspertu egin zen. Berrikuntza lan sakonak egin ziren 1999ko ekainean.

Golem zinemak

[aldatu]
Iruñeako Golem Zinemak

Beren burua “zinemaren bost maitale zorotzat” definitzen dutenak elkartu ziren, 1982an, zinema emanaldietan oinarritutako bost aisialdi gune sortzeko. Eraikinaren lehen harria Iruñeko Golem Zinemak izan ziren: lau areto. Jarraian 1988az geroztik sei, 1.250 besaulki, kafe jatetxe bat eta geroago liburu-denda bat (Xalem), diskoak eta bideoak ere salgai dituena.

Golem Baiona zinemen lehen hamarkadak emaitza bikainak eman zituen, eta horrek negozioa hedatzea ahalbidetu zuen. Donostia, Bilbo, Salamanca eta Leongo ikuskizun enpresekin elkartua, 1992an seina aretoko bi gune zabaldu zituzten Burgosen, eta zortziko beste bat, gero hamaikakoa bilakatuko zena, Logroñon.

Iruñeak zinema gehiago eskatzen zuela ikusita, 1996an Golem Yamaguchi zinemak sortu ziren, izen bereko plazan. Bost areto dira, 500 ikuslek kalitate bereziko baldintzetan zinemaz goza dezaten hornituak.

Azkenik, 1999an, Lizarrako Udalarekin lankidetzan, Golem enpresak hiri horretan hiru aretoko gune bat ireki zuen. Guztira, enpresa iruindar honek lau hiritan 37 areto ditu eta, beste zenbait enpresekin ikuskizun talde berean elkartuta, zortzi hiritan 80 areto baino gehiago kontrolatzen dituzte.

Golem enpresaren ustez, zinemak hirian errotuta egon behar du, eta horregatik hiriko orotariko taldeei zabaldutako jarduerak proposatzen ditu, hala nola emanaldi bereziak, saio monografikoak...

Hastapenetatik, Golem Taldeak garbi eduki du zinema, entretenimendua ez ezik, adierazpide eta komunikabide bat ere badela. Horregatik, ihesbidea baino zerbait gehiago eskatzen duten pertsonentzat zinema zailago, artistikoago bat sustatzeko interesa agertzen du.

Asmo horrekin, 1986an Golem Distribución, S.M. elkartea sortu zen. Konpainia honek Estatu espainiarrean kalitatezko film independenteak banatzen ditu. Hamarkada eta erdi honetan, enpresa banatzaileak kalitatezko filmen alde egin du, sarritan arrisku handia hartuz.

Irizpide horrekin, Golem Taldeak nazioarteko sariak irabazi dituzten hainbat film banatu ditu: Oscar sariak, La historia oficial eta Antonia’s Line; Cannesko Palmak, Un mundo aparte, El odio eta Rompiendo las olas; Berlingo Urrezko Hartzak, Mifune eta Encuentros nocturnos; Veneziako Urrezko Lehoia, Hana–Bi; edo Donostiako Jaialdiko Urrezko Maskorrak, Las cartas de Alou eta Un lugar en el mundo.

Gasteizko zinemak

[aldatu]

Azul Zinemak

[aldatu]

Jatorrizko dekorazioan nagusi zen koloretik datorkie izena. Luchino Viscontiren La caída de los dioses filmarekin inauguratu ziren, 1976an.

Zinema negozioak zituen eskakizun berrien arabera eraiki zen, ikusle-kopurua murrizten ari zen garai batean. Hau da, tamaina ertaineko zinema (500 eserleku), diseinu dotorekoa, Zaldiaran lorategien plazan aurrez zegoen pabilioi baten gainean jasoa.

Berrikuntza moduan, Azul zinema egunsentiko argi halogenoko (gradualki areagotu edo gutxiagotzen direnak, begia giroaren aldaketara ohitzeko) aurreneko zinema izan zen Gasteizen, eta hormetan plastikozko aurrefabrikatuak nabarmentzen ziren. Azul anfiteatrorik eta oihalik gabe egin zen, “ikusleen buruan zinemak ikuskizun zoragarriaren estimazioa galdu zuenaren seinale”, Juan Carlos Centeno adituak zuzen adierazten duen bezala.

Hasieran, Azul zinemak profil baxua izan zuen, bigarren mailako filmak eta berrizko estreinaldiak eskaintzen zituelarik. Samaniego eta Mikeldi zinemekiko lehiak zinema anitzeko bihurtzera bultzatu zuen, 1990ean, operazio xume baten bidez: planoan luzetarako ebaki bat egin zen, eta hortik bi areto atera ziren: bata, 193 eserlekukoa; eta bestea, 288koa.

Bederatzi uda igarota, Azul itxi egin zen, sustatzaile berrien esperoan. Patxo Sans zinemazale porrokatuak proposamen ausart bat egin zuen: kalitatezko bederatzi film independente jatorrizko bertsioan programatzea. Alabaina, ekimenak ez zuen aurrera egin, eta Azul ostera itxi egin zen, 2001eko urtarrilean.

Lokalaren kudeaketa Espectáculos y Negocios enpresak darama 2002ko hasieratik, eta honek ere azpitituluekiko jatorrizko bertsioen alde egin du, baina –eta aurrekoarekin honetan bereizten da– Ipar Amerika eta Europako film komertzialak eskainiz. Asmoak iragarriz bezala, Azul Zinemak bi film arrakastatsurekin zabaldu ziren: Alejandro Amenabarren Los otros eta Jean Pierre Jeuneten Amelie.

Florida Guridi Zinemak

[aldatu]

Gasteizen, “kinematografo” izenekoaren lehenengo emanaldi publikoa 1896ko azaroaren 1ean egin zen, Florida kaleko Circo Antzokian. Hogeita hamar urte geroago, suak lokala suntsitu zuen, eta berreraiketan antzerki-instalazioak desegin eta zinema bakarrik utzi zen. Horrela jaio zen Salón General.

Alabaina, zuzeneko ikuskizunak hartzea komeni zelakoan, Circo Antzokiaren eszenatoki zaharra birgaitu egin zen; hala sortu zelarik Salón Generaletik Florida Antzokia, 1949an Vitoriana de Espectáculos S.A. enpresak erosi zuena.

Florida Antzokiak bere azken funtzioa eskaini zuen 1985eko martxoaren 19an, –halabeharrez, egun horretan bertan Gran Cinema Albéniz itxi zen. Eta pikatxoiak 1998an eraitsi zituen antzokiaren hormak.

Orube horretan, 2001eko martxoan, Cines Florida-Guridi Zinemak izenekoak sortu ziren, egile zineman espezializatutako zazpi areto, guztira 800 eserleku –handienak 240 ditu, eta txikienak 55– hartzen dituztenak. Urtean 20 edo 25 film ematen dira, jatorrizko bertsioan.

Guridi Zinemak

[aldatu]

Floridak gehienbat egile zinema eskaintzen badu, Guridi VESA enpresaren zinemak komertzialak dira. San Prudentzio kalea, 6an kokaturik, aurrekoetatik metro gutxira, garai bateko Príncipe Antzokiaren orubeak hartzen dituzte. Teatro Guridi moduan, 1925an zabaldua, mende erdiz baino gehiagoz Gasteizko kultur, aisia eta gizarte jardueraren gune nagusietako bat izan zen.

Guridi Zinemak 1991ko abenduan zabaldu ziren, hiriko udalarekin luzez negoziatu ostean, azken honek antzoki zaharra eraikin babestua kalifikatu baitzuen. Hiruna aretoko bi gunetan egituratua, diseinuan gaur egungo premietarako egokitzapena antzeman daiteke: funtzionaltasuna kalitatearen kaltetan izan gabe, erosotasuna eta dotorezia, antzoki zaharraren hainbat apaingarriz iragana oroitzen duen abangoardiako estilo baten barruan. Erabiltzeke zegoen goiko aldean areto berri bat sortu zen, 1997an, Guridi Zinemen zazpigarrena.

Mikeldi Multiplex Zinemak

[aldatu]

Las cosas cambian. Mikeldi Zinemek 1989ko apirilean eman zuten lehenengo filmaren izenburuak jakinarazpen bat dirudi. Zeren gure herrian gauzak, hain zuzen ere, aldatzen ari baitziren zinemari lotutako aisialdiaren kontzeptuan. Samaniego zinemen ondoren –Arabako lehen minizineak, 1982an sortuak–, Mikeldi Multiplex Zinemek eskaria areagotu zuten, bost areto eta 1.230 eserlekurekin. Lurpeko garaje batzuen gainean, pabilioi bateko 1.300 m2 etan jaso ziren, urrun samar dagoen baina sarbide egokiak dituen gune batean, Legution.

Areto hauek bereizgarri duten programazio zainduak eskaria igo zuen, 2000an zinema bost aretotik bederatzira handitu zelarik. Gaur egun, Mikeldi zinemek 1.590 pertsona har ditzakete: 4. aretoak, handienak, 349 eserleku ditu, eta 8. aretoak, berriz, 67.

Ster Zinemak

[aldatu]

Hego Afrikako Ster Century konpainiak lehen zinema-gune bat ireki zuen Gasteizen, 2002ko maiatzean, eta egun batzuk geroago beste bat Madrilen.

Wellington etorbideko Lakua Merkataritza Gunean kokatua, multiplex hauek bederatzi areto dituzte, eta guztira 1.830 eserleku. Areto handienak 307 eserlekuko edukiera du, eta txikienak 180koa. Denek dolby digital soinu-sistema eta DTS dute. Formatu panoramikoko emanaldietan pantaila mugatzeko errezela duen herrialdeko zinema bakarra da.

Yelmo Cineplex Gorbeia

[aldatu]

Etxabarri Ibiñako errepidean, Zigoitiko herrian, Gorbeia Merkataritza eta Aisialdi Gunea dago, eta han daude kokaturik 2001eko amaieratik Yelmo Cineplex Gorbeia zinemak. Zinema guneak 14 areto eta 3.000 besaulki ditu, eta irudi eta soinuan teknologia aurreratuenak.

Yelmo Films eta Loews Cineplex International elkartzetik sortua 1998an, Yelmo Cineplex estatuko bigarren zinema katea da, eta Espainia osoan barreiatutako 285 areto kudeatzen ditu.

Desagertutakoak

[aldatu]

Ideal Cinema edo Gran Cinema Albéniz (1925-1985). Zinema emanaldiak baino eskaintzen ez zituen hiriko lehen eraikina zen. Harrizko begiratokia zuen bere fatxada ederreko idazkuna aldatu zuen, 1976ko eraberritzearen ondoren, hau da, Ideal Cinema jartzen zuen lekuan Gran Cinema Albéniz jarrita. Honek 749 eserleku zituen.

Gran Cinema Vesa (1951-1982). Vitoriana de Espectáculos enpresak jada zinema sektorearen zatirik handiena kontrolpean zuenean, zinemarako eraikinak jasoera sustatu zuen. Aurrenekoa “el Vesa” izan zen, San Prudentzio kalea eta Foruak kalearen bilgunean; 1.305 eserleku zituen. Primerako akustika eskaintzeko berrikuntza tekniko guztiak zituen arren, pantaila txikiegia zelako luze gabe zaharkituta geratu zen.

Amaya Antzokia (1955-1982). Aurrekoak ez bezala, Amayak bazuen zinema panoramikoa eskaintzeko pantaila erraldoia, eta ia beti haur eta familientzako filmak ematen zituen. Antzokiaren alokairu kontratuak 3 R edo goragoko filmak eskaintzeko debekua jasotzen zuen. La ley del silencio filmarekin zabaldu zen, eta Veinte pasos para la muerte filmarekin itxi.

Samaniego (1959-2001). Mila eserleku inguruko auzoko zinema handia izatetik Gasteizko lehenengo minizinema izatera pasa zen, 4 areto eta 662 eserlekurekin.

Gran Cine Gasteiz (1964-1991). Cleopatrako Elisabeth Taylor ikonikotik Terminator 2ko Arnold Schwarzenneger gihartsura 27 urte eta emanaldi ugari pasa dira Gasteiz zineman, bere garaian 70 mm ko Todd AO soinu-sistema zuen hiriko bakarra.

Iradier Zinema (1966-1982). Auzoko zinema, repriseak eta bigarren mailako estreinaldiak ematera etsita, VESAk Samaniego zinemaren eredua jarraituz eraikia; 992 eserleku zituen.

Astoria Palace Zinema (1966-1986). Zabaldu zenean “EEBBetatik inportatutako ekipamendu klimatizatua”, “Perlux Pantaila erraldoia” eta “70 mm ko Todd AO instalazio modernoa” iragartzen zituen “zinema moderno” honek ere 900 ikusle har zitzakeen. Iragarkiak honela amaitzen zuen: “¡Un derroche de moderna elegancia!”

Iris Salón Zinema (1976-1990). Principal antzokiko areto anbiguoan arte eta saiorako emanaldiak eskaintzeko prestatutako areto ñimiñoak Iris izena hartu zuen, Gasteizko lehen zinemak bezala, eta harena bezala honen bizialdia ere laburra izan zen.

Mikeldi Cinema (1980-2001). Ez zituen 182 eserleku baino, begi zorrotzenentzat soilik. Izan ere, Mikeldi Iñaki Núñez eta Araba Filmseko bere bazkideen fruitua izan zen, horiek ekoizle, banatzaile eta emanaldien arduradun-lanak egiten zituztelarik, egoitzak Gasteiz eta Bilbon dituen Mikeldi katearen bidez.