Edukira joan

Euskal literatura/Errepublika garaia

Wikibookstik

Euskal poesia europartu eta modernizatzeko ahaleginean, Jose Maria Agirre “Lizardi”k eta Esteban Urkiagak euskal lirika eta, bide batez, euskal literatura berritzeko oinarriak ezarri zituzten. Poeta gazte berritzaileek idazterakoan ororen gainetik literaturaren autonomia eta egilearen testua aldarrikatzen zuten. Eztabaida literarioek modernitateari buruzko eztabaida ezkutatzen zuten azkenean, nazionalismoaren barruan mende amaieratik egin gabea zen eztabaida, alegia.

Lirika postsinbolista

[aldatu]

Bigarren errepublikaren atarian euskal literaturara heldu ziren poeta gazteen jarrera ordura arte euskal literaturak bizi zuen egoerari kontrajarri zitzaizkion.

Euskal poesia europartu eta modernizatzeko ahaleginean, Jose Maria Agirre “Lizardi”k eta Esteban Urkiagak euskal lirika eta, bide batez, euskal literatura berritzeko oinarriak ezarri zituzten.

Modernizatzeko ahalegin horiek gaurkotzeko saialdiekin batera eman ziren nazionalismoa eta, berori ordezkatzen zuen alderdiaren zatiketa baten ostean, Eusko Alderdi Jeltzale batua.

Berrikuntza ideologikoaren joera hori literaturaren alorrean islatu zen; zehazki esateko, lirikan. Poeta gazteek kultur testuingurua eraldatzeko eta eduki tradizionaletatik aldentzeko gogoa agertu zuten, eta Euskal Herriak bizi zuen aldi historiko kontraesanez beterikoa jaso zuen korronte liriko moderno bat sortu nahi izan zuten.

Nolanahi ere, euskal poeta berritzaileak ikuspegi modernista eta sinbolistetara hurbilduko ziren arren, beren ideologia nazionalista zela-eta, ez zuten poesia surrealista jorratu, literatur mugimendu horren joera internazionalistak medio.

Aitzol

[aldatu]

1927an Euskaltzaleak elkartea sortuko da Donostian, Primo de Riveraren Diktadurapean eta nazionalismoa kinka larrian dagoen unean, mugimendu politikoen gabezia kultur ekintzaz ordezkatu nahi zuen kultur elkarte moduan.

Elkartearen bultzatzaile nagusietako bat Jose Aristimuño «Aitzol» (18961936) apaiza izen. Aitzolek 1930ean Euskal Poesiaren Lehen Eguna antolatu zuen, berrikuntza poetikoren mugarri, eta Lore Jokoetako mintzaira nahiz euskal lirikan nagusi zen posterromantizismoa baztertu ziren.

Euskal literaturaren inguruan askotariko lehiaketak, bai Poesia Eguna, bai Antzerkiarena, bai Bertsolaritzaren Eguna… antolatzeaz gain, Aitzolek teoria poetiko bat moldatu zuen; bere iritziz, euskal poesiak jarraitu beharko zukeena, funtsezkoa helburu bat lortzeko: nazio kontzientziaren abangoardia izatea eta poesia nazional bat sortzea; hala, haren inguruan nazionalismoaren asmo sezesionistak bildu ziren. Hitz batez, Aitzolek uste zuen poesia nazional batek bere baitan euskaldunen izaera berezia jaso, eta euskararen biziraupena bermatuko zuela.

Poesia nazional bati buruzko ideia horiek gorabehera –ezinbestez epikoa izango zena, baliatu zituen ereduen arabera: Lönnroten Kalevala, Mistralen Mireio–, Aitzolek garai hartan egiten zen poesia lirikoa ere sustatu zuen.

Izan ere, bere bizitzan zehar Aitzol literaturaz kanpoko helburu hori lortzeko landu beharreko poesia motari buruz iritzia aldatuz joan zen.

Nolanahi ere, poesia horrek biztanleriaren gehiengoaren onetsia izan behar zuen, eta hizkuntza samurrekoa, eta baldintza horrek lirika berriaren izaera elitistarekin topo egin zuen. Horregatik, Aitzolek lirika herrikoi eta tradizionalarenganako hurbilketa proposatzen zuen, bai berak lehenesten zuen poesia narratiboarentzat, bai bere nahietara nekezago makurtzen zen lirikarentzat. Dena den, Aitzolek ondorengo lirikaren garapenean funtsezko eragina izan zuen.

Literatur eztabaidak

[aldatu]

Lirika berriak bere lanik onenak eman zituen arte, bere xede eta teoriak kexu erromantikora ohitutako literatur gizarte batean proiektuak aurkeztu eta landu behar izan zituen, euskal literaturaren berrikuntzan eraginik izango zuten auzi nagusiak argitzeko eztabaida batean.

1930 eta 1931an Lauaxetak eta Lizardik, hurrenez hurren, Poesia Egunaren Lehen Saria irabazi zutenean, euskal giro poetikoan hiru korronte nagusi nabarmentzen ziren:

  • Zaharkituena, poesia erromantiko, ulergarri eta irakurleen nahiei egokiturikoa proposatzen zuena.
  • Novecentokoen ildotik zihoan poesia klasikoarena, azkenean eite neoklasikoko poesia epiko bat sustatuko zuena.
  • Korronte modernista, gazte eta berritzaileena.

Zahar eta modernoen arteko tirabira berpiztu hori ulergarritasunaren inguruan garatu zen. Aurkakoek poesia elitista eta zaila zela zioten. Finean, literaturak bere jatorrizko funtzio filologikoa berreskuratzea nahi zuten.

Poeta gazte berritzaileek ororen gainetik, literaturaren autonomia aldarrikatzen zuten eta, ondorioz, testua idazterakoan baita egilearena ere. Literatur eztabaidek, azken batean, modernitateari buruzko eztabaida –nazionalismoaren barruan mende amaieratik egin gabea zena– ezkutatzen zuten.

Behin literaturaren autonomia aldarrikatu ondoren, poeta sinbolistek beren jarduera poetikorako hizkera berri bat ere aldarrika zezaketen. Alabaina, 1934an, Aitzolek, lirika modu horrek jarraitzaile gutxi zuela argudiatuz –300 aleko salmentak ziren–, eta poesiari gordea zion xedea lortzeko ez zela baliagarria gertatuko ondorioztatu zuelarik, lirikari kritika zorrotza egin zion, hizkuntza normalizatu baterako baldintzak sortzeko gauza ez zelako. Aitzolek poesia tradizionalera eta poesia narratibora hurbiltzea proposatu zuen. Ordurako Lizardi hila zen, eta Lauaxeta poesia tradizionalaren ildoari lotu zitzaion, baina ez zituen poesia narratiboaren baldintzak onartu.

Ibon Sarasolarekin batera esan dezakegu poeta sinbolistek «mundu poetiko bat eta hizkera berezi bat sortzeko gai izan zirela; beraz, poesia erabat jaso eta bertsolaritzatik bereizitakoa sortzea lortu zuten» (1976). Hau da, beste poesia bat sortu zuten, Europako poesia modernoaren irizpide idealistak bere egin zituena.

Poeta sinbolistek oinarrizko ideia batzuen inguruan eraiki zuten beren obra:

Lehenengo printzipioa existitzen denaren idealizazioa da, horrela erreala denaren esentzia araztu ahal izateko. Artea, lirika, ezagutzeko modu bat bihurtzen da, zientziak eman ezin izan duen munduaren azalpen bat eskainiz.

Bigarrenik, poesia analogiko, sentikor eta aristokratiko bat hautatu zuten, ikasbide krausistei jarraiki, gizartea berritu ahal izateko, horretako poesia tradizionalaren hainbat baliabide erabili zituztelarik.

Poeta gazte horiek batez ere «gizakia errealizatzea» nahi zuten, eta horregatik parte hartu zuten beren garaiko politikan. Olerkari horien poesiaren gai nagusiak, ordea, heriotzaren aurreko larritasuna eta badoan denboraren aurreko kezka metafisikoa dira. Poesia heriotzaren existentziak berea duen galderari erantzuteko modu bat da.

Xabier Lizardi

[aldatu]

Jose Maria Agirre «Xabier Lizardi» goitizena erabiltzen zuen olerkaria, mugimendu poetiko horren egilerik behinena da. Zarautzen jaio zen, 1896an. Tolosan enpresa bateko gerente –herri horretan hil zen–, EAJren eskualde mailako batzordeko kide izan zen. Olerkariaren obra poetiko laburra liburu batean jasota dago, Biotz begietan (1932).

«Lizardiren obrak liburuaren izenburuan adierazten den teoria du abiapuntu».

«Gomendatuko nizuke, ene lagun hori, zugan oro bihotz eta begi egin dadin, eta buruari osagaiak batu eta bideratzea beste lanik eman ez diezaiozun» [Aconsejaría, amigo mío, que se haga usted todo corazón y ojos, y que apenas deje a la cabeza aquel cuidado de dar unidad y encauce a los elementos aportados] (Lizardi, 1930). Esaldi horretan Lizardik poesiaren funtzioari buruz duen ikuspegia azaltzen da, eta Juan Ramonen eta modernista espainiarrekiko gertutasuna nabari zaio.

Lizardiren poesia buruaren eta begien, mundu subjektibo eta mundu objektiboaren uztartzetik jaiotzen da, eta horri dagokionez Ortegaren filosofiari lotzen zaio; izan ere, XIX. mendeko dikotomia nagusia, objektibismo eta subjektibismo, materia eta espiritu, baruuko munduaren eta kanpoko munduaren artekoa uztartzeko bide bat proposatzen du, artearena. Artea, kasu honetan poesia, egiazko errealitatea bilakatzen da, kanpoko munduko objektuen (begiak) eta barne-munduaren egoeraren –bihotzaren– arteko sintesia.

Poesia horren eta sinbolismoaren arteko lotura hor dago. Poesiak bi errealitateren arteko bitarteko izatearen misioa gorde du beretzat. Poesiak, bada, mundu materialetik espirituaren mundura eramango gintuzke.

Horregatik deitzen zaio Lizardiri, kasik liburua argitaratu bezain laster, «izadiaren poeta» eta poeta «inpresionista», bere senaren abiapuntu eta oinarria izadiaren ikuspegi gogoetatsua delako, hortik abiatuta aztertuko dituelarik barne-egoerak. Ez da ahaztu behar Lizardirengan izadia beti, asmo batekin, xede batekin deskribatzen dela: hain justu, heriotzaren aurreko larritasuna agertzea. Izadia heriotzaren aurreko larritasuna estaltzen duen metafora baino ez da. Karlos Otegik (1991) berriki egindako tesiak hipotesi hori, Lizardiren obra interpretatzeko modu hori, indartu du.

Poesia sinbolistaren oinarrizko ezaugarriak: heriotzaren aurreko larritasuna, poemaren musikari arreta handia eskaintzea eta zeharkako mintzaera, hau da, izendatu nahi denaren sinboloen bidez, Lizardiren poesiari, aliterazio leunen egile, metafora berrien ehule eta denboraren joanaren begirale zorrotz den poeta honi aplika dakizkioke.

Musikaltasunaz zuen iritzia honako adierazpen honetan irakur daiteke: «Esanaren kantuari, otsaren eztiagobearrari zor zaio berea». Baina mintza gaitezen, halaber, Lizardi izadiaren poetari buruz. Lizardi idealista Fichte eta Schellingen ideiak irakurriz bihurtu zen izadiaren poeta, hala nola «izadia espirituaren ikusgaia da eta espiritua izadi ikusezina» eta biak gauza berbera dira. Alabaina, ez da ahaztu behar izadiarenganako zaletasuna, halaber, modernismoak, mugimendu iraultzaile gisa, aldarrikatzen duen burgesiaren aurkako izaeraren emaitza dela. Lizardi, beraz, burgesiaren ideia materialistetatik urrundu zen, eta baita haren fruitu ziren hiri industrialetatik ere. Izadia maitatzea, eta bereziki Euskal Herrian, hirietatik eta horiek, burgesiaren eta idealistaz hain bestelako munduikuskeraren eremu izanik, ordezkatzen dutenarengandik ihes egitea da. Lizardik munduikuskera hori adierazi ahal izateko estilo bat sortzea lortu zuen. Euskal kritikan bere estiloari «kontzeptista» deritzo, Lizardik hizkuntzaren materiarekin lan egin zuelako, irudi zaharretan zentzu berriak agerraraziz.

Hizkera. Hizkuntza sakon ezagutzen zuelarik, «hizkuntzaren ahalmen adierazkorra erabat ustiatzen zuen» –idatzi zuen Koldo Mitxelenak (1960,146). Kontzeptismoa helburu hori lortzeko tresna izan zen.

Euskara leundu eta adierazpide sinbolistari egoki zekion malgutzeko ahaleginak estetikaren beste baliabide orokor batzuetan ere oinarritzen zen, hala nola pertsonifikazio eta metaforetan, nagusiki.

Ahalegin hori kontzientea zen, eta egileak hizkuntzaren beraren berritze prozesuari poema bat eskaini zion:

«Baina nik izkuntza larrekoa
nai aunat noranaikoa:
yagiteegoek igoa,
soña zaar, berri gogoa;
azal orizta, muin betirakoa»

Finean, helburu nagusia europar estetikara hurbiltzea zen, «bere herria mundu mailan gorestea» (García de la Concha, 1983).

Lauaxeta

[aldatu]

Esteban Urkiaga «Lauaxeta» poeta (1905-1937), euskal poesia modernizatu eta europartzeko ahaleginaren irudi da. Laukizen jaio (1905) eta Gasteizen hil zen (1937), fusilaturik, EAJren zerbitzuan kazetaritza eta propaganda lantegietan aritu ostean eta joera postsinbolista sakoneko obra poetiko bat utzita. Bere obran euskal poesia eta garaiko Europako poesia hurbiltzeko ahalegin kontzientea nabarmentzen da, eta poeta garaikide ugariren presentzia –Unamuno eta Juan Ramón, Valéry edo Cocteau–, esaera eta irudiak garbiro agertzen dira.

Bere lan poetikoa bi poema liburutan bilduta dago: Bide barrijak (1931) eta Arrats Beran (1935). Lehenengo liburuak hainbat joera poetiko erakusten ditu, hala nola erromantizismoa, sinbolismoa edo Unamunoren moldeko poesia existentzialista, baina horiek guztiak euskal lirika berritzeko asmoak lotzen ditu, eta aitzindari izatearen kontzientziak:

«Odiseu barri gara, lamiñik ezta baña,
Emen sortuba ezta Aprodite liraña.
Gure abendaantzo pionneer gaste gara.»

Bigarren liburuan, Arrats Beran alegia, Lauaxetaren estetika literatura herrikoi eta tradizionalaren ildotik doa, Aitzolen teorietara hurbiltzeko ahaleginean, ikusi dugun bezala, poesia ulerterrazago, irakurleengandik hurbileko bat proposatzen baitzuen.

Lauaxetarentzat, poesia beste mundu batetik datorren, sentsibilitate berezi batek baino hauteman ez dezakeen sentipen sakon eta iraunkor baten adierazpena da. Baieztapen horrek egilearen ikusmolde neoplatoniko eta sinbolista agerian uzten du. Lauaxeta bere garaiko poesiaren testuinguruan ongien definitzen duena, ordea, poesia modernoari buruzko haren ikuspegi berezia da.

Euskal Herrian poetika klasikoa indartsu dabilen eta klasizismoa adierazpen poetikoaren forma gorena dela esaten den garaian, Lauaxetak dio poesiak bere aroa islatu behar duela:

«Orain tximistaren eundia dogu eta ziñearen aroa...Eundi bakoitzean nor klasiko? Bere egunak ondoen esi dauzana. Idaztiak argiro erakusten badeutsu eundi bakoitzaren tankereaedo izatea, idazti axe buru dozu»

Garaian garaikoa adierazteko premia horrek denboraren adierazpen izatea xede duen estetika berritu bat proposatzera eraman zuen. Hala, Lauaxetak bere adierazpidea etengabe eraberritu eta aldatu zuen, adierazpide tentsiodun ez klasiko bat gizarte-mailako tentsioz betetako garai bat jasotzeko baliagarri gertatuko zaion itxaropenaz.

Esperimentazio hori sinbolismoaren alorrean garatu zen, surrealismora hurbildu gabe, egileak defendatzen zuen euskal nazionalismoaren irizpide ideologikoei jarraiki. Litekeena da Lauaxeta kosmopolita izatea, baina ez zen internazionalista.

Egileak sustatzen duen teoria poetikoaren emaitza gisa, bere poesiak egitura zurruna du konposaketan, paralelismoan oinarritua, eta sintaxian, hizkera barrokoa eta metaforaren erabilera bikaina agertzen duena; alderdi horretan García Lorcak bere lanarengan eragin handia izan zuen; Lauaxetak, hain zuzen ere, egile horren testuak itzuli zituen.

Bere poesian hainbat gai nahasten dira: gai sozial eta politikoak, maitasun eta heriotzarenak, erotismo lauso bat, bizitzarenganako jarreren idealizazio etengabea. Olerkari honen obraren ardatza betikotasunaren eta hilezkortasunaren bilaketa da.

Orixe

[aldatu]

Nikolas Ormaetxea «Orixe» (1888-1961). Orixe «aldi bateko euskal letren egilerik garrantzitsuena» (Mitxelena, 1960) zen gerraosteko euskal literaturan bere lanak izan zuen pisuagatik, eta baita bere estiloagatik ere. Estiloan, Orixe gerra zibilaren ostean euskal prosaren bide-erakusleetako bat izan zen. Alabaina, bere obraren zenbait ezaugarrirengatik eta, batez ere, modernoaren aurkakoa zelako –bere garaian estetika gutxien berritu zuen idazlea eta, bestalde, klasizismoa eta kristau-ortodoxiaren babesle gartsua, aurrez aipatu bi poeten jardun existentzialisten aurrean–, geroago bere obrak begirune eskasa izan zuen.

Beste kritika batek, ordea, hizkuntzaren maisu gisa zuen garrantzia gogora ekarri du.

Obra poetikoa hiru ataletan banatzen da: lirika, epika eta aszetika.

Bere obra lirikoan estiloaren bilakaera eta konplexutasuna agertzen dira, eta euskal lirikaren historiaren laburpen moduko bat moldatzen du. Orixe posterromantikoen ildotik idazten hasi zen, luze gabe postsinbolismora aldatuz; baina, laster arbuiatu, eta gero Pindaroren eiteko klasizismora pasa zen, poeta klasiko handi gisa onarpen handia lortuz, eta, gerraostean, heriotza eta existentzialismoa kristautasun ortodoxoaren ikuspegitik aztertu zituen poesia neoklasikora.

Euskaldunak (1950, 1935erako bukatua zena) lan epikoa Aitzolen teoriaren arrimuan jaio zen. Aitzolen iritziz, Kalevalaren edo Mistralen Mireioren tankerako obra epiko batek euskaran aipatu lan horietako bakoitzak beren hizkuntzan izan zuten eragin berbera izan zezakeen: hizkuntza minorizatuei normalkuntza eta prestigioa ekartzea.

Orixek Mistralen testuari batasuna ematen dion idilio nagusia izan zuen inspirazio iturri eta Lönnroten ideia, poema tradizionalak poeman osorik jarri behar zirela alegia, errespetatu zuen, baina bere testuak, modernitateak kutsatu gabeko baserritar munduarekiko nostalgia zeriolarik, ideologia tradizionalistari asko zor dio, eta baita modernitatea asimilatu ez izanari ere. Testu horretan hiritik ihes egitea oinarrizko ideia da (Aldekoa, 1990, 926).

Testuaren garrantzia ukaezina da, eta bere inguruan kritika ugari eragin du (Iztueta, 1991, 7375), hasi Justo Mokoroaren (1936) iruzkinetik –espiritu nazionalistaren irudikapen eta euskal kulturaren interpretazio gisa ikusten zuen– eta 50ko hamarkadako klasizismoari buruzko eztabaidaraino. Paulo Iztuetak poemak izan zuen kritika aztertu du, eta lana agertu aurretik nahiz ondoren argitaratu ziren iritzien bilduma kritiko bat egin du.

Orixeren testu epikoan, Basterraren eta novecentoko mugimenduko idazleen eragina nabari daiteke.

Obra aszetikoa. Barne Muinetan (1934) erlijiozko poemen liburuak Orixeren estilo-asmoa muturrera eraman zuen, ezaugarri hauetan oinarriturik: hizkera arrunt eta jatorrean datzan hizkuntza landua, nazionalistek bultzatutako garbizaletasunari kontrajartzen zitzaiona, hiztegi eta esamolde aberatsak, kontzeptismorako joera. Ezaugarri horiek guztiek apaingarrien aurrean oinarrizkoa, berrikuntza frantses edo sinbolisten aurrean «herriaren arima» hobesten dituen hizkuntzarekiko jarrera bat adierazten dute, jarrera antimodernista edo, bestela esanda, novecentokoarekin bat egiten duena, sinbolista eta modernisten sentsibilitatearen aurrean hizkuntzarekiko jarrera kontzeptista bat lehenetsiz. Iritzi hori argitzeko, Luis Mari Muxikak (1990, 4794) Orixeren topikoa miatu du, bere iritziz sinbolistek eragindakoa, baieztapen hori frogatzeko aipatutako idazle gehienak sinbolistekin zerikusi handirik ez duen espainiar literaturaren aldi batekoak diren arren; zehazki, San Juan de la Cruzena, haren eragina ukaezina baita, askotan aipatua.

Prosa. Orixe, bestalde, prosazko liburu garrantzitsu baten egilea da, gai nagusia aszetika duena: Quiton arrebarekin (Segurola, 1987,2135).

Paulo Iztuetak (1988) Orixeren lana arreta handiz aztertu, eta biografia txukuna moldatu du. Egia da Patxi Altunak (1990) biografia horren zenbait alderdi zalantzan jarri zituela, batik bat, Orixe eta jesuiten arteko harreman tirabiratsuari dagokionez. Iztuetak lan aszetiko horretan egitura dual bat ikusi du: lehenengoak salbamenerako lekuak jorratzen ditu, eta bigarrena mistikoa da.

Iztuetak, bestalde, Quiton arrebarekin eta Danteren Komedia Jainkotarra lanen arteko harremana, egitura narratiboak, ezaugarri adierazkorrak eta generoa aztertu zituen, Orixeren obrari egundaino egin zaion hurbilketarik baliotsuena den honetan. Analisi hori Orixeren lan argitaragabe bati –Jainkoarekin tratua– buruzko artikulu batez osatua dago, Iztuetak (1990, 2746) gaien ikuspegitik aztertu zuena. Iztuetak, halaber, Orixeren erlijio-ideologia, haren tradizionalismoa, erlijioaren ikuskera eta fedea aztertu zituen.