Itsasoko kultura/Fjólmódur

Wikibookstik

Jon <<Jakintsua>>ren epopeia autobiografikoa[aldatu]

Poemaren zati bat 1613-1615. urtekoa da; hain zuzen ere, Martin Villafranca eta bere gizonen heriotza kontatzen den zatia.

1613. urtea[aldatu]

48 Albiste berriak ematera goaz,
mila seiehun eta hamahirugarren urtean,
Kallbaksvik-en ontzi arrotz bat
bizkor zihoan lurrerantz, izotzetik ihesean.

49 Ontziekin ohiturarik ez zuten herritarrek
mendi eta ibarretara egin zuten ihes,
izuturik beren lanabesak zangara botata
eta alferrikako aurreiritziak eginez.

50 Han ez zen gelditu berri emango zienik
eta harriturik zeuden kanpotarrak,
harik eta begiratzera hurbildu ziren arte,
«morroi gosetuak» eta atzerritarrak.

51 Bazen han landa-giroko apaiz zintzo bat
gauza hauen berri hari zioten adierazi.
Apaizak kapitainei gogoz hartu zituzten
eskutitzak zizkien helarazi.

52 Frantziako mugatik hurbil, Bizkaia aldean
itsasoratu ziren baleazale espainiarrak,
eta jende haiekin batera igo ziren
ontzira bertako gizonak.

53 Uda hartan askotan elkartu ziren. Olaf
deitzen zioten apaiz zintzoa zuten adiskide!
Elkarrekin edaten zuten, baina errespetuz,
janari eta arrantzan franko ziren kide.

54 Olaf-ek erakutsi zien Stteingrimsfjórdur-en
arrantza-lekua, eliza zegoen lekuan bertan.
Hamazazpi balea harrapatu zituzten udan.
Gainezka ziren pozetan, bidaia oparoa benetan!

55 Hara bildu ziren asko, zer jana bazelako,
hala ere gehienak, zer ikusiko.
Ari Magnusson ere etorri zen,
Vestfjordur-en tokiko epailea bera zelako.

56 Bakea zuen apaiz zintzoak zaindu,
oinarri harturik adiskidetasuna.
Adostu zuten itsasoratzeko tenorea:
San Migel eguna.

57 Neuk ez nuen haietako
inor ez ezagutu, ez ikusi,
nahiz eta uda hartan haien berri ikasi
Lur honetan arrantza porturik nola erakutsi!

58 Udazkeneko egun beltzetan
harrapatu zituen eguraldi gaiztoak.
Eguberriak bitartean ia Ozeanoan galdurik egonak,
Etxera iritsi ziren zorionean eta
berekin zituztela zama denak.
Goratua izan zen bidaia hura sonaz!

1614. urtea[aldatu]

59 Espainiarrek, ordea, udaberrian
hogeita sei ontzi bidali nahi zituzten atzera.
Gizon ingelesak aurkituta,
behartu zituzten berehala ihes egitera.

60 Ontzi batzuk lapurtu eta besteak sakabanatu;
hamar baino ez ziren Islandiara heldu,
Steingrimsfjord-era joan ziren asko,
besteak iparralderago zuten amarratu.

61 Frantsesak ziren hamar haietako batzuk,
Kongs-Eyjar-en gelditzea erabaki zutenak
Arrantza ona izan zuten ontzi gehienak,
izan ezik zoritxarrez galdu zenak.

62 Bizi-bizi izan zen adiskidetasuna,
nola epailearena hala herritarrena,
zendu bitartean apaiz zintzoa zena.
Bedeinkatua, aita Olaf, izan bedi zure izena!

63 Haren heriotza denek zuten deitoratzen.
Balearen arrantza hasia zen urritzen,
apaiza zenduta, mutil gazteak
espainiarrei hasiak ziren ebasten.

64 Eskualde hartan baziren arren gaizkileak,
ez ezeri ez inori begirunerik gabeak,
epaileak zigorrik gabe uzten zituen,
popula zitzaten hutsik zeuden alorrak

65 Haietako askok ez zuen zorrik pagatzen
espainiarrek osten zietela esanez.
Epaileak sinetsi eta babesten zituen.
Ordutik aurrera gogorkeriarik ez zen falta ez.

66 Jende haren gezurrezko testigantzen
kontziente izanik,
urte beltz hartan ez zuen izan
beste aukerarik.

67 Espainiarrek jakin gabe,
frantsesen ontzira sartu zen epailea,
aitortuz bera zela haien heriotza
eragingo zuen aginduaren emailea.

68 Nahiz inori ez esateko eskatu frantsesei,
laster azaldu zioten sekretua
euren lagun espainiarrei,
beren eskubideez Ari-ren agiria zutela esanez haiei.

69 Espainiarrak eta Ari eskutitzen bidez mintzo:
balearen hamarrenak zizkieten ordainduko.
Hark, ordea, eskaintzari uko:
haien zilarrezko txanponik ez zuen onartuko.

70 Halako tratu hori ez zitzaien gustatu
eta marinelak biziki ziren sumindu.
Kapitainek mendekua zuten bridatu:
tenorea iritsiko zela zuten ziurtatu.

71 Baleontzitik txalupak bidali zituzten
jateko bildots bila lehorrera,
orain lehen bezala,
prezio onean erostera.

72 Morroiek hori galarazia zutela esan zioten
eta espainiarrei bazter-nahasle zirela esanez,
segei eta makilei heldu zieten,
haserre-giroa nabarmenagoa eginez.

73 Esnea eta pastela eskaintzen zien
jende bakezalea topatzen bazuten,
eskuzabaltasunez han edo hemen
erantzuten zuten eta bekaitza eragiten.

74 Gezurraren zerbitzariek
zintzoen ordez
euren buruak hautatu zituzten,
justiziaren ekarle zirela esanez.

75 Hartan, lau itsasontzi zeuden iparralderago,
Arness Thinghá-n, Ketsvogurretik gertuan.
Pilotu ingeles batek preso egin ninduen
mari nelen agindupean.

76 Ontzian tratu ona eman zidaten arren,
han gaizkitu nintzen zinez,
eta kapitaina nolakoa zen ikasita handik irten nintzen minez
Egin duten dena damutuko zaie, baietz!

77 Halaxe onez gorde gaitu Jainkoak
ni eta nire adiskide onak.
Azkar joan ziren beste hiru ontziak,
baina bertan zirauen denetan handienak.

78 Aita Santuaren izenean,
kapitain hark dena nahi zuen lapurtu,
eta gazte-jendea eraman, katoliko egin
eta euren herrian duintasunez tratatu.

79 Asmo haiek eragozteko baserritarrak
aholku eske niregana etorrita,
marinelak bakean joan ziren
baserritarrek hogeita hamar ardi salduta.


1615. urtea[aldatu]

80 Hirugarren udaberri aldian berriak agertu.
Han (onik) gelditu ziren bi ontzi izan ezik,
baleontziak izotzetik ziren aldendu,
haietan «marinelen morroi» inozoak agertu.

81 Hil nahi zituzten mutiko eztiak
tupustean zituzten helduko.
Haien ustez, sona zuten irabaziko
eta entzute handiko erailketa burutuko.

82 Hogeita hamar herritar zalapartaka erasoan
hamahiru marinelen kontra bizi-bizi;
halako kemenez eutsi zioten erasoari,
morroiak mendi eta ibarretara joan ziren ihesi.

83 Bilau haietako bi bazituzten zauritu,
besteek harrien urratuak zituzten nozitu,
baina Asentsio kapitainak
abiatu aurretik bakean agurtu.

  • * *

84 Hamasei ontzi bistaratu ziren Strandir-en parean.
Ia uda erdira iritsia zen,
hiru ontzi badian sartu zirenean;
liskarrak ez ziren urruti izango askoren ustean.

85 Gainerakoek ekialdera, Errusiarantz jo zuten,
ohikoa zen bezala balearen arrantzara.
Etxetik irten eta joan nintzen berehala
Reykhólar-era, epaileari aholkua eskatzera.

86 Idatzizko errege-dekretu bat iritsi zen lau ontzietara,
bazutela bakean lehorreratzeko baimena,
baldin jendea bakean uzten bazuten hala.
Hiru besterik ez iritsi ziren hara..

87 Jendeari hamabi balea gazte eman zizkioten,
eta jaso baino gehiago itzuli zioten.
Mateoren egunera arte egongo zirela zioten;
orduan itsasoratzeko hasi ziren prestatzen.

88 Ontzi nagusian zegoen izen handiko jendea:
Martin Villafranca ospetsua,
eta hondoa ez jotzeko badiako lekurik onenean
ontzia jarri zuen Pedro, pilotu zahar jakintsua.

89 Pedro Agirre zuhurra zegoen bigarrenean,
Esteban mutila, berriz, hirugarrenean.
Hantxe ginen bertako herritarrok,
kezkatzeko seinaleak antzeman genizkienan.

90 Ur gainean lurrerantz bi izozmendi,
dorreak bezain handi, itsasotik eraso zioten lehorrari;
hondoa jotzean, pusketaka desegin ziren
eta kostako txalupetara erori.

91 Hegoaldetik mehatxu bat zetorrela igarri;
ekaitz-lainoek belztu zuten zerua,
Pedrori eman nion arrisku ziur haren abisua;
agian iluntzerako igaroko zuela eman zidan hark mezua.

92 Aldentzen baziren, babesik gabe
geldituko zen horrela Esteban, bere laguna.
Kristauak badaki bestea behar zaiola axola,
eskuko behatzak bereizezinak nola.

93 Ilun bazegoen ere, iritsi ginen
euren etxoletatik granjetara,
etxeak eguraldi txarrerako
hobeak zirelako, babesera.

94 Tximistak eta trumoiak zebiltzan
burrunba-hotsez etxe barru eta landan.
Enbatak etxeak herrestan zituen eraman,
lurra berriz, urratzen eta harrotzen zen bertan.

95 Tximist eta trumoiek burrunba batean
izan zuten lurra gau beltz hartan;
gizon haiek ez zuten izan bake eta atsedenik
egunak aurrera egin bitartean.

96 Urperatu ziren hiru ontziak batean.
Pedrorena, bi gizon hoberenena
eta Estebanena gauean
galdu ziren zorte berean.

97 Gizagaixo haiek ez zeuden egoera ederrean,
txabolen ondoan, errukarrien antzean:
zaurituak eta kolpatuak, ia biluzirik etzanda,
erdi hilik bailiran atari zabalean.

98 Orain mintza gaitezen
hirugarren kapitainaz (Martin).
Naustvik-eko ipar itsasartetik, apaiza han bizi zenez,
eguraldia txartu aurretik mutil batekin joana zenaz.

99 Apaiza harekin zen zorretan,
balea-okela eta sekreturen baten mesedetan.
Zor zionaren bila joan zen,
bake eta adiskide giroan irten nahian.

100 Bi ardi eskatu zizkion ordainetan
eta zor zuena kitaturik geldituko zen bakean;
baina, apaiz gaiztoak
hitz txarrak esan zizkion betiko legean.

101 Ordain zezala eskatzen zion auzoak
apaizari, denen arteko bakearen izenean.
Txahal kaskar bat eman zion azkenean,
hala kapitainarekin adostean.

102 Gauaren ilunean haitzartetik igarotzeko,
apaizak zaldizko bat bidali zuen gidari.
Zintzurretik helduta ito izana apaiza edo beste bisitari,
gezur gaiztoa denarena hementxe duzu froga argigarri.

103 Harrera beroa egin zioten Brandurri ontzian,
gauean ezbeharra gertatu bitartean.
Aingura guztiak libratu ziren eta
ontzi nagusia zegoen bultzaturik lehorrean.

104 Lema zuen hautsia eta zulatua gelditu zen ontzia.
Konpondu eta ur gainean jartzea
ez zen zaila lortzea, beste gertakari batzuk
agertu izan ez balira, ordea.

105 Orduan Martinen bila iritsi zen apaiza,
jakitera onartzen ote zuen txahala.
Martinen erantzun azkarra: Pedro zegoela
okerrena eta hari eraman ziezaiola

106 Pedrorengandik kutxatila eta kutxa balioso bat
jaso zuen apaizak trukean,
apaizari nahi zuen edozer eskainiz,
lehen bezain orain, eskuzabal azaltzean.

107 Apaizak eman zuen Vestfjord-ak
(Strandirretik) zeharkatzeko bidea,
eta Gunnstein-en granjan
ontzi on bat bazelako albistea.
Eta talde txikietan joanez, komeni zela zuhur izatea,
bideko zenbait parajetan argiuneak bilatzea.

108 Haiek haren aholkua jarraitu zuten,
azpijokoz engainaturik,
eta latinez bere eskuz idatzita
eman zien gomendioa harturik.

109 Abiatu ziren zortzi ontzi txikitan
itsasbidea eginez laurogei gizon eta hiru mutil,
nahiz eta itsasoak zirudien zeharkaezin
Hornstrandir inguratu zuten abil.

110 Gunnstein-en ontzia baliagarria zen ikusteko,
ausart haiek zuten haren granja aurkitu;
baina, inolako trukerik egin ezin izateraino,
Gunnstein oso zen haserretu.

111 Eta ardiak aldentzeko eta gurin-kaxak
ezkutatzeko eman zuen agindua bertan.
Baina, morroiari hamahiru behiak ihesi,
sorotik ukuilura itzuli zitzaizkion bueltan.

112 Espainiarrek behiak asketan lotu,
saroiak zaindu eta itxaron egin zuten,
nekazariaren erantzuna nahi baitzuten.
Hala gau batzuk igaro zituzten.

113 Nagusiak agerian utzi zuen
ez zuela ezer nahi haiekin.
Joan zitezela pikutara ontziarekin
eta konfiskaturiko gainerako guztiarekin!

114 Abiatzerakoan, ahulenek Gunnstein-env
ontzia izan zuten nahiago;
itsasontzi nagusiko eskifaia sendoak
euren ontziak nahi zituzten nabigatzeko.

115 Hamahiru behi haietatik, gainerakoak utzita,
antzu bat hartu zuten elikagai.
Marinelek egoera txarrean zuten eurena ahaztuta,
adur txarreko ontzia probatu nahi.

134 Martinek taldeari galdetzen dio gauaren erdian
bakea galaraziz, zer zaion leporatzen,
eta zerk haren jendea hiltzeko
arriskuan jartzen?

135 Morroi ergel batek: «Hiru aldiz eta gehiago
txirtxilatuko zaituztegu», haserre antzera.
Apaiza ere iritsi zen hara,
lau gizon bildu ziren taldera.

136 «Aski da, Martin! Jakizu eta
gure epailea iritsi dela ikusi ezazu.
Islandiarrok egin dizugun mehatxua
zugan konplitzea merezi duzu».

137 «Orain artean izan bagara zuen beldur,
nahiz eta izan zareten gurekin adeitsu eta samur,
gaur egun zenbatuak dituzue orduak
eta zure ondasunak erregearentzat dira segur».

138 Martinek dio: «Eskerra Jainkoari!
Denok dakizue ez nuela horren berri
eragozpenak eta kalteak
egiteko inori».

139 «Lur honetan legea bete nuen eta
nire eskutitzak dio eskaini nituela hamarrenak,
edozer egingo nuke bakearen alde,
aitortu, beraz, nire bizia zein ondasunak».

140 «Hala da hori, erantzun zuen apaizak,
eta nik dezaket agertu.
Baina guk behar dugu jarraitu eta
erregeren aginduak konplitu».

141 «Otoi, Martin, Jainkoaren izenean,
utzi zure arma eta eska ezazu salbatzea,
emango zaizu eta izango zara ongietorria,
eta lortuko duzu gure sesio guztiak uxatzea».

142 Martinek dio: «Eskerrak Jainkoari!»
Onez hartuko zukeen hark errukia,
epaile prestuak eskaintzen zion grazia,
apaiza zela bitartekaria.

143 Martinek apaizari eman zion arma,
jausiz ahuspez lurrera;
herrestan joan zen erdira, epailearen oinetara
eta usterik onenaz gizonen ingurura.

144 Grimur zeritzan gizon gerrari basatiak,
hark zintzurrean eman zion aizkoraz Martini.
Lepauztaian salto kolpeak;
ez zen izan Grimur-ek nahi bezain hilgarri.

145 Jauzi batez bizkarren gainetik, ingurutik irtenda,
maldan behera jaitsi eta itsaso zakarrera jauzi,
salmoak latinez kantari.
Apaizak eta beste askok zuten hura ikusi.

146 Kapitaina hiltzeko ontzi bat uretaratu,
harriak boteaz amorraturik,
bekokian batek egin zion talka
eta gelditu zen hondoratu gabe zorabiaturik.

147 Lurrera arrastaka eramanez,
biluztu zuten hondartzan,
sabela ireki zioten bizirik zela artean,
kuzkurtuz bihurritzen zen bitartean.

148 Gorpuari harri bat lotu zioten irekita zegoela;
ahal bezain urrun eta sakon zuten lurperatu.
Badia bat-batean egin zen baretu.
Auskalo zergatik zen hala gertatu!

Islandiako ohar naturalista zaharrak Zetazeoei buruz.