Edukira joan

Euskal antzerti eta zinea/Zinema munduko jendea

Wikibookstik

TALDEKO LANA DA ZINEMA, ezin konta ahala profesionalen partaidetza eskatzen duena. Gehienetan antzezle, zuzendari edo ekoizleez baino oroitzen ez bagara ere, film baten arrakasta edo porrota gidoilari, zuzendari artistiko, jantzien zuzendari, musikagile, makillatzaile, efektuetan aditu eta beste hainbaten talentu eta trebeziaren mende dago. Berdin platotik kanpo, kritikari eta adituek sustatzen dute zazpigarren artearen garapena.

Xabier Agirresarobe argazki zuzendaria

[aldatu]

Laurogeiko hamarkadan, 1973an, euskal zinemaren irudi sortzaile nagusia den Xabier Agirresarobek (Eibar, 1948) euskal zuzendarien film ugariren argazkiak egin ditu: Ikuska saila, El proceso de Burgos, Segoviako ihesa, Golfo de Vizcaya, Mikelen heriotza, Fuego eterno, 27 ordu, Día contados, Bwana, La madre muerta, El sol del membrillo, Tierra, Secretos del corazón

Fotografia zuzendari gisa egin zuen lehen filma izan zen Fernando Colomoren (1978) ¿Qué hace una chica como tú en un sitio como este?

Zuzendari espainiarrek beren pelikulen argia eta kolorea Xabier Agirresaroberen esku utzi zituzten, esaterako, Pilar Miró, Gonzalo Suárez, Ricardo Franco, José Luis Cuerda, Mario Camus, Carlos Saura, Fernando Trueba edo Pedro Almodóvarrek.

Nazioarteko zenbait sari eta Argazki Onenaren lau Goya irabazi zituen, azken horiek Beltenebros, Antártida, El perro del hortelano eta Los otros lanengatik. Amenabarren filmak Ipar Amerikako merkatuan ezagun bihurtu dute, eta litekeena da oso luze gabe Agirresarobek lurralde hartan erronka berriei ekitea.

Ofizioaz hau dio argazkilari gipuzkoarrak:

“Fotografia zuzendari bat sortzaile, teknikari eta langileburuaren arteko nahasketa bitxi bat da. Eta horien artean funtzio bat gailendu beharko balitz, irudiaren kontzientzia estetiko eta plastikoa duen sortzailearena izan beharko lukeela uste dut. Eta kontzientzia hori begien aurrean gidoi bat duzun egun horretantxe jaiotzen da. Zure burua hura fotografikoki interpretatzeko gai sentitzen duzu. Argi- eta kolore-kontzeptu bat bideratzeko gai. Filmaketa gero etorriko da, baina une horretan filmak idatzita egon behar du zure begietan”.

«Arri» eta «Biafra» zuzendari artistikoak

[aldatu]

Jose Luis Arrizabalaga “Arri” eta Arturo García “Biaffra” egileek osatutako bikotea zuzendaritza artistikoan nabarmendu da, zenbait lan bikain eskainiz, hala nola Justino, un asesino de la tercera edad –eta La Cuadrillaren trilogiaren gainerakoa–, Perdita Durango, A ciegas, Torrente, el brazo tonto de la ley, Muertos de risa eta La comunidad.

El día de la bestia filmarekin irabazi zuten, 1995ean, beren espezialitateko Goya saria.

Carmelo Bernaola musikagilea

[aldatu]

Carmelo Bernaola (1929-2002) bizkaitarra, 80 soinu banda baino gehiago egina, bere belaunaldian zinemako musikagile oparoenetako bat izan zen. Hainbat zuzendarirentzat musika originala egin zuen: Orson Welles (Campanadas a Medianoche), Gonzalo Suárez (La Regenta), Antonio Giménez Rico (El hueso, El Cronicón, ¿Es usted mi padre?, Jarrapellejos edo Soldadito Español), Pedro Olea (Días de viejo color, La casa sin fronteras, Tormento, Pim pam pum, fuego, Un hombre llamado flor de otoño edo Akelarre), Antonio Drove (Tocata y fuga de Lolita, Mi mujer es muy decente dentro de lo que cabe), Roberto Bodegas (Los nuevos españoles, Vida conyugal sana), José Luis García Sánchez (El love feroz, Adiós con el corazón, Pasodoble) edo Fernando Fernán Gómez (Mambrú se fue a la guerra). Emandako elkarrizketetan Los paraísos perdidos eta Nueve cartas a Berta filmentzat egindako soinu bandak begikotasun bereziz gogoratu zituen.

Zinema Idazle Zirkuluaren saria hiru aldiz irabazi zuen, lan hauekin F. Regueiroren Si volvemos a vernos; B. Martín Patinoren Del amor y otras soledades; eta F. Beltriuren Corazón solitario. Hil aurretik, Espainiako Zinemako Arte eta Zientzien Akademiak Urrezko Domina eman zion.

Luis de Pablo musikagilea

[aldatu]

Zineman Kerexeta eta Ezeizak hala eskatuta hasi zen, A través de San Sebastián filmeko musika konposatuz. Lan horretan musikak funtzio urrunkor eta urratzailea jokatu zuen.

Geroztik eta laurogeiko hamarkadara arte, Luis de Pablok (Bilbo, 1930) zinemako musikaren alorra sarritan jorratu zuen, batik bat aukerako zuzendari multzo batentzat: Carlos Saura, Antxon Ezeiza, Xabier Agirre, Biktor Erice, Pedro Olea, Ricardo Franco, Gonzalo Suárez, Jaime Chávarri.

Jesús de García Leoz musikagilea

[aldatu]

Bizitza laburra izan arren (Olite, 1904-Madril, 1953), Jesus García Leozek gerraosteko laurogei film espainiar baino gehiago musikaz koloreztatzeko denbora izan zuen. Nafar honi zor diogu Bienvenido Míster Marshall filmaren soinu banda ospetsua, eta baita Esa pareja feliz, Botón de ancla, Surcos' edo Balarrasa filmeena ere.

Jorge Gerrikaetxeberria gidoilaria

[aldatu]

Alex de la Iglesiaren filmak, neurri handi batean, Jorge Gerrikaetxeberriaren (Avilés, 1965) irudimen eta idazlanaren emaitza dira. Bilbotar eta adopziozko gasteiztar honen arte sinbiosia Alex ezagutarazi zuen Mirindas asesinas film laburraren garaitik dator. Gerrikaetxeberriak, bestalde, Pedro Almodóvar-ekin Carne trémula filmaren gidoia moldatzen dihardu.

Juan Miguel Gutiérrez ikerlari eta zinemagile

[aldatu]

Juan Migel Gutiérrez (Errenteria, 1945), Bruselako INSASen ikus entzunezkoen ikaslea, euskal zinemaren historian haurrentzako euskaraz filmatutako lehen filmaren egilea da. Filma 1977an egin zen, eta Balanzatxoa zeritzan.

Zinema jardueren animatzaile moduan, Eusko Ikaskuntzaren zinema atalaren buru izan zen, hainbat zentrotan ikastaroak eman zituen, kritika landu zuen eta Sombras en la caverna, el tempo vasco en el cine izeneko lan interesgarrien egilea da. Gainera, hirurogeiko hamarkadan arrakasta handia lortu zuen Bai horixe telesailaren arduraduna izan zen.

Satur Idarreta zuzendari artistikoa

[aldatu]

Zuzendaritza artistikoan 1989an hasi zen, baina ospea bi urte geroago heldu zitzaion, Juanma Bajo Ulloaren Alas de mariposa lanarekin. Zuzendari gasteiztarrak bere hurrengo bi film luzeetan ostera baliatu zuen, eta baita Julio Medemek ere, La ardilla roja, Tierra y Los amantes del Círculo Polar pelikuletan.

Alberto Iglesias musikagilea

[aldatu]

Zinema espainiarrean Goya sari gehien irabazitako artista da Alberto Iglesias (Donostia, 1955). Haren apaletan bost estatuatxo daude jada: La ardilla roja (1993), Tierra (1996), Los amantes del Círculo Polar (1998), Todo sobre mi madre (1999) eta Lucía y el sexo (2001). Ikus daitekeenez, arrakasta batik bat Julio Medem zuzendariaren eskutik heldu zitzaion, baina beste hainbat zuzendarirentzat egindako partiturek ere merezitako sona ekarri zioten: Imanol Uribe, Carlos Saura, Pedro Costa, José Luis Cuerda, Daniel Kalparsoro, Bigas Luna eta, batez ere, Pedro Almodóvar (La flor de mi secreto, Carne trémula, Todo sobre mi madre).

Films Works konpaktu bikoitzak jasotzen ditu artistak laurogeita hamarreko hamarkadan egindako soinu bandak.

Angel Illarramendi musikagilea

[aldatu]

Angel Illarramendi (Zarautz, 1958) antzerki ikuskizunak medio topo egin zuen lehenengoz fikzioarekin: Arlequin, servidor de dos amos, Las troyanas.

Tasio filmari musika jarriko zion 1984an, eta Elias Kerexetarekin lankidetzan hasi zen, urteetan zehar hainbat emaitza emango duena: 27 ordu, El aliento del diablo, El último viaje de Robert Rylands.

Oraindik orain, izan dugu “arima jomuga duten lanak” egiten dituela dioen musikari honek egundo konposatutako soinu bandarik onenaz gozatzeko parada: Juan José Campanellaren El hijo de la novia film hispanoamerikarrarentzat egindakoa.

Luis Iriondo musikaria, antzezlea eta koordinatzailea

[aldatu]

Euskal zinema eta kantuaren pertsonaia polifazetikoa, Luis Iriondok (Azkoitia, 1934) hirurogeiko hamarkadaren erdialdean Los Contrapuntos taldea sortu zuen, eta hogeita hamar disko baino gehiago grabatu eta estatuan nahiz atzerrian ibili zen. Geroago beste kantari batzuentzat musika egiteari ekin zion, eta prentsa zein irratian musika kritikaren berritzailea izan zen.

Hirurogeita hamarreko hamarkadan zinemaren munduan sartu zen, ekoizpen-industrialetan parte hartuz, eta asmo handirik gabe antzezle lanak egiten hasi zen, José Mª Fornen Companys, proceso a Cataluña filman Kataluniako aurreneko lehendakariarena eginez.

Noizbehinka Jaime Camino, Ventura Pons edo Xabier Agirreren filmetan parte hartzen zuen, eta El Pico filmaren lehen eta bigarren zatietarako zein Otra vuelta de tuerca, Gran Sol eta Terranova lanetarako musika partiturak egin.

Luis Iriondo Ikuska seriearen sustatzaileetako bat izan zen, eta sail horren hogei emanaldietan koordinatzaile orokor jardun zuen.

Koldo Larrañaga zinemazalea

[aldatu]

Koldo Larrañaga (Azkoitia, 1923) apaiza da ofizioz, baina debozio bikoitza du: arimen salbazioa eta zinema. “Zineman xede erabat pastoralaz sartu nintzen –gogoratzen du Aita Larrañagak. Zinema mezu kristaua helarazteko eta jendea kristautasunean hezteko baliabide zen aldetik interesatzen zitzaidan”.

Hastapenetan euskal zinekluben animatzaile nekaezina eta super 8ko egile saiatua izan zen, 1976ko martxoan Gasteizen jazotako gertakariei buruzko Neguazkena film luze interesgarriaren sortzailea.

Zinema irakaskuntzan sartzeaz arduratuta, Olabide ikastolan sorkuntza-esperientzia bat garatu zuen, fruitutzat Sorginkeriak (1976), Euskera Araban (1977) eta Idoi ipuia (1978) fikzioa eman zituena.

Ikuska sailaren 8. emanaldia zuzendu zituen 1980an, Arabako landako eremuetan populazio galtzeari buruzkoa.

Caicedo Sopeñako parrokoak, Enrique Calvo lagun, ikerlan itzel bat burutu zuen: Lo vasco en el cine, aditu eta zaleentzat ezinbesteko kontsulta lana.

Josune Lasa jantzi diseinatzailea

[aldatu]

Donostiako Perplejos taldean nabarmendu zen jantzi-sortzaile originala, zineak 1983an erakarri zuen Mikelen heriotza. Figuringile edo jostun moduan, Josune Lasak (Donostia, 1954) jada filmografia luze samarra egina du, besteak beste, Juanma Bajo Ulloa, Imanol Uribe, José Angel Rebolledo, Helena Taberna, Itziar Bollaín, Fernando Colomo eta Pedro Almodóvar zuzendarien lanetan.

Montxo Armendarizen Secretos del corazón eta Silencio roto filmetan jantzien diseinu dotoreak egin ditu.

Film labur bat zuzendu zuen, hain zuzen ere, 1991eko zenbait lehiaketetan txalotu eta saritua izan zen La cena.

Francis Lopez musikagilea

[aldatu]

Donibane Lohitzunen jaiotako musikagile honek Luis Mariano “operetaren printzea” gailurrera eraman zuten kanta guztiak konposatu zituen; besteak beste, Violetas imperiales, La bella de Cádiz edo El cantor de México berrogeita hamarreko hamarkadako arrakasta handiak, Francis Lópezek genero musikalean konpositore lanean zuen balioaren erakusgarri.

Luis Marías gidoilaria

[aldatu]

Creativideo ekoizpen-etxea bitarteko, Enrique Urbizuri lotua, 1987an idatzi zuen Tu novia está loca filmaren gidoia –euskal zinemako lehen komedia.

Todo por la pasta filmarengatik, gidoi onenaren Goya sarirako hautagaia zenak zazpi lan geroago irabazi zuen saria, Salvador Garcíaren (1998) Mensaka filmaren gidoiarekin.

Farmacia de guardia, Turno de oficio eta A las once en casa telesailetan trebatu da.

Luis Maríasek (Bilbo, 1962) zuzendari lanetan bere lehen film luzea, “X” izeneko thriller bat, 2002an estreinatu zuen.

José Angel Rebolledo zuzendari, gidoilari eta aditua

[aldatu]

Ortuoste eta Rebollorekin, José Angel Rebolledok (Bilbo, 1941) Bizkaiko zinemaren eragile izan diren injineru industrialen hirukotea osatzen du.

Madril aldera joan zen 30 urterekin ofizioa utzita, Zinemako Eskola Ofizialean ikasketak egitera, han Imanol Uriberekin adiskidetu zelarik.

Itzuleran Oteiza tankerako Arriluce filmarekin estreinatu zen, Fernando Larruquerten Euskal Herri Musika lanaren gidoi moldaketan parte harturik.

Aiete Films sortu zuen 1983an, Mikelen heriotza gidoiaren egilekide, eta 1985ean berak idatzi eta zuzendu zuen Fuego eterno ekoizteko. Lluvia de otoño (1988) filmarekin ez zuen arrakasta handirik lortu.

Gaur egun EHUn ikus entzunezko komunikazio-eskolak ematen ditu. Ilusión y realidad. La aventura del cine vasco en los 80 liburuaren egilekidea da.

Juan A. Ruiz Anchía argazki zuzendaria

[aldatu]

Laurogeiko hamarkadaren erdialdeaz geroztik, Juan Antonio Ruiz Anchía (Bilbo, 1949) nabarmendu zen, zinema amerikarreko fotografo itzaltsuenetako bat bihurtuz. Los Angelesko American Film Institute izenekoan trebatua, bere izena zuzendari askoren filmetan agertzen da, hala nola David Mamet (Casa de juegos, Las cosas cambian), Andrei Konchalovski-ren (Los amantes de María), Mike Figgis-en (Liebestraum, Mr. Jones), James Foley-en (Hombres frente a frente, Glengarry Glen Ross), eta Joel Schumacherren (Elegir un amor).

Argazki onenaren Goya saria lortu zuen 1998an, A.J. Betancor en Mararía lanarengatik.

José M. Unsáin historialaria

[aldatu]

Hacia un cine vasco, eta, batik bat, El cine y los vascos (1985) lanekin, José Mª Unsainek (Orio, 1951) Euskal Herrian zinema historiografikoaren oinarriak ezarri zituen. Beste zenbait lan ere egin zituen, Los vascos y el cine experimental, Nemesio Sobrevila, peliculero bilbaíno kasu, eta Haritzaren negua. ‘Ama Lur’ y el País Vasco de los años 60 liburuaren argitalpena.

Euskal Filmoteka bitarteko, Unsainek balio handiko ikus entzunezko materialen berreskurapenean lan handia egin du.

Komiki, publizitate eta arte plastikoei buruzko hainbat liburu argitaratu ditu.

Gidoilari moduan Antxieta, escultor (1990) eta La conquista del horizonte (1991) dokumentaletan aritu da.

Manuel Villegas gidoilari eta teorialaria

[aldatu]

Manuel Villegas (Donostia, 1906 - Madril, 1980) zinema espainiarreko aurreneko teorialari handitzat hartzen da.

Errepublikako urteetan zinema-kritikaria, zinekluben sustatzailea eta Estatuko Zinema Zerbitzuetako Buru izan zen. Espainian nahiz Argentinan, Gerra Zibilaren ondoren kokapen hartu zuen herrialdean, ikerlan garrantzitsuak argitaratu zituen: Charles Chaplin, el genio del cine, Cine francés, besteak beste.

Ulermen teoriko aurreratu samarraz, zinema “gizon modernoak sortutako arte bakarra” zela adierazi zuen. Buenos Airesen Zinemako Ikasketen Zentroa sortu zuen 1950ean, eta zenbait zuzendarirentzat gidoiak idatzi zituen, batik bat León Klimovskyrentzat, eta harekin, Espainiara itzultzean, El jugador, Los amantes del desierto, Una chica para dos eta La casa de las chivas filmetan esku hartu zuen.

Zinemako Idazleen Zirkuluak 1980an haren lana aintzatetsi zuen, hil ostean.

Santos Zunzunegi aditu eta kritikaria

[aldatu]

Doktorea eta unibertsitateko katedraduna, Santos Zunzunegi (Bilbo, 1947), obra baten egilea da, El cine en el País Vasco, eta argitaratu zenetik hogei urte pasa diren arren, erreferente izaten jarraitzen du liburuak. Besterik ere idatzi zuen, esaterako, La mirada cercana, Pensar la imagen eta Paisajes de la forma. Kritikari itzaltsua, zenbait film laburretarako gidoiak ere idatzi zituen.