Edukira joan

Euskal antzerti eta zinea/Zinema politiko eta historikoa

Wikibookstik

TRANTSIZIO URTEETAN Euskal Herrian egin zen zinema, salbuespenak salbuespen, politikoa zen edukiz. Errepresioaren salaketa eta euskal herriaren izate bereziaren aldarrikapena izan ziren, besteak beste, Estado de excepción, Irrintzi, Viudas de vivos e mortos, Ez, Ikurrinaz filmea gure filmen ardatzak.

Toque De Queda (1978). 63’

[aldatu]

Prod.: Araba Films. Zuz. eta Gid.: Iñaki Núñez. Antzez.: Xabier Elorriaga, María Pardo, Juan Subinas, Manuel Litián, Isabel Ayúcar. Trantsizio urteetan Euskal Herrian egiten zen zinema, salbuespenak salbuespen, politikoa zen edukiz. Errepresioaren salaketa eta euskal herriaren izate bereziaren aldarrikapena izan ziren, besteak beste, Estado de excepción, Irrintzi, Viudas de vivos e mortos, Ez, Ikurrinaz filmea gure filmen ardatzak.

Toque de queda filmak heriotza zigorra jasotako bi preso politikoen drama kontatzen du. Ez da film onegia, bai ordea, garaiaren eta erresistentziaren epikaren erakusgarri.

El Proceso de Burgos (1979). 130’

[aldatu]

Prod.: Cobra Films, Irrintzi Zinema. Zuz.: Imanol Uribe.

El proceso de Burgos filmaz Imanol Uribek birritan asmatu zuen: frankismoaren aurkako erresistentziari buruzko funtsezko dokumentu batez gain, euskal zinemaren historiako lehenengo film komertziala egin zuen.

Urte haietako politikaren pisu gehiegizkoak ez zuen akaso filmaren balio gizatiar eta historikoak igartzen askorik lagundu, hain zuzen ere, gaur egun filma berriro ikustean gehien nabarmentzen diren alderdiak horiek direlarik.

Filmak eskuratu zituen,besteak beste, Donostiako Zinemaldian Espainierazko Film Onenaren Kantauriko Perla Saria, Benalmadenako Jaialdian Lehenengo Saria eta Kordobako Zinema Historikoko Jaialdian Ikusleen Saria.

Segoviako Ihesa / La Fuga de Segovia (1981). 110’

[aldatu]

Prod.: Frontera Films. Zuz.: Imanol Uribe. Gid.: Angel Amigo, Imanol Uribe, Angel Amigoren Operación Poncho liburuan oinarritua. Antzez.: Xabier Elorriaga, Mario Pardo, Chema Muñoz, José Manuel Cervino, Virginia Mataix.

Segoviako ihesa filmarekin jaio zen euskal zinema berria, Autonomia Erkidegoko erakunde berrien babesean.

Filmak Uriberen aurreko lanen izaera dokumentala du, 1976ko apirilean Segoviako kartzelatik ETAko 29 presok burututako ihesaldia berregiten baitu, apaingarri dramatiko gutxirekin. Pertsonaien motibazioak edota beraien arteko alde ideologiko edo psikologikoak apenas jorratzen dira, filmaren hari gidaria ekintzan oinarritzen delarik.

Proiektuan eskarmentu handiko antzezleek nahiz luze gabe euskal zineman punta puntako izango ziren gazteek parte hartu zuten, ihesaldiaren egiazko protagonista zenbaitekin batera.

Albaniako Konkista / La Conquista de Albania (1983). 106’

[aldatu]

Prod.: Frontera Films. Zuz.: Alfonso Ungría. Gid.: Arantxa Urretabizkaia, Angel Amigo, Alfonso Ungría. Antzez.: Xabier Elorriaga, Chema Muñoz, Klara Badiola, Walter Vidarte, Miguel Arribas.

Bi urte geroago Segoviako ihesaren arrakasta berritu nahi izan zen, oso ezaguna ez zen ahalbide dramatiko handiko gertakari historiko batekin. Errege nafarrak XVI. mendean Karlos II.ak soldaduen espedizio bat bidali zuen Albania konkistatzera. Alabaina, filmaren iraupen luzeegiak, erritmo eta gidoi aldetiko arazoek eta filmaren promozioan sortutako gehiegizko iguripenak –kasik “euskal peplum” bat bezala saldu zen– proiektua zapuztu egin zuten, honek alderdi eta une bikainak dituen arren.

Akelarre (1983). 100’

[aldatu]

Prod.: Amboto. Zuz.: Pedro Olea. Gid.: Pedro Olea, Gonzalo Goikoetxea. Antzez.: Silvia Munt, José Luis López Vázquez, Mari Carrillo, Walter Vidarte, Patxi Bisquert.

Euskal zinemaren lehen labealdiak Euskal Herriko historia izan zuen inspirazio-iturri. Eta sorginkeria, jakina, gidoilari eta zuzendarientzat gai tentagarria zen. 1983an Pedro Oleak gai honi heldu zion, behinolako paganismoaren eta kristautasun bateratzailearen arteko borroka islatzen duen istorio baten bidez.

Gertaberritze historiko zorrotz batean oinarrituta, Oleak kapitalismoaren hastapenetako gizarte nafarraren koadro konplexu bat filmatu zuen, manikeismoak eta irakurketa politiko interesatuak saihestuz.

Erreporteroak / Los Reporteros (1984). 90’

[aldatu]

Prod.: Leitzarrak Kooperatiba. Zuz.: Iñaki Aizpuru. Gid.: Iñaki Uria, Iñaki Aizpuru, Juanjo Landa. Antzez.: Juanjo Landa, Seve Díez, Isabel Egiazabal, Mónica Rico.

Politikoki ezkerrekoak ziren ikuspegi ezberdineko telebistako bi erreportari freelance-ren arteko adiskidetasuna pitzatuz joan zen, 1981ean gure herrian jazotako gertakariak medio (Otsailak 23, Ryan injineruaren eta Mikel Arregiren erailketak, Erregearen bisita Gernikara...). Abiapuntu interesgarri horrekin, Erreporteroak filmak zalantzati egin zuen aurrera eta azkenean porrota, euskal zinemak bere nerabezaroan eman zituen asmo oneko hainbat film artistikoki eskasek bezala.

La Monja Alferez (1986). 113’

[aldatu]

Prod.: Goya Films, Actual Films. Zuz.: Xabier Agirre. Gid.: Xabier Agirre, Alberto S. Insua, Katalina de Erausoren Memorias eta Thomas de Quinceyren The spanish military nun lanetan oinarritua. Antzez.: Esperanza Roy, Blanca Marsillach, Conrado San Martín, Isabel Luque, Luis Iriondo.

Katalina de Erauso moja alferizaren bizitza eta legenda erakargarritasun nabarmeneko beste gai historiko bat da. XVII. mendeko Amerikan gizonarena egin eta gradu militar, ohore nahiz emakumeak eskuratu zituen emakume donostiarra horren abenturak Xabier Agirrek zuzendu zituen.

Baliabideen eskasia grinaz eta profesionaltasunaz ordezkatuz, eta Esperanza Roy bikain bat lagun, Agirrek film dibertigarri eta atsegina lortu zuen. Kritikak, ordea, ez zuen iritzi bera izan, eta filmak ikusleen babesa ere ez zuen erakarri.

A Los Cuatro Vientos. Lauaxeta (1987). 90’

[aldatu]

Prod.: Igeldo Produkzioak. Zuz.: José Antonio Zorrilla. Gid.: José Antonio Zorrilla, Arantxa Urretabizkaia, Xabier Elorriaga. Antzez.: Xabier Elorriaga, Anne Louise Lambert, Jean Claude Bouillaud, Peter Leeper, Antonio Passy.

Gernikako bonbardaketaren 50. urteurrena zela eta, Angel Amigok Esteban Urkiaga idazle eta poetaren bizitzan oinarritutako film hau ekoitzi zuen. Lauaxeta ezizeneko idazle honek Gerra Zibilean Euskadiko armadarekin komandante gradua lortu zuen, eta fusilaturik hil zen. Ordura arteko euskal zinemaren filmik garestiena izanik, emaitzak ez zituen inondik ere aurreikuspenak bete. Gidoia hagiografian erori zen, eta ez zuen lortu pertsonaiaren barne oinazean sar gaitezen. Proiektuaren atzean sasi-politika ugari eta heldutasun artistiko eskasa igartzen dira.

Ander eta Yul (1988). 90’

[aldatu]

Prod.: Igeldo Produkzioak. Zuz.: Ana Díez. Gui.: Angel Fdez. Santos, Ana Díez, Angel Amigo. Antzez.: Migel Munárriz, Isidoro Fernández, Carmen Pardo, Joseba Apaolaza, Ramon Barea.

Ander eta Yul filmak euskal arazo soziopolitikoaren lehenengo ikuspegi konplexu eta heldua eskaintzen zuen. Baliteke Ana Díezen lanak alderdi ahulak izatea, baina erasaten gaituen dramaren azterketa xeheari heltzearen ausardia, zintzotasuna eta gaitasuna ezin zaizkio ukatu. Horrexegatik, filmaren aurkako kritika suminkorrenak hemen egin ziren: zauriak irekita eta zornea zeriela, ikasketa, joan etorri eta borroka-lagun ziren biren istorioa, jada itxuragabetutako ideia batengatik beren buruak suntsitzen dituzten bi pertsonen istorioa, sumina eragiteko modukoa zen. Baina, zinemak izan dezakeen xede gorenekoa ez da, bada, geure buruak geure anormaltasunen ispilu aurrean jartzea?

Crónica de la Guerra Carlista (1872-1876). 86’

[aldatu]

Prod.: Zauli Films. Zuz. eta Gid.: José Mª Tuduri. Antzez.: Paco Sagarzazu, Ramon Agirre, Rafael Enrique, Patxi Barco, Agustin Arrazola.

Bost urtetan zehar, noizean behingo diru sarreren bulkadez eta 16mm eta 35mm ak baliatuz, Jose Mari Tuduri tolosarra, euskal karlismoan aditua eta Parisen hezitako argazkilaria, film didaktiko eder hau filmatu zuen. Egitura simetriko batetik abiatuta, narrazioak Bigarren Karlistadan borrokatu zuten alderdien arrazoi eta argudioak agertzen ditu ikuslearen aurrean, eta soldaduen eguneroko bizitza zehazki gertaberritzen du. Zine historikoaren ekinaldi bikaina da, euskal gizartearen mendetako ajeak zentzuz ulertzeko ahaleginean.

Ke Arteko Egunak / Días de Humo (1989). 110’

[aldatu]

Prod.: Bertan Filmeak, Trenbideko Filmeak. Zuz.: Antxon Ezeiza. Gid.: Antxon Ezeiza, Koldo Izagirre. Antzez.: Pedro Armendariz jr., Elene Lizarralde, Iro Landaluze, Ikerne Letamendi, Patxi Ugalde.

Donostiako Zinemaldian lehiatu zen euskaraz zuzenean Antxon Ezeizak filmatutako lehen filma, Ke arteko egunak bere lurraldera itzultzearen testigantza egiten du egileak, Amerikako erbestean urteak eman ostean.

Pertsonaia nagusia, Pedro Sansinenea, hogei urteren buruan Donostiara itzultzen da, eta gaitz zaharrek zaharrean jarraitzen dutela igarri zuen: pertsonalak, alkoholismora eta bakardadera eraman zutenak, eta gizarte gaixo batenak, zeinarekin harreman mingarria baitu. Ezeizaren filma geruza existentzialista batek estaltzen du, eta horixe da, hain zuzen, bere bertute nagusia.

Santa Cruz, El Cura Guerrillero (1990). 91’

[aldatu]
"Santa Cruz, el cura guerrillero" filmaren fotograma.

Prod.: Zauli Films. Zuz.: José Mª Tuduri. Gid.: José Mª Tuduri, José Antonio Vitoria, Mitxel Gaztanbide. Zuz.: Ramon Barea, Carlos Zabala, Aitzpea Goenaga, Ramon Agirre, Agustin Arrazola.

Crónica de la Guerra Carlista filmaren bermeaz, Jose Maria Tudurik zuzendari aproposa zirudien Santa Kruzen biografia –Hernialdeko erretore, azken karlistadan integrista-saldo bortitz eta hertsi bat, finean alderdi ororentzat arriskutsua, eratu zuena– pantailaratzeko. Baina proiektua, hasiera batean Euskal Herritik Amerikara hedatu zen jazarpen istorio baten antzera moldatua, saialdi zehaztugabe eta sinesgarritasun eskaseko bat bihurtu zen ia western klasiko baten modukoa, aurrekontu arazoak medio. Antzezleen ahaleginak –Ramon Bareak bikain jokaturiko pertsonaia egosgogor eta itxi batekin– ez zuen osotasunaren arrunkeriatik irteterik lortu.

El Rey Pasmado (1991). 105’

[aldatu]

Prod.: Aiete Films, Ariane Films. Zuz.: Imanol Uribe. Gid.: Juan Potau, Gonzalo Torrente Malvido, Gonzalo Torrente Ballesterren Crónica del Rey pasmado nobelan oinarritua. Antzez.: María Barranco, Joaquín de Almeida, Laura del Sol, Gabino Diego, Juan Diego.

Imanol Uribek –Aiete Films bere euskal ekoizpen etxearen burua– 1991eko film garrantzitsuena egitea lortu zuen: El rey pasmado filmak zortzi Goya irabazi zituen, eta 300 milioi pezetako emaitza. Umore dotoreaz, girotze bikainaz eta ozartasun finaz, Felipe IV.aren (Gabino Diego) istorioa kontatzen du. Erregea, prostituta baten atzealde biluzia (Laura del Sol eta honen ordezkoa gorputzari dagokionez) begiestean, bere emazte eta erreginak bere merinake azpian gordetzen zituen sekretuak bistaratzearekin obsesionatu zen, Austriarren gortean zisma bat eta kasik gatazka diplomatiko bat eraginez.

Yoyes (2000). 104’

[aldatu]

Prod.: Cipi cinema, Mact producciones, Maruel Movies. Zuz.: Helena Taberna. Gid.: Helena Taberna, Andrés Martorell. Zuz.: Ana Torrent, Ernesto Alterio, Florence Pernel, Iñaki Aierra, Ramon Langa.

Bigarren milurtekoan zine historiko eta politikoa, laurogeita hamarreko hamarkadan ia desagertua bazen ere, itzultzen hasi zen. Eta modu bikainean itzuli ere, zuzendari berrien eskutik, hala nola Helena Taberna nafarra, Yoyesen biografiaren egilea.

Istorioaren jarraipena eragozten duten zenbait anbiguotasun eta informazio hutsuneak nabari zaizkion arren, filmak askatasun-ezak eta intolerantziarekin garaipenak dakarten drama pertsonal, familiar eta kolektiboa primeran jaso zuzen. Ana Torrentek argi-ilunekiko lan akasgabe bat lortuz, ikuslearen sentimenduak baino gehiago honen adimena akuilatzen du.

Silencio Roto (2001). 115’

[aldatu]

Prod.: Oria Films. Zuz. eta Gid.: Montxo Armendariz. Antzez.: Lucía Jiménez, Juan Diego Botto, Mercedes Sampietro, Alvaro de Luna, María Botto.

Silencio roto filmean Montxo Armendarizek makiaren gaiari heldu zion, berrogei eta berrogeita hamarreko hamarkadako frankismoaren aurkako erresistentzia militarra, etnografo fin baten metodologiaz. Pertsonaien eta haien bizimoduaren marrazketa; sentimendu eta betebeharren arteko gatazka etengabea; paisaia berde eta malkartsuak, non batzuetan gorroto zaharrengatik haserretutako familia multzo baten bizitzak itotzen baitira…

Euskal Herriko bazter horretan bizi garenontzat oro da ezagun. Eta, hala ere, filma ez dago hemen lekuturik, baina Armendarizek gauzak “euskal ikuspegi batekin” kontatzen ditu, Juan Miguel Gutiérrez teorialariak dioen moduan.

Visionarios (2001). 109’

[aldatu]

Prod.: Aiete Films, Ariane Films, Sogecine. Zuz. eta Gid.: Manuel Gutiérrez Aragón. Antzez.: Eduardo Noriega, Ingrid Rubio, Emma Suárez, Fernando Fernán Gómez, Karra Elejalde.

Ezkioko agerkundeetan film on baterako oinarria dagoke: horixe pentsatu bide zuen Imanol Uribek filmaren produkzioan sartu zenean. Gertakari historiko mamitsu horrekin Manuel Gutiérrez Aragón zuzendariak lan baldarra egin zuen, XXI. mendeko ikusleentzat interesik gabea. Kontakizunaren maila politikoan ez zuen sakondu nahi izan, edo ez zen sakontzen ausartu, edota ez zuen jakin, hortxe zegoelarik, hain zuzen, bere muina, eta lantegirako egokiak ez ziren bi antzezleren eskutik dibagazio erotiko esoterikoetan galdu zen.

Entretenimendu modura, filmean ia euskal antzezle guztiak ikus daitezke, bigarren mailako roletan eta figurazioan oinarri sendoa eskainiz.