Edukira joan

Igeldoko historia eta istorioak/Baserriak/Ganbo Berri

Wikibookstik
Ganbo Berri baserriaren irudi orokorra

Ganbo eta Egioleta baserrietatik etorritako Inaxio Mitxelena Mendizabalek eta Ines Escudero Perurenak eraiki zuten Ganbo Berri baserria 1950 aldean. Ignazio Ganbo baserriko Pedro Mitxelena eta Teresa Mendizabalen semea zen; eta Ines, Egioleta baserriko Gregorio Escudero eta Josepa Perurenaren alaba.

1 Jose Migel Mitxelena. 2 Ignazio Mitxelena. 3 Joxe Olasagasti Arana. 4 Pantxika Lizarralde Berridi. 5 Maria Olasagasti. 6 Teresa Martikorena. 7 Maria Luisa Lizarralde. 8 Ines Escudero. 9 Maria Escudero. 10 Miren Escudero. 11 Patxi Lizarralde.

Hamaika seme-alaba izan zituzten: Julian, Loli, Joxe, Ignazio, Eusebio, Ines, Maria Luisa, Mari Karmen, Jose Mari, Jon eta Josu Mitxelena Escudero. Semeetako bat, Ignazio, pare bat urte zuela hil zen.

Ganbo Berri gurasoen eta koskortutako seme-alaben artean altxatu zuten. Loli alaba gogoratzen da nola bakoitzak ahal zuen moduan laguntzen zuen. Obrarako behar zuten ura baserriaren behealdean dagoen errekatik ekartzen zuten, astoak lagunduta. Geroago, errekaren parean hormigoizko depositu bat jarri zuten, eta etxearen goiko aldean beste bat. Motor baten bidez ponpatzen zuten ura beheko depositutik goikora; gero, handik tuboak jarrita etxeraino iristeko moduan jarri zuten.

Mitxelena-Escudero familia: 1 Julian Mitxelena. 2 Loli Mitxelena. 3 Joxe Mitxelena. 4 Eusebio Mitxelena. 5 Ines Mitxelena. 6 Maria Luisa Mitxelena. 7 Mari Karmen Mitxelena. 8 Jose Mari Mitxelena. 9 Ion Mitxelena. 10 Jesus Mitxelena

Baserrian abere asko izan ohi zuten: behi pare bat, txekorren bat, astoa, oiloak, konejuak... Baratzeko lana ere dezente egiten zuten, batez ere etxerako. Fruta-arbolak ere bazituzten: muxika, sagarra, melokotoia, udarea...

Ignazio aitak Antigua auzoko Lizarriturriko lantegian egiten zuen lan. Seme-alabak, txikitan, zaharrenak Igarako eskolara joaten ziren; gazteenak, berriz, Igeldokora. Aisialdian, arrantzan eta ehizan ibiltzeko ohitura zuten.

Denborarekin, handitu egin zuten baserria. 1985 inguruan, berriz, baserria saldu eta alde egin zuten handik. Urte askoan beste nagusi batena izan zen, eta azken aldian nahiko zaharkitua zegoen. Gaur egun, beste nagusi batek erosi du eta konponketa-lanak egiten ari da.