Euskal literatura/50 idazle

Wikibookstik
Jump to navigation Jump to search

Agirre Odriozola, Jose Antonio (Azpeitia, 1949). Kazetaria eta Bertsolari aldizkariaren zuzendaria. Narratibaren arloan, honako liburu hauek eman ditu argitara: Longa kapa beltza (1984); Lehen triptikoa (1986); Gizon bat biluzik pasiloan barrena (1991); Elgeta (Kutxa Argt., 1996); Hitza hitz. Txillardegirekin solasean (Elkarlanean Argt., 1996); Mozketaren maisua (Bertsolari Argt., 1999); eta Osaba Txirrita (Bertsolari Argt., 1999). Elgeta, 1995ean Irun Hiria Saria irabazi zuen eleberriaren protagonista nagusia Jacinto Rivas Elgeta, 1936tik 1939ra bitarteko gerrate zibilaren ostean jende askori eskusoinu diatonikoa jotzen irakatsi zion trikitilari bohemioa. Mozketaren maisua Joxe Agirre Oranda, bertsolari azpeitiarraren biografia da, Jesus Muruarekin elkarlanean idatzia. Hitza hitz, berriz, idazle eta politikari den “Txillardegi”ri egindako elkarrizketa da. Osaba Txirrita, ordea, goitizen horrekin ezagutzen zen bertsolariaren biografia da, bertsolariaren iloba haur zenean narratzailetzat harturik, gazteentzat idatzia.

Alberdi Zinkunegi, Pedro (Eibar, 1957). Bere lehen argitalpenak haur eta gazteei zuzendutako bi literatur lan izan ziren (Handitzen naizenean, Alberdania Argt. 1995, eta Nire kalea, Erein Argt., 1998, Lizardi Saria). Gero, 2000 urtean, Satorrak baino lurperago (Alberdania Argt.) entsegua argitaratu zuen, 60ko eta 70eko hamarkadetako giro kultural eta politikoaren sentimenduzko kronika, egilearen esanetan. Lan horrek, aurrez, literatur sorkuntzarako Joseba Jaka beka eskuratua zuen. Liburuaren bitxikeria bat zera da, garai haietako gertaeretan, Ramon Saizarbitoriaren Hamaika pauso eleberriko hainbat pertsonaiaren gorabeherak tartekatzen dituela. Alberdik jorratzen duen gai nagusia, garai hartako ezker abertzalearen aktibismo kulturalak eta ETAren ekintzek osatzen dute.

Alonso Fourcade, Jon (Iruñea, 1958). Honako liburu hauen egile da: Idiaren eraman handia, jatorrizkotasuna, plagioa eta, oro har, sorkuntzari buruzko entsegua, 1995ean Euskaltzaindiak eta BBK entitateak ematen duten Mikel Zarate sariaren irabazia; Katebegi galdua eleberria (Susa Argt., 1995); Cammenbert helburu, eleberria eta entseguaren erdibideko liburua, ToulouseLautrec pintoreari buruzkoa, Joseba Jaka bekaren jabea (Susa Argt., 1998); Euskal Karma (Susa Argt., 2001). Katebegi galdua, aldiz, genero beltzeko eleberria da. Intrigaz beteriko historia honek, XVI. mendean higanot batek idatzitako liburu baten desagerpena hartzen du abiapuntutzat, Euskal Herriaren historia beste ikuspegi batetik begiratzeko aukera emango lukeen liburua, hain zuzen. Desagerpen horren ondorioz, politikari, kazetari eta polizien arteko lehia hasiko da, denak ere liburua aurkitzen lehenak izan nahian. Euskal Karma, berriz, egile ugariren obretako pasarte desberdinetan oinarrituta egituratutako liburua da; hori dela eta, rapsodia gisa definitu du egileak. 2001ean, entsegu laburreko Juan Zelaia lehen edizioko saria irabazi zuen Agur Darwin eta beste arkeologia batzuk lanari esker.

Alustiza Jauregi, Julian «Aztiri» (Gabiria, 1913). Idazlea izateaz gain, frantziskotar sermoilari ospetsua. 1981ean Lihoaren penak eta nekeak (E.F.A. Argt.) liburua argitaratu zuen, Euskal Herrian lihoaren inguruan egin izan diren lanei buruzkoa. Fraide frantziskotar moduan baserri askotan izana zenez eta horren ondorioz, Euskal baserriaren inguruan lana (Arantzazu Frantziskotar Argitaletxea) argitaratu zuen 1985ean, nekazaritza, abeltzaintza, klima eta oro har, herri jakituriari buruzko liburua.

Apalategi Idirin, Ur (Paris, 1972). Sekulako oihartzuna izan zuen liburua eman zuen argitara, 1997an, Gauak eta hiriak (Elkarlanean Argt.). Obra horretan, Felix, Anton eta Muriel gazteen harremanak azaltzen dira, batzuetan gozoak eta saminak, besteetan. Eleberri hori, gerora, gazteleraz argitaratu zen Las relaciones imperfectas izenburupean (Hiria Argt., 2001). Baionako Unibertsitateko irakasle den idazle honek Bernardo Atxagaren literaturari buruzko azterketak egin ditu. Hain zuzen ere, Bernardo Atxagari buruz egin zuen bere doktoretza-tesia eta 2001ean liburu formatuan argitaratu zuen, halako moldaketa batzuk egin ondoren: La naissance de l’écrivain basque (L’Harmattan Argt., 2001).

Arana Luzuriaga, Aitor (Legazpi, 1963). Lehen mailako ikasketak burutu ondoren, 17 urterekin literatura idazteari ekin zion. Unibertsitatea ukitu gabe, hizkuntza eta literaturaren ezagupenak bere kontura hobetu zituen eta, horrela, 1987an, Bilintx saria eskuratu zuen narratibaren arloan. Ondoren ere sari gehiagoren jabe egin zen narratiban: Baporea (1989), Resurrección Maria Azkue (1990) eta Txomin Agirre (1999 eta 2000). Haur eta gazteen literaturan ere liburu ugari idatzi du, lehena Azkonarren laguna (Elkar Argt., 1987) izan zelarik. Helduentzako literaturan, berriz, 1994an zenbait ipuin argitaratu zituen Ipuin lizunak izenburupean (Kriseilu Argt.), euskaraz plazaratu izan diren ipuin erotikoen lehen bilduma. 2000an Onan argitaratu zuen Literotura (Txalaparta Argt.) izeneko literatura erotikoaren bildumaren barruan. Ipuin-entzulea, 1991n Euskaltzaindiko eleberri saria irabazi zuen obra aukeratu zuen, besteak beste, Ibaizabal argitaletxeak, 2001ean abian ipini zuen Gailurrean bilduma sortzeko. Kontakizun horren gai nagusia zorotasuna da. Nafarroako Gobernuak zaraitzuerazko hitzez osaturiko hiztegia argitaratu zion 2001ean. Hiztegi hori, euskalki horren azken jakitunetako batekin, jatorriz Zaraitzuko Espartza herriko Antonia Mariarekin elkarrizketatu ondoren eratu zuen.

Arbelbide Mendiburu, Xipri (Heleta, 1934). Misiolari eta seminario bateko irakasle izan zen Boli Kostan, 1964tik 1975era. Gerora apaiz jardun du Euskal Herriko hainbat elizatan. Xipriren lehen liburua Irri solas, 1981an, Xalbador sariaren irabazlea izan zen. Ondoren gehiago etorriko ziren: Afrikako salbaien zuhurtzia (Irun Hiria saria, 1982); Garazi (Xalbador saria, 1984); Piarres Lafitte (1986); Gerlako trenza bizidunak (Xalbador saria, 1986); Piarre Topet Etxahun (Café Iruña saria, 1986); Piarre Topet Etxahun, bertso bilduma (Etxahunen bertso-bilduma, Elkar Argt., 1987); Lipua eta pika (1987); Terexa Desqueyroux (François Mauriacen eleberriaren itzulpena, 1989); Iraultza Heletan (1991).

Arratibel Zurutuza, Jose (Ataun, 1923). Arabako Estibalitz komentuan bizi da fraide beneditar hau. Beren lehen obra Kontu zarrak ipuin-bilduma izan zen (La Gran Enciclopedia Vasca Argt., 1980), gero euskara batura egokiturik, Kontu zaharrak izenburupean berrargitaratu zuen (Erein Argt., 1995). Haurtzaroan etxeko sukaldean bere aitari entzundako ipuinak ziren. Geroztik ere beste kontakizun laburragoak argitaratu ditu Erein argitaletxean; Erramun eta Mirentxu izenburupean, horiek ere bere haurtzaroan Ataunen entzundakoak.

Atxukarro, Inazio Mari (Errezil, 1912; Zegama, 1987). Segura Irratian eta Loiolako Herri Irratian 60ko eta 70eko hamarkadetan egindako irratsaioek sekulako arrakasta izan zuten; izan ere, pasadizo interesgarriak eta xelebreak kontatzeaz gain, ahozko narratzaile gisa ere aparteko dohaina zuen. Bere irratsaioetan aditzera emandako materialak bildu eta Irriparrezko printzak izeneko liburua argitaratu zuen (Sendoa Argt.).

Azurmendi Otaegi, Jose (Zegama, 1941). Gehienbat pentsatzaile eta saiakeragile da eta, hartan nabarmendu den arren, olerkia ere idatzi zuen bere gazte-denboran. Genero horretan liburu bakar bat eman zuen argitara: Hitz berdeak (EFA Argt., 1971). Gero, 1990ean, Susa aldizkariak Manifestu atzeratua poema luzea argitaratu zion separata moduan, lehen zentsurak aipatu liburutik kendutako atala, hain zuen. Euskaraz Espainolak eta euskaldunak eta gaztelaniaz Los españoles y los euskaldunes izenburupean (Hiru Argt., 1996), argitaratu zuen liburuak, saiakeraren generoan ohikoa izaten ez den salmenta eta irakurle kopurua izan zuen.

Bernaola Lejarza, Iñaki (Bilbo, 1952). Honako liburuak argitaratu ditu: Zugarramurdiko kontesa (Elkar Argt., 1989), Bonga (Elkar Argt., 1990), Hamabost urteko naufragoa (Eusko Jaurlaritza Argt., 1992) eta Lau idazluma ahizpak (Ibaizabal Argt., 1997). Horietan lehenak, kondesa bat eta bere zerbitzariaren arteko amodiozko harremanak kontatzen zituen, aristokraziaren beherakada agerian utziz. Bigarrenak, hau da, 1986an abentura eta bidaien arloko Manuel Iradier saria irabazitako liburuak, Afrikaren egonezina jorratzen zuen, europarren kolonizazioaren eraginpeko egonezina. Bernaolak Baque Kafeak saria irabazi du eleberri laburrean eta Azpeitiko Julene saria ere berak eskuratu zuen, euskarazko ipuinen sailean, 1991 eta 1992an.

Casenave-Harigile, Junes (SantaGrazi, Zuberoa, 1924). Pastoralen idazle bezala nabarmendu da batez ere. Horietan lehena Santa Grazi izan zen, 1976an eszenaratua. Eta ondoren hauek idatzi zituen, besteak beste: Ibañeta (1978), Pette Basabürü (1982), Zumalakarregi (1989), Agota (1992 y 1999), Santa Kruz (1992) eta San Mixel Garikoitz (1994). Bere pastoralak zirela eta, Toribio Altzaga antzerki saria irabazi zuen 1980an eta 1982an.

Davant, Jean Louis (Ürrüxtoi-Larrabile, Zuberoa, 1935). Honako pastoral hauek idatzi ditu, adibidez: Abadia Ürrüstoi (Antonio Abbadie zientzialari eta mezenasi buruzkoa, 1990ean Zuberoako hiriburuan, Maulen eszenaratua); Euskaldunak iraultzan, 1993an Goteine-Irabarne, Zuberoan, eszenaratua; Agirre presidenta, Jose Antonio Agirre lehendakariari buruzkoa, 1995ean Arrokiagan, Zuberoan, eszenaratua, eta Xiberoko makia, 2001ean Zuberoako Cheraute-Sohütan eszenaratua, Zuberoako gerrillarien eta nazien artean 1944an izandako borrokak irudikatzen dituena. Hainbat olerki liburu ere argitaratu ditu.

Elexpuru Arregi, Juan Martin (Bergara, 1950) Txalaparta argitaletxeak sortutako Literotura, euskarazko liburu erotikoen bildumaren zuzendaria. Hain zuzen ere, bilduma horretan argitaratu du Krabelina beltza eleberria (1998); euskarazko literaturaren garai desberdinetako idazti erotikoen antologia, Euskal lizunkeriaren antologia (1999) izenburupean; eta, Sadeko markesaren obraren itzulpena, Filosofia apaingelan (2001). Helduentzako ipuin liburu pare bat ere idatzi ditu: Txakur zaunkak atean (1989) eta Hamaika ipuin (Elkarlanean Argt., 2000); eta bidaiei buruzko beste pare bat: Alpeen itzalpean (1993) eta Kuba triste dago (1994). Honako literatur sariak irabazi izan ditu: Irun Hiria ipuin saria (1987) eta Tene Mujika (1987 eta 1988).

Elorriaga Lopez de Letona, Unai (Algorta, 1973). Idazle honen estreinako liburua, SPrako tranbia eleberria, 2001ean argitaratu zuen (Elkar Argt.). Himalaiako gailurrera igo nahi lukeen aitona baten erotasun prozesua kontatzen du, sarritan umorez apaindutako prosa erabiliz.

Erzilla Urizarbarren, Manu (Bilbo, 1953). Pott literatur bandako kide izan zen Bernardo Atxaga, Joxemari Iturralde eta beste hainbatekin. Poema liburu bat plazaratu zuen, 1989an, Ezpondetako pneuma, Bizkaiko Foru Aldundiak argitaratua, eta 1999an, Ez eleberria (Alberdania Argt.). Federico Krutwigek sortutako eta greziar kultura klasikora hurbildu nahi zuen Jakintza Baitha elkarteko kide izan zen. Elkarte horren filosofia eleberrian islatzen da, izan ere, prosa jasoa baita, zehaztapena lortu nahian, epe luze eta mailegu ugariz hornitutako prosa, baina aldi berean, euskara batuaren arau ortografikoak alde batera laga gabe.

Etxaniz Erle, Xabier (Oñati, 1961). Honen berezitasuna, haur eta gazteen literaturaren ikerkuntza da. 1997an Euskal Haur eta Gazte Literaturaren Historia argitaratu zuen (Pamiela Argt.), era horretako haur eta literaturaren euskarazko lehen historia, zehaztasun osoz adierazia. Aurrez, ordea, haur-folkloreari buruzko antologia bat ere egina zuen, Haur-folklorearen bilduma izenekoa (Pamiela Argt., 1986). Asmakizunei buruzko bi bilduma ere egin ditu: Igarkizunak (Elkar Argt., 1986) eta Zer dela eta zer dela? (Pamiela Argt., 1993). Ipuin ugari ere idatzi ditu.

Etxeberria Garro, Xabier (Zarautz, 1974). Zarauzko Lizardi saria irabazi zuen 2000. urtean, haur-literaturaren arloan, bere Airean ere negu usaina nabari da (Erein Argt., 2000) liburuari esker. Liburu hori, Martin anaia bikiarekin elkarlanean idatzi zuen. Hurrengo urtean idatzi zuen bere lehen liburu luzea, oraingoa bakarrik, Egun denak ez dira berdin (Elkar Argt.), hain zuzen ere. Arrakastarik gabeko 27 urteko gazte aspertu baten historia kontatzen du, soldadutzaren ordezko gizarte lana Gurutze Gorrian betetzen ari dela errepideko istripu bat egokitzen zaio eta, susmoa sortzen zaiolarik, bere kontura ikertzea erabakitzen du.

Gabiria Lara, Julen (Galdakao, 1973). 1997an eta 1998an Basauriko Udalaren saria irabazi zuen ipuin erotikoen lehiaketan eta 2000. urtean, narratibako Connemara gure bihotzetan liburua argitaratu zuen (Elkarlanean Argt.), Beasaingo Udalak emandako literatur beka irabazi ondoren. Eleberri horrek, Txema izeneko gazte bat du protagonista, Eider andregaia galdu duen gaztea. Txemak Eiderren egunkaria aurkitzen du diskete batean, aurreko urtean Irlandan zehar eginiko bidaian idatzia eta, bere maitearen arima aurkitu nahian, bidaia berbera egitea erabakitzen du. Liburu horrek arrakasta handia izan zuen eta behin baino gehiagotan berrargitaratu zen.

Garate Goihartzun, Gotzon (Elgoibar, 1934). Jesuita eta Deustuko Unibertsitateko irakaslea zen; berak sortu zuen, 70ko hamarkadan, unibertsitate horretako Euskal Filologiako Fakultatea. Eleberri beltza landu izan du honako obra hauen bidez: Esku leuna, Gipuzkoako Aurrezki kutxa Probintzialak 1978an argitaratua, eta aurreko urtean Irun Hiria saria eleberriaren sailean irabazia, Goizuetako ezkongaiak (Leopoldo Zugaza Argt., 1979), Elizondoko eskutitzak (Gero-Mensajero Argt., 1977an Domingo Agirre saria irabazia), Izurri berria (Bizkaiko Aurrezki Kutxa Argt., 1984, Resurreccion Maria Azkue saria de 1981ean irabazia) eta Alaba (Elkar Argt.). Idazle honek sortua da Jon Bidart ikertzailearen pertsonaia, bere egintzak Euskal herrian burutzen dituen hori. Goizuetako ezkongaiak izeneko polizi eleberriak irakurle asko izan zuen eta 1997rako hamar bider argitaratuta zegoen. Garatek, dena den, beste erako liburuak ere idatzi zituen: New Yorken egindako egonaldiei buruzko literatur kronikak, New York, New York (Elkar Argt., 1988) izenburupean eta Indian zehar eginiko bidaiei buruzkoa, India harrigarria (Elkarlanean Argt., 2001). Azken horretan, hango emakumeen marjinazioa eta kastasistemaren ondorioz sortzen diren bidegabekeriak landu zituen nagusiki.

García-Viana Arenales, Jose Maria, «Kartxi» (Donostia, 1963). Gazteei zuzendutako abentura eta misteriozko narrazioak idatzi izan ditu gehienbat. Tolosako Udalak sortutako Antonio Maria Labaien saria bi bider irabazi du narratibaren arloan, 1998an eta 2000an. Honako liburu hauen egilea da: Ihesi (olerkiak, Susa Argt., 1994), Triangelu hautsia (Alberdania, 1995), Bi ipuin harrigarri (Elkarlanean, 1999) eta Balatza, tximistaren alaba (Alberdania, 2000). Gero, 2001ean, Sei lore (Susa Argt.) eleberria argitaratu zuen, genero beltzekoa, protagonista nagusitzat Markos Gorriti ikertzailea hartuz.

Garzia Garmendia, Joxerra (Legazpi, 1953). Kazetaria eta ahozko inprobisazioaren aztertzailea. Gazteentzako literaturaren barruan, honako liburu hauek plazaratu ditu: Malen laberinto madarikatuan (1985ean Bapore saria irabazitakoa, S.M. Argt.); Gau bat gauekoen artean (Erein Argt., 1988); eta Tunelaz bestaldean (hau ere Bapore sariaren irabazlea eta S.M. argitaletxeak 2001ean argitara emana). Olerkiaren arloan, bi liburu plazaratu ditu: Dena dela (Primitiva Casa Baroja Argt., 1988) eta Zotal egunak (Kutxa Argt., 1991). Azken horrekin bi sari irabazi zituen: Irun Hiria saria, olerkiaren arloan, eta Kritikaren saria, 1992an. Gero, 2000. urtean, Egonean doazen geziak (Alberdania Argt.) argitaratu zuen, aforismo atipikoez, gogoeta laburrez eta txistez hornitutako bilduma. Eta hurrengo urtean, hau da 2001ean, El arte del bertsolarismo. Realidad y claves de la improvisación oral vasca (Bertsozale Elkartea Argt.) argitaratu zuen Jon Sarasua eta Andoni Egaña bertsolariekin elkarlanean. Liburu hori lau hizkuntzetan argitaratu zen.

Garzia Garmendia, Juan (Legazpi, 1955). 1987an, bere Pernixio ipuinak Ignazio Aldekoa saria irabazi zuen. Urte horretan bertan argitaratu zuen bere lehen liburua ere, Akaso izeneko ipuin-bilduma (Erein Argt.) eta horretan jaso zuen arestian aipatutako kontakizun. Gero, 1991n, Irun Hiria saria irabazi zuen bere Gabonak Gubbion ipuinari esker. Garziak, bestalde, Itzalen itzal (Pamiela Argt., 1993) kontakizuna eta Fadoa Coimbran eleberria (Pamiela Argt., 1995) eman ditu argitara. Era berean, adin ertaineko gazteentzako ipuin luze bat idatzi zuen, Mundua sudur puntan izenburupean (Alberdania Argt., 1994). Liburu horrekin, Tolosako Udalak antolatzen duen Antonio Maria Labaien saria irabazi zuen argitaratutako urte berean.

Gil Bera, Eduardo (Tutera, 1957). Entseguak, eleberriak eta itzulpenak egin izan ditu gehienbat. Pentsatzailea, klasikoen aztertzailea eta alemanez zein frantsesez espezializatutako itzultzailea da. 1987an Xalbador saria eskuratu zuen, entseguaren arloan, denboraren joanari buruzko entseguari, Atea bere erroetan bezala (Pamiela Argt.) esker. 1988an, Pedro Axular saria irabazi zuen O tempora! O mores! (Kontzientzia eta moralari buruzko gogoeta zenbait) entseguari esker eta, Irungo Hiria saria, Hortus Botanicus poema-sailari esker. 1989an berriro ere Xalbador saria eskuratu zuen Fisikaz honatago entseguarekin. Gaztelaniaz ere idatzi izan du, esate baterako, Os quiero a todos eleberria (PreTextos Argt., Valentzia) eta Baroja o el miedo izeneko biografia (Península Argt.).

Hernandez Abaitua, Mikel (Gasteiz, 1959). Donostia Hiria saria ipuin arloan 1981ean irabazi izanaren ondorioz ekin zion literaturgintzari. Ipuin-bilduma bar argitaratu zuen, 1983an, Panpinen erreinua izenburupean (Hordago Argt.). Ispiluak izeneko ipuin-bilduma 1985ean argitaratu zuen (Hordago Argt.), eta liburu hori bera Elkar argitaletxeak argitaratu zion 1993an. Aipatu bi liburu horiek fantasiazko literaturan oinarrituta zeuden, noizean behin esperimentu gisako era narratiboak sartzen bazituen ere. Idazlearen lehen eleberria, ordea, errealista zen eta 1991n argitaratu zuen Etorriko haiz nirekin? izenburupean. Eleberri horrek mami politikoa zuen, ETA erakundea, hain zuzen ere. Bi protagonista nagusi zituen: unibertsitateko irakasle bat, gutun bidez heriotzamehatxua jasotzen duena eta, ETAko kide bat, poeta bera, espetxean dagoena. Protagonista nagusiak, unibertsitateko irakasleak, bere buruaz beste egiten du azkenean. Gero, beste ipuin-bilduma bat plazaratu zuen, Bazko arrautzak (Elkar Argt., 1995) narrazio laburrez osatutako beste liburu bat, Ahotsak (Erein Argt., 1996). Horretan ere, Euskal Herriko indarkeriaz jarduten zuen idazleak arazo horren aurrean duen betebeharrekoa adieraziz eta egilearen lehen eleberriari buruzko gogoetak lan horretan sartuz. 2001ean kaleratu zuen bere bigarren eleberria, Ohe bat ozeanoaren erdian (Erein Argt.), hori ere errealismoaren bidetik eta berriro ere ETAren gaia landuz.

Hirigaray, Pantzo (Baigorri, Nafarroa Beherea, 1957). Honako antzezlan hauek idatzi ditu: Otsoa eta bildotsa (Kakotx taldearentzakt, 1992); Pontzio gauxori, tobera herri generoaren barruan, Baigorrin 1997an antzeztua; India Beltzak (XirrixtiMirrixti taldearentzat, 1995); Otto Kristobal, hau ere tobera generokoa, Baigorrin 1997an antzeztua; Beherearta (1998an Donostia Hiria saria irabazitakoa; Ondarea oldarrean –Nafarroa Behereko Irisarrin egiten den Ondarearen Egunak jaialdirako prestatua; eta Lamindegiko laminak, 2000. urtean Donostia Hiria saria irabazitakoa. 2002an, berriro ere Donostia Hiria saria irabazi zuen Garatea izeneko obrarekin; egileak bere gazte-denboran Nafarroa Behereko hiriburuan, Donibane Garaziko Garatea pilotalekuan, larunbat arratsaldeetan ezagutu zituen dantzaldiak azaltzen ditu.

Irigaray Imaz, Jose Anjel (Iruñea, 1942). Olerkiaren arloan, honako liburuak idatzi ditu: Kondairaren ihauterian (Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintziala Argt., 1978), Bizi minaren olerkian (Pamiela Argt., 1986) eta Urdinkara (Pamiela Argt., 1995). Benito Lertxundik, sarritan musika jarri izan die bere poemei, besteak beste: Urak dakarrena, Oi Zuberoa!, Orbaizetako arma olaren kantua eta Bizkaia maite. Era berean, euskararen gizarte normalkuntzari buruzko gogoetaliburuak ere idatzi ditu, esate baterako Euskera eta Nafarroa (bere kabuz 1973an argitaratua) eta Euskara bizitzaren kenkan. Orekaren mintzoa (Pamiela Argt., 1988); baita narrazio laburrez osatutako beste liburu bat ere, Gauerdiko ele galduak (Elkar Argt.).

Landart Urruti, Daniel (Donostiri, Nafarroa Beherea, 1946). Antzezlan egile eta taldeen zuzendari-lanetan nabarmendu da, batez ere. Ildo horretan, Pierre Larzabalen ikasle izana da. Bere antzezlanen artean, hauek aipa ditzakegu: Noiz (1970), Noiz, Hil biziak (1973), Xuri gorriak eta... (1982), Bai ala ez (1983), Ama, eta Nola jin hala joan (1985). Narratibaren arloan, berriz, Aihen ahula argitaratu zuen 1978an, bere haurtzaroaren berri emanez; 1994an, Batita haundia plazaratu zuen eta etsitako aitona baserritar bat protagonista zuen lan horri esker Irungo Hiria saria irabazi zuen euskarazko eleberriaren arloan; gero, 1999an, Anaiaren azken hitzak eleberria eman zuen argitara (Elkarlanean Argt.).

Lasa Alegria, Amaia (Getaria, 1948). Poemak idazteari ekin zion 1718 urte zituela. Elkarlanean bere anaia Mikelekin 1971n idatzitako Poema bilduma (Irakur saila) argitaratu zuen. Estreinakoz bakarka idatzitako olerki liburua Hitz nahastuak (Zugaza Argt., 1979) izan zen. Era berean, Nere paradisuetan (Ediciones Vascas, 1979) argitaratu du eta Malintxearen gerizpean (Pamiela Argt., 1988), zortzi narrazio laburrez eta bi poemaz osatua, guztiak ere Nikaraguan giroturik. Gero, 2000. urtean, Euskal Herriko Unibertsitateak bere olerki lan osoa argitaratu, euskaraz eta gaztelaniaz, Geroaren aurpegia-El rostro del futuro izenburupean.

Lizarralde Larraza, Pello (Zumarraga, 1956). Honako narratibazko liburu hauen egilea da: E pericoloso sporgersi (Pamiela Argt., 1984), Hatza mapa gainean (Pamiela Argt., 1988), Sargori (Pamiela Argt., 1994) eta Un ange passe (Isilaldietan) (Erein Argt., 1998, narrazio laburren bilduma). Egile honek ez du argitaratzeko presarik erakusten; kritikoek diotenez, estilo birtuosoa du.

Lopez Gereño Arrarte, Xabier «Xabier Gereño»'. Bere lehen liburua Arantza artean eleberria izan zen (Itxaropena Argt., 1969). Geroztik, dozenaka kontakizun eta antzezlan idatzi ditu, guztiak ere erraz ulertzeko moduko hizkeran, euskara ikasleek ere irakurtzeko aukera izan zezaten. Narrazio poliziakoa edo misteriozko literatura du berezitasun. Hala ere, pertsonaia historikoen biografiak ere idatzi izan ditu, Napoleon, Mahoma eta Zumalakarregi jeneralaren biografiak, esaterako. 1976az geroztik, bera izan da bere lan gehienen argitaratzailea. Hain zuzen, 2000. urtean argitaratu zuen bere antzezlan-bildumako 29. alea.

Luku, Antton (San Frantzisko, Estatu Batuak, 1959). Ezkonduko ditugu liburua plazaratu zuen, 1995ean. Hurrengo urtean, Baionako burgesiaren kritika zorrotza Tu quoque filii antzezlana Kutxak argitaratu zion eta, lan horri esker, Donostia Hiria literatur lehiaketa irabazi zuen. Hurrengo urtean ere sari beraren jabe egin zen Antso Azkarra edo Miramamolinen esmeralda lanari esker, eta hori ere aipatu aurrezki kutxa gipuzkoarrak argitaratu zion. Lurra antzezlana estreinatu zuen, 2002an Hiru Punttu taldearen bitartez. Lan horrek bost gizon-emakumeren topaketa kontatzen du; Iruñeko jaiak nola igaro dituzten elkarri kontatzeko asmoz elkartzen dira baina bilera horren ondorioz, elkarren arteko adiskidetasuna apurtzen da.

Olaizola Lazkano, Jesus Maria, «Txiliku» (Zarautz, 1951). Haur eta gazteen literaturaren barruan hamar liburu baino gehiago idatzi ditu. Herri literaturaren arlo desberdinak jorratu ditu, hala nola, asmakizunak, abestiak, aho-korapiloak, errefrauak eta esaera zaharrak; eta, 1994an, hain zuzen, Koldo Mitxelena saria eskuratu zuen asmakizunei buruzko liburuari esker. Helduentzako ipuin liburua idatzi zuen, 1999an, lau ipuinez osatua, Hontzaren orduak (Elkarlanean Argt.) izenburupean. Lauek ere ezaugarri bera dute, naturak, telurikoa den guztiak, abereek eta ehizak erakarritako pertsonaiak dira. 2000. urtean, herri literaturako aldaera horiek guztiak biltzen zituen bilduma argitaratu zuen, haurrei zuzendua, Axa mixa zilarra izenburupean (Elkarlanean Argt.). Lizardi saria irabazi zuen 1986an, Zazpi gelako hodeietako etxea gazteentzako narratiba liburuarekin eta 1995eko Tene Mujika saria ere bai helduentzako ipuin liburuarekin. 2000. urtean informaziozko artikuluez eta era guztietako gaiei buruzko narrazio laburrez osatutako bilduma argitaratu zuen, 101 gau izenekoa (Elkarlanean Argt.). Teorian 101 gautan idatzitako liburu honek agerian utzi zuen idazlearen jakituria entziklopedikoa.

Osoro Igartua, Jasone (Elgoibar, 1971). 1998an Elkarlanean argitaletxean plazaratu zuen Tentazioak izeneko kontakizun-liburua. Bertan, gizon eta emakumeen arteko harremanak hartu zituen gai nagusitzat, sexu gauzak sarritan jorratuz. Liburu horri esker, Zazpi Kale saria eskuratu zuen Bilboko Liburu Azokan, gehien saldutako euskal liburua izan baitzen. Akzesit saria lortu zuen, 1999an, Beasaingo Udalak eta CAF enpresak egile berriak sustatzeko xedez sorturiko Igartza Bekan. Beka lortzeko bide izan zen liburua Korapiloak izenburupean argitaratu zen (Elkar Argt., 2001). Zazpi narrazio laburrez eta beste hainbeste poemez osatuta dago, horietako bakoitzak hurrengoaren kontakizunaren berri ematen duelarik. Liburu horrek bere argitalpen urtean izandako salmenta kopuruari esker, Zilarrezko Euskadi saria jaso zuen, liburudenden elkarteak sortutako saria.

Otamendi Etxabe, Jose Luis (Azpeitia, 1959). Olerkia idatziz hasi zen eta, hain zuzen ere, 1999 arte itxaron zuen prosazko lehen liburua argitaratzeko, Euri kontuak (Susa Argt.) izeneko kontakizun-liburua. Olerkigintzari dagokionez, aldiz, hauek plazaratu ditu: Egunsenti biluzia (Ustela Argt., 1980), Azken undinaren kaira (Ustela Argt., 1983), Zainetan murrailak (Susa Argt., 1987), Poza eta gero (1990), Lur bat zure minari (1995) eta Bakarrik bahago munduan antologia (Pamiela Argt., 1998). Bide Ertzean taldeak sarritan jarri die musika idazle honen poemei.

Peillen Karrikaburu Txomin (Paris, 1932). Jon Miranderen laguna izaki, Igela izeneko aldizkari heterodoxoa, euskarazkoa, sortu zuen berarekin. Bere lehen liburua Gauaz ibiltzen dana (Itxaropena Argt., 1967) eleberria izan zen, hiru urte lehenago Txomin Agirre saria irabazitakoa. Polizia-nobela klasikoen antzekoa da. Beste eleberri hauek bere-bereak dira: Itzal gorria (Itxaropena Argt., 1972 eta Hiria Argt., 2000, hain zuzen 1966an Txomin Agirre saria irabazitakoa); Gatu beltza (Gero Argt., 1973); Aintza txerriari (Elkar Argt., 1986); eta Kristina Bolsward (BBK Argt., 1991, hain zuzen 1989an Txomin Agirre saria irabazitakoa). Gero, 2001ean, Ale gorriak (Hiria Argt.) izeneko lana argitaratu zuen, 1960tik 1998ra bitartean idatzitako ipuin-bilduma. Peillenek, halaber, dozenaka liburu idatzi ditu haur eta gazteentzat. Era berean, etnologiaren alorrean egindako lanetan ere nabarmendu da.

Perurena Loyarte, Patziku (Goizueta, 1959). Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintzialak Joanes d‘Iraolaren olerki bilduma argitaratu zion 1995ean, Irungo Udalak sortutako Irungo Hiria saria lortutakoa. Beste olerki sail hauek ere idatzi ditu: Emily (Elkar Argt.) eta Apaiz gaztearen kantutegi zaharra (Pamiela Argt.). Baina, horretaz gain, entseguaren arloan ere nabarmendu da, besteak beste honako lan hauekin: Apo tipiaren burutazioak (Erein), Koloreak euskal usarioan (Erein), Euskarak sorgindutako numeroak (Kutxa) eta Marasmus femeninus (Elkar). Berak idatzitako prentsa artikuluak hainbat liburutan bildu dira, Zurian zirika eta Leitzako errege-erreginak esate baterako.

Rozas Elizalde Ixiar (Lasarte-Oria, 1972). Edo zu edo ni eleberria 2000. urtean idatzi zuen (Erein Argt.), protagonista nagusitzat 58 urteko emakume bat, Graziana, harturik. Urte horretan bertan Ernestina de Champourcin olerkisaria irabazi zuen Patio bat bi itsasoen artean liburuarekin; eta Donostia Hiria saria, ipuinen arloan, Korronteak izeneko kontakizunarekin. Ipuin horretan, Cabo Verdeko mutil baten bidaia kontatzen du, Afrikatik irten eta Parisen bizi den bere aitaren bila trenez egiten duen bidaia. 2001ean Sartu, korrontea dabil (Erein Argt.) argitaratu zuen, hamaika kontakizun nahiko laburrez osatua; kontakizun horiek elkarren artean lotuta daude, irakurleari puzzle antzeko zerbait osatzeko aukera emanez.

Sagastizabal Errazu, Joxean (Eibar, 1956). 1994an Kutsidazu bidea, Ixabel (Alberdania Argt.), argitaratu zuen, sekulako arrakasta lortuz. Uda partean euskara hobetzeko asmoz baserri batera joaten den ikaslearen gorabeherak kontatzen ditu umorez ederrean. Liburu horri hamabi argitaralditik gora egin zaizkio, euskarazko literaturan ordura arte izandako marka guztiak hautsiz. Salduta zeuden 2001erako 40.000 aletik gora. Hona egile honen beste hainbat liburu: Jolasean eleberria, Hordago Argt., 1983, Café Iruña saria jaso eta Elkar argitaletxeak 1987an berrargitaratua; Zerura igotzeko ipuinak (Susa Argt., 1986); Paixibo eleberria (Elkar Argt., 1987); Inguratuta gatxeuden (Baroja Argt., 1989); Zorotariko euskal hiztegia umorezko hiztegia (Alberdania Argt., 1996); Gerturik daukagu odola umorezko eleberria (Pamiela Argt., 1999). Azken horretan, euskara, odola eta banpiroak lotzen ditu itxurarik gabeko historia batean.

San Martin Ortiz de Zarate, Juan (Eibar, 1922). Bere lehen liburua Juan Antonio Mogel. Bere bizitza ta lanak (1959) izeneko biografia izan zen, Eibarren berak antolatutako omenaldi baten ondorioz idatzia. Gero, umorezko pasadizoez osatutako bi liburu idatzi zituen, bere jaioterriaren ingurua oinarritzat harturik: Zirikadak (1960) eta Eztenkadak (1965). 1969an eta 1971n, euskaraz idatzitako bi literatur antologia kaleratu zituen, bat olerkari gazteena (Uhin berri) eta bigarrena, berriz, prosagile garaikideena (Hegatsez). Beranduago, honako liburu hauek argitaratu zituen: Gogoz, egunkarietako artikulu-bilduma (1978); Literaturaren inguruan (1980); Bidez, egunkarietako artikulu-bilduma (1980); Erromanikoa Euskal Herrian biografia (1980); Landuz, egunkarietako artikulu-bilduma (1983); Jose Manterola (1985); Antzinako Eibar garai bateko Eibarri buruz (1993); Dichos y hechos-Esanak eta eginak (1994). Bere olerkigintza osoa, Giro gori-Tiempo ardiente (Euskal Herriko Unibertsitatea, 1998) izeneko bilduman jasota dago.

Ugalde Orradre, Martin (Andoain, 1921). Lehen-lehenik gaztelaniaz idatzi zituen bere ipuinak, Venezuelan bizi izan zen urteetan, eta genero horixe izan da, hain zuzen, etekinik hoberenak eman dizkiona: Un real de sueño sobre un andamio, 1955, El Nacional egunkariak narratiba laburraren alorrean emandako saria irabazitakoa, eta La semilla vieja (1958), urte askoren buruan Cuentos de inmigrantes (Ediciones Vascas, 1979) izenburupean berriro argitaratu zena. Ondoren, honako ipuin liburu hauek etorri ziren: Iltzalleak (1961), euskaraz estreinakoz argitaratzen zuen lana, 1936-39ko gerrate zibilean eta ondorengo erresistentzian oinarritua, Las manos grandes de la niebla (1964), Sorgiñaren urrea haur literatura (1966), Itsasoa ur bazter luzea da (1973), Dionisio Amundarainek itzulitako ipuinak, Tres relatos vascos (1974), Mantal urdina (1984) Irungo Hiria lortutakoa, Hiltzaileak (1985) izenburu bereko liburua euskara batuan ipinia eta Bihotza golkoan ipuinak (1990). Hainbat eleberri ere idatzi du: Las brujas de Sorjin (1975), Itzulera baten historia (1990) Eusko Jaurlaritzaren Jon Mirande saria irabazitakoa; Pedrotxo Euskaltzaindia-BBKren Txomin Agirre saria 1993an irabazi eta Elkarlanean argitaletxeak 1995ean argitaratua; Erretiradako trena (Erein, 1997) eta Mohamed eta parroko gorria (Elkarlanean Argt., 2000). Horiez gain, honako liburu hauek ere idatzi ditu: Unamuno y el vascuence: contraensayo entsegua (Ekin Argt., 1963); Cuando los peces mueren de sed erreportajeak (1963); eta elkarrizketa-liburu hauek: Hablando con los vascos (Ariel Argt., 1974) eta Hablando con Chillida (Txertoa Argt., 1975).

Velez de Mendizabal Azkarraga, Josemari (Aramaio, 1949). Literaturagile eta euskarako itzultzaile den Iokin Zaitegi eta Sebero Altube hizkuntzalariaren biografiak argitaratu ditu. Era berean, honako liburu hauek ere idatzi ditu: Sixties (1960) hamarkadari buruzko kronika pertsonalak (Elkar, 1990); Yehuda espioitza-nobela (Elkar, 1992); Moskuko gereziak espioitza-nobela (Elkar, 1996); Nire haurtzaroko Arrasate bere haurtzaroko herriari buruzkoa, (Arrasateko UdalaKutxa, 1996); Gerardo López de Guereñu biografia (Eusko Ikaskuntza, 1996); Gaizka Barandiaran biografia (Arrasateko Udala, 1997); eta Samurai berria eleberria (Elkarlanean, 1998).

Zabala Bengoetxea, Pello (Amezketa, 1943). Arantzazuko fraide frantziskotarra. Naturaren mintzoa (Alberdania Argt.) 1999an kaleratu zuen, klimari eta naturari buruzko herri jakituria eta azterketa zientifikoak jasotzen dituen lan oparoa. Liburu hori egunkari handi baten gisan egituratua dago, egun bakoitzari artikulu bat eskainiz. Zabala, hein batean behintzat, egutegi zelta tradizionalean oinarritua da bere lan hau egiteko, naturari estu lotua baitago.

Zabaleta Zabaleta, Patxi (Leitza, 1947). Abokatu eta politikari bezala ezagunagoa bada ere, 70ko hamarkadan bi olerkiliburu argitaratu zituen: Zorion baten zainak (1972) eta Ezten gorriak (1975). Garai hartan, Gorka Trintxerpe ezizena erabiltzen zuen. Garai hartakoa da, era berean, bere Euskomunia ala zoroastroren artalde! ipuinliburua (1977); askoz geroago, 1995ean, Txalaparta argitaletxeak berriro argitaratu zion liburua. Bere lehen hiru eleberriak hauek izan ziren: Ukoreka, 1994; Badena dena da, 1995; Arian ari, 1996), guztiak ere Txalapartak argitaratuak. Trilogia bat osatzen dute, Nafarroako jende xumearen XX. mendearen lehen erdiko historia islatuz.

Zaldua Gonzalez, Iban (Donostia, 1966). helduentzako ipuin-bilduma bat 1999an argitaratu zuen: Ipuin euskaldunak (Erein Argt.), tartean Gerardo Markuletaren ironiaz eta umorez jositako kontakizunak sartuz. Gezurrak, gezurrak, gezurrak ipuin-bilduma (Erein erg.) 2000n eman zuen argitara, ipuin guztien oinarritzat gezurra harturik; hurrengo urtean kaleratu zuen Traizioak (Erein Argt.), hori ere ipuin-bilduma. Berriro ere, 2001ean, beste ipuin-bilduma bat kaleratu zuen, baina oraingoan gaztelaniaz, La isla de los antropólogos (Lengua de Trapo Argt.).

Zapirain Ezeiza, Salvador «Ataño» (Errenteria, 1913-Iruñea, 2000). Fraide kaputxino honek 1979an argitaratu zuen bere lehen liburua, Txantxangorri kantaria izeneko eleberria, bere aitaren, Jose Zapirain bertsolariaren bizitza kontatuz. Gero, 1981ean, Txori kaleratu zuen, baserri munduan girotutako polizianobela. Bere azken kontakizunak, hauek izan ziren: Nora goaz? –baserriaren etorkizunari buruzkoa; Lotsaren iges –neska gazte baten zorigaitzari buruzkoa– eta Askatasunbilla abenturak. Euskal idazlerik oparoenetako bat izan zen eta bere lanak Auspoa bilduman argitaratu zituen beti. Atañok bertsoak ere idatzi zituen; izan ere, Jose eta Juan Krutz Zapirain anaien odolekoa baitzen, baten semea eta bestearen iloba. Lehenik San Frantzisko Asiskoaren bizitza idatzi zuen bertsotan eta gero Jesu Kristorena, azken horri 2.000 bertsotik gora eskainiz. Lan itzel hori Auspoa sailean argitaratu zen 2001ean, Jesusen bizia izenburupean.

Zubikarai Bedialauneta, Agustin (Ondarroa, 1914). Guztira 50 liburu inguru argitaratu ditu genero gehienak jorratuz: historia, biografia, autobiografia, eleberria, antzerkia, herri jakituria eta abar. Batez ere, antzertigile gisa nabarmendu izan da. Hain zuzen ere, bere lehen antzezlana 21 urterekin argitaratu zuen Euzkadi egunkarian, eta azkenekoa 1992an, Egan aldizkarian. Haur, gazte eta helduei zuzendutako antzertia idatzi du, sarritan umore ugari eta elkarrizketa biziak sartuz. Erlijio gaietan, dramaren bat ere idatzi izan du. Antzerti zuzendaria ere izan zen 60ko hamarkadan zehar, Kresala taldearen inguruan Ondarroako 70 bat pertsona biltzea lortu zuelarik. Hona hemen bere antzertietako batzuk: Seaska inguruan (1957), Jaunaren bidetan (1958), Kresaletan –Txomin Agirre idazlearen omenez idatzia–, Iru alaba (1963), Mariñelak (1964), Lurrunpean (1967), Mendi ta itxaso (1983), Eskola maixua (1984), Artea´ko itsua (1987). Dena den, 1965etik aurrera hamar bat eleberri argitaratu zituen, azkenekoa 1991ean, Batzuk aipatzekotan: Pinuetako madalenak (1965), Bale denporak (1978), Anton Guzurretxe (1979), Laiñoak Mundakan (1980), Bizitzako urratsak (1981), Garratz eta gordin (1985) eta Itxastarrak (1985).

Azken garaietako idazle nagusiak haur eta gazteen literaturan[aldatu]

Añorga Lopez, Pello (Oiartzun, 1956). Alde batetik ipuin kontalaria da; zenbaitetan, gainera, Jokin Mitxelena marrazkilariarekin batera jarduten du Euskal Herrian hain berria den esperientzia horretan. Bestalde, Eskoriatzako Irakasle Eskolako Haur Literaturako Mintegiaren sortzaileetako bat da. Batez ere haurrentzako ipuinak idatzi baditu ere, olerkiak ere kaleratu ditu, gehienbat haurrei zuzenduak. Liburu bitxi bat idatzi zuen 1999an, olerkiak eta aforismoak nahasiz, Jokin Mitxelena marrazkilari oiartzuarrarekin elkarlanean. Lan hori beraien kontura argitaratu zuten. Hona beste hainbat argitalpen: Hola hala behin (Erein Argt., 1983); Tio Xentimo (Erein Argt., 1984); Pottoko (Elkar Argt., 1984); Pottokoren usainak (Elkar Argt., 1985); O Babarruntxo elektrikoa (Elkar Argt., 1988); Lientzo txuria (Elkar Argt., 1991); Arrain gorria (Pamiela Argt., 1996); JiranBiran (Aizkorri Argt., 1998); Pottokoren otsoa (Elkar, 2000).

Aristi Urtuzaga, Pako (Urrestilla, 1963). Helduentzako literaturan arrakastaz jardun ondoren, 80ko hamarkadaren erdialdera haurrentzako literatura idazteari ekin zion, besteak beste: Martinellok ez du kukurik entzuten (Erein Argt., 1985), Hamasei paisa eta paralitiko bat (Erein Argt., 1988), Azken lamiaren bila (Erein Argt., 1991) eta Benetako lagunen aterbea (Ibaizabal Argt., 1998). Aristik gazte-jendearentzako idazten dituen liburuetan, normalean haur talde bat izaten da protagonista nagusia.

Atxaga, Bernardo (Asteasu, 1951). Jose Irazu Garmendia du benetako izena. Euskarazko haur literaturaren historia aztertu duen Xabier Etxanizen esanetan, Atxagak 80ko hamarkadaren hasieran idatzitako Chuck Aranberri dentista baten etxean liburua har daiteke alor horretako literatura garaikidearen abiapuntutzat. Baina, izendapen hori partekatuz, hor daude Tristeak kontsolatzeko makina (Anjel Lertxundi, 1981) eta Txan fantasma (Mariasun Landa, 1984). Atxagak sari nagusi asko eskuratu izan ditu: Lizardi (1983), Sugeak txoriari begiratzen dionean liburuari esker; IBBYeko Ohorezko Zerrenda 1994an, Behi euskaldun baten memoriak; eta Euskadi saria, 1996an, Xola eta basurdeak lanarekin. Haur eta gazteentzako idatzi dituen liburuen artean, hauek aipa daitezke, besteak beste: Txitoen istorioa (Erein Argt., 1984); Asto bat hypodromoan (Erein Argt., 1984); eta Sara izeneko gizona (Pamiela Argt., 1996). Gero, 1998an liburu sail bati ekin zion, Banbulo txakurra protagonista gisa harturik.

Genua Espinosa, Enkarni. (Donostia, 1942). Txotxongilo izeneko marionetamuntaketa eratu zuen Donostian, 1971n, bere senar Manolo Gomezekin batera. Baina, haurrentzako liburuak ere argitaratu ditu, esate baterako, Erreka Mari (Erein Argt., 1979), Zezena plazan (Erein Argt., 1981), Altxor bat patrikan (Erein Argt., 1987), Itsasminez (Erein Argt., 1990) eta Galtzagorriak (Erein Argt., 1995).

Igerabide Sarasola, Juan Kruz (Aduna, 1956). Haurrentzat olerkia euskaraz idatzi dutenen aitzindarietako bat da bera. Alor horretan, honako lan hauek argitaratu ditu: Begi niniaren poemak (Erein, 1992) –gaztelaniara itzuli eta Espainiako Sariketa Nazionalean finalista geratua; Egun osorako poemak (Pamiela, 1993); Haur korapiloak (Pamiela, 1997), eta Botoi bat bezalaComo un botón (AnayaHaritza (1999), bi hizkunztetan idaztitako olertiez osatua, itzulpenaz egilea bera arduraturik. Botoi bat bezala liburuko piezek, esate baterako, haiku japoniarraren egitura dute: hiru lerro eta hamazazpi silaba guztira –une bat harrapatu nahi izaten dute haikuek. Euskal olertien antologia ere egin du: Gure poesia (AnayaHaritza Argt., 1997). Era berean, haurrentzako dozena bat ipuinetik gora argitaratu ditu eta horietako batek, Jonas eta hozkailu beldurtia, (Aizkorri Argt., 1998), Haur Literaturako Euskadi saria irabazi zuen 1999an. Bestalde, gazteentzako kontakizunak ere idatzi izan ditu, besteak beste, Abraham (Erein, 1998), Helena eta arrastiria (Elkarlanean, 1999), Hamabi galdera pianoari (Alberdania, 1999) eta Begi argi horiek (Aizkorri, 2000). Halaber, haur literaturari buruzko saiakera bat ere eman du argitara: Bularretik mintzora (Erein Argt., 1993).

Iturralde Uria, Joxemari (Tolosa, 1951). Helduentzako idatzi dituen kontakizunak alde batera utzita, haur eta gazteentzako liburu ugari idatzi du, horietako askotan Risky izeneko pertsonaia azaltzen delarik. Haur eta gazteentzako historiak idazterakoan, bere haurtzaroko esperientzietan oinarritu izan da. Historia horietako protagonistak mutiko-talde bateko kideak izaten dira gehienetan. 2001ean, saga horri amaiera emanez, Risky, zaude geldirik (Erein Argt.) plazaratu zuen. Berak idatzitakoak dira, halaber: Zikoinen kabian sartuko naiz (Pamiela Argt., 1986); Ijitoak dauzkat nire etxean (Pamiela Argt., 1988); Lau bizikleta urrutira joateko (Erein Argt., 1994); eta Espaloiak biltzen (Aizkorri Argt., 1998).

Landa Etxebeste, Mariasun (Errenteria, 1949). Literatur genero honen berritzaile nagusietako bat da. Bernardo Atxagaren ondoren, bera da gehien itzulitako euskal idazlea. Bere lehen ipuinak, Amets uhinak eta Kaskarintxo, 1982an argitaratu zituen Elkar argitaletxean. Bi urte beranduago etorriko zen bere kontakizunik ezagunenetako bat: Txan fantasma. Honako liburu hauek ere oso itzuliak izan dira: Errusika (Elkar, 1988), Iholdi (Erein, 1988), Kleta bizikleta (Elkar, 1990) eta Maria eta aterkia (Elkar, 1988). Era berean, beste hauek ere argitaratu ditu: Elixabete lehoi domatzailea (Elkar, 1983), Aitonaren txalupan (Elkar, 1988), Nire eskua zurean (Erein, 1995) eta Amona, zure Iholdi (Erein, 2000). Egileak berak espreski hala aginduta, liburu gehienak Asun Balzolak ilustratu dizkio. Landa, estereotipo matxista tradizionalei buelta ematen saiatu izan da beti. Christine Nöstlinger idazlearekin gertatzen den moduan, Landaren liburuak ere errealismo kritikoa izeneko korronte horretan sar daitezke. Beste hainbat sari eskuratu baditu ere, Tolosako Udalak antolatzen duen Antonio Maria Labaien saria lortu du 2002an, narratibaren arloan, Krokodiloa ohe azpian lanari esker.

Lertxundi Esnal Anjel (Orio, 1948). Bere Tristeak kontsolatzeko makina (Erein Argt.,1981) euskarazko haur-literaturaren eguneratze prozesuan aitzindaritzat hartzen da. Fantasiazko errealismoaren barruan sar dezakegun ipuin hori gaztelaniaz argitaratu zen gerora, La máquina de la felicidad izenburupean (Alborada Argt., 1988). Era berean aipagarriak dira: Portzelanazko irudiak (Erein, 1981) Iñaki Aldai ezizenaz argitaratua; Maria Goikoarenak saileko hiru aleak eta Maria Goikoarenak eta bi saileko lau aleak (Erein Argt., 1981etik 1985era bitartean), haur-folkloreko material ugari adieraziz idatziak. Era berean, tradiziozko literaturaz baliatu zen Peru eta Marixe, mila eta bat komerixe liburuan (Erein, 1993). Bertan, ahozko literaturatik eta europar tradizio zabalago batetik ekarritako ipuinak eta pasadizoak kontatzen zizkien neskamutikoei, uneoro umorea erabiliz. Ondorengo hauek ere, arrakastaiturri izan ziren Lertxundirentzat: Madame KontxesiUribe, Brigada&Detektibe saileko sei aleak, polizia eta umore literaturakoak, adin ertaineko gazteentzako idatziak eta Erein argitaletxeak 1986tik 1990era argitaratuak. Gero, 90ko hamarkadaren azken aldera, gazteei zuzendutako sail berri bat hasi zuen, Maxe izenburupean, izen horixe baitu protagonista nagusia den neskatoak.

Minaberry, Marie Jeanne, «Andereño» (Banka, Nafarroa Beherea, 1926). Batez ere haurrentzako olerkietan nabarmendu izan da; gero, poema horiek abesti bilakatu dira sarritan. Benetako aitzindaria izan da zentzu horretan; izan ere, 60ko hamarkadaren hasieran hasi zen bere olertiak Ikus, entzun, ikas aldizkarian argitaratzen eta, 1965an, Ikas elkarteak idazle honen poemak bildu eta Xoria kantari izeneko liburuan argitaratu zituen. Dena den, Mari Jeanneren literatur lanak ia guztiz ezezagunak ziren Hego Euskal Herrian, hari keta, Bilboko Oskorri musika taldeak 90eko hamarkadaren bukaera aldera idazle horren testuez soilik osatutako diskoa plazaratu zuen arte: Marijane kanta zan. Bestalde, 90eko hamarkadan, Euskal Idazleen Elkarteko ohorezko lehendakari izendatu zuten.

Ormazabal Berasategi, Joxantonio (Zegama, 1948). Bakarka idatzitako lehen liburua 1981ean argitaratu zuen, sekulako arrakasta lortuz: Pernando Amezketarra (Elkar Argt.). Ordura arte bertsolari horri buruz ezagutzen ziren historien bilduma zen, euskara batuan idatzia. Urte horretan bertan, txistez eta adierazpen komikoez osatutako beste liburu bat argitaratu zuen: Esaera zaharrak eta txiste berriak (Elkar Argt.). Hona hemen idatzi dituen beste liburu batzuk, guztiak ere haurrei zuzenduak: Kaskarintxo ipuina, Mariasun Landarekin batera egina (Elkar Argt., 1982); Margolin, ipuina (Elkar, 1983,); Patxibusa, ipuina (Elkar, 1985); Maripertxenta ipuina (Elkar, 1986); Kittano, ipuina (Elkar, 1988); Saturna, ipuina (Elkar, 1992); Hitzak jostailu, ipuinak, olertiak eta asmakizunak nahasturik (Elkar, 1994); Lazkao Txiki, aipatu bertsolariaren pasadizoez osatua (Elkar Argt., 1995); Miru eta Mara ipuina, Iñaki Zubeldiarekin batera egina (Elkar Argt.,1995); Txoko txiki txukuna asmakizunak, olerkiak eta kontakizun laburren bilduma (Elkar Argt., 1998); Josebiñe ipuina (Elkarlanean Argt., 2000,); Amona bizikletan, ipuina (Elkarlanean Argt., 2001); Bihotza zubi, ipuinak eta olerkiak nahasian (Elkarlanean Argt., 2001,).

Zubizarreta Dorronsoro, Patxi (Ordizia, 1964). Aipatzen ari garen alorrean sari garrantzitsuak eskuratu ditu, esate baterako, Lizardi Saria (1991), Matias Ploffen erabakiak lanarekin; Baporea Saria (1994), 1948ko uda lanarekin; Antonio Maria Labaien (1995), Eztia eta ozpina lanarekin, eta Euskadi (1997), Gizon izandako mutila lanarekin. Era berean, berarenak dira, besteak beste: Ametsetako mutila (Elkar, 1991), Gutun harrigarri bat (Elkar, 1992), Matias Ploffen erabakiak (Erein, 1992), Emakume sugearen misterioa (Alberdania, 1993), Jentzi (Erein, 1993), 1948ko uda (S.M., 1994), Eztia eta ozpina (Alberdania, 1995), Gizon izandako mutila (Pamiela, 1997), Sekretuen liburua (Alberdania, 1997) eta Atlas sentimentala (Alberdania, 1998), literatur sorkuntzarako Joseba Jaka beka eman ziona. 2001ean Antoine SaintExupéryren Printze txikia izeneko obra ezaguna euskaratu zuen. Liburu hori, Elkarlanean eta Salamandra argitaletxeek argitaratu zioten, biek batera.