Edukira joan

Euskal artearen historia (IV): XX. mendea/Euskal artea lurperatzea eta atzerriratzea

Wikibookstik

Testuingurua

[aldatu]

Gerra zibilaren ondoren, Bigarren Mundu Gerran Italiari eta Alemaniari laguntza eman zien Espainiak bere porrota nahitaezko ikusi zuen arte, «autarkia» deituriko 14 urtetako isolamendu politiko eta ekonomikoa bizi beharra gertatu zitzaion, harik eta 1953an Estatu Batuekin hitzarmena eta Aulki Santuarekin konkordatu bat sinatu zuen arte. Ondoren etorri ziren mugiezintasun politikoaren urte luzeak (1953-1975); nahiz eta, ikuspuntu ekonomiko eta kulturaletik, Hirurogeiko hamarkadako «aurrerakuntzak» eraldaketa eta hazkunde prozesu azkar bat ekarri zuela nabarmendu behar den, batez ere atzerriko inbertsioei, kanpoko turismoaren etorrerari eta Europako egoera ekonomiko onari esker. Garapen hau aurrez aurre edukitzea komeni da, Espainia osoko eta bereziki Baskoniako kultur eta arte-garapenaren hastapenaren testuingurua baitugu bera, ikusiko dugunez.

Frankoren diktadurak iraun zuen aldi luzean, mendebaldeko eta mediterraneoko munduarentzat Bigarren Mundu Gerran eta honen ondoren sortu ziren gertakizun historiko garrantzitsuak −juduen holokaustoa eta bonba atomikoaren leherketa− oso ugariak eta garrantzi handikoak ziren, eta aparteko abiadan gertatuz joan zirenak. Garrantzi unibertsal handikoak edo kultura eta arte arloan aparteko oihartzuna izan zutela uste ditugunak laburtuz adieraziko ditugu:

  • Europako Estatuetan antzinako koloniek onartutako edo lortutako independentzia.
  • Munduko Estatu garrantzitsuenek bonba atomikoak edukitzea.
  • Planeta arteko espazioa: lehen Sputnikaren jaurtiketa.
  • Bi superpotentzien arteko «gerra hotza».
  • Gobernu komunista Txinan.
  • ONU-ren sorrera eta esku hartzeak, eta pixkanakako itunak Europako Batasunerantz.
  • Diktaduren pixkanakako desagerpena mendebaldeko kultura duten herrialdeetan.
  • Torturaren gaitzespena Pio XII.aren aldetik, Vatikanoko II.a Kontzilioa (1963-65), eta kontzientzia-askatasuna, ekumenismoa eta mundu modernora irekitzeari buruzko bere dekretuak.
  • Neokolonialismoa, eta azpigarapenean zeuden herrialdeekin zalantzazko harremanak.
  • Emigrazioa eta errefuxiatuak.
  • Feminismoa.

Giro kultural eta artistikoa

[aldatu]

Frankoren diktadurarekin eman zitzaion hasera miseria eta kultur geldialdi baten etapari. Gaur egungo edozein espainiarri lotsa eman behar lioke 1936ko abenduan Kultura eta Irakaskuntza Batzordeak sortutako garbiketa-programa irakurtzeak, zeren eta hitzaurrean aitortzen zen garbiketa ez zen zigor hutsa, baita prebentzioa ere; eta espainiarrei ziurtatu egiten zitzaien zibilizazioa salbatuko zuen gerra irabazi ondoren ez zirela onartuko, eta are gutxiago babestuko, ez eta diruz lagunduko herri-arimaren pozoitzaile zirenak, mundua izutzen duten bidegabekeria eta hondamendi guztien arduradun nagusi eta handienak izanik, eta abar.»

Espainia inperialeko kulturaren oinordeko izendatu zuen bere burua frankismoak. Urrezko Mendearen kultura eta arte arloko handitasuna berpiztea zen bere ametsa. Erregimenak pentsamendu katoliko tradizionalaren balioa handiagotu egin zuen; eta kultura eta estetika alorrean, abangoardismoa izan ezik, berritasun estilistiko guztiak ere gorroto izan zituen. Aldiz, militar espirituaren eta katolikotasun zaharkituenaren goraipamena adierazten zuen guztiaren alde jokatu zuen. Milaka intelektual eta goi-profesional, behartutako ala borondatez, erbesteratzeak eragin zuen zerebroak galtzeari, Irakaskuntza ofizialaren maila guztietan eman zen arazketa lotu zitzaion. Irakaskuntza Ertainetako eta Unibertsitateko Zuzendari Orokorrak honela idatzi zuen 1940an: «Irakaskuntza Askearen Erakundeko harri bakar batek ere ez du zutik gelditu behar». Unibertsitateak, Institutuak, Irakasle Eskolak, eta maisu nazionalen saila, bereziki, erbesteratze zorrotzaren biktima izan ziren. Liburu eta aldizkarien argitalpena zorrozki kontrolatua gelditua zen. Zientzia Ikerkuntzen Kontseilu Gorenaren fundazioak, ikerkuntza zientifikoaren eta dotrina katolikoaren artean beharrezko lotura baten itxura hartu zuen. Unibertsitateko irakasleen izendapena, esaterako Ortega eta Unamuno pentsalarien ideologia, eta heterodoxo bezala estigmatizaturik zeuden eta hispaniar tradizioarekin bat ez zetozen beste filosofiak, neoeskolastikarekin ordezkatu ziren.

Errepublika sozialista eta ateo baten gain garaipena lortzeak, Estatu berriari Mendebaldeko kristau-balioak salbatzeko erantzukizuna, alajaina, emateko eskubidea zuela uste izan zuen Frankok. Uste horrek berekin zekarren Eliza menpean edukitzea. Horregatik, azkar asko ahalegindu zen, eta baita gotzain berrien aurkezpenerako pribilegioa lortu ere, Aulki Santuaren aldetik. Ondorioz, elizako Hierarkia bat izan zuen Espainiako Elizak, pentsamolde tradizional eta kontserbatzaile izateagatik nabarmendu zena; Vatikanoko II.a Kontzilioan isilik egoteko zuhurtasuna bederen izan zuten prelatuek, mundu modernora irekia zegoen Elizaren mailako beharrez ezer ez baitzuten esateko.

Gehiengo isil batean baino gehiengo, egoeraren jabe ez zen gehiengoan oinarritu zen Franko, geldotasun politikoak menperatuta eta norberaren bizitza pribatuaren esparruan itxirik zegoen gehiengoan, kiroletan eta, salbuespen urri batzuk kenduta, sentiberatasun zaharkitu bat sustatzen zuten ikuskizun batzuetarako zaletasunekin baino animatzen eta alaitzen ez zena. Hain zuzen ere, Fusi Aizpurua historialariak idazten duenez, Frankoren erregimeneko kultura maila gehiago definitzen zuela masen kontsumoaren azpi-kulturak kultura ofizial berak baino, hots, kezka politiko eta intelektualik gabeko azpi-kultura batek, baina honen ospeak eta arrakastak «entretenimendu eta ihesbideen bitartez herriaren gizarteratzea eta desmobilizazioa» errazten zuela.[1]

Kultura artistikoaren alorrean, mundu guztiari «ordena berri bat» sortzen ari zela erakutsi beharrak bultzatu zuen erregimen frankista, beronen ulertzeko modua guztien eskura zegoen arte bati pribilegioak ematera: arkitekturari.

Diktaduraren lehen urteetan botere ofizialaren eskakizunez, arte modernoaren, eta bereziki arrazionalismoaren korronteak, aitzakiarik eta ñabardurarik gabe gaitzetsi egiten ziren. Agerian azaltzen zen Paristik zetorren guztiarekiko gaitzespena, eta Italiako ereduekiko begikotasuna adierazten zen, non oihartzuna egiten zuen Mussoliniren ahotsak «Eraiki itzazue gauza handiak!».[2]

Halaz ere, frankismoko historialariek idazten dute, nahiz eta garuneko paralisi hau ofizialki sustatu, ez zutela «basamortu kulturala» erabatekoa izaterik lortu. Bizirauteko, diktadurak aurpegi jasanbera aurkeztu beharra zeukan giro liberal eta independente hartako intelektual, idazle eta ertilari haiekin, erbesteratu gabeko edo Espainiara azkar itzuli ziren haietariko batzuk nazioartean ezagunak baitziren. Honela lortu zen kulturaren halakoxe jarraipen bat nahikoa bizirik gordetzea; eta 60ko hamarkada aldera nabarmen agertu zen pertsona inkonformista horien lanei esker ezin izan zuela lortu frankismoak kultura deuseztatzea, eta epe ertainera erregimen politikoaren aldaketa suma zitekeela. Bistakoa da deskribatutako egoerak eta beronen garapen makalak eragin bera izan zuela Baskonian ere. Euskal Herriko artea garapen honen lekukotasuna emanez joan zen.

Autarkia aldiko arkitektura

[aldatu]

Zoritxarreko gatazka zibila amaitzean, eta baita lehenago ere, ugari ziren Espainian atzerrira joatea hautatu beharra izan zuten adituak, ahozko edo idatzitako hitzarekin lan egiten zutenak. Kasu hauetan, frankismoak «pentsamendu bakarraren» legea ezarri zueneko bortizkeria ankerra kontutan izanez gero, atzerriratzea, erregimen berriak pertsona hauei beren filosofia politiko pertsonal eta barnekoagatik, edota beren lanbide jarduerari emandako zentzuarengatik jarritako zigorra ote zen galde diezaioke norbaitek bere buruari. Galdera hau, Euskal Herrian behintzat, ia ezin kanpora daiteke ertilari plastikoei buruz, zeren eta, pinturak edo eskulturak ideia politikoen azpiegitura gisa balio izan zuten kasuak ez ziren ugariak izan. Euskal Herriko arkitekto, margolari eta eskulturagileen artean erabakigarriak izan ziren iritzi pertsonalak eta menperatutako bandoko militantzia politiko hutsa, kartzelatik edo heriotzatik ihes egiteko aukera bakarra atzerriratzea zela agertzeko.

Erbesteratuen artean, arkitekto kopurua gainerako arte plastikoena baino nabarmen urriagoa zela ohartu gara. Oriol Bohigasek interesgarri baina beharbada eztabaidagarria den gogoeta egin du, arkitektura modernoa hautatzearen eta Errepublikaren eta politikan ezkerreko jarrera onartzearen artean egon zitekeen erlazioari buruz. Eta, arrazionalismo arkitektonikoa uste sakon eta pertsonal bat bilakatu zitzaien arkitekto haiengan, borondatezko atzerriratzea naturaltasun garbiz eman zela dioen ondoriora iritsi zen. Aitzitik, Errepublikako urteetan zalantza estilistikoetan ibili ziren askok ez zuten asmatu beren arrazionalismo aurreratuaren jarrerari eusten edo ez zioten eutsi nahi izan, Errepublika ezabatu zenean. Errepublikako abenturari gehien loturik zeudenak izan ziren, desengainatuta edo porrot eginda, Gerra Zibilaren amaieran atzerrira bideratuak sentitu zirenak. Eta hauen artean baino ez daitezke aurki, bertakotzat hartu zituzten herrialde berrietatik ere, Mugimendu Modernoari leial izan zitzaizkionak. Kasurik argiena eta sonatuena, Josep Lluis Sertena dugu. Espainian gelditu zirenek utzi egin zuten ildo hau, eta horrenbestez, Bigarren Errepublikaren gauzatze politikoari esker ireki zen parentesi abangoardista itxi zuten...».[3]

Euskal Herriko arkitektoei buruz ari denean, Gonzalez de Duranaren iritzia bestelakoa, edo nahiago bada, ñabardura gehiago duena da: «Arrazionalismoa, proiektuen jarraibidezko jarrera zen aldetik, ez zen ezkerreko pentsamoldeari loturik egon; aitzitik, nolanahi ere kontrakoei».[4] Zentzu horretan balizko bat plantea daiteke: zer norabide hartuko zukeen gerraostean arkitektura arrazionalistaren buru sutsua zen J.M. Aizpuruak bere militantzia falangista zela eta eraila izan ez balitz.

Gerra aldian eta irabazleen erreakzio bortitzak markaturiko ondorengo aldian, Euskal Herriko arkitektoek hartutako jarrera desberdina azpimarratzen du Gonzalez de Duranak. Haren ustez, gerra aldiak ere ez omen zuen inolako etenik adierazi. Arkitekto sonatuek, Smith, Bastida, Garamendi, Ispizua eta abarrek, eta gazteek, Galindez, Aginaga eta abarrek eraikuntzaren arrazionaltasun aratz eta nabarmen baten barruan jarraitu zuten lanean, gerra urteetan behintzat.

Horrela izan zen, baina inork ezin dezake uka, Francok garaipena lortu zuenean, kultur pentsamoldean, arkitekturan batez ere, gertatu zen errotikako aldaketa bortitza.

Arkitektoen gizarte-maila ankerki garbitzea izan zen hasiera. Ministerioko 1940ko otsailaren 24ko Agindu batek 84 arkitekto garbitzen zituen, alajaina! –besteak beste, 10 ala 12 Hego Euskal Herrikoak–, Aginduan bertan berariaz izendatuak izan ziren batzuek beren bizi arteko lanbidean gaitasunez gabetu egin zituzten, jarduera publiko nahiz pribatuetarako; era berean beste batzuk 30 urteko edo gutxiagoko zigorrak jaso zituzten «lanbidearen jarduera publiko nahiz pribatuan guztizko etenaldia lurralde nazional osoan, bere jabegoetan eta babes-lurretan».[5]

Garbiketaren ondoren ordena eta estilo arkitektoniko berrien ezarpena zetorren, eta bere durundi ofiziala Revista Nacional de Arquitectura aldizkari sortu berria izango zen. Izenak berak jakinarazten zuen zein zen iritsi nahi zen helburua. Estatu osoan zehar hedatu beharreko «estilo nazional» bat ezartzea zen kontua. Horretan bi euskal herritarrek zeregin erabakigarria izan zuten:

  • Pedro Muguruza Otaño, Arkitekturako Zuzendaritza Orokorretik,
  • Pedro Bidagor Lasarte, Hondameneko Eskualdeen Zuzendaritza Orokorraren barruan sartutako Madrilgo berreraikuntzako bulego teknikotik, hirigintzako planteamenduen eragile izan zirenak.

Arkitekto batzuk ihes egin behar izan zuten beren bizitza salbatu ala bizibidea beren lanaz irabazi ahal izateko. Kasurik ezagunenak gogoratuko ditugu ondoren: Tomas Bilbao, Secundino Zuazo, Paulo Zabalo, Joan Madariaga, Martin Dominguez Esteban, Antonio Araluze, Jabier Yarnoz eta abar. Urteetan aurrera zihoan Pedro Guimón, euskal nazionalista ezaguna, bazterturik eta ezinbesteko langabezian gelditu zen.

Kulturaren beste alor batzuetan bezala, frankismo aldiko arkitektura 50eko hamarkadaren azken urteetan egin daitekeen lerro-banatzaile batek markaturiko bi alditan zati daiteke.

40ko aldia eta 50eko aldia. Gerraren ondorengo lehen bi hamarkadetan estilo nazionala gailendu zen. Estilo arrazionalistari aberri gabea izatea egotzi zitzaion; eta Mugimendu Nazionala gogo biziz onartu zuten pentsalariak eta kritikariak arduratu ziren Espainiako garai inperial eta loriatsuetako arkitekto eta arkitekturak goraipatzeaz, utopikotasun atzerakoi baten eredua, izan ere, etorkizunean kokatzen baitzen iraganean baino gehiago, «Austriatako arkitekturan (El Escorial) jartzen zen pentsamendua, eta zenbaitetan gainera, Villanuevaren monumentaltasun bilduagoa onartu ere egiten zen».[6]

Kolosalismoa

[aldatu]

Halakoa izan zen ideologia haren inposaketa, non ezinezkoa zen beronengan itsatsi gabe geratzea, eta eraikuntza-arte horretako maisu ospetsuenetako batzuk beren aurreko estiloa eraldatu beharrean gertatu ziren, erraldoitasun horretan egokitzeko:

  • Pedro Muguruza (Valle de los Caídos),
  • Luis Gutierrez Soto (Aire Ministerioa),
  • Secundino Zuazo (Ministerio Berriak),
  • Luis Moya (Gijóngo Lanbide Unibertsitatea).

Estiloari dagokionez, irakasbide handikoa da, esaterako, une hartako Aireko Ministerioaren (Madril) eraikin enblematikoaren historia; hamar urte beranduago proiektua egin eta bukatu ondoren, bere egilea jada damuturik baitzegoen eraikuntzaz.[7]

Antzeko zerbait esan daiteke Luis Moya arkitektoaren Gijongo Unibertsitate Laboral deigarriari buruz, bere diseinugilea ez baitzen, berorren sustatzaile zen Jose Antonio Girón falangista bezain pozik gelditu.

Egia da arkitektura historizista eta anakroniko hura, mintzaira klasizista eta material nobleen erabilerarekin eraikuntza ofizialetara mugatzen zela bereziki; pribatuetarako, garrantzi gutxiagoko eraikinetan edo eskualde edo baserri izaera zuten proiektuetan, aldiz, arrazionaltasunik gabekoa ez zen tipismo folkloriko bat hartzen zen. Estimazioa merezi duena da 1943tik aurrera estatu mailan «Suntsituriko Lurraldeak» izenburua zuen erakundearen bitartez, Fernández del Amo eta beste arkitekto batzuk lantzen joan ziren lana.

Emaitza, beraz, heterogeneoa da, estilo nazional horretatik urrun dagoena, guztientzako estilo izatea lortu ez zuena. Hortik datorrena da garai hartan arkitekto gazte esaten zitzaien haiengan sortu zen nahasmendu orokorra, jarraitu beharreko bidearekiko egoera deseroso batean uzten zituena, geroztik idatzitako Oroitzapenak izeneko liburuek aditzera ematen duenez.

Arrazionalismoaren berreskuratzea (1950eko hamarkadako azken urteak)

[aldatu]

Gure Baskoniari helduz, jada 50eko hamarkadan ondo sarturik, Madrilek Sindikatuen Egoitzako (Francisco Cabrero eta Rafael Aburto arkitek.) modernismo neurritsua harrokeriaz erakusten duenean, 30eko hamarkadako arrazionalismoa hasi zen berreskuratzen Euskal Herrian, gutxi gorabeherako tonu hibrido batekin, edo, nolanahi ere, ezaugarri bereziak zituen modernismo batekin. Gogora dezagun, ezer baino lehen, maisu zaharretako batzuek ez dutela arrazionalismo soilera itzultzea arbuiatzen.

Bittor Eusa

[aldatu]

Eibarko Coliseo Zineman (1947) fatxadako soiltasuna berreskuratu zuen, nahiz eta barrualdean Art Déc-ren (dekorazio-arte) oroitzapenak gorde zituen. Dena den, kanpoko itxuraz klasizismo modernoa da. Zorionez, sasoi onean zahartu den eraikuntza honek, laster egitekoa duela dirudien zaharberritzea merezi du.




Titulazioak 40ko hamarkadan jaso zituzten arkitektoen artean, Euskal Herrian badira arkitektura historizistatik urruntzen saiatu ziren batzuk, lana nola Manuel Inazio Galindez, Eugenio Mª Aginaga eta Frantzisko Jabier Saenz de Oiza.

Manuel Inazio Galindez

[aldatu]

Manuel Inazio Galindez (1892-1980), Rikardo Bastidaren ikaslea, eklektiko bat izan zen eta une hartako sona handiko izenen eragina –Rucabado, Smith, Palacio– bereganatu zuen; modernismo manierista eta erregionalista joera azaldu zitzaion bere lehenengo lan eta eraikinetan:

  • Bilboko familiabakarreko etxebizitzetan.

Hormigoiaren teknika onartuz gero, tokian tokiko tradizioen itzalak ezer gutxi zezakeela jakinaren gainean zegoelarik, soiltasun arrazionalistaren hizkera aukeratu zuen argi eta garbi Errepublikako urteetan.

Orduko emaitzen artean aipatzekoak dira:

  • La Equitativa seguru-etxearen eraikina, 1934an, bere proiekturik adierazkorrena, beronen soiltasunarengatik eta ertzeko dorrea eta eraikin osoaren paramentu biluziaren arteko kontrastea dela eta, gaur egun oraindik ere begirada erakartzen du.

Jarraian etorri ziren itxura ederrean zahartu diren beste lan handi batzuk, esaterako:

  • La Aurora Polar deritzon seguru-etxea plaza eliptikoan dagoena (1934-35). Galindezek eraikin honetan bolumenen giltzadura bikain bat lortu zuen, masa kurbatuak bitarteko, alboetako gorputzen fatxada lauak, fatxada nagusiko bloke ahurretan sartuz, horrela multzoaren masa itxura leundu, eta granitozko basamendu berdearen (bi solairutan) eta gaineko sei solairu zurien artean kontrastea sortuz.
  • Gardoki kaleko Iberdueroren eraikinak antzeko konposaketa du.

Bikainetan bikain dira, halaber:

  • Bailen Dorrea (1940), oinplano karratua eta garaieraz hamar metro dituena;
  • Banco Hispanoamericanoaren eraikina, Galtzara Nagusian dagoena;
  • itsasadarretik gertu dagoen Aznar ontzi-enpresaren eraikina, oihartzun eklektikoak sumatzen bazaizkio ere, adreilua egoki erabiliz egina;[8]
  • Galtzara Nagusiko 56ko etxebizitzen eraikina (1954-57), inolako apainketarik gabea da eta ertz biribilduak, konposaketa polita duena adreiluaren erabileraren kontrastean, itxituren, terrazen eta kareztatutako hainbat alderen zuritasunarekin jokatuz;
  • Elkano kaleko Galindezen etxebizitza multzoak (1958), Felix Iñiguez Onzoñorekin elkarlanean eginak, adreilu prentsatuz eginiko fatxada dotore bat du.
  • Solokoetxeko udal langileen etxebizitzak.

Galindezek zentzu estetiko handia izan zuen fatxadak proposatzerakoan, bistako adreilu gorriak elkartzen maisuki jardunda, ingurunean bertakotze zentzu finez, halako itxitura kromatikoak bitarteko balkoi zuri toldodunak irekita, argia eta eguzkia bilatuz.[9]

Eugenio Aginaga

[aldatu]

Duela gutxi desagertua izatea da monografia bat eskaintzeko arrazoia, Eugenio Aginaga (1910-2002) donostiar arkitekto berezi honen bizitza eta obra gogoratzeko aukera emango diguna. Lan nagusiak egin ziren garaiagatik, gerraosteko belaunaldian erosoago daudelarik.

Gutierrez Sotorekin egin zuen bere lehenengo lana, eta modernitateko aurrelariekin zuen ahaidetasungatik –J.M. Aizpuruaren lehengusua baitzen eta Txurrukaren koinatua– nahiz bere belaunaldikoen joera berekoa izateagatik –1934an titulatu baitzen– arrazionalismo aldera jo beharra zuen. Baina berea ez zen errotikako arrazionalismoa izan. Aginagaren lanen komentaristek ez dute beraganako goraipamenik ezkutatzen, modernismoaren aurrean jarrera fundamentalistetan ez erortzeko nolako askatasunez jokatu zuen ikusita. Hala ere, bazekien bere bezeroenganako erantzukizunez eklektikotasunez janzten.

Eugenioren lanik aipagarrienak:

  • Sollube etxea (Ategorrieta 53, Donostia), berezia eta harridura eragiten duen lana da, familia ugari batentzat antolaturikoa. Urte horietan arrunt ziren gainerako etxeetatik hainbat gauzengatik bereizten da: estalki makurra eta isurialde bakarrekoa, etxebizitzaren antolaketa eta eraikinaren bolumena; honek barruko antolaketa alboetako fatxadatan adierazten du, fatxada nagusia berriz lau solairutan banatzen da balkoi eta terraza mailakatu ederrez.
  • Galeako Golf Elkartea (Getxo) (1963-64). Eraikin horretan argi agertzen da Aginagak bazekiela egoki iruditzen zitzaionean ingeles estiloko formak hartzen.




Arkitekturan modu berean agertu zen arrazionalismoa Arabako lurraldean.

J. L. López de Uralde

[aldatu]

Gasteizen honako hauek diseinatu zituen:

  • Goya gasolindegia (Florida Parkean)
  • eta San Antonio kaleko 39. eraikina.

Enrike Ginea

[aldatu]

Honek diseinatu zituenak dira:

  • hiru kaletara ematen duen etxebizitza multzo eder bat, Floridako Ibilbide 1-3an (1968-71)
  • eta kristalezko fatxada multzo bat Eduardo Dato kaleko 11n, Migel Miegen lankidetzan egina.

Paulo Zabalo donostiarraren –Lezako Sendategia (1935) – eta Joan Madariaga bilbotarraren obrak erbestealdi luzea jasan zutenen taldean gogoratu beharko dira.

Frantzisko Jabier Saenz Oiza

[aldatu]

Proiektugile eta eraikitzaile bezala egindako ibilbide luze eta oparoagatik merezi du Frantzisko Jabier Saenz de Oizak (1918-2000), oraintsu zendu denak, bere izena azpimarratzea. Kasedan (Nafarroan) jaioa zen, eta USAra (1948-49) bidaiatu ahal izan zuen San Fernando Arte Ederretako beka bati esker.

Arantzazuko Basilika. Laster gainditu zituen Saenz de Oizak historikotasunak Arantzazuko basilika berrian, garai hartako eliz hierarkiarengan akademizismoaren kontinuismoari loturiko kontzientzientzat aldaba-hots izan zena.[10]

Madrilen kokatu zelarik, Euskal Herritik kanpo burutu zituen bere obrak Saenz de Oizak, arrazionalismo ortodoxotik baino espresionismotik gertuago zegoen bidetik, bizitasun lazgarriz zamaturiko organizismo aldera eginez.

  • Dorre Zuriak (1960-1968). Hauetan, adibidez, Le Corbusierrengandik urrundu zen Oiza, eraiki zituen teilatu-lorategian natura bilatzerakoan eta ikusten den hormigoiaren erabilerari forma original iradokitzaileak emanerakoan. Beranduago, mendearen azken hamarkadetan, Corten altzairuaren erabilerari originaltasun formal berbera ematen asmatu zuen.

Baskoniatik kanpo, bidezkoa den mirespen orokor bat irabazi du Saenz de Oizak − gure garaiko arkitekto espainiarren artean, berari buruzko bibliografia ugarienetako bat da− punta-puntako lanengatik, besteak beste:

  • Madrilgo BBVAren Eraikina,
  • Santanderko Jaialdietarako Jauregia.

Euskal Herriak honako hauek zor dizkio:

  • familiabakarreko etxebizitza bat Duranan (Araba).[11]

1960ko hamarkadako eliza modernoak

[aldatu]

Arantzazuko Basilikak modernotasunerantz agertu zuen irekitasun neurritsuak haustura eragin zuen erlijiozko arkitekturan, euskal apaizterian nahi zen leialtasun tradizioaren ikusmolde zaharkituan. Baina, Euskal Herrian 60ko hamarkada hasi aurretik eraiki ziren eliza moderno batzuen egileak ez ziren Euskal Herriko arkitektoak izan.

Aingeruen Santa Maria. Gasteizen Jabier Carvajal eta Jose Mª Garcia Paredesek eraiki zuten Aingeruen Santa Maria Parrokia (1958). Libre zegoen lurzorura egokitu beharrak iradoki zuen habeartearen oinplano triangeluarra. Honi, beste angeluzuzeneko habearte bat erantsi zitzaion, estua eta luzea, sakramentuaren aldarea, aitorlekuak eta bataiategia hartzen zituena. Adreiluz eraikitako hormak eta zurezko sabaia metalezko egitura baten gainean ezarririk daude, beltzez margoturik eta bistan, ezkutatu gabe direlarik.

Andre Mariaren Koroapena. Garai horretan bertan, Migel Fisacek Arabako hiriburuan bertan eraiki zuen Andre Mariaren Koroapena eliza (1958-59), berak horma dinamikoa zeritzona erabili zuelarik: horma baodun baten aurrean absidearen saihetsean dauden bao ikusezinetatik datorren zehar-argiz argiztatzen den horma itsu baten arteko kontrastea. Elizaren arauekiko beti irekirik den Migel Fisacek aurrera egin zuen garapenean, bere eginahal espresionistak utzi eta Vatikanoko II.a Kontzilioaren irizpideen araberako sakratutasunaren oroitzapena bilaturik.




Hirurogeiko hamarkadan, irudimen sortzailez jantzirik eta gizarteko kontzientzia bizia zuen komisio-emaileen eskakizunei erantzun beharraz jabetzen ziren arkitekto-belaunaldi bat agertu zen, besteak beste, Luis Peña Gantxegi, Juan Daniel Fullaondo, Rufino Basañez, Jesus Rafael Basterretxea eta Felix Iñigez Onzoño. Talde honen zeregina XX. mendearen azken laurdenean garatu zen, batez ere, eta honetaz hurrengo atalean arduratuko gara.

Euskal Herriko artisten irteera handia

[aldatu]

Hemen ez dagokigu atzerriratu beharrean gertatu ziren euskal herritar musikariez hitz egitea, musikak bere behin-behineko ertilari eszenografiko plastikoekin izan zuen lotura zela eta, ezin utziko dugu aipatu gabe 36ko Euskal Herriko musikaren egoera, eta batez ere folklorean gertatu zen kultur etena.

Mugimendu koreografiko bikain bat garatu zen mendearen lehen herenean, eta bereziki Errepublikaren urteetan. Herri askotan dantza taldeak sortu ziren. Segundo Olaetak baleta lantzen zuen talde bat sortu zuen Gernikan, eta arrakastaz jardun zuten Euskal Herriko hainbat tokitan. Elai-Alai izenez bataiaturik gelditu zen taldea 1931n Lekeition emandako ekitaldi baten ondoren.

Saski-Naski izeneko beste talde bat Donostian sortu zen. Bigarren Euskal Astean, 1928ko udan, izan ziren talde honen lehen emankizunak. Gero, Paristik itzuli bat egin, eta Hirugarren Euskal Astean jardun zuen 1929an.

Bilbon eratutako Oldargi taldeak, elkarrizketak onartzen zituen bere koadro eszenikoetan. Hauetan, apaintzaile gisa lagundu zuten Gezala, Ginea, Uzelai, Losada eta Renteria margolariek. Bilbon egindako ekitaldi batzuen ondoren, taldea Madrilera eta Parisera joan zen. Euskal kulturaren zabalkunde-giro horren gainera bota zuen erauntsia, hain zuzen ere, ertilari plastiko askoren lanarekin loturik zegoen ekimen horren gainera, «aberriaren batasun sakratuaren» aurkako erasotzat uler daitekeen guztiarekin bukatzeko helburua zuen erregimenak.

Frankismo garaian atzerriratzera behartutako Euskal Herriko artistek izan zuten zorteari buruzko ibilaldi panoramiko batek halako patu-aldaki batzuk eskaintzen ditu, betiere, kontutan hartuta ezinbestekoa zela antolamendu batekin azaltzea, zergatien eta arrazoien aniztasuna, protagonisten adina, beraien erbesteak iraun duen denbora eta beraien gaitasun sortzaileari eusteko izan zituzten erraztasunak. Modu honetan taldetan bereiz genitzake.

1936 baino lehenago atzerrian bizi zirenak

[aldatu]

Ez ziren gutxi izan zorigaiztoko aldi horretan atzerrian zebiltzanak, eta gerrak eta gerraosteak aberrirako itzuleraz pentsatzea galarazi ziotenak.

Anjel Cabanas Oteiza

[aldatu]

Anjel Cabanas Oteiza (-1964) buhame izengoitia egiaz irabazia zuen margolari gipuzkoarra zen, hispanoamerikar herrialdeetara 20 bidaia baino gehiago egina baitzen 20ko hamarkada inguruan, batez ere Buenos Airesera, salmentetan arrakasta zuela-eta oihalak erakustera.

Jose Artetxek egin eta «La Voz de España» zeritzonak (1948ko urriaren 27an) argitaratu zuen elkarrizketa batean, Amerikako lurretan jada 20 erakusketa eginak zituela adierazi zuen, «beti salmentetan arrakasta lortuz, han euskal giroko margolanen zale amorratuak baitira».

Nikolas Mujika

[aldatu]

Badirudi Cabanasen arrakasta izan zela Nikolas Mujika (1887-1948), beronen eredua imitatzera bultzatu zuena: Euskal Herriko paisaiak margotu, Atlantikoa zeharkatu eta beti emaitza onak lortu. Madrilgo Erakusketa Nazionaletan parte hartua zen 1926an eta 1932an, lan hauekin:

  • Udazkeneko eguzkia,
  • Gipuzkoa eta
  • Errezil.

Baina, bai berak eta baita Cabanas Oteizak ere, beraien erakusketarik bikainenak amerikar lurretan egin zituzten, modu honetara beren lurretik urrun bizi ziren euskal herritarren bihotzak alaituz. Horregatik, –dio Flores Kaperotxipik– egunen batean bi paisajista hauen ekoizpenaren zatirik handiena bildu nahiko bagenu, Amerikako errepublika ia guztiak ibili beharko genituzke.

Jose Benito Bikandi

[aldatu]

Jose Benito Bikandi (1896-1958) ondarrutar hau, gure beste ertilari ibiltarietako bat da, lur arrotzetan barrena ibili zale eta herrimin etengabekoaz beterik bizitzea laket zaien euskal herritar horietako bat. Artista goiztiarra izan zen. Parisen egona zen 14 urterekin; Bilbon erakusketa bat antolatu zioten 16rekin eta Arte eta Lanbideen Eskolan sartzeko aukera izan zuen margogintza eta zeramika espezialitatean. Euskal Herriko Artisten Elkartean sartu eta bere erakusketekin arrakasta lortu zuen.

Bizkaiko Foru Aldundiak lau urterako pentsio bat eman zion 1920an, Madril, Paris, Erroma eta Europako beste lurralde batzuetara bidaiatu eta bertan ikasteko aukera eskaini zion laguntza. Argentinan bizi ziren bere senideek errepublika hartara deiturik, bertara joan zen (1925), han kokatu, bertan argentinar herritartasuna hartu, eta bertan burutu zuena izan zen bere obra ia guztia.

Buenos Airesko Witcomb aretoan erakutsi zituen 1926an. Parisen Francisco Durriorekin ikasi zuen zeramikaren artea irakasten jardun zuen, eta ostera egindako erakusketetan karguak eta sariak eskuratu zituen. Bikandi izango da ziur asko –Kaperotxipiren arabera– euskal kolonia hain ugaria den Hegoamerikako herrialde hartako Euskal Herriko ertilaririk ezagunena.

Bikandik Euskal Herriko artisten erakusketa batean parte hartu zuen 1943an Montevideon. Erbesteko Eusko Jaurlaritzaren Ordezkaritzaren ideia izan zen. Bikandik Euskal Herriko artisten lanik esanguratsuenak biltzea lortu zuen; hauetariko asko Argentinan bizi ziren, baina Euskal Herritik ere askok bidali zituen beren lanak.

Atlantikoaren alde honetan apenas ezagutzen den Bikandi. Baina bidaia batzuk egin zituen Espainiara bere lanen erakusketak egiteko. Madrilgo bigarren Bienal Hispanoamerikarrean hainbat oihal izan zituen erakusgai:

  • Zezenen entzierroa,
  • Arrantzuntzia, eta
  • Zuberoako Maskarada.

Berriro bidaiatu zuen Espainia eta Frantziara 1953an, eta segidako urtean Buenos Airesen Bigarren Saria irabazi zuen bere Lezoko Santo Kristoarekin.

Han hil zen 1958an, bere bigarren aberrian.

Arrantzale-portu ezagun batean jaioa zen, eta bere gaiak itsasoaren eta arrainen, Ondarroako kaiaren eta auzuneetan, arrantzale-jendeen herri inguruetan dabiltza.

Margolari bezala, bere ausardia eta pertsonalismoagatik Zuloagaren ikasle dirudi Bikandik. Juan de la Encinak «margolari zakarra» izendatu zuen 1925ean, eta zakarkeria horrek bizitza guztian zehar lagundu zion.[12] Paleta beroa du, marrazkia bikaina, zakarra eta ez da batere fina; pintzelada oso askea, laburra eta azkarra, inpresionismoaren oinordeko; bere koloreak fauvisten eta espresionisten oroiterazleak dira, halako modez, non bere konposaketetan hain analitikoa izan ez balitz, Van Goghen ondorengo zuzena emango lukeen.

Jorge Oteiza

[aldatu]

Jorge Oteiza eskulturagileaz eta bere bizitza luzean zehar Baskonian garatu zuen lanaz geroago hitz egin beharko dugu. Hemen, Frankoren Altxamendua baino urtebete lehenago Ameriketako lurraldera joan zela gogoratzea interesatzen zaigu. Egindako lan batzuk Buenos Airesen eta Txilen erakutsi zituen, eta aldi batez irakaskuntzan jardun zuen Argentinako hiriburuan.

Handik Kolonbiara igaro zen (1942) zeramikaren irakaskuntza ofiziala antolatzera. Bogotan idatzi zuen Gerraosteko arte berriari buruz Amerikako ertilariei idatzitako karta sonatua Revista de la Universidad de Popayán, eta hitzaldiak egin zituen.

Quitora igarota Estetika Objektiboari buruzko Txosten bat eta bere Estatu megalitikoei buruzko ikerketa Amerikan izenekoa aldarrikatu zuen Kultur Etxean.

Peruko Trujillon, zeramika ikastaro bat eman zuen Ingeniaritza Eskolan, eta Arte berri baten sorrerari buruzko beste bat Unibertsitatean.

Udako ikastaroak eman zituen Liman eta eskulturagile, margolari eta arkitektoekin Espacio izeneko esperimentazio-taldea sortu zuen.

Buenos Airesera itzuli zen 1948an, eta Cabalgata aldizkarian eskultura berriari buruzko bere ideiak argitaratu zituen. Urte bereko abuztuan behin betirako itzuli zen Euskal Herrira.

Itzuli ez zirenak

[aldatu]

Tarte honetan, atzerritik garaiz eta lanbidea berreskuratzeko ahalmenarekin etorri ez ziren Euskal Herriko ertilari haiez arituko gara. Batzuk, beren bizitza berreraikitzean pentsatzeko betarik gabe eraman zituen heriotzak; besteak, diktadurak irauten zuen bitartean ez itzultzeko erabakia hartua zuten; azkenik, beste batzuek izan zuten herrialde hartzaileetan kokatzeko zortea, zorioneko adierazpenarekin esaten den bezala, hauen abegiagatik atzerria urrutiko herri bihurtu baitzen.

Martin Domingez

[aldatu]

Arkitektoen artean, Madrilgo Zahara Kafetegiaren diseinuan Zuazoren lankide izan eta Le Corbusierrekin harremanak izan zituen Martin Domingez, 1940ko otsailaren 24an, Ministroaren Agindu batek izendaturik garbitutako bat izan zen: «bere jardueran erabateko etenaldia, publikoa nahiz pribatua lurralde nazional osoan, bere jabegoetan eta babes-lurretan».[13] Bere egunak Kuban eta AEBetan erbesteraturik eman zituen.

Tomas Bilbao

[aldatu]

Tomas Bilbao (1890-1954), hogeiko hamarkadan Bilboko auzoetan herri-etxebizitzen eraikuntzagatik nabarmendu zen.

Lehen eraikin horietan Deco Artearekiko sentibera azaldu zen, eta estilo horretan diseinatu zituen:

  • Bizkaiko Labe Garaien pabilioia Bartzelonako Erakusketarako (1929).
  • Bere Solokoetxeko etxebizitzetan, irizpide gutiz arrazionalista baten aldera garatu zen Gropiusek «sentimenduzko dardara» izendapenarekin iraindu zituen adabaki apaingarriak kendu nahi zituenez. Berak, «moral modu bat, etika bat» bezala barneratu zuen arrazionalismoa.

Tomas Bilbao, Eusko Abertzale Ekintza (EAE) alderdiaren sortzailetako bat izan zen, eta, 1931ko hauteskundeen ondorenean, Bilboko Alkateorde. Politikan, noblezia handi bat, nazionalismo neurritsu bat eta iraultzaren aurkako sozialismo bat erakutsiz sartu zen. Negrínen Gobernuko Ministro izendatu zuten 36ko zurrunbilo politikoak arrastan hartuta, Irujo ordezkatuz. Iparraldera joan zen, Donibane Lohitzunera EAEren lerroetan berarekin militante izan zen Rikardo Arruerekin iritsi zen. Frantziako inbaditzaile alemanetatik ihesi, Mexikora joango zen (1942), eta bertan lan dezente egin zuen, zoritxarrez hauei buruzko inolako dokumentaziorik gelditu ez bada ere. Eusko Jaurlaritzako Kultura Batzordeko kide izan zen Mexikon, eta bertan hil zen 1954an, moral mailan pertsona oso noblea, profesionalki oso jantzia eta modernitatera irekitako sentiberatasuna zuen pertsona baten oroitzapena utzita.[14]

Leon Barrenetxea

[aldatu]

Sekula itzuli ezin, edo nahi izan ez zuten Euskal Herriko ertilarien artean dago lehen ere hitz egin dugun Leon Barrenetxea eskulturagilea ere. Emakume frantses batekin ezkondurik Parisen kokatu zen, eta lekualdaketa honen ondorioz bere lanbidea utzi egin zuen. Madrilgo bere etxean eta estudioan lapurreta egin zioten, bertan zeukan guztia eramanez. Leon 1947an hil zen. Urte askoren gorde zuen Parisen, bere semeak aitaren lanen eta beronek merezi izan zituen kritikei buruzko txostena.

Aurelio Arteta

[aldatu]

Euskal Herriko ertilaririk garrantzitsuena, izan zen zalantzarik gabe, bere egunak atzerrian amaitu zituen Aurelio Arteta. Lehen ere aipatua dugu zein obra garrantzitsu burutu zuen bere lurrean 36a baino lehenago. Gerra biztu zenean, Valentziara joan zen Arteta; eta handik Frantzia aldera lekualdatu zen; eta triptiko moduan asmatu zituen hiru oihalak margotu zituen Miarritzen (lehenago aipaturikoak), ertilariak gerraren trauma izugarria jasaten ari zen egunetan egin zituenak:

  • gudariaren heriotza armak eskuan dituela,
  • larri zauritu eta hildako amatasuna, bularrean haurtxoa duela, zeruan makina txikitzaileak burrunban dabiltzan bitartean; halako ankerkeria baten aurrean ulu dagian zakur bat kexuka ageri da. Den-dena margo arre eta gris batean barrendurik,
  • atzerriratzera, ihesi doazen itsasontziak, agurraren besarkada, azkeneko musua emateko gora jasotako haurtzaroa, inola ere ulergarria ez den banaketari zaion izu eta minaz hunkituriko nerabetasuna.

Artetak Mexikora egin zuen ihes, eta bertan hil zen errepideko istripu zorigaiztoko batean. Indalezio Prietok berri nekrologiko bat eskaini zion 1940ko azaroaren 12an. Bertan, Euskal Herriko margolariaren obra «mexikarra» laburbiltzen zuen, errepikatzea merezi duten hitz batzuekin:

«Artetak Mexikon hiru oihal handi margotu zituen euskal herritar jator-jatorrak: erromeria mendian, eskusoinua eta panderoaz alaiturik; aurreskua –milaka urteko dantza, erdi gerrakoa, erdi adeitsua– herriko pertsonaia adierazgarrienak izaera egokiz marrazteko balio izan diolarik, hala nola, txistularia, alkatea, apaiza eta mikeletea, aurreskularia eta honek bere arintasunaren omena eskaintzen dion neska. Inor ez litzateke gauza izango, jatorriz misterioan galtzeraino urrutiratzen den arraza berezi honen arimako distirak, halako zehaztasun harrigarriz oihalera eramateko. Baina Artetak Mexikon margotu dituen margolanen artean gorenekoa, Carlos Prietoren emazte eta seme-alaben erretratua da dudarik gabe. Artetak Mexikon liluratu nahi zuen. Amelia Solorzano de Cardenas anderearen erretratua bukatzea espero zuen. Paradoxa da gero –zioen– ni margolarien herrialde honetara etorri izana margotzera».

Julian Tellaetxe

[aldatu]

Aurreko orrietan hitz egin dugu Julian Tellaetxe margolari bergararraren lanari buruz; margotzen hasi zenetik, erabilitako gaiengatik eta bere estiloagatik ezagun egin zen hark eginiko obra. Julian 52 urteren heldutasun betean zegoen, eta Euskal Pizkundeko bere erakusketen bidez, Aitzol eta euskal Nazionalismoko kultur inguruarekin harremanak erraztuak zituen, Altxamendu militarrak ustekabean harrapatu zuenean. Armada Gipuzkoara gerturatu zenean Euskadi utzi behar izan zuen. Parisen, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ministerioak frantses hiriburuko Luxenburgoko Museoan zeuden Bilboko Museoko koadroen zainketa agindu zion Uzelairekin batera. Erraza izango zitzaion Parisera ohitzea, emakume frantses batekin ezkonduta baitzegoen.

Manuel Sotak, Eresoinka taldearen ekitaldietako ardura artistiko batzuk bere esku utzi zizkion.

  • Brankak estanparako dekoratuak margotu zituen, egitarauetan Depenak izenburuarekin agertzen direnak. Azkueren aburuz, «talka saihestearren, txalupa baten brankara datorrenari zuzenduriko oihuak» adierazi nahi zituen.

Alemaniarren armadak Frantzia hartu zuenean, Perura joatea erabaki zuen Tellaetxek, bere seme bat hantxe bizi baitzen. Ez zen erosoa eta alaia izan Tellaetxeren bizitza Liman. Zorionez, Peruko bankan lehendakari zen Orbegozo jaun baten babesa aurkitu zuen. Berak nahi bezala bizitu eta margotu ahal izateko, norbaitek Cuzcoar pinturaren Eraberritzaile izendapena lortu zion, Bilbon ikasitako teknika zuen hau. Peruko aldi horretako bere margolanak, paisaiak nahiz erretratuak, Parisera bidaltzen ahalegintzen zen. Liman itsas txokoak eta erretratuak margotzen jarraitu zuen, nahiz eta hauen kalitatea, agidanean, bere aurreko margolanen mailara ez ziren iritsi. Tellaetxe hil zenean, artean baziren Parisen gordeak berrogeiren bat koadro. Erbesteko Euskal Gobernua ertilariaren familiari itzultzen ahalegindu zen, beraren zaintzan gelditu ziren lan hauek.

Jose Leon Kruzalegi

[aldatu]

Jose Leon Kruzalegi (1895-1969) bizkaitarra ez da Tellaetxe bezain ezaguna. Mundakan jaioa eta Ingalaterran hezia izan zen, lehen marrazki irakaspenak Liverpooleko Institutu Katolikoan hartzeko. Ikasketak Bilbon eta Madrilen osatzeko aberrira itzuli zen. Hiribilduan, 1933an talde-erakusketa bat antolatu zuen erakundea, dagoeneko aipatu duguna, Arte-Batasuna izeneko taldea sortu zuen beste artista gazte batzuekin

Ameriketara egindako lekualdaketak bere bizitza egiazki emankor bihurtu zuen ertilariren adibidea da Kruzalegi. Madrilen Telefonika Konpainian lanpostu bat lortu zuen, eta han harrapatu zuen ustekabean gerra zibilaren leherketak. Bilbora itzultzen saiatu zen, baina azkenik Frantziatik erbesterako bidea hautatu zuen bere emazte eta seme-alabekin. Argentinako Errepublikan kokatu zen eta bertan Euskal Herriko artearen aldeko kultur ekintza garrantzitsuak hedatu zituen. Buenos Aires eta Mexikoko Eusko Deia egunkariaren, Gernika aldizkariaren eta beste eusko argitaraldi batzuetan laguntzaile izan zen. Buenos Airestik, arrazoi artistikoak zirela eta Frantziara abiatu, Parisen aldi bat igaro, eta Argentinara itzuli zen Euskal Herriko artea sustatzen jarraitzeko.

Hizlari bikaina zen, entretenigarri eta azkarra, eta entzuleriak atsegin handiz entzuten zuen. Arte kritikari eta literatura-idazle bezala, interesa piztu zuen, eta literatura eta arte maitaleen aldetik oso irakurria izan zen. Lan ugari argitaratu zituen, Argentina eta Mexikoko euskal aldizkarietan bereziki. Nazioko talde erakusketetan eta erakusketa pertsonaletan parte hartu zuen. Eta arrakasta handia lortu zuen 1950ean Buenos Airesko Riel Galeriako euskal paisaien erakusketan. 1952an. Laurak Bat Euskal Zentroaren sorreraren 75. urteurrena zela eta, erakusketa bikain bat antolatu zuen, Euskal Herriko margogintzako izenik ospetsuenak bilduta. Hitzaldi interesgarri batekin eman zien hasiera ekitaldiei.

Joan Aranoa

[aldatu]

Aberrira itzultzeko hainbat bidaia egina izanagatik, atzerriraturiko taldetzat har daitekeen beste ertilari bat dugu Joan Aranoa (1901-1973). Bilbon jaio eta Arte eta Lanbideen Eskolako ikasle izan zen, lanik onenak inspiratu zizkion erlijioa fede sakon eta benetakoz bizi izan zuen. Parisen eta Italian osatu zuen bere prestakuntza. Esperientzia haietatik, Cezannen aldera gelditu zitzaion planoen bidezko sendotasuna, bolumetrietan eta pertsonaietan idealizatze joeraren halako lehentasunezko gustu bat.

Euskal Herriko Artisten Elkartean erakutsi zituen bere lehenengo lanak, eta laster lortu zuen elizetan eta hauetatik kanpo horma-pinturen eskarientzako adinako ospea. Gerra zibilak Madrilen harrapatu zuen, Secundino Zuazo arkitektoak Errekoleto Frontoirako eta Ministerio Berrietako horma-pinturetako margolan freskoak eskatuak zizkionean.

Badirudi Zuazagoitiarekin zuen adiskidetasunak saihestu zuela FAIko anarkista talde batek fusilatua izatetik. Bartzelonatik Frantziara igaro (1936 irailean), eta bere familiarekin Baionan elkartzea lortu zuen. Donibane Lohitzunen aurkitu zuen Secundino Zuazori gaur egun New Yorken den erretratua egingo zion. Frantzian margotzen jarraitu zuen, eta Parisen jarri zuen erakusgai bere laugarren Gurutze Bidea (Garzia-Urtiaga Bilduma, Mexiko).

Parisen, zenbait erretratu margotu eta Jacques Maritain filosofoaren erretraturako zirriborroak egin zituen.

Hantxe bizitu zen mundu gerrak beste bizileku batzuk bilatzera behartzen duen bitartean. Behin baino gehiagotan Espainian sartu zen eta hainbat obra egitea lortu, besteak beste, Aurora Polar-erako apainketa, oihalean egina urrezko hondoaren gainean (Bilbo).

Azkenik, Argentinara joatea erabaki zuen. Bidaian ezagutu zuen Elias Urkullo, laguntza eraginkorra emango dion gizon dirudun eta eskuzabala. Honi buruzko esker onezko oroitzapena gorde zuen Aranoak, halaber, bere atzerri berrian lagunduko dion Jose Antonio Lauburu jesuita ezagunarena. Argentinan kokaturik, Buenos Airesen bere Gurutze Bideko zenbait egonaldi jarri zituen erakusgai, eta Montevideon (1943).

Aranoaren margolanen bilakaera nabarmen azaltzen da. Gaztaroko Cezannetar etapa hartatik, aldi manierista bat azpimarra daiteke, non irudiek astuntasuna galdu eta bere paleta tonu hotz eta hil samar gutxi batzuetara murrizturik, apur bat malenkoniatsuak diren gaiei ukitu paregabea ematen zien; gerora aldi sintetiko eta ausartago baterantz jo zuen, ia lirikora, bolumenak desagertu eta marrazketari eman zion lehentasuna, espresionista esan daitekeen mintzaera batean tonu kontraste biziak bilatuz.

Krisialdi bati buruz hitz egin zuen ertilariak, aldi horretan margogintzan bizitu zuen horretaz. Bere bosgarren Gurutze Bidearen aldia da, gerora sakabanatu egin zenarena −gaur egun zati bat dago Madrilen, Bilbon beste bat. Hiri askotan erakutsi zituen bere margolanak. Sail honek nolako sentipena sortu zion kontatzen du Flores Kaperotxipik bere Arte vasco liburuan, Buenos Airesko Witcomb galerian erakutsi zuenean eta Denak Bat-ek antolaturiko Mar de Platako Kasinoan egin zen beste erakusketan.

Aranoak Argentinako hiriburu ikaragarri hartatik ihes egin zuen, eta Olivosen kokatu, Buenos Airesko aldirietako herri batean. Larriki gaixotu zen 1948an. Bere bosgarren Gurutze Bidea New Yorkera eraman zen. Bilbo eta Bermeora itzuli zen 1951an; Ertzilla Dorrean itxi, eta bere lan batzuk erakutsi zituen:

  • bodegoiak,
  • amatasunak,
  • Andra Mariak.

Gure iritziz, Euskal Herriko pinturaren maisu handitzat sagaratzen duten obra zoragarriak dira. Ordutik, behin baino gehiagotan igaro zuen Atlantikoa leku ezberdinetan antolatzen zizkioten erakusketen atzetik, 1973an Argentinako Olivosko bere bizilekuan hil zen arte.

Maurizio Flores Kaperotxipi

[aldatu]
“Amonatxoaren ipuina”, Kaperotxipi.

Itzultzeko aukera izan, baina «diktadorea bizi zen artean» itzuli nahi izan ez zuen artista izan zen Maurizio Flores Kaperotxipi (1901-1997), kronikari ezagun –kronikari eta historialari oso atsegingarria, gainera– XX. mendeko Euskal Herriko pinturari buruzkoan. Errepublikako urteetan euskal prentsan argitaratzen zituen artikuluez gain, Kaperotxipiri bi liburu zor zaizkio −Pintores vascos y no vascos eta Arte vasco−, Buenos Airesko EKINek argitaratuak.

Zarautzen jaio zen, eta Villahermosako Dukeen pentsio-laguntzak Madrilen Lopez Mezquitarekin luzez ikasteko aukera eman zion. Parisen ere bizitu zen aldi batez Montes Iturriozekin batera, eta Olasagasti eta Cabanas Erauskinekin berriz, Italiara joan zen. Gerora, bere lurraldera itzulirik, Ertilari Berrien Erakusketetan sariak bat bestearen atzetik irabazi zituen. Erakusketak egiten eta lanak saltzen hasi zen. Salmenta baten emaitzari esker Buenos Aires eta Mexikora bidaiatu zuen, bere koadroak ezagutzera eman eta arrakasta handia lortuz. Euskal Herrira itzuli eta Elgetan ezarri zuen bere estudioa. Han harrapatu zuen ustekabean gerra zibilak: bere estudio-lantegia, bere liburu eta koadroekin batera, bonbek deseginda utzi zioten.

Santandertik barrena egin zuen ihes Espainiatik, eta Argentinan kokatu zen azkenik; han bazituen pertsona eta lagun euskal herritarrak, berari gustatzen zitzaion moduan erretratatzeko. Buenos Airesen berriro egin zuen erakusketa, Gure Etxea aretoan, Buenos Airesko kritikaren laudorio handienaz inguraturik. Mendozan hiru urteko egonaldiaren ondoren, Mar de Platan kokatu zen ia behin betirako. Bere estudioa Erakusketa Areto bihurtu zuen, bere ilusio guztia ezarri zuen negozio horrek urte batzuetan margotzea eragotzi zion.

Folklorikoa izan zen beti Kaperotxipiren margolana: paisaiak eta gizaseme euskal herritarrak, ikusteko atseginak eta gozoak. «Bizia margotu nahi dut –esan ohi zuen–, ez zait penak margotzea gustatzen». Margotu nahi zuen bizi hori jendearen bizia izan ohi zen beti: gizonak, emakumeak, haurrak eta Euskal Herriko paisaiak. Historiografia modernoak Kaperotxipi «etnografo» eta «kostunbrista» moduan sailkatu du. Egia da, Zuloagaren eta Artetaren unibertsaltasuna, esate baterako, ez zuela lortu; baina postu duin bat merezi du gure margogintzaren historian. Bere teknika akabatuagatik, bere marrazketan zuen trebeziagatik eta bere kromatismo alaiagatik euskal fisionomiaren goreneko margolaria da, eta Atlantikoaz harantzago, euskal lurreko balio jatorren enbaxadore handitzat hartu eta estimatu behar dugu.

Kaperotxipi hemen koka daiteke, «itzuli ez ziren» ertilarien taldean alegia; izan ere, frankismoa amaiturik Zarautzera etorri zenean, jada arterako hila zegoen.




Gaztelania hizkuntza ezaguna eta erabilia zela eta, gerra baino askoz lehenagotik Hego Amerikako herrialdeetan euskal zentro eta elkarte kulturalak bazirela eta, gehiengoaren exodoa batez ere herrialde horietara bideratzea ekarri zuen. Badira, hala ere, Estatu Batuetara immigratutako euskal kasuak. Hau izan zen Manuel Marina Barredo margolaria, eta arrazoi honetxengatik da ia ezezaguna bera jaio zen lurraldean.

Manuel Marina Barredo

[aldatu]

Manuel Marina Barredo (1915-1990) Bilbon jaio zen baina aita-ama arabarrak zituen. Boluntario ibili zen gerra zibilaren hasieratik, eta infanteriako kapitain gisa borrokatu zuen Frankoren armadaren aurka. Bizkaiko frontea erori ondoren, atzera-egite horretan jarraitu zuen Santander eta Asturias aldera azken porrota iritsi arte. Bilboko matrikula zuen itsasontzi txiki bat ostu zuen kostan burkide sozialista bat lagun zuela, eta Frantziako itsasertzera iritsi ahal izan zuen. Bigarren Mundu Gerra hastear zela, 1939ko abuztuan, Atlantikoa zeharkatzeari ekin zion. Ordutik, eleberri baterako prest leudekeen abentura multzo bat da Marinaren bizitza. Duela urte batzuk albiste horien berri eman genuen prentsan (Diario Vasco, 1992ko martxoaren 17an) eta ez ditugu berriro kontatuko, zeren eta hemen, Venezuela, Santo Domingo, Eskozia, Guatemala, Mexiko eta azkenik, Estatu Batuetara bidaiatu ondoren eta lanbide oso ezberdinetan jardun ondoren, Marinak margogintzarako bere zaletasuna eta gaitasuna aurkitu izana, horixe da interesatzen zaiguna. Kaliforniako Santa Barbaran ere familiarekin kokaturik, abentura berri eta sutsu bati ekin zion.

Marinaren artearen barruan originaltasuna da atenzioa ematen duen lehenengo gauza. Haurtzaroko oroitzapenei, euskal paisaiei eta erlijioari buruzko behin eta berrizko gai multzo baten inguruan, bere pinturaren ezaugarri iraunkorrak dira kontraste kromatikoak, espazio guztia irudiz betetzera eramango duen horror vacui antzeko bat, bere pertsonaien aurrez aurrekotasun obsesiboa eta bere marrazkiaren espresionismoa.

Lehen aldiko bere erakusketen aurrean, bizantziar mosaikoen, pertsiar tapizen eta Erdi Aroko beirateen eraginaz hitz egiten dute kritikariek. Zalantzarik gabe, Erdi Aroko miniatura ezagutzen duenak, Beato hispaniarrak bereziki, Marinaren koadro hauei aitatasun sekretua leporatzen diete; etengabeko aurrez aurre batean dauden irudimenezko mamuez beteriko koadroak, balizko gerra atomiko batekiko obsesiozko izua nabaritzen zaien lanak. Picassoren eraginik gabekoa ez den espresionismo batekin heltzen die Marinak erlijiozko gaiei; eta Gurutziltzatzeari eta Gurutze Bideari, bereziki.

Ia beti modu harrigarriz itxuragabetu eta luzatzen zituen bere irudiak, bereziki buru eta eskuak, bere begi aurrean edo bere espirituan zuen errealitatearen zentzu mistikoa bilatuz. «Artistak ukitzen duen guztiak –idatzi zuen bere Egunerokoan– magia izan behar du».

Madrilgo Antonio Machado galeriak erakusketa egin zuen 1973ko otsailean, gaiak ugari ziren (erlijiozkoak, euskal paisaiak, eguneroko eszenak) Marinaren koadroetan, ikusleriari zirrara sortu zion eta kritikari bat bultzatu zuten lan haiek mundu anker honentzat senidetasun-mezu bat zirela esatera.

Marina Barredo galdutako aberriaren nostalgiaz hil zen. Bere Egunerokoan Bilboko haurtzaroko oroipenak ekartzen zituen gogora. «Laster 74 urte beteko ditut, eta ez naiz sekula itzuliko nire lurrera. Horregatik, nire margolanak, irudikeria erraldoi baten antzera, nire Herri maitearen oroitzapenak dira».

Jon Zabalo, Txiki

[aldatu]

Jakina badirela erbestea ahanzturaren zigor bilakatu zitzaien beste ertilari xume batzuk ere. Jon Zabalo (1892- 1948) marrazkilari bikaina dugu horren adibide, bere garaian Txiki izengoitiz oso ezaguna izan zen marrazkilaria. Horrela izenpetu zituen kartel ugari, marrazkiak eta hainbat argitalpen, eta XX. mendeko hirugarren eta laugarren hamarkadetako euskal aldizkarien orriak ilustratzeko egin zituen karikaturak.

Kubismo sintetikoak eta Déco arteak apur bat ukitua izanik, Txikik inongo beste marrazkilarik baino hobeto menderatu zituen lerroaren ezkutukiak eta beronen adierazpen-indarra. Zuzenak nahiz okerrak, trazu garbi eta jarraituetatik grazia eta adierazkortasuna sortzen zen.

Jon "txiki" euskararen propagandagile handi bat izan zen marrazkiekin. Jakina, diktadurarekin Londresera erbesteratu behar izan zuen. Bertan hil zen 1948an.

Garaiz itzuli ahal izan zutenak

[aldatu]

Hauetariko batzuei buruz hitz egin dugu aurreko orrietan; beren obra batzuk zoritxarreko Altxamendua baino lehen burutu zituztelako. Gure iritziz, Euskal Herriko arkitektoen gremioan, ez dira hiru edo lau baino gehiago hemen aipamen bat merezi dutenak. Ugariago ziren gutxi gorabehera luzea izan zen erbestealdian arteari esker bizi izan ziren Euskal Herriko margolariak.

Sekundino Zuazo

[aldatu]

Arkitekto bikain hau 300 bat proiekturen egilea dugu, eta ia denak Baskoniatik kanpo eginak:

  • Errekoletoen Frontoia,
  • Madrilgo Ministerio Berriak, eta abar.

«Garbitu» beharreko arkitektoen zerrendan sartu ondoren, erregimen frankistak hiru urtetarako Kanariar Irletara bidali zuen konfinaturik. Madrilgo bere obra Muguruzak jarraitu zuen aginpidean zen ideologiaren arabera.

Joan Madariaga

[aldatu]

Joan Madariaga (1901-) Bilboko arkitektoa Errepublikako urteetan honako hauekin egin zen ezagun:

  • Bilboko Udalak sustaturiko babes ofizialeko etxebizitzen proiektuekin.

Honen eraikinak joera arrazionalista batean txertatzen dira, eta, norabidez, ekonomia, funtzionaltasun eta higienean oinarritzera.

Jose Antonio Agirre euskal lehendakariaren koinatua zen, eta hori bazen nahikoa arrazoi 36ko uztailan Frantziara presa handiz ihes egin behar izateko. Madariaga, arkitekto izateaz gain, marrazkilari ona zen. Bilboko Arte eta Lanbideenen Eskolan ikasi zuen, erretratuaren alorrean ezohiko gaitasuna azalduz. Ezaugarri hauek medio, Frantziako Gobernuak marrazkigintzan bizitza irabaztera Atharratzeko lantegi batera bidali zuen. Gero, Buenos Airesen lur hartzeko asmoz untziratu zen. Baina, Mexikora iritsitakoan, han gelditzeko konbentzitu zuten bere lagunek. Azteken hiriburuan, Arkitektura eskolako Zuzendariak bere bulegoan onartu zuen eta harekin egin zuen lan.

Cardenas lehendakariak profesional erbesteratu hauei Espainian eskuratutako ikasketa eta tituluak baliozkotzea erabaki zuenez, Madariagak lana aurkitu eta etxebizitzen eraikuntzan jardun zuen.

Aberrirako itzulera etapaka egin zen. Lehenik, Iparraldera gerturatu zen. Donibane Lohitzunen hiru urtez bizi izan zen Espainia frankistan bizileku aske bat bermatu zain. «Eskuineko inor ez zuela hil» egiaztatzera beharturik, Euskal Herrira itzuli zen 1955ean, 18 urteko erbestaldi baten ondoren.

Ondorengo urteetan, bere lanbidea berreskuratzea lortu zuen eta honako hauek eraiki zituen:

  • etxadiak Algortan,
  • Degremontentzat bulego-eraikinak Sondikan,
  • familiabakarreko etxeak Getxon eta Bakion, ausardiazko mintzaira moderno batean: solairu bikoitza, bi isurialdetako estalkia, teilatu-hegal handiak, harri, beira, hormigoia bistan eta metal egiturazko itxiturak.

Paulo Zabalo

[aldatu]

Paulo Zabalo (1891-1961) arkitektoa arteetarako gaitasun bikainak zituen gizona zen: marrazkilaria, margolaria, musikaria eta arkitektoa; segituan atxiki zitzaion korronte arrazionalistari.

Lezako Sendategia. Gerra aurreko bere lanetatik, Arabako Lezan dagoen Tuberkulosiaren Sendategiak azpimarratzea merezi du, urte betean, marka guztiak hautsiz, zementu indartuan erabat eraikia baita. Funtzionaltasun handikoa, ospitale berrien eta medikuntza-zientzia modernoaren eskakizunei erantzuten diena. Gainera, egitura soil eta moderno baten adibidea eskaintzen du, multzoa lerroan jarririk eta zatiketa eskematiko bat jarraituz: susperraldirako zelula independenteak, eta guztientzako egongelak topaketa-uneetarako. Esan daiteke, eraiki eta 60 urte geroago ere gordetzen duela bere edertasuna eta funtzionaltasuna.

Donostia Frankoren gudarostearen boterepean erortzean, Zabalok desagertu egin behar izan zuen. Mutrikun gorde zen, eta gero Pasaian. Handik, Baztango usoen igarobidetik, muga igaro eta urte betez bizitu zen Uztaritzera iristea lortu zuen, polizia frankista Donostiako hiriburuan bila jarraitzen zuen bitartean. Paulo Zabalok Txilera emigratu zuen 1938an bere emazte eta lau seme-alabekin. Txilen bere arkitektura ikasketak baliozkotu behar izan zituen eta lurralde hartan berezkoa den arkitektura antisismikoarekin osatu, besteak beste, hauetan egin zuen lan:

  • txalet eraikuntzan eta horien salmentan,
  • Eskolapioen eliza ere eraiki zuen eta beste parrokia-elizaren bat, halaber.

Euskal Herriarekiko sentitzen zuen mira gaindiezinak, bere familiarekin itzultzera behartu zuen 1948ko urrian. Aberrira itzulirik, Zabalok ez zuen lortu nahi zuena egiterik, ahal zuena baizik. 1940ko «garbiketa» zerrenda famatuan zegoen, eta –jakina– mendeku-espirituak oroimen ona du. Ardura handiz ahalegindu ziren elementu ofizialak garrantzi handiko proiekturik eta desiragarri izan zitekeenik ez ziezaioten eskaini edo eskuetan jarri. Uzten ziotena onartu besterik ez zuen egin:

  • bi solairuetako txaletak,
  • Lekaime Josefisten eliza,
  • Hendaiako eliza, bere kanpai-horma bereziarekin,
  • Askizuko eliza,
  • Urnietako Santa Leokadiaren ermita,
  • Añorgako parrokia eta abar.




Margolariei dagokienez, azkar itzuli ahal izan zutenak ere baziren, Asentsio Martiarena donostiarra eta aurreko atal batean bere obra aipatu dugun Antonio Gezala bilbotarra, esaterako.

Jose Mari Uzelai

[aldatu]

Batzuentzat exodoa abentura luze eta neketsua izan zen, baina, artean aparteko obraren bat egiteko, atzerritik garaiz itzultzeko erraztasuna eman zien egoerak. Halakoen artean dago Jose Mari Uzelai (1903-1979), zahartzaroan bere obraren doktoretza-tesi arduratsu bat eskaini zitzaiona.[15] Bermeon jaio zen, 20 urte zituela Parisera joan eta han Aranoa eta Jenaro Urrutiarekin egokitu zen. Bere lurraldera itzulita, azkar harrapatu zuen bere-berea zuen estiloa. Uzelai, bere inguruan ikusten duen horretan sakonera sartu zen, baina argazkietako errealismoa gaindituz, eguneroko gauzak biltzen zituen giro magikoaren bidetik.

Gaztaroko urte horietakoa da:

  • Bermeoko batzokirako 1933an burutu zuen konposaketa galanta: 34 metro karratu dituen 16 panel elkarturen gainean arrantzale-herri heroikoaren eguneroko bizimodua adierazi zuen; Ertzilla Dorretxearen hormetara iritsi zen apaingarri multzo eder hau, gorabehera askoren ondoren.

Gerra zibila hastean, Agirre lehendakariak Uzelairi deitu zion Arte Ederren, Artxiboen eta Liburutegien Zuzendaritza Orokorraren ardura bere esku uzteko. Lehenengo neurria, gure ondare historiko eta artistikoa salbatzea zen.[16]

Aldi berean, Milizianoen Umezurtz Etxea horma-pinturekin apaintzeko ideia sustatu zuen Uzelaik, eta hainbat artistak –Landeta, J. Arrue, Tellaetxe eta abarrek– utzi zituzten bertan margotuak frankisten inbasioarekin desagertu ziren alegiak edo ipuinak.

EAEren eta partikularren esku utzia izan zen Uzelairen obra pertsonala –42 koadro inguru–, ostu egin zizkioten erregimen berria ezartzean.

Parisko Arte eta Tekniken Nazioarteko Erakusketan, Euskadiko pabiloirako ordezkari izendatu zuten 1937ko apirilean, Picassok bere Gernika erakutsi zuen horretan, eta Uzelaik Euskal Herriko artearen lagin eder bat bildu zuen: 48 margolariren oihalak, 8 eskulturekin batera, arte herrikoiaren adierazle duinak. Gero, Manuel de la Sotarekin batera, euskal kultura Europako hiriburu garrantzitsuenetara eraman zuen Eresoinka musika eta dantza taldea sustatu zuen.

Londresen kokatu zen bere emaztearekin 1938an, eta bertan egin zituen:

  • gerora nazien hegazkinetako bonbek txikitu zituzten leku publikoetako apainketak,
  • 1974an urperatu zen Caronia transatlantikoa apaintzeko margolanak.

Uzelairen arrakastak hamabi urte iraun zuen. Busturiako Txirapozu bere oinetxera itzuli zen 1949an:

  • Margolanen erakusketak Bilbon eta Madrilen egin zituen, kritikaren arrakasta bereganatuz.
  • Zuberoako Dantzak lanak Veneziako erakusketa batera eraman zuten eta handik, ia oharkabean igaro zen.

Oso berezia da Uzelairen margogintza. Ez zuten Parisko abangoardiek liluratu. Egunerokotasun guztia ukitzen duen errealismo poetiko eta magiko horri leial izaten jarraitu zitzaion: mahaiak, aulkiak, mahai-zapiak, begonien lore-ontzia, tigrearen larrua eta bere etxea apaintzen duten mimosak, Gernikako paisaia,... bere pintzelek, hala nahitako estilizazioen eta tonalitate bitxien bidez, den-dena argiaren girotze irreal eta ia ametsezko batera eramaten dute.

Bernardino Bienabe Artia

[aldatu]

Bernardino Bienabe Artiaren (1899-1967) bizitza oso luzea izan zen, neketsua eta abenturaz josia. Irunen jaio zen, Julio Etxandia eskulturagileak zuzentzen zuen Akademian ikasi zuen marrazkigintza, eta San Fernando Arte Ederretako Eskolan egin zituen ikasketak. Bere bizitzako aldi hartatik ekarritako oihal batzuk jarri zituen erakusgai Euskal Ikaskuntzaren III. Biltzarrean (Gernika) eta 1923an Gipuzkoako Artista Berrien Lehiaketako Lehen Saria irabazi zuen.

Hamarkada hartan bere margolanak erakutsiz jarraitu zuen, ertilari gazte guztiak bezala, Parisera beharrezko «erromesaldia» eginez.

Hondarribian omenaldi bat jaso eta handik gutxira, gerra zibila lehertu, eta bere abentura hasi zen. Frantziara ihes egin zuen, eta Kataluniara sartu zen bere obra ezagutzera emateko asmoz. Parisera abiatu behar izan zuen 1939an, eta han, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin bere margolanen erakusketa bat antolatu zuen uztailean, Apokalipsia gaiaren inguruan, eta bertako hasiera-ekitaldia Agirre lehendakariak bisitatu zuen.

Urte horretan bertan, Txilerantz abiatu zen urte batzuetan han bizitzera, lanak erakusgai jarri, eta jatetxe ezagun baten horma-pinturak egiteko eskatu zioten. Argentinara jauzia egin, ezkondu eta lanean jarraitu zuen. Mar del Platako Udaberriko Aretoan atzerritarrentzako Lehen Saria irabazi zuen bere Euskaldunak koadroarekin.

Bolibiara iritsi zen, herrialde horretan Santa Cruzeko Arte Ederren Akademiak Marrazki eta Margogintzaren Katedra bat eskaini baitzion; baina handik denbora gutxira aldaketa politiko batek Txilera itzultzera behartu zuen.

Euskal Herrira itzulita, hurrenez hurren Hondarribia, Aranaz, Bera Bidasoa, Irun eta azkenik Etxalarren (Nafarroa) kokatu zen. Beti euskal lurraren inguruko gai berberak landuz jarraitu zuen, omenaldiak bata bestearen jarraian jasoz; azkena, Gipuzkoako Kutxaren eskutik izan zen, ertilariaren heriotza zela eta, Bienaberen 50 margolan bildu zituenean, bere margogintzari buruzko F. Jabier Zubiaurren ikerketa on batekin.[17]

Bienabe Artia formari dagokionez neoinpresionista estiloan sailkatu behar da, eta edukiari dagokionez kostunbrismoan. Paisaiak eta euskal gizasemeak margotzen zituen, batez ere. Baina Hegoamerikan eman zuen garaiko margolanetatik, gizaseme indigenak ere gorde ziren.

Parisko urteetatik marrazketa eta planokako eraikuntza arin bat gailentzen zaien erretratu batzuk ere gorde dira, berak begiratu zituen koadro kubistek erantsi zioten nahigabeko eragina, zalantzarik gabe; baina, «artearen Mekan» azkeneko berritasunak baino gehiago Inpresionismoko kromatismoek, argiek eta pintzelkadek sorgortu zuten, eta bere bizialdi osorako markatu.

Euskal Herriko margolari honen estiloa ez zen bere bizitza luze osoan zehar apenas aldatu. Normalean margotzen zituen pertsonaia eta gauzak lausotuak agertzen dira, giro etereo batean murgildurik. Erretratu batzuetan besterik ez du erabakiko profilak zehaztea. Bienaberen margogintza dardaratia, lirikoa izan zen beti; irudi eta pertsonaiak malenkoniaz ukiturik azaltzen dira. Egileak berea duen malenkonia, inola ere, bere bizitza luzean zehar ibili zituen herrialdetako esperientzia eta abenturak, zahartzaroan, miraz gogoratzen zituenarena.

Erbesteko haurrak

[aldatu]

Gerra zela eta aberritik kanpo eramanak izan ziren haien abenturari buruz hainbeste idatzi den milaka haur haietatik, bazen atzerriko lurralde hartan ertilari bokazioa aurkitu zuenik ere. Ez dugu guztien berri, baina ziur asko, batzuk, beren lurrean onartu zituen jendartetan sustraituak izango dira.

Egunen batean, Europa edo Amerikako bazter ezezagunen batean, lanaren ikuspegiagatik erakartzen gaituen oihal baten gainean edo liluratzen gaituen eskultura baten oinean, ezaguna zaigun sinaduraren bat aurkitu izan dugu, euskal herritar bati gertatu zitzaion bezala: Ingalaterrako eliza katoliko batean sartu, zurean landutako hilzorian dagoen Kristoren buru batean erakarmena sumatu eta beronen oinetan ingelesez zera irakurri zuenean: Jon Aberdi, Euskal Herriko eskulturagilea, umetan Ingalaterrara emigratua.

Ondoren lortu zuten ospeagatik, gero Euskal Herrira itzuli ahal izan zuten zenbait Euskal Herriko artista, atzerriraturiko haur, oroimenera ekartzera besterik ez dugu egingo: Nestor Basterretxea, Jose Manuel Alberdi eta Bizente Arnoriaga.

Nestor Basterretxea

[aldatu]

Behin baino gehiagotan kontatu du oraindik nerabe zela askatasuna lortzeko bizi izan zuen abentura handia, hainbat egunetan eta itsasontzi ezberdinetan Atlantikoa zeharkatuz, geldialdi luzeak eginez Dakar, Casablanca, Miami, Veracruz, Barranquilla, Caracas eta Rio de Janeiron, eta azkenik Buenos Airesen lehorreratu zenekoa: Marseillan itsasoratu eta handik 16 hilabetetara.

Argentinako Errepublikan hasi zen Nestor bere bizitza berregiten, Euskal Herria utzi eta bost urte beranduago. Ertilari nerabeari bost urte haiek balio izan zioten, besteak beste, oroimena mila abenturekin eta koadernoa mila irudi exotikorekin aberasteko. Artista bezala, Nestor Argentinan heldu zen. Merkataritza-enpresa batean hasi zen marrazkilari eta lau urtez egin zuen lan bertan, margogintzan ere trebatuz. Ertilari gazteak, senide-hiltzaile zen gerra baten berriekin zertxobait traumatizaturik, ziur asko, margogintzan bilatu zuen bere askapena; bere oihalek Solana baten edo Orozko baten espresionismoa gogorarazten dute.

  • Argentinan irabazi zuen artista berrientzako ematen zen diru-laguntza, eta urte batzuk beranduago atzerritarrentzako Sari Bakarra Buenos Airesko Areto Nazionalean (1949).
  • Hurrengo urtean Pauser Aretoan bere estilo espresionista zela eta, kritikarengan zirrara eragin zuen Gurutze Bide bat jarri zuen erakusgai.
  • Gerora hizkera hori laburbilduz eta horma-irudi formalistarantz gerturatuz joan zen, gerora ezagutu zen bezala.

Euskal herritarren alaba batekin 1952an ezkondurik, aberrira itzultzea erabaki zuen. Eta garaiz iritsi zen, Oteizarekin batera Arantzazuko Basilika berriaren apainketarako proiektuen Lehiaketara aurkezteko (1954). Euskal Herriko artearen historian luzerako ondorioak utzi zituen langintza da hau, eta funtsezko gertaera, bestalde, ertilari bermeotarrak bere bizitza luzean egin duen lan joria ulertzeko, baina honi buruz aurrerago hitz egingo dugu.

Joxe Manuel Alberdi

[aldatu]

Azkoitiar hau 37an, Habana zeritzan itsasontzian, Ingalaterrara bidali ziren ehunka haurren arteko bat da. Artean mutiko bat zela, Donostiako Arte eta Lanbidetako Eskolan hasi zituen marrazki-ikasketak. Bretainia Handian eginiko karrera tekniko eta artistikoa luzea eta zaila izan zitzaion. Birminghamgo Arte Ederretako Eskolatik igaro zen, ingeniaritza zibila ikasi eta horrela lan handi eta iraunkorrak burutzeko balio izan zioten ezaguera tekniko batzuk lortu, eta Londreseko San Martin Arte Ederretako Eskolan Eskultura maisu jardun zuen, maisu bikaina bihurtuta 28 urtetarako.

Lehiaketa bat eta Londresko Barclay's Bank-erako lan kontratu bat irabazi zuen 1963an.

Sona eman zioten obra batzuk egin zituen, eta Britainiako Eskulturagileen Errege Elkarteko fellow gisa onartu zuten 1967an, esan dezagun atzerritarrei oso bakanetan eman ohi zaien izendapena dela hori.

Ikaskuntza tekniko luze eta sakona da beharbada erbestetik itzuli diren beste ertilariengandik bereizten duena. Euskal Herrira itzuli zen, baina bere emaztearen osasun-arazoak direla medio bere jaioterritik urrun hartu behar izan zuen bizilekua, Alacanteko probintzian, eta bertan, bere estudioa ezarri eta hantxe lan egin zuen, Euskal Herrirako eta beste lurraldeetarako ikusiko dugunez.

Bizente Arnoriaga

[aldatu]

Bigarren Errepublika aldarrikatu zen urte berean jaio zen Bizente Arnoriaga (1931-) iruindarrak oso goiz ezagutu zuen erbestea, bere aita-amek Kubara ihes egin behar izan baitzuten 1937an. Han zirelarik, Lopez Contreras jeneralaren Gobernuak Arnoriagaren aita kontratatu zuen gormutuentzako zentro bat sortzeko. Eta familia Caracasen kokatu zen.

Bizente 7 urteko haurra zen orduan, eta sentitzen zuen deiari erantzunez heziketa artistikoa jasotzeko adin ona zeukan mutikoak. Caracasko Arte Plastikoen Eskolan hezi zen, 1951tik 1957ra bertan ikasketak eginez. Erromako Arte Ederren Akademian, eta italiar hiriburu bereko Arte Institutuan hasi zen 1959an. Caracasera itzuli zen erakusketa sail batekin hasteko eta sari batzuk lortzeko; ez Venezuelan soilik, baita Madril eta Parisen ere.

Arnoriagak Venezuelako herritartasuna hartu zuen. Donostian 1968an erakusketa bat egin zuenean deigarri gertatu zen bere estiloaren amerikar kutsua. Hau ez zen ordea eragozpen izan hurrengo urtean (1969) Deban eraiki zuen Monumentua Txistulariari berari eska diezaioten.

Bere bigarren aberrira, Caracasera, itzuli eta han Industri Diseinuaren Eskolan (Sucre Institutu Teknologikoa) hasi zen irakasten.

Materia eta egituraren zentzu sendo bat ere barneratu zuen lengoaia duen espresionismo alderako zaletasuna ezagutzera ematen digu urte luzetako pinturaren ondoren, Arnoriaga eskulturara igaro zen, eta urte batzuk eman zituen horretan.

Margolan batzuetan gizarteko kritika eta umore alai eta baikorra (Nire gizenak eta nire gizenen lagunak) oso ongi elkartzen dira ertilari nafar honen lengoaia espresionistan, bere aurretikako milaka emigrante bezala, euskal herritarrak amerikar kultur girora egokitzeko zuen gaitasunaren adibide ona dela dirudielarik.

Migratzaileak

[aldatu]

Frankismo aldiko kultura eta arte arloko exodoaren historia hau behar bezala gorpuztu asmoz, eta bere muga geografikoez kanpo Euskal Herriko arteak izan duen hedapenaren ezagutza sakontzen laguntzeko, komenigarri deritzogu ertilari batzuei buruz ohar pare bat eranstea, nazio lurraldetik zuzenki eta ofizialki atzerriratuak ez izan arren, arrazoi ezberdinengatik egoki iruditu baitzitzaien emigratzea, inguruan zuten giro itogarritik askatu nahiez, ziur asko.

Eloy Erentxun

[aldatu]

Eloy Erentxun (1904-1987) Gipuzkoako Arroan jaio zen eta herri eskoletako maisu izan zen urte luzez, Nafarroako hainbat lekutan. Osaba Teodoro Erentxunekin izandako harremanetan aurkitu zuen –berandu samar, baina– bere margogintzako bokazioa. Gerra zibilaren urteetan bizi izan zituen abenturak nahikoa izan ziren borondatez erbestera joatea pentsatzeko.[18] Ezkondurik, 1950ean Venezuelara emigratu zuen Euskal Herrian egindako erakusketengatik ordurako ezaguna bazen ere. Venezuelan bizi izan zen 16 urtez. Lanaldi erdiko lanpostu bati heldu behar izan zion gainontzeko denbora maite zuen zereginari eskaini ahal izateko: margogintzari.

Erentxunek erretratua landu zuen, baina batez ere, paisaia. San Telmon bere obra agertu zuenean, Artemis Olaizolak «liriko, subjektibo eta naturalista» definitu zuen. «Erentxunek pintzelkada trinkoz egituratzen zituen bere lanak, halako iaiotasunez, non, langintzaren baliabideak erabat menderatzen zituela azaltzen zen, oso berea zuen estiloan errealismo naturalista, kostunbrismoarekin elkartuz».

Jose Ulibarrena

[aldatu]

Jose Ulibarrena (1924-) nafarrak, Peraltan jaio zenak, oso gaztetandik jo zuen eskulturaren norabidean. Ikasketan Iruñean egin eta, beka bat eskuratu zuenez, Parisera joan zen, eta han Marcel Gimonden lantegian eskultura sakondu zuen. Estreinaldiko erakusketa bat Frantziako hiriburuan egin zuen.

Ulibarrena Venezuelara joan zen 1954an, eta han aritu zen etengabe lanean sei urtez; erlijiozko gaietan bereziki. Proiektu garrantzitsu bat eskatu zioten: "Erredontziotarrak Pinudian" deritzon elizaren frontiserako, garaieraz 5 m-tako Coromotoko Ama Birjinaren irudia kokatzeko 7 m-ko garaiera zuen monumentu. Ulibarrenak landuak zituen aurretik bi Ama Birjina: Curiarako Ama Birjina eta Camburesetako Ama Birjina. Baina oraingoan, kreol neska gazteen hazpegi indio eta mestizoez irudikatu nahi izan zuen. Honetan sei hilabete eman zituen lantzen, Amacuro ibai arteko indigenak aztertzeko egin zuen behaketa etnikorako bidaia bat barne.

Coromotoko Ama Birjina honek eztabaida ikaragarria sorrarazi zuen, edo hobeto esanda, proiektua finantzatzen zuten pertsona batzuen artean erabateko desadostasuna. Halako ahalmena zuten pertsona hauek irten ziren garaile. Ama Birjina kreol hari koroa bat jartzera behartuz hasi ziren. Gero Marilyn Monroe-ren antzera eraldatuko zuen norbait aurkitu zuten, azal zuria eta ile horia zuela.

Caracasen, lan eta erakusketak egiteaz gainera, euskal etxean erakusketa bat prestatzeaz arduratu zen Ulibarrena 1957an. Eta, Euskal Herrira itzulita, Iruñean eta Donostian (San Telmo Museoan) bisitatu ahal izan zen kolonietako venezuelarren arte erakusketa bat antolatu zuen.

Itzuli zenetik Ulibarrenak etengabe egin eta sustatu zuen artea Euskal Herrian. Haren ekimenez sortu zen Berriobeitin Euskal Herriko Etnografia Museoa, gero Nafarroa Artetara, Ollo ibarrera, eraman zena. Nafarroako Pedro Mariskala Fundazioak zuzentzen du museo hau 1982az geroztik, eta Nafarroako Gobernuaren diru laguntzak jasotzen ditu 1986tik hona.

Nafar porrokatu honek sakonean sentitzen zituen gaiek Nafarroako zorigaiztoko historiara garamatzate sarritan. Ertilariaren lengoaia ere latza eta espresionista da, indar iradokitzaileaz arduratuago dagoena formen edertasun eta armonia plastikoaz baino. Mintzaira indartsu honekin gogorarazi zituen honakoen buruak:

  • Cesar Borgiarena,
  • Pedro Navarro Jaunarena,
  • Mosen Pierres Peraltakoarena,
  • mundu garaikideko pertsonaia edo irudi enblematikoak.
  • Pirinioetako Zentauroak, eskultura erraldoi bat da, garaieran 4,70 m dituena, Ollo ibarraren sarreran Felix Urabayen-en omenez kokaturik dagoena.
  • Ermandadeak, 15 tona eta ia 7 m-tako garaiera izanik, Ermandadeen ideia goraipatzen duen hormigoizko eskultura handi bat,
  • Garinoaingo Haritza, Vianako Printzearen hezikaiztasunaren oroimenez zutiturik dena.

Guillermo Larrazabal

[aldatu]

Euskal herritartzat hartu behar da Córdobako Veracruzen jaiotako Guillermo Larrazabal (1907-1983), aitarik gabe umezurtz, haurtzaroan aberriratua izan zena. Urduñan Jesuiten ikasle izan zen eta han azaldu zituen bere gaitasun artistikoak; bere gaztaroan, beirateak marraztu zituen Felix Cañadaren etxerako (1926-1936) eta aldi berean klaseak hartzen zituen Atxuriko (Bilbo) Arte eta Lanbideen Eskolan diru-laguntza bat jaso zuen Madrilen margolari klasikoak ikasteko.

Gerra zibilak apur bat nahastu zion bere bizitza; baina, bukatu zenean Donostian kokatu zen Construcciones Vidrio-Arte zeritzan lantegian proiektugile. Garaiko zaletasunekin bat egiten zuten revival estiloko beirateak diseinatu zituen elizetarako.

Madrila joan zen, ezkondu, eta jada beirateen diseinugile bikainaren izena eskuratuta, Ekuadorko Cuencako katedraleko beirateetarako kontratu bat onartu zuen. Hegoamerikara joateak bizitza guztirako destinoa erabaki zion. Beirateen lanketa guztia kontrolatu zuen Cuencako obran (1955-1965), eta honek maisu ezagunaren izena eman zion. Beirateen artean, urregintzan eta zeramikan arituko zen enpresa bat sortu zuen; hiru urte iraun zuen. Baina bere lantegira atertu gabe etorri zitzaizkion eskaerak: Cuenca, Kito, Guayaquil, Loja eta Ambatotik. Guayaquileko katedralerako artelanak sortu behar zituen:

  • irudizko 37 beirate, eta arrosa-lehio bat.

New Yorkera egindako bidaia batek joera piktoriko modernoak ezagutzeko bidea jarri zion, eta Larrazabalen artea garatu egin zen: Cuencako katedraleko triptikoetako errealismo konbentzionaletik hasi eta, abstrakturainoko joera ere baduten espresionista kutsuko beirate batzuetatik igaroz, ondoren aipatutako forma eta kolore bikainen orrits horietara iritsi zena:

  • bere maisulana den Guayaquilgo Santa Gemaren elizako beirateetan.

Bere azken urteetan, Larrazabal olio-pinturan eta argazkigintzan ahalegindu zen. Zilegi zitzaion joeraz forma menperatuz, margoz adieraztea eta materia piktorikoarekin jolastera askatasunez ekitea. Bere olio-pinturetan, orbantasun oso moderno batekin pintzel-kolpez zehazten dira formak. Baina ez du alde batera baztertu nahi bere teknikarik gogokoena: bere azken bi beirateen izenak dira:

  • Egipto, bulego partikular bat apaintzeko egina,
  • Kasinoko jokoak, Cuencako El Dorado Hotelerako egina (1982-83).

Nahiz eta emigratu zuten Euskal Herriko artistei buruz ez hitz egitea eta ez idaztea den ohikoena, Guillermo Larrazabalek zortea izan du duela gutxi monografia eder bat eskaini baitiote.[19]

Bertan erbesteratuak

[aldatu]

Orrialde asko eskaini beharko litzaizkieke aberriko lurra utzi ezinik eta aldi berean borrokaldian alderdi irabazlearen aldetik errepresio bortitz batek ustekabean harrapatuta, «aberriaren barruan erbesteratutakoak» bezala gogoratzea merezi duten beste Euskal Herriko ertilari hauei. Kartzela, jazarpena, edota, bere ondasunen edo bere jarduera profesionalaren bahitura jasan zutenak ziren. Gogora ditzagun batzuk aipatzearren, Higinio Basterra, Jabier Ziga, Bittor Landeta eta beranduago Agustin Ibarrola, Ziriako Parraga eta beste zenbait.

Agustin Ibarrola

[aldatu]

Basauriko kartzelan bertan, margotzen uzteko baimena lortu zuen Agustin Ibarrolak. Urte Zahar batean, zatar-paperez egindako apainketa bat egin ahal izan zuen: loturik zeuden bost irudi dinamiko –beranduago, buztinera pasako zirenak Barakaldon panel bat osatzeko–, eta funtzionarioek, kuriositatez, berauen esanahiari buruz galdegin ziotenean, Agustinek Sorbalda sorbaldarekin izenburua jarri zion.

Urte gerrazale hauetako margolanetan, Agustin Ibarrola gaztea espresionista zen: Bilboko Jesuiten San Luis Zentroko areto batean erlijio gaiei buruz egin zituen horma-pinturetan, Gernikako bonbardaketari buruz egin zuen lanean, kaleetako poliziaren errepresio eszenekin egindako oihal eta grabatuetan, eta abar; azken hau berak honela izendatua da:

  • Euskadiko paisaiak.

Beti inkonformista eta polemikoa zen margogintza batekin nekez bizi izan zen poliziaren etengabeko mehatxupean, eta azkenik atxilotu, torturatu eta urte batzuetarako kartzelan giltzaperatu zuten.

Frankismo aldiko Ibarrolaren margogintza, Estalinen SESB hartan aldarrikatu eta sustatzen zen «errealismo sozialaren» antipodetan kokatu behar da. Forma aldetik, Ibarrolaren pinturak irudietan desitxuratze espresionista erabiltzen zuen, eta konposaketaren dinamikotasuna bilatzen.

Lehen sozialista britainiarrek bezala etorkizun utopiko bateko labour in joy kantatu beharrean, Ibarrolak indar ikaragarriz salatzen du langile jendearen egoera benetakoa, langileak lan egin eta ozta-ozta bizi diren giro zapaltzailea adieraziz. Kolore zikinez margoturiko fabriken barrualdeen irudikapenak langilearen bizitzaren zikinkeria sinbolizatzen du kementsu; langileria masarekin bat eginik dagoen gizonaren garrantzi urriak, giza duintasunaren eta gizabanakoaren pertsonalitatearen galera gogorarazten du, betiere industria-makinen etengabeko mehatxupean txikiagoturik. Oharra: ikusi Ibarrolaren margogintzari buruz J. González de Duranak, Bilbon 1987an, izan zen erakusketari eginiko iruzkina.




Euskal Herriaren barruko erbestealdian desberdintasunaren, bidegabekeriaren eta askatasunaren aurkako borrokan leialtasun adoretsu eta ia heroiko hau ez zen ertilari askorengan ikusi.

Ziriako Parraga

[aldatu]

Gogora dezagun Ziriako Parragaren izena, Ibarrolaren antzeko patua ezagutu zuenarena. Historia ilun hau beharbada argitaratu egin beharko litzateke. Nahiz eta, bestalde, eta ondo pentsatuz, positiboagoa litzatekeen, oraingo honetan behintzat, «gerra zibilek ehun urteko iraupena» dutenaren atsotitza egia ez izaten ahalegintzea.

Euskal Herriko eskulturagile garaikideei buruzko bere tesi bikainean, beren lan artistikoarekin konpromiso moral, sozial eta politikoren bat nahasi zuten Euskal Herriko ertilariei oroitzapen bat eskaintzean, Mª Soledad Alvarezek, Agustin Ibarrolarekin batera zenbait margolari gehiago aipatzen ditu, adibidez:

  • Ismael Hidalgo,
  • Maria Dapena eta
  • Dionisio Blanco.

Hauek langilearen arazoetara gerturatzen saiatu ziren, honela Aurelio Artetaren kezka sozialak oinordekotzan jaso zituen belaunaldi bat osatuz.[20]

Imanol Ordorika

[aldatu]

Atseginagoa izango litzateke atal hau beste era bateko oroitzapenekin amaitzea. Adibidez, lehenago «erbesteko haurren» artean aipa genezakeen Imanol Ordorika, Euskal Herriko arkitektoak idatzirik utzi zituen oroitzapenekin. Lekeition 1931an jaio, eta bere gurasoekin ezagutu zuen erbestea, 1937an. Amerikako arkitekto entzutetsuenetarikotzat hartua, Mexikoko Unibertsitateko irakasle eta Arkitekturako Akademiko izan zen, herrialde hartan jaiotakoa ez zen bakarra bera. Arkitekto izateaz gain, margolari eta eskulturagile ere bazen. Bere lanak Amerika eta Europako museoetan daude ikusgai.

Munduko II. Euskal Biltzarrean parte hartzera gonbidatua izan zen eta, bere azken gaixotasunak elbarriturik, honela idatzi zuen desenkusatuz:

«Eusko-mexikar edo mexiko-euskalerritar bat naiz. Herrialde handi honetara –Mexikora– lehenengo aldiz 8 urterekin iritsi nintzen. Pertsonalki eta profesionalki herri eder honetako bat bezala garatu naiz, bi kultura handiren sintesian partaide izanez, eskuzabalak eta malguak diren kulturak: euskal herriaren tradizio eta sustraitze sakona eta mexikarraren oparotasun amerikarraren artean. Askatasuna eta independentziarekiko maitasuna ikasi zuen belaunaldiaren zati naiz, hauen aldeko borroka bizimodu bihurtu duten bi herriena. Gure izaera eta sentiberatasunari gozotasun eta leuntasun mexikarrak, euskal indarra eta sentiberatasun zakarra,... gehitzen dizkiogu. Plastikan, mexikar izateari utzi gabe euskalerritarra izango den adierazpen bat lortzea bilatu dut, euskalerritar izateari utzi gabe mexikar izango dena. Bere-bereak dituen lurralde, hizkuntza eta adierazpen artistikoekin kultura indartsu bat duena da gure euskal kultura. Historian zehar luzaroan iraun duelako eta kultur adierazpide berriak sortu ahal izateko besteekin nahasteko gauza delako; horretan datza euskal herriaren indarra».

Azken irudigileak?

[aldatu]

Abangoardiako haizete hori gorabehera, izaera tradizionaleko eskulturak, beren heroien estatuak eta hauen ordezkari diren monumentuak jasotzeko ohiturari atxikirik jarraitzen zuten bezeroak zerbitzatzeko eskubidea defendatu zuen. Gizartean XX. mendearen erdialdera, eskari gehien zituzten ertilarien izenak azpimarra ditzagun.

Rikardo Iñurria

[aldatu]

Rikardo Iñurria (1908-) Santurtziarra Bilboko Arte Ederretako ikaslea izan zen, Higinio Basterraren ikasle eta laguntzaile, eta Parisen ezagutu zituen Rodin eta Bourdelleren eskulturen eraginak ukitua sumatu zuen bere burua.

Rikardo Iñurria Espainiako gerraosteko irudigilea zen, batez ere. Bere irudigintzatik azpimarra ditzagun:

  • Minerva (1950) Central Hispano Bankua koroatzen duena. Eskulturagileak jainkosa hau –greziarren Palas Atenea–, jakinduriaren jainkosa, herri horren defendatzaile polemiko, artisau eta merkatarien zaindaria bere ezaugarri klasiko guztiekin adierazi zuen: kasko, lantza, Gorgonaren burua duen ezkutua, babeskia, sorbaldak estaltzen zizkion ahuntz-larrua. Esku gainean garaipen bat duela –Nike– bereak dituen hegoak eta ereinotzezko koroarekin. Lanaren adierazle diren brontzezko sei erliebeekin batera, merkataritzako ur arreetan garaipena lortzeko ezinbesteko osagaia delarik.
  • Karmengo Ama Birjina (Abrako monumentua),
  • Amatasuna Bilboko Aurrezki Kutxa Munizipaleko fatxadan,
  • Prozesioetako urrats batzuk,
  • Ibarrangeluko parrokiako Errukia,
  • Mungiako parrokiako Gurutziltzatu bat,
  • Iralabarriko Frantziskotarren San Antonio,
  • eta Bizkaian zehar zabalduriko irudiak.

Joakin Lucarini

[aldatu]

Joakin Lucarini (1905-1969) Fontetxan (Araba) jaio zen, baina Bilboko Arte eta Lanbideen Eskolan hezi, eta bere bizitza zein obra hiriarekin oso lotuta egon ziren. Arabako Foru Aldundiaren pentsio bati esker, Paris eta Italiara bidaiatu ahal izan zuen, eta esperientzia hauetatik atera zuen bere gaztaroko kontsigna: «Natura zalapartarik gabe, estilizazio barregarririk gabe kopiatu»; zorionez bete ez zuen kontsigna bera, handik laster, bere irudiak estilizatzen hasi baitziren Beuronen erlijiozko artearen estilora, besteak beste lan honetan:

  • Madonna, 1934koan.

Ordurako, bere burua ezagutzera emana zuen Bilboko Arte Ederren Zirkulu eta Ateneoan jarri zen erakusketa batean (1928).

Era askotarikoak dira Lucariniren zizelek landutako gaiak. Eskultura erlijiozkoa, historikoa, alegoriazkoa, merkataritzakoa eta kiroletakoa egin zituen; erretratua ere landu zuen. Bere lan erlijiozkoen zerrendan, gogoratu beharrekoak dira:

  • Bihotz Guztiz Santua, Ama Birjina eta San Jose, Donostiako Apaizgaitegirako eginak;
  • San Frantzisko Xabierren irudia izen bera duen Bilboko parrokia baterako;
  • Santanderko Buen Sucesoko Ama Birjina;
  • Ama Birjinaren irudia Gasteizko Oblaten komenturako (1954),
  • eta Elizaren Ama Maria Arabako hiriburu bereko Jesus Langilearen Zentrorako.

Ugaria da bere ekoizpena izaera historiko eta monumentala dutenetan:

  • Burgosko Zubiko zortzi irudiak (1953), Mio Cid-en poematik hartutakoak.

Baina eskulturagile arabarraren lanik gehienak Bilbon daude. Eskulturak ditu:

  • Foru Aldundiaren barruan
  • eta Bilboko Justizia Jauregian.

Alderdi guztietan fatxadismoa nagusi zen frankismo garaiko aldi historiko horretan, irudi alegorikoetan sentitzen zuen bere burua beharbada inspiratuen, eta eskatutako lanik gehienak hala landu zituen. Mota honetako estiloaren lagin ugari utzi zuen Bilboko arkitektorik emankorrenetako batek, Pedro Ispizuak, diseinatutako fatxadetan.

  • Equitativa eraikineko Zuzentasunaren alegoria (1934) ertilariak egin zuen lehenengotakoa izan zen: bere magalean balantza bat duen emakume irudi bat da, erakunde sustatzailearen izenarekin lotura garbia duena.
  • Galtzara Nagusiko 55eko etxebizitza eraikinaren amaieran (1945) albo banatan gorputz osoko bi eskultura hieratiko daude, eta ikur hauetan Ceres jainkosa ematen zaigu ezagutzera, bere oparotasunaren adar bereizgarriarekin, eta Merkurio jainkoen mezularia.
  • Industria eta Nabigaketa irudikatzen duten eskulturak Galtzara Nagusia 68an (1943),
  • Tomas Bilbao arkitektoaren obra den La Unión y el Fenix eraikinaren kupulari amaiera ematen dion Fenix hegaztiaren eskultura izugarri bat.
  • Eraikuntzaren gaiari eskainitako erliebeak, Campo Volantin delakoan Udaletxeari erantsita dagoen eraikuntzan (1931).
  • Botika Zaharraren bulegoen eraikin bateko ikaragarrizko Lehoi emea (1943).

Lucarinik erliebea ere landu zuen;

  • Rodriguez Arias kalea eta Errekalde Zumardiaren elkargunean dagoen Bilboko Aseguroen eraikineko erliebe handia adibide ona da: itsasadarraren, Nabigazio eta Eraikuntzaren alegorien bidez, hiribilduko jarduera historikoak sinbolizatzen dira bertan.

Gasteizen obra dezente utzi zituen Lucarinik, hauetariko batzuk, jendearen axolagabekeria dela eta, gaur egun hondatuak daudenak. Arabako Foru Aldundiarentzat landu zuen bere obrarik bikainenetariko bat:

  • lau urtaroak, Gasteizko lorategi publiko batzuk apaintzen dituzten marmolezko lau eskultura dira.

Lucarinik eskultura-teknika eta material guztiak menperatu zituen. Santurtziko Sardina-saltzailearen monumentua, adibidez, brontzean urtua dago.

Lucariniren estiloak klasizismo kutsu argi bat du. Anatomia naturala gailentzen da eta ez du irudimen faltarik; baina formaren edertasun eta perfektutasuna gehiegizko arduraz zaintzen ditu, eta ez dute itxuragabetze espresionistek erakartzen. Horrela, beraz, bolumenak sinplifikatzera, jantzien xehetasunak kentzera eta bere irudien anatomia, indar eta sendotasun zirrara eragingo duten planoetara murriztera mugatuko da.[21]

Jose Díaz Bueno

[aldatu]

Madrilen jaio zen arren, Jose Díaz Buenok (1890-1979) donostiarra balitz bezalako aipamena merezi du, zeren eta 1920an Donostian jarri zen bizitzen eta bertan egina du bere obraren zati handi bat:

  • Mutiko euskalduna, Foru Aldundirako dioritan egindako busto bat.
  • Brontzean hustutako Regoyos bat.
  • Ondarretako lorategian dagoen Maria Kristina erreginaren estatua 1942an.
  • San Joan de Diosi egindako monumentua, Hondarribiako sarreran.
  • Jose Mari Salaberria idazle donostiarraren bustoa, gaur egun Alderdi Ederreko lorategian. Beste busto ugari ere egin zituen.

Karlos Elgezua Lasuen

[aldatu]

Karlos Elgezua Lasuen (1898-1987) eibartarra, zintzotasun eta apaltasunez lan egiten duen Euskal Herriko artista tipikoa da, gaur egun marketing deritzon horretan ezjakina, eta fama, ondo egindako lan baten kontzientzia baino gutxiago axola zaiona. Soldaduska egiten ari zelarik, eskulturagintza ikasi zuen Higinio Basterraren lantegian.

  • Bere aitaren erretratua maisulana da, pertsona baten erretratu fisiko eta moral bezala; obra horrekin irabazi zuen Ertilari Berrien Lehen Saria, 1923an.

Parisen denboraldi luze bat igaro eta Eibarrera itzuli zen, 1925ean. Gerra Zibilaren aurreko urteetan bere lanik onenetariko batzuk modelatu zituen, besteak beste, Atano III.a bikaina, geroago kopia ugari egingo zaizkiona.

Italiara joan zen 1936an, eta itzultzean gerrarekin topo egin zuen. Gerraosteak egoera zail batean jarri zuen. Ekonomikoki bizirauteko, gizarteko pertsona garrantzitsuen busto eta erretratuak egin zituen :

  • Jazinto Orbea,
  • Diego Iñarra,
  • Serapio Mujika,
  • Ana Maturana,
  • Enbeita, Urretxindorra bertsolariaren erretratu hau nabarmentzen da,
  • Mendigoizale aparta (San Telmo), besoa altxatua izanik, badirudi irrikatutako gailurra koroatzen duela.

Lan hauei begira jartzen denak, neurri apal baina indar adierazkor handiko lan hauek ikusiz, eskulturagile honek forma naturalaren menperatze hutsa baino zerbait gehiago duela ohartuko da. Bere lanik onenak San Telmon gordetzen dira.

Elgezuak gerraosteko erlijiozko eskulturari egindako ekarpena ere bikaina izan zen, amaitutako iragan bat berrezartzean tematzen zen eta espresionismo pertsonalista kutsua zuen hizkera oro ukatzen zuen momentuko konbentzionalismoak ezarritako mugen barruan betiere. Zentzu horretan merezi du gogoratzea Elgezuaren Getariako elizako Kristoak.

Joan Guraya

[aldatu]

Joan Guraya (1893-1965) Bilboko beste eskulturagile zintzo eta apal bat zen. Bere aitaren aroztegian ebanista lanak egiten zituen nerabezaroan jabetu ziren bere zaletasun eta gaitasunez, eta ikastera Bartzelonara bidali zuten Joan Guraya, eta hiru urte eman zituen bertan. Madrildik igarota, Bilbora etorri zen bueltan, bertan Arte eta Lanbideen Eskolatik itzulitako bere belaunaldi bereko Bilboko eskulturagile gazteen taldean sartzera. Paristik iragan bazen ere, bere lanetan ez zen agertzen korronte berritzaileek hunkitu zutenik. Kubara joan zen (1924), 33 urterekin eta bertan:

  • Maximo Gomez Jeneralari monumentua egin zion Moises Huertarekin batera,
  • Habanako Kapitolioko eskulturazko apainketan parte hartu zuen,
  • elkarte erlijiosoentzat irudi batzuk egin zituen.

Ertamerika, Mexiko eta Estatu Batuetara igaro zen, eta enkargu batzuk bete zituen, bereziki erlijiozko irudigintzari zegozkionak:

  • Fatimako Ama Birjina bat Texas-ko Aita Oblatoentzat.

Bilbora itzulirik, eraikuntza berrietarako apainketa monumentalak egiteaz gainera, bere lan-eremu nagusia erlijiozkoa izan zen eta izen ona lortu zuen lan horretan.

Material mota guztiekin egin zuen lan. Baina zura koloreanitza erabili zuen batez ere, bereziki erlijiozko irudigintzarekin lan egin zuenean. Eske handia zuten Gurayaren lanek, dudarik gabe korronte abangoardistak albo batera utzi eta errealismo oso nabarmen bat bilatu zuelako beti. Eredu naturaletan inspiratzen zen, baina hauetan halakoxe adierazkortasun bat ere lortzen saiatzen zen. Bere emaitza ugarietatik, ondorengo irudiak azpimarra ditzakegu:

  • San Frantzisko bi aingerurekin, Habanako komentuan;
  • San Frantziskok Kristori emandako besarkada, eta Kristo hilzorian Iralabarriko frantziskotarren komentuan;
  • San Joan Beltran, izen bereko parrokian;
  • Hirutasun Santua Neguriganeko Oblatoen komenturako, gaur egun Madrilgo Almudena Katedraleko alboko aldare batean dagoena;
  • Afari Saindua eta beste gurutz-bideko pauso batzuk Bilboko Vera Cruz kofradiarako.

Bere lantegitik irten ziren lanik onenen artean gurutz-bideko egonaldi hauek daude:

  • Itxaropeneko Jesus eta
  • Afari Santua, Aste Santuko prozesioetan bereziki preziatuak eta miretsiak direnak, Valladoliderako. Hau, trebeziaz landutako irudi multzo konplexu baten konposaketa plastikoaren adibide on bat da.

Guraya, erlijiozko gaia duintasun eta nortasunez sentitu eta landu zuen hainbat Euskal Herriko eskulturagileren arteko bat da, modernotasuneko gehiegikeriak ukatuz, baina leialtasun anatomikoaren esklabo bihurtu gabe. Denborarekin, adierazpen plastikoaren zentzu gero eta handiago bat nabari da. Ausardia handiagoz, ildo horretatik jarraitu zuen Gurayaren garaikidea eta bera bezain errealista den beste eskulturagile bat badugu: Julio Beobide.

Julio Beobide

[aldatu]

Zumaian jaio zen Julio Beobideren (1891-1969) bizitza eta ibilbide artistikoa, ia oso-osorik Euskal Herrian eman ziren, bere jaioterrian. Ertilari bokazioa Barakaldon jaio zitzaion, teknika ezberdinak irakasteko klaseak ematen ziren Salesiar Ikastetxean, eta bertan, Ikastetxeko kaperako zenbait irudi lantzeko eta koloreanizteko Sarriátik (Bartzelona) etorritako Asorey eskulturagilea ikusi zuen lanean. Gasteizera joan zen 1908an eta Katedral Berriaren kriptaren eraikuntzan esku-bete lanekin zebiltzan zizelari talde batekin harremanetan jarri zen. Katedral Berriaren ateetako taillez arduratu zen 16 urterekin.

Ikasketak Quintin Torrerekin jarraitzeko asmoz, 1910ean Bilbora joan zen. Hark, erlijio-irudien taillarekiko grina erantsi zion Beobideri, eskulturagile gaztearen sakoneko kristau heziketari zuzen-zuzenean erantzunez. Gipuzkoako Foru Aldundiko diru-laguntzari esker Madrilera joan eta San Fernando Arte Ederretako Eskolan sartzeko aukera izan zuen 28 urterekin. Han, Migel Blayren klaseetara joan, beste irakasleekin harremanetan jarri –Pérez Comendador, Valverde eta Adsuara-rekin, besteak beste– eta espainiar klasikoen obrak ezagutu zituen.

Zumaiara 1923an itzuli, eta bertan kokatu zen behin betirako, eta Kresala bere estudioa eraiki zuen, hemendik Erroma eta Parisera noizbehinkako joan-etorriak baino ez eginez. Bidaia hauetan beregan eragina izango zuten obrak ezagutzeko aukera izan zuen: Rodin, Carpeaux eta abar.

Beobide 1920 aldera hasi zen sona hartzen, erlijio-irudietan bere gubiatik irteten ziren xehetasun anatomikoengatik, herriaren zaletasunekin oso bat zetozenak baitziren, baina gerora desagertuz joan ziren.

Nahiz eta bere obra onetako batzuk gerra zibilaren ondorengo aldiari zegozkionak izan, esan daiteke 1930 aldera –ezkondu zen urtea bera– Beobidek artista-heldutasuna lortu zuela. Beobideren fardel artistikoa, ikatzez egindako marrazki eta zirriborro ugariez gain, erlijio-irudi, erretratu (buruak edo bustoak) eta monumentuek osatzen dute. Zura zuen gogoko materiala, nahiz eta marmola ere lantzen zuen. Landu zuen teknika zuzena da, buztinez egindako eredu batetik abiaturikoa.

Kristoren irudiak

[aldatu]

Erlijio-gairik gogokoena Nekaldiko hainbat urratsetan minetan dagoen Kristorena da; baina gurutziltzatzearena bereziki. Beobideren Gurutziltzatuak ia beti bizirik, hilzorian eta burua zerura jasorik dutela agertzen dira, Joan de Mesa-ren estilora taillatuak, jaiera eragin asmoz aldez aurretik pentsatuak. Hasieran, Kristoren besoek gurutzean jarrera horizontala hartzen dute, esate baterako, hauetan:

  • Bilboko San Bizente parrokiako Kristoren irudian (1926),
  • Añorgako parrokiako Kristoren irudian (1944) eta Gipuzkoako elizetako beste zenbaitetan.

Beste Kristoren irudietan, estutasun itxura indartu nahian edo, besoek joera bertikala dute:

  • Zumaian, bere lagun Zuloagaren etxeko kaperako Kristo (1927),
  • Valle de los Caídosko Kristo monumentala (1942), bereziki.

Beobideren Gurutziltzatu batzuk atzerrian daude (Texas, Montevideo).

Heriotzak harrapatu zuen beste Kristo batekin lanean ari zela:

  • Kristo bukatugabea, besoak falta baitzaizkio. Kresalako lantegian gordetzen den honen aurpegiak, azken arnasaren unea irudikatzen du; gorputzaren tailla soil eta laburra une hartako hunkigarritasunaren oroiterazle berezia da.

Gainera, Beobidek etzandako Kristo zenbait ere landu zituen, XVII. mendeko eskulturagileetan inspiraturik.

Ama Birjinak

[aldatu]

Erlijiozko irudigintzaren artean, santuen imajina batzuez gain, Ama Birjinen edertasuna azpimarratzekoa da, Mariaren zenbait errukizko aipamenen arabera irudikatuak.

Bereziki ederra iruditzen zaigu Añorgako parrokiako Ama Birjina (Ama, 1949), baretasun zoragarri eta edertasun klasiko baten jabea.

Erretratuak

[aldatu]

Erretratuan gaitasun bereziak zituen ertilaria izan zen Beobide. Inongo onura ekonomikoren bila edo gizarteko ospea lortu nahian ibili gabe, bere inguruko eta eguneroko munduan bilatzen zituen ereduak: familiartekoengan, lagunengan, herriko jendearengan. Donostiako San Telmo Museoak bere estilo hau ezagutzera ematen duten batzuk baditu: «estilo kementsu eta neurritsua, gordina eta benetakoa, herri baten gizatasun xume eta arketipozkoaren hatsa dariona».[22] Ez zitzaion argazkiez baliatzea gustatzen, zuzenean naturalean inspiratzen zen, buruaren egitura sakontasunez behatuz. «Erretratua, pertsonaren, izaeraren interpretazio gisa, nire obsesioetako bat da –zioen berak–. Buru bakoitza kasu ezberdin bat da. Burua da eskulturako gauzarik interesgarriena. Horrek perfektua izan behar du. Forma hori menperatu behar da pertsonaren balizko barru-bizitzara iristeko».[23]

Arima pertsonal hori da San Telmo Museoak dituen busto batzuetan azaltzen dena:

  • Olerkaria (1930),
  • Valentina (1934),
  • Tximu, itsasgizon baten erretratua (1936),
  • Madalena (1945),
  • Arritxu Olidenen buru zoragarria (1954), Kresalan gordetzen dena.

Ez hainbeste erretratu ofizialetan, ez eta agindu zizkioten monumentuetan ere, bera inguratzen zuten pertsona xumeen erretratuetan ageri da zeharbidez Euskal Herriko eskulturagilearen estilo pertsonala. Erretratatzen zuenaren arima bilatzen zuen Beobidek, eta erretratu horietan «agerian azaltzen ziren bere herriaren psikologia, bizimodua eta arrazaren azpegiak»:[24]

  • Aita Vinuesa,
  • Zuloaga,
  • San Joan Bosco,
  • San Inazio Hirugarrendarra eta abar.

Ezinezkoa da euskalerritar jatorriko ertilari hau begikotasun handiz ez ikustea, bere xumetasunagatik eta frantziskotar apaltasun benetakoagatik, bere inguruko gizarteari zerbitzu isila egitea beste irabaziren bila ez dabilen ertilariaren paradigmatzat aurkez daitekeena baita, arte historian.

Eskulturaren Euskal Herriko eskola

[aldatu]

Erlijio-krisiak iritsi zen Euskal Herrira ere eta santuei nahiz prozesioei tradizioz atxikirik bizitutako gizartearen sekularizaioak irudien gainbehera eragin zuen. Arte figuratiboaren beherakadaren zantzuak anti-mimesi antzeko batean azaldu ziren, Ertilari berrien Lehiaketetara aurkeztutako lanetan azaleratuz.

Atal honen hasieran gogoratu dugu, 1915ean Robert eta Sonia Delaunayren lanak izan zirela ikusgai Bilboko aretoan zintzilikaturik, eta, handik gutxira (1930) Donostian, jada aipaturiko Arkitektura eta Pintura Modernoaren erakusketan, Picasso, Juan Gris, Miró eta Dalíren koadroak ikusi izan ahal zirela.

Gu Taldea

Kursaalaren azpian, 1934an XVIII. Euskal Astearen barruan eratu zen erakusketan, Oteiza, Gabarain, Nartziso Balentziaga, Sarriegi eta Nikolas Lekuonaren lan ausartak erakutsi ziren. Hauek, eta GU taldearen teorikoek, gremioetako mugimendu bat eratu nahi zuten Parisko abangoardiaren ezaugarri zen buhameria sakabanatzailearen aurka. Baina, talde hau porrotera zihoan zuzen-zuzenean, hain joera soziopolitiko kontrakoa zuten ertilariak biltzea ezinezkoa baitzen, batez ere alderdi politikoen norgehiagoka muturreko nahasmendura iristen ari zen momentuan; izan ere, modu horretan, gerora ikusi zen bezala, edozein kultur bateratze-saio ezereztuko zuen gerra zibila saihestezina zen.

Gaur Taldea

Urte batzuk igarotan, halako lasaitasun soziopolitiko baten abagunean, Eskulturaren Euskal Herriko Eskola batez hitz egiten hastea beharrezkoa izan zen. Hala, Jorge Oteiza Ameriketatik itzulia zelarik, GAUR taldearen sustatzaile bilakatu zen, Txillida, Mendiburu, Basterretxea, Ruiz Balerdi, Zumeta eta Sistiaga margolariekin batera, eta, 30eko hamarkadako GU taldearen oroitzapenarekin eta bere euskal sustraiez kontzientziaturiko ertilari gipuzkoarrak bilduko zituen gremioa osatzeko ideiarekin berriro ere liluratu zen taldea.

Hemen, saialdi hartako kide nagusien lan sortzailea oroitzea besterik ez dugu egingo, honen eragile eta sustatzaile sutsua zen Oteizarekin hasita.

Jorge Oteiza

[aldatu]

Jorge Oteiza (1908-2003) Orion jaio zen, eta batxilergoa egiten Donostian hasi bazen ere, Lekarozen bukatu zuen. Madrilen Medikuntza ikasten hasita, linotipista lanean jardun zuen, eta azkenik, Biokimikara egindako gerturatze bat izan zen, dirudienez, eskulturarekiko zaletasuna sortu ziona. Donostiara itzuli zen.

Ertilari Berrien Bienalean Lehen Saria lortu zuen 1931n. Aipagarria da urte haietan epaimahai ofizial batek obra abangoardista bat saritzea, hau bezalako lana:

  • Adan eta Eva.

Normalagoa iruditzen zaigu San Telmoren inaugurazioan eztabaida sutsu bat sorrarazi izana:

  • bere Ama Birjina Burgesa lanak.

Berriro ere, Berrien lehiaketa irabazi zuen honako honekin:

  • Langile hila (abstraktutasuna ukitzen duen multzo eskematikoa),
  • Jesus Jordanen
  • eta hainbat erretratu.

Handik gutxira Oteizak erbesteratzea erabaki zuen (denboran eta espazioan), eta, berak zioenez, «faxismo aldera zihoan» mundu batetik urrutiratzea. Aurreko atalean gogoratu eta azaletik deskribatu dugu Oteizaren erbestealdi hau, bere gogokoa eta gorabeheratsua izan zen, kolonaurreko artearekin harreman estuan jarri zuen abentura luzea. Horrek berretsi zion intuizio zuena, hau da, eskultura irudi mitikoen sorkuntza dela. Ordurako Oteizak aurreko urteetan modelatzen zituen buruek badute denboratik at finkatzen dituen zerbait, hauek pertsona bizi eta benetakoen ikonotzat identifika daitezkeenak badira ere.

Baina, bere aurkikuntza, mende erdiz bere lanaren oinarrizko osagaia izango den, espazio hutsaren ahalmen oroiterazlea izan zen:

  • Harri-jasotzaile liluragarri horretan, guztiek ikusten duten harri zilindriko hori, eta hutsune bat da!

Bere Arantzazuko eskulturen zirriborroetan antzematen zaio, ezer gabeko espazio hutsak baino gehiago espazio-masa kendu ondorengo espazioaren hustea ikertzea burutik kendu gabe dabilkiela. Henry Mooreren obrak ustekabean harrapatu zuela aitortu zuen berak.

  • Preso politiko ezezagunari egindako monumentuan eskultura ez da masa bilakatzen, hutsune baizik.

Oteizak, Sao Paoloko IV. Bienaleko Nazioarteko Sari Handia irabazi zuen, 1957an. Orduan hasiak zituen poliedro irekiaren inguruko bere ikerketak eta honelako artelanak sortu zituen:

  • Omenaldia Mallarméri (1958)
  • Monumentua Aita Donostiari Agiñan (Lesaka, Nafarroa), ospetsua eta oso ezaguna da.

Garai hartan iristen ari zen Oteiza «espazioaren huste» inguruko bere esperimentazioaren mugetara. «Nire eskultura –esan zuen geroago– 1958-1959an bukatu zen». Ordutik, batez ere idaztera, hirigintzako proiektuak diseinatzera eta berak «euskal berpizkunde kulturala» esaten dionaren aldeko lan kulturalak –Debako Eskola, eta beste zenbait– sustatzera eskaini zuen bere ahalegina.

Hala ere, 1969an izan zuen denbora bere Arantzazuko irudi ikusgarriak lantzeko:

  • Errukiaren Ama Birjina basilikaren frontisean,
  • eta zerrendako Apostoluak (1969).

Estutasunetako Ama Birjina horren aurrean, hura sortu zeneko momentu soziopolitikoa ezagutzen duenak, galde lezake: «Giza ezbehar bat izan al da ala Kalbarioaren jainkozko zorigaitz eta erosmena ertilaria inspiratu duena?» Biak. Artista berarena da ondorengo aitorpen hau: «Esan nion Oizari nire eskultura guztia erlijiozkoa zela». Kristau-tradizioak kontenplatu nahiago izan duen Eroslearen gorputz hilaren edertasun anatomikoarekin ez du batere zerikusirik Arantzazuko Kristoren hilotzak. Enbor bat da «giza itxurarik eta antzik ez duena» (Isaias). Eta Amak ez du ukitu ere egiten: utzi egin du, heriotzaren zoritxarreko horizontaltasunean, Zerura askatasun gehiagorekin igo dadin, halabeharraren bidegabekeriaren aurkako gaitzespen suminean. Kristau artean inoiz ez ziren bi gorputz hain estuki eta aurkakotasunez lotuak izan: bertikala eta horizontala, bizitza eta heriotza, oihua eta isiltasuna.

Handik gutxira, 1972an, Oteizak Buitragoko Institutu Teknikoan kaperako Ama Birjina zirraragarria (1972) landu zuen. Aurpegirik gabeko Ama Birjina honen aurrean, beharbada ez da otoitzik aterako, baina bai, ordea, adierazten duen haraindi goitiarraren aurrean paralizaturik geldituko.

Hala ere, 1982an bere hustasun jariotsuaren obsesioak errepikapenera eraman zuen, beste honetan gertatzen zaion bezala:

  • Odiseo izeneko gudari armatu baten erretratua (1982).

Oteiza, bere bizitzako azken berrogei urteetan, Euskal Herriko artearen historiaren filosofian murgildurik aritu zen, bere ustetan cromlech edo harrespila neolitikoan erabakia geratu zen arazoa, euskal herritarrak horror vacuia gainditu zuenekoa, estetikan, erlijioan eta politikan sendaturik gelditu zen. Alajaina!

Oteizaren filosofia, Euskal Herriko arteaz

Pena izan zen Euskal Herriko artearen historia filosofikoa, intuizio hutsez eta borondatezko bulkadez eraiki nahiaren grina honek ia eskultura baztertzera eraman izana.[25] «Oteiza, bere erraietan poeta jenioa daraman eskulturagile jenial bat da». Baina erratu egin zen bere teoria nagusietako batean, zeren eta, eskulturaren historiak ez du bere «aldaketen legearen» oinarrizko teoria bermatzen, ikertzen badu ere;

  • ezer baino lehen, giza historian legerik ez dagoelako, eta
  • bigarrenez, Euskal Herriko arima cromlecharekin identifikatzea doakoa delako, zeren eta arte garaikidean hustasuna gurtzea ez baita Euskal Herriko artistengan soilik ematen dena, baizik XX. mendeko Europako sentiberatasunaren osagai bat izanik, Henry Moore ingelesarengan bezala, Naum Gabo errusiarrarengan eta Julio Gonzalez katalanarengan ere aurkitzen da.

Oteizak ustezko «Euskal Herriko Eskola» ageriko egin nahi izan zuen eta erabat subjektibo eta mitiko zen eraikuntza horrek guztiak izan zuen, Euskal Herriko artea folklorismo etniazale arazotik ateratzeko abantaila, bederen, Orioko artistaren izaera sutsuak hartu zuen norabidearen azterketan asmatu zuen Martinez Gorriaranek ongi ohartarazi digun bezala. «Helburua, euskal berpizkundearen oinarri bezala, etnia ordezkatuko zuen estetika bat bilbatzea zen, Worringerrek mende hasieran zehaztutako «latinoaren» eta «germaniarraren» ordezkatzaile izango zen «Euskal Herriko estiloa» asmaturik, Oteizaren arabera, modernotasun unibertsala gailendu zezakeena».[26]

Oteizaren eskultura-lanak eta bereziki berrienak:

  • Bilboko itsasadarraren ertzean dagoenak,
  • Donostiako Paseo Berrikoak,

Ez dira eragozpen sentipen goitiarrak eta giza izatearen misterioak zeharkaturiko gizaseme bat agertzen dutela onartzeko; eta hortik ulertzera ematen Gaya Nuñoren berotasuna, "Oteiza ertilari oso ona, bikaina, ezustekoa, gure mendea ongien goratzen duten gizasemeetako bat" dela dioenean.

Eduardo Txillida

[aldatu]

Eduardo Txillida (1924-2002) donostiarrak, gaztaroko kirola uztera derrigortua izan bazen ere, gerora bere borondatez utzi zituen arkitekturako ikasketak, buru belarri jarduteko plastikan, egiazko bokazioan. Marrazkigintzan tinko eta iraunkor jarduteak −orduko jardueraren aztarnak utzi zituen, maisutasunaren adierazle− eta materiarekin zuzenean jarduteak teknikaren jakitun bihurtu zuen, eta horrek

  • bere bustoak
  • bere formak

gero eta gehiago garbitzeko aukera eman zion, eskultura abstraktuaren kontinente zabal hori aurkitzera iritsi arte.

Burdinaren erakarpena sentitu zuen, burdina material noblea eta gogorra zelako. Harekin konpondu zituen bere sentiberatasunaren bidera irtendako hainbat arazo: airea, espazioa, formak espazioan, hustutasunaren ezkutuko energia eta... Horrela sortuak izan ziren, ingudearen gainean, mailu-kolpez:

  • Haizearen orraziak,
  • Musika isilak,
  • Zurrumurruak eta
  • Oihartzunak.

Ikusmenaren mundua entzumenaren ahaide zela jabetzen zen Txillida erakusten digute.

Txillida, garrantzi handiko galderen segika ibilitako ertilaria zen. Ez zuen zekielako lan egiten, «jakin nahi» duelako baizik. Espazioaren inguruko galderen atzetik lehenengo eta gero bertan grabitatzen zuten gorputzen inguruko erantzunak aurkitu zituen, hurrenez hurren, burdinan, altzairuan, zurean, alabastroan, harrian, hormigoi indartuan eta are buztin egosian. Ez zen materiaren eraketa liluragarriaren aurrean kontenplalari baten moduan estasiak hartutako eskulturagilea. Entzun eta galdetu egiten zuen, itzulinguruka ibili, materiaren inertzia astindu, bere itxitasuna eraso eta bortxatu, bere bizigarria, bere espiritua askatzera behartzen; berak zioen bezala, usaiek, durundiek eta oihartzunek gida zezaten.

Zura. Abesti-Gogorra saila oinarrizko multzo da, antzinako Euskal Herriko eskulangintzan oinarritua, eta espazioa betetzen duten formen arazoa planteatzera itzuli zen ertilaria, haren bidez. Gauzek espazioan duten mugen azterketa izan zen kezkarik iraunkorrena, hutsa espazio zen edo bizileku, bien arteko harreman iluna.

Altzairua. Labirintoaren misterio iradokitzailea ikertzeko erabili zuen altzairua:

  • Gnomon (1965),
  • Iru-Burni (1966),
  • Leku (1968) eta abar.

Hauek dira espazioaren magalean gordeleku sekretuaren bilaketan landutako adierazpen ezberdinak.

Alabastroa. Harrira itzulita, materian eta espazioaren zirrikituetan argiak dituen sekretuak miatzeko alabastroa hartu zuen. Argiaren goraipamenak monumentu sinbolikoak dira, barruko gaitasunen galaxiek urraturiko monolito distiratsuak, espazio sideraletan barrena ibiltzen diren mundu borobil eta perfektu horien parabolak. Kandinskiren Omenez lanean, Txillida eskultura aratzaren mugetara gerturatu zen.

Munduko museo handi guztietan lanak erakusgai dituen ertilaria eta nazioarteko saririk handienen irabazle, gaur egun mundu mailako ospea duen Euskal Herriko eskulturagile bakarra da Txillida, gure mendeko artistarik handienetarikotzat onartua.

Hormigoia. Sormenaren ibilbidea bukatzerakoan, senaz sentitu zuen bere materialik gogokoena gizakiak sorturikoa izan behar zuela, erabiliena eta egungo gizartean ikusiena: hormigoia. Zenbait mailatan eta neurritan, Topalekuak izenekoak egin zituen material horrekin. Marrazkilari gaztea, formen ikerlari heldua, hirigile handi izatera iritsi zen.

Topalekuak honako hauek izan ziren:

  • March-en Fundazioaren aurrean kokaturik dauden bi etxadi biki (Madril),
  • Gernikako Aitaren Etxea,
  • Zerumugaren goraipamena (Gijon).

Jatorrizko gaira itzulita: espazioak bere babesean hartzen du gizakia; espazioak uzten dio bizitzen eta arnasa hartzen, elkartasuna eta bakea ematen dizkio. Txillidak Lanzaroteko Tindaya izeneko mendiaren barruan egitekoa zuen proiektua, erabateko isiltasunezko espazio mistiko batena, gizasemearen unibertsoko bizitokiaren oroitzapen berri eta erlijiozko bat izan zitekeena, gauzaturik ikusi gabe hil zen.

Nestor Basterretxea

[aldatu]

Argentinako erbestealdiaz hitz egitean ikusi dugun Nestor Basterretxea (1924) bermeotarra, garaiz itzuli zen Euskal Herrira Frantzisko Jabier Sáez de Oiza eta Luis Laorgaren planoen arabera bukatu berri zen Arantzazuko basilika berriaren apainketa lehiaketan Oteizarekin lehiatzera. Kriptarako Basterretxearen proiektu espresionista aukeratu zen, baina Arte Sakraraturako Aita Santuaren Batzorde Nagusiaren aldetik, apainketa eskultoriko eta piktorikoaren programa guztiak jasan zuen gaitzespenaren errudun suertatu zen Basterretxea (1955eko ekainaren 8an). Hogeita hamar urte beranduago (1983), berriro eskatu zioten kripta zabalaren hormak apaintzeko, eta aurreko proiektuarekin alderatuz oso bestelako obra margotu zuen, espresionismo figuratibo orotatik urrun, formen araztasun handiko mintzaera batez.

Ekipo 57[27] delakoarekin izan zituen abstrakzio eta egitura mailan esperientzia zorrotzak eta Oteizaren bat-bateko aholkuen babesean, garaia iritsi zitzaienean gai bereziki sentibera eta soziologikoetan sakontzeko balio izan zioten, diziplina plastikoaren aingura sakon hondoratua eduki zezan.

Obra sinbolikoak ala oroitzapenezkoak. Nestorren diziplina eta zorroztasun honek distira egiten du bere lan sinboliko eta oroitzapenezko handietan Gipuzkoa eta bere hiriburuko zenbait leku estrategiko zedarriturik:

  • Irungo iturria,
  • Monumentua Iztuetari,
  • Monumentua Pio Barojari (Donostian),
  • Bi Pasaien Omenez.

Multzo kosmogonikoa. Basterretxearen laneko etaparik garrantzitsuenetako bat, euskal mitologiak eta euskal herriaren antzinako ohiturek markaturik dago. Euskal Multzo Kosmogonikoari esker (1973) lortutako arrakasta herrikoiak adierazten du, gure herriko jendea lengoaia horrekin −abstraktu eta espresionista, aldi berean− islatua eta aipatua sentitu zela.

Gauza bertsuak esan daitezke beste sail batzuei buruz ere, hala nola:

  • Brankako Mamutzarrak saila,
  • Eguzki-lore saila, materiarekiko gertutasun bero batez,
  • Hilarriak saila (diskoideak), herri tradizioa eta modernitatea lotzeko moduaren eredu polit ospetsua.

Ondorengo urteetan, plastikotasun soltearen gainetik, ezohiko apainketaren zentzua jarri duen lanetan frogatu zuen beti Basterretxeak bere sentiberatasuna, ez formazko edertasuna adierazteko soilik, baita euskal herriak bereak dituen garra eta handitasuna jokoan jartzeko ere. Horixe azaltzen da monumentu batzuetan:

  • Gernikako arbolari (Donostiako Kutxa),
  • Zazpiak-Bat (Gasteizko Eusko Legebiltzarra),
  • Bakearen Usoa (Anoetako Plaza).

Nestorri, oraindik burutu gabeko proiektu apartak ere zor zaizkio.

  • Monumentua Artzainari (Oñati), egitura ederragatik lanik harrigarriena, formaren edertasuna, landare bizitzaren iradokizuna, aberastasun kromatikoa eta plastikoa elkartuz, metalezko xaflekin egindako zuhaitz erakargarri bat da.

Jose Manuel Alberdi

[aldatu]

Euskal Herriko Eskola batean biltzeko asmoa zutenen taldeko kide ez bazen izan ere, belaunaldi bereko beste eskulturagile hau kokatzea nahitaezkoa da beraien artean; kontinuistek ez bezala, gerraosteko abangoardia izena mereziko lukeena da, eta Ingalaterran erbeste emankorra, lehenago aipatu duguna, izan zuen Jose Manuel Alberdi (1922) eskulturagileak. Bretainia Handian ingeniari tekniko eta eskultura ikasita, lehendabizi han Migel Anjelen eta Rodinen mireslea izan zen, gerora zuzen-zuzeneko harremanetan bi ertilari garaikiderekin hasteko: Epstein eta Henry Moore.

Jada Ingalaterran zelarik, Alberdi, besteak beste, Kristo urratua, eskultura figuratibo eta espresionista batetik, edertasuna eta adierazpidea orekatuko diren formen aldera garatu zen.

Bere Consummatum est obraren erakusketarekin (1950), kritikaren arrakasta itzela lortu zuen, eta segituan neurri handiko beste lan batzuk eskatu zizkioten:

Horma-irudiak erliebean:

  • Ilford-ko Ford Motor, Londres;
  • Hotel Bedford; Bull Ring Center, Birmingham.

Tamaina handiko hirigintza monumentuak:

  • Nekazaritza poliester eta beira-zuntzean (Tauton),
  • Fenix, trabertino harrian (Felham),
  • Alma Mater, harrian (Exter College, Oxford),
  • Hiri berri baten espiritua, beira-zuntz eta plastikoan (Stevenage),
  • Iturria, kobre eta nikelean (Londresko Barcklays Bank),
  • Ama eta Haurra, harrian (Felham),
  • Espazioaren urteak, burdinan (Surbury-on-Thame) eta abar.

Alberdi ezaguna eta estimatua zen mundu anglosaxoian. Material berri bat erabiltzen aitzindari izatearen meritua aitortzen zaio: beira-zuntza.

Espainiara egindako lehen ikustaldi batean, March familiari Mallorcan honako obra bikain hau egin zion:

  • Greco-ren omenezko oda.

Espainiara behin betirako berandu etorri eta bere lurrean lanak berandu ezagutu eta miretsi badira, bizilekua Baskoniatik kanpo (Alacanten) kokatzearen ondorio da.

Alberdiren eskulturetan, Pirinioen alderdi honetan azpimarragarrienak dira:

  • Kristo Urratua, 2,2 m-ko garaiera duen brontzezkoa.
  • Gernikako Kristo,
  • Andra Mari, teka zurean egina, 1,80 m-koa,
  • Aitor poliester eta beira-zuntzean, Ajuria-Eneko loretokietarako,
  • Agirre Lehendakaria, Eusko Jaurlaritzarako bustoa,
  • Jaime I.a, brontzean eta 4 m-koa, Deniako plaza baterako.

Gipuzkoako Probintziak baditu bere hainbat obra; azpimarra ditzagun:

  • Pilotaria, Donostiako Antiguo auzoan,
  • Omenaldiak Euskal Herriari lanak duen konplexutasunarengatik, forma armoniarengatik eta oroitzapen sinbolikoengatik korten altzairuzko lanik ederren eta ikusgarrienetariko bat da. Jaioterria zuen Azkoitiko Udalak agindu zion, herriko tokirik zabalenaren apaingarri jartzeko.

Zurez taillaturiko lan ugari ere badu Alberdik −gaur egun, jabego pribatuetan banaturik daude ia denak−, erlijio-gaiei, folkloreari eta politikari buruzkoak. Horien artean figuratiboa ere mintzaera abstraktu eta sinbolikoa bezainbat menderatzen duela erakusten du askotan.

Azken aldera egindako lan bikainenetarikoa dena, Oñatiko abenturazale ospetsu eta kriminal Lope Agirreren hamahiru buruko multzoa da.

Remigio Mendiburu

[aldatu]

Zoritxarrez hila den Remigio Mendiburu (1931-1989) ertilaria, bere lurrarekin, gure lurreko basoekin zuen lotura, indarrik handienez sentitu eta adierazi zuen Euskal Herriko eskulturagilea zen agian. Hondarribian (Gipuzkoa) jaio zenez, lotura bazuen itsasoarekin ere; badirudi haren isiltasuna eta handitasuna jaso zituela oinordetzan.

Arte Ederrak ikasketak egin zituen Madril eta Bartzelonan.

Gipuzkoako Ertilari Berrien Lehiaketan eskultura saria jaso zuen 1959an. GAUR taldeko kide izan zen Oteiza, Txillida eta Basterretxearekin. Azken honekin batera izan zituen lanak erakusgai Egungo Artea izenburuko Euskal Herriko erakusketa kolektiboan.

Obra garrantzitsu bat egin zuen 1963an: Jaizkibel mendiko monumentua. Zazpi urte beranduago, Mexikoko Euskal Herriko pintura eta Eskultura garaikidearen erakusketan parte hartu zuen, Basterretxea, Txillida eta Bizente Larrea bilbotarrarekin.

Nestor, Oteiza, Txillida eta Ugarteren ondoan, bost euskalerritar eskulturagileren erakusketan eman zuen bere burua ezagutzera Madrilen, 1973an. Mendiburu, Barakaldoko Arte Plastikoen II. Erakusketan Gipuzkoaren ordezkari izateko hautatua ere izan zen.

Remigio Mendibururen estiloak soiltasun harrigarria du. Zura zuen materialik gogokoena. Remigioren lantegitik irteten ziren enborrak beren jatorrizko azaletik ia arbastatu gabe zeuden, landare bizitza ahaltsuaren baieztapen modura, gizon artistak naturaren lekua hartu nahi izango ez balu bezala. Natura zati hauen azaletik, barruko indar hedakorra adierazteko, eskulturagilearen gubiak sarturiko konkorrak ernetzen dira, esaterako Kutxako (Donostiako Garibai kalea) atondoan ustekabeko horma-apainketan.

Zuraren izaeran baino, jatorrizko basokoan gehiago pentsatzen duela dirudi Remigiok. Beti ertilariaren eta zuhaitzaren arteko erantzukizuna azaltzen zaie bere obrei. «Zuhaitza da –zioen– gizakiaren antzik handiena duena».

«Ertilari soila, indartsua eta zuzena» izendatu zion Carlos Areánek. Bere Hondarribiko etxearen aurrez aurreko itsasoaren gorderik edo aldian behin Aralarko basoan galdurik ibiltzea gustatzen zitzaion. Mendiburu arrazoiaren bideetatik baino gehiago senaz − beharraz esaten zuen berak− jokatu zuen ertilaria izan zen. Denetarik aurki zitekeen bere estudioan: Txalapartak, nekazaritzako piezak, objektu leunduak, istinkatuak eta margotuak, «txori kaiolak» −berak zioen bezala−, armazoiak eta maklak, tartekaturiko hainbat materialen esperimentuzko konbinazioak: zementua eta zura, adibidez; hura, hau irentsi nahian, gizakiaren tramankulua bizitza naturala suntsitzen? Remigiori atsegina zitzaion, zakarretik finera, bizi-dinamis hartatik modu garbi eta abstraktura etengabeko ibilia egiaztatzea.

Zuraz maitemindurik bazegoen ere, Remigiok marmola, alabastroa eta zementua ere landu zituen.

Bere estudioan Ataria zutitzen da, bizitza eta naturaren zorrotada erraldoia, 3m-ko garaiera duen zutabe lerrobakarra, haritz oso bat, dinamismoz, argiz eta sakonunez, besoz eta besapez betea, totemen sinbolismo misteriotsu batez beteriko betilo izugarria.

Mendibururen obrak «sustraiak, ama-lurra eta bizitza geldiezina» oroitarazleak dira.

Bizente Larrea

[aldatu]

Bizente Larrea (1934) bilbotarra, eskulturagileen semea eta biloba, Jesuitekin batxilergoa bukatzean, Meatzarien Fakultatean hasi zen, baina bere eskulturagile-ikasketak Arte eta Lanbideen Eskolan eta aitaren lantegian burutu zituen.

Frantziara joan zen 1954an, eta Solesmesen eskultura egiten aritu zen Raymond Dubois-en estudioan. Erlijiozko irudiak dira zurezko eta brontzezko bere lehen lanak.

Larreak, 1966an, imajinagintzako tradizioaren zama utzita ia bat-batean askatu eta eskultura ez-figuratiborako jauzia eman zuen. Halako lan bat da burdin xafla lerromakur forjatuz egindako iturria, espazio hutsa bilatzen duen bizitzako zorrotada bailitzan, harritik sortzen dena:

  • Monumentua Kirikiñori.

Jarraian, materialen izaeratik jasotzen dituen iradokizunak bideratzeko aldi bat etorri zen. Burdin forjatuaren ondoren, eskulturagileak galdaturiko brontzea, aluminioa, eta altzairu herdoilezina probatu zituen: ertilariaren ametsei beti apur bat gogor egingo dien materialak. Eskulturagilearen ametsak lehenik argizarian modelatzen ziren, edo poliespanez eginiko piezak handietan, gero burdinara edo galdatutako brontzera pasatzeko, teknika tradizionalaren arabera.

Sailak. Larreak sailen bidez egiten du ikerketa plastikoa, eta hauek, berak baino ez dakien arrazoiren batengatik, izen bereziekin bataiatzen zituen.

Mahatsondoak. Hasierako lanetan lehenetarikoa da mahatsondo-multzoa, zur margotuan angeluen zuzentasuna nagusitzen den formez osatua.

Kateak. Ia berehala itzuli zen forma makur eta dinamikoetara, eta egituren hutsune bizkorgarrien bilaketara; eta galdatutako brontzean egindako «Kateak» sail berrian, makurrak eta leunak diren gainazal txikien aukera adierazkorrak entseatu zituen, hutsune beltz eta latzen kontrastean.

Forma Zentrokideak. Ia aldi berean, zirkulu formaren edertasun aratzak erakarri zuen: «Forma Zentrokideak», hainbat materialetan eta formatutan eginak (1968).

Espetxeak. Ustekabean sartu zen bere artelanetan lautasun eta angelu zuzenarekiko gustua (1969); «Espetxeak» saila da, brontzean edo altzairuan egina batez ere. Hauetatik sortu zen Otxandioko elizarako (1971): Espetxe Sagrario bat.

Gangak. Eskulturagilearen hizkera funtsezko bihurtu zen 70eko hamarkadan, araztasun eta soiltasun handiko formetan atsegin hartuz, nahiz eta beti dinamikoak ziren: hutsune txiki borobilak katean, «kateaturiko gangak» izenburuaren iradokitzaileak.

Nahikoa izan zen forma horiei monumentaltasuna eman eta azaleran ugarituz joaten uztea honelako artelanak sortzeko:

  • Santimamiñe.

Nahikoa izan zen zutik jartzea honako hau sor zedin:

  • Samotrazia, garaieran 6 m-koa, gaur egun Barakaldoko plaza gainetik hegan egin nahi duena.

Barautsak. Hala, 1972-73 urteetan, hutsak eta tarteak ugaritu ziren, gainazalak kizkurtu eta bihurritu; barrokismoaren hasiera. Konkorrak ugaritu, tarteak sakontasunean ireki eta ganbiltasunak multzotzen bertikaltasuna areagotzen zuen. Barautsen aldia zen:

  • hauetariko bat Ajuria-Enean dago;

-bestea, Euskadiko Kutxaren egoitzaren aurrean zutitzen da, Madrilgo Castellanan. Eta 6 metro neurtzen du.

Makilak. Geroago barautsak argaldu egin ziren, eta makila bihurtu. Hauetariko bat, oso garaia eta gorriz margotua, aireportura doan Leioako errepidean kokatu zen.

Ihesak eta Kodizeak. Eskulturagilea mugimendu hedakor eta norabide anitzetakoek erakarria sentitu zen, 1978-79 urteetan. Ihesen aldia zen, eta Kodizeek jarraitu zioten.

Irudiztatze Berria. Azkenik, 80ko hamarkadaren erdialdean irudia agertu zen berriz; pertsonaren aurpegia, hain zuzen ere. Bistan da ez dela estilo aldaketa zakar bat. Eskulturagilearen hizkerak funtsean berbera izaten jarraitzen du. Gertatzen dena da forma abstraktuen itsaso iskanbilatsu horretako olatuak berak tematu zirela giza oroitzapen oro erraustu zuen su horretako garrak iradokitzen:

  • Gattamelataren aurpegia
  • Profetaren profila
  • Artzainaren profila edo
  • Berniniren profila.

Berriro ikonora etorri zen, baina iradokitzaile oraingoan, artistaren -imajinagileen seme eta biloba- hasierako ibilbide sortzaile hartan eginiko «santu» haiek ez bezalakoak egitera. Eskulturagileak plastika aratza lantzean. 20 urteko esperientziaren fruitua bildu zuen, hauetan ikus daitekeenez:

  • Ama Birjina, irudi bikaina, Bilboko Rekalde auzoko Arrosarioko parrokiarako egina,
  • Zumarragako ehorzketa-kripta berrira jaisten den Aingerua. Eskultura honekin irudia barrokotasun abstraktuarekin elkartzen den imajinagintza berriaren aldi honen gorenera iritsi zen. Jose Antonio Pizarro arkitektoaren eraikuntza bikaina den nekropoli txiki honek ezohiko edertasuna eta forma garbien espazio bat ixten du, isiltasun izoztuan hildakoen piztuera aldarrikatzen duen Aingeru honen hegada besterik nabaritzen ez delarik.

Formatu handiak. Azken belaunaldietako Euskal Herriko ertilari zenbaiti gertatu zaien bezala, bere azken obretan formatu erraldoiekiko zorabioak erakarri izan zen Larrea. Azpimarra dezagun honako erraldoi hau:

  • Dodekatlos, Herkules mitologikoari aipamen egiten dion izena, garaieran 8,50 m, 70 tonatako pisua eta giza iradokizunak dituen hau, Biltzarretarako Euskalduna Jauregia eraikin berriaren aurrean zutitu zen.

Bizente Larrea ez da erraz sailkatzen «tasun» modernoetan. Inspirazioak beti aurkitzen duen ertilari kultu bat da. Eskulturagile moderno baina barrokoa; bere irudimena aske uzten du, baina bere trebezia teknikoak uhalak jartzen dizkio; eskulturak modelatzen ditu, ez estatuak, baina gure eguneroko hizkera arrunteko izenez bataiatzeari uko egin ezinik.[28]

Rikardo Ugarte Zubiarrain

[aldatu]

Orain arte aipatu ditugun ertilariak baino zerbait gazteagoa da, baina kezka estetikoetan kide, Rikardo Ugarte Zubiarrain (1942) Pasai San Pedro herrian jaio zen. Donostiako Arte eta Lanbideetako Eskolan eta Camps Akademian ikasten hasi zen. Mota guztietako adierazpen artistikoei irekitako izaera izanik, poesia, saiakera, argazkigintza, marrazkigintza, pintura eta batez ere eskultura landu zituen.

Lehiaketa eta talde-erakusketa ugarietan parte hartu zuen 1962tik hasita, baita bakarkako erakusketa askotan ere 1967tik aurrera. Baditu dozena bat sari baino gehiago bere palmaresean.

Lorratzak. Ugarterentzat materialik gustukoena burdina da. Teknika anitzetan erabili du eta estilistikako forma ugari emanaz. Nolabaiteko sailkapen kronologiko batean saiatu nahirik, lehenengo aldi batean bere egiturak ebakidura angeluzuzeneko moduluz lantzen dituela esan beharko litzateke; Lorratzen garaiaz ari gara, arrazionalismo konstruktibista baten eraginez diseinaturik, ertilariak kontraste kromatikoez bizitu zituenez:

  • Lorratza, Mendeurrenaren Plazan, (Donostia);
  • Lorea, Santa Cruz de Tenerifen, aire librean;
  • Bideetako Lorratza, Mediterraneoko autopistan eta abar.

Aldaketak. Ia aldi berean entseatu zituen forma angeluzuzen guztiz zorrotzak zeiharrekin gurutzatzen eta batzen diren aldaketak; hona hemen zenbait aldi:

  • desitxuratzeena,
  • dardarizoena,
  • kanpaiena.

Hegaketa. Beste aldi bat letorke, landare-formen mundura gertutasun garbiago eta dinamikoago bat iradokiz.

Bertikaltasuna. Azkenik, bertikaltasuna azpimarratuko den aldia ireki zen, eta batzuetan neurri erraldoietan landurikoen aldia:

  • aingurena, (Herri baterako Aingura erraldoia, Pasai Antxon dagoena, 1994),
  • gazteluena (Brankako gaztelua, Pasai San Joanen; Gaztelua, Tolosan, Tajamar, Lasarten...

Obra artistikoetan, hiru dimentsiok egon behar dutela onartzen badugu –forma, adierazten den nia, eta ertilariaren elikagaia den gizartea– Ugarteren ekoizpena hiru dimentsio horiek aberasturikoa da.

Ezer baino lehen, forma. Ugarte konstruktibistatzat sailkatzen da. Dudarik gabe, modulu angeluzuzenen aldiko bere lan askok, forma industrialetako eta eraikuntzetako material berrien zehaztasuna eta garbitasuna erakusten dute, besteak beste, metala, kristala eta plastikoarena. Igartzeko modukoa da, beste alor lirikoago eta espresionistago batzuetan ausartu ondoren, Ugarte erabateko forma garbien unibertsora itzuli zela, batzuetan bere Eskuaira eta Kartaboien hozkailu horretan sartzen gaituelarik.

Ugarteren artelanen bigarren kontzeptu oinarrizkoa arima da, hau da, batzuetan artistaren "nia" umiltasunik gabe adierazten duena. Lirikaren ordua da, poesiaren ordua, kantari hasi eta burdinazko diapasoia dardaratzen duen espirituarena. Loreak sailaren aldia da, metalezko zurtoinak koroatuz argitara eta zerura irekitzen direla diruditen loreena, su gartsuaren metafora horiena, bere Itxas-burniak eta Haizearen adatsek isurtzen dituzten itsasoko usain horiena.

Azkenik, esan behar da hain aratz eta itxuraz hain kutsurik gabea den hizkera honetaz aparte, gizartea ere azaltzen dela Ugarteren lanetan. Ertilariak bere Bideetako lorratzak eta Bizitzeko egokiak diren hutsuneak lanetan esaten digu ez dela bakartia, eta gu geu ere ez gaudela bakarrik. «Eskulturaren azken zeregina hiritarraren hiriko eta espirituko bilbaduraren barruan espazio-erkidean parte hartzea eta bera elkarretaratzea dela ulertzen dut». Ustekabeko logika batekin, hasieran sinbolo neurritsuak besterik ez ziren forma txiki haiek, erraldoi bihurtu eta hiriko espazio handien eskari zorrotz bilakatzen direla dirudi. Bertikalaren aldia da; kalerako, lorategietarako, errepideetarako, plazetarako eta lurreko zein itsasoko bideetarako eginak diren obra erraldoien aldia: Aingurak eta Gazteluak.

Agian, Rikardo Ugarteren aparteko ibilbide sortzaile honen sinbolo hautatu beharko litzateke bere Herri batentzako gurutzadura lana −egun Donostiako elizbarrutiko Museoan dagoena bera−, aipaturiko hiru dimentsioak bat egiten duten lana: zehaztasun formala, lirika otoizlaria eta eskari soziala. Biluzia eta hutsa den Gurutze horren aurrean, burdina argi bihurtzen den horretan, gustura belaunikatuko litzateke San Juan Gurutzekoa, honako hau idatzi zuen mistikoa: «Benetan pertsona jainkozale denak, Ikusezinean ipintzen du bere jaiera nagusiki, eta irudi gutxi behar ditu −eta gutxi erabiltzen ditu− eta halakoak gehiago egiten du bat jainkozkoarekin gizakiarekin baino».[29]

Erramun Karrera

[aldatu]

Belaunaldi horretakoa izateagatik eta Euskal Herriko estilistikaren kezka plastiko eta leialtasunezko berberek ziztatua izateagatik, atal hau Erramun Karreraren (Bilbo 1935) eskulturak gogoratuz bukatuko dugu. Karrera, hilarrien antzinako gertakari arkeologikotik abiatu zen, ondoren, eguneroko bizitzako artisau-gauzetatik jarraitu zuen, eta azkenik, hutsaren gaiari heldu zion, Txillidaren «ingudeen» gehiegizko antza erakusten duten lanak eginez.

Tomas Murua

[aldatu]

Tomas Murua (1938) ertilari zarauztar honen eskulturak ere aipatuko ditugu. Zura landu zuen lehenbizi eta brontzea ondoren, irudiak multzoka emateko joeran, gai herrikoiei heldu zien Oteizaren lanetan eta agian baita Joxe Alberdirenetan ere inspiraturik:

  • arraunlariak,
  • kirolariak,
  • amatasunak,
  • arrantzaleak, eta abar.

Konposaketa arazoak egoki konpontzen ditu mintzaera sintetikoaren bidez, azaleran nabardura sutsuak dituela, ia beti dinamismo eta espresionismo kementsu alderako joeran.

Agustin Ibarrola

[aldatu]

Barneko atzerriratzea nozitu zutenen artean gogora dezagun Agustin Ibarrola (1930), Euskal Herriko ertilari gutxi batzuen artean, frankismo aldian askatasunaren aldeko borroka eta zerbitzuan pintzelak jarri zituztenen meritua duena dugu.[30] Margolaria zen orduan oroz gainetik. Bere oihal eta grabatuak langile munduari eskainitako gorespen-kantu bero eta diktadurarekiko arbuioaren adierazpen sutsua ziren, soiltasun kromatiko handia eta marrazketa espresionistaz eginiko –bere Estanpa herrikoietan– lengoaia figuratiboa erabiliz. Frankismoa erortzean, aurkari politiko berriak aurkitu zituen, eta bere adierazpen teknikoa eta estiloa aldatu zituen.

Eskulturari eskaini izan zaio bereziki, Oteizarenetik oso hurbil dagoen hizkera formalista bat erabiliz eta hiri ñimiño alderako joerara etorriz. Land arten bere ekarpenak egin zituen:

  • hiriko paisaietan totem-trabes sailak muntatuz
  • edo Oma basoko zuhaitzak margotuz ala apainduz, gure gizarteko alderdi basati jakin batean erantzun larri eta bidegabekoak aurkitzen dituen abentura izanik, natura «gizatiarrago» egiteko saiakera moduan ulertu daitezkeenak, baina baita arte garaikidearen joera iheskorraren erakusketa balitz bezala ere, izan ere, denok dakiguna baita landare-bizitza dela zuhaitz apaindura hauek denak hutsera murrizteaz arduratuko dena.

Gerraosteko Euskal Herriko margolariak

[aldatu]

Gutxi gorabeherako eta behin-behineko formula moduan, behintzat, artea intuizioz adierazkor diren formen sorkuntza dela onartuko balitz, hots, arteak bi aurpegi –forma eta adierazpena– dituela, esan beharko litzateke mendebaldeko arteak ziur egin zuela formari nagusigoa ematearen alde, XX. mendeko lehen hamarkadetan.

Argi dago formaren eskubideei pribilegioak emateko joera Frantzian jaio zela, arte plastikoetan baino lehenago eta nabarmenago hitzen artean, beharbada. Gustave Flaubert nobelagileak 1852ko eskutitz batean idatzi zuen: «Niri egiazki ederra iruditzen zaidana eta egin nahiko nukeena, ezeri buruzkoa ez den liburu bat da, kanpoko lotura eta euskarririk gabeko liburu bat, lurra espazioan euskarririk gabe mantentzen den bezala, bere estiloaren barne indarrari jarraiki, bakarrik eutsiko litzatekeena; ia gairik gabeko liburu bat, edo, posible balitz, ikusezina izan zedila, gutxienez...».[31] Urte batzuk geroago, beste literato frantses batek, Mallarmé poetak, gela huts bati buruzko soneto bat idaztea gustatuko litzaiokeela zioen. Berak eta Paul Valéryk «poesia aratz» bat bilatzen zuten, hau da, bertsoaren musikatik, argumentuzko edukitik eta baita sentimendutik ere, ahalik eta gehien gabeturiko poesia bat. Garai hartan utopia hau literaturan jarraitzen zen, hots, bere ezaugarriengatik errealitateari berehalako erreferentzia egin beharra saihets ezin zuen artean. Normala da aldi berean arte plastikoetan antzeko joerak ematea.

Arte erakusgarritik, benetakoa denaren ikusmenezko erreprodukzioa saihesten zuen eta naturarekin edo historiarekin izandako harremanak artistarengan eragiten duen sentsazioaren nahiz sentimenduaren sinbolo edo isla bat zirudien artera egin zen jauzi. «Arte plastikoek –zioen Apollinairek– musikaren antza izango duten aldi batera gerturatzen ari gara». Mugimendu honen atzean arte abstraktua zegoen, eta esperimentu gisa haztamuka ibili zen XX. mendeko bigarren hamarkadan.

Aldi berean, Freudek psikologia sakonari egindako ekarpenetan inspiraturiko itxuragabetze kubistek eta ameskeria surrealistek, «errealitatearen aipua galtzea» izenekoan lagundu zuten. Mímesia artearen arau izatearen destaina orokortu egin zen Europan. Eta honek, mugimendu iraultzaile honi guztiari oso zehatza ez den «artea gizatasunez gabetua» izenez ematera eragin zion Ortega eta Gasseti. Baina itxura naturalekiko urruntasun hura estilistikan forma ugari hartuz joan zen; hortik dator urte haietan Euskal Herriko pinturaren sakabanaketa handiaz hitz egin beharra.

Errealismoa politikaren zerbitzura

[aldatu]

Esan bezala, erregimen frankista pixkanaka ahultzearekin modernotasunera irekitze kultural bat gertatu zen hirurogeiko hamarkada baino lehen, eta merezi du gerra zibilaren irabazleen alderdian ofizialki goraipatu ziren idealekiko enblematikotzat jo daitekeen margolari baten lana gogoratzea. Agian, horrexegatik lagundu zuen frankismoaren aurkako erreakzio politikoak gutxiespen eta merezi gabeko ahanztura jasan behar horretan. Duela gutxi monografia on bat eskaini zaio.[32]

Carlos Sáenz de Tejada

[aldatu]

Carlos Sáenz de Tejada (1897-1958) Tanjerren jaioa zen arabar diplomaziako familia baten altzoan, eta honek heziketa artistiko sendo bat eman zion, horretarako arte gaitasun bikain batez jantzi baitzuen naturak. Oran-en eta Madrilen ikasi zuen; San Fernando eskolan López Mezquita eta Álvarez Sotomayor-en ikasle izan zen. Ertilari askotarikoa, bere bizitzako ibilbidean lan ugari egin zuen, hala nola margolari, marrazkilari, grabatzaile, erretratugile, kartelgile, modako jantzi-marrazkigile, eszenografo eta, bereziki, liburu eta aldizkarietako publizista eta marrazkigintzan. Beharbada alderdi hauxe da bere lan artistiko osoaren ezaugarririk hoberena.

Ilustratzaile gisa. Euskal Herrian egin zuen egonaldia motza izan zen. Artista Iberikoen Erakusketan parte hartu zuen 1925ean. Parisen egonaldi luze bat egina zuen (1926-1933) eta bertan hartu zuen ospea lan literarioen, eta bereziki L'Illustration aldizkari ezagunaren ilustrazioan.

Gerra Zibila lehertzean, alderdi irabazlearekin Prentsa eta Iragarkien sailean zuen konpromiso artistikoak ospe ikaragarria eman zion ertilariari:

  • Gerra-gaien ilustratzailea, laminatan zabaltzen ziren, Garaipenaren Egileak izeneko multzoa,
  • Vertice aldizkari falangistako marrazkigile eta margolanen egilea,
  • José María Permánen, Por Dios, por la Patria y el Rey izenburua zuen liburuaren marrazkigilea,
  • Gerora, Historia de la Cruzada Española liburuan, 36 aletan berragertu zen pintura-multzo handi baten egile.

Alejandro Cicirik Sáenz de Tejadaren marrazkiak barroko berantiarreko tapizekin alderatuko ditu, «XVIII. edo XIX.aren hasieran kokatutako gerra-eszenekin eta antzerki-dekoratu baten aurrean zuhaitz handien zerrendak eta paisaia aztoratuak hondoan dituztela, lainoturiko zerupeak argi-itzal erdiragarrien sortzaile, mendi eta zelaiei hunkiberatasuna emanaz».[33]

Paisaialari gisa. Hasiera Sorollaren argitasunak erakarri zuen; gero gehiago ñabartu zuen bere paleta.

Erretratugile gisa. Erretratu psikologikoa eta ohiturazkoa landu zuen. Bere-berea zuen estilo berezia sortu zuen azkenik.

Bere margogintza materiaz urria da; akuarelariaren margolan lau aldera egin zuen eta art nouveauren joeran. Baina, kemen gutxiko arte batean klaustroan ixten dutela diruditen ezaugarri horiekin batera, Sáenz de Tejadak bazekien modu ausart, egoki eta originalean konposatzen, eta, dirudienez, ezaguna zuen Jose M. Serten margolanen kutsu nabarmeneko irudimen aberatsa zuen; gainera bere marrazkiak gaitasun tekniko benetan bikaina erakusten du.

Multzoari dinamismo bitxi bat ematen dion perspektiba zabaletako espazioak okupatu eta bertan mugitzen diren pertsonaien adierazkortasuna da margolari hau berezi eta ezaguterraz bihurtzen duena.

Joan Cabanas Erauskin

[aldatu]

Egoera politikoaren menpeko pinturaren atal honetan bildu beharko litzateke Juan Cabanas Erauskinen (Asteasu 1907) izena, ibilbide oso aldakorreko artistarena. Izan ere, San Fernando eskolatik igaro (Madril), Parisera joan eta han apeta surrealistak izan zituen; ondoren Erromara bidaiatu zuen, pintura metafisikora gerturatuz. Antzerkia egin zuen eta besteak beste, Sánchez Mazas eta antzeko eskuin muturreko literatoekin nahastu zen bertan, eta gerra ziotzat hartuta faxismo aldera jo zuen, Burgosko Plastika Saileko Iragarkien arloan Lehendakari kargua betetzera iritsi zelarik. «Gurutzada» frankista izatea nahi zena goraipatzen zuten kartelak eginda ospe handia lortu zuen.

Errealismo aske bat

[aldatu]

Frankismoaren gau luzeak ezin zuen betikoa izan. «En España empieza a amanecer» kantatzen zen 40ko hamarkadan. Urte haietan ez, baina beranduxeago iritsi zen egunsentia, falangistek ziotenaren aldean, oso bestelako modu batean. Kultura artistikoari dagokionez, 50eko eta 60ko hamarkadetan orokortu zen Espainian Europako kulturaren jarrera hartu behar zelako kontzientzia. Eta, esan bezala, korronte berrietara irekirik egoteko joerak ondorengo urteetan bizirik iraun zuen.

Hirurogeiko hamarkada bereziki oparoa izan zen ertilari-taldeak eratzeko nola Probintzietan hala Nafarroan, elkarlanean burutzeko egitarauak diseinatzen saiatzen ziren, ideia estetikoen elkarte bat zirenaren ustetan. Arteak gizartearekin izan beharreko harremanei buruzko jarrera ezberdinek eraginda elkartze horiek bizitza laburra izan zuten, diktadura giro itogarria desagertzen eta askatasun giroa sumatzen hasi zen momentu hartan. Nolanahi ere, aldi honi kultur irakinaldi nabarmen bat eman zioten gertakariak ziren.

Taldeak

Gipuzkoan, 1966an Oteizaren gidaritzapean eta Euskal Herriko Eskola osatu edo aldarrikatzeko asmoarekin eratu zen GAUR taldea eta bulkada berberarekin joan ziren sortzen EMEN, ORAIN eta DANOK taldeak. «Batasunean dago indarra» zen ideala eta asmo berberak gidatu eta sustatu zituen hain zaratatsuak eta borrokalariak ez ziren eta errealitatearen begirune handiagoa zuten beste talde batzuk. Aipa ditzagun izen batzuk.

Bizkaian ere, apur bat beranduxeago, hirurogeiko hamarkadan, Bilbao taldea sortu zen (1966), Santafé Largacha margolariak, Azebal Idigoras zeramikagileak eta Barreito Bengoa akuarelariak osatua.

Bizkaia

[aldatu]
Enrike Renteria
[aldatu]

Enrike Renteria (1900-1979) Zornotzan jaiotako autodidakta bat zen. Eguratseko margolanetan interesatutako paisaia-margolaria izan zen, apur bat Regoyos-en erara. Geroago, sendoago egituraturiko paisaien aldera egin zuen Artetaren antzera.

Ziriako Parraga
[aldatu]

Jada gogoratu dugu frankismoko kartzelan egona zela, bera izatez komunista zelako, eta gorabehera latz horiek islatzen dira halakoxe malenkonia bat isurtzen duten bere margolanetan.

Ziriako Parraga (1902-1973) ertilari independente samarra izan zen; folklorearekiko arduragabea eta jakin zuen erretratu eta paisaien bidez euskal herriaren ariman sakontzen. Ez zitzaizkion abangoardiaren garrasiak gustatzen. Margolan argitsuak egin zituen, kaligrafia zaindu batez, erdizkako ukituak eta kutsu intimista apur bat zutenak.

Roberto Rodet Villa
[aldatu]

Bizkaian, jada berrogeita hamarreko hamarkadan nabarmendu zen Roberto Rodet Villa (1915-1989), Angel Larroqueren ikaslea, eta ziur asko harengandik jaso zuen oinordetzan Parisko berrikuntzekiko gustua. Zenbait kargu publikotan ari izanak –alkate, probintziako diputatu, Arte Ederretako museoaren idazkari– ez zion eragotzi bere jarduera artistikoak ausardiaz azaltzen, eta sentiberatasun hispaniarra korronte modernoetara irekitzean izan zuen oihartzuna eta eraginagatik Lehen Hispanoamerikako Arte Bienalean parte hartzeko hautatua izan zen (1951).

Rodeten margolanak batzuetan enpaste oparoz eginak ziren, zeren eta giza irudia modu apur bat ikusezin eta mamu-itxuran oroitzea gustatzen baitzitzaion; beste batzuetan, nahiago izaten zuen planoen bidez bere pertsonaiak modelatzea, cezannetar kutsuko neokubista estiloan.

Pelaio Olaortua
[aldatu]

Antzeko zerbait esan daiteke Pelaio Olaortua (1910-1986) gernikarrari buruz, bere belaunaldiko margolarien artean, bere trebezia tekniko handia sentiberatasun plastiko paregabearekin lotzen jakin izan zuen artistari buruz. Bere margolanetan bi aldi nabari daitezke: bata, Espainian izan zuen heziketa akademikoari dagokiona; bestea, Parisen egin zuen egonaldiari dagokiona, izan ere han Utrillo eta batez ere Cezannen eraginak ekarri zituen, haiengandik formen egituraketa geometrikorako joera hartuta.

Arturo Azebal Idigoras
[aldatu]

Arturo Azebal Idigoras (1912-1986) Argentina jaio bazen ere, amaren aldetik euskal jatorrikoa zen; 1919an Bilbon kokatu zen, baina bi herrialdeetan bizi izan zen txandaka, behin batean behin bestean. Eskulturgintza ikasi zuen Bilboko Arte eta Lanbideen Eskolan, eta gure herrialdean luzez lan egin zuen margolari eta eskultura-lanetan. Menperatzen zuen zeramikaren teknika –beharbada Parisen Pako Durriorekin ikasia–, «su handitan» erabili zuen, eta nahasketa kromatikoak eta tonu mailaketak zentzu handiz egiten zituen. Zeramika bikainak modelatu zituen, nahikoa estilizatuak, baina forma aldetik eskultura zehatz, eder eta apartak sortuz.

Antonio Santafé Largacha
[aldatu]

Azebalen garai berekoa, eta berarekin Bilboko Arte eta Lanbideen Eskolan ikasia izan zen Antonio Santafe Largacha (1911-). Marokon barrena ibilia zen, eta bere koadroen argia handik ekarria izan daiteke. Santaféren lanetan formen nolabaiteko estilizazio bat nabari da, askotan, itzal bolumenak deuseztatzeko eta tindu lauetara mugatzeko bere joerarengatik, kubismoko azken aldia isla dezaketenak «kristal kubismoa». Horrela ulertzen da bere akuarela gardenen aldeko zaletasuna eta trebezia.

Gipuzkoa

[aldatu]

Zenbait margolarik urte haietan lortu zuten halakoxe izen bat, ondo ikasitako teknika batekin, baina berritasun nabarmenik eskaintzen ez duten lanekin, hauetariko batzuk zirelarik gerra aurretik ezagutzera emanak. Zerrendan sar ditzagun gerraostean heldutasuna iritsi zuten beste batzuk.

Eloy Erentxun
[aldatu]

Eloy Erentxun (1917-1987) da hauen arteko bat. Bere osaba Teodoro Erentxun margolariaren eskakizun eta gomendioari jarraikiz beranduan hasi zena margogintza ikasten eta inpresionismoari leial izan zitzaion.

Antonio Valverde
[aldatu]

Antonio Valverde (1915-1970), Ertilari Berriak izenarekin egindako erakusketan sarien irabazle izan zenak, bere olio-pinturak beste teknika batzuekin lantzen jakin zuen, akuarela, litografia, akuafortea, eta, horrez gain, baita litografia-enpresa baten zuzendaritza-lanetan ere. Tonuetan oinarrituz osatutako lengoaia sintetiko samar bat aukeratu zuen bere paisaietan.

UR taldea
[aldatu]

Bitxiagoak izan ziren «Bidasoako Eskola» deritzaten eta 1965ean Donostia hiriburuan sortu zuten UR taldekoak zirela esaten den lau margolariak: Arozena, Bizkarrondo, Tapia eta Grazenea. Hauengan ez da ideologia baztertzailerik ikusten; guztiengan dagoen naturarenganako maitasuna eta berotasun elkartzailea den alderdi baten kontzientzia baizik. Bakoitzak norberarena duen estilo nahastezin bat hartu zuen; baina denetan ere suma daiteke halakoxe joera garbizale bat, Vázquez Díazen neokubismoan inspiraturikoa.

Jose Grazenea (Irun 1927). Bere adinkide diren beste ertilariei bezala gertatzen zaio, beraren estiloan heldutasuna iristerako ez-figuratiboaren esperientziazko lehenengo lanak azaltzen hasiak zirela; argiaren ortzadar-kolore goxoaren azpian, harean ala landare lurraren azal gogorretatik sor daitekeen poesia sentiarazten du Tapiesen formarik ezak. Bere paisaietan forma naturalak ezabatu egin behar zaizkigula dirudi, forma abstraktuen irudia utziz.

Alejandro Tapia. Forma naturalen ezabatze horren antzekoak sumatzen dira Alejandro Tapiaren (1930) paisaietan; kromatismo soilen bitartez, giroan ikusten duena goxoki tindatuta biltzen badakiela erakusten du, euskal lurrean berezkoa dena.

Karlos Bizkarrondo (1935). Lirismorako joera bere ama Mª Paz Jimenezengandik oinordekotzan hartua izan behar du, baina inolako intimismo tolesgabetik urruti agertzen da. Ia beti oinarrizko estilo trinko bat eta batere alaiak ez diren margo sakon eta ilunak hartuta, sarritan kasik kolorebakarrak eta ongi enpastaturiko paleta soil bat erabiliz eginak. Bere paisaietan batzuetan zerua eta lurra urtu eta herriek mamu-itxura hartzen dute, ez baitira siluetez baino sumatzen.

Jabier Arozena (1935). Margolari hau, bere aldetik itsasoko paisaiak erakartzen du, eta hantxe, inolako pasadizorik gabe, euskal kaietako arrantzaleak gainean kokatzen ditu. Horretarako, oinarrizko orban ia lauen teknika erabiltzen du eta tonu kontraste biziez antolatzen konposaketa.

Mentxu Gal
[aldatu]

Parisen Ozenfantekin eta Madrilen Artetarekin bere lanbidea ondo ikasi ondoren, Mentxu Gali (1919-) Benjamin Palenciaren eragina sartu zitzaion, batik bat. Paisaietan agertzen da bere espresionismoa batez ere, Gaztelako lurretan eta euskal lurretan, haitz eta arteei forma mindu eta makurrak emanez, pintzelada motz eta urdurien bidez kromatismo bortitzetan sutuz eta, apur bat Van Goghen estilora, ikusgai zen guztia barne-bizitza aztoratu baten sinbolo eginez. Bere margolanen aurrean halako bortizkeria fauvista bat antzematen dela esan daiteke; baina, zehatzago esanda, bere paisaietan, eta bereziki bere erretratuetan, konposaketaren arkitektura, forma eta koloreen leherketa lirikoaren arteko laburbiltze orekatu bat bilatzen duela esan beharko litzateke.

Enrike Albizu
[aldatu]

Espresionismo horretatik oso urrun, Gipuzkoako Artista Berrien XV. Erakusketan (1947 eta 1949) saritua izan zen Enrike Albizuk (1926) nahiago izan zuen italiar margogintza handiaren ideal klasikoei leial jarraitzea. Erretratugile bikaina zen, beti errealitate naturalarekin begirune handikoa, eta enpastatu eta lausoduratan oinarritutako lengoaia plastiko oso berezko bat sortuz joan zen, frantses zatikatze-estilora gainezarritako pintzelada motzekin. Ez da kolore gris, beltz eta ilunik ageri bere paletan. Kromatismo alai eta beroak, azpian marrazki ezin hobe bat bistaratzen dutenak, ikusleari baretasun ia erlijiozko bat komunikatzeko.

Karmelo García Barrena
[aldatu]

Antzeko teknika batekin, Karmelo García Barrena (1926) ere Seuraten estiloko puntillismo batetik abiatu zen, behatzen zuen haren egitura geometrikoa zainduz, nahiz eta ikusten zuen hura, zuri argitsuekin kontrastea sortzeko kolore beroen pintzelada motzen joko batean nahasten zuen. Beharbada teknika zehatz honek eraman zuen, sarritan, paisaia edo eraikuntza baten bista txikienek zatikatutako errealitateaz interesatzera; jarrera amultsuan margolari flamenkoen ikuste zatikatuekin zerikusirik izan zezaketen xehetasunekin.

Karlos Añibarro
[aldatu]

Karlos Añibarro (1924-1991) donostiarra aldi horretako margolarien artean kokatu behar da, baina azkenean abangoardiarako borondate garbiz, ikusleriaren gustuak eta interes komertzialak alde batera utzi zituen ertilari askatasunzale eta anarkiko bat bezala. Gaur egun oso sakabanatuak eta eskuratzen zailak diren margolanetan, fauvisten oinordekotzan hartutako espresionismoaren, abstraktuaren eta surrealismoaren artean ibili zen.

Gonzalo Txillida
[aldatu]

Gonzalo Txillida (1926) zuhur eta isila margolaria da. itsaso eta hondartzetako paisaien margolaria, abstraktuaren mugan dagoen estilo berezi eta sintetiko bat izanda eta pasadizozko guztia saihesten du, badirudi kreazioko osagai guztiak –zerua, itsasoa, lurra– batu nahi dituela arima bakar batean, atsekabe guztiak erantzita eta barne-poesiaz gantzututa.

Julian Ugarte
[aldatu]

Julian Ugarte (1929) zarauztarra belaunaldi honetako gazteena da, eta Parisen bereganatu zituen freskoen irakaspenetatik sostenguko egitura ez «zulatzeko» ardura eta ezkutaturik dagoen ala ez dagoen marrazki baten gainean halakoxe postkubista geometriko, kromatismo bizi eta ia amorru espresionistez kontrajarririko orban ia lauen zaletasuna ekarri zituen. Bere lehen lanetan, Ugarteren espresionismo horrek gizakiaren bakardadean oinarriturik dagoelako ustea hartzen zaio; gero, bizitzara politiko-sozialera egindako gerturatze bat ikusten da, bereziki Gernikako suntsiketaren oroitzapen bikainean, duela gutxiko bere atzera begirako lanean (2003) erakutsi zen bezala. Egia esan, ahalegin abangoardista orotatik urrutiratuz eta formazko eraikuntza eta indar adierazkorren arteko laburpena bilatuz dabilen Julian Ugarte eta bere ikasleen margolanekin, Euskal Herriko margogintzarentzat aldi berri bat irekitzat jo daiteke.

Ugartek denbora ere izan du bere lanbide jada luzean, erakusketa pertsonal asko egiteko eta uzta ugaria biltzeko.

Migel Anjel Alvarez
[aldatu]

Kritikak emandakoa baino arreta eta estimu askoz handiagoa merezi duen margolaria da Migel Anjel Alvarez (1927) tolosarra. Azentzio Martiarenaren ikasle eta Gipuzkoako Artista Berrien Lehen Sariaren irabazlea, Hispanoamerikako Arte Bienalean aurkeztutako «Gazte bat josten» zeritzan gaztetako koadro batekin eman zen ezagutzera ikusleria zabalaren aurrean (Madril 1951).

Ondorengo margogintza aldi luzean zehar, joera moderno ia guztien ale bikainak utzi ditu, espresionismotik hasi eta geometrikotik neokubista bitarterakoak. Bere burua gai anitzen inspirazioak ukitzen utzita, erretratutik hasi eta paisaietara bitartean, adierazpenerako duen erraztasun handiak ematen dion askatasunarekin jardunez beti, bai oihalean nahiz horma gainean, marrazketa ederki menperatzen duela erakutsiz –Llano Gorostizak dioen bezala «marrazki estu eta iradokitzaile» hori–, kolore ikasiez jantzirik dagoena. Álvarezek sari ugari irabazi ditu, hauetariko bat Paueko Urrezko Domina, honako obra hauekin:

  • Emakumea ehogailuarekin,
  • Autorretratua eta
  • Arrantzaleak.

Baina, gure ustez, bere lanik preziatuena eta garrantzitsuena horma-pinturan ematen da:

  • Donostiako Antiguo auzoko parrokiakoa, monumentaltasun bikainekoa,
  • eta San Martingoa (Donostia),
  • Leitzakoa
  • Bordeleko Erakustazokakoa
  • eta Tolosako Bizkaiko Kutxakoa.

Araba

[aldatu]
Jesus Apellaniz
[aldatu]

Araban, inpresionista kutsuko errealismoaren tradizioa –Díaz-Olano eta Fernando Amáricarena– aparteko maisutasunez jaso zuen Jesus Apellanizek (1898-1969) arabarren artean, paisaia inpresionistaren ordezkaririk leialenak. Díaz Olano ikasle izan zuen Gasteizko Arte eta Lanbideen eskolak eta geroago berak bi urte igaro zituen Madrilgo Arte Ederren Akademiak ezarri zizkioten Apellanizi heziketa sendo baten oinarriak, ondorenean berak Parisen (1918-1926) aldi luze batez osatu zituenak. Euskal Herrira itzuli eta Apellanizek Gipuzkoa hautatu zuen kokatzeko. Eszenografia, beiraki eta tapizaren alorrean egin zituen bere saiakuntzak, paisajista itzel eta ospetsua bihurtzeko.

Nafarroa

[aldatu]

Nafarroan, bakartze kulturala hautsi zen hamarkada horretan.[34]

  • Arte Aplikatu eta Lanbide Artistikoen Eskola sortu zen 1969an;
  • Isabel Baquedano, Jose Mari Asunce eta Jose Ulibarrena taldekide izan ziren Danok taldean, arte-garapenaren hasiera baten sintoma izan zen, nahiz eta bertako kideek ez zuten beren lanen erakusketarik lortu, ezta taldea baturik eusterik ere.

Lehenago gogoratu ditugu Jose Ulibarrenaren eskultura-lanak. Isabel Baquedanori eta Jose M. Asunceri dagokienez –paisaiagile bikain honen oihal espresionistek erruz gogorarazten dizkigute Benjamin Palenciarenak–, esan beharra dago gogotsuenak eta eraginkorrenak izan zirela, gero Moreno Galbánek «Iruñeko Eskola» esanez izendatu zuen margolari-talde gazte baten trebakuntza lanetan.

Emakumearen agerpena

[aldatu]

Euskal Herriko artearen historian, hirurogeiko hamarkada arte irakinaldiagatik eta belaunaldi gazte baten jarrera hausleagatik markaturik gelditu bazen, arte alorrean emakumearen parte-hartzeak salbuespen izateari utzi zion aldi gisa ere aipatu behar da.

“Hiru manolak”, 1950, Paz Jimenez.

Maria Paz Jimenez (1911-1975). Azpimarra dezagun lehenik izen hau, Valladoliden jaioa zen eta arrakasta handiak lortuz Argentinan urte batzuetan bizi izan bazen ere, Jimenezek Donostian kokatu zuen bere bizilekua 1945ean. Euskal Herrian Gabriel Zelaia poetak sutsuki goraipatu zuen naïf artea –«Maria Pazek aingerua dauka»– landu zuen lehendabizi. Hainbat sari irabazi zituen Euskal Herrian eta Argentinan; margogintzak berak emozioz beteriko arima batentzat eskaintzen dituen aukeren handitasuna aurkitu zuen bere baliabide ez-figuratiboekin.

Mentxu Gal. Lehenago ere aipatu dugu irundar hau, baina ez litzateke zuzena izango 1970az geroztik margogintza arrakastaz landu zuten emakumeak samalda zirela gogoratu gabe uztea. Álvarez Enparantzak bere Euskal Herriko pintura garaikidearen liburuko (1978an argit.) atal bat eskaini zien, 30 emakume izen bederen bildurik. Zerrenda hori hainbeste luzatu zenez, 1969an Gipuzkoako Aurrezki Kutxak egoki ikusi zuen «Gipuzkoako Emakume Margolarien Lehiaketa» bat antolatzea.

Emakume izen-zerrenda horretatik, merezitako ospea iritsi duten batzuk nabarmendu behar dira, adibidez:

  • Ana Maria Parra, erretratuetan espezialista.
  • Irene Laffite (1931-2003) egile ausarta izan zen, paisaia, lore eta oilarrena, eta denak bere espatula-kolpe suharrez eta sinpletasun tekniko handiz sortu zituen, ezaguterrazak eta faltsifikatzen zailak.
  • Marta Cardenas abangoardiako figuratibismo zatikatu bati atxikirik dago.
  • Klara Gangutia, figurazio hiperrealistaren jarraitzailea da.

Errealismo neurritsu bat gizartean

[aldatu]

Erregimen frankistaren aurka pintura oldarkor espresionista duen Agustin Ibarrolaz gain –jada berari buruz hitz egin duguna bera–, izan ziren Euskal Herrian gizarte kontserbadore baten konbentzionalismo eta ohitura immobilisten aurrean jarrera kritikoari eutsi zioten artistak ere.

Luis Garzia Otxoa

[aldatu]

Luis Garzia Otxoaren (1920) margolanek, Ensor belgikarraren eta Rouault frantsesaren margogintza ekartzen digute gogora.

Paisaia bortitz batean jauzi gabe, eta bereziki politikoak ziren arazoen aipamenik egin gabe eman nahi izan dio Garzia Otxoak garrantzi soziala bere espresionismoari. Desitxuratzeak handituz eta bere koloreak bortizki bizituz, irudi ausartez osaturiko hizkera labur sortuz joan zen, eta hizkera horrekin barregarri utziko ditu zenbait pertsonaia-mota: bere egoeraz harro dauden gizaki alferrak, barruko hustasuna diruaren gain edo beren gizarte-maila pribilegiatuan oinarritzen duten garun hutsak.

Dionisio Blanco

[aldatu]

Dionisio Blanco (1927-2003) duela gutxi hil zenak ere merezi du oroitzapen bat. San Salvador del Vallen jaio zen, bere bizitza eta artea behin betiko markatu zituen lan-istripu baten ondorioz bere gaztarotik fisikoki gutxitua, mende erdi batez pintura intimista landu zuen, oso pertsonala eta gizatasunez betea. Gaixoa, agurea, haurra –betiere, gizakia– silueta lauez egina, bere pintura trinko, xume eta adierazgarriaren erdian ageri da.

Bizitzaren injustiziek ez zioten asaldura eta garraztasunik eragin. Bizitzaren eta gizartearen ikuspegi mindua samurtasunez gantzutua dago, bere azken eta hil ondorengo erakusketaren ordezkari izan zen Sáenz de Gorbeak idazten duen bezala, «isiltasun, hustasun eta bakardadearen erronka hirukoitzari» aurre eginez.

Abangoardiaren bat-bateko sarrera

[aldatu]

Maurice Denisek, 1890 inguruan, koadro piktoriko batean funtsezkoena zenari buruz formulatu zuen printzipioak «oihal baten gainean ordena jakin batean bilduriko kolore multzoa», sinbolista frantsesen konposaketetan erabiltzen zena, hogei urte beranduago 1910eko egun batez Kandinski margolari errusiarrak bere Municheko lantegian margotu zuen akuarela abstraktu batean aurkitu zuen bere adierazpenik logikoena.

Abstraktuarekin gertu-gertuan zebilen azken aldiko obra kubista asko ere. Mendearen bigarren hamarkadatik aurrera, Frantzian eta Alemanian, artearen hainbat alderdi aurrerakoietan, laster askotariko formak hartu zituen figurazio-ezaren abentura piztu zen, zeren eta, bada abstraktutasun geometriko bat, beste espresionista bat, eta lirikoa dei geniezaiokeen besteren bat ere, informaltasuneraino iristen dena.

Ez-figurazioaren mugimendua

[aldatu]

Gipuzkoan, 30eko hamarkada inguruan jada irtena zen kanpora (Nikolas Lekuonaren zirriborroren bat), Europari begira zegoen taldearen barrutik; baina ahalegin herabe hura gerra zibilak eta errepresio frankistak berehala zapuztu zuten. Llano Gorostizaren liburuak, 1965ean argitaratuak, ezin izan dio azkeneko orri pare bat baino eskaini Euskal Herriko paisaia artistikoan eman zen informaltasun abstraktuaren sorrerari, Txillida eta Oteizaren irakaspenek zeharbidez 50eko hamarkadan sustaturikoari.

Ekipo 57 izenekoak ere (Oteiza eta Basterretxea), orduan Maleivtchen espazialismoan eta konstruktibismoan, eta neoplastizismoan inspiratzen zenak, eraginik izan zuen margolari gazte batzuengan.

Hala ere, badirudi abstrakzioko lehen ereduak uste sendo estetikoak baino gehiago esperimentatzeko apeten emaitza izan zirela. Esate baterako, Arabako Aurrezki Kutxa Probintzialeko Aretoan Euskal Herriko lehen arte abstraktuaren erakusketa bat izan zen, Díaz Olanoren ikasle izandako eta Madrilen ikasitako Miguel Jimeno de Hidalgak (1895-1977) konstruktibo neokubista mailan 1946az geroztik eginez joan zen lan-multzoa ikusgai jarriz.

Alfontso Gonzalez (1929) bilbotarrak ere, 1948an jada landu zuen kubismo sintetikotik eratorritako geometrikoren bat; baina kasu hasberri hauek guztiak garrantzirik gabeko bat-bateko esperimentazioak ziren, zeren eta, Jimeno bera margogintza figuratibora itzuli baitzen laster.[35]

Bilbon, arte abstraktuaren lehen erakusketa 1957ko martxoan ireki zen, eta Bizkaitarren Arte Elkarteko aretoetan Jose Duarte eta Joan S. Muñozen eskutik etorri zen.

Horrela, Joan Etxebarriaren iloba izanik, hasieran beronen pintura fauvearen eraginak zituen Federiko Etxebarriak (1914-) margolan abstraktu batzuk jarri zituen jendaurrean Madrilgo San Jorge galerian lehenengo aldiz 1960an; eta ondoren, Bilboko Illescas Galerian.

Eskultura abstraktuaren eragina

[aldatu]

Baina badirudi 60ko hamarkadako eskultura abstraktuak (Txillida, Oteiza, eta abar) eragin ziela Euskal Herriko margolari hornituenetako batzuk kolektiboki onartu zituzten figurazioaren aurkako bide berrietan.

Rafael Ruiz Balerdi

[aldatu]

Rafael Ruiz Balerdi (1935-1992) donostiarra, ospearekiko erabat axolagabea izan zen, aldiz, zinez arduratsua sortu ziren arazo artistikoez eta euskal gazteriaren heziketa estetikoaz. Arte-merkatariek beraren obra oso gutxi ezagutu dituzte.

Madrilgo Arte Ederretako Eskolatik igaro zen. Beste hainbaten antzera Vazquez Día-en kubismo ondorengo geometrikotasunak erakarrita, eta bere lanbidea Miguel Anjel Alvarezen lantegian ikasi ondoren, erabakigarria izan omen zen Txillidarekin 60ko hamarkadan izan zuen harremana. Eskulturagileak, forma aratz eta kolore garbi soilen aukera adierazkorrarekiko jada utziko ez zuen uste osoa eta gogotsua helaraziko zion. Ordutik, mimetismo figuratibo oro behin betirako utzi zuen. Veneziako Bienalean Espainiaren ordezkari izateko aukeratu zuten, 1960an.

Sailkapena maite dutenek, espresionista abstraktuen artean koka dezakete. Eta, halaz ere, bere margolanak diruditena baino arrazionalago eta intelektualago dira. Egia esan, George Mathieuk, subkontzienteak agindurik bezala, Telebista frantsesaren kateetan erakusten zituen bat-bateko haietatik oso urrun zegoen. Bere pinturak misterioz eta ironiaz egina badirudi, beharbada bere nortasuna halakoxea zelako izango da, ikusten zen munduko ezer gordetzen ez zuten formen bidez barne-mundua margo zitekeela pentsatzen baitzuen.

Hauen ondoren:

  • Ubeldura izeneko multzoa eta
  • Nahaspila izeneko multzoak (1963), forma pulunpari argitsuak eta kolorez dardaratiak biltzen dituen abstrakzio bat iragartzen du. Hutsunerik gabeko multzoak dira; argia eta kolorea zabalduz oihan batean bezala tartekatzen eta egituratzen diren formak dira denak.

«Balerdik, harri mineralizazioen antzeko egitura pilatzaileekin batzen du lirikotasuna. Ekialdeko paisaiak, Moneten kromatismoak eta Van Goghen sigi-sagako segidek osatzen dute Rafaelen mintzaera plastikoa».[36]

Jose Antonio Sistiaga

[aldatu]

Parisen hezitako Jose Antonio Sistiaga (1932), konposaketa abstraktuetara jo zuten lehenengoen artean dago. Gipuzkoako Ateneoan hasi zen abstrakzio lirikotik gertu zeuden lan batzuk erakusten eta gaur egun arte, irmotasunez eutsi dio bere joera horri.

Lerromakurrezko keinuen trazu bidezko marrazki sistema bat landu zuen, Moneten Ninfea haien oroitzapena ekartzen duten margoez eta pintzelada luzez osatua; baina bestalde, keinu nabarmentasun baten berehalakotasunak badu automatismo surrealistatik eta espresionista abstraktuetatik (action painting), baina betiere egituraketa formalaren begirada zaintzaileari eutsiz. Sistiagak margolanetan, kolore gardenak eta bat-bateko bizitasunaren trazu kaligrafiazkoak erabiliz lortutako eragina adierazkorra, efektu onaren menpe dago. Hausletzat hartu zen 60ko hamarkadako bere margogintza.

Ildo horretatik doaz bere lan berri batzuk, adibidez:

  • Mitoak eta
  • Paisaia kezkagarriak (1988).

Bereziki interesgarriak izan ziren zinematografian egin zituen sartu-irtenak. Konposaketa famatu hauetarako, Sistiagak lan izugarria hartu zuen zuzenean zeluloidearen aginean 75 minutuko iraupena zuen sail bat marrazten. Soinu-bandarik gabe, zerrenda eta forma marradunak isurika zetozen gauzen behin eta berrizko erasoa zen pelikula hau ikustea, etenik gabeko dinamikotasunez eta beti kolore harrigarriz jantzia. Sistiaga behin baino gehiagotan saiatu da –1991n artean, baita– teknika honetan hobetu nahian. Esperimentazio soilak direla uste dugu eta eragiten duten zirrara sorpresa baino haratago ez doana.

Ramon Vargas

[aldatu]

Sistiagarenaren antzeko ahaleginengatik egin zen ezaguna Ramón Vargas (1934) getxotarra. Esperimentazio bideak bilatuz Euskal Herritik kanpo bizi izan da, abangoardismo espresionistaren ildotik beti, eta askotan abstrakzioaren mugak ukituz.

Berrogeita hamarreko hamarkada hartan, informalismo gestualista baten barruan garatu zuen bere plastika. Tinkadurak eta azalerak izeneko bere lanetatik, beste multzo bat egitera pasa zen: Atentatuak.

Denboraldi batez Parisen bizi izan zen eta han filmetako irudien mintzaera batean saiatu zen:

  • Les Quattre Saisons eta
  • Le rebut (1960).

Ondorengo urtean antzeko zerbait egiten saiatu zen, zeluloidearen gainean zuzenean margotuz, Sistiagak bezala.

Ildo beretik, collage bitxiak egin zituen, bere margolanetan argazkiak erantsiz.

Bideoaren teknikari ere onura ateratzen ahalegindu zen.

  • Film konbentzional bati erasoka, (1980). Vargasen obra ezagunetako bat, 20 urte lehenago egindako bere film baten nolabaiteko suntsiketa da. Herritik beti urrun egoteak eragindakoa da, dudarik gabe, Ramón Vargasi Euskal Herrian eskaini zaion arreta eskasaren ondorioz.

Jose Luis Zumeta

[aldatu]

Balerdi eta Sistiaga bezala, Jose Luis Zumeta (1939) usurbildarra Parisen bizi izan zen aldi batez. Zumetaren espresionismoa ausarta, ia beti abstraktua eta hein batean figuratiboak, iskanbila sortu zuen. Estetikoki bere kideak baino erradikalagoa izan zen eta 60ko hamarkadako lehen urteetatik aurrera, zerrenda kromatikoz osaturiko eta kodigo bihurtutako margo-marrez, oihal gaineko pintura akriliko multzo bat sortu zuen.

Keinuen abstrakzio horretatik (1961-64), trazu luzeak, koloreak mugaturiko berezko formak mihiztatzera etorri zen. Forma eta irudi zehaztugabeen abstrakzio organikoago bat garatu zuen 70ko hamarkadako lehen urteetan. Cobra taldetik gertu dagoen abstrakzio bat da, barru-bizitasuna barreiatzen duten masa koloredunez eraturik.

Zeramikazko bi horma-pintura egin zituen 1974an,

  • Pasai Antxon 50 m2-ko bat,
  • Usurbilen 145 m2-ko beste bat.

Informalzalea eta espontaneoa da, batez ere; eraikuntza formalean arduragabearen antza du eta beti askea den Zumeta ez da erraza euskal-eskola nahi litzatekeenaren barruan sarturik ikustea. Usurbilgo zeramika Oteizari atsegin ez izatea ulertu egiten da, Euskal Herriko estilo arruntaren erreferentziatik hain urrun dagoen pintura, lirismoaren halakoxe antza duen pintura izanik ere, ez du pintura bera beste gairik, adieraztekorik gabeko adierazlea baizik.

Bonifazio Alonso

[aldatu]

Bonifazio Alonso (1934) Donostian jaio eta Gipuzkoako lehen talde abstraktuko kide da.

GAUR taldeari oso lotua egon zen. Estatu arteko erakustaldi gehien zituen Euskal Herriko artistetako bat da, eta bere obra, nazioarteko abangoardiaren informaltasunari leial zaio.

Cobra taldearen adierazpen-moduek eraginik, kanpoko errealitateaz etengabe arduratu zen jarreraz, non eraldatutako pertsonaiak eta alegiazko izakiak bizikide diren. Bizitza aztoratu eta geldiezinaren ikuspegi ageriko bat uzten du bere lanetan.

Surrealismo eta espresionismo abstraktuaren tradizioak utzi egiten dio Bonifaziori formak berrasmatzen, eraldatzen, kode plastiko pertsonalak sortuz.

Cuencan kokatu bazuen ere bere bizilekua 1967an, euskal ama-lurrarekiko loturari beti eutsi zion.

Amable Arias

[aldatu]

Amable Arias (1927-1984), Bembibre de Bierzon jaio zen, eta 1941n Donostiara iritsi eta hiriburu honetan errotu. Martiarenaren lantegitik igaro zen, Gabonetako XI. Lehiaketan (1959) sari bat irabazi zuen obra abstraktu batekin «Margolana» lanarekin, eta Gipuzkoako Arte Elkarteko kide zen; baina gerora euskal abangoardiako taldearekin bat egin zuen (GAUR taldea), baina Oteizaren etniari buruzko pentsamoldearekiko inolako interesik azaldu gabe.

Paisaiak margotuz hasi zen bera jaio zen lurraren inguruan, eta bertan, jada erakutsi zuen ekintza askatasun bat, Van Goghena gogorarazten duen pintzelada sutsu eta aztoratu bat, eta itxurez «haratago» bilatu nahi urduri bat. Gero, Donostian jada, nahiago izan zuen gai pertsonal eta barnekoei heldu. «Eskua jasorik egindako erretratu» moduan definitu genitzakeen bere erretratuek, trazuen bikaintasun eta ekonomiagatik lilura sortzen dute. Parisera egindako bidaia batek (1962) Kandinski, eta honekin batera, pintura autonomo eta sinboliko bat ezagutzeko aukera eman zion, ordutik hizkera espresionistaren eta abstrakzio informal baten gertuan dabil. Bere oihal batzuetan, Rothko gogorarazten duten ñimiñotasun bat ere topa daiteke. Abstraktutik urrunduz joan zen 70ko hamarkadatik aurrera, eta emakumeari dion maitasunak edertasun eta samurtasun zentzu bizi bat adierazten duten koadroak inspiratzen zizkion. Baina laster itzuli zen bere joera abstraktuetara, eta plano huts handien gainean sortu ziren «literatura» arte piktorikoan bidegabeki sartze arraro bat baino gehiago, Ariasen azken urteetako pinturen azpian dagoen «ezerezaren bertigo» hura bezala ulertu behar direnetara. Amableren marrazki-zaletasun handiak baldintzatu zituen olioz egindako bere koadroak, bere obraren zatirik handiena teknika honetan egin baitzuen. Hala, Kleeren marrazki eta margolanak, edo ekialdeko irudiak oroitarazten dizkiguten kaligrafia-zeinuak agertzen diren oihal batzuk margotu zituen; inolaz ere, mendebaldeko gure klasikotasunaren ezaugarri den modelatu sendoen pinturarekin antzik gabekoa. Azkenik, honako multzo hauek sortu zituen:

  • Orriak eta Tupamaroak,
  • Orri txinatarrak,
  • Makillajeak eta inauteriak eta abar.

Ariasen azken lanetan, bere joera abstraktuak oihal gaineko tanta-jario itxura hartu zuen, isuri bertikalak, ziur asko bizitzako «egien» inguruko ironiazko ikuspegi bat adierazten dutenak. Amable Arias, gaizbideratzea gustatzen zitzaion ertilari madarikatu horietako bat zen –erakusketa batean bost marko huts zintzilikatu zituen–; gorroto zituen lehiaketa eta erakusketa ofizialak, eta gizarteko sona oro arbuiatzen zuen. Guztiaz gain, duela gutxi egindako erakusketa ibiltari batek (2003), erabateko gaurkotasun harrigarri bat eman dio bere pentsaerari, Amable Ariasek –gaixo kronikoa berau, bere haurtzaroko istripu larri batekin eta bere senarrak utzi egin zuen ama baten oroitzapenarekin traumatizatua– bizitzaren ikuspegi samina zuen, dudarik gabe, eta nahiago izan zuen aldarrikaturiko bizitzako egien aurrean eszeptizismoa agertu, baita bere margolanetan ere. Ezagutu zutenek, «bere lagunekin bihozbera» zela diote. Baina ez dira ez samurtasuna ez eta errukia ere, ikuspuntu inpartzial eta objektibo batetik begiratuta, ironia eta iseka dira homunkulu horiek gogorazten dutena, bere orri eta oihaletako espazio hutsetan galdurik diruditen irudi ñimiño kezkagarri horiek. Bizitzako zoritxarreko sentimenduz markatua ikusten da; baina, agian, doktoretza-tesi eredugarri batean sakonki aztertu duenak idatzi duen bezala, «bere koadroen sakoneko esanahia babesten duen azal lañoa igarotzeko ahalegina egin egin behar da».[37]

Maria Paz Jimenez

[aldatu]

Margolari gisa Gaur taldeari oso loturik egon zen lehen aipatu dugun Maria Paz Jimenez (1909-1975) eta margogintzari eskainitako lehenengo emakumezko sonatua da XX. mendeko Euskal Herrian.

Picassoren eragineko irudigintzatik abstraktura igaro zen 1953an:

  • hasierako etapa forma zalantzakor, ia keinuzko batez,
  • aldi honi beste espaziozko batek jarraitu zion (1968-71),
  • azkenean, informaltasun materiko izenekoan amaitu zuen (1974-75).

Espresionismo abstrakturako joera zuten ertilari batzuk ere izan ziren, taldekako antolaketa-kezketatik urrun, Euskal Herriko hainbat lurraldetan norbanako izaera gogor batez beren lana hedatu zutenak.

Jose Barceló

[aldatu]

Cartagenan jaio zen Jose Barcelók (1923), Euskal Herritik kanpora hezi eta hainbat herrialdetatik igaro ondoren, Bilbon kokatu zuen bizilekua. Bodegoiak eta erretratuak margotu zituen, eta bi generoetan ere jakin zuen bere pintura modernora bideratzen, bere gaiei poesia eta misterio-errainu bat erantsiz.

Gauzen forma zehazten duen marrazkia pixkanaka ezabatuz doan Barcelóren obretan, iradokizun figuratiboa gutxieneko adierazpenera ekarriz, eta azkenean, margo festa batera mugatuko diren konposaketetan arte abstraktutik hurbil egongo da.

Dario Villalba

[aldatu]

Dario Villalba (1939) Donostian jaio, Madrilgo galeriatan eman zen ezagutzera 50eko hamarkadaren bukaeran. Biosca galerian (1964) bere margolan fosilen erakusketa egin zuen. Joera espresionistekin jarraitu zuen, eta gero minimalismotik gertu zeuden formekin, baliabide gutxirekin zirrara psikiko eta espiritual ahalik eta handiena eragiteko asmorik onenarekin.

Azkenean, erakarri egin zuen berriro ere espresionismoak, argazki teknika erabiliz oraingoan. Argazki-makinak ertilariaren esku-bihotzen aginduetara giza errealitatearen aurpegietan mirariak egiten ditu.

Hauxe da Dario bizi den mundua: giza aurpegiak, gorputz ahulak, begirada galduko nerabeak, emakume eroak, gorputz zatiak... Inolako giza ingurugirorik, paisaiarik, historiarik, gizakiaren inguruko egunerokotasunik ez. Batzuetan, gizarte inguruko zantzu txiki bat, gizabanakoaren bakardadea sentiberago bihurtzeko.

Dario Villalbaren artean, gizakiaren funtsezko ezgaitasuna sumatzen dugu agian, eta giza destinoaren kontingentzia esentziala.

Hirurogeiko hamarkadako abangoardia abstraktua izan bazen, Euskal Herrian ibilbide horretan barrena, askotan esperimentazio pasakor bat bezala, sartu ziren margolari-gazte saldoak zalantzan jarrarazten digu abangoardia izen honen balio metodologikoaren erabilgarritasuna, eta, edonola ere, kritikak arreta berezia eskaini dien izenen hautaketa egitera behartzen gaitu, nahitaez subjektiboa dena.

Gipuzkoan izen hauek gogoratuko ditugu:

  • Iñaki Larrañaga,
  • Alfredo G. Bikondoa,
  • Iñaki Moreno Ruiz de Egino,
  • Jose Ramón Morquillas.

Bizkaian, EMEN taldetik alor abstraktuetara igaro ziren:

  • aipaturiko Jose Barcelóz gainera,
  • Fernando Mirantes,
  • Migel Diez Alava,
  • Pedro Manterola,
  • Iñaki de la Fuente,
  • eta Fernando eta Bizente Ruscobas anaiak.

Araban:

  • jada aipaturiko Miguel Jimeno de la Hidalga,
  • Santos Iñurreta,
  • Alberto Gonzalez,
  • Moises Alvarez Plagaro
  • eta bereziki Ekipo 63 eta ORAIN taldeko kideak, besteak beste,
  • Joakin Fraile,
  • Juan Mieg eta
  • Karmelo Oriza Elgea.

Ia guztiek mende amaiera arte luzatu zuten beren lan sortzailea, eta horregatik Euskal Herriko arteari aro autonomikoan eskainitako hurrengo atalean ere gogoratu beharko dira.

Laburpena

[aldatu]

Espainiako historian gertaerarik izugarrien eta garrantzizkoena, 1936-39ko gerra zibila, eta ia 40 urtetako diktadura militar batekin identifikaturiko gerraostea, Euskal Herrian eman zen kultur artistiko eta egoera politikoaren arteko gorabeherak ikertu eta aztertu nahi dituen historialariarentzat, garrantzi berezia duen aldi bat da. Gaur egun, erregimen demokratikoan ia 30 urte igaro ondoren, arrazoiak badira frankismoaren aurkako berezko erreakzioak oraindik ere badirelako susmo izateko, hau da, frankismoko aldi horretan sustatutako edo baimenduriko kultura eta arteari buruzko epai ez-oso baten aldera bultza dezaketenak. Frogatutako gertakarietara soilik inguratzen saiatu gara, gai honi buruzko balore-epaiak ematen baino gehiago.

Berehala baiezta daitekeena eta horrexegatik gure Historiako atal honetan ageriko hedadura eskaini nahi izan diogun lehen gertakaria izan zen altxamendu frankistaren unean heldutasunera iritsia zen ertilari-multzo bat atzerriratzea. Esan daitekeen gauza da garailearen bandora jo zuten bakar batzuen aurrean, gehiengoa izan zen Euskal Herrian oposizioan kokatu zirenak, eta bi hautabideren artean aukera egin beharrean gertatu ziren: irteera eta atzerriratzea ala norberaren buruaren errepresioa, hau da, jarduera artistiko konbentzional batean ezkutatzea, politika gaietan barrengo uste sakonen adierazteko inolako saioetatik libraturikoa. Horrexegatik, 20 urte igaro beharko zuten posible izan eta nahi zen «Euskal Herriko Eskola» bati buruz hitz egin ahal izateko.

Gertakari historiko berria eta dokumentatzen eta aztertzen ari direna da Euskal Herriko ertilarien atzerriratzea –oraindik ere askoz denbora eta ikerketa gehiago beharko dituena–, kasu askotan «atzerriratze» izena merezi izan duen erbesteratzea, onartu zituzten lurraldeek eskaini zioten harrera eskuzabalarengatik eta jarduera artistikoa berreskuratzeko izan zuten erraztasunagatik. Bat ezin daiteke ahantz Princetoneko (USA) Unibertsitateko Erretore hartaz; hain zuzen ere XX. mendeko 30eko hamarkadan, garaile zen nazismoa zegoen beren aberritik ihes egin ala kanpora botatako alemaniar jakintsu haiek bere irakasleriaren artean sartzeak ekarri zien onura aipatuz, Hitler Unibertsitatearen ongile izendatzera behartua zela zioenean. Hispanoamerikako –Argentina eta Mexiko– zenbait herrirentzat euskalerritar errefuxiatuak onartzeak ekarri zien kultur eta arte hazkundeaz ere halako zerbait esan daiteke.

Txanponaren bigarren aurpegia Baskonian eta erregimen berriak ofizialki probintzia saltzaileak deklaratu zituen haietan gelditu zirenen artean ikusi behar da. Errepublika garaian arte gaietan hasitako modernotasun Europazale baten paralisia izan zen. Bake eta askatasun giroko bizimodu politiko eta sozial odoltsu hura gertatu ez balitz Euskal Herriko arteak –Espainiako arteak bezalaxe– nondik joko zuen amestea interesgarria gertatzen da.

Jakina den bezala, tsarren Errusian arte iraultzaileen sustatzaileek Leninen garaipenarekin arte moderno eta iraultzailearentzat erabateko askatasunaldi bat iritsiko zenaren zain bazeuden, laster egin zuten topo Prolet-cult-a ezabatua eta zaporerik gabeko errealismoa baten alde egiten zuen errealitatearekin. Francoren erregimenean ez zen inolako ezbairik izan. Masari handitasun eta argitasun hizkeraz hitz egingo zion mintzaera bat sortu behar zen. Handinahi inperialak iradokiko zituen arkitektura eta ez anbiguotasun, ez eta esanahi zabal eta ugariak hartuko zituen ikonografiarik. Ideia garbiak, zehatzak eta handinahiak. Helburu horretarako hormairudiak eta marrazki argi eta zehatzak baino hoberik ez zegoen. Halakoxeak izan ziren euskal marrazkigile Carlos Saenz Tejada handi horren izen ona argitzen duten arrazoiak.

Baina, gizakiaren guraririk sakonenak, xede zirenak –besteak beste, adierazpen-askatasuna–, bortxatzen dituen ezerk iraupen luzeko bermerik ez zuenez, errepresio-sistema bera, bere atzaparrak askatu beharrean gertatu zen, nahiz eta, bere garaian esan genuen bezala, sistema nabarmenegi erasotzera ausartzen ziren ertilarientzat pertsekuzioa eta kartzela hor izan baziren ere. Diktaduraren 40 urtetako kronikak erakusten duen modura, elementu zapaltzaileen aldetiko biziraupenezko senak eta Europako kultura moldeetara derrigorrezko irekitzearekin autarkiatik alde egiteak, askatasun artistikoaren birsortzea ekarri zuen, ertilariek besoak zabalik onarturikoa eta gizarteak askatasun politiko baten bihozkada bezala sumatua izan zena. Hirurogeiko hamarkadan gertatzen hasi zen irekitze horri zenbaitek eman izan dion «hamarkada miresgarria» izena ongi merezia du, horrexegatik soilik, Euskal Herriko artearen historialariaren iritziz. Arantzazuko hamarkada da, Oteizaren inguruan mamituriko taldeena, eta esperientzia emankor baina laburren garaia, Deba, Aia eta Soraluzeko eskolena, Euskal Unibertsitatearena eta bere Arte Ederretako Eskolarena, Arteleku-rena eta Museo eta Arte Galerien indarberritzearena.

Europako berrikuntzak atzerapenez iristen ziren Baskoniara, baina iritsi egin ziren azkenean. Eta euskal gizartea sentiberatasun berria sortzen hasi zen, horrela abangoardiako berrikuntzak, hasieran tolerantziaz eta jakin-minez eta azkenik halakoxe ulermenez onartzen zituen. Atal honetan, abstraktuarekin amaitzeko, neo-kubismo eta garbitasun plastikotik abiatzen ziren lanen azalpen eta iruzkinak egitea egokitu zaigu, baita edozein motatako edertasun formala baino adierazpenean originaltasuna bilatzen zuten beste saialdiena ere.

Arte abstraktuaren zehar-aipamen honek bereziki Euskal Herriko artearen historiari dagokion iritzi batera garamatza. Euskal Herriko arteari buruzko bere liburuan argitaratu zuen Flores Kaperotxipik[38] Bitoriano Juaristi sendagile margolari ezagunari eginiko elkarrizketa; non defendatzen baitu ikonoklasia –hobe litzateke anikonismoa esatea— euskal jitearen funtsezko ezaugarria dela. Iritzi horren arabera, euskal herritarrak imajinak beti gogoko izaten ez dituela defendatuko luke. Eta iritzi hau, euskal herritarren arte-sormenerako ezgaitasunari buruzko beste gehiegizko orokortasun honetan zehaztu zen. Beste nonbait ere aztertuak ditugu Juaristi doktorearen baieztapen hauek eta baita aurkituak ere euskal herritarrak bere historia estetikoaren jiteari eta berezko joerari buruzko ondorio batzuk, ez hainbat ikonoei buruzkoa, sinboloei buruzkoa bezainbat.[39] Aski bekigu gai hau hemen idatzirik uztea eta Euskal Herriko artearen anikonismoa hirurogeiko hamarkadako margogintzan berandu saman sartu zenaren kontua azpimarratzea. Esan liteke, artearen hiru dimentsioko gorputz-izaera dela Euskal Herriko ertilaria irudikapena baztertzera eraman duena. Beste hau ere esan daiteke, aurreko orrialdeetan ohartarazi dugun bezala, margogintza abstraktua hamar urte lehenagotik nazioarteko onarpena merezi izan duten eskulturagile ez-figuratiboen —Txillida, eta bereziki Oteiza— eraginagatik sortu zela Baskonian.

Dena den, Baskonian margogintza ez-figuratiboa onartzeak Europan ordurako hedatuak ziren beste berrikuntzei ateak ireki zizkien: espresionismoari, surrealismoari ñimiñotasun eta ezerezetik oso gertuan zegoen kontzeptualismorantz joango zen informaltasun abstraktuari. Hortik aurrerako ertilari profesional gazteek, ikusiko dugun bezala, abangoardia berri bat sortzeko ezohiko sormena beharko dute.

Erreferentziak eta oharrak

[aldatu]
  1. Juan Pablo FUSI AIZPURUA: 1939-1989: Cincuenta años de cultura en España. 50 años de arquitectura en Euskadi-n (1990), 37-64 or.
  2. X. CICIRI PELLICER, La estética del franquismo. Gili (Bartzelona, 1977), 34. or.
  3. Arquitectura española de la Segunda República (Bartzelona) 8. or.
  4. J. GONZALEZ DE DURANA: Medio siglo de arquitectura en Euskadi. Relámpagos en la oscuridad. 50 años de arquitectura en Euskadi-n, 70.or.
  5. Dokumentu honetako testu hau Joaquín Díaz Langak berrargitaratu zuen Arquitectura aldizkarian, 204-205 zk., 1977, 49. or. A. URRUTIAren aipamena, Arquitectura española contemporánea. Documentos, etc, (2002), 233-235 or.
  6. CICIRI, O.c., 110. or.
  7. A. URRUTIA, O.c., 230.or.
  8. Jesús Mª SUSPERREGI, (Galindezi buruzkoa) COAM, 2000.
  9. Id., p. (Galindez eta bere bistako adreilua).
  10. Ikus, Ecclesia–n (1955eko uztailak 16), Vatikanotik datorren agiria, Aita Santuaren Arte Sakroaren Batzordeak sinatua, non imajinagintzako proiektuak egitea galarazi eta burututako arkitekturari kritika gogor bat egiten zitzaion.
  11. Saenz de Oiza XX. mendeko Hego Euskal Herriko arkitektoa da, bibliografia luzeenetako bat duena.
  12. Rosana GOIKOETXEA eta Edorta KORTADI, José Benito Bikandi. TV. 295. zk., Kutxa (Bilbo, 1999).
  13. Arazketa honen idatzia eta zerrenda Arquitectura-n ikus daiteke, 204-205 zk., 43-49 or.
  14. A. ONAINDIA, Hombre de paz en la guerra. Ekin Argit. (Buenos Aires, 1973); K. BARAÑANO eta J. GONZALEZ DE DURANA, El racionalismo arquitectónico en Bilbao. Muga-n, 25. zk.
  15. K. BARAÑANO, Ucelay/Uzelay, Aurrezki Kutxa Bizkaitarra, 1981.
  16. Horrela salbatu ziren Ziortzako kolegio-elizako artxiboa, Urkixo kondearen liburutegia Markinan eta Elgetakoa esaten zaion triptikoa; Kexaako hilobi baliotsuak ere babestu zituen, eta artistikoa zen oro paketetan bildu eta Bilboko Uribitarte kaiko gordailu frankora eraman zituen.
  17. Bienabe Artía. Kutxa (Donostia, 1901); ikusi, halaber, Julián MARTINEZ RUIZ, Vida y carácter de la obra del pintor Bernardino Bienabe Artia (1899) (Donostia, 1982).
  18. V.V. Eloy Erenchun 1904-1987, San Telmo Museoa (Donostia, 1987).
  19. Patxi ARZAMENDI eta Fatima ERRASTI, Guillermo Larrazábal, un artista vasco en Ecuador (1907-1984), (Gasteiz, 1992).
  20. Maria Soledad ALVAREZ: Escultores contemporáneos de Guipúzcoa, 1930-1980. Medio siglo de Escuela Vasca de Escultura. Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintziala, (3 ale), (1983), l.go libk., 47-49 or.
  21. Lucariniri buruz, ikusi Ana de BEGOÑA eta Mª Jesús BERIAN, Joaquin Lucarini, escultor. Arabako Foru Aldundia (Gasteiz, 1985); ikusi, halaber, M. Angel MARRODAN, La Escultura Vasca. La Gran Enciclopedia Vasca (Bilbo, 1980), 120-130 or.
  22. Ana Maria GUTIERREZ MARQUEZ, Julio Beobide, un escultor del pueblo (Donostia, 1979), 47. or.
  23. Jose ARTECHE, Caminando (Zarautz, 1947).
  24. J. MARIN-MEDINA, La Escultura Española Contemporánea.
  25. Quousque tandem-aren lehen argitalpenari Reseña aldizkarian egindako nire aipamena zela eta penatu nintzen, 1. zk., 1964ko otsaila.
  26. Nosotros los Vascos. T.V. Arte. 38. or.
  27. Ekipo 57 Oteizak, Ibarrolak, Basteuk, Duartek, Serranok eta Hansenek eratutako mugimendu bat izan zen, eta egitura lau eta kolore uniforme eta argien bidez, espazio plastikoaren elkarreraginari buruzko ikerketa egin asmo zuena.
  28. Bizente Larreari buruzkoetan, ikusi Kosme Mª Barañanok eskaini zion monografia konplexua: La escultura de Vicente Larrea. Eusko Jaurlaritzak argit., (1991).
  29. Rikardo Ugarteren eskulturaren inguruan, ikusi, batez ere, Mª Soledad ALVAREZ, Cinco escultores. Escultura Vasca Contemporanea. Kutxa (Donostia, 1984).
  30. Ibarrolari buruz, ikus hainbat egileren Ibarrola, Bilboko Aurrezki Kutxa Munizipalak argitaratua (Bilbo, 1987).
  31. Juan de la ENCINAren aipamena, La trama del arte vasco (1919), 28.or.
  32. S. ARCEDIANO eta J.A. SANCHEZ DIEZ, Carlos Sáenz de Tejada (Gasteiz, 1993).
  33. La estética del franquismo, 101. or.
  34. J. ZUBIAUR, Pintores contemporáneos. Arte en Navarra-n, Diario de Navarrak argit., 38. zk.
  35. Iñaki MORENO RUIZ DE EGUINO, Abstraccionismo Vasco. XX. mendeko Euskal Herriko pintura. Pintores vascos del siglo XX-n; 131. or.
  36. Ibid., 141. or. Kritiko batzuek idatzi dutenez, 1975az geroztik Balerdik teknika aldatu egin zuen, paper gainean klarionaz lan eginez bere aldirik emankorrenetariko batean.
  37. M. Carmen ALONSO-PIMENTEL, Amable Arias (Donostia, 1997). Deustuko Unibertsitateko doktoretza tesia. Ikusi, halaber, Amable Ariasen pinturari buruz José GUIMONek egiten duen interpretazio psikoanalisiakoa, Amable Arias en la vanguardia vasca. RIEV, 47. zk. (Donostia, 2002ko urtarrila-ekaina), 63-78 or.
  38. M. FLORES KAPEROTXIPI, Arte Vasco (Buenos Aires, 1954), 118-123 or.
  39. La escuela Vasca de Escultura. Cultura Vasca II, Erein (1978), 331-355 or.

Bibliografia

[aldatu]

ALVAREZ MARTINEZ, Mª Soledad: Escultores contemporáneos de Guipuzcoa 1930-1980. Medio siglo de una Escuela Vasca de Escultura. 3libk. (Donostia, 1983).

ALVAREZ MARTINEZ, Mª Soledad: Corrientes y estilos del grupo guipuzcoano de la Escuela Vasca de Escultura. Muga (Bilbo, 1985eko apirila).

ALVAREZ MARTINEZ, Mª Soledad: Escultores vascos, Oteiza, Basterrechea, Ugarte (Oviedo, 1991).

AMON, Santiago: Nestor Basterretxea y la vieja vanguardia. Nueva Forma-n, 74 (1972).

ANGULO BARTUREN, Javier: Ibarrola, ¿un pintor maldito? Arte vasco de posteguerra, 1950-1977 (Donostia, 1978).

ARRIBAS, Maria J.: 40 años de arte vasco, 1937-1977. Historia y documentos (Donostia, 1979).

BARAÑANO, Kosme de (Zuznd.): Escultura pública en el País Vasco. Artea. Dokumentuak. Euskal Herriko Unibertsitatea 2000.

BARAÑANO, Kosme de: Chillida en San Sebastían (Madril, 1992).

BARAÑANO, Kosme de; GONZALEZ DE DURANA, Javier; JUARISTI, Jon: Arte en el País Vasco (Madril, 1987).

BARAÑANO, Kosme de: La escultura de Vicente Larrea (Gasteiz, 1991).

BARAÑANO, Kosme de: La obra plástica de Eduardo Chillida (Bilbo, 1987).

BARAÑANO, Kosme de: Chillida 1948-1998 (Bilbo, 1999).

CENICACELAYA, J., ROMAN, A., SALOÑA, I.: Guía de Arquitectura Metropolitana. COAVN (Bilbo, 2002).

BOZAL FERNANDEZ, Valeriano: Pintura y escultura españolas del siglo XX (1939-1990). Summa Artis, 37. libk. (Madril, 1992).

CALVO SERRALLER, Francisco eta beste: Medio siglo de Arte de Vanguardia 1939-1985. 2 libk. (Madril, 1985).

CICIRI PELLICER, Alexandre: La estética del franquismo (Bartzelona, 1977).

FIGUEROA FERRETTI, J.: Eduardo Chillida (Madril, 1971).

FLORES KAPEROTXIPI, M.: Arte Vasco (Buenos Aires, 1954).

FULLAONDO, J. Daniel eta AMON, Santiago: Chillida (Madril, 1968).

FULLAONDO, J. D.: Jorge de Oteiza, 1933-1968 (Madril, 1968).

FULLAONDO, J. D.: Oteiza y Chillida en la moderna historiografía del arte. Enciclopedia Vasca-k argit. (Bilbo, 1976).

GAYA NUÑO, Juan Antonio: Escultura española contemporánea (Madril).

GUASCH, Ana Mª: Ideología y práxis en el arte vasco (1940-1980). Euskal artea Txostena. Batik, 61 (1981), 45-50 or.

GUASCH, Ana Mª: Arte e Ideología en el País Vasco: 1940-1980 (Madril, 1985).

KORTADI, Edorta: Una mirada sobre Eduardo Chillida. Vida y obra de un artista universal. Síntesis Argit. (Madril, 2003).

MANTEROLA, Pedro: El jardín de un caballero. La escultura vasca de postguerra en la obra y el pensamiento de Mendiburu, Oteiza y Chillida (Donostia, 1993).

MARIN-MEDINA, José Luis: La escultura española contemporánea (Madril, 1978).

MARRODAN, M. Angel: La escultura vasca (Bilbo, 1980).

MARTINEZ GORRIARAN, C.: El arte y los artistas vascos de 1966 a 1993. Nosotros los Vascos-en, 5. libk. (Bilbo, 1994).

MARTINEZ, Julián: La Escultura en Guipúzcoa (Breve introducción histórica). Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Munizipala (Donostia, 1981).

MORENO RUIZ DE EGUINO, Iñaki eta ABON, Satur: Julián de tellaeche (Exposición). Kutxa Fundazioa (Donostia, 1997).

MAS SERRA, Elías: 50 años de Arquitectura en Euskadi. Eusko Jaurlaritza (1990).

MAS SERRA, Elías: Arquitectos municipales de Bilbao (Bilbo, 2001).

OLAIZOLA, Ana: Arte y artistas guipuzcoanos en los años 60; el proyecto de la escuela vasca. Euskal artea eta artistak 60ko hamarkadan. Arte y artistas vascos en los años 60-n (Donostia, 1995), 123-145. or.

PELAY OROZCO, Miguel: Oteiza, su vida, su pensamiento (Bilbo, 1978).

PELAY OROZCO, Miguel: La moderna escultura vasca (Donostia, 1976).

PIZZA, Antonio: Guía de la arquitectura del siglo XX. España. Electa Argit. (Milan, 1987).

PLAZAOLA, Juan: La escuela vasca de escultura. Cultura Vasca-n, II (Donostia, 1978).

PLAZAOLA, Juan: Néstor Basterrechea (Madril, 1976).

SAENZ DE GORBEA, Xabier: «Arte en Bilbao. (1945-1989)». Bilbao, Arte e Historia (Bilbo, 1999).

SAENZ DE GORBEA, X.: Bizkaia años sesenta. Euskal artea eta artistak 60ko hamarkadan. Arte y artistas vascos en los años Sesenta-n (Donostia, 1995), 147-189. or.

SAENZ DE UGARTE, J.L., ARCEDIANO, S.: Exposición antológica. La pintura en Alava (Gasteiz, 1991).

SANCHEZ MARTIN, V.: Jorge Oteiza y Néstor Basterrechea. Goya-n, 36 (Madril, 1960ko maiatza-ekaina).

SAN MARTIN, Fco. Javier: Ibarrola gure etxean (Basauri, 1990).

SAN MARTIN, Fco. Javier: Aspectos del arte alavés en la década de los sesenta, Euskal artea eta artistak 60ko hamarkadan. Arte y artistas vascos en la década de los 60-n (Donostia, 1995), 191-224. or.

SUREDA, J.: Realidad y existencia de la escultura vasca. Guadalimar-en, 25 (1977), 60-64. or.

TOLOSA, R.Mª: Basterrechea, Euskal Artearen txostenean. Batik, 61 (1981), 73-75. or.

UGALDE, M.: Hablando con Chillida, escultor vasco (Donostia, 1995).

URQUIJO, J.: Escultura vasca en el siglo XX. En Dossier Arte Vasco. Batik-en, 61 (1981), 61-65. or.

URRUTIA NUÑEZ, Angel: Arquitectura española contemporánea. Documentos escritos, testimonios inéditos. COAM, (Madril, 2002).

VIAR, Javier: Las artes plásticas en el País Vasco. Gaceta del Arte-n 37 eta 38. (Madril,1975).

VV.AA.: FERNANDEZ UREÑA, J. (Koord.): Ibarrola (Bilbo, 1987).

VV.AA.: Escultura a la intemperie. Revista de Navarra de Arte-n, 3 (1995)

VV.AA.: Pintores y escultores vascos de ayer, hoy y mañana (Bilbo, 1973).

VV.AA.: Néstor Basterrechea. Ediciones Vascas (Donostia, 1977).

VV.AA.: Remigio Mendiburu. San Telmo Museoa (Donostia, 1989).

VV.AA.: Ugarte. (Santa Coloma de Gramanet-eko Udala, 1994).

VV.AA.: Julio Beobide. San Telmo Museoa (Donostia, 1991).

ZUBIAUR CARREÑO, F. Javier: Bienabe Artia. Kutxa (Donostia, 1991).

ZUBIAUR CARREÑO, Javier: La Escuela Vasca de Bidasoa. Una actitud ante la naturaleza (Iruñea, 1986).