Euskal literatura/Itzulpenak norabide bikoitzean
Elkarrekiko onarpena eta irekitze seinaleak
Euskarara egiten zen itzulpengintza literarioaren egoera goitik behera aldatu zen 1989an. Euskal itzultzaileen elkarteak, EIZIEk, ia erabat narrazioaren sailekoak ziren literatura modernoaren baitako oinarrizko ehun lan itzultzeko plana aurkeztu zion Eusko Jaurlaritzako Kultur Sailari. Beste alde batetik, espainiar argitaletxeen merkatuak euskal literatura deskubritu zuen laurogeiko hamarkadan, haur zein gaztetxoentzako lanak egiten zituzten idazle bikainen eskutik. Hamarkada amaiera aldera, autore horietako batek, Bernardo Atxagak (Asteasu, 1951), Obabakoak lanarekin ordura arte inork lortu ez zuena lortu zuen, hala nola, espainiar irakurle zein europar beste hizkuntzetakoen artean euskal literaturarekiko interesa piztea.
Literatur itzulpenak euskaraz
[aldatu]1989. urtean goitik behera aldatu zen euskarara egiten zen itzulpengintza literarioaren egoera. Euskal itzultzaileen elkarteak, EIZIEk, ia erabat narrazioaren sailekoak ziren literatura modernoaren baitako oinarrizko ehun lan itzultzeko plana aurkeztu zion Eusko Jaurlaritzako Kultur Sailari. Modu horretara, beste herrialdetako literatur lanak euskaraz ez izateak sortzen zuen hutsunea bete nahi zen, eta era berean, lan horretarako euskal hizkuntzari beharrezkoak zitzaizkion bitartekoak jartzea zen helburu. Handik hilabete gutxira abian jarri zen bildumak «Literatura Unibertsala» izena hartu zuen.
Batez ere europar hizkuntzatara idatzitako lan narratiboak hautatu ziren. Obra ezagun eta ez oso luzeak behar zuten izan derrigor, salbuespenak salbuespen. Itzulpenen esleipena lehiaketa bidez egin zen, itzultzailearen gaitasuna epaitzen zuen epaimahai bat tartean zela. Modu horretara iraultza txiki bat sortu zen literatur itzulpengintzan. Denak bat etorri ziren itzulpenen kalitateaz hitz egiterakoan, eta itzultzaileen artean pisu handiko iritzia hasi zen hedatzen: ordutik aurrera euskaraz ezin izango zela goi-mailako literaturarik egin itzultzaile horiek haien lezioak kontutan hartu gabe.
«Literatura Unibertsala» bilduman, 1990az geroztik azaldu ziren honako autore hauen lanak: Calvino, Camus, Cortázar, Dostoievski, Pavese, Prévost, Faulkner, Goethe, Grass, Chejov, Tolstoi, Mishima, García Márquez, Von Chamiso eta Truman Capote, autore on bezain desberdinen lanak.
Edizio hori Ibaizabal-Edelvives argitaletxeari eman zitzaion. Hasiera bateko azal ez oso egoki hura, urte batzuk beranduago Antton Olariagak eginiko beste ederrago batek ordezkatu zuen.
Hasiera batean bilduma ehun lanekoa izango zela pentsatu zen, eta kopuru horretara 2002an iritsi zen. Baina, azken izenburuak liburu dendatara iritsi aurretik, 2001ean jada itzultzaileen elkartea eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Saila akordio batera iritsita zeuden bilduma hori beste 50 izenburutara luzatzeko. Lan berri hauen itzulpena Elkarlanean zein Alberdania argitaletxeen esku gelditu zen lehiaketa bidez. Liburu hauen maila oso altua izan arren, euskal gizarteak erantzun epela eman zuen berriro; oraindik indar handia du itzulpenak ez-erakargarriak eta zailak direlako usteak. Irakurleen aburuz, atsegingarriagoa da europar zein amerikar idazle handiak gazteleraz irakurtzea.
Hala, 1991. urtean beste proiektu bat sortu zen, batez ere gutxiengo bati zuzendurik. Eusko Jaurlaritzak, Euskal Autonomia Erkidegoko hiru aurrezki kutxek, Euskal Herriko Unibertsitateak eta Deustuko Unibertsitateak, irabazi-asmorik gabeko Klasikoak S.A. elkartea sortu zuten. Beronen helburua pentsamenduaren historiaren baitako oinarrizko ehun lan euskaratzea zen. Aurreko kasuan bezala, hemen ere lanen kalitatearen jarraipena egiten zuen batzorde bat zegoen, eta goitik behera errespetatzen ziren Euskaltzaindiaren arauak.
Bilduma berri honetan zeuden, besteak beste, Berkeley, Bloch, Herodoto, Hume, Schopenhauer, Séneca, Rousseau, Montaigne, Unamuno eta Vitoriaren lanak jarri dira salgai.
Euskarazko literatur lanak 80ko hamarkadatik aurrera argitaratzen zituzten argitaletxeek itzulitako lanak ere argitaratu izan dituzte, baina zalantza handiekin hauen bideragarritasunari buruz, nahiz eta haur zein gaztetxoei zuzenduriko bildumek arrakasta handiagoa izan irakurleen artean. Elkar eta Erein argitaletxeek itzulitako nahikoa narrazio ugari sartu zituzten, 80ko hamarkadan, haurrentzako Auskalo eta Txalupa bildumetan.
Urruti gelditu dira oso 80ko hamarkadako hainbat itzulpen, hala nola, Joxe Austin Arrietaren Yourcenar Hadrianoren oroitzapenak (Elkar Argitaletxea) edo Juan Garziaren Bartleby izkribatzailea (Erein Argitaletxea). Garai hartako literatur itzulpengintzan itzal handia izan zuten bi itzultzaile Xabier Mendiguren Bereziartu eta Josu Zabaleta dira. Biok Donostian Martuteneko itzultzaile eskola sortu zuten, baita horrekin batera ondorengo belaunaldiei bidea erakutsi ere.
Itzulitako euskal literatura
[aldatu]Espainiar argitaletxeen merkatuak euskal literatura deskubritu zuen laurogeigarren hamarkadan, haur zein gaztetxoentzako lanak egiten zituzten idazle bikainen eskutik. Hamarkadaren amaiera aldera, autore horietako batek, Bernardo Atxagak (Asteasu, 1951), Obabakoak lanarekin ordura arte inork lortu ez zuena lortu zuen, hau da, espainiar zein europar irakurle izan, beste hizkuntzetakoen artean euskal literaturarekiko interesa piztea. Obabakoaken ondoren El hombre solo (1993), Esos cielos (1995) edo Un espía llamado Sara (1996) lanak iritsiko dira, Atxagak espainiar letretan duen ospea areagotuz.
Anjel Lertxundi (Orio, 1948) da gaztetxoentzako literatura landu duen beste idazle bat. Idazlearen bilakaera dela eta, 2000an irabazi zuen Rosalía de Castro Sariak argi erakusten du zenbaterainoko onarpena duen Lertxundik euskal eremutik at. Horretan lagundu dioten lanak Las últimas sombras (1996), eta beranduagoko Un final para Nora (1999) dira. Los días de la cera (1999ko Euskadi Saria) eta El huésped de la noche dira berak itzuli dituen azken testuak.
Hirurogeigeiko hamarkadaren amaieraz geroztik berrikuntza literarioari dagokionez aitzindari izan den Ramon Saizarbitoriak (Donostia, 1944), 1979an izan zuen bere Cien metros esanguratsuaren lehen itzulpena; baina ospea 1998an etorri zen belaunaldi baten memoriari buruzko kontakizun metaliterarioak diren Los pasos incontables-ekin. Irteerakanpaina handia eta harrera ezin hobea izan duena Guárdame bajo tierra (2002) da.
Hegoamerikako literaturak eraginda eleberriaren estilista dugu Joan Mari Irigoien (Donostia, 1948). Bere lanik garrantzitsuenak gazteleraz zein katalanez irakur daitezke, hala nola, Babilonia (1992), La tierra y el viento (1997) –Poliedroaren hostoak lanaren itzulpen berantiarra– eta Consummatum est (2001).
Edorta Jimenez (1953) mundakarraren lanak itsasoko iodoek inspiratua dirudi: Voces de ballena (1999), La estela de los ahogados (2000). Bere bigarren eleberriak, sail honetako Azkue Saria irabazi zuen, eta gaztelerara El último fusil (1994) izenarekin itzuli zen.
Koldo Izagirrek (Pasaia, 1953) prentsan kolaboratzaile gisara lan egin eta zinemarako gidoiak ere idatzi ditu. Malandanzas de un Aguirre llamado Mecha (1997) eta Nuevas prisiones del viejo Aguirre (2001), Izagirreren bi lanik berezienen bertsioak dira.
Jon Arretxe (Basauri, 1963) euskal eremuan salmentari dagokionez arrakasta handiko idazlea bilakatu da, Hacia la gran muralla (2001) eta Tubabu (2001) moduko umorezko zein bidaietako kontakizunezko liburuekin.
Zehatzak izan nahiko genuke, baina dena dela zerrenda honetan Jon Mirande, Felipe Juaristi, Joxe Austin Arrieta edo Joseba Sarrionandia ere sartu nahi genituzke, izan ere –oso tarteka baldin bada ere– gazteleraz irakurri ahal izan ditugun autoreak baitira.
Euskaraz idatzitako lanei zuzendutako literatur lehiaketak
[aldatu]Azken 80ko eta 90ko hamarkadetan literatur lehiaketak asko ugaldu dira, gehiegi zenbaiten ustetan. Horietatik gehienak idazle gazteentzat beren buruak ezagutzera emateko bitarteko izan dira, gutxi baitira jadanik ospea lortua dutelarik lanak lehiaketa horietara aurkeztea erabakitzen duten idazleak.
Beka sistema. Azken boladako nobedaderik garrantzitsuena 90ko hamarkada amaiera aldera gertatu zen, Elkarlanean argitaletxeko Euskalgintza Elkarlanean Fundazioak ordura arteko lehiaketa sistema, beka sistemagatik ordezkatzea erabaki zuenean. Joseba Jaka sormen bekak sortu zituen; hauek, bekak eskuratzeko asmoz beren buruak aurkezten zituztenen proiektuak epaimahai batek aztertu ostean esleitzen ziren. Kasu honetan jada ospea eta sona zuten idazleek ere aurkezten zuten beren burua. Horren adibide dugu molde zaharraren kontra beti azaldu izan den Koldo Izagirre.
Beka horien beste erakargarritasun bat zen, hots, autoreari aukera ematen zitzaiola bere lana zein argitaletxetan argitaratu hautatzeko.
Beasaingo Udalak eta CAF enpresak ere bide horri berari segi zioten, eta 90ko hamarkadaren amaiera aldera autore gazteei zuzendutako Igartza Saria sortu zuten. Sari hau beka bihurtu zen 1999. urtean.
Sari berriak. Literatur sariak ugari dira orain, baina hala ere azken urteotan berri asko ari dira sortzen. 2001. urtean orijinaltasunik falta ez zaion saria sortu zen, entsegu laburren alorreko Juan Zelaia alegia, izen hori duen enpresariaren beraren eta Pamiela nafar argitaletxearen eskutik. Eta 2002an, urte horretan bertan 25 urte bete zituen Erein argitaletxeak Erein-Euskadiko Kutxa eleberri saria sortu zuen, baita beste sari bat ere autore berrientzat: Donostia, Opera Prima.
Tradizio handiko sariak. Tradiziodun literatur sarien artean gehienek, ipuinak bultzatzea dute helburu. Arlo horretan aipamen berezia merezi dute Debako Udalak antolatzen duen Tene Mujika sariak, eta Zumaiakoak antolatzen duen Julene Azpeitia sariak. Bi sariok funtsezkoak izan dira bi hamarkadatan zehar beranduago literaturgintzan giltzarri izan diren autoreen narrazio laburrak ezagutzera emateko. Biek hala biek seriotasuna izan dute ikur. Ahaztu ezin daitekeen beste saria, Bilboko Udalak antolatzen duen Gabriel Aresti da.
Hainbat babesle. Aurrezki kutxek babestutako literatur sariek, Euskaltzaindia-BBKk, esaterako –eleberria, antzerkia, entsegua eta olerkia sariak–, eta, halaber, Gipuzkoa Donostia Kutxak –aurreko lau sail hauek– hamarkada luzetako historia dute, baina egun oraindik ez dira aspaldikoa den arazo bat konpontzera iritsi, hau da, saritutako lanen argitalpenaren arazoa. Lan hori erakunde horiek berek egiten dute, eta prozesu horretatik ateratzen diren liburuak normalean ez dira oso erakargarriak izaten, edo promozio aldetik eskas samar ibiltzen dira.
Banco Hispano Americanok 80ko hamarkadan Imagina Ezazu Euskadi saria antolatu zuen; indartsu hasi bazen ere, 90ko hamarkadan desagertu egin zen.
Gazte literaturaz. Gaztetxoentzako literaturaren alorrean bereziki aipatzekoa da Zarauzko Udalak antolatzen duen Lizardi saria. 80ko eta 90ko hamarkadetan, urte batzuk beranduago literatur genero honetan punta-puntakoak izatera iritsi diren Bernardo Atxaga zein Mariasun Landa idazleen lanak saritu zituen, besteak beste. Erein argitaletxearekin loturiko akordioari esker, saritutako lanak modu normalean argitaratzea lortu da. Gazteentzako literaturaren baitan, Tolosako Udalak 90ko hamarkadan sortutako Antonio Maria Labayen saria aipa daiteke. Kasu honetan ere argitaletxe baten bidez, Alberdaniaren bidez alegia, saritutako lanak modu txukunean argitaratzea lortu da. 2002. edizioan saria gaur egun hain ezaguna den Mariasun Landa idazlearen narrazio batek irabazi izanak, literatur lehiaketek, edo batzuk behintzat, geroz eta onarpen handiagoa dutela esan nahi dezake agian, baita euskal letretako idazlerik ospetsuenen artean ere.