Iturrieta Berri
Donostiako toponimiaren arabera, baserri honen lehen aipamena 1776koa da, eta Yturrietaverri izenarekin azaltzen da. Iturrieta-Mayor eta Gomendione izenak ere izan ditu.
Bi familia bizi ziren baserri honetan: Batetik, Xixili Arrillaga Aiestaran eta Jose Mari Izagirre Berridi senar-emazteak eta hauen sendia. Bestetik, Mateo Sagardia eta Manuela Lizaso senar-emazteak beren hiru seme-alabekin: Jose Manuel, Arantxa eta Jose Mari. Azken hauek behia eta txekorra izaten zuten ukuiluan. Iturrieta baserriaren parean zegoen Pontia iturrira eramaten zuten ganadua ur edatera; gobada ere han egiten zuten. Edateko ura Iturritxo iturritik ekartzen zuten.
Baserriaren egoera txarra zen XX. mendearen erdialdean. Egun batean, Jose Manuel Sagardia baserriaren albo batean zegoela, baserriaren zati bat erortzen hasi zela ikusi eta ziztu bizian atera zuen familia barrutik. Urte gutxira, ''Zingieta'' baserrira joan ziren bizitzera.
1958an Garoa turismo-agentziak baserria erosi zuen kanpina eraikitzeko. ‘Vasco de Camping’ elkarteko sortzaileek Igeldon kanpina eraikitzea erabaki zuten, kanpinerako zaletasuna sustatzeko asmoz. Horrela, Gipuzkoako akziodun txikiez osaturiko Garoa elkarte anonimoak bost hektareako kanpina eraiki zuen.
Rafael Modrego Ubao izan zen Igeldoko kanpinaren lehen zuzendaria. Gero, kanpina utzita, San Sebastian hoteleko eta Zestoako bainuetxeko zuzendari. Horrez gain, Zinemaldiko zuzendaritzako kide ere bai, oso urte zailean gainera, 1978an. Igeldok arrastoa utzi zion Rafaeli, Amezti inguruan txaleta eraiki eta bertan bizitzen jarri baitzen. Beste zenbait igeldoar ere aritu ziren lanean kanpinean: Jose eta Toñi Sierra, Mirta Araujo, Miren Jone Oiarbide…
1960 eta 70eko urteetan Igeldoko gazte askok kanpinera etorritako atzerritarrak ezagutzeko grina izan ohi zuten. Irrika eta interes hori emankorra izan zen zenbait kasutan: bikoteak sortu eta ezkontzak ekartzeraino. Turistek ere herria eta herritarrak ezagutu nahi izaten zituzten, batez ere jaietan. Lineako autobusak herria zeharkatzen zuen garaian, autobusetik sanpedroetako jai giroa ikusi eta plazara etortzen ziren sarritan. Ordu txikitan australiarrak trikitixa dantzatzen ikustea ohikoa zen Igeldon. Izan ziren herria ezagutu eta harrezgero urteroko oporrak bertan igarotzea erabaki zutenak. Bi adibide nabarmendu daitezke: Batetik, 1969an Igeldoko kanpinera lehenbiziko aldiz iritsi zen Jan Wieers flandriarra (harrez gero, urtero Mendizorrotzen ostatu hartu zuena); eta bestetik, Ruud Koeree herbeheretarra, uda garaian Igeldoko kanpinera etorriz 40 urtetik gora egin dituena.