Edukira joan

Murgil

Wikibookstik

Murgil baserriaren lehen aipamena 1512koa da, Donostiako toponimiaren arabera. Murgil izenarekin azaltzen da. Aspaldiko eraikina da eta bi etxebizitza ditu. Erauntzetamurgil sendia azaltzen da lehen aipamenetan. 1915 inguruan baserriaren alde bat erre egin zen, eta beste aldea ere kaltetua gelditu zen sutearen ondorioz. Ondoren, baserria berritu eta konpondu egin zuten. Bi etxebizitzetakoak lehengusuak dira beren artean.

Bizitza batean Antonio Erauntzetamurgil eta Klara Alkorta bizi ziren. Lau seme- alaba izan zituzten: Juan Mari, Maria, Floren eta Kristino Erauntzetamurgil Alkorta. Baserri nahiko ona izan zen: Hamar bat esne-behi izaten zituzten; asto bat ere bazuten, 100 litro esne gainean jarri eta Iturrietarainoko bidea bakarrik egiten zuena; baratza egiten zuten, gehiena etxerako; belar-metak ere bai. Ganadua etxe ondoko iturrira eramaten zuten ur edatera. Fruta dezente izaten zuten, batez ere gereziak. Sagarrak ere asko, urte batean 100 karga biltzera iritsi ziren. Gobada etxe ondoko iturrian egiten zuten. Urte askoan Kristino bizi izan zen baserriaren bizitza honetan. Gaur egun ez dago inor.

Kristino izena ez zen arrunta Igeldon. Klarak eta Antoniok arrazoi bakarra izan zuten seme bati izen hori jartzeko: ekonomikoa. Maria Kristina erregina 1887tik 1929ra urtero etorri zen Donostiara udako oporretan. Erreginaren leialtasuna saritzeko hiriko agintariek 5 pezeta ematen zizkien seme-alaba bati Kristina edo Kristino izena jartzen zien familiei.

Bestean, berriz, Pedro Erauntzetamurgil Uranga eta Bedaioko Antonia Etxezarreta Zubeldia bizi ziren. Sei seme-alaba izan zituzten: Maddalen, Bixenta, Teresa, Maria, Axun eta Jose Mari Erauntzetamurgil Etxezarreta. Jose Mari semea gelditu zen baserrian, Itziarko Miren Osa Martijarekin ezkondu eta zortzi seme-alaba izan zituzten: Maria, Josefina, Maria Antonia, Joxe, Antonio, Pedro, Maite eta Jabier Erauntzetamurgil Osa.

Jose Mari 18 urtez Lasarteko Michelin lantegian aritu zen lanean. Lursail asko zuten eta zortzi bat buru esne-behi izan zituzten, baita txerri pare bat ere. Baratzean lan asko egiten zuten, denetariko barazkiak izaten zituzten: patata, artoa, babarruna... Miren ama eta seme bat Bretxara joaten ziren barazkiak saltzera. Esnea, berriz, Gurelesara eramaten zuten. Fruta asko izaten zuten etxean: sagarra, melokotoia, udarea... Meta asko egiten zituzten, 24 bat urtero.

Baserriko lanean aritu izan dira beti, eta gaur egun ere semeek jarraitzen dute, beren familiekin. Hamasei bat behi dituzte, haragitarako. Gaur egun, dolarea ere badute, eta etxerako sagardoa egiten dute.

Migel Erauntzetamurgilen aitona zena oso gorputz handiko gizon indartsua zen. Orduan bazen Altzoko handiarekin konparatzen zuenik ere. Badira bi istorio gizon haren gainekoak, jendeak oraindik ere gogoan dituenak. Bata 1845. urte inguruko egun batean gertatua omen da: Tolosako ferian topo egin zuten bi handiek, Altzokoak eta Igeldokoak. Agurtzeko, eskua eman zioten elkarri. Altzokoak ohitura omen zuen, eskua ematean, besteari eskumuturra jiratzeko; baina Murgileko aitonari eskumuturra jiratzerik ez zuen lortu. Ondorioz, esan zuen ez zuela gogorik Igeldokoaren aurka indarrak probatzeko.

Sasoi berean, 35 kiloko legatz handi bat osoa jango al zuen galdetu zioten. Baietz erantzun zuen. Donostiako moilara bidean abiatuta, mendian txekor bat ikusi zuten; Murgilekoak galdetu zuen ea legatza txekorraren neurrikoa ote zen, eta erantzun zioten txikiagoa zela. Legatza oso-osorik jan zuen eta, bukatutakoan, galdetu zuen ea arrainak bururikez al zuen.

Iturria: Antoni Erauntzetamurgil Osa