Itsasoko kultura/Itsasoa, literatur eremua
Hotzepelak dira Erdi Arotik datozkigun albisteak, historiako lanbro artetik zirriborro antzo datozenak. Erdi Aroa da lilura agortzen zaionean bere nortasun misteriotsu guztia desagertuko zaiola jakin badakiela dirudien aroa.
Antzinaroko itsasoa
[aldatu]Errealitatea iradokitzen diguten lehen albisteen artean, taxuketa mosaiko batean oinarrituta beti ere, aipa di-tzagun: Plinioren Portus Amanus obra, gaur egungo Nerbioirekin zerikusia baduena; edo Notitia dignatatum obran azaltzen den Lapurdumen lehen aipamena; edo Orosioren Oceanus Cantabricus a, Tarraconensearen bidaia eta Marciano Heraklearen idatziak, Ptolomeren aipamen saihestezina duena, besteak beste.
Errealitatea, mitoa eta kondaira
[aldatu]Itsasoari buruzko literatur irudigintza, abiapuntuan dugun hipotesiaren arabera, muga mugan dago mitoaren eta deskripzio errealistaren artean: antzinaroari buruzko lanetan —«Libre de Alexandre»—, bretoien zikloko gesta kantetan, Arturoren zikloaren aberastasunean eta abar. Hipotesi horrek, gainera, irudi lasai eta zientifikoa emango liguke, erreferentzia literarioek orduan ezagutzen zuten itsasoren aipamena egiten zuten neurrian, beti ere, eta irudi ekaiztsu eta tragikoa, aldiz, mitotik gertuago legokeena, antzinateko literatura itsaso ignotus, erasotzaile eta Herkulesen zutabeak baino haratago zegoenaz mintzatzean, edo Erdi Aroan Finisterrez haratago ziren leizeak irudikatuz ordukoak izutzen zirenean. Kolonen aurkikuntzaren aurreko itsaso beltza aitzakia ezin egokiagoa zen mito tragikoak sortzeko ez ezik, baita urruntasunak sorrarazitako maitasun ametsak egiteko ere.
Erdi Aroko itsasoa
[aldatu]Alabaina, Erdi Aroko unerik oparoenetan, milurtekoak eragindako izua oroitzapena baino ez zenean, feudalismoko gizakia, lurrak ontzat ematen zuenarekin hain baldintzaturik, eta giza jardueraren erdigunea zen Jainkoarenganako beldurraren aurrean banaka errebelatzerik gabe bazegoen ere, Txinara iritsiko zen Marko Polo, Jerusalem setiatuko zuten gurutzatuek, hiria kristauen eskuetara itzultzeko ahalegin ausarditsuz, eta ezin konta ahala bider zeharkatuko zuen Raimond Lullek Mediterraneoa.
Bidaien eszenatokia
[aldatu]Horregatik, bidaietarako eszenatoki aproposa da itsasoa. Hala ere, lurrez egindakoak du horren esanahirik sakonena: erromesek, juglareek eta gurutzadetan parte hartzeko Europa behin eta berriz zeharkatzen duten gerrariek. Erromesaren irudia bidaiaren esanahiri estuki lotzen zaio. Fedeak abenturara bultzatzen du gizakia, ala abentura goseak elikatzen du fedea, eta ibilbide luzea mugarritzen: ermitez eta katedralez, ostatuz eta harrizko gurutzez, erromanikoz nahiz gotikoz.
Dena den, gure ustez, ez dago zertan lehorreko bidaiei garrantzia kentzen ibili, Erdi Aroak ere itsasoari atzea ez ziola eman baieztatzeko. Bidaia sarritan izendatzen da navigatio gisa, eta horren adibiderik ezagunena da IX. mendeko Navigatio Sancti Brendani Abbatis idatzia. Erromesaldiak berak ere behartzen ditu maiz bidaztiak ibaiak zeharkatzera edo saihestera, edo ontziratzera, gerran ziren lurraldeetatik irteteko edo bidea luzea mozteko, besterik gabe. Orreagako kantuan lehorretik eta itsasotik bidaiatzeko beharra adierazten zaigu:
Metíme al camino, pasé ate la mare, \\ pasé Jerusalem, fasta la fuent Jordane, \\ corriemos las tierras d’ella e d’ella parte.
Sineskizunak eta elezaharrak
[aldatu]Apolonioren Liburuak hilotzak itsasora botatzeko ohitura deskribatzen digu; hau da, betiko atsedenerako leku aproposa «balsamaron el cuerpo como costumbre era». Ez dakigu euskaldunen artean halako ohiturarik bazen, baina Apolonioren deskribapena jarraituz jakin digu zerraldoaren zirrikituak ur ahiez eta argizariz lohituta eta hilotza jantzi onenez jantzi ondoren, urrezko txanponak sartzen zizkiotela zerraldoan:
Cuando fue el ministerio todo acabado, \\ el ataut bien presto, el cuerpo bien cerrado, \\ vertieron muchas lágrimas mucho varón rascado, \\ fue a pesar de todos en las ondas echado.
Gizakiak edozein arazoren aurrean beti du Ama Birjinaren laguntza eskatzeko pribilegioa: kantu batean Berceok Bretainiako itsasertzean hondoratzeko zorian zegoen ontzi baten gorabeherak kontatzen dizkigu. Marinelak otoitzean hasi zitzaizkien santu ezagun guztiei, harik eta haiekin batera zihoan fraide batek Ama Birjinari otoitz egiteko proposamena egin zien arte. Ama mastaren tontorrean azaldu omen zitzaien eta itsasoari baretzeko agindu.
Zentzu bera du Alfontso Erregearen kantika batek, Algarven gertatutako mirari bat kontatzen duenak: marinel arabiar batzuk Ama Birjinaren irudi bat itsasora bota omen zuten eta harrezkero arrantza guztia leku hartatik desagertu omen zen, harik eta irudia berreskuratu eta gotorleku bateko almenetan jarri zuten arte.
Konkistatzaileek badakite itsasotik ustekabean sartzen, normandiarrak kasu. Lapurdira iritsi ziren eta ibaian gora bidean topatzen zituzten herrixkak arpilatu zituzten.
Historia eta lanbro artean, elezaharra beti egongo da presente. Agian, San Leoni gertatua da iradoki-tzaileena. Arpilari normandiarrak itsaslapur gisa ezagutzen dira, Caro Barojak garai hartako testu bat aipatuz oroitarazten digun moduan: «Erant autem prope villam piratae in cavernis habitantes». Baiona zen itsaslapur haien babeslekua eta San Leon, Nafarroako lurraldeetan barrena ibili ostean, Baionara itzulita, martirizatu egin zuten.
Jaun Zuriaren elezaharrean, ordea, protagonista ez da atzerritar bat, baizik bertako bat, Bizkaiko Jaun Nagusia, hain zuzen ere. Eskoziako erregearen alaba atzerriratu egin zuten maitasun iheskor baten ondorioz eta hura gure lurrean erditu zen Bizkaiko Jaurerriaren fundatzaile izan zenaz.
Bizia biziagatik arriskatzen
[aldatu]Esparru ekonomikoa
[aldatu]Itsasoa ezinbesteko elementu geografikoa da bidaietarako, baina hil edo biziko garrantzia duen elementu ekonomikoa ere bada. Hori esaten digu Karmelo Etxegaraik bere De mi tierra vasca liburuan: «La tierra era muy dura, muy ingrata, no respondía a los afanes de quienes querían arrancarla lo preciso para el sustento de los suyos. Para quien tuviese valor bastante y el ánimo hecho para afrontar sin tibiezas de la voluntad la furia de los elementos desencadenados, el mar estaba allí...». Etxegarairen hitzak edozein garairi aplika-tzeko baliagarriak dira.
Baina, kontua da euskaldunak Ternuara iritsi zirela, abentura goseak eraginik nahiz beharrak bultzaturik. Balearen arrantza mitikoak zetazeoaren olioaz eta beste produktuez gain, beste ekarpen bat egin zuen: on-tziola egokiak sortzea. Euskal portu askotan hori izan zen arrantzarik garrantzizkoena, esate baterako, Ziburuko Joanes Etxeberrik eman zion garrantzia kontuan hartzen bada. Horren adierazgarri egokiak dira gurean Erdi Aroko irudiak eta arrantzale etxeetako ateburuetan ikusten diren balearen arrantzako eszenen grabatuak.
Baina, ez zen balea izan euskaldunek itsasoan bilatzen zuten produktu bakarra. Hitako artzapezaren liburuan, «De la pelea que hubo don Carnal con la Cuaresma» atalean, bijiliak garaile irten nahi du hasitako borroka dialektikotik, eta, Laredoko itsas aingirak, Sevillako kolakak, Valentziako «anguiellas», edo Santanderko otarrainak gomendatu ondoren, honako hau dio:
Fecho era el pregón del año jubileo, \\ por salvar las sus almas habían todos desseo: \\ cuantos son en el mar venían al torneo, \\ arenques e besugos venieron de Bermeo
Kontakizun horren arabera, oso aspaldikoa da arrantza, gure kostaldeko hiribilduen hiri gutunetan eta fundazioetan agertzen den moduan. Hortaz, halako garrantzia duena ez da egiaztapen hori, baizik eta bisigu bermeotarrei buruzko topikoa literaturan noiztikakoa den jakitea.
Merkataritzak bi modu zituen hedatzeko, nola lehorrekoa hala itsasokoa. Ederki irudiztatzen du gai hori ur gainetik ere ibiltzen badakien diruari buruz ironiaz mintzo den atsotitzak.
Pero Lopez de Aiala gasteiztarrak oso gogor eraso zien merkatariei bere Rimado de Palacio lanaren ataletako batean, haren iritziz haien aberastasun gosea gauza baitzen edozein erresuma kolokan jartzeko. Merkatariak, alabaina, bere burua defendatu zuen kantzilerraren salakuntzaren aurrean:
[...] Somos en peligro en tierra e en el mar, a nos faze agora el rey otros diezmos pagar.
Denborak aurrera egin ahala ontzen eta finkatzen joan diren atsotitzetan, etengabekoa da itsasoak eragiten digun begirune edo beldurrari buruzko aipamena:
Gurmak itsasoan, kandela piztu arasa gainean
(lanbroa bada itsasoan, piztu kandela arasa gainean)
Edo antzeko beste aldaera batean:
Gurmatzan txalopak tutuka, etxean andrak erreguka.
(Txalupan uluka lanbrotan, eta emakumeak otoizka etxean).
Beste atsotitz batek oso era poetiko batean biltzen du itsaso zabalean hainbatetan galdutako marinelengatiko samina:
Mariñelaren alabak, argizai olari kontu danak.
(Arrantzalearen alabak argizaiolari bere zorigaitz guztiak)
Bada gure atsotitzetan beste bertsio oso adierazgarri bat:
El mejor vigía, la viuda: siempre mira al mar.
XVII. mendean Joanes Etxeberrik ere halako irudi poetiko bat eman zigun bere Itsasturi iracurtzailleari abisua lanean:
Mariñelen emazteac goicean tuc senhardun, \\ eta titcha aldaturik, arratsean alhargun.
(Marinelen emazteak goizean dira senardun eta zoria aldaturik arratserako alargun).
Bertsio bertsua eskaintzen du Oihenartek ere, garai bereko atsotitzen bilduman:
Itsasturiaren emaztea goizean senhardun, arratsean elhargun.
Itsasoaren arriskuak
[aldatu]Dena den, arrisku guztiak ez zaizkio itsasoari soilik ezarri behar. Badute lapurreten berri itsasgizonek ere, lehorrekoak bezalaxe. Lopez de Aialaren garaian (1348), Bilboko eta Baionako portuek itun bat sinatu zuten Hansa Teutonikoarekin, merkatari harremanak sendotze aldera eta itsaslapur normandiarrei aurre egiteko asmoz, beraiek ere hala itsaslapur bihurtuz sarritan.
Oso hurbilekoa da oraingoan Santandertik datorren berria, arrantzale gaiztoaz ahaztarazten gaituena. Ezaguna da Libro de miseria del homne kodize anonimoa, Valderribe herrixkako dorre baten aurrietan aur-kitutakoa. Hamasei silabako bertso egitura bereziarekin batera, bertsoaren zorroztasuna nabarmendu nahi genuke:
Del pescador vos diré el otro día qué lizo: prometióme buen pescado e venidómelo repriso, \\ mas tal provecho le fagan los mis dineros que priso \\ cual a mi fizo el pescado quier cocho quier frito.
Irudiak eta literatur tradizioa
[aldatu]Errealitatetik irudi poetikora eta sinbolora, halaxe erabili izan zen Erdi Aroan itsasoa, heriotzari eta geroko bizitzari buruzko metafora nagusi gisa.
Ez dago zertan Jorge Manriqueren hitz ederretan galdu:
«Nuestras vidas son los ríos que van a dar en la mar, qu’es el morir».
Apaindurazko hezurdura bera aurki daiteke Guevararen Cancionero General laneko testu batean:
Y con esta fe llorosa \\ sin ca mi seso te ascondas, \\ bogaré en las altas ondas \\ de aquella mar peligrosa, \\ do, si vivo, veviré \\ con gran dolor, \\ y si muero, moriré \\ tu servidor.
Behin eta berriz baliatu ziren itsasoaz, denborarekin topiko bilakatu ziren alderaketak egiteko. Hona hemen zer dioen XI. mendeko testu batek: «Oh, fortuna de la mar que transtorna mis navios», eta garai bereko beste testu batek dio «el agua blanda en la peña dura faze por curso de tiempo señal», eta aukera horietan guztietan, hainbeste itsasontzi hondoa jotzera eramaten eta haitzik gogorrenak zulatzen dituen itsasoa herioaren edo maitasunaren konparazio bihurtzen da.
Maitasuna
[aldatu]Aragoiko Pedro Manuel Ximenez de Urreak honela hasten du kantu bat XV. mendearen hasieran, itsasoaren eta emakume ederraren arteko paralelismo zehatz bat finkatuz:
Como cuando en alta mar \\ van las fustas navegando \\ y, por ir en gran lugar, \\ fortuna van recelando \\ con temor de peligrar, \\ yo en mar de vuestra hermosura...
Garapenean eta koherentzian aurrera egin zuten gaiek. Handia eta zabala da itsasoa, halakoxea maiteminez den bihotzaren oinazea. Ezaguna da gure artean Ana Juanixe ren balada. Balada horretan, itsasoak marka-tzen du familiaren eta bertako kidearen arteko distantzia.
Txalopatxu bat, txalopatxu bi, \\ Santa Klararen parian, \\ nere anaia antxe datorke \\ batian edo bestian.
(Txalupa bat,txalupa bi, Santa Klararen parean. Nire anaia han letorke, batean nahiz bestean).
Arrebak gurasoez egiten du galde. Anaiak ematen du erantzuna: gurasoak ondo dira, baina gauza lotsagarri bat gertatua da, Ana Joanixe ezkontzen dela jakin baitute.
Aita Donostiak Hazparnen bildutako Ene mutilik ttipiena (itsasmutila) baladan, marinelak denbora luzez daude itsasontzian, janariak agortu zaizkie, eta kapitainak itsasmutilari eskatzen dio igotzeko mastaren puntara eta ikusteko lehorrik begiztatzen den. Mutilak Angeluko lurrak eta leihoan josten ari den Mairena (kapitainaren arreba) ikusten dituela esaten dio.
Zazpi urte ba ditu uraren gainean ginela \\ sei urteren janaria baizik gurekitan ez ginula \\ zazpigarrenian jan genituen txakurra eta gatua. \\ Ene mutilik ttipiena ene mutilik maitena \\ habil harat habil hunat mastanoaren puntara \\ mastanoaren puntara eta ageri denez leihorra. \\ Nagusia heldu nintzaitu bihotza arras tristerik \\ ez dut ikusi leihorrik ez eta ere belarik \\ jan nazazie jan nazazie jan beharra naiz lehenik. \\Nagusia heldu nitzaizu bihotza alegerarik \\ ikusi dizit Londrese bai eta ere huraxe \\ zure arreba dendaria josten ari da leihoan.
Euskal baladak liburuaren egileek diote oso gai ezaguna dela hori Europa osoko baladetan: Lehorrik aurkitu ezin duen itsasontzi baten zorigaiztoko abentura kontatzen digu balada honek. Janariak agortzean, hiltzekoa den eskifaia kidea hautatzeko zotz egin dute eta kapitainari egokitu. Honek, ordea, ez du itxaropenik galtzen eta mutilari eskatzen dio mastaren puntara igotzeko lehorrik baden ikustera.
Liburuaren egileek ezaugarri bertsuak dituen balada portugaldar bat aipatzen dute, A nau Catrineta eta Zatarainek La court paille frantsesa aipatzen du, gurearen antzekoa.
Marinel bahitzailearen balada ere ezaguna da. Brodatzen ari nintzen kantuan, marinelak neska gazte bat bahi-tzen du eta itsasontzira eramaten; han lo belarrez loarazten du. Neska esnatzean konturatzen da bahiturik dagoela eta ezpata batez hiltzen du bere burua. Lakarraren arabera, Gaztelako tradizioan ezaguna da gai hori, nahiz eta beste bertsio batzuk badiren Piamontekoan (Il corsario) eta Frantziakoan (La fille aux chansons).
Desleialtasuna
[aldatu]Euskal atsotitz batek jasotzen du lurrean gelditu den andrearen desleialtasunari buruzko gaia ere:
Gurmatan galdu zan gizona, andrea aizetan ebillen artean.
(Gizona lanbrotan galdu zen, andrea arinkerietan).
Badugu aldaera barregarri bat ere, Ana Joanixeren hasierako eredua baliatuz senarraren desleialtasuna agertzeko:
Txalupatxo bat, txalupatxo bi, gure andreak begi bi.
Dena den, desleialtasunaren gai hau ez da oso ohikoa.
Euskal kantuetan itsasoagatik gertatzen diren urruntzeak etengabeko erreferentzia familiako harremanak badira, Gaztelako eta Galiziako kantutegietan maitaleen artekoak dira harreman horiek. Hau dio gaztelaniazko testu batek:
Miraba la mar \\ la mal casada, \\ que miraba la mar \\ cómo es ancha y larga.
Distantzia
[aldatu]Itsasoak distantzia handiagotzen du. Sentipen hau kemen handiz jaso zuen Nuno Fernandes Torneol galegoak:
1. Vi eu, mia madre, andar \\ as barcas eno mar, \\ e moirome de amor.
2. Foi eu, madre, veer \\ as barcas eno ler, \\ e moirome de amor.
3. As barcas eno mar \\ e foilas aguardar, \\ e moirome de amor.
4. As barcas eno ler \\ e foilas atender, \\ e, moirome de amor.
5. E foilas aguardar \\ e non o podi hachar, \\ e moirome de amor,
6. E foilas atender \\ e non o pudi veer, \\ e moirome de amor
7. E non o hachei i, \\ o que por meu mal vi, \\ e moirome de amor.
Gai bera berritzen da beste kantu honetan:
Nas barcas novas foise o meu amigo daqui, e vexo eu vivire barcas e teño que ven i,/ mia madre, o meu amigo.
Urrundu zena itzultzean, bakeak berriro atseden hartzen du maiteminduaren bihotzean:
Diseronme hoxe, ai, aima, que non e meu Almirante do mar, e meu corapon xa pode folgar e dormir xa; e por esa razon o que do mar meu amico sacou saqueo Deus de coitas que afogou.
Loreak dakartzan maitalea itsasotik datorrela dio beste kantu batek.
Neskatila galego amoros batek olatuei galdegiten die zergatik daraman maiteak hainbeste denbora bizi den seinalerik igorri gabe.
Itsasoa madarikatzen da leloan, amorosaren bihotza mintzeagatik:
Maldito sexa el mare/ que mi faz tanto male!
Amorosak itsasertzeko San Simon ermitan itxaroten duela kontatzen digu XIII. mendeko kantu galego batek. Hura konturatu gabe urek ermita inguratzen dute, baina neskatilak ez du, ez marinel ez arraunlari, arraunean egingo dionik:
Non hei barqueiro non sei remar, \\ morrerei fremosa no alto mar, \\ eu atendendo o meu amigo, \\ eu antendendo o meu amigo!.
Itsasoari buruzko irudi poetiko guztia Erdi Aroan zehar taxutu zen, eta irudi eta topiko horiek guztiek ez zuten mugarik topatu. Abentura gisa, itsasoaren irudia sendotzen da etxearen segurtasuna azpimarratzeko, aurrez aurre jarrita. Honek maitasuna, familia, bizimodu xumea eta abar sendotzen ditu; itsasoak, aldiz, maitalearen falta, familia haustura, arriskuz betetako bizimodua…
Hizkuntz tradizio bakoitzak bere berezitasunak eransten dizkio guztiona den egiturari, baina azkenean, beti dago itsasoa ilun ikusteko modu berdin berdin bat, Errenazimentuaren atarian, Erdi Aroko gizakia lurbira menderatzeko irrikan balego bezala.
Irudigintza horrek errepikatuz joango den klixe multzo bat utziko du atzetik datozen mendeetarako. Erdi Aroan zehar, itsasoak bidea eman zuen alderaketa zorrotzenak, metaforarik bizienak eta sinbolorik sakonenak sortzeko.
Lorpenak eta ezaguera
[aldatu]Errenazimentuko itsasoa
[aldatu]- Etxepare
Errenazimentura iritsita, Bernard Etxeparek inprentan zuen uste ona kantuz eman zuenean eta, hari esker, hain baikor azaltzen zaigunean, bitan aipatu zuen itsasoa, eta bietan ere inguruan ditugun literaturetako topiko berak erabiliz. Haren Judizio Ienerala poema luzean esaten zaigu Jainkoa epai handia burutzera Josafateko zelaira agertzen denean nahigabeturik egongo direla elementu guztiak:
Itxasoa samurturik goiti eta beheiti, \\ hango arrainak iziturik ebiliren ialgirik.
(Itsasoa haserre eta nahastuta azalduko da, eta arrainak izuak hartuta saltoka irtengo dira).
Ez da Erdi Aroko berezko irudi bat, Bibliako tradiziotik datorrena baita. Baina, kontua da Erdi Aroa an-tzinaroaz baliatu zela mitoaren eta bere berezko ezagueraren arteko lotura egiteko.
Amorosen gaztiguya (maitaleen ohartarazpena) poeman, Ama Birjinaren bitartekotzaren irudia bera berritzen zaigu; Erdi Aroan hain ezaguna den irudia, alegia:
Itxasoan ur guziya, zeruyetan izarra, \\ oihanetan itzal ori, lur guzian belharra, \\ egunari iguzkia, gau beltzari ilhuna, \\ lehen faltaturen dira ezi hura gugana, \\ balinetan egiazki gu bagaude hargana.
(Hura guri baino lehenago faltako dira itsasoan ura, zeruan izarra, basoan itzala, lur osoan belarra, eta egunari eguzkia, gau beltzari iluna, baldin eta egiaz gu biltzen bagara Harengana).
- Joanes Etxeberri
Jatorri biblikoa duen topiko hori bera erabiliko du mende bat beranduago Joanes Etxeberri Ziburukoak bere Noelac —Gabon kantak— obran, ohar bat egiten digularik, Jainkoak zerua eta lurra sortu zituela Jesus jaiotzean,
[...] los peces saltaron de gozo en el agua, los animales en el bosque y las aves en el cielo.
Jesus gurutzean hiltzean,
[...] en el cielo se escucharon gritos y lamentos, y en el mar bramidos y tormentas.
Jainkoak du itsasoaren gaineko aginpide osoa:
Tú das tormentas y vientos, tú pones los límites al mar.
Eta Jainkoaren perfekzioez hitz egitean, honela otoizten du:
Arren, bada, perfekcione \\ guztien itsaso, \\ zaren bethi ene iabe \\ eta habe sendoa.
(Otoi, bada, perfekzio guztien itsasoa, izan zaitez nire jaun, nire babes sendo).
Baina, hain topiko ezagun horiez aparte, itsasoaren gaiari Manual devotionezcoa obraren atal bat eskaintzen dio Joanes Etxeberrik eta, Itsassoco biayetaco othoitcen araldea —Itsasoko bidaietarako otoitzen antologia— obraren bidez, itsasoak bereak dituen zereginetara emanak eta kantuan ohituak dauden euskal marinelek erlijiozko bertsoak ere kantatzea luke gura.
Garai hartako marinelen ohitura eta bizimoduari buruzko informazioa eskuratzeko atal nagusi bat izan zitekeen «Ontzia zaharturik haustean; Enbargatzean; Aingurak altxatzean; Bertze untziarekin batzean; Haizea kontrakoa denean; Ontzitik nihor erori denean barrenekoek; Arraina atzemateko; Arrain ttipizaleentzat othoi-tza…», baina otoitzera bultzatzeko aitzakia hutsak baino ez dira. Otoitz aginduetan eta asmoetan informazio gehiago ematen zaigu otoitzean bertan baino. Lanbideez eta hainbat zereginez hitz egitean, aipatzen dizkigunak dira: burgesak, agintariak, pilotua… Eta zerrenda horretan ez zaizkigu aipatzen marinelak, eta pilotua da lanik astunenak eta ugarienak egin behar dituena: arruta —bidea— ematean, altura hartzean, karta miratzean —mapa begiratzean—, lema hartzean…
Itsaslapurrenganako beldurraz ere hitz egiten zaigu, baina zeharbidez, beste itsasontziekin batzea gertatzen denerako otoitza hala hasten baita:
Iaunac guarda zaitzatela perill guztietaric, \\ zuec ere zaitzatela helantza gaichtotaric...
(Gorde zaitzatela Jainkoak arrisku guztietatik eta baita ataka gaiztoetatik ere).
Arrantzaleez hitz egitean bereizi egiten dizkigu baleazaleak eta arrain txiki zaleak edo baxurakoak, lehenengoei eskaintzen dizkielarik otoitzik luzeenak, eta paradoxa egoki batez adierazten haien bizitza:
Biziaren gati dugu hirriscatzen bizia.
(Bizia arriskatzen dugu biziagatik).
Batean, arrantzaleak otoitz egin dio Jainkoari arrantzua hurbildu dezan, eta balea arpoiez kolpatu ondoren «itsasoan den sendoen arraina», Jainkoari otoizka jarraitzen du balea geldi dezan, txalupa gilaz gainera irauli gabe, segadetan dabilelako buztan eta bularrez.
Aitortzen du Etxeberrik nolako irabazia atera daitekeen balearen arrantzatik, baita ordea, zenbaterainokoa den ere arriskua: «Irabazia da handi, perilla ere handia». (Irabaziak bezain handi dira arriskuak).
Hondoa jo dezake aberatsak «orain aberats burgesa, aurkhi moian gabea» (orain aberats, laster baliabide gabea), izan ere, «zeren ureko ona den haizearen parea» (itsasoko irabaziak haizea bezain apetatsuak dira) eta horrez gain, «ofizio gaitzana duk ere itsasokoa».
Joanes Etxeberrik bazekien zer paper jokatu zuten aurreko mendeetako euskaldunek:
Escaldunen ozpea da lur guztira hedatzen, \\ eta itsasuri ontzat munduac tu laudatzen.
(Euskaldunen sona lur bazter guztietara iristen da, eta munduak laudatzen du marinel onaren pare).
Bi ahapalditan laburbildu zituen euskal marinelen balentriak eta munduak haienganako zuen begirunea az-pimarratu zuen. Errege Katolikoek, lehenik Portugalekin eta ondoren Frantziarekin gerran zirelarik, korso agiria eman zieten liskarretan parte hartzeko prest ziren euskal marinelei eta, korso agiri horren ondorioz, gure kostaldean ezagun bihurtu ziren euren itsaslapurretengatik Martinez Mendarokoa, Zumaiakoa edo Pedro Mondragonekoa. Ordurako Elkanok munduari bira emana zion eta Legazpik konkistatuak zituen Filipinak.
Lope Agirreren eta Katalina Erausoren bidaia eta abenturetako gorabeherak ere ezagunak zaizkigu Etxeberriren baiespenen erakusgarri.
Utopien eta itxaropenen jarleku
[aldatu]Baina, azken kasu horietan, modu bat bihurtzen da itsasoa: utopietara bidaiatzeko, Eldorado mitikoaren aberastasunez jabetzeko edo konkista berrien loria eskuratzeko. Ikusi besterik ez da Tomas Morok irla gisa irudikatu zuen Utopia, Sebastian Brantek bere Nave de los locos obran hartu zuen erabakia: amaierarik gabeko bidaia batean nabigatu behar zuten eroek. Hortaz, garaiko gizartea eratu eta kritikatzen duten sinbolotzat hartu izan dira itsasoa eta uhartea.
Baina, ironia eta kritika horiek nahiz eta kontuan ez hartu, Errenazimentuko edo barrokoko gizakiarentzat bidaiak ez du berez baliorik eta itxaropena sortzen die bidaiaren ondotik lor dezaketenak. Elkanok berak bide berri bat ireki nahi izan zuen Indiara iristeko eta Afrikako kostaldean Portugalek zuen itsas aginpidea saihesteko.
Urruntasuna eta inkomunikazioa
[aldatu]Eta, haiei bidaia baino nekosoagoa egin zitzaien itsasoak konkistatzailearen eta egiazko aginpidearen artean zorrozki ezartzen zuen distantzia, komunikaziorik eza, ekarriko zizkien gaizki ulertuez gain, tragedia konponezinak eragingo zituen egoera larriak sortu zituena. Lope Agirrek kexu saminez dio Anaia Frantzisko Montesinos probintzialari idatzitako eskutitzean: «Hacemos cuenta que vivimos de gracia, según el río y la mar y la hambre nos han amenazado con la muerte».
Eta Felipe II.ari idatzitako eskutitzean aitortzen du bere gaztaroan «pasé el Océano a las partes del Pir por valer más con la lanza en la mano y por cumplir con la deuda que debe todo hombre de bien», baina, hurrengo pausoa kexatzea da, erregek ez duela informaziorik esanaz: «creo bien, escelentísimo Rey y señor, que para mí y mis compañeros no has sido tal, sino cruel e ingrato, y también creo que te deben engañar los que te escriben desta tierra como están lejos».
Komunikazio falta da Agirreren zoritxar handiaren arrazoietako bat; eta konturatzea Marañonek ezin ziezaiokeela eskain hainbeste neke kosta zitzaion Eldoradoko lur mitikoa: «Avísote Rey y señor, no proveas ni consientas que se haga alguna armada para este río tan mal afortunado, porque en fe de cristiano te juro, Rey y señor, que si vienen cien mil hombres ninguno escapará, porque la relación es falsa y no hay en el río otra cosa que desesperar».
- Martin Oiartzabal
Martin Oihartzabalek 1633.urtean argitaratu zuen Les voyages aventureux du capitaine Martín de Hoyarzabal, habitant de Çubiburu lana eta 1677an euskaratu zuen Piarres Etxeberrik Itsasoco nabigazionea izenburuz. Ter-nuaraino iristea bidaia abenturazale bat zen eta liburuak horretarako argibideak —jarraitu beharreko itsasbideak eta garaiko beste ezaguera teknikoak— ematen zituen.
Itsasoari buruzko bi ikuspegietan, itxuraz kontraesankorrak diruditen arren, bidaiatzeko baliabide gisa deskribatzen zaigu itsasoa, eta Oihartzabalen kasuan, baliabideak eskaintzen zaizkigu bidaiak berez duen abentura onez bukatzeko.
Zentzu hori bera du 1606. urtean Donostian antolatu nahi izan ziren «Seminario de marinos» delakoak. Han gizon aproposak trebatu nahi ziren, gaur egungo eskola nautikoen antzera, bai Indietarako izendatu zen armadan jarduteko, bai itsas merkataritzarako.
Bidaia, errealitateak eta sinbolismoa
[aldatu]Erdi Aroko bidaiari buruzko ideia —eta hortaz, baita itsasokoa ere— sinbolismo ugariz zipriztindurik dago. Erdi Aroko gizakia barnera bildurik bizi zen, Jainkoarena zen bere bizia, eta sarritako gerrek nahiz aldian behingo izurriteek ez zuten bere sinesmena berretsi baino egiten.
Erromesentzat bidaiak berak esanahi osoa zuen; hala, bidaia eta erromesaldia bere arima garbitzeko eta Jainkoaren barkamena eskuratzeko bitartekoak ziren. Era horretan, bizitzaren metafora bilakatzen zen bidaia, bizitza hau ez baitzitekeen datorren bizitzarantz egiten zen bidaia baizik. Eta bizitza honetan paradisua aurki-tzea ezinezkoa denez, indarrak eta saiakerak bidaian bertan biltzen zituzten.
Errenazimentuko gizakia, aldiz, bere baitara bildu ordez, kanpora begira bizi zen eta inguruan zuen mundua konkistatzera jarriak zituen bere ahaleginak. Eta bidaiak beste esanahi bat hartu zuen: munduaren ezaguerak eta hura mendean izateak eraman zezakeen Eldoradora. Hala, itsasoa nahiz bidaia ez ziren deskribatu gabe zeuden elementuak, erakunde ideologico bat taxutzen zuten elementuak baizik. Nola ikusten eta ulertzen zen bidaia, huraxe zen bizitzaren ikuspegia eta interpretazioa. Ahizpa Joana Ines Gurutzekoaren kasua lekuko:
Quién no creerá, viendo tan generales aplausos, que he navegado viento en popa, y mar en lecho, sobre las palmas de las aclamaciones comunes. Pues Dios sabe que no ha sido muy así: porque entre las flores de esas mismas aclamaciones se han levantado tales áspides de emulaciones y persecuciones cuantas no podré contar.
Beste abagune batzuetan malenkonia adierazten da, bidaiaren ostean atzean utzitakoagatik, esaterako, Alonso de Ercillak bere La Araucanan:
Mira al poniente a España y la aspereza de la antigua Vizcaya, de do es cierto que procede y se extiende la nobleza por todo lo que vemos descubierto: Mira a Bermeo cerca de maleza, cabeza de Vizcaya, y sobre el puerto los anchos muros del solar de Ercilla solar antes fundado que la villa.
Baina itsasoa konkistatu ahal izateko lehenik ezagutu egin behar zen. Lehen aipatu dugu Martin Oihar-tzabalen liburua lekuko, XVII. mendea oparoa da itsas jakintzan sakontzen duten materialez. Hala, Mutrikuko Antonio Kaztañetak argitaraturikoa da Norte de la navegación y proporciones y reglas para la construcción de bajeles, edo Urduñako Andres de Pozak bere Hidrographia, Sumario de la esfera, instrumentos de la navegación, mares, latitud y longitud. Ilustrazio aldian sendotu zen ezaguera eta jakin min hori. Irmoki egiaztatu zuen hori Voltairek: «No nos fiemos más que de nosotros mismos. Veámoslo con nuestros propios ojos». Nahiz eta Voltaire, Barthesek ohartarazi zuen moduan, hilik zegoen pentsamolde baten aurka borroka-tzen saiatuko zen.
Haria berreskuratu behar dugu eta Martin Fernandez Navarrete aipatu, bere Colección de náutica o pilotaje lanarekin.
Indietako tratatugileentzat, itsasoa da Ameriketara iristeko modu bakarra eta Antonio de la Ascensionek biltzen ditu horretarako aukera guztiak bere Viaje del nuevo descubrimiento que se hizo en la Nueva España por el mar del Sur lanean.
Diziplina ezberdinen zerrenda luze bat zegoen lantzeko, itsas bidaien zailtasunek derrigorturik. Halaxe adierazten du Bizente Lardizabalen Consuelo de navegantes en los estrechos conflictos de falta de ensaladas y otros víveres frescos en las largas navegaciones medikuntzako tratatuak.
Beraz, bidaiaren esanahi espirituala ez zen ordurako Erdi Aroan bezalakoa. Errenazimentua eta ondorengo mendeak aurkikuntza handien eta bidaia loriatsuen aldiak ziren. Mundua kontrolatu eta egiazko mugak zein ziren jakin nahi zuen gizakiak. Hortaz, aurkikuntza geografikoak teknikoen parean gertatu ziren, hala nola: on-tzigintzari, militarrei, dietetikoei eta abarri buruzkoak. Munduak supituki hedatu zituen mugak, baina, paradoxak paradoxa, gizakiak ez zuen hain eraginkorki menderatzea inoiz lortu.
Gainbehera eta matxina
[aldatu]XVIII. mendea, historiografia literario baten ikuspegitik begiratuta, borborrean dagoen mende bat da: rococoa, mugimendu arkadiarrak, neoklasizismoa eta abar, eta bestalde, espiritu erreboltaria ereiten ari zen mugimendua, gerora erromantizismo bilakatuko zena. Rousseauren basati ona ez zegoen garaiarekin kontrajarrian. Joera idilikoen eta gortekoen garaia zen, gustu onaz arduratzekoak, eta literatura ona edozein eratako ekaitzen aurkako urlo egokia zen. Menendez Valdesek dio:
Dulce Dalmiro, cuando a Filis suena \\ tu delicada lira, \\ el río, por oirte el curso enfrena \\ y el mar templa su ira.
Cadizen jaioa izanik ere euskal marinel baten semea zen Jose Cadalsori eskainitako bertsoak dira.
Eta Jose Cadalso itsasoaz baliatu zen Espainiaren etorkizunaz sentitzen zuen larriaz hitz egiteko: «El que navega cuando truena, aunque el navío sea de buena calidad, el mar poco peligroso, la tripulación robusta y el piloto práctico, siempre se teme que caiga un rayo».
Bestalde, Espainiak bere hegemonia galdu zuenetik, marinelek ez dute zereginik Europan: «Cuatro pescadores vizcaínos, en unas barcas, hacían arriesgadamente viajes que no se hacen ahora sino rara vez y con tales precauciones que son capaces de espantar a quien las emprende».
Eta Kintana olerkariak, Cadalsoren garaikideak, martxoko iraultzaren ondoren, irudi bera baliatu zuen Espainiako gainbehera salatzeko:
Así, rota la vela, abierto el lado, \\ pobre bajel a naufragar camina, \\ de tormenta en tormenta despeñado \\ por los yermos del mar: ya ni en su capa \\ las guirnaldas se ven que antes le ornaban, \\ ni en señal de esperanza y de contento \\ la flámula riendo al aire ondea. \\ Cesó en su dulce canto el pasajero, \\ ahogó su vocerío \\ el ronco marinero; \\ terror de muerte en torno le rodea, \\ terror de muerte silencioso y frío; \\ y él va a estrellarse al áspero bajío.
Elezaharrak
[aldatu]Garai horretako olerkietan edo elezaharretan ez dira beti ukitu izugarri horiek sumatzen, nahiz eta, izadi gozatu baten ikuskizunaren ondoren, beti ikus daitekeen halako etsipen kontrolatu bat, zeren eta “iraganeko edozein aldi beti hobea bada”, inolako etorkizun distiratsuren itxaropenik ikusten ez delako baino ez da.
Garaiko elezaharretan itsasoaren aipamenak, bestalde, gutxi eta topikoak izateaz gain, La Fontainen itzulpenak edo elezaharren ihakinak izan ohi dira. Egoera hori hemeretzigarrenaren erdira arte hedatu zen, gure artean bederen. Hala egoera berri bat islatzen zuen Goienetxe apaizak euskaratutako La Fontainen elezaharrak: Artzain batek bere artaldea saltzen du, itsasotik irabaziak errazki sortzen zirela uste baitzuen. Baina. hark erositako ontzia hondoratu egin zenez, lehengo lanbidera itzuli beharrean gertatu zen. Ez zen, ez, gehiago tentaldi berean eroriko, ezen hobea baita «sos bakhar bat eskuetan, ecen ez hamar menturan» (hobea baita txanpon bakar bat eskuetan, hamar menturan baino). Eta elezaharra aholkua baino gehiago den ikasbide batez bukatzen da, bizitza ulertzeko modu bat berarekin izaten baitu beti:
Ambicionearen \\ eta itxasoaren \\ dei engainagarriari \\ ez zaiola behar beharria ideki.
(Ez zaio belarririk ireki behar ez askonahiari ez itsasoari).
Itsaso erromantikoa
[aldatu]Baina, oldartu egin zen erromantikoen aurreko espiritua. Honela adierazi zuen Goethek bere Werther eleberrian eratzen ari zen espiritu berria: «Por qué brota tan raramente el torrente del genio; por qué tan raramente muge en altas olas, estremeciendo vuestras almas atónitas. Querido amigo, allí viven los señores bien acomodados, a ambos lados de la orilla, cuyos invernaderos, macizos de tulipanes y campos de hortalizas, desaparecerían en ese caso, y que, por tanto, saben evitar a tiempo el peligro que amenaza para el porvenir, con diques y desviaciones».
Mefistofeles, Fausto obran, munduko jakintza guztiak menderatzen zituen arren ez zegoela asebeterik aitortzean, oldartzen bazen:
Como con vino nuevo, ya me enciendo \\ siento valor para lanzarme al mundo, \\ y asumir el dolor y. la ventura \\ de la tierra, envolverme en tempestades, \\ y no temblar al ruido del naufragio.
Itsasoaz baliatu zen Goethe goraipatzen zuen aldaketa adierazteko. Ez zegoen beste irtenbiderik, edo olatu handietan arriskatu, edo nork bere bizia dikez eta desbideratzez babestu. Mefistofelesen bidez bizira irtetea planteatzen du Goethek; hau da, arno berria edatea, saiakeran hondoa jotzeko arriskua dagoela jakinik.
Ez da kasualitate hutsa erromantizismo aurrekoek honako hitz hauek goiburu gisa hartzea «Sturm und Drang» (Ekaitza eta bultzada). Bihotza arte ekoizpenaren ardatz bilakatu zen eta harengandik sortzen ziren sentipen askeek baino ez zioten emango arte espresioari indarra. Bandera bizia izango zen askatasuna, eta etengabeak literatura erromantikoan hura igotzeko ahaleginak. Gizakia kateaturik gelditu zen askatasun gehiago eman beharko zioten konkistetan; herrien eta kolektiboen beharretara makurtu zen. Erromantikoak arnegatu egin zuen Ancien Regimea, antolamendu latza, giza alor guztietara iritsi zen absolutismoa.
Askatasunaren itsasoa
[aldatu]Baina, erromantikoen idealek ez zuten irtenbiderik, gizarteko kateetatik norbanakoaren askatasuna salba-tzeko ahaleginak porrot egin baitzuen behin eta berriz. Halako porrotaren aurrean, erromantikoak bere baitara biltzea hautatu zuen, ez ordea Erdi Aroko gizakiaren etsipenez, asalduraz baizik: obra pertsonal eta aske bat lortuz, munduaren bestelako ikuspegi bat emateko, biltzen da barnera. Indibidualismoaren garaipen horretan, askatasuna izango da bandera bakarra, baina alor gutxi dago munduan absolutismoaren kontroletik, gizarteko antolamendu latzaren kontroletik ihes egin dezakeenik. Gizakia aske izango da itsasoan, basamortuan, estepan, aginteak kontrolatzen ez dituen alor horietan. Eta hortik irteten diren heroia erromantikoak, hara nola, itsaslapurrak, kosakoak, gurutzatuak, juglareak eta abar menderaezinak, ma-txinoak eta patetikoki indibidualak izan ziren, eta naturaren legea baino ez zuten errespetatzen. Lord Byronek zioen legerik gabe soilik bizi naiz asebeterik. Esproncedak itsaslapurraren sinbolismoaz baliatu zen ideia berari eusteko:
Que es mi barco mi tesoro, \\ que es mi Dios la libertad, \\ mi ley la fuerza y el viento, \\ mi única patria la mar.
Errege itsuek gerra odoltsuak antolatzen zituzten lur gehiagoz jabetzeko, itsaslapurrak, aldiz, itsaso basa zabal osoa zuen beretzat. Beti ihesean zebilela, harrapatzen eta heriotzara kondenaturik hiltzen bazuten, zer da bizitza? galdegingo du itsaslapurrak, eta ondoren, esklabutzatik askatu zenean galdu zuela bizia baieztatuko du.
Becquerrek gauza bera esaten du, estilo preziosistago batean:
Olas gigantescas, que os rompéis bramando \\ en las playas desiertas y remotas, \\ envuelto entre la sábana de espumas, \\ llevadme con vosotros!.
Erromantizismotik errealismorako igarotze horretan nola utzi aipatu gabe: Melvilleko balea zuriaren sinbolismoa, Allan Poeren Narración de Arthur Gordon Pym obraren ikuspegi goibela edo Mark Twainen eleberrietako espiritu abenturazalea, eta baita, beranduagokoa bada ere, Stevensonen Altxorraren Uharteako abenturagatiko abenturaren atsegina.
Euskal erromantizismo artifiziosoa
[aldatu]Alabaina, zailagoa da espiritu hori bera euskal ekoizpenean berresten saiatzea. Elias Amezagak baieztatzen duenaren arabera: este tipo de gentes no lo da el País Vasco, que cuando viaja lo hace por el mar y sin bajar de la nave, y cuando sale a las Américas o a la meseta, es para no volver a integrarse en otra sociedad. Cuesta, y mucho, espigar románticos vascos. Orokortasun ororen ñabardurak egin behar badira ere, agerian dago gure erromantikoen artean mal de siécle deritzana artifizio bat dela, Bilintxen kasuak erakusten duen bezala. Itsasoaz hitz egiteko, topikora jotzen baitu. Maitearen begiak itsasoko olatuaren kolorekoak dira «itsasoko bagaren kolore urdiña», haren ibilia uraren gainean dabilenaren antzekoa «lurrik ez du zanpatzen, txoriak añian, txutik joango litzake uraren gañian». Baina, jakin badakigu maitasun desengainuren bat duenean, ez duela beteko Matxotik behera bere burua botatzeko mehatxua beteko «Matxora iyoko naiz, andik botatzera, duen altuenetik, gaztelu atzera». Itxurakeria baten antzeko zerbaiten aurrean gaude; hau da, topiko bihurtu da mal de siécle hura, desagertu zaio jada bere espiritu abenturazale eta erreboltaria.
Gure iragana adierazteko gordetzen da asaldatze hori. Navarro Villosladak baieztatzen duenez, «solamente los vascos peramanecieron en pie y le arrojaron el guante a la cara enarbolando estandarte de santa libertad de los Pirineos». Gure iraganaren engainua gertatu zeneko garaipen oihuez hasi zen literatura fuerozalea. Truebak hala adierazi zuen Foruen galerak sortutako mina: «También la opinión pública condenó las libertades castellanas cuando las vio vencidas en los campos de Villalar, pero la historia no por eso ha negado cánticos a los que las defendieron y maldiciones a los que las ahogaron en sangre».
Bilintxengana itzuliz, haren esaldi bat jaso nahi dugu, garai hartan indarrean zegoen zerbaiten irudi baita: maite zuen emakumeak ezezkoa ematean, maitaleak Buenos Aires edo Montevideon atzerriratzeko mehatxua egiten zuen. Lhandek adierazten duen bezala, euskaldunak Mundu Berrira joate hori ez zen XIX. mendean soilik gertatzen, Ameriketara zihoan emigranteari deitzeko indiano hitzaren erabilerak adierazten duen bezala. Lhanderen galdera zen ea euskaldunak zerk bultzatzen zituen kanpora emigratzera, eta arrazoi erromantiko samarra ematen du: «La razón de sangre de la emigración vasca es la inquietud atávica, es esa necesidad ardiente de aventuras y correrías lejanas, que los antepasados, balleneros, corsarios o capitanes, han legado por línea directa a sus legítimos descendientes». Indar atabiko hori da Lhandek aurkitzen duen azalpen bakarra hamazazpigarreneko emigrazio militar masibo horiek eta hemeretzigarrengo ekonomikoak adierazteko.
Dena den, 1806an, Andueza bizkaitarra Kubara joan zen oso gazterik eta handik Isla de Cuba izeneko liburu bat bidali zuen, erreportaje liburu modernoetan lehena. Liburu hartan Anduezak Kubaren deskribapen bat egiten zuen: deskribapen geografiko, literario eta politikoa. Emigrazioaren testuinguru honetan ezin ditugu ahaztuta utzi gure olerkari eta bertsolariak: Iparragirre eta Otaño. Ezagunak dira Iparragirreren Amerikatatik Urretxuko semeei edo Otañoren Lagundurikan danoi. Jose Manterolak idatzitako kantutegi sonatu batean Agur!izeneko bertso bat jaso zuen, eta laugarren ahapaldian argi eta garbi azaltzen zituen emigratzeko zer funtsezko arrazoi izan zituen:
Bidaje luze obek \\ dutenez esaten, \\ irakasten digube \\ munduban bizitzen; \\ bizimoduba zer dan \\ aisa dakigu len, \\ Habana’n sobran dana \\ ez balitz falta emen.
(Esaten dutenez, mundua bizitzen laguntzen digute bidaia luze hauek; lehendik bagenekien bizitzea zer zen, Habanan sobran dutena ez balitz hemen falta).
Oparotasunaren bila zeharkatzen zuten putzua Ameriketara joan nintzan xentimorik gabe..., baina emigranteak zenbaitetan bidaien antolatzaileen txarkeria eta eskrupulurik eza topatu behar izaten zuten, Patagonian on-tziratu ziren hiru ehun euskaldunekin gertatu zen bezala: engainaturik basamortura eraman zituzten, indioekin lan egitera. Horregatik, El eco de San Sebastián egunkariak kanpaina gogor bat antolatu zuen hurrengo emigranteak jakinaren gainean jartzeko eta trafikatzaileak salatzeko. Antonio Zabalak adierazi zigun bezala, Donostiako egunkariak bere orrialdeetan iragarki bat sartu zuen esanaz: Vaya cada cual donde quiera, pero no vaya infamemente engañado. Egunkaria gaztelaniaz argitaratzen zen eta emigraziorako joera zuen biztanleriaren zati batek ulertuko ez zuenez, orrialde bat euskaraz idaztea erabaki zuten. «Erne euskaldunak» jartzen zuen logotipoak.
Itsasoz haraindiko herrimina
[aldatu]Herria utzi izanaren herrimina etengabekoa bazen Iparragirreren eta Otañoren bertsoetan, herrimin bera an-tzematen da Antonio Zabalak «Ameriketako bertsoak» izenburu generikopean bildu zituen ia ia bertso guztietan. Herrimin horrek itzuli nahia du kantatzeko gai eta beti atzean utzitako herria du idealizatzen. Otañok aitortzen duenez, itzala ematen dion onbuak bere jaiotetxean, baserrian, utzi zuen «itzal luzeko in-txaurrondoa» oroitarazten zion beti:
Nere lagunik maitatuena \\ Ombu laztana zu zera, \\ argatik nator zure kolkora, \\ ni malkuak isurtzera, \\ iduriturik naramazula \\ atariko intxaurpera...
Zu zara, onbu maitea, nire lagunik preziatuena, horregatik nator zure itzalera malkoak xukatzera, etxeko in-txaurpera naramazula iruditzen baitzait).
Baina, Anduezak ezagutu zuen Kubarako nahiz Espainiako beste gordeleku inperialetako azken kanpai ho-tsak iritsi zirenean, beste bertsolaritza borrokalariago bat sortu zen gure artean, Antonio Zabalak jasotako Kuba’ko gerra izeneko bilduman ikus daitekeen bezala. Irakurlearentzat berria gertatzen bada ere, mota horretako bertsotan azaltzen dira ezkortasunerako zio berak eta kritikarako kausa bertsuak 89. urteko belaunaldia deitzen zaion garai hartako kontseilari ezagunenen obretan. Halaxe agertzen da Tolosan argitaratu ziren bertso batzuetan 1896an esaten den bezala «Españiya daukagu txit errukarriya, dituben lur apurrak, galdu ditu iya». (Makalaldian dugu Espainia, galdu baititu ia gelditzen zitzaizkion lur apurrak).
Egoeraren kulpa guztia ideologia berri batek du: «Madarikagarrizko liberalkeriya, zu zera gauza oien etsai galgarriya» (Liberalismo madarikatua, zu zara gauza horien arerio galgarria). Gure bertsolariek ezin esango dute harako hura: Habanan sobran dutena ez balitz hemen falta. Argi eta garbi dago Elias Gorostidirentzat, eztabaidaren bukaera igartzen duenean, monarkiaren aurka jarri eta errepublika aldarrikatuz: Geienak ill ta Kuba’n gelditu, gutxi biurtu etxera. (Gehienak Kuban hil eta bertan geldituko dira eta gutxi batzuk itzuliko dira).
Ikusten denez, 98ko idazleen gogo aldartea ez da ezkutukoa gure bertsolaririk apalenentzat. Gure ustez, bai Unamunok bai Barojak esku hartzen zuen garai hartan oso hedatua zegoen joera batean.
Barojaren itsaso erromantikoa
[aldatu]Barojak gogoan du hura itsasoa gaitzat hartuta bere eleberriak idazterakoan, baina nobelagileak ez ditu ahazten lehenagoko marinelen ausardia, adorea eta harrotasuna. Barojaren lan guztiak mira, errealitatea eta etsipen asaldatzaile artean harat honat dabilen koordenatu batean mugitzen dira. Shanti Andia ordenatu nahirik bere abenturak idazten hasten denean, mira etsi horretan murgildurik sumatzen dugu: «Las condiciones en que se desliza la vida actual hacen a la mayoría de la gente opaca y sin interés (...). La generalidad de los hombres nadamos en el océano de la vulgaridad. (...) Yo, en cierta época de mi existencia, he pasado por algunos momentos difíciles, y el recordarlos, sin duda, despertó en mí la gana de escribir». Shanti Andia beharturik dago inolako interesik sortzen ez dion gizarte batean bizitzera, baina galdutako munduaren oroitzapenek eta mirak idatzizko kreazio lanera eramango dute. Nahiz eta Pio Baroja idazle errealistaren eredu garbitzat hartzera beharturik egon, itsasoaren inguruko bere eleberriak xarma erromantiko bat dute. Idazleak berak aitortzen du El laberinto de las sirenas lanean.
Zer eratako istorioak kontatzen dituen galdetzen dio bazkaltiar batek kontalariari, eta honek bizitza islatzen duten eleberriak idazten dituela esatean, berriro galdetzen dio bazkaltiarrak:
— Errealismoa? \\ — Bai: errealismoa, eta erromantizismotik ere zerbait bai. Gutxi gorabehera eleberri guztietan bezala.
Bere La estrella del capitán Chimista eleberrian, Chimista edo Embil pertsonaien azalpena ematerakoan, besteak beste, honako galdera hau jartzen du irakasle aleman baten ahoan: «¿Cuál es la razón de la existencia de hombres como sus dos marinos en el medio ambiente del siglo XIX, monótono, colectivo y gris?» Gure herrian sarritan ematen diren topikoen zerrenda da Zinkunegik erantzuten duena: Platonen adiskidea da, egiazalea, katolikoa eta liberala, liberala eta katolikoa. Los pilotos de altura lanaren kontalariak emango digu Zinkunegiren bibliotekatik berreskuratutako eskuizkribu bat; hark «trabajó en sus recuerdos históricos, tomó datos de la historia de Lázaro, cosa que no interesaba en una época tan exclusivamente positivista y deportiva». Iraganari buruz ari denean, ironia dago kontalariaren hitzetan, baina horregatik ez du aurkituko eskuizkribua argitaratzeko bultzadarik. Hona hemen lehen aipatutako jokoa, miraren eta espiritu erreboltariaren artean finkatzen dena.
Denek begiratzen dute itsasora, era batera nahiz bestera, jaso duten hezieraren arabera, giro abenturazale eta erromantiko batek inguraturik, baina mugimendu errealistak bere berea duen sentipen pesimista batez astindurik. Kontua da «época exclusivamente positivista y deportiva» hari, haserrea eta protesta kontrajar-tzea, galdutako idealarengatik, oihartzun sorrarengatik. Izan ere, Pio Baroja izaera erromantikoaren epigono bat da, itsasoari buruzko bere lanetan, batez ere. Lhanderi atzetik jarraituz gero, ez litzaiguke zaila sustrai atabikoak aurkitzea eta ez genuke beste irtenbiderik, agian. Zeren eta jokaera gogorrenetan ere beti sortzen baita herriarekiko mirazko sentimendu bat, sentimendu teluriko moduko bat.
Hitz batean
[aldatu]Literaturaren eta itsasoaren arteko harremanaren gisako gai bati heltzean, Pio Baroja oihala gisa erabili beharko genuke gure artean, edo sarrera gisa, agian. Eta donostiarrarekin itxiko dugu gure eszenatokia. Ez ordea beste aipu bat egin gabe, Barojaren garai berean Kresala eleberria utzi zigun Txomin Agirrerena, hain zuzen. Itsasoko bizimoduari buruzko topiko asko erabiltzen dituen arren, huraxe da bere eleberririk onena. Eta ez zaigu ahaztuko Lizardik itsasoari nolako indar sinbolista ikusten dion: itsasoa ez da bidea baizik, sarritan agorra eta beti bakartia bada ere, ertilariak jarraitu behar duen bidea, edertasunaren ideala eskuratu nahi izanez gero. Salbatore Mitxelenaren kasuan, berriz, Gurutzebideari josirik herri lotura eta moduetan bizirauten du herriak, eta irudi horrek etengabe joko du itsasora. Eleberri sozialaren alorrean, Ignacio Aldecoak itsasoko lanaren baldintza sozialak eta giza baldintzak zehaztuko ditu bere Gran Sol eleberrian, bere olerkigintzan Gabriel Celayak egingo duen bezalaxe. Mikel Lasa izango da, beharbada, gure artean itsasoaz hainbesteko sakontasun poetikoz mintzatzen asmatu duen poeta bakarra, frantses sinbolismoaren eragina lagun...
Baina, zilegi bekit lan hau Pio Barojaren hitzez bukatzea:
«Esta costa del Golfo de Gascuña tiene contrastes violentos. Durante el verano los arenales brillan al sol como el oro, y el mar aparece a lo lejos con un azul intenso, como de un país del extremo sur, y en el crepúsculo grandes amontonamientos de nubes rojas. En las tardes de otoño, cuando el sol va descendiendo como un globo sobre los arenales amarillentos, entre nubes pulidas del crepúsculo, todo toma un aire melancólico. En las épocas de equinocio las olas parecen que van a conquistar la tierra. Luego, ya avanzada la estación, llegan por el cielo nubarrones grandes, de color violáceo oscuro, rayando constantemente el aire con líneas de lluvia. «Después entre el dominio de lo gris (...)».