Mutegi
Mutegi baserriaren lehen aipamena 1832koa da, eta Menteguiberri izenez agertzen da. 1843an Montegui moduan eta, gerora, Mutegui. Eraikina itsas gaineko zabaldi handi batean kokatuta dago, Donostiatik 8.900 metrora.
Mutegi baserrian bizitako familia Aiatik etorria zen, Martin Etxabe Arruti eta Antxoni Arruti Garate senar-emazteek osatua. Zortzi seme-alaba izan zituzten: Maria, Asentxio, Manuel, Luisa, Josefa, Joxe, Teresa eta Juani Etxabe Arruti.
Baserrian Joxe gelditu zen. Aiako Juana Etxabe Manzisidorrekin ezkondu eta bi seme-alaba izan zituzten: Begoña eta Jose Kruz Etxabe Etxabe.
Ganadu asko izaten zuten: behiak, txerriak, astoa... Esnea saltzera Donostiara jaisten ziren. Idiak ere bazituzten baserrian, eta deman ibiltzen ziren. Hainbat urtez herriko plazan lehiatu ziren Mutegiko idiak. Artoa Aiako errotara eramaten zuten, irina egitera.
Ganaduarentzako belar asko biltzen zuten beren zelaietan; baratza ere egiten zuten, baina etxerako batez ere. Baserrian Juanak ere lan asko egiten zuen. 1970ean baserria saldu eta Joxe, aita, garagardotegian hasi zen lanean.
Gaur egun, familia mexikar bat da baserriaren jabea.
Iturria: Lourdes Etxabe Arrillaga