Gaztaintxabaleta
Baserri honen lehenengo aipamena, Donostiako toponimiaren arabera, 1855ekoa da: Gastaña-chabalecu-egala izenarekin azaltzen da. 1893an, berriz, Gastain-chabala. Itsas aldean kokatuta dago. Bere aldamenean txalet bat zegoen, Caserio Costayernas deitzen ziotena.
Lehenbiziko nagusiak Iturritxo baserriko Martikorena kastakoak ziren. Hainbat anai-arreba ziren. Ez ditugu lortu guztien izenak, baina batzuk bai: Jose Mari, Isabel... Martikorena Ezeiza. Isabel bizi izan zen Gaztaintxabaletan denboraldi batean senarrarekin, Zapatari Berri baserriko Migel Olasagasti, eta beren seme-alabekin. Hurrena, Villabonako Bernarda Maritxalar bizi izan zen, bere familiarekin. Hiru alaba izan zituen, gazterik alargunduta beste norabaitera joan zen bizitzera. Geroago, Madrileko Muro sendia izan zen jabea, eta txaletera etortzen ziren. Itsas ertzean merendero bat zegoen, eta denbora asko pasatzen omen zuten han.
Ondoren, Amezti Azpikoa baserriko Jose Antonio Mujika Segurola eta Ganbaretxe baserriko Pepita Huegun Mendiluze ezkondu eta Gaztaintxabaletan jarri ziren bizitzen. Denbora horretan seme-alaba batzuk jaio ziren. Gerora, Ganbaretxe baserrira aldatu ziren, eta han beste seme-alaba batzuk izan zituzten.
1956an Iruin baserritik Jose Luis Etxebeste Aristi eta Maria Orobengoa Urkia bikotea etorri zen, beren bederatzi seme-alabekin: Jose Luis, Iñaki, Mari Karmen, Pili, Zelestino, Jabier, Jose Mari, Arantxa eta Jesus Etxebeste Orobengoa. Zelestino umetan hil zen. Familia hau zaintzaile moduan bizi izan zen baserrian; haien ardura zen bazterrak garbitzea eta bidea txukun edukitzea. Baserriraino iristen zen biderik ez zegoen, txaletera joateko beheko herri-bidea erabiltzen zuten, baita gurdibidea edo Korpus bidea ere. Benta-Berri Azpikoa baserriko Pilar Mendiluze Agirrezabalari terreno puska bat erosi zioten txaletera eta baserrira iritsiko zen bidea egiteko, bide partikularra.
Iñaki Etxebeste gogoratzen da eskolan maisu ilehori falangista bat zutela. Oso gaiztoa omen zen. Egunero ‘Cara al Sol’ kantatu behar izaten zuten. Maisuak baten bat euskaraz hitz egiten entzuten bazuen, egur batekin kristorenak ematen zizkion eta, egurra puskatuz gero, Gorosti baserrikoari esaten zion aitari beste bat eskatu eta biharamunean ekartzeko. Errekreoan gazta eta esnea jaten zuten. Esnea hauts bat ur berotan nahastuz egiten zuten.
Gerora, beste maisu bat izan zuten, zintzoagoa zena eta irakatsi ere ongi egiten zuena. Sei urtetik 14 urte bitarteko haur guztiek elkarrekin ikasten zuten. Neskek beheko pisuan eta mutilek goikoan, beti bereizita, aparte.
Baserrian bi behi, txekorren bat, astoa, oiloak eta konejuak izan ohi zituzten. Baratza pixka bat ere lantzen zuten, etxerako. Astoarekin belarra ekartzen zuten, baserriaren behe aldeko zelaietatik, hiru belar-meta ere egiten zituzten. Zenbait lan auzolanean egiten zituzten: Marabieta eta Amezti Behekoa baserrietara joan ohi ziren metak egitera, eta beste zenbait lan.
Iñaki semea Iruin baserriko Jose Mari Etxebeste osabari laguntzen aritu zen, 13 eta 18 urte bitartean, baserrietako esnea biltzeko lanetan. Iñakik esnearen litro kopurua apuntatzen zuen.
Baserriaren ondoan iturri bat zegoen, han bertan egiten zuten gobada. Ur hura ez zen edangarria eta familiako zenbait kide gaixotu egin ziren handik edanda. Geroago, Aiztokitik ekartzen hasi ziren edateko eta sukalderako behar zuten ura.
Mariak nahiko lan izaten zuen etxean; Jose Luis, berriz, Antigua auzoko garagardo fabrikan banatzaile lanean aritu zen, kamioi txiki batekin. Kamioia kargatu eta hustu eskuz egin behar izaten zuen, eta banaketa egitera Asturias eta Galizia aldera joaten zen. Astelehenean abiatu eta ostiralera arte ez zen etxera itzultzen. Jose Luisen laguntzaile Amezti Goikoa baserriko Klaudio Berastegi ibili zen. Jose Luisek gogoko zuen esku-soinua, eta larunbat eta igandeetan Igeldon zein Usurbilen ibiltzen zen hura jotzen.
1967an baserria utzi eta Donostiako Antigua auzora jaitsi ziren bizitzera. Gerora, baserria Enrike Lartuondok erosi zuen.