Euskal literatura/Prosa modernoa
Prosa modernoa: 50eko hamarkadatik aurrera. Azken 50 urteetan euskal nobela, antigoaleko kostunbrismo bati lotua, berritu egin zen. Aldaketa hori hainbat faktoreren ondorioz gertatu zen. Egileen gaztetasunak aurreko belaunaldiko moldeen urraketa erraztu zuen, egile horien heziketa unibertsitarioa beren jarrera ideologikoa aldatzeko eragile izan zuten, nobelak hirian lekutzen dira, eta idazleek Europako nobelagintza berria ezagutzen zuten. Ezaugarri horiek guztiak narratiba berrian islatuak daude.
Belaunaldi eta estetika-mailako berritze hori Euskaltzaindiak egindako euskara batuaren proposamenarekin batera dator, eta egileek proposamen hori berehala bere egin zuten.
Nobela existentzialista
[aldatu]Txillardegi
[aldatu]Jose Luis Alvarez Enparantza «Txillardegi» (1929-2012) idazlearen lehen nobelak kontakizun-estilo berri bat ekarri zuen.
Leturiaren egunkari ezkutua (1957) bere aurreneko nobelan euskal nobelagintzan lehen aldiz agertu ziren pertsonaia gatazkatsuak, gatazka heriotzaren aurreko larritasunak eta bizitzari buruzko funtsezko galderen egileak.
Camus eta Sartreren eragina darion Unamunoren tankerako existentzialismo hori urteko lau sasoien arabera egituratutako nobela lineal batean adierazten zen, eta mundu-ikuskera bat agertzen. Nobela hirian lekuturik egotea, lehen pertsonaren hautaketa, pertsonaiaren krisia, giro jakin batean aurkezten duen kontakizuna, euskal nobelaren berrikuntzaren ardatz dira.
I. Sarasolak (1975) azaldu duenez, Txillardegiren teknika iraganean errotuta geratu zen, berritasun teknikorik gabe.
Peru Leartzako (1960) eta Elsa Scheelen hurrengo nobelek mundu narratibo berean sakontzen dute. Elsa Scheelen akaso Txillardegiren lan narratiborik hoberena da. Egoera afektibo ezegonkor baten inguruan ehundua –apaiz batez maiteminduta dagoen Elsaren maitasunezko istorioa–, nobela honek hizkuntza trebe maneiatzen duen idazle bat aurkezten du.
Haizeaz bestaldetik laugarren nobelan Txillardegiren nobelagintza aldatu egin zen. Nobela existentzialetik nobela lirikora mugitu zen. Bilbe narratiboa desagertu egin zen, egitura irrealak kontzientziaren jario etengabean laguntzen; nobelaren definizioaren mugan dagoen testu bat da, istorioa eta pertsonaiak desegin egingo direlarik. Testua itsaso zakar eta askearen eta aintzira otzan eta hesituaren arteko kontrajartze kontzeptualean oinarritzen da. Itsasoa eta aintzira Euskal Herriaren orduko egoeraren inguruko bi jarrera ideologikoren sinbolo dira eta, orokorrago, edozein gizakiren hautabide historikoarena: otzantasuna edo askatasuna. Txillardegiren azken esperientzia narratiboa, non ETAko kide baten istorioa kontatzen baita, errealismora hurbilduko da, baina akaso ez behar adina.
Jon Mirande
[aldatu]Bien bitartean, Jon Mirandek (1925-1972) Haur besoetakoa idatzi zuen –horri buruz luzeago jardungo gara poesiaren atalean–, argitaratzeak luze jo zuen arren, arrazoi nabarmenak medio. Nobela horretan Mirandek heldu batek neskatila batengana duen maitasuna kontatzen du. Nobelak zenbaiten miresmena eta hainbat ikerlan erakarri ditu. Andolin Eguzkitzak (197983) alderdi formala eta morfologia narratiboa aztertu ditu. Joseba Sarrionandiak (1983), berriz, bere alderdi mitikoa. Eduardo Gil Bera («Jon Mirande» 1991, a eta b) izan da, agian, Miranderen ideologia nahiz nobelaren garapena sakonen ikertu dituena.
Mirandek, nobela garaikidearen ezagutzaile handiak, berea estilo dotore eta finaz idatzi zuen, estetizisten eta nobela lirikoaren moldean.
Nouveau roman
[aldatu]Ramon Saizarbitoria
[aldatu]Ramon Saizarbitoriak (1944) euskal nobela arlo orotan eta inolako atzerabiderik gabe berritu zuen. Egunero hasten delako lanaren bigarren pertsona narratibo elkarrizketa formakoa, Ehun metro (1976) liburu autogogoetatsua, Ene Jesus (1976) laneko Becket moldeko objektualismoa, Saizarbitoriaren bitartez sartu zen euskal nobela modernotasunean –hau da, errealitatea ez ezik idazketa etengabe eta ustekabean arakatzen duen korronte horretan–, itzultzeko aukerarik gabe» (Lasagabaster, «La literatura..., 1986).
Hiru nobela horien egileak, nouveau romanen bideari lotuz, berak antinobela esaten duena proposatu zuen, esaldi batean labur daitekeena: nobela gehiago da idazketaren abentura, abentura baten idazketa baino. Hori printzipio hauetan zehazten da: nobelak ez ditu gai filosofiko nagusiak jorratu behar, eta eguneroko bizitzako arazo txikiez arduratu behar du, errealitatea modu objektibo eta dokumental batean deskribatuz. Finean, antinobelak existentzialismoak mahaigaineratutako arazoaz haraindi joan nahi du: Jainkoaren heriotzaren ostean, supergizonaren heriotza nahi du, Jainkoaren heriotzaren sinbolo den heinean.
Ramon Saizarbitoriak prozesu hori erradikalki eraman du, bere idazketa absurdora eta isiltasunaren nobelara gerturatuz, bilbe narratiboa desegiteko lantegian.
Egunero hasten delako lanean egileak «antisorgailuen eta abortuaren problematika» (Juaristi, «La literatura...», 1987, 125) jasotzen ditu; modu originalean, ordea. Nobelak bi maila ditu: abortatzera doan neskaren bizi-esperientzia, eta inoizkako hiztun baten hitzjario geldiezina, zeinaren berriketak kontzientziaren korrontearen edo ideien alborakuntzaren legeak jarraitzen baititu. Baina jada Saizarbitoriaren obsesio handienetako bat agertuko da, sinbolo modura: kontatzailea, narrazioaren bilaketaren sinboloa, Saizarbitoriak berak dioen bezala, istorioak dauden bitartean bizitza badelako.
Ehun metro liburuak euskal ekintzaile baten azken ehun metroak kontatzen ditu, poliziak Donostiako plaza batean tirokatzen duen arte. Metro horietan pertsonaiak bere historia pertsonala gogoratzen du: haurtzaroa eskola itogarri batean, aitaren heriotza, lehenengo maitea, erakundea uzten duen adiskide ekintzailea.
Nobela honetan atentzioa ematen duen aurreneko gauza elebiduna izatea da. Nobelako pertsonaiek euskara zein gaztelera baliatzen dituzte, ekintza inguratzen duen errealitatea doitasunez jasotzeko ahaleginean. Agerpen elebidun hori «euskal idazle orok ezinbestean egin beharreko hizkuntz aukeraketa horren adierazpen bat da, inplizitua bada ere» (Lasagabaster, «La literatura...», 1986).
Saizarbitoriak ahalik eta objektiboen kontatzen duen anekdotaren azpian, nobelaren ardatz narratiboa okerragotzen doan egoera baten inguruan mugitzen da, non pertsonaia gero eta bakartiago baitago, heriotza aurrez aurre ikusten duen arte. Bere heriotzaren aurrean sentitzen duen larritasunak, metonimien bidez adierazia, ardatz sinboliko gisa joka dezake, eta haien inguruan nobelako beste gaiak egituratzen dira: bakardade erabatekoa, larritasun pertsonala hautabide politiko baten baitan: halabeharra bizimolde. Horrek guztiak gertakarien ikuskera etsi eta pertsonal bat, epikarik gabea, tragikoa, agertzen du, bere bizitzaren eta heriotzaren aurrean. Nobela, hortaz, apologia izpirik gabeko testu gisa irakur daiteke. «Saizarbitoriak ez zuen arazo bat jasotzen soilik, berori ahalik eta modu objektiboenean agertuz. Egia da arazo hori aurkezteko moduan jada poliziaren errepresioa gogor gaitzesten dela, eta erregimenaren aurkako «borroka armatua» ere ez zela onik ateratzen» (Juaristi, 1987, 126).
Ene Jesus liburuan ohean errenditurik dagoen gizon bat aurkezten da, paralisi gero eta handiago batek jota mugiezintasun erabatekoaren zain dagoena, horren aurka sendabide bakarra duelarik: istorioak kontatzea, eta behar adinako logikarik geratzen ez zaionean, zenbakiak kontatzea, baina nekagaitz kontatzea, badakielako kontatuz jarraitzen duen bitartean paralisiak ez duela mendean hartuko. Obsesio baten historia dela esan genezake.
Absurduaren nobelatik hurbileko, nobelak, hizkuntza soil eta zientifiko batez, ama posesiboaren gaia zeharka jorratzen du. Alabaina, testuaren baliabide teknikoei begira, irakurleak denbora subjektibo bat aurkituko du, denboraz kanpoko narrazio bat, kontatzeaz tematurik dagoen bere onetik irtendako narratzaile bat:
«Behin batean» esanez hasten zuen edozer gauza. «Azken finean geure esistentzia miserablea ahantziz, beste diferente bat asmatuz bizitzeko dugun posibilitatea» esan zuen behin ezpainetatik zerbeza aparra zeriola. Baina mutuaren begi hezeek ez zuten sinesten... Kariloia. Nota galduaren erresonantzia metalikoa airean zintzilikaturik. Ordua. Ez dut hasitako ezer akabatzen».
Saizarbitoriaren lanaren bilakaerari buruzko artikulu interesgarri bat atera berria da, Maria Jose Olaziregik (1991) idatzia.
Alegoriatik sinbolora
[aldatu]Euskal literaturaren historia definitzen duen ezaugarrietako bat nobela errealistarik eza da. Horregatik, badirudi euskal nobela orekarik gabe garatua dela, nobela lirikorako edo errealitatea alegoriaz ordezkatzeko joera agertuz, errealitateari mozorroa kendu nahi izango ez balio bezala. Azken urteetan, hala ere, narratiba errealistagoa izango da, mundu hau sinbolizatzeko nahiak bultzatuta.
Desoreka horrek alegoriaren nagusitasuna azal dezake batetik, baina, bestetik, generoen hedapenari eta esperimentazioari mesede egiten dio.
Saizarbitoriaren nobelaz geroztik, 1969az geroztik, euskal narratibaren esparruko narrazioak eta nobeletan erabilitako teknikak ugaritu egin dira, besteak beste nobelagintzara hainbat idazle berri heldu delako, garai bateko ohitura nobelen gailentasun ia erabatekoa apurtuz.
Euskal nobela hainbat bidetatik abiatuko da, besteak beste, Arantza Urretabizkaiarena, bere Virginia Wolfenganganako mirespenaz, Mario Onaindiaren mediebalismo parodikoa, Jose Austin Arrietaren errealismoa edo Koldo Izagirreren alegiak.
Mikel Zarate
[aldatu]Mikel Zarate (1933-1979) alegoria egokien landu zuen idazlea izan daiteke. Haurgintza minetan (1973) nobela Euskal Herriak frankismo garaian bizi zuen egoeraren deskribapen disimulatu bezain bikaina da. Kultura tradizionala kultura industrialean galtzeko arriskuaz eta euskal gizarteak frankismoan bizi duen tentsioaz keztaturik, nobela horretan Mikel Zaratek, zentsura saihestuz, krisian dagoen munduan erdiminetan dagoen gizarte berri bat deskribatzen du. Oraindik ere kultura tradizionalaren arrastoak gordetzen dituen mundu bat da, eta egilea arrasto horiek galtzeko arriskuaz penatzen da.
Gizartearen krisia mitologia tradizionaleko osagai batez kontatzen da: narratzaile lanak egiten dituen iratxo bat da, ikusezintasun eta nonahikotasun dohainek egileari narratzaile orojakile klasikoa bazter uztea ahalbidetzen diotelarik. Mundu orohartzaile bat, frankismoaren azken urteetako gizartea, kontatzeko nahiak nobela sinkretiko bat emango du, non askotariko osagai, pertsonaia eta lekuak nahasten eta elkartzen baitira. Nahi hori bera, ordea, lanaren batasunaren kalterako da. Nobelaren amaiera apokaliptikoak ez du narrazioaren ildo bat bera ere argitzen. Amaierarik eza ongi doakio etorkizunari begira bizi den gizarte baten ispilu izan nahi duen, eta egilearen kontrolpetik ihes egiten duen nobelari.
Mikel Zaratek euskararen erregistro ezberdinak ongi menderatzen zituen, eta bere obretan estiloari arreta handia eskaintzen zion. Bere literaturaren dohainik nabarmenetako bat diskurtsoaren eta estiloaren aberastasuna da, nobeletan nahiz kontakizun laburretan ikus daitekeena.
Egileak deskribatzen duen gizarte anitz eta nabarrak hizkuntza halaber anitza erabiltzen du, hizkera modu ezberdinak: euskara herrikoia, jasoa, neomarxista, sorginen hizkerak –atzekoz aurrera moldatutako esaldiak–, gaztelera hizkuntza menperatzaile gisa...
Hitz batean, sintesi hizkuntza bat tradizionala eta modernoaren artean krisian –nortasun krisian, krisi politikoan, krisian berea duen hizkuntza erabiltzerakoan– dagoen mundu bat irudikatzeko.
Anjel Lertxundi
[aldatu]Anjel Lertxundiren nobelagintzan garbi agertzen da atal honi “alegoriatik sinbolora” esatean erakutsi nahi izan dugun bilakaera. A. Lertxundik bere sorkuntza-lanari Ajea du Urturik nobela alegorikoarekin ekin zion. Lan horretan herri bateko biztanleriak uholde baten aurrean nola erreakzionatzen duen deskribatzen da.
Testuak, jakina, Euskal Herriak frankismopean bizi zuen egoera islatzen du. Biztanleria, egoera hori bizi duten indar ezberdinak sinbolizatzen dituen pertsonaia gisa jokatzen duelarik, botere faktikoetan eta gazteria berritzaileagan banatzen da, zatiketa sinplista batean.
Bere hurrengo nobelan, berriz, haurtzaroaren munduan sartuko da, hau da, subjektibotasunaren munduan, eta azaleko doktrina-mezuei uko egingo die. Goiko Kale nobelak asmo orohartzaileak baztertuko ditu, eta intimitatean babestuko da. Egileak, sexuaren aurkikuntza eta nerabezaroaren krisiak eragindako desidealizazio prozesua medio, zentsura saihestuko duen mundu sinboliko bat agertuko du: hitzetik, aipamenetik sortzen ez dena, gatazkatik baizik.
Lan horrek egilearen obra biribilenetako baten abiapuntu gisa jokatuko du: Hamaisegarrenean aidanez (1983). Elkarrizketa batean, egileak adierazi zuen nobelak indarkeriaren ingurunea deskribatzen zuela, eta indarkeriaren inguruan bizi direnen erreakziorik ezak duen eraginari buruzko hausnarketa bat zela. Hausnarketa hori ez da, ordea, doktrinala, eta baserri giroko indarkeria hartzen du euskarritzat: apustu arriskutsu batean –berorretan gizon batek bestearen toraxaren gainera jauzi egiten du– hilik suertatuko den apustulariaren istorioa.
Nobelan García Márquezen Crónica de una muerte anunciada lanaren oihartzunik nabari zitekeen, baina laster neorrealismo italiarraren ildotik lerratzen da, erreferentzia nagusia Pavese duela. Genero narratibo ezberdinak –baserri giroko drama, polizia-nobela– nahasiz, egileak gizartearen ikuspegi bat eskaintzen du, ez euskal gizartearena soilik, eta hainbat gairi buruz hausnartzen du, hala nola emakumearen egoera, gizarte-hipokresia, indarkeriaren izaera morala, horien guztien aurrean, intelektualak gizartean duen zeregina azpimarratuz, hitzaren indar askatzailea dagoelarik.
Carla (1989) nobelan lokalismoak eta egoera tipikoak alde batera utziko ditu eta euskal identifikazioarengandik urrundu da, pertsonaiaren barruan dagoen errealitateari heltzeko. Komikigile bat, finean sortzaile ororen metafora, bere lan berriaren emakumezko pertsonaiarekin obsesionatu egingo da, bere eskizofrenian komikietako pertsonaia bat dela sinestera iritsiko delarik, fikziozko pertsonaia gero eta errealagoa den bitartean.
Pertsonaiaren kontzientzian, eta berariaz lausoa den espazio batean, ematen den mozorroen joko horretan egileak sorkuntza prozesuaren muina erradikaltasunez erakutsiko du.
Espazioaren eta denboraren desagertzea, nortasun anitzeko pertsonaiaren sinbologia Kapitain frakasa (1991) bere azken nobelan are nabarmenagoak dira.
Ahalegin hori «azenturik gabeko» euskara neutro eta neurtu batean burutzen da, elementu erretorikorik gabe, biluztasunean aratz eta, hala ere, eraginkor, obraren maila esanguratsuan anekdotetan oinarritzen den prozesu narratibo baterako (Lertxundi, 1990, 99103).
Errealismoa
[aldatu]Jose Austin Arrieta eta Joan Mari Irigoienen obran errealismoa estilo narratibo ezberdinen bidez adierazten da.
Jose Austin Arrieta
[aldatu]Jose Austin Arrietak Abuztuko hamabosteko bazkalondoa nobelaz ekin zion bere literatur ibilbideari. Liburuan, Abuztuaren 15ean, Donostiako egun handian, familia giroan egindako ospakizun baten txatalak jasoz, apaizbokazioa krisian duen eta kontzientzia nazionalista ernatzen ari zaion nerabe baten bizipenak gogora ekartzen eta laburtzen ditu, bizipen horiek garaiko giroan txertatuz. Horretarako hainbat baliabide erabiltzen du, hala nola narratzaile ezberdinak: bere aitak, adibidez, gerra zibilaren esperientzia ahozko kontakizun eder batez gogoratzen du; denboran atzera begiratzea eta zenbait osagairen erabilera sinbolikoa, Azor yatea Donostiako badian ainguratuta, esaterako. Finean iniziaziozko nobela honetan deigarri gertatzen da esperimentazio nobelaren eta gai sinbolikoko nobelaren arteko zubi moduko bat delako.
Manu militari bere bigarren liburuak egilearen funtsezko bi kezka horiek uztartzen ditu. Nobela paraleloan doazen bi mailen artean dabil. Oinarrian gai autobiografiko bat dago: soldaduska egiten ari den mutil batek jaioterrian zain duen andregaiari idazten dizkion gutunak, eta, horren gainetik, idazteko arteari eta kontatzeko arteari buruzko hausnarketa bat, genero nagusien –beltza, neomediebalista– edo obra garaikideen –Latorrizko danborra, adibidez– parodiak eta ihakinak baliatuz, modu horretara jatorrizko obsesioa, frankismoaren mamuak uxatzea alegia, bigarren asmo batek estaltzen duelarik: idazketaren mamuak suspertzea.
Joan Mari Irigoien
[aldatu]Egile hau Euskal Herriko errealitatea bere literatura zenbait urtez bizileku izan zuen Hego Amerikako errealismo magikora hurbilduz deskribatzen ahaleginduko da. Bere Poliedroaren hostoak (1982) eta Udazkenaren balkoitik (1987) liburuek historiako gaiak jorratzen dituzte: lehenengoa gerra karlistei buruzkoa da, eta familia baten historia kontatzen du, belaunaldiz belaunaldi. Bigarrena frankismoa bizitako protagonisten historia osatzen saiatuko da.
Irigoienek ia beti nobela mitikoa, lirismoz betea eta poesia darien esaldiez irakurlea ustekabean harrapatzen duten horietakoa eskaintzen du, eta beti pertsonaien artean ezartzen duen dikotomia –adibidez, karlistak liberalen aurka– apurtzeko joera agertzen.
Fantasiazko literatura
[aldatu]Irigoienen lanetan agertzen den errealismo magikoaren eraginak harreman sakonagoko bati bide egingo dio euskal narratibaren fantasiazko literatura izenekoan. Fantasiazko literaturak errealismo magikotik estiloa baino alderdi sakonagoak bereganatu ditu, hala nola, kausalitate magikoa, ipuinaren barruko ipuinaren teknika, umorearen eta ironiaren erabilera eta, batez ere, fantasian oinarritutako munduikuskera bat, kausek arrazionalismoari itzuri egiten dioten heinean.
Gizonaren samurtasun eta krudelkeriaren arteko gatazka bezalako funtsezko auziek literatura molde bat ernaraziko dute, ordezkari nagusi Bernardo Atxaga duelarik.
Koldo Izagirre
[aldatu]Testuinguru horretan, Koldo Izagirre aurrekari garrantzitsua da. Gauzetan (1978) liburuan euskal prosan fantasiazko literatura, magia gisa ulertzen dena sartzeko aurreneko urratsak eman ditu. Obra hau intuizio handiz beterik dago, eta egileak metafora errealitatea interpretatzeko modu bat bezala lantzen du, bere lanari animismo berezia erantsiz, beti bestaldera, gauzen alderdi ilun eta misteriotsuari begira.
Geroago, Euzkadi merezi zuten lanean Koldo Izagirrek estilo barroko bat landu du, ahozko adierazpidearen mekanismoetan oinarritua: metonimiak, itzulinguruak, esaerak, elipsiak... Liburuak biztanleria zibilak gerra zibilean bizi izan zuen egoera agertzen du.
Bernardo Atxaga
[aldatu]Joseba Irazu “Bernardo Atxagak” aipamen berezia merezi du, zalantzarik gabe gaur egungo euskal literaturaren ahots pertsonal, sendo eta etorkizun oparokoena delako» (Lasagabaster, «La literatura...», 1986).
Bernardo Atxagak euskal literaturari eman diona bi ikuspegitatik neur daiteke: batetik, formaren aldetik bi hizkera uztartzen asmatu du: narrazio herrikoiaren estiloa (euskalduna zein beste tradizioetakoa) eta Europako narrazio jasoa. Bestetik, gizon modernoa islatzen duen mundu-ikuskera ekarri du. Atxagarentzat, gizona, paradisuaz gabetua, zorigaitzezko leku batean bizi da, leku bat non gizarteak ahulak gupidagabe sakrifikatzen dituen.
Atxagak Obaba deitutako leku mitiko bat sortu du; hain zuzen, Obabakoak (1988) liburuari izena eman dion lekua, haurtzaro mitiko bat gogorarazten duen lekua.
Egileak sarritan Borgesek fantasiazko kontakizunerako gomendatu zituen tekniketako batzuk baliatzen ditu: denboran zeharreko bidaia, ipuina ipuinaren barruan, doblearen gaia eta haur basatiaren gaia.
Atxagak kontrasteekin jokatzen du beti: pertsonaien arteko kontrasteak, batzuk gogorrak, besteak ezinbestean galduak; kontrasteak kutxa txinatar bat osatzen duten ipuinen tonuan, batzuk gogorrak eta beste batzuk amultsuak; kontrastea testuetan erabilitako estiloan, zeren eta Atxaga abangoardiako jarreretatik euskal literatur tradizioaren eta Europako literatur tradizioaren eraginak orekan agertzen dituen obra bat sortzera iragan baita.
Atxagaren obra narratiboa bi ataletan banaturik dago: ipuin-bilduma bat, Obabakoak, eta nobelak Ziutateaz (1976) eta Bi anai (1984.
Egungo euskal literaturaren lan garrantzitsuenetako baten sortzailetzat hartzen da, ez istorioak moldatzean erakutsitako mailagatik soilik, baizik eta literatur hizkuntza arina eta euskal kontakizun modernorako aproposa sortu duelako, hau da, euskal kontakizunak tradiziorik ez zuen eremu batean hutsunea bete duelako.
Haren narratibaren giltzarrietako bat logikak giza errealitatea osotara azaltzen ez duelako ustea da. Zientziak sekula argitu ezin izan dituen munduak badirela dio, eta mundu horiek adierazteko literaturak zientzia ortodoxotik kanpo egon diren tradizioen laguntza behar duela. Atxagaren literatura sakonean arrazionalismoak ahaztuta edo bazterrera utzi duena aztertzen ahalegintzen da.
Atxagaren literatur talde bereko kide dira Joseba Sarrionandia eta Jose Mari Iturralde idazleak.
Joseba Sarrionandia
[aldatu]Joseba Sarrionandiak (Durango 1958) kontakizun labur ugari idatzi ditu, eta bi narrazio liburu argitaratu: Narrazioak (1983) eta Atabala eta euria (1986). Horrez gainera, bi saiakera liburu idatzi ditu, zeintzuen bidez arteari eta politikari buruzko bere ikuspegia nahiz bi estamentu horien arteko harremanak sakonean ezagutu ahal baitira. Aurrenekoak, estetikoagoa, Ni ez naiz hemengoa izenburua du, eta ideologikoagoa den bigarrenak, berriz, Marginalia, 1988an argitaratua.
Sarrionandiaren narrazioak metaliteraturaren alorrekoak dira. Bere literatur estiloaz sentsibilitate fina adierazten du, liburuetan askotariko tonuak eta gaiak erabiltzen dituelarik, narrazio neomediebaletatik abangoardiako esperimentaziora bitartean.
Jose Mari Iturralde
[aldatu]Jose Mari Iturraldek fantasiazko literaturaren ildotik kontakizun-bilduma bikain bat argitaratu du, Dudular (1986) izenekoa. Orain bere Izua Hemen (1991, 2 Argt.) lana ere irakurgai dago. Azken liburu horretan modernizazioaren gaia, jaka aldaketarena, familiako bizimodu pribatu eta moderno bat egiteko borroka uzten duen heroiaren gaia jorratzen ditu.