Edukira joan

Iturrieta Zahar

Wikibookstik

Donostiako toponimiaren arabera, Igeldoko baserrien zerrendan, 1566. urtean, Yturrieta izenez azaltzen da. 1776an, berriz, Iturrieta Zahar agertzen da, eta bestelako deitura batzuekin ere bai. 1852an, Iturrieta Menor moduan.

Baserria handia zen. Bertan lau familia bizi izan ziren, etxebizitza banatan. Joxe Matxain eta Asuncion Lizaso etxebizitza haietako biren jabeak ziren.

Topatzen dugun lehenengo familia Balda Berri baserriko Ignazio Matxain Lizasok eta Arratzain Berriko Bixenta Olasagasti Aranak osatu zuten. Ezkondu eta, hasiera batean, ''Arratzain Berri''n jarri ziren bizitzen. Bi seme-alaba izan zituzten. Semea, Joxe Matxain Olasagasti, ''Arratzain Berri''n bizi zirela jaio zen; geroago, Iturrieta Zahar baserrira aldatuta, sortu zen alaba: Maritxu Matxain Olasagasti.

Ukuiluan sei bat behi izaten zuten, eta txekorrak eta oilo batzuk ere bai. Baserriko lanean aritzen ziren batez ere. Bixenta Bretxako azokara jaisten zen, etxean sobera zituzten barazkiak eta esnea saltzera. Gero, Ignaziok biskuterra erosi zuen, eta bera hasi zen Bretxara joaten, bere biskuterrean.

Joxe semea baserriko lanean aritzen zen; zenbait urtez, peoi lanetan ere bai, eta Balentziaganeko behiak zaintzen. Azken urteetan, berriz, Construcciones y Contratasen. Joxe Aiako neska batekin ezkondu zen, Mari Karmen Arruti Agirresaroberekin. Bi seme-alaba izan zituzten: Aitor eta Estibalitz Matxain Arruti.

Baserriaren aldamenean Pontia iturria zegoen. Ganadua bertara eramaten zuten ur edatera. Gobada ere bertan egiten zuten; eta inguruko baserrietakoek ere bai. 1962 aldean, taberna zabaldu zuten baserriaren beheko aldean, Gure Etxea izena eman zioten. Aldamenean, dantzaleku bat, Yonyo. Dantzalekuak denbora gutxi iraun zuen martxan. Taberna, berriz, orain dela hamar bat urte itxi zuten.

Baserriko beste etxebizitza batean, Joxe Oliden zumaiarra eta Raimunda Santxotena arizkundarra bizi ziren. Jose txofer ibiltzen zen, autobusean. Ardo-almazena ireki zuten, beste tabernaren aldameneko lokalean. Beren etxea eta lokal hori, Pedro Galparsoro eta Maria Apaolaza senar- emazteei eman zieten errentan. Ardo-almazenaren lokalean Iturrieta taberna zabaldu zuten.

Hirugarren etxebizitzan, Bonifazio Esnal eta Josefa senar-emazteak bizi ziren. Bi seme-alaba izan zituzten: Iñaxi eta Jose Mari Esnal.

Laugarren etxebizitza Telleria abizeneko familia batena zen, baina bertan Erauntzetamurgil abizeneko familia bat bizi izan zen errentan. Baina telleriatarrek saldu egin zuten etxebizitza, eta Erauntzetamurgil familiak Antiguara joan behar izan zuen.

Gaur egun, lau etxebizitza horietatik hiruren jabeak dira matxaindarrak. Bestean, Alberto eta Begoña Gandarias bikotea bizi da, beren familiarekin.