Edukira joan

Kamio

Wikibookstik

Kamio baserriari buruz aurkitutako lehen aipamena 1830. urtekoa da. Zatarain familiarena izan zen zenbait belaunalditan, 1830ean 33.440 erreal eta 15 marabediren truke saldu zuten arte. 1875ean, karlistaldiko gerran, liberalen armadak okupatu zuen baserria, eta etxeak zeukan egurrezko material gehiena inguruko gotorlekuetan erabili zuten. 1877an, baserriak zituen premiazko konponketa-lanak egin, eta 1885ean zabaldu egin zuten.

Oinplano errektangularreko eraikina da, manposteriako harriz eraikia, bi isuriko teilatua eta hiru solairu dituena. Atentzioa ematen du harrizko kontra-horma lodiak. Bere tipologiari begiratuta, XVIII. mendekoa dela dirudi.

1926. urtean, Jose Mari Zendoia Zamorak erosi zuen Kamio baserria. Jose Mari 1931n hil zen eta, testamenturik laga ez zuenez, etxearen jabetza bere gurasoena izatera pasatu zen: Jose Antonio Zendoia oriotarra eta Kandida Zamora donostiarra. 1932an hil ziren biak. Lau seme-alaba gelditu ziren: Manuela, Balentin, Gregoria eta Jose Ramon. Jose Ramon Zendoia geratu zen baserrian, Juana Inaxi Garmendiarekin ezkonduta, sei seme- alaba izan zituzten: Ramon, Antonio, Kandi, Martina, Gregori eta Joxepa.

Jose Ramonek harrobian egiten zuen lan. Harria baserriko idiekin eramaten zuen Iturrietako plazatxora; inoiz Getariaraino ere iritsi omen zen. Gerora, Monte Igeldo Parkean aritu zen lanean.

Baserrian, behi eta txekor batzuk izaten zituzten. Batzuen esanetan, Kamio baserriko emakume bat ere aritzen zen harrobiko lanetan, baina ez dugu arrastorik aurkitu nor ote zen jakiteko.

Juana Inaxi Donostiara jaisten zen barazkiekin, etxez etxe ibiltzen zen haiek saltzen. Biltzen zuten artoaren parte batekin Ibaetako Errota Zaharrera joan ohi ziren, eta handik irina ekartzen zuten. Ibaetako errota itxi zenean, Hernanira joaten hasi ziren.

Jose Ramon bertsotan ere aritzen zen. Urte askoan ibili zen San Joan eskeko kuadrillan kantari. Martina Zendoia, baserrian gelditu zen alaba, Bekoetxe Berri baserriko Joxe Urruzmendirekin ezkondu zen, eta hiru seme-alaba izan zituzten: Ramuntxo, Garbiñe eta Nekane. Oraindik ere bertan bizi dira, euren familiekin. Etxe ondoan duten baratzea lantzen du Ramuntxok; abere batzuk ere izaten dituzte, etxe inguruko belardiak garbi izateko.

Iturria: Ramuntxo Urruzmendi Zendoia