Euskal artearen historia (III): Barrokotik XIX. mendera/Euskal artea zentzatu egin zen
Testuingurua
[aldatu]Europako Arteak XVIII. mendearen azken hamarkadetan barrokoaz nekaturik aurkitzen dela adierazten du, eta apaingarrien fardeleria rococoa arindu ondoren, eta horren ondorioz frantses ereduen miresmenezko imitazioekin, arte klasikoak izan zuen soiltasun eta neurritasun formetan inspiraturikoa dirudian garbiketa nabarmen bat hartu zuen, historialariek Neoklasikotzat joko zutenerantz.
Ilustrazioa
[aldatu]Ohikoa den eta historia honetan zehar behin eta berriz idatzi dugunez, estilo berri honek, hein handi batean, ideia berrien mugimendu bati erantzuten dio, Ilustrazioa deritzonari oraingoan. Funtsean Erdi Aroko eta erlijiozko tradizioaren ordezkapenez Arrazoimenaren argiek ekarriko duten kultur gertakari bat da. Arrazoimenaren erabateko garaipena britainiar intelektualen eta bereziki frantsesen idatzien zabalkundearekin eman zen, haien lan famatuengatik beren egileei Entziklopedista izena eman zaielarik.
Frantzian delako lanen argitaratzea eta Entziklopediaren (1751‑1772) zabalkundea Antzinako Erregimenaren irakaspen oinarriei azpia jaten eta 1789ko Iraultzarako lurra prestatzen zihoan bitartean, Espainian Karlos III.aren ministroak zientziaren aurkikuntzek munduaren ikuspegi berri bat erabakitzen eta behar berriak eragiten zituztela kontzientzi harturik, beren Estatuaren Erreformei eta gizarteko pentsamoldeei estatutu‑legea ematen ahalegindu ziren, beti herria bere sineskerietatik eta ezjakintasunetik ateratzea xedetzat harturik, maila guztietarako kultura sustatuz. Euskal Herriko Adiskideen Elkarteak, Elkarte Ekonomiko izenekoetan lehenengoa izatearen ohorea du, herrian sakabanaturik egonda, norabide horretan esku hartzen saiatzen ziren erakundeen sailean.
Ekonomia eta politika
[aldatu]Ministro erreformistez inguratzen hasia zen Fernando VI.aren erregealdi laburraren ondoren (1746‑1759), Karlos III.aren erregealdi luzean (1759‑1788), erreformaren bidezidor beretik aurrera egin zen, despotismo ilustratua ministroen despotismo bihurtu zuten ministroen bidez, besteak beste, Ensenadako Markesaren bidez. Horien helburuen artean zeuden zentralizazio politiko-administratiboa, Haziendaren arrazionalizazioa, erreforma ekonomikoa eta soziala, aginpidearen krisialdian sartua zen Elizaren eskubideen aurrean Estatuaren oparien baieztapena, eta hemen gehien axola zaigun herriaren hezkutza sustatzea. Sektorerik atzerakienak erreformaren aurka irten eta aristokrazia zati batek babesturik zenbait garaipen (Esquilacheko matxinada, 1766) lortu bazuen ere, ez zioten erreformisten ideiei eragotzi aurrera egiten.
Sarritan gizabanakoaren eskubideen sustapenari eta horren iristeko Estatuaren esku hartzeari buruzko kontraesanean ziren ideiak defendatzen bazituzten ere, esan daiteke berriztatzaileek aldaketa baten beharra sumatzen zutela eta Arrazoimenaren Argi gidatzailearen eta gizarteko aurrerapenen ideala amesten zutela.
Azkenik, esan daiteke kontserbadoreek lortu ez zutena frantziar Iraultzak lortu zuela, hau da, erreformari Espainian galga jartzea; zeren eta iraultzaileen gehiegikeriek –Luis XVI.a eta bere emazte Maria Antonietaren heriotzak, batez ere– neurritasun alderako mugimendua eragin zuten ilustratuen artean (Jovellanos, Saavedra, Urkijo), hauek orokorrean, monarkiaganako eta Elizarenganako1, leialtasuna gorde zutenak baitziren.
Bereziki, euskal Ilustratuez hitz eginez, fundatzaileak eta Adiskideen Elkarteko kideak beren arerioek Inkisizioaren auzitegi aurrean salatuz eta batez ere gerora historialariek –Vicente de la Fuente, besteak beste– beren Historia de los Heterodoxos Españoles2 lanean Menendez Pelayok berauei buruz bota zuen heterodoxo edo fedegabeko iruditik oso urruti zeuden.
Espainiako nazioaren barruan halako egoera gatazkatsua zegoela eta Espainiak Frantziarekin sortutako harreman berrien baldintzek –zeinarekin Antzinako Erregimenaren aldian “Familiarteko Itun” ospetsuak finkatuak baitzituen– aginpiderako bidea erraztu zioten Manuel Godoy “gizon berriari”, eta honek Argien arerio izan gabe, konpromisorik gabekoa baitzen, norabide politikak gidaturik, Espainiak Frantzia eta bere iraultzaileekin zituen itunak etenda, Karlos IV.a errege izan zitekeen aldian Ingalaterrara hurbildu behar izan zuen. Alderdi kontserbadoreak lortu zuen azkenean garaipena, Karlos IV.ak bere seme Fernandorengan egindako abdikazioaren bitartez. Baina, ordurako ideia berriak oso hedatuak ziren eta gainera iraultza txiki bat ere egina zuten: Kadizko Konstituzioaren epe laburreko ezarpena. Nolanahi ere, esan daiteke Fernando VII.arekin etorri zela XIX. mende luze eta deitoragarri hori, barruko kontraesanez eta bi Espainien arteko, kontserbatzaile eta aurrerazaleen artekoa, gatazkaz betea.
Baskonian
[aldatu]Garai horretan guztian, bizimodu politikoari dagokionez, Baskonia, frantses ejertzitoak Donostia eta Gipuzkoaren zati bat okupazioarekin, “Konbentzio gerra” deritzonak inguratua gertatu zen. Gerra egoera hau, gerora Napoleonen inbasioaz, Basileako Bakearen (1795) bitartez amaitu zen.
Politika sozioekonomikori buruz berriz, XVIII. mendearen bigarren erdira bitartean, matxinaden gertakari gogorrak izan baziren ere, Gipuzkoak eta Bizkaiak, bederen, Planta Berriko dekretutik kanpo geldituta beren “probintzia solteen” estatutua gorde ahal izan zuten. Kulturari dagokionez, herriaren mailak gorakada nabaria sumatu zuen Euskal Herriko Adiskideen Elkarteak sortutako Bergarako Errege Mintegiaren bidez.
Normala den bezala, estetika eta moral mailan ere sentiberatasun berri bat zekarten ideia berriak atzerapenez ari ziren iristen Baskoniara, eta atzerapen hori oraindik ere handiagoa izan zen artearen alorrean.
Arteak
[aldatu]Arteei dagozkienetan, Fernando V.aren erregealdian, 1744an eta Despotismo ilustratuaren idealismoaren itzalean, Errege Etxeko eskulturagilea zen Domingo Olivieri italiarrak zuzenduriko lantegi‑eskola pribatu batetik abiatuta fundatu zen San Fernando Arte Ederretako Akademia. Fernando VI.a errege zela 1749 eta 1751 bitartean berretsi ziren erakundearen Estatutuak zenbait kargu izendatuz: babesle aristokrata bat, diziplina bakoitzeko zuzendariak eta zuzendariordeak, eta hiru arte plastikoetarako hamasei irakasle. Estatutuetan finkatzen ziren irakaskintza eta ikerketarako irizpideak; baina agerian geratu zen lehenengoa gailendu zela.
Nola San Fernando Errege Akademiari hala Madrilgoaren bideari jarraikiz, eta bere baimenarekin, erresumako hiririk garrantzizkoenetan gerora fundatuz joan zirenetan, estilo berri bat ezartzea zen xedeaa, klasikoen imitazioetan oinarrituz. Frantzia eta Italian ordurako baziren akademien arabera, Europa mailan jartzea zen helburua, betiere, erregeren menpekotasunean eta bere interesen zerbitzura.
Enrique Lafuente Ferrarik idatzi zuenaren arabera, San Fernando Akademia “errege feudo bat izan zen aristokrata politikoez gobernaturikoa”. Ereduak eta estanpak eskuratu, liburutegi bat eratu, eta irakaskintza antolatu zen, eta horrekin bertako arte-sorkuntza oro kontrolatu eta zuzendu zen, norabidea jartzea baitzen helburua. Hala, Neoklasikoa deritzona XVII. mendeko azken bi hamarkadetara arte ez zen sortu eta esan daiteke bizirik eta jardunean XIX. mendearen erdialdera arte jardun zuela.
Neoklasizismoa. Pentsaera, arkitektura eta hirigintza
[aldatu]Mendebaldeko artearen historian, gutxitan gertatu da arte estilo berri baten sorrera hain errotikakoa eta aurreko estiloa hala gutxietsiz garatzea, Barrokotik Neoklasizismora gertatu den aldaketa adinakoa.
Aldaketa hau eragin zuten arrazoiak bat baino gehiago izan ziren eta hainbat eratakoak, zeren eta, azken batean, Europako zibilizazioaren zenbait barrutitan “Antzinako Erregimenaren erorketa” izenez ezagutzen den iraultza kultural eta politikoaren isla besterik ez baitzen izan.
Aldaketa lehenbizi pentsamenduaren alorrean gertatu zen. Europan, XVIII. mendearen hasieran Hobbes (1588‑1679) eta Locke‑n (1632‑1704) ideiak hedatzen hasiak ziren eta beren sensismoak gizonaren eta errealitatearen ikuskera material baterantz egiten zuen, eta gizarte mailan berriz, zoriontasunaren bilaketan oinarrituriko indibidualismorantz. “Norbera da bere buruaren jabe eta epaile, eta denak norbere zorionaren bila dabiltza». Estatuaren egitekoa norbanakoaren ongizatea zaintzea da. David Hume‑k (1711‑1776) errealitatearen haraindiko edonolako ikuskeraren aurkako bide horretatik egin zuen aurrera, gizarteko morala oinarri metafisikorik gabe uzten zuen errotikako enpirismoari helduta. Ingalaterran hedatu zen kristau‑dogmen ordez iritsi zen deismoa, gizabanakoaren eskubideak amorratuki defendatzen zituen liberalismoarekin elkartuta. Kristautasunaren eta eskolastikaren tradizioa hausten zuten ideia hauek Ilustrazio frantsesaren buruzagietan errotu ziren. Montesquieu‑k (1689‑1755) bere L´Esprit des Lois obran, Zuzenbide Zibila goitik behera aldatu eta erlatibizatu zuen, legeek, hainbat herritan lekuan lekuko klimak, gizarteak eta erlijioak sortutako baldintzekin nolako mendekotasuna zuten ikusaraziz eta oinarri politikotzat herriaren ongizatea eta herritarren askatasuna aldarrikatuz. Filosofo entziklopedistek tolerantzia eta kontzientzia askatasuna eskatzen zuten (D´Alembert) eta edonolako dogmatismoa arbuiatzen zuten, baita deismoa bera ere (Diderot); Voltairek (1694‑1778) berriz, bere kritika harpajole eta zorrotzarekin autoritatea zen guztia, zibila nahiz erlijiozkoa, satirizatu egiten zuen. Bestalde, Rousseau-k entziklopedisten arrazionalismoaren aurkako jarrera hartu zen, naturaganako itzulera gomendatuz eta gizonaren berezko sentimenduen ontasuna aldarrikatuz.
Entziklopedisten errotikakotasun honen aurrean, hasieran adierazi dugun bezala, espainiar idazle ilustratuek ez zuten inolako alderdikeria eta kristautasunaren aurkako joerarik agertu. Hauetako batzuk benetako kristau espiritua baitaratua zuten. Feijóo, Mayans eta Jovellanosek ausartuki defendatzen zituzten arrazoimenaren eskubideak, baina betiere, ziurtzat jotzen zuten erlijioarekin eta kristau tradizioaren oinarriekin bateratu zitekeena zela.
Itzal handiko beste arrazoibide batzuk ziren aurreko mendetik hasita garatzen ari ziren aurkikuntza zientifikoak, mendearen bigarren erdian gizarteko bizimoduaren aldaketa eragin zutenak3. Hauekin batera etorri ziren gorakada ekonomikoa, gizartearen berrantolaketa, bizi-itxaropena luzatzea, populazioaren hazkundea eta bizi baldintzen hobekuntza. Hauen ondorioz, behar berriak agertu ziren, eta arkitekturak ezarpen tekniko berrien eskakizuna zekarren, herri zerbitzu berrietarako eraikinak, hala nola, kale zabalak eta plazak, ospitaleak, postetxeak, lonjak, lantegiak, antzokiak, zubiak, bideak, ubideak eta abar. Tamaina handiko industria mundu oso bat zen, eraginkortasun eta erosotasun irizpidearen arabera orientaturiko makinaria eskatzen zuena.
Gizarte mailan eta elkarbizitza mailan behar gorri berriak eragin zituen hiri modernora alderako aldaketak. Arkitektura eta hirigintza dira estetika berriak garapenean abiatuko ziren bi fronteak. Neoklasizismoaren eragina pintura eta eskulturarekiko txikiagoa izango da eta, ikusiko dugun bezala, ez da arkitekturan eta hirigintzan bezain onuragarria izango. Hamazazpigarren mendearen erdialdera arkitekturak ez zuen eraikina solte eta berezko balio modura planteatu; Iñaki Galarragak ongi adierazi duenez, “antolamendua eta aniztasuna ez da soilik aintzat hartuko etxe, jauregi eta elizari buruzkoetan, baizik eta arkitekturako edozein erreferentziaren oinarri izango da jada hiria, hiri multzoa, hain zuzen”4. “Erreferentzi horrek ez zuen bazen hiria soilik kontuan hartuko, hedatu eta handiagotu egin zen gainera, pentsamenduan baizik ez den hirira, ametsetan baizik posible ez den hirira”. Hartu gogoan, Boullée eta Ledoux‑ek marrazturiko ametsak.
Gertakari neoklasikoaren ikuspegi zehatz batek, Neoklasizismoaren gertakariak berak dakarren konponezinezko izaera paradoxikoa, kontraesana ez esateagatik, ez du ahantzi behar. Alde batetik, jatorri indibidualista sumatzen zaio, eta bestetik, Estatuaren parte hartzearen behar gorria sentitzen da. “Civitas” berri baten asmakuntzak eta hirigintzaren utopiak, Hobbes‑ek definituriko Leviatan‑aren aurrean, Boterearen eta Estatuaren munstroaren aurrean, gizabanakoaren erantzuna eta arbuioa eragiten dute.5
Paradoxa honi beste bertsio bat eman diezaiokegu, lehendik azpimarratua dugun kontraesan linguistikoa ohartaraziz. Arrazoimenak ezarri nahi zuen estiloa, gizarte horretan bertan gainjarri nahian zebilen sentimenduen lehentasunarekin ezin konpon daiteke. Hauxe dela eta, Neoklasizismoaren definizioa bera eztabaidagarrien alorrean geratzen da; izan ere, jaiotzatik erromantizismoaren birusak azpia jandako klasizismoa baita; Neoklasizismoaren ordez, estilo berriari – Sigfried Giedion‑ek nahiago lukeen bezala– klasizismo erromantikoa izena eman beharko genioke. Nolanahi ere, Chueca Goitiak idatzi duenez “neoklasizismorik ez da koherentzia duen estiloan”.6
Euskal soiltasuna eta Neoklasizismoa
[aldatu]Sarreraren prozedura
[aldatu]Espainian neoklasizismoaren eragina berdinik gabea izan zen. Akademiaren eragina biziago sumatu zen erdigunetik gertueneko eskualdeetan. Eta Euskal Herrira ilustratuen espiritua astiroago sartu zen, nahiz eta azken barrokoaren eragina ez zen Gaztelan bezain bizia izan. Lehendik adierazi dugu 1763an Euskal Herriko Adiskideen Elkartea eta bere eskolak ireki izana oso erabakigarria izan zela pentsamendu berriaren sarreran eta Euskal Herrian Neoklasizismoak izan zuen eragina ez dela aztertu behar baskongadatako gizonek burututako lana aipatu gabe.
Izaeraz tradizionala den euskaldunak aurreiritziz eta mesfidantzaz begiratzen ditu kanpotik iritsita aurkezten zaizkion berrikuntzak, eta bereganatu ondoren, eta erabilian beren eginkizuna egiaztatzen duenean, orduan tinkotasunez eutsi eta bere izaerarekin egokitzen ditu.
Herri baten adierazpide moduan, ikusi genuen euskal arteak ez ziela azkar eta osoki erantzuten XVI. mendeko platereskoak eta XVIII.go barrokoak eskaintzen zituzten berrikuntzei. Ideario ilustratuarekin bat etortzea eta Neoklasizismoko Arrazoiak iradokitako estilistika berandu onartze hori berdinduta gelditu zen bertako zenbait arkitekto paregabeei esker (Ugartemendia, Otsandategi, Olagizel) edo aldi batez bertan lanean aritu eta lan bikainak egin zituztenei beste zenbaiti esker (Ventura Rodriguez, Silvestre Perez); horietako batzuk espainiar arkitekturaren historian arrasto enblematikoa utzi dute.
Izaera estetikako berri hau hainbat eta hainbat ekimen eta tekniketan azaldu zen. Baina arkitekturaren zuzen‑zuzeneko itxura, funtsezko erabilera, hirigintzarekiko lotura eta nahitaezko garrantzi soziala bitarteko, udaletxeetako artearen alor nagusi hau izan zen bat‑bateko eta modurik azkarrenean klasizismoaren zorroztasun alderako borroka erabaki zuena.
Halakoa izan zen itzulera, non uste izatekoa den, Neoklasizismoaren formetako soiltasuna euskal izaerarekin eta bere sentiberatasun estetikoarekin ongi uztartzen zela, eta koherentzia horretan ikusi behar dela euskal lurrean estilo berria hain azkar eta jori sartu izanaren arrazoia. Agian, Ilustrazioaren Kredo berriak defendatzen zuen “Naturaganako itzulera” izango zen mende honetan bederen, oihartzun konbentzigarri bat aurkitu zuena, oraindik ere, aurreko mendeetan bezala, ama Lurrari hain loturik zegoen herri honetako jendearengan.
Arrazoia eta gustua
[aldatu]Ilustratuek barroko apetatsuaren gainetik Arrazoia jarriaz, kritikan aspergabe jardutearen bidez gustu-aldaketa hasita, nahikoa izan zen obra churriguereskoak gaindituriko ezjakintasun eta ezikasi aldi baten adierazletzat aurkeztea, abian jartzeko estilo berriaren aldeko gurutzada ausarditsua Espainian ere, hala geratzen zelarik segurtatua arrazoimenaren, neurriaren eta geometriaren erresuma.
Dena den, klasizismo berriaren garaipena ez zen berehalakoa izan, ezta aurreko joerarekiko etena ere errotikakoa. Arrazoimenaren legea inposatzen zen heinean, are handiagoa zen artea sentimenduen alorrekoa zenaren kontzientzia. Ez zen hain zeregin samurra izan Arrazoiak Gustuaren irizpidea besterik gabe deuseztatzea. Mendearen azken aldi honetan Europako kultur munduak hainbat korronteren elkartasun bitxi bat bizitu zuen, non frantses klasikoek eta erromaniko aurreko ingelesek bizikidetzan ikasi behar izan zuten:7 “Begikotasunaren bidez baizik ez zaio ematen edertasunari zentzua”, idatzi zuen David Humek bere Standard of Taste (1757) lanean; Burke‑rentzat bere Philosophical Inquiry (1756) obran, edertasuna, maitasunaren nahiz arrazoimenaren kontua da; eta Kames‑entzat bere Elements of Criticism (1761) edertasuna igartzeko ikuslearen sentimenduekin harreman bat eskatzen du.
Mugak eta aldiak
[aldatu]Gure Herriko arkitekturan neoklasizismoaren garapenaren antolamendurako Euskal Herrian erkidegoko bizimodua asaldatu zuten gatazka politiko eta guduek muga esanguratsuez hornitzen gaituzte, begien bistakoa baita, izan ere, delako aztoramenduek berezko zabalkunde artistikoa eragotzi zutela eta eskualdeko kultur bizimodua eraitsi. Konbentzio gerrak lehendabizi eta Independentziako gerrak ondoren eta azkenik karlistadek gure kronika osatzen laguntzen diguten datak eskuratzen dizkigute; gure kronika ez da hainbat belaunaldiei dagokiena –ez baita erraza bizialdi batean elkarri etengabe eragiten dieten eta tartekatzen diren gizonen jarduerak mugatzea– aldiei dagokiena baizik, euskal artearen historiaren ia mende bat beteko duelarik:
- Lehenengo aldia, bere berrikuntzekin Ventura Rodriguez Euskal Herrira iritsi zenetik (1777) Independentziako gerra arterainokoa;
- bigarren aldia, Fernando VII.arekin monarkia absolutuaren berreskuratzetik (1814) Lehen gerra karlistaren amaiera arterainokoa (1840),
- eta azken aldia, ahuleziaren zantzuak dituela, XIX. mendearen erdira arte luzaturikoa.
Arkitektura neoklasikoa Euskal Herrian: lehen aldia
[aldatu]Apaingarririk ez izate soilak arkitektura neoklasikoa definitzen duela uste izanagatik, –Chueca Goitiak, Ventura Rodriguezekin8 Juan de Villanueva kontrajartzean, planteatzen duena–, egia da estetikako hizkerak ez zituela oso eskuragarri egiten frantses klasizismoak eraginiko lehen neoklasikoen eta azken barrokoen arteko desberdintasunak. Neoklasizismoko maisuak errefusatu egiten zuten, teorikoki behintzat, oinplanoak eta espazioak bat etortze hori, barroko berantiarraren ezaugarri izan zen arkitekturako adarrak elkartze hori. Oraingoan:
- oinplanoen eta bolumenen garbitasuna eta osotasuna begirune osoz zaindu behar ziren, beren formarik xumeenetan.
- Inguraketak ez ziren eten behar, ezta lerroak hautsi ere; markorik gabe ireki behar ziren baoak hormatan talka leunduz, eta barruko bolumenak argi eta garbi erakutsi behar ziren kanpo aldetik.
- Pilastrak baztertu, eta ildaskaturiko bere fustea zuen zutabe dorikoa nahiago izan zen, bere lerroen garbitasun eta sinpletasunagatik. Elizek, greziarren tenpluen antza izango zuten horrela; eta frontoietan estatuak jarriz gero, hauxe litzateke erantsitako apaingarri bakarra.
Ventura Rodriguezen Euskal erasoa
[aldatu]Euskal Herriko eraikinetan Bizkaitik hasi zela dirudi Madrilgo arkitekto ospetsuaren esku-hartzea. Nolanahi ere, “lan arkitektonikoetan Bizkaiari gailendu zitzaion lehen akademikoa” izan zen,9 hiru saio izan zituen honako elizotan:
- Larrabetzuko Santa Marian (1777),
- Zaldibarko San Andresenean, kanpandorrea diseinatzen (1777)
- eta Durangoko Santa Ana elizan (1780).
Larrabetzuko eliza. Larrabetzuko Jasokundearen eliza funtsezkoa da, Barrio Lozaren ustez, Bizkaiko neoklasiko estiloaren baitaratze prozeduran, “kontutan hartu behar den muga edo sinbolo antzeko zerbait”. Zalantzarik gabe, Chuecak adierazten duen barroko klasizista mota horretakoa dugu. Marrazketa modelatu batetatik, angeluzuzen batean sartutako gurutze greziarra sortuz datorrena da eliza; izan ere, habeartea presbiterio aldera eta oin aldera luzatzen da. Moduluzkoak diren angeluetako guneak kaperatarako erabiltzen dira, eta hauekin lotura duten guneak barrendegi eta eskailerentzako. Pilareak, plaka lauko kapitelak dituztela, ganga trenkatuei eusten dieten osagai dotoreak dira. Sekulakoa gertatzen da kanpoko itxura, eta elizak arkupe eta dorrearekin duen osotasun trinko horrek ondorioa.
Azpeitiko elizaren ataria. Azpeitiko kristau-elkarteak, mendearen hirurogeiko hamarkadan, estalpe eta ataurre bat egiteko beharra sumatu zuen, bere Soreasuko San Sebastian parrokiako eliza kolumnario handiaren sarrera nagusiaren aurrean, horretarako diseinu bat baino gehiago eginak zituelarik. Azkenean Ventura Rodriguez izan zen arkupe handia marraztu zuena eta Frantzisko Ibero, berriz, burutu zuena. Fatxada nagusian nolabaiteko barrokotasuna sumatzen da erdi‑puntuko arkuek eta erdiko sarrera nagusiaren saihetsetan kokaturiko zutabeen irtenguneak sorturiko argi‑itzal jokoan, ezarritako pilastren kontrastean; baina frontoi triangelu-formako eta arkitrabeko lerroen zurruntasun eta garbitasuna, funtsean neoklasikoa den ikuspegi bat agertzen ari da jada.
Iruñeko katedraleko ataria. Baina, Euskal Herrian Ventura Godriguezen lanik nabarmenena Iruñean burutu zuena izan zen. Gauza jakina da Antzinako Erresuman, Errege Akademiak emandako arauei entzungor egiten zitzaiela, hainbestekoa baitzen bere erregimen bereziak ematen zioten autonomia administratiboa eusteko jartzen zuten ardura. Egiatan, gainbegiraketa akademikoa eskatzen zuten 1777 eta 1784ko Errege Zelulak ez zituzten gogoan hartu.10 Jarrera honek estiloa berenganatze kontuan atzerapen garbia ekarri zuen. Ventura Rodriguezi kargua emanda, Nafarroara 1780ko Errege Aginduz Zubitzatik Iruñera ubidea eraikitzeko zeregina berekin zuela iristeak –1782 eta 1790 urte bitartean eraiki zen Noaingo ubide “erromatarra”–, akademiako arkitekto ospetsuaren eta nafar agintarien arteko elkar ezagutza erraztu zuen. Bere bidaia hori baliaturik eskatu zitzaion azter zitzala Tuterako Miserikordia Etxeko lanak eta baita garrantzi gutxiko beste lan batzuk ere. Baina bidaia honek Iruñeko Katedralaren fatxada berriaren eraikuntza eskatzeko egokiera ekarri zuen.
Lan honetan, arkitekto ospetsuak diseinatu zuen azkenetako honetan (1783), ongi adierazten da Ventura Rodriguez berant barrokoaren eta Neoklasizismoaren arteko “trantsizio gizona” zela eta hala hartu behar dela. Iruñeko katedral gotikorako Rodriguezek fatxada soil bat diseinatu zuen, zeinetan elementurik deigarriena lau estiloetako arkupe bikain bat den sakontasunean bateratutako zutabe korintoarrak dituela, frontoi triangeluar sendo batez erremataturik. Lau estiloetako arkupe mota hau Rodriguezek tenplu eta eraikin zibil handietarako diseinatzen zuen zazpigarrena zen, plastikotasun handienaren bila hormen lautasunetik bereizten diren zutabeak dituela, bere bolumenari ezohiko irtengune bat eman ziolarik. Tenplu klasikoetako frontis hau, berniniar arrastotik ere baduen hau, alde bakoitzetik ikusmen mailan alboetako hormatalez elkartuta geratzen da, basamentu soil baten gainean, erremate guztiz barrokoz koroaturik, bi dorre bikain dituela.
Chueca Goitiak Ventura Rodriguezen barrokotasun hau azpimarratzen du eta Iruñeko fatxada hau “bere kontzeptuan superbarroko” modura definitzen du.11 Diego Villanueva berak (Joanen anaia zaharrenak) askoz beranduago inprimatu eta hedatu zituen bere idatzi eta bere orri kritikoak kontutan hartuta ere, Chuecaren ustez, “barroko nabarmen” modura hartu behar da.
Oso bestelakoa da Alberto Ustarroz arkitektoaren iritzia, zeren eta konposaketaren trazu erregularrak azaltzen dituen azterketa tekniko batean, multzoak barrokoaren antolaketa organikotik ihes egiten duela esanaz amaitzen du, “nahiz eta bere argi‑itzalak garbitasunez azaltzen dituen, hasi horizontaleko erlaitz nabarmenetatik eta dorreetan pilaturiko bolumen bertikaletaraino”.12
Ventura Rodriguezen ikasleak
[aldatu]Ventura Rodriguezek ikasleak egin zituen Nafarroan zehar:
Inazio Asensio: berari esker eginak ditugu esku-hartze neoklasiko batzuk:
- Artaxonako San Pedrorenean,
- Faltzesko Jesusen Jaiotzarenean,
- Martzillako Agustindar Errekoletoenean,
- Martzillako San Bartolome parrokian.
Baina bere ikaslerik handiena eta laguntzailerik estimatuena Otsandategi izan zen.
Santos Anjel Otsandategi. Durangon jaio eta Akademian ikasi ez zuen arkitekto gazte honen esku utzi zuen Ventura Rodriguezek Iruñeko bere proiektua egitea eta berak egin zituen trazatzailearen planoak trebetasunez. Nafar lurretan zebilen 1776tik joera akademia zalea zuten eraikinak egiten.13 Erresumako Bideen Zuzendari izendatua izan zen eta 22 urtez iraun zuen kargu honetan; Udaletxean aurkezturiko proiektuei buruzko bere iritzia azaldu behar izan zuen eta oso zorrotz gainera batzuetan. Udal-ekimen publikoei buruzko Ordenantzak eta arkitektura pribatua kontrolatzeko arauak eman zituen (1786).
Zangoza Berriaren egitasmoa. Bere lanik adierazkorrena izan zen, 1787an, Aragoi ibaiaren gainezkaldi izugarri batean uholdeak eraman zuen aurreko baten ordezkoa izan behar zuen Zangoza Berriaren proiektua (1788). Proiektuan, ibaitik aldenduta populazioak leku goi batera eramana izan behar zuela eskatzen zuen hiri honek angeluzuzeneko oinplanoa zuen, etorbidez inguratua eta ortogonalki gurutzaturiko kalez osatua, neurri karratuko etxadi itxiak sortuz, zeinetan, barruko patioak, karratua den plaza batera emango zuen; guztiz arrazionala eta neoklasikoa zen egitasmo hau bazterrera utzia izan zen garestiegia zelako.
Mañeruko eliza. Otsandategi erlijio arkitekturan ere jardundakoa da. Alor honetan bere lanik garrantzitsuena Mañeruko San Pedro Apostoluaren eliza izan zen; hemen erabateko zorroztasun geometrikoa duen egitasmo bat garatuko zuen. Oinarri karratu baten gaineko gurutze formako egitura, exedran bildutako gurutzearen besoak dituela, absideari emandako esparru handiagoaren bidez ardatz nagusia nabarmenduz. Kanpotik ikusita, ez dago inolako zalantzarik, erdiko kuboari itsatsita baitaude exedren zirkuluerdi galantak; baian kupula ezkutuan geratzen da bere nabarmendu nahia gordetzeko. Maila apalago batean azaltzen dira besteak bezain egitura geometriko argiak dituzten sakristia eta gainerako gela eranskinak.
Uharte Arakilgo San Joan Bataiatzailea eliza. Antzeko konposaketa agertzen zaio, fabrika gotikoari erantsiko zaizkiolarik, inkoherentzia eskergaitzik gabe, bolumenetan erabateko garbitasunez jantzitako gurutzadura berria eta presbiterioa.
Ongi asmatu zuen beste egokitzapen bat, Iruñeko San Lorentzo elizan San Fermin kaperan burutu zuen, eta zenbait elementuk –ordenak, tribunak eta moldurek– katedraleko fatxada ekartzen dute gogora.
Dorreak. Otsandategi gogotsua hartu behar da bi dorre bikain hauen egiletzat:
- Garesko Santiagorena (1776),
- Mendabiako Joan San Bataiatzailearena (1781).
Hauetan gure Herriko kanpandorreen garapena erakusten da, barrokotik egitura aratzagoetara.
Lehen aldiko beste arkitekto batzuk
[aldatu]Otsandategi, neurri batean bederen, maisu autodidakta izan bazen ere, eta Ventura Rodriguez maisuak eskarmentua eta balioa aitortu bazizkion ere, laster sortu ziren Nafarroan San Fernando Errege Akademiatik irtendako arkitektoak.
Joan Jose Armendariz. Madriletik bere herrira itzulitako nafar hau, elizbarrutiko arkitekto izendatu zuten, erlijiozko arkitekturan guztiz emanda aritzek; horregatik proiektu-kopuru handi bat diseinatu zuen elizbarrutiko eliza eta komentuetarako, baita zaharberritze lanetarako ere. Armendarizen proiektu asko paperetan gelditu ziren, baina gordeak diren dokumentuetan garbi azaltzen da Akademiatik igarotakoa zela, zeren eta “mendearen azken aldeko nafarren ingurumarian oraindik ere modernitate kutsu handikoa gertatzen zen arkitektura” eskaintzen baitzuen.14
Armendarizen lehen proiektua, garestiegia zela eta onartu gabe gelditutako Iruñeko San Ferminen kaperako birmoldaketa bat izan zen. Irañetako San Joan Bataiatzailea elizarako eta Arronitzeko San Salbatore berriztatzeko diseinuak ere ez ziren gauzatu. Iberoko Jasokunde eliza. Hemen berriz, Iberoko parrokia berrirako Otsandategiren diseinuen arabera jasotzen hasitako lanak 1787ko uholdeak eraman zituenean, Armendarizen proiektu berri baten bila jo zuten (1800) eta honek bukatu zuen obra. Elizak oinplanoa neoklasikoa du, gurutze latindarra deskribatzen duena, habearte bakarra, motza eta tarteetan banatu gabea, eta beso zuzenak gurutzaduran eta abside zuzenean errematatzen direnak. Multzo honek erdigunera jotzen du argi eta garbi, kupulaz estalitako gurutzadurako espazioari ematen dion garrantzia ikusita. “Ikuspegi honen argitasun geometrikoa ezin handiagoa da eta kanpoan agertzen da, non, nagusituko diren gurutze egiturako multzo garaien gainean laranjaerdi-formako beste gorputz kubiko bat nabarmenduko delarik itsatsirik. Tenpluaren oinetan fatxada nagusiak bere egiten du kanpandorrea, aipatutako Irañetako proiektuan egin zuen moduan; bietan ere oso antzekoa eta soila da tratamendua”.15
Joan Antonio Pagola. Mendearen azken aldeko urte horietan Joan Antonio Pagola arkitekto gipuzkoarrak lagundu zuen gerora arkitektura pribatuan protagonista izango ziren eta denak ere Akademiaren idealak burubide hartuta, eraikuntzako maisuak eta eskulangileak eskolatzen. Pintura Eskola (1799) bat oso modu eraginkorrean sortzearen merezimendua izan zuen. Pagolaren lan arkitektonikoak ez ziren asko izan, ezta garrantzi handikoak ere. Adibidez:
- Labaiengo San Pedro elizako kanpandorrea (1806),
- Nuingo San Martin eliza (1808),
- Iruñeko San Lorentzoren erretaula nagusiaren diseinua, ia aurriak baizik geratzen ez ziren eliza zaharberritu beharrean zegoenean (1805‑1809), eta abar.
Datei erreparatuz gero, arkitekto honen jarduera urri hau, Maria Larunbek dioenez, bizitzea egokitu zitzaion aldiaren zailtasunak eragindakoa izan zitekeen, eraikuntzatarako ez baitziren oso egokiak.
Pedrol Nolasko Ventura. Akademiatik irtendako beste arkitekto bat lizarratarra zen Pedro Nolasko Ventura izan zen, Madrilen hiru kanposantutarako diseinuekin 1799an lehenengo saria irabazi ondoren, Nafarroara ospe handiz itzuli zen arkitektoa. Otsandategi 1803an hil zenean Erresumako Bideen Zuzendaritzan beronek ordezkatu zuen. Mendearen lehen hamarkadan ez zuen obra handirik egin ahal izan egoera politiko zailagatik eta Independentziako gerragatik.
Arronitzeko Salbatoreren elizako kanpandorrea. Eraikin neoklasiko tipiko bat egin zuen. Lau gorputzetan antolaturiko eraikuntza da: oinplano karratuko basamendu altu baten gainean eta hurrengo gorputza itsu duelarik, apaingarriz erabat soila den oktogonozko oinarri estu bat altxatzen da oinplano zirkularreko kanpai gorputza sostengutarako balio dion eta pilastra jonikoez inguraturiko baoak dituela, linterna eta kupula zorrotzez koroaturik dena. Pilastra jonikoek eta angeluetako lau garrek –zilindroa gehiago nabarmentzeko inola ere– ez dira eragozpen, oso‑osorik harlandu onez eraikitako dorre multzoa, neoklasikoko irizpidearen adibide garbia, egitura arkitektonikoak berak eskaintzen duen apainketa baino ez ikusteko. Amaitutzat 1807an eman zen.
Alloko Jasokundearen elizako dorrea. Arronitzeko dorrearen garaikidea eta hura baino garrantzi handiagokoa da Venturak 1805ean marraztu zuena. Silvestre Perezen elizak oroitarazten dituen habearte bakarreko tenplu bat da, hemen salbuespena gurutzadura izatea da, hain estua izanik ia sumatu ezina bada ere, eta estalkitzat duen laranjaerdia nabarmentzea eta tenpluaren oinetaraino luzatzen den kanoi habeartearekin kontrastean jartzea beste egitekorik ez duela dirudiena. Sekulakoa da kanpoaldea, beti ortogonozko profilak dituen bolumenen biluztasun geometrikoagatik eta paramentuetan harlanduen estereotomia bikainagatik.
Monarkia absolutuaren berrezarpena zela eta Venturari Nafarroako bere lanak utzi beharra gertatu zitzaion eta Madrilera itzulita merezimenduzko Akademiko izendapena eman zioten, 1822an. Nafarroan utzi zuen obra Neoklasizismo akademikoaren hedapeneko lehen aldia izenez ezagutu ohi dugunari dagokio, beraz.
Pedro Manuel Ugartemendia. Eta Nafarroan neoklasizismoari lehen bultzada eman zioten arkitektoez ari garenez, ezin utziko dugu ahantzian Pedro Manuel Ugartemendia gipuzkoar arkitekto ospetsuari Nafarroan lan batzuk eginarazi zizkiotela. Lehen hamarkada horretan esku hartze garrantzizko bat izan zuen Irañetako elizan; baina honen eta Donostia berriaren proiektugile handiaren beste lan hasberri batzuei buruz beranduxeago hitz egingo dugu, zeren eta bere lanik adierazkorrena bigarren aldian kokatzen dena baita, Fernandoren berrezarkuntzari dagokionean.
Orain, ordea, Bizkaira itzuliko gara, urte zail horietako neoklasizismoaren zenbait lekukoren lanak gogoratzera.
Bizkaia
[aldatu]Joan Milla akademikoa izan zen, Joan de Villanuevaren delineatzailea.
Aldeacuevako San Bartolome eliza. Enkartazioetan (Karrantza) 1789an trazatua izan zen eta estilo eskorialdarra hartu zuen molduren, erlaitzen, basamentuen eta uztaitzeen diseinua egiterakoan. Aldiz, abside mailan desberdina da, atzean sakristia jartzeko lerroan jartzeaz aparte, erdian horma-hobi handi bat ireki zuen elizaren izeneko santuaren irudia jartzeko eta zutabe doriko ildaskatuen artean uztaitu zuen, erdi‑puntua hotz-hotza den girlanda batez –osagai abangoardista dena.16 Barroko aldiko horror vacui‑aren aurka, bat‑batean plano eta bolumen hutsen aldeko gustua laster ezarri zen.
Alejandro Miranda. Joan Millak baino arrazoi handiagoz eta lan gehiago dituela, Alejandro Miranda da neoklasizismoaren lehen aldi horretako irudi nagusia. Euskal Herrian lan egin zuen beste edozein arkitekto baino gehiago, Akademian ikasitako maisuaren irudia da Miranda eta bere bizitzako lehen uneetatik Klasizismoaren eskemak zabaltzeaz arduratu zen, “alderdi handi batean konposaketaren zentzu berri bat inprimatu zuelarik”.17 Akademiko militante frantsestu honek bi hamarkadetan egin zuen lan Euskal Herrian, eta, aldi batez Bergaren bizitu zelarik, eskabide ugari onartu eta duintasunez konpondu zituen. Arduradun nagusi eta bakarra zen aldetik, berari zegozkion baino askoz lan gehiagotan hartu zuen parte. Trantsizioko ordezkaririk hoberena izango dugu ziur asko.18
Iruretako eliza. Modulu karratuen bateratze bat da, 1801ean diseinatu eta angeluzuzen batean itsatsia eta ongi nabarmenduriko gurutze greziar batean hierarkizaturiko makla kubikoak dituena. Sostengu-sistemak nahikoa gogorarazten du barroko aldiko tradizioa. Nahikoa efektu lortzen duen harrizko arkupea du aurrean.
Pisu Alondegiko proiektua. Mirandak tradizioan izandako zalantza eta emaitzak Pisu Alondegirako egin zuen egitasmoan amaitu ziren (1807), horretarako frantses klasikoetan inspiratu zelarik... Barrioren ustez, orain kanpotik azaltzen den zutabearen mesedetan, pilare eta pilastrak bazterrera uztea, Laugier eta Ledoux‑en ametsak burutzea da.
Gorostizako Santa Mariaren eliza. Nabarriz. Hau 1800an diseinaturikoa da. Bizkaian zentraturiko lehenengo eliza da, argi eta garbi –ez dezagun ahaztu, bi urte lehenago eta oso gertuan Silvestre Perezek Bermeoko eliza altxatua zuela. Kapera nagusia eta dorrea bere horretan, lehenengoaren ardatz gainean, oinetan kokaturik zena uztera behartuta, Alejo Mirandak gurutze oinplanoa hautatu zuen, korua sartzeko oinetarantz apur bat luzatuz, erdian gailenduriko espazio zabal bat sortu, eta oktogonoetan eta fajoi‑arku eta formeroez indarturiko hiru kanoi‑gangetan ezarritako kupulaz estalirik. Esparru hau oso argitsua gertatzen da gurutzaduraren besoetan irekitako baoengatik.
Mirandak Independentziako gerraren aurreko urteetan gorde ez diren hainbat eraikin zibiletan jardun zuen, hala nola, 1816an erre zen Bilboko Komedietako Koliseoan.
Ordiziako Udaletxea. Gipuzkoan, Ordiziako Udaletxearen (1798) diseinua zor zaio. Eraikin hau XVIII. mendeko euskal Udaletxe tradizionalen eskema berari jarraikitzen zaio –ezkaratz gainean bi solairu dituela–, baina “erromatar” erara, hots, neoklasiko ortogonismorik garbienera makurturik, baoetako markoek eta eskantzuek nabarmendua.
Bere lanik interesgarriena, Antiguako Santutegiaren burualdea, Alejo Mirandak egina da, halaber (1803).
Agustin Humaran. Alejo Mirandaren ingurumarian beste arkitekto bikain bat mugitzen zen, Agustin Humaran (1763‑1829). Elorrion jaioa zen, 1786an San Fernando Akademian sartu eta 1796an arkitekturako lehen saria merezi izan zuen, Aduanako proiektu batekin.
Mirandaren antzera, arau ilustratuen apostolu sutsu bat dugu Agustin. Nahikoa da Bilboko Santiagoko erretaula manieristari buruzko bere txostena irakurtzea, hots, ondoren 1805ean eraitsia izango zenari buruzkoa. Ugartemendia eta Alejo Mirandarekin jardun zuen 1813.az geroztik Donostia berreraikitzeko planetan; eta nahiz honen lanek Mirandarenak adinako garrantzirik ez duten iritsi, gaitasun handiko eta edonolako klasetan planteamenduak ongi konpontzeko iaiotasuna duen arkitekto bat agertzen dute.
Arabako maisu handi bat: Justo Antonio Olagibel
[aldatu]Arkitekto handi honen lana Araban une neoklasikoaren adierazkorrenetakoa da, eta bere arkitektura ezarri zen estilo ofizial modura Gasteizko hirian herri izaerako arkitekturako ekimenak gidatuz XIX. mende ongi aurreratura arte.
Justo Antonio Olagibel (1752‑1818) San Fernando Arte Ederretako Akademian jantzi zen, Ventura Rodriguezen azken aldiarekin topo egin eta Joan Villanuevaren klaseak ere hartu zituen.19 Olagibel hargin* eta obra‑maisuen familia batetik zetorren, familian arte-arkitektorik ez bazen izan ere. Baina berari egokitu zitzaion bere hirian neoklasizismoa estreinatzea, gaur egun enblematikoak gertatzen diren bi eraikin egiteko: Plaza Berria eta Arquillos arkupea.
Plaza Berria. Olagibelen obra handiena da. Arkitekturako aditu eta profesional guztien goraipamenak merezi izan ditu, hasi Argien Mende horretatik eta gaur arteraino. Gaur egungo diseinatzaileek berari buruz hitz egin dutenean, ez dute Udalak eta jabe partikularren artean erdizka ordainduta burutu zen obra honi buruzko goraipamenik batere gorde.
Herri erabilerako ekimenak, azokak nahiz festak, ospatu ahal izateko, eta Udaletxe berri bat duintasunez eta eroso kabituko zen esparru handi zabal bat sortzea zen helburua. Orduan Madrilgo Maisu Nagusi zen Ventura Rodriguezek baiezkoa eman zion proiektuari. Hiri zaharraren hormetatik kanpora herri bizimoduaren bihotza ateratzea albistea zen jada. Otsandategi saiatua zen inolako arrakastarik gabe Zangoza Berrian; eta Lukas Longak aurretiaz lortua zuen, barroko aldian hain zuzen, Elgoibarko parrokia-eliza berria bere Udaletxearekin hiribilduko Erdi Aroko harresiaz kanpoko lurretan eraikitzea.
Plaza Berriak karratu ezin hobe bat osatzen du bere lau alderdietan itxita dagoena. Plazaren hiru aldeak berdin‑berdinak dira, Udaletxea kokatu zueneko ipar aldekoaren aldean oso bestelakoak. Formari buruzkoetan, plazaren lehen gorputza erdi‑puntuko hamar arkuz osaturiko arkupeei dagozkie, Udaletxearen aurrez aurrekoan izan ezik, non aipatu eraikin hau nabarmentzeko, dobelen sistema, solte diren sei zutabe gainetan gain‑burudun sistemaz ordezkaturik baitago. Hiru dira plazak dituen sarbideak eta honen berdintasuna zutabe erdien ordezko pilastren bidez hautsia gertatzen da.
Arkupeen gainetan bi solairu balkoidun altxatzen dira, lehen solairuari dagozkionak frontoi kurbatuz txandakaturiko frontoi triangeluarrez koroatzen direlarik. Bigarren solairuko balkoiak, aldiz, erliebezko taulamendu bidez berezirik gelditzen dira. Baina Udaletxearen goieneko zatia triangelu-formako frontoi handi batez koroatuta dago, tinpanoan erlojua sarturik.
Simetria eta aniztasunaren arteko elkarketaren irizpide zentzuduna jarraituz, Udaletxearen lehen solairuan gainerakoari dagokion aldakuntza txiki bat sumatzen zaio, solairu honetan irekita dauden sei baoak harrizko kalostra batek zeharkatzen baititu. Udaletxearen fatxadan, pitxarrak eta hiriko armarria ditu jarrita.
Plazatik at ere kontura daiteke, hantura apur bat duen harlanduzko paramentuaren bitartez, Udaletxeari dagokion zatia zein den; bertan atari‑balkoi‑armarria ardatz bat berean daude, eta beste frontoi triangeluar bat badu, plazaren barrualdean bezala. Hiritarren bizitza erdiguneko topaleku bihurtuko lukeen plaza handi bat nahi zen, baina helburu hau ez zen apenas lortu, beste norabide batean egin baitzuen hiriak zabalkundea. Nolanahi ere, plaza berria hiri modernoa hedatzen ari zen mailarekin lotu beharraz pentsatzea gertatu zen, aldi berean, plaza berri hau antzinako hirigunetik isolaturik aurkitzen zela kontutan harturik.20 Desnibelen eta eraikuntzako lurren lotura egiteko arazo serios bat zegoen. Olagibeli bururatu zitzaion irtenbidea, eskailera bidez lotutako horizontaleko plataformatan jaitsiaz joatea ertzera iritsi arte, pasealeku eta behatokitzat balio duen arkupe ezagunarekin –aldapa irensteko– zokalo‑basamentu batez errematatzen dena. Gainean, atzean eta behean zeuden etxebizitzen eta lokal komertzialen jabeek ekarri zuten diruaren irtenbidea.
Arquillos arkupea. Los Arquillos‑en eraikuntza, “Epaia” izenez ezagutzen den aldetik Jose Nikolas Seguraren ekimenari zor zaion honek, Kutxilleria kalea Plaza Berriarekin elkartzea lortu behar zuen, eta horretarako Udalak lurrak eman bazituen ere, baldintza batzuk jarri zituen, hauetako bat Plaza Berriko osagai berak erabili behar zirela. Arkupeen izaera publikoa ere finkaturik gelditu zen. Arquillos hauek, beraz, partikularren diruaz egin ziren eta aurreikusitako denboran egin ere (1787‑92). Badaezpadazkoa gertatu zen arkuen eraikuntza, “Hegala” izeneko lekuari dagokiona. Olagibelek proiektu bat egin zuen, Segurak emandakoen jarraipen izango ziren ataripe arkudunak egiteko proposatuz, eta lurra mugatu eta zehaztu egin zuen, horrela beraz, berea da eraikuntzaren osoko ideia, azkenean Olagibelen proposamenaren oso antzekoa zen Güenes arkitektoaren azken diseinu bati jarraikiz gauzatua izan bazen ere.21
Arquillos eraikina egitea garrantzi handikoa izan zen Gasteizentzat, zeren eta, bi hiriguneen arazoa konpontzeaz gainera, “hiri honetan berezkoa den terrazen eraikuntza mota tradizionalari eusten baitio eta pentsamolde ilustratuaren emaitza modura hiri esparruaren antolamenduarekin zerikusirik baduen erabilera pribatua publikoarekin nahaste hau, benetan gauzatu baitzen”.22 Santuaren etxea. Olagibel beraren beste lan zibil interesgarri bat Armentiako “Santuaren Etxeko” fatxada da; ekimen pribatuko lana dugun hau, Habanako gotzaina zen Joan Jose Diaz de Espada arabarraren aginduz egina izan baitzen 1806an. Eraikin hau ere bolumen kubikoak ematen dion itxura trinkoagatik nabarmentzen da. Harlanduz eginiko fatxada nagusia hiru gorputzetan zatitzen da, erdiko ardatza irtengunez bereizten delarik, saihetsetan dituen erraldoi ordenako zutabe toskanarren erdian atari buruduna dago kokaturik, pilastraz uztaiturik dagoena. Atariaren gainean San Prudentzioren soin‑enborra ikusten da, kerubinez inguraturik, gaur egun bat besterik ez bada gelditzen ere. Ardatzak koroan taulamendu lau bat du. Eraikin honen fatxadatik halakoxe neopalladianismo bat sortzen da, Joan Inazio Linazasorok iradokitzen duen bezala.
Madalenaren Fatxada. Erlijio arkitekturari buruzkoetan, Olagibelek Gasteizen Madalenaren Komentuko elizaren fatxada –gaur egun bere sorburutik lekuz aldatua– burutu zuen, eta Madrilgo Gizakundearen fatxada oroitarazten duten Errenazimentuko eta barroko aldiko aztarnak ikusten zaizkio.
Dorreak. Hiriburutik kanpo Araban parrokietako dorre batzuk diseinatu ere egin zituen, berea duen estilo berezian.
Eltziegoko San Andres elizako sakristia berria. Panteoi erromatarraren miniatura gisa ikusi den zerbait diseinatu zuen, nahiz eta honek eraikin erromatar haren ahaztezinezko izaera ematen dion erdiko idi-begi bakar hura ez duen. Zabalera eta sakontasun desberdineko nitxoen txandakatzeak oinplano hau zortzi aldeko karratu bat bihurtzen du, baita kanpoaldetik ere. Eraikinaren data oso bereziki kontutan hartuta (1789‑1794), “arkitekturaren berebiziko eredua dugu hau, zalantzarik gabe, ez soilik Espainia mailan, baita Europa mailan ere”.23
Olagibelek esku hartu zuen, halaber:
- Antezanako San Migel eliza zaharberritzen,
- Kanpezuko Jasokunde parrokian, pontea eta konketa diseinatu zituen.
Arabako probintziatik kanpora arabar arkitekto hoberenak egindakotzat har daitezke:
- Orendaingo Udaletxea (1787). Eraikin soil honek badu Gipuzkoako herri horretarako Udaletxeak proiektu bat eskatu zitzaiola azaltzen den dokumentua.
- Gatzagako Udaletxea (1789), arrazoi berberak daude berea dela esateko, estilistikako egiletasuna aztertu denean baieztatu egin baita.
- Otxandioko Santa Marina parrokiako sakristia. Obra hau ere berea dela esan daiteke, Eltziegoko sakristiaren kopia bat dela baitirudi, Barrio Lozaren iritziz.
Gasteiz eta bere probintzian, zalantzarik gabe, Olagibelen lanen eragina sumatzen zitzaien beste eraikin neoklasiko batzuk izan ziren. Bat baizik ez aipatzearren, Mateo Garairen zuzendaritzapean eraikitako Santiago Ospitalea (1804‑1807) ekarriko dugu gogora, hasiera batean erdiko gorputz batean eta saihetsetako bietan garaturiko bi solairu zituena; baina eraldaketa erruz nozitua da. Bere garaian goraipamenak jasoa da, bai bere modernitateagatik eta baita bere neurri higienikoengatik ere. XVIII. mendean eginak ala diseinatuak izan ziren hauek, Araban eta gainerako Euskal Herrian gero emango zen arkitektura neoklasikorantz garapenaren erabakitzaileak izan ziren.
Silvestre Perezen lehenengo lanak
[aldatu]Epilan jaio zen Silvestre Perezek Zaragozan ikasi zituen lehen hizkiak, eta han bertan ezagutu zuen Ventura Rodriguezen adiskide eta jarraitzailea zen Agustin Sanz, gortean bera babestu zuena; Akademiako ikastaroetan partaide izan eta berehala ikaslerik ezagunena izan zen. Joan Villanueva irakasle ez bazuen izan ere, bere nortasunaren eraginak zeharbidez bederen harrapatu zuen. Erromara joateko diru-laguntza eskuratu zuen (1790); ingurune egokia aurkitu zuen han bere ikertzaile izaera suharra heltzeko eta ontzeko. Espainiako enbaxadore Jose Nikolas Azararen lagun min egin zen eta honek erromatar giro intelektualean sartu zuen. Ertilari eta idazleekin harremanak izan zituen; hauen artean, Arkitekturako Hiztegiaren egilea, Milizia, ezagutu zuen. Greziarren arkitektura ikasi zuen, baita erromatarra ere, Palladio batez ere. Madrilera itzulirik, San Fernando Akademian ospea hartu zuen, Arkitekturako Batzordeko Idazkari izendatu zuten, eta erakunde horretako arkitektorik eraginkorrena bihurtu zen.
Hartu zituen mandatu askok ez zuten proiektu izatetik aurrera egin. Lehen aldi honetan egin zirenen artean Euskal Herriko bi eliza aurkituko dira, Arkitekturaren Historiaren barruan jada enblematikoak direnak: Mutrikukoa (1798) eta Bermeokoa (1807). Jasokundeko eliza Mutrikun. Silvestre Perezen proiektu bati dagokiona da 1799an Akademiak ontzat emana, baina bere kokapenari buruzko auzi luze bat tarteko, ez ziren 1802ra arte eraikuntza‑lanak hasi. Arazo batzuen eraginez, berrogei uztez luzatu ziren lanak: gerrak eta diru falta. Perezen gustukoa zen kokapena, eta oso kontziente zen konpondu beharko zuen hirigintzako arazoaz, hiriko etxeak elizatik bereiziko zituen aldapa handia zela eta. Perezek kota desberdinetako lur sail baten punturik gorenean eraiki zuen eliza, horregatik, Atenas gogoratzen badugu, “plaza mugatzen duen agoraren gainean” akropoli bitxi bateko tenplu baten modura irudikatu daiteke.
Eraikin ausart honen oinplanoa, karratu batez diseinatua dago, lau zutabe solte doriko, haietatik abiatzen diren lau arku toral, esferazko ganga bat sortuz. Hondoenean, zirkuluerdi-formako abside handi bat, esferalaurden-formako batez estalitakoa, angeluzuzeneko esparru baten aurretik doa kapera nagusi antzera; oinetan, nartex batek arintzen du esparruaren erdigunea, hasierako bi exedra bidez, erdiko karratu handiaren alde banatan, apur bat azpimarratua gelditzen dena. Eraikinaren aurrean arkupe exastilo bat dago, lurretik zuzenean inolako harroinik gabe sortzen diren zutabe dorikoak dituela. Arkupe honetara kanpotik, desnibela gainditu ahal izateko, harmaila batzuetatik sartzen da –Atenasko akropoliko eliza aurreen arrasto bat gehiago. Zutabeen gainetan dago finkaturik frisorik gabeko arkitrabea. Guztiz xumeki molduraturiko erlaitzak, ohiko frontoi bat osatzen du, inolako apaingarririk gabea.
Bolumenen konposaketa zorrotz honetan Perez eredu helenikoen jarraitzaile ezin leialagoa bada ere, jalgitako kupulen gabezia, hala ere, espainiar tradiziotik gordetzen du argirik gabeko laranjaerdi-formaz eraikita; palladiar handitasuna duten lau zutabe gainetan eutsi beharraren ideiak, bestalde, Laigierren irizpideak gogorarazten ditu, eta bestetik, Boullée eta Ledoux‑en forma garbien mundua. Mutrikuko eliza, Linazasororen iritziz, “XVIII. mendeko azken eraikin handia” da, eta ziur asko probintzia honetako historia berriko garrantzizkoena, ez arkitektura berriaren lehen adibide bat soilik, baizik eta lekukorik garrantzizkoena, halaber.24
Mutrikuko Jasokundeko Andre Mariaren parrokia da, inolako zalantzarik gabe, arrazionalismo neoklasiko osoko elizarik hoberena. Erroman egon zen bitartean Silvestre Perezek berak egin eta Liburutegi Nazionalean jasoak eta Carlos Sambriciok25 argitaratuak dauden marrazkiok ikusita, ezagutu liteke aragoar arkitekto handiak Mutrikuko eliza eta Bermeokoa geroago planifikatzeko erradikaltasun hori nola prestatu zuen. S. Perez Erroman bizi zela, orduko Erromako arkitektorik ospetsuena zen Valadier frantses arkitektoaren eragina sumatzen zaie marrazki hauei.
Tolosako Santa Maria eliza. Euskal Herrian bizi zen bitartean, eta Bermeoko elizaren eraikuntza agindu baino lehenago, Perezek Tolosako Santa Marian esku hartu zuen (1805), gogoratzen dugun areto‑elizan horretan sute batek kalte larriak eragin baitzituen. Perezen parte hartzea hauxe izan zen funtsean:
- desegindako erretaulen ordezkatzea,
- eta aldarerako tabernakulu baten diseinua.
Horrela, gotiko berantiarreko esparru bat, Ilustrazioko arkitekturaren berezko esparru arranditsuz eraldatzea lortu zuen. Bermeoko Santa Maria eliza. Egoera galgarrian aurkitzen zen beste baten ordezkoa izan behar zuen elizarako Gabriel Kapelastegiren (1793) proiektua baztertzetik hasi ziren San Fernando Akademiako jaunak. Azkenean, Silvestre Perezek (1797) proposaturikoa aukeratu zen; baina eraikuntza-lanak ez ziren 1807ra arte hasi, eztabaida bat sortu baitzen herriko buruzagien artean kokapenari eta orientazioari buruzkoan.
Bermeoko eliza angeluzuzen baten barruan sartutako gurutze oinplano gainean altxatzen da, erdiko tartea kupula handi batez estalia du, beso tribunadunak eta angelu hilak esparru osagarri modura erabiltzen dira –sakristia eta beste; gurutzearen atzeko besoa apur bat luzatzen da korua sartzeko. Dena, hiriko lau kaleen lerroan jarrita, eta plaza betetzen duen arkupea buru duela, Udaletxearen aurrean. Frontisaren alboetan dituen bi dorreek jan egiten dute monumentu izaeraren edertasun garbi eta biluzia. Gorputz prismatiko batek ezkutatzen du gurutzaduraren erdia estaltzen duen kupula handia. Estereotomia bikainez prestaturik dagoen eraikin osoa gelditzen da arkupe azpitik ibil daitekeen angeluzuzeneko ingurabide batean txertaturik.
Bakearen Portuko proiektua. Urte horietan bertan agindu zioten ordurako sona handia lortua zuen Silvestre Perezi, hiribilduko Kontsulatuaren ideia handinahia, Bilboko Bakearen Portuko proiektua, egiteko. Ez zen tenplu bat soilik, baizik eta hiri handi bat, itsasadarraren ezker aldean tinkaturik. Koadrikula gainean jarritako diagonal eta erradiazio fokal anitz zituen beronen diseinuak.26 Dena proiektu huts bat besterik ez zen izan.
Espainia eta Frantziaren arteko egoera politiko aldaberagatik eraikuntzako krisialdia gertatu zenean, arkitekto irudimentsu batzuen maisutzak balio izan zuen –hala nola Justo Antonio Olagibel, Alejo Miranda eta Silvestre Perezenak– neoklasizismoak bereak dituen zenbait osagaien zabalkunderako, esate baterako, zutabea eusgarritzat erabiltzeko eta bao termalen aldera erabakitzeko.
Bigarren aldia. Gerra artean (1814-1841)
[aldatu]Silvestre Perezen bigarren aldia
[aldatu]Napoleondarren inbasioarekin Silvestre Perez, Madrilgo eraikuntza batzuetarako, Jose Bonaparteren proiektuen arkitekto bihurtu zen, besteak beste, Frantzisko Santu Handiaren onbideratzea Kortesetako Aretoan jarduteko. Bonaparteren erorketarekin, Perez atzerriratu beharrean gertatu zen, eta 1815era arte ez zen itzuli, erregimen berriaren aldetik mendekuz izan zitzakeen erantzunen beldurrez, Euskal Herrian aurkitu zuen babesa.
Horrela, Silvestre Perez historialariarentzat, Euskal Herriko garapen neoklasikoaren bi aldiak lotu zituen katearen maila bat bihurtu zen. Linazasororen iritziz, Mutriku eta Bermeoko elizak eta Donostiako Plazaren marrazketa egin ondoren, badirudi Perez eredu tradizionalago batzuetara itzuli zela, horrela purismotik, erromanismotik eta Mutrikuko elizaren apaingarri gabeziatik aldendurik. Baina, nahiz eta bere lanak aldi honetan neurritsuak izan, beraren eta bere jarraitzaileen bultzadak lortu zuen neoklasizismoak Baskonian ale esanguratsuak izaten jarrai zezan.27
Antzoki Berria. Silvestre Perezek krisialdi politikoren garaian jada, Gasteizko hiriarentzat Antzoki Berriaren diseinua egina zuen. Eraikin garrantzitsu hau Arquillos eta Plaza Berriaren artean dagoen tokian kokatu zen, Gasteizko hiriaren esparru berria finkatuz, eta antzinako Erdi Aroko erdigunetik hegoaldera geratzen zen barrutiko hirigintza-antolaketan, beste funtsezko eraikina izanez. Gasteiztar arkitekto Manuel Anjel Txabarrik burutu zuen 1807an; baina sute baten ondorioz desagertu egin zen 1914an. Zorionean, beronen dokumentu grafiko ugari gorde da.28 Pedro Navascuesek aipatzen du madrildar klasizismo erromantikoaren norabideak gertutik jarraitzen zituela Gasteizko Antzokiak, eta guk hartaz baiezta dezakegu Gasteizen eraikitze kontua ez dagoela soilik zuzenean Madrili loturik, baizik eta “neoklasiko gustuan aldagai arinen partaide dela, zeren eta neoklasiko garbizaletzat har daitekeenaren aurrean (Plaza Berria), azken aldiko klasizismo erromantikotik gertuago zegoela” Gasteizko Antzokia.
Bilboko Atxuriko Ospitalea. Jaurerriaren hiriburuan Silvestre Perezek Atxuriko Ospitalearen eraikuntzan parte hartu zuen (1817); harrizko eraikin bikaina da berau, oinplano bitxi baten gainean, Gabriel Benito Orbegozok diseinaturikoa, Hotel‑Dieu frantziarrak eta Durand‑en eraikin modulatuak gogoratzen dizkigularik.
Donostiako Udaletxea. Hurrengo urtean Donostiako udal arkitekto izendatu zuten eta Udaletxe galanta egiteko, zutabe dorikoak dituen fatxada bikaina eta atari aurretzat balio dion plaza polit bat dituena. Maila apalagoan bada ere, honen antzekoa da hilabete batzuk lehenago Perezek Bilborako diseinatu zuen proiektua.29 Hiri berri baten erdigune izan nahiez asmatu zen Donostiako Udaletxearen oinplanoari ez zaio oroigarri tradizionalik falta, XVIII. mendeko euskal Udaletxeen eskemari jarraitzen baitzaio, nolabait ere, Alejo Mirandak, atondo zutabedun bat sartuz, Ordiziako Udaletxerako burutu izan zuen estiloaren araberakoa da apur bat.30 Perez hil eta urte batzuen ondoren, 1832ra arte amaituko ez diren Donostiako Udaletxearen lanen zuzendaritza Ugartemendiaren eskuetan izan zen, eta hau proiektuaren diseinuari leial jarraitu zitzaion, xehetasun txiki batzuetan izan ezik.
Bilboko Plaza Berria. Perezek Euskal Herri osoan zehar jarraitu zuen maila txikiagoko lanak egiten, harik eta, konstituzioaren aldian, 1821ean Madrilera itzuli zen arte. Handik egin zuen Bilboko Plaza Berriaren diseinua, Donostiakoarekin erkatuz oso bestelakoa, itxiagoa, espainiar plaza arkupedun tradizionalen antza handiagoa zuena. Baziren, ordurako Alejo Mirandaren (1784) eta Agustin Humaranen (1805) proiektuak. Silvestre Perezek alde bakoitzean 25 bao zituen oinplano karratu bat proposatu zuen. Proiektu horretaz arduratu ziren Etxeberria eta Avelino Goikoetxearentzat behin betirakoa gauzatzeko oinarri gertatu zitzaien, azkenean 18 x 20 baoez erabaki zutelarik. Ondorioa, ataripeko mailaren gainean hiru solairuko eraikinak dituen plaza bat da. Hortaz, Agustin Humaranek proiektatu zuen bi solairutakoak baino gaitasun handiagoa du. Osotasunean hartuta, erromatar purismo neoklasikoaren adierazlerik hoberena da.
Arrazoizkoa den harriduraz dio Barrio Lozak, Donostiako Udaletxean (1818) ikus daitekeen moduan, Silvestre Perezek, bere erromatar prestakuntza kontutan hartuta, erraldoi ordenako zutabeak nolako erraztasunez erabiltzen zituen, Jaurerriko plazaren presidentzian –Foru Aldundiaren egoitza izan behar zuena–, irtengune gutxiko pilastrak erabiltzen zituelarik, dotoreak baina plastikotasun gutxikoak. Berriro ere galdera sortzen zaio bati barruan, ez ote den denbora igaro ahala, arkitektoaren jite erradikala gozatuz joan.
Sevillara joan zen Silvestre 1824an, Trianako zubian jardutera, baina bere egitasmoa baztertua izan zen. Madrilera itzuli eta 1825ean hil zen, 58 urte zituela.
Silvestre Perezen Euskal Herriko ale ospetsuek, bere bitartez zalantzarik gabe, Akademiaren irakaskintzek ordutik aurrera izan zuten eragina erraztea lortu zuten, eta hemen bertan egin zituzten beren ikasketak ondorengo belaunaldietako arkitekto nagusiek: Etxeberria, Belaunzaran, Agirre eta gainerakoek.
Hirigile handi bat: Pedro Manuel Ugartemendia
[aldatu]Esan dugun bezala, Silvestre Perezek diseinaturiko Donostiako Udaletxearen eraikuntza, eta era berezian Plazarena, Pedro Manuek Ugartemendiari eman zitzaion.
Donostian harresiaz kanpoko zenbait eliza diseinatuz bere burua ezagutzera eman zuen gipuzkoar arkitekto hain bikain hau, Irañetako elizaren traza egitera deitua duten, eta honek erdira ekarritako gurutze greziar oinplano bat hartuz konpondu zuen, lerroetan eta bolumenetan garbitasun geometrikoa gordeaz. Donostiako hiriburua 1813ko abuztuaren 31ean suntsiturik gelditu zenean, hiri berriaren egituraketan bere talentua erakusteko egokiera izan zuen, non Silvestre Perezek asmatutako eraikinak kokatu behar ziren eta pentsaera neoklasiko eta akademikoarekin erabateko adostasunean izan beharko zuen ziur asko.
Silvestre Perezen Udaletxea eraiki zuen Ugartemendiak eta plaza berriaren traza egin, atariaren aurrean. Eta bere lehenengo hiri modernoaren egitasmoa ez bazuen gauzatu ere, hark idatzi zituen hiriaren eraikuntzako Ordenantzak begirunez hartuak eta zorrozki beteak izan zitezen lortu zuen; hau dela eta gaur egun Donostia zaharrak era berdineko diseinua du.
Abagune horretako Euskal Herriko arkitekturari buruzko kontutan Chueca Goitiak “Perezen ondorengo arkitekto neoklasikorik hoberena” jotzen du Ugartemendia. Bere hiri berriaren proiektuari dagokionez, Ugartemendiak egitasmo eredugarri bat aurkeztu zuen, eta honi buruzko bibliografia zabal bat gorderik da. Barrio Loza irakasleak duela gutxi egin zuen lehen proiektu horri eta gauzatu zenari buruzko deskribapenari lotuko gatzaizkio, argi eta era laburrean adierazirik baitago: “Lorategi frantses barrokoen antzeko formula lekualdatuz, berdinak ziren beste zortzi kaleen alboetan eta erdian oktogonozko plaza oso zabal baten ondoan, eta karratuaren bi alderditan beste bi txikiago gehituz, denak berdinak ziren sare egiturako lursailetan osatzen zuen hiria. Plazari lotu zitzaizkion bizimodu zibileko eraikinik esanguratsuenak, zeren eta Santa Maria eliza, hiriko garrantzitsuena, sutetik salbatua gertatu baitzen, bideetan, aldiz, herritarren etxeak bildu ziren, beren arteko hierarkiarik gabe”. Baina, hara zer gertatu zen lursailen jabe ziren bertako burges familia garrantzitsuenekin, ez zeudela kalekumeak hierarkizatze antolamendurik gabe uzteko zereginaren alde, eta plano berritzaile hura, erretako hiriaren traza bera berregiten zuen beste batek ordezkatu beharra gertatu zen, erdian angeluzuzeneko plaza bat zuela. Aldagai bakarra etxeen bolumenaren kontzeptua izan zen, aldatu egin baitziren, eta baita fatxaden konposizioa ere, Ugartemendiak berak idatzitako ordenantzei egokitua izan behar zuenez.31
Iruñean azaldu zen berriro Ugartemendia 1826an urak bideratzeko planaz arduratzeko, baina, ez egitasmo hau eta ez Garesko Udaletxerako berak egindako traza ez ziren gauzatzera iritsiko, garestiegiak iruditu zirelako, beste behin ere. Nagusia‑ekin esku hartu zuen zenbait egitasmotan eta bere argibideekin nafar arkitekto gazte bati lagundu ere egin zion ziur asko Castillo Plazaren erregulartzeari zegokion proiektuak amaiera egokia izan zezan.
Bigarren aldiko beste arkitekto batzuk
[aldatu]Jose Nagusia. Aldi honetako azken urteetan, lehen karlistadako gerra bitartean nafar arkitekturaren ingurumarian Ugartemendiarekin Umezurztegiaren proiektuan (1832) esku hartu zuen Jose Nagusia gailendu zen. Bideetako Zuzendari izendatu zuten eta plano batzuk diseinatu zituen Castillo Plaza zabala erregulatzeko (1830).
Antzokia. Jose Nagusiak plaza aldera begira eraiki zuen antzokia, maila batean behintzat Ugartemendiak trazatu zituen planoak jarraituz; honi dagokionez esan dezagun Silvestre Perezen Gasteizko Antzoki desagerturikoan inspiratua zela.
Nafarroako Foru Diputazioko Jauregia. Plazaren alderdi baterako, Nagusiak 1840an Diputazioko Jauregia eraiki zuen, eredu klasikoak jarraituz. “Beheko solairuko ataripearen gainean bi gorputz dituena da fatxada, bere erdiko zatian Errenazimentuko arkupe klasiko bat baitaratuz, ardatzean zutabe gainetako frontoi bat duela, Sarasate pasealekuaren erremate modura, Jauregiaren lehentasuna azpimarratzeko. Saihetsetako edergarriek, berriz, tratamendu askoz xumeagoa hartu zuten, angeluzuzeneko baoekin; hauetako bat luzatu egiten da Castillo Plazan barrena Antzokiarekin elkartuz”. Lanak asko luzatu ziren, baina zuzen asmatzea izan zen ondorioa, hirigintzaren ikuspegitik, eta, Nafarroako hiriburuan erdigune bizia zen aldetik, behar zituen monumentuzko edergarriei begiratuta.
Jose Nagusia beste era bateko eraikuntzetan ere lan egindakoa zen: zezen plazak (Iruñean eta Tuteran) bideratzeak, zubiak, etxebizitzak eta abar. Denetan ere neoklasizismo berantiarrarekiko bere gaitasunaren eta leialtasunaren arrastoak utziz eta nafar neoklasizismoaren hirugarren aldian, lehentasunez etxeko arkitekturaz arduratu zen, arkitekto-talde gazte batez inguraturik.
Joan Bautista Belaunzaran (1769‑1849). Jaiotzez Andoaindarra bazen ere, zenbait tokitan bizitu zen: Donostian, Madrilen, Lekeition –bere adopzioko aberria– eta Bilbon. Bi seme izan zituen, biak arkitektoak, Hermenegildo eta Pedro; oso emankorra izan zen bere lanean. Aipa ditzagun bere lanik adierazkorrenak.
Gernikako Udaletxea. Hau 1937ko bonbardaketan suntsitu zuten eta barroko berantiarreko euskal udaletxe zaharren estiloari zegokion. Gorde diren argazkietatik, Martin Karrerak diseinaturiko Udaletxeekin alderatuta, estilistikako garapena sumatzeko oso argigarri gertatzen dira. Hiru solairutako bloke indartsu bat zen; kapitelak dituen pilare gainetan erdi‑puntuko lau arkuduna lehenengoa, solairu nagusian balkoi jarraikia eta gainerakoetan harburu orpodun gainetan balkoitxo zintzilikariak. Eraikin trinko honen ardatza hiriko armarriak markatzen zuen eta goienean erlojuak.
Ajangizko Jasokundearen eliza. Foru herritik bi km‑tara aurkitzen da gipuzkoar arkitektoa igarotzen ari den prozesua hobekien sumatzen zaion eraikina: Ajangizko Jasokunde eliza (1819). Eliz elkarte txiki baterako eliza oso handi baten proiektua egin zuen han, ibarraren ikuspegi ederrari begira. Atariaren aurrean, plaza handi bat izatea nahi zuen, Mutrikukoaren antzera, handik igotzen zelarik harmailaz elizara. Eraikuntza-lanak luzeak eta neketsuak izan ziren. Arkitektoak ez zuen zimentarrietatik hormak nola jaiotzen ziren baizik ikusi. Bere seme Pedrok jarri zuen arkupea 1860an; baina plaza ez zen inoiz ere egin.
Ajangizko eliza Bermeokoaren eta Nabarnizkoaren kidea da, azken honena bereziki, Barrio Lozak ohartarazi zuen bezala, monumentuzko formatuan berregina baitirudi. Hauxe da, hain zuzen ere, Belaunzaranek nahi zuena: erromatar jatorriko handitasuna. Izaera berezia ematen diona frontoi triangeluarrez amaiturik egotea da, ekialdera ematen duen argizulo handi bati bidea uzteko bere oinetan hautsia, antzinako irtenbideak eta neoklasikoak ekartzen dituelarik gogora.
Gabriel Benito Orbegozo. Euskal Herrian pilastraren ordez zutabea hartzen lehenengoa izan zen. Orbegozo Bilboko Marrazketa Eskolan hasi zen arkitektura ikasten, eta 1785 eta 1791n bitartean sei deialditan izan zen saritua.
Bilboko Atxuri Ospitalea. Orbegozoren lanik garrantzizkoena Atxuriko Ospitalea da, ezaugarrien berezitasuna besterik ez badu ere eta eraikuntzan zenbait arkitekto jardun bazuen ere (Humaran, S. Perez eta Antonio Etxebarria), arduradun nagusia moduan jardun baitzuen. Ospitale modura, eraikin aurrelaria izatea du meritu, pabiloi solteetan eritasun desberdinen arabera gaixoak antolatzeko. Hainbat eginkizun egokitu zitzaizkion XX. mendean zehar, besteak beste, museoa eta eskola izatea.
Modulu erako multzo bat da Ingalaterrako eta Frantziako zenbait ospitalen antzera: lotura diren beste biekiko ortogonalki kokaturiko hiru modulu dituen hiruhortzekoa, tarteetan leiho handiez zulaturiko patio irekiak sortuz. Orraze erakoa du oinplanoa, aireztatzea eta egutera bilatzen duena. Lehenengo bi solairuetan ixten da orrazea, fatxadatik kalera. Aurrez aurreko fatxadak kritikatua izan litekeen okerdura txiki bat osatzen du, Ronda kalearen bokaleari eszenografiazko errematea emateko zentzua daukana; erraldoi ordenako zutabe dorikoak dituen hau, eraikinarekin topo egitean pilastraz bildurik gelditzen da, lau estiloetako arkupe bikainaren bidez azpimarraturik geratzen den ideia.
Antonio Etxebarria. “Begirunerik handienaz begiratu behar den gizona” esaten du Gaya Nuño historialariak, Antonio Etxebarriari buruz, bere lanik bikainena den Gernikako Juntetxea (1827) deskribatu ondoren, eta egiaz berak baino ez du onartzen goraipamen hau.
Gernikako Juntetxea. Arbola buru duela dago multzo osoa, eta haren inguruan zortzi zutabetako tenplu korintoar eder batean eraikia dago Zin Tribuna, erromatarren Panteoiko arkupea miniaturan islaturik, “lege zaharrei” izan behar zitzaien begirunearen sinbolo sakratua. Esparru murritz bat sortzen du, sakonera gutxikoa, aitalehenei (Juntetako kargu iraunkorrak) dagozkien harrizko zazpi eserleku ozta‑ozta kabitzeko adinakoa.
Eliza honi saihets eginez eta fatxada Arbolari erakutsiz hedatzen da bost gorputzetako eraikin nagusia. Erdikoa da legebiltzar-areto arrauzkara eta toskanar oinarria duen arkupe in antis soil batean zehar sartzen da. Aretoaren barruan arrauzkararen kurba nagusian harrizko hiru eserleku (zurez estaliak) sartzen dira ahaldun ordezkarientzat, barandaz itxita dagoen goieneko beste jarrai bat berriz, jendeari eskainia dago. Arrauzkararen ardatzetan, alde batean sarrera dago, parez parekoan lehendakariaren mahaia, abside batera irekitzen den arku baten aurrean; eta bertan Birjinarentzat aldare bat. Zurezko armaduraz estalia dago aretoa. Tarteko bi galeriek barruko patioa libre uzten zuten –orain estalia dagoena– hegoaldeko hegalean kokaturik, eta artxibategira eramaten zuen; eraiki ez zen armategia zihoan iparraldean.
Halako egitura bitxi berezia duenez eta multzo osoak arkitekto handi baten nortasuna adierazten duela eta, Silvestre Perezen iradokizuna izan litekeenaren susmoa sortu zaio Gaya Nuñezi.
Frantzisko Maria Agirre. Durangon jaio zen 1795ean. Gaur ez du ia inork ere ezagutzen; baina Barrio Lozaren iritziz, oso estimatua izan zen bere garaian:
- Natxituan egoera galgarrian aurkitzen zen eliza, areto kolumnarioa bihurtu zuen,
- Iruretako eliza soiltasun neoklasiko espiritu beraren bidez berritu zuen,
- Mañariko eliza zabalagotu zuen, dorre bat erantsita;
- eta Zornotzako Santa Mariaren arkupe zoragarria diseinatu zuen (1847‑49).
Martin Etxaburu. Durangon jaio zen hau, Alejo Mirandaren aparejadore izan zen. Bere jaioterrian egin zuen lan eta besteak beste, hauek dira aipagarrienak:
- Mallabiako kanposantua (1811),
- Zenarruzako Ospitalea,
- Durangon Kalebarriako Eskolak, eta abar.
- Irigoitin, Idibalzagako Andre Mariaren eliza da, beharbada, bere lanik bikainena, habearte bakarrekoa izanik, lehendik zurezkoa zena estalita, ganga trenkatuzko eliza kolumnario bihurtu zuen.
Barriok bere arkitektoen zerrenda jorian, Manuel Ferran Vidaurre, Joan B. Escondrillas, Hermenegildo Belaunzaran, Antonio Etxanobe... eta batzuk gehiago aipatzen ditu eta beren lanekiko oroitzapen bat eskatzen.
Azken aldia (1841‑1860)
[aldatu]Berrogeigarren hamarkadan, arkitekturaren ikusmolde berriaren sustatzaileak desagertu zirenean, neoklasizismoak bere baitan zeraman birusa erromantikoa azaleratu zen egitura anitzetan. Gainbehera etorri zen zorroztasun razionalista eta geometrikoa. Eta iraganeko denboraren minak ez zituen erroak arrazoian izango sentimenduan baizik. Erdi Aroko katedral handienganako itzulera malenkoniatsua sumatzen da.
Hirigintzak sorturiko arazoekiko sentiberatasuna guztiengan errotzen den aldia da, eta hildakoak kaperetan eta kanposantuetako mausoleoetan gurtzeko beharra sentitzen den aldia, plazak apaintzekoa, oroigarrizko obeliskoak eskaintzekoa, herri‑iturriak lantzekoa eta abar. Arkitekturaren atal konplexu honetantxe azaltzen da neoklasiko aldiaren espirituak desagertzeari gogor egiten ziola eta halakoxe itxuraren edertzea ere berreskuratu zuela. Arkitekto batzuen bizitzan badira eredu klasiko handiekiko zaletasuna kitatutzat eman nahi ez duten uneak. Aipa ditzagun izen batzuk neoklasizismoaren kutsua oraindik ere suma daitekeenak.
Antonio Goikoetxea. Akademikoa, Foru Aldundiko konfiantzazko gizona zen.
Muruetako Andre Mariaren Jaiotza eliza. Muruetako eliza (1851‑52) egokirako egin zuena azpimarratzeak merezi du. Karratu batean sartutako gurutze formaz erdiratutako oinplanoa du, ertzetako esparruak ohiko zereginetarako eta korua goienean itsatsirik duela, Larrabetzukoan ikusi dugun bezala. Baina, beste lekuetan ez bezala, hemen kupula oktogono bilakatzen da eta linternaduna, barroko italiarreko antzinako elizak gogoratu nahiez. Kanpotik, estereotomia bikaina eskaintzen du, eta emaro, etendura zakarrik gabe, linterna aldera eskalatuz doazen bolumenen ñabardura gozoak antzeman daitezke. Oso urruti gaude jada, –adieraziko du Barrio Lozak– Bermeoko gogortasunetik.
Mariano Jose Laskurain. Gipuzkoarra dugun hau, Silvestre Perezekin batera lan egin zuenez, haren espiritu zorrotzez ongi blaitua zen. Arkitekto eta injineru oso konplexua zen honek, bere maisuarengandik jasotako arrasto zorrotzak utzi zituen Bizkaian, esate baterako:
- berehala gogoratuko dugun Markina‑Xemeingo kanposantuan (1850),
- Arbazegiko elizan; gurutzadura moduan bi kapera handi zituen habearte bakarreko tenplu bat eskatu zioten, 1848an.
Rafael Zabala. Hemen aipatu beharko genuke, agian, Rafael Zabalaren izena, berak egina baita Bilbotik Gasteizera doan trenbidearen proiektua. Arkitekto oso iaioa eta trebea izan zen. Berak eginak dira:
- Bolibarko Udaletxea (1857),
- Markinako Arrandegia (1858),
- Elorrioko eta Abadiñoko kanposantuak.
Pedro Belaunzaran. Lekeition 1812an jaiotakoa da, Bizkaiko arkitekturan esanahi handiko arkitekto familia bateko hirugarrena. Pedroren lan tipikoa Bizkaiko Irakaskuntza Ertaineko Institutua (1847) da, 1927an eraitsi zuten eta Aulestin egin zuena ongi islatzen duen Udaletxea (1843) eta Kanposantua (1852) direlarik.
Aulestiko Udaletxea. Euskal Udaletxe ezagunen ereduari erantzuten dio bere eskemak eta era berezian arduratu zen arkitektoa konposaketaren garbitasun, xumetasun eta zorroztasunean, batez ere, osagaien tratamendua eta konbinaketa ongi zainduz. Santa Ana deritzan urbanizazioan, Lamiako‑Areetan, bada izen bereko ermita neogotiko bat, Bizkaia mailan ezagutzen den historikotasun erromantikoaren lehen adierazlea. Honen traza berak egina izan balitz, Pedro Belaunzaranengan bi aldi estilistikoen arteko giltzarria ikusi beharko litzateke, Zabala, Mechacatarrak, Hormaetxe eta abarrenetan bezala.
Martin Sarazibar. Foru Aldundiaren Jauregia eraiki zuen Gasteizen, bere garaian goraipamenak jaso zituen eraikina da, eta kritikari modernoen aldetik oraindik ere goretsia den hau, etorriko diren belaunaldientzat eredugarri.
Arabako Foru Aldundiaren Jauregia. Ezer baino lehen, bere kokapena arreta handiz aztertu zen, halako moldez, non beste bi eraikin zibil handirekin koordinaturik ikusi zen, hau da, Plaza Berriarekin eta Antzoki Berriarekin; Erdi Aroko hiribilduaren hormetatik oso gertuko ingurune batean.
Luzea izan zen beraren eraikuntza (1833‑1858) mendea mugarritzen eta geldiuneak eragin zituzten karlisten zenbait borroka zirela eta.
Solairu bakarreko eraikinaren jatorrizko planoa 1844rako bukaturik gelditu zen, baina gerora, behar praktikoak zirela eta eraikinaren zatietan bigarren gorputz bat altxatzea onartu zen, haserako edertasunean gutxitze nabaria eraginez.
Jauregi honi erdiko gorputz bat agertzen zaio zutabe toskanarren gainean, taulamendu eta kalostrak eusten dituen arkupean irekirik, harmailetatik igotzeko, eta erdiko gorputzeko fatxadaren lerroarekiko aurreratuak dauden bi alboetako gorputz, halaber.
Alboetakoen lehen solairuan burdinazko leiho kalostradun handiak ireki ziren, eta 1858an erantsi zitzaion solairuan, berriz, eraikin osoan zehar doazen balkoiak ikus daitezke. Erdiko gorputzari dagozkionak bost dira guztira, harrizko kalostra jarraikia dutenak eta joniar pilastrez bereizitakoak. Eraikinaren erdiko zatiaren gainean Probintziako armarria erantsi zaio. Atzeko aldetik begiratuta, gorputz nagusia eraikinaren simetria-ardatz gisa nola osatzen den ikus daiteke, absideko biribilean amaituz.
Kartzelaren egitasmoa. Mendearen erdialdera Martin Sarazibarrek irabazitako ospeak (1859) Gasteizko kartzela egiteko proiektua eskatzeko balio izan zuen, bere zelula‑sistemaren erabileran lehenengoa izan behar zuena. Eraikin hau ez da gorde, baina argazkiek erakusten dutenagatik, fatxadan bederen, guztizko soiltasun neoklasikoa zuen, bigarren solairuko balkoien gainean frontoi triangeluar eta guzti.
Tafallako Plaza Nagusiaren diseinua. Sarazibarri zor zaio 1856an eraikitzen hasitako Tafallako Plaza Nagusiaren diseinua ere. Angeluzuzeneko plaza bat trazatu zuen Sarazibarrek etxebizitzetarako hiru hormatalez osatua –Ugartemendiak Donostiako Plazaren behin betirako bertsioan egin zuen moduan–, beheko solairuan arkupeak eta goieneko bi solairuetan angeluzuzeneko bao xumeak burdinazko balkoiak zituztela. Fatxada nagusiaren erdigunea udaletxeari gorde zion, behereneko gorputzean plastikotasun handiagoa izateko pilastrak pilareei ezarritako zutabeez ordezkatuta, azpimarraturik eta hormatal hau frontoi triangeluarrez errematatua.
Pantaleon Iradier. Arkitekto honen izena Gasteizko eraikin bikain bati loturik dago, Irakaskintza Ertaineko Institutuari (egungo Eusko Jaurlaritzaren egoitza). Herri‑lehiaketa baterako deialdia egin zen, eta Ordozgoiti, Sarazibar, Iradier eta Agirre elkartu ziren. San Fernando Arte Ederretako akademia izan zen Iradierren proiektua hautatu zuena. Agian epaimahai horretan pentsatuz, nahiago izan zuen Iradierrek neoklasiko aldiko garbitasun zorrotzera itzultzea. Proiektua 1851tik 1855erako tartean egin zen. Hemen lerro zuzena eta apaingarririk eza da nagusi, agian forma funtzioaren sinboloa izatea nahiko zelako, ikastetxe batek isiltasun, ikasketa eta zorroztasun zientifikorako gonbidapena egin behar baitu.
Eustakio Diez Güemes. Gasteizen herritartu eta bertako Udaletxearen eskutik eraikin zibiletan lan egin zuen burgostar arkitektoa dugu Eustakio. Arquillos izeneko eraikinean jardun zuen, bere esku hartzea zehazki erabakia ez badago ere. Era berean, Santiago Ospitale berrian parte hartu zuela ere gauza jakina da.
Aipatu berri ditugun eraikin zibil handiez kanpo –erlijiozkoak nahiz zibilak–, Neoklasizismoak Euskal Herrian izan zuen ezarpen handiaren eredu gisa, Historia honi ezarritako mugek behartzen gaituzte bibliografiara igortzera eta bereziki Arkitektura Neoklasikoa Euskal Herrian elkarlanera, mota anitzetako lanak katalogatzen, deskribatzen eta kritikatzen dituen honetara, zenbaitetan maila apalagoko ala arte eskakizun beheragokoetara, hala nola, arkupe, dorre, etxebizitza, plaza eta abarretara. Atal batean baizik ez gara geldituko, kanposantuetan; XVIII. eta XIX. mendeko kinka horretan berritasunak eta berezitasunak eskaintzen duen garrantziagatik.
Artearen alor berri bat: kanposantua
[aldatu]Karlos III.ak elizetan lurperatzeko ohitura eten nahi izan zuen. Baina, bere Errege Aginduak ez ziren berehalakoan bete eta XIX. mendeko gobernuak Errege Zelula berriekin itzuli ziren kanposantuak eraiki zitezela agintzera.
Kanposantuen garrantzia, arkitekturako obra interesgarriak dituzten tokiak direnez, Ladislao de Velascoren,32 Memorias del Vitoria de antaño (1889) liburuan adierazita dago, eta gaur egun nahikoa zaigu gure hirietako edozein kanposantu hark esanak egiaztatzeko. Iñaki Galarraga arkitektoaren iritziz, “kanposantua, zenotafioa eta hilobi‑monumentua izan dira arkitekturan garaiko pentsamoldeak ongien adierazten dituzten lanak”. Eta honi dagokionez, adibiderik argigarriena, Galarragaren iritziz, Elgoibarko kanposantua litzateke, aurrietan zen elizaren bi elementu eraldatzen jakin baitzuten, hau da, plataforma eta atari gotikoa “pentsamendu ilustratuaren burubideen arrazoizko adierazpidea” izango litzatekeen kanposantu batean.33
Bilboko San Frantzisko Kanposantua. Euskal Herrian kanposantu arkupedunak sakon sustraitu ziren. Bizkaian halakoetan lehenengoa, Bilboko San Frantziskorena izan zen. Humaranek, Hiribilduko jendeak bere hildakoak lurperatzen zituen tokian bertan diseinatu zuen, San Frantzisko komentuaren ondoan, arkitektoak 1815ean altxa zuen egitasmo topografikoan adierazten denez.
Kanposantua bera desagertua da dagoeneko, baina planoak gelditu dira. Barrio Lozak dioenez “multzoaren handirasunak, mausoleoarena batez ere, eta patioaren soiltasun eta dotoreziak, kalkulaturiko proportzioak eta osagai guztien leuntasunak San Frantzisko kanposantuaren diseinuari ematen diotena da Humaranentzat aurkezpen kartarik hoberena”.34
Angeluzuzenaren ertz batetik ezarria da sarrera nagusia, itsasadarretik sarturik, komentuaren multzoa libratuta eta norabidea antzinako egurrezko zubi aldera duela; aurreko hesiaren sarbide naturala gertatzen zeneko puntu berean. Ardatz honek, kanposantuak berea duen beste batekin egiten du topo eta topagunea trebeki azpimarratua geratzen da, ganga trenkatuz estaltzen den lau zutabetako aretoaren bidez. Hiru moduluetatik lehenengoaren erdian zatitzen da multzo osoa: sarrera, itzulia, mausoleoen lekua, erromatar atari aurrea.
Puntu horretatik, ardatz nagusiari jarraituz garatzen da esparru sakratua, mutur batean kapera eta biltegia exedra moduan, eta bestean, peristilo luzean zehar hilobi kaperaz errematatzen delarik. Oinplano itxikoa den kaperaren itxura dotorea, bere sarbidean adierazten da: arkupe frontoiduna, distiloa, in antis, zutabe doriko soilak, patioa inguratzen dutenen aldean neurriz bikoizten direnak. Kaperaren erdigunea zilindro-formako kupulaz osaturik dago, bertara irekitzen dira lau nitxo, eta haren ebakiduran esfera bat barneratzen da erromatarren Panteoian bezala. Denak ere bolumenetan antolaketa zentzudun eta hierarkikoa azaltzen du zati desberdinetan.
Gasteizko Santa Isabel Kanposantua. Santa Isabel kanposantuaz badakigu denbora joan ahala zaharturik, 1845 aldera birmoldaketa baten beharrean gertatu zela. Bere Necrópolis vitoriana 35 idatzian Jose Cola Goñik kanpoko bidaiariei miresmena sortzen ziela eta hauek Père Lachaise‑ren (Paris) kanposantuarekin alderatzen zutela esaten du; eta idazleak berak zenbait mausoleoz egiten duen deskribapenean ikusten da osagai klasizistak nahasi zirela, zantzu neogotikoekiko zaletasun hasberri bat azaltzen duten beste batzuekin.
Markinako kanposantua. Lehen aipatutako Mariano Jose Laskurain arkitektoak, Markina‑Xemeingo kanposantuan greziar eta egiptoar tradizio historikoko egiturak berreskuratu zituen. Antolaketa garbiaz gain, gureganaino ia‑ia bere horretan iritsi izanaren abantaila du.
Esparru angeluzuzena du, horma lauez itxitakoa, eta hemen irekiko da atea, bertatik kapera nabarmentzen delarik; ildaskaturiko zutabe dorikoen gainean –sei eta hamar alde bakoitzean–, inguru guztian bi uretako arkupea, zeinaren gainean bi isurialdeko estalpe baten estalkia ezarririk dagoen; kapera sakonean, esparruaren buru dela, eta patioan markatzen diren bi ardatz elkarzutak. Kaperaren fatxadak akroteraz amaitzen den zilueta trapeziala du. Atariak ere baditu naturaltasunez nahasitako arrastoak, greziarrenak eta egiptoarrenak. Betikotasunaren ideia, garbitasunez eta halakoxe erromantikotasun batez adierazi nahi izan dela esan daiteke.
Mallona kanposantua. Bilbo. Joan Bautista Belaunzaranek egin zuen Mallona kanposantua, eta osotasunean argazkietatik baino ezagutzen ez dugun arren, beste lan bikain bat da.
Mallona galtzaden goienean kokaturik, eta derrigorrezko bidea Bilbotik duela, zutik jarraitzen duen bakarra da garaipen arkuaren ate monumental bat, sarrerako atea zena. Gero, harmailen bide luzearen ondoren plazatxo nagusira sartzen zen, topografiak beharturiko ibilbidea kontutan hartzeko modukoa zelarik.
Esparru nagusia angeluzuzena zen, –91 x 78 m– harroinik gabeko zutabe dorikoak zituen arkupe batez inguraturik, angeluzuzen batean itsatsitako oinplano oktogonala duen erdiguneko elizaren adibide monumentala, kapera buruan zuela –lau zutabe erromatar erara dorikoetako arkupe bikain baten buru, alegia– triglifodun taulamendu batez eta erlaitz moztu batez koroaturik. Bistakoa da, iradokizun erromantikoetatik alde egiten ez duen eraikina dela, baina etengabeko erreferentziak izan zituen Erroma, Villanueva eta Silvestre Perez.
Dimako kanposantua. Kristobal Bernaola arkitektoaren lana da hegi batean kokaturik dagoen Dimako kanposantua, San Pedro elizaren ondoan. Bi alditan nozitu zituen garrantzizko handitzeak, esparruaren azalera 130 m2-tik 4000 m2 izatera pasa baitzen. Sarrerako atea eta kapera gorde dira. Lehenengoa, edikulu buruduna denak bere adierazkortasun indarra molduren soiltasunean oinarritzen du eta ez da konposaketan akatsik gabea, batez ere, pilastren gaineko taulamenduaren sostenguari dagokionetan. “Kapera, esparru sakratu batean tenplu gisa, harmailen amaieran eta hondo menditsu baten kontra kokatuta, bitxi txiki bat da –greziarren zentzuan–, doriko eta toskanarraren arteko lau zutabeekin (tetrastilo), proportzioetan eta eraikuntza amaierako arazoak dituena. Baina itxura eta kokapena dira multzoaren gauzarik deigarrienak”.36
Aulestiko kanposantua. Pedro Belaunzaranek 1855ean diseinaturiko Aulestiko (Murelaga) kanposantua aipamen helenikoz josia dago. Oinplanoa, esparru sakratu karratu handi bat da, erdiko ardatzaren gainean, eta beste bi karratu txikiago kateatzen dira, sarrerarena alde batean eta kaperarena bestean. Sarrerako pabiloiak agertzen duen fatxada, greziarren eta egiptoarren artekoa da eta atea azpimarratzen du.
Honek arkitrabeduna du konposaketa, ertzetan piramide itxurako pilarez errematatua –egiptoar pilonoen oroitzapenez?–; ateari arku eskartzano bat gainjartzen zaio, pilare gainetan gutxieneko kapitel bat eta erlaitz bat dituela, bi isurialdeko estalki batez errematea eginda.
Neurrietan perfektua den kapera, esparruaren barrualdera in antis eta distilo erako bitxi txiki azaltzen da, profil bera duten –zutabea kanpotik eta pilarea barrutik– parekaturiko eusgarriak dituela sakoneran. Berriro ere, esaterako Diman, multzo hau atzean duen paisaiarekin aberasturik gelditzen da.
Abadiñoko kanposantua. Rafael Zabala arkitektoak (1854‑59) egindako kanposantu hau bereziki monumentala da. Esparrua arkupeduna da hemen, ezer gailentzen ez den erromatar peristilo baten modura –alde bakoitzeko 10 zutabe dituela– erabakitzen da, kapera bera ere arkupearen gainetik lotsati modura azaltzen baita. Oso luzatua den toskanar ordena nahiago izan da, geldotasun handiagoko pilare bati angeluan ezarritako zutabe-erdien bidez kantoiari irtenbidea emateko. Sarrera, inguruko hormari kateaturiko toskanar pantaila kolumnario baten bitartez markatzen da, eta frontoi batez errematatzen.
Arte figuratiboak euskal neoklasizismoan
[aldatu]Historialariak, aurreko orrietan aipatu ditugun arkitekto neoklasiko bikainak eta beren lanak atzean utzita, beste arte plastikoen alorrari heltzen dionean, laster konturatuko da basamortua zeharkatzera doala. Antonio Gaya Nuñok XIX. mendeko espainiar arteari eskainitako Ars Hispaniae-ren liburukian, bere azalpenetan, mende horretako eskulturagile eta margolariei buruzko ikerlanetan ahaleginik egiten ez zuten guztiak kritikatzetik hasi zen eta Goyaren ingurumarian sailka zitezkeen haietara mugatzen zen honek, ez du mende honetan Euskal Herrian izan zitezkeen ertilari plastikoei buruzko lerrotxo bat bera ere eskaintzen. Nola Gaya Nuñok hala Pedro Navazcues eta Sanchez Cantonek XIX. mendeko espainiar arteari buruzko beren lanetan mendearen azkeneko Inpresionismora arte itxoin izan behar zuten aipagarri diren izen euskaldun batzuk idatzi ahal izateko (Beruete, Regoyos?). Gainerakoa isiltasuna da.
Eta, nahiz eta, Sanchez Cantonek, alegia “gure XVIII. mendeko eskultura hein handi batean ezezaguna dela” esanaz egiten duen oharraren arrazoi pixka bat baldin badu, aitortu beharrezkoa da,halaber, ikerlarien aldetiko estimu eta arreta falta horri ia mende batez iraun zuen errealitate historiko bat dagokiola ere: Euskal Herrian benetako arte kalitatezko ikonografiagileen gabezia. Hau, Euskal Herrian arte historiaren filosofoen aldetik azterketa sakon bat mereziko lukeen gertakaria da,37 zenbait ingurunetan oraindik asko ez dela hedatu den izena baita, euskaldunak tradizionalki benetako arte-sormenerako gaitasunik izan ez duelako fama.38
Hau ere esan ondoren, beste ohartarazpen bat egin behar dugu segidan, garai horretan baliozko eskulturagile eta margolarien gabeziaren gai hau, arte figuratiboei buruzkoetan hizkera estilistiko zehaztearen arazoarekin korapilatzen dela, alegia. Zeren eta, historialariak azken barrokoaren aurrean, arkitektura neoklasikoaren hizkera formala zehaztea nolabait ere erraza dela egiaztatzen badu, ez da horrela gertatzen eskulturari dagokionean. Hemen ezbaian ibiliko da kronologia, eta ez da erabakigarria gertatzen. Espainian badira, historialariek rococotzat hartzen dituzten ertilari plastikoak, beste batzuek aldiz neoklasikoen artean kokatzen dituztenak. Nahikoa bekigu adibide pare bat aipatzea; mendearen bigarren erdian lan egin zuen imajinagile murtziar Salzillo famatuarena eta Elias Tormo‑k “polit zale sutsua”, hau da, rococotzat izendatu zuena; eta Baskoniatik gertuen egon eta akademiakoa zen Luis Paret Alcazar, Vianan 1787‑1789 bitartean egin zituen margolanengatik askok rococotzat izendatzen dutena.
Bestalde, Baskonian eta Espainian, oro har, ikonografiagile neoklasikoen gabezia zenbateraino ez zen rococo berantiar baten biziraupenez hartu behar, neoklasizismoko espirituari aurre egin zion estilotzat?
Orokorrean, esan dezagun hizkera rococoagatik sumatzen dela oinarri neoklasikoekiko joera estilistiko bat gogoratu ditugun eskulturagileengan:
- Frantzisko Azurmendi eta Joan Bautista Mendizabal II.a, aurreko atalean aipatu ditugunengan.
- Jose Mendizabal, Urduñako Santa Maria parrokiarako Zigorkapenen agerraldian (1800).
Gogora dezagun, askotan, eskulturen egiletasuna ezkutukoa izan ohi dela.39 Nolanahi ere, izen horiek aipatzen ditugunean, ez da gauza samurra zenbateraino ari garen benetako eskulturagileak aipatzen edo aitzitik mihiztatzaileak eta erretaulagileak izendatzen ditugun zehaztea. Aldi horretan, barroko aldian bezala, sarritan arkitektoaren lana edo erretaulagilea eta imajinagilea pertsona bat beraren ardura izaten zela baiezta daiteke. Adibide bat baino ez jartzearren, Peñacerradako sagrarioa, tenplete biribilaren egitura, Pedro Martinez de la Hidalgak egina izan zela 1894an, “aldi horretako, Arabako eskulturagile eta arkitekto bikainenak”40.
Eskultura neoklasikoa
[aldatu]Winckelmann irakurriz ala Canovaren eskulturak kontenplatuz ez da samurra eskultura neoklasiko batek eusgarri modura marmola behar duen ideiatik askatzea. XVIII. mendeko gure imajinagileen polikromiazko zurezko irudiek ez dute zerikusi handirik Wincklmann‑en irizpide estetikoekin, zeren eta egile honek bere garaiko ertilariei “edertasun ideala” bilatzeko gomendioa egiten baitzien. Beste guztien gainetik adierazpidea aldarrikatzea, ilustrazioko estetikaren pentsamenduan, edertasunari eraso egitea zen. Une hartako italiar idealistentzat eta beren bozeramaile Winckelmann eta Lessing‑entzat artearen helburua forma garbia bilatzea zen; “uraren antzekoa” da edertasuna, zioten; “zenbat eta zapore gutxiago orduan eta hobea”; hispaniar tradiziorik hoberenetakoa zen eskulturagileari eska ez ziezaiokeen huraxe zen, hain zuzen ere.
Herri honetan, esan dezagun, egurra ez den beste material batean egindako eskultura –Alfontso Giralda Bergaz‑ek Errenteriako erretaularako egindako Jasokundearen taldea, eta Urduñako Antiguarako marmolez eginiko medailoia– bitxia dela oso. Hamarkada hauetan, erantsiko du Julen Zorrozuak, erretauletako imajinak “estatikoagoak egiten dira, jarrera lasaiagoan eta jantzi ez hain harroekin, eta bizitasun gutxiago dutenak, aurpegiak idealizatzearen bila joan nahi baita”.41
Erlijioaren esparru barruan, argi eta garbi azaltzen dena, erretaulen egituretan hobekiago eta ugariago gauzatu zela estilo neoklasikoa, imajina solteetan baino.
Edukiari dagokionez, oinarrizko gai kristauei heltzeaz gainera (gurutziltzaturiko Kristo, Andre Maria Birjina eta parrokietako Santu zaindariak), sumatzen da San Jose, Aingeru Zaindariaren eta Garbitokiko Arima Bedeinkatuen jaierak halakoxe garrantzi bat baduela.
Eskultura zibilean badira beste ale batzuk ere, normalean oroigarri izan ohi dira eta kale, plaza, eta eraikin zibilen edergarri izatea dute eginkizun, eta horien erantzukizuna ia beti kanpoko akademikoen gainera joaten da, besteak beste Robert Michel, Alfontso Giralda Bergaz, Carlos Imbert, eta abarren gainera.
Euskal Herrian urte horietako ezegonkortasun politikoa larria zelarik, kanpoko eskulturagileen etorri handi samarra izan zela ere esan daiteke.
Nafarroa
Nafarroan beren obrak utzi zituzten eskulturagileak aipatu nahi dituztenean, izen arrotzetara jo beharrean gertatzen dira historian adituak:
- Robert Michel akademikoa, azken batean barroko berantiarra izan zen eta bere estiloaren errebisionista, Gages Conde Erregeordearen (1767) hilobiaren egilea,
- Frantzisko Sabando errioxarra eta Frantzisko Abella zaragozarra katedraleko arkupeko kapitel korintoarrak landu zituztenak;
- inolako famarik ez zuten batzuk, besteak beste, Antonio Salanova, Luis de Boccia eta Carlos Pedduzzy jardun zuten San Fermin tenpletean eskultura-lanetan, Iruñeko bere kaperan (1819);
- ezagunagoak ziren beste batzuk, esaterako, Jose Piquer erromantikoa, marmol zuriz Espoz eta Minaren mausoleoa egin zuen Iruñeko katedraleko klaustroan;
- Luis Paret madrildar margolaria ospetsuagoa da Iruñea eta Bilbon hiriko iturrien eta zenbait oroigarri eta edergarri huts diren monumentuen egilea.
Araba
Harridura berak harrapatzen ditu Araban eskulturagile neoklasikoen bila hasten direnak. Polikromiazko tailla‑lanetan adituak izan ziren elizetan eta komentuetan beti beharrezkoa zen imajinagintza baten zerbitzuan, baina ez benetako sortzaileak. Familietan egituraturik azaltzen diren eskulangileak dira, hau da, elkarteko hizkera, norberaren estiloaren edonolako apetaren gainetik, lege modura ezartzen dutela diruditenak.
Valdivielsotarren lantegia. Familia hauetatik, bikainena eta bere lanaren espiritu eta hedapenagatik herrikoiena izan zena, burgostar eskulturagile Gregorio Valdivielsok fundaturikoa izan zen, bere lantegia Payuetan kokatzera iritsi zena. Gregorio Valdivielso. Rococo estiloan egin zituen taillak:
- Galvaringo San Martinen eta Apinanizko erretauletako imajinak,
- eta Kanpezuko Santa Gurutzeko sakristiako aulkiteria.
Maurizio Valdivielso, Gregorioren seme hau, familiako imajinagilerik ospetsuena izan zen, zeinari “Payuetako santu‑egile” izena eman zitzaion. Gasteizera ekarri zuen lantegia 1802an. Valdiviesoren zenbait lanetan suma daiteke Ilustrazioaren arau akademikoek eraginik izan zuela beregan, bere irudien adierazkortasun alderdiari eusteari dagokionean:
- Betoñoko Ecce homo‑a,
- Elorriagako parrokiako San Sebastian eta Arrosarioko Ama Birjina.
Baina bere ia irudi guztietan zuzentasun eta fintasun formalek erakusten dute rococoaren gozotasunetik ez zela inoiz askatu. Alexandro eta Inozentzio Valdivielso. Maurizioren ilobak ziren hauek, haren lantegiko lanekin jarraitu zuten, mandatu beretan elkarrekin lan eginez sarritan. Hauei zor zaizkie:
- Gasteizko Portalean jarritako Birjina Zuria,
- eta San Migel parrokian Birjina honen kaperan dagoen Birjina Zuria.
Inozentzio 1874an hil zenean, amaitutzat emango zen familia honen inguruko lana.42
Morazatarren lantegiak. Garaiko beste lantegi ezagun bat, eta mailaren batean Valdivielsotarrenari loturik agertzen dena, Morazatarrena da.
Manuel Morazak Araban erretaula ugari egin eta eraberritu zuen eta Valdivielsorekin jardun zuen:
- San Martin Galbarinen eta Durruma Kanpezuko San Erromanen erretauletan,
- Kanpezuko Santa Gurutzeko sakristiako aulkiterian.
Jose Moraza. Manuelen semeak, berarekin jardun zuen, baina arkitekto ala erretauletako injinerutzan azaltzen da batez ere. Benigno Moraza, Joseren semeak, Maurizio Valdivielsoren ondoan egingo du lan. Bere familiakoen artean berau da neoklasikoaren kanonekiko leialena. Bere lanak 1789 eta 1832 arteko arku luze batean zehar-forma hartu zuen; Astegietako erretaula da bere lanetan bikainena. Rubiotarren lantegia. Valdivielsotarren antzeko familia-leinu bat Rubiotarrena da, beroni zor zaizkiolarik:
- Audikanako erretaula nagusia, Manuel Martin Karrerak –aurreko atalean aipatu ditugu bere lanak– trazatu eta Jose Murgaren gubiatik sortutako imajinak dituena;
- Elorriagako alboko erretaulak.
Batzuetan eskulturen tailla‑lana “Payuetako santu‑egilearen” eskuetan utzia dela ematen du. Herediako (1803) alboko erretauletan imajinagile eta “urreztatzaile maisu” izateaz gainera margolari bizia izan zen Jose L. de Torre‑k esku hartu zuen.
Margolan neoklasikoak
[aldatu]Bi izenek hartzen dute XVIII. mendeko bigarren erdiko espainiar ikuspegi piktorikoaren gaina. Biak ere atzerritik etorriak ziren, Karlos III.a erregearekin tratua egin ondoren: Tiépolo italiarra zen horma‑pinturen alorrean sonarik handienekoa eta Antonio Rafael Mengs bohemiarrak nagusitasun gorena zuen edergarriei, erlijiozko margolanei, tapizei eta erretratuei zegozkionetan, Errenazimentuko Rafael, Correggio eta Giorgione margolari handiek eragindako margogintzan.
Artearen teoriko izanik, batez ere, Winckelmann historialari filosofoarekin omen zuen adiskidetasuna zela eta Mengs‑ek ematen zuen irizpena Arte kontutan “gustu onari” eta “erreformismo ilustratuari” zegokionari buruzkoetan, oro har. Erroman, Dresden, Vienan eta Napolesen irabazitako sona handi baten jabe zela iritsi zen Espainiara. Berak Akademian zuen nagusitasunak oso sakonetik eragingo zien Madriletik pasa ziren euskal ertilariei; eta adibide oso esanguratsuak dauzkagu gizon hauetako batzuk nolako gogorkeria eta destainez esaten zituzten direnak eta ez direnak beren lankide euskaldunen eta nafarren proiektuen irizpenak eta txostenak ematerakoan, Akademiako arauei goitik behera kasu egiten ez zietenean.43
Neoklasizismoko euskal margolariak
[aldatu]Euskal Herriko neoklasizismo aldiko margolanei dagokionez, eskulturari buruz esan dugun gauza bera errepikatzera beharturik gaude. Espainiako historialariek Goyaren ingurumarian sartzen ez ziren XIX. mendearen lehen erdiko margolarienganako izan duten arreta eskasa deitoratuz, Gaya Nuño saiatu da eta lortu ere bai, bere ustez, ikerketa serios bat merezi duten izen zerrenda trinko bat argitara ateratzen. Baina, zerrenda horretan, beste behin ere, ez dugu euskal izen bat bera ere aurkitu. Erretauletan, higigarrietan eta teilatuetako eraikuntzetan izan zuen eraginik 1777ko azaroaren 25eko Errege Ordenak egurraren erabilera galarazteak, aurreko mendeetan parrokia-elkarteen ohorezko harrotasun eran kontenplatua izan zen imajinagintzaren sektoreari –erretaulena, hain zuzen ere– zegozkionetan gertatu zen gaitzespenean.
Horrez gainera, Neoklasizismoak arkitekturari eta bere egituren bikaintasunari ematen zion lehentasunak, beste alorretako profesionalak irudigintzara baino gehiago, edergarri hutsetara makurtzera behartzen zituen. Horrela, polikromia eta urreztatzea izan zen trebaturiko alorrik hedatuena eta ia zurgatzaileena. Gainera, mendearen azken aldeko gerrak zirela eta, arte apaingarrietan urrea erabiltzea murriztu izanak ondorio horretara iristen lagundu zuen.
Altzarien arkitekturako elementuak apaintzeko ohitura nagusitzen hasi zen, beren eraikuntza amaitu bezain laster, edergarririk gabe zegoen guztia, hainbat motatako marmol eta jaspeak imitatzeko zeregina zuen polikromiak. Badira brontzea imitatzen zuten kapitelak, baita jaspezkoak izan nahi zuten fuste kolumnarioak ere. Ez dugu beharrezko jotzen, bilduma historiko honetan geldialdi bat egitea, ezta eskulangintza jarduera mota hau landu beharra izan zuten obra eta ertilarien –zenbaitetan dinastia edo familia-leinuak ziren– izenak ematea ere.
Esan berri dugun honek ez du esan nahi aldi honetan horma‑pintura eta oihal gaineko figuratiborik inola ere landu ez zenik. Oro har, egia da zuzenean ala grabatuetan ezagututako kanpoko ereduen –Carreño, Ribera, Murillo– imitatze ala kopia gehiegi ikusten dela, esaterako, aurreko mendeetan. Eta ikuspuntu estilistikotik imitatzen ziren ereduen garapena ere jarraitzen zela ziurtatzen da, XV. eta XVI. mendeetako kolorista handietatik XVII.eko maisu handien polikromia zuhur eta gama hotzetara igaroz: Velázquez, Zurbarán eta abar.
Hemen, aurreko atalean aipaturiko XVIII. mendeko azken hereneko margolari batzuk gogoratuko ditugu, besteak beste: Antonio González Ruiz. Nafarra zen eta Arabako Batzar Nagusietarako San Prudentzioren alegoria eta Araba margotu zuen (1763‑65).
Antonio Carnicero. Erakunde horretako zenbait kide ospetsuren erretratuak egin zituen 1800ean.
Jose López Torre. Arabar honen irudia ere aipatzekoa da, erretauletako polikromiagile eta urreztatzaile gisa nabarmendu bazen ere, margolari figuratibo ere izan baitzen. Urte luzez bizi izan zen honek jarduera ere luzea izan zuen, 1778tik 1828 urtera bitartekoa. Santuen irudiak zituzten oihal batzuk margotu zituen Peñacerradako sakristiarako, Nekaldiaren eszenak Betoñoko sakristiarako, aingeru-irudiak Okarizeko aldare nagusirako, Heredia, Arkaia, eta Aguraingo San Joan eta abar elizetako erretaulak apaintzeko beste irudi batzuk. Kronologiaren arabera neoklasikoa izan behar bazuen ere, López Torrek leialago iraun zuen rococo estiloarekiko; ez zen oso sortzailea, aurreko maisuetatik asko kopiatzen zuela ikusi egiten baita, eta ez zuen inoiz gainditu kaskarkeria.
Harenak direla esaten da Diego Villanuevak trazaturiko Donostiako Santa Maria elizako erretaula nagusiaren alde bakoitzean margoturik dauden Santen irudiak.44
Luis de Boccia. Donostiako basilika honetan bertan, zaindariaren martiritza irudikaturik dagoen oihal handia ere, Luis Boccia margolariak (1819) egina dela esaten da.
Antonio Zabala. Gipuzkoar margolari honena da Tolosako erretaula nagusian buru den Jasokundearen koadroa, esan dugunez Silvestre Perezek marraztu zuena. Pintzelaren profesional sail honen gainetik zalantzarik gabeko abantaila duen kanpoko ertilari bat gailentzen da, Bilbo eta Nafarroan kalitate handiko lanak utzi zituena: Luis Paret.
Luis Paret y Alcázarren euskal lana
[aldatu]Madrilen jaioa zen 1746an, eta oraindik haurra zela San Fernando Akademian sartu zen ikasle. Laster bereizi zuten sariekin eta Erregearen anaia Luis printzearen mesedea iritsi zuen, babesarena alegia. Bere margolanekiko onespena erakutsi zuen Mengs‑enarekin batera, eta Erromara joateko pentsio baten onuradun izatearen bidea eman zion. Hiru urtez, 1763tik 1766ra, egon zen artearen hiriburuan eman zuen bizialdiari buruz ia ez dago berririk.
Madrilera itzulita, aparteko talentua zuen ertilaria zela laster agertu zuen, eta arrakasta itzela lortu zuen bere marrazki eta zentzu kromatikoagatik, batez ere, margolan batekin: Karlos III.a bazkaltzen, Gorteaz inguraturik. Genero‑koadroa da, maisu frantsesen rococo lanetan inspiraturikoa, ziur asko. Ez da arrazoirik falta izan espainiar Watteau izengoitia emateko. Aipatu koadroak eta La tienda de telas (1772) izenekoak, ez da zalantzarik, ertilari frantses handiaren arte atsegin hori guztiz ekartzen dutela gogora. Margolan hauei buruz Sánchez Cantón‑ek iritzi hau ematen du egokiro, “ez daudela maisu‑lan izatetik oso aparte”. Oraindik ere argitara azaldu ez diren eta ziur asko politikako baino moral mailako bizimoduaz zeresan gehiago duten arrazoiengatik, Paret, Puerto Ricora atzerriratu zen 1775eko irailean. Handik, Espainiara itzultzea laster lortu zuen, baldintza batekin, Gortetik urruti bizitzekotan.45
1779an Bilbon kokatua zuen bizitokia, han ezkonduta. Jaurerrian margolanetan –batez ere erlijio gaietan–, grabatuetan eta hirigintzako arkitekturan murgildurik azaldu zen.
Bilbon:
- Gorde‑aldare bat diseinatu zuen Aste Santurako,
- Santiago parrokiarako santutegi bat,
- eta hiribildurako bi iturri.
- Kortazar jauregiko kaperan egin zuen lan;
- Udaletxearen eta otoiztegiaren apainketan;
- Itsasadarraren paisaia margotu zuen
- eta Larrabetzuko parrokiarako koadro bat.
Kantauriko portuetako ikuspegiak egiteko agindu zion 1786an Karlos III.ak, 15.000 errealeko soldata jarrita, urtean bi lan aurkeztu behar zizkiolarik. Bilboko Museoan eta bilbotar bilduma pribatuetan aurkitzen dira Paretek hiri honetan bizi izan zenean margoturiko oihal batzuk.
San Joan del Ramo‑ren kapera. Viana. Luis Pareten lanik garrantzitsuena Vianan egin zuena izan daiteke. San Joan del Ramo kaperako apainketa eskatu zioten Santa Maria parrokian.
Elizaren horman, Frantzisko Oteiza maisuaren trazaren araberako kapera bat ireki zen, Ebanjelio aldeko atzeko zatian. Oinplano karratu du eta petxina eta linterna gaineko kupulaz estaltzen da; 1787an amaiturik zegoen jada eta apaingarriekin hasteko prest.
Horretarako kontrataturik, Paretek gogotik prestatu zituen bere zirriborroak –gaur egun Pradoko Museoan daudenak– eta petxinatan tenperaz eseritako Santutasunaren, Jakinduriaren, Iraupenaren eta Kastitatearen alegiazko lau irudi margotu zituen, denak ere eder beren irudian, Riparen ikonografian inspiraturik, bakoitzak bere ezaugarri sinbolikoa zeramala.
Kaperan, lau atal kurbatutan zatiturik dagoen ganga erdiesferikoan Paretek Bataiatzailearen bizitzako lau eszena margotu zituen. Hauetako batean, Joanen basamortuko bizitzarako, Urrezko Legendako Lukasen Ebanjelioko idatziari dagokion Gabriel aingeruak Bataiatzaileari “ez ardorik ez likorerik ez zuela edango” agertzen dion kontakizun batez baliatuko zen. Beste hiru margolanak, Bide‑erakusle santua jendeari irakasten, Herodes eta bere emaztearen aurrean preso, eta bere ikasleekin hitz egiten dauden eszenak dira. Agerpen hauetan guztietan Bataiatzailearen irudia herkulear trazu indartsuz azaltzen da, migelanjeldar kutsua iradokiz; beste gainerako pertsonaia guztiak maisutasun handiko marrazkiez diseinaturik daude eta gama hotza nagusi deneko koloretasun dizdizari eta ia gardenez, eta bere osotasunean eszena bakoitza konposaketa sen bikain batez elkarturik.
Madriletik ertilariak olioz margoturiko bi oihal handi bidali zituen Bataiatzailearen bizitzako eszenak, sarrera modura, kaperaren alde banatan jartzeko. Bi olio oihalak dira bere jaiotza aurreko uneei buruzkoak:
- Zakariasi aingeruak iragartzea
- eta Andre Mariak bere lehengusu Santa Elixabeti egindako Ikustaldia. Oso nabarmen daude sinadurak: Ludovicus Paret anno 1787, lehenengoan, eta 1788 bigarrenean. Maisu‑lan izugarriak dira, bai pertsonaiatan bai beren jarreratan bai mugimenduetan, eta konposaketaren konplexutasun eta armonian handitasuna bilatzen duen estiloan eginak daude.46
Iruñean ere lan egin zuen Paretek, hirigintza lanetarako eta Udaletxearen apainketarako egitasmoak ekarriz.
Balioztapena. Lozoya Markesak “Goya kanpo utzita, XVIII. mendeko espainiar margolaririk ospetsuena” Paret dela esaten du. Vianako bere obra neoklasiko alditik gelditu den margolanik artistikoena da Euskal Herrian. Vianan Paretek egin zuen lana agian klasizista deitu beharko litzateke neoklaska baino gehiago, beren migelanjeldar kutsuagatik. Nolanahi ere, badago lan horietan neoklasizismo alderako gerturatze bat, bere gazte rococotik aldentzen den heinean. Bere arte-ibilbideko aldiak aipatzean eta epaitzean Ana María Arias de Cossiok “neoklasizismoan estreinatu zuen lerroaren gorespen jarrera, eta Paretek bere‑berea duen duintasun estiloz landu zuena” azpimarratzen ditu.47
Laburpena
[aldatu]Ilustrazioa eta arte sormena
[aldatu]Neoklasikoaren Euskal Herriko errepaso bizkor hau egin ondoren, historialariak lehenengo eta behin, harridura apur batez hauxe baieztatzen du, XX. mendeko arkitektoek nolako berotasunez komentatzen dituzten aldi horretako ekintza arkitektonikoak. Agian, –pentsatzen du historialariak– berauek dira, arkitektoak alegia, argi eta garbien sumatzen dutenak, bizi diren gizarteak dituen helburu eta idealak islatu behar baditu arteak, Argien Mendeko eraikitzaileak behar zena egin zutela eta “aldien zantzuekiko” halako mendekotasuna ez zela eragozpen gertatu euren arteko iaioenak maisulanak burutzeko.
Hala ere, Neoklasizismoa Artearen Historiako aldi modura ikertzerakoan hausnarketa bat ezinbestekoa gertatzen da. Europako mugimendu orokorretik kultura handiago eta zabalduago baten aldeko askaezinezko gertakaria izan zen Neoklasizismoa. Ezin uka daiteke kulturaren garapenerako, Espainian eta Baskonian bereziki, Ilustrazioa onuragarria izan zela, XX. mendeko pentsalari bikain batzuk esan dutenez, hala nola: Jose Ortega eta Gasset, Eugenio D´Ors, Gregorio Marañón, Jean Sarrailh, eta abar.
Beste kontu bat da, benetako arte-sormena sustatzeko onuragarria izan ote zen. Bere garaian aipatu dugu, esandako intelektualen epai laudoriotsuen aurrean badirela itzulingururik gabe, XVIII. mendearen bigarren erdi aldera penintsulan artearen gainbehera eman zela baieztatzen duten beste historialari ugari. Behin eta berriz aritu gara horretan, eta hispaniar kulturak Ilustrazioarekin duen zorraren gaia ukitzean, Europa osoa inbaditu eta eragin zion mugimendu horrek berekin zekarzkien mugak zehaztera beharturik aurkitzen gara.
Kultura ilustratuaren hiru alderdi
[aldatu]Gure iritziz, Ilustrazioaren kulturak arteari garapen baikor batean lagundu ezin ziezaiokeen alderdiak hiru dira. Ezer baino lehen, eta hau da lehenengo muga, arteak ezin du aurrera egin askatasunik gabe, eta ez da askatasunik kanpotik bideratu nahi denean, eta hauxe da Estatuak nahi izan zuena. Guztia, borondaterik bikainenarekin, jakina, herriarentzat maila goreneko kultura sustatzearren, errege eta ministro ilustratuak saiatu ziren, Akademien fundazio bidez –denak ere San Fernando Errege Akademiaren agindupean– arte-ekimen guztietan, izaera herrikoia zutenetan batez ere, beren ideologia kontrolatzen, zuzentzen eta inposatzen. Delako egoera horrek Despotismo Ilustratua izatearen abantaila izan zuen; baina baita Despotismoa izatearen desabantailak ere.
Zapalketa estetiko horretatik zerbait ezagutu eta bizitu zuten, aurreko mendean adibidez, dramaturgoek, Luis XIV.aren Frantzian, eta Espainian zenbat ote ziren –bere poetikan Luzan, adibidez– antzerki konposaketa zuzenaren legeak azpian hartuta (hiru unitateak) sentitzen hasi zirenak.
Neoklasikoaren bigarren muga Ilustrazioaren kultur filosofia guztiak gidatzen zuen baliagarritasun-arauari loturik dago. Osotasunean ikusita Neoklasizismoak bere kredentzialak historialariari, arkitekturan egin dituenagatik azaltzen dizkio nagusiki. Arkitekturari, izan ere, baliagarritasunaren aldetik, ongi baitatorkio arrazoimenaren inperioa. Ilustrazioaren mugimenduan baliagarritasuna ez zen eztabaidagarri arkitekturaz pentsatzen denean, erabilgarritasunari hain loturik dagoen artea izanik; besteak beste, Etienne Gilson pentsalariak baieztatu zuen Arkitekturak “ez duela Arte Ederren multzo berean egon behar”.48
Baina, delako baliagarritasunetik aske, arte plastikoei ongi doakien eta neurriren batean beharrezkoa ere baduten “arrazoimenetik ateratzea” da, sen eta sentimenduetan murgiltzea. Pentsa dezagun Grekoaren margolanak zertan izango ziren errege “zuhurrari” gustatzen zitzaizkion arrazoimenaren neurrietan makurtu izan balira. Zertara murriztuko ote zen Goyaren arte ondare bikaina, bere lehen aldiko kanon neoklasikoei leial izan balitzaie?
Ilustratuen kultur norabidea baliagarritasuna izan zen, bereziki eta ia besterik gabe. Zientzia eta arte baliagarriak sustatzea zen kontua. Jovellanosek Asturiasko bere Institutuari jarri zion goiburua bera izan zen Bergarako Errege Seminarioa sortzeko, gidatzeko eta antolatzeko hartu zena: Quid verum, quid utile. “Baliagarria dena da benetakoa”. Garai hartako unibertsitateko ikasketak oso gogorki epaitzen ziren, ikasketa guztiz formalista eta ideologikoetan, eskolastikaren estilo zaharretan irauten zutelako salaketa eginez. Ez zuten bizitzarako balio.
Utz dezagun alde batera, baliagarritasunaren irizpide larderiatsu horren arabera, Erdi Aroko eta barroko aldiko hainbeste artelan deseginez artea gobernatu nahi izan zuten haiei egotzi behar zaien ardura, irizpide horien azpian arte sormena harrapaturik gelditu zeneko mugak adierazi ahal izateko. Historialari batek, balizkoak amesten jarrita, galdera hau egin dezake, alegia zer egingo ote zuten, besteak beste, Grekoak, Van Gogh-ek ala Picasso jenioak baldin eta Akademien dekretuen menpe jarri behar izan bazuten.
Azkenik, hirugarren muga eta Neoklasikoaren gauzarik baliagarriena Arkitekturan bilatu beharko balitz, hausnarketa serios batek eraman dezake zenbait arkitekto bere arkitektura neoklasikoaganako miresmen sutsua baretzera, eta batez ere “garbiak” dei ditzakegun arkitekto haiek, egin baino gehiago irudikatu egin zutenak, nolabaiteko fundamentalismo ameslari eta platoniko batean, funtsezko geometriaren gurtzaileak: Ledoux, Boullee, Durand, eta abar. Pentsaru ere egin baitzen benetako arkitektoek egin behar zutena, egin zitezkeenak izan ala ez, zenbait arau abstraktuei zegozkien proiektuak “sortzea” zela. Avant la lettre kontzeptuzko arte modu bat zen. Neoklasizismo helduko arkitekto ortodoxoentzako garrantzizkoena –idatzi zuen C. Sambriciok– “gaia zen eta ez obra, sinbolismo baterantz abiatua”.
Neoklasizismoaren jakitun handiaren hausnarketa honek ongi ez ulertua izateko arriskua du, baldin eta azkeneko hitzean ez bagara oinarritzen: sinbolismoa. Zeren eta ideologia neoklasikoaren ondorioa ez zen izan –erlijio-arkitekturan, batez ere– bere “erabilgarritasuna”, baizik eta adierazpen sinbolikoa. Neoklasizismoko arkitekto fundamentalista horietako gutxik galdegin zuten, ea “elizak”, Jaungoikoa gurtzera biltzen zen kristau elkartearen eraikinak ziren, funtzioari erantzuten ote zion, alegia. Kristau-elizak Antzinateko jentilen tenplu zirela “ulertu” zuten, “Jainkotasunaren bizitoki” soilik, ez besterik. Eliz trazatzaileen proiektuak –eta beren txosten eta irizpenak– ezagututa harrigarria gertatzen da halako konplexutasun izugarria duen gurtza katolikoari buruzko arreta gabezia. Baina bestalde, egia da ohar kritiko hau erlatibizatu egin behar dela, garai hartan lanbidez eta irabaziez kristau liturgiaren erantzukizuna zuten haien ezjakintasun eta zabarkeria kontuan harturik.
Oharrak
[aldatu]1. Komenigarria litzateke, beste behin ere, iraultzaileei buruzko Jovellanosen ihardespen esanguratsua gogoratzea: “Beraiek eroak direlako guk inozoak izan behar ote dugu?” 2. Ikusi gai honi buruz Joan Luis Cortinaren azterketa, “Peñafloridako Kondearen ideologia ilustratua”. J. Urrutikoetxearen zuzd.: Peñaflorida y la ilustración lanean, Deustuko Unibertsitatea (Donostia, 1986), 21‑42. or. 3. Bibliografian aipatzen dugun azterketa batean, Espainian eta Euskal Herrian Neoklasizismoaren arrazoiak eta moduak adierazten dituen laburpen bikaintzat gomendatzen dugun honetan, Mª Isabel Pesquera eta Fernando Tobarrek estilo berriaren jaiotzan eragina izan zuten aurkikuntza garrantzizkoenak aipatzen dituzte. Las artes en la Edad de la Razón. El Neoclasicismo. Álava en sus manos IV.ean, 169‑170. or. 4. Iñaki GALARRAGA, Ideas de arquitectura y algunos arquitectos vascos en los siglos XVIII y XIX. Arte Vasco‑n (Donostia, 1982), 219. or. 5. Mutrikun –baieztatzen du Sambriciok– “nagusi da sinbolo sakratuen ikuspegia inolako baliagarritasunen gainetik”. C. SAMBRICIO, Arquitectura y ciudad en el País Vasco en los siglos XVIII y XIX. AA.VV.‑n. IX Congreso de Estudios Vascos (Bilbo, 1983), 161. or. 6. “Bada sakonean neoklasizismo deritzon horren azpian datzan espiritu erromantiko bat, izendatu nahi lukeen fenomeno hori guztia barnean hartzen ez duen hitzen jabegoa zalantzan jartzen duena”. Historia del neoclasicismo, 3. or. 7. “Begikotasunetik baino ez daiteke eman edertasun-sena”, idatzi zuen David Humek bere Stándard of Taste (1757) lanean; Burke‑rentzat, bere Philosophical Inquire (1756), edertasuna maitasun kontua da, arrazoiarena bezainbat; eta Kames‑entzat, bere Elements of Criticism‑en (1761), edertasuna harrapatzea ikuslearen sentimenduekin harremanetan jartzea esan nahi du. 8. Chuecaren ustez, badira oso biluziak diren apaingarririk gabeko eraikinak, adibidez, Iruñeko katedralaren fatxada, eta, hala ere, beren egitura guztietan barroko kutsu handikoak, eta, aldiz, beste batzuk apaingarriz josiak izanik ere, guztiz klasikoak direnak, esaterako, Percier eta Fontaine. 9. J. A. BARRIO LOZA, Aproximación a la Arquitectura del Neoclasicismo en Bizkaia. VV.AA.‑n. Arquitectura Neoclásica en el País Vasco. Eusko Jaurlaritza (Gasteiz, 1990), 80. or. 10. Mª LARUNBE, El academicismo ty la arquitectura del siglo XIX en Navarra. (Iruñea, 1990) 30. or. 11. Diego de Villanuevak berak –Joanen anaia zaharragoak–, askoz beranduago inprimatu eta hedatu ziren idatzietan eta Papeles críticos‑etan formulatzen duena, Chueca Goitiaren iritziz, “barrokoa ospetsutzat” hartu behar da. 12. La fachada de la catedral de Pamplona. VV.AA.‑n. Arquitectura Neoclásica en el País Vasco (Gasteiz,1990) 185. or. 13. Otxandategiri eta XIX. mendean Nafarroan lan egin zuten maisu neoklasiko guztiei buruz jakiteko, ikusi aipatu dugun Mª LARUNBEren lan sakona. Ikusi, halaber, José Luis MOLINS MUGUETA, Ventura Rodríguez y el academicismo en Navarra. Historia del Arte en Navarra, 34. znb., Diario de Navarra‑k argit. 14. Mª LARUNBE, El Neoclasicismo en la arquitectura navarra. VV.AA.‑n, Arquitectura Neoclásica en el País Vasco, 149. or. 15. Ibid., 149. or. 16. J. A. BARRIO LOZA, A.c., 81‑82. or. 17. C. SAMBRICIO, La arquitectura española de la Ilustración (Madril, 1986), 370. or. 18. J. A. BARRIO LOZA, O.c., 82. or. 19. Joan Villanueva da (1739‑1811) Espainiako Neoklasizismoaren aitzindaria, zalantzarik gabe. Erroman bost urtez bizitzeko zoria izan zuen (1759‑1764), eta han europar pentsamendu ilustratuko maisuekin harremanak izan zituen: Piranesi, Winckelmann, Mengs, Robert Adam, Dance, Clerisseau eta abar. Espainiara itzulita, 1768 eta 1785 bitartean hainbat eraikin egin zituen, hala nola El Escorialeko Printzearen Etxetxoa, Historia Naturaleko Bulegoaren planoak (egungo Pradoko Museoa), Caballero de Graciaren Otoiztegia, eta Madrilgo Astronomiako Behatokia, gaur egun maisulantzat hartzen direnak. 20. Susana ARECHAGA, La Arquitectura Neoclásica en Álava. VV.AA.n. Arquitectura Neoclásica en el País Vasco, 66. or.: “XIX. mendean zehar Arquillosen eraikuntzaz ditugun berri guztiak deskribapen izaera dutenak dira”. 21. Lanak Nikolas Aranbururen eskuetan utzi ziren, proiektua merkeago egiten zuten aldaketa batzuk zirela eta. 22. Id., 69. or. 23. J. CENICACELAYA eta Iñigo SALOÑA, Catálogo de edificios. VV.AA.‑n. Arquitectura Neoclásica en el País Vasco, 350‑351. or. 24. J. I. LINAZASORO, Ibidem, 124. or. Zoritxarrez, garbitasun arkitektoniko liluragarri hori gaur egun batek irudikatu egin behar du kontenplatu ordez, zeren eta hain pasakorra den gustu modernoaren arabera egokitu nahiak kendu egin dio jatorrizko garbitasuna. 25. C. SAMBRICIO, Un cuaderno de dibujos poco conocido: el de Silvestre Pérez en la Biblioteca Nacional. AEA, 181. znb., 1973, 45‑47. or. 26. Chuecaren ustez, sutearen ondoren (1807) bere berreraikuntzarako Londres‑ko Wren (1666) planoan zituen bere aurrekariak diseinu honek eta L´Enfant de Washington‑en. 27. Garbitasun neoklasiko ia nostalgikoa den aldi honi buruz ari da mintzatzen Carlos Sambricio: “Existe, sí, un Neoclasicismo hasta casi los años cincuenta del siglo XIX, pero carece de sentido y es independiente de lo que fue aquel arte”. Silvestre Pérez, arquitecto de la Ilustración (Donostia, 1975), 28. or. 28. S. ARECHAGA, O.c., 69. or. 29. Catálogo de Edificios. Arquitectura Neoclásica en el País Vasco, 244‑245. or. 30. J. I. LINAZASORO, O.c., 121. or. 31. J.A. BARRIO LOZA, El Urbanismo y la arquitectura del Neoclasicismo en el País Vasco. Revisión del Arte Neoclásico y Romántico. Ondare 21 (Donostia, 2002), 24. or. 32. S. ARACHAGA‑ren aipamena, O.c., 59. or. 33. I. GALARRAGA, Ideas de arquitectura y algunos arquitectos de los siglos XVIII y XIX. Arte Vasco‑n (Donostia, 1982) 229. or. 34. J. A. BARRIO LOZA, O.c. Arquitectura Neoclásica... 90. or. 35. S. ARACHAGA‑ren aipamena, O.c., 59. or. 36. VV.AA. Arquitectos Neoclásicos en el País Vasco. Catálogo de Edificios, 360. or. 37. Gainbehera honetan eragina izatea litekeena da Julen Zorrozuak iradoki dituen arrazoietako batzuk: egitura berrietan libre leudekeen esparruak murriztea (erretauletakoa), imajinen eskari gutxi, aurreko mendeetako behar guztiak sobratuki estali zituen imajinen leherketa handiaren ondoren, eta lanbidez horretan ziharduten ertilarien eskasia. Revisión del Arte Neoclásico y Romántico‑n, Ondare 21, 59. or. 38. Aurrerago kritikatuko ditugu Victoriano Juaristi sendagile‑margolariaren iritziak, honi dagokionez, Flores Kaperotxipik bere Arte Vasco lanean emandakoak. (Buenos Aires, 1954), 118‑121. or. 39. Une historiko honetako erretauletan arkitektoen garrantziari buruz eta bere tipologiaren aldizkatasunaz, ikusi Julen Zorrozuaren lana, Revisión del Arte Neoclásico y Romántico‑n. Ondare 21 (Donostia, 2002). 40. Álava en sus manos, IV‑ean, 187. or. 41. O.c., 59. or. 42. Las artes en la Edad de la Razón. El Neoclasicismo. Álava en sus manos‑en, IV, 182. or. 43. Ikusi J. J. AZANZA LOPEZ eta Sara MUNIAIN EDERRAk argitaraturiko artikuluak, Revisión...‑en, Ondare 21. or. 44. V. R. BARTOLOME GARCIA, Aproximación a la figura del pintor vitoriano José López de Torre; eta egile beraren, Las Artes figurativas del Neoclasicismo en Álava. Revisión...Ondare 21, 193‑208 eta 209‑234. or. 45. Luis Paret y Alcázarren lanari buruz ikusi: M. C. CATURNA, Paret de Goya coetáneo y par. (Zaragoza 1949); Osiris DELGADO, Luis Paret y Alcázar, pintor español (Madril, 1957); Francisco SANCHEZ CANTON, Pintura y Escultura del siglo XVIII. A.H., XVII, 134. or. eta hur.; Ana Mª ARIAS DE COSSIO, Pintura. Historia del arte Hispánico, 3. Zatia, 255‑258. or.; Joan Cruz LABEAGA, Algunas noticias sobre la estancia del pintor Paret en Bilbao. IX Congreso de Estudios Vascos (Bilbo, 1984), 449. or. eta hur.; idem: Las pinturas de Luis Paret en Viana. Historia del Arte en Navarra, 35. znb. Diario de Navarra‑k argit. d.g.; J. E. URANGA, El arte de Luis Paret en Navarra. Vida Vasca‑n XXVIII, 1951, 134‑136. or. 46. Ikusi Paret‑en lan honen deskribapen eder bat CMN II‑an, 2., 556‑558. or. 47. Historia del Arte Hispánico, V. libk. 3. zatia: Pintura, 257. or. 48. Matières et formes (Paris, 1964), 49. or.
Bibliografia
[aldatu]- APRAIZ BUESA,E.: Cosas de ayer. Algo más sobre arquitectos: Saracíbar. Vida vasca, 1952.
- APRAIZ BUESA,E.: Justo Antonio Olaguibel. Revista Nacional de Arquitectura‑n. 84.znb. (Madril, 1950).
- ARETA ARMENTIA, L. M.: El período del racionalimo. Álava en sus manos‑en, (Gasteiz, 1983), III. libk. 69. or eta hur.
- ARGAN, G.C.: Studi sul Neoclasicismo. Historia del Arte‑n.
- ARTOLA, M.: Historia de la recontrucción de San Sebastián (Donostia, 1963).
- BARAÑANO, K., GONZALEZ DE DURANA, J., eta JUARISTI, J.: Arte en el País Vasco (Madril, 1987).
- BARRIO LOZA, J.A.: Bizkaia. Arqueología, Urbanismo y Arquitectura histótica. (Bilbo, 1989).
- BARRIO LOZA, J.A.: El viejo campanario de Mallavia en Bilbao. L.D.‑n, 41. znb., 1988.
- BARRIO LOZA, J.A.: Aproximación a la arquitectura del neoclsicismo en Bizkaia. V.V. Arquitectura neoclásica en el País Vasco, Eusko Jaurlaritza, 1990.
- BEGOÑA AZKARRAGA, Ana de: Vitoria. Aspectos de arquitectura y urbanismo durante los dos últimos siglos (Gasteiz, 1982).
- BENYES, I. de: Luis Paret en el segundo centenario de su nacimiento. Destino‑n.449. znb., 1946.
- BERCHEZ, J.: Arquitectura y academicismo (Valentzia, 1987).
- BIDAGOR, P.: Urbanismo y arquitectura de San Sebastián durante el último siglo. Revista Nacional de Arquitectura‑n, 64. znb., 1947.
- CALVO SERRALLER, F. eta beste batzuk: Ilustración y romanticismo. (Bartzelona, 1982).
- CATURNA, M. C.: Paret, de Goya coétaneo y par. (Zaragoza, 1949).
- CEAN BERMUDEZ, J. A.: Diccionario histórico de los más ilustres profesores de las Bellas Artes de España (Madril, 1800).
- CENICACELAYA, J.: Neoclasicismo, dilemas y equilibrio. V.V.‑n Arquitectura neoclásica en el País Vasco. (Eusko Jaurlaritza Argit., 1990).
- CENICACELAYA, J. eta SALOÑA, I.: Catálogo de edificios. V.V.‑n, Arquitectura neoclásica en el País Vasco. (Eusko Jaurlaritza Argit., 1990).
- CHUECA GOITIA, F.: Varia Neoclásica (Madril, 1973).
- CHUECA GOITIA, F.: Arquitectura neoclásica. Historia de la arquitectura Española‑n, 4. libk. (Zaragoza, 1986).
- CHUECA GOITIA, F.: Breve Historia del Urbanismo (Madril, 1977, 4. argit.).
- CHUECA GOITIA, F.: Los arquitectos neoclásicos y sus ideas estéticas. Revista de Ideas Estéticas‑en. 2. znb. (Madril, 1943).
- CHUECA GOITIA, F.: Historia de la Arquitectura Occidental. IX. Neoclasicismo. (Madril, 1985).
- CHUECA GOITIA, F.: Ventura Rodríguez y la escuela Barroca Romana. Archivo de Arte Español‑en, 52. znb., 1942.
- DENERSON, P. de, DEMERSON, J., AGUILAR PIÑAL, F.: Las Sociedades Económicas de Amigos del País en el siglo XVIII. Guía del investigador (Donostia, 1974).
- ECHEVERRIA GOÑI, P. L. eta FERNANDEZ GARCIA, R.: La parroquia de San Juan en el conjunto urbano de Huarte Araquil (Iruñea, 1978).
- FERNANDEZ PINEDO, E.: Crecimiento económico y transformaciones sociales del País Vasco, 1100‑1850 (Madril, 1974).
- FULLAONDO, J. D.: La arquitectura y los arquitectos de la región y el entorno de Bilbao. 2 libk. (Madril, 1971).
- GALARRAGA, I.: Hacia una arquitectura vasca. AA.VV.‑n. Arte Vasco (Donostia, 1975).
- GALARRAGA, I. eta LINAZASORO, J. I.: Estudio sobre el desarrollo urbano de Vitoria (Donostia, 1975).
- GALARRAGA, I. eta LINAZASORO, J. I.: Una ciudad en el País Vasco. Construcción de la ciudad, 3. znb., Bartzelona, 1875.
- GAYA NUÑO, J. A.: Arte del siglo XIX. A.H.‑n, (Madril, 1958.)
- GOMEZ MORAN, M.: Arquitectura del siglo XIX. Historia de la arquitectura Española‑n, 5. libk. (Zaragoza, 1987).
- GONZALEZ DE ZARATE, J. M. eta RUIZ DE AEL, M. J.: Teoria artística e historia del arteen el siglo XVII español: la figura del cortesano e ilustrado Eugenio Llaguno y Amirola. El arte en las cortes europeas del siglo XVIII (Madril, 1987).
- GOÑI GAZTANBIDE, J.: La fachada neoclásica de la catedral de Pamplona. P.V.‑n, 1970, 118‑119. or.
- HONOUR, H.: Neoclasicismo (Madril, 1982).
- IBARRA, J.: Catálogo de monumentos de Bizkaia. 2 libk. (Bilbo, 1958).
- KAUFMANN, E.: La arquitectura de la ilustración. (Bartzelona, 1974).
- KUBLER, G.: Arquitectura de los siglos XVII y XVIII. A.H.‑n (Madril, 1957).
- LABAYRU Y GOIKOETXEA, J.: Historia General del Señorío de Bizcaya (Bilbo, 1895‑1903).
- LARUNBE MARTÍN, Mª: Díez de Güemes, un arquitecto avecindado en Bizcaya. Cuadernos de Cultura‑n, 1.go znb. (Gasteiz, 1981).
- LARUNBE MARTÍN, Mª: El proyecto de Ugartemendía para el teatro de Pamplona. Kultura‑n, 1982.
- LARUNBE MARTÍN, Mª: El academicismo y la arquitectura del siglo IX en Navarra. Nafarroako Gobernuak Argit. (Iruñea, 1990).
- LARUNBE MARTÍN, Mª: El neoclasicismo en la arquitectura Navarra. V.V.‑n, Arquitectura neoclásica en el País Vasco. Eusko Jaurlaritza 1990.
- LAUGIER, M. A. Essai sur l´Architecture (Paris, 1753).
- LINAZASORO, J. I.: Permanencias y arquitectura urbana. Las ciudades vascas de la época romana a la Ilustración (Bartzelona, 1978).
- LLAGUNO Y AMIROLA, E.: Noticias de los arquitectos y arquitectura de España desde su restauración.4 libk. (Madril, 1829).
- MARTÍN GONZALEZ, J. J.: Historia del Arte. 3. argit. (Madril, 1982).
- MARTINENA RUIZ, J. J.: La reedificación neoclásica de la iglesia de San Lorezo de Pamplona. P. V., 163. znb. 1981.
- MUJICA, S.: Arquitectos municipales de San Sebastián. Euskalerriaren alde, 1921.
- NAVASCUES PALACIO, P.: Del neoclasicismo al Modernismo. Historia del Arte Hispánico, V. libk. (Madril, 1978).
- NAVASCUES PALACIO, P.: Introducción al arte neoclásico en España. HONOUR H.‑ren lanean, Neoclasicismo (Madril, 1982).
- NAVASCUES PALACIO, P.: La formación de la arquitectura neoclásica. La época de la Ilustración. El Estado y la Cultura (1759‑1808), (Madril, 1978).
- ORBE SIVATTE, M.: Estudio histórico‑artístico de la parroquia de San Pedro de Mendigorria. P.V. 1982.
- PALACIOS FERNANDEZ, E.: Llaguno y Amirola o la Ilustración como labor de Estado. B.R.S.B.A.P., 40. znb.
- PESQUERA VAQUERO,M. I. eta TABAR DE ANITUA, F.: Las artes en la Edad de la Razón. El Neoclasicismo. V.V.‑n, Álava en sus manos. 4. libk. (Gasteiz, 1983) 169‑200. or.
- QUINTANA, A.: La Arquitectura y los arquitectos de la Real Academia de San Fernando (1741‑1774), (Madril, 1983).
- RIVAS CARMONA, J.: Notas para la arquitectura neoclásica en Navarra. Goñi Gaztanbideren nahasketa. Scripta theologica. 1984.
- RODRIGUEZ SORONDO, M. C.: Arquitectura publica en la ciudad de San Sebastián (1813‑ 1922), (Donostia, 1985).
- SAMBRICIO, C.: Arquitectura y ciudad en el País Vasco en los siglos XVIII y XIX. IX Congreso de Estudios Vascos. Antecedentes próximos de la sociedad vasca actual. Siglos XVIII y XIX (Bilbo, 1983).
- SAMBRICIO, C.: En memoria de Silvestre Pérez. Homenaje a D. Diego Angulo Iñiguez‑en. Miscelanea de Arte (Madril, 1962).
- SAMBRICIO, C.: La arquitectura española de la Ilustración (Madril, 1986).
- SAMBRICIO, C.: Silvestre Pérez, arquitecto de la Ilustración (Donostia, 1975).
- SANTANA, A.: La racionalidad de la arquitectura neoclásica bilbaína. Soluciones para una ciudad ahogada. Arte e Historia‑n (Bilbo, 1990).
- SARRAILH, J.: La España Ilustrada en la segunda mitad del siglo XVIII. (Mexiko, 1957).
- SESMERO, F.: La casa de Juntas de Gernika (Bilbo,1957).
- TABAR DE ANITUA, F.: Vitoria neoclásica. (Gasteiz, 1986).
- TOVAR MARTÍN, V.: El siglo XVIII español. Historia 16.a, 34. libk (Madril,1989).
- USTARROZ, A.: La fachada de la catedral de Pamplona. Del pensamiento romano en la obra de Ventura Rodríguez. V. V.‑n. Arquitectura neoclásica en el País Vasco. Eusko Jaurlaritza. 1990.
- VV.AA. Catálogo monumental de la diócesis de Vitoria. (C.M.V.) 8 libk. (Gasteiz, 1967‑1991).
- VV.AA. Catálogo monumental de Navarra. (C.M.N.) 9 libk. (Iruñea, 1980‑1997).
- VV.AA. El arquitecto D.Ventura Rodríguez (1717‑1785). Erakusketaren katalogoa. (Madril, 1983).
- VV.AA. Monumentos Nacionales de Euskadi. (M.N.E.) 3 libk. (Zamudio, 1985).
- VV.AA. Monumentos de Bizkaia. 4 libk. (Zamudio, 1987).
- YARNOZ LARROSA, J.: Ventura Rodríguez y su obra en Navarra. (Madril, 1944). San Fernando Errege Akademian sarrerako hitzaldia.
- YBARRA Y BERGE, J.: Catálogo de monumentos de Bizkaia. 2 libk. (Bilbo, 1958).
- ZARATE MARTÍN, M. A.: Vitoria. Transformación y cambio de un espacio urbano. Boletín de al Institución Sancho el Sabio‑n, 25. libk., (Gasteiz, 1981).