Euskal artearen historia (III): Barrokotik XIX. mendera/Barroko apaina
Liburu hau hobetzeko lanean ari da Xabier Cañas lankidea. Hori dela eta, beharbada hutsuneren batzuk izango dira edukian edo formatuan. Mesedez, aldaketa handi bat egin baino lehen, eztabaida ezazu haren lankide orrian edo artikuluaren eztabaida orrian, erredakzioa koordinatzeko. Mila esker. |
Testuingurua
[aldatu]Felipe Borboikoak, Luis XIV.aren bilobak, Espainiako koroaren oinordeko izendatuz Karlos II.ak eginiko testamentuak ez zuen 1713ko Utrecheko Itunera arte luzatuko zen Ondorengotza Gerra saihesterik lortu. Data honetatik hasi eta ehun urtean, borboien dinastia bereko bost tituludun izan ziren oinordeko: Felipe V.ak uko egin zion koroari 1724an bere seme Luisen alde; baina hau hilabete gutxiren buruan hil zenez, honen aita izan zen berriro errege Espainian, 1746an zendu zen arte. Bere seme eta oinordeko zen Fernando VI.a semerik izan gabe hil zenari, Napoliko errege zen Karlos III.a bere anaiordeak hartu zion honen oinordetza, zeinak erresuma honi uko egin zion, Espainiako tronuaz 1788ra arte arduratzeko. Karlos IV.enak Napoleon Bonaparte Enperadorearen aginpidearen menpe zegoen Europaren egoerari aurre egin behar izan zion; zeinaren Espainiarekiko asmoek “independentziako gerra” (1808) deritzona eragin zuten, hain zuzen legezko seme Fernando VII.arentzat tronua salbatuko zuen gerra. Harrez gero, Iraultza Frantsesaren oinarrien eraginak bultzaturik, aldi berri bat hastera zihoan Hispaniako erresumen bizieran.
Historialarien iritziz, XVII. mendearen azken aldi haietan Habsburgeko gorteko ingurumariari eragin zion motelaldiak eta borboien dinastiapeko Felipe V. gogogabearen akats politikoak gertatu baziren ere, herriak erreforma kutsuko politika baten beharra sumatu zuen. Hau, Felipe V.aren eta Fernando VI.aren agintaldietan administrazio aparatu berriaren ezarpena erraz onartze horretan ikusi zen.
Luis XIV.aren gose inperialistak ekarri zituen zailtasunak gainditu beharra gertatu zen, eta ondoren borroka luzea, honako hauei eusteko:
- kanpoaldean, “Familiako Itunek” eragindako gerretan itsasoko potentzien orekari (Ingalaterra eta Holanda),
- eta barrualdean, foruen eta Aragoiko Koroaren lurraldeetako pribilegioen ordezkari ziren indar dinamikoen eta indar geldi eta defentsazkoen arteko gatazkari, non Nueva Plantako (1707 eta 1718) dekretuen bidez muga ezartzea erabaki zitzaien.
Ez da ahantzi behar, XVIII. mendeko Espainiari buruz pentsatzen hastean, mende horren erdialdean espainiarrak oraindik erresumez, eta ez erresuma bakar batez, pentsatzen jarraitu zutela, eta errege borboien jarrera ulertu ere egiten zuten –Olivares jada Felipe IV.arekin saiatu zen bide berean– delako erresuma horiek “Gaztelako estilo eta legeetara” makurrarazteko ahaleginean. Erreforma administratiboaren ezarpenetan sartua zegoen xede hori; horretarako, erabateko ahalbidea erregearen eskuetan utzi beharra zegoen. Zergen batasun prozesuari helduz, Estatuak 1749an lurralde osoko –Nafarroan eta Baskongadoetan izan ezik– errenta nazional guztien administrazio zuzena eman zion bere buruari, Intendente arduradunen antolaketa bidez. Funtzionario hauek probintzietako ekonomiaren zaintzaz arduratzen ziren, Korrejidoreak aldiz justiziaren administrazioari eskainiak ziren, batez ere.
- Baskongadoak eta Nafarroa
Hala ere, Baskongadoek eta Nafarroak autonomia erregimenari eusten jarraitu zuten. Botere zentrala, euskal foru-erregimenean, agerian eta zuzen‑zuzenean esku hartu gabe gelditzen saiatu zen. Planta Nuevako dekretutik “solte” zeritzoten euskal probintzietan erregimen honek berekin zekarren soldaduskatik aske geratzea, zenbait zama fiskaletatik kanpo geratzea eta, batez ere, herri barruan aduanak edukitzea. Probintziatan Gaztelako erregea subiranotzat hartzen zen, baina, feudotzat zeuzkaten beren buruak beren jauna beroiek hautatzen baitzuten, eta Espainiako beste inongo alderdietan ez zen hauengan bezain bizia independentzia-espiritu hori. “Bizkaiko Jauna” zen errege eta Karlos III.ak berak aitortu zuen euskal probintzietan “legeak, euskaldunen eta beren jaun erregearen artean egindako zin-itunak zirela”. Horrez gainera, foru‑baimena ere bazuten, “exsequatur” modukoa, zeinaren bidez egiaztatu zezaketen foruen aurkako ezer gordetzen zen ala ez estatuaren erabakietan.
Nahiz eta Karlos II.a hil zenean Espainia politikoki –Cadalsok zioenez– “erraldoi handi baten hezurdura” izan, Ondorengotza Gerratik hasi eta Independentziako Gerraraino doan mende honetan alor askotan aurrerapen nabariak egin zituen herriak, populazio-hazkundetik hasita, %50a izan baitzen. Mendearen erdialdetik, goraka zihoan egoera ekonomikoan babestuta, aberastasun-iturriak kontutan hartzeko moduan garatu ziren; gizarteko egituretan, berriz, burges* eta artisau-klaseek aurrera egiten zuten. Halaber, euskal lurraldeetan ere, non nekazari komunitateak zuzen‑zuzenean bertako biztanleen bitartez gobernatuak baitziren, eta Felipe V.aren foruen administrazioarekiko ardura eta zaintza erakutsiagatik, izaera herrikoia zuen kontzeju tradizional irekiaren ordez, pitinka‑pitinka gertatu zen “ekonomikoki gai ziren” auzoko kontzejuaren bitartez ordezkatuak izaten hasi zirela. Eta kontzeju asko eta asko –Araban batez ere–, sindikatuen beharrean gertatu ziren “elkarrekiko laguntasun elkarteak” osatu ahal izateko.
Aldaketa sozial eta ekonomikoen joan-etorrian, monarkiak, politika erreformistaren zeinua zuena bultzatu zuen. Europan eta Ameriketan Hispaniak zituen jabegoen zabalerak eragotzi egin zuen atzean eustea 1559ko Pragmatika ezagunaren bidez Felipe II.ak heresia luteranoarekin kutsatzeko beldurrez Espainia denbora luzez ixten saiatu zen itxitura ideologikoa. Inkisizioak bizirik jarraitu bazuen ere, Galileotik hasi eta Newton‑enganaino Europak ezagutu zuen aurrerabide zientifikotik Espainiak ezin iraun izan zuen aparte, XVIII. mende osoan.
Bestalde, dinastiaren aldaketak Espainia eta Europaren artean berriro harremanetan hastea ekarri zuen. Felipe V.aren errealdiaren erdialdera, 1700eko lehen belaunaldi espainiarra azaldu zen, hemen pentsamenduaren alorrean irudirik adierazkorrena A. Feijóo beneditar gailego famatuarena delarik, barroko aldiko Espainiaren mito eta konplexuen aurrean jarrera kritikaria azaleratuko baititu. Bera tradizioaren ortodoxiari leial zitzaion artean, baina, bere lana hartzen da “berreraiki ahal izateko ezinbesteko baldintza denez, hondamenean zegoen eraikinaren hondakinak kentzeko”.
Hurrengo erregealdian, Marques de la Ensenada buruzagi politikotzat hartuta, belaunaldi bat herriko indar sortzaileen hedatzearen etorkizuna prestatzeko osagaiak biltzen jardun zitekeen. Zientzia historiaren alorrean, lan hori belaunaldi jakitunari dagokio España Sagrada lan erraldoiaren egilea den A. E. Flórez agustindarra buru dela.
- Despotismo ilustratua
Karlos III.aren erregealdiko hurrengo belaunaldia, despotismo ilustratuaren belaunaldi erreformista da, horretarako monarkaren absolutismoa zuriturik bailegoke, nazioaren ongizate eta aurrerabidea bultzatzen zuten lege estatalen bidez. Rodríguez Campomanes, Aranda eta Floridablanca ministroen buruzagitzapean kultura arrunt bihurtzeko ahaleginak bultzatu ziren. Frantses entziklopedisten arauak miretsi eta goraipatu ziren eta Frantzia eta Europako beste estatuak imitatu, “goitikako”1 bakezko iraultza deitu izan zenaren bidez, gehiegikeriarik gabekoa izan bazen ere, denentzat gustukoa izan ez zena. Kontserbatzaile eta defentsarako zeinua zuten gizarteko sektoreek beren jarrerak sendoagotuak ikusi zituzten Espainiatik begiratuta auzoko herrialdean gertatzen ari ziren “behetikako Iraultzaren” gehiegikeriak kontenplatzean. Lotsatien eta pazientziarik gabekoen arteko borrokek, belaunaldi neoklasikoko iragarlerik handienaren ahaleginak ezabatu zituzten; Gaspar Meltxor Jovellanos2 zeritzan eskola handiko gizon horrek ongi ezagutzen zituen Baskoniako jendeak, haien artean ibilia baitzen bisitan, eta aurrerago aipatu beharko dugun horrek bere Egunerokoan utzi dizkigu Euskal Herriko arte eta kulturari buruzko ikuspuntu zehatzaren frogak.
- Matxinadak
Baina, Euskal Herriaren bakeari eta gogaidetasunari gehien eraso zioten gatazka larrienak ez ziren izan kultura mailakoak, sozioekonomikoak baizik. Nahikoa zaigu mende honetan gertatu ziren matxinadak gogoratu eta aztertzea.
- Bizkaian batez ere errepresio basati batez amaitu zen 1718ko matxinada (hogeita hamarren bat hildako), zeren eta, Gaztelarekiko mugatik Bidasoara aduana ekartzeko saialdiak izan zituen ondorioen aurrean egindako altxamendua zen, langile klaseak aurrez sumatzen baitzuen kontsumitzen zituen gaietan prezio gorakadak ekarriko zituela foruen aurkako neurri honek.3 Azpeitia eta Bergaran 1755ean, beste gipuzkoar herri batzuetara ere zabalduko ziren iskanbila batzuk gertatu ziren, nekazariei beren aziendak kanpoan saltzea debekatzen zien dekretu bat zela bide.
- Larriagoa izan zen 1766an ekonomia librekanbista berriak, antzinako sistema protekzionista ordezkatu zueneko matxinada, dirudun klaseari mesede ederra egin zion aldaketa, bestalde. Gipuzkoako 15 herri eta Bizkaiko beste gutxi batzuk ukitu zituen krisialdia izan zen, zeinaren benetako arrazoiak “gizarteko tenka jasangaitza, eta aleen eta lurren espekulazioak nekazari behartsuen eta kontsumitzaile eta talde murritzago baten –nagusi eta orobiltzaile– artean sortu ziren gogozko kontrajartzeak izan ziren”.4 Matxinadak probintzia osoa asaldatu zuen, eta beren aldarrikapenek jaun gorenak ukitu zituen zuzenean, ez ordea elizjende sekularra baino gutxiago, beren interesak orduan oligarkiaren interesen antzekoak baitziren, hauek elizjendearekin, ahaidetasun loturak bitarteko, sarritan elkarturik baitzeuden.5
- Erreformismoa
Nekazari eta baserritarren gizalegezko eskaerei gogor egiten zien eta matxinatuen aurka justizia zorrotza eskatzen zuten jauntxo horien artean, ez zen EHAEko kideen izenik falta, izan ere jauntxo horiei beren ideologia klasistak ez zien beren buruak “kristau jaun zintzo” sentitzea eragozten. Fernández Abaladejorentzat 1766ko krisialdia, garrantzi handiko gertakizun historikoa izan zen, kasik eraldakuntza sail baten abiapuntua izan baitzen, Antzinako Erregimeneko Gipuzkoaren Historian, 1833an gogorki amaituko ziren gertakizun aldi berri bati hasiera emateko adinako garrantziarekin.6
Zuzengabeko egoera sozioekonomikoaren eta “jaun gorenen” aldetiko “aukera berdintasuna” izan zitekeen guztiaren aurkakotasun gogorraren kointzidentzia deserosoak, litekeena da berauen arteko batzuengan klaserik behartsuenengan goragoko baten kultur maila bultzatzeko desio noble bat piztua izana. Kontua da Peñafloridako Kondearen eta Campomanes ministroaren erreformismoa Gipuzkoan zertzen ari zela, hain justu 1766an matxinada pizten ari zen bitartean. Eta Euskal Herrira gainerako hispaniar eskualdeetara ez bezalako lehentasunez eta eraginkortasunez iritsi zen.
- EHAE
Euskal Herriko Adiskideen Elkartea fundazioa eta honen eredura penintsulako beste lekuetan sortuz joan ziren beste Elkarteek funtsezko antolaketa bat izan zuten Euskal Herriak parte har zezan kultur mugimendu horretan eta Europa osoak ezagutu zuen eta “Ilustrazioaren Mendea” izenez ezagutzen den horretako ideien eta jarreren berrikuntzan. “Despotismo ilustratua” zeritzona erregimen politikoa aurretik izan zuen Mende horri zegokiona izan behar zuen, Erdi Aroko ondar bezala izendatu zen Barrokoaren zoroaldiak hautsi zituen arteak: Neoklasizismoa.
Dena delarik, “Argitasunezko mendean” lortutako ekonomiaren eta kulturaren garapena nabaria izanagatik, zenbait historialarik zalantzarik gabekoa jotzen du arte-sormen bereziaren gainbehera.
Binomio zail bat XVIII. mendean: artea eta fedea
[aldatu]Sartaldeko artea esaera sintetiko batean laburbildu beharko balitz, XVIII. mendea Estetikaren mendea izan zela esan beharko da hasieratik, betiere, neurketa bi aldetatik begiratuta:
- mende horretan Estetika zientzia filosofiko gisa jaio zenaren aldetik,
- eta arteak, erlijiotik estetikarantz abiatu zen pentsamenduaren eta bizitzaren sekularizazio batekin ados zegoen bidearen aldetik.
Ahaleginak egin ziren XVII. mendean –betiere, denbora ehunekoz neurtzeko ohiko gezur hori arretaz hartuta– frantses teorikoei esker artea bere egitekoaren arabera definitzeko: arteak “atsegin emanaz irakatsi” behar zuen. Halakoxea zen, Trenton eta Kontrarreformako idealetan inspiraturiko barroko artearekin iritsi eta lortu nahi zen helburuetako bat. Egia da, bai, gehiegizkoa edo nabarmen samarra izan zela artea, baina ez inola ere nabarmenkeria mesprezagarria, baizik eta baliagarria eta ugalkorra, sinestunen espirituarentzat. Berniniren eskulturetan enfasirik ukatu gabe, bere iruzkingile hoberenetako batek (Hibbard) zioen “Berniniren azken helburua funtsean ez zela eskultorikoa, espirituala baizik”.
Beraz, XVIII. mendea aurrera zihoan heinean, bikoteko horren izenetako bat deseginez eta disolbatuz zihoan. Irakastea baino garrantzizkoagoa izango zen atsegin ematea. Herri xeheak eta bere zuzendariek subkontzienteki hartutako arte-aukeretan eragin handiagoa zuen sentiberatasunaren eskariak adimenaren proposamenak baino.
Egia da, hasieran, Arrazoimenaren argitara setatsuki jotzeak, herria, Erdi Aroko izuetatik, sineskerien mamuetatik, aginpide hutsaren argudioetatik eta Inkisizioaren sinesgarritasunetik askatzeko balio izan zuela. Baita, erlijio gaietan, eszeptizismo hasiberri bat azkar iritsiko zela gizarte sekularrera ere. Historialariak luzatzen duen galdera da, sentimenen asebetetzeari pixkanaka lotzea eta galdera handi eta antzinako gai bikainenganako axolarik eza, ez ote dagoen artea beraren sustraietako nolabaiteko gainbeheran: gainbeheraz hitz egiten baitute gaur egun XVIII. mendeko artearen historialari asko eta askok.
Argitasunezko mendean Espainian eman zen hustasun artistikoaz hitz egin izan da, eta zalantzarik gabe iritzi gutxiesgarri honek beronen azterketa bertan behera uztera eraman du. Maila guztietako gertaera izan zen frantziar dinastia berriaren etorrerak eragindako gustuen aldaketa eta Espainiako sormen artistikoari nolabait ere lokartze bat eragin behar ziola esaten da, besteak beste, Goya jeinu aske eta hispaniar amorratu bat esnatu zen arte.
Laburbilduz esan dezakegu XVII. mendearen lehen hamarkadetatik mamitzen ari zen gizarte honen sakonean pentsamoldeen eta jokaeren ardatzak honela zehaztu daitezkeela:
- sinesmen tradizionalean krisialdi bat eman zen; arrazoimenaren arauak ezarri ziren misterio-zentzuaren aurrez aurre.
- Baina, paradoxikoki, atseginaren printzipioa lehen mailara igo zen.
Arkitektura churriguereskoa eta rococoa
[aldatu]Estilo churriguereskoa
[aldatu]Jakina denez, churrigueresko izena, hainbat anaia ziren familia batetik dator, Churrigueratarrak,7 hain zuzen; hauetako hiru Jose Benito, Joakin eta Alberto gutxienez Gaztelan aritu ziren lanean XVII. mendearen azkenetik hurrengo mendeko bigarren herenera arte, erlijio arkitekturaren esparruan, batez ere.
Jose Benito de Churriguera (1665‑1725) izan zen garrantzitsuena eta berauxe hartu behar da izen‑emailetzat ere. Salamancako katedralaren (dorrea eta kupula) jarraipena eta herri bereko Clerecia (Josulagunen eliza) gidatu zituen 1693tik aurrera. Bere anaiekin Salamancako plaza nagusiko azken diseinuan esku hartu zuen. Egin zituen eraikinen arkitekturan neurritsua bada ere, Gaztelan, erretaula trazatzailerik barrokoenetakoa zen, honako hauek erabiltzen dituelarik:
- salomondar zutabeak,8 mahats‑hosto eta mahats‑mordoez estaliak,
- taulamendu mugituak,
- lorez eta igalizko markoztatzeak,
- mugimendu jarreran dauden aingeruak (Salamancako San Estebanen erretaulan, Segoviako Sagrarioaren kaperakoan, eta Plasenciako katedraleko erretaulan ikusten direnak).
Dena den, barrokoa gorengo adierazpenera eraman zuena Pedro de Ribera izan zen (1742), besteak beste, estipitea eta simetriarik gabeko ebakidurak zituen baketa handi gizenak osagai berri eta partikularrak erantsiz, non atariei ordura arte Europako arkitekturan ezezagunak ziren mugimenduaren eta edergarrien aberastasuna eman baitzien (Madrilgo Hospizioko ataria). Churrigueraren zenbait diseinutan lotsati antzean azaltzen den estipitea –piramide zorrotz baten itxura duen eusgarria– Riberak hedatu zuen, harroina eta kapitela erantsita. Arkitekturazko paramentuei mugikortasuna eman nahiak estipete eusgarriaren konposaketa bitxi bat iradoki zion Riberari, fusteetan zati hauek dituela:
- lehenengo gorputzean buruz beherako piramidea,
- beste gorputzean kuboaren proportzioak,
- eta hirugarrenean jarrera zuta duen piramide tankerako gorputza.
Rococo estiloa
[aldatu]Kronologikoki rococoa, churriguereskoaren ondoren, barrokoaren azken alditzat har daiteke. Baina bi estiloen arteko mugak ezartzea ez da gauza erraza, besteak beste, penintsulako hainbat eskualdetan hainbat izaera izan baitzituen barrokoak. Andaluziako barroko bat bada, Churrigueraren garaikidea izanik ere, adreilu eta harri zurizko estalduraz musulman erara jokatzen duena; barroko katalan bat ere bada, europarraren arrastokoa; baita “pikor‑harrizko” beste barroko bat ere, Galizian bertakoa dena eta abar.
Churriguereskoa eta rococoa. Churriguereskoa arkitekturari eta bolumenetako plastikotasunari lotzen zaio, “erliebe ugari duen taillari” alegia, eta kanpo aldeko argi naturala eskatzen duela dirudi: erretauletan euskarriak eta hauen mentsulak aurrerago ekartzera jo zuen.
Rococoa, aldiz, euskarrien lautasunean, lerroen eta profilen jokoetan eta barruetako intimitatean adierazpide izatera jo zuen espiritua da.
Churriguereskoan simetria nagusi da; rococoan simetriarik eza gailentzen da:
- Gaztela indartsuan sortutako churriguereskoak, indar kementsua eta bizi oparoa iradokitzen du,
- frantziar gortean sortutako rococoak, grazia, emetasuna eta atseginzaletasun jarioak sorrarazten ditu.
Hispaniar penintsulan ulertu egiten da rococoa apenas itsatsiriko eskualdeak badirela ikustea.
Rococo estiloa eratzen duten osagaiak jatorri bat bera baino gehiagokoak direla dirudi. Rococoa bere jatorrian, neurri batean bederen, agian berehalakoa ez izan arren, diseinuan zenbait italiar arkitektoren (Bernini, Borromini, Andrea Pozzo) lerromakur, landare eta fatxada ganbilen zalea da.
Arkitekturan mugimendurako joerak eman zion forma, rococoaren ezaugarririk berezkoena dela irizten den erretaula-oskolari. Frantziatik ekarria izan zen arrokaia, simetriarik gabeko profilarekin estilo berriaren bereizgarri izango zena. Zutabeei itsatsitako plakak dira kanpotik inportaturiko beste berritasun bat eta Oppenord eta Lepautre frantses arkitektoek asmaturiko apainketa-gaien grabatu bidez hedatu ziren. Bestalde, “apainketa honen alemaniar osagaia, apainketa txinatarra deitu ohi zaiona, garrantzia hartuz joan zen”.9
Barruko arkitekturan, rococoaren ezaugarririk ohikoena eta berriena, oraintsu esan dugun bezala, absidearen estalgarriari egokitzen zaion erretaula‑oskola da, esfera laurdenean diseinaturikoa. Bere ahurrean egokitzen da erretaula-tramankulua, eskultura-multzoak eta irudiak kokatzen ziren eszenatoki sakon baten modura, horrela antzerki‑izaera barrokoak berea duen efektu bisual eta plastiko berri bat lortuz. Hainbat tokitan saio batzuren ondoren, erretaula mota honen eredurik beteena Jose Benito Churriguerak egina ikusi zen, 1720 eta 1724 urte bitartean, Madrilgo Calatravatarren komentuko absidean. Inolako horma-hobia eta uztaitzerik gabeko estatuak altxatzen dira absideko mazoneria ahurrari itsatsirik.
Har dezagun gogoan, halaber, Berninik asmatu zuen erretaula-baldakinoa. Rococo artean izenda daitezke tenpleteak, erretaulatik isolatuta agertzen diren multzo horiek. Erretaula mota hori asko hedatu zen Gortean eta handik beste eskualdeetara igaro zen, osorik nahiz zatitan.10
Euskal Herriko hainbat eskualdetan barrokoa churriguereskoz ala rococoz jantzi zeneko denbora tarteen aldea ikusita, hemen ez zaigu batere erraza gure ohiko kronologia irizpideari leial eustea. Bestalde, gogoan hartzekoa da bertako eskulturagileen lanei dagozkien dokumentuetan dagoen urritasuna, mende honetan arkitektoen diseinuari eta mihiztatzaileen lanari funtsezko garrantzia ematen zitzaienez, hauen eskuetan uzten baitzen taillagileekin eta eskulturagileekin tratuak egiteko ardura. Hortaz, ez gara ziurtasunez erabakitzen saiatuko, oso nabarmenak direnak salbu, aipatzera goazen eraikin eta erretauletako eskultura-lan horien egiletasuna.
Nafarroa
[aldatu]Normala da churriguereskoa eta rococoa behatu nahi dituen historialaria elizetan barrura sartzea erretaulak kontenplatzera, edergarrietako berrikuntzak, zeren eta, hauexetan hartu baitziren ikusteko modu garbian. Batez ere, XVIII. mendea bete‑betean zen garai hartan eraiki izan ziren komentu‑elizetan ikusten da arkitekturazko egituren diseinatzaileek (Ordena Erlijiosoetako kideak normalean) ez dutela inolako goserik aurreko mendetik jasotako eskema tradizionalak hausteko.
- Churriguereskoa
Zalantzarik gabe, oraingoan edergarriz jori janzten diren egituretan eta euskarrietan oso nabarmen azaltzen diren ezaugarri barrokoen oharpenak aipatu beharko ditugu. Baina, churriguereskoa eliza barrutan hedatu zen oparotasun nabarmenez eta ausardia handienaz.
Nafarroan XVIII. menderako jada, barrokoa ganga, kupula eta beste arkitekturazko zatietan adierazten zen, oso lauak baina konposaketa dinamikoa duten erroleo modukoak osatzen dituzten zenbait igeltsuzko sareen bitartez. Ezin nabarmenago agertzen da hau, Tuterako Domingotar lekaimetan, Alesbeseko Portalean eta Cascanteko Erromesaren eliza berrian, adibidez.
Modu berean edergarriak kargatzeko joera Nafarroako bi dorre nagusietan azaltzen da: Tuterako katedralekoan eta Alesbesko Santa Eufemiakoan, baina erretauletan bereziki.
Nafarroan, XVIII. mende honetan, erretaulen taillatze-langintza gremio eta kofradietan antolatzen jarraitzen zuten. Tuterakoak nabarmendu ziren berritasun alderako zaletasunagatik. Erriberako hiriburu horretan, 1783an gotzain‑hiri bihurtu zen horretan Gurrea, San Juan, Viñes, Sola eta Serranotarren lantegiak ari ziren lanean eta erretaulen hitzarmenak egin eta ikonografia osatu ahal izateko, irudien eskulturagileekin eta oihalen margolariekin azpi-hitzarmenak eginez jarduten zuten lantegi hauek eta delako egitasmo hauek ordaintzeko ez zuten nagusi eta mezenasen beharrik izan.
- Rococoa
Beste zenbait lekutan bezala, Nafarroako Erriberan barroko soilaren klasizismo aldia igaro ondoren, XVIII. mende aldera, aldaketa bat gertatu zen Barrokoaren “apaina” deritzonaren aldera, bi aldi desberdinetan hedatuko zelarik:
- lehengoan XVII. mendearen azken hamarkadetan hasitako apainketa joerak jarraitu zuen, Churrigueraren lanean inspiraturikoak;
- bigarrenean, Nafarroak ordain eskasa eman zion: rococoarena. Espiritu horri erantzun ziona, berehalako batean neoklasizismoari bideak irekitzeko izan zen.
- Tutera
Tuterako Karmenen elizako erretaula. Neoklasizismo alderako aldaketaren hasiera, aurreko atalean jardun dugun Frantzisko Gurrea Casadoren lana den Tuterako Karmengo erretaulan suma daiteke jada. Aldi hau, aurretik eraikiak ziren elizen eraikuntza osatzeko dorre batzuk altxatzen zireneko garaia da. Barrokoa gainazalen apainketan iritsi zen bere gailurrera, klimaxera; nahiz lerromakurrak izan igeltsuak eskaintzen zituen erraztasunak egiaztatzean.
Domingotar lekaimeen komentuko erretaula. Churriguereskoaren ezaugarri den landare-formen loraldi harrigarri hori Tuteran ikusi zen goizenik, Domingotar lekaimeen komentuko erretaula nagusian, hain zuzen ere.11 Esana dugu jada, manierista ukituko bere erretaularen eraikuntza 1623an hasia zela, baina erretaula bera 1685ekoa dela. Hau ere Frantzisko Gurrea Garziak diseinatua delarik, badirudi Madriletik eraldatua izan zela une hartako gustu abangoardistaren arabera.
Gorputz bakarreko erretaula dugu hau, Berdusanen zazpi margolan markoztatzeko zeregina duena, hostotza fineko lau mentsula gainetan kokaturiko salomondar ordenako zutabe erraldoien eremu batean. Landare apainketa hau panel eta euskarriei itsasten zaie: salomondar zutabeetan sare trinko bat osatzen dute, berauen berezko kiribilak desagertzeraino ere iritsiko direlarik.12 Santa Ana kapera. Baina, estilo berri hau bereziki ikusgarria katedraleko Santa Ana kaperan agertu zen, horretarako beste aurreko kapera bat erabili zelarik. Lanak Joan Lazkano eta Joan Estanga arkitektoen diseinuaren arabera 1716an hasi eta 1724an amaitu ziren.
Oinplanoa oktagonala du eta fatxadan horma-ataletan txirlez estalitako horma-hobiak darraizkio, eta beroien gainera zuzenean igotzen diren tondoak petxinetan; zortzi leihoz markaturiko danbor-kupula batez estaltzen da, Rafaelek Erromako Popoloko Santa Marian eraiki zuen Chigi kapera imitatuz.
Honen apainketa oparoa, marmol oktogonaletan eta dena estaltzera egiten duen gaineko polikromiazko igeltsuetan oinarritzen da; gai geometriak dituen armazoi bat ikusten da eta bertan zeregin garrantzizkoa duten xaflatuak, eta bereuen gainean aingeru eta kerubin piloak, itxurazko errezelak, hostotzak eta lore kordak azaltzen diren.
Horrez gainera Kaperan Familia Santuari, sartaldeko Eliz Gurasoei eta Ebanjelariei eskainitako egitarau ikonografiko korapilatsu bat garatzen da.
Oparotasun bera ikus daiteke kaperako sarrerako atearen apainketan. Kanpotik eraikuntza adreiluzkoa da, harrizko zenbait osagai badituelarik.13
Espiritu Santuaren kapera, Tuterako katedralean, 1737 eta 1739 bitartean eraiki zen aurreko bi kaperen lekuak elkartu eta Epistola aldeko habearteari itsatsirik, tarte horretako zati bat arma gangaz estalia gelditu zen eta bestea berriz linternadun kupula arrauzkaraz. Baina, benetan barrokoa eta deigarria bere igeltsuzko apainketa oparoa da, eta, Santa Ana kaperako egitarau ikonografikoaren aldean oso bestelakoa ez delarik, apainketa modu hain geometrikoa ez izatea du bereizgarri.
Tuterak, XVIII. mendean barrena, jaiera handiko nagusi eta mezenasen eskariei erantzun beharrez, barrokoaren ugaltze bidean, zenbait elizetarako ale bikainak eskaintzen jarraitu zuen:
San Jose eliza. Tuterako kolegio‑eliza birmoldatu zuten Jose eta Antonio del Rio anaiak arduratu ziren (1749. aldera) apainketa oparoaz Josulagunen eliza (gerora San Jurgi parrokia) “eguneratzen”, jada rococoa aldarrikatuz.
Mariaren alaben Lagunartearen eliza izan zen birmoldaketa nabarmenena izan zuena; rococoaren presentzia azaltzen da esfera laurdenetan, irudiak eta margolanak baitaraturik dituzten laukien profiletan eta aurrekoak haina akidura sorrarazten ez zuen apainketa osoaren grazia atseginzaleetan.
Lekaime Kaputxinoen eliza. Nafarroako Erriberan, arkitekturari dagokionetan, azken barrokoaren erakusle on bat da lekaime Kaputxinoen Tuterako eliza ere. Adreiluzko fatxada agertzen du XVIII. mendearen erdialdera eraikitako honek mugimendu handiagoa du, aurreko aldiko komentuetako fatxada rococo jatorraren aldaera izanik, atarietako eta horma‑konketako taulamendu makurrei eta azalera osoa zeharkatzen duten moldura lerronahasiei esker.14
- Corella
Arrosarioaren eliza. Tuteratik Corellara jauzi eginez gero, 1657an eraikitze lanak hasitako Arrosarioko elizan konturatuko gara oraindik oso mamitsuak eta beren trataeran gutxi landuak diren lehenengo igeltsuzko lan barrokoak azaltzen direla, erlaitzetan eta elizaren beste leku jakin batzuetan itsatsirik.
Eliza honi sakristia erantsi zitzaion eta Arguedasko eliza bere garaikidearekin batera barrokoaren eredu da. Biak ere, saskigintzako lanak imitatzen dituzten igeltsuz apainduak daude, Yugoko Ama Birjina deritzanaren elizako gurutzaduran hedatzen direnen antzekoak.
Mikel Donearen eliza. Urte horietan bertan, XVIII. mendearen lehen herenean Mikel Donearen parrokiako hiru habearteak gurutzaduradun igeltsuzko landare eta aingeru apaingarriz estali ziren eta taillatze lanak Joan Antonio Gutierrez eta Pedro Onofrek egin zituzten. Maisu horiek berak izan ziren erretaula nagusiko nahiz bertako irudigintzaren arduradunak.15
Hasierako kanpaina batean, 1696an, churriguereskoaren eztanda horretan zenbait ertilari jardun zen inguru eta garaiko gustu orokorrari aurrea hartuz, besteak beste, Joan Martinez, Santiago Raon eta Joan Antonio Jimenez Romano. Jose Benito Churriguera bere Madrilgo erretauletan bistaratzen hasi zenaren ildotik. Aldi horretako ia erretaula guztietan bezala, oraingo honetan lan arkitektonikoak haratagoko garrantzia zuen, ikonografiarekin alderatuz.16
Alesbeseko Santa Eufemiaren eliza bere osotasunean XVIII. mendeko eraikina da, aurretik izandako eliza baten oinplanoa aprobetxatuz gurutze latindarra aukeratu bazuen ere.
Eraikin-lanak 1716an atera ziren jendaurrera eta urte horretan bertan Antonio Olea, Alfaroko maisua azaldu zen haien arduradun. Corellako San Migel parrokiako maisuetako batek, lehendik aipatua dugun Joan Antonio Jimenezek, “eraikinaren traza” ere egin zuenak, garrantzi handiagoa izan zuen, dokumentuen arabera. Bere gidaritzapean hartu zituen, 1725ean, lau urtetan amaitzea lortu zuen gurutzadurako lanak.
Habeartea 1728an hasi, Anaia Luis Tafallako kaputxinoaren planoarekin eta Jose Arizmendi hargin‑maisuaren esku hartzearekin hasi zen eraikitzen, eta azkeneko hau arduratu zen sakristiaz eta erortzen ari zen kupularen berreraikuntzaz, 1734 eta 1736 bitartean.
Zabalera baino garaiera handiagoko duen habearteak, ilargixkak dituen kanoi‑erdiko gangaz estalitako hiru tarte ditu, eta saihetsetako bi kaperez gain: Ebanjelio aldetik bata eta honen kontrako aldean bestea. Egitura honen gainean igeltsuzko apainketa barroko bat garatu zen, Tuterako katedraleko Espiritu Santuaren kaperakoaren antzekoa.17 Karmeldar oinutsen eliza, aldiz, berea eraikuntza-data berantiarra (1754‑63) izan arren, eta erdiko paramentuaren bukaerako frontoi kurbatua kenduta, aurreko mendeko komentuen eskema bereri jarraitzen zaio.
- Sorlada (Lizarra)
San Gregorio Ostiakoaren santutegia. Ebroren Erriberatik ez oso urrun, Lizarrako merindadean, Sorlada baserriaren barrutian, mendiaren gainean kokamen hartuta aurkitzen da San Gregorio Ostiakoaren santutegia, 1044an Logroñon hil zen Ostiako kardinal santuaren hilobia XIII. mendean aurkitu zutenean erromes leku bihurtuz joan zen erromaniko aurreko antzinako ermitaren ordezkoa dena. Oraingo eraikina laurogei urteko lanaren emaitza da, orain daukan rococo itxura emanaz hasi 1694an eta 1771ean bukatu zena. Bere alderdirik garrantzizkoenak: ataria, dorrea, eta bere gelatxoa duen burualdea dira.18
Ataria egin zuen Bizente Lopez Friasek, Nafarroako hainbat elizatan egin zituen igeltsuzko apainketa-lanak medio, ospea hartu zuen Lizarrako arkitektoak berak. Hemen, gertuan duen Vianako Santa Mariaren atarian inspiratu nahi izan zuen. Bere ereduaren arabera, exedra erako ataria du eta esfera-laurdenean amaitua. Hormaren ahurtasuna, hegal handiz elkartutako eta azpil eran zabaldutako bi solairutako erretaula dela ulertu zuen, zeinetan Vianako euskarri klasikoak, bere kiribiletan bildutako lore‑uztaiak dituzten zortzi zutabe salomondarrez ordezkatu ziren: beheko solairuaren alde bakoitzean hiruna, mentsula sendoetako frisoetan ezarriak, eta beste biak zaindari santuaren irudiaren horma-hobia uztaitzen dutela. Txartelak, armarriak eta irudiak betetzen dituzte barruti guztiak, landare gaiak nonahi direla.
Dorreak, atariaren ondoren eraikia izan behar du, Joan Larrearen ardurapean. Hargin-lan bikaineko erakina da, barroko neurritsu erakoa, txikiagotuz doan oinplano gainean hiru gorputzez osatua, eta, hiru ordena klasikoen arabera, angeluetan diseinaturiko pilastrak itsatsiak dituena.
Elizaren barruan sartzen bagara, diseinu plastikotik begiratuta, harrituta uzten du habearteari eman zitzaion garbiketa neoklasikotik aske geratu zen kapera nagusiak.
Burualdea, Anaia Jose San Juan de la Cruz zeritzanaren trazari jarraikiz eraiki zen honi, egitura hirugingildun eman zion esfera-laurdenekoekin, multzo osoa, danbor airoso baten gainean kupula oktagonal eder batez erdiratu eta koroaturik.
Ez da oso urruti Errenazimentuko eraikin handien oroitzapena; baina barrokoaren ikusgarritasuna nonahi eta bere zati guztietan azaltzen da:
- barrunbea betez kupula-danborreko leihateetatik sartzen den argitasun distiratsuetan;
- hirusta itxurako gurutzaduraz lortu den alderdi eszenografikoan;
- edergarrien arrokaia osatzen duten era askotariko igeltsuzko sortetan;
- gangetako gailoietan ezarritako nitxoetan, petxinetan eta horma-ataletan kokaturik dauden imajina konplexuetan;
- aldare nagusiaren atzealdean irekitako erlikitegi-ganbaratxoan.
Egituren, argien eta urreen antolaketa harmoniatsu bat eratzen da horrela, barrunbe hau Nafarroako rococoaren multzorik erakargarrien eta liluragarriena bihurtuz.
- Iruñeko Merindadea
Ugari dira eliza barrokoak Iruñeko merindadean ere. Adibide batzuk baizik ez aipatzearren, gogora dezagun sarritan ematen direla aurreko elizen birmoldaketak.
Beste batzuk, aldiz, ia oinplano berrikoak bezala hartu behar dira, esaterako Azpilkuetako (1751‑52) San Andres eliza, Michoacan‑eko (Mexiko) gotzaindegiaren diruz eraiki izan zena.
Beste zenbaitetan berriz, rococoa alboko erretauletan azaltzen da erakusgai, Carcarreko Tomas Martinez arkitektoak trazatu zuen Eneritzeko (1762‑63) Santa Katalina eta San Martzialen erretauletan adibidez.
Eliza barroko zabala den Iturmendiko elizan orduan (1750) eraiki ziren bere gurutzadura eta burualdea, Martin Karrera (1758) gipuzkoarraren trazaren arabera.
Garesen garrantzitsua da San Pedro parrokiako birmoldaketa, eta baita herri bereko Hirukoiztarren komentuko multzoa ere, neoklasizismoa aldarrikatuz.
Iruñeko hirian estilo berri honetakoak dira:
- artzapezpikutegi Jauregia,
- San Joan Seminarioa,
- eta San Zernin parrokian eraikiak dauden kapera barrokoak.
Kanpandorreak
[aldatu]Nafarroan ez dira falta barroko estiloaren adierazle ederrak, hemen aipatu eta gogorarazi behar diren XVIII. mende honetan eraikitako kanpandorreak.
Erriberan, kanpandorreak harria eta adreilua nahasian erabili izanak bereizten ditu; hauetan nabarmena gertatzen da mudejarren tradizioa. Bereziki eder eta bikainak dira aurrez aipaturikoak:
- Tuterako katedralekoa, Domingo Gil eta Jose Ezkerrak 1682an hasitakoa,
- eta Jose Ezkurrak berak eraiki zuen Alesbesko Santa Eufemiarenekoa.
Gehienetan, aurreko aldietako oinarri prismatiko garai baten gainean altxatzen den kanpai-gorputz bat izan ohi da. Lizarra aldeko eskualdean. Dorre horietan Logroñoko Santo Domingo eta Santa Maria la Redondakoaren eragina ikusi nahi izan da. Hauek, kanpai gorputz oktagonaletan amaitzen baitira:
- erdi‑puntuko arkuak dituztela,
- eta idi-begiak pilastra tartetan,
- kupula burutsu eta liternaz amaituz,
- beste erdi‑puntuez hornituak
- eta kiribildura eta piramide bidez eginiko apainketa aberatsa.
Zenbait aldagai dituzten arren, modu horretako adibideak ikusi ohi dira Aguilarren, Desoion, Deikaztelun, Andosillan, Carcarren eta abarretan; San Adriangoak ezaugarri rococo bat erakusten du.
Erriberriko merindadean badira adreiluzko barroko aldiko dorre batzuk, mudejarren trazeriaz janzten direnak: Funes, Milagro, Miranda eta abar.
Kantabriar probintzietatik gertueneko beste zenbait lekutan, maisu gipuzkoarren eragina sumatzen da; esate baterako, Inazio Gorriaran maisu donostiarrak diseinaturiko Iturmendiko San Migel dorrean (1753).
Erretaulak eta aulkiteriak
[aldatu]Oraingoan Nafarroako elizetan sartu eta erretauletako arteari so eginez gero, kanpoko maisu batzuen eragin bultzatzaileaz ohartuko gara lehendabizi. Halakoa behar zuen izan mende horretan gertatu zen erretaulen eskariak, non, gauza ziurra dirudien aipatutako Tutera inguruko ertilariek ezin izango ziotela hainbeste eskakizuni erantzun. Corellan, esaterako, Aragoiko, Andaluziako eta Murtziako beste ertilari batzuk onartu behar izan ziren erretaulak egiteko ala apaintzeko.19 Gauza jakina da, Lesakako komentu batzuetan ere, laster aipatu beharko ditugu eragin handia izan zuten kanpoko maisu batzuen esku-hartzeak.
Agoizko San Migel parrokian, beste erretaula nagusi handi batek ordezkatu zuen Joan Antxietak 1584an hitzartu zuen erretaula; erretaula horretatik, bere tokian esan genuen bezala, taillatutako zenbait ohol gorde dira eguneko erretaularen idulki txikian, bankuan eta kaleetan. Eguneko erretaula nagusia 1745 eta 1748 bitartean eraikia da Jakako Juan Tornés eskulturagile eta erretaulagilearen eskutik. Bankuko lau mentsula handiengatik nabarmentzen den eraikuntza da, zeinaren gainetik altxatzen diren erretaularen bi solairuak, hiru kaleak eta atikoa artikulatzen dituen kapitel konposatuzko lau zutabe erraldoi kalostradunak. Kaleen artetik gehien ikusten dena zaindariaren baldakinoa duen erdikoa da.
Juan Tornés beraren lana, Agoitzekoaren oso antzekoa da, Irunberriko erretaula, 1748an egile ahazturen baten Errenazimentuko ikonografia baitaratzeko eraikitakoa.
Erriberriko merindadean eta XVIII. mendeko arkitekturari dagokionez, funtsezko atal gisa adierazi izan da lehendabizi, XVII. mendeko azken urteetan eta XVIII.aren lehen erdialdean Birjinari eskainitako ermitena, eta garai horretan eraikitako komentuak gainera.
Trantsizio aldi horretakoak dira beste zenbait erretaula:
- Caparrosoko nagusia,
- Larragakoa, Fermin Larrainzar, Iruñeko arkitektoak diseinaturikoa.
Lizarrako maisuek esku hartu zuten Erriberriko merindadeko erretauletan, esate baterako:
- Dionisio Bilodakoaren Sortzez Garbiarenean,
- Faltzesko Arrosarioarenean, Neoklasizismo alderako rococo estilo garbitu batean gainera,
-Erriberriko20 frantziskotarren Komentuko San Frantziskoren estigmatizazioaren erliebean, 1779an Lucas de Menak egindakoan. Aulkiteriak. Erriberriko merindadean bertako zenbait tokitan aulkiteria interesgarriak, erliebe ugari eta barroko aurreratuak, rococo alderakoak ere ikus daitezke: Mendigorrian, Uxuen, Caparroson eta abar.
Gipuzkoa
[aldatu]- Elizak
Gipuzkoan XVIII. mendean oinplano berri gainean eraiki ziren elizak ez direla bost baino gehiago izan esan daiteke; hain zuzen ere, honako parrokia-elizak:
- Donostiako Santa Maria (1742),
- Andoaingo San Martin (1758),
- Eskoriatzakoa (1759),
- Pasai San Pedrokoa (1763),
- Loiolako Santutegia.
Aitzitik, ez dira gutxi churrigueresko eta rococo estilo berriaren arabera apaintzen diren atariak, koruak eta batez ere, erretaula berriak dituzten kaperak. Halakoa izan zen mende horretan arkitektura zibilak iritsi zuen garrantzia, non atal berezi bat mereziko baitu.
Loiolako San Inazioren Santutegia. Euskal Herriko eraikuntza barrokorik handiena eta, bertako arkitektoengan sortu zuen eraginagatik, inolako zalantzarik gabe garrantzizkoena ere badena, eliza aparta eta ikastetxe galant bat bere baitan dituen Loiolako San Inazioren Santutegia da.
Loiolako San Inazioren jaiotetxearen jabeak, 1681an, Alcaziñasko Markesak ziren; eta hauek Loiolako maiorazkoa zena ez zatikatzeko eta ez besterentzeko ardura zeukaten. Austriako Mariana anderea, Erregina Amak, josulagunak eraginda, inola ere, leku horretan santutegi handi bat eraikitzeko nahia agertu zienean baino ez zuten erabaki “saldu, ukoa egin eta delako etxe ohoragarriaren eskualdatzea, bere Maiorazkoarengandik bereiziz...”, beraren eskubideak erreginari emanaz, eta zenbait baldintzetan aipatu helburuarekin etxearen eta bere lurren Zaindaritza erreginarengana eskualdatuz.21
Konpainiaren Fundatzailearen jaiolekuan bertan eraikitako Santutegia izanik, ulertzekoa da Institutu bereko kideak izatea hainbat herrialdeetan, eta batez ere Indiak deritzanetan eraikin lanak ordaintzeko baliabideen bila ibiliko zirenak, eta Erroman bizi zen Joan Pablo Oliva, Nagusi Orokorra izatea, bere aginpide eta aholkuez, diseinuaren egilea nor izango zen eta zein eratara eta baldintzatan burutua izan behar zuen erabaki zuena.
Berniniren ikasle izan zen Carlo Fontana italiar arkitekto ospetsua arduratu zen eraikinaren planoak egiteaz, Santua jaio zeneko Dorretxea bere barrenean hartzeko, baina guztiz aske uzteko baldintzapean; baldintza hau ez zen bete. Fontanak, onartu eta Loiolara22 bidali ziren planoak diseinatu zituen, baina inoiz ez zen etorri, funtsezko aldaera batzuk eginez, bertako maisu sonatuen bidez burutu ziren lanak zuzentzera edo in situ gainbegiratzera.
Johannes Begrand josulagun flandestarrak zuzenduak izan ziren 1688an lur‑berdinketa eta zimenduak jartzeko lanak. Gidaritza-lanak, 1693an, Martin Zaldua euskal maisuak hartu zituen. Asteasun jaioa zen Zaldua (1654‑1726), Loiolako eraikuntza-lanetan denbora osoko maisu nagusi sartu zena zuzenean 1693an.23
Fontanaren planoetan, eraikinaren oinplanoak, hegoak zabalduriko arrano baten itxura iradokitzen du. Delako planoei lotzeko erantzukizuna zorrotza bazen ere, arkitekto italiarrak aurreikusi ez zituen gure herriko baldintza klimatikoek beharturik, zenbait aldaketa egin ziren.
Ikastetxearen eraikuntza ezkerreko hegaletik hasi zen,24 elizan lanean jarduten zen bitartean josulagun elkarte txiki batek lehenbailehen bertan jarri beharko baitzuen bizitzen.
Elizan, beronen erdiko biribilunea eraikitzen ari ziren eta baita eraztun itxurako habeartea ere –dirudienez, Martin Zalduaren zorioneko asmakuntza izan zen–, Fontanaren planoak aldaturik.
Lanen gidaritza 1719an Oiartzungo Sebastian Lekuonaren (1662‑1733)25 eskuetara pasa zenean, arazo larri bat agertu zitzaion honi elizaren egitura biribila, bere arku eta gangak eta arkupe zabalari heltzerakoan.
Orduan Salamancako katedraleko maisu nagusiari, Joakin Churriguera arkitektoari, deitu zitzaion kontseilu eske. Churriguerak egun batzuk igaro zituen Loiolan eta elizako arkuen arazoa konpontzeko bere aholkua erabakigarria izateaz gainera, arkupeko tinpanoari eman zitzaion benetako churriguereskoaren izaera zehaztu egin zuen, erdian armarria, bi aldeetan kalostrak, eta bertako taillagile askori eman zitzaion apainketa sakona zituela.
Diametroz 20 m eta eraztun itxurako habeartean 33,50 m-tara zabaldutako elizaren biribiluneko esparrua, marmol beltzeko zortzi arku ausartez mugatua dago, lau zabalagoak eta garaiagoak ardatz nagusietan, eta hauen artean txandaka, beste lau makurragoak eta estuagoak, denak ere friso dotore batez koroatzen direnak.
Bigarren solairua marmol argiagoko danbor zabal eta garai batek osatua da, gerra‑gaiez apainduriko frisoa duela zokaloan eta zortzi leihate berdin lurrin‑ontziz uztaiturikoak, dena marmolean landua.
Lekuona 1733an hil zenean, eraikuntza-lanetan Inazio Ibero (1694‑1766) azpeitiarrak ordezkatu zuen.26 Loiolako Santutegiko lehen maisuaren lanaz gain, Inazio Iberori esker ditugu eraikuntza eta erretauletako lan ugari eta garrantzizkoak. Berak eta bere seme Frantziskok egin zituzten “une hartako hirietako birmoldaketa eta eraikuntza hidrauliko hoberenen enkarguak, eta peritutza, tasatze eta lur‑neurketak bereganatu zituzten, eta baita probintzia osoko komunikabide bizien norabideen trazaketa ere”.27
Frantzisko Ibero (1725‑1795) Churrigueraren eraginarekiko bereziki sentikorra izan zen eta elizaren eraikuntza bere amaiera arte gidatu zuen. Linternako lanak egin ziren 1731 eta 1734 urte bitartean. Pinakulua errematatzen duen eta 65 m-tako garaierara iristen den gurutzea, 1735ean, urriak 25ean jarri zen.
Data horretatik abiatuta danborraren eta laranjaerdi-formakoaren apainketari heldu zitzaion, arrosa tankerako marmol landuzko pabiloi azpiak erregeen ezkutuez jantzi ziren eta Bertuteen alegiazko zortzi estatua handiz apaindu.
Aldareetako eta erretauletako lanei 1739an eman zitzaien hasiera.
Erretaula nagusia eta bi pulpituak Inazio Iberoren diseinuaren gainean eraiki ziren. Lau salomondar zutaberen titakadura lan fina (alde bakoitzeko bina, baina zeiharka jarreran jarrita), hirugingildun arkuak nitxoetan, margo ugaritako marmol bitxizko mosaiko horretako hainbeste eta hain finki landutako ale ugariek erakusten dute Iberotarrak Churriguerarekin izan zuten harremanaren eragina. Erdiko nitxoan 1758an jarri zen zaindariaren estatua, Frantzisko Bergara valentziar eskulturagilearen lan bikaina, ikusiko dugun bezala.
Gerora jarraituko zuen beste erretaula, aldare, sarrerako burdin hesi, aldareetako eta arkupeko estatuekin eta abar. Ikastetxea. Eraikinari dagokionez, eskuinaldeko hegala bukatu gabe gelditu zen, josulagunak 1773an Espainiatik boteak izan zirenean. Lanak, XIX. mendean zehar, geldialdi asko eginaz jarraitu ziren, eta 1885ean azken bultzada emanda, 1888an amaitu zen eraikuntza. Elizaren bikaintasun barrokoaren aldea handia da inguratzen duen Ikastetxearen soiltasun ia herreratarraren ondoan.
Erabaki ausarta izan zen baina asmatu egin zuen elizako Erretoreak, Fontanaren planoetan patiotarako izendatuak ziren bi leku zabaletan harrizko eskailerak(alde banatan bata) jartzeko erabiltzean. Beren eskailburuetan santu eta Aita Santuen estatua handiak jarri ziren gero. Harrizko eskailera dotore horiek, jangela aurrea, jangela, liburutegia, sakristiak eta hiru klaustroek edertasunez harrituta uzten duten multzoa osatzen dute, eta harmoniaren zentzua handitasun soil baten gustuarekin nola elkartu daitekeen erakusten. Otto Schubert‑ek “espainiar lur-azaleko josulagunen monumenturik distiratsuena” izendatu zuen.
Donostiako Santa Maria basilika. Gaurko Koruko Andre Mariaren basilikak hiri honetako parrokiarik zaharrenetarikoa dela dirudi. Dokumentuetan azaltzen denez, leku horretan Urgull mendiaren magalean, bat bestearen atzetik Birjina Mariari eskainitako elizak izan omen ziren, XII. mendetik hasita hiri honek nozitu zituen suteen ondorioz desagertuz joan zirenak, azkenekoak 1575ean eta 1688an Mota zeritzan gazteluko bolborategiko bi leherketen ondorioz. Koruko Andre Mariaren eta San Inazioren babespean 1728an sortutako Caracasko Errege Konpainia Gipuzkoarra bere zeruko zaindariari eliza berri bat eraiki beharrean gertatu zen.28
Lanak 1738an hasi ziren, diseinuaren begirunez klaustro gotikoa eta alboko etxeak bota beharrean gertatu zirelarik. Bere lehenengo arkitektoak, Pedro Inazio Lizardi29 eta Migel Salezan izan ziren eta hauek joan beharrean gertatu zirenez, Loiolako Santutegiko arkitektoaren seme Frantzisko Iberok ordezkatu zituen. Beronen eraikuntza 212.000 peso kosta zen eta ofizialki 1774an inauguratu zen.
Azaleran 2.773 m betetzen ditu. Barrutik baditu luzeran 55, 50 m eta 32,70 m zabaleran, eta 28 m garaieran (ganga jarraituraino eta 35 m laranjaerdi-formako loroiraino). Barruan 4.000 lagunentzako edukiera du. Barrokoa da bere estiloa, halakoxe rococo kutsua duena, atarian hobeto ikus daitekeenez.
Areto oinplanoa eta garaiera bereko hiru habearte dituena dugu, baina gangak gotikoak izaten jarraitzen dute, garaiera handiko pilastrez eutsitakoak, kapitelak kapitelen gainetan jarriaz disimulatzen saiatu ziren arren.
Barruan badira churriguereskotik eta rococotik hasi eta neoklasikora arte doazen kapera eta erretaulak. Multzo aberats eta harmoniatsua da horren ondorioa, eliza honi gipuzkoar hiriburuko elizarik ederren eta dotoreena izatearen sona eman zaio.
Andoaingo San Martin eliza. Indiano eskuzabal batek ordaindutako beste eraikin bat Andoaingo San Martin eliza dugu. Historia honen datu guztiak A. Manuel Lekuonak ikertu eta aztertuak dira.30 Andoainen jaioa zen Agustin Leitza eta Latijera, Peruko Erreinuko Kapitain Jeneralak, 1756an jada agindu zuen eta 1763ko abuztuaren 19an hil baino pixka bat lehenago bere testamentuan baieztatu, halaber, bere ondasunetako zati handi bat bere jaioterriaren aldeko beste eskaintzen artean, hiribilduko herri plaza eratzen zihoan lekuan aurrez aurre altxa behar zen parrokia berri baten eraikuntzarako erabilia izan zedila. Behar haina lur erosi zen eta A. Manuel Larramendi euskaralari sonatuaren kontseiluz, egitasmoaren diseinua eta obra, urte horietan Loiolako Santutegiaren lanen bukaera bere gain zuen Frantzisko Ibero maisuari eskatu zitzaion.
Badirudi arkitektoaren traza, Lucas Longak Elgoibarko elizan hartu zuen oinplano gurutze latindarrari jarraitzen zaiola, baina Andoainen Frantzisko Iberok, dorreaz gainera, bost tartetako arkupe luze bana erantsi zuen habeartearen luzeran.
Eliza berriaren eraikuntza 1759an hasi zen, Buruntza mendiko harrobiko harriez, eta 1770ean bukaturik zegoen jada. Frantzisko Iberorekin hargin* eta eskulangile-talde espezializatu handi batek esku hartu zuen, Frantzisko Azurmendi taillagilea jardun zelarik aldare nagusiko oskolari azken ukituak ematen eta Arrosarioko Andre Mariaren albokoa eraikitzen.
Karmengo Andre Mariaren beste albokoa egiteaz Frantzisko Ugartemendia arduratu zen, Azurmendi beraren diseinuaren gainean. Sortzez Garbiari eta San Agustini eskainitako beste alboetako bi, hurrenez hurren, Jose Inazio Lavi eta Ugartemendiaren diseinuaren arabera gauzatu ziren.
Arkitektura mailan emaitza sendo eta trinkoa da, eta bere barrokotasuna ez da barrunbean bilatu behar, apainketan eta kanpandorrearen estiloan baizik. Eraikinaren fatxada bete eta ataripea sortuz altxatzen den kanpandorrean alegia. Eliza 1770ean inauguratu zen, dorreari azken ukitua ematea besterik falta ez zenean.
Eskoriatzako San Pedro eliza. Beste behin ere, indiano eskuzabalen dirua izan zen, hondamen-zemaika zegoena ordezkatzeko, oinplano berrian eraiki behar izan zen Eskoriatzako elizaren gastuak ordaintzeko erabili zena. Hiribildu hau Calahorrako elizbarrutiari zegokionez, gotzaindegitik behin baimena ateraz gero, Martin Karrerak31 egin zuen 1759ko lehen hilabeteetan eliza honen diseinua, ziur asko egun horietan harremanetan zegoen Inazio Iberoren aholkuak entzun ondoren. Eliza berriaren sagaratze-meza ospa zitekeen 1762aren azken aldera jada, baina lanak ez ziren hamarkada horren amaiera arte bukatu.
Eliza. Ia ezin esan daiteke bere oinplanoa gurutze latindar erakoa denik, zeren eta bere besoak oso sakonera txikikoak baitira. Fajoi‑arku eta arku toralen euskarriak kapitel dorikoen pilastretan ezarriak dira. Elizak presbiterioa poligonala du, eta lau tarte, gurutzadura eta koroarena kontuan hartuz gero. Kanoi‑gangak ilargixkadunak dira eta aldare nagusiaren aurrea ertz‑gangaz estalia. Petxina gainetan atseden hartzen du gurutzadurakoak. Barrunbe honek ia ez du apainketarik.
Tenpluaren oinetan kokatua dagoen dorrea da XVIII. mendearen erdialdeko giroan gaudela sentiarazten diguna; bere egituran Elgoibar eta Andoaingo ereduei jarraitzen zaie, habeartearen paraleloan bi aldeetara arkupeak dituela.
Pasai Donibaneko eliza. Pasai Donibaneko parrokia-eliza da Gipuzkoan oinplano berrian eraikitako elizen adibide bakarretakoa. Jose Lizardiren plano bat txikiegia zelako eta Inazio Iberoren beste bat garestiegia zelako bazterrera utzita, egun haietan Tolosako Santa Mariaren kanpai-horma eta dorreetan ari zen Martin Karrerari deitzea erabaki zen azkenean. Eraikuntza-lanak 1763an hasi eta Martin Karrera 1768an hil zenez, lanak bere seme Manuel Martinek (1742‑1804) jarraitu eta amaitu zituen, 1774an.
Elizak, alderdi batzuetan Herriko eliza kolumnariaren eskema jarraitzen du:
- pilastraz eutsitako gurutze-gangak;
- garaiera bereko hiru habearte, erdikoa besteak baino zabalagoa;
- hiru tarte;
- presbiterioa;
- korua, oinetan;
- bitxia bada ere, baoak gutxi: bi leiho hegoaldean; beste batzuk gezilehio modura dorrearen aldetik, leiho bat koruan eta beste bat presbiterioaren saihetsetara.
Deigarria da barroko airea oraindik arnasten den garaian eraikitako eraikin honen soiltasun eta apaltasuna, esate baterako, bere garaikidea den Donostiako Santa Maria elizaren aldean.
Dorrea elizaren eranskina da eta egokiago datorkio kanpai-horma deitura, Martin Karrera bere diseinatzaileak esan zion moduan.
- Atariak
Euskal Herria XVIII. mendean ez zen nabarmendu eraikuntza berri ugaritan, ez nolabait ere, zabaltze, berriztatze eta lehendik egokitzapenetan zirenetan bezainbat. Egokitzapen eta osatze hauek azken batean, eliza atarietan gauzatu ziren, estilo berri baten eta gustu berri baten adierazpenak horretan sumatzen baititugu.
Hernaniko San Joan Bataiatzaileren ataria. Gipuzkoan, horren adibide garbi bat Martin Zalduak, 1707an, Loiolako eraikinean ari zen bitartean, Hernaniko San Joan Bataiatzailea parrokiarako diseinatu zuen fatxadan aurkituko dugu.
Fatxada angeluzuzen bat da, frontoi triangeluar bati eusten dioten bi pilastra handiz mugatua, eta hauts‑babes baten modura arku erraldoi batek baitaratua duena. Atearen gainean zaindariaren irudia duen horma-hobia dago; eta saihetsetan, zutabe bikoitzen tarteek San Joan Bataiatzailea eta San Pedroren irudiak hartzen dituzte barruan –dokumentuetan oso argi ez dagoen egileren batenak–, idulki garai batzuen gainetan. Horretan guztian bada atari platereskoen kutsurik, baina sumatzen da une hartako barrokotasun neurritsua ere: arkuarte eta pilastretan gai naturalistak apainketetan, lore eta hosto-sortak, mahats mordoak eta lurrinontzi lerronahasiak.
Oñatiko San Migelen ataria. Barrokotasun neurritsu horretan diseinatu zuen Martin Zalduak berak Oñatiko San Migelen ataria. Hernanikoak bezala, atari handi honek arku handi bat du buruan: baina hemen arkubarnera deigarri bat darama, kerubinez eta bolutaz guztiz estalirik.
Ez da erraza Asteasuko maisuaren egiletasuna zenbatekoa den erabakitzea, zeren eta atari galant hau burutzen igaro ziren hiru urteren buruan beste maisuen lankidetza eskatu baitzen, eta horma-hobietan jarritako irudiak eta apainketaren zati handi bat behintzat Juan Bautista Suso eskulturagileari agindu zitzaizkion, eta berehalako batean hitzartu zen elizaren erretaula nagusirako.
Azkoitiko Santa Maria elizako ataria. Arkupea, petrila eta atarirako lehen diseinua Jose Lizardik egina izan zen 1725ean, baina eraikuntza (Inazio Iberoren aldaketaren bategatik edo) ez zen bukatutzat eman Xabier Inazio Etxeberriaren zuzendaritzapean 1734ra arte.
Ataria aparteko multzoa da: nitxo handi baten irudikoa, elizaren kontrahormen artean sartuta, eta ordena erraldoiko bi pilastraz mugaturik.
Bere ezkerraldeari atxikirik doa arkupea, luzeran elizaren azkeneko bi tarteak beteaz, eta zutabe dorikoen gainean atseden hartuz erdi‑puntuko sei arku dituela.
Atariaren exedra basamentu garai batez osaturik dago eta honen gainean zutabe bikoitzak alboetan, Joan Bautista Mendizabal eibartar eskulturagileak beranduago landu zituen eskulturak barruan hartzen dituzten horma-hobiak hegaletan dituela. Erdian dagoen erdi‑puntuko arku batek ematen du elizarako sarbidea. Taulamenduaren gainean pitxerrez apainduriko apala. Kabujoiez ederturiko bost galloietako oskolak nitxo bat eskaintzen du erdikoan, Birjina zaindariarentzat.
Multzoak plastikotasun alaia duen arren, klasizismoko soiltasun kutsuak irauten duela esan daiteke.32
Gipuzkoako beste lekuetan hainbat atari zuhurxeago ikus daitezke, Zegamako parrokian gurutzadurakoa esate baterako, Inazio Iberok diseinatua.
Dorreak
Kanpaientzat eraiki ziren dorreak dira une hartako barrokoa ezkutatzen duen egitura arkitektonikoen beste kapitulu bat, funtsean eta unibertsalki kristaua zen gizartean esanahi bat zuen kanpaiak jotzeak, gaur egun herrialde askotan desagertua bada ere.
Urretxuko San Martin elizako dorrea. Jose Lizardi, Asteasuko maisuari zor zaio, Tours‑eko San Martin elizako kanpandorrearen azkeneko gorputzaren diseinua. Poligonozko oinplanoa, angeluetan pilastrak, eta ia apaingarririk gabea da, kupula buruz eta baita ere buruduna den kupulatxo batez estalia dago, 1720 eta 1724 bitartean egina da.
Bergarako San Pedro elizako dorrea. Urretxukoaren estilo berekoa da Bergarako San Pedrorena (1737‑1743) eta goitik beheraino arkupeko dorre hau Jose Lizardi berak diseinaturikoa da eta kupula burudunen aldeko zaletasun berdintsua agertzen zaio, baina oraingoan barrokotasuna nabarmendu egin zuen, frisoen gainetan plakak sarriago, erlaitzetan zabalera handiagoko eta hutsarte eta konkorren txandakatze handiagoko edergarri ugarien bidez, horrela argi-itzalen jokoa areagotuz.
Zestoako Andre Maria Birjinaren Jaiotza elizako dorrea. Zestoako dorrean (1735‑1738), Jose Lizardik aurreko dorreen ezaugarri berdinak erakutsi zituen, dorrearen oinarri angeluzuzeneko oinplanotik kanpaien gorputzaren oinplano karraturako igarobidean irtenbide egokiak aurkituz eta barrokotasun zuhur berari eutsiz; beronen edertasuna goraipatu egin zuen Loiolako maisu nagusi ospetsua zen Inazio Iberok.33
Elgoibarko San Bartolome elizako dorrea. Inazio Ibero eta honen seme Frantziskori zor diegu Elgoibarko San Bartolome parrokiako dorrea, goialdeko zatia bederen, kanpaien multzoa, alegia; bi maisuek sinaturiko barrokotasun eder eta lirain honi buruzko dokumentu irudidun interesgarriak eta zehatzak gelditu zaizkigu.34
Andoaingo San Martin dorrea. Lehenago ere aipatu dugu, elizaren fatxadan bertan, Frantzisko Iberok eraikitako Andoaingo kanpandorrea. Elizaren sarrerari aterpea egiten dion dorrearen kokamen honek nortasuna ematen dio eraikinari. Multzoaren batasuna simetrikoa areagotu egiten du, elizaren fatxada zabalera nabarmenduz. Honen barrokotasuna bere edergarri xehe eta oparoetan dago. Eraikin-masak landare moduko osagaiez apainduak dira, eta eraikin-lana estaltzen duen laranjaerdi-formako abiagunea harrizko loroi handiek inguratzen dute. Kupulatxoari ere eransten zaio osagairik, kiribildurak eta loroi ñimiñoak. Hau eta erdi‑puntuko arkuak koroatzen dituen zatituriko frontoi bakar batek eta beste xehetasun batzuk alaitzen dute eliza honen kanpoaldeko multzoa, ia kutsu rococoz.
Frantzisko Iberoren beste dorre batzuk
- Ia antzeko gauzak esan daitezke Usurbilgo Salbatore parrokia-elizako dorrerako arkitekto berak diseinatu zuen kanpandorreaz, kupularen abiagunean kalostra eder batez jantzi zuen horretaz (1761‑1764).
- Hondarribiko Jasokundeko parrokia-elizako dorreak ere osagai lerronahasi ugari agertzen du (1764‑68).
- Frantzisko Ibero berak diseinaturiko Hernani, Gaztelu eta Ordiziako dorreek, aldiz, bestelako estilo bat dute nabarmen, trinkoagoa eta soilagoa, azpeitiar maisu iaioa, gustu neoklasikoaren argitasun eta xumetasunarekiko sentikorrago izaten hasia balitz bezala.
Neoklasikorantz garatuz
Hain zuzen ere, Gipuzkoako dorreen ardura kronologikoak erakuts diezaguke garapen estilistikoa, barroko churriguereskotik neoklasikoa aldarrikatzen duen egitura soilen alderakoa.
Ibarrako San Bartolome elizako dorrea. Hala, Ibarrako elizarako Martin Karrerak diseinaturiko kanpandorreak (1761‑70), adibidez, Iberoren dorreekin kidetasun garbia du. Eliz aurrea dorrearen eredu bera da, baina hemen arkupeak ez doaz habeartearekin paraleloan.
Karreraren ardura bere fatxadaren aurrekotasuna sendotzea da, elizpearen estalguneko itzalak aurrearen goieneko horma-atalen lautasunarekin kontrastea bilatuz, arkupearekin batasun estua osatzen duten hegalen bidez.
Erdiko balkoiaren gainean zutasuna azpimarratzen duen biribil-formako baoarengatik bereizten da Iberotarrengandik eta apaingarrien soiltasungatik eta kanpaien multzoa edertzen eta mugatzen duten pitxarren berdintasun eta bikaintasunagatik, halaber.
Tolosako Santa Maria elizako dorrea. Hala ere, Martin Karrerak barrokoaren aldeko izaten jarraituko du kanpai‑horman, alboetan bi kanpai multzo dituela koroatu baitzuen Tolosako Santa Mariaren fatxada galant eta biluzia.
- Erretaulak
Baina ez da zalantzarik, elizetako erretauletan azaltzen dela, luze eta zabal, barrokoaren espiritu askea; beharbada, une honetako zaletasunak eragiten duen gehiegikeria formala eta apainketa birtuala harriaren taillan baino errazago gertatzen delako zuraren taillan.
- Sebastian Lekuona
Pasai Donibaneko San Joanen erretaula nagusia. Sebastian Lekuonari agindu zitzaion erretaula hau lantzeko, Loiolako eraikinean maisu nagusi ziharduen bitartean.
Gorputz bakarrekoa da, bankuarekin eta biribileko errematea gorputzaren neurri berekoa duela. Alboetako kaleetan, idulkiko kerubin buruez ederturiko mentsula handien gainetan eta horma-hobiak saihetsetan dituela, salomondar bi zutabe handi zutitzen dira. Euskarri hauek, orbel eta mahats mordo gizenez nahaspilatzen diren hamaika zuztarrez inguraturik daude. Horma-hobietako hiru arkuak ohiko erdi‑puntukoak dira, sakonera txikiz baina edergarri ugariz egin eta eutsiak.
Zaindariaren irudia, alboetako Pedro eta Paulo Santuenak eta goieneko mailako San Mikel Goiaingeruaren taillak Felipe Arizmendik eginak dira, gerora oroitaraziko dugun bezala.
Oiartzungo San Estebanen erretaula. Bere jaioterria zen Oiartzungo parrokiako hiru erretaula Sebastian Lekuona berari esker ditugunak: Gurutziltzaturiko Kristori, eta Loiolako Inaziori zein Xabierko Frantziskori eskainiak (1721).
Hiru ale hauek ia egitura bera eta oso antzeko apaingarriak dituzte, arku hirugingilaren azpian dagoen Gurutzeak izan ezik. Neurri txikikoen erakoa da, kupulako danbor kalostraren azpian osaturiko ilargixkekin oso egoki lotzen dena. Hemen ere, arku batek erdiratzen du erdiko horma-hobia,salomondar zutabeekin.
Inazio Ibero. Bikaina da Inazio Iberoren erretaulen emaitza, eta historialariarentzat garrantzizkoa da azpeitiar maisu handiaren aurrerabidea ezagutzea, egiturazko eta klasizismoko zorroztasun batetik hasi eta ia gehiegizkoa den Loiolako erretaula nagusi barroko eta rococo arterainokoa.
Azpeitiko Sortzez Garbiaren erretaula nagusia (1737). Hiru kale ditu, erdikoa tenpletearentzat, solairu bakarrekoa eta saihetsetakoak bi solairutakoak, irudientzat horma-hobiak dituztela, eta landarez jositako bost kiribileko salomondar zutabeak igotzen dira, churrigueresko zentzu oso nabarmena dutela.
Loiolako Santutegiko erretaula nagusia. Aipatu berria dugun eta M. Isabel Astiazarainen ikerketen ondoren zein egilerena den zalantzan jartzen ez den Loiolako Santutegiko erretaula nagusia, oso litekeena da Azpeitiko erretaularen garaikidea edo lehenagokoa izatea, agian.35
Harritzekoa ere bada, baina badirudi hurrengo erretaulen eskarietan –Azkoitiko (1742) eta Tolosako (1744) Klaratarrentzat– Iberok segurtasunez egiten duela rococo aldera:
- erretaula‑oskola hautatzen du,
- salomondar zutabeak alde batera uzten ditu,
- apaingarrietan neurritsuagoa da, aurreko erretauletan irtenegia eta handiegia izan baitzen.
Fermin Larrainzar. Urte horietan Iraurgiko haranetik, Goierrikora igarotzen bagara, erretaula barrokoetan ale ugari topatuko dugu.
Lazkaoko erretaula zistertarra. “Langintza anitzekoa, arkitekto, eskulturagile, mihiztatzaile eta arotz”36, halaxe sinatzen zuen Fermin Larrainzar nafar maisuari esker dituzte Lazkaoko Santa Anaren Zistertar Errekoletoen komentuko erretaula nagusia eta alboetakoak, 1714an Iruñeko elizbarrutiko ikuskatzailearen bisita ondoren hitzarturiko lanak. Erretaula honek, 1718ra baino lehen eraikitzen hasi ez zen honek, baditu idulkia, hiru kaletan banaturiko gorputz bakar bat, banku garaia, suge ildasketako lau zutabe erraldoiez mugaturik, eta elizaren burualdeari egokitzen zaion zirkuluerdi-formako profila duen atikoa. Inazio Zendoiak tramankulu hau xehetasun guztiz deskribatu ondoren, lotura kronologikorik eza ikusten du, une hartakoxea zen apaingarrien aberastasun ugariaren eta ordurako erabiltzen ez ziren ildaska uhintsuak zituzten zutabe bihurrikatuen erabileraren artean.37
- Joan Antonio Iparragirre
Idiazabalgo San Migelen erretaulak. Idiazabalgo San Migel parrokian arte gaietan arduraduna zen Joan Antonio Iparragirre maisua, arkitekto eta taillagilea ere badena, Idiazabalen jaioa bazen ere, Seguran bizi zena. Berarekin egin zen 1734ko abenduan Familia Santuaren alboko erretaularen hitzarmena eta bi urte beranduago, erdiko nitxoan San Inazioren irudia eta nitxo apalagoetan Borjako Frantziskoren eta Xabierko Frantziskoren mukuluak” eduki beharko zuen beste berdin bat eskatu zitzaion. Astigarretako San Martinen erretaula nagusia. Iparragirrek bere ardurapean 1745an hartu zuen. Haren arkitektura gerora berriztatua izan zenez, ezin jakin daiteke une hartako churriguereskorako zaletasuna zein mailatan bereganatu zuen.
Frantzisko Ibero. Frantzisko Ibero arkitektoak erretaula asko ditu bere eskuei esker eginak, bere aita Inazioren aldean. Aizarnako Jasokundeko erretaulak. Aizarnako elizaren alboetako erretaulak eskatu zizkioten 1751ean, bata Arrosarioko Amari eskainia eta San Inaziori bestea. Egitura ahur samarra duten aleak dira, lau mentsuletako basamentu baten gainean lau zutabezko gorputz bat, eta gainean atikoa osatzen dutenak. Apainketak, xaflen, buru hegodunen, loreen eta fruituen bidez estaltzen du zoru guztia.
Azkoitiko Klaratarren erretaulak. Hamar urte beranduago diseinatu zituen, halaber, Azkoitiko Klaratarren alboko erretaulak, bere aitak ordurako diseinatua zuen erretaula nagusiaren ondoan. Aitaren lanarekin alderatuta, barrokotasun oso aurreratua baten ausardia adierazten dute Frantziskoren erretaulek, horma lau bati atxikitzean, zeiharka ebakitako erlaitz gainetan kokatuta dauden zutabez markaturiko bere erdiko kalea aurreratzen du erretaulen egitura irtenak. Taulamendua egitura berari egokitzen zaio.
Beste zenbait erretaula. Begien bistakoa da hauetan eta Eibarko San Andres parrokiarako diseinatu zuen alboko erretaulan (c. 1765), Frantzisko Iberok sentikor jarraitzen duela plastika churriguereskoarekin.
Beste zenbaitetan, bere Lizartzako Santa Katalina elizako erretaula nagusiaren azterketan, esate baterako, xumetasun klasiko alderako aldaketa usnatuko balu bezala, arruntasun eta xumetasun handiagoa eta hostotza apaingarri gutxiago aholkatzen ditu.38
Bizkaia
[aldatu]Bizkaian churrigueresko erako eliza askorik ez da. Mende honetan bizkaitar arkitekturak eskaintzen duena, batez ere, hauxe da: jarraibide baten erakustea, esperimentatzeko ausardiarik eza eta zaharkitutako estalkiekiko leialtasun itsua; fantasia sortzaileaz hitz egitera bultzatuko gaituen ezer ez, alegia.39
Lekeitioko San Jose eliza. XVIII. mendearen lehen herenean bukatu zen Lekeitioko San Jose eliza (Josulagunen Antzinakoa); aurreko atalean hitz egin dugu bere eraikuntzaz. Gaur egun ere 1680an sortu zenean zuen estilo soil bera du; baina litekeena da bere ataria, bere apaindutako markoa eta bere frontoi oker zatitua eta guzti, Loiolako Santutegiko arkitektoek eginiko aldaketaren bat izatea.
Durangoko Santa Anaren eliza. Durangon Uribarriko Santa Mariaren eta San Agustin komentuaren arteko bilketa bat da Santa Anaren eliza (1720), Lazaro Laincerak40 egindako lan honetan apaingarrien biluztasuna gailentzen delarik.
Ezkerraldeko (Somorrostroko) San Joan eliza. Abangoardiari mendearen erdialde hartan zitzaion erresistentziaren froga bera da Somorrostroko San Joanen hau, bere piramidezko dorre eta gurutzadura gotiko konkordun estalkiarekin.
Bilboko San Nikolas eliza. Lehenago jardun dugun bezala, espazioaren barroko italieratzaile ikusmolde bakarra Inazio Iberok ekarri zuen 1743an Bilboko San Nikolas elizara. Hondamenean zegoelako goitik behera botatako aurreko eliza baten esparrua bera betetzen du. Bertako harginekin eman zitzaion hasiera 1743ko egitasmoaren eraikuntzari, Antonio de la Vega menditar maisuaren gidaritzapean, eta ez zen bukatutzat jo mendearen azken urteetara bitartean, eliz ospakizunen hasiera 1756koa bada ere.
Eliza. Karratu perfektu bat da oinplanoan eta erantsita du presbiterioa. Karratu hau beste karratu handiago batean sartuta gelditzen da, elkartzen diren bi esparru angeluzuzen sorraraziz, burualdean sakristia osatzeko eta oinetan aparteko bi kapera antolatzeko. Eremu oktogonal edo biribilaren itxura ematen diote lau exedrek, karratua nagusitzen zaiolarik elizari.
Ftxadanan, Elgoibarko dorrearen antzeko diren bi dorre zutitzen zaizkio alde banatan. Fatxadaren horizontaltasun ukitu gaitza leundu egiten dute dorreek eta kanpai-hormak. Eliza bilbotar honen barrunbeak Santa Inesen eliza erromatarraren oroimena ekartzen du gogora; baina, badira Loiolako frontoiaren oroitzapenak ere atari artikulatuan, eta gotikoarenak, dorreen sarbide zorrotzetan.
Balmasedako San Seberino eliza. Lehen aipatu dugun Lazaro Lainceraren diseinua (1728) duen San Seberino elizako dorrearen aipamena egitea ere komeni da.
Hargintzan aditua zen Laincera, eta zenbait eraikin-lanetan Martin Zalduarekin batera esku hartu zuen Euskal Herrian: Azpeitian –normalean hemen bizi izaten baitzen–, Berritzen, Elgoibarren eta abar. Urretxuko elizako dorrearen diseinua egin zuen, gerora Lizardiren diseinuak ordezkatu zuena, eta 1717an Zumarragako elizaren dorrea diseinatu zuen, halaber.41
Bizkaiko erretaulen diseinatze eta eraikitze barroko churriguereskoari dagokionez, eskultura lanei buruz bereziki hitz egingo dugunaz gain, nahikoa bekigu berriro ere Julen Zorrozuak Bizkaiko erretaula barrokoari buruzko ikerketa sakon eta oso dokumentuari lotzea.
Araba
[aldatu]Gasteizko San Frantzisko komentua. Arabar lurraldean XVII. mendearen azkenean, barrokoa bere apaingarrietan aldirik oparoenera iritsi zenean, Gasteizko San Frantzisko komentua eta eliza izan ziren egin zirenetan lanik behinena, historiaren eta artearen distira zenbait mendez bizi ondoren, erabateko hondamendian amaitu zen lan itzela.
Komentuak XIII. mendeko klaustro polit bat zuen eta eliza berebiziko tenplu gotikoa zen, zortzi tartetako habearte bakarrekoa; beroni XVI. mendean arkupea eta zenbait kapera erantsi zitzaizkion. Eliza XVI. mende aldera, churrigueresko gustuko igeltsuzko apainketa arranditsu batez jantzi zen guztiz, gangak izan ezik; honen idatzizko dokumentuak eta argazkiak ugari dira. Delako desamortizazioa zela eta, 1835ean bere gainbehera hasia zenez, 1930ean multzo osoa goitik behera eraitsi zen.42
Honen estilo eta garai berekoak dira:
- Santa Mariaren kolegio‑elizako sakristia eta
- San Pedro parrokiako dorrea.
- Arabako Lautada
Arabako Lautadakoetan, esan daiteke, oinplano berriko elizarik ez zela aldi honetan eraiki.
Gangaren batzuk trazerietan eraldatu egin ziren, are konplexuagoak bihurtuz.
Eraiki zirenen artean:
- arkupeak, esaterako, Inazio Ibero maisuaren eskuz egindako Aguraingo San Joan elizakoak,
- atariak, Ilarduiako San Migel elizakoak,
- koruak, Migel Salezanen eskuz egindako Narbaxako San Esteban elizakoak,
- sakristiak eta kanpandorreak.
Gustuaren aldaketa adierazten duen testigantza da dena.
Erretaulak eraikitzen. Berrikuntza gehiago antzematen da erretaulen arkitekturan, hementxe hedatu baitzen batez ere rococo estiloa.
Eliza askotako erretauletan oraingoan asko dira arrosetak, zuztarrak, lore uztaiak, aingeruak, xaflak eta ildaskaturiko zutabeen fusteak, horma‑hobi tontorrak eta irudien oinazpikoak estaltzen dituzten oihal zintzilikariak.
Alor horretan izen berezia bereganatu zuen Joan Bautista Jauregik, Gasteizen eta Arabako beste lekuetan erretaula asko diseinatu zituen ertilariak.
- Arabako Errioxa
Gauza berak esan daitezke XVIII. mendeko Arabako Errioxaz, eraikin-lan batzuk amaitu eta hondatuak ziren beste batzuk konponduko baitziren:
- Oinplano angeluzuzen baten gainean zutitutako Oioneko Santa Maria eliza eraikin berria da, zirkuluerdi-formako absidea eta ilargixka-ganga duena.
- Kripango San Joan Bataiatzailea parrokian ere estali zen XVIII. mendean, ilargixkadun estalkia esferaerdi-formako kupulaz (1774‑1788).
- Mañuetako Antigoako Andre Mariaren elizan eta Santa Maria Morenaren elizan, halaber, kupulaz estali ziren gurutzadurak.
- Eltziegoko San Andres parrokiako zenbait kaperatan erretaula rococoak eraiki ziren.
- oinplano oktogonalaren gainean eraiki zen Plazako Andre Mariaren ermita eta esferaerdi-formako gangaz estali, Eltziegokoa ere.
Trebiñu‑Albaita eta Kanpezu
Trebiñu‑Albaita eta Kanpezu aldean ere ez zitzaion sarrera horren aisa eman barroko apainari.
Trebiñuko San Pedro eliza honen ganga hiru euskal harginek jasotakoa zen 1700ean.43
- bikaina da kanpaientzako dorrea, Jose Elejalde Axpeko arkitekto apartak diseinatu eta eraikitzen hasi zena (1774).
- kupula eta linterna beranduago Joan Antonio Etxeberriak eraiki zituen, 1790ean.
Dorreak. Eskualde horretan asko dira XVIII. mendeko dorreak eta kanpai-hormak.
- Arrietako dorrea. Arrietako dorre lirainaren goieneko gorputzak, gar‑irudiz, esferaz eta idi-begi ugariz apainduak, Jose Elejalde beraren eskuz eginak dira (1775).
- Albaitako dorrea. Eskoriatzako Joan Zubia maisuak diseinua egin eta Gatzagan bizi zen Joakin Elejaldek eraiki zuen.
- Paiuetako dorrea. Joan Zubiak berak diseinatua da eta Eskoriatzako Jose Elejaldek eraikia.
Bertako eta kanpoko eskulturagileak
[aldatu]Esan liteke urte horietan zehar (1650‑1730) –arrazoiez idatzi zuen Velez Chaurrik– “Euskal Herrian eskulturaren gainbeherarik gordinenean aurkitzen garela”.44 Ez da erraza zehatz‑mehatz adierazten Euskal Herriko eliza barrokoetako imajinen ekarpen ugaria ez ote zen, ugazaben, kofradien eta mezenasen aldetik, bertako maisuengan nahi zen kalitaterako beharrezkoa zen mailarik ez zela ematen-eta, horren kontzientzia hartze baten ondorioa. Garbi dago historialariarentzat Antxietaren jeinuak ondorengo belaunaldietan ertilari on askorengan arrastoa utzi izan bazuen ere, eta Gregorio Fernandezen artelan eredugarriek bere garaikide euskaldun batzuengan fantasia sortzailea ugaldu, lorratz distiratsu hau urte gutxiren buruan itzaliz joan zela. Ia ezin aurki dezakegu, XVII. mendearen bigarren erdian, lanean ari ziren maisuen artean kanpoko lantegietatik ez datorren izenik, inola ere ez behintzat Salvador Carmona edo Juan Pascual de Menaren talentu sortzailearen ondoan neur zitekeenik. Gure ustez, bertako maisuetan talentu pobreziaren kontzientzia izan bazen herritik kanpora bilatzera bultza zituena, ugazaba eta mezenasak imajinetako eskakizun naturala asetzeko gai ziren ertilariak, bidezkoa da gure aipamena horietatik hastea.
Kanpoko eskulturagile batzuk
[aldatu]Sierratarrak. Euskal Herrian XVIII. mendearen bigarren erdian egin ziren artelanetan, Medina de Riosecon kokatu zen Sierratarren familiaren esku hartzea nahikoa aztertu izan da.45 Tomas de Sierrak sortutako lantegia zen, bera hil ondoren, bere semeek eraman zutena.46 Litekeena bezala pentsatu izan da Anaia Jazinto Sierra lantegiko bere laguntzaile, Frantzisko, Tomas, Jose eta Pedroren anaitzakoa zela eta dokumentuetan saiatu zirela Gaztelan eraikitako erretaula askotan bere esku hartzea –bakarka nahiz taldean– nolakoa izan zen bereizten.
Sierratarren Segurako eta Oñatiko erretaulei dagokionez, arrazoia begien bistakoa da, Frantziskotarren ordenako Segoviako Ayllon‑go komentuan bizi zen Anaia Jazinto Sierra eskultura-maisuaren ordena berekoak baitziren komentuko erretaula hauek. Segurako Sortzez Garbiaren komentuko erretaula. Anaia Jazintori 1742 eta 1745 urte bitarte horretarako deitu zitzaion Segurako Sortzez Garbiaren komentuko erretaula egitera eta eraikuntza-lanak, zatirik handienean, komentu horretan kide ziren Lardizabal familiako bi lekaimek ordainduak izan ziren, Segurako parrokiako erretaula nagusiaren emaile eskuzabala ere izan zen Martin Lardizabalen arrebak, hain zuzen ere.
Anaia Jazintok berak egina izan behar du, inola ere, egitura handi honen diseinua –bankua eta ordena erraldoiko zutabeak dituzten hiru kale–,47 Maria Birjinaren eta frantziskotarren Ordenaren ohorez programa ikonografiko zabal bat eskatzen zuena: Birjinaren istorioak bankuan; Sortzez Garbia zaindari moduan, Hungariako Santa Isabel eta Portugaleko Santa Isabel lagun dituela; goragoko mailan San Joan Sahagunekoa eta Santa Klararen irudiak, amaieran Birjinaren Koroatzea duela; eta alboetan San Joan Kapistranokoa eta San Paskual Bailon. Eskulturen zerrenda osatzeko erants ditzagun alboetako erretauletan dauden San Frantzisko eta San Antonio Paduakoaren estatuak.
Arruntena da halako multzo konplexuez arduratzen zen lantegi bat izatean, kalitaterik oneneko lanak lantegi-buruen zeregina zela pentsatzea. Oraingo honetan Gaztelan eginiko lan dokumentuetan ahaidetasun estilistikoarengatik, Inazio Zendoiaren iritziz, Sortzez Garbiaren eta Hungariako Santa Isabelen irudiak lantegi-buru gorenak, Anaia Jazinto Sierrak, eginikotzat hartzea da arrazoizkoena.48
Manuel Martin Hontañon. Kanpoko beste ertilari bat aipatuko dugu orain, jaiotzez Gaztelakoa (Burgoskoa), Manuel Martin Hontañon eskulturagilea.
Segurako Sortzez Garbiaren komentuko erretaulak. Manuel Martin eliza bereko alboetakoen irudiez arduratu zen, 1754an Jose Joakin Arizaga eta Joan Antonio Iriarte maisuak hitzartu zirelarik eraikuntza horretarako.
Alboetako erretauletan, beren erdiko nitxoetan, adierazkortasun bikaineko aurpegiak dituzte eta seguruenik aldare nagusiko irudirik hoberenak taillatu zituenaren lanak dira –San Frantzisko batean eta San Antonioren irudiak bestean–, baina horiek salbuetsiz gero, gainerako eskulturek ez dute halako kalitate artistikorik.
Oñatiko Bidaurreta komentuko erretaula. Frantziskotar ertilariek “an echo un prodixio” gogoan hartuta, Oñatiko Bidaurreta komentuko Lekaime Frantziskotarrak beren esku-hartze bat eskatu zuten erretaularako. Erretaula berri hau 1751‑1753 hirurtekoan egina izan zen, aipaturiko Segoviako komentuan bizi ziren Anaia Jazinto Sierra eta Anaia Esteban Lopez bi fraideen zuzendaritzapean.
Horien programa ikonografikoa zeharo zabala da: bankuan, lau ebanjelarien irudiak erliebean eta Kristoren Haurtzaroko eszenak; lehen gorputzean, San Agustin, San Frantzisko, San Jose, San Joan Ebanjelaria, Santa Klara eta San Antonio; bigarren gorputzean, Birjinaren gurasoak; goieneko zatian, Mariaren Koroatzea eta Eliz Gurasoak.
Badirudi Anaia Jazintoren anaien ardurapean egon zela lan hau. Erretaularen erdian balkoi modura zintzilikatua eta aingeru handiez koroaturik dagoen Birjinaren ganbaratxoa bereziki bitxia eta interesgarria gertatzen da. Urreztatu eta polikromiaz jantzitako eskulturak gailentzen dira polikromiaz jantzi gabeko mazoneriaren gainean.
Joan Antonio Hontañon kantabriar ertilaria Pedro de Borjesekin batera aritu zen:
- Amorotoko Arrosarioko Andre Mariaren erretaulan (1737‑38),
- Elorrioko Sortzez Garbiaren erretaulan, bertako irudiez Elorrioko Joan Munar arduratu zelarik (1754‑58).
Ramon de Solar Santoñakoa:
- San Joan zein San Kosme eta San Damianen irudiak eta Gordexolako erretaula nagusian Gurutze bat taillatu zituen (1753‑55),
- Zornotzako erretaula handiko eskulturetan ere esku hartu zuen.
Manuel de Acebo. Jaiotzez Arnuerokoa baina Bilbon bizi zen beste kantabriar honek, Gamiz‑Fikako Santo Kristoren ermitan utzi zuen lanen bat (1785).
Pascual de Mena. Donostiako Santa Mariaren basilikan, Pascual de Menaren gubiari eskaini zitzaion Familia Sagaratuaren aldarea. Robert Michel. Robert Michel frantziar honengana jo zen, Lepantoko garaipena zela eta, mirari bat konta zezakeen erliebea tailla dezan.
Caetano Pace. Munduan zehar sakabanaturik zebiltzan josulagunek Loiolako Santutegiaren arkitektura eta arte-ekimena garai hartan haiek eginikotzat jotzen zutena, bistakoa da ezagutzen zituzten ertilari onenak esku hartu zezaten nahi izatea. Eta beroiengana jo zuten, zalantza handirik gabe, eraikin handiaren imajinagintza eta apainketa osatzeko.
Izen oneko eskulturagile erromatarrari deitu zitzaion, Caetano Paceri, Portugalen lan batzuk bazituela eta, egokiera horri helduz, Aguraingo harri zuriz landu zezan basilikako arkupean erromesari arrera eginez elizarako sarrerako ate handi nagusiaren gainean dagoen San Inazioren estatua.
Eskulturagile berak, elizaren barruko aldetik, kupularen abiapuntuan kokaturik dauden Bertuteen zortzi estatua handiak lantzeko erantzukizuna hartu zuen.
Migel del Mazo. Beste estatuagile maisu bati, Migel del Mazo santandertarrari esker eginak dira santutegian bertan arkupeko nitxoetan jarri ziren Xabierko Frantzisko, Borjako Frantzisko, Kostkako Estanislao eta Luis Gonzaga josulagun santuen eskulturak, hil berria zen Caetano Pacek eginiko diseinua jarraituz berak landu zituenak (1738‑39).
Frantzisko Bergara Bartual. Loiolako basilika handiaren eder lanetan lagundu zuen beste eskulturagileetako bat izan zen Frantzisko Bergara Bartual, 49 Erroman egin zituen bere lanen batzuengatik izen ona harturik, batez ere, Vatikanoko basilikan habearte nagusian miretsi daitekeen Alkantarako San Pedroren estatua erraldoiagatik agindu zitzaion Loiolako erretaula nagusiko erdiko nitxoa betetzen duen San Inazioren estatua. Valentziar eskulturagile bikain honek eskultura barroko eder honen eredua egin zuen, benetako berniniar mugimenduaz eta rococo graziaz jantziz; baina, berau urtutako eta zizelaturiko zilar xaflan lantzea Giuseppe Agricola –Bauer izeneko ertilari baten italierako izena– erromatar lantegiaren ardura izan zen. Estatua Loiolara 1758an iritsi zen.
Tomas de Gorozollo. Bestalde, Azpeitiko Soreasuko San Sebastian parrokian ere kanpoko ertilari batengana jo zen, Tomas Gorozollo eskulturagilearengana, alboko erretaulako Borjako Frantzisko, Luis Gonzaga eta Kostkako Estanislao Santuen irudiak egiteko. Erdiko horma-hobian, urte batzuk lehenago egindako San Inazioren irudi bat jarri zen.
Tomas Gargollo. Inazio Iberok diseinatu, eta Frantzisko Inazio Azpiazu azkoitiar maisuak egin zuen Tolosako Santa Klararen komentuko erretaularako Tomas Gargolloren imajinak hitzartu ziren, eta Tolosan (1744) bizi bazen ere, Trasmieran, Meruelo bailarakoa zen honek urtebete baino gehixeagoan egin zuen bere betebeharra erretaula bete-beterik utzi zuten hainbat neurritako 22 mukulurekin.50
Santiago Marsili. Gure begirunea eta esker ona merezi duten lanak Euskal Herrian egin zituen beste kanpoko ertilari italiar bat Santiago Martini da; bertan bizitzera etorria dirudi, urte luzeetan Gipuzkoa eta Nafarroako hainbat lekutan bizi zela agertzen baita. Eskultura ugari egin zuen Marsilik, XVIII. mendeko hirurogeita hamargarren hamarkadan, Amasa eta Abaltzisketako erretauletarako. Inazio Zendoiak eta Julen Zorrozuak dokumentu ugariz bereziki jantzi dituzte hauek eta, merezi duenez, eskulturagile honen barrokoarekiko etengabeko leialtasuna eta bere lanen bikaintasuna azpimarratu dituzte.
Bistakoa da Berniniren eskulturak ongi ezagutzen zituela, aipatutako erretauletako nitxoak betetzen dituzten santuen irudiak, izan ere, agertzen duten mugimendu eta bizitasunagatik, italiar maisu handiaren estiloa ekartzen dute gogora: tolesdura hanpurutsuen astintzearen atzean eta kontraposto apur batez anatomia ezkutatzeko iaiotasun bera, adierazpen plastiko orekaturako gaitasun handi bat erakutsiz.
Marsili 1772an ere hitzartu zen, Billabonan bizi zenean, Andoaingo –horren eraikuntzaz lehen aritu gara– San Martin elizan alboko irudiak taillatzeko. Lau dira zaindari estatua handiak –Arrosarioko eta Karmengo Ama Birjinak, Sortzez Garbia eta San Agustin– “bikainak egituraz –dio Manuel Lekuonak– nahiz eta ez hainbat espresioetan, graziarik falta ez zaien dozena bat baino gehiago irudi txikiez gain, erlaitz eta koska gainetan aingeru handiak...”.
Pedro Ramirez de Arellano. Ez da ahantzi behar Tafallako eskualdean Aragoiko ertilarien ekarpena ere, besteak beste, Pedro Ramirez de Arellano eskulturagilearena, bere bizitzako azken urteetan (1766‑1771) Azkoienko parrokiako erretaularen ikonografia, Ante Portam Latinam San Joanen historia eta lau apostoluren eskultura ederrak landu eta zuzendu zituena, Zaragozako Pilareko Amaren Kapera Santuan egin zuen lanagatik sonatua den eskulturagile honen lanik onentzat har daitekeen multzoa delarik.51
Carmonaren elkartea. Faltzeseko San Joan Ebanjelaria parrokiako alboko kaperetarako Madriletik inportaturiko zenbait estatua ere aipa dezakegu, denen artetik Sortzez Garbiarena nabarmenduz, hazpegietako fintasuna, gozotasun rococoa, eta kontraposto apurrak salatzen dutelarik Salvador Carmonaren lantegia.
Beste zenbait. Inportaturiko estatuen atal honetan, gogoratu behar da, halaber, Madrildik ekarritako eskultura multzoa, Erriberriko Frantziskotarren komentu eta elizan aurkitu zena. Eliza Marko domingotarrak diseinaturikoa da eta azpeitiarra zen Frantzisko Iberok 1745 eta 1757 bitartean egina.
Eta honek Euskal Herrian lan ugari utzi zuen mende hartako ertilari handiarengana eramaten gaitu.
Mende horretan, Herriko arte ondarea aberasten duten kanpoko ertilarien esku-hartze sail luzean, bi dira adinez eta jeinutasunez antzeko izateagatik azaldu behar diren eskulturagileak: Luis Salvador Carmona eta Juan Pascual de Mena.
Luis Salvador Carmona: bere euskal artea
[aldatu]Ilustrazioaren mende horretan Euskal Herrian ikusi zen eskultura lanik ugariena eta arte kalitatez aberatsena Valladolideko Luis Salvador Carmonari esker izan zen (1708‑1767).
Sortu berria zen San Fernando Errege Akademiako eskultura irakasle honek bere bizitzan zehar lan guztiz oparoa egin zuen; 200 eskultura baino gehiago beharbada, gaur egun hauetatik dokumentatuak 180 zenbatu daitezkeenak, gehientsuenak erlijiozkoak direlarik. J.A. Villabrile eta Ron‑en lantegian bere sei urteko prestakuntza eta trebakuntzan, teknikoki lortu zuen iaiotasuna ia birtuosoaren mailakoa izan zen. Churrigueraren inguruko harremanetan eta berak miresten zituen aurreko maisu guztiak barneratzeko zuen gaitasun handiaz, jakin zuen bere eskultura-lanei ematen modan egoten hasia zen rococo gustuarekin ederki uztartzen zen edertasun, fintasun eta sentiberatasuna.
Halaxe lortu zuen bada ezagutzeko erraza den eta bere‑berea duen estiloa, estatuen muturretan zurari ematen dion mehetasunean.52 Harrian aritu bazen ere, erlijiozko eskultura garrantzizkoenak normalean zurez eginak daude eta bere lantegitik jada apainduak eta polikromiaz margotuak irten ohi ziren, baita zenbait data jarri eta sinatuta ere.
Oxirondoko Santa Marinaren erretaula. Bergara. Euskal Herrian Carmonaren lehenengo esku-hartzea Bergarako Oxirondoko Santa Marinaren erretaula nagusikoa izan zitekeen, Madrilen bizi zen eta erretaulari churrigueresko diseinua eman zion eskulturagilearen laguna zen Migel Irazusta arkitektoak eskaturik beharbada. Caenek dioenez, Salvador Carmonak Bergarako aldare nagusirako “berezkoa baino neurri handiagoko hamabi eskultura egin zituen”. Denetara hamabost dira, baina batzuk neurriz txikiagoak. Artelana 1742an egin zen.
Santa Marina martiriaren irudia, erdiko nitxoan azaltzen dena, zoragarria da eta berniniren plantarik ez zaio falta. Zaindariaren irudi inguruan, maila desberdinetan, beste irudi batzuk azaltzen dira:
- zutik, Abdon eta Senen martiri Santuen irudiak;
- Jeronimo eta Agustin Santuenak, eserita; baita lau Bertuteen alegiak diren beste batzuk ere.
Eliza bereko beste kapera batzuetarako Carmonak zenbait irudi zoragarri taillatu zuen:
- Arrosarioko Ama Birjina, irudi atsegina, handitasunez eta xamurtasunez betea, Mariaren izenekoetan eskulturagile honen ohikoa izan zen,
- San Joserena,
- San Migelena, berezkotasun eta mugikortasun-adierazpide harrigarria duena,
- eta batez ere, Santa Teresa aparta, ertilariaren jeinuaren ahaleginez lortutako maisulana. Bergarako multzoan bera da ederrena, Karmelo ordenako eliz guraso santari egin zaizkionetan ederrenetakoa. Gorpuzkerazkoa baino barruagoko bizitasun espirituala islatzen duen mugimendu diskretua, eutsiezinezko goiargitze mistikoaren indarra laburbiltzen duen edertasun harrigarria agertzen zaio aurpegian eta tailla oso finean, santaren soingainekoan ehunarekin lehiatzen dela dirudiena; eta bera den guztian rococo eta klasizismoaren laburbiltze txundigarri bat da.
Idiazabalgo San Migelen erretaula. Bergaran bere lan bikaina lantzen ari zen bitartean taillatua izango zuen Salvador Carmonak Idiazabalgo San Migelen estatua.53 Delako Idiazabalgo erretaularen diseinua bere gain hartua zuen Migel Irazustaren aholkua ontzat ematen zen, baina San Migel Carmonaren gubiaz egina izatea eskatzen zitzaion.
Segurako Jasokundearen erretaula. Aurrekoa bukatu orduko Segurako erretaulako imajinak eskatu zitzaizkion eta neurri naturaleko 42 estatua egin zituen. Lan itzel bat dugu hau, jaiotzez Segurarra eta Indietako Errege Kontseiluko kide zen Joan Martin Lardizabal Elortza izeneko mezenas baten diru-laguntzaz ordaindua zen, hain zuzen.
Migel Irazustak hemen ere jardun zuen, zeren eta, erretaularen mazoneria Diego Martinez Artze bere ikasleari eskatu baitzitzaion. Lanaren tratua 1743ko uztailean eginda, dena bukatuta –erretaula eta horrekin batera imajinak– 1747ko martxoan ekarri ziren.
Gipuzkoako multzo barrokorik guztizkoena da, zalantzarik gabe, Segurako erretaula, rococoaren efektu xarmangarriak bere goiengo gradura igotzen dituena. Beheragoko mailatan Pedro eta Paulo Santuen irudiak ganbaratxoaren alboetan. Baina goiko mailan, zerua lurrarekin lotu nahia garbi azaltzen da, Birjina Mariari bere heriotza igarotzetik zeruko aintzaraino jarraituz. Erdiko nitxoan, keinu eta jarrera desberdineko apostolu guztiek hilobi hutsa inguratzen dute; eta lurreko eszena horren gainean, goialderako mugimendu batean oskol galloiak betetzen dituzten hodeiak eta aingeruen hierarkia zalapartari bat askatzen dira Birjina zorabiatuari zerura laguntzeko Espiritu Santuaren eta Aitaren bedeinkapen-irudiaren azpian.
Kontua da, agian, Leongo katedral nagusiko erretaulan Tomé‑tarrek eraiki zuten antzeko multzo batean inspiratua izan zitekeela Carmona.54
Berrogeita hamargarren hamarkadan eskultura baliotsu sail bat iritsi zen Nafarroako zenbait parrokietara, antza denez, ertilari handi honek Nafarren San Fermin kofradia madrildarrarekin zuen loturaren bitartez egindako tratuaren ondorioz eta Gortean bizi ziren nafarren emariei esker.
Erriberriko Frantziskotarren elizak, janzteko zenbait irudiz aparte, baditu bi eskultura bikain ere:
- Asisko Frantziskorena, jarrera gogoetatsuan, gurutzea eskuetan duela, Pedro de Menak sortua izan zen ikono-mota bere eginez.
- Viterboko Santa Arrosarena, aurreko irudiarekin bikotea osatuz, haur hazpegiak eta kristalezko begiak dituela, berriro ere ertilariak naturaltasuna eta formetako edertasuna lotzeko duen gaitasuna erakutsiz.
Azpilkuetako eliza. Eliza honetarako egin zituen, Valladolideko Museoak daukanaren oso antzekoa eta alboko kapera batean gurtzen den Gurutze politaz gainera, gizon eta emakume santuen irudiak. Nafarroako bi zaindariak, San Frantzisko Xabier eta San Fermin, eta San Andres; hauetakoren bat datarekin eta sinatua dago (1752).
Besteak beste gailentzen dira:
- erretaula nagusikoa, hazpegi oso bitxi eta biziak dituen San Andres izenekoa.
- eta saihetseko kapera batean, Arrosarioko Ama Birjina, distira eta gozotasun keinu hori duena behin eta berriz azalduko da, Carmonak oso berea eta bakarra duen eta beti ezagutzen den Birjina sortuz.55
Salvador Carmonaren ukaezinezko Arrosarioko Ama Birjinaren eredua da eta molde berari leial zaiona aurkituko dugu:
- Arizkuneko San Joan Bataiatzailearen erretaula nagusian (1757), lehentasunezko kokamenean,
- Azpilkuetako alboko aldare batean,
- Lekarozko San Bartolome elizan,
- Doneztebeko San Lorentzorenean,
- Elizondoko Santiago elizan (izendatua),
- Erratzuko San Pedrorenean (izendatua),
- Ziortzako Santa Mariarenean (Bizkaia).
Lesakan San Martin elizako erretaula. Salvador Carmonaren eskultura sail bat duen zorioneko beste nafar hiribilduetako bat dugu hau. Lehen aipatutako Tomas Jauregi arkitektoak, Jose Zuaznabar (Ermukoa) eta Manuel Ariznabarreterekin (Tolosakoa) batera, 1751 eta 1754 artean eraiki zuen erretaula nagusi galanterako egin ziren.56 Erretaula horretan zutitzen diren hogeiren bat mukulu horietatik eta Carmonaren lantegiko jatorri ia ukaezina dutenak erretaulan erdiko tokiak betetzen dituzten Sortzez Garbiaren eta San Martinen bi multzoak dira:
- Sortzez Garbiarena gustu finekoa da eta, Gartzia Gaintzaren iritziz, “Salvador Carmonaren eskulturarik onentzat eta alaitasun irribarretsuaren eta dotorezia rococoaren adierazle ontzat har daiteke”.57
- San Martinen taldea, elizaren izenekoa denez erdiko horma-hobi batean kokatua dago, baina oso goian, gotzain intsignia eta guzti agertzen zaigu, hazpegirik adierazkorrenak aurpegian nabarian jartzen saiaturik.
Beste hainbat lan. Nafarroako beste leku batzuetan ere badira Salvador Carmonaren lantegian eginikoak jotzen diren eskulturak:
- Sesman (Arrosarioko Ama Birjina, San Rafael eta Asisko San Frantzisko),
- Faltzesen (lehenago aipatu dugun Sortzez Garbia, San Joakin eta Santa Ana),
- Goizuetan eta abar.
Euskal Probintzietan ikus daitezkeen Valladolideko maisu handiaren lanik berandukoenak Loiolako Santutegirako eskatu zitzaizkion hiru eskulturak dira. Bere bizitzako azkenekoen artean ere sar daitezke, 1763 eta 1764an eginak izan baitziren:
- Josulagunen aldetik oso bultzatua izan zen 1726an santu aitortutako –San Estanislao Kostkakoa eta San Luis Gonzagakoa‑ bi gazteen estatuak, zeinaren aldeko jaiera gazte kristauen artean eta elizako aldareetarako izendatuak ziren arren, Ikastetxeko ezkerretako hegalean eskailburua dotoretzen bukatu dute.
- Zaindaritzako Birjinaren estatua, basilikako aldare baten buru dena. Badira garrantzizko dokumentu batzuk Salvador Carmonaren egiletasuna ziurtatzeari buruzkoak, bere bizitzako azken urteetan murgildurik zegoen depresio eta malenkonia egoera gaindituz egin zituenei buruzkoak.58 Ertilari honek igaro zuen makalaldi arimikoaren lekuko izan ordez, bere jeinu izaeraren heldutasuna agertutzen duen eskultura da, Birjinaren irudiari edertasun eta bake betetasun miresgarri bat erantsiz. Ondoren Arrosarioko Ama Birjinaren eredua etorri zen, Errege makilaren ordez arrosarioa harturik.
Juan Pascual de Mena: Bere euskal lana
[aldatu]Carmona baino zazpi urte gazteagoa zen eskulturagile handi hau (1707‑1784), Toledoko Sagra herrian jaio zen eta bere prestakuntzaz ziurki ezer ez dakigun arren, Gortean sona handikoa egin zen Nafarren San Fermin elizarako egin zuen Zaindaritzako Birjinaren estatuarekin (1746).
Bilbo hiribilduak eskulturagilearen zerbitzuak alokatu zituen 1754 otsailean San Nikolas elizako imajinak taillatzeko; eta honek hiribildu honetara familia eta lantegia berekin zituela etortzeko erantzukizuna hartu zuen. Menaren prestakuntza Madrilen sortu berria zen akademiaren inguruan egina zenaren susmoa izatekoa da, laster bertako Eskulturako Maisu Zuzendari izendatua izan baitzen. Aipatu Erakundearen fundatzailea zen Juan Antonio Olivieri eskulturagile italiarraren inguruan mugitzen zenez, oso litekeena da, bere estiloaren prestakuntza italiar klasizismoaren ertilariek eragindakoa izatea.
Sarritan Salvador Carmonak eginak direla esan arren, Pascual de Mena ertilari emankor honenak diren lanak, anatomietan, jantzi luze ederren tolesturetan eta jarrera eta mugimenduetan duten naturaltasunagatik, eta, batez ere, emakumezkoen eta haurren irudien egitura eder zoragarriengatik eta beti bere modelatuaren ezaugarria den rococo “morbidezza” esaten zaion horrengatik ezagutzen dira.
San Nikolas Barikoa eliza. Bilbo. Pascual de Menak San Nikolas bilbotar elizako bost aldareetarako taillatzeko erantzukizuna hartu zuen 17 aletako eskultura saila da “Juan Pascual de Menaren eskultura multzorik interesgarriena”.59 Erretaulak urreztatu gabe eta polikromiaz jantzi gabe utzi ziren, intxaurrondo-zuraren margo ilunean.
Sail honetan deigarriak dira:
- batez ere Karitateko Ama Birjina, jarraian aipatuko dugun bi irudi santuen multzoari ematen dion batasun trinkoak sortzen duen harriduragatik:
- Santa Apolonia,
- Santa Barbara.
Oso bikainak dira:
- San Lazarorena,
- San Nikolas Barikoaren aldare nagusian buru den santuaren izenekoa.
San Anton eliza. Hiru irudi taillatu zituen Bilboko parrokia honetarako: San Antonio, San Roke eta San Sebastian. Haurrarekin dagoen San Antoniok oso ederki laburbiltzen ditu lehen aipatutako hazpegiak.
Goraipamenezko hitz berak esan daitezke bilbotar Arte Ederretako Museoak egun duen Ama Doloretakoaz.
Donostiako Santa Maria basilika. Camino Doktoreak dioenez,60 Donostiako Santa Maria elizako eskultura batzuk ere Pascual de Menari esker ditugu, hain zuzen ere Santa Katalinaren aldarekoa (edo “Kontsulatukoa”). Familia Santuari buruzkoa da, Birjinaren gurasoekin eta Jesus Haurra talde osoaren erdigunean dela. Hodei lehorren gainean atseden hartzen duten lagun santuek badute, halako bake adierazpen baten barruan, barroko keinu neurritsu bat eta batez ere argi dagoen halakoxe grazia rococoa. Horrelako talde ugariaren konposaketa, barrokoa baino neoklasikoagoa den simetria eskema baten inspirazio bidez lortua da.
Horma-hobiak betetzen dituzten hiru eskulturak Pascual de Menak eginikotzat hartu behar dira inolako zalantzarik gabe:
- Santa Katalina goienekoan,
- San Inazio Loiolako eta San Frantzisko Xabierkoa albokoetan.
Bertako eskulturagileak
[aldatu]Nafarroa eta Araba
[aldatu]Idatzi dugun bezala, haizeak ez zuen kalitate oneko irudigintza baten alde jotzen, XVII. mendearen azken urteetan. Alde batetik, egia da erretauletako imajinagintza pintura-oihalez osatzen dela, estatua-mukuluz baino gehiago; bestalde herri fededunaren artean, tailla churriguereskoak zirikatze liluragarriagoa eragingo zuen apainketa zorabiagarri batekin, arte mailako balioa zuten eskulturarekin baino. Samaniegoko erretaula nagusi zamatuegiari buruz P.L. Etxeberria Goñik arrazoi osoz idatzi du, honako hau askoren artean “eskulturaren galeran, arkitektura nahiago izatearen adibide bat gehiago dela”.61 Nafarroari dagokionez, guztiz eskulturazko balioari eta benetako arte sormenezkoa denari jaramonik ez badiogu egiten, zilegi da, aldi honetan honako hauen herentzia bereganatu zuten erriberako zenbait lantegik iritsi zuen sona txalotzea, hala nola Tuteran Gurreatarrena, San Juantarrena, Domingueztarrena, Biniestarrena eta Cascanten Serranotarren.62
Joan Peraltakoa. Baina, une horretan ertilari bilatuenen sona –adibidez, Joan Peraltakoarena– ez zegoen eskultura solte baliotsu bati hain lotuta, ez behintzat, besteak beste, Iruñeko Lekaime Errekoletoen erretaulakoa izan behar zuenaren modura, nahiz Iruñea, Naiara edo Calahorra eta hiri garrantzizkoagoetan, nafar Erriberako elizetako erretaula churrigueresko eta rococoetan polikromiazko igeltsuen bitartez eginiko apainketa lan oparoari bezainbat.
Del Rio senideak. Gauza bera esan daiteke, Del Rio anaiez bezala, hurrengo belaunaldiko mihiztatzaile batzuei buruz ere, beren jardueraren barruan jarri behar baitira, ez hainbat dokumentu onetako eskultura baliotsuak, baizik rococo apainketak dituztenak, esaterako, Tuterako San Jurgi parrokian eraikiak (1749).
Frantzisko Jimenez. Viana eta Cabredoko lantegi ospetsu eta zaharrak ez ziren mende berriaren argitan desagertu. Eta Frantzisko Jimenezek, bere aita Diego Jimenez Gaztearena, ez bere aitona Joan Bazkardoren izen ona ezin izan bazuen berpiztu ere, hala ere, gorde zuen behar adinako sona bi menderen abagunean ezagunenak ziren arkitektoen ondoan esku hartzera dei ziezaioten. Horrela, estimatzeko lanik burutu zuen ekialdeko Lautadan eta Arabako Errioxan.
Manuel Izquierdo. Garai honetakoa den Manuel Izquierdo arabarrak ere mereziko luke aipamen berezirik, bere Gasteizko lantegitik atera baitziren XVIII. mendearen lehen hamarkadan, Gasteizko San Bizente parrokiako erretaula nagusirako irudi eta erliebeak.
Gipuzkoa
[aldatu]Probintzia honetan ere badirudi XVIII.aren erdira iritsi zain egon behar zela, Salvador Carmona, Pascual de Mena eta beste kanpoko eskulturagileen lanen eragina izan zitekeenaren bidez, kontuan hartzea merezi duten euskal izenak sortzeko: Felipe Arizmendi, Frantzisko Azurmendi eta Mendizabaltarrak.
Felipe Arizmendi (1725). Donostiar ertilarira izan zen Felipe, estimazio handiko imajinagilea, dokumentu askotan azaltzen denez. Berea, barroko klasizista moduko lana da.
Berea da, Zendoiaren iritzian, Olaberrian elizako erretaula nagusiaren buru den San Joan Bataiatzailearen irudia, inolako zalantzarik gabe, erretaula egin aurretik ere bazena.
Santa Maria elizan (1710‑1713), Donostian ere lan egina da Arizmendi, Pio V.aren aldareko San Joseren irudi polita bere eskuz egina baita. Bakardade deritzan aldarearen azpian dagoen etzaniko Kristo eta gaur egun basilika horren atzealdean gurtzen den Ecce‑Homoa ere bereak dira.
Ceán Bermudezek bere Hiztegian, eta Viñaza Kondeak bere Eranskinetan ertilari honenak diren eskultura batzuk ematen dituzte, ohar frogarri eta guzti:
Donostiako Santa Marian;
- San Pedro Apostoluarena, Kontsulatukoa deritzon aldarean,
- Arimen dominak, San Bizente parrokian.
Pasai Donibanen, aldare nagusiko irudi batzuk:
- San Joan Bataiatzailea, erdiko nitxoan buru dena,
- eta saihetsetan, San Pedro eta San Paulo, oraindik ere beren tokiak eder azalduz.
Inola ere, Pasai Donibanetik ekarritakoa da Pasai San Pedro herrian gordetzen den San Joseren irudia, zeinaren egilea guztiz frogatua baita, ertilariak berak ideia bikaina izan zuenez, hau da, oinazpiko aingerutxo baten tailla txokoan, hiru mende igaro arren irakur daitekeen txartel bat uztekoa: “Felipe de Arizmendi me izo y mando acer el...sr... ...Agustin Diez... En San Juan a 11 de julio de 1696”.
Ceán Bermudez eta Viñaza Kondeak Arizmendi beste zenbait aleren egiletzat ere hartzen dute:
- Soraluzen, Jesus Nazaretarrarena,
- Tolosan (1722), San Inazio Loiolakoren irudi batena eta, zalantzarik gabe 1781eko parrokiako sutean desagertu ziren Nekaldiko pauso batzuena.
- Bilboko katedralean Sortzez Garbiaren eta Santa Barbararen estatuak bereak direla esan ohi da.
Frantzisko Azurmendi. Erretaula diseinatzaile eta mihiztatzailea zen. Eskulturak egiten ere jarduten zuen noizbehinka. Rococoa modan jartzen ari den garaian sartu zen horretan. Donostiako Santa Mariaren basilikako erretaulak. Estiloa da Donostiako Santa Maria basilikan alboetako erretaulak bereizten dituena:
- San Pedrorena, arrantzaleen kofradiak ordaindu zuena,
- Familia Santuarena,
- baita eliza beraren presbiterioko oskola apaintzen duten aingeruetan ere.
Andoaingo San Martingo erretaulak. Azurmendi berriro ere, lehen esan dugun bezala, San Pedrori eta Familia Santuari eskainitako alboko erretauletan forma berdinetara itzuli zen, eta Manuel Lekuonaren iritziz, Donostiakoen berdin‑berdinak dira. Eliza horretako oskolaren errematea agindu zitzaion Azurmendiri 1765ean, gangak amaitzeko puntan zeudela; eta berehalaxe bere bizkar hartu zuen alboetako batzuen ardura, baina aurreko orrialdeetan esan bezala, Santiago Marsili izan zen zegozkien irudiak taillatu zituena.
Arkitekto mihiztatzaile honen azken lanetan, nabarian dagoen ibilbide estilistikoari buruz ari delarik, hauxe da Zendoiaren iritzia, “bere lan ugariak lekuko hartuta, litekeena da Azurmendi Neoklasikoaren maisurik garrantzizkoena izatea, bere ekoizpena Rococoaren azken aldean hasia bada ere”.
Mendizabaltarrak. Eibarko familia leinu batekoak dira, Zorrozua eta Zendoia historialariek orain berriki dokumentatu dituztenak.63 Familia horretan gehien axola zaizkigunak, Aulestiko sagrarioa baizik ezagutzen ez diogun Hilario Mendizabal baino gehiago, Joan Bautista Mendizabal I.a, eta honen seme Joan Bautista II.a dira, zeinaren lanak joera neoklasikoaren barruan kokatu beharko liratekeen.
Joan Bautista Mendizabal I.a. Eskulturagile honi buruz dakiguna da hauxe: oso joria izan zela. Idiazabal, Astigarreta, Zumarraga, Lekeitio, Lesaka eta abarretako irudiak egiteko hitzarmenak egina zen.64
Mendizabal ez zen jeinua zuen eskulturagilea inola ere, baina berari bizitzea egokitu zitzaion artearen erdi‑basamortu lehorra gogoan hartuz, benetako estimazioa merezi du historialariaren aldetik. Eskulturagile barrokoa da; eta bere Zumarragako lanaren data begiratu ondoren, uste izatekoa litzateke bere barrokotasun soila, neoklasizismoa aldera irekitzear dagoen sentikortasun rococoa iradokitzen duela; egia esatekotan, alderantziz baita, bere eskulturen azterketa batek azken barrokoari etekina ateratzeko eta dinamismo plastikoa bere azken ondorioetara eramateko ezintasuna salatzen duenean.
Idiazabalgo San Migelen erretaulak. Erretaula lana, Idiazabalgo San Migel parrokian alboetako erretauletatik hasi zen. Jose Antonio Iparragirre maisuarekin 1734‑36etan egindako hitzarmenak dira: bata Familia Sagaratuari eskainia da eta bestea San Inazio Loiolakoari.
Ez da dokumentuetan azaltzen imajinagilearen izenik; baina, San Inazioren irudia bederen, kalitate handikoa dela esan dezakegu, Fundatzaile santuaren itxura bitxi bat erakutsiz, oraindik barrokismo oso soila eta anatomiako zatietan xehetasunezko modelatua egoki dituela: santuaren aurpegian eta eskuetan eta liburuari eusten dion aingeru biluzean.
Urte batzuk beranduago (1742) Migel Irazustak Madrildik bidalitako diseinuari jarraikiz, Iparragirrek bere gain hartu zuen erretaula nagusia burutzeko erantzukizuna; eta imajinagintzarako Joan Bautista Mendizabal hartu zuenhitzarmen bidez. Irazustak egitasmoan erdiko nitxoko San Migelentzat bereziki ikasia zen esku bat eskatzen zuen –eta litekeena da horretarako Salvador Carmonaren esku-hartzea lortu izana azkenean–; bi aldeetara gaur egun Lorentzo eta Bizente martiri santuen irudiak ikus ditzakegu; zutabe artetan Apostoluen Printzeen irudi politak zutitzen dira; atikoan Kalbarioa.
Emaitza kalitate bikainekoa da, Mendizabalek eginikoetan, hoberenetakoa, agian. Anatomia modelatuaren egokitasunak, ia irudi guztien jarrera dinamikoak, era askotariko mantuen tolesturen aireratzeak eta aurpegietako halakoxe adierazkortasun indarrak, multzo hau gipuzkoar gubietatik sortu den eskultura barrokorik helduenaren adierazgarririk duinenen artean jartzen dute. Astigarretako San Pedroren erretaula. Joan Bautista Mendizabalekin egin zen 1745ean Astigarretako San Pedroren erretaula nagusiko irudien tratua. Ertilariak Apostoluen Printzea gotzain jantziez adierazi zuen, bere mitra zorrotza eta artzain‑makila luzearekin, aurpegi duin bizarduna, begi hondoratuak eta jarrera zurrunarekin.
Alboko nitxoetako bi irudiak, San Joan Bataiatzailearena eta San Inaziorena barrokoagoak dira, plastikoki egoki baino kontrapostoz behartuxeago.65
Zumarragako Santa Mariako erretaula. Tomas Jauregi arkitektoarekin egin zen 1756ko abenduaren 3an Zumarragako Santa Mariako erretaula nagusiaren tratua, eta arkitekto honek egun berean, Joan Bautista Mendizabal eskulturagilearekin hitzarmen bat sinatu zuen, honako honek erretaulako irudiak lehenengoaren diseinuaren arabera egiteko erantzukizuna hartuz. Erabakitako prezioa 52.000 errealetakoa zela eta urtean 4.000koz ordainduko zitzaiela jakitea interesgarria da, eta bi ertilariek beren artean erabaki zutela 52.000 horietatik, 15.000 eskulturagileari zegozkiola, eta gainerako 37.000k, arkitekto-maisuarentzat geldituko zirela.
San Inazio, oso dotoretuak diren apaiz kasulaz eta albaz jantzita azaltzen da laino baten gainean. Loiolako santuaren delako hazpegien arabera, hots, erdi-burusoila eta bizar motza duela, bere ezkerreko eskuan AMDG hizkiak dituen Inazioren Araudiaren liburu irekiari helduta eta eskuinekoaz berau erakutsiz, asmatu dezakegu Loiolako Santutegirako Frantzisko Bergarak modelaturiko zilarrezko estatua famatuan duela sorburua.66 Dakigun gauza da Loiolako estatuatik desagertu egin zela Santuaren oinetan aingeru batek eusten zuen IHS anagrama distiratsua, Zumarragakoak duenaren antzekoa baitzen, baina kontrako aldean jarrita.
San Inazio aurrez aurre jarritako Neri‑ko San Feliperen estatuak duintasunez eusten dio berarekin duen paralelotasunari. Zakarragoak dirudite beste irudiek: San Joakin eta Santa Ana, San Pedro eta San Paulo Apostoluek, eta lau ebanjelariek.67 Frantzisko Iberori eskatu zitzaion 1769an eskulturei buruzko epaia. Hauxe izan zen bere iritzia “San Inazioren eta San Felipe Nerikoaren estatuak ez direla bakoitzari dagokion nitxoaren neurrikoak eta, hortaz, oinazpikoen gainean zutitu behar direla, jantzita dituzten birretak kendu eta horien ordez argi‑koroak eman behar zaizkiela”. Jasokundearen estatuari ere antzeko oharrak egin zizkion, izarrezko koroa txikiagotu zedila kontseilu emanaz. Gainerako tailla guztia “artez eraikia dagoela” iruditu zitzaion. Joan Bautista Mendizabalek bere adostasuna adierazi zuen eta ondorioz delako proportziorik ezak konponduko zituela agindu zuen.68
Aizarnako Jasokundeko erretaulak. Eibarko ertilariaren Aizarnako lanaren aipamena egina dugu dagoeneko. Parrokiako alboetako erretauletan, Kantabriako Lucas de Caminok muntatu eta agian Frantzisko Iberok 1746an diseinaturiko beren lau nitxoetan beste hainbat irudi kokatu ziren. Mendizabalek landuak izan ziren 1758an:
Erdiko nitxoan, Arrosarioko Andre Maria, saihetsetako horma-hobi sendoetan San Domingo eta Santa Teresa dituela. Goieneko nitxoan dago Santa Ana.
Beste saihetsekoan:
- San Inaziok betetzen du erdigunea,
- bi Antonio Santuak albokoak, eta
- San Sebastian martiriak goieneko nitxoa okupatzen du.69
Lagundiaren Fundatzailearen irudiak, ertilariak berak Zumarragarako egin zuenaren berdina dirudi. Biek dute barrokoaren mugimendua ezaugarri eta dagoeneko esan dugun bezala, Loiolan zilarrezko irudi ezaguna jarritako urte hartatik aurrera landuak daude. Argi eta garbi dago eibartarraren eskulturei guztiz falta zaiela Frantzisko Bergara valentziarraren eskulturetan liluratzen gaituen malgutasun naturala eta rococoaren grazia.
Errezilgo San Martinen erretaulak. Errezilgo (Gipuzkoa) parrokiako alboetakoen imajinak –Sortzez Garbiarena eta Arrosarioko Amarena– bukatutzat emanda gelditu ziren 1765 eta 1768 bitartean, Tomas Jauregi arkitekto ezaguna mazoneriaz arduratu ondoren. Joan Bautista Mendizabalekin egindako ikonografiaren eskaria dokumentatua dago, baina ez da ziurtasunez agertzen egilea bera izan zenik, batez ere, estatua ugari dituen bi multzo baitira (hamabiren bat mukulu).70 Dena den, gauza bat nabarmentzen da, jeinu bat izan ez bazen ere, une horretan jantziena zela bertako imajinagileen artean. Bi erretauletako irudiak kalitate onekoak dira, Sortzez Garbiaren erretaulan buru dena bereziki, dinamismo barroko alderako hastapen-joera bat rococoaren graziaz geldiaraziz; nahiz eta, gehiegizko polikromiak, aurpegietakoak batez ere, modelatuaren edertasun plastikoak merezi duen arreta galarazi.
Antonio Migel Jauregi. Tomas Jauregi arkitektoaren semea zen Antonio.
Gabiriako Santa Mariako erretaula. Tomas Jauregik 1766an egin zuen Gabiriako Santa Marian erretaula nagusiaren tratua, baina ezin amaitu izan zuen, 1769an hil baitzen. Antonio Migel eskulturagilea zen eta bere aitaren lanak amaitzea bere gain hartu zuen, bost irudi nagusiren tailla barruan zela: Jasokundea –“sei oineko garaierarekin, bere tronu eta serafinekin, bi mutiko lagun dituela”–, Pedro, Paulo, Mikel eta Lorentzo Santuen mukulu txikiagoak gainera.
Tomas Jauregi arkitektoarekin hitzartu zen egitasmoari dagokionez, Gabirian egin zena oso bestelakoa eta erraztu samarra da. Aurreikusitako salomondar zutabeak ez dira agertzen, eta arkitekturaren rococo estiloak neoklasikorantz egin zuen, nabarmenki erraztuz. Eta, guztien gainetik imajinak bestelakoak dira: eta buru den irudia, Mariaren Jasokundearena, bistan dago barrokoa dela eta besteak baino onargarriagoa bada ere, bere bolumenetan modelatu kaskarrekoa eta batasun plastikorik gabea da.
Zegamako San Martinen erretaula. Zegaman 1769 eta 1772 bitartean, San Martin elizako bi saihetsetan, Arrosarioko Ama Birjinari eta Arima Bedeinkatuei eskainitako bi erretauletako ikonografian barrokotasun bera eta gabezia berdinak sumatzen dira.71
Bizkaia
[aldatu]Barrokoaren azken aldi horretako eskultura lanei buruz gaur egun lortu daitezkeen dokumentuetako ohar guztiak ezagutu ahal izateko, ezinbestekoa da berriro Julen Zorrozuak gai honi eskaini dion azterketara jotzea, nahiz eta, salbuespen gisa zenbait alditan ohartarazi dugun, kasu askotan ezin bereiz daitekeela norainokoa den diseinatzaile eta arkitektoaren lana eta non hasten den benetako imajinagilearena. Imajinagile gisa nolabaiteko izen ona duten euskal eskulturagile ziurtagarrien izenetan jarriko dugu beraz, muga.
Joan Munar. Elorrion jaio zen eskulturagilea dugu.
Atxondoko Arrosarioko Andre Mariaren erretaula. Joan Munarrek Arrosarioko Andre Mariaren erretaulan buruan denaren mukulua egin zuen. Domingo Zumalde oñatiarrari San Joakin eta Birjina Haurraren irudiak agindu zitzaizkion (1742‑44).
Mundakako Santa Mariaren erretaula. Munarri 1754‑58an ordaindu zitzaizkion Mundakako Santa Mariako erretaula nagusiko bi mukuluak.
Elorrioko Sortzez Garbiaren erretaula. Urte horietan bertan, Munarrek, Juan Antonio Hontañon kantabriarra lankide zuela, bere gain hartu zituen Elorrioko Sortzez Garbiaren erretaulako eskultura rococoak, eta 1761‑63 urte bitartean San Migelen eta San Gabrielen irudiak.
Zornotzako erretaula 1761).
Gero irudi hauek egiten jardun zuen:
- Arrosarioko Ama Birjina,
- San Antonio Paduakoa,
- San Antonio Abadea.
Foruko San Martinen erretaula. Bi urte beranduago ordaindu zitzaizkion Munarri Foruko San Martinen erretaula Nagusiko mukuluak (1763).
Jeronimo Argos. Oroitzapen garbi bat merezi duen beste bertako ertilari bat Jeronimo Argos da; Bilbon bizi zen.
Gernikako Santa Mariako erretaula. Eta 1775ean Gernikako Santa Mariako aldare nagusiko zenbait irudirengatik jaso zuen ordainsaria. Erretaula desagertua bada ere, erretaula horretakoak ziren eskultura batzuk mantendu dira:
- parrokian bertan,
- Muxikakoan,
- Elizbarrutiko Museoan,
- eta oso litekeena da berari zor zaizkionak izatea aipatu dugun Zornotzako Santa Mariako erretaula rococoko eskulturak.
Urdulizko Arrosarioko Andre Mariaren erretaula. Jeronimo Argosek egina da erretaularen erdiguneko Arrosarioko Andre Maria, Santa Ana eta Birjina Haurraren irudiak lagun dituela, (c. 1775).
Baskonia kontinentaleko erretaulak
[aldatu]Baskonia kontinentaleko eskulturagile barrokoei buruzkoetan laburrak izan beharra daukagu, urriak baitira dokumentuak. Beste alde batetik, 1789ko erreboluzioko bandalismotik salbu gelditu ziren apurrak –egitura arkitektonikoetan nahiz eskultura eta margolanetan– oso erretaula apal batzuk baino ez dira Euskal Herriko hegoaldekoekin alderatuz gero.
Hauen artetik, neurrien apaltasuna eta santutegien nagusitasuna bereizten ditu; agian honen azalpena izan daiteke Baionako gotzainek protestanteen aurrean “Erregeren Bertakotasun” dogma eta Erreserba santuarekiko jaiera bultzatu eta defenditzearren jarri zuten berotasuna. Ipar Pirinioetako barrokoaren historialariek egokiro azpimarratu dute Euskal Elizak eukaristiaren gurtzari, eta zehatzago esanda, sagrarioen apainketari eman zioten garrantzia eta geldiro ikertu dute. 72
Bat izan ala bestea izan, Baionako ia eliza guztiak beren apainketa barrokoa galdua dute, eta berari buruz esan daitekeen pixka dokumentu idatzietan azaltzen den horretan oinarritzen da.
Lapurdin berriz, barrualdeko elizatan bada oraindik garai horretako erretaula xumeren bat duenik.
Ainhoako erretaula. Ainhoako erretaula oraindik klasikoa da. Honek, bi solairuetan, eskualde horretan sarritan ematen diren irudiak ditu:
- lehenengo mailan, San Pedro eta San Paulo, San Joan Bataiatzailea eta San Martin;
- bigarrenean, Birjinaren Jasokundearen alboetan San Blas eta Santa Katalina Alexandriakoaren irudiak.
Donibane Lohitzuneko San Joan Bataiatzailearen erretaula. Eskualdeko erretaularik aberats eta galantena Donibane Lohitzunekoa da. Frontoi hiruki txiki batez errematatzen diren hiru gorputz eta hiru kale ditu, gainean bi aingeru etzanak dituela:
- Betiereko Aitaren irudia mendean duela;
- bere hegalak zabaltzen dituen pelikano bat beraren azpian;
- Pedro eta Paulo apostoluak lehen solairuko horma-hobietan.
Martin Bidatxeren lantegiko lanak dira:
Itsasuko San Fruktuosoren erretaula. Beste erretaula oso eder bat bada Itsasuko San Fruktuoso elizan, barrokoan ohikoa denez ikonografia eta apainketa oso joria duena.73 Bernard Dartigacave‑ren lantegian egindakotzat jotzen da.
Senpereko San Pedroren erretaula. Bere multzoagatik bisitaria gehien hunkitzen eta elizaren burualdeko frontoi osoa estaltzen duena Senpereko San Pedroren erretaula da. Hobeto esateko, hiru dira erretaulak, zeren eta, absideko aurrealde oktogonala estaltzen duen nagusiaz gainera, badaude eliztarren aurrez aurre alboetako hormak guztiz estaltzen dituzten beste bi erretaula ere, bikiak hain zuzen.
Hiru erretaulok badituzte erliebedun bankua, hiru kaleetako bi gorputz eta atikoa. Irudien horma-hobiak erdi-puntuko arkuak dituzte behereneko solairuan, eta burudunak dira goienekoak.
Badaude San Pedro eta Eliz Guraso Santuen irudiak, nahikoa kalitatezkoak. Bankuko erliebeetan barroko soileko zenbait eszena gailentzen dira, ongi samar osatuak daude; Hilobiratze Santua eta Pilatoren Ikuzketa, esate baterako.
Sorburuko tabernakulua erreboluzioko txikizioan desagertu zen, eta XVII. mendeko sagrario bat jarri zen beraren ordez, Aita Kaputxinoen kapera batetik ekarritakoa: hemen agertzen dira San Pedro eta Eliz Gurasoen erliebeak, eta santu bizardunek –santu Kaputxinoak zalantzarik gabe– egindako mirarien zenbait eszena.74
Bernard Dartigacave. Lapurdiko lurralde horretan duela gutxi dokumentatu den beste ertilari bat Biarnoko Santa Koloman jaio zen Bernard Dartigacave dugu, eskulturagilea eta erretaula-urreztatzailea. Lanean, familiako lantegian aritua zen, abizen bereko beste bi ertilariren berri bai baitugu: Oloroen bizi izan zen Joan Bautista, eta Etienne emakume euskaldun batekin ezkondua eta Mendiondon (Lapurdin) bizitu zen. Honen espezialitatea erretaulak urreztatzea zen. Oloroeko Gurutze Santuaren erretaula, oso‑osorik gorde dena, 1706an landu ondoren Bernard Dartigacaveri Euskal Herrian lan egiteko tratua egin zitzaion. Kanbon kokatu zuen bere lantegia eta hantxe hil zen 1722ko ekainaren 20an.
Bereak ditu Oregeko elizan erdiko erretaula eta bi alboetakoak –benetako erretaulak baino gehiago ohol soilak– Bidaxuneko kanonikoen hamarrenen kontura kobratu zituelarik.
Bere alargunari eginiko ordainagiri batzuen bitartez ikusten da zehazten ez diren lanen batzuk egin zituela Luhuson.
Eskulturako emaitzak, Bernard Dartigacaveren lanak, langintza ongi ezagutzen duen norbait adierazten badu ere, ez du Espainia aldeko barrokoaren ezaugarri diren bizitasun eta malgutasun ezaugarririk. Estiloan bat datozelako, aipatuko ditugun lanetatik kanpo, oso litekeena da bere eskua beronen bizilekua zen Kanbotik gertuan dauden Arrauten, Masparrauten, Gabat‑en eta abarretan ikusi behar izatea.
Oloroeko Gurutze Santuaren erretaula. Oloroeko Gurutze Santuaren erretaularen moda hau, “espainiar barrokoaren” adibidetzat jartzen duten historialari frantsesen ustez, Luis XIV.aren emazte Austriako Ana espainiarrak sartua izan zen. Oso aldatua eta hondatua gelditu zen Gurutze Santuaren erretaula hau transeptuan kokatzeko askatu zenean.
Erretaula hau, salomondar zutabez berezitako bi solairu eta hiru kale dituena da, churrigueresko apaingarriak dituela; beranduago zati batzuetan urreztatu eta polikromiaz jantzi zen. Beronen Kalbarioko irudiak gorde dira, orain erdiko kaxan –garai bateko ekisainduari zegokionean– daudenak eta lau santuren irudiak: San Pedro eta San Paulo lehen solairuan, eta bi Joan Santuenak bigarrenean.
Antzeko egitura duena da Oregeko erretaula, desberdintasun batekin, hemen erdiko nitxoa Kristoren bataioa adierazten duen margo‑oihal batek betetzen duela, eta data edukitzeaz gainera sinaturik azaltzen da: “Heguy d´Oregue anno 1712”. Sinadura bera dute San Domingo lagun duela, Santa Katalina Alexandriakoa eta Ama Birjina Arrosariokoa irudikaturik azaltzen diren alboetako erretaulatxo biek.
Joseph de Courrèges. Bernard Dartigacave‑ren garaikidea zen eta, hura bezala, Biarnoko Santa Kolomako auzoan jaioa zen Joseph Courrèges.75
Aiherrako elizan San Bartolomeren erretaula egin eta eraikitzeagatik 350 libera jaso zituen 1729ko urtarrilean. Desagertu egin zen aipatu dugun erretaula hau, eta gaur egungoan –mahats sarezko salomondar zutabeak dituen churrigueresko mazoneriaz– Jesusen aurrean belauniko dagoen San Pedroren margolan bat agertzen da erdian.
Era berean XVIII. mendeko bigarren erdiko Euskal lurraldeko eskulturagile eta margolariei buruzko dokumenturen batzuk azaltzen ari dira; esate baterako, dokumentuetan azaltzen da Lamarreko Michel‑Barthélemy izeneko bat, Arbonako elizan lan egin zuena; baina ia ez dira ezagutzen zehaz eta ziur bereak diren lanak.
XVIII. mendeko margolanak
[aldatu]Astoko margolanen gainbehera aurrera zihoan XVIII. mendean, ia euskal lurralde osoan; eta pintzelezko lanbidea hartzen zutenek mazoneriako zuraren polikromia-lanetan eta erretauletako imajinagintzan murgildurik jardun zuten.
Antonio Gonzalez Ruiz. Nafarroan corellarra zen Antonio Gonzalez Ruiz margolaria gailenduko litzateke, Madrilen prestakuntza egin eta sona irabazi zuena; horrez gainera, San Fernando Errege Akademiaren fundazioan lagundu zuen corellarrak. Bere jaioterrian utzi zituen zenbait margolan. “Maiestatearen margolaria izan zen”. Neoklasikotzat har daiteke bere lanen batzuengatik.
Goienetxea. Goienetxea nafar ertilaria margolan batzuen egiletzat jotzen da, Donostiako Santa Maria elizako erretaula nagusia edertzen duten lau santa hauei eskainitakoena: Santa Maria Madalena, Santa Urtsula, Santa Dorotea eta Santa Marta. Baina, badirudi ertilari arabar Jose Lopez Torrerenak direla uste izateko arrazoi gehiago daudela. Nolanahi ere lan kaskar samarrak dira.
Luis Boccia. Bere marrazki eta polikromian duen indarragatik bitxiago eta baliotsuagoa da aipatu dugun Donostiako Santa Maria elizako erretaulan erdiko margolana, San Sebastianen martiritza irudikatzen duena eta Luiz Bocciaren (1819) pintzelari esker egin zena.
Urregintza
[aldatu]Berriro ere, kapitulu honetan, lan honi hedaduran mugak ezarri beharrak eraginda, alde batera utzi beharrean gara beste maila bateko zenbait arte xehe, hala nola: zur eta burdin arotz-lanak. Gauza jakina baita Euskal Herriak teknika horietan mendeetako tradizioa izan duela: kutxak, mahaiak, oheak, idazmahaiak, uztarriak, eta abar. Hala lotuko gatzaizkio urregintzari, gurtza liturgiakoaren zerbitzuan aritu zenari, orokorrean, gorde direnetan, gaur egun ugaritasun handiena horretan azaltzen baita. Zilargintzaren alorrean, liturgiakoan batez ere, barrokoa distira handiko aldia izan zen. Platereskoaren urteetan zilargintzak egin zuen aurrerakada gehituz joan zen XVI. mendaren bigarren erdian zehar; Amerika hispaniarrean landutako aleak inportatzeak ekarri zuen artelan hauek gorakada, hala kalitatez nola kantitatez.
Ikerketa berrienen arabera, argitara azaltzen ari zaizkigu delako herrietan bereziki eraginkorrak izan ziren zilarginen eta lantegien izenak.76 Antzinako gremioen antolaketak eraldatze handi bat bizitu zuen. Ikastetxe deitzera etorri ziren gremioak, eta zilarginen jarduerak elkartu eta antolatuko zituen lege-araudietara makurtu behar izan zuten, praktikotasuna xedetzat hartuta. Faltsifikazioak eragozteko, artelanak hiru ikurrez markatzera behartuak ziren, egileari, lantegiaren lekuari eta estiloaren bermeari buruzko ikurrez. Arautze hau onuragarria izan zen, “erabilerako” artelanak zirela kontutan harturik. Gainera, Espainian meatzaritzak ezagutu zuen garapenak eta metal preziatuen ekoizpenetan eta industrian aberatsak ziren amerikar koloniekiko merkataritza-harremanak, metropoliko artisauen mesedetarako ziren.
Egitura estilistikoei dagokienez, XVII. eta XVIII. mendeetako liturgia zerbitzurako tresna guztiak artelan handiek erakusten duten gustu eta sentiberatasunezko garapenari dagozkionak dira. El Escorial garaiari dagokion egitura zorrotz eta garbietatik, luxua erabilgarritasuna baino gutxiago bilatzetik, apainketa eta forma naturalekiko gustu aldera eginez joan zen.
Garai horretan, orduko ziurtasunik ezak eta gerren ondorioz (Konbentziokoa eta napoleonikoa), eman ziren harrapaketa eta lapurretak zirela medio, galdu dena asko izanagatik, izugarria da Euskal Herriko lantegietan gordetzen den zilarreria. Eta mende batzuetako historia duten parrokiez esan daiteke apenas egongo den parrokiaren bat kristau fedea artean bizia zen garaian artelanen emariak egitea ondasun apalen jabe zirenen esku zegoen garaiko gauza baliosoak gordetzen ez duenik.
Gai honen harira, historialariaren harridura sortzen duen gertakarietako bat da Hispanoamerikar lantegietako markak gordetzen dituzten edo material eta estiloengatik jatorria nabarmen adierazten duten liturgiako ontzi pilak. Hainbat parrokiatan eta elizbarrutietako museotan gordetzen dira Mexiko, Peru eta Guatemalatik ekarritako ekisainduak, kalizak eta kopoiak. Badira Espainiako hirietatik ekarritako beste asko ere. Ezinezkoa zaigu deskribapenak egiten hastea eta zalantzarik gabeko arte balioa duten aleak banan‑banan aipatzea. Espezialistek ikerketak egin eta garrantzizkotzat dituzten batzuen aipamena egingo dugu.
Nafarroan. Iruñeko, Lizarrako, Zangozako eta Tuterako lantegien jarduera hauetan azaltzen da dokumentaturik; ale bikaintzat hartzen dira ekisainduak:
- Tuterako katedralekoa,
- Balterrakoa, Madrilgo jatorria duena;
- Corellako Encarnación Museoan gorderik dena bereziki baliotsua da. XVII. mendearen bigarren erdiko maisulana,
- Zentronikoko San Joan elizako ekisaindua, estiloz geroagokoa, rococo gustukoa, baina kalitate handikoa.
Gipuzkoan. Probintziako herrietako jatorria duten alerik hoberenak elizbarrutiko Museoan bilatu behar dira.
- Bada Alegiatik ekarritako ekisaindu bat, XVIII. mendekoa, eguzkia inguratzen duen koroan urrezko hariz eginiko apainketa-lan aberatsa eta eskulekuko edergarrietan kurba eta kontra kurba joko ugari dituena.
- Artelan bereziko kopoia da eta emaileak sinatua: “Soreasuko San Sebastianen zerbitzari eta kaperaua zen Larraizar 1699an”. Zilar‑koloreko urrean, oinarri zabal gainean bi gorputz ganbil, mailuz landuriko edergarriak dituela: mahats‑mordo, mahatsondo eta puttiak; galloi uztai artean, pitxer zanpatuzko eskuleku korapiloduna, bolutaz eta kopa-azpikoa aingeruz ederturik duen kopa, gailurreriaz errematatuz.
Bizkaian. zilarreriak erakusten du Ameriketako koloniekin salerosketa eta emarien joan‑etorria handia izango zela, ugari baitira Mexiko eta Perutik bidalitako aleak. Badira XVIII. mende erdialdetik jaso ziren zilarrezko ekisaindu batzuk:
- Enkartazioetako parrokietan (Gueñes, Lanestosa, Balmaseda eta abar)
- eta Jaurerriko beste elizetan, Durangon San Fausto, esate baterako, Mexikoko Gonzalez de la Cueva zilarginaren ikurra duena;
- Busturiako Santa Mariarenean beste bat, hau ere mexikarra da.
Esan beharrik ez da espainiar lantegietatik zetozen aleak ere bazirela, esaterako, Madrilgo marka duen Larreako kaliza, Bizkaiko kaliza rococorik politenetakoa.
Araban. Liturgiako urregintza izan da Baskonian sakonen aztertu dena,77 arte eta teknika mailako kalitate handiko pieza ugari baititu, prozesioetako gurutze eta kalizetan, batez ere. Pieza hauetako batzuk aipa ditzagun, 1990an Arabako Foru Aldundiak Gasteizko Amerika Aretoaren ate‑irekitzea zela eta antolatu zuenerako espezialista handia den Cruz Valdevinos‑ek aukeratu eta deskribatu zituenen artetik, nabarmenenak iruditzen zaizkigunak.78 Denak, kanpoko lantegietatik ekarritakoak dira.
Prozesioetako ekisaindua. Barroko aldiaren hastapenetan oso adierazgarria zen prozesioetako ekisaindu zilarrezko eder bat gogoratuko dugu, zorroztasun klasikoa oraindik gordetzen duena. Tenplete baten itxura du (160 cm garaieran) eta hiru gorputz ditu garaieran gutxiagotzen doazenak; emailearen izena jartzen du (Frantzisko Deskibel artzapezpikua) eta data, 1653 gurutze erako eta laua den plinto baten gaineko idazkunean jarririk. Gorputz handiena ere, gurutze erakoa da eta toskanar zutabeak, taulamenduak, erdi-puntuko zutabeak eta txandakaturiko arkitrabeak ditu, erdiko gorputzean errepikatu egiten den egitura, azkenekoa oinplano biribilekoa izanik, pilastra eta kupuladuna da, Jasokundearen irudia bere baitan duela. Valladolideko Juan Lorenzoren lantegiaren egiletasuna 1968an kokatu zen dokumentuetan.
Aldareko ontziteria. Kaliza eta ur‑ardo ontzi apartak dira aldareko hauek, gain-urrezko zilarrezkoak, Guardiako Erregeen Santa Mariako liturgia altxorreko alerik bikainenak dira.
Zilindro erako kopa du kalizak, arrosaz dotoretua eta arrokaia erliebean: eskuleku estutua, non profil ahurreko lau lepo txandakatzen diren, korapiloa mugatzen duten zezen antzeko moldurak dituela; lepoak uhindura zeiharrez ildaskaturik doaz –xehetasun rococo hau ur‑ardo ontzietan errepikatzen da. Oina zilarrezkoa, hau ere uhin lerrozko erliebeak dituena, bere beheko eta zati ganbilean, arrokaia medailoietan Apokalipsiko bildotsa, pelikanoa eta mahats‑mordoak dituela. Kordobako (Argentina), Damian de Castroren lantegiko lana da eta handik 1758an bidali zuen Guardiako onuraduna eta Argentinako hiri honetako inkisidore zen Antonio Ilarduyk.
Aldareko zerbitzua. Aurrekoaren antzekoa den gain‑urrezko zilarrezkoa 1785 aldera Madrildik Maeztuko Gurutze Santuaren Aurkikundearen parrokia-elizara bidali zen. Zilindro-formakoa da kaliza, eskulekuaren hasieran lepo bikoitza duena; udare formako korapiloa eta zezena; profil ganbil leuna duen biribileko oina eta zilindro-formako oinarria, akanto hostoz apainduriko goieneko ertz ahurra dituena. Kalizaren ia azalera guztia urre‑harizko saretxoz estalia da, simetria egokian pabilioi, arroseta eta medailoien apainketa duela. Ur‑ardo ontziak urre‑harizko saretxo berak estaltzen ditu. Cruz Valdevinosen oharra, urre‑harizko kalizak Espainian dozena batera ez direla iristen, gogoratuz gero, hobeto estimatuko dugu Euskal Herriko zilargintzako bitxi hau.
Laburpena
[aldatu]Fedearen epeltzea eta sormenaren krisialdia
[aldatu]Aurreko orrietan esan bezala, lehenik eta behin, XVIII. mendeko euskal artearen egituraketari buruzko ikuspegia onartu beharrean gertatzen da arte mailan egiaz eman zen gainbehera, honen argibidea finantza mailako baliabideen urritasuna ezin izan daitekeena, bestalde; zeren eta, lehen jakinarazi dugun bezala, XVIII. mendearen hasieran lasaialdi bat gertatu baitzen ekonomia mailan. Zalantzarik gabe, beste nolabaiteko iturburuak bilatu behar zaizkio sormenaren ahuldade horri, ideologikoak, kulturalak eta politikoak, beharbada.
Kristautasun katolikoaren barruan, XVII. mendean zehar, berotasun handiz jarraitua zen biziera egokia ulertzeko erari buruzko eztabaida, bata bestearekiko kritiko ziren bi jarreretan kokatu zelarik eztabaida: jansenisten zorroztasunean batetik eta josulagunen bigunkerian bestetik.
Luis XIV.ak, mojen eta “jaun” jansenisten habia zen Port‑Royaleko abade-etxea lurrarekin berdintzeko agindua eman zuenean eta Orleanseko dekretua baliogabetuz kalbinismoaren hedapena izan omen zitekeenaren atea behin betirako itxi zuenean, agian, nolabaiteko kristau-humanismoak eragindakoa izango zen; baina horrek ez zuen esan nahi, XVIII. mendean zehar bere erresuman hedatzen ari zenik, eta Versallesko gorteak berak babestuta gainera, Erregeordetza aldian eta Luis XV.aren erregealdian ezaugarri izan zen eta Cloderlos de Laclos Liaisons dengereuses eleberrietan azkar asko adierazita geratu zen hedonismo libertarioan, batetik eta bestetik gehiagora zihoan eszeptizismoan, zeinaren mezulari aldarrikatu zituzten beren buruak filosofo Entziklopedistek, amaituko den moralaren barreiaketa geldiarazteko borondate garbia zeukanik.
Gizartean, goieneko klaseetan Arrazoimenaren mantupean uzkurturik ezkutatzen zen atseginaren sena. Eta pentsamendu filosofikoaren aurrelarietan kristau Errebelazioa errefusatzeak, inkisizioaren kontu hartzeak ez nozitzeko “teismoz” jantzi baziren ere, misterioaren esanahia galtzea eragin zuen. Buruargitasunak edonolako gaiztakeria zuritzen zueneko aldi literarioa zen (Voltaire). Eta Espainian, edo zehatzago esanda, Euskal Herrian bizitzaren sekulartasun hau frantses gizartean bezainbesteko mailatara iritsi ez bazen ere, horren eragina sekulakoa izan zen literaturaren, artearen eta pentsamenduaren alorrean, baita gorengo elizjendeetan ere. Gradu-galera horren lekukotasuna ematen zuen une hartako olerki herrikoi trufariak. Herri xehe eta fededunaren eskandaluak, burutazio eta ohituren lasaikeri horren aurrean, bere emaitza eman zuen: Inkisizioaren aurrean salaketak biderkatzea.79
Kristau artearen esparruan, pentsa dezakegun gaia da fedearen zorabiatze horri eta atseginaren bilaketa suhar horri dagokiona dela ikonografiaren gainbehera eta era zaharreko erretaulen agonia. Filosofo entziklopedistek, zientzia positibistaren erasoak, urte horiexetan kristau-fedearen gotorlekuen aurka jaurtitzen zituzten “fedearen jauregi” zeritzotenak beren “gardentasun” eta apainketa distiratsu eta guzti, eliza rococoak eraikitzen eta edertzen jarraitu zuten, berauen barruan Elizaren garaipenean amets egiteko gonbitea luzaturik. Gainera, halaxe egiten zen amets, izan ere, rococo arkitektura amets egiteko sortu zen, egiazko munduan bizitzeko baino, hau da, 1789ko eta XIX. mendeko iraultzetan zorigaiztoko amaiera izan zuten tirabira larriez jositako benetako munduan bizitzeko baino.
Lehen barroko eta azken barrokoa hainbat ataletan batu nahi izan badugu, XVII. mendean “Berreraikuntza Katoliko” baten ametsaz markaturiko aldi honen atzetik, jarraian, baikortasun liluragarri eta norberaren aldeko aldi atseginzale bat gertatu zelako da, jada alde batera utzita Kontrarreformako espirituan zegoen baikorrena eta sendoena. Mundu eta printzipio berrien gainean eraikitzen ari zen eliza, eta gizartearen errealitatea eta ebanjelioaren harira oinarrituriko konbentzitze politikari uko egiten ziola zirudien, J. Starobinskik adierazi bezala, antzinako “konbentzitze erretorika” klitxe nobleak errazki kateatzen ziren berritsukeria edo besterik gabeko diskurtso bilakatzen ari zirelarik. Era tradizionalak artifizial bihurtu ziren, errazegiak gure pozerako eta sustantziaz gabetuak.80
Rococo polita, zentzumen eta sentimenduen artea
[aldatu]Atal honen hasieran eman dugun oharrak dioenez, antzinako printzipio estetikoetan “delectando prodesse”‑ren lehenengo zatia baino ez zen hautatu. “Delectare”‑ri eutsi zitzaion, besterik gabe. “Avant la lettre” erako eszetizismoa zen. Barroko arte handiari “Munduko antzerki handia” badagokio, adierazpen handien eta “sakramentuzko autoena” alegia, ez soilik errealitatearen “ilusioa” emateko, baizik eta honen benetako “bizikizun espirituala” edukitzeko balio zuena, rococo arteari “Commedia dell´arte”-a dagokio, edukirik ez duen antzerkia, keinuen eta mimikaren balioa baino ez duen antzerkia da, uste gabekoaren eta bat‑batekoaren antzerkia; ez, ordea, inola ere, buruaren edo bihotzaren uste sendoena, zentzumenen harrapaketa soila besterik gabe. Rococoan, aldi hartako gainerako jokabideetan bezala, errealitatea disimulatu egiten da, itxurak engainagarriak eta disimuluzkoak izateaz gainera, disimulatu egiten dutela ere ematen dute aditzera. Polita, zentzumenen eta sentimenduen artea da rococoa.
Gure ustetan, gainbehera hori islatua geratu zen, mendearen bigarren erdiko erretauletako imajinak gizarteko ikuspuntutik zokoraturik utzi ziren gutxiespen horretan. Aurreko mendean imajinen edukietan agertzen ziren historia eta ereduak bideratu zituen mezu didaktiko mardul eta konbentzigarrien ardura ordezkatua izan zen, erretaula-tramankuluen apainketa ederrek eskaintzen zuten guztiz sentimenduzko atxikimenduaren aldetik. Behar-beharrezko itaunketa: zer dela eta ematen du XVIII. mendean ugazabek eta mezenasek galdua dutela arte ikonografikoaren kalitaterekiko ardura?
Itxuraren balioa
[aldatu]Orain, erretaula diseinatzea eta egitea da garrantzizkoena. Arduraz zaintzen eta erabakitzen da bai itxurazko egitura, bai erretaularen kalitatea eta bai estiloa, edukitzaileak edukiak berak baino garrantzi gehiago balu bezala, bitxia berak baino gehiago kutxatilatxoak, alegia. Sentiberatasunaren aldaketa da: erretaula beraren gainean, kanpoko itxuraren gainean pausatu zen begirada, ez hainbeste ordea imajinen gainean, beren arte eta ikono mailako balioa, halaber, asko axola izan gabe.
Eskulturagilea ahantzian
[aldatu]Idiazabalgo erretaula egin behar zela eta, Irazusta arkitektoaren aholkua jarraibide izateko agindu zen eta honengan jarri zen uste osoa eskulturagileak hautatzeko orduan ere. Imajinagileekin hitzarmenak egin eta beren lanak aztertu eta balioztatzeko ardura duten arkitektoek hauen izenak guri ez ematea gertaera adierazgarria da, baita goraipamenez onartzen badituzte ere, Errezilgo alboetako estatuak goratzen dituenean, Frantzisko Iberorekin gertatu den bezala.81 Batzuetan ez dugu izaten zenbait ertilariren imajinen berririk, beren testamentuetatik izan ezik; hauetan egileak beren lanen edo hitzarmenen hartzekodun ala zordun azaltzen direnean. Bada proportzioaren funtsezko zentzuaren gabezia bat imajinen eta hauek ezarriko diren egituraren artean.
Adibide bat besterik ez jartzearren, Segurako Sorkundetarren Guadalupeko Amaren erretaularen alboetan ezarritako San Frantzisko eta San Domingoren estatuak irrigarriak gertatzen dira, erretaularekin alderatuta, halakoa baita desproportzioa! Gaur egun bitxia eta paradoxazkoa iruditzen zaigu, irudiak urreztatzen eta polikromiaz arduratu zirenen izenekin orduko dokumentuak hain adierazkorrak eta argiak izatea, landu zituztenen izenak apenas jaso gabe utzi zirenean. Badugu 1768. urtean Senpereko erretaula ederra urreztatu zuen eta Donostian bizi zen Esteban Irigoitiri buruzko dokumenturik, baina ezjakina zaigu taillatu zuen ertilariaren izena. Azalekoak garrantzi handiagoa zuen, inola ere, funtsezko, sendo eta iraunkorra zenak baino. Ikonografiarekiko gutxiespen hau guretzat nabarmendu egiten da ordainketako kopuruaren aurrean. Gogoan hartu, esate baterako, Gabiriako (Gipuzkoa) aldare nagusiari 49.260 errealetako balioa eman bazitzaion, hauetatik 8.000 baizik ez zirela gorde bost mukulu eta tailla‑lana zeukaten apaingarrien egilearentzat.82 Zumarragako erretaularen tratuan, honen egileek erabaki zuren lan osoarengatik hartutako 52.000 errealetatik, 15.000 eskulturagileari zegozkionak zirela, 37.000 arkitekto maisuarentzat gelditu zirelarik.83
Kristau artearen amaiera
[aldatu]Argi eta garbi dago etika eta estetikaren sentiberatasunean mudantza bat gertatzen ari zela, apainketa soilarenganako interesak ordezkatu zuela gizonaren irudiarenganako ardura. Edukitzailea edukia bera baino garrantzizkoagotzat hartzen denean hasten da gainbehera arte mailan; espirituaren sendotze osasungarria izan beharko lukeena, zentzuen opari huts izatera murrizten duen anorexia estetiko gisa onartzen den unean.
Argaltzen hasia zen errealitate espiritual baten maskara bihurtzen hasia zen artea. Artearen historiak “Argien mende” horren amaieran, kristau gizartean, burges klasearen jaki nagusia “sentimendua” zela nabarmentzen du eta “polit” izatea nahikoa zela herri xehea liluratzeko. Benetako kristau artearen amaiera hurbil antzematen zela esan daiteke. Rococoak, bere kristau aldaeran, gizarteko eraginen ahalmena zen aldetik, kristautasunaren gainbeheraren hasiera islatzen du.84 Horren ordez, izan zuen rococo sentiberatasunak eraginik Elizako estamentu zuzentzaileak artea “tout court” mesfidantzaz begiratzen haste horretan, eta mesfidantza hori hasi zen sormenaren urrutiratzea ekartzen, Eliza ofizialak ia gaurdaino eutsi dion urrutiratzea delarik.
Oharrak
[aldatu]1. “Erlijio-sinismenetan eta eliza eta estatuaren arteko harremanetan, industria eta merkataritzaren sustapenean, laborantzaren erreforman, herri-heziketan eta gizartearen egituraketan” izan zuen eraginik “goitikako iraultzak”. 2. Frantses iraultzaileei dagokiena da Jovellanosen esaldia: “Horiek ero amorratuak direlako, guk ergelak izan behar ote dugu?” 3. “Hitz batean, 1718ko matxinadak jende gorenaren eta nekazarien artean zeuden tirabirak kanporatu zituen, baita horiek botere zentralarekin zituzten lotura eta erantzukizunak eta probintziako gobernuaren aurrean azken hauek zuten konfiantzarik eza ere”. R. OLAETXEA, El centralismo borbónico y las crisis sociales (siglo XVIII). Historia del Pueblo Vasco‑n (Donostia, 1978), II. libk. 207. or. 4. Ibidem, 214. 5. Ikusi ahaidetasun loturak zirela-eta auzi egoera honen adibide bat, Josulagunen Probintziala zen Aita Frantzisko Xabier Idiakez eta Probintziako Foru Aldundiaren ordezkaria zen don Jose Joakin Enparan, bere senitartekoaren artekoa. O.c. 221‑223. or. 6. La crisis del Antiguo Régimen en Guipúzcoa (1766‑1833): Cambios económicos e historia. Akal, (Madril, 1973), 10,11 eta 171. or. Halaber, Xose Estevez‑ek idatzia da: “Todos estos acontecimientos incidirían la saga de los primeros eslabones de una larga cadena antiforal que remataría en 1876”. De las águilas austricas a los buitres borbónicos. RSBAP, 56. libk., 2000‑2001, 252. or. I.Gurrutxagarentzat “la peor crisis que atravesó Guipuzcoa desde la Edad Media” izan zen. Ikusi Fz. Pinedo eta Gurrutxagaren aipamenak lehendik esandako R.Olaetxearen artikuluan. 7. Bost anaia ziren –Joxe Benito, Manuel, Joakin, Alberto eta Migel– 1679an hil zen Jose Simon Xurrigera izenarekin bat zetorren eskulturagile baten semeak. G. KUBLER, La arquitectura de los siglos XVI y XVII. A.H. XIV. libk. 138. or. 8. Antza denez, salomondar zutabea Euskal Herrian kantabriar maisuek erabili eta hedatua zen, 1680 aldera, eta lehenagotik Espainian beste zenbait tokitan. Ikusi euskarri barrokoen garapenaren gaiari buruz Julen Zorrozuak eskaini duen irakaspenezko artikulua, O.c., 118‑133. or. 9. J. ZORROZUA, El retablo barroco en Bizcaya. (Bilbo, 1998), 108. or. 10. Hispanoamerikar herrialdeetara ere pasa zen, esate baterako Mexikora, delako egiturak Ciprés izena harturik. 11. C.M.N. I, 336. or. 12. Saiatu izan dira landare sare horren osagaiak “en los productos de la huerta tudelana: cardos, aldachofas, etc.” inspiraturikoak zirela ikusten. R.FERNANDEZ GRACIA, El retablo barroco en la Ribera. El Arte en Navarra (Iruñea) 29. znb., 1. or. 13. C.M.N. I, 246. or. 14. Dinamismo sentipen bera adierazten du elizaren barruko itzulia inguratzen duen taulamenduak. Jose Xabier AZANZA LOPEZ, El barroco conventual. El Arte en Navarra‑n, 25. znb. 390. or. 15. J.L. ARRESE, Arte religioso en un pueblo de España. (Madril), 163. or. 16. C.M.N. I, XXXVII. 17. C.M.N. I, XXXIII. 18. Jesus RIVAS CARMONA, San Gregorio Ostiense, El Arte en Navarra‑n, 26. or. 19. R. FERNANDEZ GRACIA, O.c. 457. or. 20. C.M.N. III, XXXII eta 294. 21. Dokumentu berean Erreginak Loiolako dorretxea ematen dio Jesusen Lagundiari “para que la conserven y la incorporen en el Colegio que inmediato a ella se ha de fabricar”. 22. Fontanaren jatorrizko planoak galduak dira, baina 1721ean Bolandostarrak egindako kopia bat jasorik da. 23. Hala ere, Zaldua maisuari josulagunek utzi zioten aldi berean beste mandatu batzuei erantzuten ere, besteak beste, Bergarako Oxirondoko Santa Marinako dorrearen diseinua, Berritzeko elizako erretaula nagusiarena eta Hernaniko atari ederra egiten, denetan ere jada kupuletako itxura burudunarekiko eta kurbatu eta kontra‑kurbatuekiko kontrastearen joera era oso neurritsuan azaltzen hasi zen. 24. Eraikuntza luze eta korapilatsu honen historia eta gorabeherei buruz, ikusi J.R. EGUILLOR, H. HAGEN eta R.Mª HORNEDO, Loyola. Historia y Arquitectura. (Donostia, 1991); ikusi, halaber, Mª Isabel ASTIAZARAIN, El Santuario de Loyola, (Donostia, 1988); Idem, Arquitectos guipuzcoanos del siglo XVIII, 3 libk. (Donostia, 1988), ikusi I. eta II. libk. 25. Sebastian Lekuona, Jesusen Lagundiaren oso aldekoa izan zen, heriotzako orduan bederen bertan sartzea ere eskatu baitzuen. Ermuan hil zen Valdespina jauregiko lanak zuzentzen ari zela. 26. Inazio Ibero euskal eraikitzaileen eredu jatorra da, ikasketa akademikoak baino jarduerak eta halakoxe berezko jakinduria batek trebatzen du, arkitekturan zalantzarik gabeko maisutzan. Bere iritzia gehien eskatu zitzaion maisua izatera iritsi zen XVIII. mendean, Gipuzkoan eta Euskal Herrian. 27. Mª Isabel ASTIAZARAIN, Arquitectos guipuzcoanos de siglo XVIII. II, 179. or. 28. Santa Maria eliza, gaur egun basilika dena, eder honen eraikuntzari buruz, ikusi Mª Isabel ASTIAZARAIN, La iglesia de Santa Maria de San Sebastian. (Donostia, 1989). Ikerketa honek, gutxi gorabehera hedatuak eta dokumentatu diren aurreko beste informazioak biltzen ditu, Vargas Ponce, Jose Peñuelas, Antonio Cortazar, J. Antonio Alvarez Oses eta Mª Isabel Cormenzanarenak, besteak beste. 29. Jose Lizardi arkitektoaren seme Pedro Inazio Lizardik bere aitak tratua egindako lanetan esku hartu zuen. 30. La iglesia parroquial de Andoáin. Bosquejo histórico. (Donostia, 1958); ikusi halaber, Mª Isabel ASTIAZARAIN, O.c. 225‑244. or. 31. Beasainen jaio eta hargin familia bateko kimua zen Martin Karrerak (1713‑1768) eliza eta dorre batzuk eraiki zituen, Gipuzkoako lau udaletxe politentzako diseinua eman, eta, esteta neoklasikoek kritikatua bazen ere, gure historiarako, XVIII. mendearen bigarren erdiko euskal arkitektorik sonatuena izan zen. 32. Mª Isabel Astiazarainen oharraren arabera, atari exedradun hau gertuan duen Logroñoko Santa Maria la Redondakoaren aurretikoa da, eta baita Euskal Herrian urrutienean diren beste batzuk baino ere. Inspirazio-iturriren bat aurki daiteke agian, Vianako Santa Marian, Urantzian eta Ostitzeko San Gregorion. 33. Mª Isabel ASTIAZARAIN, Arquitectos guipuzcoanos, II, 316. or. 34. Id., 98. or. 35. Id., 47‑54. or. 36. Gregorio DÍAZ EREÑO, Mª Carmen PAREDES GIRALDO, Ana Mª MENDIOROZ, Noticias sobre el arquitecto del siglo XVIII, Fermín de Larrainzar. P.C.191. znb. (1991), 53‑67. or. 37. I. CENDOYA, El retablo barroko en el Goyerri (Donostia, 1992), 286. or. 38. Mª Isabel ASTIAZARAIN, O.c. 288. or. 39. Idem, Puntos de encuentro y comportamientos tipológicos en la arquitectura barroca vasca. ONDARE, 19, 32. or. 40. Jose Lainceraren semea zen, Loiolako Santutegiaren eraikuntzako lehen saioan lanean jardun zuen Santanderko hargin maisua zenaren semea. 41. P. M. MONTERO e I. CENDOYA, Nuevas noticias sobre Lázaro de Laincera Vega. ONDARE 19, 305‑313. or. 42. C.M.V. III, 304‑310. or. 43. C.M.V. II, 213. or. 44. La escultura barroca en el País Vasco. La imagen religiosa y su evolución. ONDARE 19, 85. or. 45. Anaia Juan Ruiz de LARRINAGA, O.F.M., La tradición artistica de la Provincia Franciscana de Cantabria. Homenaje a D. Carmelo Echegaray‑en. (Donostia, 1928); Maria COMAS ROS, Juan López de Lazarraga y el monasterio de Bidaurreta. (Bartzelona, 1936); I. CENDOYA, La aportación del taller de los Sierra a la escultura barroca en Gipuzkoa. ONDARE 19, (Donostia, 2000) A.P.M., 521‑537. or. 46. J. J. MARTIN GONZALEZ, El retablo barroco en España. (Madril 1993), 166‑188. or. 47. Erretaula honen egitura arkitektonikoari buruz ikus, Mª I. ASTIAZARAIN, Un nuevo ensayo estructural para la retablística guipuzcoana: la obra de los Sierra en el convento de Bidaurreta de Oñate. B.S.A.A., 1991, 453‑470. or.; ikusi, halaber, El franciscano anaia Jacinto Sierra, un artista de Medina de Rioseco en Guipuzcoa: el retablo mayor del Convento de Concepcionistas de Segura. Homenaje al profesor Jesús Hernández Pereda‑n. Universidad Complutense. (Madril, 1992), 35‑42. or.; ikusi, bereziki, egile berarena den erretaularen deskribapen zehatza eta guzti: El Convento de la Purísima Concepción de Segura. Estudio Histórico‑Artístico (Donostia, 1998). 48. El retablo barroco en el Goyerri. 379. or. 49. Ertilari honi buruz ikusi, Andrés de Sales FERRI CHULIO, El escultor Francisco Vergara Bartual (L’Alcudia, 1713 – Roma, 1761). (L’Alcudia 1997); ikusi, halaber, VV. AA. La estatua de plata de San Ignacio de Loyola (Bilbo). 50. Mª I. ASTIAZARAIN, Arquitectos guipuzcoanos, II. libk., 91‑97.or. 51. C.M.N., III, 384‑385. or. 52. “Adelgaza la madera hasta dejarla reducida a una fina lámina en los bordes de las telas colgantes a la par que quiebra los paños en pequeños dobleces muy delicadamente resaltados y terminados en aristas que prestan a la figura gran movilidad. Lo adecuado de su planteamiento y lo apurado de su ejecución hacen de la mayor parte de las imágenes obras plenamente conseguidas”. Mª C. GARCIA GAINZA, El escultor Luis Salvador Carmona. (Iruñea, 1990) 35. or. 53. I. CENDOYA, O.c. 54. Mª C. GARCIA GAINZA, O.c. 57. or. 55. Adin helduko Birjina dugu hau, maiestate eta aldi berean gertutasuna adierazten duena: “Maria zutik dago, beso batean Haurra duela, eta bestean, Arrosarioa eskaintzen duena luzatuz. Tunikaz eta tolestutako mantuz jantzirik dago, gure eskulturagilearen ezaugarri ohikoa. Belo zuriak estaltzen du bere burua, triangeluzko muturra eskuineko sorbaldan gaineraturik. Apur bat jiratako buruak aurpegi arrauzkara du...”. Mª C. GARCIA GAINZA, O.c., 176‑187. or. 56. Mª I. ASTIAZARAIN, Gipuzkoako Erretablistika. I. Tomás de Jauregui. Kutxan. (Donostia, 1994), 176. or. eta hur. 57. O.c. 97. Xehetasun handiko eta argibideak dituen deskribapena, Lesakan Carmonak egin lanarena ere ikus daiteke Mª I. ASTIAZARAIN‑en, 176‑187. or. 58. Mª C. GARCIA GAINZA, O.c. 117. or. 59. Juan NICOLAU CASTRO, El escultor Juan Pascual de Mena. Goya, 214. znb., 1990, 194‑204. or. 60. Joaquin Antonio de CAMINO y ORELLA, Historia de la Ciudad de San Sebastián (Donostia, 1963), 13. or. 61. Álava en sus manos, IV. libk., 158. Ikusi lan honetan Arabako beste adibide ugari ere. 62. R. FERNANDEZ GARCIA, El retablo barroco en la Ribera. El Arte en Navarra‑n, 29. znb. 63. Precisiones sobre los Mendizabal, escultores guipuzcoanos del siglo XVIII. Kobie (1990), 5‑24. or. 64. I. CENDOYA, O.c. 352. or. 65. Ibid., 352. or. eta hur. 66. Gaur egun dakigun gauza da maisulan hau Loiolara 1758. abenduaren 21ean iritsi zela. Joan Bautista Mendizabalek Zumarragako eskultura egiteko tratua egina zeukan data honetarako, baina oraindik taillatu gabea zuen. Frantzisko Bergararen eskultura Loiolako Gelatxoan kokatzea erlijio-mailan eta gizartean oihartzun bereziko gertakaria izan zen, inola ere. Ertilari valentziarraren eskulturak sortu zion ukituari Joan Bautista Mendizabalek ezin alde egin izan zion; eta eibartarraren Zumarragako eta Aizarnako eskulturan honen eragina begien bistakoa da. 67. Eskultura horien ikonografia deskribapen bat ikus daiteke, Mª I. ASTIAZARAINen El arquitecto Tomás de Jauregui y el escultor Joan Bautista Mendizabal en el retablo mayor de Zumárraga. B.R.S.A.P. (1990), 359‑390. or. 68. Mª I. ASTIAZARAIN, Arquitectos guipuzcoanos, II. libk., 293. or. 69. Ibid., 283‑258. or. 70. Ikusi Mª I. ASTIAZARAINek irudi hauen nolako deskribapena egiten duen, bere-berea duen xehetasunez, Tomás Jauregui‑n, 193‑194. or. 71. I. CENDOYA, O.c., 365‑373. or. 72. Ikusi, esate baterako, Odile CONTAMIN, Le décor baroque des églises du Labourd. ONDARE 19an, Eusko Ikaskuntza (Donostia, 2000), 533‑544. or. Artikulu honek Frantzia Hegoaldeko eliza barrokoetako tabernakuluei buruzko Bibliografia eskaintzen digu. 73. Ibid. 540‑544. or. 74. M. MIHOU, Contribution à l’étude du retable de l’église de Saint‑Pée‑sur‑Nivelle. Hommage au Musée Basque‑n, (1989), 315‑324. or.; M. MIHOU, Le tabernacle de l’église de Saint‑Pée‑sur‑Nivelle. Bulletin du Musée Basque‑n, 93. znb. 1981, 143‑148. or. 75. “Biarnoko Saint Colome herriskatik Euskal Herrirako lan egin zuten ertilari ugari sortu zen, zeren eta, Dartigacavetarrez gainera Joseph Courrèges ere aurki baitaiteke”, azpimarratzen dute Olivier Ribeton eta Robert Poupelek: Joseph de Courrèges et les retables de de l’église d’Ayherre. Revue d’Histoire de Bayonne, du Pays Basque Français, du Bas‑Adour‑en, 148. znb. (1989), 139. or. 76. J.M. CRUZ VALDOVINOS, Plata y platería en Santa Maria de Viana P.V., 156‑157, (1979), 469‑495. or.; J.C. LABEAGA, Los talleres de platería en Sangüesa. Los plateros. Ondare 18an, (1999), 53‑76. or.; J. C. LABEAGA, Los talleres de platería en Sangüesa (Navarra). Las piezas. Ondare‑n (2001), 43‑65. or.; R. MUNOA, Artes decorativas en el Barroco. Ondare 19an, (2000), 183‑196. or. 77. Rosa MARTÍN VAQUERO, La colección de platería barroca del Museo de Arte Sacro de Vitoria. Ondare 19an, (2000), 589‑600. or.; Platería en la diócesis de Vitoria (1350‑1650). (Gasteiz, 1997); M. I. PESQUERO y F. TAVAR: Las artes en la Edad de la Razón. Álava en sus manos, IV. libk., 193‑197. or. 78. VV.AA. Mirari. Un pueblo al encuentro de su arte. Arabako Foru Aldundia (Gasteiz, 1990), 355‑443. or. 79. Miguel de la Pinta Llorente: Los Caballeritos de Azcoitia. Un problema histórico (Madril, 1973), 41‑56. or. 80. La invenció de la libertad (Bartzelona, 1964), 15. or. 81. M. I. ASTIAZARAIN, Gipuzkoako erretablistika. I. Tomás de Jauregui. (Donostia, 1994). 82. Ibid., 196. or.; ikusi, halaber, I.CENDOYA, El retablo barroko en el Goyerri. 362. or. 83. O.c., 353. or. 84. J PLAZAOLA, Historia y sentido del Arte Cristiano. B.A.C. (Madril, 1956), 81. or.
Bibliografia
[aldatu]- ARRAZOLA, Mª A.: La escultura de los siglos XVII y XVIII en Guipúzcoa. AA.VV. Cultura Vasca II.ean (Donostia, 1978), 304‑31. or.
- ASTIAZARAIN, Mª I.: El Santuario de Loyola (Donostia, 1988).
- ASTIAZARAIN, Mª I.: Arquitectos guipuzcoanos, 3 libk (Donostia).
- ASTIAZARAIN, Mª I.: El Convento de la Purísima Concepción de Segura. (Donostia, 1998).
- ASTIAZARAIN, Mª I.: Aportaciones a la obra de Santiago Marsili, arquitecto y escultor de la época de Carlos III. A.H.A., 1.go znb. (1989), 229‑243. or.
- ASTIAZARAIN, Mª I.: Arquitectos guipuzcoanos del siglo XVIII. Ignacio de Ibero. Francisco de Ibero. (Donostia 1990)
- ASTIAZARAIN, Mª I.: Arquitectos guipuzcoanos del siglo XVIII. Martín Carrera. Manuel Martín de Carrera. (Donostia, 1991).
- BARTOLOME GARCIA, F. R.: Pintura y policromia de los siglos XVII y XVIII en Orduña. El maestro pintor Juan Antonio Jáuregui. Ondare, 16. znb. 1997, 143‑166. or.
- BARRIO LOZA, J.A. (Zuzd.): Monumentos Nacionales de Euskadi. 3 libk. (Bilbo, 1985).
- BARRIO LOZA, J.A.: Arquitectura religiosa en Bizkaia. AA.VV.an. Ibaiak eta haranak, 1, 4 (Donostia, 1990).
- BARRIO LOZA, J.A. zuzd.: Bizkaia. Aqueología, Urbanismo y Arquitectura histórica. 3 libk. (Bilbo, 1989‑1991).
- CAMON AZNAR, J., MORALES Y MARÍN, J.L., Y VALDIVIESO GONZÁLEZ,: Arte español del siglo XVIII. S.A.n, XXXI (Madril, 1988).
- CEÁN BERMÚDEZ, A.: Diccionario histórico de los más ilustres porfesores de las Bellas Artes en España (Madril, 1800).
- CENDOYA, I.: Tomás de Jáuregui. Maestro retablista guipuzcoano del siglo XVII. B.S.S.A.n, LVII. Libk., (1991), 471‑486. or.
- CENDOYA, I.: El retablo barroco en el Goyerri (Donostia, 1992).
- CENDOYA, I. y ZORROZUA, J.: Algunas obras de Santiago Marsili maestro retablista y escultor italiano del siglo XVIII, en Guipúzcoa. B.R.S.B.A.P.n, 47. znb., (1991), 133‑161. or.
- COMENZANA, I.: El arte en la Basílica de Santa Maria del Coro en San Sebastian. B.E.H.S.S.n, 9. znb., (1975), 271‑298. or.
- CUZACQ, R.: L’église de Saint‑Jean‑de‑Luz et son retable monumental (Paube, 1969).
- EGUILLOR, J.R.: Los maestros Ibero de Azpeitia en la construcción del Santuario de Loyola. B.R.S.B.A.P., XLIII. Libk., (1997), 281‑287. or.
- EGUILLOR, J.R., HAGER, H. y HORNEDO, R.: Loyola. Historia y arquitectura. (Donostia, 1991).
- GARCIA GAINZA, M. C.: Los retablos de Lesaca. Dos nuevas obras de Luis Salvador Carmona. Homenaje a don J.E. Uranga (Iruñea, 1973), 327‑363. or.
- GARCIA GAINZA, M. C.: Luis Salvador Carmona, imaginero del siglo XVIII. GOYA, 124. znb. (1975), 206‑215. or.
- GARCIA GAINZA, M. C.: El arte cortesano desde la periferia. El caso del País Vasco y Navarra.
- GARCIA GAINZA, M. C.: Aportaciones a la obra de Luis Salvador Carmona. Reales Sitios 1993.
- GARCIA GAINZA, M. C.: El escultor Luis Salvador Carmona (Iruñea, 1990).
- GONZALEZ ECHEGARAY, M.C.: Artistas montañeses en Vizcaya y Álava. E.V., 3. znb., 1971, 69‑80. or.
- GONZALEZ DE ZARATE, J. Mª: Arquitectura e iconografía en la Basílica de Loyola (Donostia, 1991).
- KUBLER, G.: Arquitectura de los siglos XVII y XVIII. A.H.n, XIV (Madril, 1957).
- LABEAGA, J.L.: La obra de Luis Paret en Santa María de Viana. (Iruñea, 1990).
- LAMPEREZ ROMEA, V.: Arquitectura civil española. De los siglos XVI al XVIII. (Madril, 1922).
- LABEAGA, J.L.: La obra de Luis Paret en Santa María de Viana. (Iruñea, 1990).
- LEKUONA, M.: La iglesia parroquial de Andoáin (zirriborro historikoa), (Donostia, 1958).
- MARTÍN GONZALEZ, J.J.: Escultura barroca en España, 1600‑1770 (Madril, 1983).
- MARTÍN GONZALEZ, J.J.: Luis Sanvador Carmona. Escultor y académico (Madri 1990).
- MARTÍN GONZALEZ, J.J.: El retablo barroco en España (Madril, 1993).
- MILHOU, M.: Contribution à l’étude du retable de Saint‑Pée‑sur‑Nivelle. Hommage au Musée Basque (Baiona, 1989), 325‑324. or.
- MILHOU, M.: Retablos en el País Vasco. AA.VV.n. Ibaiak eta Haranak. 10 libk. (Donostia, 1991), 185‑210. or.
- NICOLAU CASTRO, J.: Esculturas del siglo XVIII en la iglesia de San Nicolás de Bilbao. E.V., 6. znb., (1974), 177‑192. or.
- RIBETÓN, O. et POUPEL, R.: Du Béarn au Pays Basque. Une famille de sculpteurs‑doreurs de retables au XVIIIe. siècle: Les Dartigacave. B.S.S.L.A., 145. znb., (1989), 113‑137. or.
- SANCHEZ CANTON, Fco.: Escultura y pintura del siglo XVIII. A.H., XVII, (Madril, 1965).
- SARRAILH, J.: La España ilustrada. De la segunda mitad del siglo XVIII. Fondo de Cultura Económica (México, 1957).
- TABAR DE ANITUA, F.: Más obras de Luis y José Salvador Carmona. A.E.A., 256. znb., (1991), 449‑469. or.
- TOVAR MARTÍN, V. y MARTÍN GONZALEZ, J. J.: El Arte del Barroco. Aquitectura y escultura (Madril, 1990).
- VIÑAZA, Conde de la: Adiciones al Diccionario Histórico de los más ilustres profesores de las Bellas Artes en España (Madril, 1989).
- VV.AA. Peñaflorida y la Ilustración (Josetxo Urrutikoetxea Argt.) (Donostia, 1986).
- ZORROZUA, J.: El retablo barroco en Bizkaia (Bilbo, 1999).
- ZORROZUA, J. eta CENDOYA, I.: Precisiones sobre los Mendizábal, escultores guipuzcoanos del siglo XVIII. Nuevas obras en Bizkaia y Gipuzkoa. KOBIE‑n (Bellas Artes), 7. znb. (1990), 5‑24. or.