Edukira joan

Euskal antzerti eta zinea/Zinemaldia

Wikibookstik

DONOSTIAKO NAZIOARTEKO ZINEMALDIA mundu osoan seigarren zaharrena da, Venezia, Cannes, Locarno, Karlsbad eta Berlingoaren atzetik. Hasiera batean Donostiako merkatari talde batek bultzatutako gertaera turistiko hutsa, 1953ko Donostiako Nazioarteko Zinemaren I. Astea hirian udaldia sustatzeko helburuaz jaio zen, diktaduraren irudia irekitasunaren aldeko keinuez berritzeko ikuspegi ofizialarekin.

“A” kategoriako ofizialtasuna ez zuen lortu 1957ra arte –zinemaldi batek izan dezakeen gorena, Film Ekoizleen Nazioarteko Federazioak ematen duena. Urte horretan, film onenaren lehenengo Urrezko Maskorra Dino Risi zuzendari italiarrak irabazi zuen, La nonna Sabella filmarekin.

Berrogeita hamarreko hamarkadan eta hirurogeiko hamarkadaren hasieran Jaialdiak glamour apoteosi betea bizitu zuen. Dantzariek Victoria Eugenia antzokiaren atarian osatu ohi zituzten ezpata arkuen azpitik izar ugari igaro zen, hala nola Gloria Swanson, Ava Gadner, Federico Fellini, Alfred Hitchcock, Kirk Douglas, Anouk Aimée, Sofía Loren, Eva Marie Saint, Melvin Douglas, Kim Novak, Sidney Poitier, Peter Sellers, Anthony Mann, René Clair, Abel Gance...

Profesional eta izarren topaleku eta kritika espezializatuaren aurrean film berriak erakusteko gune izateaz haratago, Donostiako Zinemaldiak hasieratik agertu zuen ikusleen partaidetza gogotsua; horregatik esan izan zaio “ikusleen jaialdia” –izarrena den Canneskoa edo industria gailen deneko Berlingoa ez bezala. Izan ere, Jaialdia testuinguru honetatik kanpo zentsura frankista itogarriak onartzen ez zituen filmez gozatzeko parada paregabea zen, eta horrek zinema ona eta etenik gabea ikusteko egarri zen ikusle-kopuru itzela erakartzen zuen.

60ko hamarkadatik 80ko hamarkadako krisialdia

[aldatu]

Marlon Brandok 1961ean irabazi zuen Urrezko Maskorra, El rostro impenetrable western sofistikatuarekin, 1964an irabazlea Elia Kazan izan zen, América, América filmarekin, eta 1969an Francis Ford Coppola hasiberriaren The Rain People nagusitu zen.

Hirurogeita hamarreko hamarkadan Urumea ibaiaren ertzean paseeran ibili ziren, besteak beste, Joseph Von Sternberg, Fritz Lang, King Vidor, Howard Hawks, Orson Welles, Rouben Mamoulian, Nicholas Ray, Samuel Fuller, Sam Peckimpah, François Truffaut, John Cassavetes, Sidney Lumet, Joseph Losey, Luis Buñuel, Steven Spielberg...

Diktadorea desagertzean, Jaialdia aldi batez norabide argirik gabe ibili zen, laurogeita hamarreko hamarkadara arte. Egoera politiko ernegatu samar batek eta jaialdiaren zuzendaritzatik izen ezberdinen joan etorriek astindurik, 1980an lehiakortasuna galdu, eta susmo gaiztoenak hedatu ziren. Zurrumurruen arabera, zenbait erakunde ofizialetan Jaialdia “zirimiririk gabeko hiri batera” (Palmara omen) eramateko erabakia hartua zegoen. Alabaina, antolatzaileek ez zuten etsi, eta lehenik Luis Gasca buru zutela, eta ondoren Carlos Gortarirekin, larrialditik ateratzeko lanean gogor jarraitu zuten.

Akuilu moduan, eta sari ofizialik eman ez zitekeenez, Nazioarteko Kritikaren Saria sortu zen, prentsa akreditatuak emango zuena. Kontsolazio sari horiek bost film bikainek irabazi zituzten: Andrzej Wadaren Dyrygent-ek (1980), Marco Ferreriren Storie di ordinaria folliak (1981), Manuel Gutiérrez Aragónen Demonios en el jardín-ek (1982), Diane Kurysen Coup de foudre-k (1983) eta, beste behin ere, Francis Ford Coppolaren Rumble Fish-ek (1984).

Jaialdi eraberritua

[aldatu]

1985ean, azkenean, ustekabean eta Pilar Mirók zuzendutako Zinemaren Zuzendaritza Nagusia delakoaren babes sendoari esker, Jaialdiak “A” kategoria berreskuratu zuen, behin behinekoa bazen ere. Orduan heldu zen Diego Galán kazetaria, aholkulari gisa, hurrengo urteetako susperraldian funtsezko eragilea.

Zuzendaritza-talde berriak emaitza bikainak emanez gaurdaino, aldaketa txiki batzuekin, martxan jarraitu duen Jaialdiaren eskema diseinatu zuen:

SAIL OFIZIALA: Egin berriak izan eta beste inon lehiatu gabeko hogei bat filmak parte hartu zuten, betiere, FIAPFek ezarritako arautegiari atxikitzen zitzaizkionak. Hogei horietatik –lehiaketan sartzen ez diren bi izan ezik–, nazioarteko epaimahai batek honako sari hauek eman zituen: film onenaren Urrezko Maskorra; zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra; emakumezko antzezle onenaren Zilarrezko Maskorra; gizonezko antzezle onenaren Zilarrezko Maskorra; fotografia onenaren Epaimahaiaren Saria; gidoi onenaren Epaimahaiaren Saria. Bestalde, Epaimahaiari Sari Berezi bat emateko aukera eskaintzen zitzaion, haren ezaugarri bereziengatik horrelakorik merezi duen filmarik egonez gero.

Zuzendari Berrien Sarirako lehiatzen dira beste jaialdietan erakutsi ez diren Sail Ofizialean edo Zabaltegin sartutako edozein zuzendariren lehen edo bigarren film luzeak.

ZABALTEGI: Ofizialarekiko paralelo doan saila. Garaiko zinema onenaren ikuspegi zabal bat eskaintzen da, hasiberrien lanak, zuzendari ospetsuen filmak edo jada nazioarteko beste jaialdi batzuetan ikusitakoak agertuz.

Aipatu Zuzendari Berrien Sariaz gain, ikusleen bozketaz aurreko jaialdietan nabarmendu ziren filmen artean onena hautatzen da: Ikusleen Perla Saria. Sail Ofizialeko, Zabaltegi eta Made in Spanish eko lehen eta bigarren filmak 17 eta 21 urte bitarteko 300 gazteek osatutako epaimahai batek ematen duen Gazteen Saria irabazteko hautagai dira halaber.

GAIAREN ARABERAKO ATZERA BEGIRAKOAK: Urtero gai edo une historiko jakin baten inguruko pelikulen ziklo bat programatzen da. “Atzo gertatua” atalak, 2001ean, XX. mendeko gertakari handiei gainbegiratu bat eman zien, berrogeita hamar bat film bitartaeko. Eta aurreko urteetan Gerra hotzeko film antikomunistak “Amesgaizto gorria”, telebistan hezitako zinemagileen filmak “Telebistaren belaunaldia” edo gerraosteko italiar komediak “Gosea, umorea eta fantasia” ikusi ziren.

EGILEEN ZIKLOAK: Jaialdiak sarritan ikusten errazak ez diren filmak egin dituzten kalitate handiko zuzendari bat edo biren antologia xeheak paratzen ditu. Horrek hainbat klasikoren lanak ezagutzeko aukera eskaintzen du, besteak beste, William Dieterle, Gregory La Cava, Tod Browning, Mitchell Leisen, John M. Stahl, Frank Borzage eta Carol Reed.

Halaber, oraindik lanean diharduten zuzendarien lanak ere: John Sayles, Hou Hsiao hsien, Peter Bogdanovich edo Otar Iosseliani. Zuzendari horietako bakoitzaren monografia xehe bat argitaratzen da.

MADE IN SPANISH: Atal hau 1993an sortu zen, Espainia eta Latinoamerikako zinema onena sustatzeko euskarri moduan. 2001az geroztik Made in Spanish Saria Latinoamerikan egindako film luzeei ere ematen zaie.

BESTE BATZUK: Zinemako hamar egun bete horietako eskaintza pantaila erraldoian erakutsitako Anoetako Belodromoko emanaldiez, haurrei zuzendutakoez “Gurasoak zinera eraman itzazu” edo Euskal zinemaren egunaz osatzen da.

Era berean, 1986az geroztik Jaialdiak zazpigarren arteko izar handiei omenaldi zirraragarri bat eskaintzen die, Donostia Saria emanez. Saria jasotako lehenak Gregory Peck eta Glenn Ford izan ziren.

Euskal Zinema Jaialdian

[aldatu]

Historikoki, Donostiako Zinemaldia Euskal Herrian egiten den zinemaren agertoki izan da. 1968an, adibidez, Fernando Larruquert eta Nestor Basterretxeak Ama Lur aurkeztu zuten, jendez lepo zegoen Astoria zineman eskainitako emanaldi gogoangarri batean.

Areto horretan bertan, 1977an Jaialdiak Euskal Herrian egindako zenbait film labur programatu zituen, geroagoko euskal zinemaren maratoien lehen aurrekari moduan.

Laurogeiko hamarkadaren hasieran euskal zinemaren industria ernetze bidean zegoen, eta Jaialdia ez da bazter geratuko: 1980an El Proceso de Burgos filma bahiketa ofizial baten mehatxupean eman zen. 1981ean Segoviako ihesa filma mugarri bat izango da, segidako urteetan jarraipena izango duena: Albaniako konkista, Euskadi hors d’etat, Tasio, eta, batez ere, 1986an Urrezko Maskorra irabaziko duen 27 ordu. Laurogeita hamarreko hamarkadan, euskal zinemak behin betiko bultzada jaso zuen, zazpi urtetan lau Urrezko Maskor irabazita: Las Cartas de Alou (1990), Alas de mariposa (1991), Días contados (1994) eta Bwana (1996).

Azken ekitaldietan, Donostiako Zinemaldiak irailean Gipuzkoako hiriburura hurbiltzen diren bi mila kritikari, ekoizle eta banatzaileek euskal zinemagileen labealdi berriaren –Alex de la Iglesia, Julio Medem, Juanba Berasategi, Juanma Bajo Ulloa, Montxo Armendariz…– lanak ezagutu eta heda ditzaten ahalbidetu du. Hurrengo urteetan hemen egindako zinemak urteko gau izartsuak distira bereziz argituko ahal ditu!