Euskal artearen historia (II): Gotikotik Errenazimendura/Erdi Aroko artearen amaiera
Testuingurua
[aldatu]Feudalismoaren sorrera
[aldatu]Erresuma “Nafarreratzea”
[aldatu]Nafarroako erreinuan, XV. mendean zehar, frantses gortearen ekintza kultural eta artistikoen mailara iritsi nahirik jarraitu zen. Baina, Nafarroako koroak ez zuen l´Ile de France‑ko bere ereduak zuen baliabide ekonomikorik. Erregeen ustez, lege fiskal gogorrez baliatu behar zen. Nafarroako lurrik gehienak koroarenak ziren eta zati eder bat nobleziari eta Elizari zegokiena. Gizartean, beheko mailak miseriatik gertuko egoera ekonomikoan bizi ziren. Karlos II.a “Gaiztoaren” agindupean, behintzat, lege fiskal berriak bete nahi ezean zebiltzanen aurkako gaztigu latzak ezarri ziren. Gainera, erregea Nafarroan tronura igo baino urtebete lehenago (1348) izurri beltza Nafarroa gutiziatu zuen bereziki, populazioan sarraskia eraginez.
Karlos II.a (1349‑87) eta Karlos III.a (1387-1425) Evreux-ko dinastiarekin, ezkontza bidezko lotura eta harreman politiko berrien bidez, “hispanizatuz” eta “nafarreratuz” joatea garrantzi handiko gertakaria da.[1] Eta batez ere, Karlos III.ak bere aitarengandik zetorkion frantses lurretan menderatze-goseari amaiera eman zion, eta administrazioan goiko karguak betetzen zituzten frantsesak Nafarroako noblezia eta burgesiako kideez ordezkatu ziren. Baina zerga bilketa herri xehearentzat oso neketsua zen eta hala jarraitzen zuen; izan ere, erregeak dirutza handiak behar zituen luxuzko gorte bat mantentzeko eta Oliteko bere jauregia eta katedral berria eraikitzeko.[2]
Klase baten sorrera
[aldatu]Ordurako Zistertarren Ordenak Nafarroan hainbat fundazio sortuak zituen. Eskeko Fraideen Ordena berriek aurrea hartu zuten XIII. mendearen erditik aurrera: Frantziskotarrak, Domingotarrak, Karmeldarrak eta Mertzedarioak. Gizarte maila berria zen burgesiaren jaiotzak eta garapenak eta, Europako monarkiaren botere nabarmena imitatuz, klase nobleen indarrak gero eta eraikuntza gehiagotara bideratzeak, klase dirudunen aldetik arte mezenasgoa bultzatu beharra ekarri zuen; aldi berean, herri xeheak (nekazari, morroi, mairu eta judutar) zapalkuntza fiskal gogor bat jasaten zuen. Aurreko atalean azaldua dugu garapen ekonomiko horrek gotikoan ekimen handiak eragin zituela eta, ondorioz, eliza eta jauregiak estilo horretan eraikitzen jarraitu zela.
Nafarroa krisialdian
[aldatu]Gaztelan XV. mendean zehar Trastamaratarren aginpidea eta erregearen boterea etengabe handitzen ari zen, aldiz, Nafarroan leinu berri batzuen nagusitasuna hazten; lurraldean zatirik handienean errege-odoleko sasiko seme-alabek agintzen zuten (Karlos III.ak legezko zortzi seme‑alaba izan zituen eta sei sasikoak).[3]
Errege Noblearen heriotzan (1423an) Aragoiko Joan II.arekin (1441‑1479) ezkonduta zegoen bere alaba Joana Anderea izan zen oinordeko, modu horretan aragoar dinastia batean kokatua gelditzen zelarik Nafarroa, nahiz eta bien seme Vianako printze Karlosi, adin nagusitasuna iristean Joana Anderearen testamentutik zetozkion eskubideak ezagutu.
Aragoiko erregearen (Agramondarrak) eta bere seme Karlosen (Beaumondarrak) aldekoen artean gertatu ziren Gaztelako erregeen handinahiak errazturiko liskar eta guduak ondoriotzat ekarri zuen Joan II.aren nahia, hau da, Foixeko kondearekin ezkondurik zegoen bere alaba Leonor Anderearen agindupera Nafarroa pasatzea. Denboraldi batez Nafarroako lurrak bi aginpideren artean banaturik egon ziren. 1474tik Joan II.aren seme Aragoiko Fernando eta honen bigarren emazte Joana Enrikezek gobernatua zegoen Gaztelaren aldeko politika erraztu zuen Vianako printzearen heriotzak 1461ean eta baita bere arreba Blanka Anderearenak ere (1464). Joan II.a hiltzean (1479an) Nafarroako koroa Foixeko (Febo) Frantziskorengana pasa zen, Leonor Anderearen iloba izateagatik. Baina hau laster hil zenez (1483an), erregearen alargunak Gorteak deitu zituen eta erreginatzat bere alaba Katalina Anderea ezarri zuen Albreteko Joanekin ezkonarazita (1484an). Ezkontza honen atzetik jarraitu egin zuten Nafarroako iparraren eta hegoaren arteko (Iruñea eta Tutera) tentsio eta gudu bukaezinek eta, ondorioz, ez zen Katalina eta Joan errege‑erreginak beren erresumara sartzerik lortu, ezta Iruñean koroatuak izaterik ere, 1494ko urtarrilaren 12ra arte.
Gaztelarekin loturak hitzartzeko Nafarroako errege‑erregina berrien ahaleginak huts egin zuten, bai Gaztelako errege “bizilagun” Felipe Ederraren ustekabeko heriotzarengatik, bai beaumondarren buruzagi zen Leringo konde guduzalea arerio izateagatik eta baita Fernando Katolikoaren esku-hartzearengatik ere; honek, Frantziari gerra deklaratu ondoren, indarrez hartu baitzuen Nafarroa, Iruñea 1512ko uztailan bere menpe hartzea lortuta.
Gaztelan sarturik
[aldatu]Ordutik, Albretarrek –Albreteko Joanen oinordekotza haren seme Enrikek hartu zuen– eta Frantziako errege‑erreginak erreinua berreskuratzeko hiru saio eginagatik (1512an, 1517an eta 1521ean) Pirinioez azpiko Nafarroa Gaztelako koroaren menpe sarturik gelditu zen behin betirako bere Erreinu kategoria onartzen zion itun baten bidez. Haren aginpideko erakunde berezi izaten jarraitu zutelarik Errege Kontseiluak eta Gorteek. Albreteko Enrikek Nafarroa Beherean agintzen jarraitu zuen, halaber, XI. mendetik 1456 bitartean ingelesena izan zen Lapurdin. Nafarroa garaiko autonomia pixkanaka murriztua gelditu zen Hispaniako monarkia XVI. mendean zehar gero eta nagusitasun handiagoa hartzen ari zela eta.
Erregearengan finkatzea
[aldatu]Bien bitartean, euskal probintzietan bake- eta askatasun-itxaropena sortzen jaiotzen hasia zen hiribilduentzat, esana dugun bezala, Leinuen uztarritik askatzeko Ermandadeetan elkartzen hasiak baitziren. Lehen Ermandadea 1329an sortu zen. Une horretatik aurrera Ermandadeak errege Korrejidoreen arduraren bitartez, Gaztelako erregeak onartu eta lagunduriko Ordenantzak edo Araudiak aldarrikatzen hasi ziren. Hiribildu askori egin zitzaion harresia eta bando ezberdinetan bildurik, lehen elkarren artean borrokatu ziren noble edo “Ahaide Nagusien” artean elkartzeko joera sortu zen –su‑eten eta ezkontza-loturen bidez– antzinako nagusigoa gal ez zezaten. Nekazari-herriek inguruko hiribilduetan herritartzeko baimena eskatuz Erregeari zuzendutako eskaeren inguruko agiri ugari gorderik da. Nekazari-jendearen hiribilduetarako etengabeko lekualdaketa horrek beste gizarte-maila baten sorrera ekarri zuen, burgesiarena, zeinak indar ekonomiko eta finantzak bidegabeki eskuratzeaz gain, hirietan botere politikoa bereganatzen zuen. Bestalde, herriaren gurari erlijiosoei erantzuten zien maila xehe eta burgesiaren garapenaren arteko elkartasunak eta nobleziaren gainean beren boterea finkatzen hasiak ziren zenbait monarkiaren interesak, ekintza berrezartzaile artistiko guztietarako errege‑erreginaren babesa bultzatu zuen. Gotikotik aurrera, arkitekturako lan askok eta arte plastikoek, orokorrean, “errege” izendapena jaso zuten.
“Udazkena Erdi Aroan”
[aldatu]Euskal gotiko berantiarraren atala XIV. mendeko azken hamarkadatik hasiko dugu, garai horretan gertakizun esanguratsu batzuk egokitzen direla baitirudi: Nafarroan, Evreuxtarren dinastiak lagunduriko bizitza politikoaren “nafarreratze” baten hasera; eta Probintzietan, Leinuen boterearen beherapen nabarmena, feudalismoaren amaiera eta udalgintza sozialaren gorakada politikoa. Hain zuzen, 1397a data esanguratsu bilakatzen duten (Getariako Batzar sonatuen urtea) bi gertakariren garrantzia azpimarratu da: harreman komertzialen garapen egokia eta lurraldeetan oinarritutako botere politiko berri baten hasera.
Erlijioari dagokionez, Euskal Herriko kristau-gizartearen egoera, Europako gainerakoa bezala, gainbeherakoa da, honako hauen ondorioz: mendebaldeko zisma luzea (1378‑1417) eta gotzainen huts egiteen seinale endemikoa, agintari zibil eta eliztarren diru‑gosea, kleroaren ezjakintasuna eta moralik eza,..., merezitakoa da aldi honi Huizinga “Erdi Aroaren udazkena” izengoiti ezaguna ematea, alegia.
Hau guztia ez zen eragozpen izan XV. mendea Euskal Herriarentzat kultur eta arte mailan ugaltze garaia izateko; Aragoi eta Gaztelako koroekin euskal lurraldeen etengabeko loturak eragindakoa izango zen ugalketa hori.
Nafarroako berant erdi aroko arkitektura
[aldatu]Iruñeko katedraleko lanekin adieraz daiteke kronologikoki XIV. mendeko azken hamarkadan kokatzen dugun Berant Erdi Aroko artearen azken aldia.
Iruñeko katedral berria Koroa 1391.ean hondoratu eta urte batzuk beranduago hasi zen katedralaren eraikuntza. Ebanjelioko habeartetik hasi zuen eraikuntza gotzain eta gero kardinal izango zen Martin Zalbak (1403.ean hila) eta lanek XV. mende osoan zehar jarraitu zuten. Dakigunez, 1439an (1449an Vianan hilko den), bederen, eraikuntzaren gidaritzan zegoen Jehan Lome Tournaiko maisua eta lana zuzentzen jarraitu zuten hargin nagusien izenak dokumentaturik daude.[4] Elizak hiru habearte ditu: erdikoak altueran 26 m eta zabaleran 12,20 m neurtzen ditu, alboetakoek berriz altueran 12,80 m eta zabaleran 7 m besterik ez. Hauek alboetako habearteak bezain garaiak diren kapera batzuk dituzte kontrahormen tartean. Beraz, habearteko tarte bakoitzari kapera bat dagokio mendebaldeko fatxadatik gertuen dauden bi kaperei izan ezik, bikoitzak direnez bi zatien azalera bereganatzen baitute (hegoaldeko bi lehenengoetan bezala)[5]. Gurutzadura, zeharkako habearte batek eraturikoa da, oinplanoan eta aurrealdean pixka bat nabarmendua.
Elizaren burualdea bereziki bitxia da; gurutzaduren ondoko kapera nagusia oinplano pentagonal irregularrekoa da, lau tarte erradial dituena inguruan: erdiko bietan hexagono erregularrak eta pentagono irregularrak muturretan. Hauetako bakoitzaren aurreko erdiak girolatarako balio du eta besteak, kaperatarako.
Habearteak banatzen dituzten eusgarriak erronbo formako pilareak dira, moldura ahurrez berezitako hamabi zutabetxoz osatuak; zutabe hauek parpain-arku eta formeroen pisua jasaten dute eta baita nerbio diagonalena ere.
Gangak ojibazkoak dira, xumeak habearteetan, alboetako kaperetan eta habearte nagusian bezala makurdura edo luzerako lotura bat gehitu zitzaion gurutzaduraren besoetan; gurutzadaren muturreko zatietan bada, gainera, beste zeharkako bat. Erdikoa gailurrez eta terzeletezko ganga izartu batez estaltzen du. Kapera nagusikoa mota berekoa da, baina konplexuagoa. Inguratzen duten lau tarteek giltzarri bat berean bat egiten duten sei nerbioko gangak dituzte.
Argia sartzeko eginak ditu oso handiak ez diren eta habearte nagusian altura handian ezarririk dauden lehiateak, alboko habearteetako beste bao txikiak eta XV. mendeko bi arrosa-leihoak, trazeriazko gurutzadurakoak.
Eliza honen bitxitasuna eta bikaintasun ezohiko nagusia, berau aztertu duten historialariek (Street, Madrazo, Brutails, Lampérez eta Lambert) adierazi dutenez, bertan egindako bi kokapenen bateratzean datza: absideko kapera eta girolarentzat ganga bateratuarekin egindako estaltze bakarra eta presbiterio eta girolaren komunikazio arkuen kopuru bikoitia, ardatzean dagokion pilarea duela.
Horren fatxada bitxiaren airea aurreko katedraletan bilatu da, Normandiakoetan eta Ingalaterrakoetan, eta modu zuzenago batean, eraikuntzaren lehen aldian Ingalaterrako koroaren menpe zegoen Baionakoan.
Egia da, habearte nagusiak triforiorik ez izatean nolabaiteko gartxutasun eta lehorte sentipen bat adierazten duela. Kanpoaldea ere soila da, horma hutsak baino gehiago direlarik trinkoak. Hau horrela izanik, Torres Balbásek barneko espazioaren handitasuna goraipatzen du “bere habearte nagusiak ez baitu leiho azpietan horma-atal on batzuk ezartzea besterik falta gure Erdi Aroko elizarik eder eta zirraragarrienetako bat izateko”.[6]
Vianako Santa Maria Nafarroako hiriburutik irten gaitezen orain Berant Erdi Aroko gotikoko lan bikain bat gogoratzeko. Vianako Santa Maria eliza handia, data ezagunik ez izan arren, XV. mendearen azken herenean hasia izan behar duela pentsatzen da.
Eliza, hormen beheko zatian triforio bat eta oinplano karratuko girola bat duen arkitektura konplexukoa da; badu atzeko bi kontrahorma erradialen artean gelditzen den kapera bat ere eta ziur asko hau da hiru habearteen amaiera moduan pentsatutako hiruetatik egitera iritsi zen bakarra. Habearte nagusia alboetakoak baino bi heren garaiagoa da eta zabaleran hirukoitza baino zertxobait gutxiago, hau 8 m inguru delarik. Arku bakar bateko arbotanteez arindua dago, Iruñako katedralean bezala. Habearte eta girolen alboetan kapera-lerro sendoak ikusten dira eta gainean triforio zabal bat, sei arku zorrotzeko leiho trazeriaduna, eliza osoa inguratuz.
arkitektura Zibila eta militarra Gazteluetatik jauregi-gotorretxeetara Aurreko atalean ikusi ditugu XII. eta XIII. mendeetan Nafarroako lurrak gazteluz estali zituen arkitektura militarraren arrazoi eta moduak.
XV. mendean Oliteko errege gaztelua eredu izan zen Arazuriko Gazteluaren eta Artiedako nobleziaren gazteluarena: lau horma-atalak eta arma-patio baten inguruko lau dorrerekin. Karlos II. gerrazalearen errege agintaldia bere seme Karlos Noblearen agintaldira igaro ahala, gotorretxeen eredua bere itxura hertsi babeslea galduz joango zen eta bere jauregien norabidea garbiago azalduz: bao ugariago eta zabalagoak, defentsarako tresneriaren gutxiagotzea eta abar.
Botere eta handinahia nabarmenduz zutitzen direla dirudien gaztelu-bizitoki hauen zaletuago zen Karlos Noblea, gerra asmoz eraikitako gazteluena baino; zoritxarrez suntsitua izan zen Tafallako gaztelua kasu.
Errege nahiei aurka eginez Peraltako Mosén Pierresek (1425) Marzillan eraiki zuen adreiluzko Jauregi‑gotorretxea bereziki handia izan zen. Torres ere gotorlekua ez, baino jauregia izan zen XVI. mendean, bere Dorre Garaiak beti zutik izango badu ere.
Oliteko Errege Jauregia Dena den, Nafarroako Erdi Aroko gazteluen artean, eredurik nabarmen eta eraikuntzarik imitagarriena onartu egin behar da beti izango dela Oliteko errege jauregia, erromatar garaiko jatorria duen eraikuntzaren gainean altxaturikoa.
Gaur egun ikusten duguna Teobaldo II.aren erregealdian hasitako eraikuntza-prozesu luzearen ondorio da, 1269tik bertan bizi izan zen Karlos III.a Noblearen garaira artekoa; honek handitu egin zuen dorre batzuk (orotara hogei baino gehiago), galeriak, klaustroa eta abar erantsita eta gela guztiak frantses gustuko apainketa aberats batez ederturik; laguntza izan zuen dekoratzaile nafar, aragoar eta mairuen aldetik, eta hala bilakatu zen “Espainiako multzorik ederrenetariko bat”.[7] Azken zaharberritzeak egin ondorenean, gaur egun gordetzen denak ez du zoritxarrez Vienako Printzeak erakutsi zionean Munzer zaldun alemana txunditu zuen jauregi-multzo haren ideia zehatzik eskaintzen: “Ez da urre koloreko hainbeste gela dituen jauregi edo gaztelurik duen erregerik”.
Arabako gotiko berantiarra
[aldatu]Erlijio Arkitektura
[aldatu]Agurain
[aldatu]Arabako hiriburutik 25 km‑ra, probintziaren ekialdeko lautadaren erdian, Aguraingo hiribilduak gotiko berantiarrak diren bi ale on eskaintzen ditu.
Santa Maria. Santa Maria parrokia XV. mendean hasi eta XVI.ean bukatutako Euskal Herriko hainbat elizen eredu ederra da.
Kanpotik, altura handiko gune angeluzuzenak eliza honi gotorleku militarraren itxura guztia ematen dio, eta itxura hutsa ez dena. Kontrahorma sendoen sistema batek eraikinaren burualde poligonala eta gorputz altua babesten ditu, eta baita kanpoko beste kontrahorma batzuetan oinarritzen diren ostiko-arkuek ere; hauek osotasun guztia inguratzen duen ingurabide batez zulaturik daude.
Barruan espazioaren zabaltasuna harrigarria da, hiru habearteetan banaturik eta erdikoa altuena izanik, modu honetara hegoaldean irekirik dauden hutsarteen bidez barruko argitasuna lortzen delarik. Lau tarte ditu, eta baita kapera nagusira irekitzen den beste bat ere.
Gangak era desberdinean eginak dira: burualdekoa erradiala da, honi gertuen gelditzen zaiona eta oinetatik gertuen dauden alboetakoak gurutzadura xumekoak eta erdiguneko gainontzekoak eta burualdetik gertu dauden bi alboetakoak terzeletez izartuak. Oinetako tarteetan, estalkia, zutabetxo itsatsiak dituzten pilare zilindriko lodien gainean kokaturik dago. Meharragoak diren beste pilareak arku formero, parpain-arku eta gangen loturen moldurei dagozkien baketa handiez osatuak daude.
Korua plateresko eran eraiki zen 1530ean. Eta estilo horretako eta errenazimenduko forma edergarri, abstraktu eta figuratibo ugariak multzo osoan zehar barreiatzen dira eliza multzo hibrido oso bitxi bat bihurtuz.
San Joan. Santa Maria bezala, San Joan parrokia XV. mende bukaera eta XVI.aren haserakoa da. Oinplano pentagonaleko aterpe barroko ikusgarri bat dago eliza gotiko zabalaren ate aurrean, egitura paralelepipedoa duen multzo soil bat.
Elizak baditu altuera desberdineko hiru habearte, arku zorrotz eta ertzetan ebakidura zilindrikoa duten zutabetxo itsatsiak dituzten angeluzuzenezko pilareekin bereiziak, eta gurutzadura xumeko ganga eta erdiko habearteko loturekin estaltzen diren sei tarte. Hiru habeartetako zazpigarren tartea koruaren oinarria da. Pilareetako kapiteletan haritz hostoak daude irudikaturik.
Bai kapera nagusiak nahiz ganga erradialez estalitako absideek egitura lerrozuzena izatea da eliza honen bitxitasuna, Santa Maria elizaren antzera, kanpotik ikusita gotorleku itxura duena. Barrualdeak, aldiz, ugari ditu ondorengo mendeetako eranskin, kaperak, erretaula eta eskulan ederreko eskulturak.
Urduña, Laudio eta Artziniega
[aldatu]Bizkaia iparraldean badira aipamena merezi duten eraikuntzak.
Urduñako Santa Maria. Urduñako Santa Maria eliza da alde honetan, oinplano gurutze latindarra eta hiru habearte dituen eraikin gotiko bakarra. Alboetan sei kapera ditu, saihets bakoitzean hiruna. Jatorrizko eliza bazen jada XIII. mendearen bigarren erdian. Baina, gaur egun ikusten dugun arkitekturaren osagai nagusiak adierazten du oraingo eliza XIV. mende erdian hasi, eta eraikuntza hurrengo gizaldi osora luzatu, eta ez zela XVI. mendearen amaierara arte bukatu. “Harresiari erantsitako eliza-gotorretxe bat da, bere burualdean ingurabide edo adarbea duena eta honen kontrahormak pasabide horretatik ibiltzeko zulaturik daude. Elizak, bere eraikuntzarekin, osotasunean dagoen arte baten gartxutasuna eta dotorezia erakusten digu, osagaien artean egiazkotasuna eta arkitekturazko emaitzetan garbitasuna adieraziz. Xumetasun bera sumatzen da itxura soileko kapitelak dituzten pilare zatikatuetan, apainketa figuratiborik gabeko zerrenda jarraikiak osatuz, burualdean kokaturiko bik eta habeartean beste bik izan ezik, hauek alegiazko animalia eta giza irudiez apaindurik baitaude. Denak ere arku zorrotzak diren eraikinaren toralak, parpain-arkuak eta formeroak, baoak moldura finez nabarmentzen dituzte, eraikin osoari dagokion soiltasun dotorearekin bat eginez”.[8]
Ermuko Ama. Gotiko berantiarraren eredu ona da Ermuko Amaren Santutegia, Laudion, XV. mende amaierako edo bere zati batzuetan XVI. mende oso haserakoa den eraikina.
Elizak bi habearte ditu, erdikoa da garaiena eta albokoa lehenengoaren hegoaldera zabaltzen da. Erdiko giltzarri batean sei nerbio elkarturik dituen ganga batez estaliriko burualde oktogonala bi aldetara zabaltzen da gurutze-gangaz itxitako bi kaperen bidez. Bi tartetako bi habearteak gurutze-ganga xumez estaltzen dira eta apaindu gabeko kapitelak dituen pilare zatikatuetan oinarritzen. Aldare aurrean irekitako bi leihateetatik, alboko habearteko hiruretatik eta elizaren oinetan kokatutako beste batetik argitzen da eliza. Kanpoaldean azpimarragarriak dira bere arkuterian zurkaizte zantzu batekin baketa handiz osaturiko elizaren sarrera arku konopialak, kanpoko ostikoen lodiera eta elizaren oinetako gezi‑begia kaliz modura zaintzeko altxatzen den zerrenda edo erlaitza, XV. mende amaierari dagokion gustuaren arabera atzeko fatxada guztia zeharkatu arte luzatzen dena.
Arteko gure Ama, Artziniegan. Artziniegan, lehen mailako beste eliza bat Arteko gure Amaren santutegia da.
Elizak hiru habearte ditu oinplano angeluzuzenean, giltzarri batean elkartzen diren nerbioak dituen presbiterio oktogonala eta presbiterioa erdiko habeartearekin lotzen duen ganga sexpartita zati motz bat. Hau, oinplano karratuko hiru zatiz eta nerbiodun gangaz estaltzen da; hauetako bitan nerbioak ez dira gangaren muturretan elkartzen, baizik eta, urrutitik bada ere, musulmanen arkitektura-emaitzak gogorarazten dituzten zati karratuak mugatzen dituzte; beste gangak terzeletedunak dira, XV. mende amaierakoak. Eliza honek ez du bao zabalik edo atari nabarmenik. Pilareetako kapitelak eraztun molduratuekin apaintzen dira eta parpain-arku eta formeroek ez dute apainketarik. Azken gotikoaren edergarrien ugaritasuna hemen gangetako margoetan soilik azaltzen da, batzuk XV. mendekoak dira eta besteak XVI.aren haserakoak; 1498ko data duena da bat. Gainerakoan, eraikuntza sendoa, soiltasun ederra eta arkitektura dotorea ditu.
Zirriborro gotikoak
[aldatu]Azpimarraturiko eliza gotikoez gain, garrantzi artistikoren batengatik aipatu daitezkeenak oso berantiarrak dira eta orokorrean gerora oso eraldatuak.
Ganga, arku eta atariei dagokienez, eraikin gotikoak, besteak beste, eliza hauetan aurki daitezke:
- Eskolunbe, Andagoia eta Koartango aldean beste batzuk; Urarte, Añastro, Trebiñuko San Joan eta abar.
- Trebiñun;
- eta Atauri, Elortza, Alaitza, Galarreta, Erdoña, Okariz, Birgalagoien, Dulantzi, Andollu, Arriaga, Gamiz, Gereñu, Martioda, Urrialde, Lautadan.
Lautadaren ekialdean oraindik bere jatorrizko langintza gotikoa nabarmentzen zaion Kanpezuko Santikurutzeko Amaren eliza azpimarratuz azaltzen da sendotasun nabarmen eta gartxutasun ia erromanikoa duena, harlandu eta harlanduskoak tartekaturik dituena.
Kontrahormen arteko alboko areto kaperaduna oinplanokoa da, burualdean poligonozko absideaz bukatzen dena eta oinetan, dorrea. Absidea, oktogonala eta trinkoa, kanpoaldean isurialde bikoizdun hormapikoetan bukatzen diren bost kontrahorma sendoen gainean oinarritzen da, haien tarteetan gaur egun itsuturiko arku zorrotzeko baoak tartekatzen dira.[9]
Arkitektura Zibila eta militarra
[aldatu]Gotikoaren historialariak ezin du alde batera utzi Arabako arkitektura zibil eta militarra, bere historiako garai horretan. Gauza oso jakina da gaztelu eta gotorretxeetan gorde direla arkitektura horretako ereduak, eta Araba aldekoari dagokionez, Micaela Portillak lan osatua eta sakona eskaini zien hauei.[10] Arabako ikerlari entzutetsu honek 130etik gora dorre aztertu zituen. Egia da hauetako batzuk Arabako historian oso garrantzitsuak izanagatik, erabat desagertu zirela; beste batzuenak aztarna oso esanguratsuak baino ez dira gelditu; badira nekazaritzarako etxe bilakatu direnak; eta ez dira falta nahiz eta gotiko berantiarreko ezaugarriak dituztenak izan, XVI. mendeko eraikuntzak ere.
Gotorlekuak eta leinuak Hain zuzen ere, egoki aipatu izan du J.A. García de Cortazarrek dorre gotorren forma eta egitura aldetik aniztasuna ulertu ahal izateko (eta azterketak hiru euskal probintzientzat balio du) zentzu bereko borrokan diharduten bi multzoz osaturiko gizarte antolamenduaren ideia –Ahaide Nagusiak eta herri xehea– alde batera utzi behar dela.
Piramide egitura batean pentsatu behar da, baita nobleziaren barruan ere. Haren gailurrean leinu bateko Ahaide Nagusi garrantzitsuena egongo litzateke, leinu‑buru izenekoa; baina beheragoko maila batean bigarren mailako adar sail bat sortuko litzateke ezkon‑politika bidez sortua, elkarrekikotasunari eutsiz eta modu honetara leinu batzuen arteko aita‑ahaidetze eta odol‑ahaidetze konstelazio bat eratuz, Bandoa osatzen delarik honela.
Ez zen harrigarria liskarra eta handinahia sortzea talde beraren barruan, jarraian zetozen istilu armatu eta guzti “gehiago nork balio” zuen frogatzeko, besteak beste, 1337an Abedañoko Joan eta bere lehengusu Abedañoko Pedro Ortizen artean sortu zena; Arratian aginte handiena zeinek zuen erabakitzeko burutua, eta baita lehiakidearen heriotzarekin amaitu zen Butroeko Otxoa eta bere ahaide Ibargoiko Iñigo Ortizen artekoa ere, “lurrean gehiago nork balio ote zuen” argitzeko egin zena. Ondorioz, bandokideen mailaren araberako ezberdintasunak ezinbestekoak izango ziren, Dorretxearen prestaketa arkitektonikoan nahiz eraso eta defentsarako hornikuntzaren sendotasun eta tinkotasunean.
Landa‑dorreak eta hiri‑dorreak
[aldatu]Leinu buruzagiari modu gertuago edo urrunago batean loturiko familia-elkartu hauetako batzuetan, garapen ekonomiko edo militarrak “Nagusi” antzeko izan nahia esnatu zuen eta horrek euren mailara gerturatzeko bizileku-dorreak eraikitzea ekarri zuen, betiere, helburutzat hartuta, helburu militarrak betetzeak baino gehiago gizartean ospea irabaztea. Pentsatu, halaber, arrazoi berberarengatik landa‑dorreekin batera hiri‑dorreak sortzen hasi zirela han‑hemenka; eta Hiribilduak, Ahaide Nagusiak garaitu eta errege boterearen menpe jarriz zihoazen heinean, egoera berrira egokitzen ari ziren eta honekin batera baita bere bizitokiak eraldatzen ere. Orduan, oinplano berriekin eraikitako edota aitzinakoa eraldatutako dorre zaharrak guda helburuekin loturarik ez zuten ezaugarriak hartzen hasi ziren, irizpide estetiko eta sinbolikoen norabideei jarraituz.[11]
Dorrerik gehienak harri-hormaz eraikiak dira, baina ertz, ateburu, arku eta janbak ongi landuriko harlanduzkoak. Batzuetan azken solairua zurezkoa izaten zen; gehienetan goiko solairu horretan irtengune moduko zurezko egitura txiki bat jartzen zen,hau da, harrizko ukondo eta mentsulen gainean oinarritzen zen estalpe bat.
Araban badira barruti harresituetan kokatutako hainbat dorre; bestetan, lubakiak izan zirela baieztatzen duten aztarnak gelditu dira. Normalean sarrerako ataria lehen solairuan kokatzen zen eta bertara patin edo hormari itsatsitako eskailera baten bidez igotzen zen. Batzuek dorrearen angeluetan kubo edo zainetxolak izaten dituzte.
Dorreak bizitza zibila egitera bideraturiko eraikinez inguratu ziren XV. mendea aurrera zihoan heinean, edo hasieran solteak zirenak eraikin berriago batzuen artean sartu ziren. Angeluetan dorretzarrekin inguratutako eraikin gotorrak ere ikusten dira. Beheko oinplanoaren gainean bi edo hiru solairu dituzte.
Hutsarte edo baoei dagokienez, hormen beheko zatietan gezi‑leihoak edo suzko armentzat kanoi‑zuloak baino ez zituzten izaten.
Gehienetan, arku zorrotzeko zabalera handiagoko leihoak goiko solairuetan irekitzen ziren, baina betiere eratsu, bizimodu neurritsu eta beti zelatari baten adierazle. Neurriz 12 m eta 16 m bitartekoak izaten dira oinplanoetan eta altuera orokorrean ez da 20 m baino goragokoa. Hormen lodiera metro bat eta biren artekoa izaten zen.
Arabako Gotorlekuak
[aldatu]Gebaratarren dorrea. Arabako gotorleku garrantzitsuenen aipamenak Gebaratik hasi beharko luke, izenak berak Arabako nobleziaren historiako familiarik boteretsuena gogorarazten baitu. Gebarako Lapurraren lehenengo berriek eta elezaharretakoek IX. mendearen iluntasunera eramaten bagaituzte ere, idazkunetatik dakigu ondorengo mendeetako bandoen arteko guduetan ganboatar bandoaren buru izan zirela eta txandaka Nafarroako edo Gaztelako erregeen alde edo kontra jokatzen zutela. Gaztelako XIV. mendeko arazo dinastikoan zalantzan ibili ondoren, familia honek Trastamara irabazlearen alde jarriz bukatu zuen; eta Enrike IV.ak Gebarako on Iñigori Oñatiko Konde izendapena eman zion (1469).
Elgetako mendizerraren aurreko lautadan, Gasteiztik 15 km‑ra kokatutako Gebaratarren gaztelua izugarrizko dorretzarra zen. Gaur egun erabat hondaturik dago, lehenengo gerrate karlistan (1839) Zurbao jeneralak 300 kilo bolboraz leherrarazi baitzuen.
Gazteluaz gain, muinoaren mendebaldeko magalean Gebaratarren jauregia zutitzen zen, angeluetan lau dorretzar eta beheko oinplano angeluzuzenaren gainean (35 m x 40 m) hiru solairuko bizilekua zuena. Oinplano karratuko dorretzarrak, alboetan 10 m neurtzen zituen eta 1,40 m‑ko lodiera zuten hormek. Ez da bere iraganeko handitasunetik ezer asko gelditu. Ipar-mendebaldeko dorretzarrak badu oraindik prestaketa militarretik zerbait: gezi‑leiho asko bere hiru solairuetan eta defentsarako zurezko estalpeen egiturazko ukondo-arrastoak. Martiodako dorrea. Arabako lautadatik Koartangora doan bidean Martiodako dorrea garai azaltzen da. Trastamaratarren laguntza jaso izan zuen Hurtado Mendozako familia noblearena izateagatik, Arabako historian garrantzi eta esanahi handiko dorreetako bat da.
Eraikin angeluzuzen liraina da, dorretzarraren beheko solairua eta solairu nagusia gerora estali ziren bere lau aurpegiei itsatsiriko eraikinez inguratua, goreneko hiru solairuak besterik ez direlarik solte gelditzen. Dorretzarraren aurpegiek 17 m eta 10 m neurtzen dituzte. Ertzetan harlandu onak dituzten hormarriz eginak ditu hormak.
Mendozatarren dorrea. Mendozatarren familia noblearena zen, estrategikoki arabar lautadaren mendebaldean, Arrato mendatetik oso gertu kokaturik zegoen izen bereko dorrea. 1963an oso ongi zaharberritu zen eta gaur egun Arabako nobleziaren armarriei buruzko museo didaktiko moduko bilakaera duen honek harresi barruko esparruaren erdian dorre sendo bat du. Harresi honek 1,70 m‑ko lodierako kareharrizko harlanduz prestaturikoak, 5 m‑ko garaiera du eta 25 m‑ko luzera alde bakoitzean. Lau angeluetan 6 m baino gehiagoko diametroa duten dorretzarrak ditu.
Dorretzarrak angeluzuzen aldera egiten du (11 m inguru), 1,30 m‑ko lodierako hormak ditu eta 21 m‑ko garaiera harrapatzen. Gezi‑leiho sail bat badu, harresiaren antzera. Lau solairu ditu eta ate nagusia, sarrerako patinarekin, lehen solairuan dago, eta bada beste bat beheko solairuan, gezi‑leihoen ondoan. Bere goialdeko baoak urriak eta estuak dira nahiz eta handituz doazen, garaiera hartu ahala. Badirudi XIII. mendearen lehen hamarkadetan eraiki zela. Berreraikuntza modernoan almenak eta gaztelu‑begiak erantsi zitzaizkion.
Orgazko dorrea. Fontetxan, probintziaren hego‑mendebaldean eta Ebrotik gertu, kokaleku benetan estrategiko batean eta Hurtado Mendozakoaren jaurerriaren barruan, badira Erdi Aroko bi dorre.
Orgazko dorrea deritzona probintziako ederrenetarikoa da gaur egun, jauregia eta dorrea bereizteko patio bat duena.
Dorreak XIV. mende bukaeran edo XV.aren hasieran eraikia izan behar du. Honen oinplano angeluzuzenak 17,20 m x 13,50 m neurtzen ditu eta bere garaiera handiak (25 m) nortasuna hartzen du multzo guztia orube aldapatsuan zutitua dagoelako. Hormak bi metroko lodierakoak dira. Leiho bikoiztuen alde banatan gezi‑leiho handiak ditu.
Bat egiten zaion jauregia ere angeluzuzena da, 27,30 m‑ko bi aurpegi dituena eta alboetan 13,50 m‑ko birekin. Bi solairu zituen, baina gaur egun bere barrualdean aurria baino ez daude. Lehenengo solairuan lau gezi‑leiho ditu eta bost bigarrenean.
Kondestablearen dorrea. Fontetxako beste dorrea, Kondestable izena duena, hiribilduaren ipar‑mendebaldean dago, hirigunetik ez oso urrun. Belaskotarrekin (Kondestablearen Gaztelako familiarekin) ahaidetasuna izan zuen Solorzanotarren familiarena, agidanean. Oinplano ia karratua du: 12,50 m x 11,20 m. Altuera 20 m-koa da, almenez burutua dago eta angeluetan ukondoen gaineko zainetxol txikiak ditu eta defentsarako gaztelu‑begiren bat ere bai. Azpimarratzeko moduko beste osagai batzuk dira gezi‑leihoak, eta bere leihate bikoiztuak arku zorrotz eta armarriekin. Gaur egun ez du estalkirik, baina badira besoen bidez hormetan oinarritzen zen ostikoz bere egitura ziurtatzen zueneko arrastoak. Defentsarako itxura latz hori izanagatik badirudi bere eraikuntza, Orgazko dorrearena bezala, ezin dela XIV. mendearen azken herenera baino gehiago atzeratu.
Murga dorrea. Aiarako ibarrean kokaturik, lubaki natural bat eskaintzen duen ibaiaren ertzean, Murga dorreak baditu artearen historialari batentzat garrantzitsu bilakatzen duten ezaugarri batzuk: ondoren zetozen mendeetako defentsarako elementurik gabe (gezi‑leihoak eta abar) utziak izan ziren eta bere hiru aldetan jauregi dotore batez inguratuak aurkitu ziren dorre solte eta defentsarako dorreak. Dorrea Aialatarren leinuko Joan Santxezek eraiki zuen XIII. mendean.
Haserako eraikuntza hormarrizkoa da, ertzetan harlanduskoak dituelarik. Gaur egun beheko solairua eta beste lau solairu ditu, baina XVI. mendeko berrerabilpenean eraikia izan behar du laugarren solairuak, adreiluzko prestaeraz, angeluetan zain‑etxola antzeko kuboak eta loggia edo barru-bide bat kanpoalderantz dituena. Beheko solairuan goiko solairuak eusten dituzten bi oin zuzen daude. Sabaia hormetan horizontalki oinarritzen diren habeetan eutsirikoa da.
Kexaako dorrea. Baliteke Kexaako dorrea izatea Arabako txundigarriena. Domingotar monjeen San Joan Bataiatzailearen monasterioa hantxe bertan eraiki ondoren, klaustroko bakardadera erretiratu zen Aialako Fernan Perez jaunak eraikia da XIV. mendeko lehen herenean. Aialatarren sehaska izandako jauregia eta gotorlekua, 1737.eko [12] berrikuntzekin oso eraldatua izan zen. Oinplano angeluzuzena eta bi solairu ditu, eraikuntza indartsu, latz eta dotore honek, mentsula berdineko erlaitz baten gaineko almenekin eta lau isurialdeko teilatu batez estalirik. Bere sorreran, kanpoko saihetsetako lau muturretan hiru solairutako dorreak zituen; hauetatik bakarra gelditu da zutik.
Esparruaren barruan patio ireki bat du, klaustro moduan jarririk arkuteria eder baten jabe zen eta solairu nagusiko gelen barru-bideari eusten zion. Barruan Aialatarren hilobi‑kapera du.
Villanañeko dorrea eta Jauregia. Arabako dorre askoren arteko aukeraketa hau Varonatarren familiako Villanañeko dorrea eta jauregia aipatuz bukatuko dugu, probintzian ongien iraun duen gotorleku multzoa baita; lehenengo jabeen ondorengoak gaur egun arte bertan bizi izan dira.
Multzoa solairu bikoitzeko jauregi gotorleku bat da aurrean urezko lubaki bat eta almenatuzko adarbe bat duelarik eta dorretzar bati itsatsia iparraldetik eta mendebaldetik. Dorrea ia karratua da (10 m x 9 m) eta arau arruntaren arabera, harlanduzko ertzak dituen harlangaitzez egina dago, eta lau isurialdeko teilatuz estalirik. Gaur egun itsuturik dauden almenak izan zituen. Ziur asko XIV. mendean eraikia izango zen.
Azken gotikoa Bizkaian
[aldatu]Erlijio Arkitektura
[aldatu]Begoñako Ama
[aldatu]Bilboko hiri‑gutunean, 1300.ean, Begoñako eliza aipatzen da. Baina gaur egungo Begoñako Amaren basilika 1511.ean hasi zen eraikitzen. Hiru habearte ditu eta erdikoa da altuena; hiru abside ditu, erdikoa poligonala eta alboetakoak burualde laua dutenak. Zutabetxo itsatsiak dituzten baketa handizko pilareek denak izartuak diren gangei eusten diete. Ez du triforiorik.
Portugaleteko Santa Maria
[aldatu]Hau, XVI. mendearen lehen erdiko eraikin izugarria da, nahiz eta badakigun, hiribilduaren foruetan aipatzen delako (1322), XIV. mendean bazela lehenagoko beste eliza bat orube berean. Hiribilduko udalak eta baita kaperen kargu egin ziren pertsona pribatuek lagundurik eginiko eliza berezi honen eraikuntza oso luzea izan zen –XVI. mende osokoa, esaterako. Badakigu, 1541tik 49ra artean, behintzat, eraikuntzaren arduraduna Juan Garita maisua izan zela; bere izena Ebanjelio aldeko atarian azaltzen baita.
Tenplu hau hiru habearte eta lau tartetakoa da, kontrahormen artean kaperak dituelarik; ez du gurutzadurarik eta hiru horma-atal dituen abside oktogonal bakarra du beste biak baino altuagoa den erdiko habeartean.
Alboetako habeartetako gangak lau tartetakoak dira, erdikoa tertzeleteduna, absidea sei puntaz izartua eta kaperetakoak korapilatsuagoak, bizkardunak. Gangak zutabetxo itsatsiak dituzten pilare zilindrikoetan oinarritzen dira eta kapitelen ordez harroinak eta landare apaindura duten moldurak dituzte. Arkuak zorrotzak dira, baketa handiz molduratuak. Eraikin honen fatxada arku konopialetan burutzen diren baoak dituen triforioagatik bereizten da. Goiko aldean, absidean jarraipena duten hutsarte bikoiztu eta zorrotzak ditu eta barrura nahikoa argi gutxi sartzen uzten dute. Erdiko habeartearen oinetan kokaturiko korua neo‑gotikoan, 1894an, zabalagotu egin zen zabalera osoa hartuz (Julio Sarazíbarren eskutik).
Kanpoan, alde bakoitzean kokaturiko lau arbotanteen bidez, estalkiak kontrahorma sendoen gainean oinarritzen dira. Dorrea eta sakristia gotikoa baino beranduagokoak dira. Elizak baditu lehen apainketaren zati handi bat galdu duten erdi-puntuko bi atari.
Zabaleragatik eta formen laztasunagatik monumentu honek Errenazimentuko airea arnasten duela esan daiteke eta gero aipatuko ditugun “eliza kolumnarioek” sistematikoki eskainiko dutenaren aurrerapena da.
Bermeoko Santa Eufemia
[aldatu]Bermeon ikusgarria da Santa Eufemiaren zin‑eliza, mende batzuetan eginiko berreraiketak, konponketak eta aldaketak jasan dituzten eraikuntzen lekuko on bat da; izan ere, oraindik gordetzen baititu absidearen kontrahormen arteko harburutxo erromanikoak, XIII. mendea adierazten duten baketa handi eta nerbioz osatutako gurutzeriak eta XV. mendeko ganga eta leihoetan esku hartze argia duen habearte bat.
Bermeoko San Frantziskoren klaustroa
[aldatu]Gurtza lekuez kanpo, Bizkaiko gotiko berantiarraren aldiaren barruan Bermeoko San Frantziskoren klaustroak aipamen bat merezi du. Guganaino mirariz iritsi da, agidanean eman zaion erabilera dela-eta –udal alondegi eta horniduren merkatu izandakoa–, elizak jasan zituen funtsezko aldaketen ondoren eta 1811.ean frantsesek sute batekin monasterioaren barrunbeak hondatu ondoren eta jazarpen erlijiosoen ondorengo hamarkadetan jasandako jabetza-kentzeen ondoren, gelditu zaigun monasterioaren jatorrizko aztarna bakarra da. Bermeoko San Frantziskoren klaustroa alde bakoitzeko 19 m dituen laukia da, 3,85 m-ko sakontasuna duten eta zutabetxo itsatsiak dituen gune karratu batez osaturiko pilareen gainean molduratutako arku zorrotzeko patio batera irekitzen diren ingurabidez inguratua. Harroin eta kapitelen diseinua, estilo gotiko berantiar baten barruan, ezin xumeagoa da. Euskal Herrian gordetzen diren apurren artetik zaharrena izateagatik, gorde ahal izateko zainketa berezi bat eskatzen ari den klaustro honen estalgarriaren inguruan ez dago ziurtasunik.
Balmasedako San Seberino
[aldatu]Bizkaiko eliza gotiko nagusien aipamena ez litzateke osoa izango, bere zabaltasunarengatik bederen, Balmasedako San Seberino eliza aipatuko ez balitz. Beroni buruz gaur egun ikusten duguna baino ezin esango dugu, ez baitugu eraikuntza honi buruzko dokumenturik. Eliza, hiru habeartetako eraikuntza da, lau tartetakoa hauetariko bakoitza, erdikoa alboetakoak baino garaiagoa izanik eta zazpi horma-ataletako abside oktogonal batean amaitzen dena. Transeptuak alboetakoak garaieran eta zabaleran ere gainditzen ditu. Oinplanoaren banaketak XIV. mendeko eliza gotikoen antzeko antolaketa bat adierazten duela dirudi, baina eraikuntza ondorengoa izan daiteke eta horrek guztiak adierazten du aldi luzeko eraikuntza izan zela eta haserako antolaketari aldaketak egin behar izan zitzaizkiola, hala argitzen delarik tarteen formatu ezberdintasuna.
Euskarriak, arku formero, gurutzadura eta arku perpiañoei erantzuten dien zutabetxo itsatsiak dituzten gune zilindrikoak dira, nahiz eta hemen ere aldaketak izan ziren; zeren eta toki batzuetan arku diagonalei zegozkien zutabetxoak falta direla ohartzen gara. Antzeko aldaketa bat sumatzen da kapiteletan, batzuk figuratiboak dira, aldiz, besteak kardabera itxura hutsera edo zerrenda molduratura mugatzen baitira.
Kanpoan, barruko euskarri bakoitzari dagozkion kontrahorma prismatikoak daude. Bao guztiak zorrotzak dira; bost leihate handik betetzen dute argiz burualdea eta alboetako buru‑horma bakoitza hauetako batek argitzen du. Elizako sarreran bi atari dira: bata mendebaldean, bost arkibolta xume dituena eta bestea hegoaldean, nagusia, lau arkibolta dituena. Apainketan nahiz bere tinpanoan ez dugu artistikoki azpimarragarria den ezer aurkitzen. San Seberino elizaren eraikuntza XVI. mendearen hasieran bukatu zela uste da.
Apaingarri flamigeroak Eranskin batzuk. Eraikuntza gotiko berantiar hauen zerrendari aurreko gotiko eraikinen edergarrietarako bilatu ziren elementu flamigeroen aipamen bat erantsi beharko litzaioke.
Eranskin hauek badira, adibidez, XV. mendean klaustro bat gehitu zitzaion Santiagoko katedralean. Bertan, leihateetako trazeriek ertz flamigeroetako egitura luzatuak dituzte.
Era berean gogora ditzakegu hemen, Bilboko San Antonen eraikuntza berantiarra, bere zatikaturiko euskarriak, bere moldurazio fina, bere kanpoaldeko leiho eta erlaitz boladunak.
Lekeitioko Jasokundea, ziur asko XIV. mendean egituratua izan bazen ere, hurrengo mendean eraikiz joan zen eta mendeetan zehar eraldaketa handiak jasan ditu; bere fatxada zizelaturiko irudiz apaindutako zerrenda bat eta trazeria flamigerozko leihate handi bat duena da.
Hemen etengo dugu eliza bizkaitar gotikoaren gure izendapena, XVI. mendean eraikitako eliza gotikoen sail jakin moduan izendatu badaiteke ere, besteak beste, Gernika, Zamudio, Arteagako Gautegiz eta Guenesko Santa Maria; ohartaraziz Lopez de Valladok “bigarren gotiko” izenez adierazten duen eta beste zenbaitek “euskal gotikoa” deritzona nahiago dugula Errenazimentuari dagokion atalean kokatu; zeren eta, gure iritziz, hori baita arnasten duten espiritua.
Antzeko zerbait esan daiteke Durangoko Ulibarriko Santa Maria elizaz, aztarna errenazimentu‑gotikoak dituenaz; baina Barrokoari dagokion atalean gogoratu beharko dugu.
Arkitektura Zibila eta militarra
[aldatu]Berant Erdi Aroan mende hauetako arkitektura zibil eta militarraren atal honek, Ibarra eta Garmendiaren Katalogoan erroldaturikoak, besterik ezean axaleko berri emateak ere badu arriskua, XIV. eta XVI. mende artean eraiki ziren Bizkaiko 166 dorreren –gehienak Enkarterrietan daudenak dira– zerrenda luze eta aspergarri samarra izatekoa. Laburki bederen eredu adierazgarrienetako batzuk azalduko ditugu.
Muñatones Gaztelua
[aldatu]Lope Gartzia Salazarrek bere Zoriontasun eta Halabeharrak banderizoez gaur egun dakigun guztiaren iturburu nagusia Muñatones gazteluan idatzia izateak nahikoa izan beharko luke edozein historialari gaur egungo Muskiz udalerrian dagoen Muñatoneseko San Martin Gaztelu mukulu hau gogoratzen hastera bultzatzeko. Banderizen borroken arteko berriemaile sonatua izan behar zuenak 1450‑1460 bitartean burututako berreraiketa bat da. Zalantzarik gabe, berreraikuntza jatorrizko eraikinari leialagoa zitzaion, XX. mendean egin ziren gainerako bizkaitar gazteluenak baino, esaterako Butroe eta Arteagakoenak baino.[13]
Muñatones gazteluak goitik behera eraitsia izateko agindua jaso zuen Enrike IV.aren aldetik eta ondoren Errege Katolikoen (1498) aginduaren ondorioak, gotor-etxeak eraikitzea debekatzen zuena, alegia. Eraikin erraldoi hau gerora utzikeria-egoerara kondenatu izan bazen ere, zutik gorde denaren azterketak erakusten du Euskal Herrian ezagunak direnei eta Arabako dorreei buruz aipatu ditugun landa-gaztelu motakoa dela Muñatones dorrea. Bi aldiz hesitua den esparru lau angeluko baten erdian, bi adarbeen artean lau saihetsetatik doan lubakiz inguraturiko kuboa bertikalean ahaltsu igotzen da, bere jatorrian jada almenaduna, hertsia beheko solairuetan, 30 bat eskailera maila zituen patin batetik lehen oinplanorako sarbidea zuena. Lehen adarbea almenaduna da eta bazituen hainbat dorre; bigarrena, kanpokoa baino garaiago eta lodiagoa denak, baditu lodieran 2,80 m eta bataz besteko garaiera 7,50 m-koa da; bere kanpoko perimetroak 49 m x 39 m-ko angeluzuzen bat deskribatzen du.
Dorretzarra 15 x 13,30, eta 30 x 25 m-ko angeluzuzeneko oinarria duen paralelepipedo bat da, bere neurriengatik eta ia hiru metroko zabalera duten hormengatik ikusgarria dena. Banderizen arteko borrokaldi larrietako euskal dorre ahaltsuenak –leinu buruzagienak– izango zirenen adibide on bat da. Beheko solairua ia guztiz itsua da; dobela handietako arku zorrotzaren azpian sarrera duena, bigarren solairua eta hirugarrena bera ere, oso hertsiak dira, eta maila bakoitzean, bere horma-atalak erdi-puntuko arku ala arku zorrotzeko bat edo bi hutsarte bikiez alaitzen dira. Laugarren solairua izango zen gela nagusia. Barruko esparruen banaketari buruzko ezer ez dakigu, halakoa baita haren egoera galgarria. Hormetan habe‑zulo batzuk baino ageri ez diren habe-sostenguak ikusten dira, baina ezin jakin dugu egitura osoari eusteko erdiko zutaberik bazen.
Arangurengo dorretxea (Orozko)
[aldatu]Gorbeiako mendi bularrean, Ibarra eta Urigoititik oso hurbil dagoen Orozkon Arangurengo dorre‑etxea, bigarren mailako leinuen landa‑dorreak izan zitezkeenen eraikinen multzokoa izan daiteke.
Oinplanoz 13 m-ko aldea duen karratu bat da. Beheko bi solairu ditu, hormarri edo harlangatzezkoak; haietan simetriarik gabe eta irregularki jarririko gezi‑leiho batzuez gainera, baditu handi samarrak diren leiho batzuk, eta arku konopialaren azpian bakarren bat, inola ere, XV. mendearen bukaeran burututako eraldaketan eginikoa.
Fatxada nagusian, alde batean eta simetriarik gabe kokaturik zoruaren mailan dago hareharrizko dobela izugarrien azpian erdi-puntuko arkua duen ate handi bat; bere giltzarrian familiako armarria dago grabaturik. Goiko aldean bada jatorrian nagusia izango zen beste ate bat, bertara igotzeko patin txiki bat zuena. Goieneko solairua, bere fatxada nagusian eta atzealdekoan hegalkin bat eginez ateratzen da, eta garapen irregularreko zurezko bilbaduretan, adreiluzko ilaraz prestaturik dago. Egitura osoa hormetan eta solairuetako habeei eusten dien barruko zutoinetan sostengatzen da, eta lau isurialde dituen piramidezko estalki batek babesten du. Dorre honetan badira tradizio herrikoiari leialtasuna adierazten dien hainbat osagai, euskal arkitektura herrikoian gordeko direnak. Prestaketa kokapenean bertan nabarmentzen diren irregulartasun eta simetria faltan edo baoen banaketan ez da halakoxe edertasun eta lilurarik falta. Bizkaiko beste landa dorreetan behin eta berriz ematen dena da, adibidez: Muntxaraz dorrean.
Muntxaraz
[aldatu]Abadiñoko Muntxarazi dagokionez, dorreaz ez baino jauregiaz hitz egin genezake. Hasieran Enrike IV.aren aginduz moztu zitzaion dorre bat bazuen, gerora beranduko berreraikitze batean, XVI. mendean, aldi historiko horretan ohikoa zen antzinako Dorre ala gotor‑etxeak landa-jauregi bihurtu zireneko unean.
Labore-soroen erdian egonik, duen kokapenagatik zirraragarria da 17,78 m x 15,85 m x 15 m-ko kubo hau, xigor margoko harearri landuz jantzirikoa, harlangaitzezko eta adreiluzko zenbait eransgarri dituelarik, zurezko bost solairu izan eta lau isurialdeko teilatuz estalia dagoen jauregi hau.
Une bakoitzaren egokitasunaren arabera, zalantzarik gabe aldatuko ziren barrunbeko esparruen banaketari buruzko daturik ez da gaur egun ezagutzen ahal. Behereneko solairua ia itsua dela begirada hutsez agertzen da; berak eta hurrengo beste biak lodiera izugarria dutela: 2,45 m; hirugarren eta laugarren solairuan gelak izango ziren.
Laugarrenari dagokionez, eraikinari izaera ematen dion loggia edo barrubidea hasten da, dorreari italiar errenazimentu kutsua ematen diolarik, beste batzuetan –Oxirandoko Gordexoelan (Bizkaia), Araban Murgan– ikusiko denaren aitzindaritzat har daitekeena eta XVI. mendean bereziki emango diren dorre‑jauregi mota berri bat osatzen dute.
Azken solairua ere, oin zuzenen gainean aire libreko galeria bat da, bere ia zabalera osoan bilbatutako baranda eta jabalkoiak dituena eta ziur asko hau guztia aleak gordetzeko erabiliko zen.
Bigarren solairura iristean hormen erabateko lodiera aldaketak, arkitektura honen historiak beti igortzen digun aldaketa historiko eta soziopolitikoaren adierazgarria da. Zentzu honetan Muntxaraz aldaketa honen paradigma izango litzateke, baldin eta, batzuek uste duten bezala, bere goialde guztia XVI. mendearen lehen hamarkadetan hasi eta 1595ean –atzuek eraikuntza-lanetan grabaturik ikusi zuten eraikuntza-data– bukatu zena izango balitz.[14]
Berriatuko Aranzibia
[aldatu]Ikuspegi estetikoa historikoarekin elkartuz, zoritxarreko historia duten beste dorre batzuk gustu handiz aipatzera iritsiko ginateke, esaterako, Ondarroan Berriatukoako Aranzibia, adibidez, Dorre honen suntsiketaren zorigaiztoko berria utzi digu Lope Gartzia Salazarrek. Gaur egun miraz eta ia atseginez begiratzen dugu muino txiki baten gainean berreraiki zen dorrea: badu kanpoaldean eskailera, ajimezatuak dira baoak eta oso zaindutako harlangaitzez egina du paramentua; antzinako zurezko estalpea sostengatzen zuten harburu txiki ilara bat bada oraindik goialdeko zatian. Hegoaldean baditu hiru leiho biki, gezi‑leiho bat eta, lehen solairuaren parean ojibazko atea, sei metroko garaiera duen patin txiki batetik igota.[15]
Gipuzkoako azken gotikoa
[aldatu]Erlijio arkitektura
[aldatu]Donostiako San Bizente
[aldatu]Jakina den bezala, Donostiako hiria ez zen historiako agirietan oso berandu arte sartu. Antso Jakituna, nafar erregeak merkataritza-bideak itsasora irekitzea erraztu nahirik, inola ere, foru bat eman zion; hirigune bat Antiguon gelditu zen San Sebastian martiriari eskainitako monasterio txiki baten ondoan. Antso Azkarraren garaian hesitu egin zen eta hormen barruan eraiki, Santa Maria eta San Bizenteri eskainitako beste bi eliza.
Lehenengo eraikin haietako bat berak ere ez du zutik iraun. Haien ordez eraiki zirenetik eta gaur egun zutik dirautenetan San Bizente da zaharrenetarikoa. Dokumentuetik dakigun gauza da 1314ko sutean desegin zen beste erromaniko baten ordezkoa dela. Lanen hasiera 1507an[16] izan bazen ere, izugarri luzatu ziren. Absidea bukatu nahian ziren 1574ean. Elizako arkupeak 1619ra arte zain egon behar izan zuen, sakristiak berriz 1666.a arte, handik aurrerako mendeetan zaharberritze eta eraberritze ugari izan zituen.
Eliza. San Bizente elizak hiru habearte ditu, erdikoa alboetakoak baino garaiagoa. Albokoetatik gurutzadura ez da gailentzen, barrualdean baino ez da sumatzen, bere garaieragatik. Gurutzeria soilez estaltzen dira habearteak, kapera nagusia izan ezik, hau XVIII. mendean berreraikia izan baitzen. Oktognala da absidea eta horma‑bular handiak ditu. Habearteen eusgarriak zilindrikoak dira zutabetxoak itsatsian dituztela eta estilizatutako hosto soilak kapiteletan. Gotiko oso berantiarrean ohikoak ziren baoak ditu.
Lau arrosa-leiho handi ireki ziren 1929an; bi handienak alboetako hormetan. Hareharri urdinez landuak daude. Barroko aldian eginak dira arkupea eta beheko koruko ganga.
Kanpotik begiratuta, elizaren hegoaldean itsatsita, defentsarako asmotan eraikitako zain‑etxolatzarrak begirada erakartzen du, eraikinaren lehen garaitik gorde diren xurrutarri eta zirrikitu batzuk ere ikus baitaitezke. Kanpoko lanketaren osagai ugarien eta barruko harmonia eta koherentzia plastikoaren arteko nolabaiteko kontrastean dago guztia, azken zaharberritzean balioa handituz (1998).
Oñatiko San Migel
[aldatu]Gotiko prestaketa nabarmena duen beste eliza bat da Oñatiko San Migel, gaur egun gipuzkoarra bada ere, hiribildu hau konderri askea izan zen garaian sortutakoa da. Bazen XII. mendean jada han “monasterioren bat” (garai hartako familiako eliza laiko horietakoren bat) Gebara eta Oñati etxeetako Jaunaren mende zegoena. Eliza erromaniko baten hondarrak gorde dira (XII. eta XIII. mendeak), XV. mendean eraikitzen hasi zen beste ordezkatuarena.
Eliza. Garaiera desberdineko hiru habearte ditu, kanpoko arbotanteen gainean sostengatzen den erdikoa nabarmentzen delarik. Epistola aldean itsatsitako aterpea, XVI. mendean laugarren habeartea bihurtu zen, klaustroa egin zenean. Eusgarri zilindriko sendoek bereizten dituzte habearteak eta berauetan sartzen dira kapitelik ez duten gangetako arku eta nerbioak. Habearteak gurutze-ganga soilez estaliak daude; eta giltzarrietan sortzaileen armarriak ikus daitezke: antzinako habearteetan Gebarako kondearenak eta Merkado Zuazolako on Rodrigorena XVI. mendean eraiki zenean. Hiru habearteak absidean dute bukaera; poligonozkoa denak erdialdekoan eta Epistola aldekoan, eta Ebanjelioarenean laua dena. Garaiera ederrean dago aldare aurrea, zeren eta 1612 urtean Oñatiko Kondeak bere hilobia kriptan eraiki nahi izan zuen, aldare nagusiaren azpian. Erdiko habeartearen goieneko aldean irekitako idi‑begi handien bidez argiztatzen da barrunbe osoa. Kanpotik begiratuz gero elizak ez du batasun trinko bat adierazten, izan ere, aldi desberdinetan burututako lanen emaitza da, bere ataria bereziki.
Klaustroa. Badu klaustro bat San Migel elizak, harlanduz prestatua kanpotik eta hormarriz barruan, Merkado Zuazolakoak ordaindu zuena, 1526an Pedro Lizarazu maisuarekin sinatu kontratua zela bitarteko. Gotiko loretsu estiloan, XVI. mendeko bigarren herena bitartean eraikia izan zen, eta bere oinetatik igarotzen den Ubao ibaiko uretan begiratzen diren gailur zuzenak, janba, armarri eta filigranazko multzo eder bat da.
Beste eliza batzuk
[aldatu]Arrasateko San Joan Bataiatzailea eliza. Ez da gorde 1355a baino lehenagoko dokumenturik, Uribarri, Udala, Garagaltza eta Gesalibarko Santa Ageda eliz aurreak elkartu zireneko data honen aurrekorik. Ezer baino lehen eliza eraikitzea pentsatua izango zuten.
Harlanduz eraikia da, hiru habearte eta hiru abside ditu. Gotorleku kutsua duen dorre bat eraiki zen 1520ean. Orain berriki, 1653ko absideko erretaula kendu egin zen eta argi gehiago izan zezan leihate gotiko bikoitzak urratu ziren.
Askizuko San Martin ermita. Gainerakoan, beste gotikoren bat ahaztu gabe, besteak beste, Askizuko San Martin elizaek bisitaren bat ongi merezia du, inola ere Donejakue alderako Kantauri aldeko galtzadan geldialdirako tokia izango zen. Gipuzkoako herri asko dira gotiko soil estiloko parrokia-eliza izan zutenak, bakoitzak bere berezitasun eta guzti. Adibide modura aipatuko ditugu:
Zumaiako San Pedro eliza. Gotorleku baten gainean dago eraikia, itsas gaineko tontor batean eta hiribilduaren gune guztia menderatzen duela. Dorre soil bat badu, oinarri ia karratua duena eta lau tartetakoa; gorputza garaia da eta mainelez bereizitako leihoak; hala ere, denak dorre erromaniko baten antza du. Eliza, berriz, habearte bakarrekoa izateaz gainera zortzialdeko abside poligonalean biltzen den dituen lau tarte dituena da, neurriz 30 m x 14 m ditu. Oso nerbio nabarmenak eta hareharrizko giltzarri zintzilikariak dituen terzeletezko gurutze-gangaz estalirik dago.
Zumaiako San Pedron prestaketa gabeak badira ere, badira habearte bakarreko beste eliza asko XVI. mendean bukatuak ala berreraikiak izanagatik, aurreko eraikin gotikoen arrasto nabariak gorde dituztenak, esaterako, Aizarnan, Anoetan, Arroan, Alkizan, Adunan, Sorabillan, Berastegin, Aian, Amasan, Asteasun, Usurbilen, Ormaiztegin, Elduan eta abarretan.
Arkitektura Zibila eta militarra: gotor‑etxeak
[aldatu]Mende honek berea duen arkitektura zibil eta militarrean Gipuzkoan Dorre ala gotor‑etxeen gaira itzuli behar dugu; izan ere, probintzia honetan agian beste ezer baino gehiago Herriaren historiako gai protagonistak dira, hiru mendeetan zehar. Beroiek dira garai horretako gizarte antolaketaren osagairik bistakoen eta enblematikoenak eta beroien garapen arkitektonikoaren –defentsarako dorreetatik hasi eta jauregi bizitokietara bitartekoak– Gipuzkoan XIV. mendetik XVI.era gertatutako aldaketa sozial eta politikoaren adierazle.
Defentsarako ezaugarriak eta bizitokikoak Ahaide Nagusien dorre ala gotor-etxeetan pausatuko dugu begirada; baina berriro banderizen gaian gelditu gabe eta gure oharrak Oinaztarren eta Ganboatarren borrokarako etxe dotore haietako bakoitzaren berezitasunetan erreparatu gabe, ohiko dorreen diseinu batzuk aipatzera muga gaitezen, asko eta asko alde batera utzita, dorreak baino gehiago “baserri noble” gisa hartu behar baitira.
Hasiera batean dorreak harlangaitza eta zura nahastuz eraiki beharko ziren. Ezinbestean, borrokarako helburuek beharturik, baino ez zen beharrezko izango harria.
Hiribilduek eragindako banderizen dorreak erre ondoren eta, Enrike IV.ak agindutako mozketak zirela-eta (1456), dorr batzuen goiko solairuak adreiluz eraikiak izan ziren berriro eta erasorako nahiz defentsarako beharrezko tresneriaz erro‑errotik gabetuak izan ziren, esaterako, Azpeitiko Baldakoa edo Azpeitiko Loiola; beste noble batzuei, Berastegi edo Amezketakoei adibidez, utzi zitzaien harriz eraikitzen baina altueraz baxuagoak izatekotan.
Besteak beste, Oñatiko Gebara eta Azkoitiko Isasagatarrei baino ez zitzaien utzi kanpoko itxura bikaineko etxeei eusten, betiere, gertakizun bereziengatik.
Hauetan guztietan egitarauaren aldaketa (gaur egun programa esango genuke) kanpoko egituretan nabarmentzen da: gezi-leiho, leiho, gaztelu‑begi, almena, zainetxol handi eta abarretan, nahiz eta osagai hauetako batzuk, angeluko zainetxol handiak batez ere, Azpeitiko Enparan eta Loiolan estetika eta apainketa modura gorde diren eta ez benetan egitekoren bat izateagatik.
Garai gatazkatsuen ezaugarri diren beste osagai batzuk kendu egin dira, baina aztarna garbiak utzi dituzte: gaztelu‑begietan kokatzen ziren mentsulak, adibidez. Horrela gertatzen da esate baterako, Mutrikuko Berriatuko dorrean, garai bateko egurrezko estalpearen ukondozko erlaitza gorde baitu, edo baita Zumarragako Legazpi dorrean, zeren eta honen atarian oraindik ere ikusten baitira altuera desberdinetan dauden hiru mentsula. Legazpi edo Jauregiko (horrela ere esaten baitzaio) dorre honek bazuen gainera adarbe edo horma‑aurreko bat (gaur egun kendua dena) fatxada aurrean, orain ojibazko ate giltzarriduna ikusten den tokian, gainean eraiki zen bizitokia duela.
Erdi Aroko itxura baino errenazimentu garaiko itxura handiagoa hartu dutenez, XVI. mendean oraindik dorreren batzuk eraikitzeak ere garbiago adierazten du jauregi-bizitegiak izatea bilatzen zela, Loiolako Inazioren iloba, Beltran Lopez Gallastegi jaunak Bergarako Ozaeta hegoaldeko orubean 1550ean eraiki zuen dorrean egin zuen, adibidez.
Gainerako lurraldeetako dorretzarrekin alderatuz Gipuzkoa aldeko dorreetan egitura isolatu ala solteak gehiago ematen dira. Bizitzarako eraikinak oso gutxitan itsasten zaizkio dorreari, Araban sarritan gertatu ohi den gisan. Era berean, ez da ohikoa Araban Fontetxa, Gebara edo Kexaakoak edo Bizkaian, Salzedo de la Cuadra (Guenes), Muñatonesekoa eta Butroekoa (bere XIX.go zaharberritzea baino lehenago) bezain dorre trinkoak Gipuzkoan ikustea.
Neurrietan zuhurtasuna adierazten badute ere, adibide modura, Oñatikoak, Zestoako Lilikoak ala Berastegikoak, sarritan baserri giroko bakartasunean eta hondoan hostotza edo zelaietako berdeen gainean dauden Gipuzkoako dorre horiekin begiz topo egiteak sortzen duen zentzuen eta emozioen talka estetikoa ahaztu ezina da.
Egitura barrukoa: Gipuzkoako dorreen barruko egitura ez zen Arabako dorreen aldean oso desberdina izan. Erdiko oin zuzen baten gaineko zutoi handi batek (zenbaitetan bi izan ohi dira Loiola ala Zarauzko Dorre Luzean, adibidez) lodiera nabarmena duten hormetan (metro bat edo metro eta erdi artean) sostengatzen diren habeen bilbadura guztiari eusteko balio dute eta solairuen sendotasuna ziurtatzen dute. Gainerakoan, baoak, gezi‑leihoak, itsu‑leihoak, goiko solairuetako leihoak, patin batetik lehenengo solairura sartzeko ateak eta abar ez dira bereizten Euskal Herriko eredu orokorretik. Patin zoragarri bat da beste dorre batzuen edertasunaren adierazgarri, besteak beste, Ereñozukoa edo Zarauzkoa.
Zarauzko Dorre Luzea. Ikuspegi estetikotik oso erakargarria da. Hareharrizko harlandu onekoa, bere 16 mailatako kanpoko eskailera, ajimezaturiko baoak, eta bere fatxada nagusian aurrera egiten duten bi harrizko ostiko –egurrezko estalpea sendoagotzekoak, inola ere– dituela, Dorre luzea da zalantzarik gabe Gipuzkoako hiri-dorreetan ederrena; horretan bere dorrearen itxura trinkoa eta bere liraintasunaren arteko kontrastea lagungarri duelarik, beheak borrokarako duen hertsitasunak eta goiak solairuetako leiho biki simetrikoen diseinu finaren artean.
Garai modernoetara egokitutako dorreen hainbat osagaietan antzinako gauzen alderako halakoxe zaletasun bat suma daiteke, hala nola, ate eta leihoetako erdi-puntuko arkuetan esate baterako. Antzinako gipuzkoar dorreetan leinu armarriak dorrearen sarrerako ate gainean itsastea oso gauza bitxia da (badira salbuespenak ere, Loiolakoa, kasu), baina Errenazimentu eta Barroko aldian ohitura orokorra bihurtu zen burges jatorriko pertsonaiak nobleekin elkartu zirenean.
Eskultura Monumental gotiko berantiarra
[aldatu]Aurreko atalean azpimarratu dugun bezala, Erdi Aro berantiarrean elizak erliebez eta eskulturez edertu ondoren, bereziki monumentuzkoa den plastikan ez zen oso aberatsa izan XV. mendean. Horretaz jarungo dugu Euskal Herrian orokorrean nabarmenena dena adierazteko.
Olite, Nafarroa
[aldatu]Hirutasunaren erliebea. Oliteko San Pedro elizaren zutarripeko baten gainean erakusten da Hirutasunari eskainitako erliebe bitxi bat, 1432ko data duena eta bere eragilea izan zen Eneko Pinel notarioak izenpeturikoa. Horretaz gainera, Hirutasunaren azpian, emailea, bere emaztea eta beren lau kimu txikiak azaltzen dira irudietan, San Pedro esku zaintzailepean babesturik notarioa eta bere emaztea berriz Santa Katalinarenean. Batasun trinkoan adierazitako hiru jainkozko pertsonaien eszena ikusgarria da, hirurak ere giza aurpegiak dituzte, baina Hitza eta Espiritua, Aitaren goitik beherako mantu atzean batasunean ia desagertuak eta erdi ezkutatuak daude.
Bi estatua. Azken eskultura gotikoak dituen Olite utzi dezagun, baina, bere jauregitik datozen neurri naturala baino handiagoak diren bi estatua bikain Nafarroako Museoan badirela gogoratuz.[17]
Buruak falta zaizkie; errege Noblearen eta bere emazte Leonorren argazkiak izan daitezkeelako susmoa hartzen zaie. Burua moztua izanagatik, sumatzen da eskulturagileak heldutasun gotikoa iritsi duela, gorputz atalak ez nabaritzea lortuz, oihalen modelatu bikainarekin, jantziei dotorezia ematen izan zuen arteagatik Reimseko eskulturagile handiak gogora ekartzea baino ez digu egiten, klasizismo modu bat delarik. Aurreko aldi bateko gotiko lehorrago eta errealistago baten aurrean, kontrasteak ezin gaitu denboran atzerago eraman (hiru mende, hain justu), gorputzen egitura anatomikoei nabarmentze ikusgarria ematen saiatzen ziren gainerako ertilari garaikideak zituzten zalantzen aurrean –esaterako Duquesnoy– benetako hizkera adierazkor eta plastikoa –Bertiniren janzkeretakoa– aurkitzen bazekitenen aldietara, alegia.[18] Jantzietako tolesduren dotoreziak eta irudien okerdura arinek XIV. mendeko lehen urteetan datatzera bultzatzen gaituzte.
Iruñeko katedralean eta klaustroaren inguruan burututako hainbeste eta hain kalitate oneko lanak ikustean, ezaugarri estilistikoetan batasuna zutelako, erreinuaren hiriburuan lantegi bat baino gehiago bazenaren ziurtasuna ematen du, batez ere Evreux dinastiaren erregealdietan heldu eta loratu zen Iruñeko Eskola batez hitz egitekoa.
Araba. Guardiako ataria
[aldatu]Gotiko berantiar aldi honetako eskultura-lanik deigarriena Guardian gorde da, Erregeen Santa Maria izeneko parrokia-elizaren atari zoragarrian. Hasiera batetik eraiki zen bai aurretik eta bai saihetsetatik kanpoaldera irekitako arkupe baten zatia osatuz, baina ez zen zeharo itxi kapera bihurtu zen arte, XVI. mendean aurrera samar joan baino lehen.
Eliza ataria multzo bikain gisa azaltzen zaigu, bost arkibolta eta mainela dituen atari txaranbeldu handi bat du, saihetsetan janbak dituela.
Janbak. Ohikoa denez, janbetan hamabi apostoluen irudiak azaltzen dira, alde bakoitzean seina, hainbat gai figuratiboz landuak dira idulki garaien oinarri gainean altxatzen diren horma‑hobietan kokaturik.
Erakargarria da naturala baino egitura handiagoko apostoluen irudietan tailaren errealismo garbia eta, oso nabaria den liraintasunarekin bat eginda, gorputzen edertasuna baino gehiago adierazkortasunaren bila dabilen ertilaria salatzen du. Bestalde, nabari da gorputz-jarreretan lortutako ugaritasuna, ia denek baitute halakoxe mugimendu-arrasto bat eta bereizgarriren bat aurpegitan, keinuetan, soingainekoen tolesduretan eta agerian dituzten enblemetan. Beraz, Euskal Herriko eskultura-multzo gotiko paregabe baten aurrean aurkitzen gara.
Apostoluen irudiak estaltzen dituzten droselen gainetik abiatzen dira arkiboltak, irudiz eta landarez txandakatzen direnak. Tinpanoa. Tradizio gotikoko eskemaren arabera, hiru erregistroz osaturiko tinpanoa, Maria Birjinaren historia kanoniko eta legendazkoari eskainia dago.
Lehenengo mailan Deikundea, Ikustaldia eta Erregeen Gurtza kontatzen da. Bigarrenean Birjinaren Igaroaldia, Apostoluen mirarizko etorrera eta bere Amaren arima daraman Kristo; erdiko zatian Maria Birjinaren zerura Jasotzearen irudia, legendazko Tomas apostolua berandu iritsi eta, kontsolamendu gisa, Birjinaren gerrikoa jasotzen dueneko aipamena eginaz. Hirugarren erregistroak eskuin aldean eserita dagoen bere Ama koroatzen duen Jesusen adierazpena dago, biak ere saihetsetan aingeru musikariak dituztela. Mainelean, arku eskartzano eta trilobulatuetako bi ateren erdian Maria Birjinaren irudi eder batek, irain eta apur bat makurturik agertzen denak, adierazten du errenazimentua aldarrikatzen duen gotiko osatu baten gailurra.
Idulkietan Nafarroako armarriak erakusten dituen eta orain berriki koloreanitzez apainduriko atari bikain honen dokumenturik ez daukagu. Baina, XIV. mendearen azken aldiako ala XV. hasierako data izan dezake; nolanahi ere, 1461a baino lehenagokoa, Guardiak Nafarroakoa izateari utzi zioneko data baino lehenagokoa.[19]
Bizkaia eta Gipuzkoa
[aldatu]Gipuzkoan eta Bizkaian, eskultura gotiko monumentaletan benetan baliotsua denik oso gutxi agertzen dira, betiere hitz honi hemen ematen ari gatzaizkion zentzu mugatuan jasotzen bada; apaingarritako eginkizuna ukatu gabe, beste eginkizun didaktiko eta liturgikoa betetzen duen eskultura figuratiboa, alegia. Ikonografietan halako urritasun hau, euskal hiribilduen lehen garai hartako baliabide ekonomiko mugatu baten ondorio gisa hartu beharko da eta baita antzinako saltus vasconumean bizi zen euskaldunak ia berezkoa zuen ezaugarri gisa ere agian; izan ere, euskalduna ez da azaltzen, eguneroko bizitzako edertasun figuratiboz apaindu eta inguratzeko gai horri dagokionez, ikonoetako naturalismo horren oso zaletua.
Zentzu horretan, bi probintzia horietako eskultura gotikoak ez du jasaten Nafarroa eta Arabako estatuekin alderatzerik.
Bizkaiko atariak. Bizkaiko XV. mendeko eliz atarien artean, muga gaitezen agian guztietan ederrena dena aipatzera:
- Guenesko Santa Marian elizako eguzkiaren ataria da agian denetan ederrena, isabeldar gotiko estilo aldera ematen duelarik; hemen, konopialezko beste batean bukatzen duen arku zorrotz baten eta erroleoz apainduriko tinpano baten pean arku karpanelezko bi sarbide irekitzen dira, mainelez bereiziak. Horien gainean sostengatzen da Haurra duen Birjinaren harrizko irudia, filigranazko droselete gotikoaren azpian, bi aingeru saihetsetan dituela.
- Lekeitioko ataria: badu antzik Gueneskoarekin, bederatzi arkibolta eta triforioaren trazeria jarraitzen duen tinpano azpian Haurra duen Birjinaren irudiaren mainela duela;
- Gernikako ataria, Antso Enparanek 1449an data jarri eta sinaturikoa.
- Aingeruaren ataria, Bilboko katedralekoa;
- San Anton elizaren arkupekoa,
- eta Axpeko Santa Mariaren bi atariak, beren arku konopial, orratz eta dominatzarrekin, oso bistakoa den bezala, isabeldar estiloaren ahaide direnak.
- Balmasedako San Seberino elizako gurutzadurako ataria ere hemen garrantzikotzat har dezakegu, oso apaindutako tinpano babesten duten lau arkibolta, bere janba hutsetako horma-hobiak eta bi ateak zatitzen dituen mainelean zutik Salbatoreren irudiarengatik.
Askizuko Kalbarioa. Gipuzkoari dagokionez, Askizuko San Martin elizako absidean buru den Kalbarioa aipa dezakegu. Eliza berean hegoaldeko horman ikusten den Santa Magdalenaren eskultura gotikoa, horman zegoen hutsunea betetzeko beste nonbaitetik ekarritako eskultura solte bat da.
Irudi solteak eta erretaulagintza
[aldatu]Erretaulak
[aldatu]Erretaulak jatorriz antzinakoak dira eta martirien erlikiak gurtzearen historiarekin loturik daude nolabait ere. Aldareari zor zitzaion lehentasuna eta kristau liturgian honek zuen funtsezko esanahiaz aparte, gurtza hau ugaldu zenean, XI. mendean, Kristoren, Birjinaren, Santuen eta Martiri zaindarien irudikapenak zituzten predela eta aldare atzeko taulak (retro‑tabulum edo taulak margotuak) azaldu ziren.[20] Baina, erretaulak gotikoa aurreratua zegoen garaian hasi ziren arte historialariari axola zaion garapena izaten. Margoturiko erretaulei buruz gero hitz egingo dugu.
Orain aipa ditzagun Euskal herrian tailatu edo landutako erretaula ospetsuenez edo bertara gotiko aldian ekarritakoez. Aro Modernora inguratzean, hain zuzen ere, XVI. mendearen lehen hiru hamarkadatara hurbiltzean, Baskonia kinka larrian bizi zen eta tradizioa gotikoa errenazimentuaren haize boladaz bultzatua sentitzen zen, birpizten ari den Italiatik baino gogorrago ufatzen zuelarik Europa iparraldetik.
Araba
[aldatu]Iurreko Santiago. Iurren zorionezko paradoxa hau aurkitzen dugu: halako herri txikia eta berant Erdi Aroko halako artelan bikaina. Iurreko Santiago parrokian, erretaula nagusi barrokoaz aparte, gurutzaduraren eskuineko kaperan triptiko moduko erretaula txiki bat (1,90 m x 2,05 m) aurkitzen da, itxi ahal izateko bisagra eta guzti.
Hiru atal ditu –erdikoa eta bi atetila– eta, hirurak ere, hiru solairutan banatuak. erdikoak du Eseritako Birjinaren irudia, bakarrik eta egonean dagoena, hasiera batean beregan izango zuen elizari izena eman zion Haurrarengana luzatuz besoak. Solairuak, arku trilobulatuez uztaituriko zatietan banatzen dira. Bertan babesten dira ezagunak ditugun Haurtzaroko eszenak, Deikundetik hasi eta Elizan Sartzerainokoak adieraztea helburua duten irudiak. Eman zaion data XVI. mendekoa da.
Irudien taila oso oinarrizkoa eta traketsa da, baina oso atsegina da duen xalotasuna. Eman zaion data XIV. mendea da, eta Euskal Herrikoetan zaharrenetarikotzat jotzen da.
Aspuru. Iurrekoa baino patxada eta neurri handiagokoa den Aspuruko erretaulak (Barrundiako ibarrean) beste harri txiki baten adibidea ematen digu, hainbat balio ikonografiko eta artistiko duen lana azaltzen baitu. Oinarriak eta sagrarioa erromanista estilokoak dira eta apur bat lehenagokoa aulkia, baina hemen ardura zaigun erretaulan gotikoari XVI. mendean erantsitako zatiak dira, eta berriki zaharberritu direnak.
Erretaula hiru kaletakoa da, eta alboetakoek hiru solairu dituzte, pilastra gotiko txikiez bereiziak, drozeleteen azpiko pinakulu irudidunetan bukatuak, eta apaingarrizko zerrenda bikaina duen hauts‑babesaz bilduak. Predelan Hilobiratze Santua eszeneratzen da pertsonaia ugari dituelarik; erretaularen buruan zaindariaren eskultura soltea dago, San Joan Bataiatzailea: irudi zurrun samarra da eta zimurtutako tolesduretan erortzen den mantuz jantzirik dago, eskuineko eskuaz ezkerreko eskuan duen Bildotsa erakusten duela. Nitxo nagusiaren gainean Kristoren Bataioa adierazten da; eta alboetako bi kaleetan Aitzindariaren bizitzako eszenak dituen sei erliebe hedatzen dira.
Ikonografia multzo gisa lan interesgarria da eta, estilistikoki pertsonaiek nolabaiteko zurruntasuna eta estereotipozko jarrerak erakusten badituzte ere, bikaina du bai multzoaren eta bai eszena bakoitzaren konposaketa zentzua. Oso litekeena den bezala, XVI. mendearen hasieran egina da eta gazteleraren esparruko eskultura garaikideekin lotu izan da.[21]
Arteko Andre Mariaren Santutegia. Artziniegako Arteko Birjinaren santutegiko erretaula nagusia, arkitekturaz hitz egin dugunean aipatu duguna, Euskal Herriko multzorik ederrena bezala estimatu behar da. Ziur asko XVI. mendearen hasieran egina izango da.
Erretaula. Hauts‑babes zabala duen hau banku garai batean muntaturik dago, hiru solairu alboetako kaleetan eta bi erdikoan, eta Kalbarioaz koroatzen den atiko bat. Alde bakoitzeko hiru etxeak, bost kaletako erretaula dela dirudiela, nahikoa bereizita dauden bi eszenetan zatitzen da. Eszena guztiak trazeria flamigero garai batez babestuak gelditzen dira.
Neurriengatik ikusten da erdiko eszenari lehentasuna eman nahi izan zaiola: artearen gainean Birjina Azaltzea eta berari buruzko gertakariak eta mirarizko gertaera hau ziurtatzeko eman ziren urratsen prozedura. Aulkian azaltzen diren eszenak Atzematea eta Zigortzea dira, erdian Afaria dutela. Erretaularen gainerakoan osatzen da ikonografiazko egitaraua, Birjinaren eta Kristoren Nekaldiaren historiarekin.
Estiloz, irudiak modelatzeko gaitasunak eta beren keinu eta jarrerek, eta perspektibaren hastapen garbiak Errenazimentuko pentsakizuna sor diezaguke, hainbeste gainera, non, tauletako batzuetan Dureroren Birjinaren Bizitzako estanpak dauden kopiaturik; baina badira oraindik ezaugarri gotiko batzuk. Erretaula bikain hau Luzia Lahozek Burgosko gunearekin elkartzen du. Dena den, kristau artearen tipologia bizkarkin horren adibide goiztiar bat da, absideak erabat estaltzeko helburua duena, eginkizun liturgikorik funtsezkoena ahaztarazteko. dataz 1515tik 1520ra bitartean koka daiteke.[22]
Bizkaia
[aldatu]Urduñako Santa Maria. Bizkaiko Urduñaz (Gasteizko elizbarrutikoa bada ere) aipatu beharrekoa da Santa Maria parrokian Herrandarren kaperan dagoen erretaula gotikoa. San Pedrori eskainia dago. Errenazimentuko xehetasun batzuk baldin baditu ere, funtsean gotiko berantiarrean sailkatu beharko litzateke, 1520. aldera zehatzago esanda.
Erretaula. Hiru kaleetako gorputz batez osatua dago erdikoa alboetakoak baino garaiagoa delarik eta badu hauts‑babesa ere. Kale bakoitzak erliebezko bi etxe ditu. Garaiera handiagoa duen erdiko kaleak leku gehiago izaten uzten du beheko etxean zaindari santuaren gurtzarako eskainia dagoen eszena nagusiarentzat: San Pedrorentzat. Egonean agertzen zaigu, eta bere Aita Santutza nagusiaren ezaugarriez jantzirik ikusten da, bi aingeru saihetsetan dituela.
Goieneko etxean, Gurutziltzatzearen irudia, Kalbarioaren tradizioa horrela sortuz, ondoren etorriko diren erretaulagintzako egitura guztietan atikoarekin koroatzeko. Saihetsetako goieneko etxeetan Nekaldiko bi eszena agertzen dira: Gurutzea bizkarrean daramala, eta Jesus zigortua; beherenekoetan, San Pedrori eskainitako bi eszena: elizako itsasontzia eta San Pedroren martiritza. Bankuan, erdiko zatian, San Gregorioren Meza, eta alboetan, lau irudi solte, kale bakoitzean bina egokitzen direlarik: San Joan Bataiatzailea, San Andres, San Paulo eta Alexandriako Santa Katalina.
Weisek triptikotzat hartzen eta aztertzen duen erretaula osoak gotikotasuna arnasten du, eszenen markoetako apainketa ugariengatik: hozkaturiko arkuak, gangatxo nerbiodunak, tontorrak eta errezelak, baranda kalatuak eta burdin sare txikiak. Bada oraindik nolabaiteko nazioarteko manierismo bat, “hainbat xehetasunetan, besteak beste, gurutzatutako estoletan, aingeruen manipuluetan eta batez ere beren hego-punta zorrotzetan”.[23]
Larrabetzuko erretaula. Egituran Urduñakoaren antza apur bat duena da Larrabetzuko Goikolexeako zin-elizako San Emeterioren eta San Zeledonioren erretaula.
Bi zaindarien bizitza dago irudikaturik lau plafoietan, erdiko aldea bi zaindarien irudiek okupatzeko, eta goieneko nitxoa berriz, gotiko berantiarreko trazeriaz apainduriko errezelaren azpian dagoen eseritako Andra Mariarentzat.
Elizbarrutiko Museoa. Bilboko Elizbarrutiko Museoan jasorik dago Gizaburuagako Triptiko ederra, errezel gotikoen azpian Kristoren Haurtzaroko eszenen tailak ditu, birjaiotzen ari den aldiko ezaugarriak dituen trazu oso naturalistak. Eszena, goienean San Martinen irudia buru duela azaltzen da.
Aretoaren beste muturrean, hormari itsatsian, harrian landuriko orratzak, errezelak eta tontorrak dituen gotiko loredun estiloko Urduñako erretaula ikus dezakegu.
Lekeitioko erretaula
[aldatu]Baina, erretaulagintza gotiko-flamenkoan ez da Lekeitioko parrokiako erretaula handiarekin alderatu daitekeenik Euskal herri osoan. Joan Gartzea Crialekin 1508an egindako tratuaren ondorengoa da.
Erretaula. Egitura gotikoak abside osoa estaltzen du, baditu banku bat eta hiru gorputz, bost kale, lau kale tarte eta hauts‑babesa. Osotasunean zur polikromoan tailatua da, eta baditu 64 taila konkor, haietan garatzen direlarik filigranazko gotiko aterpetxoen azpian kontaketa moduan Birjinaren bizitzako aldi jakinak, Kristoren haurtzaroa eta Kristoren nekaldia eta kale tarteetan banatuta profeta, ebanjelari eta apostoluen irudiak.
Ale batzuen gainean azaltzen diren markek gutxienez zazpi egileren eskua erakusten dute, gauza ziurtzat hartzen delarik batzuk frantsesak zirela. Irudigintza hau, eginak izan zireneko data gogoan harturik, zahar itxurakoa eta herrikoia da, baina, bere neurria eta konplexutasuna ikusita, euskal gotikoko ale nagusia gisa hartu behar da erretaula hau. Echeverria Goñiren ustez, “Sevilla eta Toledoko katedraletako erretaula handien atzetik dago, leku duin batean”.
Gipuzkoa
[aldatu]Gipuzkoan badira gure arreta erakartzen duten erretaula batzuk, tradizioa gotiko berantiarrekoak, errenazimentuko hainbat ohartxorekin jokatzen ikusten ditugunak.
Koroatzearen erretaula. Errenteria. Errenteriako parrokian, Ebanjelio aldeko lehen alboko kaperan jarrita, Koroatzearen erretaula gordetzen da; hain zuzen ere, horrela deritzo, bere erdiko erliebearen gaia hau delako. Alde banatan, badira beste bi erliebe Azken Afaria eta Mendekosteari eskainiak. Altuera, nolabait ere murriztua duen gorputz batez osatua da, baina badu nahikoa zabalera, eskulturazko erliebe eta gotiko apainketaz betetako hiru kale osatzeko.
Esku flamenkoez egina izango da inolako zalantzarik gabe, Bruselakoak agian, 1505-1510 inguruan. Hain neurri txikiko irudi eta aurpegien gainean lortutako tailaren fintasuna eta arimaren adierazpena neurtu izan dira.
Hala ere, estetikoki miresgarriena multzo osoak konposizioan duen abilezia da. Adierazten diren hiru eszenetako bakoitzak funtsean banaketa plastiko biribila du antolamenduan. Eskema hau Afariarenean oso nabarmena da eta lehen flamenkoen margolan batzuk ekartzen ditu gogora, adibidez, Lovainan dagoen Dirck Bouts‑en Azken Afari zoragarria. Azkarateren moduan, G.Weisek triptikotzat daukan erretaula hau estilistikoki Urduñako triptikoaren parean jartzen du.[24]
Azpeitiko San Martinen Erretaula. Azpeitiko parrokian, Errukiaren kaperan, San Martinen erretaula daukagu, Azpeitian jaio zen on Martin Zurbao, Tuyko gotzainak sortua. Agirietatik dakigun gauza da, erretaularen tratua Joan Paris eskulturagilearekin eta bere suhi Antonio Pigmelekin egin zela, eta 1521ean ezarri zela. Neurria 3 m x 5 m dituena da.
Erretaula. Banku bat eta beste bi gorputzez osatua dago; goitik beherako zentzuan berriz, baditu hiru kale eta hauts‑babesa. Saihetsetakoak baino zabalagoa den erdiko nitxoan San Martinen estatua dago. Bankuan, eskuineko aldean Bildotsarekin dagoen San Joan Bataiatzailea ikus daiteke; ezkerraldean, berriz, San Joan Ebanjelaria kaliza eta arrano bat dituela. Bi irudiok belauniko daude. Gainerako erliebeetan San Martinen bizitzako eszenak eta Nekaldiko hainbat pasarte adierazten dira.
Badirudi ertilaria errealismo adierazpide baten bila dabilela, koloreaniztasunaz areagotu nahi duena; baina tradizio gotikoak oraindik ere bere eragina badu eta ez dio osotasun klasikora iristen uzten.
Burdin sarea. Aipamen bat mereziko luke hemen, kapera bereizten duen burdin sare ederrak (5 m zabaleran eta beste hainbeste luzeran), nahiz eta lan osoaren data aurreratua izan (1520), bereak ditu gotiko edergarriak eta gailurreria lerdena. Mª Asunción Arrazolaren ustez, lan horren egilea agirietan azaltzen da: Elgoibarren bizi zen Marigortako Kristobal.
Zumaiako San Antonen erretaula
[aldatu]Historian zehar, estilo batetik batera bat-batean eta errotikako aldaketa ematen duen une eta lekurik ia ez da aurkitzen. Trantsizioan, delako uneetan historialaria harri eta zur geratzen da ohiko estilistikazko hitzez lan bat sailkatu nahi duenean. Zalantza hau, esate baterako, hemen deskribaturiko erretaula batzuen aurrean gertatzen da eta berriro ere azaltzen da Zumaiako parrokiako erretaula eskultorikoaren aurrean.
San Anton izeneko erretaula Zumaiako parrokiako Sasiola kaperan dago. Ebanjelioaren aldean kokaturik, kapera osoaren altuera guztia betetzen du. Erretaula mistoa da, zeren eta erdiko triptikoak bi gorputz edo solairuz eta hiru kalez osaturik dagoenak eskulturak jasotzen ditu; ateak, aldiz, barru aldetik koloreanitzezko pinturaz daude apainduak eta grisailaz kanpotik. Albokoen aldetik gorago igotzen den erdiko kalearen goieneko solairua betetzen du Kalbarioak, behereneko solairua, berriz, errezela aberats kalatu baten azpian San Antoni eman zitzaion. Santu herrikoi honek, oso irudi adierazkorra du. Saihetsetako kaleetan hedatzen dira Kristoren Nekaldiaren hainbat pasarteei eskainitako sei erliebe.
Nahita bilatu da errealismoa, apaingarrien bidez nahiz polikromiaren bidez areagoturik. Afaria, Ikuzketa, Piztuera eta Madalenari egindako Eszena kontatzen dituzten lau agerraldien pinturak jada errenazimentukotzat har daitezke, Martin Schongauer‑en grabatuetan inspiraturikoak dira, neurri batean bederen. Mazoneria eta erliebeetako ezaugarri gotiko nabarmenengatik erretaula polit hau XVI. mendearen lehen urteetako izan daiteke.
Hilobietako eskultura
[aldatu]Eskultura gotikoaren aipamen honetan merezi du bakarkako atal berezi bat XIII. mendeaz geroztik garrantzi berezi bat hartzen hasi zen hilobietako eskulturgintzak.
Karlos III.aren eta Leonor Anderearen hilobia
[aldatu]Iruñeko katedralaren erdiko habeartearen aldare aurrean kokaturik dagoen hilobi hau goraipatuz hastekoa da, ez inola ere arrazoi kronologikoengatik, baizik eta beronen balio artistiko eta ikonografiko bereziagatik. Zalantzarik gabe, Nafarroako hilobi gotikoetan lanik nabarmen eta adierazkorrenetakoa delako.
Mausoleoa, prisma erregular egitura duen ohe baten gainean bi estatua daude etzanik, kalatuzko trazeria fina duten errezela zabalen azpian.
Claus Sluterren lanean maila gorenean aurki daitekeen ikonografia tradizio baten arabera, Champmol‑eko (1404) kartusian, Felipe Ausarta Borgoinako dukearen hilobi ospetsuan, ohearen aurrealdea 28 negar kantariren irudiz apaindua dago. Alabastro finez tailatutako Iruñeko negar‑kantariak ez dira mukulu biribilak, baizik eta, beren bizkar lauak, berde ilunekoa hondoa duen hareharri lauzari atxikitzen zaizkio. Champmol‑en irudietan inspiratuak badira ere, Sluterren negar‑kantarien ondoan dituzten desberdintasunak nabariak dira.
Jehan Lome Tournakoa da hain dokumentatua dagoen alabastrozko hilobi zoragarri honen egilea. Oso gaztea zelarik errege Noblearen eskutik Nafarroara etorritako Lome deritzan hau, erregearen arte ekimenen arduradun egon zen 1411.etik, 1449an Vienan hil zen arte.[25] Hilobiko lanak 1413an hasi ziren. Esku askoren parte-hartzea duen lan horretan, maisu batzuen izenak ezagutzen dira (denak arrotzak), baina Jehan Lome izan zen arduradun nagusia “maestre de fazer las ymagines”.
Errege irudiaren trazuak. Erregina 1415ean hiltzean, Oliteko jauregian burutzen ari ziren lanak bizkortu egin ziren eta hainbat zati Iruñera eramaten hasi. Karlos errege Noblea deritzonaren irudia bera bizirik zela egina izan zen nonbait, zeren eta, ziurtatuko lukeen dokumenturik ez dagoen arren, estatuaren aurpegian azaltzen diren giza banakoaren arrastoak ikustea aski da erretratuaren benetakotasuna baieztatzeko.
Erregeren trazuak adierazteko iaiotasunari, erabateko aurrez aurreko jarreran kokaturik, bular gainean otoitz jarreran eskuak bilduta, betazal zabalez estututako begiak irekita, eta betiereko bakea islatzen duen itxurarekin, eskulturagileak jakin zuen alabastroaren gaineko argiaren erabilera eta errege mantuaren eta soingainekoaren tolesduretako kontraste ederra elkartzen. Irudi honen edertasunak erreginaren estatuaren irudi zertxobait zimelduarekin benetako kontrastea egiten du.[26]
Villaespesa senar‑emazteen hilobia
[aldatu]Bestalde, Tuterako katedralean Epistolaren aldetik, gurutzadurako kapera baten alde bateko horma hartzen duen Villaespesako Mosen Francesen eta Uxueko Isabel bere emaztearen hilobi bikaina Jehan Lomeren lana dela esaten digute dokumentuek.
Errege Nobleak 1397an kantzelari izendatu zuen Villaespesa aragoar sendagilea, nafar gortean oso estimatua izan zena. Oliten hil zen 1421ean, bere emaztea baino hiru urte beranduago eta, askoren ustez, kapera eta hilobia 1425etik 1445era bitartean eginak dira; hain zuzen ere, aragoar eskulturagileak, zehatzago esanda, Joan de la Huertak, Darokako maisu handiak, Borgoinako gortean bere maisutza azalduz Claus Sluter ordezkatu zuenak zuzenean eginak.
Hilobiaren kanpoko aldea gotiko flamigeroa da, alderdi batean zortzi negar‑kantari txapeldun ikusten dira, bizardunak batzuk eta gabeak besteak, beren artilezko mantuen tolesduren zabaleragatik Borgoina aldeko airea dutenak. Gainean etzandako biak tolesdura ugariko gonak dituzte jantzita. Kantzelariak doktoregoko birretaz estalia du burua, esku batez ezpatari heltzen dio eta bestean liburu bat dauka.
Lehoi bat datza bere oinetan. Emaztearen burua durbante moduko txano batek estaltzen du eta gurutzea duen lepoko luze batek inguratzen dio lepoa.
Etzanda dauden mailaren gainean, beheko solairuan, lurperatzearen liturgia ospakizuna garatzen da, hondoa nahiz saihetsak predela modura estaliz; zortzi taldeko desfilea, beste hainbeste arku konopial hozkatuen azpian: apaizak, eliz mutilak, gotzainak, abade mitradunak eta monjeak, denak ere erretratu eder bat Bigarren solairuan, Birjina eta San Joanen artean, hilobitik ateratzen dela dirudien gorputz erdiko hildako Jesusen irudia, Nekaldiko hainbat tresnen gainean. Goialdeko zatian kerubinezko laino baten azpian eta bi aingeru intzentsulari alboetan dituela adierazirik, Hirutasuna.
Saihetsetako erliebeek, ezkerrekoak San Gregorioren meza (elezahar urrikaltsu honen irudikatze zaharrenetariko bat) adierazten du aldarearekin eta gainean Kristoren irudia eta guzti; eskuinera, Mosen Frances eta haren emaztea belaunikaturik, atzean beren seme eta ilobak dituztela, haren hiletetara etorriak.
Etzanak dauden bi estatuak eta bai hileta elizkizunetan parte hartzen duten lagunak errealismo izugarria dute. Jakinaren gaineko arreta jarri du ertilariak arimen adierazpen-ugaritasuna lortu nahirik: arreta, jaiera, tristezia eta abar, nahiz eta, bestalde, multzo osoan ohiturazkoagoak diren beste buru batzuk ere ikusten diren; nolanahi ere, lan hau burutzen beste esku batzuk ere parte hartu zutela pentsatzen da.
Jehan Lomerenak izan daitezkeen beste batzuk. Agian, Jehan Lomeren lanen artean kokatu beharko da San Joseren atea, zeren eta Iruñeko katedraleko klaustroa kanpoarekin lotzen duen arku zorrotzetako ate xumea da hau, eta bere tinpanoan Espiritu Santuaren usoaren azpian Mariaren Koroatze eszena baitago adierazirik. Harria zaharkiturik egotea ez da eragozpen soingaineko tolesduren antolaketak duen edertasunean eskulturagilearen iaiotasuna ezagutzeko.
Oliten, erreginaren erretratu bat ertilari berak egina dela esaten da, errege Noblearen alabaren irudia da ziur asko; hain juxtu, Blanka Anderearena, Aragoiko Joanekin bigarren ezkontza aldiz ezkondua, eskulturaren egoera txarra dela eta adierazten zaila den ziurtasuna da, inola ere.
Hilobi batzuk ere harenak direla esten da, besteak beste:
- San Joanen kaperan dagoen Santxez Oteiza gotzainaren hilobia (1425 erdialdekoa) katedralean,
- eta ustez Nafarroako Lionelenaren hilobia, kareharriz egina da eta oso ongi adierazten da XV. mende horretako urteetan nafar eskulturak egin zuen aurrerapena. Hilobiaren hondoa apaintzen duten irudien naturaltasunak, beren jantzien konposaketa ederrak, aurpegien grazia eta fintasunak –besteak beste, Nekaldiko Birjinarena– hurbileko Errenazimentuaren ingurua aldarrikatzen ari dira. Ulertu egiten da, lan hau Jehan Lomeren lan gisa hartu nahi izan bada ere, dokumentuek multzo hau maisu flamenko handiaren heriotza ondorengoa dela ziurtatzea (1449).
Aialatarren mausoleoa Kexaan
[aldatu]Euskal arte historialariarentzat garrantzi berezia duen beste mausoleo bat Aialatarrena da. Izen bereko ibarreko jaunak eta Erdi Aroan politiko sonatuak izan ziren Aialatarren hiru belaunaldiek eginiko hilobiak biltzen dituen multzoa da.
Zalantzarik gabe tolosar lantegietan alabastroz landutako hilobi antzinakoenak, XIV. mendearen bigarren erdiko hileta-eskultura alerik onenen artean aurkitzen dira.
Pedro Lopez Aialakoak, dorrearen sortzailearen semea eta Gaztelako Kantzelari eta Rimado de Palacio sonatuaren egilea izan zenak, beraren eta Leonor de Guzman bere emaztearen mausoleoa eraiki zuen, Adatsaren Andra Maria deritzonaren erdiko kaperan kokaturik dagoena. Etzanak dauden irudiak dira, beren garaiko gustuz jantziak: gizona armaduraz eta lanketa fineko ezpata eskularruetan eta zorroan; anderea, aldiz, mantu, buruko eta eskularruz, zoragarriro landutako Orduen liburua eskuetan duela. Bi gorputzak, hamabi lehoiez eutsitako oinarri artistiko baten gainean hartzen dute atseden: santu, aingeru, monje, andere eta soldaduez apaindurikoan.
Kapera bereko hilobian, harrizko hilkutxetan daude, alde batean, kantzelariaren aita Aialako Fernan Perez, eta, beste aldean, aldiz, bere emazte Elvira de Ceballos Anderea, kantzelariaren ama.
Kexaako komentu beraren San Joan elizako sarreran arku sendoetan kokaturiko on Pedro Kantzelariaren seme on Fernan Lopez de Guzman eta bere emazte Maria de Sarmiento Anderearen XV. mende erdialdeko harrizko hileta mukuluak ere ederrak dira: “Errealismoa, aurpegietako fintasuna, janzkeren berezko erabilera. Bukatu da jada aurrekoen estilizazioa. Hemen, alderdi honetatik gertuen dauden eta garai horretako kanon estilistikoekin adostuago dauden Gaztela aldeko eskolen naturaltasunerako joera da nagusi”.[27]
Margolan gotiko berantiarrak Euskal Herrian
[aldatu]Italiar gotiko estiloa
[aldatu]Baskonian, italiar gotiko estiloa ez dago Nafarroan besterik. Ez da zalantzan jartzekoa, XIV. mendearen erdialde horretan, Nafarroako gortearen eta Avignongo Aita Santu aldeko gortearen artean harreman estuak izan zituztela, hala politikan nola kulturan. Avignongo Aita Santu Klemente V.a eta Joan XXII.ak Iruñeko elizgizon eta elizarekin ezin konta ahala epai eta arazo erabaki behar izan zituzten, XIV. mendearen lehen hiru hamarkadetan.
Urte horietan zehar, inguru horretan ertilari handi asko mugitu zen, frantsesak, katalanak eta italiarrak. Giottok, 1307 eta 1310 bitartean, Klemente V.a Aita Santuarentzat pintatu zuen. Giovanneti de Viterbok, 1343.ean, egoitza bereko beste Aita Santu batzuentzat egin zuen lan. Simone Martini ere hara deitua izan zen Stefaneschi kardinalaren partetik, 1340tik1344ra artean.
Ez da inola ere harritzekoa, beraz, Nafarroako erregeek kontrataturiko frantses eta aragoar margolariak Giottoren naturalismoarekin liluraturik gelditzea, nahiz eta delako maisu hauek kolpetik ez bazituzten hartu ere, florentziar ertilari handiaren berrikuntza iraultzaile batzuk. Irudien modelatuan efektu errealista lortzeko argi‑ilunen erabilera jakintsuak artean Giottoren ausardiarik lortu ez zuen arren, nafar gorteko Joan Oliverrengan eta bere ordezko besteren batzuengan halakorik sumatzen da, besteak beste, zoritxarrez ia erabat galdua den Iruñeko klaustroaren ekialdeko horman margoturiko Maria Birjinaren Bizitzaren egilearengan. Joakin eta Ana, Birjinaren gurasoen “historia apokrifoa” kontatzen deneko margolan batzuk hobeto zainduak izan balira, ikonografiazko gai berak garatzen dituen Giottoren Asis eta Paduako freskoekin alderaketa bat egitea ahal izan zitekeen.
Ez da harritzekoa, halaber, Oliteko bigarren Maisuak margoturiko ebanjelioetako pasarteek Pietro Lorenzettiren lanak gogorarazten, beren hondo ilunengatik eta ia espresionista izena merezi duten keinu eta jarrerekin, beren gainean Ebanjelioetako irudi dramatikoek hartzen duten garrantziagatik.
Asiain gotzainaren kapera
[aldatu]Eraginen esparru honetan, margolanen estilistika eta kalitate estetikoaren garapena ulertu egiten da, mendearen hirugarren laurdenean jada, esaterako, Asiain Migel Santxez gotzainaren hilobi kapera apaindu zutena lanetan (1357-1364), lehenagoko orrialdeetan aipatu dugun bezala. Gaur egun ondoen gorde diren margolanak, nitxoa (3,99 m x 2,30 m) eta arkubarnera (0,58 m) estaltzen zutenak, Museora eramanak izan dira eta hilobi monumentuaren erreprodukzio batean daude kokaturik.
Margolanaren konposaketa nitxoko hormen bi aldetan banaturik dago. Konposaketaren behe aldeko erdian, ezkerretara, Mariaren Jaiotza adierazten da eta eskuinaldekoan Elizan Sartzea.
Goieneko zatia, guztiz gai kristau dogmatikoei lotua dago, gizadiaren Salbatzailearen bitartekari sagaratuena: ia erdian, Maria, Kristori bera janaritu zuten bularrak erakusten,[28] eta eskuinaldean, Kristo, erosmeneko bere zauriak Aitari erakusten, saihetsetan diren aingeruek eusten diete Nekaldiko ezaugarriei.
Behereneko mailatan, humanitatearen sinbolozko adierazpena, zorionekoen eta zoritxarrekoen arteko zatiketarekin. Bada otoizlari pare bat ere –gotzain bat eta noble bat– Maria Birjinaren alde banatan belaunikaturik.
Ez dugu hilobiaren egilearen aztarnarik, eta margolanen egilea ere ez dugu ezagutzen. Baina hainbat xehetasun estilistikorengatik dakigu, adibidez, Elizan Sartze eszenako hondoko arkitekturagatik ertilari italiaratzaileren bat izango zela. Avignongo italiar artea itzuli zuen frantses bat izan zitekeela pentsatu zuen Emile Bertaux‑ek.
Nazioarteko gotikoa
[aldatu]Europako gorteetan, Errenazimentuko aro aintzatsua, Giotto jenioak estreinatu zuena, Masacciorekin ireki behar zuen Italiako arte berriaren eragina sumatzen hasi zen garaian, Frantziako miniaturen eragina erabakigarria izan zen eskola berri bat sortzeko, paraleloki, nolabait ere florentziar estiloarekin leian ibiliko zena. Sienako estiloa Frantziako gorteetako estiloarekin elkartzea izan zen nolabait. Sienako pinturaren marra uhintsuekiko zaletasuna izan zitekeen agian, lerrozko gotiko frantsesak eragindakoa, XIV. mendearen azken aldiko margolari galiarren polikromiarako arreta Sienako Duccio de Buoninsegna eta beste zenbait ertilarirengandik etor zitekeen. Kontua da, elkarrenganako eragin horri esker jaio zela frantses gotikoaren Sienako apainketa polikromiaranzko joritasun hor,i eta ertilari flamenkoak Paris eta Borgoinako gorteetan egoteagatik, bere baitan dituen analogiengatik horrela esaten zaion nazioarteko estilo hau, XIV. mendearen bigarren erdian eta XV.aren hasiera bitartean Europako hainbat herrialdeetan: Paris eta Borgoinako gorteetan, Espainia aldeko Levanten, Alemania ipar‑ekialdean, Bohemian eta Italiako iparraldean.
Ezaugarriak. Eskualde guztietan eta ertilari guztiengan maila eta modu berean onartuak ez izatearen salbuespenekin, hauexek ditu ezaugarriak:
- irudiak luzatzeko joera,
- mugimendu lerromakurren zaletasuna,
- margoztatze dizdizari eta bikaina,
- gorteetako kutsua duen eta gero eta handiagoa den ardura naturalista,
- eguneroko bizitzako gai laikoekiko lehentasuna eta paisaia-eszena,
- oso paisaia biziak miniaturetan eta lotsatiagoa horma-irudietan.
Nazioarteko azpiegitura horretan italiar infiltrazioak direla eta behartuak gaude etengabe “aniztasun linguistikoaz” hitz egitera, hau baita, izan ere, mendearen bukaeran Europa osoko gertakaria.
Nafarroa
[aldatu]Hispaniako erresumen artean, mende horretan Europara irekienak zeudenak Nafarroa eta Aragoi izanik, atzerapen puska batez bazen ere, ezin gera zitezkeen arte berritzaile horien batzarretara joan gabe.
Horma-irudiak. Aldi estilistiko horretan sailka daitezkeen margolanak ez dira ugari.
Adibide bat izan daitezke XV. mendearen hirugarren hamarkadan Iruñeko katedralean Pere Arnaut Garroren hilobi nitxoa apaindu zuten Apostoluen margolanak.
Ohol gaineko margolanak. Nazioarteko estilo honek utzi zituen Nafarroan ohol gaineko margolanetan eredu bikainak, baina ez XV. mendea baino lehen.
Lizarrako erretaulak. Sailkapen kronologikoak bultza gaitzake Lizarrako San Migel elizako bi erretauletatik hastera.
- San Sebastian eta San Nikasiori eskainitakoa da erretaula hauetako bat (Arkeologiako Museo Nazionalean), bien irudiak, gorputz osoz margoturikoak erretaularen bi kaleetan daude, emaileak oinetan dituztela.
- Gurutze Santuaren erretaula. Bestea, Gurutze Santuaren eta Santa Elenaren “asmakizunaren” elezaharra gai duela azaltzen da, eta berekin duen idazkunak adierazten duenez Eulateko Martin Perez eta bere emazte Toda Santxezen aginduz egina da.
Erretaula, predela, hiru solairutako hiru kale eta hauts‑babesa duen konposaketa zabal bat da, dena ere apainketa figuratiboz edertua. Erdiko etxean Santa Elenaren irudi erraldoi bat dago nabarmen, eskuineko eskuan gurutze bat duela, eta emaileen sendietakoak bere oinetan. Erretaularen zazpi etxeetan Urrezko Legendaren araberako kontaketa sonatuaren gertakariak garatzen dira. Predelako bost arku gingildunek Kristoren Nekaldia, Heriotza eta Piztueraren eszenak erakusten dituzte.
Batasun estilistiko handi bat agertzen du multzoak, hondoetako urreak eta mantu eta soingainekoen gorri eta urdin bizien margo-oreka ederrarekin. Lagunen fintasun eta liraintasunak, indarrean zegoen “nazioarteko gotikoarekiko” joera, hasiera batekoa behintzat adierazten du. Erretaula horretan Zaragozako lantegiko Joan Leviren aztarna sumatu izan dela dirudi; oraindik ere zehatzago, Mª Carmen Lacarrak bere laguntzaile batena, Pedro Rubertena dela dio.[29]
Tuterako Santa Katalinaren erretaula. Aragoiko ertilarien multzo beraren eta data (XV. mende hasiera) berekoa izan behar du, egitura eta estiloa ezagutu izan baitzaio, Tuterako kolegio‑elizan burualdeko kaperan kokaturiko Santa Katalinaren erretaulari.
Baditu, Maria Birjinaren bizitzako zazpi eszena dituen predela bat eta Alexandriako martiri herrikoia den santaren bibliografiazko gertakariak dituen hiru solairutako bost kale. Aurreko erretaulan bezala, erdiko etxeak santaren irudi erraldoia erakusten du bere martiritzaren ezaugarriekin, oinetan emaile apaiza duela.
Oso litekeena da erretaula hau Lizarrakoaren lantegi beretik irtena izatea, hartan ikusten diren urdina eta gorria nagusi izateak baieztatzen duela baitirudi; baina hemengo honetan margoen ugaritasuna handiagoa da eta nazioarteko estiloaren bereizgarriak areagotu egiten dira: irudiak iharragoak dira eta dotoretasun handiagoz makurtzen dira.
Tuterako Itxaropenaren Birjinaren erretaula. Bonanat Zahortiga, Tuterako katedraleko Itxaropenaren Birjinaren erretaula bikaina egin zuena ere, zalantzarik gabe, Aragoiko eskolakoa izango zen; erretaula hau Villaespesa kantzelariaren aginduz egina izan zen, bera Karlos III.aren gortean garrantzi handiko laguna baitzen, bere hilobiaz hitz egin dugunean ikusi dugun bezala. Hain zuzen ere, hilobi horretan buru izatea zen erretaula honen egitekoa.
Baditu Kristoren Nekaldiko eszenak adierazten dituen zortzi tarteko predela, garaiera desberdineko bost kale eta bi kale tarte eta hauts‑babes irudiduna. Beren etxeetan Maria Birjinaren, San Frantziskoren eta San Gilen aldiak garatzen dira.
Une hartako ohituraren arabera, erdian, Itxaropenaren Birjinak betetzen du erdiko etxea, neurri handikoa da, bere magal gainean ezkerreko eskua duela, laster izango duen erditzearen misterioa iradokiz. Bere oinetan emaileak azaltzen dira, Villaespesa kantzelaria eta Uxueko Isabel Anderea, bere emaztea.
Litekeena da Zahortiga izatea erretaula multzo osoaren egituraketa konplexu eta dinamikoaren arduraduna eta espazioaren ikuspuntu errenazentistago bat adierazten duen zenbait eszenen egile zuzena. Baina, irudi-pilaketa neketsu antzeko beste eszena batzuk bere lantegiko laguntzaileenak izango ziren.
Miniaturak kodizeetan
[aldatu]Nazioarteko estiloak ukitutakoak dira Ingalaterrako Erregeen koroatze Zeremonia irudiztatzen duten miniaturak (Nafarroako Artxibategi Nagusia); XIV. mendearen azken aldeko kodize zoragarria da, ez dakigun arren Nafarroako Gortera zein unetan eta zein bidetatik iritsi zen, errege Noblearen garaikoa izango da, ziur asko.
Garai berekoa da eta agian Karlos III.a erregeari berari zuzendurik iritsi zen, Iruñeko Katedraleko Liburutegira, San Agustinen Eremutar Ordenako monje baten Jacobus Magniren Sophilogium‑aren ale bat; eskaintza orria estaltzen duen miniaturagatik hemen aipa dezakeguna, zeren eta ohiko sare itxurako koloreanitzen gainean margolariak liburuaren egilea adierazi baitzuen, Maria Birjinaren aurrean belaunikaturik. Irudien polikromia ugariak, pertsonaien liraintasun politak eta margoen kontraste egoki eta biziak erakusten du miniatuta honek Orduen Liburuko nazioarteko estiloarekin duen ahaidetasuna.
Nafarroaz gain, Arabako leku oso gutxitan ikus daitezkeela dirudi nazioarteko gotikoaren eraginak, esaterako, Trebiñun, Koartango San Pedroren erretaula nagusian eta Aranako erretaularen aztarna-zatiren batzuetan.
Hispaniar gotiko flamenkoa
[aldatu]Van Eyck‑en espiritu eta materia Tuteran Villaespesa kantzelariaren erretaula ederretsi izan eta urte batzuk beranduago, 1432.ean Holandako Limburg‑en jaiotako margolari flamenkoa zen Jan van Eyck‑ek, Borgoinako Dukeen zerbitzuan egon izan zenak, Jossin Vydt eta bere emaztearentzat margotu zuen bere Bildotsaren Gurtzaren (Ganten, San Bavon elizakoa) poliptikoarekin benetako harridura sortu zuen. Harrezkero, ertilari hau bere lanak izenpetzen hasi zen: Rolin kantzelariaren Birjina (Louvre), Van der Paele Kalonjearena (Brujas), Arnolfini senar‑emazteak, eta abar.
Izadia, paisaiak eta eguneroko bizitza izugarrizko garrantzia hartzen duten pintura-mota bat da; espazioaren ikuspegia, zientifikoki zuzena izan gabe ere, zoragarria bihurtzen da, gizakiaren bizitza inguratzen duen tresnarik txikienak ere inoiz ikusi gabeko distira hartzen dute eta ikusleari ikusten den munduarekiko bat-bateko lotuta atsegina adierazten diote. Kristauaren erlijio-espiritua eta inguratzen duen mundu naturalaren arteko adiskidetze baten antzekoa da.
Nafarroa
[aldatu]Margolan iraultzaile honen berri Penintsulara iritsi eta harridura eta imitatzeko gogoa sortu zituen, baita ikonografia eta estiloan aldaketa bat ere.
Aragoiko errege Alfontso V.aren margolaria zen Luis Dalmau-k, Van Eyck‑ek Ganteko bere erretaula handia margotzen ari zen egunetan Flandesera bidaiatu zuenak, hura ikertu eta kopiatu egin zuen eta Valentziara itzulirik, bere Virgen de los Consellers (1445) lanarekin estilo berria sartu zuen. Bide beretik sartuz, baina nazioarteko estiloa erabat utzi gabe, Jaime Huguet Tarragonatarrak eyckiar estiloa apur bat bereganatu egin zuen.
“Hispaniar‑flamenko” estilo horretan Valentzian, Bartzelonan eta Zaragozan XV. mendearen erdialdean lan egiten duten ertilari hauetatik sartu zen Nafarroan eta berrikuntzak onartzen ohiko atzerapenez bada ere, ikusten da erretaulagile batzuk bereganatzen ari direla.
San Migelen erretaula. Nafarroa hegoaldeko muturrean bada hiribildu bat Barillas izenekoa eta bertan Sant Migelen parrokiako erretaula, 1470eko data eta erdigunean Goiaingeruari eskainitako irudia oso eder nabarmentzen dena, margotua eta urreztatutako hondoaren gainean herensugea ziztatuz eta emaileak bere oinetan belauniko dituela.
Alboetako oholetan Mariaren Bizitzako lau gertakari kontatzen dira; bankuan estigmatizatutako San Frantzisko, Piztuera, Mendekoste eta San Sebastianen martiritza daude; hainbat santu hauts‑babesean eta predelan. Lan hau Jaime Hugueten laguntzaileena delako iritzia askorena da.
Tuterako kolegio‑elizako erretaula. Nafarroan estilo berriaren ordezkari nagusia Oviedoko Pedro Diaz da, Zaragoza eta Huescan lan egin zuen maisua, 1487 eta 1494 bitartean Tuterako Kolegio‑elizan erretaula nagusian bere maisulana utzi zuela esan daitekeelarik. Erretaulak baditu azpialdea, bankua eta hiru solairutako bost kale, mazoneria gotiko‑flamigeroko hauts‑babesez inguraturik. Erretaularen azpiko aldean, behintzat, Diego del Aguila, Joan Gasko eta beste batzuk esku hartuko zuten, tratua eginiko ertilariaren laguntzaile modura.
Erdiko horma-hobia mende bat beranduago bete egin zen (1606), Joan Bazkardoren eskultura batekin, Jasokundeko Maria Birjinaren irudia jarririk. Banku azpian Apostoluen buruak ikus daitezke; bankuan Nekaldiko irudiak, hauts‑babesean zortzi profeta. Aurrealdeko hamabi tarte handietan, Mariaren irudiaren inguruan, bere bizitzako hamabi gertaera daude.
Lan itzel hau, aurreko erretaulen gainetik jartzen da bere handitasunagatik, bere polikromia arranditsuagatik, eszenatokien benetakotasunagatik eta espazioko irudien kokapen ugari eta zabalagatik. Oviedoko Diaz gotikoa gainditzen eta Errenazimentuko pinturetatik oso gertu aurkitzen dela esan daiteke, nahiz eta zaharturiko gustuen joerakoak diren, besteak beste, erliebetako nabardura urreztatuak, ikuspegiekiko bere arduragabetasuna eta soingainekoen tolesduretan zurruntasun gehiegizkoa.
San Markos kaperako erretaula. Diaz Oviedok beste erretaula batzuk ere burutuko zituen Nafarroako hainbat tokitan; besteak beste, bada dokumentaturiko lan bat, Cascanteko Erromeroko Amaren ermitan San Markosen kaperako erretaula. Lau tartetan buru den santuaren bizitzari eta beste santu irudi batzuei eskainitako programa ikonografiko bat garatzen duen XVI. mendeko lan bat da.
Beste erretaulak. Aurreko horretan bezala, Oviedoko Diazen estiloaren arrastoa nabaritzen deneko beste pintore ezezagunen erretaula mistoak, eskultura eta margolanen nahasteak dira, erdiko tartea betetzen duen santu zaintzailearen estatuaren inguruan kokatzen dira margoturiko tarteei dagozkielarik. Horrelaxe gertatzen da:
- Artaxoako Hesiko San Saturnino elizako erretaula nagusian,
- Los Arcosko Santa Maria elizan, antzina Eulatetarren kaperan buru zen Ikustaldiaren erretaula txikian
- eta Iruñeko katedraleko kapera baterako Caparroso senar‑emazteek agindu zuten Santo Tomas Apostoluari eskainitakoan.
Horietan guztietan errealismoaren kaltetan bada ere, apainketari xarmantasuna ematen dion urre ugariren erabilerak, franko‑gotiko estiloaren joera eta Siena aldeko pintura kontserbatzaile horren bikaintasun polikromoak, bereziki iaioak diren pintore horiek oraindik ere gotiko jarreran mantentzen dituzte; baina bestalde, espazioaren zentzu berri horrek, adierazkortasuna eta konposaketan argitasunaren bilaketak errenazimentuko pintoreen hurbileko eszena aldarrikatzen du.
Araba
[aldatu]Nafarroatik kanpo, Araban baditugu hainbat erretaula ala erretaula zati, Iparraldetik “inportatu” eta bereizteko “bertakoak” esango diegunak eta gotiko gisa izendatu beharko liratekeenak. Halakoxeak dira, esate baterako:
- Torturaren erretaulatik gorde diren panelak.
- Araban, Labrantza eta Olanokoak ere, gotiko berantiartzat har daitezke,
- eta Bizkaian, Zeanurikoa.
Hala ere, errenazimentuko zenbait arrastorengatik eta XVI. mende barruko kronologia aurreratuagatik, horietaz hurrengo atalean jardungo dugu.
Liturjiako gaiak eta luxuzko arteak
[aldatu]Bistakoa dirudi, kristau gurtza apaintzeko eta edertzeko ardura, oinarrizko bi sakramentuak emateko behar diren gai guztiei lotu beharko litzaiokeela: Bataioari eta Eukaristiari. Hasierako garai haietan garrantzirik gabeko altzari bat zen aldarea esanahiez hornituz joan zen eta azkenik Kristo bera sinbolizatzera iritsi zen. Harrez gero jaiera bereziz erabilia izan zen eta aparteko arretaz egina izan da. Erdi Aroak jaiera hau zehaztu egin zuen, ez hainbat egituran, baizik eta apaindutako aurrealdean (antipendia), lehendik aipatua dugun Aralarko San Migelen aurrealdean (ez erretaula). Erdi Aroko arte-balio berezia duen aldarerik ez da gorde Euskal Herrian.
Bataiarriak
[aldatu]Erdi Aroko Arte Historia batean erakargarriagoak izan daitezke bataiarriak edo ponteak, izan ere, kristau gurtzaren barruan berauen egitura eta formak historia ugaria eta luzea izan du. Aintzira eta erreketako uretan bataioa hartzen zenetik, urtegi batean sartze elizkizun orokor batera igaro zen ondoren eta elizatik kanpo zegoen arkitekturazko egitura zuen esparru batera gero, hasieran igerileku baten itxura bazuen ere, haurren bataioa zela eta aldatuz joan zen, barrura sartuz egiten zeneko ontzi zabal bat bilakatuz, eta hau ia beti elizaren sarreran kokatzen zen, esanahi bat adieraziz. Euskal Herria Kristautasunean nolabait ere berandu sartu izanak ulertzen lagundu egiten du herri honetan ez dela inolako urtegi edo bataioetako “iturririk” ezagutzen.
Bataiarrien ereduak
[aldatu]Euskal Herrian ikus daitezkeen bataiarri zaharrenak ez dira XII. mendea baino lehenagokoak, eta estilistikoki erromanikoak diruditen asko XIII. mendekotzat hartu behar dira. Hauetatik asko ikus daitezke Nafarroako antzinako elizatxoetan oraindik ere. Erabateko soiltasuna dute hauetako batzuk bere bi zatietan –oinarria eta kopa– eginkizuna beste funtziorik bilatu ez balitz bezala. Beste batzuek aldiz, kristau elkartea erritoaren izaera sagaratuaren oso kontzientea zela adierazten dute, ontziaren apainketa eta sinbolismoa gurutzatzen saiatuz.
Sarrienetan fustea zilindrozkoa da, nahiz eta karratuak eta prisma egiturakoak ere badiren. Ia beti egitura erdiesferikoa duen kopan ikusten dira a apainketak. Horrek askotan egitura galloiduna hartzen du; beste batzuetan koparen goialdeko zatian geometriazko zeinuak dituen zerrenda bat izan ohi da, eta ez dira giza eta animalien buruak falta izaten.
Nafarroan
[aldatu]Bataiarriak edo ponteak. Nafarroa eta Araban gordetzen diren ale ugarietatik ez da erraza landu zituenarengan borondate argia eta arte abilezia handiena adierazten dutenak aukeratzen. Edertuenetariko batzuk aipa ditzagun:
- Lizarrako San Pedro Ruakoa, erromanikoa eta XII. mendekoa ziur asko, eta bere kopa erradiozko eran jarritako hostoez, eta goieneko zatian palma-hostozko frisoz apaindurik du kopa; zutoin zilindrikoa buruz eta landare-irudiz estalia dago.
- Ekizakoa ere erromanikoa da, bolaz eta sokateriaz apaindua fuste zilindriko baten gainean.
- Neurri handikoa eta herrikoia delako interesgarria da Bidaurrekoa ere, galloien ordez, musika tresnak babesean dituen arku sail bat erakutsiz.
- Agoizkoaren antzera batzuetan zutoina bera ere estaltzen du. Oinarria koskaz apaindua, zerra hortzez ala bolaz, eta zutoinean, berriz, zutabe eta bolazkobustora.
- Galloidunak, baina apaingarri berezirik gabeak dira Sagaseta, Zalba eta Erantsusekoa (bereziki handia).
- Liberriko erromanikoa guztiz soila da; Azueloko San Jurgi esaterako.
- Berroiako zirkuluerdi-formako kopa giza aurpegiek apaintzen dute.
- Nafarroan berezien eta interesgarriena Arripodasko (Urraulbeiti) bataiarria da, XIV. mendekoa da; bere hiru alderdietan apaindua dagoen kopa karratu bat du; Jainko bizitzaren iturri denaren Kristoren bi izaerak eta bere erospeneko ekintza ukitu nahi dituela dirudien gaiak ditu kopak. Bakedanoko Rodriguezen armarria du.
Araban
[aldatu]Araban, bataiarrien artean:
- zaharrenetakoa Armentiakoa da, XII. mendekoa; guztiz soila, koparen ertz gainean erliebezko arku zerrenda soil bat duena. Sartaldeko lautadako beste batzuk ere erromanikoak ala lehengotikoak dira eta oinarri karratu gainean erdi gune bat dutelako dira ezagunak.
- Estibalizkoa nabarmentzen da, oinarriko zutabeek kapitelak baitituzte eta kopak apaingarri oso eder bat. Burgu, Txintxetru, Gordoa eta abarretakoak gotikoak dira, gai geometriak dituzten erliebezko apainketak zerrendan jarririk.
- Sail honen barruan apainketa joria duten beste nabarmen batzuk Ilarduia, Arkaia, Erroitegi, Arriano (azken hau hainbat edergarri dituzten bost zerrenda dituena da: takeatuak, errosetak, izarrak, zerra hortzak, eta abar.)
- eta oso bereziki Donemiliagako San Erromanena, edergarriz guztiz estalia bere hiru gorputzetan: oinarrian, fustean eta kopan; honek luxuzko apainketa agertzen du zenbait gai dituzten zerrendez: zerra hortzak, sigi‑sagak, zirkuluetan sartutako palma-hostoak, errosetak eta abar, denak ere zentzu estetiko ederrekoak konposaketan.
Guardiako parrokian eta baita Gasteizko elizbarrutiko landa-lurretan ere ikus daitezke gainera edertasun bikaineko beste bataiarri batzuk, baina XVI. mendekoak dira jada eta batzuk guztiz platereskoak.
Kantauri aldeko lurraldean elizetako bataiarriek ez lukete jasango Nafarroa eta Arabakoekin egiten den alderaketa. Hala ere, Gipuzkoan gogoratzea merezi dutenak dira:
- agian erromaniko aurrekoa den Ormaiztegikoa,
- Zeraingo gotikoa,
- eta Asteasukoa, isabeldarra jada.
Urregintza Liturgikoa
[aldatu]Sail honetan, bereziki liturgia ospakizunetarako direnetan ere Nafarroa da ondarerik ugariena eta baliotsuena duena. Aitortu beharrezkoa bada ere, askoz ugariagoak izan zirela Nafarroako ondarearen alor honetan nozitu ziren galerak XIX. mendeko borrokak eta bidegabeko besterentzeak zirela medio eta sortutako goseak eragin zituenak.
Nafarroan
[aldatu]Prozesioetako gurutzeak. Erdi Aroko prozesioetako gurutzeak ez dira gutxi Nafarroan. Badira metal desberdinez eginak Aratzurin, Sorauren, Itsason eta abar.
Denetan deigarriena Iruñeko San Zerningo gurutzea da. Egituraz eta estiloz gotiko bada ere, XVI. mende hasierakoa da. Droseleteen azpian Jesus eta San Saturninoren irudiak erakusten ditu, modelatu ausarditsu batez landuriko hostotza gotikoen “kriseilu” gainetan, Kalbarioa, Birjina eta San Joanen irudiekin. Multzo hau maza gotiko eder batez bukatua dago apostolutza eta ia platereskoak diren mendel txikiak dituela.
Iruñea eta Zangotzako zilargin lantegietatik prozesioetako gurutze ugari sortu zen (gaur egun gehienak desagertuak dira). Ziurta daitezke jada, XV. eta XVI. mendeetatik gordetakoetan Errenazimentuko plateresko ederrak, baina filigrana eta kalatuetan diseinu flamigero tradizionala gordeaz, gotiko leihateen trazeria imitaturik.
Erlikia‑ontziak. Hilobi Santuko erlikia‑ontzia. Sail honi gagozkiolarik, denen artean buru Iruñeko katedraleko Hilobi Santuko erlikia‑ontzi bikaina jarri behar da. Gurutzadatik itzultzean San Luisek Parisera ekarritako Arantza Santuaren erlikiarekin lotu izan zen, eta hori zela eta uste izan zen, bere alaba Isabelen Teobaldo II.arekin (1258) ezkontzen zela eta errege santu frantsesak eginiko erregalia zela Iruñeko bitxi hau. Baina erlikiaren idazkunak “Hiloihal Santura” begira jartzen gaitu eta zentzuzkoagoa dirudi barrualdean adierazten duen eszena kontutan hartuz gero.
Jatorriz egitura gotikoa du, eskemaz eta trinkotasunez Parisko Kapera Santua irudikatzen duen Iruñeko erlikia‑ontzi honek barrualdeko zuloan pazko goizeko irudikatze bat du, emakume santuak hilobira iritsi eta aingeruak berria eman zienekoa: “Piztu da...Ikus non egon zen”.
Angeluzuzeneko oinplanoa du eta idulki baten gainean dago, lau lehoi txikik eusten diotela; hilobia inguratuz ebanjelioko pazko gertaerako lau irudiak eta oinetan lokartuak dauden bi soldadutxo erromatarrek erdiratzen dute antolaketa.
Multzo osoa zoragarria gertatzen da konposizioko irudien modelatuetan asmatu baitzuten, bai neurriz, bai politasunez eta urrezko xafletako lore eta geometria gaien diseinuez. Azterketa estilistikoaren arabera, Felipe “Ederra” zeritzanak eta bere emazte Joanak babesturiko lantegietatik XIII. mendearen azken aldeko urregintza frantsesetik atera zen maisulan bikain bat dela ziurtatzen da.[30]
Lignum Crucis‑aren erlikia‑ontzia. Beste garrantzi handiko erlikia‑ontzi bat, Konstantinoplako enperadore Migel II.a Paleologoak 1401ean Karlos Noblea erregeari bidalitako erlikiak gordetzeko frantses lantegietan landutako Lignum Crucis‑ena da. Elizatxo baten irudia duen pieza hau, lau lehoi txikiz eutsitako oinarri gingildun zabal baten gainean dago zutik. Goialdetako mugimendua, agian desoreka apur batez nabarmenduz, kontrahormak, leihoak, arkuak, arrosa-leihoak eta gableteak osagai dituen antolaketa bat da multzo osoa, saihetsetako bi gurutzez eta erdiko askoz garaiago batez koroatzen dena, denak ere kolore oparotasun zoragarrizko esmaltez apainduak.
Beso-itxurako erlikia‑ontziak. Nafarroako urregintza gotikoko zerrenda luzeak alde batera utzi, eta has gaitezen besoa altxaturiko egitura duten erlikia‑ontziak badirela aipatzetik, esate baterako, Iruñeko San Zernin elizakoa.
Sagrarioak eta erlikia‑ontziak. Badira material desberdinez baina trazu oso finez egindako beste sagrario eta eki‑santu batzuk ere, besteak beste, Oibarko San Pedro elizakoa.
Zangozako eki‑santua. Azpimarra dezagun Zangozako zilargintzako benetako bitxia (dagokion puntzoiez egina), Zangotzako Santa Mariako prozesioetako eki‑santu; ia zalantzarik gabe bere jatorrian eukaristia gordetzeko sagrarioa izan zena. Txikiagotuz doazen hiru gorpuz oktogonal dituen multzo arkitektoniko bat da, Bibliako gaien erliebez apainduriko oinarri baten gainean dago, berau ere oktogonala. Egitura hirukoitz hau gurutzean hildako gizaseme gotiko batez koroatua dago. Hiru gorputzen aurrealdeak irudiz eta kontrahorma eta trazeria gotikoz eginiko saretaz hertsirik agertzen diren leihateen imitazioak apaingarri dituela; horietako bat sagrarioko atea izan zitekeen.
Araban
[aldatu]Arabako lurraldean urregintzak utzi ditu ale ederrak, inola ere apezgoaren eta nobleziaren baliabide ekonomikoak sagaratuki parrastatu zitezkeen garaietan datatu beharko liratekeenak. Zilar urreztatuan landuak eta esmaltez apaindurikoak izan ohi dira.
Adatsaren Andre Mariaren erlikia‑ontzia. Erlikia‑ontzien alorrean, itxura arkitektonikoz eginiko Europako moda jarraitzen denetan, Kexaako monasterioko Adatsaren Andre Maria deritzonaren erlikia‑ontziak merezi du aipamen berezia, Avignongo lantegiren batetik irtena izan daitekeelarik. Ale zoragarri hau monasterioari Aialako Fernan Perezek, Kantzelariaren aitak, emana izan zen 1378an.
Poliptiko txiki baten antzera (40 cm garaieran), lau lehoi txikiz eutsitako oinazpi baten gainean egina dago, eta zilar urreztatuan landua. Ireki eta zabaldu ondoren, gotiko gezi eta gableteez bukatzen diren bi solairu agertzen dira. Erdiko horma-hobian Mariaren irudi polit bat azaltzen da buruan, altueran 9,50 cm-koa,[31] bularra eskaintzen diola dirudien samurtasuna Haurrari adieraziz; haurrak, aldiz, amaren ezkerreko belaun gainean profilez eseririk, amaren mantuaren eusgarri aldera luzatzen du eskua. Erlikia‑ontziak elizatxo baten itxura du. Irekia dagoenean, bere ateetan Haurtzaroko bost gertaerak ikus daitezke: Deikundea, Ikustaldia, Jaiotza, Agerkundea eta Elizan Sartzea.
Halako neurrian egina eta mailuz landutako zilarra dela jakinik ezin aurkituko dugu zeinu esanguratsu oso xeherik, baina keinuak oso adierazkorrak eta egokiak dira. Urreztaturiko xafletan eginiko atetila mugikorrak ditu elizatxoak, erlikiak jasotzeko funtzioa duten lauhostozko gunekin.[32]
Bizkaian
[aldatu]Bizkaian liturgiako ostilamendua dokumentuetan ugaria bada ere, esan behar da Erdi Arotik guganaino iritsi dena zatikatua, urria eta, nolabait esan, pobre samarra dela.
Gaiari dagokionez, zilarra ez da ugaria eta kobrea eta zura dira gehienetan erabiltzen direnak. Azaleko ebakidurak besterik ez dira apaingarriak eta gehienez ere, esmalte-aplikazioak. Kalitate handiko lanak gelditu dira azken gotikotik, non badirudien zilarra XV. mendean sustraitu zela.
Prozesioetako gurutze eder batzuk baditu Elizbarrutiko Museoak, Etxeberriako San Andres elizatik ekarriak, kobrezkoak, eta Bolibarko Santo Tomasena.
Lan famatu moduan hartu behar dira zilarrezko bi kopoi, Santurtziko San Jurgi elizatik ekarritako urreztaturikoa bata, eta Igorreko elizako beste bat, biak ere XVI. mende hasierakoak. Horiez gain, Bilboko katedraleko intsentsu‑ontzi zoragarria.
Gipuzkoan
[aldatu]Erdi Aroko liturgiako zilargintza gaietan Gipuzkoako arte altxorrari dagokionez, gogora ditzagun Donostiako Elizbarrutiko Museoak jasoak dituen alerik baliotsuenak.
Besteak beste, Leintz Gatzagako Dorletako santutegitik datorren letoizko intsentsu-ontzia, goiko zatian trilobulatuzko egitura kalatu eder batzuk dituena.
Prozesioetako gurutzeak. Museo berean probintziako hainbat parrokitatik bildutako prozesioetako lau gurutze ikus daitezke: Zumarragakoa, Bergarakoa, Albizturkoa eta Goiatzekoa.
- Zumarragakoa XVI. mendeko zilarrezko ale izugarri bat da, gotiko berantiarreko gurutzeek berezkoa duten ikonografiarekin: Gurutziltzaturiko Kristo, lau besoen lirio-lorezko muturretan tetramorfoak dituen gurutzea, ukitu plateresko nabaria badu ere, ez zaio falta filigrana gotikorik; nafar lantegiko lana izan daiteke.
- Oxirondoko (Bergara) Santa Marinatik ekarritakoaz ere gauza bera esan daiteke, 110 cm x 46 cm-koa da eta bistakoak dira Iruñea aldeko lantegiren bateko markak.
Edalonontzi sagaratuak. Mutrikutik datorren zilarrezko kaliza urre-kolorekoak gotiko aberats bat agertzen du (emaileen idazkuna duena), landare gaietan eta familiako armarria zokalo kalatuan, filigranazko heldulekuan, gailurreria gotikoa duen korapilo apartan eta kanpai egiturako kopa apaingarrian.
- Beste urreztatutako kaliza batek, Asteasutik datorrenak, aurrekoaren egitura eta estilo oso parekoa du.
- Bada beste urreztaturiko zilarrezko bake‑emaile bat, erdian Gurutzetik Eraistearen irudi gotiko‑flamenkoa duena.
- Zilar urreztatua den beste kopoi bikain bati, Antzuolako parrokiakoa zenari, Gasteizko puntzoia ageri zaio, eta baditu oina, erdian korapiloa duen bi ataletako heldulekua eta kopa, biak ere kalatu zoragarriz landuak.
Horretaz gainera badira plateresko estiloko bi eki‑santu urreztatu, baina gotiko arrasto garbiak dituztenak.
Laburpena
[aldatu]Baskoniako gotikoaren historia laburtzea ez da gauza erraza, euskal lurralde guztien elkarren arteko ezaugarriak bilatzen hasiz gero, hauetan guztietan ez baitzuen erregimen politiko bat berak gobernatzen, ezta urrik eman ere; erreinu desberdinetakoak izanik, gizartean, ekonomian eta kultura mailan nolabaiteko areriotasun sentipenak sorrarazi zituen honek, senideen artean elkartasun-harremanak sortzeko oso aldekoak ez zirenak, alegia.
Nafarroa: frantsesturiko artea
[aldatu]Nafarroan, Karlos III.aren erregealdiak luxuzko eta fintasunezko artea ekarri zuen ediletara. Oso nabaria da errege Noblearen gorteko distira-zaletasun beroa eta europar gainerako gorteekin leian ibiltzeko borondatea. Izan ere, beren osaba‑izebak imitatuz, Berry-ko eta Borgoinako Duke hauek izan ziren “nazioarteko estiloa” izeneko dotoretasunaren sustatzaileak. Eta baldintza hauek denak ez ziren eragozpen izan Nafarroa izateko XV. mendeko gotiko loreztatuko adierazpenik nabarmenenak izan zituen eskualdea, nahiz eta geroztik erregetzaren aginpideko batasuna gutxiagotuz joan, honako hauen ondorioz: dinastien arteko borrokak, nobleen esku-hartze politikoa eta Beaumondarren eta Agramondarren arteko borrokak.
Lehen euskal burgesiaren artea
[aldatu]Ulertu egiten da, gainerako probintzietan, Frantziako gortearen tradizioari hain lotua zegoen arteak nafar monarkiaren ildo berberak ez jarraitu izana. Politikoki Gaztelako koroaren menpean egoteak probintzia hauetan nobleziaren ahultzea eta burges klasearen sorrera ekarri zuen. Hazkunde demografiko eta ekonomikoa nabaritzen da, XV. mendearen bigarren hamarkadatik aurrera eta, era berean, hiriko gizartearen barruan etena: aberatsak eta behartsuak. Hiriko burgesia klaseburu bihurtu zen eta Bilbok ekonomia hazkunde nabarmena ezagutu zuen, Kantauriko lehen portua izatera iritsi zelarik. Leinu nobleak amorrualdi batzuk izan ondoren, XV. mendearen bigarren zatian, beren aginpidearen amaierara iritsi ziren.
Hazkunde demografikoaren eta hiriko klaseen ekonomiaren eta gizarteko aurrerapenaren ondorioz, ez da harrigarria gurtzari eskainitako lekuak handiagotu nahi izatea, ezta eliza erromaniko zaharren ordez estilo berrikoak diren eliza handiagoak eraiki nahi izatea ere. Baina, ez da ezer harritzekorik gertatzen, baldin eta, gainerako Europako estatuetan sumatzen den bezala (Italiako hirietan batez ere, non oso nabarmena izaten den nobleziaren eta burgesiaren arteko gustuen kontrastea), Euskal Herriak, Iruñeko gortean ikusten den arte “noble” baten fintasunaren aurrean, Kantauri aldeko hiribilduak ekonomiak, xumetasunak eta irizpide pragmatikoek zuzenduriko artea nahiago badu. Horrela ulertzen da bada, Nafarroa eta gainerako probintzien arteko desberdintasuna “gotiko loretsuaren” harreran.
Formen estilizazioa
[aldatu]Guztietariko “gotiko” izenari eutsi bazaio ere “gotiko flamigero” izeneko estilo berri bat da. Henri Focillonen ustez, edozein estilok azken aldia iristean iragan behar duen edertasun eta manierista gutizien azken garai bat baino gehiago, baldintza jakinetako arrazoi historikoetan oinarrituriko artea dela ulertu behar da; Europako monarkia ahaltsuen adierazpen eta finkapen-garaikoa, adierazpide modu berriak eskatzen dituen erregetza berrien gorespen eta harrotasunezko aldikoa.
Hispaniako hainbat eskualdetan, neurrietan eliza orain apur bat apalagoa zen (salbuespen batzuk izan ezik, esaterako, Sevillako Katedrala), baina handitasunean galera zenak, gizatasunez eta edertasunez irabazi zuen.
Eraikinen nerbioak estilizatu egin ziren. Aurreko izar-gangetan sarezko bateratze konplexuak osatu ziren, era desberdinetako lotura ugariagoen bitartez, gangari eustea baino gehiago hondoa apaintzeko asmoa izango balute bezala. Arbotante eta pilastretan uhindurak bilatzen ziren; hauek, batzuetan kiribil egitura hartu bazuten ere zutabe finez osatuak gelditu ziren. Kapitelak, desagertzen ez badira, txikiagotu eta poligonozkoak bilakatu ziren.
Neurri izugarriak hartuko dituzte leihateek, Ingalaterran batez ere “perpendikularra” estiloz eta arkutaraino jaitsi ziren, triforioa desagerraraziz. Aurreko mendeetako arku zorrotzak, oraingoan, lau erdigunetako konopialak, eskartzanoak, karpanelak edo apalduak ziren. Kontrahormetan mailaz maila kokaturiko pinakuluak biderkatu egin ziren, bai garaieran, bai aberastasunean eta bai profilen ugaritasunean irabaziz. Leihoak eta argizuloak parrastaka sortu ziren, eta bao guztietan hormaren ohiko lautasuna hirusta sailez edo gingil anitzeko kalatuez jantzi nahi izan zen, betiere lerromakurrak eta kurbatuen eta kontra‑kurbatuen jokoak bilatuz, ia landarezkoa den grazia eta bizitasuna adieraziz.
Harrizko profil suhar horiek izen berria eman zioten flamboyant edo flamigero estiloari. Inolako zalantzarik gabe, gehiago gogorarazten dute festa-giroko dantzaren bizitasuna Erdi Aroko gazteluen gartxutasun sendoa baino. Nobleen bizimodu gatazkatsua jauregiko erosotasunean bigun bihurtu zeneko aldia zen. Gaztelu eta elizetan dorre graziosoak altxatzeko aldia zen, airearen arintasunarekin leian ibili nahi balitz bezala sortu ziren katedraletako geziak, harrizko titakadura erakargarriak zituztela. Kontrahorma eta ostikoetan dorretxoak zutitu eta eliz atariak gablete eta pinakulu zorrotzez koroaturik.
Flamigeroaren sarrea
[aldatu]Historialari batzuen ustez, estilo flamigeroaren jatorria Ingalaterran bilatu behar da. Handik igaroa baitzen Frantziara XIV. mendearen azken aldian. Dena dela, herrialde horietan aurkitu zituen adierazpenik distiratsuenak. Hispaniako arte historialariak konturatu dira Espainian ez dela aurkitzen, bere egitura eta ikuspegi orokorrean, Frantzian ikus daitekeen zenbait elizetako itxura hain kargatu eta konplexua duen elizarik. Osagai flamigeroak Oviedo, Murtzia, Burgos, Sevilla eta abarretako katedraletan besterik ez dira ikusten.
Euskal probintziak, korronte iragankor bat. Gaztelaren eragina baldin bazuten ere, gotikoaren azken aldi horretan, euskal probintziek ez zuten Gaztelako gartxutasun estilistikoaren lekukotasunik behar izan, gizarte-mailako arrazoiengatik nahiz estetikoengatik.
Euskal Herriak programaturiko gartxutasunean darrai. Bere probintzietan, esparru zabalen alderako zaletasun eta gustua salbuesten bada, oso nabaria da etxezainek, edilek eta eliz agintariek gehiegizko gastuak mozteko eta harginen eta eskulturagileen lana zaintzeko jartzen duten arreta. Bestalde, ez dirudi barrokismoak erantzuten dionik Euskal Herriaren espirituari.
Horren ondorioz, herri honetan estiloa flamigero iragankorra moda gisa hartu zen, Europako gorteetako klase gorenaren ezaugarria den dotoreziak eta gustu bikainak ezarritakoa. Izan ere, ez dira ugari gure herriko elizetan egitura flamigeroak.
Nafarren zaletasuna. Nafarroaz ezin esan daiteke gauza bera, zeren eta, Karlos III.aren erregealditik jada, noble eta printzeen zaletasuna norabide horretatik abiatu baitzen. Errege Noblea izan zen zalantzarik gabe bere Oliteko jauregian hispania aldeko joera frantses eta nazioartekoarekin elkartu nahi izan zuena, erregeren gelak oparo edertuz eta urreztatuz, eta mudejarren igeltsuak berak ere erantsiz.
Errege Noblea bera izan zen katedraleko klaustroari espiritu berbera erantsi ziona, nahiz eta, aurretik esan dugunez, katedrala bera, arkitekturazko gartxutasun zorrotz izaeraz jantzia izan. Dena den, Frantziako gorteetako artearen gertutasuna lagungarri izan zen, jada oso aurreratuak zeuden klaustroko lanetan, flamigeroaren grazia aldera irekitze garbia gauzatuz. Katedraleko gurutzadurako arrosa-leihoak mendearen bukaeran egin ziren eta artean amaitu gabe ziren klaustroko hormarteak estilo berria erantsi zitzaienean, alaia eta festa girokoa. Begi bistan ditugu gaur egun ondorioak: iparreko, hegoaldeko eta batez ere mendebaldeko galerietako arkuen zati bat koroatzen duten gablete zorrotzak dira, diseinu flamigero kalatuzkoak; multzo osoa ez zen XVI. mendera arte bukatu; espiritu beraren emaitza da, batez ere, klaustro gainera igotzeko eraiki zen helize egiturako eskailera.
Azken gotikoaren lorratzaren atzetik
[aldatu]Iruñeko klaustroak ezin ahantzaraziko digu beste klaustro eder bat: Oñatiko San Migel parrokiakoa, lerro nahasizko gailurreria eta harrizko filigranekin tenore manierista horri erantzuten diona. Arkitekturan espiritu bera sumatzen da zenbait xehetasunetan, esate baterako, Vianako parrokiako Guardiako Erregeen Santa Maria izenekoaren kaperan, Laudioko Eremuko Andre Mariaren arku konopialetan edo Portugaleteko Santa Mariaren triforioan, eta agian britainiar eraginekoak diren Lekeitioko leihateetako trazerian.
Azken gotikoko estilo manierista berari erantzuten diela dirudi, adibidez, Aguraingo Santa Marian ikusten diren zutabetxo finak ezarrian dituzten zilindro-formako pilareen lerrozko mehetzeek nahiz Bilboko San Antonekoek, edo Portugaleteko parrokiakoek eta Balmasedako San Seberinokoek.
Irudigintzan, garai honetan, dogmen objetibotasunaren gainetik jartzen hasi zen sentimendu subjektiboa. Giza sentimenduen adierazpen hau indarra hartuz joan zen errenazimenduko artean amaitu bitartean. Aipa dezagun, gotiko berantiarraren atal honetarako terminus a quo gisa finkatu genuen data (1397), Devotio Moderna izenez ezagutzen dena zabaldu zuten Elkarte Bizitzaren Ermandadea (1398) Flandesen eratu zeneko data ere badena. Estilistikoki manierista alaitasunaren eta nazioarteko estiloaren fintasunen garaia ere bada. Irudi santuak graziaz kulunkatzen dira, antzinako estiloaren segurtasuna saihestuz; Errenazimentu inguruetan arte profanoa erabiltzen hasi zen eta eszena mundutarraren mugimenduek sagaratutako artearen adierazpideak kutsatu zituen.
Arte figuratibo gutxi dago Euskal Herrian (Nafarroaz aparte) manierista garaiko ikonografiarekin, Espainiako edo Frantziako eskualdeetan ikus daitekeenekin alderatzeko. Hala ere, beharrezkoa da esatea, Euskal Herriko jauregi eta kaperetan XV. mendearen azkenean finkatu zela gotiko loretsuarekiko zaletasuna eta hau dela hispaniar‑flamendar artearen inportazioa argitzen duena.
Errege Katolikoen erregealdian gotiko loretsua “isabeldar” izenekoaren ezaugarri bereziak hartzen hasi zen. Espainia osoan eta Euskal Herrian bereziki XVI. mendearen lehen hamarkadetan gotiko loretsuaren, isabeldarraren, mudejarren eta platereskoaren ur‑lasterrak elkartu egin ziren, ideia berrien eta egitura berrien erreka handi den Errenazimentuan bukatzeko.
Bibliografia
[aldatu]- AGUINAGALDE, B.: Gipuzkoako Dorretxeak eta Leinuak. Bertan, 11. znb., (Donostia, 1997).
- BASAS, M.: Las Casas‑Torre de Vizcaya. Bizkaitar gaiak saileko XXXIV.a, (Bilbo, 1977).
- ECHEVERRIA GOÑI, P. L.-ALVAREZ RUIZ, Ana R.: Erretaulak. Retablos. Eusko Jaurlaritza, 2 libk. 2001.
- FERNANDEZ LABREDA, C.-LORDA, J.: La catedral de Pamplona. Arquitectura. VV.AA.n: La catedral de Pamplona 1394‑1994. I.go libk. Nafarroako Gob. Argit.
- LAHOZ, L.: Sepulcros góticos de la catedral de Vitoria. Cuad. De Sección. Artes Plást. Y Monumentales, 11. znb., 1993, 73‑91. or.
- LOPEZ DE GUEREÑU,G.: Dos noticias para una monografía de la Parroquia de San Vicente de Vitoria. (Donostia, 1958) (RSBAP‑ko aldizkariaren separata, XIV. urtea 2. kodr.).
- LOPEZ DE GUEREÑU, G.: Nuevas aportaciones a Alava, solar de Arte y de Fe. B.I.S.S.en, 1974.
- LOPEZ GEREÑU, G.: Andra‑Mari en Alava. Iconografía mariana en la diócesis de Vitoria. (Gasteiz, 1982).
- MARTINEZ ALAVA, C.: Escultura. La catedral de Pamplona‑n, I. libk., 274‑354. or.
- MARTINEZ DE AGUIRRE, J.: Arte y monarquía en Navarra, 1328‑1425. Nafarroako Gob. Argit. (Iruñea, 1987).
- M. PINEDO, R.: La cruz de Crutziaga. 1942.
- PORTILLA, M. J.: Torres y Casas Fuertes de Alava. 2 libk. (Gasteiz, 1978).
- SILVA Y VERASTEGUI, S.: Las empresas artísticas del Canciller Pedro de Ayala. Congreso de Est. Históricos, Vitoria en la Edad Media, iragarritako berria.
- SILVA Y VERASTEGUI, S.: El retablo gótico. El arte en Navarra‑n. 14. znb. Diario de Navarrak argit.
- TORRES VALVAS, L.: Filiación arquitectónica de la catedral de Pamplona. P.V. 24. znb.an, 1946, 471‑508. or.
- VV.AA.: La sociedad vasca rural y urbana en el marco de la crisis de los siglos XIV eta XV. Actas del simposio, Bilbao 1973. (Bilbo, 1975).
- WEISE, G.: Apänische Plastik...I.go libk., 90.
- YBARRA, J.: GARMENDIA, P.: Torres de Vizcaya. (Bilbo, 1946), 3 libk.g
Erreferentziak eta oharrak
[aldatu]- ↑ J. ZABALO ZABALEGI, El Reino de Navarra en la Baja Edad Media. Historia del Pueblo Vasco‑n. (Donostia, 1978) 141. or.
- ↑ Ikus inbertsio hauei buruzko ohar zehatzak ZABALO ZABALEGI‑n, O.c., 144. or. eta hur.
- ↑ Erregeen sasiko semeetatik jaiotakoak eta errenta handiez hornituak ziren etxe handi hauek, Beaumontarrena, Nafarroarena, Peraltakoa, eta Nafarroarekin elkartuz bukatu zuen Kortes Kondeena izan zirenak. Gainerako nobleak baino ahaltsuagoak ziren, baina historia eta tradizio ozpindua zutenak; ez zeuden lur batean edo etxalde batean sustraituak, baina erregeen emariez handituak zirelarik, beren handinahia bereziki berekoia eta inorenganako atxikimendurik gabea zen, eta beren arteko haserre eta gatazka armatuak zirela-eta, etengabe erregearen autoritatearen aitorpena galduz joan ziren eta erresuma hondamendira eraman zuten.
- ↑ Iruñeko katedrala eraikitzeko finantza-alderdiaz, horretan lan egin zuten maisu eta langileen kontratuak eta Nafarroako erregeek, Karlos III.a Nobleak batez ere, eman zuten diru-laguntzaz, ikusi Xabier MARTINEZ DE AGIRRE, Artea eta monarkia Nafarroan 1328‑1425. P.V. 1987an, 254‑272. or.
- ↑ L. TORRES BALBAS, Arquitectura y escultura gótica. A.H. VII. libk. 520. or.; Filiación arquitectónica de la catedral de Pamplona. P.V. 24. znb., 1946, 471‑508. or. Street, Madrazo, Brutails eta Lamperezek ere aipatu zituzten katedraleko presbiterioko ezohikotasun bitxi horiek; baina Elie Lambert (P. V. 1951, 29. or.) izan zen xehetasun handienaz azpimarratu zituena: Ekialdeko absideko ardatzaren kokapena “angeluzko erpin batean kokatua, ardatzaren perpendikularrek alde zuzen batekoaren tokian; sakontasun gutxiko erradiozko kaperak, ojiba‑ganga sistema beraren bitartez girolari elkartuak; presbiterioaren inguruan alboetan, ondoan jarritako lau hexagonoz lortutako oinplanoaren trazu orokorra; gurutzaduraren hurrengo bi hexagonoen ezohikotasuna, honen muturreko tarteetan irtenguneak iristeko, ekialdera gurutzaduraren besoak ixten dituzten horma trinkoen alboetan angelu zorrotzak osatuz; azkenik, desberdintasunak hegoaldera burualdea ixten duten bi hexagonoetan, klaustroko hormaraino iristen direnak, baina iparraldera, antzinagoko eraikuntza erromaniko txikiaren zabalera, zati batean bederen, garai klasikoan berreraikia izan zena, libre utziz...”
- ↑ L. TORRES BALBAS, Filiación arquitectónica de la catedral de Pamplona. P. V. 24.an, 1946, 501. or.
- ↑ Ikusi, C. M. N. III.ean, 312‑335. or. Oliteko gaztelu‑jauregiaren azterketa historiko eta artistiko oso bat, bibliografia ugarirekin.
- ↑ Urduñako Andre Mariari buruz, ikusi C. M. V., VI. libk., 103‑104 eta 663‑681. or.
- ↑ Santikurutze Kanpezuko Andre Mariaren elizari buruz, ikusi M. A. PORTILLA, J. EGIA, Arciprestazgo de Treviño‑Albaina. C. M. V. II. libk., 317‑319. or.; ikusi, halaber, J. LOPEZ DE GUEREÑU, Nuevas aportacionez a Alava, solar de arte y fé. B. I. S. S.n 1974, 427‑504. or.; ezezaguna, M. N. E., I. go libk. (Gasteiz,) 1985, 55‑70. or.
- ↑ M. J. PORTILLA, Torres y Casas Fuertes de Alava. (Gasteiz, 1978) II. libk.
- ↑ Inazio Arozenak eskema honen bidez J.A.Gartzia de Kortazar historialariaren ideiak laburbiltzen ditu La sociedad vasca rural y urbana en el marco de los siglos XIV y XV liburuan. (Bilbo, 1975), 285. or. Ikusi I. AROZENA, Ahaide Nagusiak eta Gipuzkoa eta Bizkaiko bandoen arteko gatazkak. Euskal Herriaren Historian. (Donostia, 1972) I, 151‑172. or.; ikusi, halaber, egile beraren: Euskal bandokideak. B.R.S.B.A.P. 1969, 217‑312. or.; eta ikusi, Euskal landa eta hiritar gizartea XIV. eta XV. mendeetako krisialdiaren inguruan. Sinposiumeko Aktak, Bilbo 1973. (Bilbo, 1975); B. AGINAGALDE, Gipuzkoako Dorretxeak eta Leinuak. Bertan 11. znb. Gipuzkoako Foru Aldundiak Argit. (Donostia, 1997), 76. or.: “ Ez ohikoa eta berezia da, XVI. mendearen hasierarako merkatari leinuren batekin, olagizonak izan ala ez izan, elkartu ez den Ahaide Nagusia; denak ondare nagusitzat dorreren bat dutela”.
- ↑ M. J. PORTILLA, O.c., II, 858. or.; S. SILVA Y BERASTEGI, Las empresas artísticas del Canciller Pedro de Ayala. Congreso de Est. Historicos, Vitoria en la Edad Media, 1981 emaniko berriak. (Gasteiz, 1982); Ezezaguna, Palacio Casa‑Solar de Ayala en Quejana. M. N. E.an, I, 287‑299. or.
- ↑ Butroe dorrea, oinaztarren bandoko “leinu-buru” zenaren oinetxea zen partetik, antzinako grabatuetatik besterik asmatu ezin daitekeena, sendotasun izugarrizko gaztelutzarra izan zen. Gaur egun ikus daitekeen gaztelu zoragarriak, 1864ean berreraiki zen erromanikoak ez du jatorrizkoarekin zerikusirik. Gauza bera esan daiteke Arteagako dorreaz (Arteagan), XIX. mendean Eugenia de Montilo enperatrizaren gustura frantses château moduan jarriaz.
- ↑ Ezezaguna: Muntxarazko dorretxea. M.N.E.an, III. libk., 1‑10. or.; J. IBARRA Y P. GARMENDIA, Torres de Vizcaya, (Madril, 1946), III. libk., 218‑222. or.
- ↑ M. BASAS, Las Casas‑Torres de Vizcaya, 1977; J. IBARRA, Catálogo de monumentos de Vizcaya, 1958.
- ↑ S. CAMINO y ORELLA, Historia civil, diplomática, eclesiástica, antigua y moderna de la Ciudad de san Sebastián. (Donostia, 1963); L. MURUGARREN, San Sebastián. Donostia. Gipuzkoako Argitaldarien Elkartea. (Donostia, 1978).
- ↑ A.M.N., IV, 221. or. (Ikusi 109. eta 110. irudiak).
- ↑ Honi dagokionez, Jimeno Juriok eskulturaren historiari dagozkion estiloen arteko kontrasteak aipatzearen burutapena oso egokitzat daukagu: Soingainekoen modelatu ahur bikainek, gorputz egitura adierazi baino gehiago, nagusi zen ingurunearekin egiten dute bat gorputz antisentsualak osatuz, bigunerako joera duten egitura ganbil edo konbexuak kontrajarritakoen ordez”. Olite monumental‑en, 31. or.
- ↑ L. LAHOZ, Guardiako Santa Maria de los Reyeseko arkupea. El arte gótico en Alava. 154‑157. or.
- ↑ Santuen erlikiak absideko eta aldarearen arteko horman jartzeak, liturgia ospakizunerako zoritxarreko bi ondorio ekarri zituen: aldarea erlikien eusgarri modura hartzen hasi zela, bata, eta apaizak ospakizunak eliztarrei bizkarra emanda egitera behartzen zutela, bigarrena. Erretaularen sorrera eta bere garapenari buruz, ikusi laburturik, J. PLAZAOLA, El Arte Sacro Actual. BAC, 1965, 136‑138. or.
- ↑ Ikusi: C.M.V., V. libk., 327‑329. or. P.L. ECHEVERRIA GOÑI (zuzd.): Erretauloak. Retablos. II, 492‑500. or.
- ↑ L. LAHOZ, El retablo de Nuestra Señora de la Encina en Arcienaga. Kobie 10ean, 1994, 73‑86. or.; J. M. AZKARATE, Santuario de la Virjen de la Encina. Artzeniaga. C.M.V., VI. libk.,175‑188. or.; P. L. ECHEVERRIA GOÑI, Erretauloak. Retablos. II, 484‑491. or.
- ↑ C. M. V., VI. libk. 691. or.; P.L. ECHEVERRIA GOÑI, Erretauloak. Retablos. II, 501‑508. or.
- ↑ XVI. mendeko eskultura. A. H.an, XIII. libk. (Madril, 1958) 85. or.; P. L. ECHEVERRIA GOÑI, O.c., II, 471‑477. or.
- ↑ Carlos MARTINEZ ALAVA, O.c. La catedral de Pamplona. I, 342‑348. or.
- ↑ A.M.N., V.ean, 145. or.; C. FERNANDEZ ALAVA (O. c.). Zenbait ezaugarritan berrizaleagoa den Dijoneko hilobiko Sluterren lana, Erdi Aroko tradizioari leialago eusten dion Jehan Lomeren Iruñeko hilobikoaren artean dauden desberdintasunak azpimarratzen ditu.
- ↑ Ikusi: C.M.V., VI. libk., 1988, 796‑800. or.; L. LAHOZ, O.c., 96‑104. or., ikonografia azterketa bikain bat egiten duena; ikusi, halaber, S. SILVA VERASTEGI, O.c.; Ezezaguna, M.N.E., I.ngo libk., 294‑295. or.
- ↑ Gai honen iturburua, Bonneval‑eko abadea eta San Bernardoren lagun Arnaud de Chartresen De laudibus Beatae Mariae Virginis dela dirudi. Berant Erdi Aroan, Speculum Divinae Salvationis (39. atala) honen eraginez kristau artearen ohiko gaia bihurtu zen, X. mendean, batez ere.
- ↑ M. C. LACARRA DUCAY, Pintoren aragoneses en Navarra durante el siglo XIV. P. V.n 1979,81‑86. or.; ikusi, halber, S. SILVA Y BERASTEGI, El retablo gótico. El arte en Navarra. 14. znb., 213. or.
- ↑ Mercedes de ORBE SIVATTE, Relicarios medievales. Historia del arte en Navarra‑n. 16. znb. Diario de Navarrak argit.
- ↑ Irudiaren buruan da, hain zuzen ere, Birjinaren koroaz inguratzen den harri‑kristalezko harribitxi baten azpian gordetzen da erlikia handia, izena ematen dion “Birjinaren ilea” nahi litzatekeenaren azpian.
- ↑ C.M.V., VI. libk., 792‑796. or.