Edukira joan

Marabieta

Wikibookstik

Donostiako toponimiaren arabera, 1633 urtekoa da baserri honen lehenbiziko aipamena. Madarieta izenez azaltzen da. 1726an, berriz, Marabieta.

Han bizitzen topatu dugun aurreneko sendia Jose Mari Astiazaran eta haren emaztea dira. Andrea gazterik hil zen; eta Jose Mari berriro ezkondu zen, 1889an, Oporto baserriko edo Peruseko Josefa Antonia Tolosa Urretabizkaiarekin.

Marabieta baserriak terreno asko ditu; Igeldoko handienetakoa izango da, terrenoari dagokionez. Baserriaren aldamenean aska handi bat dago; bertara joaten ziren inguruko baserrietakoak gobada egitera.

Baserrian ganadu asko izaten zuten: behiak, idiak... Morroi-lanean ere izaten zuten jendea, esate baterako, Iranguren baserriko San Joan artzaina. Iraunguenera joan aurretik Marabietan egon zen, morroi.

Gerora, Oporto baserriko Antxoni Ezeiza Tolosa iloba etorri zen bertara bizitzera. Antxoni Zapatari Zahar baserriko Julian Arrillaga Olasagastirekin ezkondu zen; eta urte batzuetan Antiguan bizi izan ziren, Lizarriturri lantegiaren ondoan. Julian izebari laguntzera etortzen zen baserrira. 1940 inguruan, Marabieta baserrira etorri ziren bizitzera. Hiru seme-alaba izan zituzten: Jose Antonio, Mari Karmen eta Josetxo Arrillaga Ezeiza.

Baserrian Jose Antonio gelditu zen. Salamancako Aurora Medina Benitorekin ezkondu zen 1967an, eta lau seme-alaba izan zituzten: Pili, Juli, Jose Anjel eta Juan Mari Arrillaga Medina.

Jose Antonio 1974an Leon garagardo-lantegian hasi zen lanean. Baserriko eta etxeko lanaz Aurora arduratzen zen: seme-alabak, ganadua eta baratza. Baratzeko lana dezente egiten zuten, eta Jose Antoniok Antigua auzoko bi dendatara eramaten zituen barazkiak, han saltzeko. Baita Monte Igeldo eta Buena Vistara ere. Sagarrondo ugari zituztenez, sagardoa egiten zuten. Hasiera batean, Zingieta baserrira joaten ziren sagarra jotzera; geroago, beste baserri batzuetara ere bai.

2007an, obra handia egin eta guztiz berritu zuten baserria. Gaur egun, Aurora eta bere semeak bizi dira bertan, haien familiekin. Baratzean lan pixka bat egiten dute eta oiloak ere badituzte.

Iturria: Aurora Medina Benito