Itsasoko kultura/Nor zen Martin Villafranca?

Wikibookstik
Jump to navigation Jump to search

Donostian jaio zen Martin, itsas tradizio luzea zuen familia batean, 1588an, bere izen bereko aita Armada Garaiezineko partaide zen Santa Marta de la Rosa izeneko bere itsasontzian hil zen urtean «se perdió e anego e dio a traves en la costa de la mar de Yrlanda... y se anego el dicho Martín de Villafranca con toda la gente que avía en la dicha nao». Haren aitona, izen bereko Martin Villafranca, Lisboan hil zen garaitsu horretan, baina hura Garaiezinaren prestaketa lanetan ziharduela harrapatutako gaixotasun batek jota. Itsasontziko kapitain ezagunen semea eta iloba bazen ere, hirugarren Martin honek ez zuen bizimodu samurra izan. Islandiarraren olerkian ikus daitekeen bezala, agerikoa da halakoxe errespetu bat ematen ziola edonori, baita atzetik bila ibili eta hil zuten islandiarrei ere. Denak harritzeko moduko indar fisikoa zuen; oso gaztea zenetik gogor entrenatzetik sortutako indarra zen, hala ere. Reykjarfjörôur en hondoa jo ondoren, bere gizonak txalupa txikitan eraman zituen Hornstrandir-ko kosta gozagaitzetatik barrena, Islandiako ipar ekialdeko muturretik, eta neurriz kanpoko ausardia erakutsi zuen 1615ko udazken beltzean gertatutako guztiaren aurrean.

Alabaina, Martin Villafranca, neurri batean, gazte donostiarren kasu tipiko bat izan daiteke; hain zuzen ere, euren bizitzako zati handi bat balearen arrantzan eman zuten marinelen hirugarren belaunaldiari dagokienetakoa. Belaunaldi horretako balea arrantzaleek beren aitonen aldean beste mota bateko arazoei egin behar izan zieten aurre. Hain zuzen, Ternuara bidaiak egiten zituzten itsasontzietako kapitain gehienek lortutako emaitza arrakastatsua milaka baleen «hilketaren» ondorioa izan zen, baina 1600. urterako harrapa zitekeen balea kopurua oso jaitsia zegoen. Martinen aitonari Labradorko arrantzaren gailurreko urteak egokitu zitzaion, 1560 eta 1570eko hamarkadetan, Martini, aldiz, baleak harrapatzeko ordezko beste lekuen bila zebil-tzan garaia egokitu zitzaion; alegia, honako leku desberdin hauek aurkitzea: Spitzbergen (Svalbard), Norvegiako iparraldea eta Brasil.

Jakina da Martinek izena eman zuela Ternuako bidaia batean lehen aldiz 14 urte zituelarik, ontzi mutilak itsasontzietan sartzeko behar zuten adinean, gutxi gorabehera. Martin Villafrancaren herentziari zegokion auzi batean Iturbe Lizentziatuak lekukotza egin zuen, 1604. urteko kontu batzuei buruzkoan: «que el menor tenia 15 años y que este año, el pasado, y siguiente, abia ido en viajes y que ganaba para comida, vestidos y entretenimientos»[1]. Dena den, ez zuen asko irabaziko, zeren eta beste lekuko batzuek aitortu zutenez, bidaia batean 30 dukat ateratzen bazituzten, erdia baino gehiago bidaiarako «jantziak, atorrak, opariak eta beharrezko beste gauzetan» xahutzen zuten (lehen esan dugun bezala, «opariak» marinelek eramaten zituzten elikagai pertsonalak izaten ziren: gazta, urdaiazpikoa, pasak, amandak eta gisakoak). Behin premia horiek ordaindu ondoren, irabazi garbitan gehienez ere, ez zen 10 edo 15 bat dukat baino gehiago geldituko beharbada, eta ez zen kopuru handia nolanahi ere.

Ternuan, gazteen lana izaten zen sutako egurra prestatzea, otorduak atontzea eta mutil edo laguntzaile gisa jardutea, upelgile, arotz eta istinkari (itsas arotza) ofizialen lanetan; oso bestelako bizimodua, Donostiako eskola ikasle baten aldean. Izatez, Martin familia aberats batekoa zen, baina bere ama ez zegoen amona eta izeba —Maria Belez Santanderkoa (bere aitonaren bigarren emaztea) eta Maria Joana Villafranca— bezain egoera oparoan. Aitzitik, bere ama, Joana Aranatz, «neskamea» zen Martinen aitonaren etxean eta gure hirugarren Martin ez zen ezkontza horretatik jaioa. Hala ere, Martinen aitak agintzen zuen bere testamenduan (eranskin gisa, lan honen amaieran), Garaiezinean ontziratu aurretik idatzitakoan, jaiotzekoa zen ondorengoa mutila baldin bazen bere oinordeko unibertsala izango zela.

Baldin eta Santa Marta de la Rosa Sevilla edo Cadizeko merkatariren bati saldu izan balitzaio, erraz ordainduko ziren testamenduko agintzari gehienak, izan ere, Santa Marta de la Rosak, 950 tonako ontziak, 6000 dukat inguru balio zuen. Baina, antza denez, ez ziren 1.300 dukat besterik lortu erregearengandik Irlandan itsasontzia galdu ondoren.

Oso litekeena da Martin bere ikasketak ordaintzeko dirurik ez zegoelako hain gazterik joana izatea Ternuara. Bere aitaren agintzarien arabera, Martin ez zen bere amarekin bizi, baizik eta, batez ere aitaren aldeko Luisa Illarreta amonaren ahaideekin, eta aditzera ematen denez, Maria Joana bere izebak ez zuen Martin zaintzen haren aitak testamenduan erregutu zion bezain ongi. Martinen izeba Joan Lopez Reguren alarguna zen, 1575ean, Nikolas Torreren alargunarekin auzi luze bat eragin zuen balea eme bat harrapatu zen hartan Red Bay-n izan zen kapitainaren alarguna, hain zuzen. Maria Joanak bere senarraren beste auzi batean jarraitu behar izan zuen Migel Okendoren alargunarekin eta, agian ardura handiegiak zituen iloba behar bezala zain-tzeko.

Dena den, Martin Villafrancaren bizitza laburrari buruz dakigun apurra beste auzi batetatik dakigu (gorago esan duguna), oraingoan Martin Illarreta eta Agustin Ben en artekoa; Mariana Ben eta Maria Dominguez Villafranca —Martin Villafranca eta Mariana Ben en alaba— txikiaren tutorea zen Agustin Ben[2]. Auziagatik dakigu Martin 1611n ezkondu zela Marianarekin eta Maria Dominguez alabak bi urte eta erdi zituela —itxuraren arabera— 1618ko irailaren 19an. Argi dago, beraz, Maria Dominguezek ez zuela bere aita ezagutu eta beharbada ez zituela inoiz jakin bere aitaren zoritxarreko heriotzaren xehetasunak (ikusi olerkia eta Sigurdur Sigursveinsson ek transkribaturiko kontakizuna). Agian, haurra iritsiko zen denborarekin aita modu ez hain gogorrean hil zela pentsatzera, Debako parrokiako liburuetan urte hartan bertan, 1615an urriaren 1ean, aipatzen diren beste batzuen antzera: «Vino nueva de como en Frislandia se aogaron en una chalupa de Andres de Goiçueta, el mismo Andrés, Martín de Amezqueta y Francisco de Gainça y otros tres de Motrico»[3].

Mutrikun dagokion erregistroan, 1615eko irailaren 20ko heriotza agirietan azaltzen dira San Joan Andonegi, Andres Puerto eta Andres Isasi Armentxa, bidaia batean ito zirenak «yendo en una chalupa a bela en las partidas de Noruega»[4]. Hiru gizon horiek dira, antza denez, «los tres de Motrico» Debako txalupan hil zirenak, eta horrez gain, litekeena da marinel horiek denak Islandian hondoratu ziren hiru itsasontzietako bateko kideak izatea ere.

Zalantzarik gabe, oso zoritxarrekoa da Martinen historiako iturriek kontatzen duten moduan hiltzea. Baina, zorionean euskaldunek islandiarrekin izandako harremanetan, historia hura ez da oroitzapenean gorde dugun une bakarra. Dean-ek transkribaturiko glosarioek —hemen modu berrian argitaratzen ditugunak— beste alderdi positiboago bat agertzen dute euskaldun eta islandiarren arteko tratuaz. Nabaria da nolako adiskidetasuna eta begirunea zegoen gure marinelen eta jende jakintsuen alorreko zenbaitekin, esaterako, «Olaf apaiz zintzoa»rekin eta Jón Guomundsson «jakintsua»rekin. Ez litzateke atrebentzia handiegia izango islandiarra glosario haietako baterako hitzak biltzen hasi zenean, hitz batzuk Martin Villafrancagandik zuzenean hartu zituela pentsatzea, arazoak hasi aurretik harekin izandako elkarrizketaren batean edo ideiak trukatzerakoan.

Bi gizaki azkar eta arduratsu nahikoa dira harreman oso emankor bat sortzeko. Glosarioetan ikusi ahal izango ditugu gizaki haien ingurunea islatzen duten hitz multzoak, eta horregatik, islatzen dutenagatik dira guretzat ordainezinezko iturri etnografia historikoa.

Ondoren emango ditugu Martinek bere bidaietan eraman ohi zituen gauzen bi zerrenda, marinelen janzkera tipikoa glosarioan datozen hitzekin alderatu ahal izateko, gauza berak aipatzen baitira bertan[5].

«Este testigo conoçio a Martín de Villafranca... y le vio hacer algunos biaxes a la provincia de Terranoba a la pesca de ballenas y en los bestidos que entonces solio llebar para la mar que neçesariamente son menester su gaban y capote de sayal, un bestido de cuero y tres pares de bestidos de cordellate para adentro y otros dos pares de bestidos el uno de paño basto y el otro de vela y seis camisas y sus botinas de baqueta y seis pares de çapatos de betelin y seis pares de medias de roncal y un pedaço de paño de tres baras para chapines y guantes y el saco para guardar las ropas y su fraçada y un costal para recostarse».

«Çinco bestidos nuevos de paño pardo, y dos bestidos de pellejos, y seis camisas nuevas, y cinco o seis pares de medís de carisea, y su gaban y capotes de sayal, y sus botas de baqueta, y botinas de lo mismo, y quatro pares de capotas de betelin, y otras cosas... y su caja y terçerol de madera para guardar la ropa».

«Su gaban y capote de sayal, fraçada y su saco o jergon lleno de paxa, y quatro pares de çapatos de betelin, y unas botas de baqueta, y çinco pares de medias de paño, y siete camisas, y çinco pares de bestidos de paño, y otro bestido de cuero betelin, y otro bestido de pellexos, y dos baras de paño... y su caja, y un terçerol o barrica con su cubierta y cerradura y lleva para guardar la ropa, y un saco donde esten las dichas ropas».

Oharrak[aldatu]

  1. Artxibategia: Pleitos civiles, Moreno fenecidos, 335. Leg. Auzi hau da Villafranca familiari buruzko informazioaz ezagutzen dugun iturri nagusia.
  2. Ibid.
  3. Elizbarrutiko Artxibategi Historikoa, Donostia.
  4. Ibid.
  5. Martin Illarreta eta Agustin Ben, bi donostiarren arteko auziaren laburpena. Artxibategia: Pleitos Civiles, Moreno fenecidos, 335. Leg.